Departamento de Cultura y Política Lingüística

Gizarte jakintza»Gizarte gaiak

Gizarte gatazka eta kontrola

Planeta berria, K. Yuonen koadroa, ordena berriaren eta gizarte berriaren sorreraren alegoria komunista.<br><br>

 

Gizarte kontrola

Era askotako adierak izan ditu giza eta gizarte zientzietan gizarte kontrola terminoak.

Halatan, ordenu juridiko edo poliziaren gizarte kontroltzat hartu izan dute juristek, eta zientzia politikoetako espezialistek bereziki azpimarratu dute gizarteak kontrol politikoari begira, hau da, estatuak bizitza publikoaren jarduera arautu eta antolatzeko, bideratzen dituen mekanismoen garrantzia.

Halaz ere, soziologiaren ikuspegi zabalago batetik, gizarte kontrola terminoa giza errealitatea interpretatzen laguntzen duen kategoria bat da eta, hain zuzen ere, gizarte integraziorako sistema batek bai gatazka egoera berezietan bai ohiko egoera normaletan bere buruari tinko eusteko bideratu, berritu eta mantendu behar dituen egiturak, mekanismoak eta teknikak hartzen ditu bereziki aintzat.

Halatan, ez da beti behartze bideen, errepresio aginpidearen jarduera autoritarioaren edo bortxaren nagusigoa adieraz lezakeen beste ezein adierarekin lotzen, gizarte kontrola eta haren araberako mekanismoak presente baitaude gizarte molde orotan, halako eran non gizarteek eta zibilizazioek historian zehar izan dituzten ezaugarriak bereizteko bide ezin egokiagoa izaten baita gizarte horien kontrol moldeak zertan ziren aztertzea.

Gizarte ordenu orok ditu desintegrazio eta nahaste fenomenoak, eta sortu diren prozesu eta egituren barruan aztertu behar dira horiek. Arau eta kontrol sistemen arabera itxuratzen da gizarte munduaren jarduera: alde batetik, ezinbestez bete beharreko arau eta lege gisa xedatzen dira batzuk eta, bestetik, ohiko portaeraren eredutzat hartu beharreko printzipio gisa dihardute inplizitoki beste batzuek.

Gizarteak kontrol sinboliko edo identifikazio kolektiborako mekanismo gisa diharduten arau-erreferentzia horiez baliatzen dira, bizi-eredutzat hartu ondoan, gizartearen jarduera ordenatua bideratu ahal izateko.

Identifikazio eredu hauek errealitatearen ikuspegi ordenatu bat sorrarazten dute ikuspegi ontologiko batetik, irudi eta pertzepzio subjektiboak eta aldi berean historikoak eskaintzen dituzte, eta balio errealetan eta idealetan, sineste-sistema erlijioso eta sekularretan, oinarritzen dira.

Alabaina, identifikaziorako ereduak edo gizarte kontrol sinbolikorako sistemak erreferentzia idealtzat hartzen dira eta, horrenbestez, gizarte bizitza errealaren jardunak ez du zertan bat etorri eredu horiek oinarritzen diren balioekin. Adibidez, mendebaldeko zibilizazio judu-kristauak, hau da, gizarte molde guztietan presente dagoen kultura mota baten bizi-eredu nagusien funtsa eta balio moralak eta intelektualak argien islatzen dituen zibilizazioak, oso parametro zehatzak erakusten ditu bere biziereduen bitartez: gizasemearen neurriko gizakia izatea, fisikoki akatsik ez izatea, larru zuria izatea, aberatsa izatea, heldu izatea,familia monogamiko, egonkor, heterosexual eta betirako batean bizi izatea, eta abar.

Horiexek dira erreferentziatzat hartzen diren eredu nagusiak baina ez datoz bat pertsonaren egiazko bizitzarekin, gizateriaren gutxiengo batek baizik ez baititu estereotipo horren ezaugarriak; halaz ere, globalizazio kulturala etengabe saiatzen da erreferentzia-eredu hori inposatzen, eredu bakarra, egiaz balio dezakeen eredu bakarra, bailitzan. Eta egia esan, pertsona pobre askok, larrua zuri deitu kolore horretako ez den jende askok, bakarrik edo familia guraso-bakarrekotan bizi den jende askok, homosexual eta emakume askok bizi-eredutzat hartua dute eredu nagusi hori, beren egunoroko bizitzan inoiz gauzatuko ez den arren.

