Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia»Erdi aroa - Politika-administrazioak

Nafarroako erreinuaren antolamendu politiko administratiboa (VIII-XV. mendeak)

Erdi Aroko Euskal Herriko lurralde guztiek ez zuten elkarri buruz izae ra politiko bera, eta horrek ondorioz era desberdineko organismo administratibo eta politikoak eratu ziren herrialde bakoitzean. Horrela, Nafarroa erreinu bihurtu zen, administrazio aparatu estatala zuela. Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia Gaztelako erreinuaren mendeko espazio autonomoak ziren Erdi Aroaren amaieran; Hermandadeetan banaturik zeuden eta Hermandadeen gobernua hiru lurralde horietako bakoitzak zituen Batzar Orokorren esku zegoen. Bizkaian, bestalde, indarrean iraun zuten Jaurerriari zegozkion erakundeek. Lapurdi eta Zuberoa Akitaniako dukearriaren mendeko barruti gisa egituratu ziren, eta dukerri horren mendeko zirenez, ingelesen mende egon ziren 1154 eta 1451. urteen artean. Nafarroa Behereko lurraldeak Nafarroako erreinuaren baitan zeuden, eta ez zuten eskuratu administrazio izaera propiorik harik eta gaztelarrek Iberiako penintsula aldeko Nafarroako lurraldeak konskitatu zituzten arte.

 

Lurraldearen kontrolaren lehenengo zantzuak

Ebroren arrora lehenengo musulman taldeak iritsi izana eta monarkia frankomerovingiar hurbilaren albisteak dira Nafarroan leinu multzo bat bazela eta leinu horiek lurraldearen nolabaiteko kontrola bazutela adierazten duten lehenengo aztarnak.

Bai Ebro ibaiaren ertzetan, bai Iruñerri hurbilean eta haren inguruko haranetan, badira gutxi asko hierarkizatutako eta elkartutako gizarte baten aristokraziaren adibideak: Casiotarrak Ebro aldean, Ximenotarrak Iruñean, gerora Iñigotarrak jarriko zirela haien ordez, Velascotarrak “Cerretanian”, Pirinioetako sortaldean, eta “Galasquintarrak” Lizarraldean edo agian Arabako lurretan.Witizaren jarraitzaileen gune garrantzitsu bat izan bide ziren VIII. mende hasieran (Witiza baitzen azken errege godoari tronuaren ondorengotza nork eskuratuko aurre egiten zion alderdiaren buru), ordu arte bisigodoen aginpideari atxikita egon ziren lur horiek, hango nobleek bisigodoen arteko borroketan parte hartu zutelarik.

Don Rodrigo “Iruñeko lurretan” zebilen hain zuzen ere musulmanak Tarifan lehorreratu zirela jakin zuenean. Arrazoi horregatik, bertako nobleek eta musulman agintari berriak azkar hasi ziren musulmanekin akordioak egiten; hala, Casiotarren leinua musulman egin zen eta handik aurrera “Banu Kasi” (edo Kasitarrak) esan zitzaien (713), eta leinuek Kasitarren ahaide zen Iruñeko jaunaren burujabetza onartu zuten, zergak ordaintzen zizkiotelarik (718).

Bestalde, musulmanen nagusitasunak garrantzi handiko gune bihurtu zuen Iruñerria islamiarrek Pirinioez haraindi zituzteninteresentzat. Aldi berean, frankoak indar handiz saiatu ziren Pirinio guztian zehar sartzen, eta, IX. mendearen hondarrean, lortu ere lortu zuten konderri batzuk sortzea, Pirinioetako sortaldean eta erdialdean, Aragoiraino. Egin zituzten gutxienez Iruñean sartzeko lau saio gutxi asko labur, bertako leinu batzuen laguntzaz, baina frankoek 824an Iruñean nagusitzeko egin zuten azken saioak porrot egin zuen, musulmanen burujabetzari eustearen aldeko familiek indar handiagoa baitzuten.

 

Erreinu baten sorrera

Betiko ukatu zuelarik Iruñeak frankoen monarkiarenganako lotura, Ebro haraneko kasitarrak aginpidean indartu ziren, Kordobako boterearen ordezkari ukaezin gisa; Iruñeko ahaideen laguntza izan zuten, Iñigotarrena eta Aristatarrena, eta laguntza hark mende haren bigarren erdialdea aurreratuxea zen arte iraun zuen. Ordurako, hainbat faktorek aldatzen hasia zuten egoera hura, besteak beste, bertako familia batzuen eta Asturiasko monarkiaren arteko harremanek. Bestalde, frankoen aldez aurreko eraginak eta segur asko familien laguntza handiagoak garrantzi handiagoa eta gizarte ospe handiagoa eman zioten Irunberri-Agoitz arroa kontrolatzen zuen leinuari, Jimenotarrei, alegia. Aldi berean, kasitarren eta Kordobako haien buruzagien arteko liskarrek, Iberiako penintsulako iparraldeko indar kristauek akuilaturik, higatu egin zuten Iruñean zuten nagusitasunari eusteko Iñigotarrek zuten ahalmena.Testuinguru horretan, 905ekoa da Iruñean errege bat “sortu” zelako berri zehatza; Antso Gartzeiz I.a zen errege hura, Ximenotarren leinukoa, Pirinio aurreko bi arroak kontrolatzen hasi eta Kordobari ordaindu beharreko zergak, mendetasunaren sinbolo zirenak, betiko kendu zituena. Errege hori berehala lotu zitzaion bere mendeko lurraldea kristautasunaren ikuspegitik indartzeko lanari, gobernuko agintariak sortzeari eta ordu arte existitzen ez zen bertako erregetzaren ideia gauzatzeari. Lehentasunen ordena horri jarraiturik, eta alde batera utzirik arestian aipatu dugun lurralde zabalkundea, komeni da alderdi jakin batzuk aipatzea. Gorteak Naxeran hartu zuen egoitza berriak erro baten gisako balioa izan zuen orduz geroztik Iberiako penintsulako beste erresuma kristauarekiko harreman gero eta estuagoak lotzeko, bi monarkien arteko familia loturen sare estu bat bultzatzeko, alegia. Bestalde, lurraldea Aragoi aldera zabaldu izanak Ebroren harana inguratzen zuen eremu zabala osatu zuen, eta erregeak eremu zabal hori antolatu behar izan zuen erregearen konfidantzako gizonen esku zeuden ordezkaritza militar txikien bidez; haiek izan ziren lehenengo “tenentziak”. Erregearekin batera, Erregearen Aholkularitza hastapeneko bat izan zen garai hartako gobernu erakunde bakarra: erregearen familiak, goi mailako elizgizonek –fraide buruek, abadeek, apezpikuek– eta noble nagusiek osatutako aholkulari taldea hain zuzen.

Hain urte gutxitan Pirinioen inguruan finkatzea lortu zuen erregetza hura X. mendeko gainontzeko urteetan sendotu zen, ohi ez bezalako erregina baten eskutik neurri handi batean. Toda edo Dota Aznar andrea zuen izena erregina horrek, eta lehenik mutil baten erregeorde gisa, eta gero haren aholkulari ahaltsuenaren gisa, erreinu horren gidari izan zen, harik eta mende horretako bigarren erdialdean hil zen arte.

Hala ere, Iruñeko erregetzaren oinarrizko hatsapenak finkatuta geratu ziren: tronua seme oinordekoarentzat izango zen –adin txikikoa izanda ere–, erresuma ezin zen zatitu –eta erresumaren ondarea oso-osorik jaso behar zuen errege berriak–, gutxieneko agintaritza gune haiek –Aholkularitza eta tenentziak–, indartuta geratu ziren, eta Iruñeko erreinuak harreman estuak izango zituen Leongo monarkiarekin eta Gaztelako konderri hurbilarekin. Horrela ulertzen da X. mendean Toda erreginaren hiru biloba izatea hurrenez hurren Leongo errege. Almanzor buru izan zuten garaian musulmanek jo zuten eraso nekaezinaren aurrean bizirik iraun izanak argi erakusten du Pirinioetako erreinu gazte horrek iritsi zuen sendotasuna.

 

Iberiako penintsulako politika: goralditik beheraldira

Almanzor XI. mendean hil izanak atseden hartzeko beta eman zion Iruñeko erresumari, barne antolamenduaren premian baitzen. Hura izan zuen Antso III.a Gartzeizek (Antso Handiak), eginkizun nagusi, eta bere gain hartu zuen lurralde eremu definituago bat indartzeko zeregina, haren ondorengoek gerora lurralde hura zabaldu ahal izan zezaten. Arga-Aragoi ibaien elkargunea babesten zuten gotorlekuak sendotu beharra zegoen lehenik, eta gero Pirinio aurreko mendietakoak, Loarreraino. Erreinua babesten zuen gotorleku sail bat egin zen horrela, eta gotorleku horien premietan oinarrituta, erregeak errotik aldatu zituen agintariak. Tenentziak ere orduantxe indartu zituen, eta bertako noble bati eman zitzaion haien agintzaritza, noble hura zelarik erregearen ordezkaria, kobratzen zituelarik erregearen errentak eta kontrolatzen zuelarik ordena publikoa. Tenente-ak lurraren errentaren zati bat hartzen zuen bere zerbitzuen truke, eta lurralde osoko tenentzia bat edo gehiago izan zitzakeen bere ardurapean.

Antso Handiak nafar monarkiak ohi zuen familia harremanen politikari eutsi zion, Gaztelako konde etxearekiko harremanak estutu zituen, alegia. Antso Handia Gaztelako kondearen alaba Muniarekin ezkondua zen, eta haren ezkontzari esker harreman sare estua izan zuen Gaztelako konderriarekin eta Pirinioen erdian zegoenRibagorzakoarekin, hango agintariak ere gaztelarren ahaideak baitziren. Arestian zehatzago azaldu dugun xehetasun hori delaeta, historialariek errege erreinua hedatu zaletzat jo izan dute Antso Handia, hainbat erresuma eta lurraldetan esku hartu baitzuen, Bartzelonako konderria edo Gaskoiniako dukerria barne, bi leku horietako agintariak haren ondoan agertu zirelarik behin baino gehiagotan. Haren erresuma zehatz aztertuz gero, aitzitik, esan daiteke haren ezkontza politikak familiaren tradizioari eutsi ziola, eta haren jardunak, garai hartako ohiturari jarraiki, haren familiaren ondorengotza eskubideak defendatzea izan zuela ardatz, eskubide horiek Gaztelako ahaideak ere hartzen zituela, eta, arrazoi asko zirela medio, berarengan gorpuztu zirela. Iruñeko erregeak, bestalde, ez zien inongo mehatxurik egin Bartzelonako eta Gaskoiniako kondeei, horiek ere nafar erregeen eta gaztelar kondeen ahaideak izaki, eta bi konde horiek behin baino gehiagotan Nafarroako erregearekin batera agertu izanak adierazten du harreman onak zituztela.

Iruñeko erregea 1035ean hil zenean, iruindar familiari lotutako bi eremu asko hazi ziren hurrengo ia berrogei urteetan: Gaztela, Fernandoren ondorengoen pean, eta Aragoi, Antso Handiaren sasiko seme Ramiroren eskutik, Iruñeko burujabetzaren pean hartu baitzuen erresuma hura. Anaien arteko harreman aldakorren eraginez, Iruñearen eta Gaztelaren arteko mugak maiz kolokan egon ziren era askotako hitzarmenen arabera; Aragoi, berriz, gero eta urrunago zegoen Iruñeko erresumatik, eta hedatze egitasmo propioak sortu zituen musulmanen bizkar. Bitartean, Kordobako kalifa herriak higadura handia izana zuen,harik eta 1033an zeharo suntsitu zen arte, haren ordez erresuma asko sortu zirelarik, taifa erreinuak, alderdi militarretik ahulak oso, baina ekonomiaren aldetik aukera handiak zituztenak. Desoreka horri esker, kristau erresumek urre kopuru handiak hartu zituzten, mugetako bakearen berme gisa; printze batek besteari mendetasunaren seinale gisa ordaintzen zion zerga horri parias zeritzon, eta monarkiarentzat eta nobleentzat ondasun eta aberastasun iturri berri izan ziren.

Aberastasun iturri berri horrek eta erregearen aginpidezko jardunbidearekin zerikusia zuten beste xehetasun batzuek krisi politiko handi bat sortu zuten 1076an. Iruñeko erregea, Antso Gartzeiz IV.a, Antso Handiaren biloba, Peñalenen amilarazi zuen noble asko eta bere familiako kide asko tarteko izan zituen konspirazio batek. Tronua orduan haren lehengusu Alfontso VI.a Gaztelako erregeari egokitu zitzaion, eta hark aurrera egin zuen eta Naxera beretu zuen, gortearen egoitza, alegia; baina familiaren beste adarra, egoitza Aragoien zuena, Iruñeraino iritsi zen beste noble batzuen laguntzaz; Aragoiko Ramiroren seme Antso Ramirezi eman zion koroa, eta orduz gero hark zilegitasun osoz “aragoitarren eta iruindarren errege” izendatu zuen bere burua. Berriz ere, agian 905. urtean gertatu zen bezala, lurralde hartako aristokraziak lurraldea gidatzeko egokien iruditzen zitzaiona jaso zuen tronura, kasuhonetan familiari atxikitako norbait, nahiz familiaren adar sasiko baten kidea izan.

Goi Erdi Aroan Iruñeko erreinuan zegoen gizajendea landa eta nekazari giroan bizi zen, harreman pertsonalen sare estu bat zuen oinarri, eta zerikusi handia zuen lurraren jabetzaren errejimenarekin. Lotura horiei esker uler daiteke, neurri handi batean, erregearen aginpideak beti oinarri izan zuen harreman sarea, erregea aristokraziako talde jakin batetik sortua baitzen eta gizarteak eskaintzen zion laguntza baitzuen betiere oinarri sendo. Arestian aipatu ditugu, zentzu horretan, VIII. mendeko lehenengo familia nagusiak; gero erregea agertu zen, bere familiak, aristokraziak eta goi mailako elizgizonek eratzen zuten aholkulari talde txiki batez inguratua. Horiek ziren, hain zuzen ere, lurraren jabetzarekin zerikusia zuten taldeak, erregearen gisara, luze-laburrez eta garrantziaz era askotakoak ziren lurren jabeak, eta biztanle gehienen bizibidea sortzen zutenak.

Erregeak, nobleek eta elizgizonek tamainaz handiagoak edo txikiagoak izan zitezkeen herrixkak zituzten, eta herrixka horien zati bat zuzenean baliatzeko gorde ohi zuten, lur horietatik gehienak mendeko nekazariek lantzen zituztelarik. Bilauek lurraren etekinen zati bat ematen zioten jaunari, petxa zeritzona, eta horregatik deitzen zitzaien petxero edo petxadun. Era berean, bilau horiek zeregin edo zerbitzu osagarriak egiten zituzten jauntxoaren lurretan; horienartean aipagarriena cena edo bizilekua eta jatekoa izateko eskubidea ziren. Gizarte banaketa hori, Erdi Aro osoan komuna izan zena, ñabardurak gorabehera, ia bakarra izan zen XI. mendearen azken herena arte, alegia, gizarte hura nekazaritzatik eta abeltzaintzatik bizi ziren bilau edo nekazari komunitate askotan banatua zegoen. Soilsoilik Naxera, 920an konkistatua, zen neurri batean egoera horren salbuespen, hiriko bizitza nahiko garatua baitzuen, Iruñean bertan ere ezagutzen ez zen modukoa.

XI. mendearen azken herenerako, eta Europako beste eremu batzuetan gertatu zen bezala, etengabeko migrazio bat izan zen; batetik, Santiagoko Bidean barrena Konpostelara zihoazen erromesak, eta, bestetik, Pirinioak zeharkatzen zituzten bideetan barrena zetozen merkatari eta eskulangileak, Ibañetan barrena hasieran, eta 1076az geroztik, Somporten barrena. Pertsona eta salgaien joan-etorri hark berehala sortu zuen azpiegituren eta zerbitzuen premia, eta sortu zuen orobat jende etorri berri hari erreinuan egoitza emateko premia, nahiz indarrean zegoen gizarte antolamendua hausten zuten, jende haiek ez baitzeuden lurrari atxikiak, eta ez baitziren lurrari esker bizi. Iberiako penintsula osoan irtenbide bera eman zitzaion arazo horri: frankoei –horrela deitzen zieten Pirinioez harainditik etorriak zirelako, eta jauntxoekiko betebeharretatik salbuetsita edo franco zeudelako–, foruak ematea –jende horien baldintza bereziak arautzeko estatutu bereziak–; hori zela-eta burguak edo hiriak sortu ziren, eta hiriari berez dagozkion jarduerak indarra hartzen hasi ziren, eskulangintza, industria, merkataritza, etab., ordu arte ezagutu ez zen aberastasuna eta hazkundea sortu zelarik. Irtenbide hori bera erabiliko zuten gerora beste leku askotan, eta burgu edo hiri horietan hartu zuten ere bizileku judu komunitateek. Handik hara, Iruñetik hegoaldera hedatu ziren juduak.

 

Erregetza nola berrantolatu zen XII. mendean

1134an, Alfontso I.a Gudularia hil zenean, arazoak sortu ziren berriz ere haren ondorengoa aukeratzeko, ez baitzegoen oinordeko zuzenik eta erregeak testamentu bitxi bat egina baitzuen. Testamentu horretan Lur Santuko ordena militar nagusien artean banatzen zen Iruñeko erreinua (San Joango Ospitalea, Jerusalemgo Tenplua eta Hilobi Santua), erresuma horren ohituren kontra, eta, bide batez, erresumako baroien nagusitasuna eta hirien pribilejioak ukaturik. Baztertua gelditzen zen horrela gaztelarrek tronuaren ondorengotza hartzeko aukera, hura baitzen Antso Handiaren familiatik gelditzen zen adar bakarra, eta hari zegokion beraz erregetza. Testamentuak, alde batetik, eta ondorengoa Gaztelakoa izan zitekeelako usteak, bestetik, elkarren oso bestelako irtenbideak harrarazi zizkien Aragoiko nobleei eta Iruñekoei.

Aragoikoek azpijoko bitxi bat egitea hautatu zuten, saiatu ziren hildako erregearen anaia bat, elizgizona zelako errege ezin izan zitekeena, errege izendatzen; azpijoko horrek gerora sistema politiko ohi ez bezalako bat sorrarazi zuen, Aragoiko Koroa.

Iruñeko baroiek, berriz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoakoekin batera, Gartzea Ramirez “Osatzailea”, Naxerako Gartzea erregearen ondorengo sasikoa bera, izendatu zuten errege. Krisialdietan Iruñeko erregetzak hartu ohi zituen horietako aukera bat zen hura, dudarik gabe. Nolanahi ere, XII. mendeko egoera bestelakoa zen dagoeneko, eta ikusirik hildako erregearen testamentua ez zela betetzen, eta errege berria jatorriz sasikoa zela, Erromako eliz auzitegiak erabaki zuen ez onartzea ez errege hura eta ez haren ondorengoak, egoera haren oreka falta areagotu egin zelarik horrela. Bestalde, erregetzaren izateak berak, nobleak baitzituen betiere eusle, areagotu egin zuen, zalantzarik gabe, Iruñeko erregetzaren badaezpadakotasuna.

Dinastia berriak, beraz, erregetzaren zilegitasuna berreskuratzekobide luze bati ekitea izan zuen zeregin nagusia, erregearen aginpidea modernizaturik eta indarturik; Iruñeko erregeek asmo horri eutsi zioten eta landu zuten Gartzea Ramirezen, haren seme Antso VI.a Jakitunaren eta haren biloba Antso VII.a Azkarraren agintaldia bitartean.

Monarkia berriz eratuko bazen, ordena militarrei erresuma galtzeagatik zor zitzaien ordaina eman behar zitzaien lehenengo; zeregin horri sistematikoki eta isilean lotu zitzaion Gartzea Ramirez, munta handiko kalte ordainak emanik ordena horiei.

Aldi berean, eta Aragoirekin konponbide bat aurkitzeko saioak porrot egin ondoren, Gaztelaren nahiak geldiaraziko zituen sistema bat sortu behar izan zen; Gartzea Ramirez Gaztelaren basailu egongo zen, horrela, teorian behintzat, haren nagusitasuna onartzen zuela, eta, praktikan, erabaki hark tronuan irauten lagundu ziola. Ohitura feudalen arabera, Gartzea Ramirezen nobleak ere, haien erregea Gaztelako erregearen basailu zenez, Gaztelaren basailu ziren, eta horren ondorioz nobleen leialtasunak anbiguitate korapilatsu bat izan zuen ezaugarri; Iruñeko erresumako sartaldeko baroiek zuzenean Gaztelako erregeari, edo Iruñekoari eta Gaztelakoari bereizita, zin egin ziezaioketen leialtasuna, eta horixe egingo zuten, Iruñeko erreinua ahultzen zutelarik horrela. Hala eta guztiz ere, hura zen errege berriak har zezakeen bide bakarra; Aragoik, berriz, askoz errazago konponduak zituen bere arazoak, eta Iruñeko erresuma hauskorra erdibanatuko zuelako mehatxua egin zezakeen Gaztelarekin batera.

Hurrengo urratsa Antso Jakitunak egin zuen. Horretarako egoera hobea zeukan Iberiako penintsulan, Gaztelako erregea adin txikikoa baitzen, eta, beraz, gutxiago estutzen baitzuen Gaztelak Iruñeko erreinua.

1162ko udan, eta erregearen aginpidea indartzeko asmoz, oinarri-oinarrizko aldaketa bat egin zuen erregearen izendatzean; harrezkeroztik erregea “iruindarren errege” edo “Iruñeko errege” izan ordez, “Nafarroako errege” izango zen. Izen aldaketa horrek eduki aldaketa garrantzitsu bat zekarren berekin; pertsonek –nobleek– eutsitako erregetzaren ideia baztertu, eta lurraldean –Nafarroan– oinarritutako erregetzaren ideia nagusitu zen, ordu arte lurralde eremu gisa izen horrekin inoiz definitua izan ez zena hain zuzen ere. Horren bitartez erregeak monarkiaren ahultasun nagusia konpondu nahi zuen, pertsonen leialtasunarekiko mendetasuna, mendetasun horrek, hain zuzen, nobleen leialtasuna beste erregeren batenganakoa izan zitekeen beldurrez egotera behartzen baitzuen erregea.

Ideologia berri horren laguntzaz Antso Jakitunak bere gain hartu zituen Errioxan eta Arabako sartaldean eginak ziren lurralde beretzeak, arestian ikusi ditugunak.Hain garrantzi handiko egitasmo politikoa ezin zitekeen adierazte soilean geratu; adierazpen hori landu, bideratu eta gauzatu beharra zegoen, baldin eta erregearen aginpidea erresumako azken bazterreraino iritsiko bazen. Erregeak bi alorretan jardun behar izan zuen: lehenengo, koroaren finantzak berrantolatu behar zituen, erregetzaren ondarea hobeto kudeatu ahal izateko, eta, bigarren, erregearen aginpidearen ordezkaritzak sortu behar zituen koroaren ondarea eta aginpidea ahulagoak ziren lurretan: Araban, Gipuzkoan eta Durangaldean.

Lehenengo auzia “petxak bateratzeko foruak” zeriztenak emanez konpondu zuen; foru horiek nekazari herriei eman zitzaizkien arauak ziren, arautzen zituztenak nekazariek ordaindu behar zituzten petxak eta jauntxoekiko zituzten gainontzeko betebeharrak, kasu honetan erregeari zegozkionak, ordainketa horiek zerga bakar, oso edo etxe bakoitzekoan elkartuta gelditu zirelarik.

Koroaren diru sarrera guztiak sistematizatuta gelditu ziren horrela, eta erregeek ohitura hori XII. mende osoan eta XIII.. endearen zati handi batean hedatu zuten, baita horrela diru erabilgarri gehiago eskuratu ere.

Bigarren auziak bi alderdi izan zituen; lehenengo, erregeari leial zitzaizkion tenente asko izendatu ziren Gipuzkoan eta Araban; horietako tenente asko Iruñeko nobleak ziren. Bigarren, salbuespen forua zuten bi hiri sortu ziren, Gasteiz (1180) eta Donostia (1181); horrela erregearen aginpidearen bi gune sortu nahi ziren, erregeak berak sortuak eta beren pribilejioak erregeari zor zizkiotenak, erregearen nagusitasunak indar handirik ez zuen lurretan. Bi egintza horiek tokian tokiko nobleen aurkakotasuna sortu zuten, aginpide eta lurraldearen kontrol handia galtzen baitzuten horrela. Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko nobleak, Arabako kondea buru zutela, Gaztelako Alfontso VIII.aren jarraitzaileei 1199- 1200ean atxiki izanak garbi adierazten du nolako zailtasunak izan zituen Nafarroako monarkiak bere aginpidea eremu hartan finkatzeko; soil-soilik Gasteizek eta Donostiak, batez ere Gasteizek, aurre egin zioten Alfontso VIII.aren aurrerapenari, baina errege horrek, hala ere, berehala berretsi zituen bere pribilejioak.

Antso Azkarra ez zen jadanik sartaldeko lurralderik berreskuratzen saiatu, eta familiaren egitasmoa huts egintzat jo zuen, alor horretan behintzat; bete zuen ordea bere dinastiak galdutako ospea berreskuratzeko nahia, 1196an Aita Santuak Nafarroako erregetza onetsi baitzuen, 1134 ezkeroztik ukatua izan zitzaion onespena hain zuzen. Erregearen aginpidea soil-soilik Nafarroako eremuan sendotzeko politikari eutsi zion, eta harrezkeroztik itsasalderako bide berriak bilatu zituen, merkataritza hitzarmenak eginez edo harremanak izanez Pirinioez haraindiko agintariekin eta nobleekin.

XIII. mendearen hasieran iritsi zen egonkortasunaren ondorio da nafarrek Navas de Tolosako guduan (1212) parte hartu izana eta nafar koroaren aberastasun gaitza; aberastasun horri esker erregeak ondasun multzo handiak erosi zituen Erriberako lurretan, eta munta handiko maileguak egin zizkien Aragoiko erregeei.

 

Erreinuaren heldutasuna

Gorago esan duguna ikusirik, bistan da XII. mendearen bigarren erdialdetik aurrera Nafarroako erreinua abiatua zela beren gobernu erakundeen heldutasunaren bidean.

Frantses jatorriko dinastia bat, Champagneko kondeak, Nafarroako tronura iritsi izanak, modernizazio prozesu horien azkartze bat ekarri zuen, Europarekiko harremanak eta joera berritzaileenak bultzatu baitzituen.

Egoera berri horrek zertxobait indartu zituen garai hartako gizarteak bere interesak adierazteko zituen bide ahulak.

Prozesu horren ondorioz dialektika interesgarri eta emankor bat sortu zen, besteak beste, nolabait ere “hitzartua” izango zen errejimen bat ekarriko zuena; hartan, indar eta iraupen handiko erabilerak eta ohiturak hartuko zituen bere gain erregeak, teorian behintzat, eta erabilera eta ohitura horietatik sortuko ziren gerora Aro Berrian ere iraun zuten erakunde sendoak. Champagne dinastiaren ondoren, Capet dinastia etorri zen XIII. mendearen azken hogeita hamabost urteetan; dinastia horrek gatazka handia sortu zuen gizartean, tokian tokiko nobleekineta burgesekin izan zituen tirabirak eta liskarrak zirela eta. Evreux dinastiak bakarrik, XIV. mendea aurreratua zela, lortu zuen Nafarroako erresumaren uste ona eta laguntza.

 

Monarkiaren gobernua

Frantses dinastiaren etorrerak luzaroan kanpoan egoteko aukera eman zien Nafarroako erregeei, eta horretarako erregearen ordezkari bat izendatu zuten, hasieran seneskal deitu zitzaiona, gobernari gero, eta batez ere, lugarteniente edo ordezko. Hitz hori XIV. mendearen bigarren erdialdean eta XV. mende osoan erabili zen, erregearen beraren senideen esku egoten zenean kargua.

Erregeorde hitza XV. mende bukaeran agertu zen.

Champagneko dinastiaren berrikuntzarik garrantzitsuenetako bat erreinuarekiko elkarrizketa izan zen; elkarrizketa hori egiteko bi batzar mota desberdin sortu ziren, gutxi asko berez antolatuak, ez erregearen aginpideak sortuak ez beste inork arautuak.

Kapareen Batzarrak Antso Azkarraren agintaldian sortu ziren, inoren esku hartzeen aurrean, erregearen berarenean besteak beste, gutxienez ere beren interesak defendatzeko.

Hiribildu Onen Hermandadeak ordena publikoa elkarren artean mantentzen interesatuta zeuden herri batzuk elkarganatzeko sortu ziren Champagne dinastiaren garaian. Errege “jatorriz arrotz eta mintzairaz ere arrotz” haiek sortzen zuten kezkak eta mesfidantzak behin baino gehiagotan bilarazi zituen bi batzar horiek, edo bereizita eduki zituen, nahiz helburu komunbat zuten, erresuma hartako eskubideak, erabilerak eta ohiturak errege dinastia ezezagun bati aurkeztea, alegia.

Egoera horren eta antzeko beste batzuen presioaren eraginez batzorde bat sortu zen 1238an, aberatsek, zaldunek eta elizgizonek eratua, eta, erregearen Auzitegiarekin batera, erresumak eskatzen zuen lege bilduma egingo zuena. “Foru Zaharra” eta behin eta berriz idatzi eta zabaldu ondoren foru zahar horretatik eratorriko zen Foru Orokorra kontuan hartu ondoren, testu hark premiazkoena zehaztu zuen: erregearen aginpidea mugatzea. Lege bilduma hura erregetza baino goragokoa zela ere esan zuten, baita esaten zenean ere Pelaiorengandik zetorrela erregetza, Errekonkista Asturiasko erreinuan hasi zuen hartatik alegia.

Horregatik, errege bakoitzak lege edo foru horiek zin egin behar zituen erregetzat onartua eta izendatua izan baino lehen.

Biltzar, Batzar Nagusi eta hermandade haiek XIII. mende osoan eta XIV. mendearen lehen hogeita hamar urteetan iraun zuten indarrean, nahiz erregeak baliogabetzen saiatu ziren. Capet dinastia tronuan egon zen bitartean erregetzarako ondorengotzan izan ziren gorabeherek eta erregeen urrunaldiek sortu zuten suminaldia nagusitu zen garai latz hartan; biltzar horiek esetsiak izan ziren, eta ezkutuan jardun behar izan zuten. Batzar horien azken egintza handia 1328an izan zen, Nafarroako Karlos I.a (Frantziako IV.a) hil zelarik, frantses gobernaria kargutik kendu eta bi erregeorde izendatu zituztenean tronua zilegizko oinordekoarentzat, alegia, Joana I.arentzat, gordetzeko.

Harrezkero, eta Evreuxko Joana eta Felipe aginpidean zirelarik, biltzar haiek modu baketsuan bideratu ziren erregearen aginpidetik sortu eta ordu arte baino arautuagoak izan ziren beste era bateko biltzarretara: erresumako estatuen biltzarra edo Gorteak. Erregearen Auzitegi zaharra noizean behin hasi zen biltzen, modu agurgarri eta zabalagoan, eta Gorte Nagusi izenez, batzuetan hiribildu onetako gizonak ere deitzen zituela, eta hortik sortu ziren, aldez bederen, Gorteak, gero eta modu sistematikoagoan biltzen hasi eta indarra eta ospea hartuz joan zirela. Gorte horiek erregetzaren edo erresumaren egintza garrantzitsuak onartzea, laguntza bereziak ematea eta zegokion kexuak bideratzea zuten eginkizun nagusia. XIV. mendea bitartean eta XV. mendearen lehenengo erdialdean gero eta gehiago sendotu zen, eta batzarrak eta hermandadeak zeharo ezeztatu zituen.

Erregearen Auzitegiak, bestalde, bilakaera interesgarri eta logiko bat izan zuen, Goi Erdi Aroko erakunde haren bi zeregin nagusiak biltzen zituena: zuzenbidea ematea eta aholkularitza. Zuzenbidea emateaz Gorteko auzitegi berria arduratu zen, hura zen auzitegi gorena, eta pixkanaka-pixkanaka antolatu zituen epaileak, notarioa, abokatuak eta erregearen prokuradorea, zeinak erregearen interesak defendatzeko ardura zuen. Erregearen Auzitegiaren beste zeregina Erregearen Kontseiluak hartu zuen pixkanaka bere gain; kasu honetan, erregearen mendeko erakundea zenez, alderdi batera oso makurtua gelditu zen XV. mendearen erdialdeko gerra zibiletan, eta mende horren bukaeran erakunde horren antolamendua erreformatu behar izan zuten beraz, profesionalagoa izan zedin eta eragin handiagoa izan zezan.

 

Lurralde eta finantza antolamendua

Goi Erdi Aro garaian tenentziek izan zuten gehienbat erregetzaren administrazioaren ardura, baina administrazio hori zaharkitua geratu zen XIII. menderako. Erregetzaren heldutasunak, eta erresumako gizarte eta ekonomia sarearen konplexutasun gero eta handiagoak, berrikuntzak ekarri zituzten XII. mende bukaeraz geroztik. XIII.. enderako baziren lau merindade Nafarroako erreinuan: Iruñea-Mendialdea, Zangoza, Lizarra eta Erribera, eta horrez gainera Pirinioez haraindi bazen era askotako lur multzo bat, bi baile herritan egituratua: Donibane Garazikoa eta Mixa-Ostabaresekoa.

XIV. mendearen hasieran beste baile herri bat sortu zen Pirinioez haraindi, Bastidako gune frankoa, osatuta gelditzen zirelarik horrela merindade gisa sekula egituratu gabeak ziren lur haiek, zeinek soilik Aro Berrian hartu baitzuten “Nafarroa Beherea” izena, Nafarroa Garaiari kontrajarririk.

Hasierako lau merindade horiez gainera, 1407an Erriberako merindadea sortu zen.

Merioen eta baileen zereginak berdinak ziren: erregetzaren ondarea administratzea, haren errentak eta eskubideak hartzea, zuzenbidea ematea eta ordena publikoa mantentzea.

Merioek merindadearen esparruan egiten zuten hori, baileek, berriz, baile herriarenean.

Mendiez haraindiko lurrek ez ezik, erresumako hiri nagusiek ere baile herriak eratu zituzten, alegia, Iruñeak, Zangozak, Lizarrak eta Tuterak, Garesek eta beste gutxi batzuek. Kasu horietan ez dira nahastu behar baile herrien eskumenak eta udalbatzetako agintarienak: bailea erregeen ondasunen administrazioaz eta juduen zuzenbideaz arduratzen zen, eta udalbatza, berriz, hiriko gobernuaz, ohiko zuzenbideaz eta foruak emandako gainerako eskumenez.

Merio eta baile horien zergak biltzeko zereginak berehala sorrarazi zuen zerga biltzailearenkargua; batzuek zein besteek Compto Liburu sail bat egin zuten, XIII.. ende erditsutik Erdi Aroa bukatu arte Nafarroako koroaren ondasunen administrazio guztia jasotzen zutenak. Horrekin batera, begien bistan da dokumentu artxibo bat sortzeko premia zegoela, nahiz ez zuen luzaroan iraun; artxibo horretan aipagarriak dira Kartularioak, ordu arte gordea zen dokumentazio osoa biltzen zutenak, eta Tiebasko gazteluan zegoen altxorra gordetzeko leku finkoa.

Finantzez arduratzen ziren talde horien hazkundeak berehala ekarri zuen aldi berean kontuak aztertu eta zentralizatuko zituen erakunde baten beharra, eta erakunde horren lanak, hasieran behintzat, erregearen inguruko jendeak egiten zituen. XIV.. endearen hasieran diruzainaren kargua sortu zen; diruzain horrek kontuak aztertu behar zituen batik-bat, eta diru sarreren eta gastuen balantzea egin; horretarako, berarekin batera ziharduten entzule –auditore– talde baten laguntza izaten zuen. Sistema horren hobekuntzak eta kontularitzan egin ziren aurrerapenak ikusita, Karlos II.ak kontu auzitegi bat sortu zuen 1365ean, Comptoen Ganbara zeritzona, entzule eta notario talde horri maila juridiko berri bat eman eta azken Erdi Aroko erakunde garrantzitsuenetako bat bihurtu zuena. Aurrerago, 1400ean, Karlos III.ak ondarearen prokuradore kargua sortu zuen, zeregin horretarako aldez aurretik zegoen erregearen prokuradore kargua harrezkero bere ondarea babesteko zereginetaz arduratuko zela; orduz gero beste prokuradoreari fiskala esan zioten, eta haren zeregina auzietara mugatu zen.

Garai hartako finantza berrikuntzarik garrantzitsuenetako bat, erresumako gorteekpremia larrietarako ematen zituzten laguntza berezien ugaritasuna izan zen. Laguntza horiek ohi ez bezalako eta une jakin bateko zerga kobrantza gisa aurkeztu ziren, eta badaezpadako gertaera haietan erresuma osoak erregeari lagundu behar ziolako hatsapena zuen oinarri, zeren eta erregeak ez baitzeukan soil-soilik bere ondare pribatuaz baliatzerik, ordu arte egina zuen bezala. Esan gabe zihoan erreinuak laguntza horiek “dohain” eman behar zituela, eta laguntza emate horretan estamentu guztiek parte hartuko zutela, bai nobleek bai nekazari xumeenek, estamentu bakoitzaren ahalmenen arabera, nahiz denboraren buruan noble eta elizgizon batzuk diru laguntza horiek ordaintzetik salbuetsiak izan ziren. Zerga berri horiek, “estatuaren” premiak asetzeko baitziren, hasieran behintzat hiru hilabetero ordaindu behar izaten ziren –horregatik zerizten laurdenak–, eta oro har suen liburuetan oinarritutako aldez aurretikako kalkulu baten arabera kalkulatzen ziren. Beste laguntza mota bat alkabala zergak ziren; salgaien gaineko salerosketa zerga zen hura, erresumak gorteetan bildurik emana. Zerga kobrantza batzuk zein besteak hain ugariak izan ziren, non, izatez, noizbehinkakotasuna galdu baitzuten, eta XIV. mendearen bigarren erdialdean dagoeneko urtero kobratzen baitziren. XV.. enderako, zerga horiek biztanleriaren arabera kalkulatutako kopuruetan ordaindu behar izaten ziren, herri bakoitzeko biztanle kopuruaren eta beren finantza ahalmenaren arabera, alegia.

Capet dinastiaren garaiko krisiaren ondoren, Evreuxtarren etorrerak erreinuaren eta monarkiaren arteko adiskidetasuna ekarri zuen pixkanaka-pixkanaka. Nafarroako nobleek gogotik hartu zuten parte KarlosII.ak bere mendean zituen frantses lurretan etengabe izan zituen liskarretan eta Europarekiko politikak zekartzan zereginetan.

