Historia»Erdi aroa - Gizartea
Feudalismoaren aurreko gizartea (VIII-XI. mendeak)
Erdi Aroan gizarteak izan zuen bilakaera aztertzeko hiru atal bereizi
dira gai honetan, denbora tarte aski luzea hartzen baitu. Lehenengo
atalari dagokionez –feudalismo aurreko garaia– ez dago iturri asko, baina
euskal gizarteak garai hartan Europan ziren azken Antzin Aroko gizarteen
ezaugarri beretsuak dituela esan daiteke. XI. mendean garrantzi handiko
aldaketa gertatu zen, iraultza feudal deritzona, eta aldaketa haren
ondoren feudo-basailutzazko harremanetan oinarritu zen gizartea. XII. eta
XIII. mendeetan gizarte hura sendotu zen, baina XIV. mendean gizarte
harremanen krisia nagusitu zen. Feudalismoaren lehenengo krisia hark
XIV. mede guztian eta XV. mende ia guztian iraun zuen, baina haren
ondoren eraberriturik atera zen gizartea, feudalismo aurreratua edo zentralizatua
edo Estatukoa deitzona sortu zen. Azterketa orokor honen baitan
gertaera bereziago batzuk ere azaltzen dira, adibidez, Bandoen arteko
liskarrak, Durangoko heresia, etab.Goi Erdi Aroko edozein adituk, Iberiako
Penintsulako gizartearen eta espazio historikoen
azterketa, eta, zehatzago, gaur egungo
Hego Euskal Herria osatzen duten lurren
azterketa egiterakoan, nahitaez, Alfontso
III.aren Kronika delakoan ageri den lekukotasun
garrantzitsua gogoratuz beharko
du hasi. VIII. mendearen erdialdean Asturiasko
errege Alfontso I.ak egin zituen gerra
kanpainak aipatzen ditu kronika horrek:
(errege hark), “bere armadari sarritan aurrera
eginaraziz, gerraz hartu zituen hiri asko, hau
da: Lugo, Tuy, Porto, Anegia, Braga metropolikoa,
Viseu, Chaves, Ledesma, Salamanca,
Numantzia, orain Zamora deritzana,
Avila, Astorga, Leon, Simancas, Saldaña,
Amaya, Segovia, Osma, Sepulveda, Arganza,
Oca, Miranda, Revenga, Carbonarica,
Abeica, Cenicero eta Alesanco, eta gazteluak
beren hiribildu eta auzoekin, eta horrez
gainera arabiarrak hil zituen ezpataz, eta
berekin eraman zituen kristauak aberrira”.
Suntsiketa kanpaina horien ondoren, Kronika
horrek berak adierazten digu nola garai
hartan “jendeztatu ziren Asturias, Primorias,
Liebana, Trasmiera, Sopuerta, Carranza,
Barduliak, orain Gaztela deitzen direnak,
eta Galiziako itsasaldea; izan ere, gauza jakina
baita Araba, Bizkaia, Aizone (Araia) etaUrduña beren biztanleen esku egon direla
beti, Iruñea eta Berrueza bezala”.
Bi kronika horiek, azken finean, gizarte
eta lurralde desberdinez mintzatzen dira,
baina halako lurralde izatasun bat, eta desberdintzat
jotzen den izatasun oinarrizkooinarrizko
bat, emanez; izan ere, eremu
horiek, hala Trasmiera, geroago Enkartazioak
izango zirenak eta Gaztela, “jendeztatu”
egiten dira, eta beste batzuk berriz, hau da,
Araba, Bizkaia, Aiara, Urduña, Iruñea eta
Berrueza, “beren biztanleen esku egon dira
beti”.
Ez dago ordea hain garbi errealitate
horiek zer-nolakoak ziren VIII. mendearen
hasiera aldetik IX. mendearen bukaera edo
X.aren hasiera arteko bitartean; izan ere,
badirudi X. mende inguruan aginpide politiko
nafarra, astur-leondarra eta gaztelarra
zein bere lurrak mugatzen hasten direla
pixkana-pixkana. Eta ezjakintasun horren
arrazoi dira, lehenbizi, eremu horiei, eta Erdi
Aroko lehen mendeei dagokienez, eskura
ditugun iturrien pobretasun eta eskasia, bigarren,
parte batzuei eta besteei buruzko
albisteen desoreka, eta, hirugarren, penintsulako
iparraldean mamitzen ari ziren aginpide
politikoek hartzen zituzten barrutien
gorabeherak. Joan gaitezen beraz parteka.
Aginpide publikoak: erregeak, kondeak eta senioreak
Iruñeko aginpide politikoa, Javier Fortún
eta Carmen Jusuéren arabera, ez zen
erabat mamitu X. mendearen hasiera arte.
Hala ere, IX mendean jadanik egin ziren
aginpide hori osatzeko behar ziren urratsak;
izan ere, aitoren semeen leinu bat (Iñigo
Aristarena) nabarmendu zen besteen gainetik:
lurraldearen gobernua bere gain hartu
zuen, uko egin zion karolingiar inperioaren
mendeko izateari, eta Kordobako urruneko
aginpidearen babesa onartu zuen, eta
Kordobak, aldez aurretik fikaturiko zergak
ordaintzearen truke, praktikan, aginpide
politiko autonomoa eman zion.
