Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Egungo aroa

1914ko Gerra Handia: guztizko gerra

Ingeles soldaduak begiak gasez erreta.<br><br>

Europa, Napoleonen gerrak pairatu zituenez geroztik (Vienako Biltzarra, 1815), gerra saihestu nahaian ibili zen, baina, azkenean, bete-betean sartu zen gerran (1914ko abuztua), nahiz eta potentzien arteko gatazkei eta Otomandar Inperioaren desegiteak ekarritako arazo larriei oreka sistema bat aurkitu zitzaien Berlingo Biltzarrean (1878). Alabaina, gerrak hartu zuen hedaduragatik, ukitu zuen biztanle kopuruagatik, arma berrien indarragatik, tartean izan ziren interes estrategiko ugariengatik eta egin zen gerra ahaleginagatik (guztizko gerra), ordu arte Europan inoiz izandako borrokaldirik handiena eta izugarriena izan zen 1914 eta 1918 urte artekoa. Horregatik (eta gerra hasi aurretik nabariak ziren eta gerrak zabaldu zituen joerengatik), Europa erabat aldatu zen garai horretan, mugei nahiz ahalmenen orekari zegokionez, bai ekonomia eta kulturari, baita politika egiteko eta Estatuak antzolatzeko moduari zegokionez ere.Gertaera larrien segida hori –hain gertaera larriak non gerra piztu baitzuten Europan– herrialdeen arteko aliantzen bipolarizazioaren ondorio izan zen, eta orobat armaden mobilizazioen automatismoarena, Alemaniako estatu nagusiak antolaturiko plan militarrena (Schlieffen plana: Errusiarekin gerra balitz, Frantziari Belgikatik eraso egin, “abantaila erabakiorra”, eta Errusiari eraso), neurtu gabeko erabaki guztiz handinahiena, eta baita kalkuluetan huts egitearen ondorio ere.

Austria-Hungariak Serbiari egotzi zion Sarajevoko atentatua, eta haren ondoren, Serbia irainduz, behin betiko bukatu nahi izan zuen hegoaldeko eslabiarren arazoa, konturatu gabe ordea Errusiak ez zuela horrelakorik onartuko (1908an egin zuen bezala, Bosnia-Herzegovinaren anexioarekin).

Alemaniak (1905ean eta 1908an bezala), Europan zuen nagusitasuna finkatu nahi izan zuen, Frantziak eta Britainia Handiak zuhur jokatuko zutelakoan. Eta Austria-Hungariari Balkanetan borroka irabaziko ziola uste izan zuen Errusiak, mehatxu bikoitzak (Errusia eta Frantzia) Alemaniari geldirik eutsiko zion artean. Horrelakorik, ordea, ez zen ezertxo ere gertatu, eta gerra piztu zen.

 

1914: sugar nazionalista

Ez da Europan beste gerrarik izan, biztanleriaren aldetik, 1914ko abuztu hartan bezalako berotasunez hasi denik (erdi mailako klase politizatuei dagokienez behintzat).

Gerra deklaraturik, jendetza sutsuen aurrean desfilatzen zuten borondatezko gazteez bete ziren hiriak. Batzuentzat, mundu burgesaren ohiko bizimodu gatzgabetik ihes egiteko aukera izan zen hura. Sentimendu garbiak, heroismoa eta bizimodu emozioz betea iragartzen zituen gerrak.

Beste zenbaitentzat berriz, gizarteen materialismoa sakrifizioz ordaintzeko modua zen.

