Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia»Aro berria

Eskualdeen arteko harremanak eta Euskal Herriko ekonomia esparruaren antolamendua

XVIII. mendeko ardo ekoizpena Biasterin (Arabako Errioxa).<br><br>

Garai hartako Euskal Herria definitzerakoan baliteke ekonomia antolamenduaren eta ekonomia ezaugarrien garrantzia izatea gutxien aipatzen dena. Hala, Errejimen Zaharrean Euskal Herriko ekonomia Euskal Herria osatzen zuten lurralde edo probintzia guztien arteko lotura garrantzizkoa izan zen. Jakinik ekonomiaren azterketa historikoa ezin daitekeela datu biltze soilera mugatu, lan honetan saiatu gara era askotako ekonomia jarduerak (alegia, merkataritza, eskulangintzak, arrantza, nekazaritza, etab.) eta euskal pentsalariek eta ekonomialariek teoria ekonomikoaren alorrean egin zituen ekarriak bateratzen eta haiei zentzu ematen. Gaur egun ez bezala, Errejimen Zaharrean era askotako eraginek baldintzatu zuten ekonomia ulertzeko eta ekonomiaz jabetzeko era, «ekonomia moralaren» kontzeptua izanik eragin horien artean aipagarriena.Aro Berrian euskal jatorriko ekoizle, merkatari eta enpresari gogotsu eta ahaltsu batzuek beren lana eta gizarte maila justifikatuko zuten irabaziak bilatzera zuzendu zituzten beren jarduna eta interesak. Horietako batzuek garrantzi handiko negozio eta harreman sare bat eratu zuten, zeina dirutza handiak biltzeko oinarritzat baliatu zitzaien: Diego de Echávarri arduratsu eta gogotsuak, adibidez, 1541 eta 1578 bitartean Anberesen jardun zuen lanean, Segoviako Simón Ruiz banketxearen ordezkari.

Beste batzuk Europako eta Ameriketako merkataritza hiri nagusietara joan ziren (Sevilla, Cadiz, Madril, Paris, Rouen, Baiona, Amsterdam, Londres, Mexiko, Lima, eta abar), eta tokian tokian, bertako jendeak etsaitzat har zitzan lortzeaz gainera –gauza logikoa, bestalde– ospe handia ere lortu zuten negozio gizon nekaezin, argi eta gogotsu gisa, ongi irabazitako ospea, bide batez esanda. Gizon horiek, batzuek gehiago beste batzuek gutxiago, dirutza ederrak eskuratu zituzten.

Alfonso de Otazu historialariak Aro Berrian Madrilen aritu ziren euskal tratulari, enpresario, ekoizle eta finantza gizonen berri eman zuen joan den mendekobanketxe famatu baten gorabeherei buruz egin zuen azterketan, Roschild-arrenbanketxeari buruzko azterketan alegia.

Gizon haiek irabaziak lortzeko asmoz ziharduten, produkzio, espekulazio edo truke jardueretan, baina Aro Berriko ekonomiaren berezko ezaugarri bat zuten aldi berean, ekonomiaren perzepzio kapitalista hutsari kontrajarria: alegia, “ekonomia morala”. Kontzeptu horrek ekonomia kapitalistaren ikuspegi murrizgarria aldezten zuen, eta gehiago edo gutxiago, ikuspegi hori nagusitu zen XVI. mendetik XVIII.. endera. Ikuspegi horren arabera, errealitate ekonomikoa zuzentasunera eta gisako printzipio moraletara egokitu behar zen, eta herri xehea merkatuaren gorabeheretatik babestu behar zen, gauzez hornitzeko ordaindu beharreko prezioaren zuzentasunean eta egokitasunean oinarrituriko politika bat bideratuz.Beraz, administrazio publikoaren ardura zuten agintariak biztanleen hornidura bermatzen saiatu behar ziren, Aro Berrian hainbatetan izan ziren hornigai krisi ikaragarri haiek saihesten. Hala, batzuetan, uzta txarrak eta salgaien mugimendu urriak eta garestiak bat eginik oinarrizko kontsumo produktuen (garia, garagarra, ardoa, okela) salneurria goratzen zutenean, euskal herritarrek prezio “moralak” eskatzen zituzten, hau da, biztanle gehienek eskura ahal izateko modukoak. XVIII. mendean zehar jesuitek –aita Pedro Calatayud tafallarrak ororen gainetik– teoria horren alde egin zuten, gogor, Euskal Herriko herri misioetan.

XVIII. mendearen hasieran, Felipe V.ak aduanak barrualdetik kostara aldatu nahi zituela jakin zenean, sekulako gatazka izan zen Hego Euskal Herrian, lurralde horietako historian izan den gatazka latzenetako bat.

Hego Euskal Herriko biztanle gehienen egoera ekonomikoa, eta aduanak lekuz aldatzeko asmoa ezkontezinak ziren zeharo, zeren artean euskal herritarrek mugazergarik erantsi gabe eskuratzen zituzten oinarrizko produktuak. Hortaz, mugak kostaldera aldatzeak Euskal Herriari Gaztelako Koroaren gainerako lurraldeei ezartzen zitzaien zerga errejimen berbera ezarriko zitzaiola esan nahi zuen. Kostaldeko eta batez ere Donostiako burgesiaren interesak gorabehera, euskal herritar gehienen iritziz aldaketa horrek eraso egiten zion bertako lege zaharrari, eta hautsi egiten zituen beren bizitzak urteetan eta urteetan menderatu zituen ekonomia moral haren oinarri kontzeptualak.

Beraz, ekonomiaren erabilerari eta balioari buruzko bi perzepzio horiek (“ekonomia morala”, batetik, eta irabazpidea, bestetik) bakean eta elkarrekin bizi izan ziren Aro Berri osoan zehar. Udaletxe eta diputazioetako kargu politikoek biztanleriaren premien arabera jardun zuten neurri handi batean. Beste batzuek, aldiz, kapitalismo aktibo bati legozkiokeen irizpideen arabera jokatu zuten, bertako ekoizpen eta merkataritza ekonomia aktibo hark eskaintzen zizkien aukeren bultzatzaile eta onuradun gisa. “Lukurreriaren” inguruan dotrina katolikoak negozio gizonei tarte estua uztea ere Errejimen Zaharreko ekonomia korapilatsu haren ezaugarrietako bat zen.

Uste izatekoa denez, ekonomia jarduerak izan beharko lukeenari buruzko interes eta ikuspegi aniztasun horrek eraginda, negozioak egiten zituzten pertsonak eta gainerako biztanleak elkarrengandik aldaratu ziren pixkana-pixkana.

Euskal negozio gizon horien ospea gorabehera, ez da ahaztu behar Aro Berriko enpresa egitura oso mugatu zutela aldian aldiko eta tokian tokiko politika eta gizarte baldintzatzaileek. Esate baterako, “enpresario”horien negozioak Euskal Herriko gizarte egitura tradizionalaren arabera antolatu ziren, eta horregatik, sarritan, nekez bereiz daiteke negozioa –edo enpresa– familiatik.

Merkataritza kapitalismoaren mekanismo modernoenak ere –alegia, merkataritza konpainiak– familiaren eta tartekoen eskuetan zeuden. Hau da, Aro Berriko merkataritza konpainia familia bateko kideez osatua egon ohi zen; gaur egun, berriz, jatorri eta ahalmen askotariko bazkide kapitalistak izan ohi ditu partaide. Dena dela, dirutzak eskuratzeko irrika bizi hark zerikusi handia zuen hierarkian –gizarte mailak ondo banatutako hierarkia estu eta itogarri hartan– gora egiteko grinarekin.

Ekonomiaren funtzionaltasunari buruzko indar eta ikuspegi dualtasun hori nabarmena zen Euskal Herrian, eta baita Europako gainerako lurralde gehienetan ere. Dualtasun horren barruan gauzatu ziren hain zuzen ere proiektu ekonomiko gehienak, bai partikularrak bai publikoak.

Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kideen asmo ilustratuen artean aipagarria da Pedro Jacinto de Alavak Peñafloridako kondeari 1770ean proposatu zion honako hau, “herriari baliagarri izatea nola edo hala”. Eta hala, orduko teknika aurreratuenen erabilera zabaltzeko neurriak bultzatzen ahalegindu zen Elkartea, hala nekazaritzan nola merkataritzan. Orduko planteamendu merkantilisten nagusitasunari proiektu ekonomiko berriak gehitu zitzaizkien 1700. urtetik aurrera, bai teorian bai praktikan.

 

Euskal ekonomialariak Aro Berrian

Europako gainerako lurraldeetan bezala, XVI eta XVII. mendeetan merkantilismoaren dotrina nagusitu zen Euskal Herrian.

