Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia»Egungo aroa

Gizarte auzia: langileriaren ezinegona

Bizkaitar meatzeetako langile grebalarien kontrako zapalkuntza militarra Bilboko Areatzan, 1911ko irailean.<br><br>

Euskal Herriaren industrializazioak gizarte auzia ekarri zuen, ugazaben eta langileen arteko interes gatazkak. Langileria, bizi baldintza oso gogorren pean, pixkana-pixkana, gizartean eta politikan nor izaten hasi zen, sindikatu eta partiduetan antolaturik, batez ere sozialismoaren inguruan, baina baita sindikatu katoliko, abertzale, anarkosindikalista, eta ?geroago?, komunistetan ere. 1890eko meatzeetako lehen grebak gerra zibileraino iraungo zuen gatazka aldi baten hasiera markatu zuen, nahiz eta gatazka aldi horretan gorabehera handiak izan.XIX. mendearen erdialdean, Euskal Herriko lurralde batzuen industrializazioa hasi aurreko urteetan, Europako beste lurralde batzuen antzeko gatazka giroa zuen euskal gizarteak ere. Izan ere, estatu liberalaren eta ekonomia jarduera gero eta liberalizatuagoen sendotze zail luzeak tentsio handia ekarri zuen gizartera, eta tentsio sozial horrek hainbat altxamendu, matxinada eta gerra sorrarazi zituen, karlistaldiak besteak beste. Gatazka horietan agerian gelditu zen jabetza eta behinolako produkzio bideen kontrola galdu zuten gizataldeen asaldura, nekazari eta eskulangileena batez ere, beren tradizioei eta ohiturei eraso egin eta berehalako etekin ukigarririk eskaintzen ez zien estatu arrazionaltasunaren kontra jarri baitziren. Era honetako tentsioek eta liskarrek euskal lurraldeetan ezaugarri bereizgarririk izan bazuten ere ?foru errealitatea mantendu izana adibidez?, oro har ez ziren izan Europako gainerako herrialdeetan garai hartan gertatutakoen oso bestelakoak.

Baina asaldura etengabea zen arren, Euskal Herriko langileriari dagokionez ez zen gatazka larririk sortu euskal lurraldeen erabateko industrializazioaren garaia arte.

Alegia, gizartean gatazka giroa nagusi zen arren, 1890. urtea arte ez zen laneko gatazka aipagarririk gertatu. Lan sistema berrien eta meatzeak ustiatzeko teknologia berrien kontrako zenbait matxinada izan zen 1843 eta 1856. urteetan, eta baita 1863an ere; langile mistoek ?hau da tarteka meatzeetan jarduten zuten nekazari autoktonoek? bultzatu zituzten matxinada haiek, gero etagogorrago lan egitea eskatzen zitzaiela eta.

Era berean, izaera ludistako zenbait gertakizun ere izan zen, meatze berrietan ezartzen ziren berrikuntzen kontrakoak: Boluetako Santa Ana fabrikari, adibidez, su eman zioten langileek ia. Baina gatazka hauez eta historiografiak industria aurreko aldia aintzat hartu ez duelako ongi ezagutzen ez diren beste zenbait liskarrez aparte, euskal langileak oso langile otzan eta saiatutzat hartuak ziren, oro har; ez ziren askonahikoak eskakizunak egiteko orduan, eta ez zuten antolamendu sindikal sendorik.

Sindikalismoari dagokionez, 1880ko hamarraldian Bilbo aldean lehenengo talde sozialistak agertu ziren arte, langile elkarte mutualistak edo eliza katolikoak sustaturiko esperientzia paternalistak bakarrik eraman ziren aurrera. Elkarte mutualistak 1850 aurretxoan eta ondoko hamarraldian zehar sortu ziren, botere publikoaren ekimenez, eta are haren babesean ere. Elkarte hauen helburua zen zoritxarraren aurrean ?eritasun, istripu, heriotza, langabeziaren? aurrean? nolabaiteko gizarte asegurua ziurtatzea langileei; gremioen sistemarekin batera desagertu zen babes eta elkartasun sozialaren eta estatuak artean eskaini ezin zuen estatu babes berriaren ordezko gisa aritzen ziren. Elkar laguntzarako elkarte horien eskutik, langileek diru emate jarraitu baten bidez egiten zioten aurre ekonomia kapitalista berriak zekarkien segurtasun faltari. Horrela, langileak bizibidea ateratzerik ez zuenean, diru laguntza jasotzen zuen elkartearen fondotik. Era honetako elkarte asko eta asko eratu ziren, adibidez Gasteizkobiak, 1849an eta 1858an sortuak, Donostiakoa, 1857an eratua, edo urtebete geroago Iruñean sortu zena, besteak beste.

Bestelakoak izan ziren eliza katolikoaren babespean sorturiko taldeak. Langile talde katolikoak, oro har, Elizak bere gizarte politikari ekin zionean sortu ziren: Zirkulu Katoliko deituen garaia zen. Zirkulu aipagarrienetakoa Bilbon 1855ean sorturiko Conferencia de San Vicente de Paul izan zen. Haren helburu nagusia zen langileen bizitza moralizatzea, hau da industrializazio prozesuak langileei zekarkien balore galerari aurre egitea. Konferentziak kristau ikasbiderako igande eskola bat, lanbide heziketarako lantegiak, aisialdirako ekitaldiak eta onegitezkoak antolatu zituen.