Alabaina, Iruñeko erreinuak, erreinu
gisa, Antso Gartzea I.ari (905-925) zor dio
izatea; izan ere, hark “finkatu zuen, eta itzulbiderik
gabe osatu, Iruñeko erregetza; lur
euskarri egoki bat eman zion, 250 km luze,
edo gehiago, zena (Errioxako mugetatik,
erdialdeko Pirinioetaraino); eta Ebroren ibarraren
erdialdea berreskuratzea eta egituratzea
helburu zuen batasun politiko bat
gauzatu zuen”, “Hispaniaren errekonkista
eta berriz jendeztatzearen” egitarauaren
kariaz. Asmo hori bera zuen, azken finean,
astur-leondar monarkiak, gauza izan zelarik
menderatzeko eta “berrantolatzeko”,
Asturiastik abiatuta lehenbizi eta Leondik
gero, Kantauri itsasoaren eta Duero ibaiaren
arteko espazioa, hurrenez hurreneko
aldietan, Duero ibaian muga finkatu zuen
arte (912); Munio Nuñez kondeak jendeztatu
zuen Osma, eta Gonzalo Fernandez
kondeari berriz (geroko Fernan Gonzalezen
aita bide zenari), egozten zaizkio Aza,
Clunia eta San Esteban de Gormazeko plazen
“jendeztatzea”, Annales Castellanos
delakoan kontatzen denaren arabera.Astur-leondar eta iruindar monarkiak,
dirudienez, bisigodoen tankerak beretuz
osatu ziren, joera historiografiko berriak berreskuratzen
saiatzen direnak (E. Pastor; J.J.
Larrea). Bisigodoen usadioen arabera, erregea
buruzagi militarra da, fede kristauaren
defenditzailea musulmanen kontra, eta justizia
iturria. Erregearen aginpideak ez du
gainekorik, eta aginpide hori aldi berean
da gizonen gainekoa eta menderatzen duen
lurren gainekoa, eta gizon kopuru txiki baten
laguntza du horretarako: kondeak, baroiak
eta jaunak dira; haien leinuek herentziazko
aristokraziaren elitea osatzen dute,
eta elite hori da lurraren jabe eta gerraren
protagonista.
Eta eskema teoriko horretxen arabera
ulertu behar da –frogatua baino areago ideala,
gaurko eusko-nafar lurraldeei dagokienez–,
une hartan eremu horretan interesik
izan zuten bi monarkia hispaniar-kristauek
jokatu zuten papera. Azken finean, Iruñeko
erreinuaren lehen gune sortzailea, eremuz
ez baitzen handia, ez zen konderritan
banatu beharrik izan, Asturias-Leongo erreinuan
gertatu zen bezala. Izan ere, eremu
horretan, tamaina zela-eta, konderri gaztelau
de facto “independente” bat sortu ahal
izan zen X. mendearen lehen herenetik
bertatik, herentziazkoa gainera Fernan Gonzalezen
oinordeko gizonezkoen artean,
azken oinordeko gizonezkoa hil zen arte
(1029); erreinua orduan Antso III.a Handia
nafar errege ahaltsuaren eraginpeko eremu
bihurtu zen. Izan ere, Leongo erreinutik
Pirinioetako konderrietaraino hedatzen zen
Antso III.a Handiaren aginpidea eta eraginkortasuna.
Errege Europazalea zen, eta
bere herentzia eztabaidatuan, Nafarroa,
erreinuaren sorburua, seme nagusiaren esku
utzi zuen (Gartzea); bigarren seme Fernandoren
esku, Gaztelako konderria, laster
erreinu bihurtuko zena; erreinu berri bat,
Aragoiko koroaren buru izatera iritsiko
zena, utzi zion sasiko seme Ramirori; eta
Sobrarbe eta Ribagorza, Gonzalori.
Data hori arte (1029/1035), aski desorekatua
da gaur egun Hego Euskal Herria
izan zitezken lurraldeei buruz eskura daukagun
informazioa. Horrela, Araban, IX. mendearen
bigarren erdian Vigila Jiménez konde
zela dio historiografia tradizionalak
hainbat kroniketan kontatutakoan oinarriturik,
baina historiatik desagertu eta bere
oinordekoek ez zuten batere aginpiderik
heredatu. Arabako konde titulu hori galdu
egin zela dirudi, Munio Velazekin berriz
agertzen den arte, behin bakarrik, Espejon
egindako epaiketa baten berri ematerakoan.
Ez dakigu halere zenbat denboraz izan ote
zen konderriko buru; izan ere, Albeldako
Kartularioko nafar dokumentu batean (931),
Alvaro Herramelliz aipatzen da Arabako
konde gisa, eta hurrengo urtetik aurrera
berriz Fernan Gonzalez aipatzen du dokumentazioak
Gaztela eta Nafarroa osoko
konde zelakoan (Martinez Diez).Alabaina, hainbat lur sailen batuketaren
emaitza gisa ageri da egun Araba den lurraldea;
egile batzuek, García de Cortázarrek
adibidez, bost Araba bezala definitu
dituzte sail horiek: Nerbioi ibaiaren ibarra,
Baia ibaiaz mendebaleko Araba, geroko
Trebiñoko konderria, Biasteriko lurra edo
Arabako Errioxa, eta Lautadako Arabako
edo hasierakoa. Nolanahi ere, ondorio soziopolitikoei
dagokienez, bitara bil daitezke:
hasierako Araba eta haren mendi inguruak,
eta Errioxa arabarra, edo Araba gaztelaua.