Teoria ekonomiko horren ezaugarri nagusietako bat protekzionismoa zen. Merkantilismoaren oinarrizko ideiek zerikusihandia zuten Aro Berriko nazioen estatu egituraren sortze prozesuarekin, eta batez ere sendotze prozesuarekin. Merkantilismoak funtsean defendatzen zuen ekonomia politikaren helburua oinarrizko finantza premiei eustea zen, estatu aparatuaren pisu ekonomikoa sustatzeko eta mantenzeko.

Teoria horrek, ekonomia bultzatzeko, merkataritza bultzatzea proposatzen zuen, horrekin manufakturak eta are nekazaritza ere bultzatu ahal izateko, beti ere ekonomia politika protekzionista baten babesean.

Garai hartako merkatuetan zuzenean edo zeharbidez parte hartu zuten eragile ekonomiko haien jokabidea aztertuz gero, argi dago askotariko neurriak onartu eta bultzatu zituztela, baina protekzionismoaren printzipio sendoetan oinarri hartuta beti ere.

Hala, XVII. mendearen erdialdera, Bilboko merkatariek ez zuten duda egin kanpoko negozio gizonak bertaratu izana salatzeko.

Jarrera horrek –merkatari haien xenofobia agerian uzteaz gainera– argi erakusten zuen haien helburu nagusia: alegia, lehia egin ziezaiekeen guztia kanporatuz Bilboko merkatua erabat monopolizatzea.

1780an Gasteizko merkatariek baimena eskatu zioten Gaztelako Koroari Merkataritza Auzitegi edo Kontsulatu bat sortzeko hirian. Gasteizko merkataritza munduko kide guztiak horretan bat etorri arren, Gaztelak –Valladolideko Errege Chancilleriako presidenteak ikerketa sakona eginarazi ondoren– susmo txarra hartu zion eskaera hari, merkatari talde txiki bat euren premien arabera prestatutako merkatu baten monopoliorako egituraren oinarriak jarri nahian zebilelakoan. Aro Berrian zehar euskal herritar gehienak hiriak, herribilduak, lurraldeak edota gizarte taldeak babesteko neurriak hartzearen alde azaldu ziren.

Euskal Herrian Aro Berrian izan ziren gizarte gatazka gogor haiek –gatzaren matxinada (1631-1634), 1718ko matxinada, Lapurdiko emakumeen erreboltak (1773 eta 1784)– argi eta garbi erakusten dute merkatu haietan ziharduten ajenteek interes kontrajarriak zituztela, Gaztelako eta Frantziako koroek zerga iturriak monopolizatuzberen boterea babestu eta handitu nahian zebiltzala, eta euskal herritarrek beren abantailak –ekonomia ahul hari eusten zioten oinarriak– gorde nahi zituztela. Azken finean, gatazka horietan guztietan bi jarrera kontrajarri zeuden, nor bere interesei eutsi nahian alor ekonomikoan eta sozialean.

Banakoek, erakundeek edota lurraldeek Aro Berrian izan zituzten era guztietako pribilejio, abantaila, eskubide eta salbuespen haiek guztiek baldintzatu zuten garai hartako ekonomia Euskal Herrian. Elkarri kontrajarritako interesen nahasketa horrek tirabira larriak eragin zituen Gaztelako eta Frantziako botere zentralekin eta euskal ajente sozialen artean. Azken batean, Errejimen Zaharreko merkatuetako partaidetako bakoitza botere handiagoa eskuratzen saiatu zen, zeukan egoera sozioekonomikoa monopolizatzeko eta sendotzeko asmoz.

Aro Berriko teoria ekonomikoen artean honako hauek dira aipagarrienak: merkantilismoa, fisiokrazia eta librekanbismoa.

Merkantilismoa izan zen segur aski hiruretan eraginkorrena eta zabalduena, Martin Azpilikueta barasoaindar kalonje eta teologo argiari esker, neurri handi batean. Martin Azpilikueta (1492-1586) Francisco deVitoriaren ikasle izan zen, “Salamancako Eskolako” kidea, eta Alcala de Henares, Tolosa, Coimbra eta Salamancako unibertsitateetan katedraduna. XVI. mendeko ekonomista nagusietako bat jotzen dute. “Salamancako Eskola” horretako beste kide batzuk bezala, Azpilikueta ere finantza eta kreditu eragiketen moraltasunaren gainean jardun zen lanean. Izan ere, eragiketa horiek Europa osora zabaldu baitziren XVI.. endean zehar.

Azpilikuetaren ekonomiazko lanik onena Comentario Resolutorio de Cambios da, Salamancan 1556an argitaratua. Trukeari, diruari eta lukurreari buruzko azterketa xehea egin zuen lan horretan, prezio zuzenaren eta lukurreriaren arteko erlazioaren azterketan sakonduz. Izan ere, gai hori bera landu zuten Aro Berriko aurreneko ekonomista gehienek, zeinek ospe handia zuten, ekonomista gisa ez ezik kalonje eta teologo gisa ere. Hurrengo mendean, aldiz, euskal ekonomisten lurraldea eremu elkor bat bilakatu zen. Baina mendearen bukaeran, beste ekonomialari handi bat sortu zen Euskal Herrian, nafarra hura ere, Geronimo Uztariz doneztebarra (1670-1732), ekonomista ez ezik militarra eta historialaria.

Flandrian eta Sizilian borrokatu ondoren (1704-1706), Borbondarren administrazioan hasi zen lanean, eta garrantzi handiko karguak izan zituen: Gerra ministro, Indietako Kontseiluko eta Ganbarako idazkari, eta Merkataritza Batzarreko ministro.

Hil baino urte gutxi batzuk lehenago argitaratu zuen bere lanik aipagarriena, Teoría y práctica de comercio y marina (1724).

Merkantilismo estuenaren mugetatik irten gabe moldatu zuen lan hori, eta bere garaiko ekonomia alorrez alor aztertzeko baliagarri izan zitzaion (nekazarita, industria, merkataritza, itsasoa). Zenbait erreforma bideratzeko proposamena egin zuen, eta Borbondarrek begi onez ikusi zituzten: barne merkataritza onbideratzea, kanpo merkataritza berriro hastea, eta industria eta nekazaritza bultzatzea.

XVIII. mendea garrantzi handikoa da pentsamendu ekonomikoaren historiarentzat, orduan sortu baitzen ekonomia zientzia gisa, Adam Smith eskoziar ekonomilariaren eta frantses fisiokraten lanei esker.

Uztaritzek utzitako arrastoak –beranduko merkantilismo baten gisa– eragina izaten jarraitu bazuen ere, XVIII. mendeak garrantzi handiko ekarpenak egin zizkion euskal ekonomisten pentsamenduaren bilakaerari.

Ekonomista horien artean hiru izen hauek nabarmendu behar dira: José María Uría y Nafarrondo, Nicolás Arriquíbar eta Valentín Foronda (1751-1821). Uría y Nafarrondo apaiza zen, bilbotarra, merkataritza tradizioko familia baten altzoan sortua. Kapilau izan zen Loiolako San Ignazio Kongregazioan, Madrilen. 1785ean garrantzi handikolan bat argitaratu zuen, Aumento del Comercio con seguridad de la Conciencia, “Salamancako Eskolako” garaiko galdera batzuen inguruan. Uríaren obra hori eskolastika tratatu bat da funtsean, eta merkataritza jarduera aldezteko eta mailegatutako diruaren ordainez interesa edo sari bat kobratzea bidezkoa zela defendatzeko idatzi zuen. Uríaren obra horrek –zeina Azpilikuetaren obraren zordun baita neurri handi batean– argi erakusten du nola XVI. mendean azaldutako kezketako batzuk bizi-bizirik ziren bi mende geroago.

Uría bezala merkataritza jarduearen eta merkantilismoaren printzipioen defentsa amorratua egiten dutenen artean bada beste ekonomista bilbotar bat: Nicolás Arriquíbar, Bilboko merkatari familia gogotsu eta ospetsu baten ondorengoa bera ere, Gardoquitarra alegia. 1766an Pedro de Calatayud jesuitari, Bilboko merkataritza jarduerak bidegabeak zirela esateagatik erantzun zion batzarrean parte hartu zuen. 1779an argitaratu zuen bere lanik onena, Recreación Política, Mirabeau fisiokratazale sutsuaren proposamenei aurre eginez. Merkantilismoan oinarri hartuta, eta fisiokratek ez bezala –fisiokratek nekazaritzari ematen baitzioten sustengu osoa–, Arriquíbarrek industria politika eraginkor bat bultzatzea proposatu zuen ekonomiaren hazkunderako oinarrizko printzipio gisa. José Manuel Barrenechearen iritziz, berez teoria fisiokratikoari dagozkion kontzeptuak merkantilismoaren barruan eta merkantilismoaren zerbitzura erabiltzen asmatzea da Arriquíbarrek ekonomia teoriari egin zion ekarpen nagusia.

