Historia»Egungo aroa
Antzinako Errejimenaren krisia politikan eta erakundeetan
XVIII. mendearen azken bi hamarraldietan, krisi sakona bizi izan zuten
probintzia foruetan gauzatzen ziren Antzinako Errejimeneko politika
erakundeek. Frantses Iraultzaren prozesuak eragin handia izan zuen
Hego Euskal Herrian, eta krisi politiko larria sorrarazi zuen, zeinean
aurrez aurrez jarri baitziren tradizioa, alde batetik, eta konstituzioan
oinarritutako sistema liberalaren modernotasuna, bestetik. Lehenagotik
ere, Argien Mendeko despotismo garaitik, elkarren kontrako borrokan
hasita zeuden, dena den, bi aldeak. Konstituzioa Foruen aurka: Koroa
konstituzioaren alde, eta probintziak foruak aldezten. Euskaldunak
euskaldunen kontra, interes desberdinen arabera. Iraultza kontinente
guztian hedatzen ari zen bitartean, aldaketak egin behar izan zituzten
probintzia foruetan, galduko ez baziren.“Antzinako Errejimenaren krisia” esaten
zaion kontzeptua historiografiaren asmakizuna
da, hau da, XVIII. mende bukaeran
eta XIX. mende hasieran Europako politikaren
eta erakundeen eraldatzea azaltzeko
asmatua. Antzinako Errejimena esapidea
Frantziako Iraultzan (1789) erabili zen lehen
aldiz, iraultzaileek gainditu nahi zuten
korporazio-estamentuen nagusitasunean
oinarritutako sistema izendatzeko. Frantzian
monarkia tradizionalaren gobernu motak
irauli, eta aldi berean, Estatu berria eta
haren nortasunaren bereizgarriak diseinatzeko
eragiketa iraultzailea oso indartsua eta
bizkorra izan zen; horregatik, ez dute arazorik
izan historialariek Antzinako Errejimenaren
eta iraultzak sortutako errejimen
berriaren arteko mugak ezartzeko.
Europako beste herrialdeetan, ordea, ez
zen horren garbia izan prozesu hori; hori
dela eta, arazoak daude Aro Berriko erakunde
sistema politiko tradizionaletik Estatu liberalerako
trantsizioa aztertzeko garaian.
Hala gertatzen da, esaterako, Espainiako
monarkiari dagokionean, eta euskal lurraldeetan
eta Nafarroako erreinuari dagokionean
ere. Horietan eragin handia izan zuen
Frantziako iraultzaren prozesuak (1789an
hasia); hala ere, Espainiako errejimena eta
gobernu erakundeak ez ziren errotik aldatu
1808 eta 1812 bitarteko burujabetasunaren
eta konstituzioaren krisia gertatu zenarte, hau da, Napoleonen gudarosteak Espainia
inbaditu eta Espainiako lehen konstituzioa
(1812) emaitza izan zuen prozesua
hasi zen arte. 1812ko konstituzioari Cadizko
Konstituzioa esaten zaio Andaluziako hiri
horretako Gorteetan egin zelako. Hala ere,
egoera konstituzional horrek ez zuen luze
iraun, 1814az gero Fernando VII.ak gobernu
errejimen pertsonala ezarri baitzuen.
Errejimen horrek erregea hil arte (1833)
iraun zuen; 1820-1823 bitarteko Hiru Urteko
Konstituzio Aldia izan zen errejimen
haren eten bakarra. 1833an egitura politikoen
aldaketa prozesua hasi zen berriz ere,
eta 1837ko konstituzioa onartu zenean prozesu
hori bizkortu egin zen.
Euskal lurraldeetan eta Nafarroako erreinuan,
gobernu errejimen batetik besterako
trantsizioa 1808-1839 bitartean gertatu zen.
Lurralde horien bilakaera tokian tokiko
monarkiaren bilakaeraren araberakoa izan
zen, eta urte bitarte haietan beren gobernu
moduak erabat aldatu ziren, monarkia tradizionalak
Estatu liberalari lekua utzi zionean.
Atal honetan trantsizio hori azaltzen
da, eta horretarako, XVIII. mende bukaeran
euskal lurraldeetako egoera politikoa eta
erakundeena zein zen hartuko da kontuan
lehenbizi, eta garai hartakoek beren gobernu
mota eta Espainiako monarkiarekin zuten
harremana nola esplikatzen zuten adieraziko
da. Ondoren aztertuko dira 17931795 bitartean Espainiako monarkiaren eta
Frantzia iraultzailearen arteko gerran (Konbentzioko
gerra) iraultzarekin izandako lehen
harremanen ondorioak eta harreman
horrek euskal probintzien antolamenduaren
gainean, foruen gainean hain zuzen, sortu
zuen eztabaida. Ondoren monarkiak konstituzioan
eragin zituen aldaketen eta foru
errejimenaren arteko harremana, eta harreman
horrek Fernando VII.aren gobernuan
izan zuen bilakaera azalduko dira. Horren
guztiaren azterketarekin zenbait ondorio
aterako dira trantsizioaz.
Euskal antolamendu tradizionala: monarkia eta konstituzio probintziala
Espainiako Erregetzarako gerraren
(1700-1713) ondoren, Borbondarren dinastiko
Espainian izan zuen lehen errege Felipe
V.aren monarkia berriaren egitura asko
soildu zen Habsburgotarren egituraren aldean.
Ez bakarrik Espainiak Iberiako penintsulatik
kanpoko europar jabetasunak utzi
behar izan zituelako (Italiako eta Herbeheretako
lurraldeak, Menorca eta Gibraltar),
baita antzinako Aragoiko erreinuko lurraldeek
Gaztelako gobernu erak bereganatu
behar izan zituztelako ere. Felipe V.ak Decretos
de Nueva Planta izeneko dekretuen
bidez Katalunia, Aragoi, Valentzia eta Mallorcako
lurraldeetako nortasun politikoa
ezabatzen zuen, eta bakarrik Bizkaiko Jaurerriak,
Arabako eta Gipuzkoako probintziak,
Nafarroako erreinuak eta, maila apalagoan,
Astuariasko Printzerriak gorde zituzten
antolakuntza eta lurralde ordezkaritza
mota bereziak monarkiaren barruan.Nortasun hori hiru ezaugarri nagusitan
laburtzen zen: berezko zuzenbidea, ordezkaritza
erakundeak, eta gobernu eta justizia
organoak. Berezko zuzenbidea bakoitzari
zegozkion foruek osatzen zuten. Lurraldeen
pribilejioak eta probintzietako komunitateak
antolatzeko moduak biltzen zituzten
idazkiak ziren Foruak (Araban eta
Gipuzkoan Anaitasun Ordenantzen koadernoak,
1697an Foru bihurtu ziren arte). Baina,
kulturaren ikuspegitik foruak idazki
hutsak baino gehiago ziren, ohiturak ere
baziren, familiaren antolakuntza, herri ondasunen
erabilera edo merkataritza bezalako
gaietan komunitate haietan erabili izan
ziren formak. 1527ko Bizkaiko foru idazkiak,
foru idazkien artetik formalenak, hala
hasten zituen beti bere kapituluak: “Que
habían de fuero, uso y costumbre y establecían
por Ley…”. Horrek erakusten du
ohituraren eta testu idatziaren, hots legearen,
arteko harremana. XVIII. mendeak
aurrera egin ahala foru lurraldeek, beren
erakundeen bidez, Foruaren interpretazio
zabalagoa egin zuten, testuan idatzita zegoen
baino zerbait gehiago zirela uste baitzuten.
Bigarren nortasun ezaugarri garrantzitsua
lurralde ordezkaritzako batzarrak ziren:
Nafarroan Gorteak, eta Bizkaian, Araban eta
Gipuzkoan Biltzarrak. Nafarroako Gorteak,
Erdi Aroko erreinuetako gainerako batzarren
antzera, estamentu mailakoak ziren.
Adar edo ganbara bereziak zituzten, aitoren
semeentzat, apaizentzat eta hirientzat.
Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Biltzarrak,
antolakuntzari dagokionez bakoitzak
bere berezitasunak bazituen ere, oro har ez
ziren estamentu mailakoak, lurralde mailakoak
baizik; hau da, batzarretan lurraldeetako
elkarte askok zuten ordezkaria: elizateek,
hiribilduek, lurraldeek edo koadrilek.
Beraz, ez zuen zerikusirik –ez Nafarroako
estamentu mailako biltzarrean, ezta beste
hiru probintzietako lurralde mailakoetan
ere– gaur egun legebiltzarreko ordezkaritza
demokratikoaz dagoen ideiarekin, izan
ere, biltzarretan ez zuten ordezkaritzarik
gizabanakoek, estamentuek edo korporazioek
baizik.