Langile Zirkulu Katolikoen helburuekin bat zetorren, era berean, Gasteizko Langileen Elkarte Katolikoa ere, eta Zirkuluen zeregina zein zen erakusten du elkarte horrek, 1888an egindako adierazpen batean: ?Sinesmen katoliko, apostoliko eta erromatarra begiratzea, sendotzea, sustatzea eta zabaltzea, eta baita langileriaren ohitura onak eta ezaguera erlijioso, moral, literario eta artistikoak ere, eta bazkideen edo haien senitartekoen sorospenerako aurrezki kutxa bat eratzea, eritasunari, errurik gabeko eskubide galerari eta zahartzaroari aurre egiteko?.

Zirkuluak paternalismo eta mutualismo arteko nahasketa batean oinarrituak ziren, eta ezezkako asmoa izan zuten beti, Elizari langile bezeria ken ziezaioketen bestelako dotrinei aurre egiteko asmoa, hain zuzen.

Oso berandu, edo eraginkortasun handirik gabe behintzat, saiatu ziren langileen behar materialei erantzuten, nahiz eta horixe zen langileriaren benetako kezka nagusia.

1887an Conferencia de San Vicente de Paulek langileen bizi baldintza materialak hobetzeko ardura hartu zuen, besteren artean, eta bederatzi urte geroago kontsumorako kooperatiba bat sortu zuen Bilbon. Dena dela, Zirkuluek ez zuten gaitasunik izan garai hartako errealitate berria ulertzeko eta erantzunak emateko. Ezintasun hori izanzen katolizismo sozialak Espainian eta Euskal Herrian izango zuen hondamenaren lehen zantzua.

Beste era bateko langile elkarte bat ere sortu zen 1870 inguru horretan: Langileen Internazionalaren edo Langileen Nazioarteko Elkartearen (LNE) eskualdekako sekzioena hain zuzen. Hegoaldeko lau euskal hiriburuetan eta herri handi samar batzuetan antolatu ziren LNEren taldeak, eta prentsa propioa ere argitaratu zuten Bilbon eta Donostian, baina esperientzia hura anekdota hutsean gelditu zen ia, ez baitzuen jarraipenik izan gerora eta ez baitzuen bat egin XIX. mende amaierako langile elkarteen mugimenduarekin. Esperientzia aipagarria da hala ere, klase mailako lehenengo elkartea izan zelako; organizazio orokor batekin ?eta are nazioarteko organizazio batekin? lotura zuelako; batez ere eskulangileez osaturiko oinarri sozial baten laguntza jaso zuelako, eta haren baitan anarkistek indar handia izan zutelako. Baina Internazionala desegin egin zen, batetik esetsia izan zelako, eta bestetik, eta batez ere, garai hartako eztabaidagai nagusia karlisten eta liberalen arteko gorabeherak zirelako.

Berriro eratu zen 1882an eta 500 bazkidetik gora bildu zituen Bilbon, baina berehala desagertu zen atzera, eta handik lau urtera sortu zen sindikalismo berriak ez zuen haren esperientzia baliatu.

 

1890-1914 bitarteko urteak: langileria sozialista

Sindikalismoak eta langileriaren auziak Bilbo eta Bilboko itsasadarraren inguruangertatu zen industrializazio prozesu bizkorrarekin hartu zuen indarra Euskal Herrian.

Facundo Perezagua sozialista (1860-1935) Bilbora etortzean, 1880ko hamarraldiaren erdialdean, esan daiteke sortu zela euskal langile mugimendua. Izan ere, Perezaguak elkarte politiko sozialisten sare bat osatu zuen, Carretero, Alonso, Guillermo Torrijos, José Solano ?Perezagua Bizkaiko hiriburura erakarri zuen zapataria?, Fermin Zugazagoitia, Merodio, Eduardo Varela eta beste propagandagile batzuen laguntzaz, eta elkarte haiek izan ziren, urteetan zehar, gizarte eta lan alorretako protesten gidari.

Bilboko Agrupación Socialista delakoa 1886ko uztailaren 11n sortu zenez gero, beste hainbat talde eratu zen Bizkaiko meatzealdean eta industrialdean: Urtuella, Zugaztieta, Las Carreras, Sestao, Deustua, Gallarta, Erandio, Begoña, Muskiz,? Eta prozesu horren ondotik industrializazio maila apalagoa zuten beste probintzietara zabaldu zen sozialismoa. Gipuzkoan 1897 inguruan hedatu zen (Donostia, Eibar, Tolosa eta Irunen), eta urte berean edo hurrengoetan sortu ziren Gasteizko eta Iruñeko elkarteak.

Garai hartatsuan agertu ziren erresistentzia elkarteak ere; elkarte sozialistak ez izan arren sozialisten gidaritzapean zeuden ia erabat, baina beste joera batzuetako langileak ere biltzen zituzten, ez bakarrik UGTko bazkideak.