Baina segur aski, Valentín Foronda da XVIII. mendeko euskal ekonomista berritzaileena.

Arriquíbar eta Uría bezala, Foronda ere merkatari familia dirudun baten altzoan sortu zen, Gasteizen. Ikasketak Bergarako Errege Mintegian egin zituen, eta gero, Frantzian, Britainia Handian, Flandrian eta Italian sakondu zituen. Gainera, bere garaiko errealitatearen ezagutza praktikoa ere bazuen, gaztetan Gasteizko udalaren gobernuan parte hartu zuelako, eta baita familiako negozioetan ere, hau da, Caracasko Konpainiako, Filipinetako Konpainiako eta San Carlos banketxeko akzioen administrazioan.

Politikari gisa ere zenbait kargu bete zuen: besteak beste, Espainiako kontsul nagusia izan zen Filadelfian, bai eta Espainiak Estatu Batuetan zituen negozioen arduraduna ere. Estatu Batuetatik itzultzean absolutismoren aurka egin zuen gogor, eta Iruñera erbesteratu zen. Han hil zen, Iruñean, 1821ean.

Forondaren burulana, bere garaiko beste askorena bezala, askotarikoa eta goi mailakoa da. Haren azken urteetako lanen artean Cartas sobre los asuntos más exquisitos de la economía política y sobre las leyes criminales (1788-1789) eta Cartas sobre la Policía (1801) dira aipagarrienak. Forondarengan eragin handia izan zuten frantses fisiokratek eta Adam Smithen lan nagusiak, La Riqueza de las Naciones delakoak. Nolanahi ere, garaikide zituen beste batzuen lanetan bezala merkantilismoaren ideiak azaldu ziren berriro haren obran. Forondak, Ilustrazioaren jarraitzaile horrek, ideia jakin batzuk baino ez zituen beretu fisiokraziatik: berezko ordenarena, truke askatasunarena, ekoizpenaren eta merkatuen antolamenduarena.

Forondaren lanek, bestalde, haren bigarren obrak batez ere, utilitarismoaren eragina izan zuten, eta utilitarismoa da, hain zuzen, fisiokratengandik jaso zituen ideiekin batera, ekonomista honen pentsamenduaren oinarri teorikoa.

Euskal Herriko Aro Berriko ekonomista nagusi horien bizitza labur-labur ikusita, bada gauza bat atentzioa ematen duena, hau da, pentsalari horiek guztiek zenbait ezaugarri batera izatea: adibidez, guztiak merkantilismoaren teoria klasikoaren edo azkeneko aldikoaren aldekoak izan ziren; guztiek diruari eta lukurreriari buruzko argudio eskolastikoak erabili zituzten; merkataritza tradizioko familien altzoan sortu ziren (Arriquíbar, Uría eta Foronda bai behintzat); eta Gaztelako administraziorako lan egin zuten. Euskal ekonomista horiek –Azpilikueta nafarrak salbu, beharbada– ez zioten teoria ekonomikoaren aurrerabideari berrikuntza handirik ekarri. Aitzitik, beren garaiko kezka eta premietara egokitu zuten lana. Euskal ekonomista horiek, beraz, beste esparru intelektual eta historiko batzuetan sortutako teorien biltzaile eta azaltzaile-edo izan ziren berritzaile baino gehiago.

Gainera, ez da ahaztu behar Euskal Herriko eta Gaztelako egitura ekonomikoek eragin handia izan zutela pentsalari horien interesak eta izaera zehaztean. Haien idazlanetan sarritan aipatzen zen manufakturak bultzatzeko eta merkataritza zabaltzeko premia, merkantilismoaren jarraitzaileen lanetan bezala.

 

Aduana sistema eta mugak

Miguel Artola eta Miguel Angel Ladero Quesada adituen arabera halako lotura bat dago Alfontso X.aren erreinaldian diseinatu ziren printzipioen eta, gero, Aro Berrian, Gaztelak antolatu zuen aduana sistemaren artean. Egia esan, eta lotura hori gorabehera, aduanen antolamendua goitik behera aldatu zen XVIII. mendeaz gero, Borbon dinastia iritsi zenean. Euskal Herriarentzat behintzat, aduanak ezinbestekoak ziren merkatu propio bat izateko. Behe Erdi Aroaz gero Gaztelako Koroak ontzat hartuzuen –gogo txarrez batzuetan– erreinu barnealdean ere aduana postuak izatea. Postu horietatik garrantzitsuenak Hego Euskal Herrikoak ziren: alegia, gaur egungo Euskal Autonomia Erkidegokoak, “Distrito de Cantabria” deituak, eta Nafarroakoak, “Tablas de Navarra” deituak.

Euskal Herriko aduana postuak honako hauek ziren: Gasteiz, Balmaseda, Urduña, Segura, Ataun, Agurain, Iruñea, Tiernas, Sos, Sadaba, Urt, Guiche, Maule, Bilbo, Donostia, Portugalete, Hondarribia. Espainiaren eta Frantziaren arteko mugan izanik, Euskal Herrian aduana postu asko zegoen, Gaztelako ekonomiak zuen arazo larrienetako bat eragozteko: alegia, iruzurraren eta kontrabandoaren gorakadari aurre egin ahal izateko.

Izan ere, Euskal Herriko eta inguruko herrialdeetako biztanle askorentzat –izan merkatari, elizgizon edo nekazari– ekonomia jarduera ez legezko horiek baitziren diru iturri nagusietako bat.

Ez da ahaztu behar Euskal Herrian ezarritako aduana horiek Koroaren jabetzakoak zirela, eta horregatik –kaltea berarentzat zelako– jo zuela kontrabandoaren aurka.

Uztaritzek berak 1724an idatzi zuenez, salgaiaksartzen edo ateratzen uztea edo ez uztea Gaztelako errege-erreginen pribilejioa zen. Aduana errentaz gainera, produktu batzuen monopolioa ezarri zen bi erreinuetan, tabakoaren eta gatzaren gainean, adibidez.

Monopolio bidez saltzen ziren produktu horiei produktu “estankoak” esan zitzaien.

Gaztelako Koroak ahalegin handia egin izan zuen beti kanpo merkataritza kontrolatzeko ezarri zen aduana sistema hura onuragarria eta eraginkorra izan zedin.

XVIII. mendean, Bernardo Ward-ek “estatu politikariaren barometroa” zela esan zuen delako errenta horretaz, esanez bezala oinarrizko mekanismo bat zela Koroaren finantza premiei eusteko, eta funtsezko bitarteko bat ekonomia politika bat gauzatzeko.

Koroaren ikuspegi horren aldean, euskal agintari eta herritarren abururako aduana sistema tradizionala oso tresna baliagarria zen hornidura ziurtatzeko eta aldi berean merkatu egonkor bat sortzeko. XVI eta XVII. mendeetan, Austrien erreinaldietan, euskal aduana sistemak zenbait hutsune izan zituen, honako arrazoi hauengatik: Gaztelako burokrazia aparatuaren ahultasunagatik, oraindik Erdi Aroko ezaugarriak izateagatik, aduana politika homogeneo baten faltagatik, eta aduanak, sarritan, banakoei errentan uzteagatik.

Aduana sistema horren bidez Gaztelako Koroak produktu batzuk nolabait kontrolatzea lortu zuen: arraina, papera, artilea, atzerriko produktu manufakturatuak, liburuak, tabakoa edo dirua. Neurri handi batean, XVI eta XVII. mendeetako aduana sistemak kanpo merkataritza kontrolatzen (“itsasoko hamarrenak”), barne merkataritza kontrolatzen (“lehorreko portuak”) eta, batez ere, artile negozio aberasgarri hura kontrolatzen (artilearen zergak eta “itsas eskubidea”) jardun zuen. Produktu horien gaineko zergak behar bezala ordaintzen zirela zaintzeko aduana sail bat ezarri zen: Nafarroa eta Gaztela arteko mugan zehar, salbuetsitako hiru probintzien eta Pirinioen artean, salbuetsitako probintzien eta Gaztelaren artean, Nafarroaren eta Pirinioen artean, eta Iparraldearen eta Pirinioetako muga naturalaren artean, halako moduz ezen euskal lurraldeek (Nafarroako erresuma, Iparraldea eta salbuetsitako hiru probintziak) Frantziako eta Espainiako beste lurralde batzuekin aduana muga zehatzak izateaz gainera, bestelako muga batzuk eratu zituzten beren artean (Nafarroa Garaiak, adibidez, Hego Euskal Herriko beste probintziekin).

