Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia»Egungo aroa

Antzinako Errejimenaren krisia eta iraultza liberala Euskal Herrian (1793-1878)

Donostiako grabatua, Napoleon III.aren bisita zela-eta egina.<br><br>

XIX. mendeko lehen hiru laurdenetan ahalegin handiak egin zituen sistema liberalak Espainian finkatzeko. Ez zitzaion erraza gertatu, etengabeko gatazka politikoez aparte, bi gerra zibil jasan behar izan baitzituen, Euskal Herrian batik bat oso gogorrak izan zirenak. Euskal probintzietako erakundeetatik egin zen liberalen aurkako tradizionalismo politikoaren defentsak –baita arlo militarrean ere–, indar ikaragarria eman zion karlismoari. Gerra karlistak, ideia eta interes desberdinen arteko borroka izateaz gainera, euskaldunen arteko gerra ere izan ziren. Halaxe gertatu zen lehenago ere, gizarte eta ekonomia krisien eraginez, sektore batzuek gora eta beste batzuek behera egin zutenean. Asaldura giro horretan –gerra artean, zehazki–, euskal politikari talde bat sortu zen, foruzaleena. Foruak eta foruei buruzko ideiak aldaraztea izan zen talde horren ahalegina, liberalismo berdintzailearen presiopean biziarazteko. Horrela, itxuraz, probintzietako erakundeen aginpide politikoak indarra galtzen zuen bitartean, berorien administrazio ahalmenak gora egin zuen. Azkenean, gerra berpiztu zen, eta haren amaierak, foruak ezabatzea eta Ekonomia Kontzertuak ezartzea ekarri zuen. Horrela salbatu ahal izan ziren «eskubide historikoen» zenbait oinarrizko alderdi.XVIII. mendearen bukaeran eta XIX.aren lehen erdian, faktore sail baten (sozial, politiko, ekonomiko, kultural…) eragin bateratuak erabat hondatu zituen Europa mendebaleko egitura zaharrak. Fenomeno horri Antzinako Errejimenaren krisia esaten diote historialariek. Hiritar guztien lege berdintasunetik abiatuta, gizarte liberalaren oinarriak ipini ziren; gizarte hura gizarte estamentalaren oso bestelakoa zen, zeren gizarte estamentalak pribilejioa hartzen baitzuen gizartearen antolamendu eta sailkatze oinarritzat. Iraultza liberalak –historialariek asmaturiko beste esapide bat–, sistema politiko berri bat sorrarazi zuen (gizabanakoa eskubide zibil eta politikoen subjektu gisa hartzea zuena ezaugarri nagusia), sistema ekonomiko berri bat (jabetza pribatua, enpresa irabaziak eta merkatua ezagutzen zituenak), eta baita sistema ideologiko berri bat ere (gizarte irekiago baten nahi eta asmoekin bat zetorrena, hierarkia soziala banakoaren aberastasun eta talentuaren arabera mailakatzen zuena). Aurreko ikusmoldea teokratikoa zen, eta taldeari ematen zion lehentasuna; gizarte liberal-burgesarentzat berriz, zientzia eta gizabanakoaren ekimena ziren aurreramendua eta zuzenbide soziala iristeko bideak.

Aldaketen kronologia eta indarra ez ziren leku guztietan berdinak izan, emaitzak, berriz, oso antzekoak izan ziren; baita erresistentziak ere, sarritan benetako gerra zibil bihurtu zirenak. Hasieran talde txikia osatzen zuten liberalek, kulturaz jantziak eta urbanoak batez ere, eta sistema berria arrazoiaren eta zuzenbide unibertsalaren izenean justifikatzen zuten. Hirietatik kanpora ordea ez zuen ia oihartzunik izan haien diskurtsuak. Nobleek lotsagabetzat jotzenzituzten berdintasun ideiak, eta nekazariei berriz susmagarria iruditzen zitzaien tradiziotik ez zetorren gauza oro. Frantzian desagertu ziren aurrenekoz Antzinako Errejimenaren egiturak, feudalismoaren, monarkiaren eta erlijioaren kontrako iraultza baten bitartez. Oso gertaera berezia izan zen, irakasgai bikaina gertatu baitzitzaion europar aristokraziari; hala, aristokrazia konturatu zenean estamentu gizarteak ez zuela irtenbiderik, ahaleginak egin zituen liberalekin moldatzeko. Jarrera aldaketa horrek hain zorrotza eta nobleen kontrakoa ez zen liberalismo baten garaipena erraztu zuen.

Pribilejio feudalen truke, aristokraziak osorik gorde ahal izan zituen bere lur ondasun izugarriak, eta baita lehengo eragin sozialaren parte handi bat ere. Era horretan, aristokraziaren bizimodua, estetika zaletasunak eta arautegi moralak balio erabat burgesekin batera gertatu ziren luzaroan.

Askoz okerrago atera zitzaizkion gauzak Elizari: estatuaren aginpidearen mende egonik, izugarri gutxitu zitzaizkion jendea nahiz aberastasunak.

Estamentuzko organizazioa oso mantso eta arazo askorekin desegin zen Espainian.

Prozesu zail hori nazioarteko egoerak baldintzatu zuen, baina, batez ere, espainiar gizartearen beraren barne dinamikak. Independentziaren gerraren (1808-1814) eta lehen karlistaldiaren artean (1833-1840) kokatu izan da Antzinako Errejimenaren krisia.

Egitura tradizionalak batez ere elizaren eta nekazarien interesen bizkar desegin ziren; aristokrazia lurjabea berriz nahiko ondo irten zen. Izan ere, talde berezitu bezala desagertu bazen ere, ukitu gabeak gorde zituen bere ondasun izugarriak, eta balio asko kutsatu zizkion gizarte liberalari. Oso argia izan zen hori, espainiar liberalismoaren talde moderatuenari esker, 1840 ondoko hamarraldian ezarri zen konstituzio ereduan.

Sistema politiko moderatuaren parte handi bat oligarkikoa, autoritarioa eta baztertzailea izan zen, zuzenbidezko estatu baten estilo demokratiko eta bateratzailearekin ezin uztartuzkoa; eta deliberatuki egin zuen jabetasunaren eta ordenaren alde, askatasuna eta zuzenbidea baztertuta. Azken finean, hiritarren eskubide zibilen eta politikoen begirunea bermatzea baino areago, aristokrazia lurjabearen eta finantza burgesiaren interesak babestea zen haren helburua.

Sistema politiko moderatua demokraziaren aldera eramateko egin zen lehen saioa ezin okerrago atera zen (1868- 1874).

Ipar Euskal Herrian Antzinako Errejimenaren krisia eta iraultza liberala Frantziako gertaerei loturik egon ziren bezalaxe, Espainiako gertaerek baldintzatu zuten Hego Euskal Herrikoa. Nolanahi ere, espainiar monarkiaren baitan nortasun berezia baitzuen Hegoaldeak, Iparraldeak baino askoz protagonismo handiagoa izan zuen aldi honetan. Aski da karlistaldiak (1833-1839 eta 1872-1876) gogoratzea, esate baterako.

Horrekin ez da adierazi nahi karlistaldiak huts-hutsik Hego Euskal Herriko gertaera izan zirenik, eta are gutxiago euskaldunen eta espainolen arteko gerra. Gauza da, besterik gabe, aurrerago ikusiko ditugun arrazoiengatik, gerra zibil horien gertaleku nagusia eta Espainiako erregegaien gorte ibiltaria bihurtu zela euskal lurraldea.

Hiru izan ziren Hego Euskal Herrian aldaketaren ildo nagusiak. Lehenik, produkzio baliabideen liberalizazioa eta euskal ekonomia Espainiakoaren egitura orokorrean txertatzea. Auzo lurren pribatizazioak eremu landua zabaldu baldin bazuen –eta, hala, ugaltzen ari zen biztanleriari jaten eman ahal izan zitzaion–, aduanen behin betiko lekualdaketak (1841) markatu zuen euskal industrializazioaren hasiera. Bigarren, hiriburuen (Iruñea, Gasteiz, Bilbo eta Donostia) garrantzi gero eta handiagoa aipatu behar da, politikan, ekonomian nahiz kulturan.

Euskaldun gehienak oraindik laborariak ziren arren, izugarri hazi zen hiriek gizartean zuten pisua, administrazio burokrazien zabaltzeari, ikastetxe espezializatuei, prentsaren zabalkundeari esker; hainbat elkarte politiko-kultural ireki (ateneoak, irakurketa zirkuluak…), eta hirietako klase ertainak (legelariak, kazetariak, funtzionarioak, irakasleak, etab.) asko hazi ziren.

Azkenik, politikari dagokionez, erakunde foralak desagertu ziren, eta, azkenean, euskaldunek ere gainerako espainiarrek zerga eta soldaduska kontuetan zituzten eginkizun konstituzionalak bere gain hartu beste erremediorik ez zuten izan. Baina, Nafarroako Foruaren konstituzionalizazioa oso gogorra gertatu ez bazen ere (1841), errejimen foralaren behin betiko ezeztatzearen gainean egin zen (1876) Araba, Bizkaia eta Gipuzkoakoa. Nolanahi ere, Hegoaldeko hiru probintziak Nafarroarekin berdintzenzituen geroko ekonomia ituna abian jartzeak (1878), euskaldunen berezitasuna izatez (ez zuzenbidez) onartzea ekarri zuen Espainiako estatuaren baitan. Izan ere, berezitasun horren onespenean oinarritzen da eskubide historikoen dotrina, hain zuzen Euskal Autonomia Erkidegoaren gaurko zuzenbidezko oinarri dena, eta Nafarroako Foru Erkidegoarena.

Aipatu diren aldaketa horiek xehetasunez aztertzen hasi aurretik, komenigarri da esatea ez direla aldez aurretik antolaturiko plan baten emaitza, aitzitik, dinamika sozial oso konplexu baten ondorioa dira.

Era berean, ez dago pentsatzerik gatazka etengabe bat zegoenik euskaldunen eta espainolen artean, ez bata ez bestea ez baitziren bloke trinkoak. Egia da foruen defentsa bihurtu zela erreferentzia ideologiko funtsezkoena Antzinako Errejimenaren krisian, eta orobat konstituziozko estatuaren ondorengo eraikuntzan. Baina, uste izan denaz bestera, foruek ez zuten izan edukin bakar eta aldaezinik. Aitzitik, foruen indar handia historiako egoera oso desberdinetara egokitzeko zuten malgutasunetik dator neurri handi batean. Horregatik, baziren errejimen foralaren interpretazio oso desberdinak, askotan ezin adostuzkoak, eta ez beti konstituziozko errejimenarekin bat ez zetozenak.

 

Euskal gizartea XVIII. mende bukaeran

1787an Hego Euskal Herriko biztanleak ozta-ozta iristen ziren milioi erdira (Nafarroa: 227.000; Gipuzkoa: 120.000; Bizkaia: 116.000; Araba: 71.000). Industria aurreko gizarte oro bezala, laborari gizartea zen batez ere. Ez zen orduan hamar mila biztanlebaino gehiagoko hiririk. Nolanahi ere, bazen egitura ekonomiko aski zatikatu bat.

Aski jende aritzen zen lanean burdinoletan, salerosketan eta arrantzan; hainbeste, non Bizkaiak eta Gipuzkoak, Espainiako monarkiako lurralde jendetsuenak izan arren, defizita baitzuten laboreetan, eta beren beharkizunei erantzuteko Arabako eta Nafarroako soberakinetara jotzen zuten. Baina, batez ere itsasoko ogi-ra jotzen zuten, hau da, merkataritza librearen pribilejioak bermaturiko itsasoko inportazioetara.

Lur langintza nekazari txikien esku zegoen; seme-alaben laguntzarekin, batez beste 5 edo 6 ha lantzen zituzten, eta familiaren kontsumorako gordetzen zuten uztaren parterik handiena. Denak ez ziren lantzen zituzten lurren jabe, eta alde handiak zeuden jabeen artean ere. Jabe txikiak gehiago ziren artoaren eremuan (Bizkaia, Gipuzkoa, Arabako iparraldea eta Nafarroako Pirinio aldeko haranak, Iruñeko arroraino).

Arabako Lautadan eta Nafarroa erdialdean maizter asko zegoen. Errioxan eta Erriberan bakarrik, mahasti eskualdeetan alegia, izaten ziren peoiak eta saripekoak. Euskal nekazarien baldintza materialak ez ziren, izan, beste lekuetan baino okerragoak. Atzerritar bidaiari gehienen esanetan, Gaztelakoek baino itxura hobea omen zuten euskal hiriek, eta hobeto jantzia ibiltzen omen zen euskaldun jendea.

Jabe txikiak asko samar baziren ere, euskal gizartea oso mailakatua zegoen, eta garrantzi handia zuen hierarkia sozialak.

Gizarte sarea ahaidegoan oinarritzen zen, auzo harremanetan eta babesle-babestu harremanetan. Uste orokorra zen gizadia bere osotasunean familia handi bat zela, zirkulu zentrokideetan egituratua (auzoa, ibarra, probintzia, erreinua, kristandadea).

Gizon guztien aita Jainkoa baldin bazen, Erregea zen bere mendeko guztiena. Aitaren irudia, agintaritza moralaren gordelekua zen agintaritza politikoarena baino areago,eta maila guztietan gauzatzen zen (familian, udalean, probintzian…). Aita batek bere seme-alabentzat hoberena bilatzen duen bezalaxe, halaxe espero zen gobernariek ere arazo publikoak taldearen onurari begira kudeatzea. Bai aginpidea zertzeko formak, bai ongi publikoaren eskaerak, tradizio eta ohituretatik sortuak ziren, hau da, Foruetatik. Beste hitzetan, gauza naturala balitz bezala onartzen zen lurjabeen buruzagitza, baldin eta haren jokabidea ondo mugaturiko jarrera sozial baten ereduaren araberakoa bazen, eta talde lotura estutzen bazuen. Jainkoa, Erregea eta Foruak, ordena horretantxe, horiek ziren gizarte patriarkalaren ikurrak eta gizarte haren zimentarrien laburpena. Horregatik, ez da harritzekoa karlistek esapide hori hautatu izana gizarte tradizionalaren alde egiteko.

Hierarkia soziala ez zen gizatalde baten kide izateko sentimendu sendo batekin ezin adostuzko gauza, eta sentimendu hori bazuten bai goiko mailakoek, bai behekoek.

Azken finean, bakoitzak bere lekua zeukan gizarte egituran, geruza guztiak bilbe estu bat osatuz zeudela txertatuak, elkarrekiko beharkizun multzo baten bitartez. Maila teknologiko guztiz apala eta ingurugiroa nekez menderatzen zuen gizarte orotan bezala, arazoei aurre egin ahal izateko beharrezko gauza zen elkartasuna, bertute zibikoa baino areago. Gizarte harreman paternalistak bestalde, nekazari giroetan bezalaxe zeuden hirietan ere zabalduak.

Baina hiri handietan azkarrago ahuldu ziren harreman haiek, lehenago lasaitu baitzen gizarte kontrola, diru ekonomia, arrazionalitate ekonomikoa eta indibidualismo burgesa zabaltzearen ondorioz. Era berean, ez zen ezin uztartuzkoa hierarkia soziala Bizkaian eta Gipuzkoan Erdi Aroaren bukaeratik zetorren kaparetasun unibertsaletik sorturiko berdintasun sentimendu nahasi batekin. Araban eta Nafarroan, aitzitik, bere horretan iraun zuen noblezia eta herriaren arteko (petxeroen) berezitasunak.

Estatus soziala pertsonaren estamentuaren eta aberastasunaren araberakoa izaten zen. Noble tituludunak (duke, konde, markes eta baroiak) zeuden laborari lurretan maila gorenean. Handikiak ziren, aristokraziako familia kopuru txikia; elkarren ahaide izaten ziren, eta Erdi Aroko leinu handietatik zetozen ondasun izugarrien jabe.

Sarritan gortean bizi baziren ere, etxea zabalik eduki ohi zuten, eta oso lotura estuak izaten zituzten sorlekuarekin. Haien azpitik zeuden titulu gabeko kapareak (jauntxoak).

Ez zuten aristokratek bezain deitura itzaltsurik, ezta hain errenta handirik ere, baina batzuk oso aberatsak ziren, errotak, olak, eta baserri bat baino gehiago, bakoitza bere lurrekin, izaten baitzituzten. Gehienek ordea bere lurrak lantzen jarduteabeste erremediorik ez zuten izaten. Nolanahi dela ere, jauntxoek zuten garrantzia, ekonomikoa baino areago, soziala eta ideologikoa izaten zen, haien esku egoten baitziren bai probintziako karguak, bai udalekoak.

Iraupen mailan, ozta-ozta, kapare ez ziren maizter eta jabe txikien sail mugatu bat zegoen; gehienera ere, erantzukizun gutxiagoko udal karguetara jo zezaketen haiek. Uzten ahultasunak kiebra jo ez jo zeuzkan beti. Arazo txikienak lukurren esku jartzen zituen: artaldea edo baserria galtzea ekar zezakeen mailegua esandako epean ez itzultzeak. Horregatik, izugarrizko garrantzia zuten talde horrentzat auzo ondasunek.

Saripekoak, pobreak, alderraiak eta baztertuak zeuden mailadi sozialaren azken lekuan.

Gutxi baziren ere, gero eta garrantzi handiagoa hasi ziren hartzen laborari ez ziren sektoreak. Barnealdean, indarrez handitzen hasi ziren hiribildu batzuk (Otxandiano eta Plasentzia). Gatzun eta eskabetxe lantegiak oso famatuak ziren kostalde osoan, Bermeotik Hondarribira. Administrazioko lanen inguruan hazi ziren Gernika eta Tolosa, hiriburu foralak baitziren biak. Oñati harro zegoen bere unibertsitateaz, eta Bergara Euskalerriko Adiskideen Elkarteak sorturiko Errege Mintegiaz. Hantxe hezi ziren XVIII. gizaldiaren bigarren erdiko euskal eliteak. Merkataritza portuen inguruan (Bilbon eta Donostian) eta aduana inguruetan (Gasteiz, Urduña eta Balmaseda) sendotu zen merkataritza. Lizarra, Tutera eta Iruñeak administrazio funtzioak, erlijiozkoak eta komertziozkoak bateratzen zituzten, eta horietxek ziren biztanle gehieneko nafar hiriak.

Udal gobernua goi mailako talde urbano baten esku zegoen; talde hori lekuanlekuko nobleziak, hirietan bizi ziren lurjabeek, legegizonek, negozio gizonek eta eliz karguek osatzen zuten (azken horiek ez zuten kargu publikorik). Haien azpian jende multzo mugikor bat izaten zen, txikizkako salerosketan aritzen zena, eskulangintzatan edota udal azoketan, enkantean. Gehiegitxotan beren irabaziak lurrak erosteko gordetzen zituzten, industria aurreko gizartean errenten eta prestijio sozialaren iturri baitziren lurrak. Haien inbertsio gogoak ordea bazuen trabarik, alegia, higiezinen merkatuaren mugimendu falta. Lurraren parte handiena salerosketa sareetatik kanpo zegoen, nobleen ondasunen loturagatik (maiorazkoa), eta eliz eta udal ondasunen amortizazioagatik. Nekazari apalak, artisauak, dendari txikiak, saripekoak eta pobre-pobreak zeuden gizarte urbanoaren behengo mailetan.

Egitura sozial konplexu horrek ordea ez zuen arazorik falta; baina baziren erakundeak eta baziren usadioak arazo horiei irtenbidea emateko. Lurralde bakoitzak lege corpus zabal bat zeukan, ez beti idatzia (forua), elkarrekiko beharkizun sail bat, ohiturak, usadioak eta tradizioak jasotzen zituena.

Ikuspuntu soziologiko horretatik, mundu tradizionalari egonkortasuna ematen zioten elementuak ziren foruak; bat zetozen mundu tradizional horrekin, eta haren erreferentzia ziren. Ikuspuntu politikoago batetik, lurralde forudunen Koroarekiko harremanak egituratzen zituzten. Funtsean, probintzia autogobernuko aski dosi handiak, eta zerga eta soldadutza berezitasun sail bat bermatzen zituzten; horren ondorioz, euskal probintziak salbuetsiak ziren. Baina, aldi berean, kargu publikoak hartzeko prozedurak eta kargudunek betebeharreko baldintzak zehazten zituztenez gero, probintziako aginpidearen jarduna ere arautzen zuten foruek. Batzar Nagusiak eta Diputazioak ziren erakunde egituraren giltzarriak.

Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian lurraldeko ordezkaritza sistema korporatibo bat osatzen zuten (estamentala, Nafarroako Gorteen kasuan), lurjabe familien kopuru txiki baten esku uzten zuena probintziaren gobernua.

Agerpen labur horrek ez du alabaina behar bezala agertzen egoera historiko jakinetara egokitzeko foru errejimenek zuten malgutasuna; hortik, foruen bizitasuna eta iraupen luzea. Ez baitzuten idatzizko oinarri aski zabal eta egituraturik, Batzarren aginpide libreak (edota errege legediak berak) alda zitzakeen foruak. Demokratikoak ez izan arren, ez ikusmoldez ez jardutez, bazuten halere probintziako gobernuari beste gizarte sektoreak eranstea. Halaxe gertatu zen hirietako patrizioekin.

Horren adibide paradigmatikoa da Arabako kasua. 1535ean, sei botoetatik hiru eman zizkion Gasteizi Karlos V.ak Diputatu Nagusiaren hautaketan; Diputatu Nagusiak, gainera, gasteiztarra izan beharra zeukan.

Orduz geroztik, Gasteizko Hermandadeak probintziako auzien kudeaketan berez zegokiona baino askoz ahalmen zabalagoak izan zituen. Antzeko mekanismoak sortu ziren orduan Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan ere. Gizarte tradizionalaren krisiaren aurrenetako sintoma bat, hain zuzen ere, hiri burgesiaren eta herri txikietako jauntxoen arteko adostasunaren haustura.

Berriz ere, argigarria da Arabako kasua. Probintziaren eskaeraz, hau da, jauntxoek mendeko Batzar Nagusien galdez, Gaztelako Kontseiluak hiriaren pribilejioak ezabatu zituen 1804an. XVIII. mende bukaeran sorturiko zailtasunak gainditzeko politika ekonomikoa ezin adostuak ekarri zuen haustura. Gainerako euskal lurraldeetan bezala, lehen karlistaldia arte ez zituzten bakeak egin hirietako nobleek eta probintziako jauntxoek.

 

Ekonomia krisia

Ia aldi berean eta produkzio sektore guztietan agertu ziren zailtasunak. Mendearen lehen erdian izan zen hazkunde demografikoak bigarren erdian prezioek gora egitea eragin zuen. Produkzioaren eta kontsumoaren arteko aldea eutsiezina gertatu zenean, abian jarri ziren Malthuseren mekanismoak.

Uzta txarrek, bata bestearen atzetik, izugarri areagotu zuten hilkortasuna, eta geldiarazi hazkunde demografikoa. Sail landuetan bestelako gaiak sartzea ezinezkoa zela-eta, luberriak prestatu beste aukerarik ez zegoen, kontzejuaren lur eremu zabalak baliatuz, normalean abere bazka etabasoetarako erabiltzen zirenak. Legeak ordea debekatu egiten zuen bai auzo lurrak pribatu bihurtzea, bai horiek lantzea. Liskarra liskarraren atzetik, udalaren diru guztiak ahitu zirenean bakarrik, saldu zituzten herriek beren kontzeju ondasunak. Herritar pobreenen protesta gogorrak gorabehera, guztiz ezinduta ikusten baitzuten nola zihoazen aberatsenen eskuetara lehen guztienak ziren ondasunak, auzo lurrak pribatu bihurtu eta lantzen hasi zirenean, berriz ere hasi ziren biztanleak ugaltzen, Independentziaren gerraren ondoren (1808-1814).

Are luzeagoa izan zen burdingintzaren krisia. Suediako eta Ingalaterrako burdinaren lehia gero eta handiagoak, askoz ere merkeagoa baitzen, lekua kendu zion euskal burdinari nazioarteko merkatuetan. Teknologia atzerapena zen huts-hutsik horren arrazoia. XVIII. mendearen bigarren erditik aurrera ingelesek kokea erabiltzen zuten (harrikatza) zaina urtzeko, eta euskal olek oraindik ere egur ikatza erabiltzen zuten.

Luberriak landu behar hark eta diru inflazioak ezin eramanezkoa bihurtu zuten egoera: 1770ean 3 erreal balio zituen egur ikatzeko gurdi berak, 1880an 30 erreal balio zituen. Ola gizonen lehen erreakzioa erregeari Penintsulako eta kolonietako merkatua gorde zezala eskatzea izan zen, eta debeka zezala atzerriko burdina inportatzea.

Neurri haiek guztiz eskasak gertatu ziren iruzurrari eta britainiar kontrabando aktiboari kontra egiteko. Merkatuaren estutze hura are larriagotu zuen gerra garaietako burdinolen eta instalazioen suntsitzeak.

Krisitik irteteko nahitaezkoa zen, labe garaien sistema erabiliz, produkzio prozesuaren modernoagotzea. Aurreneko labe garaia, Boluetako Santa Ana, 1849an jarri zen martxan. Baina oraindik ere urte asko pasako ziren euskal siderometalurgiak antzina izan zuen oparotasuna berreskura zezan.

Ez ziren askoz hobeak garai haiek itsasoarekin zerikusia zuten sektoreentzat.

Ontzigintzak behera egin zuen frantses-espainiar ontzidiari Trafalgarren gertatutakoaren ondoren (1805), eta etenda geratu zen Ameriketako kolonien independentziarekin (1810). Nahiko larri ibili zebiltzan gipuzkoar arrantzaleak ere. XVIII. mende erdialdean guztiz agerikoa zen arrantzale munduaren beherekada; antzina oso garrantzitsuak izandako portuak laborari herriak ari ziren bihurtzen, hala Zarautz, Zumaia edo Deba. Bizkaitarrei, seguraski tradizio gutxiago zutelako itsaso handitako arrantzan (bakailaoa eta balea), errazago gertatu zitzaien itsas bazterreko arrantzari egokitzea (sardina eta bonitoa). Orduz geroztik, Bermeo izan zen Hego Euskal Herriko portu nagusia. Hango Kofradiak dirua erruz gastatu zuen arrain freskoko garbitegiak eta eskabetxeko lantegiak eraikitzen. Baina,mendearen azken herenean, Espainiako Koroaren aginduz, marinel askok eta askok soldadu joan behar zutela-eta Britainia Handiaren kontrako itsas gerretara, sektoreak ez zuen aurrera egiterik izan, eta 1840 ingurua arte ez zen berriz sendotu.

Eta hori guztia gutxi balitz, distantzia luzeko salerosketa ere etenda geratu zen.

Erdi Aroaz geroztik, euskal portuetatik bideratzen zen Gaztelaren eta Europako iparraldearen arteko merkataritza. Portu burgesia itsas garraioan espezializatu zen azkenean.

Pixkana-pixkana, inportazio-esportazio negozioak ere beretu zituen, bereziki artilearen merkataritza eta inportaturiko salgaien banaketa. Joera horren lagungarri izan zen merkataritza askatasuna, barnealdeko portu lehor-etako aduanek bermatzen zutena. Alabaina, Borbondarrek kontrabandoa desagertarazi nahi zutela-eta, kostaldera eraman behar ziren aduanak. Euskal diputazioekin ezin zutelarik akordio baketsu batera iritsi, diputazioek ez baitzioten uko egin nahi merkataritza librearen pribilejio foralari, estrategiaz aldatu zuten Felipe V.aren ondorengoek: Gaztelan sarturiko euskal gai guztiei atzerritartasun eskubideen zerga ezarriz, espero zuten agintari foralek jarrera aldatuko zutela.

Hazienda ministroak, forua hautsi gabe, aduana hesi bat jaso zuen euskal probintzien inguruan. Santanderri laguntzeko asmoz, 1763an Errege Dekretu batek merketu zituen, aski merketu ere, hango portuak esportatzen zuen Gaztelako artilearen zergak.

Geroxeago, 1789an, Ameriketako salerosketa harreman zuzenetatik at geratu ziren Bilbo eta Donostia, aduanak barrualdean zeuden artean. 1789ko muga zergak jatorrian zamatzen zuen Espainiako itsasertzetik euskal portuetara zetorren edozein gai. Sarrerak zioenez, Gaztelako zerga sistema bera balego indarrean Probintzia Salbuetsietan, Errege haziendak bilduko zuenaren parekoa zen zerga hura. Azken finean, zerga salbuespenak zirela-eta, euskal salerosleek zituzten abantailak ezabatu nahi ziren. Merkatarien arazoak larritu egin ziren Caracasko Errege Konpainia desagertu zenean; garai batean, hark monopolizatu zuen Venezuelako kakaoaren salerosketa Donostiako portuan.

Neurri horiek ez zuten bakarrik ordu arte oparo ibilitako merkatari burgesia haserrearazi, agintarien elitea ere zatikatu zuen. Hala, Penintsulako eta kolonietako merkatuetan interesa zutenak foruen berriztapena, aduanei zegokienez, eskatzen hasi ziren azkenean. Nolanahi ere, beren iritzia Batzarretan nagusitzerik ez zuten lortu. Auzi honek gorabehera asko izan zituen. Larriena 1834an gertatu zen, Donostiak Gipuzkoako Probintziatik alde egin zuenean, Batzar Nagusiak ez zuelako salerosketa espainoltzeko proposamena eztabaidatzeriknahi izan. Auzia 1841ean bukatu zen, Esparterok, Donostiako merkatari burgesiak hala eskatuta, aduanak behin betiko kostaldera eramateko dekretua argitaratu zuenean.

Ekonomia arazoak areagotu egin ziren Espainiako monarkiak 1775 eta 1814 artean izan zituen etengabeko gerrekin. Ustez oraindik ere Europako potentzia zelakoan, munduko nagusitasuna lortu nahian zebiltzan frantses-britainiar borrokan sartua gertatu zen. Diplomazia harremanen egoera etengabe aldatzen baitzen, behin eta berriz borrokatu zen espainiar armada itsasoan britainiarrarekin; lehorrean, bi bider (1793- 1795 eta 1808-1814) borrokatu zen, frantsesen kontra. Zergak izugarri gehitu zirelarik, gerra haiek, herriaren pobretzea areagotzeaz gainera, erremediorik gabe hondatu zituzten gizarte tradizionalaren egiturak ere.

 

Frantzia iraultzailearen kontrako gerrak

Luis XVI.a hil zutenean (1793aren urtarrilak 23), Frantziako Errepublikaren aldi errepublikar eta jakobinoa hasi zen. Erregearen heriotzaren albistea zabaldu orduko, europar monarkiek gerra adierazi zioten Frantzia antiklerikal eta errege-hiltzale hari.

Deklarazio hura gurutzada berri bat balitz bezala hartu zen kontinente osoan. Iraultza bukarazi beharra predikatzen zuten elizgizonek, eta gaizkiaren gorpuztearekin alderatzen zuten. Armada monarkiazaleen mobilizazio bizkorrak arazo handiak ekarri zizkion Errepublikako Konbentzioari, dei egin baitzien hiritar guztiei, arriskuan zegoen aberria salbatzera joan zitezen. Erantzuna izugarria izan zen. Frantsesak, mistika iraultzaile batek hartuta, milaka eta milaka joan ziren izena ematera. Ez zuten lurraldearen osotasuna bakarrik defenditu nahi, berdintasun, askatasun eta anaitasun helburuen alde ere egin nahi zuten.

Espainiako gudarostea mugan kokatu zen. Foruen xedapenen arabera, Diputazioek boluntario konpainiak armatu zituzten, eta parrokoek elizan sobran zuten zilarra eman zuten. 1793ko kanpaina oso itxaropentsua gertatu zen. Gipuzkoarren eta nafarren laguntzarekin, Ventura Caroren oste erregularrek Hendaia hartu zuten, eta Ricardos jeneralak Frantziako Rosselló eskualdea inbaditu zuen bere osteekin. Baina hurrengo urtean, ez batak ez besteak ezin izan zion frantses kontraerasoari eutsi. Mendebaleko frontean, Erratzu eta Hondarribitik gurutzatu zuten muga Monceyren osteek.

Tolosan elkartu ziren bi taldeak, eta 1794koabuztuaren 9an erori zen hiria. Ordurako Gipuzkoa osoa zegoen frantsesen esku, baita Donostia ere. 1794ko abuztuaren 14an Getarian bildutako Batzar Nagusiak, donostiar burgesiaren anexio eta iraultzaren aldeko ideiei men eginez, eskaera formala egin zuen probintzia Errepublika Frantsesari foralki eransteko. Monceyk atzera bota zuen proposamena, zentralismo jakobinoaren kontrakoa zelakoan (ordurako ezeztuak ziren Iparraldeko foruak), eta konkistatzaile baten gogorkeriaz jokatu zuen.

Udazkenean hartutako lurrak sendotzen jardun zen, aldi berean hornigai bideak segurtatzen zituela. Hurrengo urtean aurrera jarraitu zuen, garaile beti ere. Deba Garaiko gainetatik igaro ondoren, Gasteiz konkistatu zuen, eta Miranda de Ebroraino iritsi zen.

Bilbo ere frantsesen esku zegoen ordurako, eta Iruñea eutsi ezinik zebilen. Katalunian ere gauzak nahiko larri baitzebiltzan, Karlos IV.ak Basileako bakea onartu zuen (1795eko uztaila). Frantziak alde egingo zuen okupaturiko Penintsulako lurretatik, Santo Domingoko espainiar uhartearen truke.

Luzeagoa eta odoltsuagoa izan zen Independentziaren gerra (1808-1814). Portugalgo erreinua suntsitzeko, britainiarren aliatu tradizionala baitzen, Napoleonek penintsula hartzea erabaki zuen, eta bere anaia, José Bonaparte, jarri zuen Espainiako tronoan.

Europako jaun eta jabe zela, azpijokoak, mehatxu ilunak eta agindu faltsuak erabili zituen enperadoreak Espainiako errege familia Baionan biltzeko. Hala, Gorteak bildu zituen han, Baionan, presaka (1808ko ekaina), liberal moldeko konstituzio bat idatzi, eta dinastia aldaketa legeztatzeko. Amarru hark ordea ez zuen arrakastarik izan.

José Bonaparte Madrila heldu zenean, larriagotu egin zen maiatzaren 2an hasitakoherri matxinada. Haren posizioa eutsiezina gertatu zen bere osteak bi bider garaitu zituztela jakin zuenean. Espainiar gudarosteak Dupont garaitu zuen Bailenen, eta Torres Vedrasen, Lisboatik gertu, eta Junotek ezin izan zion kontra egin Arthur Wellesleyk, etorkizuneko Wellingtongo dukeak, gidaturiko britainiar espedizioari. 1808ko uda hartan bertan, Batzorde Nagusi batek beretu zuen gobernua preso zegoen Fernando VII.aren izenean, frantsesei gerra adierazi zien formalki, eta usurpatzailetzat salatu zituen Bonapartetarrak.

Gauzak ezin ziren okerrago hasi sasi errege harentzat, eta Gasteizen hartu zuen babesa, laguntza noiz etorriko zain. Enperadorea bera, bere osteen buru, abiatu zen Espainia aldera. Kanpaina militar guztiz azkar batean, Napoleonek Madril konkistatu zuen berriz bere anaiarentzat (1808ko abendua). Baina, garaipen sonatu haiek gorabehera, Junta zentralak ez zuen etsi.

Napoleonek –oker– denbora kontua besterik ez zela pentsatu zuen. Frantziara itzuli aurretik, hiri garrantzitsuenak beretzea gomendatu zien bere jeneralei, eta, talde mugikorrak erabiliz, komunikazio bide nagusiak menderatzea. Baina hori ezinezkoa gertatzen zitzaion baita 250.000 soldaduko gudaroste bati ere. Eremua ez baitzuten menderatzen, konboiak, eskolta gudarosteak edota postak berak ere, oso erraz geratzen ziren gerrillen esku. Nazkatuta gehiegi luzatzen ari zen egoera harekin, 1810ean Frantziari erantsi zizkion enperadoreak Ebro ibaiaren eta Pirinio mendien arteko lurrak. Erabaki horrek Jose Bonaparteren posizio politikoari kalte egin bazion, Errusiako kanpaina zela-eta, are kaltetuagoa geratu zen haren posizio militarra.

Wellingtonek, soldadu inperial milaka batzuen lekualdaketaz baliatuz, lur zabaleraeraman zuen bataila. Behin baino gehiagotan inguratuz, oso mugimendu bizkorretan, Madril askatu zuen, eta frantsesak garaitu zituen Gasteiz eta San Martzialgo borrokaldi erabakiorretan (1813ko ekainaren 21ean eta abuztuaren 31n, hurrenez hurren).

Madrilen eta Parisen arteko igarobide nahitaezkoa izanik, hasieratik egon zen Hego Euskal Herria frantsesen mende. Batez ere lau hiriburuak, Bilbo, behin baino gehiagotan, abertzaleek berreskuratu zuten arren. Baionako nagusien batzarrean egondako euskal diputatu batzuk, hala nola Mariano Luis de Urquijo eta José de Mazarredo bizkaitarrak, edota José Miguel de Azanza nafarra, José Bonaparteren ministro izan ziren. Ilustratu ospetsuak ziren hirurak, Borbondarren monarkiaren zerbitzura luzaro jardunak. Erreforma sail bat goitik (alegia, iraultza arriskurik gabe) ezartzeko aukera ikusi zuten Napoleonengan, nahitaezko gauza zena espainiar gizartearen atzerapenari kontra egiteko. Gainerako frantsestuek bezala, estatuko arrazoien mende jarri zuten dinastia leialtasuna. Agintari foralek oso desberdin jokatu zuten, behartuta ezagutu baitzuten errege berria, eta inongo berotasunik gabe: Arabako Batzar Bereziak Merlin jeneralaren baioneten mehatxupean onartu zuen errege frantsesa; ezkutuan alde egin zuen Iruñeatik Nafarroako Diputazioak, eta, Tuteratik, agindu zien bere herkideei Jainkoaren, Foruen eta errege presoaren alde borroka egitea (1808ko urriak 28).

Baionako konstituzioaren 144. artikuluan adierazitakoaren arabera –Juan José María Yandiola bizkaitarrak proposatuta–, 1810eko otsaila arte indarrean jarraitu zuten foru erakundeek. Hori bai, behar ziren garbiketa guztiak eginda eta ahalmen hutshutsik administratiboak zituela. Baina, Gobernu Militarren sorrerarekin, erabat ezeztatu zituzten azkenean. Dufour jeneralak hartu zuen Nafarroaren ardura, eta Thouvenontek Araba, Gipuzkoa eta Bizkaikoa.

Administrazioa arrazionalagoa egin eta aginpide zibila militarraren mende jarri ondoren, Gobernuko Kontseilu bat izendatu zuen Thouvenontek. Kontseilu hori aholku emailea zen, eta ordezkari bana zuen hiru probintzietan: Yandiola Bizkaian, Alejandro Duqué Gipuzkoan eta La Alamedako Markesa Araban. Horrez gainera, Probintziako Kontseilu bat ipini zuen lurralde bakoitzaren buru, lau lagunez –bi lur jabe eta bi merkatari– osatua. Udal Kontseiluak ziren, aurrekoen ordezko izan zitezen, erakundeen organigrama berriaren azken puntua.

Neurri horien guztien ondorioz, baztertuak geratzen ziren nekazari giroko jauntxoak, burgesia urbanoaren eta, oro har, Bonaparteren erreformazaletasunarekin ados zeuden biztanle sektoreen mesedetan. Horregatik, haietxek jaso zituzten neurri liberalizatzaileen(eliz eta udal ondasunen desamortizazioa) lehen etekinak, eta haiek sartu ziren aurrena goardia zibikoan; hiritar talde armatuak ziren horiek, politika antolamendu berriaren aldekoak.

Goardia zibikoa nahikoa izan zen hirietan legezkotasun berria ezartzeko, baina oste erregularrek ezin izan zituzten probintziako gainerako lurrak menderatu. 1812tik aurrera, frantsesen eskumendetik urrun hasi ziren biltzen Batzar Orokorrak. Ordurako, lasai-lasai mugitzen zen gerrilla mendialdean, nekazarien laguntzari esker; harrotasunez kontatzen zituzten haiek Cruchaga, Jáuregui –Artzaina–, eta Sebastián Fernández de Lecetaren –”Dos pelos”. egitandiak.

Baina Francisco Espoz y Minaren adinako osperik ez zuen inork lortu; Espoz y Mina, talde txiki batetik hasita, milaka gizoneko gudaroste bat osatzera iritsi zen. Zapalkuntzak frantsesen kontrako sentimenduak areagotzeko baino ez zuen balio izan. Gauza bera gertatu zen gerrako zerga bereziekin; izan ere, erasotuek ordaindu behar zituzten erasotzaileen osteen gastuak. Alkateek bizitza jarri behar zuten buruzagi militarrek finkaturiko kopuruen eta epeen ordainketaren berme. Larrialdietan, herritar aberatsenengana jotzen zuten, eta haiek, berme gisa, kontzejuko ondasunen hipoteka eskatzen zuten. Azkenean, auzo lurrak saltzea beste erremediorik ez zen izan. Auzo lurrak galdu, eta azienden errekisa etorri zen gero, zubien lehertzea, burdinola askoren suntsitzea eta gerrak eragindako hondamenak.

Donostiakoa izan zen denetan gogorrena, ingelesek, azken erasoan, dena ostu eta suntsitu baitzuten (1813ko abuztuaren 31).

 

Gizarte eta politika krisia

Egonezina areagotu eta izugarrizko pobrezia ekarri zuten gerra etengabe haiek.

Familia asko eta asko zorrak janda geratu ziren. Produkzio egituren organizazio faltak eta haren ondorengo nahasmenduak krisi estrukturalaren ondorioak aregotu zituzten, eta gerra ondorengo zerga gehitzeak ere ez zituen arazoak gutxitu. Gizarte krisi haren tamainaren erakusgarrietan, bidelapurren agertzea da argiena. Jokabide antisozialak zapaldu, eta “edonon eta edonoiz gertatzen diren lapurreta, hilketa eta zauriak” desagertarazteko, polizia forala sortu zuten Diputazioek XVIII. mendearen bukaeran. Mikelete eta miñoiek ez zituzten gaizkileak mendi inguruetan-eta bakarrik esesten. Herrietara ere joaten ziren, herritar errebeldeenen kontra alkateen aginpidea indartzeko.

Aldi berean ia, foruen eztabaida piztu zen. Errejimen forala aldatu beharra zegoela pentsatzen zen, leku askotan gainera.Kritikoen aldean merkatari burgesia zegoen, Valentín de Foronda arabar ilustratu eta liberalzalea zutela gidari; baita zentralismo monarkikoaren defenditzaileak ere, erregearen aginpidea zabaldu nahi baitzuten foru lurraldeetan. Beste alde batetik, erakundeetan zuten posizioaz baliatu ziren jauntxoak beren pribilejio zaharrak berritu eta kritikoak probintziaren gobernutik urrunarazteko.

Jauntxoen jarrerak hautsi egin zuen euskal gizartearen barne batasuna. Alde batetik, kapare ez zirenen haserrea sorrarazi zuen; bestetik, burgesia urbanoarekiko harremanak hondatu zituen, eta era horretan apurtu egin zen talde aginteduna osatzen zuten bi bandoak lotzen zituen adostasun hauskorra.

Nobleen eta herri xehearen arteko liskarrak ekonomia krisiaren zama lehenengoek bigarrenari leporatu nahi izanetik sortu ziren. Talde arauen arabera, tradizioak eta usadioak ezarritako mugen barnean zertu behar zuten agintariek beren aginpide paternala.

Horregatik, zaharkituak baitzeuden, onartezina zen antzinako pribilejio estamentalak berpiztu nahia. Probokazioa are handiagoa zen, kontuan hartzen bada kapareen estrategiaren barne petxeroak erakundeetatik baztertzea zegoela. Erregearen baimenarekin, mende bukaera aldean hogeikoak sartzea lortu zuten Euskal Herriko udal askok; herritar ahaltsuenen ordezkariak hautatu ziren, ohiko kontzeju zabal irekien ordezkoak.

Erregearen onespena lortzeko modua ez zen beti berbera izaten: herri bilerak sarritan sekulako iskanbilekin amaitzen ziren, zentzudunenei herritar suharrenak gaineratzen zitzaizkien, erokeria hutsa izaten ziren erabakiak, eta, gainera, herritarrak elkarrengandik urruntzen zituzten.

Herri xehea baztertzeko asmo berberaz, alkateen eta hermandadeko prokuradoreen karguak kapareen esku geratu ziren Araban 1800etik aurrera. Araban behintzat, Napoleonen inbasioaren ondoren ere jarraitu zuten kapareen azpijokoek. 1818an, familiako buru ziren bostehun arabarrek eskatu zioten Fernando VII.ari, diru truke, noble bihurtzea denak. Diputazioak beren aurkako txostena egin zuela jakin zutenean, berriz ere idatzi zioten erregeari “beharrezko gertatzen zaigun errekurtso batean, Probintziaren manupetik askatzeko eta erabat aldentzeko, ez baitugu hor ordezkaritzarik batere, legezko eskubide ororen kontra loturik baikauzkate, eta, hala, lege berriak eskatzen ditugu, Arabako forurik gabe, gainetik kentzeko behingoz noble bezainbat erregetxo diren horiek, arimak galarazten baitizkigute, eta ondasunak agortzen.” Zamakolada ere, 1804ko udan Bizkaiko Jaurerria astindu zuen herri matxinada, zergak zirela-eta sortu zen. Konbentzioko gerrak sorrarazitako zor handiak ordaintzeko,Bizkaiko Batzar Nagusiak kontsumoaren gaineko zerga plangintza bat onartu zuen, “Bilboko merkatari handi eta txiki guztien” ukoa ekarri zuena. Ez zen gauza berria Bilboko burgesiaren eta herri txikietako jaunen artean tirabirak izatea. Baina orduko hartan inoiz baino urrutirago iritsi ziren liskarrak.

Batzarrak ez zuen atzera egiteko inolako asmorik, aitzitik, erregearen baimena lortu zuen Abandon portu berri bat egiteko, Nerbioi ibaian bertan. Portu hura egin izan balitz, desagertaraziko zuen Bilbok merkataritzan zuen nagusitasuna. Simón Bernardo de Zamacola, Arratiako merindadeko foru alkatea eta Dimako eskribaua, zen proiektuaren egilea, eta haretxek negoziatu zuen proiektua, Jaurerriaren izenean, Godoyrekin zuzenean. Baina, hastekotan zirela eraikuntza lanak, herri matxinada piztu zen. Arma biltegiak indarrez hartu ondoren, Bilbora jo zuten Begoña, Abando eta Deustuko nekazariek “danbor hotsetan”. Atxilo hartu zituzten korrejidorea eta Diputatu Nagusiak, baina Zamacolak ihes egitea lortu zuen. Herriari traizioa egin izana leporatzen zieten hirurei, eta zubiaren truke Jaurerrian soldaduska jartzea eskaini izana Godoyri. Aste batzuen buruan etorri zen normaltasuna, eta Batzar Nagusi berri batek Zamacolaren harrokeria kondenatu eta proiektua ezeztu zuen. Laborariak izan baziren ere protestaren buru, bilbotar merkatariek bultzatu zutela zen herriaren susmoa. Horregatik, erredun deklaratu eta Bizkaitik deserriratu zituzten, geroago, Mariano Luis de Urquijo eta José de Mazarredo; harreman estua zuten biek hiriko merkatarien interesekin, eta José Bonaparteren ministro izango ziren gero.

Agintari urbanoen eta jauntxoen artekoa ez zen Bizkaiko auzia bakarrik. Arabako Batzar Nagusiak zamakoladaren urte berean eman zuen errege epai batek kendu zizkion Gasteizi, lehen esan den bezala, Diputatu Nagusia aukeratzeko zituen pribilejioak.

Gipuzkoan ez zebiltzan gauzak hobeto.

Irun eta Hondarribiak 1805ean lortu zuten Nafarroako Erreinuan (behin-behingoz) sartzea. Baina Donostiaren eta Gipuzkoako probintziaren arteko arazo handienak 1831tik aurrera hasi ziren, eta donostiar ordezkariak biltzarretik erretiratu zirenean jo zuen gorena, Batzar Nagusiek haien nahiei ezezkoa eman zietenean. Bere Memoria Zurigarrian “merkataritzaren gaurko hutsaltasunaren, eta hiritar miserable hauek banaka-banaka suntsitzen ari den hondamendi izugarriaren” berri eman ondoren, Donostiak merkataritza espainoltzearen alde egiten zuen; alegia, espainiar merkatuan ahalik eta baldintza onenetan sartzearen alde, eta horretarako nahitaezkotzat jotzen zuen aduanak uraren mihira eramatea. Nafarroako Gorteetan ere izan zen aduanei buruzko eztabaidarik (18281829). Han ere iritzi desberdinak ziren. Merkatzaritza burgesia aduanak lekuz aldatzearen alde zegoen; baina, batez ere, erosi eta saldu zitezkeen nekazaritza soberakinak zituzten lur jabe handiek defenditzen zuten aduanen aldaketa, hala Bigüenzaleko kondea eta Guendulaingo markesa. Gorteetan gehienek behin-behineko aldaketaren alde egin zuten, baina horrekin batera gobernuak onartu ez zituen erreibindikazio sail bat ere aurkeztuz (foru oparia kentzea, kontrabandoko auzietan lege ahalmenak gordetzea, etab.).

Hala bada, krisiaren neurriak zatikatu egin zituen politika ekonomiari buruzko auzian jauntxoak eta merkataritza burgesia.

Bestalde, alternatibak ere hasi ziren mamitzen, lehenik Ilustrazioak eta gero Frantziako Iraultzak zabaldutako ideien ildotik.

Oro har, zailtasunak gainditzeko, Antzinako Errejimenaren egiturak sendotu nahi zituzten jauntxo txikiek, horretan sarturik, jakina, pribilejio estamentalak eta lurraren jabego feudala. Haiek ez bezala, salbamena merkatu espainolean sartzean ikusten zutenek produkzio baliabideen aldeko apustua egiten zuten, eta aduanak kostaldera eramatearen alde. Desberdinak ziren orobat zerga ereduari eta hiriek probintziako gobernuan behar zuten erabakimenari buruzko iritziak ere. Erakundeetan askoz ere ordezkari gehiago baitzuten, jauntxoek ez zuten arazorik izan merkatari burgesia gailentzeko. Azkenean, foru errejimena aldatu beharraren gaineko eztabaida ekarri zuten iritzi desberdin horiek guztiek.

Zentralizazio monarkikoaren aldekoek ere bazuten foruei buruz beren ikusmolde propioa. Donostiaren errenditzea baliatu zuen 1794ko udan Godoyk, frantsesen kontra borrokarik egin gabe, “foruen auzia” garbi-garbi planteatzeko. Horretarako, ilustratu talde ospetsu bati eskatu zion foruen azterketa kritikoa. Errege Akademiako Hiztegia-n agertu ziren Traggia, González eta Llorenteren ondorioak (1802). Oro har, begikoaren tesi erregalistak alde egiten zuten, Gaztelako erregeek emandako pribilejio sail baten gisara aurkezten baitzituzten foruak, eta, horrexegatik, aldakorrak. Francisco Aranguren y Sobradok eman zien erantzuna.

Jaurerriko kontsultore iraunkorrak argudiatu zuen foruak itun errespetagarri baten klausulak zirela, zeinen bidez Koroan sartu baitziren euskal lurraldeak, eta, horregatik, ezin zituen parte batek bakarrik aldatu. Eztabaida teorikoa gorabehera, Godoyk kontraforu batzuk dekretatu zituen.

1803an Gasteizen Aduanetako Ordezkariordearen kontrako matxinada batez baliatu zen Godoy Arabako Diputazioaren lege esparrua kontrabando delituetan mugatzeko, eta korrejidorea ipintzeko, Arabako arautegi foralean arrotza gertatzen zen irudia (ez zuen lortu). Aldi berean, aholkatzenzuen, esan den bezala, soldaduska sartzea Bizkaian.

Independentziaren gerrak eten egin zuen une batez foruen auzia; hasieran José Bonaparteren monarkiak atzerarazi zuen, eta Cadizko Konstituzioak isilarazi gero.

Monarkia absolutua berriz ipini zenean (1814ko maiatza), berriro ere legezkotu zen errejimen forala. Eta harekin batera, betiko eztabaida. Ministerialistek, berdintasun zentralizatzailearen aldeko baitziren, erregearen ahalmenak zabaldu nahi zituzten, agintari foralen aginpidea mugitze aldera. Inolako lotsarik gabe, horixe adierazi zuen Errege Haziendaren Gehiegikerien kontrako Batzordeak. Gauza berbera adierazi zuen 1817ko urriaren 21eko Errege Aginduak, Euskal Diputazioei gogorarazi zienean “nazioaren interes orokorrei, aginpide nagusi beregainaren batasun sistemari, ordena eta ahalmenei kalterik egin gabe” gertatu zela foru errejimenaren berrezartzea. Esapide horrek, “nazioaren interes orokorrei kalterik egin gabe”, foruen eztabaidan nagusituko zen berak, azpimarratzen zuen absolutismoaren asmoa. Ez da harritzekoa, beraz, liskar ugari gertatu izana agintari foralen eta Koroako ministroen artean, ezta kontraforuak sortu izana ere, hala foru oparia nahitaezko izan zedin eskaera, edota 1818ko soldaduska aldirako mutilak nahitaez bidali beharra.

Errejimen foralaren kontrako erasoak zirela-eta, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Diputazioek estrategia bera hartu zuten azkenean. 1800ean erregearen baimena lortu zuten konferentzian interes komuneko auziez aritzeko. Orduz geroztik, gero eta sarriago hasi ziren biltzen. Aski zen hiruetako batek besteei bildu beharra adieraztea, eta zegokion deialdia egitea. Hasieran,batez ere ekonomiazkoak izaten ziren gaiak (probintzia arteko bideen plangintza, probintzia bateko zergak beste bateko produktuen gainekoak izatea, etab.), baina, denborarekin, gobernu zentralari buruzko politika komun bat diseinatu eta egiteko erabiltzen ziren konferentziak. Horrek, hiru diputazioak Euskalerriko Adiskideen Elkarteak markaturiko norabidean elkartzeaz gainera (Irurac bat), izugarri sendotu zuen beren posizioa absolutisten eta liberalen eraso zentralisten aurrez aurre.

 

Absolutistak eta liberalak

Ortodoxoen eta errebisionisten arteko eztabaida forala are gogortu zen 1812ko konstituzioarekin hasitako liberal/absolutista dialektikarekin. Cadizko testuaren sarreran, erregeen ahalmen absolutuari kontra egiten ziotela-eta, goretsi egiten ziren foruak, baina gero, xedapenetan, aitatu ere ez ziren egiten. Adierazi gabeko ezeztatze bat bezala uler zitekeen isiltasun hura, hiritarren lege berdintasunaren aldera. Horregatik, Batzarrek arazoak izan zituzten konstituzioaren testua zin egiterakoan, eta berriz ere eztabaida sortu zuen euskaldunen artean.

Testu hartan bere itxaropen politikoak eta ekonomikoak gauzatuak, eta, aldi berean, jauntxoen nagusitasunari kontra egiteko modua ikusi zuen burgesiak. Horregatik egin zen liberala. Kontrako arrazoiek eraman zituzten jauntxoak beste alderdira, eta horregatik egin zuten oso-osorik Fernando VII.aren eskubide absolutuen alde, eta eskaini zioten foru opari bat errejimen forala onetsi zuen unean bertan. Sinetsita zeuden guztiz adostu ezinezkoa zirela konstituzioa eta foruak.

Hiru urteko liberalak (1820-1823), berretsi egin zituen jauntxoen beldurrak.

1820ko udaberrian, Cadizko konstituzioa aldarrikatu zenean, ezeztu egin zen errejimen forala. Gorte beregainek hartu zuten aginpipide politikoa, gizonezkoen sufragio (ia) unibertsalaren bidez; horrelaxe hautatu ziren probintzia diputazio berriak eta konstituzio udalak, arestiko jokabide oligarkikoak baztertuta. Buruzagi politikoen eta probintziako diputazioen ardura izatera igaro ziren Batzar eta diputazio foralen eginkizunak.

Estamentuen arteko aldeak ere desagertu ziren, eta zerga sistema berria ipini zen, zergaren unibertsaltasunean eta zergak banakoaren aberastasunari buruz zuen proportzioan oinarritua. Aduanak kostaldera eramanda, produkzio baliabideen liberalizazioa hasi zen, nobleen ondasunen batasun loturak etetearen eta nekazari errentak finkatzeko askatasunaren bidez. Bestalde, eliz ondasunen desamortizazioak, hamarrenaerdira jaisteak eta prentsa askatasunak Elizaren nagusitasun ideologikoaren kontra egiten zuten (eta, oro har, Antzinako Errejimenaren aldekoen kontra).

Konstituzioak euskal probintziak besteen maila berean jarri zituen. Nafarroako Erreinuari izena aldatu eta Iruñeko Probintzia jarri zioten, eta Foru diputazioak probintzialak bihurtu ziren. Aldaketa haiek ez zitzaizkien gustatu ez elizari, ez jauntxoei eta ezta herri xeheari ere. Laborarien hasierako liberalismo epela berehala hoztu zuten maiztertza askatasunak, zergen gehitzeak eta nahitaezko soldaduskak. Konstituzioaren legedia ez zen eraso ekonomikoa bakarrik. Horrez gainera, eta horixe zen batez ere, usadiozko gizartearen ikur, balio eta sineste multzoaren kontrako eraso zuzena.

Hortik zetorren eragin zuen erreakzio sutsua. Erreakzioak protesta armatuaren forma hartu zuen. 1821eko apirilean altxamenduak izan ziren Andoain, Durango eta Agurainen, Ostegun Santuaren egunean hasi zirenak. Paskinek matxinadara deitzen zuten elizen ateetatik, Jainkoaren, Foruen eta Erregearen izenean matxinatzera (errege absolutuaren, ez errege konstituzionalaren izenean). Hain zuzen ere, “Jainkoa, Foruak eta Erregea” zen Nafarroako Errege Gudarostearen banderan idatzitako esapidea.

Militar erretiratuek, elizgizonek eta jauntxoek gidatzen zuten indar erregezale eta antiliberal hark hamaika arazo sortu zion gobernuaren armadari. Hego Euskal Herri osoan, baina batez ere Nafarroan, gerra zibileko psikosia zabaldu zen hiru urte konstituzionalaren azken hilabeteetan. Orduko errege absolutuaren aldeko buruzagi asko, hamar urteren buruan, matxinada karlistaren buru izango ziren: hala adibidez, Francisco Benito de Eraso eta Santos Ladrón de Cegama nafarra, edota Valentín de Verástegui arabarra. Azken horrek, “bigarrengo bandalo horiek, hiru urtez baino gehiagoz gure Erlijio santua sakrilejioz zanpatu, gure errege preso eduki, eta gure foruak eta gure askatasunak ezeztatu dituzten horiek”, gogorarazi zituen bere herrikideak matxinadara eramateko 1833ko urriaren 7an.

Ez ditzagun gertaerak aurreratu ordea.

1823ko urriaren 1ean erori zen gobernu konstituzionala. Ez zuten erorarazi errege absolutuaren aldekoek, San Luisen ehun mila semeek baizik, Espainian absolutismoa berrezartzeko Aliantza Santuak bidalita zuen armadak. Apirilean muga gurutzatu zuten Angulemako dukearen osteek. Haiekin batera zetorren erreinuaren gobernu batzorde behin-behineko bat, absolutista famatuek osatua; foru errejimena berrezarri zuen dekretuz, eta errealistak okupazio osteen abangoardian txertatu zituen. Bazuten harrotzeko arrazoirik errealista eusko-nafarrek, berak izan baitziren Fernando VII.aren eskubide absolutuen alde mobilizatu ziren lehenak.

 

Gerra zibilerantz

1823tik aurrera Espainia osoan piztu zen gurutzada antiliberalak izan zuen eraginik euskal probintzietan ere. Baina ez zuten monarkiazaleak zapalkuntza antolatu eta gidatu, agintari foralek baizik. Monarkia absolutuaren ahultasunak, eta horrekin batera errejimen aldaketa zertu ahal izateko probintziako oligarkiekiko zuten mendekotasunak, izugarri handitu zituen diputazio foralen gobernu eta eragite ahalmenak.

Hasiera-hasieratik talde atzerakoienen esku egon ziren diputazioak, hiru urteko liberalean zehar konstituzioaren kontrako mugimendua bultzatu zuten eta errealista taldeen buruzagi izandako berberen esku. Bai hirietako burgesia, liberalzalea, bai aristokrazia lur jabe moderatuagoa, gobernu konstituzionalaren lankide izan zena, bazterturik geratu ziren politikan. Diputatu Nagusi izandako zenbaitek Probintziako Guraso titulua galdu zuten, eta haien izenak ohorezko koadroetatik ezabatu ziren. Gipuzkoan, Agustín Iturriaga, Santiago Unceta eta Villafrancako Kondea ziren gizon indartsuenak; Bizkaian, Javier Bátiz, Zabala brigadierra eta Valdespinako Markesa, errealistak denak, Independentziaren gerraren garaiak ezkeroztik azpijokoan ondo trebatuak; eta Araban, Nicasio José de Velasco, 1814ko zapalkuntza antiliberalaren antolatzailea, eta Valentín de Verástegui, errejimen kostituzionala kondenatzen zuen Pertsiarren Manifestua izenpetu zuten parlamentarioetako baten semea. Talde horren ideologia, Ilustrazioaren eta liberalismoaren kontrakoa, eta estamentuen aldekoa, foruen auziari buruzko lan mardul batean gauzatu zen, gerora karlisten buruzagi izango zen Pedro Novia de Salcedo bizkaitarrak idatzia.

Soziologikoki, denak ziren lurjabeen nobleziako kide, eta denek zituzten ideia absolutista sendoak.

Zuzen-zuzenean joan zen propagandarik atzerakoiena liberalen kontra, herriaren hondamendia, materiala eta morala, ekarri izana leporatzen zietela. Desgobernu instituzional sakrilejiozko eta dongea izatearen kondenaz, beren mendeko klaseekin adiskidetzen saiatu ziren jauntxo absolutista zorrotzenak, eta gizarte tradizionalaren balioetan haiek txertatzen. Asmo bikoitz batekin, hau da, etsaiari aurrera egiten ez utzi eta herri xehearen frustrazioa sublimatu, liberalen kontrako esetsaldi errukigabe bati ekin zioten. Nahikoa zen inor konstituziozale zelako susmo hutsa, aldare eta tronuaren kontrakoen zerrenda beltzean sartua izateko. Anatema atzerakoiek bideratu zuten aberatsen kontrako herriaren haserrea.

Ondasun desamortizatuen erosleak, prestamo emaileak eta espekulatzaileak oro har, Batzar Nagusietan salatu zituzten gizarteharmoniaren kontrako zirelakoan. Maila barregarrietaraino iritsi zen bazterketa: 1820ko hamarraldiaren bukaeran, hogeita hamar bat familiak bakarrik zuten Gasteizko udalean karguak izateko gaitasuna.

Euskal diputazioek, kontrairaultzaren zerbitzura jarritako tresna gisa aurkeztuta, polizia eta boluntario errealisten kontrola lortu zuten, zeinek bere probintzian; Fernando VII.aren lehia antiliberal eta zapaltzaileak sortuak ziren bi talde haiek. Alkateen izendapen zuzena ere lortu zuten, eta, bide horretatik, udalen mendekotasuna.

Ahalmen horiekin, euskal gizartea militarizatu egin zuten, boluntario errealisten euskal bertsioa ziren natural armatu-etatik abiatuta. 1823ko udaberrian sortu zituzten, alderdi errealistak erakunde bihurtuz, estatu osoan indar paramilitar bat, kapitain jeneralen mendekoa, osatzeko helburuaz. Nolanahi ere, autonomia foralaren babesean, natural armatuen aginpidea gorde ahal izan zuten diputazio foralek, eta azkenean, benetako probintzia gudarosteak antolatu zituzten.

Estamentuen aldeko aurriritziak ahaztuta behingoz, bultzatu zuten “era guztietako pertsonek (gudarostean izena ematea), edozein delarik haien nolakotasuna eta egoera, nobleak zein herri xehea izan, beti ere merezi baldin badute, beren ohitura txukun eta Aldareari eta Tronuari dioten atxikimenduagatik, onartuak izatea”.

Era horretan, herria hamar urtez mobilizatu, antolatu, armatu eta dotrinatu ahal izan zuten. Izan ere, tertzioak izenez boluntarioek osatuak baziren ere, gero, izatez, susmagarri gertatzen ziren soldadu joan ez zirenak, eta halakoak oso estutik jarraitzen zituen poliziak.

Erreten, erronda eta gaueko zaindarien bitartez, hirien barnean ordena publikoa begiratzeaz ere arduratzen ziren natural armatuak.

Heziketa militarra ere hartzen zuten ordea, ofizial errealista erretiratuen eskutik.

Behin baino gehiagotan frogatu zen natural armatuen eraginkortasun militarra.

1827an katalan malcontents-en matxinada (ultra) piztu zenean, euskal lurretan antzeko beste bat ez piztea lortu zuten tertzioek, Lausagarretak gidaturiko taldea preso hartuz. Hiru urte geroago, muga ixteko mobilizatu ziren, eta Francisco Espoz y Mina gerrillari ohiaren gidaritzapean Frantziatik zetozen erbesteratu liberalen gudarostea sakabanatzeko.

Bi aldietan, Fernando VII.ak domina ipini zien natural armatuen buruzagiei.

“Nire euskal probintzien leialtasun aratza” goraipatu zuen Madrilgo Gazetan Erregeak.

Nolanahi ere, izan zen arazorik Diputazio absolutisten eta erregearen arteko harremanetan.

Aski larria izan zen ministro erregalistenekin izan zituzten harremanak.

Ministro haiek, foruak monarkiaren beharkizunen mende jartzeko ahaleginetan, gogorjardun ziren foru oparia nahitaezko zerga bihurtu, soldaduzka aldirako mutil kopuru finkoa euskal lurretara zabaldu eta tertzioak Gipuzkoako kapitain jeneralaren agintepean ipintzeko ahaleginetan. Baina diputazioek, erregearen aginpideari erronkarik egin gabe ministroei kontra egiten oso arduratsuak baziren ere, ez zuten horrelakorik onartu. Gehienera ere, foru opari bat emango zuten, kalte zaharrak ordainduko zizkietelako baldintzapean gainera: erregeak foru opariaren nolakotasuna borondatezkoa eta graziazkoa zela onartzea, atzerritartasun eskubideak ezabatzea, Europako burdingaiei mugak ixtea, Ebro ibaiaren bi aldeetan dirua libre mugitzea, deialdi militarra kentzea eta euskal eliz barruti bat sortzea.

López Ballesterosek, Haziendako ministro eta joera erreformistaren ordezkari nagusiak, diputazioen harrokeria manu militari zigortzea proposatu zuenean, eskaera bateratu bat egin zioten haiek erregeari. Erregearen eskubide absolutuen alde mobilizatu ziren aurrenekoak euskaldunak izan zirela adierazi ondoren, berdintzailetzat salatzen zuten (ezkutuko liberala izateaz beraz), eta bide batez, gogorarazten zioten Fernando VII.ari ez dela “ probintzia eta klase pribilejiodunik gabe, inoiz izan monarkia huts eta absoluturik, eta horietxek izaten dira ideia demokratikoen kontrako oztopo gaindiezinenak.

Probintzia eta klase pribilejiodunak pobretzera iristen direnean, ez da denbora askorik joaten zalantzan jartzen den arte erregeren beregaintasunari dagozkien eskubideen kalitatea eta kopurua, eta Tronua bera ere hasten da orduan balantzaka”.

Dudarik gabe, erregea gehiago zegoen ministroaren alde diputazioen alde baino.Baina monarkia dirugabetu baten ahultasun politikoak, liberalen matxinada saioek eta Don Karlosen inguruko ultren azpijokoek erasotzen zutelarik gainera, zuhur jokatzea eta adiskidetzea gomendatzen zuten. Horrelaxe ulertu zuten diputazioek, eta 1828ko udan, Kataluniako kanpainaren ondoren, sekulako harrera egin zioten erregeari. Natural armatuak, galaz jantziak, zituela jarraigo gisa, eta txaloen artean beti, Hego Euskal Herri osoan ibili zen Fernado VII.a, Tuteratik Gasteiza, Iruñea, Donostia, Tolosa, Gernika eta Bilbotik igaroz. Harrera hura, ministro erregalistenei jaramonik ez egin izangatik, hain beroa eta jendetsua, aldi berean izan zen agintari foralen indar erakustea eta monarkiaren onespena. Bestalde, ezin da ahaztu babesle ahaltsuak zituela gortean eusko-nafar oligarkiak, batez ere talde atzerakoienetan, eta han ez zutela Ballesteros oso begi onez ikusten. Haietako batzuk ziren Eguía jenerala, bizkaitarra jaiotzaz eta erregearen aholkulari militar nagusietako bat, edota Infantadoko Dukea, Araban jabetza izugarriak zituena, Fernando VII.aren adiskide pertsonala eta konfiantzazko gizona.

Dinastiaren auzia plazaratu zenean, bai Isabelen aldekoek, bai Don Karlosenek, zeinek bere hautagaien artean bilatu zuten babesa. Ondo asko zekiten ez zegoela Koroa bakarrik jokoan, aitzitik, gizarte eta politika sistema baten jarraitasuna, eta batez ere, hori, jokatzen zutela. Don Karlosek, erregearen anaiak, usadio eta egitura zaharren jarraitasuna adierazten zuen, eta Isabel infanta berriz, Fernando VII.aren alaba nagusia, haren laugarren ezkontzatik 1830ean jaioa, erreforma eta aldaketaren ikur zen. Eusko-nafar errealistengana jo zuten gorteko talde atzerakoienek. Natural armatuen beharra zuten, kontrako talde gisa, Fernando VII.ak Isabelen aldeko hautua egin eta boluntario errealisten (fanatismo zorrotzenaren beso armatuaren) desagertzea agindu zuenez geroztik. Valdespina, Novia de Salcedo, Verástegui eta gainerakoek lotura estuegiak zituzten haiekin Isabelen garaipena lasaitasunez hartu ahal izateko. Liberalismoa bezain susmakorra gertatzen zitzaien López Ballesterosen erreformismoa, batak zein besteak, bide desberdinetatik, atzera gabeko berdintzea baitzekarten (lurrena eta pertsonena). Hala bada, matxinadara jo zuten haiek ere, sinetsita baitzeuden Don Karlosen monarkia garbi eta absolutua zela antolamendu zaharraren jarraitzearen bermea, foruena beraz, eta haiekin batera, beren nagusitasun politiko eta sozialarena.

Isabelinoek ere bilatu zuten elite eusko-nafarren laguntza. Saiatu ziren berrindartzen eta diputazioen buruzagitzan patrizio errespetagarriak jartzen, absolutismo atzerakoienean sartu gabeak. Baina eskumenhandirik ez zuten. Ez Iñigo Ortés de Velasco arabarrak, ez Pedro Pascual de Uhagón bizkaitarrak, bi adibide jartzeagatik, ezin izan zuten 1833ko altxamenduaren kontra ezer egin. Iritsi berriek ez zuten ez beren aurrekoen ospea, ez haien eragin soziala.

Probintziako indar armatuen kontrolik ere ez zuten. Verásteguik, adibidez, arabar natural armatuen komandante iraunkor izendatu zuen bere burua, Diputatu Nagusiaren kargua utzi ondoren. Baina, hasia zela gerra, gobernuaren aldean jarri zituzten diputazioak, loturak estutu zituzten liberalismo kontserbadoreenarekin, eta, luzarora, foru errejimena konstituzioaren mugetara egokitzea ere lortu zuten.

 

Lehen karlistaldia, gerra forala?

Lehen karlistaldia (1833-1840) Antzinako Errejimenaren krisiak Espainian izan zuen azkeneko pasartea, eta dramatikoena, izan zen. Dinastiaren auziak –zentzurik gabea Nafarroan, hango legediak ez baitzituen emakumeak tronutik baztertzen–, ozta-ozta ezkutatzen zituen auziaren benetako arrazoiak.

Hasieratik bertatik, indarrean zegoen gizarte antolamenduaren defentsa moduan aurkeztu zuten karlistek matxinada. Matxinadaren aldeko berbaldi guzti-guztiek jasotzen dituzte xehetasunez eta modu apokaliptikoan iraultzaileen ustezko planak. Baina ez dago Verásteguik 1833aren urriaren 7an izenpetu zuenak bezain argi eta garbi erakusten duenik. “Jainkoaren zerga kobratzea (sic); jainkozko apaizgoaren debekatzea; ospakizun santuen ezeztatzea; pentsamoldearen askatasuna; lizunkeria; grina guztien lasaikeria; mendekua; lapurerria; hilketak; lege hausteen zigorrik eza, nolabait ere gizartearen antolamendua hankazgoratzeko balio baitezakete; gure foruen eta pribilejioen ezereztea, eta gure herriaren askatasunen bahitzea; hitz batean, aldareen suntsizea eta Egile Gorenak gizadiaren onerako ezarriak dituen tronuen hondamendia: horietxek dira ezbairik gabe iraultzaileen benetako asmoak, eta egoera dohakabe eta leize horretantxe nahi dute galdu gizatxar doilor horiek gure aberri maitea”.

Don Karlos –Karlos V.a bere aldezleentzat–, Espainiako errege izendatzeaz natural armatuak arduratu ziren. Zaila da haien kopuru zehatza jakitea. Hori bai, Francis Baconek –britainiar merkataria, liberalzalea, Bilbon bizi zena matxinada piztu zenean–, esandako 57.000 gizonen erdira ez ziren heltzen. Baina, baita koordinaziorik gabe ere, eta prestakuntza militar nahikoa ez zuten arren, kontuan hartzeko moduko indarra zuten. Batez ere, kontuan hartzenbadira zeinen gudaroste gutxi zeuden Euskal Herrian kokatuak, gudaroste eregularrak etengabe pairatutako garbiketa eta baztertzeak, eta kiebraren eta krisi politikoaren artean mugitzen zen gobernu baten eraginkortasun falta.

Eztabaida erruz izan da foruek matxinada karlistan jokatu zuten paperaz. Egile batzuek diotenez, foruek ez zuten aparteko garrantzirik izan, matxinatuek Aldarearen eta Tronuaren defentsa baino ez baitzuten aipatzen egile horien aburuz. Baina antropologoek diotenez, ura da arrainek ikusten duten azkeneko gauza. XVIII. mende bukaera aldetik aurrera, Jainkoa, Erregea eta Foruak hirukotea erabili zen herria kanpoko erasotzaileen eta barneko erreformatzaileen aurka mugiarazteko. Azken finean, gizarte politikoaren aurreko nekazari mundu baten balioen ikurra zen trilogia hori, tradizioak zilegiztatua eta usadioak onetsia. Baina karlismoarekin lotutako gizarte maila desberdinentzat oso bestelako gauza ziren foruak. Nolanahi ere, foruak babestu nahia ez zen bakarrik karlisten gauza. Euskal diputazioak, azkenean gobernuari leial geratu zirenak, legezkotasun foralaren babesle bezala aurkeztu ziren beti, eta legegabetzat salatu zituzten karlisten gerrarako diputazioak. Konstituzio testu berriaren onespenak (1837ko uda), formaz, foruen ezeztapena ekarri bazuen ere, probintzia diputazio berriek foru diputazio zaharren ahalmenak eskatu zituzten; 1838an gobernuak bakea eta foruak kanpaina babestu zuen, Muñagorrik bultzatu zuena, foruen auzia eta Don Karlosena bereizteko; eta foruen etorkizuna, berriz ere, Bergarako hitzarmenera eraman zuten elkarrizketetan ere agertu zen (1839ko abuztua).

Ordurako foruzaleak ziren euskal liberal gehienak. Haien ustez, monarkia absolutuaren baitan lekurik izan bazuten, izango zuten beste horrenbeste konstituzio errejimenean ere, nahiz eta ukitu batzuk erantsi behar. Horixe zen hain zuzen ere 1839ko urriaren 25ean Gorteetan onetsi zen legearen izpiritua.

Gatazka hasi zenetik bertatik, Euskal Herria izan zen karlismoaren gune nagusia, Don Karlosen gortearen egoitza ibiltaria eta gerraren gertaleku nagusia. Ez da ulertzen zaila zergatik egin zuten biztanle gehienek tradizioaren alde. Hamarraldi batez, dinastiazaleen dotrina besterik ez zuten entzun, eta ikaratuak zeuden jendilaje liberal doilor haren irudiarekin. Horrez gainera, izututa gogoratzen zituzten konstituzioaren hiru urteen bizikizun tristeak. Liberalek beti leporatu izan zieten elizgizonei nekazarien kontzientzia erabili izana Don Karlosen aldera egin zezaten. Ez zen ordea egia osoa; liberalek ez zituzten nekazariak ulertzen, eta ez zuten haien erreibindikazioak entzuteko asmorik. Maiztertza askatasunak, auzo lurrak pribatu bihurtzeakedota nekazari lurretan indibidualismo ekonomikoa sartzeak usadiozko auzo harremanen kontrako erasoak ziren.

Gizartearen ikuspuntutik, askotariko higikundea zen euskal karlismoa. Nekazariek, behe mailako hiritarrek, militar zigortuek, jauntxoek eta elizgizonek osatzen zuten. Tipologia hori, seguraski, ez zen oso bestelakoa izango beste lurralde karlismozaleetan, baina jauntxoen antolamendu ahalmenak, eta herria gidatzen eta lurrak administratzen zuten eskarmentuak, sendotasun eta estilo oso bereziak eman zizkion eusko-nafar karlismoari. Segituan lortu zuten talde karlistek benetako gudaroste bihurtzea, eta oso azkar eskuratu zituzten gerra zibil luze eta odoltsu bati eusteko beharrezko baliabideak. Aurreramendua hain izan zen handia eta lasterra, non 1834ko uztailaren 9an sartu baitzen Don Karlos Nafarroan, Zugarramurditik, eta Euskal Herrian ipini zuen bere koartel nagusia.

Ordurako ia Euskal Herri osoan ziren nagusi haren aldekoak. Hiriburuek eta hiri jendetsuenek bakarrik aurka egiten zioten oraindik karlismoari. Haiek ziren isabelino taldearen –aristokrazia lur-jabeak eta merkatari burgesia urbanoak osatua–, babesleku ziur bakarra. Izan, ez ziren ez liberalak ez foruen kontrako, ez bete-betean behintzat.

Bazekiten zeintzuk ziren autogobernu foralaren abantailak, eta eutsi nahi zieten zerga eta soldaduska salbuespenei, baina ez zuten inolako asmorik jauntxoen nagusitasun politikoari men egiten jarraitzeko, ezta espainiar merkatuaren batasunari uko egiteko ere. Jauntxoak baino gutxiago izanagatik, eragin handia zuten gizartean eta ekonomian. Diputazioetatik, borondatezko osteen antolamendua ordaindu zuten gudaroste gobernuzaleari laguntzeko, eta milizia nazionala osatu zuten karlistetatik defenditzeko.

Hiru aldi izan zituen gerrak gatazken ikuspuntutik: benetako armada karlista baten sorrera (1833-1835), Madril hartzeko helburua zuten espedizio militarrak (1835- 1837), eta karlisten helburuaren lur jotzea, errenditze itundu batera eraman zituena, Bergarako Hitzarmenarekin (1837-1839).

Nolanahi ere, gatazkak ez ziren eten, harik eta, 1840. urtearen erdialdera, Cabreraren indarrak Maestrazgotik (Teruelgo probintzian) aterarazi zituzten arte.

Gerraren lehen aldian Zumalakarregiren trebetasun militarra nagusitu zen guztiz, eta euskal lurretan egin zen oso-osorik gerra.

Zumalakarregi gipuzkoarra zen jaiotzez; zigortu egin zuten eta, erretiratuta, Iruñean bizi zen matxinada piztu zenean. Don Karlosek komandante buru izendatu zuen, eta boluntarioen osteak eta talde sakabanatuak hartuta, gudaroste trinko eta erregular bat, beldurgarria, sortu zuen. Osteak bateratu eta arautzeaz gainera, estrategia militarra eman zien, eta garaipenezko morala kutsatu.Nekazari ikaratuak soldadu bipilak bihurtzea izan zen Zumalakarregiren meriturik handiena, eta, beharretik etekina atereaz, gerrillaren taktikak erabili zituen bere etsaiak nahastu eta garaitzeko. Hemeretzi hilabete eskasetan Euskal Herriko herri txiki guztiak beretu zituen, ia bakartuta utzi zituen hiriburuak, eta Ebroren eskuineko ertzera erretiratzera behartu zituen gobernuaren osteak. Gobernuaren nahasmenaz baliatuz, 30.000 gizon prest zituenean Madrili eraso egiteko, arrazoi diplomatikoak zirela-eta estrategikoengatik baino areago, Bilbo hartzea proposatu zion Don Karlosek.

Gorte gizonak irrikitan zeuden plaza garrantzitsu bat lortu eta era horretan nazioarteko ezagutza lortzeko. Okerreko erabakia izan zen ordea, bi aldetatik gainera. Lur jota geratu ziren karlistak Bilboko hesien kontra, eta Zumalakarregi bera ere zauritu zuten.

Egun gutxiren buruan hil zen, 1835eko ekainaren 24an; heriotza harekin bere jeneralik onena galdu zuen Don Karlosek, eta garaipen laster baten aukera.

Huts militar etengabeek muturrera eraman zuten iraultza prozesua Espainiako beste lekuetan. Gobernuaren egonkortasun faltak eta liberalismo zorrotzenaren presioak behartu zuten Maria Kristina, erregina errejentea, Mendizabali deitzera. Errege Estatutuaren muga estuetatik irten gabe (xedapenezko agiri moduko bat zen, 1834an onartua), Londresen bizi zen bankari hark, ibilbide progresista txukun-txukunekoak, egitarau benetan iraultzaile bat jarri zuen martxan. Eliz ondasunen desamortizazioarekin, errejimen berriaren aldezleak ugaritu nahi zituen, finantza oreka lortu eta ehun mila gizoneko soldadu talde bat armatzeko beharrezko baliabideak bildu.

Antzinako Errejimenaren egiturak desagertaraziko zituen lehen neurria izan zen desamortizazioa.

Mendizabal bere postutik kentzeak, gatazkak ez gutxitzeaz gainera, jendearen egonezina larriagotu eta konstituzio testu berri bat onetsi beharra ekarri zuen 1837ko udan. Hala ere, karlistek ez zuten asmatu beren etsaien ahultasun politikoaz baliatzen. Zumalakarregiren desagertzeak estrategia aldaketa bat ekarri zuen, baina espero ziren ondoriorik gabe. Ez Gómez jeneralaren espedizioak –1836ko ekainean, Urduñatik abiatuta, Andaluziaraino jaitsi zen–, ez errege espedizioak, hurrengo urtearen maiatzan Lizarratik irten eta Madrilgo ateetaraino iritsita, ez zuten aldatu gerraren aurrerabidea. Ez batak ez besteak ez zuten lortu liberalak zelai zabalean garaitzerik, ezta erresistentzia gune berriak sortzerik ere. Donostia hartu ere ez zuten egin, eta Esparterok, iparraldeko armada liberalaren komandante buru zelarik ordurako, Bilboko hirugarren setioa altxatzera behartu zituen (1837ko abenduaren 25a).

Denborak karlisten kontra egiten zuen.

Mendizabalek hartutako neurriak fruituakematen hasi ziren: soldadu gehiago eta hobeto hornituak, konfiantza handiagoa beren buruzagietan, Esparteroren gidaritza ezin eztabaidatuzkoa, Frantziaren eta Britainia Handiaren nazioarteko babesa. Azken garaipenaren itxaropena urrundu ahala, nekatzen hasi ziren matxinatuak. Gerrak eragindako odolustea, mobilizazio etengabea, amaigabeko zergak, eta osteen akidurak, lehen garaietako sugar hura desagertarazi zuten, eta karlismoaren barne haustura eragin.

Jeneral batzuk hasiak ziren pentsatzen hobe izango zutela ohorezko bake batera iristea, hainbeste alferreko sakrifizio alde batera utzita; beste batzuek –Don Karlosen gertukoak gehienak eta borroka lekuetatik urrun zeudenak–, bukaera arte jarraitu nahi zuten gerra. Marotok ipini zuen itun baterako bidea, Lizarrako fusilamenduekin. Auzi edo prozesurik batere egin gabe, Guergué, García eta Sanz fusilatu zituzten Puyko elizako hesiaren kontra. Handik gutxira, Esparterorekin negoziatzen hasi zen Maroto, Don Karlosen baimenik gabe. Itun baten idazketa izan zen elkarrizketa haien emaitza, Bergarako zelaietan buruzagi militarren besarkadarekin berretsi zena, abuztuaren 31n.

Bergarako itunak erabat baztertzen zituen Don Karlosen eskubideak. Oro har, armak eman, beren gizonak lizentziatu eta Isabeli leialtasunezko zina egin zieten buruzagi eta ofizialei, iritsitako gradua ezagutzen zien, eta onartzen zituen gobernuaren gudarostean. Bizkaitar, gipuzkoar eta gaztelar batailoi gehienek izenpetu zuten ituna; ez ordea arabar eta nafarrek. Hala ere, karlismoak ez zuen etorkizunik. Irailean bukatu zen erabat erresistentzia. Ituna onartzen ez zutenek Don Karlosekin joan ziren erbestera. Iparraldeko frontea baketu zenean, Aragoiko Maestrazgora bidali zituen gobernuak oste gehienak; hilabete gutxitan betiko sakabanatu zituzten Cabreraren osteak.

 

Errejimen foralaren definizio berria

Bergarako hitzarmena ez zen huts-hutsik militarra. Esparteroren agindua ere jasotzen zuen, gobernuari “foruak ematea edota aldaraztea” aholkatuko zion hura.

Adierazmoldearen zehaztasun falta eta mugak gorabehera, horixe izan zen errejimen forala konstituzioan sartzeko abiapuntua.

1839ko urriaren 25eko legean mamitu zen Esparteroren agindua. Eztabaida askoren ondoren, moderatuek eta progresistek –Gorteetan lekua zuten espainiar liberalismoaren bi adarrak–, testu guztiz labur bat idatzi zuten, bi artikulu besterik ez zuena.

Lehenean, “Euskal Probintzietako eta NafarroakoForuak berresten dira, batasun konstituzionalari kalterik egin gabe”; bigarrenak ordea zegokien lurraldeekin harremanetan jartzera behartzen zuen gobernua, Gorteei foruak eta konstituzioa adostu ahal izateko beharrezko erreformak proposatu aurretik, bien bitartean sor zitezkeen zalantzei irtenbidea emateko baimena zuela.

Gauza funtsezkoena beraz batasun konstituzionala definitzea zen. Horretan ez zetozen bat moderatuak eta progresistak. Progresistek susmakor begiratzen zituzten eskualdeen arteko desberdintasunak, nahiz eta ondo asko jakin bai gerraren bukaera itunduak, bai liberal foruzale eusko-nafarren leialtasunak, foruen auziaren trataera berezi bat eskatzen zutela, berdintasun jakobinoa ez bezalakoa. Lorenzo Arrázola moderatuaren interpretazioa nagusitu zen luzarora.

Orduan Justizia ministro zenak oso mugatua ikusten zuen batasun konstituzionala, era honetan: “errege konstituzional bakarra, aginpide legegile bakarra eta nazio ordezkaritza bateratua”.

Foruak konstituzioari egokitzea ez zen teorien emaitza izan, egoera politikoarena eta foruzale euskaldunen pragmatismoarena baizik. Gerra zibilaren amaieran agerikoa zen espainiar liberalismoak kontserbadoreen aldera egindako aldaketa, frantses doktrinarismoaren eta ingeles utilitarismoaren eraginpean. Cadizko konstituzioak aginpide politikoaren oinarri gisa erreibindikatzen zuen nazio beregaintasunetik, “gorteek erregearekin” banaturiko beregaintasuna onartzera igaro ziren, halako eran non, konstituzioan, jakobinoen estiloko zuzeneko demokrazia zaletasunaren balio bera hartzen baitzuten usadioak eta historiak.

1837ko konstituzioan ageri zen jada horrelako zerbait, baina 1845ean konstituzio osoan sumatzen zen aldaketa kontserbadore hori, erabat moderatua baitzen, eta haren gainean eraikiko zen Espainiako estatu konstituzionala. Lege berdintasuna edo eskubide zibil eta politikoak lortzeko asmo handirik gabe, estatuaren egiturak gizarte talde jakin baten euskarri gisa erabili zituzten moderatuek, alegia, gerra zibiletik sorturiko oligarkia lur jabearen euskarri gisa.

Zilegitasun demokratikoan zuen akats hori izan zen Isabelen erreinaldiaren egonkortasun faltaren arrazoia. Baina kontuan hartu behar da bestalde foruzaleen tesiak onartzearen aldeko zirela moderatuak; izan ere, foruzaleek trataera berezia eskatzen zioten konstituzioari Euskal Herria eta Nafarroarentzat, hau da, iragan hurbileko foruak kontuan hartzea.

Moderatuak eta foruzaleak Cadizko erradikalismoaren ondorengo zen eta klase ertain urbanoek babesten zuten dotrina progresisten guztiz aurkako ziren. Liberalismoaren eta kontrairaultzaren sintesia zen moderatuen dotrina, eta haren euskal bertsioa zen foruzaletasuna. Lurraren jabe handiak izanik, moderatuak eta foruzaleak dotrinazaleak ziren politikan, gizartean kontserbadoreak, eta, beti ere, katoliko sutsuak. Progresisten nazio beregaintasun, sufragio unibertsal eta eliza-estatu banatzearen aurrez aurre, historia jartzen zuten moderatuek legezkotasun politikoaren oinarrian, sufragioa lurjabeen klasera mugatzen zuten, paternalismoa jartzen zuten gizarte harremanen jokabide arautzat, eta estatu konfesionala defenditzen. Karlismoa garaituta, ez zuten ia oztoporik batere izan prozesu politikoa menderatzeko. Koroaren laguntza zuten, eta konstituzioak koroari ematen zizkion ahalmen izugarri zabalak erabili zituzten progresistak aginpidetik urrun edukitzeko; gudaroste gero eta konserbadoreago baten leialtasuna ere bazuten.

Gizartean oinarri handirik ez zutela-eta, probintziako oligarkien babesa bilatu zuten moderatuek beren eredu politikoa sendotzeko.

Prozesu iraultzailea eten nahi zuten.

Ordena eta lasaitasuna agintzen zuten hazkunde kapitalistako prozesu bat abian jartzeko, estatu zentralizatu baten baitan eta klase kontserbadoreen zerbitzura.

Euskal agintarien pragmatismoak ere lagundu zuen errejimen foralaren jarraitasunean.

Agintari nafarrek gobernu progresistarekin lehenbailehen moldatzearen aldeko hautua egin zuten, 1841eko abuztuaren 16an izenpeturiko legearekin burutu zena –desegoki baina “Ley Paccionada” deitu zenarekin–. Nafar forua konstituzional egiteak erreinuko erakundeen sarea desegitea eskatzen zuen (Estamentu Gorteak, Errege Kontseilua, Gorte Nagusia, etab.), eta ahalmen legegileei, judizialei eta politikoei uko egitea, baita foru baimenari ere. Baina gainerako ahalmenak probintziako diputazio berriaren esku geratu ziren, zeina indarrean zegoen ohiko prozeduraren bidez hautatzen baitzen. Egia da Nafarroak ordu arteko salbuespenak galtzen zituela.

Handik aurrera, soldaduska aldira joan beharko zuen, eta estatuko gastu orokorretan parte hartu, urteko milioi t’erdi erreal ordainduz. Baina diputazioak probintziako administrazioaren zuzendaritza eskuratu zuen, udalen kontrola, soldaduskara joan beharrekoen banaketa, eta zergen finkatzea eta kobratzea; azken hori funtsezkoa zen bai administrazio beregaintasuna bermatzeko, bai zor publikoaren edukitzaileak lasaitzeko. Nafar askoren ikusmoldeari erantzunez, 41eko legeak haien eskubide pribatu zaharra (zibila) ezagutzen zuen, eta aduanak Pirinioetara eramatea finkatu zuen.

Negoziazioaren egile nagusiaren iritziz –Yanguas y Miranda tuteratar legegizona, liberala izana–, ez zen gehiegizkoa izan foruak konstituzional bihurtzeko ordaindu zen prezioa. Erreinu izatea galdu zuen Nafarroak, eta mugatu egin zizkioten lehengo salbuespenak; baina, gainerako espainiar probintziak ez bezala, zapalduta baitzeuzkanestatuaren zentralismoak, administrazio eta zerga autonomia guztiz zabal bat eskuratu zuen, bere nolakotasun berezia sendotzen lagundu ziona.

Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak –haien foru diputazioek 1839ko legeak ezarri zituzten berriro–, hirurak batera, zuhurrago jokatu zuten. Nahiago izan zuten foruak konpontzeko Gobernuarekiko negoziazioak atzeratu. Baina, Esparteroren kontrako matxinada moderatu huts egindakoan parte hartu izanagatik (1841eko urrian), Erreinuko Errejenteak zigortu egin zuen agintari foralen leialtasun falta, konstituzioaren legea hiru probintzietan salbuespenik gabe aplikatuz, eta mikelete eta miñoi taldeak desegin zituen. 1841eko urriaren 29ko Dekretuaren sarreran errejimen foralaren kritika politikoa egiten zen, ikusmolde progresistak oinarri hartuta. Hasteko, foru baimena kondenatzen zuen, ez baitzetorren bat “estatuaren aginpideen zatiketa harmonikoarekin, eta gobernuaren ahalmenen kontrakoa” zelako. Ordezkaritzaren aldetik oso mugatua zela zioen foruen bozketa sistema; izan ere, “aukeratzeko eskubidea gutxi batzuen esku geratzen baita, eta horiek ez dira herriaren ordezkari, kargu publikoak leinu eta kastekin lotuak baitira”.

Epaiketa sistemaren kontra ere egiten zuen, justiziaren jarduna nahasten baitzuen, eta, hala, Bizkaian, (justizia) “erosten da eta ematen da… partikularren jabego balitz bezala”. Horren ondorioz, foru baimena ezabatu zuen Esparterok; antzinako korrejidoreen ordez, buruzagi politikoaren irudia ezarri zuen, gobernari zibilaren aurrekari izan zena: Batzarrak eta foru diputazioak desegin zitezen agindu zuen, sufragio liberalez hautaturiko probintziako diputazioak ezarriz haien ordez; sufragio hori erabiltzen zen orobat udal bozketetan, zorro sistema usadiozkoaren ordez; Espainiako beste lekuetan indarrean zegoen sistema judiziala ezarri zuen, eta, azkenik, aduanak behin betiko kostaldera eramanarazi zituen. Dekretuak salbuespen fiskalak eta militarrak aipatzen ez zituen arren, pentsatzekoa zen ez zutela luze iraungo.

Baina ez zen horrelakorik gertatu. Beste matxinada batek kendu zion Esparterori aginpidea, 1843ko udazkenean, eta moderatuei itzuli; haien esku egon zen, ia etenik gabe, 1868 arte. Moderatuek, ez baitzuten ahaztu foruzaleek “octubrada”-ren garaian emandako laguntza, errejimen forala berrezarri zuten Errege Dekretu bidez 1844ko uztailaren 4an. Batzar Nagusiak berrantolatzeaz gainera, autonomia administratibo guztiz zabala eman zieten foru diputazioei, usadiozko salbuespenak murriztu gabe.

1845eko zerga erreformak –zergei zegokienez, iraultza liberalaren erakusgarri zen–, ez zuen eraginik izan hiru euskal probintzietan, eta foru oparia-ri eutsi zioten hirurek estatuko gastu orokorrei laguntza ematekosistema gisa. Gudarostearen deialdian ere ez ziren sartu, berrezarritako foru poliziak eskainitako zerbitzuen truke (mikeleteak eta miñoiak). Egia da, hala ere, partekako aldaketa batzuk onartu behar izan zituztela foruzaleek. Hala, justizia sistema (legearen aurreko berdintasunaren hatsapena formaz behintzat gordetzeko nahitaezkoa), aduanak kostaldera eramatea (beharrezkoa espainiar merkatua bateratu ahal izateko), edota estatu liberalaren erakunde organigrama (buruzagi politikoak, diputazio probintzialak, goardia zibila) eta haren lege corpusa (hauteskunde legedia, eliz desamortizazioa, etab.). Bestela balitz, foru errejimena ezin onartuzkoa izango zen baita moderatuentzat berentzat ere.

Baina neurri horiek ere aski mugatuak izan ziren; izan ere, zentralista eta berdintzailea izan arren gobernu moderatuen erretorika, ezkutatu egin zion parlamentuari euskaldunen auzia, eta sine die atzeratu haren konponbidea. 1839ko legearen II.. rtikuluak ematen zieten aginpide mugagabeak babesturik, eta errege agindu soilen bitartez, ez baitziren adierazi behar Gorteetan, ez Gazeta Ofizialean argitaratu behar, ezeztatu zuen lege xedapen askoren aplikazioa hiru probintzietan. Estatuko funtzionarioek ere ez zuten lortu agintari foralak gailentzerik.

1847an, horretaz harrotzen ziren Bizkaiko aholkulariak, eta diputazio probintzialak “gorputz sorgorrak, hilotzak funtsean (zirela zioten), ahalmen txikiena ere ez baitiete utzi”. Bere ordezkariek jokatu behar zuten paper mixerable haren berri jakinda, gobernari zibilen izendatzea foru diputazioekin negoziatzea erabaki zuen aginpide zentralak. Zenbaitetan, gainera, foruzale nabarmenak izendatu zituen kargu horretarako. Halaxe gertatu zen Benito María Vivanco arabar Diputatu Nagusi ohiaren kasuan.

Foru diputazioak hartuta estatuaren eta euskal biztanleriaren arteko solaskide politiko bakartzat, baita parlamentuko ordezkarien gainetik ere, foru diputazioen papera biziki sendotu zuen gobernu zentralaren jarrerak. Gai garrantzitsuenetan behintzat, hala adibidez foruen moldaketan, komunikazioa ez zen ohiko bidetik egin, hau da, Gorteetatik. Bide paralelo batetik joan zen, diputazioek berek izendatutako batzorde berezien bitartez. Trebetasunik falta ez zuen joko bikoitz batean, foruen legezkotasunaren benetako gordetzaile bezala ageri ziren diputazioak aginpide zentralaren aurrean, eta foruen defenditzaile baliotsuenak bezala euskal iritzi publikoaren aurrean, gobernuaren eskumenaren kontra zuten eraginkortasunagatik. Batzar Nagusietatik diputazioetara aldatu zen erakundeen nagusitasuna, eta hala, diputazioak, beren indar eragilea zela-eta, foru sarearen giltzarri bihurtu ziren. Administrazioaren arrazionalizazio eta zentralizazio prozesu bati helduzioten Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako diputazioek, zeinek bere lurraldean. Protestak izan baziren ere, udal kontuen kontrolaren bidez, udalen ekimena ere menderatu zuten azkenean. Baina, aukeran, nahiago zuten euskal udalek foru administrazioaren eraginkortasuna eta kostu apala, administrazio zentralaren zabarkeria eta diru xahutzea baino; azken horretako arduradun nagusiek ere aitortzen zuten hori.

Bi administrazioen (zentralarena eta foralarena) koordinazioari buruzko adostasuna beti erabatekoa izan ez bazen ere, moderatu eta foruzaleen artean parekotasun ideologikoa eta klasekoa nagusitu ziren.

Izan zen talde garrantzitsu bat, kideak Euskal Herriari ahaidegoz lotuak zeudenak, eta militantzia politikoaren bidez edota Administrazioan zuten karguaren bitartez moderatuekin lotuak, hala nola Pedro Egaña edota Lersundi jenerala, arazoak gutxitzen eta karlistaldian sorturiko hitzarmenari bizirik eusten saiatu zirenak, are gehiago hitzarmena odolez estali zenean 1841eko octubradan. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako autonomia administratibo eta funtzional oso zabal baten truke, beren babesa, baldintzarik gabea, eskaini zieten foruzaleek moderatuei parlamentuan; era horretan, Euskal Herria eta Nafarroa bihurtu zituzten kontserbatzaileen gunerik sendoenak, liberalismo erradikalaren aurrerabidearen kontra. Isabel erreginak ez zuen alferrik Donostia udarako aukeratu. Probintzien egoera berezia amore emate lotsagarritzat jotzen bazuten ere, eta konstituzioaren kontrako, progresistek ere ez zuten aldaketarik txikiena ere egin aginpidera itzuli zirenean 1854-1856 bi urtekoan. Erradikalismo liberalaren ikur zen nazio milizia antolatzerik ere ez zuten agindu. Onartu zituzten azkenean euskal probintzien berezitasun administratibo, fiskal eta militarrak, baina ez politikaren aldetik komentziturik zeudelako, aitzitik, egoera hari aurre egiteko estatuko bitartekoak ahulegiak eta eskasegiak zirelako onartu zituzten.

Hala bada, egoera politikoak eta foruzaleen pragmatismoak baldintzatu zuen errejimen foralaren berrantolaketa lehen karlistaldiaren amaieran, konstituzioaren teoriak baino areago. Izan ere, hura ez zen inongo politika jakinekin lotzen, eta bai hatsapen foralak, bai liberalak, gainditzen zituen. Historian berria zen sistema bat izan zen horren emaitza, praktikaren bidetik probintzia autonomia izugarri zabaltzen zuena, baina, Nafarroako kasuan ez bezala, sistema konstituzionalari lotuko zuen legezko euskarririk gabea.

Izan ziren, izan ere, dotrina birmoldatzeko saioak, errejimen forala ideologia liberalari egokitzea helburu zutenak. Teorialari aipagarrienetako batzuk Francisco de Hormaechea bizkaitarra, Blas Domingo López arabarra, foru administrazioko funtzionarioakbiak, eta Julián Egaña legegizon gipuzkoarra izan ziren. Bi izan ziren argudioen ildo nagusiak. Alde batetik, Manuel de Aguirre ilustratuaren tesien berreskuratzea; hark, pribilejioaren aldeko argudio teologiko-aristokratikoak eta historikoak baztertuta, foruaren ikusmolde modernoago bat proposatu zuen, itun liberal-demokratiko baten modukoa, Rousseauren hitzarmen sozialaren bidetik zertua. Ikusmolde kontserbadoreago batetik, azpimarratzen zen orobat bat zetozela forua eta probintzien barne administrazioa, bertako agintari naturalek gauzatzen zutena. Azken sintesiak gobernuaren modu biribilena zelakoan aurkezten zuen errejimen forala, legezkotasun historikoa alde batera utzita, erakundeen aginpide paternalarekiko errespetuarekin lotzen asmatu zuelako herriaren esku hartzea. “Foruaren agintariekiko esanekotasuna, euskal mendietan –zioen 1852an harrotasunez Pedro de Egaña foru azterle ospetsuak, bi bider ministro izan ondoren, Araban Diuputatu Nagusia izango zenak–, ez da beldurretik sorturiko bertutea, aitzitik, berez jaio den mugimendua da, sorrarazi duten foruak berak bezain usadiozkoa eta herentziazkoa. Han, aginpide publikoak ez dauka indarrera jo beharrik obeditua izateko…; han ez dira oraindik sartu dotrina arriskutsu horiek, beste herri ez hain zoriontsuetan hainbeste kalte egin dutenak, eta egiten ari direnak”.

 

Euskal gizartearen foruen inguruko adiskidetzea

Gerra zibileko gertaera harrigarrienetako bat da nola zauriak berehala sendatu ziren, eta euskal gizartea foru errejimen berrituaren inguruan adiskidetu izana. Hala gertatu zen, batetik, eliteen arteko adostasuna berreskuratu zelako, eta, bestetik, foru erakundeek herri xehea ere sisteman txertatu nahi zutelako, ekonomia garapenaren eta babes sozialaren aldeko politika baten bitartez, aginpidearen benetako demokratizatzeari begiratzen ez zitzaion arren. Elkartasunaren alde jokatu zuen halaber gerra ondorengo ekonomia egoerak, ona baitzen, eta horrek asko lagundu zuen gizarte gatazkak apaltzen.

Hirietako burgesiak gogoz hartu zituen kanpotik ezarritako errejimen foralaren berrikuntza gehienak, hala aduanen lekualdaketa, sistema judizialaren arrazionalizazioa edota udaleko bozketetan eta Gorteetako diputatuenetan sufragioa erabiltzea.

Hala ere, probintzia auzien gidaritzari zegokionez, ez zuen askorik aldatu bere posizioa.

Liberalen garaipenak desagerrarazizuen karlismoarekin lotuenik zeuden jauntxoen indarra, baina ez ordea aristokrazia lurjabearen nagusitasun politikoa. Azken finean, oraindik ere uharte txikiak besterik ez ziren euskal hiriak, nekazari giroko itsaso zabal hartan. Oligarkia lur jabearen kide ziren, gerra piztu zenean alderdi isabelinoaren alde egindakoak, gerra ondorengo birmoldaketa gidatu zutenak: Araban, Iñigo Ortés de Velasco, de la Alamedako markes alarguna; Victoria de Ledea eta Gregorio Lezama Leguizamón, Bizkaian; Villafuerteseko kondea eta Ascensio Ignacio de Altuna, Gipuzkoan.

Gauzatxo batzuetan amore emateko asmoa bazuten, hala noblezia agiriaren ezabatzea foru karguak betetzeko, batzarkide gisa onartzea hirietako klase ertainen ordezkari peto-petoak, hau da, abokatuak, edota foru haziendaren kontuak argitaratzea.

Baina ez zuten aldatuko Batzar Nagusietako lurralde ordezkaritzaren sistema, hiriburuei kalte eta nekazari barrutiei mesede egiten ziena. Ildo horretatik, askoz ere gehiago zaintzen zituen hirien interesak Nafarroako errejimenak. Hala ere, euskal burgesiak, gero eta kontserbadoreago eta pragmatikoago, onartu egin zuen azkenean aristokrazia lur jabearen buruzagitza. Izan ere, salbuespen fiskal eta militarraren jarraipena ziurtatzen zuen errejimen foral berriak, kapitalismoaren aurrerabidea bermatzen zuen, eta, ikusmolde oligarkiko batean oinarritua izanik, iraultzaren aldeko edozein mugimendu geldiarazten zuen. Prokuradore donostiarrak, hamalau urtez bertaratu gabe egon ondoren, Gipuzkoako Batzar Nagusira itzultzeak (1848), adostasuna berreskuratu zela eta aldi berri bat hasten ari zela adierazten zuen.

Desagertua zen orduko elizaren beligerantzia.

Karlisten zale izanik ere, gerra zibila bukatzean, lortu zuten euskal elizgizonek agintari foralen babesa. Gogorrenean zegoenean progresisten kontrako politika, oso gustura hartu zuen elizak eliztarrek hamarrena ordaintzen jarrai zezaten Diputazioen gomendioa. Gorteetan eztabaidagai zen zerga berrikuntza saihestea zen adierazpen horren helburua. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa estatuko zergak ordaintzetik libre geratu ziren, baldin eta horren truke apaizeriari eusten bazioten eta elizen gastuak ordaintzen bazituzten; gainerako probintzietan estatuaren esku zegoen hori. Diputazioek ez zioten parrokoei bakarrik eman beren babesa. Haien mantenuaren gastuak ordaintzea agindu ondoren, euskal barruti baten sorrera lortu zuten 1862an, egoitza Gasteizen zuena. Ulertzekoa da beraz euskal apaizeriak agintari foralei zien leialtasuna, zergatik errepikatzen zuten apaizek behin eta berriz erlijioa eta foruak bat egitearen argudioa, eta erlijiotik abiatuta bilatzea foruen zilegiztatzea. Gotzaina zetorrela-eta, oso modu esanguratsuan mintzatu zitzaien katedraleko kalonje bat agintari foralei: “Euskaldun noble horiek, … ongi bizitzen hainbeste laguntzen dizuten Foru horiek biziki estimatzen dituzuenok: Jakin ezazue hau: lotura ezin estuagoa da zuen interesen eta elizakoen artean, azken finean, gizartearen interes berberak baitira.

Emaiozue Elizari arreta berezia, eskuzabal izan ospakizunen oparotasunean…, eta emango die elizak zuen erakundeei eskumena etsaiek inoiz kendu ezingo dioten itzal horretan, baita gainerako gauza guztiak kentzen badizkiete ere. Baina erlijio gabekeriari ateak zabaltzen badizkiozue…, irtengo balira zuen Batzarretatik erabaki laidozkoak, umiliagarriak, jakin ezazue hainbeste harrotzen zaituzten Foru horiek laster izango direla zapalduak”.

Pulpituetan errepikaturik, mezu hori herri xeheari ere iritsi zitzaion, eta haiei asko axola zitzaien, izugarri, soldaduskaren salbuespena. Baina herri xehea foru errejimenari atxikitzea Diputazioen agindu baten bidetik etorri zen, alegia, Diputazioek sorturiko aurrerabide ekonomiko eta sozialaren itxaropenetik. 1839tik aurrera, izugarri hazi zen hazienda foralen diru bilketa, zergen gehitzearen bitartez, Diputazioen interbentzionismoaren bultzadarekin eta egoera ekonomiko egokiaren laguntzarekin.

Sistema politikoa bezala, zerga sistema ere klasista zen: kontsumoaren gaineko zergetan oinarritzen zen, hau da, definizioz atzerakoienak direnetan. Baina foru Haziendek Hazienda zentralari egindako ekarri eskasek –Hazienda zentrala kiebra jota egoten zen beti, eta alferreko gastuek akitua–, jarduteko ahalmen handiak eman zizkien Diputazioei.

Ekimen pribatuarekin batera, eta obra publikoen eta produkzioa babesteko politika baten bidez, lan handia egin zuten herria modernizatzearen alde (errepideen eraikuntza, baserri esperimentalen sorrera, burdinbideetako inbertsioak, basoen birlandaketa, portuen egokitzea, etab.). Gizartearen beharkizunak ere ez zituzten Diputazioek ahaztu, gero eta gehiago gastatzen baitzuten irakaskuntzan, erruki etxeetan, osasunean edota erlijio gastuetan. Berezia izan zen lehen mailako elikagaien salmentak, une larrietan eta benetako prezioa baino merkeago, izan zuen harrera onak. Diputazioek, izan, ez zuten ardura sozial berezirik, baina bazuten estatuko legedia aplikatzeko bitartekorik, beti ere, hori bai, gobernuko ajenteak ahalik eta gehien urruntzen saiatzen zirela, beste lekuetan emaitza ikusgairik ematen ez zutenak, diru faltagatik.

Ideologiak gorabehera, eta foruei buruzko iritzia nolanahikoa izanik ere, edozein begiralek onartuko luke asko aurreratu zela Euskal Herrian, hala Mañé y Flaquer katalanak, Madoz bezalako progresista batek edota Pi y Margall errepublikazaleak.Ez ziren haienak iritzi subjektiboak.

Datu gutiz sendoetan oinarrituak ziren, adibide baterako, errepide kilometroak biztanleko, edota analfabetismo tasak, estatu osoko apalenak.

Bien bitartean, agintari foralek euskal berezitasunari buruzko diskurtsu bat bideratu zuten (ez zen jadanik arabarra, bizkaitarra, gipuzkoarra edo nafarra). Prentsa, liburu argitalpen, poesia lehiaketa, baita Batzar Nagusien erakundearen handitasunaren beraren bitartez ere, ikur, balio eta sineste sail bat osatu zen, talde nortasun bat taxutzen lagundu zuena. Nortasun hori hizkuntza propio batean (euskara) eta lege corpus berezi batean (foruak) oinarritzen zen. Diskurtsu ofizial guztiz kontserbadorearen bi osagai horietatik abiatuta, historia azpimarratzen zen foru errejimenaren oinarri gisa, paternalismoa gizarte harremanen euskarritzat, baserriko bizimodua zen bizitza ideala, abertzaletasun bikoitz bat erreibindikatzen zen (espainola eta euskalduna), eta fede katolikoa jartzen zen nortasun berezi horren osagai sagaratzaile gisa.

Pedro Egañak, parlamentuan karrera luzea egindako foru aditua eta foruen konponketarako batzordeburu betikoa, bi bider ministro, Erreginaren adiskide pertsonala eta Arabako Diputatu Nagusia, euskal naziotasun baten existentziaz mintzatu zen Senatuan 1864an. Bi urte geroago familia handi bat bezala definitu zuen naziotasun hori, elkarturik egon eta bere kideekiko leial izan behar zuena, modernotasun demokratiko eta laikoari aurre egiteko. “Euskal arrazarentzat, sentimendu eta fedezko arraza horrentzat –esan zuen Arabako Batzar Nagusiaren aurrean–, aldi berean dira tradizioak erlijioa, historia eta armadura. Horretantxe dago gure indarrik handiena, eta hortan datza gure defentsa modu nagusia.

Iragana gurtzen duten herriak, iragan hori gloriazkoa eta handia izan bada, herri horiek, ezin dira hil: eta horrekin ulertzen da inperio izugarri sendoak erori diren bitartean… euskal familia bizirik eta ahaltsu jarraitzen duela, duela mila urte bezala, besteren antzik gabeko hizkuntzarekin, erritmoa ere desberdina duen musikarekin… bere usadio patriarkal, askatasun lege, etxearen atxikidura, apaizaren errespetu, mendiaren eta bordaren maitasunarekin, eta gauza noble horietatik ez dute aldentzen… munduaren gainerako parteak hankazgoratzen ari diren berrikuntza mugagabe eta lehen begiradan seduzitzaileek”.

Gorago deskribatu diren gizarte prozesu horiek denek foruen ingurura elkartzera bultzatu zuten euskal gizartea, euskaldunak gerra zibilaren ondoren berritutako foru errejimenaren inguruan adiskidetzera. Karlistek ere onartu zuten azkenean egoera hura, eta hartan txertatu ziren berak ere.

Orobat egin zuen donostiar merkatari burgesiak,garai bateko aldarte progresistak baztertuta. 1833ko matxinadako buruzagiak berak ere birgaitu zituzten, eta kargu publikoak eman zizkieten berriz ere. Adiskidetze horren agerkari nabarmenena Pedro Novia de Salcedo Batzar Nagusiak 1852an “Bizkaiko seme ohorezko” izendatzea izan zen.

 

Ekonomia XIX. mendearen erdialdean

1857an lehen errolda modernoa egin zenean, Hego Euskal Herrian 700.000 biztanle pasatxo ziren (Nafarroan: 300.000; Bizkaian: 169.000; Gipuzkoan: 162.000; Araban: 98.000). Hirurogeita hamar urte lehenago egindakoari buruz, 200.000 lagun gehiago ziren, hau da, Floridablancaren garaian zenbaturiko biztanleriaren heren bat gehiago. Hazkundea ez zen oso handia ez kopuru absolutuetan ez erlatiboetan, eta urteko hazkunde tasa (%0,4) Espainiako batez bestekoaren parekoa zen. Nolanahi ere, pentsa daiteke handiagoa izan zela Euskal Herrian hazkundea, Konbentzioaren gerratik hasita karlistaldia arte, euskal lurretan izan baitziren borrokaldi gehienak.

Estatistikaren aurreko garaietako datuak oraindik ere eskasak eta oso dudazkoak diren arren, gauza argia dirudi bi aldi izan zirela demografian. Lehenean, produkzio egituren antolamendu falta eta Antzinako Errejimenaren krisiaren ondoriozko nahasmendu soziopolitikoa zirela-eta, geldialdi bat izan zen. Hipotesi hori egiazkoa balitz, joera aldaketa ez litzateke antzemango Bergarako Ituna izenpetu zen arte. 1839tik aurrera, demografia hazkunde orokorreko aldi bat hasi zen lau probintzietan, azken karlistaldiaren hasiera arte iraun zuena (1872-1876).

Dudarik gabe, nekazari sektorearen jokabideagatik lortu zen eten demografikoa gainditzea. Luberrien zabaltzea izan zen horren arrazoia, eta, gutxiago bada ere, eliz desamortizazioa, elizaren ondasun gehienak landuak baitzeuden lehendik ere. Dakigunez, auzo lurren pribatizazioa izan zen gatazkak ordaintzeko bideetako bat. Datu asko ez badago ere, Errenteriako kasua oso argigarria da: baserrien kopurua 80tik 171ra igaro zen 1810-1862 urteetan. Lurra lantzeko teknikak oraindik ere oso kaxkarrak ziren, batez ere lurralde idorretan, lehorreko sailak eta erromatar goldea lekuko. Baina garraio sarearen hobekuntzak eta hirietako hazkundeak (euskal hiriburuen biztanleria bikoiztu egin zen, erraz, 1787 eta 1857 artean), eskualdeen halako espezializazio bat ekarri zuten. Gariaren eta beste labore pobreen lehengo nagusitasuna desagertzen hasi zen, beste gai errentagarriagoen mesedetan.

Artoak hartu zuen leku nagusia Kantauriko kostaldean eta Nafarroako Pirinioetako ibarretan; izan ere, artoa landuz batera beste gaiak ere lant zitezkeen, eta askoz onuragarriagoa zen garia eta beste laboreak baino. Ibaien ibarrak eta hirien inguruko eskualdeak fruitu eta barazkietan espezializatu ziren. Landare lekadunek ere lekua irabazi zuten, patatak batez ere: patata, energia balio handikoa eta nekarazien autokontsumorako izanik, eragin handia izan zuen goseteak desager zitezen. Erakundeen laguntzari esker gai berriak hasi ziren sartzen, hala zelai artifizialak eta azukre kanabera, eta Errioxako ardoak asko hobetu ziren, Bordeleko enologoei esker.

Baina euskal nekazaritzaren modernizatzea ere ez zen hain handia izan: tresna modernoen inportazioa lurjabe gutxi batzuen esku geratu zen, ziriñaren eta ongarri kimikoen erabilera oso apala zen, oso motela ureztatzearen hedapena, eta halaber mixed farming-en aurrerapena (hori izan zen nekazaritzaren modernizazioaren euskarri nagusia Europan), eta ez zitzaien jaramonik egiten nekazaritza aseguruen elkarteei.

Erakundeen laguntzak berak ere ez zuen egoera aldatu: Diputazioek sorturiko baserriak itxi egin behar izan zituzten, garestiegiak baitziren epe laburrera ematen zituzten abantailen aldean. Nekazaritza oraindik ere oso zatikatua zegoen, oso urriak zituen diru eta teknika baliabideak, usadioak izugarrizko eragina zuen eta nekazaria ez zen familiaren aurrerabidea jokoan jartzeko alde, esperimentu arriskutsuak eginez.

Gertatu ziren neurrian, neurrian gehiago izan ziren aldaketak nolakotasunean baino, eta kanpotik ekarriak ziren: Espainiako hazkunde demografikoak gorantz eragin zien prezioei, eta garraiobideen hobekuntzak merkatuaren zabaltzea erraztu zuten. Nolanahi ere, datu guztiek adierazten dutenez, nekazari produkzioa askoz handiagoa zen mende erdialdean hasieran baino. Urte oparoenak 1860 ondokoak izan ziren. Orduan gertatu zen, Ladislao de Velasco arabarraren hitzetan, “ezagutu ditugun prezio gorenetan kotizatzen ziren ondasunak, lur guztiak lantzen ziren eta gorenera iritsi zen produkzioa”.

Ez eskualde guztiek, ez nekazari guztiek, ez zituzten onura berak atera egokiera hartatik. Bestalde, usadiozko nekazaritzak hedapen ahalmen mugatua zeukan, eta eskura zeuden lur kopuruak baldintzatzen zuen produkzio indarren garatzea. Dirua ekonomiaren ardatz bihurtzeak eta merkatuak zabaltzeak, lur jabe handiei egin zien mesede. Aitzitik, lur jabe txikiak eta batez ere maizterrek ez zuten beren bizi maila ia batere hobetu. Gehiago ziren, baina ez ziren hobeto bizi. Gainera, biztanleak gehitzeakalokairuen prezioa igotzea ekarri zuen. Askok eta askok baserria utzi behar izan zuten. Batzuek Ameriketara emigratu zuten, euskal portuetatik eta baita Bordeletik ere abiatuz, era horretan berriz ere heltzen ziotela amerikar kolonien askatasunak etendako usadioari. Isasoaz bestaldera joandako etorkinen erretratua oso antzekoa zen lau probintzietan: nekazari gaztea, gizonezkoa, eta Atlantikoaren bestaldean ahaideak zituena. Beste batzuek nahiago izan zuten euskal hiriburuetara jo lanerako aukera hobeen bila.

Ekonomialari batzuek igerri zuten bezala, mesedegarri izan zen aduanen lekualdaketa ekonomiaren hazkundearentzat.

Muga zergen protekzionismoak inportazioa ordezkatzearen politika jarri zuen abian.

Sektore berri batzuk agertu ziren, paperarena adibidez, batez ere Gipuzkoan kokatu zena. 1841ean inauguratu zen Oriaren ibarrean La Esperanza, paper etengabeko fabrika modernoetan lehena. Denek ez zuten aurrera egin ordea. Gasteizen 50 langile izatera iritsi zen paper margotuko fabrika batek kiebra jo zuen. Bestalde, fabrika berri haietako askok antzinako lantegi askoren maila teknologiko eta produkzio ahalmen berbera zuten. Lanaren zatiketa eta produkzio prozesuaren mekanizazioak oso mantso egin zuten aurrera, lurrinezko motorren instalazioak bezala. Baina, egoera ekonomikoa ona baitzen, usadiozko produkzio sektore batzuek lehengo indarra berreskuratu zuten. Hala gertatu zen ontzioletan, Esparterok, espainiar ontzien itsasoko trafikoari laguntzeko, aduanak aldatu zituzten urte berean dekretuz eman zuen nazio bandera eskubideaz baliatu baitziren.

Beste sektore batzuek eraberritu egin ziren, hala adibidez burdingintza. Burdinola asko desagertu egin ziren, garai berriei egokitu ezinda. Gutxi batzuek iraun zuten, instalazioak modernizatu eta teknologia berriak beretu ondoren.

Metalgintzaren baitan, Boluetako Santa Ana izan zen enpresa nagusietako bat, 1841ean bilbotar merkatari batzuek –Bizkaiko industriaren garapenari loturiko deiturak zituztenak, hala Espalza, Lequerica edo Arellanotarrak– sorturiko elkarte anonimoa.

Are garrantzitsuagoa izan zen Ybarratarrek 1846an sortu zuten Nuestra Señora de la Merced lantegia. Ybarratarrak meatzariak eta burdin merkatariak ziren eta, 1827tik aurrera, Poval burdinolaren jabeak.

Urte hartan bertan, Batzar Nagusiaren dekretuz, Jaurerriko meategietako legediaren liberalizazioa egin zen, Ybarratarrentzat guztiz mesedegarria izan zen gauza; hala, 1863an Batzarrak mearen esportazioaren gaineko debekua altxatu zuenean, haiek izan ziren Britainia Handiarekin salerosketan hasten aurrenak. Ordurako eraikia zegoen Erandioko Desierton, Galindo etaNerbioi ibaien elkargunean, Nuestra Señora del Carmen lantegia (1855), 1872an kokezko lehen labe garaia izango zena.

Ybarratarrek, halaber, parte hartu zuten Vera-Idaetako burdinolaren sorreran, gipuzkoar inbertitzaile talde batekin batera.

Prozesu berritzaile hau, gutxienez 50 langile zuten lantegiak sorrarazi zituena –antzinako burdinoletan dozena bat baino gehiago nekez izaten ziren–, ez zen antzeman ia barneko bi probintzietan. Araban, mende bukaerara iritsi zen meagintza lantegi bakarra Alaiakoa izan zen, 1858 ezkeroztik Urigoitia konpainiak ustiatua. Okerrago ibili zen Orbaitzetako arma ola, Zaraitzuko ibarrean zegoena; 1828an berritu ondoren, 1873an itxi zuten betiko.

Atzerapen teknologikoa zela-eta, euskal burdingintzak ez zuen etekinik atera burdinbideen eraikuntzatik. Euskal kapitalak ordea parte handia izan zuen garraio sistema berrian, ehun milioi erreal baino gehiagoko inbertsioarekin. 1865 ingururako bukatuak zeuden Euskal Herria gurutzatzen zuten bide nagusiak. Garrantzitsuena, Madril-Irun, Miranda de Ebrotik sartzen zen, eta, Gasteiztik, Donostiara egiten zuen Altsasu eta Tolosatik igaroz. Konpainia frantses batek eraiki zuen, baina bai Arabako Diputazioak, bai gipuzkoar merkatariek, parte hartu zuten haren ordainketan, 30 milioi erreal baino gehixeagorekin. Mirandan Bilbo-Tutera bidearekin gurutzatzen zen; bizkaitar burgesiak ordaindu zuen hura oso-osorik, Bilboko Bankuaren bitartez. Iruñea ere bi lerro horiekin lotua geratu zen, Altsasu eta Castejongo adarren bitartez. Era horretan, Hego Euskal Herria osorik txertatu zen burdinezko bide berrietan; era horretan, aise eutsi ahal izan zion Bilboko portuak Santaderkoaren konkurrentziari, baita gariak artileari esportazioan lekua kendu zionean ere, Ebroren ibarretik eta mesetatik zetozen merkatari oldeei esker.

Horrez gainera, Bilboko Nerbioi ibaiaren inguruko ekonomiak eta merkataritzak gora egin zuten burdin mearen esportazioarekin.

Mende erdialdean Europako burdingintzak (eta batez ere britainiarrak, hura baitzen teknologian aurrena), urrats handi bat aurreratu zuen, Bessemer bihurgailuaren asmaketari esker. Ordurarte erabilitakoak baino askoz merkeago eta errentagarriagoa zen, baina mea mota ez fosforiko bat behar zuen, Ingalaterran urria zena, baina Bizkaian berriz oso ugaria. Nazioarteko kapitalismoaren beharkizunek eta, batez ere, Britainia Handiko eskaerak, eta meategien gaineko legeen aldaketak, meen booma ekarri zuten. 1863an zainaren esportazio librea baimendu zuen Jaurerriko Batzar nagusiak. Bi urte geroago, Trianoko burdinbidea inauguratu zuen Diputazioak, tarifa guztiz merkeak kobratzen zituzten arren, foru haziendaren sarrera iturri nagusia zena. Zortzi kilometrotan zehar, Trianoko menditik Nerbioiko kaietaraino jaisten zen trena, meategi arro osoan barrena. Burdinbidearen inaugurazioarekin –1865-1872 urteen artean, milioi bat tona baino gehiago eraman zituen–, bete-betean hasi zen Bizkaiko meategien ustiakuntza, eta garai berri bat abiatu zen, industriaren garapena ezaugarri zuena.

Dena den, hain handia ere ez zen izan sektore “modernoenen” garrantzi ekonomikoa.

Nerbioi inguruko hazkunde laster hura ez zen Euskal Herri osoan gertatu, eta haren dinamismoa ezin da alderatu azken karlistaldiaren ondoren izango zuenarekin (1872-1876). Egia da aduanen lekualdaketak, muga zergaren protekzionismoak edota nazioarteko egoerak aukera handiak eskaintzen zizkiola baliatu nahi zituenari.

Baina merkatari burgesia industria burgesia bihurtzea ez zen, ez berehalakoa, ez automatikoa izan. Aski kapital ez zelako, edota beste negozio batzuk erakargarriagoak gertatzen zitzaizkiolako, industria inbertsioak ez ziren oraindik oso ohiko gauza gertatzen garai honetan. Hala, Bilboko Bankuak (1857) Bilbo-Tutera trenbidearen aldera bideratzen zuen aurrezturiko diru pribatua, eta merkataritzako operazioetan espezializatu zen, merkataritza deskontu eta epe laburreko maileguekin; Gasteizko Bankuak berriz (1864) zor publikoa erosteko eta higiezinen negoziorako erabiltzen zituen bere aktiboak, horrekin hiriaren zabalgunearen eraikuntza finantzatuz.

Egia esatera, garai honetan, eta aipatu diren salbuespenekin, eskulanak ez ziren makinaz egiten. Eskulangileek, bakarka, edota ofiziale kopuru mugatu baten laguntzarekin, beren lantegi txikian lan egiten zuten hiria nekez gainditzen zuen eta oso espezializazio kaskarra zuen merkatu batentzat.

Gremioen ordenantzak 30. hamarraldian desagertu baziren ere, industria askatasunari eta kontratuei lekua utziz, oraindik ere oso lotuak zeuden lan harremanak Antzinako Errejimeneko jardunekin, eta luzaro iraun zuen gremio barneko solidaritateak.

Maisu, ofiziale eta mutilek elkarrekin ospatzen zuten santu zaindariaren jaieguna, eta lantegitik kanpora ere erabili ohi zituzten ogibideko arropak. Hirietan, jantzi, altzari, elikagai eta eguneroko objektuen eta sukaldeko tresnen fabrikazioarekin zeuden lotuak eskulan mota nagusiak.

Herri txikietan berriz, lekuan lekuko nekazaritzak agintzen zuen (mahasti esparruetan, zahagigileak eta upelgileak), eta produkzioa aldatzeko aukerak (ale ehotzea, dolareak, destilategiak eta upeldegiak).

Nafarroan, pixkana-pixkana, kontserba industria xume bat hasi zen sortzen, eta eskabetxe eta gazun fabrikak berriz Kantauri aldeko portuetan.

 

Euskal hiriburuen garapen urbanoa

Mende hasieraren ezaugarrietako bat lau euskal hiriburuen hazkunde etengabea izan zen, 1800 eta 1857 artean biztanleria bikoiztu baitzuten. Mende hasieran ezta hiriburu batean ere ez zen hamar mila biztanle baino gehiagorik, eta hirurogei urteren buruan baziren hogei mila inguru denetan. Iruñean ziren gehienak (23.000) eta Donostia zen txikiena, Independentziako gerraren bukaeran suntsitua geratu ondoren erabat berritu zena. Hala eta guztiz ere, euskal biztanleriaren %10 baino ez zen bizi hirietan mende erdialdean. Baziren zenbait gunetan biztanle milaka batzuk, hala adibidez Lizarran eta Tuteran Nafarroan, edo Tolosan eta Irunen Gipuzkoan, baina, hala ere, batez ere nekazaria zen euskal gizartea. Nolanahi ere, hiriburuek ekonomian, politikan eta kulturan zuten garrantzia pisu demografikoari legokiokeena baino handiagoa zen. Garai honetan finkatu ziren Gasteiz, Bilbo, Iruñea eta Donostia zein bere probintziako hiriburu gisa.

Hirien hazkundeak sorburu bikoitza zuen. Alde batetik, gerra ondoko berrindartze ekonomikoak izan zuen horretan eraginik; bestetik, kontuan hartu beharrekoa da estatuko administrazioaren hedapena, gutxi edo asko probintziako hiriburu guztietan igarri zena. Pascual Madozek edo Pablo Gorosabelek bere garaian adierazi zuten bezala, lantegi kopuru garrantzitsu baten sorrera erraztu zuen aduanak kostalderaeramateak, eta Donostia eta Bilbo bezalako portuen jarduna berriztatu zuen. Ez ziren lanpostu bila joandako nekazariak iritsi berri guztiak. Joan ziren halaber lur jabe asko, hiriko bizitasunak eta erosotasunak erakarrita. Beste alde batetik, 30. hamarralditik aurrera estatu liberala sendotu izanak funtzionarioak ere ugaritzea ekarri zuen berekin. Foru administrazioen erresistentziak, hura ere asko handitu baitzen, ez zuen eragotzi estatuko bulegoak zabaltzerik, hala gobernu zibilak, entzutegiak edota diputazio probintzialak. Irakasleak ere ugaritu ziren liberalen hezkuntza politikarekin, irakaskuntza ertaineko institutuak eta irakasle eskolak zabaldu baitzituzten probintzia hiriburu guztietan. Ikastetxe horien aldamenean hiriko patrizioek finantzatuak ere baziren, lekuan lekuko ekonomiari aurre egiteko.

Hori da adibidez Marrazki Eskolaren kasua, izan, Gasteizko eskulangileentzako hezkuntza profesionaleko ikastetxe bat zena, edota Merkataritza eta Itsasketako Bilboko Eskola.

Lurjabe absentista, merkatari, eskulangile eta nekazariek, hau da, hiriko ohiko biztanleek, ikusi ahal izan zuten nola sortzen zen klase ertain indartsu bat, industria gizon, funtzionario eta profesio liberalek osatua (abokatuak, sendagileak, irakasleak, etab.). Hirugarren sektorearen hazkundeak, geldiezina izan arren, ezaugarri desberdinak izan zituen euskal hiriburuetako bakoitzean.

Bilbon, euskal kapitalismo jaio berriaren sorlekuan, portuaren inguruko produkzio jardunak garatu ziren. Gauza bera esan daiteke Donostiaz, bere merkataritzaindarra berreskuratu eta udako hiri gisa hasi baitzen nabarmentzen. Aitzitik, ageriagoa gertatu zen gotzain eta militar hiri izandako Iruñeko administrazio bokazioa, eta orobat Gasteizena, hari kalte egin baitzion aduanen aldaketak. Merkataritzaren kiebraren ondoren, hiriko patrizioek pozez hartu zuten Euskal Probintzietako Kapitain jeneralaren karguaren egoitzarako (1843) eta euskal barrutiarenerako (1862) Gasteiz izendatzea.

Kronista batek zioenez, “arrantxo eta ur bedeinkatuko hiria” bihurtu zen Arabako hiriburua.

Biztanleriaren hazkundeak garrantzizko aldaketak ekarri zizkion hiriaren morfologiari.

Mendearen lehen herenean udal agintariek osasun eta azpiegitura lan handiei ekin zieten, erietxe eta hilerriak eraikiz eta ibaiak bideratuz, eta, lehen karlistaldiaren amaieran, antzinako hiriguneak berriztatzeko aukera ekarri zuen desamortizaturiko zenbait komenturen eraisteak. Plaza eta hiribide, parke eta pasealeku, lehian zebiltzan denak euskal hiriburuak edertu nahian, eta itxura modernoa hartzen hasi ziren.

Mende erdialdean orobat altxatu ziren ikur balioa izango zuten eraikuntza batzuk (Gasteizko Diputazioaren jauregia, Bilboko Bankuaren eraikina, etab.), eta suhiltzaile talde sortu berriak hirien garbitasun eta segurtasunaz arduratu ziren. Hesien eraistea –Iruñean ez zuten halakorik egin–, izan zen hirien hazkundearen froga garbiena, 60ko hamarraldian jada, zabalguneen eraikuntzan gauzatu zena. Hirigintzaren ikuspegitik, Europako hiriburuen dotoretasuna eta erosotasuna imitatzen baitzuten, hiri berria balira bezala eraiki ziren zabalguneek.

Klase ertainak, beren zerbitzari eta neskameekin, berehala aldatu ziren zabalguneetara bizitzera: funtzionario zibilak eta militarrak, legelariak eta notarioak, sendagileak eta botikariak, armadaren hornitzaileak, merkatariak eta industria gizonak, lur jabeak eta maizterrak, elizgizonak eta desamortizaturiko ondasunen erosleak. Hirigintzaren aldetik askoz kaskarragoa izanik, eta alokairu merkeagoekin, eskulangile, mekanikari, eta, oro har, herri xehearentzat geratu zen parte zaharra; elkarren gainka bizi ziren, eta oso osasun baldintza txarretan.

Era horretan, hiriko espazioaren hierarkia sozial bat hasi zen gauzatzen, Iruñean halere ia antzeman ez zena. Hiriaren barrutia zabaltzeko legez ezin baitziren hesiak eraitsi, behetik gorako hierarkia bat sortu zen Iruñean. Hala, behealdeak biltegirako erabiltzen ziren, familia burgesak bizi ziren solairu nagusian, eta goieneko solairuetan zerbitzariak eta herri xehea.

Zabalguneak izanik burgesiak nahiago zuen lekua, haietxek bihurtu ziren hiriarenerdigune sinbolikoa. Parte berrian zeuden bai eraikin publiko adierazgarrienak (diputazio jauregia, gobernu zibila, udaletxea, tren geltokia), bai kultura eta atseden guneak (antzokiak, irakaskuntza ertaineko eraikinak, ateneoak), eta finantza leku modernoak.

Azken horiek, aurrezki kutxen (Gasteizkoa 1850ekoa da; Iruñekoa, 1872koa) asmo oneko paternalismoa batetik eta bankuen mailegu jarduna bestetik zituzten ezaugarri. Gordailuen kopuruagatik eta beren operazioen tamainagatik, azpimarratzekoak dira Bilboko Bankua (1857), Gasteizko Bankua (1864) eta Nafar Kreditua (1864). Parte berrian jartzen zen hiriari bizitza eta bizitasuna ematen zion oro: egunkarietako errdakzioetatik hasi eta kafetegietako tertulietaraino, modako dendetatik, hotel dotoreenetatik edota profesional ospetsuenen bulegoetatik pasata. Hiri berria, erdiko klaseen irudira egina, luze gabe bihurtu zen gizarte jardun guztiak, ekitaldi publikoak nahiz herriko jaiak, igandean egin beharreko pasioa barne, bateratzen zituen gunea.

Bienbitartean, burgestu ziren modak eta gizarte usadioak ere. Txistua eta danbolina herri erromerietarako geratu ziren, etiketako jaietan polka eta rigodoia dantzatzen baitziren.

Lebita eta kapelu luze bihurtu ziren kasakak eta hiru muturreko kapeluak, miriñakeak kan-kanari utzi zion lekua, kafetegiei aristokraziaren aretoek, eta kasinoko bileren ordez jai pribatuak hasi ziren egiten.

Zezenen zaletasunak behera egin ez zuen arren, gizarte gertaera benetakoa bihurtu zen antzerkiko denboraldia. Erabat burgesak ziren atsedentokiak sortu ziren, hala nola lizeoak, irakurketa lekuak eta ateneoak.

Haietan, kartetan eta bilarrean aritzeaz gainera, tertulia biziak ere izaten ziren, hitzaldiak ematen eta musika eta antzerki saioak eskaintzen. Sarritan, elkarte kideentzako liburutegiak izaten ziren, eta prentsa jasotzen zen egunero-egunero.

Egunkari enpresek-eta luzaro oso gutxitan irauten zuten arren, oso ohiko gauza bihurtu zen eguneroko prentsa irakurtzea. Egunkari batzuek, aurreneko aldiz, eskualde osora zabaldu zuten beren eragina, Euskal Herriaren bateratze prozesu politiko, ekonomiko eta kulturala adierazten duen gauza. Horietakoa zen Irurac Bat, 50eko hamarraldiaren erdialdean Bilbon argitaratzen hasi zen egunkari liberal foruzalea, edo Semanario Católico Vasco-Navarro, joeraz kontserbadorea eta karlismoaren aldekoa, Gasteizen 60ko hamarraldiaren bukaeran argitaratzen hasi zena. Nolanahi ere, ideologizazioa eta mobilizazio politikoa oso apalak izan ziren 1868ko iraultza arte.

Ordu arte, osotasun trinko bat osatzen zuten euskal hiriek, eta ez ziren zalantzanjartzen ez gizarte alde izugarriak ez hiriko nagusien hegemonia politikoa. Denak aurkezten ziren foruzale eta liberal moderatu gisa, baita Donostiako hirian ere; izan ere, Donostiak, 40 hamarraldiaren bukaeratik aurrera, alde batera utzi zuen arestiko progresismoa.

Euskal Herrian, egoera politikoadministratibo berezia zela-eta, ez zuten sarrerarik ia estatu mailako alderdi politikoek.

Euskal alderdirik ere, izan, ez zen, zehaztasunez mintzatuz behintzat. Garrantzizko pertsona talde txiki baten inguruan mugitzen zen hiriko politika; askotan ahaidetasun lotura izaten zuten, edo ekonomiakoa, eta, egitasmo jakina baino areago, estilo bat adierazten zuten. Izan ere, iragan mendearen erdialdean oraindik, politikaren ikusmolde elitista zen nagusi. Gizartea osotasun baten gisara ikusten zen neurrian, ez interes kontrajarrien multzo bat bezala, politikaren ikusmolde moral batetik ulertzen zen arazo publikoen kudeaketa. Horregatik, hiru gauza azpimarratzen zituen batez ere hiriko agintarien diskurtsuak: garapen materiala bultzatu, hiriaren protagonismo handiago bat erreibindikatu probintziako gobernuan, eta hiri auzietan hiriz kanpoko esku hartzeari uko egin, esku hartzea Gobernu Zibiletik nahiz Foru Diputaziotik etorrita ere.

Politikaren ikusmolde elitista eta monolitiko horrek iraun zuen artean, erakundeetan adostasuna izan zen nagusi, eta geldotasuna berriz kalean, ez zalaparta. Iraultza liberalak aldaketa garrantzitsuak ekarri zizkion udal gobernuari, administrazio eraginkortasunari, finantza gardentasunari eta hiritarren ordezkaritzari, hala zorroaren sistema zaharraren ordezko errolda sufragioa.

Baina jendearen parte hartzea oso apala zen oraindik ere; izan ere, moderatuek ez zuten hiri oligarkia zaharren nagusitasuna desagertzerik nahi, ezta udalak demokratizatu ere; hiriko patrizioen artean txertatu nahi zituen klase ertain berriak, eta gobernu zentralak hemengo auzietan parte hartzea, alkateak zuzenean izendatuz.

1845ean onarturiko udalen legeak aktibo (boto eskubidearekin) eta pasiboetan (boto gabe) banatzen zituen hiritarrak, aberastasunen arabera. Aurrenekoen artean, gainera, hautagaiak eta hautesle soilak bereizten ziren; hautesleek eman zezaketen botorik, baina ezin zuten hautagai izan. 60ko hamarraldiaren hasieran, 20.000 biztanletik 382 besterik ez ziren hautesle, eta horietatik erdiak bakarrik ziren hautagai. Era horretan, hauteskunde erroldaren laburrak, alderdien indar txikiak eta Gobernazioko ministerioak alkateak zuzenean aukeratzeak, hautesleen politikari buruzko interesik eza ekarri zuten Isabelen erreinaldian.

 

Azken karlistaldia (1872-1876)

1868ko irailean hasi zen iraultzak ordea hautsi egin zuen euskal eliteen arteko adostasuna, ordurarte ezagutzen ez zen nahasmendu sozio-politikoko prozesu bat piztu zuen, eta beste gerra zibil baten emaitzaren mende utzi zuen foruen etorkizuna.

Errejimen berriaren eduki demokratiko eta laikoak beldurtuta, euskal oligarkiaren parte bat, moderantismoa oso erraz onartu ondoren, karlismoan sartu zen erabat. Ez harreman sozialen ikusmolde hierarkiko eta paternalistak, ez haien katolizismo biziak, ez zuten lekurik 1869ko konstituzioan. 1830 ondoko hamarraldian gertatu zen bezala, euskaldun asko beretu zituen haien jokabideak.

Orduan bezalaxe, hirietan babestu ziren foruzale liberalak, eta karlisten erasoa jasan behar izan zuten. Neurri handi batean, lehen gerrateko eskema errepikatu zen: erreakzioa iraultzaren kontra, liberalismoa zilegizkotasun tradizionalaren kontra eta nekazari mundua hiriaren kontra.

Ikuspuntu horretatik, azken karlistaldia ere gerra forala izan zen. Ez hainbeste gobernu iraultzaileen tankera ezeztatzaileagatik, garbi agindu baitzuen errespetatuko zuela Euskal Herriaren administrazio egoera berezia, baizik eta euskal klase agintariaren parte batek, foruen izenean, aldaketari uko egin ziolako, eta aldaketa matxinadaren bidetik eraitsi nahi izan zuelako.

