Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Aro berria

Europako inperioak (XVII-XVIII. mendeak)

Esklabo beltzak tabako hostoak lehortzen Ameriketan.<br><br>

XVI. mendeaz geroztik, Europaren goraldiaren mende egon zen mundua. Merkatariek eta itsasgizonek lurrez eta itsasoz egin zituzten bidaien ondoren, Europako estatuek beren kontinenteaz haraindiko lurraldeak konkistatu zituzten: Afrika, Amerika eta Asiako eskualdeak, poliki-poliki, gaztelarren, portugesen, ingelesen, frantsesen, errusiarren? esku gelditu ziren.

XVII. eta XVIII. mendeetan izan zen europarren zabalkundearen lehenengo aldia, besteak beste, merkantilismoaren teoria ekonomikoak bultzatua. Bi inperio nabarmendu ziren besteen gainetik, bai hedaduraz bai aberastasunez: Portugal eta Espainia hain zuzen.

Itsasoz haraindiko lurraldeak menderatu zituzten lehenenak izan ziren haiek. Frantsesek, ingelesek eta holandesek ahaleginak egin zituzten bi botere haien aberastasunen zati bat eskuratzen batetik ?bakezko neurrien bidez edo lapurreta bidez?, eta Espainiaren eta Portugalen mendeko ez ziren beste lurraldeak konkistatzen bestetik. Borroka haien helburua lurrean ez ezik itsasoan ere nagusi izatea zen.

Errusiarren zabalkudea salbuespena izan zen; tsarren inperioak ez zituen koloniak urruneko lurraldeetan bilatu behar, nahikoa zuen muga ekialderantz eramatea, Ural mendiez bestalde. Errusiarren mende gelditu zen Siberia osoa, ozeano Barearen kostalderaino, eta baita itsasoz haraindiko lurraldeak ere, XVIII. mendean Errusia amerikarra ?Alaska? konkistatu baitzuten.

 

Iberiako penintsulako inperioak: Espainia eta Portugal

Iberiako erreinuak, aitzindari ziren aldetik, beren inperioen hedadura geografikoa finkatu zuten lehenak izan ziren. Inperio haiek muga berberak zituzten, gutxi gorabehera, 1580an eta 1800ean.

Oreka hori azaltzen duen gertakarietako bat mugen arazoaren inguruan Gaztelak eta Portugalek lortu zuten konponbidea izan zen: Tordesillasko hitzarmena (1494). Hitzarmen haren arabera, Afrika portugesen esku gelditzen zen, eta Ameriketan Brasil bakarrik gelditu zitzaion Portugali; Asian, Filipinak gaztelarren esku gelditzen ziren eta India, Txina eta Moluka uharteak, berriz, portugesen esku. Hala ere, portugesek Tordesillaseko mugak gainditu eta mendebalerantz hedatu zuten Brasilgo kolonia; horretarako baliagarri gertatu zitzaien bi koroen arteko harreman onak batetik, eta bestetik, Gaztelak Amazoniako lurraldeetan interesik ez izatea. XVIII. mendearen bigarren erdialdean zenbait gorabehera izan ziren Brasilen eta hispaniar-amerikar lurraldeen arteko mugak ezartzeko.

Oreka hark, bestalde, lurraldeen antolamendu politikoan ere eragin handia izan zuen. Espainiak Ameriketako eskualde jendetsuenak hartu zituen mendean, eta behin konkista amaitu zuenean, Indietako erreinuetanantolatu zuen lurralde hura; erreinu haiek metropolietakoen antzekoak ziren eta ezin etenezko loturak zituzten Koroarekin.

Administrazioaren maila guztietan ezarri ziren Gaztelako erakunde politikoak: erregeordeak, auzitegiak, gobernariak eta hiri kontseiluak. Dena dela, organo zentral berezi bat zegoen Espainian ?Indietako Kontseilua? Ameriketako legediaz arduratzen zena. Portugalek ere erregeordeetan oinarritutako sistema hartu zuen; Brasilen barruti administratiboa ezarri zuen, egoitza Salvadorren eta Rio de Janeiron izan zuena, hurrenez hurren.

Espainiaren ahalmenak behera egin zuenean ere, Indietako aberastasunak liskarbide ziren. Espainiarren ekonomiak bi ardatz izan zituen Ameriketan, bertako biztanleen antzinako ekoizpen egituran oinarrituak: batetik metal bitxiak ustiatzea (batez ere, Zacatecaseko meatzeak, Espainia Berrian, eta Potosikoak, Peruko erregeorderrian), eta bestetik, Atlantikoko merkataritza. Ameriketako gizarte berriak manufakturak eta esklaboak eskatzen zituen; hasieratik bertatik saiatu zen Gaztela Ameriketako merkatua monopolioan edukitzen, baina berehala gelditu zen beste estatu europarren mende, mailegatzaileen bidez batzuetan, eta kontrabando edo lapurreta bidez besteetan.