Aduana sistemaren oinarriak Alfontso X.aren erreinaldian ezarri ziren: kanpo merkataritza zaintzeko lanpostuak sortu ziren, nahitaez igaro beharreko kontrolgune jakin batzuk finkatu ziren, eta araudi bat prestatu zen, hartarako propio. XVI eta XVII.. endeetan ere aduana sistema horri eutsi zitzaion. Are gehiago Euskal Herrian, merkataritzako bide nagusien inguruan antolatua baitzegoen hau. Espainiako Erregetzarako gerraren ondoren (1701-1714), Borbondarrek sistema hori eta haien esku zeuden beste monopolio eta abantaila batzukaldatzea erabaki zuten, Frantzian XVII.. endearen erdialdera egin ziren aldaketen antzera. Aldaketa horien xedea hauxe zen, Koroari zegozkion errentei ahalik eta etekinik handiena ateratzea, burokraziak eta gudarosteak sortzen zituzten gastu handiak finantziatu ahal izateko.

XVIII. mendearen erdialdetik aurrera ikusi ziren politika erreformista eta zentralista haren aurreneko fruituak, hain zuzen ere aduana errentaren eta probintzia errenten administrazio zuzenerako sistemak (1740 eta 1742, hurrenez hurren) ezarri zirenez gero. Garaitsu hartan, bestalde, Lapurdin, Frantziako Ogasunak ere gogor ekin zion –1730 inguruan, “Ferme Générale” delakoa baliatuz– tabakoa salerosteko askatasuna mugatzeari, Frantziako estankoari egiten zioten iruzurra galarazi nahiz. Colbertek 1644an bultzatu zuen administrazio eta ogasun erreforma hartan Baiona –zituen aduana eta zerga abantailak zirela eta– probintzia atzerritar gisa hartu zen, baina harrezkero Frantziako Koroa behin eta berriro tematu zen abantaila horiek murrizten eta lurralde hori Koroaren Ogasun orokorrera biltzen.

XVII. mendearen bukaeran (1674-1695) ekin zion Frantziako aduana sistemak Baionak, portu frankoaren estatutu bereziaren babesean, tabako salerosketan egiten zuen iruzur handia kontrolatzeari. Hasieran, baina, herritarren oposizioa zela eta, huts egin zuten neurri guztiek. Askoz geroago, 1740.. rtetik aurrera, saiatu ziren berriro Frantziako Ogasunaren agintariak Iparraldeko lurraldeen zerga salbuespenak deusezten.

Izan ere, Frantziako Koroak 1542an lapurtarren leialtasuna sarituz eman zizkion zerga salbuespenei esker, autonomia eta abantaila handiak izan zituen Lapurdik.

Baiona, Frantziako Ogasunaren begietan, tabakoaren –eta beste zenbait produkturen– kontrabandoan aritzen ziren gaizkileen gordelekua zen (produktu horietako asko Espainia aldera eramaten ziren gero).

Benetako arazoa, ordea, beste bat zen, kontrabandoak Frantziako Ogasunari egiten zion iruzurra. Esate baterako, Delarueren agintaldian (1743-1749) 53.300 libra tabako eta 420 kontrabandista atzeman zituzten.

Pixkana-pixkana borroka hura Lapurdiko zerga salbuespenen kontra eta batez ere kontrabandoak zekartzan gehiegikerien kontra zabaldu zen, eta tirabira horretan jarraitu zuten harik eta Frantziako Koroak tabakoaren administrazioaren monopolioa ezarri –1773an lehenbizi, eta 1784an behin betiko–, eta egoera erabat menderatu zuen arte.

José de Aguirre XVIII. mendeko tratatu idazlearen iritziz, aduanako errenta eta tabakoaren –eta gainerako produktuen– estankoak Koroaren “kuttunak” ziren. Frantziak eta Espainiak –batez ere Borbondarrenerreinaldietan– bakoitzak bere Ogasuna errenta seguru eta eraginkor batez hornitzeko zuten kezka zela eta, Euskal Herriko lurraldeen zerga salbuespenen eta inguru haietan egiten zen iruzurraren eta kontrabandoaren kontra borrokatzera bideratu zen neurri handi batean bi herrialde haien zerga politika. Euskal agintariek, bestetik, gogor borrokatu ziren zerga salbuespen haiei eusteko, abantaila handiak ematen baitzizkieten lurralde horietako herritarrei (batez ere hornidura erregularragoa eta ekonomikoagoa izatea, besteak beste).

XVI eta XVII. mendeetan, Frantziako eta Espainiako Koroek, ahuldurik, ez zuten nahikoa indar izan euskal lurraldeak zerga antolamendu orokorrera biltzeko, baina XVIII. mendean, ordea, goitik behera aldatu zen egoera, eta bai Espainian bai Frantzian ogasun aparatuen eraginkortasuna asko handitu zen. 1784ko uztailaren 4ko ordenantzaren bidez Baionak aduana eskubideak galdu zituen, eta portu franko bilakatu zen; bien bitartean, aduana sail bat ezarri zen Errobiren inguruan. Hego Euskal Herrian, aldiz, aduanak ez ziren XIX. mendearen erdialdea arte (1820-1840) kostaldera aldatu. Luis Mª Bilbao eta Emiliano Fernández de Pinedok azaltzen duten bezala, aduana abantailak eta salbuespenak zirela eta, Euskal Herria presio fiskal apaleko inguru bat zen, hau da, halako paradisu fiskal bat edo.

 

Nekazaritza, abeltzaintza eta arrantza

Ekonomia sektore horren azterketa egitean Euskal Herrian bada elementu bat nabarmendu beharrekoa, sektorearen bilakaera baldintzatzen baitu: ingurunea edota geografia, alegia. Izan ere, Euskal herrian bi nekazari gune handi bereizi izan baitira: Atlantiko aldea edo ingurune hezea, eta barnealdea edo hegoaldea Beste alor batzuetan bezala, nekazaritzan ere alde handiak daude Euskal Herrian leku batetik bestera. Kostaldeak elikagai produkzio urria zuen, eta hegoaldeak, berriz, bere burua asetzeko aski eta gehiago ere ematen zuen (Arabako Lautadak, adibidez, behar baino askoz ere labore gehiago ekoizten zuen). Nolanahi ere, bi guneak, bata bestaren osagarri izanik, estuki lotuta egon dira. Hala, iparraldea labore urriko ingurunea zen bezala (eta, aldiz, merkataritza eta produkzio jarduera izugarri handikoa), hegoaldea kontrakoa zen.

XVI. mendean, landutako lur hedadura handitzean eta nekazaritza egiturak aldatzean, izugarri handitu zen produkzioa. Halaere, Errejimen Zaharraren arazo handienetako bat labore urritasun iraunkorra zen, zeinak krisi larriak eragiten baitzituen gizartean, goseteak, alegia. Egoera tamalgarri horri irtenbidea emateko hainbat lekutako laborez zamatutako itsasontziak iristen ziren Euskal Herrira sarritan. Nafarroan, ipar-mendebaleko ibar hezeek kostaldeko produkzio eskema berbera zeukaten. Baina labore urriko eremu horri kontrajarriz, Euskal Herriko erdialdea (Arabako Lautada gehienbat) produkzio ugariko –are gehigizko ere– eremua zen. Erremu horren antzeko ezaugarriak zituzten Nafarroako erdialdeak eta Erriberak, eta, beraz, labore asko ekoizten zen haietan –garia, garagarra, oloa eta zekalea gehienbat–, bai gizakientzat bai abereentzat.

Arabaren hegoaldean, bestalde, Arabako Errioxan, mahastiak ziren nagusi. Batez ere lurralde horretatik hornitzen zen Euskal Herriko ardo merkatua. Gero, XVIII. mendetik aurrera, Arabako ardogintzak gorakada handia egin zuen, bai produkzioan bai salmentetan. 1620ean Euskal Herriko ingurune hezeko nekazaritzari zuzpertzen lagundu zion elementu berri bat azaldu zen: Indietako artoa. Ziklo motzeko labore horri esker handitu zen inguruneko produktibitatea, eta arindu pixka bat herritarren elikagai gabezia.

Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, Euskal Herriko nekazaritzaren produkzio moztasunaz kezkaturik, proiektu berritzaileak sustatzen ahalegindu zen XVIII. mendean zehar, gogotsu beti, baina arrakasta handirik gabe. Hala eta guztiz, XVIII. mendean ere nekazaritzak, beste ekonomia sektore batzuk bezala, gora egin zuen.

Euskal Herriko jabetzaren mapan baserria gailentzen da (batez ere ingurune hezean), unitate produktibo, demografiko eta sozial gisa. Baserria Aro Berriko antolamendu sozial eta politikoaren oinarrizko atal bat zen, baina, bestetik, ez da ahaztu behar lurjabe handien pisua, batez ere Aro Berria arte iraun zuten jaurerri haien inguruan (esate baterako Araban, Infantadoko Dukearen lurretan). Arabako eta Nafarroako hegoaldeko jabetza errejimenak antz handiagoa izan zuten Gaztelan ezarri zenarekin Euskal Herri hezean zegoenarekin baino.

