Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Aro berria

Espainiarren eta portugaldarren mendeko Ameriketako lurraldeak (XVI. mendea)

Atahualparen heriotza.<br><br>

Ameriketako historian «Mende iberiarra» deitu izan da XVI. mendea, eta ez arrazoirik gabe gainera, izan ere, garai hartan Gaztela eta Portugal izan baitziren Ameriketako ia agintari bakarrak. Amerika aurkitu eta berehala, aita santuak Gaztela eta Portugalen artean banatu zituen lur berriak eta geroago, Tordesillasko hitzarmenak berretsi zuen banaketa hura; Tordesillasko hitzarmenaren arabera, Ameriketako lurraldearen parte handi bat Portugalek eskuratu zuen: Brasil hain zuzen ere. Gaztela eta Portugal ez beste europar erreinuek ere bazuten Mundu Berriko aberastasunak bereganatzeko grinarik, baina XVII. mendea arte ez zuten lurralde hartan eragin handirik izan.

Ameriketako kontinenteko inperio indigena handiak –azteka, inka, txibtxa inperioak– aurkitu eta menderatu izanak kolonizazioa bideratzeko aukera eman zien konkistatzaileei: kultura aberatseko gizarte indigenak aurkitu zituzten han, gizarte eta ekonomia antolaketa bikainekoak, eta baita harri eta metal bitxiez –urrea eta zilarra– beteriko lurraldeak ere. Lurralde haiek konkistatu eta bakea egin ondoren, antolamendu politikoa egituratu behar zen, bai kolonoena eta bai bertako biztanleena, eta bi munduen arteko harremanak bideratuko zituzten erakundeak osatu behar ziren orobat. Lan zaila izan zen benetan –Indietako erreinuen sorreraren garaia zen– eta ez zen bukatu XVI. mendeko azken hamarraldiak arte, baina orduko egituraketa hark iraun zuen indarrean –tarteka aldaketa txikiak egin ziren arren– XVIII. mendearen bigarren erdia arte, Borbondarrek eraberritze lan handiak hasi zituzten arte, hain zuzen ere.

Portugaldarren mende zeuden Ameriketako lurraldeek bilakaera geldiagoa izan zuten Gaztelaren mendekoek baino, eta ez zuten halako aldaketa handirik izan XVI. mendean zehar. Portugaldarrek Ameriketako lurraldeetan baino, Afrikako kostaldean egin zituzten ahaleginak, ekialdeko merkatuekiko lotura bilatu nahian.

 

Antolaketa politikoa

Gaztelako erregeek XVI. mendean zehar osatu zuten Indietako egitura politikoa, hainbat lege, militar eta ogasun alorretarako erakundeak antolatuz horretarako.

Ameriketako lurraldeen oinarrizko egitura politikoak gobernazioak izan ziren.

Gobernazioak konkista bideratu zuten Kapitainek Erregeekin sinaturiko kapitulazioetatik sorturiko erakundeak ziren. 1535az gero gobernazio horietako batzuk, garrantzi politiko handiena zutenak, erregeordetza edo gobernazioaren lehendakaritza bihurtu ziren, baina, bazter lurraldeetako gobernazioak ez ziren desagertu, aitzitik, gobernazio txikiek beren autonomia eta gobernu zentralarekiko komunikazio zuzena gorde zuten aurrerantzean ere. Lege alorrean audientziak ziren administrazio erakunde nagusiak; zuzenbide administrazioaren organo gorenak ziren, baina, horrez gainera, Ameriketako lurraldeen ezaugarri bereziak zirela eta, audientzietako epaileek gobernupolitikoan ere esku zuten, eta haiek izan ziren, hain zuzen ere, erregeordeek eta gobernari lehendakariek zuten aginpide zabalari nolahalako mugak ezarri zizkiotenak.

Alor militarrean kapitain barruti orokorra zen barruti lurraldea. Errege ogasunaren administrazioa, berriz, Errege Kutxa izeneko barrutien inguruan egituratu zen, erregearen ofizialen ardurapean: faktorea, diruzaina eta kontularia.

Ameriketako gobernari nagusiek, erregeordeek eta gobernari lehendakariek lau funtzio nagusien gaineko ardura zuten beren gain, baina ardura bakoitzari titulu bat zegokion: gobernaria, audientziako lehendakaria, kapitain nagusia eta errege ogasunaren gobernu orokorra.