Erakundeetan parte hartzeko, beraz,
ezinbestekoa zen korporazio horietako kide
izatea, eta hori ez zitzaien gertatzen –ezta
gutxiagorik ere– lurralde haietako biztanle
guztiei; Nafarroako erreinuan jaiotzaz edo
izatez hiru estamentuetako batekoak zirenak
baizik ez ziren korporazioetako kide,
eta Bizkaiko Jaurerrian eta Gipuzkoako probintzian,
Valladolideko Kantzilergoaren aurrean
probintziakoak zirela frogatzen zutenak,
probintzia horretan bizi zirelako, dirua
zutelako edo aitoren seme zirelako.
Biltzar horiek edukitzea oso garrantzitsua
zen euskal lurraldeentzat, izan ere,
monarkiaren gainerako lurraldeetan ez bezala(Asturiasen salbu) izaera politiko berezia
hartzen zuten. XVIII. mendearen hasieran
Felipe V.ak Aragoiko erakundeetan
esku hartu zuenean ere, aragoitarrek ez
zuten halako sendotasun politikorik.
Nortasun politikoaren hirugarren ezaugarria
gobernu eta justizia erakunde bereziak
izatea zen. Nafarroako erreinuak,
monarkiari lotu ondoren ere, erakunde egitura
berezia gorde zuen; Gorteak, diputazioak,
erregeordeak eta Nafarroako Errege
Kontseiluak osatzen zuten egitura hori. Bizkaiak,
Gipuzkoak eta Arabak zeinek bere
diputazioa sendotu zuen, eta Bizkaian eta
Gipuzkoan gainera, korrejidoreak ezarri
zituzten. Araban, bestalde, ez zen inoiz erregeak
izendatutako korrejidorerik izan; haren
egitekoak Arabako diputatu nagusiak
betetzen zituen, tertzioko buruzagi baitzen.
Aro Berrian sortu eta XVIII. mendean sendotu
zen erakunde multzoko osagai nabarmenenak
diputazioak eta korrejidoreak izan
ziren Bizkaian eta Gipuzkoan, eta erregeordetza
eta Errege Kontseilua Nafarroan. Diputazioak
Batzarretatik edo Nafarroako
gorteetatik sortutako gobernu erakundeak
ziren. Hasieran, biltzarretako ordezkaritzak
ziren, biltzarrak biltzen ez ziren garaietarako
sortuak. Baina, XVIII. mendearen bigarren
erdialdean gero eta autonomia handiagoa
eskuratu zuten biltzarrekiko, eta lurraldeetako
benetako gobernuaren tankera
hartu zuten.
Diputazioez gainera, erregeak izendatzen
zituen karguak zeuden, Araban izan
ezik: korrejidoreak Bizkaian eta Gipuzkoan,
eta erregeordea Nafarroan. Erdi Aroaren
amaieran, errege magistratuak edo korrejidoreakizendatu ziren Ahaide Nagusien
botere handiari aurre egiteko. Nafarroako
erregeordea Nafarroa Gaztelako dinastiari
lotu izanaren (1512) ondorio logikoa izan
zen. Araban ez zen halako erakunderik izan,
erakunde horren jurisdikzio eta gobernu
eginkizunak diputatu nagusiak berak betetzen
baitzituen. Lurralde bateko korrejidorea
izendatzen zenean, korrejidorea lurralde
horretako erakundeetako kide bihurtzen
zen, eta horietara iristen zenean bertako
zuzenbidea onartzen zuen zin eginez. Lurralde
hauetako gobernu eta justizia agintariek
lurralde osoan zuten eskumena, eta
lurraldeko jurisdikzioak bateratzen zituen
karguak eta magistratuak zituzten; bi ezaugarri
horiek bereizten zituzten, hain zuzen
ere, lurralde hauek monarkiako gainerako
lurraldeetatik.
Espainiar monarkiaren mendeko euskal
lurraldeetako nortasun osagai horiek bere
horretan iraun zuten monarkia tradizionalaren
krisia arte. Eta krisi horren ondoren
ere ez ziren erabat desagertu, berritu baizik,
Espainiako Estatu liberalean lekua eduki
ahal izateko. Lurralde hauek monarkiaren
parte izateak, eta erregea bera eta bere
magistratu eta ofizialak lurralde horietako
ordenamenduei lotuta egoteak, ez zuen
esan nahi, ordea, harreman horretan eragin
ez zuenik eremu horiek menderatzeko
auziak. Kontuan hartuta Antzinako
Errejimeneko Europan erakunde unibertsoa
mugatu gabe zegoela, jurisdikzioen eta
hainbat motatako eta ingurutako –herriak,
lurraldeak, eliza, zergak, militarrak, etab.–
agintarien arteko lehia etengabea zen. Euskal
Herrian, lurraldearen jurisdikzioa eskuratzeko lehia nabarmendu egin zen Koroak
eta gorteak monarkiaren gobernu egitura
berritu ahala.
Karlos III.aren erreinaldiaz gero (1759an
hasia), eta batez ere, 1765 ingurutik aurrera,
ordu arte beste erakundeen esku (Eliza,
udalak edo noblezia) egon zen boterea menderatzea
izan zen monarkiaren helburu nagusia.
Gorteak (garai hartan “ministerio” esaten
hasia) proiektu bat landu zuen zenbait
alorretan zuzenean esku hartzeko, hala nola,
herri haziendan, merkataritzaren kontrolean
eta zabaltzean, Elizaren edo aitoren semeen
ondasun handietan; proiektu horretan biltzen
diren berrikuntzei “ilustratuak” esaten diete
historialariek. Berrikuntza horiek guztiak
ondo zuzenduko zituen administrazio bat
sortzea ere agertzen zen egitasmo hartan.
Euskal lurraldeetan erakunde antolakuntza
sendoa zuten, eta horri eskerrak, eraginkorrago
egin zieten aurre gorteak bultzatu
zituen berrikuntzei. Euskal lurraldeetan,
bertako erakundeen eta agintarien esku
gelditu ziren berrikuntzen ondorioz sortutako
botere eremu berriak; bertako gobernuan,
udal haziendan eta herri ondasuneninguruan, merkataritzaren arautzean eta
gobernuaren beste alorretan sortu zituzten
eremu horiek. Espainiar erregeen despotismoaren
eraginez euskal lurraldeen gobernu
era, beraz, ez zen ahuldu. Aitzitik,
1760tik XIX. mende hasiera arteko aldiak
oso bestelako ondorioak erakusten ditu:
erakundeen sendotzea, lurraldeetako mugak
sendotzea, eta euskal lurraldeen eremuen
jurisdikzioa indartzea. Gorteak, bestalde,
berrikuntza horien bidez lurralde
horiek gehiago kontrolatu eta hobeto gobernatuko
zituelako ustea zuen.
Mende bukaeran diputazioek gogorarazten
zuten bezala, probintzietako konstituzioa
sendotu egin zen. Ez euskal konstituzioa,
lurralde bakoitzeko konstituzio bat
baizik. Dena dela, garai hartan konstituzioak
ez zuen gaur egun duen esanahia, hau
da, ez zen eskubideak adierazten eta botereak
banatzen eta mugatzen dituen idazki
formala; lurralde bakoitzaren botereen eta
jurisdikzioen egitura berezia adierazteko
erabiltzen zen konstituzio hitza, denboraren
joanak egitura hori nola zehaztu zuen
adierazteko alegia.
Iraultzarekiko lehenengo harremanak eta euskal probintzietako konstituzioari buruzko eztabaida
1793-1808 urteen bitartean, monarkia
tradizionalaren bukaeran, euskal lurraldeetan
garapen prozesu garrantzitsuak hasi ziren.
Prozesu horiek bi izan ziren: batetik,
Konbentzioko gerran iraultzarekin izan zen
lehen harremana, eta bestetik, XIX. mende
hasieratik izan zen eztabaida konstituzio
probintzial esaten zitzaion gobernu eraren
esanahiaz eta eraginkortasunaz.
1793ko martxoan Frantziako errepublikaren
eta Espainiako monarkiaren arteko
gerra sortu zen. Urte hartako urtarrilean,
Luis XVI.a –Frantziako Borbon etxeko erregea–
hil zuten Biltzar Nazionalaren aurrean
epaiketa nahasi bat izan ondoren. Gerra
hura ez zen izan Espainiaren eta Frantziaren
artean ordura arte izandako gerrak bezalakoa,
bi ikusmolde elkarren erabat kontrako
jarri baitziren aurrez aurre. Euskal probintziak
eta Nafarroako erreinuak, Frantziarekin
mugan zeudenez gero –Pirinioetako
mugan dauden gainerako lurraldeek bezala–,
hurbilagotik bizi izan zuten gerra, eta
harreman handiagoa izan zuten iraultzaile
frantsesekin.