Herri lurrak eta batez ere basoetako baliabideak ustiatuz Euskal Herriko nekazariek elikadura aberastu eta egoera ekonomikoa hobetu zuten. Basoa, gainera, funtsezkoa zen euskal ekonomiaren puntapuntako beste sektore batzuentzat: burdinolentzat eta ontziolentzat. Hortaz, basoak gero eta babes handiagoa behar izan zuenez, abere aziendak handitzeko ekimenak bertan behera gelditu ziren, zapuztuta. Abeltzaintzak, oro har, garrantzi handiagoa izan zuen mendialdean hegoaldean baino. Abere hazkuntzari dagokionez abelgorriak zirennagusi –idia batez ere, lanerako balio baitzuen–, ahuntzen, ardien eta zaldien aurretik.

XVI eta XVII. mendeetan, beraz, idia zen euskal abeltzaintzako abere nagusia, baina XVIII. mendetik aurrera zaldiak kendu zion lehentasuna.

Erdi Aroaz gero balearen eta beste espezie batzuen harrapaketari buruzko erreferentzia zuzenak ezagutzen dira Euskal Herrian. XVI. mendetik aurrera, baina, espezie horien arrantzak gainbehera egin baitzuen, euskal arrantzaleek beste arrantzaleku batzuetara joan behar izan zuten, Ternuara eta. Garai hartako berrien arabera Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleak 1530 inguruan heldu ziren hango latitude haietara, Lapurdiko arrantzaleen ondoren. Euskal Herriko arrantzaleen arteko harremanak Frantziaren eta Espainiaren arteko gerren mende egon ziren, batez ere XVI eta XVII.. endeetan. Arrantzaren gorakadak, bestalde, euskal ontziolen gorakada ekarri zuen, bertan egiten baitziren Ternuara joateko itsasontzi haiek. Arrantza garai oparoena 1540 eta 1590 arteko urteak izan ziren. Handik hara, ordea, arrantzak behera egin zuen, bi arrazoi hauengatik batez ere: batetik, Gaztelako itsas armada marinel eske hasi zelako, eta, bestetik, beste herrialde batzuek (Holandak eta Ingalaterrak gehienbat) lehia gogorra egin zutelako.Hego Euskal Herriko marinelak eta arrantzaleak nagusi izan ziren XVI. mendean, Gaztelako Koroaren hegemoniaren ildotik. Gero, XVII. mendean, Frantziako Koroak bereganatu zuen lehentasuna, eta orduan Lapurdiko arrantzaleak nagusitu ziren.

Luis XIV.aren erreinaldian Lapurdiko arrantzaleak jaun eta jabe izan ziren itsasoan, baina, XVII. mendearen bukaeraz gero ingelesak gailendu zitzaizkien. Atlantikoaz bestaldeko arrantzak (balea eta bakailaoa) sekulako garrantzia izan zuen euskal arrantzaleentzat, baina bertakoa ere, Kantauri itsasokoa, ez zen makala izan (hegaluzea, legatza eta itsas aingira). Lapurdin ere, XVIII. mendearen erdialdeaz gero, bertan behera utzi zuten Atlantikoaz bestaldeko arrantza, eta sardinaren arrantzan hasi ziren. Jarduera horren itzalean, pixkanapixkana, zenbait manufaktura ere sortu zen.

Euskal Herriko kostaldeak, bestalde, bertako ardo mota bat, txakolina (ardo arina, apur bat garratza, eta gradu gutxikoa), ekoizten zuen, askorik ez bazen ere. Euskal Herriko kostaldeko probintziak, txakolina ekoizteaz gainera, Errioxako ardoaz hornitu ziren betidanik, eta Errioxako ardogileen interesen oposizioak asko mugatu zuen txakolinaren ekoizpena. Arabako Errioxako zenbait herrik –Biasterik, adibidez– abantaila bereziak izan zituzten XII.mendeaz geroztik ardogintzarako. Aurrerago, herribildu horretako ordenantzetan, ardogintzari buruzko kapitulu batzuk sartu ziren.

XVI eta XVII. mendeetan hasi zen Arabako Errioxako mahastien zabalkundea, zeinak eragin handia izan baitzuen lurralde hartako ekonomiaren aurrerabidean.

Zabalkunderik handiena, baina, XVIII. mendean hasi zen, eta nekazaritza sektorearen desoreka eragin zuen, lur sail guzti-guztiak mahatsondoa lantzeko erabili baitziren, larreetarako eta laboreetarako izan zezaketen balioa alde batera utzita. Arabako Errioxako ardoaren aldeko egoera horrek bi eragingarri izan zituen, gainera: alegia, batetik, Espainiako Koroaren politika bera (legeen bidez eta ardoa esportatzeko zergak mugatuz lagundu zion sektoreari), eta, bestetik, mahasti jabeen interesa Arabako Errioxako ardoa merkaturatzeko. XVIII.. endearen lehenengo erdian ardoaren prezioak eta produkzioak gora egin zuten etengabe (150.000 pegar urtero), baina geroxeago, mende horren bigarren erdian bertan, gainbehera egin zuten, gainbehera latza gainera. Hori bai, garrantzi handiko aldaketa bat gertatu zen Arabako Errioxako ardoaren alde: XVII. mendean Errioxako ardoaren bezero nagusiak Bizkaia eta Cameros aldea ziren bezala, XVIII. mendean Arabako Errioxako ardoek bereganatu zuten lehentasun hori. Bi arrazoi nagusi hauengatik: batetik, Arabako ardoak, zerga salbuespena zuen probintzia batekoa izanik, aduana zergarik ordaindu beharrik ez zuelako; bestetik, XVIII. mendean berrikuntza eta hobekuntza handiak egin zirelako barrualdeko eta kostaldeko garraiobideetan.

XVIII. mendean Arabako ardogintzak hain zabalkunde handia izan zuen ezen zenbait erakundek –Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak, esate baterako– esku hartu baitzuen. 1770ean Félix María Samaniegok, Peñafloridako kondeak hala eskatuta, txosten bat idatzi zuen Arabako ardogintzaren egoeraz. Samaniegoren azterketa horretan argi azaltzen da mahatsak lan baldintza kapitalistak ekarri zituela, eta baldintza horiek eragina izan zutela guztiengan –oso eragin desberdina dena dela–, bai lurjabeengan, bai maizterrengan, bai besalariengan.

Txostenean ere argi azaltzen da nola Arabako Errioxa ardo eta mahats produkzioaren mendeko zen, eta egoera horrek arazo handiak sortu zizkiola nekazaritzaren sektoreari. Hala ere, ekonomiaren atal horrekiko interesak itzal handiko pertsonak erakarri zituen, Pedro Jacinto de Alava, esate baterako, zeina Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide eta Kantabriako Aduanetako Gobernari baitzen XVIII. mendearen bukaeran.

Euskal Herriko nekazaritza, abeltzaintza eta arrantza, beraz, faktore jakin batzuenmende egon ziren beti, onerako batzuetan, txarrerako beste batzuetan. Faktore horietako bat geografia zen. Jarduera horiek, baina, oso lotura –mendekotasun lotura– estuak izan zituzten beste produkzio ahaltsuago eta, diru aldetik, emankorrago batzuekin (burdin produkzioarekin batez ere).

Euskal Herriko bilakaera ekonomikoan nekazaritza eta abeltzaintzaren sektorea beste marko espazial batzuen (hiri ingurunea) premien eta gorabeheren mende egon zen, bai eta beste ekonomia jarduera batzuen mende ere (burdingintza, ontziolak edota merkataritza bera).

 

Euskal Herriko produkzioaren ahultasuna eta burdinolak

Antzinako Errejimenaren garaian produkzio sektoreak oso lotura estua izan zuen hiriarekin. Hiriak, zeinak artean Erdi Aroko zenbait ezaugarri zuen, gremio sistemari eutsi zion. Euskal Herriko eskulangileak ongi eutsi zion –XVIII. mendearen bigarren erdia arte behintzat– gremio oinarriari, eta horrek lan eta produkzio merkatua monopolitzatzeko aukera eman zion. Sistema horren arabera maisuei bakarrik zegokien leku jakin batean –hiri gunean gehienetan– lan egiteko eskubidea. Lan eskaintza kontrolatzeko bide horri esker, lantzen zituzten produktuen merkatuaren monopolioa zuten, eta, hala behar zutenean, prezioak, kalitatea eta, azken batean, produktua bera ere erregulatzen zuten.

Lanbideko –edo ofizioko– gremio eta kofradia horiek hiru talde edo hierarkia handitan banatuta zeuden, gizartea bera bezala: aprendizak, ofizialek eta maisuak.