Sozialistek, 1891ko udal hauteskundeetan Bilbon edo Zugaztietan lorturiko lehenengo garaipenez gainera, berehala erdietsi zuten Bizkaiko langileriaren ordezkaritza politikoa. Kontuan hartu beharra dago sozialistak oso garai aproposean iritsi zirela gune sozial behartsu eta nahasi haietara; beren diskurtsu obrerista gogorra eskualde haietako langileen beharrizanei ongi egokituzitzaiela, eta lehenengo propagandagile sozialistak kementsu eta trebe aritu izan zirela. Baina, horrez gainera, sozialisten organizazioak eta diskurtsuak duintasuna eman zion langileriari, bai lan egoera hobetzea eskatzen zuelako eta baita langile multzo zabal hari aukera ematen ziolako ordu arte arrotz izan zitzaion gizarte batean ?eta, aldi berean, langileria arrotz zitzaion gizarte batean? txertatzeko. Ez da ahaztu behar Bizkaiko langileek gizatalde deserrotu bat osatzen zutela, emigranteak baitziren gehienak. Hala, sozialisten ordezkaritza ez zen ordezkaritza politikoa izan soilik; aitzitik, alor sozio-sindikalera ere hedatu zen, eta horrela, elkarri lotuta, nahastuta ia, gelditu ziren politika eta alor sozio-sindikala.

Lehen Mundu Gerra hasi zen arte UGT sindikatuak ez zuen bereizi bere jarraitzaileen artean PSOErekiko atxikimendua eta sindikatua berarekikoa.

Lehenengo lan gatazkak meatzeetako greba handiaren garaian hasi ziren, 1890ean, eta orduan gelditu zen agerian, era berean, bizkaitar eta euskal errealitatean gizarte auziak zuen garrantzia. Langileriaren esparru soziala, beraz, greba hari eta 1891, 1892, 1903, 1906 eta 1910. urteetan izandakoei esker hasi zen eratzen. Lehen garai haietako ezaugarri aipagarriak izan ziren jabeen eta langileen arteko istiluak, bat-bateko bortxa eta grebetan sortu ohi zen zalaparta, botere publikoen esku hartzea ekarri zuena ?Loma (1890), Zappino (1903 eta 1906) eta Aguilar (1910) jeneralen epaiak, besteak beste?, eta baita ideologiarekin zerikusia zuten zenbait gertakari ere, adibidez antiklerikalismoa eta antinazionalismoa zabaldu izana La Lucha de Clases eta gisako agerkarien bidez.

Baina Bizkaiko meatze eta industria inguruneen bilakaera soziala eta politikoa langileen bizi baldintzei lotua izan zen batez ere. Euskal sozialismoaren lehenengo oinarri sozialak eskulangileena eta meatzariena izan ziren; lantegietako langileek geroago hartu zuten garrantzia, XX. mendean aurrera hain zuzen. Eskulangileen artean elkartasun handia eta lotura kultural sendoa zegoen, eta horrekin egin zioten aurre proletario bihurtzeko prozesuari eta produkzio bideen gainerako kontrol galerari.

Meatzariek ordea ez zuten talde kultura sendorik, eta gizatalde deserrotu eta latzak ziren. Beren bizi eta lan baldintza gogorrak zirela-eta, sozialismora hurbildu ziren apurka-apurka.

Lanaldi luzea bete behar izaten zuten ?1890eko greba arte ez zen hamar orduko lanaldia finkatu?, eta ongi samar ordaintzen bazieten ere, beren lan eta bizi baldintzak oso gogorrak ziren: txaboletan bizi ziren, pilaturik eta higiene eta garbitasun baldintza oso kaskarretan; langilezainenmende zeuden, bai lanean bai lanetik kanpora ere, cantina sistema zela eta (ugazabek sorturiko denda sistema bat zen, dirutan ordez salgaiz ordaintzeko, langilea kontrolatzeko, langilezaina aberasteko eta prezioak garestitzeko bidea ematen zuena); destajuan aritzen ziren (lanak epe jakin baten barruan amaitu beharrez); kontratazioan gorabehera handiak izaten ziren eta, gainera, gizarteak gutxietsi egiten zituen.

Bilboko itsasadarraren inguruan izugarrizko gizarte zatiketa gertatu zen ?besteak beste sozialismoaren bilakaerak agerian utzia?, baina gainerako euskal probintzietan ez zen halakorik gertatu. Bizkaiak iritsi zuen industrializazio mailak, industrializazio prozesuaren beraren ezaugarriek eta prozesu horrek gizartean izan zuen eraginak erabat aldarazi zuen probintzia hartako errealitatea. Baina Bizkaiko industrializazio bizkor eta nahasiaren aldean, gizartearen oinarriak irauli zituen prozesu haren aldean, Gipuzkoan ekonomia molde berria gorabehera handirik gabe finkatu zen, apurkaapurka: ez zen industrialde handi edo bakarturik sortu; alderantziz, probintzia guztian zehar hedatu zen, eta beraz, ez zen langile multzo handien mugimendurik edo pilaketarik ere izan; ez zen enpresa handihandirik sortu, eta Bizkaian siderometalurgiarekin ez bezala, ez zen soilik alor batera mugatu. Gipuzkoak ere bizi izan zuen industrializazio prozesu bat, baina ez zuen hausturarik eragin gizarte antolamenduan, politikan eta gainerako alorretan. Langile mugimendua ere eratu zen ?hemen ere sozialista izan zen nagusiki, Bizkaiko maila iritsi gabe betiere?, baina Bizkaiko istiluen aldean, Gipuzkoan ez zen gizarte gatazkarik sortu. Gizarte eta lan alorrari dagokionez, beraz, oso probintzia lasaia izan zen Gipuzkoa berandu arte, Lehen Mundu Gerra arte. Eta zer esanik ez Araba eta Nafarroa.