Euskal probintzietan foru errejimen tradizionalaren
arabera antolatu zen gerra.
Euskal diputazioek zeinek bere “naturales
armados” taldeak osatu zituzten, eta beren
komandanteak izendatu. Koroak buruzagi
militarrak bidali zituen herrialde hauetara,
susmoa baitzegoen liskarrak hasi zirenetik
lurralde hauek inbadituko zituztela, eta diputazioetako
komandanteak haiekin jarri
behar zuten harremanetan. Probintzietako
gobernu erakundeei gerra finantziatzeko zor
handiak egiteko baimena eta erraztasunak
eman zitzaizkien; horrez gainera, udalek,
merkataritza kontsulatuek edo monarkiako
beste lurraldeetako bizkaitar eta gipuzkoar
koloniek, Andaluziakoak eta Ameriketakoak
batez ere, diru laguntzak eman zituzten.
Uste osoa zegoen beharrezkoa zela espainiar
monarkia frantses errepublikazaleetatik
babestea, haiek beren erregea hil eta
gobernu sistema tradizionala arras azpikoz
goratu baitzuten.
Euskal diputazioek eta agintariek, monarkia
katolikoaren eta kultura politiko tradizionalaren
barruan zeudenez gero, eutsi
egin behar zioten monarkiari kontra egineta kultura tradizionalari arrotza zitzaion
gobernu sistema armen bidez zabaltzen
zuen gudarosteari. Errepublikazale frantsesek
hizkuntza politikoa eta konstituzioaren
ikusmolde erabat bestelakoak zituztela argi
ikusi zen euskal lurraldeak mendean izan
zituzten denboran. Dena dela, denbora bitarte
hura laburra izan zen, eta ez zen nahikoa
izan probintzietako gobernu sisteman
berrikuntza sakonak eragiteko. Hala ere,
errepublikar frantsesen lehen neurriek probintzietako
bizimodu tradizionala aldarazten
edo talde elizkizunak debekatzen zituzten,
eta neurri horiek erakusten zuten probintzietako
antolamendu tradizionalaren eta
Iraultzaren hitz egiteko modu eta ikusmolde
politikoen artean ez zela adostasunik.
Adostasunik eza argia izan zen Getariko
Batzarrean, nahiz eta iraultzaileen aldeko
agertu zen. Gipuzkoako kostaldeko herri
txiki horretan probintziako Batzar bat osatu
zen Romero, Berroeta eta Aldamarren
babesean, eta Arrasaten eratu zen beste Batzarrak
ez bezala, frantses iraultzaileekin
harremanetan jarri zen Gipuzkoa Frantziaren
barruan sar zedin (1794ko abuztua).
Europako hainbat lurraldeetan, Belgikan
esaterako, gertatuak ziren ordurako halakoxeak.
Ordurako Hondarribia, Irun, Pasaia
eta Errenteria frantsesen eskuetara eroriak
ziren. Donostia setiatu zuten, eta urte
horretako abuztuan errenditu zen. Hala ere,
kapitulazio horietan espainiar monarkiari
eta herriko foruei eta probintziako foruei
leialtasuna gordetzen zitzaien.
Getariko Batzarrak, ordea, Frantziako
errepublikari lotzeko nahia adierazi zuen.
Izatez, gutxik zuten nahi hori, eta lehenago
ere adierazia zuten ez zetozela bat beren
merkataritza interesak mugatzen zituen
foru sistema harekin. Ez zen beste halakorik
izan euskal lurraldeetan; aitzitik, probintziako
eta herrietako agintariek argi utzi
zuten beti monarkiari zioten leialtasun hautsi
ezina. Herri esaten zaionak ere, garai
hartan ere hala esaten zitzaion (hau da,
nekazariak eta hirietako gizarteko maila
apalak), kontra egin zion gudaroste iraultzaileari,
komandante eta agintari politiko
frantsesek (Chaudron-Rosseau) gizarte hartako
nortasun ezaugarri oinarrizkoetako batzuk
hutsaldu nahi izan baitzituzten, erlijiozko
gurtzak adibidez.
Jakobinoen Elkartearen kontrako gerra
oso gaizki zuzendu zuen gorteak. Manuel
de Godoy, Karlos IV.aren eta –batez ere–
bere emazte Maria Luisa Parmakoaren begiko
eta guztitarako ministroa, gerra hartan
tematu zen beste ministro batzuen iritziaren
kontra; Arandako kondea, esaterako,
1792an kargutik kendu zutena, Godoyren
ideiaren kontrakoa zen erabat. Basileako
hirian (Suitzan) 1796ko uztailaren 22an izenpetu
zen bakearekin (erregearen ministro
gehienari Bakearen Printze titulua lortzekobalio izan ziona) amaitu zen galera ekonomiko
handiak eta hildako asko eragin eta
ageriko emaitzarik izan ez zuen gerra hura.
Euskal lurraldeetan eta Nafarroan zor handiak
sortu ziren probintziako errenten –tabako
eta bide errentak– eta herrikoetakoen
gainean, eta zorra ordaintzeko herri ondasunak
saldu behar izan zituzten.
Baina Godoyk gobernu egituretan esku
hartzeko erabili zituen gerra bera eta gerraren
emaitza txarrak. Borrokan parte hartzeko
zoritxarreko urratsaren eta Basileako
bake ahularen erantzukizuna, norbaitek
edukitzekotan, Godoyk zuen; erregearen
ministro gehienak Kontseiluko ministro bat
bidali zuen 1796an, Mariño hain zuzen,
konstituzio probintzialaren alderdiren bat aldatzeko
aukera aztertzera. Horren inguruan
ez bazen ere ezer erabaki, Godoy ekinaldi
bat ari zen prestatzen gai horren inguruan
eta Juan Antonio Llorenteren lana finantziatzen
ari zen. Juan Antonio Llorente 1797az
gero konstituzio probintziala esaten zitzaionaren
oinarri historikoak eta dokumentuak
ikertzen ari zen; Bizkaiko eta Gipuzkoako
foru idazkiak eta Arabako hermandadeetan
bildutakoen ordenantzak baino gehiago zen
konstituzio hura.
XVIII. mendearen bukaeran eta XIX.. endearen hasieran, euskal lurraldeen barruko
antolakuntza berri bati buruzko eztabaida
hasi zen; Nafarroari maila apalagoan
eragin zion eztabaida horrek. Hainbat alderditan
eta hainbat asmorekin probintzietako
gobernu errejimenaren oinarriak aztertzen
hasi ziren garai hartan. XIX. mende
hasieran Historiaren Errege Akademiak Diccionario
geográfico-histórico lanaren
proiektua egin zuen; proiektu haren lehen
alea 1802an kaleratu zen; Araba, Gipuzkoa,
Nafarroa eta Bizkaiko lurraldeak aztertzen
ziren ale hartan; ez zen halaberraren ondorio
hutsa gauzak hala gertatzea. Garai
hartan izen handia zuten egileek (Francisco
Martínez Marina, Vicente Arnoa, Joaquín
Abella) hartu zuten parte, eta monarkiaren
barruan zeuden lurralde haien antolamendu
bereziaren oinarriei buruzko kritika historiografiko
sakona egin zuten. 1806-1808
bitartean, asmo zientifiko gutxiagorekin,
Juan Antonio Llorentek hainbat lan argitaratu
zituen Noticias históricas de las tres
provincias vascongadas izenburuaz.
Lan hori osatzen zuten bost aleetan,
goitik behera desegiten ziren ordu arte probintziek
bakoitzak bere diputazioaren bidez
probintziaren kontrola eta nagusitasuna
finkatu eta sendotzeko erabili zituzten argudio
guztiak: lurraldeen eraketa historiko
autonomoa, bakoitzaren ordenamendua
berez sortua izatea, gaztelar koroaren barruan
borondatez eta hitzarmen bidez sartzea,
monarkiaren barruan egondako mendeetan
haren konstituzioa gorde izana. Llorenteren
lanak berehala izan zuen erantzuna.1807an, dokumentu bilaketa lan handia
egin ondoren, Francisco de Aranguren
y Sobradok, Bizkaiko diputazioaren aholkulariak
–1780 ondoko hamarraldiaz gero Jaurerriko
erakundeetako bizitza politikoan garrantzi
handiko pertsonaia zenak–, Demostración
del sentido verdadero de las autoridades
de que se vale el doctor D. Juan Antonio
Llorente lana argitaratu zuen. Lan
horren bigarren alea ere idatzi zuen baina
ez zen argitaratu.
