Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia»Erdi aroa - Gizartea

Hirietako gizartea (XIV-XV. mendeak)

Lizarrako Parte Zaharra (Nafarroa).<br><br>

 

Gizarte antolamenduaren azterketa Nafarroako Erresumako hirietan: Iruñeko eta Lizarrako adibideak

Euskal Herriko hiribilduetako biztanleria gizartearen eta ekonomiaren aldetik nolakoa zen aztertzea ez da batere erraza.

Azterketa hori soil-soilik egin daiteke zergadunen ekonomia ahalmena kontuan harturik egindako zerga erroldarik badenean.

Hori horrela izan zen batez ere Nafarroako gizartean eta bereziki XV. mendearen lehen berrogeita hamar urteetan Iruñean eta Lizarran egin ziren erroldetan. Iruñeko burgu aberatsena San Nikolasekoa zen, bigarrena San Zernineko burgua, zilargile, zapatagile eta merkatari asko biltzen zituen hango Rúa de las Tiendas edo Denden Karrika aipagarria dela, eta, azkenik, Nafarreriako burgua.

1427-1435eko Iruñeko hiriko erroldari esker jakin daiteke Iruñeko biztanleen jarduera profesional gehienak zeintzuk ziren eta neur daiteke zein zen familia bakoitzak biztanle guztien multzoaren baitan zuen ekonomia ahalmena, kontuan harturik 1.457 ?su? zeudela guztira. ?Su?en %40etan baino gehiagotan adierazita dago biztanleen ofizioa. Horietatik %38 bigarren eta hirugarren sektorekoak dira. Biztanleriaren laurdenak oso bizi maila apala izan behar zuen eta ustekabeko ezbeharren batek pobretzeko arriskuan bizi zen. Biztanleriaren %10ak ekonomia maila ona zuen, eta %65 erdibideko mailan zegoen. Zergaren zama handiena merkatarien taldeak ordaindu beharizaten zuen, eta nahiz talde hori batez beste ez izan biztanleriaren %2,35 baizik, ordaindu, zergaren %10 baino gehiago ordaintzen zuen. Talde horrek zerga gisa ?su? edo ?familia? bakoitzagatik batez beste ordaintzen zuen kopurua 668,10 dirutara iristen zen.

37 merkatari ezagunen artean aipagarriak dira Gaubert de Bugat, Martín de Cruzat, Martín de Murillo, Martín López de Aoiz, Juan Lanzalot, Charles de Ataondo, Juan Miguel de Taijonar, Pascual de Esparza, Juan de Zalba, Domingo de Orbaiz ?1423an San Nikolas herriko zinegotzia zena?, Juan Palmer, Carlos de Pamplona, Miguel del Espinal eta Martín de Ezquiroz. Horiekin batera aipagarriak izan ziren baita ere Munárriz maisuaren familia, García López de Roncesvalles diruzaina eta Sancho Bichia harakina.

Nobleziako bi pertsona besterik ez zeuden erroldan, Juan de Espeleta ?jaun? zalduna eta León de Garro ?jaun? ezkutaria, ordaindu beharreko zergez eta ondasunmailaz goian aipatutakoen maila beretsukoak zirenak. Martín de Murillo eta Martín de Ezquíroz merkatariak, Sancho Bichia harakina eta Leon de Garro zalduna ziren lau pertsona aberatsenak.

Merkatarien taldea zen hain zuzen ere, legegizon eta notario batzuekin batera, XV.. ende hasieran Iruñeko udaleko aginpidea zuena. 1423an hauek ziren Iruñeko burguetako alkateak: Juan de Atondo merkataria, San Nikolas burguko alkatea, Miguel de Laceilla merkataria, San Zernineko burgukoa eta Simón de la Claveria dekretuetan batxilerra, Nafarreriako alkatea. 1424an, ?Batasunaren Pribilejioaren? ondoren Simón de la Clavería zen Iruñeko alkate, eta zinegotzien artean merkatari hauek zeuden: Miguel de Laceilla, Domingo de Orbaiz, Martín de Murillo, Martín Curzat, Juan de Zalba, Juan Palmer eta Salvador de Roncesvalles.

Zinegotzi guztiak merkatariak ziren, bi izan ezik, Martín de Ezaburu eta Martín de Lombier, notarioak biak, zereneta, ziur asko, Arnalt Pérez de Ezquiroz ere merkataria izango zen, eta Martín de Ezquiroz merkatariaren ahaidea agian. Alegia, Iruñeko 10 zinegotzietatik 8 merkatariak ziren.

Erroldan Iruñeko zinegotzi gisa ageri dira Miguel de Tajonar ?merkataria?, Juan Martínez de Villanueva ?notarioa?, Pascual de Ostabat, Belenguer de Aoiz ?salmentarako ahalduna-merkataria?, Charles de Ataondo ?merkataria?. Hauek dira biztanleriaren ekonomia mailaren batez bestekotik gora zeuden ofizioak: burelleroak, ostalariak, zapatagileak, sokagileak, ilaginak, armagileak, mihise-saltzaileak, errementariak, bizarginak, tintalariak, labezainak, pitxargileak, uhalgileak, baleztagileak, sarrailagileak, tabernariak, sendagileak, txalmaginak, eztainugileak, labangileak, brodalariak, tornulariak, zorrogileak, salmentarako ahaldunak, makilgileak, zilargileak, tripa-saltzaileak, notarioak, balaztagileak, etab.

Ondasun mailaz merkatariengandik oso urrun ez zeuden ofizioak harakinak, diruzainak eta batxilerrak ziren. Beste ofizio batzuk hiriko ekonomia mailaren batez bestekoaren azpitik zeuden: arotzak, larrugileak, atezainak, baratzainak, inaustariak, poltsagileak, harginak, orrazleak, artekariak, oihaletako ileen ebakitzaileak, ehuleak, larru ontzaileak, pergaminogileak, jostunak, etab.

Nolanahi ere, XV. mendeko Iruñerriko erroldari erreparatuta, argi ikusten da bigarren eta hirugarren sektoreko lanbideek zeregin garrantzitsua izan zutela Iruñean.

Iruñeko kale batzuen izenek ere lanbide horiek izan zuten zeregin garrantzitsua baiezten dute, nahiz hortik atera daitekeen ondorio bakarra izan kale horietan eskulangile talde jakin bat bizi zela. Kaleari berenizena emateko bezainbat nortasun izan zuten eskulangileak ziren horiek (Tecendería, Burellería, Pellejería, Correría, Cuchillería, Carpintería, Zapatería, Herrería, Mercado, rúa de las Tiendas, ?denda jabe asko kale horretan bizi ziren?, rúa de los Cambios, Carnicería). Kale batzuek eskulangile batzuen izenak edukitze hori oso gauza zalbaldua izan zen, bestalde, Iberiako penintsulako iparraldeko gainontzeko hiri nagusietan.

Hala ere, labangileak, burelleroak, uhalgileak, etab. XV. mende hasieraz geroztik bizi ziren Iruñeko kaleetan. Eskulangintzan ziharduen ekonomia sektorearen bizitasunak oihartzun handia izan zuen, haren eraginez sortu ziren erakunde korporatibo batzuk nahiko maiz agertzen baitira XIV.. endeaz geroztikako dokumentuetan. Horietako eskulangile asko Iruñea inguruko herrixketakoak ziren (Arroa, Arakil), haiek edo haien arbasoek zeinek bere herritik alde egin behar izan zutelarik bizimodua ateratzera.

Horren arrazoia hiriko biztanleek inguruko herrixka eta baserriekin zituzten ekonomia harreman zuzenetan datza. Izan ere, beste dokumentu batzuek argi eta garbi frogatzen dute eskulangileek eta merkatariek nekazaritza eta abeltzaintza ondasunetan zituzten interesak, nahiz nortasun berezia ematen zieten lanbide haiek hiriko lanbidetzat jotzen diren gaur egun.

Ehungintzan aritzen ziren biztanleak %5,6 ziren, haien artean aipagarrienak burelleroak ?46? eta sokagileak ?11? izaki.

Baina batez ere larrua lantzen ziharduen lanbide taldea da garrantzitsuena, %7,61, horien artean kopuruz aipagarrienak direla zapatariak ?41?, larrugileak ?35? eta txalmaginak ?25?. Ekonomia jarduerako biazpisektore horiek Iruñeko biztanleen proportzio handi bat hartzen zuten, Iruñeko eta inguruko eskualde osoko eskaria hornitzeko zegoen premiaren arabera. Maila ez hain garrantzitsuan, baina hala ere nahiko kopuru nabarmenean, eraikuntzako lanbideak ?%4,11? eta metalgintzakoak ?%1,71? zeuden.

Guztira, bigarren sektoreak Iruñeko ?suen? %20 baino gehiago hartzen zuen, lanbide horretan zihardutenen mutilak barne.

Baina horrez gainera, Iruñean hartua zuten bizilekua Nafarroako Erresumako merkatari nagusiek ?%2,53?. Iruñeak Gaztelarekiko eta Kantauriko ekialdeko portuekiko ?Donostia eta Hondarribia?, bai eta, Orreagako mendatean barrena, Frantziarekiko zuen kokaleku estrategikoaren eraginez, garraio hiri bihurtu zen, Nafarroako Erresumako garrantzitsuena hain zuzen.

Iruñeko merkatariak izan ziren gehienbat inportazioko ehunak eta beste salgaiak Nafarroako erregeei saltzen zizkietenak, bai eta nafarrei ere ?nekazari ondasun maila onekoei, eskulangileei, etab.?, edo erregeen mailegu emaile gisa aritzen zirenak. Merkatari horiek inportatzen zituzten oihalak eta larruak egiteko behar ziren gaiak ?tinteak, kolore finkatzaileak, etab.?.

Horietako merkatari batzuek ez bakarrik zituzten berentzat lan egiten zuten salmentarako ahaldunak, orobat izaten zituzten eskulangileak soldatapean. Hala, adibidez, erroldaren arabera, Martin de Murillok salmentarako ahaldun bat eta larrugile bat zituen.

Merkataritza elkarte asko zegoen Iruñean, kristauen eta juduen artekoak barne.

Esate baterako, 1426an, Miguel de Laceilla merkataria, eta haren salmentarako ahaldun Miguel Arteiz elkar hartuta zeuden Nazán Medellín, Nazán Zarruch eta Jento de Rabidavidekin.

Bestalde, Comptoen Ganbara eta Gorteko Auzitegia Iruñean egoteak ekarri zuen erosteko ahalmen handia zuen ?funtzionario? kopuru handi batek hiri horretan bizileku hartu izana. Hirugarren sektoreak Iruñeko ?suen? %10,15 hartzen zuen. Baina Nafarroako hiribildu gehienetan nekazariak ziren gizarte talde nagusia (Biana, Urantzia, Agilar, Huarte Arakil, Etxarri Aranaz, etab.) Diru kopuru handiena merkatariek ordaintzen zuten, hura izanik ondasun gehien zituen taldea, zerga banatu baitzen ?suen? eta bizilagunen aberastasunaren arabera.

Baina udaleko zinegotzi gehienak ere merkatariak ziren, eta horrek esan nahi zuen talde horrek ospe handia zuela eta indarrean zegoen bozketa sistema itxiak bidea ixten ziela biztanle gehienei ?izendapenak kooptazioz egiten ziren?; gainera, kargu hari esker merkatariek ez bakarrik gailendu zitezkeen politikan, orobat egin zezaketenberen ekonomia jardueren alde. 1423ko ?Batasunaren Pribilejioa? zeritzanak udal administrazio bakarra ezarri zuen lehen aldiz Iruñean. XI. mende bukaeraz geroztik eta ia Erdi Aro osoa bitartean Iruñeko lurraldeak lau burgu izan zituen, politikaren eta gizartearen aldetik ondo bereiziak (Nafarreria, San Migel, San Zernin eta San Nikolas).

XIII. mendean lau burgu horien ordez hiru burgu gelditu ziren, Nafarreriak San Migeleko burgua beretu baitzuen.

Lizarran gehien ordaindu zutenen tasa ?merkatariak, ezkutariak, notarioak eta maisu eskulangileak? Iruñeko burguetan haiekin pareka zitezkenena baino askoz handiagoa izan zen. Beraz, zergen banaketak berdintasunerako joera handiagoa izan zuen, ustez, Lizarran Iruñean baino. Batez besteko zerga tasa askoz handiagoa izan zen halaber Lizarrako hiribilduan. Ekonomiaren eta gizartearen aldetik kale biziena eta indartsuena Rúa de las Tiendas izan zen, San Pedro de la Rua parrokiaren ondoan zegoena. Urte haietako bi alkateak, ezagutzen ditugunak behinik behin, kale hartan bizi ziren eta merkatariak ziren, baina kale hartan bertan bizi ziren baita ere Sancho Pérez de Andosilla eta Lope de Baquedano ezkutariak, Martín Jiménez de Sotes, Nicolás de Echavarri, Martín de Echávarri eta Juan de Sangüesa notario ospetsuak eta Juan de Oteiza doktorea, Lizarrako familia garrantzitsu bateko kidea. Judu auzoak Lizarrako bigarren eta hirugarren sektoreko ekonomia jardueren garrantzia indartu zuen.

Halaber, merkatariek, ontzigileek, garraiolariek, arrantzaleek eta eskulangileek indar handia izan zuten Euskal Herriko kostaldeko hiribilduetan (Bilbo, Bermeo, Donostia, Hondarribia, Lekeitio, Portugalete, Baiona). Beste hiribildu batzuetan, Durangon, Bergaran eta Gasteizen, adibidez, bazen ehungintzan ziharduen eskulangile kopuru bat, baina Gasteizko hirian, XV.. endean, handia zen oraindik ere nekazaritzan ziharduten biztanleen kopurua. Hiribildu horiek ere izan ziren inguruko herrixka eta baserrietako gehiegizko biztanleen hartzaile.

 

Udal aginpidea eta aginpide horretara iristeko bideak: Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko hiribilduetako adibideak

Baina, nork agintzen zuen Euskal Herriko hiribildu eta hirietan? Zer gizarte sektoretik zetozen herri horietan agintzen zutenak? Nola aukeratzen ziren udalbatzetako ofizialak? Garrantzi handiko gaia da hori hirietako gizarte osoa nola antolatuta zegoen ulertzeko, eta zentzu horretan aldaketa handiak izan ziren XIV. eta XV. mendeetan, Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban izandakoak hobe ezagutzen direla. XIV. mende erdialdetik aurrera Gaztelako erresumako hiribildu nagusietako hauteskundeetan izan ziren aldaketak askoz beranduago iritsi ziren Araba, Gipuzkoa eta Bizkaira.

?Errejidore bidezko? sistema zorrotzak, indarrean jarri zen hiribildu haietan, ez zuen antz handirik Burgus, Cuenca eta gisa horretako hirietan zegoenarekin, urtero egiten baitziren hauteskundeak eta errejidoreak ez baitzituen erregeak izendatzen, errejidore karguak ez baitziren herentzia bidez ematen eta ofizialen karguak ez baitziren erosten.

Euskal Herriko hiribildu askotan ofizial ?errejidoreen? sistema oso berandu ezarri zen. Gaztelako Isabelek eta Fernandok, udaletako oligarkiako sektore batzuekin bat eginik, eta ahaide nagusien borrokak buka zitezen ?herriak? egina zuen eskaria ikusirik, erreformak egin zituzten Euskal Herriko hiri eta hiribildu gehienetan XV. mendearen azken laurdenaz geroztik.

Egintza politiko horrekin nahi zen ahaide nagusiengandik urrunen zeuden oligarkiako sektoreen alde jokatu, bai eta monarkiaren administrazioak udalerri horietan zuen kontrola indartu eta udalerri horiek gehiago sartu ere beren erakunde, gizarte eta ekonomia organigramaren baitan. Erreforma horien bidez amaiera eman nahi zitzaion udal aginpidea eskuratzeko edo udalbatzan ofizio jakin batzuk hartzeko hiriko talde edo alderdien artean zegoen gatazkari; era berean, monarkiak sendotu egiten zuen udaletan zuen aginpidea, udalerri horietako arazo ugariak konpontzeko esku hartu beharra zeukala onartzen baitzitzaion, bere aginpide ahalmenaren bidez eta epaileak edo bitartekoak izendatuz. Hiribildu gehienetan, ahaide nagusien baitakoak ez ziren edo indarrez ?alderdi buruen? jarraibideetara makurtu behar izan zutenbiztanle talde batzuek errege-erreginak emandako ordenantza horiek hartu zituzten oinarri, udaletako aginpide era berriak proposatzeko.

Biztanle talde horien artean egongo ziren ziur asko itzal handiko etorkia zuten eta alderdi zaharretan tarteko ibiliak ziren pertsonak eta familiak. Aldez aurreko egoerak ez zuen irtenbide askorik uzten, ez bazen ?hirietako komunitatearen? baloreak defendatzea, partikularren interesen kaltetan (alderdiak, etab.). Nolanahi ere, aldaketa horien ondorioz, udaletako erreformen bidez udalbatzak kontrolatu zituzten gizarte taldeen interesak nagusitu ziren.

Hausteskunde ordenantza berriak indarrean jarri ondoren, aldez aurretik hirietako alderdietan antolatuta egon ziren familien ondorengoek indar politiko handia izaten jarraitu zuten, oro har, Araba eta Gipuzkoako probintzietako eta Bizkaiko jaurerriko udalbatzetan (Alava, Maturana, Aiala eta Iruñatarrak Gasteizen, Arbolantxa eta Legizamondarrak Bilbon), nahiz garrantzi handia hartua zuten beste familia batzuekin banatu behar izan zuten aginpide hori.

Alderdien sistema baztertua izan zen, baina leinuek, maila apalagoko gizarte eta familia taldeak ziren neurrian, bazuten oraindik ere indarra. Ordenantza horietan ez da soilik aipatzen alderdiek udaleko politikan zuten eraginari amaiera eman nahia, orobat deuseztu nahi zuten gizarte erakunde batzuek zuten eragina, esate baterako, marinel eta arrantzale kofradia jakin batzuena (Donostia, Bermeo) edo zaldunena edo lanbide batzuena (Bilbo), hiribildu batzuetan azkenean baztertuak izan zirenak eta ez zutenak inondik ere esku hartzerik izan udaleko politikan, baina beste batzuetan, aitzitik, udalbatzan garrantzi handiko karguak hartu zituztenak (Lekeitio). Antzeko zerbait gertatzen zen kofradia jakin batzuek hiribildu batzuetako udalbatzan zuten eraginarekin (Tolosa eta Segura).

Oro har, hirietako ?oligarkia zaharrek? jarraitu zuten Euskal Autonomia Erkidegoan ekonomiaren eta demografiaren aldetik garrantzi handiena zuten herrietako aginpidea izaten eta, neurri batean, aginpide hori monopolioan hartzen edo ?berentzat soilik gordetzen?. Horrela gertatzen zen, adibidez, Bilbon, Gasteizen, Portugaleten, etab. Baina nagusi ziren taldeek nahitaez moldatu behar izan zuten ekonomiaren aldetik indartsuak edo ez hain indartsuak ziren beste familia batzuek ere sartzea izango zuten erakundeen eta politikaren antolamendu berri batera. Kasu batzuetan irekitze moduko hura betidanik pribilejiatutzat hartuak izan ziren taldeen mesederako izan zen.

Aitorensemeek ez zuten beti eta hiribildu guztietan udaleko aginpidea eskuratzerik izan (Biasteri). Udaleko ofizial berriak izendatzerakoan, Euskal Herriko hiribildu gehienek hautesleak izendatzen zituzten eta bozketak botoak zakuan sartu eta gero zenbatuz egiten ziren.

Euskal Herriko hiribildu jakin batzuetako beste berrikuntza bat udaletako ofizial gisa jardungo zuten diputatuen kargua sortzea izan zen (Gasteiz, Bilbo, Biasteri, Agurain, Arrasate, Ordizia, Elgoibar, Azpeitia, etab.). Diputatu kargu hori hartu nahi zuten pertsonek betebehar batzuk bete behar zituzten: biztanle talde eragile eta ekonomiaren eta gizartearen aldetik maila goi samarrekoak izan behar zuten, eta gero eta gehiago hartzen zen kontuan halako kultur prestakuntza bat izatea. Familia aitorenseme batzuek diputatu kargu horretan ziharduten hiribildu batzuetan (Biasteri, Bilbo).

Bestalde, Gasteizko ereduari jarraitzen zioten hiribilduetan diputatu guztiek ofizial gisa jarraitzen zuten urte osoan zehar, eta udaleko batzar guztietan parte hartzen zuten, hautesleak hautatzeko bozketan parte hartzeko eskubiderik ez bazuten ere; beste kasu batzuetan, berriz, gobernatzeko ahalmen handiagoa eman zitzaien, hauteskunde prozesuetan parte hartzeko aukera izaten baitzuten (Bilbo). Udalen bilakaera politikoa ikusita, pentsa daiteke kasu askotan diputatuen karguek sistema hori indarrean zegoen hiribilduetan gerora alkate, errejidore eta prokuradore izango zirenak prestatzeko eta trebatzeko balio izan zutela.

XV. mendearen bukaeran baziren Euskal Herrian udalak erreformatzeko bizpahiru eredu: Gasteizko eredua, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko hiribildu batzuetara eta Cantabria (San Vicente de la Barquera) eta Errioxako (Logroño) herri jakin batzuetara zabaldu zena; Bizkaiko eredua, Chinchilla lizentziadunaren ordenantzak ardatz zituena eta Bilboko ordenantzetan oinarritua zena eta, azkenik, Donostiako hiribildua erreferentzia nagusitzat harturik, Gipuzkoako kostaldeko herri batzuetara zabaldu zena (Hondarribia, Errenteria, Oiartzun, etab.), nahiz horietako herri batzuetan Gasteizko ereduaren eragina izan zuten (Mutriku).

Aipatu behar da, bestalde, ez zela aski hiribilduetako biztanle izatea udalean kargu bat hartzeko eskubidea izateko. Udaleko kargu-gaiei ez bakarrik eskatzen zitzaien ondasun maila jakin bat izatea ?XV.. endean oraindik argi eta garbi adierazten ez zena?, edo ezein bando edo alderdiko kide ez izatea; maiz hiribildu batzuetako ordenantzek berek eskatzen zuten orobat gune hesituaren barruan bizi behar izatea eta etxe eta ondareen jabe izatea (Tolosa, etab.). Eskakizun horiek zirela eta, nekez zenba daitekeen biztanleriaren zati batek ez zuen hautesle izendatua izateko eskubiderik, eta kasu batzuetan ikus daiteke udaleko karguak eskuratzeko aukera zutenakaskoz gutxiago zirela. XIV. eta XV. mendeen bitartean harreman mota berri bat sendotuz joan zen arian-arian hirien, nobleen eta monarkiaren artean, bai eta antolamendu berri bat ere hirietako gizartean eta noblezian.

Baina eguneroko jarduera politikoan, hauteskundeetan izan ziren berrikuntzek eta aldaketek ez zuten hiriko patrizioen multzoa osatzen zuten familia kopurua zabaltzera baino areago joateko aukerarik eman.

