Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia»Erdi aroa - Politika-administrazioak

Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherearen antolamendu politiko administratiboa

Mendiez Haraindiko lurraldeak. Barrutiak (XIV. m.).<br><br>

 

Lapurdi

Lapurdi Akitaniako dukerriko bizkonderri bat zen, kargua gurasoengandik hartzen zuen bizkonde baten agindupean. Bizkondea, duke-erregearen ordezkari gisa, herrian ordena zaintzeaz, zergak biltzeaz, dukeen ondasunak administratzeaz eta lurraldea erasoetatik babesteaz arduratzen zen.

Behin bizkonde familia desagertu ondoren (1193), duke-erregeak hartu zuen Lapurdiko administrazioaren ardura bere eskuetan. Egitura publikoaren buru bailea zen: erregeak hautatzen zuen bailea Akitaniako seneskalaren bitartez, eta bizkondearen lehengo zeregin berberak izaten zituen.

Epaitze lanetan Uztaritzeko Gortearen laguntza zuen baileak. Gorteaz gainera, eta aditu batzuen arabera, 1310erako ba omen zen Lapurdin beste erakunde bat, Biltzarraren aurrekoa edo. Nolanahi ere, hori horrela ote zen, ez dago oso argi.

Hego Euskal Herriko lurraldeetan bezala, eta garai bertsuan, Hermandade bat sortu zen Lapurdin. Hegoaldeko Hermandadeak bezala Lapurdikoa ere gaizkileei aurre egiteko (nobleak ziren gaizkileetako asko) eta bake publikoa mantentzeko sortu zen Rikardo II.ak 1396an onetsitakoa.

Enrike IV.ak 1400ean eta 1403an berretsi zuen, eta hor ageri denez, Lapurdiko Hermandadearen estatutuak Bizkaiko, Arabako edo Gipuzkoako Hermandade koadernoen oso antzekoak ziren.

Lapurdi Frantziako monarkiaren agindupean geratu zenean, Lapurdiko eta Frantziako erregearen arteko harreman politiko administratiboak idatzita uzteko beharra ikusi zen. Idazketa hori, Coutume delakoa, 1514an egin zen, baina hori beste kontu bat da, Aro Berrikoa jada.

 

Zuberoa

1307 baino lehen Zuberoa bizkonderri bat zen Akitaniako dukerriaren mendean, eta kargua gurasoengandik hartzen zuen bizkonde baten agindupean zegoen. Bizkondea duke-erregearen ordezkaria zen, eta haren ahalak zituen. Bake publikoa gordetzea, epaitze lana betetzea, zergak biltzea, dukearen jabetzak administratzea eta lurraldea erasoetatik babestea ziren haren zeregin nagusiak.

1307. urteaz gero informazio gehiago dago. Erregeak bizkondearen ordezko kargu bat izendatu zuen: Mauleko gazteluko kapitaina. Kapitainaren mendean beste kargudun batzuk zeuden: bi baile (bata Iparraldean eta Hegoaldean bestea) ordenapublikoa zaintzeko eta justizia betearazteko, eta hiru mezulari Zuberoako herritarrekin harremanak bideratzeko.

Epaitze lana betetzeko edo justizia bideratzeko, Lextarreko gortearen laguntza zuen Mauleko gazteluko kapitainak. Hamar jaun handik, eta beste berrogeita hamar bat etxe nobleko jaunek parte hartzen zuten Gortean. Kapitaina bera zen lehendakaria.

Zuberoako kostüman azaltzen denaren arabera (1520an idatzia) Ordako Gortea zen biltzarrik garrantzizkoena. Haren barnean biltzen ziren alde batetik nobleak eta apezak, eta bestetik herritarren ordezkariak.

Herritarren ordezkariek beren batzar berezia zuten, Zinbideta, nobleek eta apaizek berena zuten bezala, Grand Corps delakoa.

 

Nafarroa Beherea

Administrazioaren aldetik hiru barruti bereizten ziren Nafarroa Beherean: Donibane Garaziko kapitaingoa, Bastidako hiribildua eta Amikuze-Oztibarre bailegoa.

Donibane Garaziko kapitaingoa erregearen eskuko lurralde batzuk ?Garazi, Arbela eta Orzaize?, Mehaineko jaurerriak eta Baigorriko bizkonderriak osatzen zuten. Bastidako hiribildua 1312an fundatu zuten, eta erregeren eskuko zen hura ere. Amikuze- Oztibarreko bailegoa, berriz, Tartasko bizkondeena izan zen, Albreteko jaunena gero, eta 1338-1365 bitartean Nafarroarenerregeren mende egon zen. Bailegoaren barruan bi jaurerri zeuden, Agramondarrena bata (Agramont, Bidaxune, Eskoze, Erango, Akamarre, Erreiti eta Burgue), eta Lukuzetarrena bestea (Lukuze, Izura eta Landibarre).

Donibane Garaziko gazteluko kapitaina zen erregearen ordezkaria, eta ordena publikoa zaintzeaz, zergak biltzeaz eta erregeren ondasunak administratzeaz arduratzen zen. Kapitainak laguntzaile bat ?merioa edo bailea? zuen Nafarroa Behereko eskualdeetako bakoitzean: Garaziko merioa, Iholdi-Armendaritzeko merioa, Arbelako merioa, Orzaizeko merioa, Amikuze-Oztibarreko bailea, Donapaleuko bailea etaGarruzeko bailea. 1340an Donibane Garaziko gazteluko kapitainak zergak biltzeko ahalak galdu zituen. Orobat 1365ean erregeren ondasunak administratzeko ardura galdu zuen; handik hara Donibane Garaziko baileak hartu zuen erantzukizun hori bere gain.

Bastidako alkatetza ere Donibane Garaziko gazteluko kapitainari zegokion, baina kapitainak ordezko bat zeukan karguan: Lukuzeko etxeko jauna hasierako urteetan, eta hiribilduko bailea bera, nonbait, gerokoetan.

Amikuze eta Oztibarre baile baten ardurapean zeuden. Bailea Donibane Garaziko gazteluko kapitainaren esanetara zegoen, eta Garruzeko gazteluan bizi zen.