Gainera, bizi-eredu hori gero eta urrunago dago gure zibilizazioan portaera eredu idealetik, hau da, erreferentziazko portaeratik, eta urruntze horrek berak sendotzen du. Zer adierazi nahi dugu hau esanda? Bada, arrazoiak arrazoi, askotan uzten direla alde batera eredu sinboliko horiek, halako eran non gizarte portaera arau edo lege bakoitzari lege-hauste batzuk baitagozkio zuzenean; zigortu egiten dira legehausteak, atzematen direnean, baina jardunean daude era berean lege-hauste horien legeztatze edo estaltze mekanismoak.

Honetan gaudela, has gaitezke gizarte kontrolak hartzen duen errealitatearen azterketa-esparrua zehazten. R. Merton-en ideiari jarraituz, hau da, gogoan edukirik funtzionalismo iparramerikarrak gizartedesbideratzea deitzen duena gizarteak proposatzen dituen kultura helburuen eta helburu horietarako bitarteko instituzionaletan sartzearen (edo ez sartzearen) arteko tartetik sortzen dela, modu berean esan genezake guk, teoria horren interpretazio berria eginez, geure gizartean erreferentziazko arau sistemek bultzatzen dituzten kultura balio sinbolikoen eta gizartearen egiazko praktikaren arteko urruntze gero eta handiagoa dela eta, gizartea legeztaturiko legehausteetan oinarrituriko ereduen arabera bizi dela batez ere. Horrenbestez, desbideraturiko baina aldi berean onarturiko arau eta legeen arabera bizi da gizartea, eta horiexek dira gainera gizarte harremanen benetako mamia, instituzioek inposatu nahi dituzten itxurakeriak, rolak, gizarte mailak edo beste ezein kategoria formalizatzaile baino areago.

Kontuan har dezagun gizartearen jarduera erreala lege-haustez beterik dagoela.

Subjektu orok, guk guztiok, egiten ditugu, ohartun edo oharkabe, eredu horietatik desbideratu diren ekintza asko gure eguneroko bizitzan; areago: nagusi izaten dira gizarte bizitzako esparru batzuetan ereduen aurkako lege-hausteetan oinarrituriko harreman-egiturak, egiazko erreferentzia ideal formal gisa dihardutenak. Garrantzitsua da, horrenbestez eguneroko bizitzako soziologiaren ikuspegia, eta A. Schüz (The problem of Social Reality, 1962), dugu arlo horretako autore handiena, gizarte barreneko elkarreraginaren egiazko kodeak, eta ez soil-soilik aurrez edo espreski definituriko arau-ereduak, aztertu baititu.

Bestalde, kontzeptu erlatiboak dira onarpena eta desbideratzea. Gizarte batean edo gizabanako batengan desbideratutzat hartzen den portaera bat normaltzat eta are ezinbestez bete beharrekotzat hartu ahal izango baita beste gizarte molde batean edo beste gizabanako batengan. Gainera, gizarte berean, une historiko desberdinetan, atzo desbideratutzat jo ziren portaera ereduak eta gizarte antolakuntza moldeak normaltzat hartzen dira egun, eta alderantziz. Halatan, gizarte errealitatearen eraikuntza prozesu dialektiko eta historikoaren bi aspektuk dira onarpena eta desbideratzea; halatan, desbideratze modu batzuek arau sistemak sortarazi dituzte eta, aitzitik, zaharkitu, denboraz kanpo edo desbideratutzat hartu izan ohi dira kultura aldetik onartu izan diren gizarte egiturak. Gogoan har dezagun, esate baterako, zein estatus desberdina egokitu ohi zaion heriotzari egoeren arabera (gerra garaian / bakean), edo haurdunaldiaren berariazko haustea (Frantzia/Espainia), aipa genitzakeen adibide ugari horietako bi azaltzeagatik.

Halatan, gizarte kontrolaren ikerketagune bat da gizarte eta ekonomia egoera erabat antagonikoetan pertsona, herri etaplanetako lurraldeek berdin dituzten kultura eta ideologia identifikazio ereduak lortzeko abiarazi diren estereotipoen azterketa.

Bizi-eredu komun horiek gabe (aberatsak edo aberatsak bezalakoak izatea) ezin ulertuko litzateke nola bizi gintezkeen egungo munduan egundainoko gizarte gatazka izugarririk gabe, kontuan harturik biztanle aberatsenen %20 errenta guztien %85en jabe den bitartean pobreenen %20 errenten %1,4rekin moldatu behar dutela (NBE, Giza Garapenaren gaineko Txostena, 1996), eta aberatsen eta pobreen arteko amildegia gero eta zabalagoa dela.

Gizarte kontrolaren bigarren ikerketaguneari dagokio ereduen identifikazio kolektiborako formek bizimodu normaltzat hartzen diren lege-hausteak zilegizkotzen dituzten mekanismoen azterketari, eta zilegizkotzen diren eredu lege-hausleek bizitza errealean duten eragina hartzen du aintzat halaber azterketa honek.

