Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Antzin Aroa

Antzinako Egipto: bateratzetik Inperio Berrira

Nekazariak hilobi bateko irudietan. Nekazaritza zen Egiptoko ekonomiaren oinarria.<br><br>

Egipto izan zen historiako lehenengo estatua; K.a. 3.100 urtean sortu zen, Goi Egiptoko (Hierakonpolis, Nagada eta Abidos) eta delta inguruko hainbat printzerri gobernu bakar baten pean bateratu zirenean. Lehenengo idazkunetan garbi ikusten da erregeak interes handia zuela baserri handiak herrialde osoan barrena hedatzeko (hut-aat); baserri horietan nekazariek gatibu lanetan aritu behar zuten, eta hango mozkinei esker eraiki ahal izan ziren garai hartako monumentu ezagunenak: piramideak. Egiptoko historiaren aldi horrek (Inperio Zaharra: K.a. 2650tik 2250ra) burokraziaren gehitze etengabea du ezaugarri nagusia, bai orobat probintzietako baliabideak gero eta gehiago ustiatzea, eta faraoiaren aginpidea ideologiaren aldetik zuritzeko tresnak landu izana (adibidez, Piramideetako testuak). Hala ere, nekazariak hainbeste estutu zituzten, non pobretu egin baitziren eta haiekin batera, zergak ezin kobraturik, monarkiak berak ere lur jo baitzuen, desegin egin baitzen eta haren ordez krisialdi hartan printzerri txiki ugari sortu baitzen hegoaldeko probintzietan, eta erresuma ahul bat, berriz, iparraldean, hiriburu Herakleopolis zuena, eta tokian tokiko jauntxo erdi independenteen (Siut, Moalla) laguntzari esker iraun ahal izan zuena.Hegoaldean, bitartean, Tebaseko printzeak borrokan hasi ziren haien auzoekin, eta inguruko lurraldeak konkistatzen saiatu ziren; azkenerako herrialdea bateratu eta Menfis aldean kokatu zuten hiriburua. Gero administrazioa eta ekonomia berrantolatu zuten, eta beste lurralde batzuk konkistatzen hasi ziren, batez ere Nubian (gaur egungo Sudan iparraldean) eta Palestinan. Barrualdean, faraoiek probintzietako nobleak ekarri zituzten gortea eta estatua administratzera, haien autonomia nahiak indargabetzeko.

Baina erreinu haren ekonomiak nekazarien zapalketan zeukan oinarria, estatuak zeregin handietarako erabiltzen baitzituen nekazariak –harrobietan edo ekinaldi militarretan–, edo gatibu lanetarako eremuetan (jeneret) lan egitera behartzen baitzituzten bestela.

Nekazaritzarako lur eremuak zabaltzenere saiatu ziren, Niloko urak ubideen bidez bideratuz, eta luberriak eginez Deltan eta El Fayum-eko eremuan. Luzarora, gorte gizonen arteko liskarrek eta biztanleak gehiegi estutu izanak estatuaren krisia ekarri zuten Erdiko Inperioaren bukaeran: faraoiak Menfisetik joan ziren eta Tebasen hartu zuten bizilekua, dinastiak han baitzuen sorlekua eta toki segurua baitzen haientzat. Bitartean, iparraldean sortu zen hutsune politikoaz baliaturik, tokian tokiko erregeak nagusitu ziren Deltan, eta Asiako herri batzuek sarraldiak egin zituzten; erreinu bat sortu zuten azkenerako (hiksoak); haien mende jarri zituzten hegoaldeko Tebasko erregeak, eta harreman diplomatiko asko izan zituzten Sudango Kerma erreinu indar hartzen hasiarekin, Siriarekin eta Palestinarekin. Baina handik gutxira, egiptoarrak Tebasko errege dinastia eraginhandiko baten gidaritzapean hiksoen mendetasunetik askatu ziren, Niloko harana menderatu zuten, eta estatu indartsu bat sortu zuten, Egiptoko historiako aldi berri bati hasiera emanez: Inperio Berria (1580-1100 K.a.).

 

Administrazioa Egipton Inperio Zaharrean: Balateko adibidea

Dajla oasiko herri bat da Balat, Niloko haranaren mendebalean. Frantsesek eginiko indusketetan hainbat gobernadoreren hilobiak aurkitu zituzten oasi horretan; estrategiaren aldetik garrantzi handikoa zen, Egipto, Sudan eta mendebaleko basamortua lotzen zituzten bide askoren bidegurutzea baitzen, eta Egiptotik hurbil zebiltzan herri nomadak zelatatzen baitzituzten handik egiptoarrek. 1980 inguruan gobernadoreen egoitzan egin ziren indusketetan buztinezko hainbat taula aurkitu zituzten, eta han idatzita zeuden oharretan Inperio Zaharreko probintzia-enklabe batean Egiptoko administrazioak zituen zereginak eta jarduerak zeuden adierazita. Batetik, estatuarentzat lan egin zezaten inguruko herrietan indarrez biltzen zituzten langileen zerrenda zegoen taula horietan. Bestetik, baziren gutun batzuk ere, gobernu zentralaren aginduak probintzietara ekartzen zituzten goi mailako funtzionarioen edo mezularien etorreraren berri ematen zutenak. Azkenik, testu horien bidez garbi ikusten da heqa-k edo faraoiaren ordezkariak oasian bizi zen giza taldearen gainean erabateko kontrola zeukala.

Gobernadorearen jauregiaren inguruan kapera batzuen aztarnak agertu ziren, eta idazkun bat ere bai, non erregeak Balateko gobernadoreei faraoien aginduak arretaz betetzeagatik sari gisa egin behar zitzaizkien hil ondoko eskaintzak arautzen baitzituen.