Ameriketako gizartea hiru arrazaren bilgune izan zen, eta horixe zuen ezaugarri nagusietakoa: indiarrak, zuriak eta afrikarrak elkarrekin bizi ziren, eta talde horien arteko nahasturak arraza aberastasun handia ekarri zuen.Gizatalderik ugariena indiarrena zen.

Arraza zurikoak konkistatzaileak eta agintariak ziren. Eta beltzena, azkenik, Ameriketara esklabo gisa eramandako taldea zen.

Espainiar batzuek beren gizarte eta egitura politiko berezia osatu zuten, espainiarren errepublika deitua; hirietan bizi ziren eta Iberiako penintsulako gizartearen eredura osatu zuten beraiena ere. Herri indigena gehienak, berriz, indiarren errepublika delakoan sartu zituzten; errepublika hartan indiarren bizimodu tradiziozkoak eta mendebaleko moldeak, denak batera elkartu ziren. Kreoleek beren ekonomia interesen alde erabili zituzten indarrak; zergak ordainarazi zizkieten eta beraientzat lan egitera behartu zituzten, meatzeetan batez ere.

Gerora beltzek osatu zuten, eskualde tropikaletan batez ere, gizarteko gizatalde handiena.

 

Ekonomia

Gaztelako erregeek merkantilismoan oinarritu zuten Ameriketako ekonomia –hura zen garai hartako ekonomia dotrina nagusia–, eta harri eta metal bitxiak ustiatzea zen helburu nagusia.

XVI. mendearen erdialdean zilar meatze handiak aurkitu ziren Nueva Españan –Guanajuato, Zacatecas, Taxco–, eta Peruko erregeorde barrutian ere aurkitu zituzten beste batzuk, Potosiko muino aberatsa besteak beste. Harrezkero zilarra izan zen Ameriketan ustiatzen zen baliabide nagusia, urrea bera ere baino gehiago. XVI. mendearen bigarren erdian behera egin zuen ekoizpenak, baina Huancavelicako merkuriozko meatzeak aurkitu ziren eta Peruko erregeorde barrutiko zilarraren ustiakuntza erraztu eta merketu zuen horrek; Peruko erregeorde barrutia zilar ekoizle nagusia izan zen harrezkero, XVII. mendea arte.Askotan esan izan da garai hartako politikaren xedea urre eta zilar ustiakuntza zela soilik –eta egia da gainera– eta alde batera utzi zirela ekonomiaren beste alor batzuk, garrantzitsuak izanik ere, baina azken hori ez da aurreko baieztapena bezain egia biribila.

Izan ere, meatzeen ustiakuntza –giza ikuspegitik, indiarren esplotazio ankerra zela eta, oso gaiztoa izan zen arren– beste alor batzurentzat mesedegarria izan zen; abeltzaintzarentzat eta nekazaritzarentzat, adibidez, mesedegarria izan zen, zenbait lurraldeetan jarduera horiek bazter geratu izango baitziratekeen meatzaritzagatik izan ez balitz; bestalde, ekoizpen hiri nagusien eta urruneko guneen artean komunikabideak antolatzeko aukera eman zuen, eta jakina, merkataritzaren bilakaeraren eragile garrantzizkoena izan zen.

Ekonomia jarduera nagusia merkataritza zen. Eta Gaztelako erreinuak merkataritza babesteko zenbait neurri hartu zituen arren, Europako gainerako herrialdeek atera zuten etekinik Ameriketako aberastasunetatik, legezko jardueren bidez, baina baita legez kanpoko jardueren bidez ere. Izan ere, bai Gaztelak bai Portugalek merkataritza monopolio zorrotza ezarri zuten, eta Indiekiko merkataritzatik kanpo utzi zituzten gainerako herrialdeak. Portuetako monopolioa ere ezarri zen, eta Espainian Sevillari eta Ameriketan Callao, Veracruz eta beste porturen bati bakarrik eman zitzaien merkataritza harremanak izateko eskubidea, ustez Mundu Berrirako salgaiak eta bidaiariak hobeto kontrolatu ahal izango zituztelakoan.

Bestela gertatu zen, ordea; izan ere gaztelarrek eta atzerritarrek berehala aurkitu zituzten kontrabandoa egiteko bideak, bai Iberiako penintsulan bai Indietan. Kontrabandoa eta itsas lapurreta izan zituen Amerikarekiko merkataritzak arazo nagusiak.

 

Eliza Ameriketan

Elizak garrantzi handiko zeregina izan zuen Ameriketako gizartean eta kulturan, koroak ebanjelizazioa baitzuen helburu, besteak beste.

