Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Egungo aroa

Iraultzaren krisia gerra arteko Europan

Goian, gobernuaren gudarosteak iraultzaileei aurre egiten Berlinen 1918an. Behean, espartakistak barrikada batetik borrokan Berlingo kaleetan.<br><br>

Bi arrazoi nagusirengatik zabaldu zen Mendebalean iraultza gertatuko zen ustea: batetik, 1919-1922 urte bitartean langileen artean izan zen nahasmendua ?Lehen Mundu gerrak sortu zituen kalte ekonomikoek eragina?, eta, bestetik, Errusiako Iraultzaren arrakasta eta alderdi komunisten sorrera. Hauek izan ziren iraultza egoera haren zantzuak: Espartakisten matxinada Alemanian, estatu kolpe komunista Hungarian (1919), eta Espainiako, Frantziako eta Italiako greba iraultzaileak. Hala eta guztiz ere, iraultzaren mehatxua ez zen uste bezain beldurgarria izan. Indar handiz hasi bazen ere, ez zuen luzaro iraun.

Lehen Mundu gerra amaitu zenean, gerra hartan parte hartu zuten herrialdeek beren herria berreraiki behar zuten; bestalde, inflazioari, kanpoko zorrei eta diruaren aldakortasunari ere aurre egin behar zitzaion. Horrek guztiak erosketa ahalmena jaistea, eta errenta finkoak eta aurrezkiak hondoratzea eragin zuen. Deflazioan (dirua garestitzea, gastu publikoa gutxitzea, soldatak jaistea, etab.), eta nekazaritzaren eta industriaren protekzionismoan oinarritutako neurriak hartu zituzten Mendebaleko ekonomia guztiek. Hala ere, nahiz eta estrategia horrek epe luzera ondorio positiboak izan zituen eta ekonomia orekatu zuen, epe laburrean ekonomia atzeraratzea eta langabetuen kopurua igotzea ekarri zuen. Egoera haren ondorio zuzena izan zen Europan 1919- 1922 urte bitartean izan zen langile nahasmendua; horrez gainera, Mendebaleko herrialde industrializatuetan langileek zuten garapen maila ere istilu bide izan zen, bereziki Alemanian, langileak politikoki antolatuta baitzeuden han. Lehen Mundu gerra hasi aurretik, Alemanian zegoen Europako alderdi sozialista indartsuena, SPD (Alemaniako Alderdi Sozialdemokrata, 1875ean sortua). Eta gerra amaitu zenean ere, Alemaniak zeukan mendebaleko alderdi komunistarik indartsuena.

 

Iraultza Alemanian

Lehen Mundu gerran indar handia hartu zuen Alemaniako langile klaseak: gerra denboran produkzioa eten ez zedin, gobernuak hainbat eskubide eman zien langileei (lan baldintzak hobetu zituzten, eta sindikatuak hartu zituzten langileen legezko ordezkaritzat).

Gerraren amaieran, gorabehera handiak izan ziren Alemaniako gizartean.

1918ko urrian ingelesek alemaniarrak garaitu zituzten, eta Kieleko itsas baseko langileak matxinatu egin ziren. Kieletik Alemania osora hedatu zen matxinada; lekuan lekuko gobernuen ordezko soldadu eta langile ?kontseiluak? (sobietak) sortu ziren, hasi iparraldetik eta Bavariaraino. Matxinada Berlina iritsi zenean, Gilen II.ak ezin izan zion aurre egin, eta abdikatu behar izan zuen (1918ko azaroak 9). Aginpidea SPDren esku utzi zuen, eta alderdiko presidente zen Friedich Ebertek hartu zuen gobernuaren buruzagitza. Hala, errepublika ezarri zen Alemanian.

Iraultza egoera horretan baldintza ezin hobeak sortu ziren iraultza marxista klasikoa gerta zedin; egoera horrek, ordea, berehala egin zuen okerrera. Armadak, Groener jenerala buru zela, laguntza hitzarmen batproposatu zion Eberti; Ebertek bere diskurtsua baretu eta muturreneko kontseiluak deuseztu beharko zituen trukean. Ebertek hitzarmena onartu zuen, eta harrezkero behin baino gehiagotan baliatu zen gudarosteaz gizarte matxinadei aurre egiteko.

