Historia»Erdi aroa - Gizartea
Aldaketa eta feudalismoaren sendotzea (XI-XIII. mendeak)
Aginpide feudalaren sendotzean izan
ziren lekuan lekuko eta garaian garaian garaiko
erritmo desberdin horietxek ematen
dute aditzera feudalismo aurreko aldaketa
prozesua, edo, G. Boisek finkaturiko esapidearen
arabera, “milagarren urteko iraultza
feudala”.
Aldaketa horren oinarria, grosso modo,
eta azken ikerketen arabera (Juan José Larrea),
“nekazari familiaren produkzio ahalmena
areagotu zuen hazkunde prozesu bat
izan zen, eta horrekin batera aginpidearen
egitura tradizionalaren krisia ere bai, krisi
harekin amaitu baitzen erregearen aginpidearen
monopolioa, eta ondorioz ondasun
publikoak aristokraziaren eskura igaro, eta
jaurerria eta monarkia feudala sortu baitziren”.
Ordena tradizionalaren haustura
Gaur egungo Hego Euskal Herria osatzen
duten lurraldeen gaineko ikerketek, eta
orobat inguruko lurraldeen gainekoek, Antso
III.a Handiaren erreinaldiaren garrantzia
azpimarratzen dute ia guztiek. Batez ere,
haren ondare politikoaren transzendentziagatik,
eta bere mendeko lurraldeak semeen
artean banatu izanagatik.
Banaketa horrek printzerri feudalen
–edo are erreinuen– sorrera bideratu zuen;
izan ere, anai arteko borrokaldiak nagusitu
ziren lurralde guztian, halako eran non
erreinu hautsi hartako baroiek aginpidea
beretu izan ahal zuten, eta erregearen monopolioa
desegin, eta horri esker jatorri
publikoko errentak jaunen ondare pribatu
bihurtu ziren.
Baroien arrakasta, erregearekiko zuten
mendekotasuna bi aldeen arteko itun eta
zin bihurtu zelarik, historiografia tradizionalak
azaltzen duen ideia bat da. Eta ideia
hori berresten dute Juan José Larreak eginberri dituen ikerketek, bai Naxerako Gartzearen
erreinaldiari dagokionez –eskualde
hartako aristokrata taldeei buruz–, bai Antso
I.a Peñalengoarenari eta Aragoikoarenari
dagokienez. Ñabardurak eta berezitasun
soziopolitikoak gorabehera, ideia hori
bera hartu genuen kontuan Gaztelako kasurako
ere, duela gutxi argitaratu den artikulu
batean García de Cortázarrek eta nik
neuk, bai Oña eta Valdegovia inguruko infantzoien
jarrera zela-eta, X. mende bukaerako
eta XI.aren hasierako kondeen aginpideari
zegokionez; bai Antso Gartzia infanteak
bere aita García Fernández kondearen
kontra eginiko errebelamenduari zegokionez,
eta baita garai haietan Nafarroaren
eraginpean zeuden arabar lurrei zegokienez
ere.
Azken finean, garai hartako arazo soziopolitikoak
medio, aginpide mailak eta
esparruak zehaztu ahal izan ziren, hierarkia
baten arabera, herri, eskualde eta erreinuetan.
Jaunen aginte gosea eta nahiak ase
ziren, eta erregearen aginpidearen monopolioa
desegin zuten, aginpide hori eskuratzeko
aukera eman zieten mekanismoak
erabiliz.
Erregearen monopolioa, grosso modo,
honela defini daiteke: “Erreinu osoan zehar
hainbat jabetza (lurrak, errotak, elizak
eta monasterioak, basoak, bazkalekuak,
azienda…) izateko eta administratzeko ahalmena,
nekazarien produkzioaren gaineko
zergak biltzekoa, lurraldearen zaintza eta
mantenuko eskubide militarrak eskatzekoa,
justizia banatzekoa, eliz gune garrantzitsuetan
babesa indarrez jartzekoa, etab., eta
horrez gainera, onurazko emaitzak erregeak
bere nahierara banatzeko ahalmena, eta
eskura izatea aberastasun iturri garrantzitsu
eta bizkor bat, nola baitzen parias-en urrearen
eta zilarraren aberastasuna”. Diru iturri
horiek handikiek erregearekiko leialtasuna
errespetarazteko balio zuten (J.J. Larrea), eta
era berean erreinua administratzeko eta
kontrolatzeko sistema bat osatzen zuten,
aginpidearen antolamendu tradizionala desagerrarazieta aginpidea aristokraziaren
ondare bihurtu zuena.
