Departamento de Cultura y Política Lingüística

Gizarte jakintza»Gizarte gaiak

Ekonomia eta ekologia

Jarduera ekonomikoa gizakiok gizartearen oinarri materialen iraupena ziurtatzeko egiten ditugun prozesuen multzoa da.

Beraz, ez da hutsetik abiatzen, hein handi batean, sostengua ematen dion izadi ingurunearen mendean baitago. Munduko osagai guztien artean dagoen elkar mendekotza kontuan hartzen badugu, esan daiteke biosfera osoaren mende dagoela.

Atzera begiratuz gero, mundua mundu denetik atera daiteke ingurumen arazoen eta gizartearen ekoizpenaren arteko erlazioaren aztarna. Alabaina, azken hamarraldietan hasi gara galderak egiten eta erantzuten giza jardueren eta izadi ingurunearen arteko loturari buruz, baita konponbideei buruz ere, konponbideek eskatzen dituzten tresnen gaineko kezka alboratu gabe.

Hirurogeiko eta hirurogeita hamarreko hamarraldietan kezken interesgunea gai mugatu batzuek eta baliabide berriztaezinek eman zuten (batez ere petrolioaren eratorriek); laurogeiko eta laurogeita hamarreko hamarraldietan, berriz, planetako ingurumenaren desorekak izan dira arrangurarik hedatuenak, besteak beste, ozono-geruzaren arazoa, eta, neurri apalago batean, baliabide berriztagarriak.

Jakina, ez gara gertakari isolatuez ari, eta aipatu ditugun arazoak ez dira aurrerapenaren kostu jasangarriak; aitzitik, gure sistema ekonomikoaren ezinbesteko ondorioak dira, eten gabe hazteko premia baitu, ahalik eta mozkinik handiena bilatzeko gogoak sustaturik.

Ondoko koadroan ikus daitezke gaur egungo sistema ekonomikoak eragindako arazorik handienetariko batzuk.

Jarduera suntsitzaile hauen azpian ohiko ekonomia ortodoxoa dago, naturari bizkar eman, eta oreka ekologikoa bermatu beharrari kasu gutxi egiten diela.

 

Ekonomia ortodoxoa eta ekologia

Ekonomia ortodoxoak –ez da alferrik neoklasizismoaren barruan sartzen– (ikus Pentsamendu Neoklasikoa) oinarri hauek ditu:• Merkatuak baliabideak eraginkortasunez banatzen ditu.

• Hazkunde ekonomikoa eta ongizatea bat eta bera dira; barne-produktu gordina (BPG), errenta etab. dira ongizatearen adierazleak (ikus Kontabilitate Nazionala).

• Hazkunde ekonomiko etengabea beharrezkoa eta egingarria da.

Neoklasikoen iritziz, merkatuak erabakitzen ditu kostu errealak (prezioak) eta, halaber, baliabideak eraginkortasunez banatzen ditu, eskari-eskaintza jokoaren bidez. Gainera, gizartearen beharrei erantzuten die, enpresariak herritarren gogoa betetzeko gertu egoten baitira beti.

Neoklasikoen merkatuari begiratzeko era idiliko hau oso kritikatua izan da. Ekonomilari askoren irudiko, munduan ez dago benetako merkatu askerik, monopolioak, oligopolioak (ikus Merkatua), enpresen arteko akordioak, gobernuen araudiak... hortxe baitaude.

Beste batzuen hizpidea da merkatuak jarduera ekonomikoak eskuarki eragiten dituen kostu batzuk ez dituela erakusten, kasurako, kutsadura eta baliabideen agortzea.

Bestalde, ez da egia gizartearen beharrak eraginkortasunez asetzen dituenik, oso bestera, ordaintzeko lain duten pertsonena asebetetzen du soilik. Merkatuari, jakina, berdin zaizkio bizi-premiak eta bestelakoak.

Pentsamendu neoklasikoan, balioren bat duten eta trukatzeko gai diren gauzakiez arduratzen da ekonomia, beraz, izadi baliabideak ez ditu aintzat hartzen, non eta merkatuan sartzen ez diren, baina horretarako beharrezkoa da balioa ematea eta truke gai bihurtzea.

Ingurumena, aldiz, ekonomia ortodoxoaren truke balioetatik at egon da beti, ondasun askea baita.

Bestalde, kapitalismoaren sistema ahalik eta mozkinik handiena lortzean oinarritzen denez (ikus Ekoizpena), ezinbestekoa zaio etengabe haztea eta hedatzea.