Euskal probintzien antolamendua, edo
antolamendu horren oinarri historikoak, kritikatzen
zituzten saio haiei erantzun beharra
ez zen ustekabean sortu. 1802an Arabako
Biltzarrek ohartarazi zuten behar hartaz,
izan ere, kritika haiek kalte handia egin
ziezaioketen beren konstituzioari. Bestalde,
kontuan hartu behar da eztabaida hura hiru
lurraldeetan gertatu ziren krisi sail baten
testuinguruan sortu zela. Araban eta Bizkaian
Kantabriako Errenta Ordezkariorde
zen Juan Módenezen kontrako matxinada
gogorrak (1803) eta Bizkaiko zamakolada
matxinada (1804) krisi haien ondorio izan
ziren guztiak. Bi altxamendu horiek, bestalde,
gizarte tradizionaletako matxinaden
itxura izan zuten, 1760 ondoko hamarraldian
Gipuzkoan izan zirenen antzera. Oraingo
hauek bestelako esanahia zuten ordea,
izan ere, probintzia bereko ikusmolde eta
interesak aurrez aurre jarri ziren, batez ere
Bizkaiko zamakolada matxinadan, merkataritza
kontrolatzearren. Bizkaiko diputazioak,
monarkiaren dirulaguntzaz, Abandon,
hau da, Bilboren jurisdikziotik kanpo (garai
hartan Abando ez zegoen Bilbo barruan,
elizate independentea zen) merkataritza
portu berri bat erakitzeko saioak piztuarazi
zuen zamakolada; dirulaguntzaren ordainetan,
bizkaitarrek Koroari zerbitzu militar
arautua eta iraunkorra egin behar zioten.
Matxinada horien ondorena, eta Alfonso
Durán korrejidorea Gipuzkoara iritsi zen
unea, euskal probintzietako antolamenduaren
garai latzenak izan ziren. Araban ezarri
zen arau berri baten arabera, diputatua Errege
Haziendarekin eta bere interesekin lotura
zuten kasu guztietatik baztertzen zuen,
eta Bizkaian bertako Forua eta pribilejioak
Kontseiluaren aurrean aurkezteko agindu
zen Foruaren antolamendu guztia aztertu
ahal izateko. Aldi berean, Gipuzkoan, Juan
Alfonso Durán korrejidoreak erregeari azaldu
zion beharrezkoa zela aztertzea antolamendu
berri bat, lurjabez eta errenta hartzailez
osatutako oligarkia bati probintzia
erabat kontrolatzeko aukera emango ziona.
Ia Europa osoa Napoleonen inbasioekin
erabat nahasirik zegoela, oso nabarmena
zen Espainiako monarkiaren krisia
(1807), eta krisi horrek zerikusia izan zuen
neurri horiek baliogabetu izanarekin. Karlos
IV.aren gorteak, azkenik, onartu zueneuskal lurraldeak hobeto kontrolatu zitezkeela
bertako agintarien bidez, probintzia eta
herri antolamenduan berrikuntza sakonak
eginez baino. Garai hartan monarkia ez
zegoen sakontasun handiko eragiketak egiteko,
eta hori hala zela 1808an ikusi ahal
izan zen lehen aldiz. Urte horretako martxoan
izan zen Aranjuezko matxinadaren
ondorioz, Godoyk behin-betiko beheraldia
izan zuen, eta Karlos IV.ak bere seme Fernando
VII.ari utzi zion erregetza. Fernando
VII.ak Kontseiluari agindu zion Bizkaira
bere Foruaren baieztapena bidaltzeko.
Napoleonen osteak 1807. urte amaieran
Espainiako erresuman sartu zirenean, Espainiako
eta Euskal Herriko historian aldi zaila
hasi zen. Euskal probintzietan, erakunde
politiko historiko sendoen bidez aurre egin
zitzaion garai gogor hari; izan ere, erakunde
haiek gauza izan ziren XVIII. mendearen
bukaeran sendotzeko eta XIX. mendearen
hasieran eztabaida gogorrari eusteko.
Monarkia tradizionalak, zalantzarik gabe, ez
zuen konstituzio probintziala-ren ordekorik.
Espainiako konstituzioa eta probintzietako konstituzioak
1808an Espainian hasi zen garaian bi
prozesu garrantzitsu gertatu ziren. Batetik,
atzerritar gudarostearen esku hartzea; hau
da, Napoleonen esku hartzea Europarako
zuen proiektu inperialaren barruan. Esku
hartze horren ondorioz Napoleonek Espainiako
Koroa bereganatu eta bere dinastiako
errege berria jarri zuen, Jose I.a hain zuzen.
Napoleonen inbasioa Jose I.ak aurkeztutako
konstituzioak biribildu zuen. Konstituzio
hori, aurretik egina, erregeak berak
izendatutako biltzar baten aurrean aurkeztu
zuen Baionan 1808ko udan. Garrantzizko
bigarren prozesua esku hartze militarraren
eta Napoleonen konstituzioaren aurrean
sortutako erresistentzia izan zen. 1810. urtetik
aurrera, erresistentzia hori prozesu
iraultzaile bihurtu zen, eta 1812ko martxoan
Cadizko Isla de Leónen lehen espainiar
konstituzioa osatu zen.
Euskal lurraldeek harreman handiagoa
izan zuten Napoleonen errejimenarekin,
1812ko konstituzioarekin baino; Espainiako
monarkiaren konstituzio politikoarekin
1820-1823 bitartean izan zuten batez ere
harremana. Euskal Herriak garrantzi estrategiko
handia izan zuen Napoleonen inbasioaren
hasieran eta gerra garaian. Madril
eta Frantziaren arteko harremana Gasteizen
bitartez egiten zen; harreman hori, bestalde,oinarrizkoa zen enperadorearen eta bere
anaia Joseren interesentzat. Gerraren lehen
urteetan Bessieres jeneralaren eginkizuna
Madril-Gasteiz-Baiona bidea mantentzea
izan zen, Gasteiztik Iberiako penintsularen
iparraldea kontrolatzen baitzen Coruñaraino,
eta Ebroko bidea Zaragozaraino (Napoleonen
gudarostearen beste gune garrantzitsua
Katalunian zegoen).
Napoleonen asmo militarretarako Euskal
Herriak garrantzi handia zuen, horregatik
enperadoreak erabaki zuen lurralde
horiek –baita Santander ere– bere anaia Jose
I.aren mendetik kentzea (1810eko otsailaren
8an). Garai hartako enperadorearen
zenbait dekreturen arabera, Araba, Gipuzkoa,
Santander eta Bizkaiak laugarren
gobernu militarra osatuko zuten, eta Nafarroak
hirugarren gobernua. Bi gobernu
horiek Thouvenot eta Dufour (ondoren
Reille) jeneralek zuzendu zituzten, hurrenez
hurren. Gobernu militarrak osatzearen
ondorioz, dekretuetan biltzen ziren lurraldeak
Baionan onartu zen konstituziotik
kanpo gelditu ziren. Gudarostea hornitu eta
gune militarrak zaindu behar ziren lehenbizi,
eta horretarako, piramide egiturako
gobernua ezarri zen: gobernu Kontseilu bat,
Probintzietako hiru Kontseilu eta herrietan
Udal Kontseiluak.
Gobernu horrek berarekin ekarri zuen
erabaki militarren bidez herrietako eta hirietako
herri ondasunetan esku hartzea,
antolamendu eta gobernu erak aldatzea, eta
edozein erresistentzia mota kontrolatu ahal
izatea. Guztiak proiektu militarraren inguruan
behar zuen. Proiektu horretarako, bestalde,
gero eta diru gehiago behar zen (Araban,
esaterako, 1808-1813 bitartean 5 milioi
erreal gastatzetik 130 milioira iritsi ziren).
Horrez gainera, Napoleonek garrantzi
handia ematen zion prentsaren kontrolari,
hura baitzen bere ustez propaganda
bide egokiena. Gazeta de Navarra eta Gazeta
de Oficio del Gobierno de Vizcaya
egunkarietan, esaterako, Europako eta Espainiako
ekintza militarren berri emateaz
gainera, gobernuaren aginduak jakinarazten
ziren.