Baina abertzaletasuna da seguraski lehen egunetan gehien zabaldu zen sentimendua, eta orobat jende gehiena mobilizatu zuena. Hain izan zen nabarmena, non Londresen dachshund zakurrak (jatorriz alemaniarrak) harrika ibili baitzituen jendeak, eta alemaniarren dendak txiki-txiki egin zituzten Parisen. Jendeak, saldoka, God save the King kantatzen zuen Buckinghamgo jauregiaren aurrean, eta gogo beroz erantzuten zioten Gilen II.a Kaiserraren “nazio leialtasun”erako deiari. Frantses gazteak la revanche-n haziak ziren, denen irakurgai zela, adibidez, Bi haur Frantziara bueltan, “probintzia galduak” (Alsazia eta Lorrena) gogoratuz. Alemaniar gazteek, Goethek bere Memoriak liburuan agertzen zuen frantsesen kontrako erromantizismoaren oinordeko, eslabiar barbaroek eta britainiar merkantilismoak arriskuan jarritako zibilizazio goi mailako baten zaindaritzat zeukaten beren burua. Bitartean, Errusian paneslabismoa errotu zen, aldi berean poloniarren eta teutoien mehatxua sumatzen zela. Zenbait herritako sozialistak Stuttgarten (1907) eta Basilean (1912) bildu ziren gerraren eta bakearen inguruko auziez jarduteko, bainaez zuten lortu bakezko estrategia bateratu batera iristerik. Laboristek britainiar gobernuaren alde egin zuten; gerraren hasieran eratu zen “Batasun Sakratu”ko gobernuan egon ziren frantsesak, eta alemaniar sozialdemokratek tsarren despotismoaren kontrako borrokatzat hartu zuten gerra. Errusiar boltxebikeen talde txiki bat bakarrik atera zen “inhibizio iraultzailearen” alde.

Abertzaletasuna –abertzaletasuna batez ere– izan zen gerrak hasieran behar izan zuen sentimendua, armadak soldaduz hornitzeko.

Lehen berotasun hark, ordea, behera egin zuen 1914an zehar, hilak milaka izan baitziren (300.000 frantses aurreneko hilabeteetan), eta desagertu egin zen 1915 eta 1916an.

 

Teknologia militar berria

1914ko abuztuan, Alemaniak bere estrategia militar modernoa jarri zuen abian (Schlieffen Plangintza, 1898an egina), puntuotan oinarritzen zena: oste handiak burdinbidez mugitzea, arma berriak, artilleria astuna ugari erabiltzea, telegrafia bidezko komunikazioa, ingeniari eta zulatzaileen oste laguntzaileen babesa, eta, batez ere, estatu nagusi baten plangintza. Alemanen aurrez aurre, Frantziak ere armada masiboa (soldaduzkan oinarritua) eta modernoa erabili zuen, baina teknokratikoagoa, eta ofizialen mailetan zurrunagoa, eta estrategia (Jofre plangintza) eta taktika zaharrak (karga masiboan sinestea) gordetzen zituena.

Marneko guduak ordea argi erakutsi zuen gerra hura ez zutela estrategek aurreikusi (Ameriketako Banakuntzarako gerra, Mantxuriakoa edota Boerrena gorabehara): suaren indarrak (errepikapeneko remington fusila, Maxim metrailadorea, tiro lasterreko kanoia), bebes hesiek (lubakiak eta hesi arantzadunak), eta borrokalari multzo handiek oso eraginkorra egiten zuten babeseko gerra. Erasoaren frantses dotrinak nahiz alemaniar infanteriaren karga masiboek hilkintza izugarriak baino ez zituzten eragin. Bestalde, asmakari berriek ezabatu egin zuten zalditeria. Kanpainako kanoiek, metrailadoreek, denek ere gudu zelaira joandako gudarosteek, hornigaiak behar zituzten; munizio gastuak eta hornigaien beharra espero zitekeena baino askoz ere handiagoak izan ziren. Gudarosteak harrapatuta geratu ziren zelaietan, eta indarrak orekatuak.

Hala, mendabaleko lubakien gerra etorri zen: bizimodu aspergarria, lohia, hotza, zikinkeria, eta su etengabea. Kanpaina handien eta erasoko gerraren ordez, fronteak zeuden orain, eta haietan, oste handiak (650 km, Mantxako itsasartearen eta Suitzaren artean). Garraio autonomo baten garapen eskasak (ezinezkoa burdinbidearekin eta oso motela animaliekin, eta, hortaz, leherketa motorreko ibilgailuen bidez bakarrik lor zitekeen) mugatu egin zituen hornigaien banaketa eta erasoko gerra.