Horren parean, ingurumen arazoak ugaltzearekin batera, ingurumen araudiak ere bizkor hazi dira, halako moduan non Europako Batasunak 20 urtetan 200 lege baino gehiago ezarri dituen. Horrek frogatzen du,neurri batean bada ere, merkatu askea ingurumen arazoak konpontzeko gai ez izateaz gainera, bera dela eragile nagusietako bat.

Horiek horrela, esan dezakegu ekologiak ikuspegi zabalagoa duela baliabideen izaera, mota eta kopuruari buruz, baliabideak berriztagarriak nahiz berriztaezinak izan, zeren biosfera osatzen dugun giza sistemak eta sistema ekonomiko guztiak baititu gogoan.

Bestalde, ekologiak ekosistemak aztertzerakoan banakoen jaiotza eta heriotza katearen segidari begiratzen dio, hots, ekosistemetako espezie banakoen sortze-hiltzeari.

Ekologiak erakusten digunez, izadi baliabideak ez ditugu isolaturik hartzen, funtsean ekosistemez baliatzen garelako. Ondorioz, ekosistemen bilakaera bat gertatzen da, bestela esanda, elkarmendekotasuna dago ekosistemen eta sistema sozio-ekonomikoaren artean. Horrexegatik da beharrezkoa bata eta bestea elkarri egokitzea. Izan ere, sistema sozio ekonomikoak sistema ekologikoak aldatu ahala, lehenengoak bere burua egokitu behar du bigarrenetan eragindako aldaketetara moldatzeko.

Gisa horretara, ekologiak, zabal harturik, izadi sistemen egitura eta funtzioa aztertzen ditu, eta horrela gakoa ematen digu gizakioi izadi inguruneko osagaiak gure beharrak asetzeko nola erabili ulertzeko, bide batez, geroko belaunaldien eskueran egoteko aukera ere izan daitezen.

Nolanahi ere den, ekonomia ortodoxoak uste du egungo gizartearen onurak giza jardueratik datozela soilik, eta aurrerapena zientzia, teknologia eta industria aurrerapen gisa neurtzen dela. Ikuspegi hori dela kausa, errentak bestek ez du ematen herri baten aberastasuna. Hala, biosferaren funtzionamendu egokitik atzematen duguna (klimaren egonkortasuna, lurzoruen emankortasuna...) ez da mozkintzat hartzen, eta familien eta gizartearen kohesioa bermatzen duten jokabide integratzaileak ere ez.

Nabari denez, ikuspegi bi ditugu elkarren aurka, bata globalizatzailea, ekologiarena, bestea, murriztailea, ekonomiarena. Horrela ulertzen dugu zergatik izaten diren gorren arteko eztabaidak ekonomilarien eta ekologisten artekoak. Hala da; ekonomilariek truke balioen arlora mugatzen dituzte beren arrazoibideak, ekologistek, ostera, eremu zabalago bat izaten dute gogoan, biosfera eta baliabideak hain zuzen, balioetsiak diren ala ez alde batera utzirik.

 

Ingurumen ekonomia

Ohiko ekonomiaren gabeziak eta hutsuneak ikusita, ikuspegi berri honek egoerari hobeto erantzun nahi dio merkatuak balioesten ez dituen ingurumen osagaiak etafuntzioak merkataritza arloari gaineratuta (edo balioetsita). Kontua, beraz, ekonomian ingurumena sartzea da, eta ez ekonomia ingurumenean, uste baita ohiko ekonomiaren ikuspegiak aurre egin behar diola ekonomiaren eta ekosistemen arteko uztarduraren erronkari.

Ahalegin integratzaile hau aurrera ateratzeko adar berri bat garatu da: Ingurumen Ekonomia (IE). Jakintza honek argi du jarduera ekonomikoak ingurumen kalte nabariak eragiten dituela, eta kalte horiek, merkatuek balioetsi gabeak direnez, sistema ekonomikotik kanpo geratzen direla (“kanpo-eraginak” dira), kontuan hartzeko modukoak izan arren. Hortik ondorioztatzen da balioen unibertsoan sartu behar direla, eta dirutan balioetsi.

Ingurumen Ekonomia paradigma neoklasikoa zuzentzen saiatzen da, eta ondorengo puntu hauek plazaratzen ditu: • Merkatuak, eskuarki, ondo banatzen ditu baliabideak, ingurumenaren kasuan izan ezik; beraz, ingurumeneko kalteak ere balioetsi eta prezioei gaineratu behar zaizkie, merkatua unibertsalki eraginkorra izango bada.