Napoleonek, 1808. urteko udan, Espainiako
koroa bere anaia Joseri emateko erabakia
berresteko batzarra bildu zuen Baionan,
eta batzarrera euskal probintziak eta
Nafarroako erreinua ere deitu zituen. Gertaera
horrek erakusten du lurralde horien
nortasun politiko-juridikoa kontuan hartzen
zela, lurralde bakoitzak bere ordezkaria
edukitzeko aukera izan baitzuen: Nafarroako
erreinutik Miguel Escudero eta Luis
Antonio Gaínza, Bizkaiko jaurerritik Juan
José Mará de Yandiola, Arabako probintziatik
Montehermosoko markesa eta Gipuzkoako
probintziatik José María de Lardizabal.Batzar hura gizarte ordena guztien ordezkaritza
bezala hartu zenez gero, parte
hartu zuten, besteak beste: Orreagako Kolejiatako
prioreak (Iruñeko apezpikuaren
ordez), Nafarroako zenbait aitoren semek
eta aurreko monarkiaren gobernuko
erakunde nagusietan egondako zenbait kidek
(Mariano Luis de Urquijo bilbotarra, batzarreko
idazkari izan zena, eta Miguel José
de Azanza nafarra, lehendakari izan zena).
Talde horrek eragin handia izan zuen batzarrean
idatzi zen testuan, batez ere 144.. rtikulua sartzeko garaian. Artikulu horren
arabera ondorengo batzar baterako uzten
zen lau lurraldeetako foruen inguruko erabakia;
erabaki hori, dena dela, ez zen behin
ere hartu, ez baitziren Jose I.aren Gorteak
bildu. Artikulu hark, bestalde, ez zuen
garrantzi handirik izan; izan ere, arestian
aipatu bezala, 1810ean enperadoreak gobernu
erabat militarrak ezarri zituen lurralde
haietan.
Independentziako gerrak iraun zuen
bitartean (1808-1813), euskal lurraldeetan
ideia liberalak nagusitu ziren. Ideia haiek
Cadizen 1810-1812 urteen bitartean eztabaidatu
eta onartu zen konstituzio proiektuaren
hurbilekoak ziren. Bilboko El Bascongado
edo El Correo de Vitoria egunkariak
sentimendu liberal horien hedabide izan
ziren. 1812ko konstituzioaren testuak errotiko
aldaketak eragin zituen Espainiako
monarkian. Lehenbizi, erregearen aginpidea
nazioaren eskuetara aldatzen zen: “Aginpidea
funtsean Nazioaren esku dago, eta
horrexegatik Nazioari dagokio, beste inori
gabe, funtsezko legeak ezartzeko eskubidea”,
zioen hirugarren artikuluan. Hatsapen
horren arabera, nazioak, estamentala ez zen
batzarrean ordezkatuta –Gorteetan alegia–,
bere gobernu erak definitzeko eskubidea
eta eginkizuna zuen, hau da, zein botere
existitu behar ziren eta horien ahalmena
ezarri behar zuen. Bestalde, nazioak lurraldearen
egitura berria eman zezakeen, eta
egoki iruditzen zitzaizkion lege berrikuntzak
egin zitzakeen.
Hori guztia konstituzio haren proiektuaren
barruan zegoen. Konstituzioaren 11.. rtikuluak Gorteei baimena ematen zien
lurraldearen banakuntza berri bat egiteko;
VI. tituluak probintzietako eta herrietako
gobernu era berri baten oinarriak aipatzen
zituen, eta 258. artikuluak zioen monarkia
osoan ezin zela inolako pribilejiorik izan.
Errotiko berrikuntzak ziren horiek denak;
aginpidea nazioari emateko ideia zuten oinarrian.
Bide horretatik Gorteek jaunen
pribilejioen kontrako legeak eman zituzten
(1811ko abuztuaren 6ko dekretua), eta elizak
kontzientzia mailan zituen pribilejioen
kontrakoak (Inkisizioaren ezeztatzea 1813ko
otsailaren 22an).
Sistema horrek lurraldeei ematen zien
trataera aztertuko da atal honetan. Erresumako lurraldeak aipatzen zituen 10. artikulua
eztabaidatu zenean, lurralde horien
nolakotasunaren aipamenik ez egitea erabaki
zen (edo erreinuak ziren, edo jaurerriak,
edo probintziak), ez baitzen uste horrek
garrantzia zuenik. Artikulu horretan
bakarrik Araba, Bizkaia eta Gipuzkoari
ematen zaie trataera berezia: “Provincias
Vascongadas”. Testu berean, lurraldearen
antolamendua zehazterakoan, probintziak
aipatzen dira. Lehen aldiz monarkian, lurralde
osoan gobernu erakunde probintzialak
sortu ziren: herritarrek hautatutako diputazioak,
hain zuzen. Probintziako zergak,
merkataritza, hiri lanak, hezkuntza, eta abarren
administrazioa kudeatzeko ahalmena
zuten diputazio horiek. Euskal lurraldeetan
ezaguna zen antolamendu mota hura, haietan
lehenagotik baitzeuden probintziako
gobernu eta biltzarrak.
Horrek guztiak Napoleonek Espainian
zuen boterea ahuldu ahala geroz eta garrantzi
handiagoa hartu zuen. Arestian aipatu
da euskal lurraldeak estrategiari dagokionez
oso garrantzitsuak izan zirela enperadoreak
Iberiako penintsularako
zeuzkan plan militarren barruan. Enperadorearen
hondamena ere, Gasteizko guduan
gertatu zen. 1813ko ekainaren 21ean,
Gasteiz inguruan, Wellingtonek (Napoleonen
kontrako gudarosteko komandanteak)
erabaki zuen frantses gudarosteari erasotzea.
Egun hartan, gudarostea Logroñotik
Gasteiza zihoan bere oinarrizko base militarra
babestera. Miguel Ricardo de Alava
jenerala Gasteizen sartu zenean, eta Jose
I.ak alde egin zuenean bukatu zen Napoleonek
Espainian egin zuen aldia.
Behin hori gertatuta, Cadizko Gorteek
osatu zuten eredu politikoa aztertzen has
zitekeen. Euskal probintzien ustetan, Konstituzio
haren edukia probintziek ordu arte
izan zutenaren oso antzekoa zen. Horregatik,
onartu zuten Bizkaiko Biltzarrek
(1812ko urria) eta Gipuzkoakoek (1813ko
uztaila) konstituzio hura, eta nabarmendu
zuten testu haren eta probintzietako “jatorrizko
eta berezko Konstituzioaren” arteko
“uniformetasuna” eta “antzekotasuna”. Arabako
probintziak 1812ko urriko Batzar nagusian
zin egin zuen Konstituzioa; 1813ko
urrian onartu zuten Iruñeko udalak eta
Nafarroako erreinuko diputazioak. Gorteek
Konstituzioa zin egitera behartu zituzten
agintari zibil, militar eta elizako guztiak, eta
baita probintzietako Biltzarrak eta Nafarroako
erreinuko diputazioa ere.
Konstituzioaren lehen aldia 1814ko udaberrian
amaitu zen, bat-batean; iraun zuen
denbora bitartea laburregia izan zen, beraz,
euskal lurraldeek errejimen berriaren ondorioak
ezagutzeko. Fernando VII.a Espainiara
itzuli eta berehala, konspirazio bat izan zen
konstituzio errejimenaren kontra, erregeak
berak babestua. Ez zen bakarrik 1812ansortutako sistema liberalaren amaiera izan,
baita liberal guztiena ere, era batera edo
bestera sistema liberalaren alde egin zutenena
alegia. Konstituzioaren alde gehien
nabarmendu zirenek, Gasteizen Pablo de
Jéricak esaterako, konstituzioa zabaldu eta
erakunde berrietan parte hartu zutenek,
espetxea, atzerriratzea eta erbestea jasan
zituzten 1814az gero. Zapalkuntza horretan
probintzietako agintariek –foru diputazioek–
parte hartu zuten. Agintari horiek monarkia
berrezartzearekin batera, 1808ko
krisiaren aurretik ari ziren bezala hasi ziren
lanean.
Euskal erakunde tradizionalek, lehengo
egoerara itzuli zirenean, arestian izan zuten
egitura bera hartu zuten berriz ere.
Berehala sartu ziren erakunde horietan
konstituzio errejimena gehien gorrotatzen
zutenak, eta erregearen eskuko errejimenaren
falta nabaritzen zutenak. Euskal probintziak
ere berehala joan ziren erregearengana
beren foruak berrets zitzan. Berrestea
1814ko irailean egin zen; lehen aldia zen
Bizkaiko jaurerriarentzat eta Gipuzkoako eta
Arabako probintzientzat berreste hori batera
egiten zena: “ontzat harturik –zioen
erregeak– baieztatzen, berresten eta onartzen
ditut aipatutako hiru probintzietako
Foruak, usadio zintzoak, ohiturak, pribilejioak,
eskubideak eta askatasunak…”
Foruaren berreste honek aditzera ematen
zuen monarkiak ulertzen zuela forua
zenbateraino zen baliagarri eta komenigarri
lurraldeen barne errejimenerako, eta
batez ere, adierazten zuen monarkiak konfiantza
osoa zuela bertako agintarienganordena zaindu eta Fernando VII.aren monarkiaren
kontrako higikundeak galarazteko.