Puntu horretatik abiatuta, hirugarren ikerketa-gunea dugu historian zehar konbentzioz gizarte kontrolaren azterketatzat hartu izan dena, hau da, gizarte arauak legearen kontra, hots, agerian edo/eta ikusgarriro, hausten dituztenen gizarte portaera eta jokabideen azterketa. Garrantzitsua da puntu honetan giza eta gizarte zientzien gogoeta desbideratzea zehazterakoan eta haren aurrean jarduterakoan bereziki kokatu den lehen bi esparruak izan direla, hain zuzen ere, krimena eta erotasuna. Ez da hau halabeharrez gertatu, kontuan hartzen badugu bi direla gizarte bizitzaren arautze esparru nagusiak.

Subjektuengandik kanpo dagoen behartze-aginpide batek aplikatzen ditu legeaksistema juridikoaren eta legeak derrigorrezkoak bihurtzen dituzten aginpide eragileen bitartez. Lege horien kontrako legehausteak hauteman eta jazartzen direnean, justizia kriminaleko sistemak esku hartzen du prozesu horretan aurrez zehazturiko lege penalen arabera, eta zigorrak ezartzen dizkie lege-hausle edo kriminaltzat hartzen diren lege-hausleei.

Beste ikerketa-gune bat arautze sistema informalena edo gizarte kontrol informalarena da, sineste eta estereotipo batzuen araberako portaera-ereduak hedatzen baitituzte, ohitura eta usadio moduan. Tipifikazio zehatzik gabeko eredu hauek arautzen dituzte oro har subjektuak gizarte barruan dituen jokamoldeak. Ohiturek arautzen dituzte eskuarki gizarte harremanak, gizabanakoen autokontrolaren edo berdinen taldeen (familia, auzoak, lagunak) zuzeneko kontrolaren bitartez: beren nortasun soziokulturalari dagozkion jokabide-printzipioak barneratu eta gero, gizarte inguru hurbilak inposaturiko erreferentzia modu edo parametro nagusien arabera jokatzen dute gizabanako eta giza talde horiek.

Aurrekoak ez bezala, zigorrerako mekanismoak ez dira zehatzak, ez dute halako tipifikaziorik, arautze sistema informalen lege-hausleen aurrean; hala eta guztiz ere, oso kontuan hartzekoak dira haien eragin indarra eta subjektuak jokamolde horietara biltzeko duten disuasio ahalmena.

Bi motatakoak dira funtsean mekanismo informal hauek: subjektuaren barrukoak dira batzuk, akulturazio prozesuan zehar barneratuak, autokulpabilizazioa adibidez, subjektuari portaera eredu kulturalak hausten uzten ez dion neurrian, edoautoengainua, beste jokamolde bat irudikatzen uzten ez diona: subjektuagandik kanpo daude beste batzuk, taldearen presiopean ager daitezkeen baztertze arazo eta egoerei lotuak. Lehenik, bestelakotzat, arrotz gisa, hartzen du taldeak eta hainbat etikta eransten dizkio, hala nola, ergela, barregarria, ganorabakoa, arraroa, eroa edo naturaz kontrakoa, eta arbuiatze eta baztertze mekanismoak sorrarazten ditu ondoren, bestea bestelakotzat harturik, jarduera komunetatik kanpo uztetik hasi eta erabateko anormal edo erotzat hartzeraino.

 

Gizarte gatazka

Era guztietako gatazka motak nahasten eta kateatzen dira egungo gizarte moldeetan: etxekoak, ekologikoak, etnikoak, nazionalak, politikoak, lan mundukoak, gerrak, eta abar… Ez dago gatazkaren teoria soziologikorik eta, garrantzitsuagoa dena, ez dago gatazken gaineko ikerketarik, ezta haiek konponbideak jarriko dituzten mekanismoak gauzatze biderik.

Gizarteak, inoizko «desbideratze» txiki iragankorrengatik ere, multzo harmonitasu integratutzat hartu dituen ikuspegiaren ondorioa dugu gizarteak gatazkak ezagutu, aztertu eta konpontzeko ageri duen ahuleziaren eta ahalmen urriaren ondorioa.

Ikuspegi hau nagusitu da ideologia soziologiko garrantzitsuenetan, hala nola funtzionalismoan, gizartea gizarte sistematzat hartzen zuen neurrian, eta marxismoan, gizarte gatazkaren izaera estrukturalari buruz teoria handiak bideratu arren, ez delako klase borrokaren espresio bakoitzaren ikerketa historiko zehatzaz arduratu eta alde batera utzi duelako espresio horietako bakoitzaren aldatze mekanismoen azterketa sakona.