• Hazkunde ekonomikoa eta ongizatea bat eta bera dira, baldin eta ingurumeneko ondasunak funtsezko aldaketarik jasaten ez badu. Horrelakorik gertatuz gero, ingurumeneko ondasunari emandako balioa kendu egin beharko zaie aberastasunaren adierazleei (ongizateari).

• Hazkunde etengabea beharrezkoa eta egingarria da, baina arduratu behar dugu planetaren funtsezko baliabide fisikoak suntsitu ez daitezen.

Ondoren, aipatu gai horiexek landuko ditugu.

 

Kostu ekologikoen balioespena

• Kanpo-eraginen kontzeptua.

Kontzeptu honetan jarduera ekonomikoaren merkatutik kanpoko ondorio guztiak sartzen dira, jarduerak ingurumenean eragiten dituenak barne. Proposatzen denari jarraiki, ingurumen eraginak ekonomiaren barruan sartu behar dira kaltearen neurriko kopurua ordaindurik, horixe izanik zuzentzeko modua.

Kontzeptuaren oinarria da ingurumen eraginak antzemateko modukoak direla.

Zuzeneko eta zeharkako eraginak daude.

Ingurumen Ekonomiaren kontrakoen aburuz, kanpo-eraginak ezin ditu zeharkako ondorio batzuk neurtu, adibidez, gas batzuek eragindako klima aldaketak eta berotegi efektua.

• Etorkizuneko belaunaldien premia ekologikoen balioestea.Merkatuak ez ditu geroko belaunaldien baliabide premiak balioesten, baina baliabide berriztaezin bat kontsumitzen dugunean, gure ondorengoei kentzen diegu eskuetatik.

Ingurumen Ekonomiak denboraren aldagaia ere sartzen du, kostuak kalkulatzerakoan geroko belaunaldien eskariak ere aintzat harturik; izan ere, haien balioa deskontatzen du kontuetatik. Arazoa da egungo ikuspegitik ez zaiela geroko belaunaldiei begiratzen nork bere buruari baizik; ikuspegi indibidualista dugu beraz.

• Ingurumen kostuen kalkulua.

Hiru osagai ditu baliabide berriztaezin baten kostuak: – zuzeneko kostua: lanaren eta makinen kostua.

– kanpo-kostua: jarduera ekonomikoaren kanpo-eragina.

– erabiltzailearen kostua: horrela deritza “urritasun kostuari”, zeren eta baliabide bat erabiltzen badugu, baliabide hori ez dute eskueran izango gerokoek.

Hortaz, kostuak guztira zenbat diren ezagutzeko, hiru kostu horien batuketa egin behar da. Bistan denez, informazio handia behar dugu kalkulu metodo honetaz baliatzeko, jakin behar baita izakinen bolumena zein den, gerora nola bilakatuko diren, eskariak nolako aldaketak izango dituen etab., hau da, normalean falta ohi den informazioa.

 

Ingurumen ekonomiak dituen tresnak eta kontzeptuak

• Kutsatzaile-ordaintzaile printzipioa.

Kutsatzen duenak garbitzeko lanak ordaindu behar ditu. Printzipio hau 1973an azaldu zen Europako Ekonomia Erkidegoan, eta Akta Bakarrean jaso denez, Europar Batasunaren Konstituziokoa da gaur egun.

Ikuspegi desberdinetatik kritikatu dute printzipioa. Batzuek diotenez, etikatik begiratuta, onartezina da bizitzaren alde jakin batzuk merkaturatzea, erosketa irizpideak espezieen iraupenari, paisajeari, gaixotasunei, eta abarri aplikatzen baitzaie.

Bestalde, behar bezala betetzen ez den araua da. Esan nahi baita, nazioartean ez dela behin ere betetzen, ez baitago erasotzailea ordaintzera behartzen duen nazioarteko araurik. Estatu askok auzo estatuetatiko ingurumen erasoak pairatzen dituzten arren, ezin diete ordainarazi, Alemanian eta Norvegian gertatzen den bezala, euri azidoaren kasuan.

• Zerga berdeak.

Zerga ekologikoak helburuei loturik egoten dira. Zerga berdeen bidez eskuraturiko dirua xede jakinetara bideratzen da, eskuarki jarduera zergapetuak eragin dituen kalteak zuzentzera. Norvegiak ongarri nitrogenatuen eta pestiziden gaineko zergabat du, kutsatzen ez duen nekazaritza garatzera bideratzen dutena.