Bestalde, ez zegoen oso argi nola funtzionatu
behar zuen probintzietako errejimenak
eta nolakoak behar zuten izan probintziaren
eta monarkiaren arteko harremanek,
zerga bilketari zegokionez batez ere;
hura zen, hain zuzen, kezka gehien eragiten
zuen gaia. 1814-1820 bitartean Gorteak
ahalegin handiak egin zituen zerga salbuespena
zuten lurraldeen –hala esan ohi zitzaien–
eta Koroaren arteko zerga harremanak
zehazteko. Batzorde bat izendatu zen gai
horren inguruko azterketa zehatza egiteko,
baina 1819. urtea arte ez zen azterketaren
emaitzarik jaso. Informe de la Junta Reformadora
de Abusos de la Real Hacienda de
las Provincias Vascongadas esan zitzaion
azterketa hari; bertan, euskal lurraldeen
zerga salbuespenerako oinarriak zehazten
ziren –XIX. mendearen hasieran Juan Antonio
Llorenteren azalpenak kontuan hartuta–,
probintzia bakoitzeko konstituzioa
ere aztertzen zen, eta erregeari iradokizunak
egiten zitzaizkion egoera hori aldatzeko
monarkiarentzat komenigarrien zen
moduan.
1820. urteaz geroko aldakuntza politikoa
zela eta, txosten horrek ez zuen ondoriorik
izan; hala ere, probintzietan txosten horren
ondorioei aurre egiteko erantzuna prestatzen
hasiak ziren. Francisco de Aranguren
y Sobradok Juan Antonio Llorenterekin
konstituzio probintzialaren izaeraz izan
zuen eztabaidan erabili zituen argumentuetan
oinarritzen zen erantzun hura, alegia
monarkiatik eta bere zuzenbidetik at eratuzen lurralde antolakuntza zela. Horren bidez
ez zen indartu konstituzioari buruzko
hizkuntza liberala; diputazioetako agintariak
ohartu ziren argumentu hura zela behar
zuten indarra probintziako gobernu egiturei
eusteko, izan ere, egitura haien bidez
errazago kontrolatzen zituzten gobernuaren
oinarri ziren erakundeak: udalak, biltzarrak
eta diputazioak. Helburua ez zen Errege
Haziendaren zabalpen asmoak mugatzea,
zerga harreman hori probintziek borondatez
egiten zuten ordainketa gisa definitzea
baizik. Soldaduskaren kasua argi egingarri
izan daiteke: 1815eko deialdi orokorrean
probintziak sartu ondoren, probintziek
Gortearekin negoziatu zuten zerbitzura gizonak
bidali beharrean dirua ematea. Horren
arabera monarkiari ordaindu egin behar
zitzaion, baina horren bidez foru lurraldeek
errejimen berezia eta monarkiarekin
harreman berezia zutelako hatsapenari eusten
zioten. Harreman berezi hori, bestalde,
euskal erakundeetako agintariei komeni zitzaien
batez ere beren nagusitasuna sendotzeko.
1820. urte hasieratik 1823ko udaberrira
bitartean gertatu zen 1812ko errejimen
konstituzionalaren bigarren aldia. 1820ko
urtarrilean Riego jeneralak Cabezas de San
Juanen zuzendu zuen matxinadaren ondorioz,
Fernando VII.ak berriz ezarri behar
izan zuen Cadizko Konstituzioa. “Joan gaitezen
guztiok, eta ni lehena, konstituzioaren
bidetik…” esaldiarekin hasi zuen erregeak
aldi hau. Dena dela, ez zuen gogo
handirik bide horretatik aurrera egiteko.
Ahal izan zuen guztietan Gorteen lana oztopatu
zuen, eta azkenik, 1823ko apirilean
frantsesen inbasioa onartu zuen, Aliantza
Santuaren izenean, Cadizko konstituzioaren
errejimena ezabatzeko.
Euskal liberalek, Espainiako gainerakoek
bezala, askatasuna lortu zuten edo
erbestetik itzuli ziren. Garai egokia izan zen
liberalen ohiko elkarteentzat, tertulientzat
alegia. Horietako bat, La Balandra izenekoa,
Donostian biltzen zen José Mª de Labayen
buru zuela. Tertulia haietan prentsa
liberala irakurtzen zen –El Liberal Guipuzcoano
esaterako, bertan Legarda, Echagüe
eta Collado donostiar liberalek idazten zuten
besteak beste–, eta konstituzioan egin
behar ziren erreformak eztabaidatzen ziren.
Tertulia haietako zenbait kidek gainera,
konstituzioa betetzen zela zaintzeko egitekoa
hartu zuten beren gain.
Konstituzioak lehenengo aldian baino
gehiago iraun zuen, baina hala ere, ez zen
1813koa bezain ondo hartu. Araban eta
Nafarroan arazorik gabe zin egin zen Konstituzioa;
Nafarroan, berriz, behar zena baino
lehenago. Baina, Bizkaiko Biltzarrak zin
egitean adierazi zuen Espainiar monarkiaren
konstituzio politikoa eta Bizkaiko konstituzio
probintziala ezin zirela adostu1812an pentsatu bezala, eta Biltzarrak hainbat
berrikuntza egin beharko zituela. Gipuzkoako
Biltzarra zehatzagoa izan zen
1820ko martxoan Azkoitian: “konstituzio
errejimena berriz ezartzea, Gipuzkoako foru
sistemaren erabat kontrakoa da”. 1812an
aipatutako “uniformetasuna”, bi errejimenen
arteko kontrakotasun bihurtu zen (espainiar
konstituzionala eta probintziala). Hiru Urteko
Konstituzio Aldi horretan gero eta nabarmenagoa
izan zen kontrakotasun hori.
Espainiako konstituzio politikoaren eta euskal
errejimen probintzialaren arteko adostasun
ezak ez zuen esan nahi elkar ukatzen
zutenik. Biltzarretako eta euskal diputazioetako
kideen asmoa ez zen espainiar
monarkiaren kontrako agertzea, ezta gutxiagorik
ere: “Bizkaitarrek estimu handitan
daukate espainiar familiaren barruan egotea”,
esaten zen Bizkaiko Biltzarrean. Bi
antolaketa modu horien elkar ukatze prozesua
azaltzeko, 1808-1820 bitarteko aldian
izan zuten bilakaera behar da aztertu lehenik.
Alde batetik, diskurtsu liberala gero eta
nabarmenago espainiar monarkia eta merkataritza
legeak eta erakundeak batzearen
aldekoa zen. Bestalde, euskal probintzietako
barne errejimenak errejimen administratibo
probintzial gisa definitzeko prozesua
hasi zuen; prozesu hori 1823-1833 bitarteko
Fernando VII.aren gobernuaren garaian
amaitu zen.
Herri erakunde berriek –udal konstituzionalek–
eta probintzietakoek –1812ko
konstituzioaren araberako diputazio probintzialek–,
epaile berriek, zerga errejimen
berriak eta zerbitzu militarrak erabat desegin
zuten euskal probintzietako errejimena.
Udalak eta diputazioak 1812ko konstituzioaren
arabera antolatu ziren eta ez foru
sistema tradizionalaren arabera. Antolamendu
berriak herrietako agintari taldeak aldatu
bazituen ere, talde horiek probintzia
mailan zuten ahalmenari zegokionez, eragina
ez zen horrenbesterakoa izan. Foru
diputazioak kontrolatzen zituzten agintari
berberek, konstituzio errejimenaren garaian
ere agintean jarraitu zuten. Nafarroan, buruzagi
politikoaren kargua –ez baitzen hautetsia,
erregeak izendatua baizik–, esaterako,
Pedro Clemente de Liguések, Erreinuko
diputatu ohiak, hartu zuen.
Aldaketak, beraz, erakunde berrien izaerari
zegozkion batez ere; hala, euskal lurraldeak
monarkiako gainerako probintzien
pareko ziren. Liberalismoak Espainiako
nazio eremua eratu nahi zuela adierazten
zuen horren bidez. Konstituzio bakarra osatu
nahi zuela, alegia. Proiektu espaniar hori
eta foru errejimenaren oinarri zen beste
euskal proiektua kontrajartzea –historiografia
foruzaleak lehenbizi eta nazionalistak
ondoren egin zuten bezala– okerra da.