Berehala hasi ziren gorabeherak gobernuan; gehiengoa SPD-aren aldekoa zen eta baita Eberten asmoen aldekoa ere, hau da, haustekundeak egingo ziren konstituzio berri bat idatziko zuen biltzar eragilea osatzeko. Baina bazen talde txiki bat USPD-aren ?Alderdi Sozialdemokrata Independentea, SPD-an 1915ean izan zen banaketatik sortua?, muturreko ikuspegien aldekoa; talde horren ustez, konstituzioa osatu aurretik berrikuntzak egin behar ziren gizartean eta ekonomian, eta baita armadan ere. USPD-ak gobernu sozialistaren militarismoaren kontra egin zuen, eta SPD-tik banandu eta biltzar eragilea utzi zuen. 1918ko abenduaren amaieran muturreneko alderdiak, espartakistak alegia, Alemaniako Alderdi Komunista berria antolatu zuen (KPD). 1917an sortu zen talde espartakista, eta Karl Liebnecht (1871- 1919) eta Rosa Luxemburg (1870-1919) izan zituen buruzagi. Proletarioak ?esklabotasunetik? askatzea zen talde haren helburu nagusia.1919ko urtarrilean, hainbat matxinadaren ondoren, espartakistek matxinada bat antolatu zuten Berlinen, alemaniarren errenditzeak sortu zuen giroaz baliaturik. Altxamendu hartan Neguko Jauregia hartu zeneko matxinada antzeratu nahi izan zen, eta hainbat barrikada jarri ziren kaleetan. Armadak eta Freikorps-ek, ordea, matxinada geldiarazi zuten; Rosa Luxemburg eta Karl Liebnecht hil zituzten. Biltzar konstituzioegilea osatzeko hauteskundeetan izan zen gertaera hori (1919-01-19); hauteskunde haietan 165 sozialista, 91 diputatu Zentrum katolikokoak eta 60 demokrata hautatu zituzten.

Biltzar hartan onartu zen konstituzio progresistak eman zion izena errepublikari: Weimar.

Hala ere, komunistek beste bi saio egin zituzten errepublika demokratikoaren kontra.

Lehenengoa 1919ko martxoaren 3an izan zen: Berlingo sindikatuek greba orokorra deitu zuten espartakisten matxinadaren kontrako errepresioa zela-eta. Freikorps-ek indarrez menderatu zituzten matxinatuak; indarkeria hain handia izan zen ezen Aste Odoltsua esaten zaion martxoaren 3-12 bitartekoari.

Komunisten bigarren erasoa Bavarian izan zen, Kurt Eisner hil zutenean; Municheko herri matxinadak errepublikakomunistaren alde egin zuen (apirilak 7).

Freikorps-ek gogor erantzun zioten matxinadari, eta mila lagunetik gora hil ziren; maiatzaren 2an Munich Freikorps-en mende gelditu zen. Nahiz eta 1921ean eta 1923an komunistak saiatu ziren Saxonian matxinada antolatzen ?hainbat greba antolatu zituzten, batez ere Ruhr-en?, ?mehatxu gorriak? ezin izan zuen aurrera egin.

 

Errepublika komunista Hungarian

Lehenengo Mundu gerraren ondorioz, banatu egin zen Austriar-Hungariar Inperioa: 1918ko urriaren 16an Wekerle lehen ministro hungariarrak Hungariaren eta Austriaren arteko batasuna hautsi zuen, eta azaroaren 3an Biltzar Nazional batek hartu zuen aginpidea; Károlyi kondea (aliatuen aldeko demokrata) jarri zuten biltzarreko buru.

Handik hamar egunetara hungariar errepublika osatu zen. Károlyiren aginpideak, ordea, ez zuen luzaro iraun: txekiarrek eta errumaniarrek egin zituzten erasoek batetik ?Eslovakia eta Transilvania hartu zuten mendean?, eta, bestetik, krisi ekonomikoak, kargua uztera behartu zuten Károlyi. Sozialdemokraten eta komunisten arteko koalizio baten esku utzi zuen aginpidea; Bela Kun (1886-1937) izan zen koalizo hartan buru. Martxoaren 21ean Hungariar Errepublika Sobietikoa osatu zuen Bela Kunek.

Kremlinaren ustetan Europa kapitalistaren kontrako iraultza proletarioaren aurrerapauso bat zen hura.

Bela Kunen gobernu komunistak ordea ez zuen herriaren babesik izan: lurrak nazionalizatzeak, eta gero berriz ez banatzeak, nekazariak haserrarazi zituen, eta lantegien nazionalizazio gogorren ?bizartegiak ere nazionalizatu ziren?, apaizak deportatzeko proposamenaren eta poliziak eragindako beldurraren ondorioz, Bela Kunek herriaren babesa galdu zuen. Bitartean, aristokrata eta militar hungariarrek iraultzaren kontrako lana hasi zuten Vienan eta Hungariaren hegoekialdean.

Eskualde horietan iraultzaren kontrako batzarrak osatu ziren: Vienan István Bethlen, austriar-hungariar armadako almirante ohia, izan zen batzarretan zuzendari, eta hego-ekialdean, berriz, Miklos Horthy, Frantzisko Jose enperadorearen laguntzaile ohia. 1919ko abuztuaren 4an Bela Kunek eta bere jarraitzaileek ihes egin zuten; hori gertatu eta berehala, Budapesten sartu ziren oste errumaniarrak. Urte horretako urrian errumaniarrak erretiratu zirenean, Horthy sartu zen hiriburuan. Horthyk komunistak, Bela Kunen errejimenaren aldeko langileak eta juduak esetsi zituen. 1920. urteko hauteskundeen iruzurraren ondoren, ?erregearen ordezkari? izendatu zuten Horthy; errepublikarenordez monarkia ezarri zen Hungarian, baina erregerik gabeko erreinua izan zen; Karlos Habsburgokoa berriz errege izendatzeko saioak porrot egin zuen (1921eko urria). 1994. urtea arte eskuindarrak izan ziren nagusi Hungarian.