Zerga berdeei egindako kritikak arlo batean baino gehiagotan sartzen dira. Ekonomilari batzuen aburuz, energia kontsumoaren gaineko zergek kalte egiten diete soldata eta errenta errealei eta, orobat, inflazio eta lehiakortasunari.

Beste batzuetan, zerga berdeak, zeharkako zerga guztien antzera, atzerakoiak dira, batik bat errenta txikiagoak dituztenek ordaintzen dituztelako, alegia, diru sarrera gehienak kontsumo gaiak erosteko erabiltzen dituztenek. Era berean, ez dira bidezkoak, zeren kutsatzeko eta baliabide urriak erabiltzeko eskubidea ematen baitie diru gehien dutenei, zergak ordaintzeko ahalmenik handiena dutenei hain justu.

Azkenik, aditu batzuek diotenez, zergek prezioak igoaraziz ez dute jokabide aldaketa oso sakona eragiten, haiekin batera bestelako produktuez eta zerbitzuez baliatzeko aukerarik ematen ez bada. Jendeak ez du garraio publikoa erabiliko, autoa zergapetu arren, garraio horiek kalitate eskasekoak badira.

• Baliabideen kudeaketa.

Ekonomia ortodoxoaren ohiko ikuspegiaren arabera, merkatuko eragileek automatikoki eta eraginkortasunez markatzen dute baliabideen erabilerarik egokiena zein den. Hartara, baliabidea urritu ahala merkatua prezioa igotzen joango denez, eskariak behera egingo du, eta horren ondorioz aukerako baliabideen gaineko ikerkuntza bizkortuko da. Baina Ingurumen Ekonomiak uste du ezin dela erabilerarik egokiena izan baliabide berriztaezina agortzera daramana, kontuan harturik beti egoten dela baliabide urria ugariago batez ordezkatzeko aukera.

Baliabide berriztagarriei dagokienez, gobernuek arautzearen alde egiten dute, erakunde publikoek halakoak bereganatzearen bidez, kuotak ezarriz, zergak txikituz, etab. Hala ere, argi utzi behar da estatuek esku hartzen dutenean, batzuetan, gehiago laguntzen dutela baliabideak alferrik xahutzen erabilera jasangarria bultzatzen baino.

• Kostu-mozkinen azterketa.

Ingurumen Ekonomiak dirutan balioesten ditu ingurumeneko datuak edo onurak, merkatu baliorik izan ez arren, ingurumenari eragiten dioten jardueren mozkinekin edo kostuekin erkatzeagatik. Beraz, kostumozkinen (KM) azterketa da Ingurumen Ekonomiaren oinarria. Baina azterketa mota horrek eragozpenak aurkitzen ditu balorazioak egiterakoan, besteak beste, datu faltagatik.

Dituen gabezia eta mugak gora-behera, kostu-mozkinen azterketa hori justifikatzen dute, esanez gobernuen eginbeharra delaherritarren dirua (funts publikoak) ahalik eta eraginkortasunik handienaz gastatzea.

• Kontabilitate Nazionala (KN).

Kontabilitate hau (ikus Kontabilitate Nazionala) adierazle batzuk lortzeko erabiltzen da, besteak beste, jarduera ekonomikoaren maila, aurrezkia eta inbertsioa.

Era berean, adierazle horiek beste estatu batzuetakoekin erkatzeko ere erabiltzen da.

Adierazle makroekonomiko horiei egiten zaizkien kritiken artean bat da ez dituztela erakusten ingurumenaren narriaduragatik bizitzaren kalitateak dituen galerak, esate baterako, osasuna galtzea, inguruaren edertasuna hondatzea edo baliabideak agortzea.

Nabaria denez, Kontabilitate Nazionalak ez ditu islatzen ingurumenaren funtzio eta baliabideetan gertatzen diren narriadura eta suntsiketa, merkatuko baliorik ez duten neurrian. Baina Ingurumen Ekonomiak egoera ekologikoa Kontabilitate Nazionalean integratzea nahi du, ingurumenaren balioei diru balioa emanez. Nazioen Batasunen Erakundeak Ingurumenari eta Garapenari buruz 1992an (Rio de Janeiro) egin zuen Konferentziak bere 21 Programan espreski baieztatu zuenez, “jasangarritasuna kudeaketa ekonomikoan integratzeko urrats bat ematen ari gara ingurumenaren funtsezko bi funtzioak zehazten ditugunean, bata, izadi kapital gisa betetzen duena eta bestea, giza jardueren kapital ekoizpenaren ondorioz sortzen diren azpiproduktuen zabortegi papera”.