Konstituzioaren interpretazio liberala euskalduna
ere bazen, izan ere, konstituziohura euskal lurraldeetara aurrerapena ekarriko
zuen aukera gisa ikusten zuten euskal
liberalek ere parte hartu baitzuten hartan.
Zerga berdintasuna, jabegoaren segurtasuna,
inprimatzeko askatasuna, ordezkaritza
erakundeak izatea eta botereen banaketa,
ziren konstituzioak biltzen zituen
balioetako batzuk. Euskal liberalek nahiago
zituzten balio horiek antolamendu tradizionalak
baino, azken horiek zaharkituak
eta pribilejioetan oinarritutako korporazio
munduari lotuak iruditzen baitzitzaizkien.
Konstituzioaren lehen aldian ez bezala, bigarren
aldi honetan ahalegindu ziren sistemaren
benetako aldaketaren beharra adierazten
eta foruen irakurketa liberala egiten.
Espainian eta euskal lurraldeetan izan zen
aldaketa hari aurre egin zieten –Araban
Verástegui esaterako– botere forma tradizionalaren
eta garai hartan Aldare eta Tronuaren
aliantza esaten zitzaionaren aldekoek,
hau da, Espainiako monarkia katoliko
tradizionalaren errejimen politikoaren
aldekoek. Azken horiek behin eta berriro
saiatu ziren errejimen konstituzionalaren
kontrako azpikerietan: 1821ean Agurainen
altxamendua izan zen eta Gasteiza iritsi zen;
1822an higikunde erregezalea sortu zen, eta
1823an, Aliantza Santuko Europako potentzien
laguntzarekin, garaile irten zen.
Foru errejimena: despotismotik Estatu liberalera
Euskal lurraldeetako erakundeen bilakaera
ulertzeko, oso garrantzi handia du
Fernando VII.aren heriotzarekin eta gerra
zibilarekin –lehen karlistaldia esaten zaiona–
eta 1839ko urriaren 25eko legearekin
hasi zen aldiak. Garai horretan, alde batetik,
euskal lurraldeetako foru antolamendua
“errejimen probintzial” edo “foru errejimen”
bezala definitu zen, eta Espainiako antolamendu
konstituzionalaren barruan sartu
zen, bestetik, konstituzioaren araberako
bideetatik kanpora izan bazen ere.
Liberalismoak 1823ko konstituzioaren
kontra egin zuenean, zapalkuntza gogor
ankerra jasan zuen, 1814koa baino are gogorragoa.
Ez zen soilik liberalen kontrako
zapalkuntza izan, konstituzioaren eredu
politikoaren kontrakoa baizik. Erregezaleen
erreakzioaren ondoren berehala antolatu
ziren berriro ere foru erakundeak, eta gogor
aritu ziren liberalismoaren kontrako zapalkuntzan.
Euskal biltzarrek neurriak hartu
zituzten iraganean konstituzioaren aldeko
izan zirenek aukerarik izan zezaten probintzietako
erakundeetan parte hartzeko.
Joaquín Mª Ferrer gipuzkoar liberalari, esaterako, hala gertatu zitzaion. Baina esetsaldi
hura Araban izan zen, zalantzarik gabe,
gogorren, Valentín de Verástegui muturreko
erregezalea (ezizenez Valentín I.a, botereari
zion zaletasunagatik) diputatu nagusi
zela. Neurri haiez gainera foru agintariek
liburu eta idazki liberalak konstituzioarekin
batera jendaurrean erretzeko agindua eman
zuten.
Liberalismoaren kontrako zapalkuntza
probintzietako erakundeek zuzendu zuten;
gertaera horrek berorrek argi erakusten du
zein erraz sartu ziren erakunde horiek Fernandoren
monarkian. 1823-1833 urte bitartean
Arabako eta Gipuzkoako probintziek
eta Bizkaiko Jaurerriak gobernu errejimen
berria sendotu eta definitu zuten. Erakunde
berrietako agintariek “barne administrazioa”
kontzeptua erabili zuten; ez ziren “jurisdikzio
probintziala” edo “konstituzio probintziala”
kontzeptuak aipatzen gehiago.
Hizkuntz aldaketa hori ez zen, ordea,
funsgabea. Izan ere, foru errejimenak, bere
antolamendu berria zela eta, aukera ematen
zien probintzietako buruzagiei gehien
interesatzen zitzaizkien gaietan esku hartzeko:
herri eta probintzietako aginpidea,
errentak, bideak, merkataritza, polizia. Horretarako
ez zen egoki konstituzio bat izatea,
bizitza politiko bizia eragingo baitzuen
probintzien barruan; egokiago zatekeen
administrazio probintziala, lurralde bakoitza
bere diputaziotik bertatik kontrolatzeko
aukera emango zuena. Biltzarrak, esaterako,
herri korporazioetako erakundeen
ordezkari ziren aldetik, garrantzia galduz
joan ziren eta diputazioak hasi ziren hartzen
haien lekua.
Konstituzioaren kontrako errejimenaren
jarraitzaile izandakoek osatzen zituzten diputazioak
–esandako Valentín I.a, edo Bizkaian
Pedro Novia de Salcedo eta Valdespinako
markesa, besteak beste–, eta saiatu
ziren probintziaren eredu euskaldun bat
osatzen. Garai hartan, jarduera politikoa
urria zen, eta administrazio gaiak nagusitzen
hasi ziren. Gai horiek kontrolatzea zen,
hain zuzen, eredu haren helburua. Zergen
inguruan monarkiak eta euskal diputazioek
egin zituzten negoziazioek argi erakusten
dute euskal diputazioek nola ikusten
zuten beren burua monarkiaren barruan.
Fernando VII.aren ministroek, 1814an egin
bezala, ahaleginean tematu ziren zerga
salbuespena zuten eremuetan zerga sistema
erregularra ezartzen.
Euskal diputazioen arazoa, ordea, ez
zen zergak ordaintzea edo ez ordaintzea,
nola ordaindu baizik. Printzipio horren arabera,
probintziek Errege Haziendari dirua
ematen ziotenean, ez zioten ordaintzen lurraldeek
berez zergak ordaindu behar zizkiotelako,
diputazioek halaxe erabakitzen
zutelako baizik. Hala, emaitza edo eskaintza
ideia horren bidez, probintziek errazagoeutsiko zioten, ustez, berezitasun administratiboaren
ideiari. 1824an diputazioek
eman beharreko diru kopurua, esaterako,
1827an ordaintzeke zegoen oraindik,
eta urte horretan berorretan, Bizkaiko diputazioak
gogorarazi zion ministerioari diru
emate horiek ez zirela “Estatuko errenta”
gisa hartu behar, “borondatezko eta berezko”
diru emate gisa baizik.
Euskal foruei garrantzi handiko beste bi
gaitan eman zitzaien administrazio izaera.
Poliziaren kontrola batetik, eta udal aginpidearena
bestetik. Garai hartan, gizarteko
ordena higikunde iraultzaile liberaletatik
babestea zen ardura nagusietako bat, eta
helburu horrekin erabaki zen 1824ko abuztuan
polizia talde berezia antolatzea. Gortean
intendentzia orokorra sortu zen, eta
horren mende probintziako eta alderdiko
intendentzia. Probintzietako intendentziak
berehala ohartu ziren beraiei zegokiela foru
diputazioa; Gipuzkoako diputazioak, esaterako,
Borondatezko Errege Soldaduen ordez
Mikeleteen taldea sortu zuen udalen eta
diputazioaren mende.
Justizia ministeritzak –poliziaren intendentzia
orokorraren arduradunak– behin eta
berriro zioen probintziako intendentziaren
jardunerako berezko agintaria (Bizkaian eta
Gipuzkoan) korrejidorea behar zuela izan,
baina, egiteei dagokienez, probintziek jarraitu
zuten funtzio hori betetzen. Azkenik,
1831n Kontseiluak onartu zuen egokia zela
horretan jarraitzea. Onarpen harekin argi
ikusten zen euskal probintziek beren errejimena
berregituratu zutela administrazioari
dagokionez, hau da, eremu haien kudeatzea
oso ondo betetzen zutela bertako erakundeek.
Arestian esan bezala, konstituzionala
ez zen errejimen monarkikoaren aldeko
“jaunen” mende zeuden erakunde horiek.