Martínez Díezentzat, Baia eta Nerbioi
ibaietatik Deba eta Urola ibaien banalerroraino
hedatzen zen Fernan Gonzalezen
Araba, eta Kantauri itsasotik Ebro eta Toloñoko
mendietaraino. Hortik kanpo geratzen
ziren Arabar Errioxa eta Lantarongo konderria.
Azken hori, Fernan Gonzalezek bateratu
zituelarik usadiozko jabetza guztiak,
Gaztelakoaren barne zen; Nerbioi, Kadagua
eta Baia ibaien urak ziren bi konderrien
arteko mugak.
Egile horrek berak dioenez, “Fernan
Gonzalezen aurreko Araba (932), haren eta
haren ondorengoen bidez Gaztelako konderriari
loturiko Arabako konderria zenez
gero, ulertu behar da, Errekonkistaren lehen
lau mendeetan, itsasoraino heltzen den Araba
baten modura, Araba bera, Durangaldea
eta Deba ibaiaren arroko mendebaleko Gipuzkoa
denak batera hartzen zituena”.
Hala ere, X. mendearen azken bi hamarraldietan
jadanik antzematen da Nafarroak
hasierako Araban zuen eragina. Donemiliagako
liburutegian gorde den auzi bat
da horren lekuko; San Bizenteko Akostakoari
dagokio, eta 984. urtean Iruñeko
erregeak ebatzi zuen; idazki horretan hari
ezagutzen zaio, besteak beste, lurralde horien
gaineko aginpide politikoa: Regnante
Sancio rex in Pampilona, comite Lupe
Sarrazinez in Divina, Aurovita Didacoz in
Estivaliz, Alvaro Sarraziniz in Murielles,
saione de comite Murio Balza…, comite
Garcia Fredinandiz in Castella. Gerta daiteke,
García de Cortázarrek adierazi zuen
bezala, nafarren eragina zabaltzea, bitxia
badirudi ere, Fernan Gonzalez Gaztelako
eta Arabako konde zen garaian (970 arte),
izan ere, bi nafar infantekin ezkondu baitzen
hura.
Zailago gertatzen zaio Martínez Díezi
arabar konderriak Nafarroarekin Gipuzkoako
partetik zituen mugak zehaztea,
ez baitago 1025. urtea baino lehenagoko
lekukotasun sinesgarririk. Une horietan ordea,
Antso Handiak, de facto, zabaldua zuen
bere inperioa Pisuerga ibairaino, eta ez zuen
askorik falta Gaztelako konderria Nafarroako
monarkiarekin biltzeko (1029). Nolanahi
dela ere, 1025ean sartzen da Gipuzkoa
historian, eta, dirudienez, Nafarroako
aginpidearen eremuari loturik, Olazabalgo
San Salbadorko monasterioarenoparia San Juan de la Peñakoari egin zitzaioneko
dokumentuetan ageri denez: Sancio
rex regnans in Pampilona et sub imperio
senior Garcia Acenariz de Ipuscoa.
Dokumentu falta berbera dago, VIII.. endearen erdialdetik 1051 arte, Bizkairako,
alde batera uzten baditugu hainbat
elezahar, hala nola Jaun Zuriarena edo
Momoren existentziarena, hau da, X. mendearen
lehen laurdenean Bizkaiko konde
izan zenarena. Don Iñigo edo Eneko Lopez
da ordea Bizkaiko lehen konde historikoa;
bere emazte Todarekin batera, Busturiako
Axpeko Santa Mariaren monasterioaren
gozamenaren opari egin zion Arabako
gotzainari, baldin eta bera hiltzean Donemiliaga
Kukulako monasterioari ematen bazitzaion.
Badirudi, garai hartan, Bizkaiko
Eneko Lopez kondea nafar erreinuko pertsona
nagusi bat zela; izan ere, Gartzea
Naxerakoaren aginpide politikoa aipatzen
baita bere oparian, rex in Pampilona, in
Castella Vetula et in Alava delakoan, eta
modu berean, Bizkaiari dagozkion garai
bereko lekukotasunetan, Gartzea regnante
in Pampilona et in Alava et in Bizcaia gisa
ezagutzen da, eta Eneko Lopez kondea
berriz rector in illa patria que dicitur Vizcaia
et Durango moduan.
Ikus daitekeenez, Arabaren gainean
Nafarroak zuen eragina Arabako lur guztietara
hedatu zen pixkana-pixkana. Antso
III.a Handiaren heriotzekoan argi ageri da
eragin hori, Naxerako Gartzea seme nagusiaren
esku utzi baitzuen Iruñea eta Naxera,
Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, eta Burgosko
mendien parte baten (itsasoraino), gobernu
zuzena.