Nobleek erregearen abantailak eskuratzeko
erabili zituzten mekanismoetan ohoreak
eta tenentziak emateko sistema azpimarratu
ohi du historiografiak (Corona,
Lacarra, Ubieto, Sesma, Laliena…). Onurazko
emaitza zen gaztelu baten zaintza eta
barruti baten gobernua, eta, zenbait egilerentzat,
barruti horietako bakoitzean erregearen
zerga eskubideen erdia lortzea ere
bazekarren, eta, orobat, justiziaren banatzetik
bilduriko zergen parte bat eskuratzeko
aukera. Hala ere, Juan José Larreak Nafarroari
buruz egin dituen azken ikerketetan
adierazten duen bezala, “leialtasunaren
truke egiten diren onura emaitza guztiak ez
dira lotu behar gotorleku baten jabe izatearekin”,
Iruñeko erreinuan behintzat, eta,
era berean, “tenentzia jabe bati eginiko
(ohoreen) emaitzak ez daude nahitaez tenentziari
organikoki lotuak (…); izan ere,
tenentzia eta ohorea, biak ere leialtasunaren
truke lorturiko onurak izan arren, bi
gauza desberdin baitira”.
Ikusten den bezala, gai aski nahasia da
hau, eta azterketa sakonagoa eskatzen du,
zehaztasun gehiago eta geografia eremu bakoitzaren
araberako berezitasunak ezagutu
ahal izateko. Batez ere, XI. mendearen
azken herenetik aurrera, penintsulako iparraldeko
erreinuen eta haien mugen berregituraketa politikoaren ondoren, eta orobat
gizarte ordenan eta erregearen eta aristokrazia
taldeen harremanetan gertaturiko
aldaketak kontuan hartuta.
Aristokraziak aginpidea bereganatzeko
erabili zituen mekanismoei dagokienez, lehenago
adierazi dugun bezala, gogoan izan
behar dira aginpide publikoaren antolamenduaren
oinarrizko mailak, adibidez villa-k
eta barrutien tenentziak; izan ere, maila edo
egitura horiek, alde batetik “bai zergak, bai
betebeharrak eskatzeko oinarrizko zerga
unitate gisa”; eta, bestetik, “justiziaren eta
defentsaren banatzeko egitura” gisa behar
dira hartu (J.J. Larrea).
Zailagoa izango da, ahalegin horretan
aurkituko diren oztopo enpirikoak direla
eta, jakin nahi izatea ea zertan nabarmentzen
diren eskubide horiek guztiak zergei
dagokienez; izan ere, erreinuaren antolaketa
egituretan harreman nahasketa handia sortu
zen aginpide politiko, ekonomiko eta
sozialaren artean, eta horrez gainera, inmunitate
edo salbuespen eskubideak ematen
zitzaizkien hainbat ajente soziali.
Errenta feudalak eskuratzeko mekanismoek
erregearen aginpidea hondatu eta
desegin zuten, baina mekanismo horien
ondoan, ez dira ahaztu behar beste batzuk,
aginpide publikoari garrantzia kendu ziotenak.
Hala, kontuan hartu behar dira mailegu
emaitzak eta opariak, jatorri bisigodoko
precaria eta maileguak (Sánchez Albornoz).Dirudienez, feudalismoaren aurreko
beneficium-aren baliokide ziren X. mendean,
eta XII. mendetik aurrera feudo bihurtu
ziren, bai Gaztela-Leongo eremuan,
bai Nafarroa-Aragoikoan. Mailegu eta opari
haiek itzulerarik gabeko etena sortu zuten
koroaren eta erreinuaren antolamendu
tradizionalean, eta gizonengan eta lurretan
izan zuten eragina, eta orobat errenta feudal
bihurtu ziren haien gaineko eskubideetan.
Aristokraziak eskubide horiek eskuratu
eta bere ondare bihurtu nahi izan zituen
XI. mendearen bigarren herenetik aurrera,
Naxerako Gartzearen eta Antso IV.aren
erreinalditik aurrera, erreinuko baroi eta
jaun nagusi batzuen jokabideak erakusten
duenaren arabera. Hori da, adibidez, Bizkaiko
jaunen kasua, Naxera eta Calahorrako
Errioxako hiriei, eta oro har Errioxa guztiari,
dagokienez (gero Gartzea Ordoñez kondearen
eskumenera igaro ziren lur haiek,
eta haren mende geratu ziren egungo Euskal
Herriko iparraldeeneko lurraldeak); edo,
nafar-aragoitar baroi eta jaun batzuen kasua,
hala Naxerarik Zangozaraino tenentziak
eta Nafarroako ipar-ekialdeko barrutiak
beren mende zituzten Iñigo eta Fortun Sanzen
kasua; edota Nafarroako konderria eratzean
Antso Santxez kondearen gobernupean
sortu zen egoera.
Nafarroako konderria Gaztelako erregearen
mende zegoen Alfontso VI.aren garaian;
Aragoiko erregeak (Antso Ramirezek)
konderri haren izenean zin egin zuen, baina
Errioxako Gartzea Ordoñez eta Urraka
jaun-andre guztiz ahaltsuen alabarekin
ezkonduta zegoen konde baten (Antso Santxezen)
mende gelditu zen gero. Era berean,
Lacarrak aditzera ematen duenez,
Antso Ramirezek “nafar lurraldeen gaineko
nagusitasuna ziurtatzeko, osorik berrantolatu
zuen tenentzia sistema, eta bere uste
osoko pertsonen esku, bere uste osoko
nafar zein aragoitarren esku, utzi zuen herrigune
nagusien gobernua”.
Era horretako aginpide harremanek zertuko
dituzte, XI. mendearen erdialdetik
aurrera, eta erreinuaren baitan, pertsona
jakin batzuen politika, gizarte, ondare eta
ahaidetasun oinarriak. Hori frogatu dute
Gaztelako eremuari buruz duela gutxi egindako
ikerketa batzuek (Esther Peñaren ikerketak,
Gaztelako merino nagusi, Alfontso
VII.aren haurzain eta Urraka erreginaren
jauregizain zen Gutier Fernández senior-ari
buruz). Eta Nafarroari buruz oraindik argitaratu
gabe dauden Juan José Larrearen ikerketek;
Iñigo Sanz jaunak Nafarroako zenbait
ibar eta hiritan zuen ondarea, jaun hark
tenencia batzuen gainean (Leire, Irunberri,
Artajo, Nabaskoitze…) zuen aginpidea, eta
XI. mendearen bigarren erdian jatorri publikoko
eskubideak (justizia eta defentsa)nola esku pribatuek bereganatu zituzten
agertzen dute ikerketa horiek.
Azterketa bikain horien bidez eta Nafarroako
erreinuaren dokumentazioaren bitartez,
azaldu da nola Iñigo Sanz baroiak indarrez
hartu edo ostu zituen lehenago Leireko
monasterioaren esku utzitako errege
eskubideak; orobat ikusi ahal izan da ondasun
eta eskubide batzuk nola joan ziren
ondare pribatu bihurtzen, eta horrek jaurerriak
nola sortu ziren eta zertan oinarritu
ziren erakutsiko digu. Egile berak dioen
bezala, “erregearen eta baroien artean liskar
gero eta handiagoak sortuko dira, eta
aginpide horien oreka tradizionala haustea
izango du horrek azken emaitza”. Batez ere,
aristokraziaren leialtasuna gero eta ahulagoa
zen neurrian, eta baroiek zeinek bere
eskualdean zituen interesen eta muga edo
jabego aldaketen araberakoa zenez.
Azken finean, XI. mendearen azken
herenetik aurrera, zenbait familia handiki
barrutien gobernu sisteman izateak eta sistema
horretan irauteak berresten du monarkia
hitzarmenetan oinarritua zela dioen ikusmoldea,
monarkia feudal baten sorrera, eta
orobat aristokraziaren antzinako lur ondareen
eta jatorri publikoko errenta eta eskubideen
egitura nahasi baten arteko lotura,
nobleziak nekazariengandik errenta ateratzeko
bide ematen zuena, zeinaren bidez
jaurerria sortzeko lehen urratsak eman eta
oinarriak finkatu ziren (J.J. Larrea).
Jaurgoaren jatorria eta monarkia feudalaren eratzea
Jaurgoak nola sortu eta osatu ziren orri
batzuetan laburtzea ez da lan erraza, kontuan
hartzen bada Gautier-Dalche, García
de Cortázar eta Moreta Velayosek hainbat
monasteriori buruz egindako azterketei esker
azken hogeita hamar urteotako hispaniar
tradizio historiografikoan prozesu horri
eman zaion garrantzia.
Hori dela eta, komenigarria izan daiteke
gai honi buruz Erdi Aroko espainiar ikerketen
maisu handia den García de Cortázarren
ildoari heltzea, eta Erdi Aroko Espainiako
nekazari gizarteari buruz idatzi
zuen unibertsitate lan ezagunari erreferentzia
egitea. Hark bezala, Leongo placitum
ezagun bat aipatu behar dugu, 1089koa,
zeina jaurerrien ugaritasunaz (de realengo,
abadengo, solariego eta behetría) eta jaurerri
mota batetik bestera ondasunak aldatzeko
debekuaz mintzatzen den.
Bestalde, ez da ahaztu behar, historialari
horrek berak dioen bezala, ordurako
“bazirela ehunda berrogeita hamar urte jaun
batzuek beren lurretarako mugarri edosalbuespen gutunak erosten zituztela, beren
jabetzak errege funtzionarioen eskumenetik
at gera zitezen, eta haietan bizi zirenen
betekizunak beren mesederako erabili
ahal izateko”. Era berean, badirudi XI. mendearen
bukaera aldean aski garbi zegoela
nortzuk ziren jaurerri horien titularrak:
monasterio handiak, gotzain barruti eta lekuan
lekuko leinu batzuk nagusiki. Eta, XII.. endetik aurrera, zistertar fraideak eta gotzain
batzuk ere bai.
Nolanahi dela ere, García de Cortázarrek
dioenez, bi bide daude jaurgoa osatzeko:
batetik lurren gaineko nagusitasuna
edo jabegoa (labore, baratze, mahasti, baso
eta azienda sailak), eta jurisdikzioaren gaineko
nagusitasuna bestetik, zeinaren arabera
jaunak beretu edo osturiko aginpide
publikoa ezagutzen dioten nekazariek hari.
Hala bada, jaunak errenta asko jasotzen
zituen (…), lurrarekin zerikusia zutenak batzuk
(lurraren ustiapena eta nekazaritzako
errentak, eta orobat ad complantandum eta
ad populandum kontratuak), eta baita beste
hainbat bidetatik jaso zitzakeenak ere,
adibidez “justizia banatzetik (gezur laidoak,
homizidioak…), bakea bermatzetik, taldeko
emakumeen aukera endogamiko edo
exogamikoa kontrolatzetik (rauso, fornicio),
kide bakoitzari egotzitako komunitatearen
ondasunen zaintzatik (mañería,
nuncio), gudarostearen buruzagitzatik
(anubda, fonsadera), etab.” jaso zitzaketenak.
Malos usos, hau da, lekuan lekuko handikiek
indarrez ezarritako foros edo consuetudines
batzuk, agertzen dira garai hartako
agirietan, eta horiekin batera nekazari talde
eta herrixka batzuk betekizun berririk
ez ezartzeko edo antzinako zergak ez zabaltzeko
egiten hasi ziren eskakizunak ere
agertzen dira.
Orain aztergai ditugun lurraldeei dagokienez,
Erdi Aroko ikertzaileok XI. mendeko
hiru agiri ditugu aipagai prozesu horri
buruz, malos usos delakoen arautzeari edo
horien salbuespen pribilejiozkoari buruz,
argibide gehiago ematen digutenak. Erregearen
ordezkarien eskumeneko lurretan
emandako hiru foru dira: Naxerako forua,
Tafallakoa eta Uxuekoa. Foru horiek garrantzi
handikoak izan dira erakundeak ikergai
dituzten adituentzat, eta azken aldi honetan
J.J Larreak aztertu eta alderatu ditu, pribilejio
horiek alderatuz salbuespenak nolakoak
ziren ezagutu ahal izateko: errolda,
abegi oneko eskubidea, zeregin publikoekin
eta lurraldearen zainketarekin zerikusia
zutenak, edo justizia banatzearen ondorioz
eskaturiko eskubideak, etab. Horrek
erakutsiko digu arautu nahi zen jaun errenta
nolakoa zen.
Bestelako arazoa da, batez ere XI eta
XII. mendeetan harreman eta aginpide feudaletan
eratu zen sare nahasi horretan, jakiteanola egiten zen ustez jatorri publikokoak
diren eskubide eta ondasunen
banaketa, eta zein eragin duen nekazari
herrietan jaurgoen eta aginpide feudaleko
eremuen sorrerak.
Errenta feudalaren funtsa argitzeko asmoz,
azken hamarraldiko ikerketek monarkia
feudalaren eta jaurgo ezberdinen mundu
konplexuaren azterketari ekin diote.
Ikerketok monarkia eta jaurgoen barne izaera
hartu dute aztergai; barne izaera errentaren
sortzea eta botere feudalaren erabiltzea
da (zamen inposatzea, eskubideen zatitzea,
eskubide eta ondasunen jabetzea,
jaunen arbitrariotasunaren ezartzea, eta gizonen
arteko loturetan oinarrituriko gizarte
hierarkia konplexuaren eratzea).
Baina, artikulu batean berriki adierazi
dudanez, “egoera aski nahasia da. Eta are
zailagoa izango da kontuan hartzen bada
agipidearen atomizazio horren ardura erregeak
zenbait eskubide besterendu izanarena
dela neurri batean (…); eta beste eskubide
batzuk nondik datozen edo zeren ordainetan
ematen diren ez dakigula ziur.
Arazoa, beraz, ez da soilik jurisdikzio hauek
guztiak eta horien ondoriozko eskubideak
bereiztea, edo jakitea zer ondasun, espazio
eta pertsonari buruz zuten eragina (nekazari
ondasunak, abeltzaintzakoak, oinetxeak,
etxeak, ecclesia-k, villa-k, lekuak,
alfozeak, terminoak, homine-ak, casato-ak,
collazo-ak, mezquino-ak, populatore-ak,…).
Zailtasun handiena batzuk beste batzuk
baino maila garaiagokoak direla zehazterakoan
aurkituko dugu: adibidez, erregearena,
errege edo jaun gisa; haren ordezkariena,
gotzainarena, jaun jakin batzuena,
etab.” Benetan, oriandik erronka askori
aurre egin beharko diegu eta hainbat zalantza
ditugu argitzeke Goi Erdi Aroaren
ikertzaileek.
Jaunen errejimena eta nekazarien erresistentzia
Nolanahi ere, zenbait zerga, malos usos
eta ohiturak (foros) eta hainbat eratako eskubideak,
Erdi Aroko gizonen bizimodu
soziala eta ekonomikoa arautzen zutenak,
nekazaritzan oinarritua zen mundu bati presioa
eta indarra eragiteko erabakitzen ziren
zuzenean. Eta horrexegatik agian gogoan
izan beharko litzateke zeintzuk diren jaunek
nekazariei egiten zieten presio honen ezaugarri
nagusiak; García de Cortázar saiatu zen
bere garaian ezaugarri horiek laburbiltzen,
ondorio orokorregiak ateratzeko eta estrapolazioren
bat edo beste egiteko arriskua
bazuen arren. Dena dela, era horretako sintesi
historiko konplexuak egin nahi dituen
historialari orok du arrisku hori.
Hala bada, egile hark zioena gogoratuz,
esango dugu jaunen presioaren ezaugarriak
eta jaurgoen jokabidea, grosso modo, X.. ende amaieratik XII. menderainoko dokumentazioan
agertzen denez, eta geografia
eskualde jakinen arabera, oinarritzen
direla lehenik, lurraren ustiaketa eta nekazari
errentaren sorrera eta ordainketa moduetan,
dirudienez, behera egiten baitute,
oro har, nekazariek lanaren bidez egiten
zituzten ordainketak (operas, labores, sernas…);
eta jaunek beren jabetzen parte gero
eta handiagoak uzten baitituzte maiztergoan
(lurrak, etxeak, orubeak, egoitzak…; precaria,
maileguak…), errenten truke; eta
pixkana-pixkana, lanaren bidez edo gauzen
bidez ordaindu beharrean, diruz ordaintzen
dira errentak, lekuan lekuko foruaren arabera,
edota itundutako hitzarmenen arabera.Bigarren, jaunen presioak eta jokabideak
gero eta gehiago jotzen dute nekazarien
ondareak jaunaren jurisdikzioaren
mende jartzera, hainbat eratara: esparru
mugatuak, inmunitateak, salbuespenak,
ezarpenak, justizia banatzetik eratorritako
eskubideak, zerga eskubideak, zerbitzuak…
Hirugarren, eta azkenik, azpimarratu
behar da jaunen jokabideak erakusten duenez
hazi egin zela jaunen mendeko gizonen
kopurua, eta gora egin zuela, halaber,
jaunek beren onurarako erabili nahi zuten
errenta mailak. Hori guztia, ahaztu gabe,
jadanik XI. mendetik aurrera, orubearen,
auzoaren eta auzoko komunitatearen sendotzeak
erraztu egiten zuela ezaugarri feudal
agerikoak zituen gizartearen antolamendu
eredu bat finkatu eta egituratzeko prozesua.
Alabaina, XI. eta XII. mende osoan zehar
osatu eta “erreferentzia ekonomiko eta
sozialen mundu bat” eratu zuen eredu horrek,
izan zuen, nekazarien aldetik, erantzunik
eta baita erresistentziarik ere. Aspaldi
frogatu zuen hori Reyma Pastorren Nekazarien
erresistentzia eta borrokak obrak.
Eta, duela gutxi, Juan José Larreak ere sakon
ikertu du nekazarien egoera Goi Erdi Aroko
Nafarroan, eta mundu feudal batean gauzatzen
ari ziren aginte gune guztietatik haiei
ezartzen zitzaizkien mugak aztertu ditu.
Izan ere, Goi Erdi Aroko Nafarroako
dokumentazioaren aberastasunari esker –ez
dago horrelakorik egungo Euskal Herria
osatzen duten beste lurraldeetan–, azterketa
bikaina egin ahal izan du Juan José Larreak
nafar nekazariek jasan behar izan zituzten
presio eta, oro har, auzi guztiez. Argi
erakutsi digu nolako mugak zituzten nekazariek
beren ahalmen eta askatasunean;
ondasunak besterentzeko edo testamentuak
egiteko; edota berak produzitutakoa eta
beren buruak erabiltzeko, jaunek indarrez
eta beren nahierara erabiltzen baitzituzten.
Eta horrekin batera Nafarroako landan
jaunek ezarritako zerga erregularren eta
erabilera txarren garrantzi eta zehaztasun
handiko analisia eskaini zuen; horietako
zerga batzuk ziren adibidez opilaranzada
(ardo eta ogi zerga adierazten duen euskal
hitza), petxak eta bestelako zerbitzuak, eta
askotariko betekizunak, Nafarroan eta Aragoien,
XI. mendetik aurrerako dokumentuetan,
maiz aipatzen direnak. Eta hori,
Fortún Pérez de Ciriza eta Carmen Jusuérentzat,
“XI. mendearen azken laurdenean
eta XII. mendean zehar (nekazariei eskaturiko
betekizunak eta ordainak) gutxitzen
hasi zirelako arrastoak badiren arren”.
Nolanahi dela ere, gauza da laster hasi
zela nabaritzen nekazarien erresistentzia,
banakakoak nahiz taldekoak. Azken finean,
Larreak seinalatu duen bezala, “hiribilduetan
bizi diren nekazariek bideratu zuten
lurraldearen ustiaketa hedatzea, hau da,lugorriak eta basoak baliatuz lur landuak
zabaltzea, (eta horregatik) lurraldeen gaineko
liskarrak dira haren dinamismoaren
lekukotasun hoberena”.