Izan ere, industrializazioa gainerako euskal probintzietara baino beranduago iritsi zen bi lurralde hauetara, eta horrekin batera beranduago iritsi ziren langile mugimenduaren sorrera eta lan alorreko gatazkak.

Probintzia hauetan ere, Gipuzkoan bezala, gizarte auzia ez zen Lehen Mundu Gerra arte agerian gelditu, nahiz eta langileak mende hasieraz geroztik ari ziren langile elkarteetan biltzen.

Euskal langilerian sozialismoak hegemonia lortu bazuen ere, ez zen hori izan Euskal Herriko aukera sindikal bakarra. Katolizismoak indar handia zuen gizartean, baita langileen artean ere, eta 1905az gero sindikalismoan ere nabarmendu zen indar hori, aurreko urteetan Zirkuluek izandako esperientzia gainditu zuela. Baina gizartean oso erroturik egon arren, eta bere estrategian hainbat berrikuntza egin arren, sindikalismokatolikoak ez zuen jakin bere bazkideen antolamendua eta indarra behar bezala bideratzen, ezta arazo sindikaletan behar bezalako erantzunik ematen ere. Espainiako sindikalismo katolikoa, eta euskalduna horren barruan, eraginkortasun urriko edo batere gabeko antolaketa egituren mende egon zen ?1912 arte ez zen langileak eta ugazabak bereizten zituen langile organizazio espezifikorik eratu?, zalantza zegoelako greba edo beste sindikatu batzuekiko elkarlana egokia ote zen, lotura estua zuelako ugazabekiko eta elizarekiko, eta ez zuelako egin errealitateari egokituriko ekintza sindikal autonomoaren aldeko aukera garbirik. Dena dela, sindikalismo katoliko horren baitan aipagarria izan zen sindikatu ?libreen? jarduera. ?Sindikatu libreak? oso zabalduta zeuden Euskal Herri guztian, Gipuzkoan batez ere (Azpeitia, Azkoitia, Tolosa, Arrasate, Errenteria,?). Aita Rutten domingotar belgiarraren edo Gafo eta Gerard domingotar espainiarren tesiak zituzten oinarri, eta antolamendu autonomo baten eta beren jarduera unean uneko eskakizunei egokitzearen alde egin zuen 1914az gero. Horrela, grebak antolatu zituzten urrats hori ematea beharrezko ikusi zutenero, diskurtsu sinesgarria erabili zuen, eta erlijio jakin bateko izan arren, erabakiak hartzeko autonomia izan zuten.

Aipamen berezia egin behar zaio, era berean, 1911n sorturiko Solidaridad de Obreros Vascos (SOV) sindikatuari. SOVek lotura estua izan zuen ?sindikatu libreekin?, baina haiek ez bezala nazionalisten ekimenez sortu zen, bi helburu nagusi hauekin: batetik, sozialistek Bizkaian zuten indarra murriztea, eta bestetik, 1906 eta 1910. urteetako greba handien ondoren Bilboko itsasadarreko industrialdeak bizi zuen egoera zaila konpontzeko dotrina bateratzaileak erabiltzea eta adostasuna bilatzea.SOV Bilbotik Gipuzkoara hedatu zen lehenik, eta askoz beranduago, II. Errepublikan, Arabara eta Nafarroara. Sindikatu kristaua zen izatez, baina katolikoen jardueratik aldendu zen hasiera-hasieratik eta sozialistenaren oso bestelako sindikalismo bat bultzatu zuen, ez horregatik haiena baino autonomia gutxiagokoa edo erreibindikazioetan epelagoa. Jarduera eta eskaintza mutualistak egin zituen, bere oinarri ideologikoei jarraituz, eta zenbait ugazabek babesa eskaini zioten une batzuetan. Horri guztiari esker, Gipuzkoako lurralde batzuetan eta Bizkaiko ekoizpen alor batzuetan sozialisten hegemonia hautsi zuten denborarekin.

SOVek berak 1919an bere helburuez eta jardunbideez eginiko definizio batean zioenez:?Bere taktika sindikalismo integralarena da, oinarri askotariko sindikalismoarena; klase arteko harmonia du bandera. (?) Asko dira, beraz, Solidaridaden lan tresnak: jarduera kooperatibista (kontsumorako eta ekoizpenerako kooperatibak sortu), jarduera mutualista (eritasunari, heriotzari, nahitaezko langabeziari aurre egiteko sorospena antolatu), aurreikuspen jarduera (zahartzarorako eta ezintasuna gertatzen denerako erretiroak antolatu), kulturaren alorreko jarduera (liburutegiak sortu; hitzaldiak, eztabaidak antolatu; prentsan organo bat eratu, etab.), eta jarduera sindikala bera (lansari hobea edo lanaldi zentzuzkoa lortzearen, lantegietako higienea hobetzearen? aldeko lana, etab.)??.