Egia da lurralde horietako parte handi
bat galduko zuela Nafarroako erreinuak
Atapuercako galeraren ondorioz, 1054an,
Iruñeko erregea bere anaia Fernandok, orduan
Gaztelako errege zenak, hil zuenean.
Era berean, beste anaiarteko borrokaldi
batek, Peñalengoak (1076), garai hartako
erreinu hispaniar kristau ahaltsuenaren desagertzea
ekarri zuen (1076), Iruñeko monarkia
guztiz barreiatua geratu zelarik. Haren
ondorioz, Ebro ibaiaren iparraldeko
Nafarroa Aragoiko erreinuaren mende geratu
zen, eta Errioxa, Gipuzkoa, Bizkaia etaAraba Gaztelako erreinuaren baitan txertaturik.
Baina, ororen aurretik, zer dakigu gaurko
Hego Euskal Herriari dagokien lurralde
horien gobernuari buruz, garai haietan han
gertatzen zenaz? Egia esatera, gutxi, baldin
eta ez baditugu beste eremuetara zabaltzen
berez nafarra besterik ez den eremuaren
gainean egin diren ikerketak (J.J. Larrea),
Nafarroako dokumentazioari esker, edo
Errioxako kasuaz egin direnak.
Izan ere, García de Cortázarrek bere
garaian adierazi zuen bezala, Araba, Bizkaia
edo Gipuzkoako gobernuaz gutxi dakigula
esatea, lehen aldi nafar honi dagokionez,
gehiegizkoa litzateke. Zeren eta, oso gutxi
baitakigu. Konde tituluko pertsona multzo
txiki bat, dirudienez, izan zen lur horien
buru, Iruñeko eta Naxerako erregearen ordezkari
gisa, haiek izan baitziren 1076 arte
Nafarroako erreinuko bi hiriburuak. Eta
haien azpitik, baziren tenente, senior eta
dominante zeritzanak, nonbait, lurrak menderatzeko
leku estrategikoetan kokatuak.
Horixe da Eneko Lopez kondearen kasua,
hasierako Bizkaiari eta Durangaldeari
dagokienez; García Azenariz senior-arena
Gipuzkoarentzat; eta Munio Gonzalez comes-arena,
Fortun Iñiguez senior-arena edota
Munio Muñoz Alavense comite-arena Arabarentzat.
Era berean, ikus daiteke badirela
Nafarroan bertan edota Errioxan, aginpide
publikoa duten ordezkari horiek, erregearenari
buruz hierarkizaturik, X. mendearen
bigarren hamarralditik aurrera. Horixe
da Iñigo Sanz edota Fortun Galindezen
kasua Naxeran, eta Kardiel Blaskonesenea
Usunen; Gartzia Lopezena Ruestan, Fortun
Blaskorena Funesen, Ximeno Gartzesena
Sosen, Ximeno Galindezena Nabaskoizen,
Gartzia Ortizena Leguinen, Ximeno Ennekonesena
Uharten, Lope Ennekonesena
Marañonen, Fortun Sanzena Arlasen, Fortun
Oxoizean Meltrian edo Fortun Sanzena
Etxaurin, XI. mendearen lehen hamarralditik
aurrera.
Alabaina, nola osatu ziren aginte horiek?
Nafarroari dagokionez, J.J. Larrearen iritziz,
zenbait eskubide eta ondasun publikori
esker, zerbitzu eta zerga jakin batzuen ordainketari
esker eta justizia banatzeari esker
gauzatu ziren aginpide publikoaren oinarri
materialak; eta ez da ahaztu behar
bazela horren atzetik monarkia iraunkor eta
sendo bat, erregearen gizon leial batzuek
eusten zutena. Errege hori, Nafarroako kasuan
behintzat, gai zen dirudienez, ondare
publikoen gaineko ahalmenak zituelarik,
lurraldearen gobernuan eta kontrolpean
bere ordezkariak bere nahierara izendatu
edo postutik kentzeko, auzietan epaile eta
bitartekari gisa aritzeko, gerrako protagonista
nagusi eta bakearen bermatzaile izateko,
eta, elizari zegokionez, eskuzabala eta
babes emailea izateko.
Aginpide publikoaren eta justiziaren oinarri materialak
Baina, dudarik gabe, monarkiaren indarra,
eta haren ahalmena ekarri zuten zutabeetako
bat, erregeak, jabe gisa, eskura zituen
lur eta azienda ondarea zen, erreinuko
lur guztietan barrena barreiaturik zegoena,
baina historialarioi, gorde diren iturrien
kalitatea eta jatorria dela-eta, zail gertatzen
zaiguna zehazten. Hala ere, lekukotasun
horien arabera, badirudi lur sail, mahasti,
etxe, jauregi, monasterio eta eliza, baso,
animaliez… osatua zela, hiriez, edo hirien
parteez, eta haietan bizi ziren, lantzen eta
balioa ematen zieten homines-ez. Azken
finean, gizonez eta lurrez. Ahaztu gabe,
eskubideen multzoan, batzuen zein besteen
eginkizunak eta zergak, bestearen nagusitasunaren
ezagutza gisa bete beharrekoak.