 

Garapen jasangarria

Nazio Batuen Erakundeak Stockholmen 1972an egindako Konferentziaren ondoren, “garapen jasangarria” bilakatu da oinarrizko erreferentzia, “ekogarapen” kontzeptuaren bidez garapena eta ingurumena bateragarriak izateko egin diren ekarpenei eskerrak.

Brundtlan txostenak, Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Ingurumen eta Garapeneko Munduko Batzordeak (CNMAD) 1986an egin zuenak hain zuzen, honelaxe definitu zuen garapen jasangarria: “Garapen jasangarria da gaur egungo belaunaldien beharrizanak asetzean geroko belaunaldiek beren beharrizanak asetzeko ahalmena arriskuan jartzen ez duena”.

Ikuspegi honek gaur egungo beharrei ematen die lehentasuna, oroz gain herrialde txiroek dituztenei. Era berean, ingurumeneko baliabideek ezartzen dituzten mugak ere aipatzen ditu, hala nola teknologiaren eta gizarte antolamenduaren egungo egoera eta biosferak giza jardueren ondorioak jasateko duen gaitasuna. Argi dago garapenaren kontzeptu hori Ingurumen Ekonomiaren barruan dagoela, hazkunde ekonomiko etengabea eta oreka ekologikoa bateratu nahi ditu-eta. Brundtlan txostenaren ustez, beharrezkoa da munduko ekonomiahurrengo hamarraldietan bost eta hamar bider artean haztea, eta bateragarri ikusten du oreka ekologikoarekin.

Baina ikuspegi horri kritikak egin zaizkio.

Izan ere, oreka ekologikoari eutsi egin behar zaiola esaten duen arren, oreka ekologikoa zapuzten duen hazkunde ekonomiko etengabea aldezten jarraitzen baitu.

Hori horrela izanik, beste autore batzuek azpimarratzen dute beharrezkoa dela “bizitza estandar onargarria” lortzea eta “garapen jasangarria” ahalbidetzen duten ingurumena zaintzeko baldintzak finkatzea.

Ingurumen Ekonomiaren esparruan, bi baldintza aipatzen dituzte jasangarritasuna bermatzeko: bata isurketa kutsatzaileek ingurune fisikoak asimilatu ahal duena ez gainditzea; bestea, baliabideen stockaren osotasunak berdin irautea.

Kritikak agertzen dira berriro ere kontuan hartzen dituzten baliabide motei buruz eta zenbatzeko moduari buruz, argudiaturik izadi kapitala balioesteko zailtasunak daudela, ikusi dugun bezala, eta giza sorburuko baliabideak eta izadi sorburukoak ez direla independenteak. Hortik ondorioztatzen dute azterketa zorrotz batek hazkunde ekonomiko etengabea eta oreka ekologikoa bateragarri egiteko ahaleginak deuseztu egiten dituela.

Stockholmeko Konferentziatik (1972) hogei urtetara (1992) Rio de Janeirokoa egin zen. Bertan, ingurumenaren eta garapenaren arteko lotura ofizial egin zuten eta garapen jasangarria sustatzeko estrategia bat proposatu zuten herrialde guztientzat. Kontzeptuetan bi gako proposatu zituzten: jasangarritasuna eta globaltasuna. Ikusi dugunez, teorilari batzuk Ingurumen Ekonomiaren barruan daude, eta beste batzuk, aldiz, kritikoak zaizkie, eta garapen jasangarriari ekonomia ekologikoaren ikuspegitik begiratzen diote.

 

Ingurumen ekonomiaren gaineko ondorioak

Ingurumen Ekonomiak abiaburu jakina du, egungo sistema ekonomikoak eragindako arazo ekologikoak ekonomia ortodoxoak bere kontzeptuekin konpon ditzakeela.

