Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Egungo aroa

Frantzia III. Errepublikaren garaian

Diputatuen Biltzarra, Versailles, 1877ko ekainaren 6a.<br><br>

Frantziako III. Errepublika 1870ean sortu zen. Komunaren iraultzak inarrosia bere sorreran, hainbat aldi sozio-politiko bizi izan zuen, hainbat joeratako gobernurekin. Lehen Mundu Gerra arte iraun zuen.

Gizonezkoen sufragio unibertsalean oinarriturik, monarkikoek (Thiers, Mac-Mahon), errepublikano oportunistek (Gambetta, Ferry) eta ezkerreko erradikalek (Clemenceau, Briand) gobernatu zuten elkarren segidan, bai eta errejimen orekatsua moldatu ere.

Gobernu era horrek hainbat krisitan erakutsi zuen bere sendotasuna.

Errepublikarrek ahalegin nagusiak Estatua laikotzearen aldekoak izan ziren; joera horrek indar eta eragin handiko Eliza baten aurrean jarri zituen. Eskola publikoa, derrigorrezkoa eta dohakoa izan zen haien lorpen handiena, hori baita frantses identitatearen eta irakaskuntza sistemaren zutabea.

Bereziki geldoak gertatu ziren Frantzian nekazaritzatik industriarako ekonomia aldaketa eta demografiaren hazkundea. Sozialismoak sustaturiko langile arazoak gizarte bizitza asaldatu zuen XIX. mendearen amaieratik, giroa jada ondo berotua izanik zenbait eskandalu zaratatsu zirela medio. Dreyfus aferak bitan zatitu zuen Frantziako iritzi publikoa.

 

Errepublika monarkikoa (1780-1880)

Sedango hondamendiak matxinada bat eragin zuen Parisen 1870eko irailean. Horren ondorioz Bigarren Inperioa erori eta Hirugarren Errepublika aldarrikatu zen.

Gerrak aurrera jarraitu zuen harik eta Frantziak ondoko urtean errenditu zen arte. Ondoren hauteskundeak egin ziren. Haietatik monarkikoen gehiengoa zuen Nazio Batzarra atera zen eta Thiers aginpide betearazleko buru hautatu zuten.

Frantzia eta Prusia gerrako kalte ordainak negoziatzen ari zirelarik Komuna deitu matxinada lehertu zen Parisen. Porrot militarrak eta Parisko gertakariek herrialdea jota utzirik, lasaitasun eskaria nagusitu zen Frantzia gehienean. Eskariari “Bakea, Ordena eta Lana” esloganaz erantzun zion Thiersen gobernu probisionalak. Elizaren eraginaagerian uzten dute garai hartan egindako erromesaldi ugariek eta Frantzia Bihotz Santuari eskaini izanak. Guztiarekin ere, biztanleriak (nekazaritza jatorrikoa baitzen gehienbat) arras arbuiatu zuen eskuindarren arinkeria gerrazalea.

Langile klase urria gune jakinetan zegoen batez ere: Paris eta Lyongo industria aldeetan eta iparraldeko harrikatz arroetan.

Hirietarako exodoak hiru eragile izan zituen: nekazaritzaren krisia, laborearen prezioen beheraldia eta mahatsaren filoxera.

Monarkiaren aldeko fakzioak ados jarri ezinean, Thiers kendu eta haren ordez Mac-Mahon mariskala ezarri zuten gobernu buru (1873). Urte horietan errepublikar errejimenaren konstituzio-oinarriak ezarri zituzten.

Errejimen honek ia monarkiaren aginpidea eman zion lehendakariari eta ganbera biko sistema ezarri zuen krisi politikoei aurre egin ahal izateko. Lege nahaste horren oreka dela bide, 1880an errepublikarrek boterea eskuratu zuten Léon Gambetta eta Jules Grevyrekin.

 

Errepublika errepublikarra (1880-1889)

Hainbat joeratako errepublikarrek sendotu egin zuten errejimen errepublikarra. Estatuaren laikotzea izan zen horien eginkizun nagusia eta, beste ezeri baino areago, eskola politikari ekin zioten. Doakotasunean eta beharrezkotasunean bermaturik zegoen errepublikar eskola hark hiru helburu zituen: pertsonen aurrerabide soziala, Errepublika sendotzea eta kontzientzia askatasuna.

Eskolatze neurrien karga ideologikoa Elizaren eraginaren aurka zihoan. Ildo horretatik, nabarmentzekoa da emakumeak eskolatzeko ardura. Gizarte bizitzaren sekularizazioa beste zenbait neurrirekin batera etorri zen: ospitalen laikotzea, dibortzioa, hilerri laikoak, uztailaren 14a bezalako jaien erritualizazioa. Prentsak eginkizun erabakiorra izan zuen ideia horien zabalkundean, baita haien kontrako ideiei dagokienean ere.

