Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Aro berria

Zientzia eta pentsamendua (XVI-XVII. mendeak)

Niccolò Machiavelli.<br><br>

Filosofia modernoaren definizio bat ematearren, filosofia modernoa subjektuaren filosofia dela esan daiteke, oro har, errealitatean (izan Izakia, greziar tradizioan, edo Jainkoa, tradizio judu-kristauean) oinarritua zen antzinako filosofiatik bereizteko. Antzin aroan errealitateak zuen lehentasuna; subjektuak bigarren mailako zeregina zuen, ez zen oinarrizko osagaia. Filosofia modernoan, aitzitik, subjektua da protagonista, eta horixe da, hain zuzen ere, filosofia honen ekarpen nagusia: gogoeta egiten duen subjektuaren garrantzia azpimarratu izana hain zuzen.

 

Geozentrismoaren hondamena eta fisika berriaren sorrera

ALDE BATERA UTZI ZEN LURRA UNIBERTSOAREN ZENTROA ZELA ZIOEN IDEIA. LURRA EGUZKIAREN INGURUAN BIRATZEN ARI DEN PLANETA BAT BAINO EZ DELA ESATEN DA ORAIN.Zientziak filosofiaren nagusitasunean eta tradizioan babestuta egon ziren, eta aurreramendurik apenas izan zuten azken mila urteetan; horrenbestez, unibertsoaren irudi aristoteliko-ptolemaikoa zegoen oraindik indarrean. Ikuspegi tradiziozko horren arabera, Lurra ez zen higitzen eta unibertsoaren erdian zegoen kokatua, halako eran non argizagiak txertatuta zituzten esferek Lurraren inguruan biratzen baitzuten, mugimendu biribil perfektu batean. Unibertso itxi, finitua zen, beraz; Zerua, «goian» kokatua, zen ordenaren eta armoniaren gunea, eta Lurra, «behean» kokatua, «Ilargipeko esfera» –Aristotelesek zioen bezala–, zen zoriaren eta ordenarik gabeko mugimenduaren gunea.

Kopernikok (1473-1543) Lurra Eguzkiaren inguruan mugitzen zela aurkitu zuen, ordea, eta aurkikuntza horrekin kosmosaren ikuspegi berri bat finkatu zuen astronomian: Lurra zeruko gainerako gorputzen maila berean dago, ez da «zentroa». Keplerrek (1571-1630) sakondu egin zuen Kopernikoren aurkikuntza hura, eta planeten artean erakarpen indar bat bazela esan zuen.

Galileok (1564-1642), azkenik, inertzia printzipioa adierazi zuen. Izadia ikertzeko modu berri bati hasi zen horrela, behaketa eta esperienzia soilik harturik aintzat, eta filosofiaren itzaletik «askatu» zen lehenengo zientzia finkatu zuen horrela, fisika hain zuzen ere. Fisikaren xedea mugimendua (planetek Eguzkiaren inguruan egiten duten mugimendu eliptikoa, gorputzak goitik behera erortzean egiten duten mugimendua, edo Lurrean aurrerantz jaurtitako gauzaki baten mugimendu parabolikoa) azaltzen duten legeen adierazpen matematikoa lortzea da. Horretarako neurri jakina duten eta mugitzen edo atsedenean dauden (hau da zientzia berria ezugarritzen duen ikuspegi mekanizista, lehenagoko ikuspegi organizista, animista edo magikoari kontrajarria) atalez osaturiko tresna gisa (erloju bat adibidez) hartzen du errealitatea. Newtonek (1642-1727), metodo esperimental berriaren bidez eta eredu mekanizista horretan oinarriturik, baina tradizio alkimikoko zenbait ideia ere baliatuta, «Grabitazio Unibertsalaren» legean bildu zituen ezaguera berriak, bai argizagien mugimendua eta bai Lurraren eremuan gorputzen erorketarena azaltzen dituen lege batean hain zuzen ere (lege hori ez da betetzen atomo barruko zatikien kasuan, XX. mendearen hasieran Einsteinen erlatibitatearen teoriak azaldu nahi izan zuen bezala).