Gauzak horrela, antzinako eskuzko granada eta morteroa berreskuratu ziren, gas pozoitsuak (1915) eta nolabaiteko tankeak (1916) hasi ziren erabiltzen, eta, poltsa handiak bakartuz, gudarosteak arerioaren babesguneak inguratzen saiatzen ziren (eta hori izugarri nekeza zen zalditeria hutsarekin).

Aldaketak atzegoardian hasi ziren traktorrak eta kamioiak erantsiz, zaldi, mando eta burdinbideei (Britainia Handiak, gerra hasi zenean, ehun kamioi zeuzkan; bukatzean, baziren 60.000); elikagaiak biltegietan gordetzeaz eta kontserbatzeaz arduratu ziren, eta fronteko ospitaleak eta kanpainakoak sortu ziren, eri eramaileen konpainiak, botikak sistemaz ematen hasi ziren, eta abar.

Era berean, ez zuten asmatu itsasoko armadaren indar izugarria erabiltzen ere (minak, torpedoak, destruktoreak, itsaspekoak, dreadnought korazatuak), gerra aurreko armamentu karreran garrantzi handikoak izan ziren arren. Jutlandiako gudua erabakiorra izan zen (1916), eta horretan argi erakutsi zuen britainiar Errege Armadak itsasoan zuen nagusitasuna. Alemaniaren gerrako itsas armada ez zen ia portuetatik atera ere egin. 1917an bakarrik erabili zituen Alemaniak bere itsaspekoak, merkataritza gerran hainbat naziotako ontzi merkatariak urperatuz.

Aireko gerrak (zeppelinak eta hegazkin ahulak) ez zuen garrantzi handirik izan.

 

Guztizko gerra eta ekonomia

Ez ziren aurreikusi gerrako estrategia berriak, ezta egin behar izan zen ahalegin izugarria ere, ekonomiari nahiz giza bizitzei zegokienez. Europa osoak parte hartu zuen gerra hartan (eskandinaviar herriek, Espainia, Holanda eta Suitzak izan ezik). Ameriketako hamaika herri iritsi ziren esku hartzera (batzuk formalki). Beste hainbeste egin zuten Afrikako eta Asiako koloniek ere, Turkiari Ekialde Hurbilean eraso egiten zioten artean. Abuztuan hamabi milioi gizon ere mobilizatu ziren (60 milioi gerra osoan zehar), eta 1914ko udazkenean bakarrik kontinenteko urte bateko diru sarrerak inbertitu ziren borrokaldian. Eta hori guztia emaitza errealik batere gabe. Guduetako giza kostua ankerra eta zentzugabea zen, eta diru ahalegina berriz lekuz kanpokoa gertatzen zen baita herri aberatsenetan ere.

Halakorik ez zen ezertxo ere aurreikusi gerra aurretik. Britainia Handiaren lehen asmoa, gerra hasi zenean, negozioak betiko moduan egiten jarraitzea izan zen; horixezen aurreko gerretako esperientzia. Alemaniak ere, gerrako ekonomiarako prestatuago zegoen arren, ez zuen plangintza ekonomikorik aurreikusi gerrako beharrei erantzuteko (uztailaren bukaeran oraindik ere zekale kopuru handiak esportatzen ziren, gerrako zalditeriak laster beharko zituenak).

Baina halako mobilizazio zabalak berehala hautsi zituen nazioarteko merkataritzaren loturak; soldadugaien beharrak enpresak langile gabe uzten zituen; gerra bete-betean zela, burdin gordinaren ekoizpena murriztu egin zen Alemania, Suitza, Britainia Handia eta Frantzian; Erresuma Batuak ezin zituen galtzen ziren adina itsasontzi berregin; eta leku guztietan ikaragarri urritu zen elikagaien ekoizpena, eta aldi berean, ezinezkoa zen haiek inportatzea.

Frontetik zetorren material eskaera, bestalde, ikaragarria zen. 1914an frantses bateriek gehieneko ahalmenaz tiratu izan balute munizioa, hamairu minututan gastatuko ziren eskura zeuzkaten hornigai guztiak.