 

1914-1930 bitarteko urteak: euskal sindikalismoaren sendotzea eta zabaltzea

Espainiako gainerako lurraldeetan bezala, euskal sindikalismoa ere Lehen Mundu Gerra garaian zabaldu zen, sindikatuen bazkide kopuruari, indarrari, eraginkortasunari eta emaitzei dagokionez. Espainiak gerran jarrera neutrala hartu izanaren ondorioz ekonomiak gora egin zuen, enpresek etekin gehiago lortu zuten eta kontsumorako oinarrizko salgaien prezioa igo egin zen. Baina horrek guztiak soldata errealaren jaitsiera ekarri zuen, eta gizarte eta lan alorretan liskar handiak sortu ziren 1916az gero. Gainera, hurrengo urtean, 1917an, espainiar sistema politikoan ere krisia sortu zen ?Errestaurazioaren krisia? eta sindikatuek eragin handiagoa izan zuten gizartean eta politikan.

Grebak egin ziren eta langile elkarteak osatzen hasi ziren, baita ordu arte halakorikia ezagutu ez zuten Euskal Herriko zenbait tokitan ere. Sindikatuak, sindikatu guztiak, indartu ziren, eta joera berriak agertu ziren, adibidez CNTren anarkosindikalismoa, edo, 1921az gero, komunismoa. CNTk, 1910ean sortua zen arren, ez zuen indar handirik Euskal Herrian: talde batzuk edo sindikalista ezagunen bat ?Galo Díez eibartarra adibidez? besterik ez zuen. Baina 1920az gero, langileen eskakizunak gogortu egin ziren eta UGT sindikatu moderatuak ezin izan zien behar bezalako erantzunik eman leku guztietan; horrek bidea zabaldu zien anarkosindikalistei, eta ordu arte sozialisten mende egondako zenbait sail eta sindikatu erakarriz, indar handia lortu zuten Euskal Herriko zenbait herritan: Gasteizen, Bizkaiko zenbait eskualdetan eta ekoizpen alorretan, Donostian, Errenterian edo Pasaian, Nafarroako Erriberako azukre lantegietan,? Baina aldaketa esanguratsuena Bizkaian gertatu zen, langileria sozialistaren beraren baitan gertatu ere. Ordu arte Facundo Perezaguak aurrera eramandako politika, klase batzuk besteen kontra jarri zituena, oso baliagarria izan zen hasieran, baina indarra galtzen hasi zen XX. mendearen bigarren hamarraldian. Hasieran eztabaida bultzatzen zuten, eta ugazabek bertan behera utzi zituzten sozialistekiko harremanak, baina, gerora, negoziazioan eta adostasunean oinarrituriko sindikalismoa egiten hasi ziren, erreibindikazioak alde batera utzi gabe betiere.

Langileak sindikatuetan biltzearen alde agertu ziren ugazabak, errazagoa baitzitzaien erakunde sendoekiko negoziazioak aurrera eramatea, eta ez aurreko urteetako bortxari eta gizarte gatazkari aurre egitea.

Baina aldaketa horrez gainera, beste bat ere gertatu zen sozialismoaren baitan: istilu askoren ondoren, Indalecio Prietok hartu zuen Perezaguaren lekua, eta zenbait alderdi aurrerazaleekiko elkarlana bilatu zuen eta lorpen demokratikoen aldeko borrokan oinarritu zuen bere jarduna, klase arteko borrokan baino areago. Estrategian izandako aldaketen osagarri, sindikatuen egitura ere aldatu egin zen: behinolako lanbidekako elkarteen ordez sindikatu industrialen alde egin zen, eraginkorragoak eta azken urteetan enpresek bizi zuten indartze eta bertikalizazio prozesuarekiko egokiagoak zirelakoan.

Horrela, sindikatuak helburu zehatzen alde hasi ziren lanean, presioa eta negoziazioa txandakatuz, eskaintza mutualista propioak egin zituzten, bazkide gehiago lortu zuten, eta PSOE alderdiarekiko identifikazio edo militantzia politikoarekiko lotura hautsi zuten, bazkide gehienak sozialista ziren arren.

Primo de Riveraren diktadurak, ordea, eten egin zuen Euskal Herriko sindikalismoaren bilakaera. Lan gatazka gutxiago izanziren, bi arrazoi nagusi hauengatik: batetik, sindikatu liskartienek ?anarkosindikalistek eta komunistek? ezkutuan jardun behar izan zuten, eta bestetik, eta batez ere, ekonomia egoera hobetzearekin batera hobera egin zuten langileen bizi baldintzek.

Bestalde, Diktadurak, ?gizarte auzia legeztatzearen? aldeko politikarekin ?berdintasunezko komiteak eratu zituen, Lanaren Kodea (1916) sortzeko arau bilketa egin zuen, ??, Espainia guztiko langileen ekimena bateratu zuen, eta lekuan lekuko edo eskualdekako esperientziak Espania osora hedatu ziren. Gizartearen normaltasun egoera hark diktadura guztian zehar iraun zuen, diktaduraren krisi gaindiezina agerian gelditu zen arte. Urte haietan zehar behin bakarrik berpiztu zen langile elkarteen jarduera, berdintasunezko komiteetarako hauteskunde garaian hain zuzen. Izan eren, UGTk, katolikoek eta SOVekoek lehian jardun zuten hauteskunde haietan, langileen ordezkaritza noren esku geldituko. UGTkoek lortu zuten garaipena azkenik, baina ez zen garaipen erabatekoa izan, gehiengoaren legea aplikatu baitzen zenbait eskualdetan eta Bloque de Unión Sindical ?1928an Bizkaian SOVek, katolikoek eta ?libreek? eratu eta beste zenbait lurraldetara hedaturiko elkartea? delakoaren zenbait sailetan.