Hala ere, egile horrek berak azpimarratzen
duen bezala, liskar horien ezaugarriak
aldatzen hasi ziren. Izan ere, XI. mendearen
erdialdetik aurrera, nekazari taldeak eta
erregea izan ziren liskar horien protagonistak;
aitzitik, hamarraldi batzuk geroago,
hiriburuetako jaunek hartu zuten protagonismoa,
halako eran non komunitate dinamikoen
arteko liskarrak jaunen arteko liskar
bihurtzen diren, zenbaitetan, eta negoziazioaren
abantailak lortzen diren horri
esker: adibidez, malos foros-en liberalizazioa,
eta foru pribilejio batzuk eta frankiziak
ematea.
Foru onak eta frankiziak
García de Cortázarrek bere Erdi Aroko
Espainiako nekazari gizartea sintesian adierazi
zuen bezala, “nekazariak jaunaren lurrari
lotzeko erabili zen lehen formulak
presioak eta eskaerak areagotzea bazuen
oinarri, bigarrenak berriz gogorkeria gutxiago
eta baldintzak hobetzea ekarri zuen:
Foru onen bidea zen. Agian, auzo komunitateen
erresistentziagatik. Agian, nekazarien
betekizunak aldatu egin zirelako (…).
Agian, jaunak eskakizunak egiten zizkien
nekazarien kopurua hazi egin zelako. Gauza
da arindu egin zirela garai bateko eskaerak.
Formula bat zein bestea hautatzen zela
ere, gauzarik adierazgarriena da XII. mendearen
bukaerarako osatua zela, kolonizazio
zaharreko lurretan, jaunen eta nekazarien
artean antolaketa sozialeko sare oso
bat. Lurralde jakin batean bizi zen familia
baten erantzukizuna; errenta sortzeko formulen
ugaritzea; errenta eskuratzeko mailen
hierarkizazioa: zuzeneko nagusitasuna,
lurraren gaineko nagusitasuna; espazioaren
antolamendu berria, herriguneen hierarkiaberri batekin: horien aurrean, gizarte feudala,
ordurako jaunaren mendeko zena,
prest dago, era berean, hirien mendeko izateko”.
Prozesu horren nondik norakoak ulertzeko,
kontuan hartu behar da prozesu
horren inguruan aipatu dugun giroa. Izan
ere, giro horretxek ekarriko du eskubideen
batasuna, arauaren lurraldekotasuna, hau
da, forua, hala Aragoiko Foruen emaitza
XIII. mendearen lehen erdian, Nafarroako
erreinuko Petxen Bateratze saioa, edota
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lurraldeetako
foru beranduagokoak, eta batez ere
hiriei zegozkienak (Donostia, Gasteiz, Zarautz…).
Prozesu horietatik guztietatik, eta lekuan
lekuko ezaugarriekin gehiegi ez luzatzeko,
merezi du agian aipatzea Nafarroako erreinuan
XII. mendearen lehen erditik aurrera,
eta batez ere, mendearen bukaera aldean,
egin zen Petxen Batasuna. Fortún Pérez de
Ciriza eta Carmen Jusuéren arabera, “erregeek
koroaren mende zeuden hiribilduen
biztanleen petxa eta ordainketa ugarien bateratzea
bultzatu zuten, eta horren ordez
petxa bakarra ezarri zuten, gizabanakoentzat
nahiz auzotarren taldearentzat finkatua”.
Prozesu hori XII. mendearen bukaeran
hasi zen, errege lurrei zegokionez, eta XIII.. endearen bukaera arte egon zen indarrean,
batasun saioa erabatekoa izan ez zen
arren. Nolanahi ere, egile horiek azpimarratzen
duten bezala, petxen bateratzeak
bultzatu zuen jaurerri errejimenaren aldaketa
ere. Hala ere, argi adierazten dute aldaketa
horiek ez zirela denak aldi berean gertatu,
zenbaitetan mende bateko atzerapenarekin
ere aplikatu zirelako jaurreri laiko eta
elizakoetan, eta, gainera, ez baitziren modu
berean ere aplikatu. Errealitate hori dela eta,
egileek azpimarratzen duten bezala, ezinezko
gauza da jaunen eta nekazarien arteko
harremanak modu bakar batez definitzea,
eta bateraezintasun hori da Goi Erdi
Aroko nekazari mundu nahasian gure herriko
eskualdeek izan zuten ezaugarri nabarmenetako
bat.