1950. urteetatik aurrera, berandu kontuan hartzen badugu bi mundu gerra gertatu zirela ordurako, hainbat herriren nazio askapenerako prozesu odolgiroen ondorioz Bigarren Mundu Gerran baino biktima gehiago eragin dituzten gerren erdian, gerra nuklerraren mehatxupean, eraberritu zen gizarte gatazken gaineko azterketen premia eta interesa. Ordu arte gizarte harremanen ohiz kanpoko azalpen txikitzat hartua zen gatazka, eta gizarte bizitzaren berezko alderditzat hartu behar da aurrerantzean.

Gatazka ez da desbideratze prozesu batzuen ondorioa; aitzitik, gatazka estrukturalen espresioak dira bat ez etortzeak, matxinadak, errepresioa, gizarte patologiak eta abar.

Oso garrantzitsua da gure gizarteetako aldaketa estrukturalak aztertzeko, aldaketa horiek eragiten dituzten gatazketatik abiatzea.

Hala, adibidez, harreman politiko ororen oinarrian dago gerra, hau da, gerra politikari beste bitarteko batzuez ematen zaionsegida baino gehiago, politika bera da gerraren segida beste bitarteko batzuetaz.

Teknologiaren aurreramendua bultzatzen du gerrak, munduko jarduera ekonomiko garrantzitsua bizi arazten du (armen merkatua), gerra mehatxua dago Estatu Modernoaren agerpenaren eta harreman politikoak arautzeko modu guztien oinarrian.

Teoria ugari dago gatazkaren inguruan.

Hiru teoria nagusiak aurkeztuko ditugu ondoren: 1. Lehenik, eskola errealista (Morgenthau, Raimond Aron). Aginpidearen aldeko borroka gertakari unibertsaltzat jotzen dute denboran eta espazioan; haien iritziz, Estatutan antolaturiko gizarteek xedapen juridikoen eta legeen (eta hauen araberako zigor-mekanismoen) bitartez arautzen dituzte beren arteko gatazkak, eta disuasiorako bitartekoak ere erabiltzen dituzte; horien artekoa da gerrarako bitartekoen jabetza eta erabilera (bortxaren monopolioa, Estatuaren eta aginpidean dauden taldeen aldetik).

Nazioarteko gatazkei egiten diete bereziki arreta eskola honetako teorigileek; haiek dira, beraz, beren kezka nagusia, nazioarteko gizartea oihanaren legea nagusi den gizarte anarkikotzat hartzen baitute. Haien ustez, estatuen gainetik ez dago nazioarteko legeak aplika arazten dituen egiturarik (adibidez, Irakekiko gatazka, Israel, Palestina, Balkanetako Herriak, eta abar).

Aro nuklearrean gerra saihesteko edo, gutxienez, kontrolatu eta mugatzeko kezka honen aurrean, gerra estatuen arteko harremanak arautzeko tresnatzat hartzen dituzten ikerketa estrategikoak ageri dira.

Estatuen gaineko erakunde politikoek eta militarrek nazioarte mailan xedaturiko legeek edo inperio baten bitartez (herri bat besteen gainetik dagoenean) saihestu ahal izango da gerra, botere oreka sortzen baita horrenbestez (adibidez: NBE beto-eskubideaz).

2. Bigarrenik, gatazkaren azterketa marxista eta neomarxista. Marxismo klasikoaren arabera, gizarte kapitalistaren araberako ereduaren gizarte egitura gizarte zapalkuntza objektiboki bideratzen duen egitura gatazkatsua da berez: botere egiturek eta kontrolerako mekanismoek arautzen dute gatazka. Gizarte gatazkak latentzian irauten du askotan klase zapaltzaileek zapalduen kontzientzia hartzea eragozten duten mekanismoak, justifikazio eta legitimazio ideologikorako mekanismoak, erabiltzen dituztelako. Gatazkak agerian gera ez daitezen erabiltzen dituzten tresna nagusiak dira ekonomiaren gaineko irudia (ekoizpen modu kapitalista, berezko eta ezinbesteko modu arrazionala da irudi horren arabera) eta politikaren gaineko irudia (demokrazia formala, herritarrei gaipublikoetan zuzenean esku hartzeko espazio handi-handirik uzten ez diena).

Ikuspegi neomarxistari dagokionez, aipagarria dugu Frankfurteko Eskola. Oso ekarri interesgarriak egin ditu soziologia kritikorako eskola honek gizarte gatazkaren azterketa estrukturalaren arloan. Hona hemen tesi nagusiak: