Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Aro berria

Ingalaterra iraultza garaian

Karlos I.a Ingalaterrakoa.<br><br>

Elisabet I.a erregina hil ondoren Jakobo I.a Estuardo izendatu zuten errege. Dinastia berri hark, Estuardotarren dinastiak alegia, berrikuntza handiak egin zituen: Eskoziak eta Ingalaterrak bat egin zuten errege beraren mende, Espainiarekin bake eta adiskidantza lortu zen (1604), ingeles merkatarien mesederako, eta aginpide absolutua eskuratu zuen erregeak, fama txarreko begikoen laguntzarekin.

Karlos I.ak 1625ean hartu zuen errege kargua, eta bere aitak hasitako aldaketei buru eman zien; hori zela eta, bere mendekoen haserreari aurre egin behar izan zion.

Karlos Estuardoren kontrako oposizioak hiru oinarri izan zituen, baina oposizio horien burua Oliver Cromwell iraultzailea izan zen. Cromwell gentryko kidea zen, puritanoa, Behe Ganberako kidea. dena den, esan bezala, hiru oposizio maila bereizten dira iraultza garaian: parlamentarismo-absolutismoa, puritanismo-anglikanismoa eta nobleak-gentrya.

1629 eta 1640 bitartean, Karlos I.ak ez zuen parlamentua biltzeko deialdirik egin, horrela bere aginpidea indartuko zuelakoan.

Baina Eskoziako presbiteriarrekin zuen gatazkak hartara behartuta, «Parlamentu laburra» bildu beste irtenbiderik ez zitzaion gelditu, eskoziarrek ezezko biribila eman baitziotenerregeak Eskozian Prayer Book edo ingelesezko otoiz liburua ezartzeko egindako ahaleginari; parlamentuaren bilkura hartan Behe Ganberak eginahalak egin zituen erregearen gobernu absolutuak iraun zuen hamar urteetan emandako agiri guztiak indar gabe uzteko. Erregearen gudarosteak hondoa jo zuen eta erregeak «Parlamentu luzea» osatu behar izan zuen; parlamentu hura ez zen 1653. urtea arte desegin.

Behe Ganberak 19 proposamen idatzi zituen parlamentuan, erregearen aginpidea murriztekoak guztiak. Proposamen horien aurrean, ordea, oposizioko buruzagi nagusiak atxilotzeko saioa izan zen erregeak eman zuen erantzun bakarra. Baina saio hark ez zuen arrrakastarik izan eta erregeak Londrestik ihes egin behar izan zuen 1642an.

Horrela hasi zen gerra zibila, eta Marston-Moorko (1644) eta Nasebyko (1645) gudu erabakiorren ondoren parlamentuko kideak atera ziren irabazle. Hondamen militar haren ondoren Karlos I.a epaitu eta hil zuten 1648an.

Garaipen haren ondoren, Cromwellek bederatzi urteko agintaldia izan zuen (1649- 1658), Lord Babesle tituluarekin 1653az gero, diktadura militarrean. Baina Cromwell hil ondoren haren seme eta ondorengo Rikardok ezin izan zuen errejimen militarra aurrera atera eta Karlos II.a Londresa itzuli zen 1660an.

Karlos II.ak parlamentuarekiko tirabirak ekiditeko ahaleginak egin zuen baina erlijio kontuan izan zuen jarrerak, begirunez jokatu baitzuen katolikoekin, eta Frantziaren hurbileko politika egin izanak, Holandaren kontrako gerra galdu izanarekin batera, Estuardo dinastiaren kontrako haserrea piztu zuen berriro. Karlos II.ak ez zuen ondorengorik utzi, eta haren heriotzaren ondoren (1685) haren anaia Jakobo izendatu zuten errege; Jakobok funtzionario katolikoak hartu zituen eta katolikoen aldeko politika egin zuen.

Parlamentuko kideek Gilen Orangekoari deitu zioten erregeari aurre egiteko laguntza eske, eta Gilen Ingalaterrara iritsi zenean Jakobo II.ak Frantziara ihes egin behar izan zuen. Parlamentuak, «tory» eta «whig» alderdietan banatuta zegoen arren, Gilen eta Jakoboren alaba Mariaren bitariko erregetza aldarrikatu zuen bigarren iraultza haren ondoren (1688-1689) eta horrela lortu zuen parlamentu monarkiak bere behin betiko garaipena.

 

Gentryaren igoera

XVII. MENDEAN GERTATU ZIREN BI IRAULTZEK BURGESIA KAPITALISTAREN GARAIPENA EKARRI ZUTENIngalaterrako lehen iraultzak oinarri soziala izan zuen, bi gizatalderen arteko gatazka izan zen: batetik aristokrata gehienak zeuden, eta bestetik, berriz, gentrya. Gentrya ere bi ataletan zegoen banatuta: gentry tradizionala zegoen, batetik, nekazari inguruneetan, laboreetatik ateratzen zutenetik bizi zena eta oso puritanoa; eta gentry modernoago bat, bestetik, burgesiaren hurbilekoa.

Gentryarentzat onuragarri gertatu ziren komentuetako ondasunen desamortizazioa eta zeregin publikoetarako sarbidea, eta haiek osatu zuten herrialdearen oinarria, zerga handiei aurre eginez. Aginpide ekonomikoa eskuratu zuten, eta horrek politika eta ekonomia alorretako erabakien gaineko kontrol handiagoa eman ziezaien nahi zuten.

Aristokratek eta elizgizonek, aitzitik, gero eta eskumen txikiagoa zuten. Erregetzaren diru beharra zela eta, tituluak saltzen eta erosten hasi ziren eta nobleziaren izpirituak lur jo zuen horren ondorioz.

1688. urteko iraultzak burgesia kapitalistaren, Londresko merkatarien eta nekazaritza kapitalismoari esker burges bihurturiko aitoren seme nekazarien garaipena ekarri zuen.

 

Monarkia eta parlamentua

XVII. MENDEAN ABSOLUTISMOA EZARTZEKO AHALEGINAK EGIN ZITUZTEN ESTUARDOTARREK, BAINA EZ ZUTEN LORTUElisabet I.ak, Tudor etxeko azken agintariak, absolutismoa zabaldu zuen alor guztietara.

Bere kabuz aritu zen gobernuan, Kontseilu Pribatu baten laguntzarekin soilik, eta parlamentua bildu gabe ia.

Dinastia berriaren garaian, Estuardo dinastiaren garaian, parlamentuan noble zaharrak biltzen ziren batez ere, lurrari loturiko nobleak, eta orobat, noble berriak ere, negozioei loturiko noble berriak. Parlamentu hartan, burgesiak ez zuen behar bezalako ordezkaritzarik eta garrantzi handia ematen zitzaion gentryari.

Erregeak monarkia absolutua lortu nahi zuen; monarkia eredu hori bat zetorren antzinako zerga salbuespenekin eta askatasunekin.

Eta komunek, erregeari egiten zizkioten eraso gogorrenen ondoren ere, errege eskubideak berresten zituzten beti.

Absolutismoa ezartzeko lau alorretan egin ziren berrikuntzak batez ere: justizia, finantzak, gudarostea eta diplomazia. Parlamentua zerga bilketarako bakarrik biltzen zen, eta parlamentua biltzeko beharrik ez izatearren tasa berriak ezartzeko erabakia hartu zuen erregeak, ereintza eta itxituren gaineko tasak («enclosures») eta merkataritzaren gainekoak («Ship Money») hain zuzen ere, gentyak eta burgesiak ordaindu beharrekoak; monopolio eknomikoan oinarrituriko politika horrek negozioei eragozpenak jartzen zizkien. Bestalde, Karlos I.aren garaian gudaroste iraunkorra osatu zen, Irlandako gudariez osatua ia erabat. Frantzia eta Espainiarekiko hurbilketak haserrea piztu zuen, estatu katolitikoak baitziren biak ere.

1660. urteaz gero, Karlos II.ak parlamentuarekiko begirune handiagoa izan zuen.

Parlamentuan bi joera bereizi ziren orduan, liberala bata, «whig» alderdiarena, eta kontserbadorea bestea, «tory» alderdiarena. Baina Jakobo II.ak Karlos I.aren politikaren bidea hartu zuen berriro: eskumenaren inguruko tirabirak izan zituen parlamentuarekin, aliantza osatu zuen Luis XIV.arekin eta begirunez jokatu zuen katolikoekin.