 

Gizarte auzia II.

Errepublika garaian

Diktadura 1930ean amaitu zen, Berenguer eta Aznarren gobernualdien ondoren sorturiko ezegonkortasun politikoaren eta gizarte krisiaren ondorioz. Gizarte gatazka gogortu eta langile erakundeen indarra hazi egin zen, ustez berehala gertatzekoa zen aldaketa politiko baten itxaropenean.

1927az gero tentsio politiko eta soziala gero eta nabarmenagoa zen, eta 1930ean iritsi zen bere goren mailara. Urte hartan 1921- 1923 bitartean baino greba gehiago izan ziren: 39, datu ofizialen arabera, Bizkaian ?aitzitik, ?hiru urte gorrietan? (1921-1923) 23 greba egin ziren, batez beste, urtero?; Gipuzkoan 21 egin ziren, bakar bat ere ez aurreko urtean; eta Araba, euskal lurralde baketsuena, greben rangkineko bederatzigarren mailaraino igo zen, hamahiru greba eta sei mila langile kalteturekin. Beste hainbeste esan daiteke sindikatuen bazkide kopuruari dagokionez, Diktadura aurreko kopuruak iritsi baitzituzten atzera.

Errepublika aldarrikatu ondoren, errepublikazaleen-sozialisten lehenengo bi urteko agintaldian behinik behin, lan eta gizarte alorretako gatazka eragile nagusiak sindikatu bakoitzak errejimen berriaz zuenikuspegia eta sindikatuen arteko indar gorabehera izan ziren. Oro har, aldaketarako bide gisa ikusi zen Errepublika; gizarte egiturak eraldatzeko itxaropena ernatu zuen aldaketa politiko gisa. Errepublikarekin, hala uste zuten langileek behintzat ?eta ez haiek bakarrik?, beren betiko erreibindikazioak lortu ahal izango zituzten. Baina Errepublikako gobernuek, errepublikazale sutsuenek eta ezkertiarrek bereziki, zailtasun handiak izan zituzten langileen beharrei erantzun eta, aldi berean, errejimenaren jarraipena ziurtatzeko. Bi helburu horiek uztartzearren, egoera aldatzeko ardura Errepublikarena bazen aldaketa hori legedi berriaren barruan egin behar zela zioen ideia zabaldu zen. Eta ideia hori hobekien adierazten zuen esapidea Largo Caballerok Lan Ministerioan aurrera eramandako politika sozialista ezaugarritu zuen esapidea izan zen: ?iraultza juridikoa?.

Estrategia horrek aurrera egingo bazuen, ordea, aldaketa prozesuan parte hartu behar zuten indar sozialek, ugazabek zein langileek (bereziki langileek), eta beren oinarrien irrikak kontrolatzeko eta bideratzeko ardura behar zuten hartu. Bizkaiko UGT indartsuak bete zuen zeregin hori.

Azken batean, UGTk Aznarren gobernuaren aldeko langileak biltzen zuen sindikatu gisa definitzen zuen bere burua, eta horrela definitzen zuten gainerako guztiek ere.

Garai hartan bazituen 50.000 bazkide inguru (35.000 Bizkaian, 12.000 Gipuzkoan eta 1.500 inguru Araban zein Nafarroan), eta euskal sindikatu nagusia zen.

SOV sindikatu nazionalistak ere adostasunaren aldeko jarrera epela hartu zuen, nahiz eta horretarako arrazoiak UGTkoenen oso bestelakoak ziren. Bi arrazoi nagusik bultzatu zuten SOV jarrera hori hartzera: gizarte harmonia lortzeko nahiak, eta sortu zenetik bertatik greba kasu jakinetan bakarrikerabiltzearen alde agertu izanak. Garai hartan indar handia zuen SOVek; Gasteizko Biltzarrean (1933) ?Biltzar hartan Solidaridad de Trabajadores Vascos izena hartu zuen? bazituen 40.032 bazkide (Eibarkoan, 1929an, 8.000 inguru), 135 taldetan banatuak (63 talde Bizkaian, 52 Gipuzkoan, 12 Araban eta 8 Nafarroan). Handik bi urtera 37.000 bazkide zituen, horrela banatuak: 18.000 Bizkaian, 15.000 Gipuzkoan, 3.000 Araban eta 1.000 Nafarroan. UGT eta SO- Vek ez bezala, CNT sindikatuak (2.300 bazkide Bizkaian, 2.200 Gipuzkoan ?horietatik 1.140 Pasaiako arrantzale sindikatuan?, 1.000 Araban, eta 1.3000 Nafarroan) eta komunistek Errepublikaren bilakaera sozial eta politikoa erradikalizatzearen aldeko bidea hartu zuten, eta aurrerantzean bi talde horiek bideratu zuten langileriaren ondoeza.