Brasilen ekonomia, ordea, europar merkatuan balio handia zuten gai batzuetan oinarritu zen. Gaien arabera, zenbait aldi izan zituen Brasilgo ekonomiak: azukrearenaldia (XVI. mendea), urrearena (XVII.. endea) eta kafearena (XVIII. mendea).

Horrenbestez, Brasilen osatu zen gizartea ez zen hispaniar-amerikar gizartea bezain korapilatsua izan: gutxiengoa kreole aberatsek osatzen zuten, eta gehiengoa esklabo beltzek edo indiarrek.

 

Ingelesak, holandesak eta frantsesak elkarren kontrako lehian

Portugalen eta Espainiaren arteko banaketa hura, ordea, ez zuten Europako gainerako botereek onartu, eta hasiera-hasieratik saiatu ziren inperio haien mailara iristen.

XVII. mendearen hasieran Ingalaterra, Holanda eta Frantzia hasiak ziren lehenengo konkistak egiten, Ameriketan batez ere.

Herrialde haiek bi arrazoirengatik hartu zuten parte koloniak eskuratzeko lehian.

Batetik, espainiarrek Ameriketan zituzten lurraldeen merkataritza aberatsean esku hartzeko interesa zuten, monopolio ofiziala hautsiaz. Interes haiek guztiak Antilletan bildu ziren, uharte haiek baitziren Ameriketarako benetako giltza eta merkataritza ontzien sarbidea. Ingelesek, frantsesek eta holandesek berehala berenganatu zituzten Antilla Txikiak, haiek ez baitzeuden espainiarren esku: Barbados, Virgin, Curaçao, Tortuga? Base haietatik irteten ziren itsasontziek espainiarren portuak eta itsasontziak erasotzen zituzten, gerra garaian kortsario gisa, bake garaian pirata gisa, eta betidanik kontrabandista gisa. Bestetik, uharte haietako zenbait gaien errentagarritasuna asko igo zen, azukrearena batez ere, eta baita beste hainbat lehengaiena ere (esate baterako ingelesek Amerika erdialdeko Karibeko kostaldetik lortzen zuten zura: Terminoseko padurak, Belize eta Mosquitia).

Hala ere, baziren zenbait lurralde espainiar inperiotik urrun zeudenak eta interesabazutenak. Ipar Ameriketan esaterako, nahiz eta ez zen garrantzizko zibilizaziorik, bazeuden merkataritzako gai errentagarriak, larrua batez ere. Inguru hartan frantsesak eta ingelesak izan ziren nagusi. Frantsesek, Québecen kokaturik, hasi San Lorentzo ibaitik eta Missisipi ibaiaren arroarainoko lurraldea hartu zuten, Aintzira Handiak barne.

Lurralde hartan, hainbat gotorleku eraiki zituzten merkataritza bideak babesteko; hala ere, Frantzia Berrian ez zen behin ere kolono asko izan. Ingelesen zabalkundea, hasieran, frantsesenaren antzekoa izan bazen ere ?errege zedula bidez, konpainiek kostaldeko eskualde bateko merkataritza monopolioa lortzen zuten?, berehala bereizi ziren haiengandik, kolono talde ugari iritsi zirenean. Kolono talde haiek erlijio txikietako kideek osatuak ziren. Ingalaterra Berria, Virginia eta Karolina-ko kolonietako biztanle kopurua asko hazi zen, eta esportaziorako gaietan oinarritutako nekazaritzak indar handia hartu zuen ?garia eta tabakoa hegoaldean?; horren ondorioz, esklabo beltz asko eraman ziren lurralde haietara. Ingalaterrak eta Frantziak Ipar Amerikaren kontrola lortzeko izan zuten lehia 1763an amaitu zen; ingelesak irten ziren garaile.

Mende horietan europarren zabalkundearen gune nagusia Amerika izan bazen ere, Asian ere izan ziren lurrak eskuratzeko liskarrak. Portugesen bideari jarraituaz, Holanda izan zen Ekialdeko merkataritzaren nagusitasuna lortu nahi izan zuen lehena.

Hegoafrikaren konkista (1652) ?eta ondorengo kolonizazioa? oinarri sendoa izan zen holandarrentzat. Insulindia osoa Ekialdeko Indietako Holandar Konpainiaren esku gelditu zen; 1641-1799 bitartean konpainia hark gobernatu zituen uharte haiek. Holandarrak izan ziren Japoniarekin salerosketa harremanak izateko baimena lortu zuten europar bakarrak (1715), garai hartan itxita baitzegoen merkatu hura atzerritarrentzat.