 

Pentsamendu politikoa; Machiavelli, More, Bodino eta Hobbes

TEORIA POLITIKO MODERNOA PRINTZIPIO TEOKRATIKOA, ALEGIA ERREGEAREN AGINPIDE POLITIKOA JAINKOZKO AGINPIDEA DELA ZIOEN PRINTZIPIOA, ZALANTZAN JARRI ZENEAN SORTU ZEN.Unibertsoaren irudi geozentrikoaren ordez Kopernikok azaldu zuen sistema kosmologikoarena nagusitu zen, esan bezala, eta horrekin «goiko» munduaren (Zerua) eta «beheko» munduaren (Lurra) arteko bereizketa desagertu zen, bistan gelditu baitzen lege unibertsal berberak betetzen dituztela bi-biek. Ez dago pribilejiozko gunerik unibertsoan: «goian» eta «behean» kontzeptuakkontzeptu erlatiboak dira. Eta politikaren alorrean ere antzeko aldaketa bat ari zen gertatzen: ordena feudala eta hierarkia sistema kolokan zeuden. Munduaren grabitate zentroa, politikaren alorrean, lekuz aldatzen ari zen, eta ordu arte ezagutu ez ziren indar batzuk ari ziren agertzen.

N. Machiavelli (1469-1527) Florentziako Estatu Idazkaria izan zen, eta horrenbestez, ongi asko ezagutu zituen Italiako printzerri berriak, bereziki Cesar Borgiak burututako lana. Machiavellik mugimendu eta joera politikoak aztertu zituen, Galileok handik mende batera gorputzek erortzean egiten duten mugimendua ikertu zuen era beretsuan.

Bere esperientzia politikoan oinarritu zen eta alde batera utzi zuen printzipio teokratikoa, boterearen jainkozkotasunari buruzkoa, nahiz eta Erdi Aroan ontzat ematen zen, oro har, printzipio hori. Aginpide politiko eraginkorrak, haren garaian bideratzen zen moduan, ez zuen, Machiavelliren ustez, inongo jainkozkotasunen arrastorik.

Erlijioa ez zen gizarte bizitzaren oinarria, borroka politikorako tresna hutsa baizik.

Machiavelliren kezka, ordea, ez zen izan bidezko gobernuak nolakoa beharko lukeen izan aztertzea. Gobernuek boterea eskuratzeko eta ez galtzeko erabiltzen dituzten teknikak izan zituen aztergai.

Machiavelliren garai beretsuan, baina haren errealismo zorrotz horren aurrez aurre, Utopia (1480-1535) obra idatzi zuen T.

Morek; lan horretan gizarte ideal batendeskribapena egiten du Morek, arrazoi zintzoa eta izadiaren funtsezko legeak oinarri zituen gizarte baten deskribapena hain zuzen.

Utopian (grekeratik ou=ez eta topos=tokia; inon ez dagoena) ez dago jabego pribaturik, erlijio gurtza guztiak onartzen dira, lanak ez dakar suntsipenik, sei ordukoa da lan eguna, ekoizpenera bideratuak ez baina atsegingarriak diren beste jarduera batzuk egiteko denbora edukitzearren… Irudizko gizarte hori ez zetorren bat inongo errealitate historikoekin.

Elkarri kontrajarrita zeuden bi ikuspegi horien artean, hau da Machiavelliren errealismo zorrotzaren eta Moreren idealismo utopikoaren artean, Bodin (1530-1596) zegoen.

Bodinek erregetzaren dotrina bat osatu zuen, boterea erregearen esku zegoela zioena, baina orobat esaten zuena botere hori ezin zuela erregeak tirano baten modura erabili, ezta Machiavellik deskribatu zituen metodoen arabera ere; erregeak gizarteko kideen batasuna bermatzeko erabili behar zuen bere boterea, arau etikoak, izadiaren legeak eta jainkoaren legeak begiratuz betiere. Eta zalantzarik gabe, Estatua egitura artifiziala da, gizakiek sortua, ez Jainkoak emana.

Hobbesek (1588-1679) kontratu moduan azaldu zuen artifizialtasun hori. Hobbesek uste zuen, Aristotelek ez bezala, gizakia ez dela berez izaki soziala, izaki berekoia baizik, bere beharrak asetzea beste kezkarik ez duena berez. Horren arabera, berezko edo jatorrizko egoera guztiek guztien kontra gerran diharduten egoera bat litzateke. Egoera horretatik ateratzeko irtenbide bakarra gizarte hitzarmen bat egitea da, gizabanako guztiek beren «berezko askatasunari» uko egin eta aginpide guztia biltzen duen errege baten mende jartzea alegia. Erregea hitzarmen horretatik kanpo gelditzen da, ordea, bera baita berezko eskubideak gorde ditzakeen bakarra, eta bera da, halaber, bake bidezko elkarbizitza, «berezko legeak» –hau da autokontserbazioaren sena betetzera bideraturiko berekoikeria arrazionalizatzea– betearazten dituena, helburu hori lortzeko edozein bide erabiltzea zilegi duela. Teoria horrek azaltzen du erlijio gerren garaian Europak bizi zuen egoeratik abiatuta estatu absolutista nola sortu zen.