Era batera edo bestera, Bilbon, Gasteiz eta Donostian ?hiriko patrizio talde bat? sortuz joan zen, alegia, udaleko aginpidearen kontrola nola edo hala monopolioan hartzen joan zen talde bat. Zehatzago esanda, barruko merkatuetan, Gaztelan, eta kanpoko merkatuetan, Ingalaterra, Frantzia eta Flandrian, artilearekin eta burdinarekin salerosketan aritzen ziren merkatariak hasi ziren gailentzen. Ondasun handienak hain zuzen ere azken ekonomia jarduera horren bidez bildu ziren eta batez ere itsas bideko merkataritzaren bidez edo ontzigintzaren bidez ?Bilboko ontzigileak: Martín Díaz de Mena, Iñigo de Artieta, Francisco de Artieta, etab.?.

Gainera, jatorri euskalduneko familia batzuek, beren kapitalak nekazaritza, abeltzaintza, arrantza, burdina, merkataritza, garraioa edo era askotako errentetatik ?hamarrenak, bide sariak, etab.? ateratako mozkinekin osatua zutenak, beretzat hartuak zituzten merkataritza eta untzigintza jarduerak. Familia horiek oso desberdinak ziren etorkiz ?aitoren semeak, Salazartarrak (Ahaide Nagusiak) Portugaleten, Legizamondarrak (Ahaide Nagusiak) eta Arbolantxatarrak (Ahaide Nagusiak) Bilbon, Mezetatarrak (Ahaide Nagusiak) Gernikan, Asua eta Salinastarrak, etab.); kristautuak (Sánchez de Bilbaotarrak Gasteizen) edo hasieran aitoren semeak ez zirenak (Bilboko Zurbarandarrak, geroztik nobletuak, etab.) ?.

Euskal Herriko udalerri askotan eskulangintzak eta merkataritzak izan zuen berpizkunde horrek iraungo bazuen, udaletako aginpide politikoa eskuratu beharra zekarren.

Olagizonek oso udal kargu gutxi kontrolatu ahal izan zituzten, Oiartzunen izan ezik, han haiek hartu baitzituzten udaleko ia kargu guztiak 1508 arte. Gainerantzean, Euskal Herriko udaletako alkate, errejidore eta preboste karguetan berehala nagusitu ziren hirietako familia nagusietako kideak, merkataritzan eta ontzigintzan zihardutenak ?Pedriza Portugaleten eta Basurton?, gehienbat merkataritzan aritzen zirenak ?Legizamon Bilbon, Adán de Yarza Lekeition edo Sánchez de Maturanatarrak, Martínez de Alavatarrak eta Martínez de Vergaratarrak, Gasteizko bi alkatetzen artetik bat hartua zutenak, edo Elduaien eta Ojanguren Donostian, familiako kideen artean merkatariak zituztela?.Gizarte maila berri horretatik, familia horietako kideek, administrazioan egoteak sortzen zizkien errentak eskuratzeaz eta hiriak hornitzeko ardura hartzeaz gainera ?XV. mendearen bukaeran Andaluziako laboreak inportatzen zituzten Bizkaira?, saiatu ziren gizartean eta ekonomian zuten eragina sendotzen eta inguruetako baserri eta herri txikietara zabaltzen ?lurraren eta elizateen gaineko barruti nagusitasuna, lur jabetzak erosiz inbertitzea?, salgaiak berriro banatzeko lekuen gaineko kontrola monopolioan hartzen ?Bilbo, Miraballes (1375), Portugalete (1459), Donostia (1489)?, beren mesederako burdinaren prezioak kontrolatzen, edo burdinaren merkaturatzea beren eskuetan kontzentratzen ?Balmaseda (1488)? eta ahalik eta gehien aurrerarazten, edozein traba mugatuz, berek eta beren familiek ondasunak ateratzeko baliatzen zituzten jarduerak.

 

Hiribilduek gizarte bizitzan zuten eragina

Euskal Herriko hiribilduen kezka nagusietako bat beren biztanleak alderdi guztietan hornitzea izan zen. Kostaldeko hiribilduek bazuten, gainera, ontzigintzarekiko kezka. Ontziak eraikitzeko arauak eman zituzten, jakina, eta kasu batzuetan ugazaben eta langileen arteko harremanak arautzen saiatu ziren. Batzuetan, eskulangile batzuek beren lanagatik gehienez kobratu behar zuten diru kopurua eta kontsumitzaileekiko beste betebehar batzuk finkatu zituzten (Lekeitio). Merkataritzari dagokionez, salerosketa zuzena ahalik eta gehien bultzatu zuten, alegia, salgaiekin espekulatu eta salgaien jatorrizko prezioa igoaraziko zuten merkataritza bitartekorik egotea eragotzi nahi zuten. Horretarako, salgaiak berriz saltzea debekatu zuten eta, batzuetan, zehaztu eta guzti egin zuten debeku hori zer produktuei zegokion: ardoa, sagardoa, laboreak, sagarrak, mihiseak, oihalak, etab.

Arraina gutxika saltzen zuten andreek eta oihal saltzaileaek hiribilduko biztanle petxadunak izan behar zuten ?medikuek eta botikariek aldiz ez?, eta arraina gutxika saltzen zuten andreek plazan saldu beharra zeukaten portuan erosten zuten arraina.

Horrez gainera, udalbatzako ofizialek harakinen produktuen kalitatea, okinek egindako ogiaren pisua edo errotarien eta labezainen lan egiteko modua kontrolatzen zuten. Udal agintariek protekzionismo handia zuten beraz kontsumitzailearekiko. Arau batzuek produktu jakin batzuk saltzeak bertako dendariei egiten zien konkurrentzia gutxitzea zuten helburu. Nolanahi ere,lanbide horietan zihardutenek kofradiak edo elkarteak antolatu zituzten beren interesak hobe defendatu ahal izateko (Baiona, Arrasate, Iruñea, Gasteiz, Bilbo, etab.).

Bestalde, gari eta gatz neurriak ?anegak, laurdenak, iminak, lakariak, etab.? udalerrien kontrolpean erabili behar ziren.

Gezurrezko neurriak erabiltzen zituztenak esetsi egiten ziren, debekatua zegoen azokan saldu beharreko garia zakuz aldatua izan zedin, bertan kontsumitzekoa zen sagardoaren gehienezko prezioa ezarri zuten, debekatua zegoen etxeetara eta sotoetara saltzeko ekarritako labore, gaztain, intxaur, urra, artatxiki, ilar eta babek lehenengo lehian iristen zuten prezioa aldatzea, debekatua zegoen orobat ?Gaztelako Ogiaren? eta ?Itsasoko Ogiaren? prezioa aldatzea eta zehaztu ere egin zuten oihal eta bitxiak berriz saltzen zituzten andreek ezin zutela soldata gisa marabedi bat baino gehiago irabazi 50 marabediko salmentaren truke.

Gipuzkoan eta Bizkaian labore gutxi produzitzen zenez, Gipuzkoa eta Bizkaiko hiribilduek ordenantzen bidez arautua zuten portuetan deskargatzen zuten laboreen erdia hiribilduan saldu beharra zegoela eta beste erdiaren gainean hiribilduko biztanleek lehentasuna izango zutela. Gainera, udalak ardura hartu zuen itsasontzietan ez zedin udalaren baimenik gabe ez laborerik, ez beste salgairik kargatu, hala nola, intxaurrak, urrak, gaztainak, hirugiharreak, egurrak, ezti upelak, etab. Baina ezin zitekeen ezta ere mahatsik, ardorik edo sagardorik itsasoz edo lehorrez inportatu, hiribilduko biztanleek horrelako salgairik bazuten bitartean. Neurri horiek guztiek hiribilduko kontsumorako gaien ugaritasuna eta prezioak merkatzea lortu nahi zuten, eta aldi berean eguneroko merkatuaren bizitasuna egiaztatu bide zuten. Baina udalek horretan zuten ardura ez zen musu truk, zergak kobratzen baitzituzten salgaien salmentagatik.

Aipa litezke baita ere udaleko pisuak eta neurriak erabiltzeagatik udalak dendariei ematen zien oniritziaren truke udalak eskatzen zizkien eskubideak edo udalaren zigilua edukitzeagatik eskatzen zitzaizkienak, zigilu hori bermea baitzen kontsumitzaileentzat.

Hiriko gizarteak ordenantza batzuk egin zituen ordena publikoa mantentzeko, eta horretarako bere auzi eta zigor sistemak indartu zituen. Horietako ordenantza asko gorde dira Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan eta Iparraldean. Ordenantza horien helburuetako bat istiluak eragoztea izan zen eta gizartean bakea eta justizia iristen laguntzea hirietako alderdi eta leinuak, aginpide politikoa nork eskuratuko, borrokan ari izan ziren garaian. Sarritan, udalak zuzenean zigortzen zituzten udal justiziari matxinatzenzitzaizkionak, debekatzen zuen orobat herritarrek hiribilduaren barruan armak izan zitzaten, behartzen zituen herritarrak alkateei armak erakustera, alkateak hala eskatuz gero, agintzen zuen alkateari lagundu egin behar zitzaiola, agintzen zuen ezin zirela babestu inor hiltzeaz akusatuak izan zirenak eta saiatu beharra zegoela baita ere hiribilduko familien artean arma bidezko liskarrik ez sor eta batez ere zabal ez zedin; hala dator aipatua Lekeitioko ordenantzetan.