Egia da proposatzen dituen tresna batzuek, adibidez, “kutsatzen duenak ordaintzen du”, zerga berdeek, kostu-mozkin metodoak..., ingurumenaren egoera zertxobait arin dezaketela, neurri liberalizatzaileak izan arren, baina ezin dute lortu izadiarekiko harremanak harmonikoak izatea. Argigarria da Brundtland Txostenak ondorengo hau esatea: “Iraganeko ereduak baztertzeko ordua heldu da, zeren, osterantzean, gizartearen eta ekologiaren egonkortasunari garapenaren eta ingurumen zaintzaren ohiko kontzeptuen bitartez eusteko ahaleginek ezegonkortasun handiagoa sortuko bailukete.”Kritikoek, ekonomia ortodoxoak omen duen zientifikotasuna zalantzan jartzen dutela, uste dute oso subjektiboak direla Ingurumen Ekonomiak merkatuan balioetsi gabeko aldeak dirutan balioesteko eta geroko belaunaldien eskariak integratzeko darabiltzan tresnak, eta etikaren bermea baino ez dutela. Hain zuzen, geroko belaunaldiez kezkatzen bagara, onartzen dugu merkatuak bazter utzita dauzkala. Hortaz, akats larri hori ikusteaz gainera, ondorioztatu behar da gure jarrera etikoa ez datorrela bat merkatuaren berekoikeriarekin.

 

Ekonomia ekologikoa

Sistema irekiko ekonomia dela esaten da definizioan, jarduera ekonomikoaren eta ekosistemen arteko erlazioa eta elkarreragina aztertzen duelako. Beste autore batzuek, berriz, izadi baliabideak kudeatzeko zientzia izatea proposatzen dute.

Ekonomia Ekologikoak kudeatu beharreko baliabideen izaera fisikoaz arduratu behar du, bai eta baliabideok inguratzen dituzten sistemen logikez ere. Faktore batzuei egin behar die kontu: baliabideen benetako urritasuna (berriztagarri edo berriztaezin diren kontuan harturik) eta sorturiko baliabideen kaltegarritasuna eta birziklatzeko izan ditzaketen aukerak.

Hauek dira Ekonomia Ekologikoaren ezaugarriak:Laurogeita hemeretziko hamarraldian Ekonomia Ekologikoak zenbait tresna landu ditu esandako ezaugarriekin bat etorririk.

Ondoren laburtzen dira batzuk: • Kontabilitate ekonomiko-ekologiko integratu batera hurbildu da. Kontabilitate horrek ingurumena sartzen du kontuen sisteman. Kalkulu metodo desberdinak daude. Zenbait adierazle landu ditu ingurumenaren narriadura eta ondorioak neurtzeko. Halaber, badago garapen jasangarri globala neurtzeko adierazlerik.

• Ingurumenaren kudeaketa integratua ekonomiara bideratzen da. Erregulazio soziala sustatu nahi du merkatuaren bidezko erregulazioaren kaltetan.

• Ingurumenaren kostuak barneratzen ditu. Ingurumenaren gizarte erabilera arrazionalizatzeko kostuak prozesu eta produktuen iraupen zikloan zehar barneratzen dira. Horrela, hainbat pizgarri ekonomikoren bidez eraginkortasun ekonomikoa sendotu eta ingurumena hobetzen da. Pizgarri batzuk aipatzearren, horra hor diru laguntzak, neurri fiskalak, etab.• “Baliabideak erabiltzen dituenak ordaintzen du” printzipioa bultzatu du.

Baliabideak erabili edo haien onuraduna denak ingurumen kostu guztiak hartu behar ditu bere gain, horrela, baliabideen erabilera prozesu ekonomikoan sartzen denez, erabilera jasangarria sustatzen baita.

• Zergen sistema eraberritzea proposatu du. Zergen erreformak ekoizpenmoduak eta kontsumo ohiturak bideratu behar ditu ekologiarekin bateragarria den gizarte kostu txikiena duen gizarte baterantz.

Autore batzuek esaten dute zergek jarduera kutsatzaileak eta baliabide urriak erabiltzen dituztenak zamatu behar lituzketela.

Zerga horiek arian-arian sartuko lirateke.

Laburbilduz, ingurumen politikako tresnak eta neurriak erabiltzen baditugu ere, ondorioak eskasak izango dira, ez dira ingurumenaren funtzioekin bateragarriak izango, baldin eta, orain arte bezala, ulertzen ez badugu ekoizpen prozesuak, ingurumena eta gizartea bateragarriak izateko, beharrezkoa dela pentsakera bera aldatzea.

Aldaketa horrek kultur balio desberdinak, beste etika bat eta aginpidea beste modu batera banatzea eskatzen du, azken finean, ezagutza eta ekonomia kontzeptu berriak agertzea, eta, orobat, kulturaren eta izadiaren arteko harremanak hobeto ulertzea.

Beharbada, Ekonomia Ekologikoak zeinahi izenek baino hobeto adierazten du Ekonomiaren eta Ekologiaren artean gertatzen ari den elkarretaratze eta sintetizatze prozesua, garapen jasangarri globalak emandako esparruan beti ere.