 

Filosofia arrazionalista; Descartes eta «cogito»

DESCARTES FILOSOFOAK FISIKAN IZADIAREN EZAGUERAREN INGURUAN IZAN ZENAREN MAILAKO IRAULTZA BAT BIDERATU ZUEN.Izadiaren ezaguerak lorturiko arrakastaren liluran, Kopernikok eta Galileok fisikarenalorrean egin zutenaren neurriko berrikuntza bat egin nahi izan zuen Descartesek (1596-1650) filosofian ere. Horretarako esperientziaz eta kontzientziaz kanpoko eragile guztiak bazter utzi behar ziren (antzinako eta Erdi Aroko filosofoen eta teologoen esanak barne, edo zentzu komunaren eta zentzuen lekukotasunak barne), eta printzipio edo oinarri berri bat bilatu behar zen, filosofia berria zimendu sendoen gainean eraikitzeko. Bilatze horrek «gogoeta esperientzia» handia eskatzen du, ahal bezain zalantza erradikala metodikoki proposatu eta azken ondorioerataraino eramatean datzan esperimentua, hain zuzen, horrela lortuko delakoan ziurtasun zalantzarik gabe eta sendoena; filosofia guztia berrantolatzeko –eta zientzia horretan beste guztiak oinarritzeko– aukera emango duen printzipio berri bat, hain zuzen.

Abentura filosofiko horretan, zalantzan jar daitezkeen egia guztiez gabetzen da Descartes, era aski behartuan bada ere: zalantzan jartzen du tradizioa, ohiturak, zentzu komuna, zentzuen lekukotasuna egiazkoak ote diren, eta horrela, zalantza egiten du munduaren beraren eta bere gorputzaren existentziaz ere. Matematiken egiatasuna ere zalantzan jar daiteke horren arabera, baina horretarako mutur-muturreko hipotesi bat eman behar da: gu engainatu nahian dabilen jeinu gaizto bat ote den hipotesia, jainko gaizto bat delakoa, alegia.

Baina eszeptikoa ia etsipenera eraman zuen infernu hartan, beste egia bat aurkitu zuen filosofoak: «bada pentsamendua». Zalantzakinguruko guztia baztertu duenean, bada zerbait zalantza horri gaina hartzen diona: zalantza egiten ari naizelarik ere, ezin dut zalantzarik izan gogoaren jarduera bat badela, gogoeta badela. Antzinako filosofia, kanpo errealitatearen behaketan murgilduta zegoenez (Izaki edo Jainko gisa tematizaturik errealitatea), apenas kezkatu zen Descartesek agerian utzi zuen subjektuaren gogoaren jarduera horretaz, filosofia modernoaren muina izango den gertaera horretaz alegia. Gogoeta egiten duen subjektua (hau da arrazoitzen, sentitzen, desiratzen, etab.. uena) izaki aktiboa da, izaki ekoizlea: irudiak, kontzeptuak, ideiak… sortzen ditu. Eta gure gogoaren ekoizpen horien existentzia ezin da zalantzan jarri (horrela, norbaitek ispilatze bat duenean ez dago zalantzarik bere gogoan oasi bat badela; galdetu behar dena da ea irudi horri dagokion gogoaz kanpoko errealitaterik baden, alegia basamortuan irudi horri dagokion errealitaterik baden).

Filosofia modernoak horrela ekin zion subjektibitatearen, niaren, kontzientziaren eta gizabanakoaren askatasunaren goratzarrearen bideari, goratzarre horretan kanpo errealitate, errealitate material edo mekanikoaren (res extensa) eta izpirituaren, gogoaren, pentsamenduaren errealitaearen (res cogitans) artean erro-errotiko bereizketa eginez. Subjektibitate hori da, hain zuzen ere, pentsamendu modernoaren oinarrietako bat.