Garai hartan garrantzi handiko gertaera izan zen, halaber, New Yorkeko burtsak 1929an izandako crackarekin hasi zen mundu krisia eta krisi hark euskal ekonomian izandako eragina. Euskal Herrian berehala nabaritu zen krisiaren eragina. Nazioarteko ekonomiaren beheraldiaz gainera, Errepublikako gobernuak gastu publikoa murrizteko neurriak hartu zituen, Diktaduraren amaieran Argüelles ministro erregezaleak hartutako bideari jarraituz. Bizkaiko ekoizpen ekonomiaren ezaugarriak zirela-eta ?ekipo ondasunen ekoizpenari loturiko industria astuna?, politika horrek lantegietako jarduera murriztu zuen, eta %20tik gorako langabezia sortu zen. Izan ere, Diktadura aurreko politika, kapital sozial finkoan inbertsioak (errepide, burdinbide, eta lan hidraulikoetan) egitera bideratua, oso onuragarria izan zen bizkaitar eta, oro har, euskal industriarentzat, baina defizit publiko handia ekarri zuen, eta defizit horri aurre egin behar izan zioten Indalecio Prietoren ondorengo Hazienda ministroek. Baina langabetu kopuru garai horrek gizarte egoera kaskartu zuen, El Liberalek aditzera eman zuen bezala: ?Gure herrian sekula ez da azaldu azken hilabeteetan dugunaren pareko ikuskizunik.

Nabarmena da miseria, eta handinahia ez da, oro har, grina hutsa, baizik eta hainbat eta hainbat familia langilek bizi duten egoera ekonomiko zailaren ondorioa?.

Ekonomia krisia eta haren ondorioak gertakari objektiboak ziren, baina langileek etorkizunean hartuko zuten jarreran berebiziko garrantzia izan zuen langileek berek egoera horretaz zuten ikuspegiak. Hasieran ugazaben jarrera eragozleari egotzi zioten krisiaren errua, ugazabak ez baitzeuden II.

Errepublikaren alde. Geroago, ordea, mundu guztiko ekonomia krisiari eta hari aurre egiteko ezintasuna erakutsi zuten era guztietakogobernuei leporatu zitzaien errua.

Ikuspegi aldaketa horretan zerikusi handia izan zuten agintari errepublikarrek. Izan ere, zenbait bisitaldi egin zituzten Bizkaia pobretu hartara eta ugazabek langile kopurua murrizteko ezinbesteko beharra zutela sinetsarazi zieten langileei. Aldi berean, krisiak gizartean zuen eragina murrizteko mekanismo pribatu zein publikoak martxan jartzeko ahaleginak egin ziren: langabetuentzako laguntzak (azkenean ez ziren aurrera atera), industriei eskaera handiagoak egiteko neurriak, langabetuen aldeko diru emateak. Baina artean lanean ziharduten langileen soldata erreala ez zen igo, aitzitik baizik, jaitsi egin zen 1932. urtea bitartean, nahiz eta hurrengo urtearen amaieran igotzen hasi zen berriro. Hori guztia kontuan harturik, ez da harritzekoa Bizkaian, krisiak gogorren jo zuen probintzian, lan gatazkak Gipuzkoakoak eta Arabakoak baino urriagoak izatea, nahiz eta aurreko urteetan Bizkaia izan zen probintzia gatazkatsuena. Sindikatu bakoitzak probintzia bakoitzean zuen eragina zen horren arrazoia. Bizkaian ?UGT sindikatua zen han nagusi, eta SOV zen bigarrena? gero eta gatazka gutxiago izan zen 1930 eta 1933. urteen artean (39, 39, 32, eta 15 greba urtean, hurrenez hurren), eta beste bi probintziek, berriz, kontrako prozesua bizi izan zuten: 1932. urtean izan zen lan gatazka gehien. Bi probintzia hauetan CNT edo sindikatu komunistek hegemoniarik lortu ez bazuten ere, bazen desberdintasun bat Bizkaiarekiko, eta desberdintasun hori zen UGT eta SOVen gisako sindikatuek ez zutela langileen gainean halako kontrolik, eta horrek indarra ematen ziela sindikatu liskartienei. Denborarekin, ordea, anarkosindikalistek eta komunistek behera egin zuten. Alde batetik, gatazkak elkarrizketaren bidez gainditzeko tresnak eta organismoak ?epaimahai mistoak esaterako? asmatu zituen Errepublikak, eta alde batera utzi ziren ekintza zuzenean edo gatazkan oinarrituriko jarduerak. Bestetik, langileak nekatuta zeuden gizarte tentsioan oinarrituriko politikaz, sindikatu liskartienen kontrako zapalkuntzaz, gatazkak zekarkien onura urriaz, eta frustrazioa eta etsipena nagusitu ziren langile masa errepublikazale sutsuenean ere. Horrek guztiak asko mugatu zuen anarkosindikalisten eta komunisten ahalmena, eta 1933. urtean hondoa jo zuten. Errepublikak, bestalde, ez zuen sineskortasunik galdu langileen artean, baina lehenengo bi urteko agintaldian zehar errepublika eta alderdi sozialista asko aldendu ziren beren gizarte oinarrietatik. Aldentze horren isla izan zen 1933ko azaroko hauteskundeetan izan zuten hondamena.