Muga horretaz kanpo ez zegoen eskulangile gisa aritzerik, teorian ez behintzat. Eskulangileen mundua hirira bildu zen batez ere, eta gremio sistemaren arrakastaren mende egon zen beti. XVIII. mendearen bukaeran, ordea, Ilustrazioaren jarraitzaileen proiektuak zirela eta, gero eta oposizo handiagoa izan zuen sistema horrek, hala teorian nola praktikan. Dena den, Euskal Herriko hiriburuetako manufaktura sektoreak ez zuen indar handi-handirik izan.

Gehienak manufaktura txikiak ziren, eta ez zuten oso luze iraun. Baionak, esate baterako, oihalen manufaktura bat (intendetak 1757an sortua behartsuei lanpostu bat emateko), azukre findegi bat (1762) eta almidoi fabrika bat (1775) besterik ez zuen.

Gremio sistemak ez zuen interes handirik izan manufaktura sektorean esku hartzekoeta nahikoa indar izan zuen fabriken ereduaren zabalkundeari aurre egiteko.

Bestalde, XVIII. mendean, bai Espainian bai Frantzian, errege manufakturek –alegia, Koroak babestu eta finantziatutako manufakturek– sekulako aurrerapena egin zuten bitartean, Euskal Herrian, XVI. mendeko arma fabrikak salbuetsita, ez zen halakorik gertatu. Baina Aro Berriko euskal gizartearen eta ekonomiaren produkzio sistemaren barruan siderurgia izan da, segur aski, sektorerik adierazgarriena. Euskal Herriko burdinolak oso ospetsuak ziren Europa guztian, eta Gaztelako, Indietako eta Europako merkatuetara zabaldu ziren haietan egindako produktuak. Manufaktura tradizional horretako gune nagusiak honako hauek ziren: Durangaldea, Enkartazioak, Goierri, Oria, Urumea aldea, Leitzaran aldea, Aramaio eta Iparraldeko zenbait herri (Garazi, Amikuze, Orzaize eta Larrañe). Iparraldean produkzio sektoreak ez zuen indar handirik izan: manufaktura gutxi zeuden, eta produkzio urrikoak, gainera. Hegoaldean, aldiz, aintzakotzat hartua izan zen, etorkizuneko ekonomia iturri gisa. Burdinolen mundua asko aldatu zen XV. mendetik aurrera; produktuen kalitatea hobetu eta produkzioa areagotu egin zen Italiatik iritsi ziren aurrerapen teknikoei esker, gabiaren erabilerari esker batez ere.

Aro Berrian zehar hiru burdinola mota bereiz daitezke: burdinola handiak (burdin barrak egiteko), burdinola txikiak edo forjak (barra horiek eraldatzeko) eta aroztegiak (produktu manufakturatuak egiteko).

Burdingintzak eta metalgintzak halako arrakasta handia izatea Euskal Herriko lehengaiaren egokitasunari zor zitzaion batez ere: alegia, burdin mea, egurrikatza eta ur ugari izateari. Ez da ahaztu behar ere burdinolak lan sortzaileak zirela, alegia lana ematen ziotela beste alor askori, abeltzaintzari, meatzaritzari, ikazkintzari, nekazaritzari… Olajabe gehienak jauntxoak –noble lurjabeak– ziren, baina ola batzuk kontzejuen esku egon ziren. Manufaktura horiek halako garrantzia zuten ezen burdinolek eta burdinoletako funtzionarioek abantaila bereziak izan zituzten (foruak, zerga salbuespenak).

Olagizonek ere gremio berezi bat osatu zuten –Elgoibarko eta Mendaroko ordenantzak (1442) gorde dira–.

XVI. mendea izan zen ekonomia sektore horren garairik onena. Gero, hurrengo mendean, krisi larri bat pairatu zuen, eta geroago, 1720 inguruan, egoerak hobera egin zuen berriro, 1780. urtea arte, gutxi gorabehera. Euskal burdingintzaren manufakturen ospea euskal herritar gehienen ekonomiaren oinarri bilakatu zen Aro Berrian.

Aldi berean, Euskal Herriko kostaldean, ontziolen manufaktura nabarmendu zen XVI. mendeaz gero. Portu askotan (Bilbo,Portugalete, Donostia, Mutriku, Deba, Zumaia, Baiona, Miarritze, Donibane Lohizune) zeuzkaten ontziolak. Manufaktura horretarako behar zen egurra barrualdetik ekartzen zen gehiena, Araba aldetik. XVI.. endearen bukaeratik aurrera, Euskal Herriko portu gehienetan, ontzigintzaren sektoreak, zuzperraldiak zuzperraldi, gainbehera latza izan zuen, nazioarteko politikak eta Ingalaterrako ontzidiaren hegemoniak behartuta. XVIII. mendea arte eutsi zioten ontziola bakanek arazo larriak izan zituzten (salbuespenak salbuespen: Hernaniko aingura fabrika, esate baterako), edota lekuz aldatzera behartu (hala nola Zorrotzako ontziola Guarnizora).

Arma industria batez ere Deba ibaiaren arroan finkatu zen (Soraluze, Bergara, Eibar, Elorrio, Markina). Armagintzara dedikatu zen erabat, eta Euskal Herriko beste ekonomia sektore batzuena bezalako gremio sistema batek erregulatu zuen. Arma industriak XVI. mendean izan zituen urterik onenak, Gaztelako Koroaren babesari esker (1535ean Eugiko Erret Errementaldegia sortu zen, Karlos I.aren aginduz, eta 1573an Erret Arma Fabrika).

XVIII. mendean beste manufaktura berri asko sortu ziren Euskal Herrian, zeinak kobrearekin, ehunekin, larruarekin, irinarekin, beirarekin, errotekin edota txokolatearekin lotuak zeuden era batera edo bestera.

Bai manufaktura kopurua bai manufaktura motak gehituagatik, manufaktura haietako bat ere ez zen euskal burdingintzak bezainbat arrakasta izatera iritsi. Euskal Herriko burdingintza tradizionalaren gainbeherak eten egin zuen euskal industria urri eta ahularen aurrerabidea, eta hurrengo mendearen erditsua arte ez zen bizkortzen hasi berriro.

 

Merkatuaren giltzarriak: merkataritza eta bankuak

Antonio Ponz (1725-1792) espainiar bidaiariak argi azaldu zuen Baionaren izaera ekonomikoa. Merkataritza hiri gisa deskribatu zuen, eta batez ere portuko jarduera nabarmendu zuen, sartu-irten handikoa baitzen.

XVIII. mendearen bukaeran, eta bertako Merkataritza Ganbararen laguntzaz, Baionako gobernuak beretzat eskatu zuen sortu nahi zen departamentu berriaren titularitatea, merkataritza jarduera handiko hiria izateaz gainera beste produkzio jarduera batzuk ere bazituelako (ontziolak, larru ontzea, arrantza). Baionak zenbait abantaila eskuratu zuen Erdi Aroan –bai erregefrantsesen bai ingelesen mendean–, eta abantaila horiek eutsi zioten, Aro Berriaren hasieraz geroztik, hiriaren merkataritza bokazioari. Baionak XII. mendeaz geroztik zuen zerga salbuespen osoa, hiritik ateratzen edo hirira sartzen ziren era guztietako produktuentzat.

XVIII. mendearen lehenengo erdian, Richelieu kardinaleak ministro kargua hartu baino lehen, Frantziako estatuarentzat ulertezina zen Baionak hainbeste abantaila izatea, eta hori zela eta, Frantziako Ogasunak abantaila haien kontra jo zuen, gero eta indar handiagoz. 1664an Colbertek proposatu zuen aduana antolamendu berrian, Baiona probintzia atzerritarra deklaratu zuten zerga eta aduana arazoetarako. Josette Pontet-Fourmiguéren arabera, Baionak Aro Berrian halako indarra eta zabalkundea izatea bere kokaleku bereziari eta Espainiako merkatuarekin zeuzkan harreman estuei ez ezik, zeukan zerga egoera bereziari ere zor zitzaion. Baiona garrantzi handiko merkataritza hiria zela argi erakusten du 1717an lortu zuen baimen bereziak, zeinak Frantziako merkataritza kolonialean esku hartzeko ahalmena ematen baitzion (Donostiak edo Bilbok nahi bai, baina ez zuten halakorik lortu). Nolanahi ere, XVII. mendearen erdialderako Antilletako azukrearekin negoziatzen zuen.

Orduko bidaiarien eta idazleen arabera Baionako hiria nazioarteko merkataritzara irekia eta emana zen oso-osorik, eta Frantziako eta Europako portu aktiboenetakobat bilakatu zen. Gaztelako artilea eta Europako oihalezko manufakturak banatzeko gune nagusietako bat izan zen XVI eta XVII.. endeetan. 1718. urtetik aurrera Baionako merkataritza Espainia aldera bideratu zen gehienbat. XVIII. mendean zehar hiriaren bilakaera ekonomikoa artilearen nazioarteko merkatuaren gainbeherari loturik egon zen erabat.