Progresista, errepublikar eta demokraten ekinaldi bateratuak eragin zuen iraultza mugimendua, eta alderdi horiek ez zuten ia indarrik Euskal Herrian. Talde urbano herrikoiek babesturiko matxinada militar baten bitartez, Isabel II.a tronutik eraitsizuen koalizio nahasi hark, eta, gizonezkoen sufragio unibertsalaren bidez, errejimen politiko, demokratiko eta laiko baten oinarriak jartzeko, Gorte konstituziogileak bildu zituen. Konstituzioaren testua onartu gabe ere desegin zen koalizio hura ordea (1869ko ekaina). Behin-behineko Gobernutik aldenduta, eta errejimen berriak monarkiaren aldera egiten zuela-eta, matxinadaren bidea hartu zuten errepublikarrek.

Progresistak zatikatu egin ziren Prim jenerala, haien buruzagi karismatikoena eta gobernu burua, hil zutenean (1870eko abendua). Politikaren egonkortasun ezak eta gizartearen nahasmenduak karlismoaren berpiztea ekarri zuten. Saboiako Amedeoren monarkia parlamentarioaren erabateko huts egitearen ondoren (1871-1873), errepublikaren nahas-mahasa etorri zen (1873- 1874). Bien bitartean, gerra hirukoitz bat ari zen pairatzen Espainia: independentista Kuban, karlista Euskal Herrian eta kantonala Mediterraneoko itsasertzean. Sei urtetan egonkortasun falta eta frustrazio etengabea nagusi izan ondoren, armadak Borbondarren dinastia jarri zuen berriz tronuan, Alfontso XII.arekin (1874ko abendua).

Karlismoa, berez euskal fenomenoa bakarrik ez zena baina euskal lurretan konnotazio bereziak zituena, honela definitu zuen Mañé y Flaquer kazetari eta politiko kontserbadore katalanak: “iraultzaileen gehiegikerien kontrako protesta armatua”.

Monarkia isabelino eraitsiaren kide ziren talde kontserbadoreenek Carlos de Borbón y Esteren alde egin zuten (Karlos VII.a, Karlos Maria Isidroren iloba), pentsatzen baitzuten karlismoak bakarrik eutsiko ziola iraultzaren indarrari. Hala ere, herri xehearen parte handi baten babesa izan zuen karlismoak Euskal Herrian. Ahoz aho zabaldutakobertso, pasarte eta kontakizunen bitartez, mito bihurtu zen lehen karlistaldia, herriaren usadio eta ohituren aldeko egitandi heroikoa bihurtu zen arte. 1839 arte politikoki batere mugitu ez zen arren, euskal gizartean, ezkutuan, bizirik zirauen karlismoak, sentimendu baten modura, ondo zehazturiko ideologia politiko baten gisara baino areago. Horregatik berpiztu zen halako indarrez, bazirudienean gobernu iraultzaileen politika sekulartuak mehatxu egiten ziola tradizio katolikoan sendotasunez oinarrituriko talde nortasun eta balio sistemari.

Euskaldun gehienentzat gauza bera ziren erlijioa eta foruak, eta horixe adierazten zuen Jaungoicoa eta Foruak esapideak (Arístides Artiñano bizkaitar karlistaren liburuxkaren izenburua da). Foruak batasun katolikoaren zerbitzura jarrita, kontraforua gertatzen zen konstituzio testuan jasotako gurtza askatasuna.

Erlijioaren auzia hauteskunde guztietan agertu zen. Hauteskunde konstituziogileetan (1869ko urtarrila), hautagai katoliko-tradizionalisten alde egin zuten boto emaile gehienek; 1871ko martxoan lau elizgizon hautatu zituzten senadore, horien artean Diego Mariano Alguacil, Gasteizko gotzaina.

Konstituziorako eztabaidak iraun zuen artean –sekulako entzutea izan zuen, prentsa askatasun estreinatu berriari esker–, beren haserrea adierazi zuten hainbat pertsona nagusik, Gorteetan esandako biraoak zirela-eta. 1869ko uda hartan bertan, udal tradizionalista asko deseginarazi zituzten konstituzioaren gainean zin egin ez izanagatik.

Azaroan, lau probintzietako diputazioek eskaera bat egin zieten gorteei, milaka lagunek izenpetu zutena: “Erlijioaren batasunaren alde eusko-nafarrek egindako ahalegin oro ere, gutxi izango da; katolizismoa defendituz, beren bizitza ere defenditzen dute, eta beren izate politiko eta morala”. Iritzi bera zuen Cruz Ochoa de Zabalegui nafarrak ere. Gipuzkoar batzarkide batzuk kartzeleratu egin zituzten bere Diputazioak (forala eta liberala zen) dekretuz agindutako hamarrenaren ezeztatzearen kontra egin izanagatik. Irainak garbitzeko ekinaldiak, apaizeria ugari eta borrokalari batek antolatuak, eta Gasteizko eta Iruñeko gotzainek babestuak, kale matxinada bihurtuta bukatu ziren, erlijioari, foruei eta Karlos VII.ari bibaka jendea.

Gertaerek gaindituta, eta fanatismo integrista menderatu ezinik, foruak txantxetan hartzearen arriskuaz ohartu ziren euskal liberalak. Arriskutsua zelakoan, ez zuten onartzen erlijioa eta foruak berdintzerik.

Gobernuak, baldin eta egoerak ez bazuen okerrera egiten, Euskal Herriko administrazio egoera berezia errespetatuko zuelako aginduan zuten itxaropena. 1872an matxinada karlista zabaldu zenean, foruzale liberalak geratu ziren euskal erakundeen buruan, eta ez zuten inoiz hautsi gobernuaren legezkotasuna. Gogogabe onartu zuten Errepublikaren ezartzea, eta Alfontso XII.a errege izendatu zutenean, Bergarako bigarren besarkada bat bilatu nahi izan zuten, bakea foruekin formulan oinarritua. Orduko hartan ez zuten Marotorik aurkitu ordea Don Karlosen jeneralen artean. Gorteetan ere ez zuten foruen auziari buruzko jarrera egokirik aurkitu. Ordurako hasia zen prentsa, Madrilgoa bereziki, foruen ezeztatzearen aldeko izugarrizko kanpaina egiten, eusko-nafar lurraldeetako matxinadak gaitz kroniko bat bezala aurkeztuz, agintari foralek erein eta lau haizetara zabaldu zutena. Baina karlismoaren zale ziren Diputatu Nagusi ohien zerrenda luzeak ez du oinarririk ematen halako interpretazio gehiegizkorik egiteko, hain handiak izanik euskal liberal foruzaleen sakrifizioak eta leialtasuna.

1872ko apirilean hasi zen matxinada.

Gaizki antolatua zegoelarik, eta okerrago koordinatua, oso azken gaiztoa izan zuen.

Serranok Mañarian garaitu zituen karlisten osteak, eta Orokietan Morionesek. Don Karlosek berak, maiatzaren 2an Beratik sartu ondoren Espainian, Frantziako muga gurutzatu behar izan zuen atzera, ahalik eta lasterren, gobernuaren osteei itzuri egiteko.

Amorebietako hitzarmenak (maiatzak 24) beren indarrak berrantolatzeko abagunea eman zien buruzagi matxinatuei. Zorte hobea izan zuten abenduan, Dorregaray zela iparraldeko armadako buruzagi. Saboiako Amedeoren ukoa, errepublikaren aldarrikatzeak eta kantoei matxinadak sekulako nahastera eraman zuten alderdi liberala, eta karlisten esku utzi zuten ekimena.

1873ko maiatzaren eta azaroaren artean, liberalak garaitu zituzten Eraul, Udabe eta Jurramendin. Ordurako, 24.000 gizoneko armada indartsu bat zuten karlistek. Horrez gainera, menderatua zuten mendialdea, eta baita hiri garrantzitsu batzuk ere, hala nola Lizarra eta Tolosa. Orduan Don Karlosek, Espainian baitzen uztailaren erdialdea ezkeroztik, Bilbo setiatzea agindu zuen. Lehen gerran gertatu zen bezala, karlistek ezin izan zuten hiria hartu. Setioko lau hilabeteren ondoren, Concha jeneralak libratu zuen Bilbo (1874ko maiatzak 2).

Karlistek ez zuten ahaztu beren mende zeuden lurretako baliabideen administrazioa.

Probintzia bakoitzean Gerrako diputazio bana antolatu zuten ordena publikoa zaindu, soldadu deialdiak antolatu, hornigaiak lortu eta gerrako ahaleginei eusteko beharrezko zergak kobratzeko. Egitura, ahalmenak eta funtzionamendua foru diputazioen oso antzekoa zuten, eta Batzar Nagusiak biltzeko deia ere egin zuten zenbaitetan.

1874tik aurrera, estatu egitura hartu zuen administrazio karlistak, hiru ministerioekin (Gerra, Estatu eta Barne Arazoetakoa), gobernuaren lana hobeto koordinatu ahal izateko. Alferrekoak izan ziren diputazioenprotestak, beti ere zentralizazioaren kontra egiten baitzuten, kontraforua zelakoan.

Durango aukeratu zuten Gortearen egoitza eta estatu karlistaren hiribururako; bazituen estatu hark bere buletin ofiziala, bere Justiziako Errege Epaitegia, bere Unibertsitatea (Oñatin) eta bere dirua. Baina, garaipen militarraren mendeko gauza baitzen estatu karlistaren sendotzea, hasierako gar hura hoztu zuen gatazkaren luzatzeak, eta baliabideak agortu ziren. Epeltze harekin batera desadostasunak iritsi ziren, buruzagi militarren aldaketa etengabeak (Mendiry, Pérula, Casertako kondea, Lizarraga), eta traizio salaketak: Dorregaray, lehen jeneral buru karlista, auzitara eraman zuten.

Bilboko setioan desagertu zen karlisten garaipen azkar baten aukera. Une horretan gerraren beste aldi bat hasi zen, indarren berdintasuna nagusi zena. 1874. urtean zehar, liberalek ezin izan zuten Lizarra hartu, eta oso une larriak bizi izan zituzten Abartzuzan; baina karlistek ere ez zuten Irun konkistatzerik izan, eta Iruñeko blokeoa altxatu behar izan zuten. Alfontso XII.a Espainiako Errege izendatzea, 1874ko abenduan, erabakigarria izan zen liberalentzat.

Aristokrazia lurjabearen eta burgesia kontserbatzailearenaren babes politiko eta ekonomikoarekin, Alfontso XII.aren monarkia berrezarriak ordena ipini eta erasoari ekin zion laurogei mila soldaduko armada indartsu batekin, alegia, erregenahiak zituenaren halako birekin. Zumeltzuko borrokaldi erabakiorraren ondoren (Gasteiz inguruan; 1875eko uztailak 7), hasi ziren karlistak atzera egiten eta sakabanatzen, liberalen erasoei aurre egin ezinik. 1876ko urtarrilean hasi zen azken erasoa. Quesada jeneralak karlistak Durango-Elorrio-Oñatik osatzen zuten triangelutik bidaltzen zituen artean, Martínez Camposen osteek Lizarra hartuzuten, eta Nafarroako ipar-mendebal osora zabaldu ziren, Donostiaraino. Atxilo hartuko zutelako beldurrez, erretiratzea agindu zuen Don Karlosek, eta otsailaren 27an Frantziara igaro zen Arnegitik. Lagun zeramatzan bere gorte gizonak, estatu gorena eta hamabost bat mila soldadu, eta Luzaide eta Orbaitzeta artetik gurutzatu zuten muga.

 

Foruen ezeztatzetik errejimen hitzartura

Liberalak beldur ziren bezala, karlistak garaituak izan ondoren Gorteetan eztabaidatzera igaro zen foruen auzia. Mendearen garai horretan, foruen ezeztatzea ez zen teoria liberalaren eskaera hutsa. Aldi berean, Espainiako iritzi publikoarena ere bazen, karlistaldiak foruei egozten zieten prentsako kanpaina zorrotz baten pean. Haren kontra ez zuen ezer lortu, edo ezer ez ia, La Paz egunkariak, euskal diputazioek Madrilen argitaratzen zutena. Hala ere, Antonio Cánovas del Castillo, Gobernuaren Lehendakaria, ez zen giro haren eraginpean erori, eta, azkenean, konponbide pragmatiko batera iritsi zen: foruen ezeztatzeak (iritzi publikoak eskatuta) ez zuen zertan administrazio batasunik ekarri behar (euskal liberalek onartzen ez zutena).

Oso gizon zorrotza eta legezalea izaki, 1839ko urriaren 25eko legetik abiatuta heldu zion Cánovasek foruen auziari. Bigarren artikulua betetzeko asmoz –haren arabera, euskal probintzien iritzia entzun beharra zeukan Gobernuak Gorteetara aurreproiektu bat bidali baino lehen, foruak konstituzio batasunarekin adosteko–, 1876ko maiatzaren 1ean biltzeko deia egin zien Araba, Bizkaia eta Gipuzkoari. Batzar Nagusiek,aldez aurretik bilduta, foruzale liberal nagusiak bidali zituzten Madrila. Cánovasek ordea ez zuen onartu negoziazio politikoaren bidea, konstituzio batasunari buruz berak zuen ideia berezia abian jartzeko asmo sendoa baitzuen. Ez zuen foru erakundeak ezeztatzerik nahi, bai ordea onar zezaten diputazioek estatuari gizonekin eta diruarekin laguntzera probintzia guztiak behartzen zituen konstituzio araua. Hatsapen horren gainean, formei, kopuruei eta prozedurei buruz eztabaidatzeko prest zegoen.

Puntu jakin horretan, Cánovasen erreferentzia puntua, seguraski, ez zen Frantziako III. Errepublikako zentralismo jakobino zurruna, baizik eta germaniar inperioko konstituzioaren federalismo kontserbatzaile eta aristokraziazalea.

Nolanahi dela ere, euskal ordezkariek ezin onartukotzat jo zuten foruen edozein eratako aldaketa, eta alde egin zuten bileratik.

Audientziaren prozedura gaindituta, bere aurreproiektua bidali zuen Gobernuko Lehendakariak Gorteetara, euskal diputatuen artean oso harrera txarra izan zuena.

Hain txarra, non Mateo de Morazak, Arabako Foru Diputazioko parlamentario eta aholkulariak, “Euskal Herri dohakabearen hondamendi eta zoritxarra” zela adierazi baitzuen. Alfer-alferrik egin zituen alegazioak: 1876ko uztailaren 21ean lege bihurtu zen gobernuaren proiektua. Lehen artikuluak foruen usadiozko pribilejioak ezezten zituen, soldadu eta zerga gaiei zegozkienak; izan ere, hiru probintzietako biztanleei, gainerako espainiarrei bezalaxe, ezartzen baitzizkien betebehar konstituzionalak, alegia “arma zerbitzura joatea legeak horretarakodeia egiten duenean, eta estatuaren gastu orokorretan beren ondasunen arabera parte hartzea”. Baina, bestalde, kontuan hartzen zuen legeak betebehar horiek “lekuan lekuko baldintzek eta esperientziak aholka ditzakeen formazko aldaketekin” eskatu behar zirela. Diputazioen lankidetza kontuan hartzeko eskubidea ere ematen zion Gobernuari. Hala bada, estatuaren aurrerabideari gizonekin eta zergekin laguntzeko hatsapen konstituzionala ezartzen zuen 1876ko legeak, zabalik uzten zituen arren geroko negoziazio baten prozedurari zegozkion gaiak. Egia da ez zuela ixten hiru probintzietako zerga eta administrazio autonomiaren aukera, baina gobernu konstituzional baten mende jartzen zuen, ez eskubide historikoetan oinarritzen zen konstituzio aurreko legezkotasun batean.

Agintari foralek bezalakoxe harriduraz eta etsipenez hartu zuen euskal gizarteak legearen testua. Foruzale zorrotzenak zirela buru, hala Fidel Sagarminaga bizkaitarra edota Domingo Martínez de Aragón arabarra, 21eko uztaileko legearen aplikazioan lankidetzarik ez eskaintzea erabaki zuten diputazioek.

Legearen indargabetzea eskatzeko bildu ziren, eta estrategia bakar bat prestatzeko.

Alferrik egin zuten dena. Bien bitartean, Gobernuko Lehendakariak eskura zituen bitarteko guztiak erabili zituen (legezkoak eta bestelakoak) diputazioen erresistentzia hautsi eta bere alde jartzeko. Ez zuen lortu ordea. 1877ko otsailaren 23an, Martínez de Aragónek nahiago izan zuen dimisioa aurkeztu foruen kontrakotzat jotzen zuen lege bat –eta, hortaz, kargua onartzean foruak defendituko zituelako zinarekin ezin adostuzkoa– bideratzen lankide izan baino. Arrazoibide berberekin desegin zen, ahaldunen erabakiz, Bizkaiko Foru Diputazioa, martxoaren 17an. Alde batera utzi zituen hitz goxoak orduan Cánovasek.

Agindu zien gobernari zibilei ez zezatela utzi Batzarrak biltzen, eta dekretuz izendatu zituen amore eman zaleek osaturiko Probintzia Diputazioak, bai baitziren horrelakoak ere.

Askoz ere pragmatikoagoak izanik, haiek ez zuten onartzen dena ala ezer ezeko politika hura. Lehengo egoera berean jarraitzearen aldekoak ziren, baina, haien ustez, administrazio eta zerga autonomia txikiena ere galduko zuten euskal probintziek, uko egiten bazioten Gobernuaren eskaintzari.

Euskaldun gehienen kritika eta ez ulertua handiak ziren arren, uztailaren 21eko legearen garapena negoziatzea onartu zuten amore eman zaleek. Errejimen politiko administratibo berri bat izan zen elkarrizketa haien emaitza, Kontzertu ekonomikoan oinarritua (1878ko otsailaren 28ko Errege Dekretuaz indarrean sartu zena). Errejimen hark alde handirik ez zuen Nafarrokoarekin (1841 ezkeroztik zegoenhura indarrean). Probintziaren administrazioa diputazioaren ardurapean geratzen zen, diputazioa bera ohiko prozeduraz hautatzen zen, eta, ohiko ahalmenez gainera, antzinako foru diputazioaren zerga ahalmenak ere bazituen. Hau da, bere zergak ezarri, bildu eta inbertitzeko ahalmen osoa zeukan, eta zergak ez zuten zertan Espainiako beste probintzietakoak bezalakoak izan behar.

Horren truke, euskal diputazioek kopuru finko bat ordaindu behar zioten urtero estatuari (kupoa).

Nafarroako egoera berezian ere izan zuen eraginik gerra karlistak. Lehena bukatzean gertatu zen bezala, Nafarroako Diputazioaren jarrera irekiak erraztu egin zituen Gobernuarekiko harremanak, eta konponbidea lasterra izan zen. Auzia, gainera, bestelakoa zen. Kasu honetan gauza ez zen nafar foruak konstituzional bihurtzea, kupoa eguneratzea baizik, bere horretan baitzegoen 1841 ezkero. Bi hilabete eskasetan hitzarmen berri bat egin zen, Gobernuak Nafarroako Diputazioarekin hitz egiteko izendaturiko ordezkariaren ohorez Tejada Valdoseraren izenaz ezaguna; hitzarmena 1877ko otsailaren 19an jarri zen indarrean, Errege Dekretu bidez. 8 milioi errealetan finkatu zen kupo berria, baina horietatik parte batzuen deskontua egin behar zen: 1,5 erreal, tabakoaren alokairu, antzinako aduana eskubide eta probintziaren zorraren ordainketagatik; 3,6 erreal eliz ospakizun eta apaizgo gastuengatik, Diputazioaren ardurapean jarraitzen zuten artean; eta 0,4 erreal bilketa gastuengatik. Dedukzio horiek egin ondoren, 2,5 milioi errealekoa zen estatuari ordaindu beharreko urteko kopurua (1841ean hitz harturikoa baino milio bat gehiago).

1876ko uztaileko 21eko legeak eta haren ondorengo garapenak, kontzertu errejimena ekarri zuenak, ondorio erabakigarriak izan zituen Hego Euskal Herrian. Eta ez bakarrik nahitaezko soldadutza ezarri zuelako. Horrez gainera, konstituzional bihurtu zuen probintzia autonomia, ez ordea eskubide historikoen dotrinatik abiatuta, gobernu eratu baten borondatean oinarriturik baizik. Egia da prozedura hori ez zela ohikoa Espainiako konstituzio historian, eta ahul samarra zuela legezko babesa, oso ahalmen garrantzitsuak kentzen baitzizkion Gorteei, hala adibidez zergak finkatzea.

Bestalde, estatuko zerga presio murritzak oso eskumen zabala uzten zien euskal haziendei.

Ahalmen fiskalari esker, beren administrazio autonomia sendotu eta zabaldu zuten diputazioek. Azkenik, esan daiteke jauntxoen nagusitasuna desagerrarazi zuela Batzar Nagusien sistemaren ezabatzeak, eta erraztu egin zuela, dudarik gabe, euskal gizarteko talde dinamikoena zen burgesia kapitalistaren garaipena.