Frantsesak eta ingelesak, Ameriketan bezala, elkarren lehian hasi ziren Indiako penintsulako merkataritzaren kontrola eskuratzeko.

Penintsula hartako kostaldean merkataritza guneak kokatu zituzten. Frantses-ingeles gerra Parisko bakeak bukatu zuen 1763an. Bake haren ondoren Britainia Handiak Indian inperio indartsu bat osatzeko lehenengo urratsak eman zituen.

Azkenik, aipatzekoa da ingelesek XVIII.. endean Ozeanian barrena izan zuten zabalkundea ozeano Bareko uharteetara egin zituzten zientzia eta geografia espedizioei esker gertatu zela; bestalde, garrantzi handikoak izan ziren Ingalaterrak Australian ezarri zituen espetxeak, izan ere, hura izan baitzen gerora han izango ziren britainiar kolonien oinarria.

 

Europako inperio txikiak: Danimarka, Suedia

Europako erreinu handiekin batera Europako beste hainbat estatuk zabalkunde kolonialean parte hartu nahi izan zuten, batez ere Ameriketan. Horien artean eskandinaviar herriak nabarmendu ziren (Danimarka eta Suedia); zenbait kolonia osatu zituzten Ipar Atlantikoko kostaldean eta Antilletan. Dena dela, bizileku haiek ez ziren luzaroan gelditu herri haien mende, izan ere, britainiarrek berehala konkistatu eta bereganatu baitzituzten. Bakarrik Groenlandian eta Islandian iraun zuten daniarrak XX.. endea arte.

 

Siberiako konkista: estepatik Ozeano Barera

Errusiaren ekialderanzko zabalkundearen ardatz nagusia ez zen itsasketa izan, eta ezin esan daiteke ?inperio koloniala? osatu zuenik, ez behintzat Europako gainerako estatu ahaltsuetan esapide horrek izan zuen zentzu berean; mugaren aurreratzea izan zen batez ere, alemaniarren Erdi Aroko Drang nach Osten delakoaren antzera, edo Ipar Ameriketako Far West konkistaren antzera.

Ivan III.a (Handia) eta Ivan IV.a (Izugarria) tsarrek XVI. mendean erreinuaren politika sendotu eta zabalkundea hasi zuten: mendebalerantz batetik ?itsaso Baltikora irteera aurkitu nahian?, eta ekialderantz bestetik, Uralez bestaldeko lurralderaino.

Lurralde hari Siberia esan zitzaion (Sibir hiritik datorkio izena). Berehala konkistatuzituzten errusiarrek (1552) inguru hartako erreinu ahulak (khanatoak); horrela hasi zen Siberiaren errusiartzea, nekazari kolonoak han kokatu zirenean (1582). Ekialderanzko zabalkundean kosakoak izan ziren nagusi; iparraldean, klima polarreko eskualdeak eta hegoaldean, musulmanen, mongolen eta txinatarren erreinuak zituztela egin zuten aurrera kosakoek. Bidean hainbat hiri eraiki zituzten, inguru hari poliki-poliki egitura politikoa eman ziotenak: Omsk, Tomsk, Irkutsk.

Konkista nahiko laster egin zuten, eta 1639. urterako iritsiak ziren Okhotskeko kostaldera ?Ozeano Barea?.

1694ko kodearen arabera, errusiar nekazariak lurreko jopu bihurtzen ziren; hala ere, kode hura europar lurraldean ezarri zen bakarrik. Kode hartatik ihesi errusiar askok eta askok Siberiara alde egin zuten; hala, tsarraren mende gelditu ziren eskualde haiek. Poliki-poliki, hurrengo bi mendeetan, Errusiak kolonizatutako lurraldea hegoalderantz hedatu zen; horrek, ordea, arazo asko sortu zituen, lurralde berri haietako musulmanak inperio kristau ortodoxoan sartzeko.

XVIII. mendean, Artikoan ari ziren larru bilatzaileen bitartez, errusiarren zenbait espediziok Bering itsasartea zeharkatu zuten ?lehen esploratzaile gidari batetik datorkio izena? eta Alaskara iritsi ziren (1741); hango kostaldeko hainbat portutan baseak jarri zituzten. Sitka hiria egin zuten lurralde hartako hiriburu. Errusiarrak Ameriketan ere izan ziren, espainiarrekin borrokan lehenbizi, eta britainiarrekin ondoren, harik eta, Estatu Batuek 1867an lurralde hura erosi zuten arte.