Eskuina atera zen garaile, eta eskuinaren garaipenak, Europako parte batzuetako gertakarien eta ikuspegien eraginak ?faxismoaren zenbait adierazpenen indar hartzeak?, eta ordu arte saiaturiko aldaketa progresibo eta erreformista bertan behera gelditu izanak jarrera aldaketa erradikala ekarri zuen. Langile sozialistek eta beren organizazioek iraultza prozesu bat eraman zuten aurrera; prozesu horren ondorio izan zen 1934ko urriko mugimendua. Prozesu hartan aintzat hartu ziren lehenengo bi urteetan finkaturiko irizpideak, eta, hala, irizpide haiek nagusi ziren guneetan hartu zuen indarra batez ere: Bilbon eta Bilboko itsasadarrean, eta Donostian, Eibarren eta Arrasaten.Mugimenduak eragin handia izan zuen herri horietan, Asturiasko maila lortu ez bazuen ere, eta hondoa jo zuenean, hura aurrera ateratzeko egindako saioen mailako hondamena bizi izan zuten. 1934ko urria ezkero, euskal langile indarrak, eta ezkertiarrak oro har ?nazionalistak barne, nahiz eta SOVek ez zuen ofizialki mugimenduan parte hartu?, erabat lurjota gelitu ziren, zapalkuntza latza jasan behar izan zuten eta etsi egin zuten. Garai oparoa hasi zen, aldiz, sindikatu katolikoentzat: 1935ean Langile Sindikatuen Espainiako Konfederazioa (CESO) eratu zuten, eta konfederazioko kide egin ziren Nafarroako eta Euskal Herriko Lanbidekako Sindikatuen Elkarteko bazkide asko eta asko (antzina katoliko ?libre? izandakoak).

1935az gero hasi zen berriro egoera aldatzen, mantso hasieran, bizkorrago 1936.. rtean, hauteskunde deialdiarekin batera.

Oraingoan Frente Popularraren inguruan bildu ziren ezkerreko indar guztiak. Koalizioak lortu zuen garaipena, eta horri esker gauzak aldatuko ziren itxaropena piztu zen, bost urte lehenago gertatu bezala. Koalizioaren garaipenak suhartasuna piztu zuen ?alor erradikalenak ere apal samar zebiltzan azkenaldian?, eta langileen asoziazionismoak lehengo maila hartu zuen: langile gehiago bildu ziren sindikatuetara, eta batez ere, biziagotu egin zen sindikatuen jarduera.

1936. urte hasieran gizarte auziaren inguruan zatiketa handia zen euskal gizartean, lan gatazkek erakusten zutenez, baina egia da, bestalde, langileen eskakizunak, gehiegikeria erretorikoez haraindi, ez zirela askonahiak; 1933. urtean etendako aldaketa prozesuaren ildoa berreskuratu nahi zuten, besterik ez. Greba handiak egin ziren Nekazaritza Erreforma aplikatzearen alde, Nafarroako landa ingurunean garrantzi handia izan baitzuen erreforma horrek ?1934an nekazari greba nazionalean parte hartu zuten?, edo langabezia tasa murriztera bideraturiko hitzarmenen alde, Iruñean eta Gasteizen apirilaren erdialdean eta ekainaren hasieran izandakoak, besteak beste.Dena dela, ezin esan daiteke 1936ko udaberrian Euskal Herriko gizarte gatazka kontrolaezina zenik. Baztertu egin dira hori zioten zenbait tesi zaharkitu, ?badaezpadako estatu kolpe? bat izan zela ziotenak adibidez, ez baitute inolako sinesgarritasun historikorik.

Aitzitik, sindikatuek langileen gainean zuten kontrola areagotu zen, eta gizarte mugimendu baketsua eta eraginkortasunaren aldekoa zen garai hartakoa.

Uztaileko militarren estatu kolpeak beste etenaldi bat ekarri zion euskal sindikalismoari, sindikatuek ez baitzuten izan udaberrian agerturiko joerak berreskuratzeko ahalmenik. Matxinatuen esku gelditu zen eremuan ?Nafarroa eta Arabako lurralde gehienak? legez kanpo utzi zituzten sindikatuak, eta bazkideak zapaldu, xahutu, espetxeratu eta, kasurik larrienetan, hil egin zituzten.

CESOko katolikoak bakarrik onartu zituzten, eta haiek ere bat egin behar izan zuten CONS falangistarekin (Euskal Herrian ez zuen indar handirik). 1937ko udan elkartu ziren, hain zuzen, eta horrela eratu zen gerora errejimen frankista izango zenaren lehenengo oinarri sindikala: Sindicatos Obreros Nacional Sindicalistas. Errepublikari leial iraun zuten Espainiako beste zenbait lurraldetan ez bezala, euskal probintzia errepublikazaleetako sindikatuek ez zuten lortu Estatuaren krisiaz baliatu eta errealitate iraultzailerik sortzerik ?horretarako aukerarik, ahalmenik edo egokierarik izan ez zutelako?. Sindikatuen ezintasuna izan zen, hain zuzen ere, euskal lurralde horien ezaugarri nagusia. Dena dela, gerrako lehen egunetan Gipuzkoako hiriburuan ?Donostiako komuna? eratu zen, anarkisten eta komunisten lanari esker batez ere. Gainerakoan, ordea, kontrol handia zuten nazionalista, sozialista eta errepublikazaleek ?are gehiago 1936ko urrian Eusko Jaurlaritza sortu zenez gero?, eta formulazio alternatiboak eragotzi zituzten. Sindikatuek, beraz, ez zuten izan Katalunia, Levante, Asturias eta Gaztelako zenbait lurraldetan adinako gaitasunik aldaketa eta iraultza bideratzeko.