Horien ondoan, kontuan hartu behar
dira orobat beste ondasun eta eskubide batzuk,
berez, aginpide publikoaren banatzeari
lotuak diruditenak. Horiek dira, besteak
beste, espazio agortu edo lugorrien gaineko
eskubidea, edota mendi, baso, belardi,
egur, uren gainekoak, eta, jakina, espazio
horien erabiltzetik edota haien ustiaketatik
letorzkeen errentak, erreinuko leku guztietan:
ezkur, belar, larre eta egurren gaineko
lizentziak…
Buruzagi militar nagusi gisa, eta bakearen
bermatzaile zenez gero, soldaduen deia
ere erregeak egiten zuen, eta bai zuzenean,
bai lurralde gobernuko ordezkarien bidez,
gaztelu edo gotorlekuen defentsaz eta zaintzaz
arduratzen zen, eta orobat soldadu ez
joatearen ordez, beren baldintza soziojuridikoen
arabera betetzera behartuta zeudenek
eman beharreko zerbitzu, banakako
zerga, eta zerga orokorrez: vigilias, facenderas,
fonsados, anubdas, huestes…
Bakearen bermatzaile, eta epaile eta
auzietan bitartekari zenez gero, justiziaren
banatzetik sortutako eskubideetan parte hartzen
du erregeak, eta, horrez gainera, concilia
edo biltzar nagusien buru ere izaten
zen, baroi, gotzain, abade eta errege familiako
kideen lehendakari gisa. Abatetxe
handien arteko auziak bideratzen zituen, eta
orobat jaun eta laiko, errege eta apezpiku,
eta nekazari taldeen artekoak.
Eta, onura handiak zerkartzaten eskubide
horiekin denekin batera, ezin dira ahaztu,
beren transzendentziagatik, batez ere
erreinua urbanizatzeko ahaleginen ondoren,
hainbat bide publikoren kontroletik zetozkion
diru sarrerak, hala nola trafikoaren eta
gizon eta salgaien joan-etorrien gaineko zergak,
portazgo, teloneo, merkatu eta beste.
Aristokrazia eta aristokraziaren oinarri ekonomikoa
Aristokrazia, J.J. Larreak adierazten duen
bezala, talde txiki bat da –ondo ezagutzen
ez dena–, erregearen ondoan, haren ingurua
osatuz, agertu ohi dena, eta, itxuraz,
erregearengandik sorturiko potestas-en parte
hartzen duena. Tratu sozial berezia zor zaien
pertsona batzuek osatzen dute aristokrazia,
tratuak halako noblezia kutsu bat emango
balie bezala: princeps, potestas, viro nobile,
senior, domna edo dominus etab. dira. Bereizkuntza
tratua da, errege familiako kide
direnekin lotua ageri ohi dena, eta orobat
administrazioan karguak dituztenekin, gobernu
eta zuzenbideko karguak dituztenekin,
edota odol nobleziako halako kontzientzia
duten pertsonekin lotua. Nobleziarena
zehazten zaila den kontzeptua baldin bada
ere, iragan erromatar bisigodoan izan ditzake
sustraiak, eta kargu gorenak betetzeari
loturik egon; izan ere, astur-leondar
erreinuaren kasuaz ari dela S. de Moxók
seinalatzen duen bezala, gobernuan eta
administrazioan parte hartzea zen nobleen
taldearen garapenaren arrazoietako bat.
Aristokrazia, era berean, kohesioa soberano
baten mendekotasunean oinarritua
duen talde soziala da (eta soberano horren
aginpidea gorena eta eztabaidaezina da),
eta, hein handi batean, baita errege familiaren
inguruan sorturiko gizarte eta ahaidetasun
harremanen jokoan ere.Zailago da zehazten, gure iturrien kalitatea
eta sorburua dela-eta –monasterioetako
dokumentuak dira batez ere–, zein zen,
eta nolakoa, aristokrazia horren oinarri ekonomikoa
eta materiala; badirudi nobleek
aski aginpide handia zutela ondasun eta
pertsonen gainean, eta orobat, erreinuko
barruti eta gazteluetan, erregearen aginpide
publikoaren ordezkari eta zaindari moduan.
Antso III.a Handiaren erreinaldia arte
dagoen dokumentu falta gorabehera, aristokraziaren
jabetza, dirudienez, lur ondasun
bakan eta barreiatuek osatzen zuten,
zenbaitetan oso sakabanatuak zirela, agian
herentziaren banaketa jarraituengatik. Hala
ere, ikuspuntu hori eztabaidatu egiten dute
zuzenbideko espezialistek, era askotako
eskubideak baitziren, desberdinak lekuen
eta aldien arabera (oinordekotza eskubideak,
familia eta ahaideen eskubideak, etorkizuneko
maiorazkoa, etab.).
Ondasun horiez gainera, zeinak transferentzia
egitean eta besterentzen direnean
–gutxitan– agertzen baitira historia iturrietan,
etxeak, domo-ak eta jauregiak badirela
ere ikus daiteke. Horietxek bide ziren bizilekua,
eta ondasun sakabanatu haien –lurrak,
sailak, mahastiak, baratzeak, errotak…–,
ustiaketa gunea, eta artzaintzan eta
basogintzan erabilitako espazioen gainean
erabakiak hartzeko lekua (gure dokumentuetan
izen hauekin agertzen direla: montes,
fontes, pratos, pardinas, bustos, dehesas,
etab…). Azken espazio horiek, guztiz
interesgarriak aristokraziarentzat, oso estu
zeuden lotuak, ikerketa lan askok eta askok
frogatu dutenez, artzaintzarekin eta espazio
handietan eta erreinu osoan barrena
ziren transhumantziako bideekin.
Aristokraziaren ondarea nola osatu zen
ikusteko, frogatutako kasu batzuk, denboran
tartekatuak, gogoratzea da egokiena.
Horietatik, lau aipatuko ditugu: Arroncius
jaunarena, Diego Portzelos kondearena,
Oveko Diazena, Eneko Lopez bizkaitar
kondearena eta Oriol Iñigez senior-arena.
Arroncius jaunak bide zeukan jabetza,
bere ahaide taldearekin batera (Tello semearekin,
dompno Vitulo ilobarekin, dompna
Octavia dompno Bivere gotzainaren amarekin…),
Akostako San Bizenteko monasterioaren
alde 871. urtean, hasierako Araban,
egin zuen opariari esker ezagutzen
dugu. Monasterio horri eman zizkioten
opariz, kide gisa, Santa Grazia eta San Martingo
elizak Estabeluko hirian, beren aitona-amonen
jabetza ziren leku eta ondasunekin;
horiez gainera beste hamasei eliza, zein
bere ondasunekin (Argantzungo Santa Maria
de Hoz, Gaunakoa, Letonakoa cum exitus
et agros, molinos, ortales; eta San Salbador,
eta San Ziprian eta San Roman cum
pertinencio… eta Santa Ageda eta San Azisklo,
eta San Emeterio eta Zeledonio… cumsuas hereditates). Hori guztia adierazpen
ageriko batez, seniores et prinicipes terre et
omnes populi; bestalde, monasterioa era
honetan azaltzen zuten “itun eta betekizun
orotik aske eta libre, ez baitio eman behar
ezer inori, ez bada erregeari eta lurraren
kondeari”.
Izan ere, sarritan aipatzen dira bi aginpide
politiko horiek garai hartako dokumentuen
onespenezko ataletan, baina hala ere
zaila da jabetza pertsonalaren osagai guztiak
eta jabetza horren zenbatekoa zehaztea.
Nolanahi ere, zenbait interes ekonomikorekin
lotu behar dira, hala adibidez
Diego Porcelos kondearen kasuan; izan ere,
hark, IX. mendearen azken herenean, monasterio
asko afiliatu zituen Aiarako bailaran
Okako San Salbadorren alde, haren
zorrak espreski barkatuz (decimos, id est,
CC.LX.VIII 0 baccas, X l. III a equas, LXXXV porcos
et LXXX.III capras, XVI cavallos et VII
mulos et uno asino per ad equas, eta horrez
gainera, baita silvas eta dehesas ere).
Era berean, Okako mendien bazkalekuen
eta egurren baliatzearen opari egiten du, eta
bederatzi bacarizas sive de porcos sive per
oves sive per baccas ematen ditu. Eskortak
edo tegiak ziren horiek, ganadua biltzeko,
Goi Aragoin zirenen antzekoak.
Aristokraziako jabetzak osatzen zituzten
osagaien beste adibide adierazgarri bat da
Diego Beilazek, 952. urtean, Donemiliagako
Errioxako monasterioaren alde egin zuen
emaitza, han hilobia aukeratuz, eta, bere
anai-arreben artean, berari zegokion partea
emanez: emaitza orokorra da, in sernas, in
terras, in vineas, in ecclesias, in manzanares,
in ortos, in pratos, in montibus et fontes…,
erantsiz, Araban, bere homines guztien
emaitza egiten dutela, oso-osorik. Guztira,
41 izen desberdin dira, etxeei loturiko
pertsonenak, eta Arabako hamar bat auzoetan
banatuak (Angelu, Urbina, Cogahan,
Loriga, Beguhera, Erentana, Urna, Uribarri,
Lekere eta Nazere). Homines horiek, zenbaitetan
casatos modura ageri dira, eta, XII.. endean dokumentua berridatzi zuen Donemiliagako
eskribauaren arabera, collazostzat
hartu behar dira.
Eta Diego Beilazek Arabako lurretan
gizonen eta ondasun jakinen gainean duen
ahalmen horrekin batera, era berean jasotzen
ditu emaitzak Gaztelako beste ondasun
batzuk ere, elizen gaineko eskubidea
eta bere laurdena Salinasen, divisa duela
mendi, belardi, iturri, sarrera eta irteeren
gainean. “Libre eta aske” ematen dizkio
ondasun eta eskubide horiek, menderen
mendetan, Donemiliaga Kukulari.
Badira beste datu batzuk, aristokraziaren
ondarearen sorrerari buruzkoak, XI.. endean, eta, milagarren urtearen muga
igarota, horren berri ematen digu Eneko
Lopez bizkaitar kondeak dituen ondasun eta
eskubideen zerrendak. Zehatz-mehatz, kondeak,bere emazte Todarekin batera, 1051.. rtean Arabako apezpikuaren alde egin
zuen emaitza da, itsasoaren ondoan dagoen
monasterio baten gozamena eskaintzen
zuena: Busturiako Axpeko Santa Maria, bere
lur eremuarekin (Baretzi zuen izena), eta
Busturiako hamarrenarekin, hala nola “berak,
bere seme-alabek eta bere ilobek Busturian
irabaz zezaketenarekin”, bera hildakoan,
hori dena Donemiliagako monasterioaren
zerbitzura jartzeko baldintzarekin.
Hala ere, apezpikua bizi zen artean, eskubide
izango zuen bere lur, arrantza leku eta
fruitu arbolak bere nahierara erabiltzeko.
Horren truke, apezpikuak ematen zizkion
Santa Mariako monasterioari Udai Balzaga,
Lumo, Gernika, Gorritiz, Bermeo, Mundaka
eta Busturiako tercias direlakoak. Besterentze
horren lekuko eta onesle izan ziren
Naxerako Gartzea erregea, Iruñeko eta
Naxerako apezpikuak, Mungia, Bolibar eta
Abadiñoko abadeak, eta Arratia, Barakaldo,
Berango eta Etxebarriako jaunak diruditenak.
Azpimarratu beharreko azken adibide
bat Juan José Larreak Oriol Iñigiz eta haren
emaztearen testamentuaren gainean egindako
azterketari esker ezagutzen dugu.
Hauxe da nafar lurretan ezagutzen den lehen
testamentua, 1059. urtekoa, erreinu
berriko eliteko kide aragoitar bati dagokiona;
kide horren esku egon ziren 1042 eta
1068 artean Siresa, Aguero, Murillo eta Senegueko
jabetzak. Ondare hori, seguraski,
Antso III.aren garaian osatu zen, nafar monarkiaren
mende zegoenean Aragoi.Ondare hori ondasun higigarri guztiz
aberatsez osatua zegoen (urre andalusi eta
bizantziarrezko diruak, zilarrezko edalontziak,
Sortaldeko sedazko estalkiak, tapizak,
brodatuak, zilarrezko gerrikoak… eta hornigai
militar asko), bi edo hiru egoitzetan
banaturik, eta hainbat lurrez, Jacako inguruetan,
Erronkari eta Longidako nafar ibarretan
eta Agueron banaturik. Horixe izan
zen bere jabetzen administrazio gunea, han
baitzituen bost etxe. Horrez gainera, bazituen
mahastiak, Olatzen eta Asieson, etxeak
eta lurrak Artajo, Burgi eta Eskaberrin, eta
abereak ere bazituen.
Azken finean, alde batetik, 30 km-ko
erradioko eremu batean, eta, bestetik, Nafarroa
eta Aragoiko mugaren artean sakabanaturik
dauden ondasunak dira, zailak
neurtzen eta balioztatzen; bestalde, askotan
zatikatu ziren ondasun hauek, San Joan
de la Peña eta Urdaspalgo San Salbadorren
alde egindako herentzia banaketak eta opariak
zirela-eta; hala ere, erraz asmatuko da
izango zituela irabazi fiskalak eta baita judizialak
ere, aginpide publikoan esku hartzeagatik
zegozkionak.
Aipaturiko bost adibideek balioko digute,
behintzat, aristokraziaren interes ekonomikoei
buruzko ideia bat izateko, eta haren
ondareen osagai batzuei buruzkoa. Hala
ere, oso zaila gertatzen da garai hartako
fortuna laikoen, haien osakera, tamaina eta
ustiaketa sistemen ezagutza iristea.
Nolanahi ere, datu asko ematen ahal
dizkigu elizaren jabetza eta jaurerrien osakera
eta sendotzeari buruz dugun ezagutza
historiografikoak; izan ere, pentsa daiteke
aristokrazia laikoak hobeto jokatu zuela eliz
aristokraziak baino. Nolanahi ere, ustiaketa
sistema horiek zehazteko egin diren zenbait
saiok eskaini digute emaitzarik, eta argigarri
gertatu zaizkigu fortuna laiko horietako
batzuen osakeraz eman diren adibideak,
homines, collazos, casatos… aipatzen
dituztenak. Eta, jakina, espezialisten arteko
eztabaida bizi batera garamatza horrek: izan
ote zen, ala ez, nekazarien esklabotasunik,
joputasunik edota mendekotasunik.
Gai hori dela-eta, 812. urtean Alfontso
II.a asturiar erregeak Oviedoko katedralari
egindako oparia aipatzen da beti; esklabo
talde baten oparia da, eta izenek euskal
jatorrikoak dirudite: Eneco, Galindo, Centullo,
García…; dokumentu hori bai kristauak
joputasunean sartu ahal zitezkeela, bai
astur erreinuak baskoi lurraldeetan eragina
bazuela frogatu nahi dutenek aipatzen dute,
batez ere. Eta hori, iparraldeko herrien eta
mendiko gizonen ustezko independentzia
gorabehera.
Alabaina, gauza da, lekukotasun hori
izan ezik, eta bazter utzita Diego Beilazek
Donemiliagari X. mendearen erdialdean
oparitutako 41 casato arabarrak, ez dagoela
eusko-nafar eta gaztelar lurretan esklaboakbazirela adierazten duen dokumentuzko
lekukotasunik, P. Bonanassiek gehiegikeriaz
pentsatu duen bezala.