Monarkiak diru laguntza haien etengabeko premia izan zuen, bai Karlos II.ak egin zituen gerrek sortzen zituzten premiak asetzeko, eta bai Karlos III.aren garaian gorteak eta diplomaziak izan zuten garapenak sortzen zituen gastuak estaltzeko. Bi errege horiek interes komun bera zuten, Frantzian zituzten ondasunak eta eskubideak berreskuratzea, alegia; azkenean Karlos III.ak lortu zuen hori, 1404an.

 

XV. mendeko krisia

Erreinua kudeatzeko modu hori indarrean egon zen azken Erdi Aro osoan, baina aipa ditzagun, labur bada ere, Erdi Aroko azken mendeak berezko izan zituen alderdi batzuk. XV. mendearen erdialdean krisi luze bat hasi zen monarkiaren baitan, erresuma osoan gorabehera handiak sortu eta erregetzan zegoen azken dinastiari, Foix eta Albreteko etxeari, arazo handiak ekarri zizkiona.

XV. mendearen hasieran Nafarroako erreinuak ez zuen arazo handirik; Karlos III.ak bake adiskidetsu bat iritsia zuen bere auzo guztiekin, eta bere alaba Blanka, Joan II.arekin ezkonduari erresuma lasai bat eman zion, zeinak administrazio egitura egokia eta eragin handikoa zuen. Gizarteak, ordea, berrikuntza handiak izan zituen XIV.. ende erditsutik XV. mendearen lehenengo urteak bitarte: batetik, nobleen estamentua asko hazi zen XIV. mendeko gerren ondorioz, eta, bestetik, gorteko aristokraziak indar handia hartu zuen Karlos III.aren garaian. Gizarte hori, gainera, oso zatituazegoen familia sustrai sakonak eta pertsona jakin batenganako atxikimenduak oinarri zituzten leinu, klan eta alderditan, batzuetan haien arteko liskar pribatuak sortzen zirela, betiere erregeak konpondu behar izan zituenak. Nobleen bandoak edo aldeak oso ugariak ziren, ez bakarrik Nafarroan, baita sartaldeko beste monarkia batzuetan ere, eta basailutza loturak, ahaidetasuna eta pertsona jakin batenganako leialtasuna zituzten oinarri nagusiak. Horietako leinu garrantzitsu batek, errege dinastiaren sasiko adar batekoak, hartu zuen XV. mendean Blanka erreginaren eta Joan II.aren oinordeko Vianako printzearen heziketaren ardura.

Blanka erregina 1441ean hil zenean Joan II.ak beretu zuen erregetza, aldez aurretik berak eta oinordekoak, Vianako printzeak, elkar hartu zutela, baina 1450ean printze horren aldekoak matxinatu egin ziren. Orduan, aspaldiko leialtasunen eta elkartasunen eraginez oso zatitua zegoen gizarte hark elkarren aurkako jarrerak hartu zituen.

Ez zegoen jadanik nobleen arteko liskarrak baretuko zituen erregetza sendorik, eta, beraz, agramondarrek eta beamondarrek ezin adiskidetuzko eran zatitu zuten Nafarroako erresuma, XVI. mendea aurreratuxea izan arte gainera. Gerra zibil hura 1464an bukatu zen ofizialki, nahiz Vianako printzea 1461ean hil zen, baina elkarren etsai ziren noble taldeen jarrerak sekula ez ziren elkarrengana hurbildu. Bando batzuen zein besteen eraginak, eta Nafarroako erresumako gorteak bi zatitan banatu izanak, ez zioten utzi erregearen laguntzaile Leonor printzesari eraginik izango zuen lan koherenterik egiten. Foixeko etxeak 1479an erregetza hartu zuenean, eta berehala, 1484an, Albreteko etxearekin lotu zenean, ez zuen erreinuaren eta, batez ere, beamondar alderdiaren laguntzarik izan. Alderdihori Iberiako penintsulako agintarien interesetara makurtua zen, eta, beraz, oztopatu egin zuen ia beti bizitza publikoaren bilakaera normala; azkenerako, agramondarren alderdiko kide askok ere Fernando errege katolikoaren interesen alde egin zuten.

Nafarroak izan zituen azken errege-erreginak, Joan III.a Albretekoa eta Katalina Foixekoa, harreman estuak zituzten frantses politikarekin, erresuma hartan lurralde asko baitzituzten Frantziaren agintepean: Albreteko jaurerria, Biarnoko bizkonderria, Foixeko konderria eta jabetza horiei lotuta zeuden lur guztiak. Egoera latza bizi behar izan zuten gainera, Frantziako erregearen eta Gaztelakoaren arteko arazoek orekari eusteko eta bere hartan irauteko politika hauskor bat egitera behartu baitzituen Nafarroako errege-erreginak. Nafarroako erresumatik kanpoko gorabehera politiko horietan eragina izan zuen orobat erresuma barruko egoera tirabiratsuak, agramondarren eta beamondarren arteko harremanek giro gero eta ezin gobernatuzkoagoa sortzen ari baitziren. Testuinguru horretan, 1498an, Nafarroako erresumatik bota zituzten judu kristautuak, sartaldeko erresuma guztiek aldez aurretik egina zuten bezalaxe. Aldi berean, Joanek eta Katalinak lortu zuten administrazioan erreforma batzuk egitea eta noble matxinoei ondasunak bahitzea, erreinuaren kontrola lortzeko ahaleginean.

Azkenean, 1512ko uztailean, eta, Italian izan zituzten liskar batzuk zirela medio, Frantziaren eta Espainiaren artean sortu zen gatazka bitartean, Gaztelako soldaduek Nafarroako erreinuan sartu ziren eta Gaztelako koroarentzat beretu zuten. Nafarroako erresumako nobleen suminak ez zuen egoera berriaren alde baizik egin, eta Joan eta Katalina Biarnon zituzten lurretan babestu ziren.