Azken puntu horrekin zerikusia dute hiribilduan borroka egiteko kanpoko ezkutaririk sartzea edo atzerritarrek hiribilduan armak sar zitzaten debekatzen zuten artikuluak.

Alegia, hiritar edo familien arteko liskarrak eta ezinikusiak konpontzeko batzuetan hiribildutik kanpoko indar militar mertzenarioen laguntza eskatzen zuten batzuek, gehienbat ezkutariena. Neurri horiekin udalak, bistan da, liskarrak larritzea eragotzi nahi zuen. Baina orobat zigortzen zituzten justizia betearazten zutenen aginpidearen erabilera gehiegiak edo bidegabekeriak.

Auziak nola bideratu behar ziren arautzea, alegia, auzi sistema, auzien lastertasuna eta iraupena, auziak eta gora jotzeak zer epaitegi edo erakundeetan tramitatu behar ziren, eta, zehazki, udalari alkatearen sententziak berrikus zitzan eskatzeko aukera, kontuan hartu beharreko oinarri-oinarrizko alderdiak ziren hiribilduetan zuzenbidea emateko orduan eta alderdi horiek maiz jasoak izan ziren hiribilduetako ordenantzetan.

Aipatu beharra dago, hala ere, emakumeen lekukotasunak gizonenak baino gutxiago balio zuela auzietan eta baita delitu jakin bat egiteagatik herritaren bat salatzerakoan ere.

Ordenantzetan jasoak zeuden lege hausteei jartzen zitzaizkien zigorrak, bai jabego pribatuaren kontrakoak ?ondasunen lapurreta; lur ondasunetan abereek egiten zituzten txikizioak, kasu horretan abereak hil zitezkeelarik eta kalteak jaso zituztenek abere hilaren haragi guztia beretu zezaketelarik, baldin eta zerria bazen, eta haragiaren erdia, baldin eta ardia edo ahuntza bazen, horrelakoetan haragiaren beste erdia zinegotzientzat zela; zergak ez ordaintzea, etab.?, bai etika eta moralarekin zerikusia zuten auzietan pertsona partikularrei egiten zitzaizkien laidoei zegozkienak ?puta, lapurra, traidorea, adarduna, ?ribaot? eta gisa horretako irainak?, edo indarkeriazko jarrerei zegozkienak ?ukabilkadak, harrikadak, labankadak, labanaz egindako mehatxuak oro har eta bereziki mendekoek edo nagusiak bazkatutako morroiek armaz nagusiei egiten zizkieten mehatxuak, etab.?, udaleko agintarien, alkateen eta zinegotzien kaltetan egindako lege hausteei zegozkienak, alegia, laidoa, matxinatzea edo agintarihoriei ez laguntzea eta, azken batean, udal ordenantzetan jasoak zeuden xehetasun eta erabaki guztien aurkako egintzen zigorra. Zigorrak zehatz-mehatz adierazteak, arinenak isunak eta larrienak hiribilduko espetxean edo ?katean? giltzapetua izatea zirelarik, garbi erakusten du udalak ardura handia zuela hiriko bizitza osoa arautzen.

Izan ere, artikulu batzuek zehatz adierazten dute atxilotzea nola egin behar zen, eta azpimarratzen dute garrantzizkoa zela oso zigorrak bete beharra, izan isunak edo izan kartzela zigorrak. Zigortuak kartzelara eramateko erantzukizuna hiribilduetako prebosteena edo barruti epaileena zen.

Hiribilduetako udal ordenantzak, bizilagunen premiak adierazteaz gainera, bideratu nahi zen egitasmo bat ere baziren.

Errealitateak frogatu zuen, hala eta guztiz ere, ordenantza horietako atal bakoitza mamiz eta azalez zehatz-mehatz idaztea, eta hiritarrak kontrolatzeko eta zigortzeko sistema indarrean jartzea ez zela aski izan hiribilduetan izaten ziren ordenantza hauste ugariei aurre egiteko. Ordenantzak, batez ere, egitasmo politiko oso bat ziren, hiribilduko (Lekeitio) biztanle guztien arteko elkar bizitza ahalik eta lasaien eta baketsuen izan zedin laguntzeko asmoz eginak. Baina elkar bizitza horren sustrai ideologikoek kristautasunaren eragin handia zuten, eta haren jarraibide nagusiak ziren kontsumitzaileak babestea espekulatzaileen gehiegikerien aurrean, eta biztanleak elikagaiez hornituak egon zitezen ziurtatzea, bai bertako produktuen protekzionismoaren bidez eta bai lehorreko bideak eta, batez ere, itsaso bidezko komunikabideak indartuz.