XVI. mendean zehar misiolari asko joan ziren Indietara, eta indiarrak kristautzeaz gainera garrantzi handiko lana egin zuten indiarraren eta haien heziketaren alde: bertakoentzat eskolak sortu zituzten, indigenen kulturak ikasi zituzten etab.

Aldi berean, eliza erabat antolatua eta haren erakundeak eta ohiturak eraman ziren lur berrietara, kolonoen eta gero eta talde zabalagoa osatzen zuten kreoleen zerbitzurako.

Horrela, berehala antolatu zen Indietan eliza, komentu bizitza, unibertsitateak, goi mailako eskolak, kofradiak eta gaztelarren hainbat ohitura kristau.

Elizaren eta koroaren arteko harremanak, Indietan, Errege Eskubideen bidezarautu ziren XVI. mende hasieratik; aita santuak errege eskubideak eman zituen elizako karguak eta horiei zegozkien beste pribilejio batzuk –eliz barrutiak antolatzekoa edo ekonomiari zegozkion beste zenbait pribilejio– banatzeko. Liskar txiki batzuk gorabehera, XVI. mendean zehar nahikoa harreman onak izan zituzten Espainiako erregeek eta aita santuek.

 

Brasil

XVI. mendean zehar portugaldarrek Ameriketan egindako kolonizazioa gaztelarrak egindakoaren oso bestelakoa izan zen.

Portugalgo erregeak ekialdeko Indietako merkataritza bideez eta Indiako ozeanoan eta Ozeano Barean beren lanteagiak finkatzeaz gehiago arduratu ziren.

Baina XVI. mendean zehar portugaldarrak Brasilgo kostaldean baizik ez ziren kokatu. XVII. mendea arte ez zuten Brasil barnealdea konkistatu.

Horrenbestez, Brasilgo administrazio egitura oso urria zen garai hartan. Kostaldean lurraldeak lerroka bezala zeuden banatuta, kapitulazio bidez aginpide politiko eta ekonomikoa hartzen zuen kapitain baten agintepean. 1549an aurrera pauso handia eman zen, halere, gobernuaren zentralizazioaren alde: Kapitain Orokor bat izendatu zen lehenengo aldiz. Kapitain orokorra erregearen ordezkaria zen, eta aginpide politikoa zuen arren, lurjabeen esku utzi zuen ekonomia, gobernariari eta metropoliari buruz nobalaiteko askatasunaz aritzeko moduan.

Brasilen metal bitxien meatzerik ez zen aurkitu XVII. mendea arte. Hango ekonomia azukre kanaberaren ustiakuntzan oinarritu zen XVI. mendean. Kolonoak hasi ziren azukre kanabera lantzen, haiek eraman zituzten kanabera xehetzeko tresnak eta hasiera-hasieratik bultzatu zuten esportazioa.

Portugalen kolonia izateak baldintza egokiak eskaintzen zituen horretarako: Afrika mendebaleko kostaldean nagusi ziren –esklaboak eskulangile gisa erabiltzeko aukera ematen zion horrek– eta merkataritza harremanak zituen Europa iparraldeko herriekin, herri horiek XV. mendean merkataritzarako azpiegitura antolatu zutenez gero.

Hiru puntako merkataritza deitu izan dena bideratu zen horrela: Europatik salgaiak eramaten ziren Afrikara eta esklaboen truke aldatzen ziren han; ondoren esklaboak azukre truke saltzen ziren Brasilen eta, azkenik, Europara esportatzen zen Brasilgo azukrea.

Arazo handiak izan ziren Portugalen mendeko Ameriketako lurrak ebanjelizatzeko, ez baitzegoen lan hura egiteko misiolaririk.

Izan ere, Brasil kolonia askorenarteko bat baino ez zen Portugalentzat, eta portugaldar misiolariek joera handiagoa izan zuten Ekialde Urrunerako Mundu Berrirako baino. Alor honetan aipagarria izan zen jesuiten lana; espainiarren kolonietan egin zutena baino askoz ere eraginkorragoa eta indar handiagokoa izan zen, izan ere espainiarren mendeko lurretan beste ordena batzuek bete zuten zeregin hori, adibidez, frantziskotarrek, domingotarrek edo mesedetako ordenak. Portugalgo kolonietan ospe handia izan zuen Jose Antxieta (1530-1579) misiolariak, espainiarren mendeko Ameriketako lurretan De Las Casas aitaren antzera, indigenak babesteko egin zuen lanagatik.