 

Erlijio batasuna

PRESBITERIANISMOAK INDAR HARTZEA ANGLIKANISMOA SENDOTZEKO POLITIKAREN OZTOPO IZAN ZENErlijio gerrek indarkeria sortu zuten Europako hainbat lurraldetan; Ingalaterran gatazka politikoaren tankera hartu zuten erlijio gorabeherek. Elizak lotura estua zuen estatuarekin, izan ere erregea zen eliza ofizialaren burua, eliz hierarkiaren agintari gorena. Aginpide politikoaren absolutizazioarekin batera erlijioak eta ideologiak batzeko ahalegina egin zen.

Estuardotarrek arazo larria izan zuten Eskoziarekin. Eskozian Ingalaterrakoa baino askoz ere sakonagoa izan zen erreforma; izan ere, eliztar taldeen («presbiterioak») inguruan eratu ziren elizak, eta talde horiek aukeratzen zituzten gurtza ministroak, antolamendu presbiterianoaren arabera, eta ez zituzten onartzen ez egitura hierarkiko eta autoritarioak, ez santuen gurtza, ez ospakizun arranditsuak eta ezta bibliaren interpretazio ez literalak ere. Presbiterianismoa Eskozian ez ezik, Ingalaterran ere zabaldu zen, puritanismo izenaz.

Canterburyko Laud artzapezpikuaren garaian, erregeak anglikanismoa ezartzeko ahalegina egin zuen. Kleroan hainbat aldeketa egin ziren, katolizismoaren eragina nagusitu zen elizako erritoetan eta eskoziarrak Prayer Book erabiltzera behartzen ahalegindu ziren. Puritanoen kontrako erasoak izan ziren larrienak; puritanoek Holandara eta Ipar Ameriketako Atlantiko aldeko kostaldera ihes hasi ziren 1620an, eta erregearen aginpidearen kontrako talde indartsua osatu zuten.

Jakobo II.ak «Indulgentzia agiria» eman zuen (1687) eta ingelesen haserrea piztu zuen berriro horrela. Erlijioaren alorreanEskoziaren integrazioa bideratzeko, erlijio bizitza katolikotasunean oinarritzen eta aita santuaren aldekoei mesedeak eta begirunea lortzenahalegindu zen.

 

Kulturaren eta zientziaren bilakaera

ZIENTZIEN BILAKAERAK JARRI ZITUEN INGELES INPERIOAREN ZABALKUNDERAKO ETA INDUSTRIA IRAULTZARAKO OINARRIAKKulturak eta zientziek oso aurrera egin zuten garai hartan Ingalaterran. Maila goreneko eliteak zituen herrialde hark, prestakuntza bikaineko eliteak, unibertsitate eta zuzenbide eskoletan ikasiak («Inns of Court»). Poesiak, literaturak eta antzerkiak arrakasta handia izan zuten 1580-1640 bitartean; aipagarriak izan ziren, besteak beste, Shakespeare, Spencer, Sidney, Marlowe.

Zientzietan, geografiak, kosmografiak eta, batez ere, matematikek, oparoaldia izan zuten. Londres finantza zentro handia baitzen, zentro haren inguruan sorturiko konpainia handiek matematiketako ikastaroak sortu eta ordaindu zituzten. Orduan sortu zen Royal Society of London elkartea (1622); haren baitanbildu zen jakintsu taldeak (Francis Bacon, William Harvey, Isaac Newton) XVII. mendeko zientzia irauli zuen.

Teorian egin ziren berrikuntza handi haiek izan zuten eraginik praktikan eta teknikaren alorrean ere. Itsasketako teknikak hobetu ziren eta Ingalaterraren itsas ontzidiaren nagusitasuna ekarri zuen horrek, Gaztelari, lehenik, eta Holanda eta Frantziari, ondoren,aurrea harturik. Ingelesek berrikuntza asko egin zituzten, halaber, mea ustiakuntzan eta haiek izan ziren harrikatza lehenengo ustiatu zutenak. Horrek guztiak abantaila handia ekarri zien gainerako herrialdeen aurrean industriari dagokionez, eta XVIII. mendeko industria iraultzaren oinarriak finkatu zituen.