Munizioz hornitu behar ziren fusil berriak, metrailadoreak eta tiro lasterreko kanoiak, osteak elikatu behar ziren, arropez eta zapatez hornitu, tresneria eta hesiak egiteko materiala behar zuten (Britainia Handiaren aurreikuspenen arabera, 250.000 lur zaku beharko zituen hilean; 1915ean sei milioi eskatzen zituen), burdin hesiak, errekinak, botikak, etab. Azken finean, nazioetako ekonomiak berriz antolatzea eskatzen zuen gerrak.

Gobernuek atzerriko maileguetara (EEBB izan ziren onuradun nagusiak), eta zorrak eta altxor bonoak igortzera jo zuten.

Laster hasi ziren atzerriko dibisak eta inbertsioak menderatzen. Alde horretatik, mugarria izan zen 1915. urtea; gobernuek zuzenean esku hartu zuten ekonomietan guztizko gerra egin ahal izateko, jarduera guztiek behar zuten gerraren eskakizunen mende egon.

Alemaniak hartu zuen horretan aurrea (agian, militarrek herri barreneko auzietan zuten ahalmenagatik, ahalmen hori hazi baino ez baitzen egin: 1914az gero, Hindenburg eta Ludendorffeko jeneralek markatzen zituzten gobernuaren nondik norakoak).

Jadanik 1914an, Lehengaien Saila sortu zuen Walter Rathenau industria gizonaren gidaritzapean. Alemaniako meategi eta industria guztiak militarizatu zituzten: hark erabakitako plangintzaren arabera, kontratu bereziak egin ziren Estatuarekin, eta ekoizpen prezioak eta mailak finkatu.

Era berean, elikagaien eta jantzien prezioak ere finkatu ziren, eta arrazionamenduak hasi ziren (ogiarena, 1915eko urtarrilean).

1916ko neguan Nazio Zerbitzuko legea aldarrikatu zen, industria eta gerrarako soldadugaiak mugagabe hartzea proposatzen zuena, eta enpresako istiluetan nahitaezkoarbitrajeak jartzen zituena. Pixkana-pixkana, Austriako ekonomia beretzen joan zen, eta era horretan gauzatu egin zen hain beldurgarria zen Mitteleuropa-ko eskualde ekonomikoa (Danubioa zabalik geratu zen, eta normalizatuak Alemania eta Turkiaren arteko joan-etorriak).

Britainia Handiarentzat zailagoak izan ziren gauzak. Lehenengo urratsa soldadugaiak lehen aldiz 1916an nahitaez biltzean egin zuen. Laster nazionalizatu zituen, aldi baterako, burdinbideak, merkataritzako ontzidia eta ikatz meategiak. Munizio lantegi asko jarri zen abian urte horretan (emakumezkoek lan egiten zutela), eta gehiagora egin zuten, harik eta 1918an 218 izan ziren arte. Horrez gainera, ekonomia sail asko antolatu zituen Armamentu Ministerioak (1915eko maiatzean sortu zen ministerio hori). 1918an anoa mugatu zen, irin industria nazionalizatu zen eta bost milioi hektarea erosi ziren gerrarako produzitzen jartzeko.

Gainerako herrialdeek beste hainbeste egin zuten, baina nahiko atzeraturik. 1917tik aurrera, Parisko 1916ko ekonomia konferentzietan blokeoa estutu ondoren, aliatuek plangintzarako bulegoak zabaldu zituzten altzairu, gasolina eta lehengaientzat. Aliatuen arteko Batzordea, Gerrako Kontseilu Gorena eta Itsas Garraioko Kontseilua sortu ziren. EEBBak gerran sartu izanak asko lagundu zuen batzorde horiek antolatzen.

Hein handi batean, gerra hura guztizko gerra izan zen (hurrengo erabateko gerraren aurrekari), eta nazio ekonomia planifikatuak erabakiorrak izan ziren borrokaldiaren azken emaitzan.

Horrek guztiak, oro har, herri guztietako inmunitate zibilak murriztu, eta garai hartako europar gizartearen militarizazio joera indartu zuen (gobernuetatik gizarte zibilera).