 

Langile mugimenduak Frantzia, Italia, Espainia eta Britainia Handian

Europa mendebalean munduko langileen iraultza garaia iritsi zelako ustea zabaldu zen, izan ere, sindiakatuek asko indartu ziren, eta indarkerian oinarritutako estrategiaren alde egin zuten apustu. 1919-1926 bitartean mendebaleko gobernuek gogor egin behar izan zieten aurre langileek aginpidea lortzeko egin zituzten ahaleginei.

Frantzian 1920. urtean izan ziren greba gehienak. Greba aldi horren aurretik, 1919ko maiatzaren 1eko manifestazioan hain zuzen, gertaera larriak izan ziren, eta urte horretan bertan Parisko gerriko gorri-ko metalgintzaren greba gogorra izan zen. 1920an trenbide, meategi, portu eta eraikuntza alorretara hedatu ziren grebak: Lanaren Konfederazio Orokorrak ?CGT, 1895ean sortutako indar handiko sindikatu iraultzailea? greba sail bat antolatu zuen burdinbideko langileen alde. Greba sail hori maiatzaren 8an hasi zen, eta greba orokor batekin amaituko.

Baina Millerand sozialista ohiaren gobernuak trebetasun handiz egin zion aurre krisiari (zenbait eskubide eman zien langileei); ordena ezarri zuen eta maiatzaren 28an amaitu zen greba aldia. Une horretatik aurrera ezkerraldearen indar iraultzailea ahuldu egin zen, besteak beste, komunisten arteko zatiketaren ondoren langile mugimendua ere zatitu egin zelako (1921eko abenduko Tourseko Biltzar sozialista).

Italian aurrerabide handia egin zuen sindikalismoak XX. mendearen bigarren hamarraldian.

1918-1920. urte bitartean asko hazi zen CGL-a (Lanaren Konfederazio orokorra): 250.000 kidetik 2.000.000ra igo zen.

1919. eta 1920. urteetan ?biennio rosso? greba ugari izan zen Italian; zenbait lantegi hartu zituzten indarrez eta hiri matxinada asko antolatu ziren. Aipatzekoak dira 1920ko irailean metalgintzan izan ziren istiluak: 400.000 langilek lau lantegi eta ontziola nagusiak hartu zituzten indarrez. Giolitti gobernu buruak, azkenean, langileei soldatak igotzea onartu zuen, eta langileek jarrera aldatu zuten. Frantzian bezalaxe Italian ere, asko ahuldu zen ezkerra: langile mugimendua bitan banatu zen ?sozialistak eta komunistak?, eta Alderdi Sozialistan ?1919.. rteko hauteskundeetan Italiako lehenengo alderdia? tirabira handiak izan ziren.Espainiari dagokionez, Langileen Batasun Orokorrak greba orokor iraultzailea antolatu zuen (1917ko abuztua). Greba hark ez zuen eragin bera izan ekonomiaren alor guztietan; baina oihartzun handia izan zuen, aste batez erabat geldiarazi baitzuen Espainiako bizitza. Datoren gobernu kontserbadorea greba hura bertan behera uzteko ahaleginean lehiatu zen, eta horretarako, gudarosteaz baliatu zen. Hori ikusirik muturreko langile mugimendua Lanaren Konfederazio Nazionalean ?sindikatu anarkista? ezkutatu zen. 1918-1920. urte bitarteko (?hiru urteko boltxebikea?) langile matxinadek hankaz gora jarri zituzten Espainiako industria eskualdeak, Katalunian bereziki; aipatzekoa da ?Canadiense? lantegiko greba (1919ko otsaila). Handik indarkeri basatia zabaldu zen, eta langile mugimendua asko sendotu zen; Alderdi Sozialistaren kideak esaterako, laukoiztu egin ziren 1915etik 1921era, eta UGT eta CNT-ek ere gorakada handia izan zuten. Horren guztiaren ondorioz, 1923ko Primo de Rivera jeneralaren Estatu kolpea onartu zuten burgesek.

Grebaren izurria Britainia Handiraino iritsi zen. Herrialde hartan, alderdi laborista bigarren alderdi nagusia bihurtu zen 1918ko hauteskundeen ondoren. 1919an eta 1920an greba gogorrak egin zituzten burdinbide, meategi eta metalurgiako langileek eta zamaketariek.

Sindikatuek, ordea, ez zituzten greba haiek babestu. Baina, 1926an, ikatz lantegietan soldata jaisteko saioa egin zenean Trade Unions-ak elkartu eta greba orokorra antolatu zuten (1926-5-5). Greba hark babes handia izan zuen, baina gobernuak legez kanpokotzat hartu zuen, eta Trade Unions-ek atzera egin zuten. Bai Britainia Handian eta bai gainerako herrialdeetan ere, langileen iskanbilek ondorio onuragarri bat izan zuten: arazo sozialekiko kezka piztu zuten, bai gobernuetan bai gizartean.