Aldi berean, eta ez halabeharrez, Nafarroako
foru errejimenaren hondamena gertatu
zen, bere antolakuntza politiko bereziaren
hondamena alegia. Nafarroako foruak
ez zuen erdietsi hiru probintziek 1812ko
Konstituzioaren bigarren aldiaren hasieran
(1823-1824) lortua zuten berregituratze
maila. Nafarroako diputazioak ez zuen ezzergak, ez polizia eta ez udalak kudeatzeko
modurik aurkitu, eta poliki-poliki errege
intendentziek eta funtzionarioek hartu
zituzten alor horiek. Nafarroako Erreinuko
azken Gorteak 1828an egin ziren.
Estatua eta foru errejimena
Estatu liberalak eremu politiko bakarra
sortzeko joera argia du, hau da, berdintasunez
gobernatutako nazio bat sortzekoa.
Liberalismoaren ustetan, Estatuak merkatu
bakarra eta ejerzito bakarra baditu, eta neurri
eta diru sistema berak erabiltzen baditu,
Estatuko erakundeek antolamendu bera
eduki behar dute. Alexis de Tocquevilleren
ustez, Estatu liberalak absolutismoaren helburua
bete zuen, jaun handien ordezkaritza
erakundeak sortu baitzituen. Despotismo
ilustratuak aurretik hasitako bidea amaitu
zuen Estatu liberalak; despotismo ilustratuko
erregeak eta bere gobernuak, “gizartearen
ongiaren” edo “interes orokorraren” izenean,
erabaki eta adierazi zituen gizarte pribilejioak
(aitoren semeak, apaizak), profesionalak
(gremioak, merkataritza kontsulatuak)
eta lurraldeko pribilejioak (hiriak, probintziak)
higatuz amaitu zen bidea.
Baina lehen prozesu horrek huts egiten
duenean, absolutismoa erabat absolutista
ez denean (ez gobernu monarkikoaren
jardun zuzenaren eremua zabaldu nahi ez
duelako, baizik aurrean oso egitura sendoak
topatzen dituelako) zer gertatzen den galdetu
behar da. Historiografiak prozesu horren
inguruan garrantzizkoak izan ziren
beste prozesu batzuk aztertu ditu, hala nola,
desamortizazioaren prozesu luze eta aldizkakoa,
edo nobleen ondasun errejimen
bereziaren, hots maiorazkoaren, amaiera.
1808-1839 bitartean euskal probintzietan
izan zen erakunde aldaketaren azterketarako
ere prozesu horiek hartu behar dira
kontuan.
Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako errejimen
probintzialen eraldatzea eta sendotzea gehienbat gobernu monarkikoaren
ahalmen handieneko garaietan gertatu zela
(XVIII. mende amaiera, 1814-1820 eta 1823-
1833) egiaztatu ahal izan da. 1823-1833 bitarteko
aldian, hain zuzen, erakunde probintzialak
“administrazio probintzial” edo
garai hartan esaten zen bezala “barruko
administrazio” gisa definitu ziren. Monarkia
osorako aurreikusita zeuden erakundeen
ordez (intendentziak, ordezkaritzak, udal
aginpideak), probintziak kontrolatzen zituen
beste erakunde batzuk (diputazioak eta foru
udalak) sortu ziren poliki-poliki. Bestalde,
monarkiak onez onartu zuen lurralde horiek
kontrolatzeko eta kudeatzeko erakunde
berri horiek zituela egokienak.
Estatu liberalaren konstituzioa eta administrazioa
eta bere erakundeak zehazteko
prozesua hasi zenean (1830 ondoko hamarraldian),
euskal probintzien errejimenaren
egoera ez zen inolaz ere ahula. Bitarte
horretan, bestalde, gerra bat izan zen –1833-
1839 bitarteko gerra zibila–, eta gerra horretan,
auzi dinastiko politikoaz gainera,
Estatuko antolamenduaren barruan euskal
lurraldeetako erakundeak mantentzearen
auzia ere izan zen. Ez zen gerra hasteko
arrazoi izan, ezta bakerako baldintza ere,
bai ordea euskal lurraldeak Espainiako antolakuntzaren
barruan sendotuko zituen
tresna.
Bergarako besarkadaren ondoren (itun
militar baterako baldintzak jarri zituena, eta
Espartero eta Maroto agintari militarrek izenpetua),
garrantzizko beste itun bat izenpetu
zen, Madrilgo Gorteetan gehiengo aurrerazalearen
eta Evaristo Pérez de Castro
gobernu moderatuaren artean. Euskal foruak
berresteko gobernuak ganbarara bidali
zuen lege proiektuak eztabaida bizia
sortu zuen. Eztabaida hartan garbi ikusi ahal
izan ziren gai haren inguruan ziren jarreraelkarren kontrakoak. Talde aurrerazaleak
antolamendu konstituzional bakarra nahi
zuen ezarri, batez ere; hau da, erregetza
bakar bat, horren legegintzan eta justizian
izango zituen ondorioekin. Luzuriaga gipuzkoar
diputatu liberal aurrerazaleak argi
agertu zuen hori guztia bereizkuntza baten
bidez: “foru politikoak”, onartu behar ez
zirenak, eta “foru ekonomikoak”, onargarriak.
Liberal progresistek, baita euskaldunek
ere, 1837ko konstituzioan adierazten ziren
printzipioen arabera antolatu nahi zituzten
zenbait gai, hala nola, nazioaren mugak,
justizia administrazioa edo gudarostea. Hala
ere, beste zenbait gai mantentzearen aldekoak
ziren: udaletako eta probintzietako
agintariak; kintoak ez izatea; zeharkako
zergak ez izatea, edo beste zerga mota batzuk
ordaintzeko era berezia. Probintzietako
errejimen bereziaren antolamenduaren
inguruan, beraz, erabat kontrako ikuspegiak
zeuden; Donostiako udaletxea kontrolatzen
zuten liberalek, esaterako, 1832an adierazi
zuten Gipuzkoako gobernu probintzialetik
bereizi nahi zutela. Nahiago zituzten
(1844an oraindik ere hala zioten) “hiritarren
eskubide politikoak” eta “batasun konstituzionala”,
“talde pribilejiodun” baten mendeko
foru eskubide guztiak baino.
Moderatuek, bestalde, nahiago zuten
foru lurraldeen egoera bereziaren berrespenerako
lege soil bat onartzea, eta ondoren,
Estatuaren eta bere erakundeen inguruko
auziari zegokionez, gobernuaren eta
agintarien arteko hitzarmen bat izenpetzea.
Arrazoi ugari zituzten iritzi hori izateko, eta
arrazoi nagusia Justizia ministroak adierazi
zion Kongresuari galdera baten bidez, izan
ere, Kongresuaren arabera ezinezkoa baitzen
estatuaren antolamendua uniformea
izatea eta gainera probintzietako berezitasunakelkarren parean egotea: “Eta zer axola
dio konstituzioaren kontrakoak direlako
mugatzen ditugun ala ez, Konstituzio eta
guzti, foru ekonomiko desberdinak baldin
baditugu probintzia batzuetan?
Azkenik, hitzarmen bat izenpetu zen
gutxieneko puntu batzuetan oinarrituta.
1839ko urriko 25eko legeak bi artikulu besterik
ez zituen: lehenak Araba, Gipuzkoa,
Bizkaia eta Nafarroako foruak berresten zituen
“batasun konstituzionalari kalterik eragin
gabe”; eta bigarrenak, arazoaren behin
betiko konponbidea geroagoko beste lege
baterako uzten zuen. Bigarren artikulu horri
esker, gobernuak denbora izango zuen
Estatuko erakundeak euskal foruen berezitasunera
egokitzean sor zitezkeen arazoei
behin behineko konponbidea emateko.
Behin betiko konponbidea emango
zuen legerik sortu ez zenez gero, 1839ko
legeak foruetako eta gobernuko agintarien
arteko harreman administratibo zuzena
onesten zuen. Lege hori bide egokia izan
zen, beraz, euskal probintzien foruak, “barruko
administrazio” gisa hartuta, Espainiako
antolamendu politikoaren barruan sar
zitezen. 1837ko konstituzioan ez zen gai
hori bere horretan aipatu, eta ez zen hurrengoetan
ere aipatu 1978ko konstituzioa
onartu zen arte. Irtenbide federal guztikoa,
beraz, sahiestu egin zen; horretarako, gainera,
ezinbestekoa izango zen burujabetasun
iturburu oro onartzea. Hala ere, lege
hura oinarrizkoa izan zen espainiar gobernu
moderatuek eta foru lurraldeetako gobernu
moderatu eta kontserbadoreek elkarrekin
kudeatu zuten errejimenerako. Foru
berrien neurrikoa zen, horregatik garai hartako
foruzaleek “probintzietako konstituzio
legea” esan zioten 1839ko legeari.