Are gehiago, J.J. Larreak adierazi duen
bezala, Nafarroan esklabotasunari buruz
gorde diren dokumentuek zeharka ukitzen
dute gaia; izan ere, gortearekin loturik zeuden
esklabo domestikoez baitihardute, alegia,
konkubinez eta eunukoez.
Bizkaia eta Gipuzkoako kasuetan ordea,
ez dago esklaboak izan zirela frogatzen
duen lekukotasunik; bestalde, lurralde horietan
dokumentaturik dauden maila sozialak,
latin terminologiaren arabera, condes,
seniores, milites, homines eta collazos delakoetara
mugatzen direla dirudi. Eta, Arabako
kasurako, dokumentuetan ageri diren
casatos horien balioa behar bezala mugatzeaz
gainera, ezin da ahaztu X. mendearen
erdialdean ez zirela oso ugariak maila
sozialak; izan ere, jaun handiak besterik ez
dira ageri Baia ibaiaren mendebalean, hala
Gaztela eta Arabako kondeak eta Valpuesta
eta Arabako apezpikuak, abade batzuk,
presbiteroak eta gasalianes direlakoak; hasierako
Araban berriz, aldi horretaraino,
“seniores et populus” orokor bat ageri da
beti, eta horiei, denborak aurrera egin ahala,
erantsiko zaizkie casatos, collazos, eta
beste pertsona batzuk, kalifikazio sozialik
gabeak.
Eta maila sozial berri horietxek dira, hain
zuzen ere, oro har eta bazter utzita maila
bakoitzaren jatorrien arteko desberdintasunak,
mendeko izatera igaroko diren gizonak,
gero eta lotuagoak lurrari eta egoitza
edo etxeari, haietan hartuko baitute bizilekua,
arau eta betebehar feudalak gauzatu
ahala; eta mendeko gizon horien gainera
joango da ondasunen ustiaketaren eta
zerga berrien zama, azken finean Diego
Beilazen emaitzak nolabait ere aditzera
ematen duen bezala.
Errege, konde, jaun, homines, collazos
eta casatos horien bitartez marraztu dugu
oraino Goi Erdi Aroko piramide soziala.
Baina, feudalismoaren aurreko gizarte horretan,baina hierarkizaturik, ez al zegoen
nekazari librerik, baratze, labore edo mahasti
sail txikien, eta etxe edo familiaren
egoitzaren jabe?
Nekazari libreak
Funtsean, azken hori litzateke garai
hartan Gaztelako lurren parte ziren Araba
mendebalean bizi ziren gizonen nolakotasuna.
Biztanle horiek dira iturriek honela
definitzen dituztenak: “Gizonak eta emakumeak,
zaharrak eta gazteak, handiak eta
txikiak”, komunitate baten parte direlako
kontzientzia dutenak, eta ordezkaritza eta
gobernu erakunde bat badutenak, concilium-a,
eta interes komunak, komunitate
horretako kide ez direnen aurrean defenditu
beharrekoak, dituztenak.
Egoera hori oso ondo argitzen digu
Berbea, Barrio eta San Zadornilgo kontzilioak
(mila urtearen inguruan egin zen); hango
biztanleek, bilau eta infantzoi, denek
batera adierazten dute Gaztelako kondeen,
Valpuestako apezpikuaren eta beste gizon
zintzo batzuen aurrean, salbuetsiak direla
homizidio, haragikeria, calda eta errege
sayonik edo merinorik komunitatearen barrutian
sartu izanagatik zerga ordaintzetik;
bestalde, hango auzoak libre zeuden gauzak
indarrez eskatzera etorri ohi zen homiciero
edo potestatem delakoaren sarreratik.
Seguraski, egoera hori bera, edo antzekoa,
adierazten du 1025eko dokumentu
famatuak (“La Reja de San Millán” izenaz
ezagutzen den dokumentuak); dokumentu
horrek dioenez, Arabako erdialdean baziren
hirurehun gune jendeztatu baino gehiago,
hogeita bi barrutitan multzokaturik. Espezialista
askok aztertu dute dokumentu
hau, bakarra baita mota horretakoa, alegia,
auzo eta hiriez beteriko mundu batez mintzatzen
zaiguna, eta XI. menderako jadanik
osatua zegoen biztanle sare batez. Bestalde,
J.J. Larrearen ikerketen arabera, lotua
dago Nafarroako dokumentuetan ageri
direnekin.
Hala bada, biztanleriaren eta nekazarien
bizimoduaren oinarrizko guneak dira hiriak
eta auzoak; bestalde, hirien jatorri askotarikoak,
aldi berean, askotariko bizitza, produkzio
eta ustiaketa espazio antolamenduak
sorrarazi zituen, eta harreman, solidaritate
eta inposizio espazio bat gauzatu zuten,
horietxek baitira erreinuko administrazio
antolamenduaren oinarrizko unitateak.
Horiek dira beraz nekazari libretzat har
genitzakeen gizonak mugitzen diren espazioak,
dokumentuetan era desberdinez izendaturak
ageri direnak, eta bizi baldintzak
aginpide feudalaren erritmo desberdinek
gauzatuak dituztenak, leku eta garai desberdinen
arabera.