Baina sute handi batek jauregi hura eta kapera haiek suntsitu zituen Inperio Zaharraren bukaeran, eta hala bukatu zen Niloko haraneko zibilizazioarekin zituen loturak inoiz galdu gabe basamortuko bazter hartan bizi izan zen giza talde jori hura.

 

Erregearen aginpidearen krisia eta probintzietako familien goraldia: Shemai Koptoskoa

Egiptoko hegoaldeko Koptoseko probintzian dokumentu asko aurkitu dira, eta haien bidez Inperio Zaharraren bukaeran probintziako familia batek izan zuen goraldiaren berri jakin daiteke. Idazkun batzuetan handiki bat aipatzen da, Shemai, Kairoren eta Egiptok eta Sudanek gaur egun mugaduten lekuaren arteko lurralde guztietako agintaria. Shemaik bere semeen esku utzi nahi zuen bere aginpide handia. Haietako batek, Idik, Egiptoko hegoaldeko hainbat probintzia izan zituen bere mende, aita bizi zuelarik, eta geroztikako testu batean harrotasunez aipatzen du bere aitzindari goresgarriaren omenez eraiki zuen kapera, bai hango apaindura aberatsak ere. Shemairen beste ondorengo batez printzesa zela esaten da, beraz, loturarik izan behar zuen erregearen familiarekin. Azken batean, dokumentu horiek eta beste batzuek argitara ekartzen dute zertan zen erregearen aginpidearen oinarria: probintzietako jauntxo esku handikoekin elkar hartzea, eta lotura hori ezkontza bidez indartzea. Nolanahi ere, Shemairen familiaren aginpideak ez zuen, ustez, askorik iraun. Handik gutxira, Koptos probintzia haren mugakide Tebasen luzakin hutsa baizik ez zen bihurtu, eta hango agintariak Koptosekoak baino handizaleagoak izan ziren, borrokan hasi baitziren faraoien kontra, beren buruak faraoi izendatu zituzten arte.

 

Kanpoaldearekiko harremanak

Lekukotasun gutxi iritsi da egundaino Egiptok bere auzo afrikar edo asiarrekin garai hartan izan zituen harremanei buruz.

Inperio Zaharreko funtzionario batzuek aipatzen dituzte zer nolako abentura arriskutsuak izan zituzten karabanen buruzagi gisa Afrikaren bihotzera bidali zituztenean balio handiko gaien bila: bolia, larru baliotsuak, mea bitxiak edo landare usaintsuak.

Espedizio haiek joatekoak ziren eskualdeetako buruzagien laguntza izaten zuten, baina hala eta guztiz ere ustez laguntzaile zituzten haiek erasoa jo eta espediziokoak hiltzen zituzten batzuetan.

Asuango Sabniren biografian aipatzen den bezala. Arrisku horiei aurre egiteko, egiptoarrak berehala baliatu ziren magiaz. Horretarako estatua txiki batzuk egiten zituzten atzerritar bat eskuak sokaz lotuta irudikaturik, eta atzerriko herri batzuen eta hango buruzagien izenak idazten zituzten han. Aztikeriak egiten zituzten gero gerta ziezaiekeen edozein kaltetik begiratzeko espedizioan bidalitako buruzagiak. Baina naturaz gaindiko metodo horiez gainera, gudarostea zuten egiptoar agintariek beren berme nagusia: soldadu talde txiki ibiltarien eta gotorleku sare baten bidez egiptoarrek Sudango iparraldea kontrolatzen zuten; Erdiko Inperioko idazkunek, berriz, Palestinara eginiko sarraldi eta gudaldi latzak eta han lortutako harrapakina aipatzen dute. Hori guztia zela eta, faraoia etsai - ak menderatzen zituen errege garaile gisa irudikatzen zuten tenpluetan.

 

Ilahuneko papiroak eta Erdiko Inperioko gizartea

Ilahun du izena Erdiko Inperioko faraoiek piramideak eraiki zituzten lekua. Monumentu horien inguruan jainkoen gurtzaren ardura zuten pertsonen bizilekuak egin ziren, eta maila jakin bateko zerbitzarienak orobat (apaizak, administratzaileak, langileak, etab.), eta era berean han zeuden kokatuta faraoien administrazioaren bulegoak ere. XIX. mendearen bukaeraz geroztik dokumentu kopuru munta handiko bat berreskuratu ahal izan da, Erdiko Inperioko administrazioaren eta gortearen alderdi askoren berri emanez: erregearen omenezko eresiak, langileen erroldak, apaizek tenpluetan zituzten zerbitzuen txanden zerrendak, faraoiek Ilahunen zituen ordezkariei bidalitako dekretuak, etab. Dokumentazio aberats horrek garai hartako xehetasun asko jakiteko bidea ematen du: erregearen ofizial baten etxea nola zegoen antolatua, erresumako handikientzat nahitaez lan egin behar zuten langileak nongoak ziren eta nora joan behar izaten zuten lanera, erresumako lurrak eta artaldeak nola kudeatzen ziren, etab. Argibide ugari ematen dute orobat tenpluetan gorde ziren testuek, hala gutxi gorabehera jakin ahal baitaiteke liburutegiak nola zeuden antolatuta. Liburutegietan liturgia testuak eta era askotako errituetakoak, aztikeriak, medikuntzako papiroak, etab. gordetzen ziren. Azken batean, Ilahuneko papiroak iturri ezin hobeak dira Kristo aurreko II. milaldiaren hasieran egiptoarren eguneroko bizitza nolakoa zen jakiteko.