1725-1740 bitartean artilearen salerosketa asko zaildu zen, eta irabaziak ere asko murriztu ziren baionesentzat. Aurreko bi mendeetan, ordea, negozio gizon, abenturazale eta fortuna bilatzaile pila bat bizi zen Baionan, handik eta hemendik etorriak (holandarrak, portugesak, eskoziarrak, irlandarrak, ingelesak), merkataritza hiriak kudeatzen zuen salgaien trafiko aktibo hartan esku hartzeko asmoz. Hiriko atzerritar kopurua hain handia zen ezen judu portugaldarrek, esate baterako, auzo oso bat (Saint- Esprit) hartu zuten beretzat.

Baionaren arrakasta handi hark oinarri sendo bat izan zuen, Aturri ibaiaren bokalean XVI. mendean egin zituzten berrikuntza lanak. Udalak –goi mailako merkatari talde txiki baina bizi-bizi baten agindura– dirutza handia ordaindu behar izan zuen lan haiek egiteko. Gaztelako artilea itsasoz eta lehorrez (Nafarroan gaindi) heltzen zen Baionara, eta Baionatik Rouen eta Okzitania aldera eramaten zen, oihalen manufaktura asko baitzen inguru haietan. XVI eta XVII. mendeetan, bestalde, Baionako negozio gizonek artile asko esportatu zutenIngalaterra, Holanda eta Alemaniako portuetara ere. Artilearen eta produktu manufakturatuen negozio korapilotsu hartan funtsezkoa zen Baionaren eta Euskal Herriko beste hiri nagusien (Gasteiz, Iruñea, Donostia eta Bilbo) artean koordinazio ona izatea, merkatuak ongi funtzionatuako bazuen.

Beraz, ez da batere harritzekoa Baionako merkataritza etxeek ordezkaritza izatea Hego Euskal herriko lau hiriburuetan.

Baionako merkatarientzat Gaztelako merkatua paradisu moduko bat zen. Europako manufakturen egarri egoteaz (oihalen egarri batez ere) eta artile ekoizle nagusia izateaz gainera, gero eta garrantzi handiagoa zuen merkatu baten ateko giltzak zituen Gaztelak: Indietara joateko atearenak alegia. Baionan egiten zen negozio kopuru handia zela eta, oinarrizko zerbitzu multzo bat sortu zen merkataritza kudeatzeko: banketxeak eta itsas aseguruak. Kredituak zirela, epe labur eta luzerako maileguak zirela, edota Bilbon edo Santanderren zamatzen eta Baionara edo Rouenera eramaten zen artilerako aseguruak zirela eta, Baiona garrantzi handiko truke hiria bilakatu zen XVI eta XVII. mendeetan. Europako leku askotatik igorritako truke letrak jasotzeak Baiona nazioarteko negozio gune garrantzitsua zela erakusten du.

Banku eta finantza zerbitzu horiek lehengaiak eta manufakturak inportatzen eta esportatzen zituzten merkatarien eskuetan egon ziren Aro Berrian.

Felipe Ruiz Martínen arabera, Iruñea eta Gasteiz garrantzi handiko truke hiriak izan ziren XVI. mende osoan zehar, eta oso lotura estua izan zuten Gaztelako Medina del Campo, Villalón eta Medina de Riosecoko feriekin. Gasteizen, XVI. mendean, bibanketxe eta merkataritza etxe bat zeuden, Cristóbal de Aldana eta Antonio Suárezenak hain zuzen ere. 1595ean etxe horiek Lisboan zegoen merkataritza konpainia bat finantziatzera arriskatu ziren Gaztelako eta Italiako beste merkatari batzuekin batera.

Euskal Herriko merkatari gehienak artilearen eta burdinaren salerosketan aritu ziren batez ere. Artilearen merkatuari dagokionez, barrualdeko hirietako (Gasteiz eta Iruñea) negozio gizonek oso harreman estuak zituzten kostaldeko hirietako (Bilbo, Donostia edo Baiona) merkatariekin. Harreman hori izan zen hain zuzen ere negozio arrakastatsu horren euskarri nagusia.

Merkataritza sare horretan etxe bakoitzak bere zeregina zuen: batzuk finantziazioa bilatzeaz arduratu ziren, beste batzuk garraioaz, edota produktuak bilatzeaz eta erosteaz.

Hala, eta produktua aldez aurretik ordainduz (horrela egiten zen sarritan: alegia, produktua egin aurretik ordaintzen zen, merkatuan baino prezio txikiago bat beti ere), euskal negozio gizonek ongi kontrolatu zuten artilearen eta burdinaren merkatua.

XVI. mendean, merkatari horietako batzuk atzerriko beste merkatari batzuen bitartekari izatetik bizi izan ziren, hau da, haien negozioak kudeatzen zituzten eta ordainez artekari saria jasotzen zuten.

Artilea esportatzeaz gainera, Euskal Herriko merkatariek beste negozio askotan parte hartu zuten: oihalezko produktuak eta manufakturak inportatzen, eta Gaztela burdinaz hornitzen, besteak beste. Merkatu kolonialean ere esku hartu zuten, Cadiz, Sevilla eta Indietan bizi ziren beste euskaldun batzuen laguntzarekin. Artilearen merkatuak gorakada ederra egin zuen XVI eta XVII. mendeetan zehar, baina XVII. mendearenerdialdeaz gero beherakada latza egin zuen. Bien bitartean, burdinaren negozioak XVI. mende on-on bat izan eta XVII. mendeko krisia gainditu ondoren, gora egin zuen denboraldi batean (1720- 1780) berriro gainbehera egin baino lehen.

Espainiako mugatik hurbil zegoenez eta abantaila handiak zituenez, legez kanpoko produktuen eta jardueren merkatu bilakatu zen Baiona. Merkatu hori bi eratara elikatzen zen: kortso edo itsaslapurretaren bidez eta kontrabandoaren bidez (dirua, oihalak, abereak eta batez ere tabakoa). XVI eta XVII. mendeetan Kantauri itsasoa itsasontzi txikiz betea zegoen, merkataritza ontzi handiei erasotzeko prest, Espainiako edo Frantziako Koroek emandako kortso agiriaz baliatuz. Legez kanpoko jarduera horrek irabazi handiak ematen zituen baina oso arriskutsua zen. Garai haietan kortsario asko zebilen Lapurdi aldean. Joanes Suhigaraixipi baionesa (1694an hila) izan zen famatuenetako bat. Bestalde, tabakoaren negozioari dagokionez, Lapurdik garrantzi handiko industria sortu zuen, tabakoa kontsumitzeko eta salerosteko askatasunean babesturik.

Hala ere, industria horretatik baino etekin handiagoa atera zuen tabakoa Hego Euskal Herrira saltzetik. Dena den, XVIII.. endearen lehenengo erdialdeaz gero, Frantziako eta Espainiako Koroek gero eta muga gehiago jarri zizkioten negozio onuratsu horri.

Tabakoaren nazioarteko merkataritza horretaz aparte, Lapurdi, Bizkaia eta Gipuzkoako portuek garrantzi handiko beste diru iturri bat izan zuten 1550-1650 bitartean: alegia, bakailaoaren arrantza, Ternua aldean. Ekonomia alor horrentzat ere guztiz garrantzitsua izan zen Pirinioz alde bateko eta besteko negozio gizonen, finantza gizonen eta marinelen artean lotura sendoak izatea. Sektore horren arrakastak barnealdeko merkatariak ere kilikatu zituen. Gasteizko merkatari batzuek hamar itsasontziko ontziteria bat osatu, eta Norvegiara eta Ternuara bidali zuten Sabat Iturbide donibandar kapitainaren gidaritzapean. Konpainiak 1610-1614 urteetan jardun zuen. Gasteizko merkatariek interes handia zuten merkatu horretan esku hartzeko, haiek banatzen baitzuten arraina handik Gaztelara.

Oro har, Euskal Herriko merkataritza egiturak oso lotura estua izan du Gaztelako artilearen esportazio prozesuarekin, metalezko eta burdinazko produktuak Europa, Gaztela eta Indietara zabaltzearekin eta, azkenik, Europako manufakturen (oihalak gehienbat) banaketarekin. Sarri askotan Euskal Herriko merkataritza etxeek atzerriko negozioen ordezkari gisa jardun zuten, baina, aldi berean, salerosketen bide tradizionaletan sartzen ere asmatu zuten.

Euskal Herriko negozio gizonek garrantzi handiko zeregina bete zutela argi ikusten da Gaztelarako burdinaren merkatuan.

Euskal Herriko hiriburuek (Baiona, Bilbo, Iruñea, Donostia eta Gasteiz) merkataritza trafiko gehiena beretu zuten, eta artilearen eta burdinaren bideak menderatu zituzten (bai itsasoz bai lehorrez). XVIII. mendea arte, kostaldeko hirien nagusitasuna zela eta, barrualdekoek (Iruñea eta Gasteiz) aukera gutxi izan zuten. Baina XVII. mendearen bukaeraz gero bi hiri horiek gero eta garrantzi handiagoa hartu zuten Euskal Herriko merkataritzaren eskema funtzionalaren barruan.