Posibilismo irekia izan zen XIX. mendeko azken bi hamarraldietako gobernu errepublikarren ezaugarria. Erreformak moteldu zituzten. Agintean aldizkatu edo elkarlanean aritu ziren Jules Grevy eta Jules Ferryren errepublikarren ezkerra eta Léon Gambetta eta Félix Faureren errepublikarren batasuna.

Oposizioan geratu zen Georges Clemenceauren ezker erradikala eta sozialismo zatikatuaren parte handi bat beretu zuen.

Oportunistek errejimenaren liberalizazioa gobernatu zuten. Arian-arian hainbat askatasun mota aldarrikatu zuten –prentsarena, biltzekoa, alkateak hautatzekoa–, eta sindikatuak legeztatu zituzten. Sozialismo iraultzailearen goraldia zela eta –Panamako kanalaren edo Dreyfus kasuaren eskandaluen artean–, gizarte auzia lehen planora pasa zen. Ugazaben paternalismoa eta katolizismo soziala izan ziren klase nagusien erantzuna.

Gudarostea errepublikar abertzaletasunaren estandartea zen eta frantses inperialismoa bideratzen zuen: harekiko adeitasunak Boulanger generalaren iharduera politikoa lagundu zuen. Gerra ministro horrek ia-ia Alemaniaren aurkako beste gerra batean sartu zuen Frantzia. Boulangerismoa deituriko mugimendu populista eta nazionalista hark sortzaileak baino bizialdi luzeago izan zuen.

 

Errepublika erradikala (1899-1914)

XIX. mendearen amaieran bi bloke handitan biltzeko joera agertu zuen Frantziako politikak. Eskuindarrenak, alde batetik, kontserbadore, monarkiko eta katolikoak bildu zituen ordenaren balioen inguruan(militarismoa, klerikalismoa). Bestetik, ezkerreko blokeak errepublikarrak, erradikalak eta sozialistak bildu zituen balio errepublikar demokratikoen defentsan.

Pierre Waldeck-Rousseau (1899-1902) buru zuen gobernuak ezker guztietako ministroak bildu zituen demokrazian sakontzeko asmoz. 1905 arte arian-arian alderdien aparatuak egituratu eta Estatuaren oinarri laikoak finkatu zituen Emile Combesen gobernuak.

1907tik sozialistak boteretik aldendu eta, erradikalak eskuinera zabaldu ziren Clemenceau eta Aristide Briandekin.

Lurraldeen arteko desberdintasunak berdinduz joan ziren burdinbide sarea zabaldu eta zenbait portu –Bordele, Le Havre, Marseilla– ozeano arteko trafikoarako zabaltzean.

Nekazaritzak, nazio aberastasunari egindko ekarpena apaldu bazen ere, garrantzi handia zuen artean. Zenbait asaldura gertatu ziren sektore horretan, 1911ko mahastizainena, adibidez.

Gizarte gatazkak hazi egin ziren Lehen Mundu Gerra lehertu aurreko urteetan. Klerikalen eta antiklerikalen arteko lehiari, erradikalen eta sozialisten artekoa erantsi zitzaien, botere publikoek langileen manifestazioen aurrean zuten jarrera zela eta. Meatzariak eta funtzionarioak izan ziren langile sektore eragileenak. Kanpotiko mehatxuak tentsioak areagotu zituen.

 

Munduko hiriburu kulturala

Parisek, Frantziaren eta Prusiaren arteko gerran Europako hiriburu politikoaren izaera galdurik, kultura hiriburuaren eginkizun eztabaidaezina beretu zuen harrezkeroztik.

Inpresionismoa deitu pintura mugimendua (Monet, Pissarro, Degas) bertan eratu zen, bai eta mende amaierako sendotu eta aniztu ere (Toulouse-Lautrec, Gauguin, Cézanne…). Mundu osoko margolariak (Modigliani, Klee, Picasso…) frantses hiriburuan finkatu ziren urte horietan.

Pintura eta kabareteko (Le Moulin Rouge) saio nahasiak bildu ziren kartelismoan.

Inpresionismoak bultzatu aldakuntza estetikoak baliokideak izan zituen musikaren eremuan (Debussy, Ravel). Errepublikar errejimenari loturik, orobat, Auguste Rodinen eskultura eskola klasizista garatu zen Parisen.

