Historia»Egungo aroa
Ipar Euskal Herria XIX. mendean
Frantziako Iraultzak errotik aldatu zituen gauzak Iparraldean. Ekonomia
eta gizarte arrazoiek bultzatuta ?baina orobat erlijiozkoek eta
kulturazkoek?, euskal herritar askok aurre egin zioten Iraultzari.
Gatazkak «iraultzaren beldurraren sindromea» utzi zuen ondaretzat Ipar
Euskal Herrian, eta horren argitan ulertzen da lurralde horietako
geroko politika kontserbatzailea. XIX. mendearen erdian Agosti Xaho
nabarmentzen da, haren literatura eta suhartasuna; baita Bidasoaren
alde bietako euskaldunak bilduko zituen batasun politikoaz egin zuen
defentsa ere. Ekonomiaren ikuspegitik mende txarra izan zen XIX.a
iparraldeko euskaldunentzat. Askok Ameriketara alde egin behar izan
zuten miseriatik ihesi. Baina Luis Napoleon Bonaparterekin eta
Bigarren Inperioarekin amaitu zen Ipar Euskal Herriaren bakartasuna.
Burdinbidea, turismoaren lehen urratsak, Hazparne, Maule eta Bokale
inguruen industrializatzea, Baionako portua? prozesu berriztatzaile
horren adierazpenak dira. Horri loturik, ordea, deusezten joan ziren
pixkaka herrialdearen ezaugarri bereziak, gero, III. Errepublika garaian,
gauzatuko zen kultura berdintze saioarekin batera.Ipar Euskal Herriak Bidasoa ibaiaren
iparraldera dauden euskal lurraldeek osatua
da ?Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa?;
Hegoaldeko euskal lurraldeek baino
biztanle gutxiago ditu, tamainaz txikiagoa
da, eta behartsuagoa, eta XVI. mendeazgero beste estatu baten mende egon da,
Frantziako estatuaren mende alegia. Horrek
eragin handia izan du lurralde horien izaeran.
Frantziak mendeetan izan duen kutsu
zentralista eta bateratzaileak, beste eragile
batzurekin batera, euskal lurraldeen ezaugarribereziak desegin ditu, galiar kulturaren
mesederako. Lurralde horien antzinako
mugak ez dira errespetatu, eta gaur egun
Ipar Euskal Herriak Biarnorekin batera Pirinio
Atlantikoak departamendua osatzen
du. Dena dela, euskal nortasunak eta kulturak
bizirik jarraitzen dute, eta horiei eskerrak
lurralde bakoitzak bere izaera gorde
du, nahiz eta gorabehera askori aurre
egin behar izan dien mendeetan.
Gaur egungo Iparraldearen jatorria: Iraultza eta Inperioa
XIX. eta XX. mendeetako Ipar Euskal
Herria ulertzeko ezinbestekoa da 1789ko
iraultza kontuan hartzea, hori izan baitzen
gaur egungo Europaren mugarri. Iraultzak
eten egin zuen Ipar Euskal Herriko historiaren
bilakaera, eta galiar akulturazio prozesua
hasi zuen; Iparraldeko antzinako
erakundeak desagertarazi zituen eta mugak
desegin.
Frantziako monarkia sendotzen ari bazen
ere (prozesu horren ondorioz sortu zen
Luis XIII.az geroztik Estatu absolutista), ez
zen gauza izan finantza eta politika krisi
larriari aurre egiteko. Krisi horrek iskanbila
iraultzailea sortu zuen, ustekabeko eragina
izango zuena: 1789ko Frantziako Iraultza.
Luis XV.aren gaitasun ezak, Estatua porrot
ekonomikora eraman zuten finantza arazo
gero eta ugariagoek, eta 1714az gero kanpo
politikan Frantziak izan zituen porrotek,
Koroaren izen ona galarazi zuten. Koroak,
bestalde, behin eta berriro eutsi behar izan
zion Parisko Parlamentuari errege ordenak
kontrolatzeko egin zituen saioetan. Egoera
horrek behartu zuen Luis XVI.a 1789. urtearen
hasieran Estatu Orokorrak deitzera,
izan ere, Parlamentuak balditza hori jarri
zion erregeari Koroaren zerga berrikuntzak
onartzea nahi bazuen.
Hirugarren Estatuko diputatuak, apaizgoa
eta aitoren semeak deitu zituzten Estatu Orokorretara, eta hartarako Cahiers de
doléances ospetsuak erredaktatu zituzten;
bertan, beren kezkak eta erreibindikazioak
adierazten zizkioten erregeari talde haiek.
Euskal diputatuek ere erredaktatu zituzten
beren Cahiers-ak; horietan, monarkiako
gainerako lurraldeetako eskariekin batera
beren erakundeen berezitasuna defendatzen
zuten. Frantsesez eta euskaraz idatzi ziren
euskal diputatuen kezka koadernoek Iparraldean
euskal izaeraren kontzientzia bazela
erakusten dute. Lapurdiko koadernoek,
esaterako, absolutismoak higatu zituen antzinako
erakundeak berrezartzea eta Baionako
apezpikuak euskaraz egitea eskatzen
zuten; Zuberoakoek, berriz, beren eskaerak
indartzen zituzten esanaz ?Zuberoako
biztanleak askeak dira?. Nafarroa Behereak
hasieran ez zuen diputaturik bidali Frantziako
Estatu Orokorretara, beste erreinu bat
osatzen zuela esaten baitzuen; baina, azkenean,
?erregearenganako diputazioa? osatu
zuen erregeari kezka koadernoak erakusteko.
Koaderno horietan 1620ko Edit
d´Union deuseztea eskatzen zen (Edit horren
bidez Luis XIII.ak, protestanteek sortutako
gatazkekin bukatzeko aitzakiarekin,
Nafarroa Beherea Frantziako Koroari lotzea
agindu zuen eta erakunde berriak jarri zituen
bertan), baita Koroak indarrez kendutako
eskubideak berrezartzea ere: erregeak
Estatuen aurrean zin egitea, Nafarroako dirua,
Luis XIII.ak kendutako Donapaleuko
Kantzileritza berrezartzea, eta Nafarroako
armarriaren ordez Frantziakoa jarri zen lekuetan
berriz ere Nafarroakoa jartzea. Eskakizun
horiek, ordea, ustel atera ziren.
Estatu Orokorrek, ekainaren 16az gero
Biltzar Nazionalean bilduta, 1789ko abuztuaren
4an nobleziaren eta apaizgoarenpribilejioak deuseztearen alde eta monarkiako
zenbait lekutan indarrean zirauten
erakunde tradizionalak ezeztatzearen alde
bozkatu zuten. Lapurdiko Biltzarrari eta
Nafarroa Behereko eta Zuberoako Estatuei
eragiten zien neurri horrek; euskal erakundeen
berezitasunaren desagertzea adierazten
zuen. Horrek guztiak haserrea eta protesta
sortu zituen Iparraldean. Lapurdiko Biltzarrak
memoria bat bidali zion Batzar Nazionalari
Lapurdiko erakundeen alde eginez
eta herri matxinada bat izango zela
mehatxu eginez. Zuberoak, bestalde, bere
diputatuak kendu zituen, eta Nafarroa Behereak
mehatxu egin zuen bere nortasuna
errespetatzen ez bazen, Frantziatik bereiziko
zela. Nafarroa Behereko Biltzarrak Nafarroako
Erregearen titulua kendu zion frantziar
erregeari Koroarekin zituen harremanak
eteteko asmotan. Hori guztia alferrikakoa
gertatu zen, ordea.
Iraultzaren lanak hastea besterik ez zuen
egin. 1789ko urrian Batzar Nazionalak Frantziako
administrazioa berregituratzeari ekin
zion. Estatua departamenduetan banatu zen,
eta horiek aldi berean barruti eta udalerrietan.
1790eko urtarrilean sortu zen Behe Pirinioetako
departamenduak administrazio
barruti berean bildu zituen euskaldunak eta
biarnotarrak (Biarno, Zuberoa, Nafarroa
Beherea, Lapurdi eta Baiona hartzen zituen).
Beraz, ez zen aintzat hartu Lapurdiko Biltzarrak
bere azken bilkuran egin zuen proposamena:
hiru euskal probintziak federazio
batean batzea, beraien artean ?ohitura
eta lege berdintasuna? zegoela eta. Lapurdiko
diputatuek, Garat anaiek, gogor egin
zuten neurri haren kontra; baina, horrekin
lortu zuten gauza bakarra Uztaritze barrutiko
buru hautatzea izan zen, Baionarenkaltetan (dena dela, Baiona izan zen benetan
barrutiko administrazioaren gune).
Iraultzaren lanak aurrera jarraitzen zuen,
eta gero eta gorroto handiagoa zitzaion
Iparraldean: maiorazko eskubidea deuseztu
zen, eta ondorioz, lur sail txikietan banatutako
lurraldea gehiago banatu zen; herri
lurren erabilera kolektiboa baliogabetu zen,
eta hura izan zen, hain zuzen, nekazarien
gutxieneko ongizatearen oinarri mendeetan;
apaizgoaren konstituzio zibilaren legeak
asko mindu zituen euskaldunak; etab. Horrek
guztiak Iraultzaren kontrako jarrera
bizia sortu zuen Iparraldean. Apaizgoaren
Konstituzio Zibilak eliz barruti berriak sortu
zituen: eliz barrutiak eta departamenduak
bat egin zuten. Horren arabera Behe Pirinioetako
eliz barrutia sortu zen, egoitza
Oloroen zuela. Sanadon beneditarra, Essai
sur la noblesse des Basques liburuaren egilea,
izendatu zuten bertako apezpiku. Baionako
aurreko apezpikua, berriz, ?errefraktario?
izateaz salatu zuten (hala esaten zitzaien
1791ko Konstituzioa zin egiten ez zuten
apaizei), eta Nafarrora aldegin zuen. Apaiz
errefraktario ugari izan zen Iparraldean, eta
horietako askok Espainiara emigratu zuten.
Horrez gainera, Estatuan hizkuntza batasuna
lortzeko ahaleginak egin zituen Iraultzak;
patois hizkuntzak esetsi zituen, hau da,
frantsesa ez ziren gainerako hizkuntzak,
horien artean euskara. Ahalegin horrek eragin
negatiboa izan zuen oso; hala eta guztiz
ere, Konbentzioak ?1792ko irailean I.
Republika ezarri zenetik, 1795eko urria arte
gobernatu zuenak? euskara erabili zuen
informazio eta propaganda iraultzailearen
bide gisa, ahalik eta jende gehienak jaso
zezan Iraultzaren mezua.
Luis XVI.a gillotinan hil ondoren hasi
zen Frantziaren eta Espainiaren arteko gerrak
(1793) txartu egin zuen Iraultzaren irudia
Iparraldean, bertatik etengabe igarotzen
baitziren gudarosteak, eta eten egin baitziren
Frantziak Espainiako erreinuarekin zituen
harremanak. Montagnard Konbentzioak
représentants en mission ?horien artean
Monestier, Pinet eta Cavaignac nabarmendu
ziren erabili zuten indarkeriagatik? bidali
zituen muga babesteko, eta Mendebaleko
Pirinioetako gudarosterako gizonak biltzeko.
Horrek Izua zabaldu zuen Iparraldera:
susmagarriak epaitzeko eta kondenatzeko
epaitegi bereziak osatu ziren, eta
Baionan eta Donibane Lohizunen gillotina
erabili zen. Soldadutzara derrigorrez joan
beharrak Iparraldeko atsekabea areagotu
egin zuen; hala ere, herri batzuek, Garazi
eta Baigorrik esaterako, gogo onez babestu
zuten muga, Ebroko ibarrarekin betidanik
izan baitzituzten gatazkak.
Baigorriko Jean Isidore Harispe, adibidez,
gudaroste iraultzaileko jeneral izatera
iritsi zen; Napoleon Bonapartek Inperioko
konde eta Ohorezko Lejioko ofizial nagusiizendatu zuen, eta Napoleon III.aren agintaldian
Frantziako mariskal izan zen. Dominique
Joseph Garat lapurtarra ere Iraultzaren
aldekoa izan zen; Biltzar Konstituziogilean
Lapurdiko Hirugarren Estatuko diputatu
izan zen, eta Konbentzioko gobernuetan
Justizia eta Gobernu ministro, hurrenez
hurren. Garatek berak esan zion Luis XVI.ari
heriotzara kondenatu zutela. Napoleonek
senadore, konde eta Ohorezko Lejioko
komendadore izendatu zuen Garat. 1803-
1809 urteen bitartean hainbat txosten bidali
zizkion Napoleoni, eta txosten horietan
adierazten zuen egokia litzatekeela euskal
lurraldeak bereiztea Europako inperioaren
barruan, mugaren alde bateko zein besteko
euskal probintziak konfederazio batean
bilduz.
Euskaldunak, oro har, Iraultzaren kontrakoak
baziren ere, Iraultzaren alde egiteko
prest zeuden taldeak ere izan ziren.
Parisko Jakobinoen Taldearen mendeko
Herri Elkarteak, esaterako, ugariak izan ziren.
Elkarte horietako batzordeek zelatari
lana egiten zuten, udalen kudeatzea kontrolatzen
zuten eta susmagarriak salatzen
zituzten. Elkarte gogorrenetako bat Donibane
Lohizuneko Chauvin-Dragon Elkarte
Iraultzailea izan zen, Fonrouge apaiza buru
zuela. Elkarte horrek eskatu zuen Sarako
biztanleak erbesteratzea ?Iraultzaren kontrako
gune garrantzitsua izan zen Sara, eta
bertako apaiz konstituzionala herritik bota
zuten saratarrek?, ?herri honetan aristokrata
besterik ez da bizi? salaketapean. Haren
asmoa ez zen hutsean gelditu, eta 1794ko
martxoaren 3an, Pinet eta Cavaignac représentants
en mission-ek Sara, Itsasu eta
Azkaineko biztanleak eta Ezpeleta, Zuraide,
Ainhoa, Kanbo, Larresoro eta abarretako
susmagarriak erbesteratzeko agindu
zuen. 4.000 lagunetik gora eraman zituzten
Landesera. Urte bereko irailaren 30eaneman zen dekretu baten ondoren beren
herrietara itzuli zirenean, guztia lapurtuta
eta ondasunak konfiskatuta zeuzkaten.
Izuaren gehiegikeriak asko gogortu
zuen prozesu iraultzailea eta ondorioz iraultzaren
kontrako aldia hasi zen, Thermidor
Konbentzioak antolatuta. 1795eko irailean
Konbentzioak, herriaren eraginaren beldur,
jauntxoen gobernuari utzi zion lekua, Direktorioari
alegia. Agintaldi horretan Napoleon
Bonaparte korsikar militar gaztea nabarmentzen
hasi zen. Zenbait politikari eta
intelektualek gobernu berri eta sendo baten
gogo sendoa zuten, 1789ko lorpen nagusiak
?gizonen askatasuna eta legearen
babesa? gordeko zituena. Bonapartek, gogo
hartaz oharturik, 1799ko urriaren 9an estatu
kolpea jo eta boterea eskuratu zuen.
Zenbait garaipen militarrek indartuta, gobernu
autoritarioa ezarri zuen. 1804an Frantziako
Enperadore koroatu zuten. Napoleonen
helburu nagusia Frantziaren nagusitasun
militarra, politikoa eta ekonomikoa
Europara hedatzea zen, eta gerraz baliatu
zen hura iristeko.
1795-1813 bitartean Iparraldean ez baziren
ere gerraren zuzeneko eraginak jasan,
zeharkako ondorioak ugariak izan ziren:
euskal ontzidia hondatu, arrantza suntsitu
eta kostaldea hustu. Horrez gainera, Espainiako
gerrara zihoazen gudarosteak bertatik
igarotzea ?350.000 gizon 1807-1810 bitartean?
zama astunegia izan zen nekazarientzat.
Dena dela, 1808. urtean Baionan
ezarri zen zenbait hilabetez inperioaren
gortea ?hilabete horietan, Napoleonek Espainiako
Koroa eskuratu zuen, eta ondasun
berriaren etorkizuna erabakitzeko Baionako
Biltzarra osatu zuen?, eta horrek Baionako
merkataritza berpiztu zuen. Baionan,
Miarritzen eta Kanbon aritu zen Napoleon
Grande Armée-ko soldaduentzat termen
bila; hala ere, Napoleon Iparraldean egoteak
ez zuen garrantzizko ondoriorik izan.
Inperio Frantsesak galdu zuenean Espainian
zuen nagusitasuna, Wellington jeneralaren
gudarosteak Iparraldea hartu
zuen. Gudaroste frantsesak atzera egin behar
izan zuen poliki-poliki. 1813ko abuztuan
Wellingtonek Errobi ibaia igaro eta
Hiriburuko eta Mugerreko guduak irabazi
zituen. Baiona, Thouvenot jeneralak babestua,
1814ko apirilaren 14an setiatu zuen
Wellingtonek, eta martxoaren 31n, Parisen
sartu ziren aliatuak. Angulemako dukea
Donibane Lohizunetik sartu zen ofizialki
Frantzian. Harrezkero, bakea izan zen berriz
ere Iparraldean.
Iraultzak, eta Iraultzaren luzapen izan
zen Inperioak, oroitzapen tristeak utzi zituen
Iparraldean, eta ez bakarrik gerra izan
zelako. Erakunde tradizionalak desagertzeak,
euskara debekatzeak eta Iparraldeko
lurraldeak beren nortasuna kontuan hartu
gabe berregituratzeak, euskal eskubideakgalarazi zituen garaiaren irudi bihurtu zituzten
urte haiek. Harrezkero, ?iraultzaren?
beldurra nagusitu zen euskaldunengan, eta
ondorioz, jarrera politiko kontserbadoreak
sortu ziren; horregatik, ordena eta bakea
mantenduko zituzten eskuineko alderdien
alde egin zuten XIX. mendeko hauteskundeetan,
salbuespen bat edo beste salbu.
XIX. mendeko
lehen erdialdeko
bizitza politikoa.
Agosti Xaho
Luis XVIII.arekin erregetza berriz ezarri
zenetik (1814-1815) Bigarren Inperioa iritsi
zen arte (1851), Iparraldeak ez zuen lekurik
izan Frantziako politikan. Luis XVIII.ak,
eskutitz baten bidez, ordezkarien gobernua
?Iraultzaren lorpen nagusietako bat? mantenduko
zuela adierazi zion nazioari. Baina
Luis XVIII.aren eta bere ondorengo Karlos
X.aren garaiko errejimen zentsitarioak
batetik, eta etengabeko krisiek sortu zuten
behartasun egoerak bestetik, asko murriztu
zituzten euskaldunen hauteskundeetan
parte hartzeko aukerak. 1817ko hauteskunde
legeak, ondasunen arabera, 100.000 laguneko
hautesle kopurura zehazten zuen;
beraz, lurjabeek osatzen zuten hautesleen
gehiengoa. Dena dela, hautesle kopurua gutxitzearren,
nahi bezala erabili zuten hamarraldi
batez lege hura. 1829an, esaterako,
158 hautesle eta 14 hautagai besterik ez
zeuden Iparraldean.
1830eko Iraultzaren ondoren, Luis Felipe
Orlèanskoaren (?errege burgesa?) erreinaldia
ezarri zenean ?errejimen liberalagoa
jarri zuen, Parlamentuaren boterea gehitu
zuen eta erregearena gutxitu?, gauzak ez
ziren asko aldatu, nahiz eta hauteskunde
lege berriak botoa emateko zergak 300 liberatik
200era beheratu zituen. Iparraldea,
baliabideei dagokionez, lurralde pobrea zen
eta ?biztanle aktibo? gutxi zituen hautesle
edo hautagai izateko ordaindu behar zen
diru kopurua ordaintzeko gai. Bestalde,
Iparraldea bi hauteskunde barrutitan banatuta
zegoenez (Baiona eta Maule), hautesle
gehienak herribildu horietako burgesak eta
negozio gizonak ziren. Herriak, hitzik gabe
ere, bazuen oraindik bere interesen eta bizimoduaren
alde egiteko beste baliabiderik,
kale protesta esaterako. Hala, 1827an
Code Forestier-ek herri lur gehienak konfiskatu
zituenean eta herriari kendu zizkionean
lur horiengan zituen eskubideak ?su
egiteko eta eraikuntzarako egurra, transhumantzia
igarotzeko baimena, bazka, etab.?,
nahasmendua nagusitu zen Frantzian; handik
urte batzuetara, 1848ko maiatzaren 9an,Atharratzen matxinada bat sortu zen, gudarosteak
esku hartzerainokoa. Armendaritzen,
Amikuzen eta Izuran ere izan ziren
manifestazioak.
1848ko Iraultzak erabat aldatu zuen
egoera hura. Aberastasunen banaketa okerrak,
langileen miseria egoerak eta eskubide
politikoen mugak, atsekabea sortu zuen
herriarengan, eta 1848ko otsailean higikunde
iraultzailea sortu zen; Luis Felipe Orlèanskoa
abdikatzera behartu eta II. Errepublika
ezarri zuen Iraultzak (1848-1851).
Bestalde, sufragio unibertsala ezarri zen gizonentzat.
250.000 hautesle izatetik 10 milioi
izatera igaro zen bat-batean. Lehen aldia
zen historian adin nagusitasuna zuen
gizon orok botatzeko aukera zuena. Aldakuntza
hori, ustez, demokraten aldekoa
bazen ere, kontserbadoreek irabazi zituzten
hauteskundeak. Kontserbadoreen propaganda
sistema eta antolakuntza eraginkorragoak
ziren, eta erakutsi zuten herriarengan
eragin handia zutela. Iparraldea, ordea,
salbuespena izan zen. 1848ko apirilean, Biltzar
Konstituziogilea osatzeko hauteskundeetan,
hautagai errepublikazaleek irabazi
zuten Nafarroa Beherean, Zuberoan eta
Baionan; Lapurdin, aldiz, kontserbadoreak
gertatu ziren garaile.Hala ere, 1849ko hauteskundeetan errepublikazaleen
gainbehera etorri zen, kontserbadoreen
mesedetan. Iparraldean, harrezkero,
eskuina izan zen nagusi. Aukeraketa
horren arrazoia Iraultzak berak azaltzen
du: Iraultzaren indarkeriak ?1848an ere
manifestaldiak eta barrikadak nagusitu ziren?
eraman zituen euskaldunak ?ordena?
gordeko zuten alderdietarantz. Errepublika
itxaropenaz hartu bazen ere, Errepublikaren
gehiegikeriak beldurra eta kontrako jarrera
sortu zituzten herriarengan. Bestalde,
kontserbadoreek joera demokrata-sozialistaren
kontra egin zuten propagandak eragin
handia izan zuen; jabetza pribatua, erlijio
fedea eta familia arrisku larrian jartzen
zituen joera gisa aurkeztu zuten.
II. Errepublikaren garaiko politikan zuberotar
bat nabarmendu zen, Iparraldeko
etorkizunean garrantzi handia izango zuena:
Agosti Xaho idazle erromantikoa eta
errepublikazalea, hain zuzen. Biltzar Konstituziogilea
osatzeko 1848ko hauteskundeetan
ospetsu egin ziren Agosti Xaho, hautagai
errepublikazale erradikala, eta Michel
Renaud. Michel Renaud Donibane Garazin
jaio zen 1811n; errepublikazale erradikala
zen, eta diputatu hautatu zuten 1848an,
1849an eta 1871n, eta senadore 1882an.
Agosti Xahok ez bazuen ere politikan haren
maila iritsi, erraz gainditu zuten Xahoren
pentsamenduak eta literatura lanek
Renauden maila.
Xaho Atharratzen (Zuberoa) jaio zen
1811n, eta Oloroeko Apaizgaitegi txikian
egin zituen lehen ikasketak. 19 urte zituela
Parisa joan zen sortaldeko hizkuntzak ikastera.
Parisko areto erromantikoetara joaten
zen, eta obra ugari idatzi zituen garai hartan.
1834an Paroles d´un voyant, Lamenaisen
Paroles d´un croyant lanari erantzuten
diona, eta Aztibegia idatzi zituen, azti liburuak
biak. Pentsalari libre, antiklerikal eta
errepublikazale erradikaltzat zuten guztiek;
karlisten alde egin zuenean, ordea, bestelako
irudia agertu zuen. Lehen karlistaldian
Nafarroara joan zen eta karlismoaren alde
borrokatu zen; 1838an Karlos erregegaiaren
emazte Beira printzesari muga igarotzen
lagundu zion. Parisa itzuli zenean Voyage
en Navarre pendant l?insurrection des
Basques lan ospetsua argitaratu zuen (1830-
1835).
XIX. mendeko erromantizismoaren araberako
idealista izan zen Xaho. Kapitalismoaren
kontrako, sozialista, iraultzaile, antiklerikal,
igarle?, adjektibo horiek guztiak,
hala ere, ez dira nahikoak Xaho definitzeko.
Haren garrantzia, ordea, bere pentsamendu
politikoaren orijinaltasunean oinarritzen
da batez ere. Bi liburutan adierazi
zuen pentsamendu hori: Voyage en Navarre
pendant l?insurrection des Basques
(1836) eta Paroles d´un Biscaien aux Liberaux
de la reine Christine (1834). Aurrenetakoaizan zen euskal nazioaren alde egiten
eta Bidasoaren bi aldeetako euskaldunen
batasun politikoa eskatzen; haren ustetan,
bi alde horien arteko muga artifiziala
zen erabat. Euskal nazionalismoaren aitzindaria
izan zela esan daiteke. Euskal kulturaz
arduraturik, euskararen linguistika aztertu
zuen; hizkuntzetan zaharrena eta perfektuena
zen haren iritziz euskara. Antoine
d´Abbadierekin batera Études grammaticales
sur la langue basque idatzi zuen, eta
zazpi herrialdeetako euskaldunei eskaini
zien lana (?Zazpi Uskal Herritako Uskalduner?).
1844an Ariel egunkaria sortu zuen,
euskaraz idatzitako eranskina zuena (Uscal-
Herrico Gaseta). Hura izan zen, hain zuzen,
euskal kazetaritza idatziaren lehen
urratsa.
1838an Okzitaniako Tolosara joan zen
Xaho eta La Revue des Voyants aldizkaria
sortu zuen han ?Les Voyants sekta misteriotsuaren
gidaritzat zuen bere burua, berak
asmatua seguru asko?. 1844an Baionan
hartu zuen bizilekua, Lespès irarlearen
etxean. Lespèsek berak fundatu zuen albistarian
parte hartzera gonbidatu zuen Xaho.
Xahok, ordea, nahiago izan zuen Ariel
egunkaria argitaratu; bertan, eztabaida handia
sortu zuten artikuluak idatzi zituen Parisko
jende ospetsuari buruz. Euskaldunei
buruzko hainbat ikerketa ere argitaratu zituen
bere egunkarian. Baionako Udal Kontseiluko
eta Goardia Nazionaleko kide izan
zen, baita Behe Pirinioetako Kontseilu
Orokorreko kide ere. Biltzar Konstituziogilerako
hauteskundeetara aurkeztu zen, baina
21.000 boto lortu bazituen ere, ez zuten
diputatu aukeratu. 1849an Biltzar Legegilerako
aurkeztu zen, baina istripu bat izan
zuen hauteskunde ekinaldian eta 127 botoko
aldeagatik ez zen gertatu garaile. Luis
Napoleon Bonaparteren estatu kolpearen
(1851) ondorioz Ariel ixtera behartu zuten
eta Xahok erbestera ihes egin behar izan
zuen. Belgikara joan zen lehenik, Belgikak
ez zion babesik eman, ordea, eta Gasteiza
joan zen ondoren. Gazteizen urtebete egin
zuen, eta han zela Lettres d´un exilé lana
idatzi zuen. Aita hil ondoren Baionara itzuli
eta idazten jardun zuen buru-belarri.
1856an euskara-frantsesa-gaztelania-latina
hiztegiaren lehen zatia argitaratu zuen (La
guerre des alphabets); hiztegi hori, dena
dela, amaitu gabe gelditu zen. 1858an hil
zen Xaho 47 urte zituela.
Migrazioak
Iraultzako eta Inperioko gerrak igaro
ondoren, Iparraldeak arazo berriei aurre
egin behar izan zien XIX. mendearen hasieratik
beretik. 1816-1817 urteetatik aurrera
hainbat krisi izan ziren nekazaritzan eta
eskulangintzan, hainbat arrazoik sortuak:salneurrien bat-bateko igoera, laboreak garestitzea,
uzta txarrak biltzea, hainbat izurritek
nekazaritza jotzea, gosea eta eskulangintzaren
urritzea. 1848an 900 zapatari zeuden
Hazparneko erroldan, horietatik 870
lanik gabe. 1847an ikaragarrizko gorapena
izan zuen bihiaren prezioak. ?Patataren
gaixotasunak? galera handiak ekarri zituen
1845-1854 urteen bitartean; oidio izurriak
(1852) eta filoxerakoak (1869) erabat hondatu
zituzten mahastiak. Nekazariak, krisiak
zirela-eta, erabat pobreturik eta zorrez beterik
zeuden, eta askok hirietara eta Ameriketara
aldegin zuten herria utzita.
1830. urteaz gero ozeanoaz haraindiko
emigrazioak masa fenomeno bihurtu ziren
?ezin zenbatuzko emigrante kopurua, asko
klandestinoak baitziren?. Hego Euskal Herrian
baino emigrante gehiago izan zen Iparraldean.
1825-1900 urteen bitartean Ameriketara
100.000 euskaldun eta biarnotar
inguruk emigratu zutela uste da. Mauleko
barrutian izan zen emigrazio gehien: 4.311
lagun 1832-1841 urteen bitartean; Baionan,
aldiz, 2.312 lagun izan ziren, eta Paben 44.
Behe Pirinioetako departamenduak 400.000
biztanle zituen 1821ean, eta 1846-1872 urteen
bitartean 39.160 biztanle gutxiago, %9
gutxiago alegia; horietatik 21.000 inguru
1846-1856 urteetan joanak.
Lapurtarrek, zuberotarrek eta behe nafartarrek
arrazoi ugari zituzten Mundu Berrira
joateko: Iraultza eta Inperioko gerrek
sortutako merkataritza krisia eta Lapurdiko
kostaldearen hondamena; lurraren jabegoa
galtzea eta herri lurrak desagertzea; soldaduska
luze eta gogorra egin beharra gudaroste
frantsesean ?Iraultzaz gero derrigorrezkoa?;
nekazaritzaren egoera larria, eta
biztanle kopurua asko handitu izana 1830-
1856 urteen bitartean; helmuga herrialdeek
beren lurretan bizitzeagatik eskaintzen zituzten
erraztasunak lur sailak eskuratzeko,
etab. Euskal familiaren egiturak, bestalde,
asko errazten zituen migrazio mugimenduak.
Familiaren etxea oinordeari zegokionez
gero, gainerako senideek emigratu egin
behar zuten ezkondu eta familia berri bat
osatu nahi bazuten. Etxe bakoitzean oinordeko
bakarra zegoenez gero, eta familia bakoitzean
lau edo bost senide zirenez gero,
etxeko hiru edo lau lagun zeuden emigratzeko
gai. Euskal Herrian, beraz, aspaldikoa
zen emigratzeko ?ohitura?; XIX. mendean,
ordea, ezin pentsatuzko maila iritsi
zuen ohitura horrek.
Inmigrazio ajentziek garrantzi handiko
lana egin zuten garai hartako migrazioetan.
Hiru ajentzia izan ziren Bordelen, eta bi
Iparraldean; horiez gainera, legez kanpoko
emigrante biltzaile ugari sortu zen. Bordelen
zen Argentinako kontsulak eta nabigazio
konpainiek ere emigratzera bultzatzen
zuten. Haientzat negozio handia zen hura,
beren gehiegikeriak zuritzeko ezin hobea?20 libera irabazten zituzten biltzen zuten
langileko; bidaia txartelekin espekulazioan
aritzen ziren??. Euskaldun Ona-ko iragarkietan
ajentziek eskaintzen zituzten gauza
miragarriak Mundu Berrirako bidean itsasontziratu
bezain laster desagertzen ziren.
Hala, ezin okerragoak izaten ziren bidaia
baldintzak. Lehen hamar edo hamabost
urteetako emigrante gehienak 18 urtetik
beherako gizon eta emakumeak izan ziren,
haiek ez baitzuten derrigorrez pasaporterik
eraman behar. Gehiegikeria horiek guztiak
behartu zituzten agintariak eta Eliza
herritarren begiak zabaltzera. 1853an Messager
de Bayonne-k ?Montebideoco Berriac?
olerkia argitaratu zuen; Ameriketarako emigrazioaren
kontra egiten zuen bertan, eta
huraxe izan zen, hain zuzen, urte hartan
bertan Urruñan antolatu zen olerkigintza
lehiaketarako gaia. Iturbidek Plaintes d´un
Basque a Montevideo idatzi zuen 1857an,
eta Elissamburuk Xori berriketari 1871n.
Guztiek salatzen zituzten euskaldunek
Ameriketan jasaten zituzten zorigaitzak:
miseria, erlijio eza, lapurretak, prostituzioa?
Baina ahalegin haiek guztiak ez
ziren nahikoak izan migrazioen goraldia
geldiarazteko.
?La Platako herrialdeak? ?Argentina,
Paraguai eta Uruguai?, Mexiko eta Txile izan
ziren helburu nagusiak. Hasieran Txile izan
zen helburu nagusia, gainerako La Platako
herrialdeek, ordea, berehala hartu zuten
haren lekua. 1842an, esaterako, 12.000 frantses
bizi ziren Buenos Airesen eta 14.000
Montevideon, horietarik gehienak euskaldunak
eta biarnotarrak. La Platako gobernuek,
beren herrialdeak jendeztatzeko irrikitan,
lur sailak eskaintzen zizkieten kolonoei,
eta hura izan zen, hain zuzen, emigrante
asko hara joateko arrazoia. 1832-1884
urteen bitartean 64.000 lagunetik gora itsasontziratu
ziren Baionan La Platarako bidean,
horietarik herena euskaldunak. Argentina
zuten helburu gustukoen. Eta behin
Argentinan Pampan hartu zuten bizilekua
gehienek; artilea landu zuten eta behiak
hazi zituzten, oro har. Euskaldunen
bizilekuak nekazari kolonia garrantzitsuak
bihurtu ziren, eta euskal izen ugari agertu
ziren Argentinako leku izenen artean. Koloniak
ezin osatu zituzten emigranteak lan
ugaritan aritu ziren: abeltzaintzan, gazitze
lantegietan ?gazitegi ospetsuak?, ardiei ilea
mozten, larrua ontzen, esnea saltzen eta
esnekiak egiten, edo, beranduago, izozte
lantegietan. Beste batzuk garraioan, egurraren
edo ikatzaren salerosketan, edo ostalari
aritu ziren. Garai hartako euskal ostatu
asko estalpe eta aldi berean lan ajentzia izan
ziren. Lur jabe edo industria gizon ospetsu
izatera ere iritsi ziren batzuk. Lur jabe haien
ondorengoek baldintza ekonomiko ezin
hobeak jaso zituzten, eta garrantzi handiko
kargu publikoak izan zituzten beren esku.1850. urteaz gero euskal emigranteen
helburu nagusia Estatu Batuetako mendebaleko
kostaldea izan zen ??urrearen sukarrak?
erakarrita gehienbat?, eta XX. mendea
arte izan zuten euskaldunek gustukoen
helburu hura. Emigrante haiek ez ziren
bakarrik Frantziatik joanak, Mexikotik eta
Txiletik ere euskaldun asko joan ziren Estatu
Batuetara. Urrearen sukarrak, ordea,
jarduera ekonomiko egonkorragoei utzi zien
lekua berehala: abere hazkuntza eta abeltzaintza
(arkumeak batez ere) eta ostalaritza.
Ameriketara joandako euskaldunek bizirik
eutsi zieten beren sustraiei; jaioterrira
itzultzeko zuten grinak erreferentzia kulturalak
gordetzera bultzatzen zituen, egunen
batean haietara itzultzeko itxaropena baitzuten.
Inguru berrira ondo egokitu baziren
ere, elkarri laguntzeko eta babesteko,
beren nortasuna gordetzeko eta beren ohiturak
berpizteko, elkarteetan bildu ziren.
Hala, euskal elkarteak sortu zituzten. Elkarte
horiek Hego Euskal Herriko emigranteen
elkarteak baino berriagoak eta gutxiago
baziren ere, garrantzi handia izan zuten.
Aipagarria izan zen Buenos Airesko Etxe
euskaldun-frantsesa, 1895eko apirilaren
1ean zabaldua. Aldizkariak ere sortu zituzten:
Los Angelesko Eskualdun Gazeta
(1885), Kaliforniako Eskual Herria (1893),
esaterako.
Bigarren Inperioa eta industrializazioaren hasiera
II. Errepublikaren garaian, burgesek,
katolikoek eta nekazariek Luis Napoleonen
?Napoleon Bonaparteren hiloba? aldeko
botoa eman zuten, ezker iraultzailearen
gehiegikerien beldur baitziren. Hala, 1848ko
abenduaren 10ean Errepublikako lehendakari
izendatu zuten Luis Napoleon. Burokrazia,
armada eta Eliza alde izan zituenean,
Estatu kolpea eman zuen (1851ko
abenduaren 9an). Erregezaleen eta errepublikazale
erradikalen kontrako estatu kolpea
izan bazen ere, errepublikazaleen kontrakoa
zirudien, izan ere, horiek izan ziren
aurre egin zioten bakarrak. Konstituzio berri
bat jarri zuen, eta, Senatuaren laguntzarekin
eta botoen %97 lortu zuen plebiszito
baten ondoren, oinordekotza Inperioa ezarri
zuen 1852ko abenduaren 2an (Austerlitzeko
guduaren urteurrena).
?Iraultzaren aldiari amaiera ematea? zen
Napoleon III.aren helburu nagusia: horretarako,
gobernua despolitizatu eta Frantziako
ekonomia eta gizartea berrituko zituen
botere eragile sendoa eta iraunkorra osatu
beharra zuen. Biztanleek, hasieran, begionez ikusi zuten Errejimen berria (plebiszito
bidez ezarritako diktadura), sozialistek
nahasmendua eragingo zuten beldur baitziren
(?beldur gorria? esan zitzaion). Estatu
kolpearen legezkotasuna lortu nahian
abenduaren 20-21ean antolatu zen plebiszitoaren
arabera, Iparraldeko biztanleak errejimen
berriaren aldekoak ziren, erabat: guztira
87.827 boto emaile ziren, eta horietatik
83.474 lagunek eman zuten baietza. Baiona
izan zen gehiengoa errepublikazalea izan
zuen bakarra. 1852ko hauteskunde legegileetan
bonapartismoaren arrakasta erabatekoa
izan zen: 94.523 bototik, baiezkoak
93.510 izan ziren. Jean Baptiste Etcheverryk,
hautagai ofizialak, 24.000 boto inguru lortu
zituen; 1857 eta 1863. urteetako hauteskundeetan
ere aukeratu zuten.
1869ko hausteskundeetan hasi ziren
errepublikazaleak botoak irabazten; Charles
d´Abbadie hautagaiak sufragioen %49
lortu zuen Baionan. Dena dela, Baionako
alkate zen Jules Labat hautagai ofiziala irten
zen garaile. Errepublikazaleek Iparraldean
izan zuten zuzperraldia, ordea, ez zen
inolaz ere Pariskoaren adinakoa izan: 77.000
gobernuaren alde, eta 234.000 oposizioaren
alde. Bonaparteren errejimena, lehen urteetan
batez ere, egonkortasun politikoak eta
ekonomiaren goraldiak sendotu zuten. Enperadoreak,
?gizartearen salbatzaileak?,
aberatsen laguntza izateaz gainera, nekazariak
eta langileak izan zituen aldeko; izan
ere, nekazarientzat eta langileentzat oso
erakargarriak ziren Bonaparteren inguruko
elezaharrak eta enperadoreak pobreenganako
erakusten zuen errukia.
Bigarren Inperioan aurreko errejimenean
baino adostasun handiagoa izan zen
gizartean. 1860. urteaz gero, behin ordena
berrezarri zenean, hainbat berrikuntza egin
ziren errejimenaren liberalizazioaren bidetik
errejimenak babes handiagoa izan zezan
?errepublikazaleen amnistia, Parlamentuari
garrantzi handiagoa eman, grebak legeztatu,
etab.?. Berrikuntza horiek, ordea,
oposizioaren indartzea ekarri zuten. Hala
erakusten dute 1869ko hauteskundeetako
emaitzek, baita Iparraldekoek ere. Baina,
?izu gorria? zabaldu zen berriz. Napoleon
II.ak 1870ean ?Inperio liberala? baieztatzeko
beste plebiszito batera deitu zuen,
1860az geroko berrikuntzak onartzen ziren
galdetuz; biztanleek erabateko adostasuna
adierazi zuten: Ipar Euskal Herrian %93ak
baietz esan zuen, eta %83ak Frantzian.
Bigarren Inperioan Iparraldeak nolabaiteko
garrantzi politiko-soziala hartu zuen,
eta bertako ekonomia indartzen hasi zen.
Napoleon III.ak eta bere emazte Eugenia
de Montijok (bizkaitarra jaiotzez) Miarritze
aukeratu zuten udako oporraldietarako.
Enperatrizak jauregi bat eraikiarazi zuen
itsas ertzean, Eugenia jauregia; han eman
zituzten 1853-1868 bitarteko udak. Miarritze,beraz, zenbait hilabetez Frantziako ?hiriburu?
eta gorte bihurtzen zen, eta Estatu
buruak, printzipeak eta Europako hainbat
eta hainbat aristokrata bildu ziren bertara.
Burdinbidea 1854an iritsi zen Baionara,
Paris-Burdeos bidearen luzapenaren bidez,
eta 1864an Hendaiara; asko indartu zuen
horrek kostaldeko turismoa.
Burdinbideak amaiera eman zion Iparraldeak
bizi izan zuen bakartasunari, ordu
arte Landesek erabat isolatzen baitzuten
Frantziako gainerako lurraldeetatik. Mailaz
maila luzatu zen burdinbidea: Baionatik
Donibane Garazira, eta ondoren Baigorrira
(1899), eta Puyootik Maulera eta Donapaleura.
Turismoarekin batera kostaldea urbanizatu
eta hiriak bainuez, ostatuez, kasinoez,
eta abarrez hornitu zituzten; horrek
guztiak biztanle kopurua asko haztea ekarri
zuen: 1836an 35.000 lagun bizi ziren
kostaldean, 1876an, aldiz, 58.000 lagun.
1851n, Miarritzen, 2.048 lagun inguru bizi
ziren, 1856an 5.507 eta 1911n 18.620. Ipar
Euskal Herriaren barrualdean, berriz, biztanle
kopuruaren beherakada handia izan
zen, izan ere, hirietara eta Ameriketara emigratzen
zuten barrualdeko biztanleek. Nafarroa
Behereak, Zuberoak eta Lapurdiko
Ekialdeak 1876-1975 urteen bitartean, esaterako,
biztanleen %42 galdu zuten. 1870ean
Bigarren Inperioaren amaiera gertatu zenean,
Miarritzek ez zion turismo gune garrantzitsua
izateari utzi; ondorengo berrogeita
hamar urteetan 20.000 biztanle izatera
iritsi zen ia. Garai hartako jende ospetsuak
Miarritze aukeratzen zuen oporraldietarako,
Donostiaren kaltetan: Ingalaterrako
Victoria erregina, Austriako Isabel enperatriza,
Espainiako Alfontso XIII.a? 1893an
ur gaziko termak eraiki ziren, eta garrantzizko
bainuetxe gune bihurtu zen Miarritze.
XIX. mendearen bigarren erdialdean
aldaketa erabakigarriak izan ziren Iparraldean.
Industrializazioa iritsi zen; tailerrak
lantegiari utzi zion lekua, eta artisauak langileari.
Hiru industria gune garrantzitsu eraiki
ziren: Hazparnen, Maulen eta Bokalen.
Hazparnen, larru ontzaile tradizionalen ordez,
zapata industria jarri zen (1852-1898
urteen bitartean mekanizatu eta elektrifikatu
zuten); 3.000 langiletik gora zeuden
1904an. Maulen ere zapata industria nagusitu
zen, sandalian espezializatua; dena den,
ez zen Hazparnen adinakoa izan. Bokalen,
berriz, labe garaiak eraiki ziren 1882an;
burdin mea Bizkaia, Lesaka eta Beratik eramaten
zuten eta ikatz mea Galestik. Forges
de l´Adour-ek mende erdiz gorakada handia
izan zuten, Compagnie du Midi-ren
burdinbide sarerako errailak bertan egiten
baitzituzten. Baina, XX. mendean Hegoekialdeko
burdinbidea osatu zenean, Bokaleko
siderurgiak poliki-poliki behera egin
zuen.Industriaren bilakaeraren eraginez, Baionako
portua, denbora luzeko beheraldi
baten ondoren, zuzpertu egin zen. Burdinbidearen
ibilbideak ?portua herrialdearen
barrualdearekin eta industria guneekin lotzen
zituena?, burdin eta ikatz mearen
inportazioak, eta Landetako basoetatik
meategietarako hagen esportazioak Baionako
portuaren goraldia eta horniduren berritzea
eragin zuten. Aipatutako Landetako
basoa Bigarren Inperioan sortu zen, ?Landetako
basamortua? pinuz estali zutenean.
Baionako portuaren gorakada ikaragarrizkoa
izan zen: 1882an 21.600 tona igaro ziren
portutik, eta 1890ean 600.000, eta gora
eta gora jarraitu zuen XX. mendean zehar.
Baionako portua ez zen aldatu zen bakarra
izan, gainerako euskal portuak ere espezializatu
egin ziren; Baiona eta Aturri merkataritzan
oinarritu ziren, Donibane Lohizune
eta Ziburu, aldiz, arrantzan, eta Miarritze
eta Hendaia turismoan.
XIX. mendearen lehen erdialdean Iparraldearen
itxura ez zen ia aldatu ?artzaintza
baitzen jarduera nagusia?, mendearen
bigarren erdialdean, ordea, burdinbideak
eta industrializazioak erabateko itxura aldaketa
eragin zuten. Aldaketa horiek, bestalde,
areagotu egin zituzten Ipar eta Hego
Euskal Herriaren arteko desberdintasunak.
Hego Euskal Herriko industrializazioa (XIX.. endearen bigarren erdialdean hori ere)
Iparraldekoa baino garrantzitsuagoa eta bizkorragoa
izan zen, Bizkaian eta Gipuzkoan
batez ere. Burdinbide eta errepide sarea
Iparraldekoa baino ahulagoa bazen ere,
langile gehiago zituen Hegoaldeak; horrez
gainera, Bizkaian burdin meategi aberatsak
zeuden eta Gipuzkoak energia hidroelektrikorako
aukera zuen, ahula bazen ere,
nahikoa garai hartarako. Bestalde, bertako
banka indartsua izatea garrantzizkoa izan
zen. Iparraldeak ez zuen halako baliabiderik,
eta atzerriko diruaren mende egon zen.
Beraz, Iparraldeko industriaren bilakaera
motelagoa izan zen, eta erdi mailako urbanizazioa
izan zuen. Garai hartan, Ipar eta
Hego Euskal Herriaren artean sortu ziren
desberdintasunak areagotu egin ziren urteak
joan ahala.
Industrializazioa, turismoa eta urbanizazioa
gorabehera ?batez ere kostaldean?, nekazaritza
zen Iparraldeko ekonomiaren oinarria.
Dena den, XX. mendearen amaiera
arte ez zen aldaketa handirik izan nekazaritzan.
Aldaketa horien artean nagusia nekazari
sindikatuak eratzea izan zen (1838ko
ekaina). 1827ko uztailaren 18ko lege batek,
esaterako, baimena ematen zien udalerrei
sindikatu batzorde bat eratzeko beren lurren
ustiatzea kudeatu ahal izateko, baldin
eta lur horiek beste udalerri batekin edo
beste batzuekin banatuta bazituzten; batzorde
horretan, bestalde, udal kontseiluetako
ordezkariak biltzen ziren. 1838an bost sindikatu eratu ziren: Zuberoako Sindikatua,
Maule-Lextarreko eta Atharratze-Sorholüzeko
kantoietako udalerriak eta Donapaleuko
kantoiko zortzi barruti biltzen zituena;
Baigorriko Sindikatua, Errobi ibarreko zortzi
udalerri biltzen zituena; Amikuzeko Sindikatua,
Donapaleuko kantoiko udalerri
gehienak hartzen zituena; Oztibarreko Sindikatua,
Iholdiko kantoiko udalerriek osatua,
Suhuskune ezik; eta Garaziko Sindikatua,
Donibane Garaziko kantoiko udalerriak
eta Sorholüze biltzen dituena. Gaur egun,
oraindik ere, sindikatuak dira Iparraldeko
lurjabe nagusiak. Euskal mendialde ia guztia
haiena da, baita ibarretako baserrietarako
larreak ere.
XIX. mendean euskal nekazaritzan gertatu
zen aldaketa nagusia, eta bakarrenetakoa,
sindikatuen sorrera izan zen. Hala
ere, bada beste aldaketa aipagarri bat: larreek
hartu zuten garrantzia, lur landuen
kaltetan. 1830-1914 urteen bitartean landa
lurren eremua handitu egin zen Iparraldean,
Miarritzen ezik, han urbanizazio prozesuan
baitzeuden; mahastien eta lur landuen eremua
gutxitu egin zen, eta larreak, berriz,
ugaritu egin ziren.
III. Errepublika
XIX. mendeko Frantziako historia
egonkortasun politikoaren bilatzea izan zen
batez ere. Egonkortasun hori III. Errepublikarekin
iritsi zen, Estatu sendo eta zentralizatua
ezarri zenean. 1870eko irailaren
4an, errepublikazaleek Bonaparteren errejimenaren
kontrako ?kanpo politikagatik
ospea ahuldua, eta irailaren 1eko Sedango
guduan zauritua? estatu kolpe bat eman eta
III. Errepublika ezarri zuten (1870-1914).
Bigarren Inperioko hauteskunde eta
plebiszitoetan ezker errepublikazaleak behin
eta berriro galtzaile gertatu baziren ere,
III. Errepublika ezarri eta sufragio unibertsala
jarri zenean, errepublikazaleak garaile
irten ziren. Hautagai errepublikazaleek
(Michel Renaud eta Jaureguiberry almirantea)
botoen gehiengoa lortu zuten 1871.. rteko otsaileko hauteskundeetan. Hauteskunde
haiek gerran jarraitu behar zen ala
ez erabakitzeko egin ziren; Frantzian ?nekazari
inguruetan, batez ere?, hautagai erregezaleak
izan ziren irabazle, bakearen alde
apustu egin zutenak alegia. Iparraldeak,
ordea, kontrako joera adierazi zuen. Dena
dela, berehala joera hura alboratu eta XIX.. ende hasieratik nagusi zen tradizio kontserbadorera
itzuli ziren. Ordukoan ere iraultzari
zitzaion beldurra nabarmendu zen;
martxoko herri matxinada sozialistaren ondoren
?Paris gudaroste alemaniarren esku
zegoela? ordena eta bakea ezarriko zituen
errejimenaren beharra sortu zen. Parisko
komuna eta kale borroka latza izan zirenmatxinada haren ondorioak; astebete behar
izan zen istiluak menderatzeko, eta hortik
datorkio ?aste odoltsua? izena. Errepublika
kontserbadore ezarri berriak, Thiers buru
zuela, ordena eta bakea ezarriko zituen errejimenaren
ametsak bete zituen; gainera,
Thiersen ondorengo Mac-Mahonek dimititu
zuenean Errepulika kontserbadorea sendotu
egin zen. Salbuespenak salbu, harrezkero
izan ziren hauteskundeetan kontserbadoreak
izan ziren garaile Iparraldean,
lehenagoko garaietan bezala; 1876-1932
bitartean izan ziren hauteskundeetan eskuinak
30 garaipen lortu zituen eta ezkerrak
13.
Frantziako III.aren Errepublika ezarri
zenean etengabeko borroka eta eztabaida
ideologikoak sortu ziren Lapurdin, Nafarroa
Beherean eta Zuberoan. Eztabaida horiek
eta Estatuko politikaren egoera nahasiak
arreta ernatu zuten biztanleengan; literatura
lan ugari idatzi ziren eta prentsak garrantzia
hartu zuen. 1886an Le Réveil Basque,
errepublikazaleen adierazpen bidea, argitaratzen
hasi zen, eta handik urtebetera Eskualduna
egunkari kontserbadorea, Etcheberry
bonapartezaleak Baionan sortua.
Eztabaida politikoak ugaritu egin ziren, eta
euskaldunen sozializazio politikoa eta publikoa
ekarri zuen horrek; euskaldunak
Estatuan eta bertako erakundeetan gehiago
parte hartzea ere eztabaida haren ondorio
izan ziren.
III. Errepublikak kultura eta hizkuntza
berdintasuna lortzeko egin zuen lanak, Iparraldeko
nortasuna ahultzen lagundu zuen;
eskoletan euskara erabiltzea debekatu zuten,
eta esetsi gainera, salaketa bezalako
metodoen bidez. Hiriarten edo Jaurès sozialistaren
protestek, ordea, ez zuten askorako
balio izan. Euskararen kontrako neurrieketena sortu zuten eskolaren eta familiaren
artean: eskolan frantsesa erabiltzen
zen, eta senitartean euskara. Gainera, etxeetan
frantsesa sartzen hasia zen, nahiz eta
Antoine d´Abbadie d´Arrats eta beste
hainbatek ahaleginak egin zituzten euskararen
erabilpena bultzatzeko. Antoine
d´Abbadie Euskal Jaien (1853an sortuak) aitzindari
izan zen; Jaietan lehiaketak antolatzen
ziren eta idazle, olerkari eta bardoek
parte hartzen zuten. 1901ean, bestalde,
Euskalzaleen Biltzarra elkarte kulturala
sortu zen Hendaian, euskara gordetzeko eta
zabaltzeko xedearekin.
III. Errepublikak iraun zuen urteetan
Iparraldea gero eta gehiago sartu zen Frantziaren
barruan. Inork ez zuen zalantzan jartzen
horrek hala izan behar zuenik. Euskalzaletasuna
kontserbadurismoaren babeseko
bihurtu zen, eta 30eko hamarraldia arte
baztertu egin zen joera politiko hori.
Kultura: euskararen gainbehera XIX.. endean eta euskalaritza
1789ko Iraultzak, baliabide faltan, ezin
izan zuen bete bere helburuetako bat: Frantzian
erabiltzen ziren ?patois?-ak, euskara
besteak beste, menderatzea. Inperioak, eta
ondorengo errejimen politikoek, helburu
horri ekin zioten. 1802an Mauleko suprefetak
eskola bat eraikitzea onartu zuen ?ohitura,
zibilizazio eta hizkuntzagatik atzeratuta
zeuden euskaldunak frantsesteko inguru
handi bat? sortzeko. Ekuazioa errazazen: frantsesak zibilizazioa esan nahi zuen,
euskaldunen ezjakintasunak, aldiz, basakeria.
Euskararen ordez frantsesa erabiltzea
izan behar zen eskolen helburu nagusia.
Bestalde, herri batzordeak sortu ziren, herriko
buruzagiek osatuta, frantsesaren erabilpena
kontrolatzeko. Donapaleuko Lehen
Mailako Instrukzioko Batzordeak debekatu
egin zuen euskal liburuak erabiltzea
?nahiz eta, ez zegoen frantsesezko lanik?
eta eskolako umeak euskaraz aritzea; eskola
tarteetan ere, frantsesez aritu behar
zutela zioen Batzordeak. Batzorde guztiak,
ordea, ez ziren Donapaleukoaren iritzi berekoak.
Beltzuntzeko bizkondeak, 1842an
Hazparneko kantoiko herri eskolak ikuskatzeko
arduradun zenak, ikusi zuen eskola
horietan ikasleek buruz ikasten zituztela
irakaslearen erantzunak frantsesez, esanahia
ulertu gabe, eta lehen mailako eskoletan
euskara erabiltzeko debekuaren kontra
egin zuen.
Euskararen kontrako erasoak ugariak
izan arren, berehala sortu ziren euskaldunen
artean euskararen aldekoak, apaizak
nahiz laikoak: Hiriart, Beltzuntze eta Salaberry,
esaterako. Iparraldeko apaizek kristau
ikasbidea euskaraz izatea defendatu
zuten; hura zen, hain zuzen, biztanleengana
iristeko bide bakarra. Hori dela eta, 1830
ondoko hamarraldian, debekua debeku,
erlijiozko liburu ugari zeuden euskaraz eskoletan:
Kristau Ikasbidea, Imitatio Iesus
Christiren euskal itzulpena, Testamentu berrico
historioa, Exercici Ispirituala, etab.
Frantsesaren erabilpenean egin ziren aurrerapenak
ez zuen gobernuak finkaturiko
helburuak iristen. 1833an lehen mailako irakaskuntzari
buruzko galdeketa baten arabera,
alkateen erdiak baino gehiagok ez
zekiten frantsesez eta zenbait irakaslek euskaraz
baino ez zuten irakurtzen. Hori kontuan
hartuta, 1841ean Irakaskuntza Publikoko
Errege Batzordeak euskal udalerrietan
euskarazko eta frantsesezko itzulpenak
egiteko baimena eman zuen, ordu erdiz
goizean eta arratsaldean. 1852an eta 1882an
itzulpen horien beharra aitortu zen berriz
ere. Vaucher ikuskatzaileak, elebitasunaren
aldeko aitzindarietako batek, 1840 ondoko
hamarraldian esan zuen beharrezko zela irakaskuntzan
frantsesa eta euskara batera erabiltzea.
Argi zegoen frantses hutsezko irakaskuntzak
emaitza ezin txarragoak zituela.
Frantsesa, buruz ikasten zen eskolako hizkuntza,
berehala ahazten zuten denbora
laburrez eskolara joan zirenek, baserriko
lanetara itzultzen zirenean. Gainera, nahiz
eta Iparraldean eskola ugari egon ?1813an
Mauleko barrutia 136 udalerrik osatzen zuten,
eta 120 eskola zeuden guztira?, analfabetismo
maila oso garaia zen; 1848an Iparraldeko
biztanleriaren %80 analfabetoa zen.
Hala ere, Estatuak lortu nahi zuen hizkuntzabatasunaren proiektuarekin aurrera jarraitu
zuen eta euskararen zapalkuntza gogortu
egin zen III. Errepublikaren garaian;
irakaskuntzan erabat debekatu zen euskara
eta eskolatik kanpora ere gogor egin zitzaion
kontra. Alfabetizazio eta eskolatze
mailak gora egin ahala, euskararen erabilpenak
behera egin zuen.
Baina, Iraultza eta Inperioaz gero euskara
debekatu egin bazen ere, patois gisa
hartu eta frantsesaren mende jarri bazen ere,
erromantizismoaren eta ikerketa zientifikoen
aurrerakuntzaren ondorioz atzerriko hainbat
lanen eta hizkuntzalari ospetsuen ?Guillermo
de Humboldt, adibidez? ikerketa gai
bihurtu zen euskara. Ikerketa horiek bultzatuta,
euskaldun asko metodo zientifiko
berriak hartu eta beren hizkuntza ikertzen
eta literatura jenero guztiak lantzen hasi
ziren.
Erlijiozko lanez gainera ?horien artean
Martin Duhalderen Meditacioneac gei premiatsuen
gaineran (1809) edo Inchauspe
abadearen lanak dira nagusiak?, XIX. mendean
euskaraz idatzi ziren literatura lanetan
aipagarriak dira: Martin Hiribarrenen
Euskaldunac poema ?Euskal Herriaren eta
bertako agintarien erretratu barregarria? eta
Montebideoko berriac ?Ameriketarako emigrazioaren
kontrako idazkia? 1853an idatziak;
Duvoisinen Laborantzako liburua
(1858); J.B. Dasconaguerren Atheka gaitzeko
oinartzunak eleberria ?frantsesezko jatorrizkoa
Les Echos du Pas de Roland izenburuaz
argitaratua?, Don Carlosen emazte
Beira printsesak Frantzian barrena egindako
ezkutuko bidaia kontantzen duena; Jean
Baptiste Elissambururen Piarres Adames
kontakizun laburren bilduma (1828-1891)
eta Antoine d´Abbadiek antolatutako lehiaketetara
aurkeztutako olerkiak; Pierres
Topeten (Etxahun izengoitiz) olerkiak
(1786-1862); etab.
Euskararen inguruan egin ziren Iparraldean
filologiazko ikerketen aitzindari Darrigol
abadea izan zen; 1827an Darrigolek
Frantziako Akademiaren Volney lehiaketa
irabazi zuen Dissertation critique et apologétique
sur la langue basque lanari esker.
Xahoren ikerketek ?Etudes Grammaticales,
Introduction à la langue française eta à la
langue basque, Dictionnaire?, bestalde,
gehiegizko irudimen erromantikoa dute
(euskararen eta sanskritoaren arteko lotura
aipatu zuen). 1826az gero Toulouse Fleury
Lèclusek (Urhesigarria izengoitiz) euskararen
inguruko hainbat ikerketa idatzi zituen;
1847an Francisque-Michelen Le Pays Basque
argitaratu zen, euskal kulturari buruzko
lan garrantzitsua. Julien Vinsonek (1843-
1926) Folklore Basque idatzi zuen, hainbat
testu zahar berrargitartu zituen zientifikotasun
handiz eta Bibliographie de la Langue
Basque idatzi zuen; euskalari askok onetsi
zuten azken lan horregatik.Baina, euskarak liluratu zituenen artean
aipatzekoa da Louis Lucien Bonaparte
(1813-1881), Napoleonen hiloba; bere handitasunagatik
eta bere lan kopuruagatik eta
bere lanen garrantziagatik aipagarri. Linguistikak
eta hizkuntza txikiek erakarrita, euskara
ikasten hasi zen; liburutegi garrantzitsua
osatu zuen euskal gaiaz, garai hartako
garrantzitsuena. Bere lehengusu Napoleon
III.ak printze titulua eman zion eta Inperioko
senadore izendatu zuen, 130.000 liberako
lansariarekin; diru horrekin ikasten
jardun zuen. 1856-1869 bitartean bost bidaia
egin zituen Hego Euskal Herrira euskara
hobetzeko asmotan. Zortzi euskalki
bereizi zituen: bizkaiera, gipuzkera, lapurtera,
hegoaldeko goi-nafarrera, iparraldeko
goi-nafarrera, ekialdeko behe-nafarrera,
mendebaleko behe-nafarrera eta zuberoera.
1863an euskalkien mapa ospetsua argitaratu
zuen Londresen. Bibliaren hainbat pasarte
hainbat euskalkitara itzultzea eskatu
zuen; Inchauspe, Archu, Salaberry, Duvoisin,
Echenique, Minondo, Hualde? izan
ziren, besteak beste, itzultzaileak. Garai
hartako euskalari guztiak izan ziren Bonaparteren
laguntzaile, eta horietatik Duvoisin
izan zen nagusia. Euskararen inguruko
hainbat ikerketa ordaindu zituen, esaterako,
Inchausperen Verbe basque edo Lizarragaren
lan argitaratu gabeak. Berak argitaratu
zituen Verbe basque en tableaux eta hainbat
artikulu euskara finlandierarekin, zelta, sardiniera
eta Italiako eta Korsikako dialektoekin
konparatzen zituztenak. Bonapartek
euskal ikerketei garrantzizko bultzada eman
zien eta euskararen ardura sorrazi zuen atzerritar
hizkuntzalariengan.
Atzerritar hizkuntzalarien artean aipagarriak
dira: Wenworth Webster (1828-1914)
ingeles artzain protestantea, Basque legends
eta Loisirs d´un étranger au Pays Basque;
Jan Van Eys (1825-1914), euskara-frantses
hiztegi baten eta Euskalkien Gramatika baten
egile, eta Hugo Schuchardt (1842-1927).
Schuchardt, latin zalea eta Leipzig, Halle eta
Graz-eko unibertsitateetako irakaslea zen,
eta Saran euskara ikasi ondoren Genèse des
formes de relation du verbe basque, Basque
et lanques romanes, Déclinaison ibérique,
Primitiae linguae vasconum eta beste
hainbat lan idatzi zituen.
XIX. mendean euskarak atzera egin bazuen
ere, Iparraldean euskarak bizirik iraun
zuen hizkuntza honekin liluratu ziren zientzialari,
bidaiari, apaiz eta idazleen ahaleginei
esker. 1930-1940 urte bitartean higikunde
euskalzaleek gizartea ?berreuskalduntzearen?
eta euskal kultura bultzatzearen beharraz
ohartu ziren, eta garai horretan euskararen
ofizialtasuna onartzearen aldeko iritziak
sortu ziren. Bestalde, euskaltzaletasunaren
Iparraldeko lehen loraldia eta XIX. mendean
nagusi izan zen akulturizazio galiarraren
amaiera gertatu ziren garai hartan.