 

Kontsulatuak eta instituzio ekonomikoak

Aro Berrian zenbait erakunde ekonomiko sortu zen Euskal Herriko ekonomiaren eta euskal merkatarien interes komertzialak babesteko. Proiektu horiek bi helburu nagusi izan zituzten: batetik, zenbait talde ekonomikoren interesak babestea; bestetik, ekonomia hobetzeko bitartekoak sustatzea. Era horretako aurreneko elkarteak Erdi Aroan sortu ziren. 1296an, adibidez, “Hermandad de las Marismas” delakoa sortu zen, Euskal Herriko eta Kantabriako portuak bat eginez. Lapurdiko eta Euskal Herriko gainerako portuen arteko harremanak ere oso estuak izan ziren, hartara propio egindako itunei esker. Burgosko Kontsulatuaren itzal handia gorabehera (1494an sortu zen), Euskal Herriko merkatariek arrasto nabarmena utzi zuten nazioarteko merkataritza trafikoan. XV. mendean, adibidez, Euskal Nazioaren Etxea sortu zuten Bruggen; Nantesen, berriz, euskal merkatariak bertan gera zitezen eta haien arteko harremanak sendotzen saiatu ziren.

Bilboko portuaren garrantzia zela eta, Kontsulatu bat sortu zen bertan 1511n. Gipuzkoan ere, kontsulatua Deban sortzeko ahaleginak huts egin ondoren (1682), Donostian sortu zen bat. XVIII. mendearen bigarren erdian Gasteizek orduko egoera abantailatsua aprobetxatu zuen kontsulatu bat sortzen saiatzeko, baina Gaztelako Koroak ez zion baimenik eman. Iparraldean 1726. urtea arte itxaron behar izan zuten antzeko erakunde bat –Merkataritza Ganbara– sortzeko. Erakunde horiek 1829. urtea arte iraun zuten, haien ordez Merkataritza Batzordeak eratu ziren arte, alegia.

Merkataritza erakunde horiek honako helburu hauek zituzten: leku jakin bateko merkataritza sustatzea, erakunde horietako partaide ziren merkatarien interesak defendatzea, eta batez ere merkataritza epaitegiak eratzea, merkataritza harreman korapilotsuetansortzen ziren arazoei konponbidea emateko. 1780an, adibidez, Koroak ez zien baimenik eman Gasteizko merkatariei kontsulatu bat eta merkataritza epaitegi bat eratzeko, erakunde horren bitartez merkatariek inguruetako manufakaturen eta merkataritzaren merkatua monopolizatuko zutelakoan.

Gasteizen gorabehera horiek izan baino lehen Iruñean ere antzeko arazo bat izan zuten. Ana Mª Azconak ongi azaldu duen bezala, Iruñean jarduera handiko merkatari gune bat zegoen XVI. mendeaz gero, debozio erakunde baten inguruan bildua, “Hermandad de Santa Bárbara” (bestela “Cofradía de Santa Bárbara de Mercaderes y Tratantes” deitua). Debozio elkarte hori oinarritzat harturik, Iruñeko merkatariek kontsulatu bat sortzeko eskaria egin zuten 1766an. Merkatariak kementsu eta gogotsu saiatu arren, eta ordurako ordenantzak idatziak bazeuden ere, Merkataritza eta Moneda Batzordeak ez zuen proiektua onartu (1802). Aro Berrian gauza normala izan zen merkatariak –beste talde profesional batzuk bezala– elkartetan biltzea, goraxeago aipatu den Iruñeko horretan, esate baterako, edo Gasteizko “Cofradía de las Benditas Animas del Purgatorio de San Pedro” delakoan, adibidez. Izan ere, ez baitzegoen merkatarientzat propio egindako instituziorik, eta hala beste elkarte mota horietara jo zuten harremanetan egoteko.

Euskal Herrian ekonomia sustatzeko proposatu ziren proiektuen artean Caracasco Gipuzkoar Errege Konpainia merkatari erakundea (1728) izan zen beharbada arrakastatsuena. Indietako trafiko aberasgarrian zuzenean esku hartzeko ametsak bultzatuta sortu zen, Espainiako Koroaren oniritziarekin eta Holandan eta Ingalaterran jadanik sortuak ziren konpainia pribilejiatu haien eredura. Konpainiak, gorabeherak gorabehera, bizitza luzea (1728-1780) eta onuratsua izan zuen. Azkenean, beste erakunde pribilejiatu batekin elkartu zen, Filipinetako Konpainiarekin. Caracasco Gipuzkoar Errege Konpainiak Caracasko kakaoaren eta tabakoaren monopolioa lortu zuen, erregeak hala emanda. Erakundea bi arrazoi nagusi hauengatik desagertu zen: batetik, 1778an portu asko egokitu zelako Ameriketarako merkataritzan aritu ahal izateko, eta, bestetik, Ingalaterrako gerrak (1780-1783) kalte handiak egin zituelako.

Nahiz eta Caracaskoak baino garrantzi txikiagoa izan zuten, aipagarriak dira ere Hondurasko Konpainia (1714-1717), Diego de Zárate y Murgak sortua, eta Habanako Konpainia (1740-1765), zeina lehenbizi tabakoaren eta gero azukrearen trafikoan jardun zuen, Martín de Aróstegui buru zelarik.

Nahiz eta beste helburu batzuk betetzeko sortu zen, ez da ahaztu behar EuskalerriarenAdiskideen Elkartea, oso kontuan hartzeko ekarpena egin baitzuen. 1763. urtean Elkarteak Gipuzkoako agintariei aurkeztu zien planaren helburu nagusietako bat honako hau zen: nekazaritza, zientziak, artelan erabilgarriak eta merkataritza sustatzea.

Elkarteak bultzatu zituen ekimenen artean miatuz gero argi ikusten da ahalegin handia egin zuela Euskal Herriko ekonomia baliabideak sustatzearren: nekazaritza, burdingintza (ekoizpena eta salerosketa), abere hazkuntza, tabakoaren salerosketa.

Elkarteak bideratu zituen ekimen nagusien artean honako hauek dira aipagarrienak: Basauriko San Migel Baserria sortzea, zeina labore eta landare berriak saiatzeko erabili baitzen, oletan berrikuntzak egiteko sariak ematea, manufaktura jakin batzuk sustatzeko laguntza ematea, eta finantza erakundeei (San Carlos banketxea) eta arestian aipatutako konpainia pribilejiatuei ere laguntza ematea. Teknologia berritzeko proiektu gehienek huts egin bazuten ere, proiektu horien espirituak arrasto sakona utzi zuen.

Erakunde ekonomiko horien garrantzia gorabehera, ez da ahaztu behar XVI eta XVIII. mendeak bitartean euskaldun asko ibili zela merkataritza eta administrazio hiri handietan. Batzuk ekonomia izaerarik gabeko elkarte eta erakundeetan aritu ziren, hala nola tokian tokian (Madril, Sevilla, Cadiz edo Mexikon esate baterako) euskaldunek sortu zituzten kofradietan. Horien artean azpimarragarria da Sevillako Bizkaitarren Kofradia, 1540an sortua. 1733an errukizko erakunde horretaz baliatu ziren bizkaitarrak eta gipuzkoarrak (arabarrek eta nafarrek ez baitzuten sarrerarik) Andaluzian (Rondan) burdingintzaren industria ezarri nahian zebiltzanei aurre egiteko. Erakunde horietako kideek, bestalde, garrantzi handiko enpleguak bete zituzten Sevillako Kontsulatuan edo Cadizko Kontratazio Etxean, eta lanpostuaren talaia hartatik beren negozioez arduratzeaz gainera aberkideei laguntzen zieten zenbaitetan. Madrilen ere, XVIII. mendean, antzeko zerbait gertatu zen Euskaldunen San Ignazio Errege Kongregazioaren edo Nafarren San Fermin Kongregazioaren presentziarekin. Aldi berean, Euskal Herrian bertan, erakunde ekonomiko horietako kideek, zeukaten kargu hori betetzeaz gainera beste zenbait kargu betetzen zituzten udal gobernuetan.

Egoera horrek zera eragin zuen, zenbait tokitan eta unetan (Gasteizen 1738an, adibidez) merkatariek edo beste talde ekonomiko batzuek eskuratzea udal gobernua (edo/eta probintziakoa), eta talaia hartatik beren asmoak eta premiak betetzen saiatzea.

Aro Berrian zehar, sarritan, ez zen erraza izan zenbait talde sozialen interes espezifikoen eta herritarren interesen artean bereiztea (Baionan behintzat hala gertatu zen).