Parisko zabalguneak Frantziako arkitektura aberasteko aukera ekarri zuen XIX.. endearen erditik. 1875-1900 bitartean eraikuntza paregabe batzuk inauguratu ziren, hala nola Opera jauregia, Montmartreko Bihotz Santuaren basilika eta Grand zein Petit Palais direlakoak. Hiriburu hartan antolatu zen erakusketa unibertsalek beren aztarna tekniko-artistikoa utzi zuten (Eifel dorrea).Literaturaren alorrean, Victor Hugo, erromantizismoaren aitaren heriotza gertatu zen 1885ean, Emile Zolaren eskutik iritsi zen naturalismoaren sorrerarekin batera. Beronek “familia baten historia natural eta soziala Bigarren Inperioan” bezala definitu zuen Les Rougon-Macquart eleberri saila.

Jules Verne, Alexandre Dumas edota Anatole France orduan famatu ziren eta hori alfabetatzearen orokortzeak bideratu zuen, III. Errepublikako urteetan.

Etienne-Jules Mareyren ekarpen teknikoei esker garatu zen argazkia Frantzian.

Zinematografoa, bestalde, Parisen sortu zen 1895ean. Lumiére anaien lehen saioek dokumentu izaera zuten, baina laster asko fikziorako hizkuntza berezia aurkitu zuen arte berriak Georges Méliesen eskutik (Ilargirako bidaia).

 

Inperio errepublikarra

Frantziak bere mende zeuzkan Iraultza aurreko lurralde kolonial batzuk (Guyana, Martinika) eta Bigarren Inperioan beste hainbat beretu zuen Afrikako mendebalean, Kotxintxinan eta Ozeanian. III. Errepublikaren garaian, frantsesek eta britainiarrek lehian ihardun zuten koloniengatik. Jules Ferryk antolatu zuen itsasoz haraindiko politika hainbat eratako interesak nahasiz, nahiz eta interes ekonomikoak gutxitan izan zuen lehentasuna politika hartan. Hain zuzen ere, kolonia arazo batek –Tonkingo esku hartzeak– erorarazi zuen errepublikar buruzagi hura 1885ean.

Ospe ona lortzearren abiaturiko programa kolonialak barne oposizio handia aurkitu zuen. Erradikalismoaren sektore batzuen iritziz (Clemenceau), dirua eta tropak xahutzea besterik ez zekarren iharduera kolonialak, bai bata bai besteak eskueran beharzituztelakoan Alemaniaz mendeku hartzeko.

Kolonietako biztanleekin egindako gehiegikeriak salatu zituen ezkerrak. Frantsesen kanpoko inbertsioak Errusia edo Txina aldera joan ziren, inperioko lurraldeetara baino areago.

Aljeria, ordea, bai, interesatu zitzaien eta frantses kolonoak ezezik, italiarrak eta espainiarrak ere kokatu ziren han. Nolanahi den, inperioaren hedapenak iskanbilak sorrarazi zituen gainerako estatu indartsuekin.

Asian eskualdeak banatu zituzten estatu horien artean eta Frantziari Indotxinako Batasuna egokitu zitzaion (1887). Afrikan Italiarekin egin zuen topo Tunisia aldean (1881), baina batez ere Ingalaterrarekin.

Senegaletik Itsaso Gorriraino Frantziak burutu asmo zuen inperioak, izan ere, ingelesek Egiptotik Hego Afrikaraino eratu nahi zutenan aurkitu zuen aurrez aurre. Hala, 1898an frantziar espedizioak atzera egin behar izan zuen Fashodan (Sudanen).

Bismarcken ondoko Alemaniaren politikak aro berria ireki zuen nazioarteko harremanetan.

Frantziak, bere inbertsioek loturik, itun bat egin zuen Errusiarekin 1892an.

Frantziaren eta Britainia Handiaren arteko elkar aditzea ez zen iritsi 1904 arte, britainiarrek eta frantsesek, hurrenez hurren, Egiptoren eta Marokoren gaineko nagusitasuna elkarri ezagutzean.

Lehen Mundu Gerra piztu zuten itun handiak lurralde kolonialetan probatu ziren lehenbizi. Alemaniaren eta Otomandar Inperioaren arteko itunak (1903), bestalde, Errusiaren, Frantziaren eta Britainia Handiaren artekoa sendotu zuen. Gerra aurreko bi krisialditan aurrez aurre gertatu ziren Frantzia eta Alemania Marokon. 1905ekoa ondoko urtean konpondu zuten Algecirasko nazioarteko konferentzian; 1911koa, Alemaniari Kongoren zati bat emanez. Gerrarako bidea zabalik zegoen.