Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia»Erdi aroa - Lurraldearen eraketa

Nafarroaren eraketa

Genealogia koadroa. Banu Kasitarrak, Iruñea eta Aragoi, 788 eta 970 artean.<br><br>

Gaur egun Araba, Gipuzkoa, Bizkaia, Nafarroa, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako herrialdeek hartzen duten lurraldea VIII. eta XV.. endeen artean egituratu zen. Erdi Aroan euskal eremua lurralde zatitua izan zen, bai lur eremuen banaketari bai politikari dagokienez. Zatiketa horren erakusgarrietako bat izaera administratibo propioa duten herrialdeen kopurua da ?hasieran sei ziren, geroago zazpi?, eta beste bat lurralde horiek guztiak erreinu beraren mende egon ez izana, eta erreinu baten mendetik beste baten mendera igaro izana. Atal honetan prozesu horiek, alegia euskal herrialdeek gaur egungo mugak nola iritsi zituzten azaltzen duten prozesuak, izango dira aztergai.

 

Baskoiak VIII.. endearen hasieran

700. urte inguruan, bisigodoen aginpidearekin hiru mendez nola halako harremanak izan ondoren, artean nekazaritza fasean zegoen baskoien lurraldea. Iparraldekolurretan Iruñeak bestek ez zuen nolabaiteko hiri itxura, ez baitzen hura alferrik gotzainaren egoitza. Gainera, erromatarren garaian izandako sinbolismoa galdu gabe zuen, eta bera izan zen inguruko lurraldea gizarte eta politika aldetik artikulatu zuena. Inguru guztian, Pirinio barreneko arroetan ziren herriskak nekazaritzaraemanak ziren ia erabat. Bien bitartean, Pirinioetako ibar urrunetako biztanleria ?mendilerroaren bi isurietan? oso gutxi zegoen antolatua. Aurreko mendeetan sarraldiak egina zen beste lurralde emankorrago batzuetara hornidura bilatzeko premiak bultzatuta.

Hegoaldeak, erromatartze sakonagoa jasandakoa baitzen, administrazio hispanobisigodo jarraituagoa ere izan zuen, tamaina handiko hirietan batez ere ?Calahorran, esate baterako?, edo Erriberri bezalako hirigune garatuagoetan oinarritua.

Itxurazko zatiketa honek, ordea, ez zuen ekarri berez lurraldearen banaketarik. Ebro ibaiaren bi ertzak Toledoko erresumarekin lotura estuak zituen familia baten kontrolpean zeuden, Kasio kondearen familiarenean, alegia. Iruñea, eta Irunberri-Agoitz- Zangozako arroak, aldiz, buruzagi klan autonomoagoen mende zeuden, baina, modu batera edo bestera, bisigodoen nobleziako bando desberdinei lotuak zeuden hauek ere. Horrela baizik ez da ulertzen, 711. urtean, musulmanak penintsulan sartu zirenean, Rodrigo erregea Iruñean izatea, aginpidea kendu nahi zioten Witizazaleen aurka borrokan.

 

Musulmanen okupazioa

Arabeen okupazioa zela-eta, ordu arte baino garbiago markatu ziren lurralde batzuen eta besteen arteko desberdintasunak.

Kasio kondea bera, eta haren mendekoak eta jendea, konkistatzaileetara hurbildu eta Islamera bihurtu ziren. Haren ondorengo Banu Kasitarrak maiz ibili ziren al-Andaluseko barne politikan sarturik ondorengo bi mendeetan, eta arras islamiartu zuten Errioxa ingurua.

Iruñerrian, buruzagi klanek aurre egin zioten hasieran okupazioari, baina 718tik aurrera, gutxi gorabehera, musulmanak ageri ziren nagusi. Hala ere, herritarrek gorde egin zuten kristau erlijioa, eta lurraldearen kontrolak bertako buruzagien esku jarraitu zuen, dirudienez, nahiz eta VIII.. endean, musulman osteak ia etengabe inguru horretan ibili.

Hori zela medio, geroz eta zehatzago markatu ziren bi espazio bereizi, biak musulmanen mende, elkarren artean oso ahaide harreman estuak zituztela baina oinarri ideologiko geroz eta urrunagoekin. Kasitarrak eta Aristatarrak ?Iruñean agintzen zuen leinua? behin baino gehiagotan aritu ziren elkarrekin kanpaina militarretan Kordobako aginpidetik autonomia gehiago lortu nahi zutenean, baina azkenean elkarren aurka jarri ziren, al-Andaluseko emirrek, Banu Kasitarren bidez, iruindarrek ordaindu gabe zituzten zergak kobratu nahi izan zituztenean, edota mendekotasuna aitortzeko eskatu zietenean.

Bereizketa prozesu horren lagungarri gertatu ziren frankoen ?eta bereziki, Karlomagnoren? Pirinio inguru hauek mendean hartzeko ahaleginak. Eta ez bakarrik Orreagako (778) gudu ezagunaren inguruan, zeinetan Pirinio iparraldeko baskoiak, beharbada hegoaldekoen laguntzarekin, karolingiarren uztarritik askatzen saiatu ziren, harrezkero baizik, batez ere. Frankoek lortu zuten inoiz edo behin (812, 824) Iruñean konde leialen bat agintari jartzea. Ekimen horiek huts egin zuten, baina Iruñeko espazioa geroz eta hobeto markatzeko lagungarri izan ziren gerora. Espazio horrek Pirinioetako ibar eta arroak baizik ez zituen hartzen artean, baina geroz eta zehatzagoa zuen bere nortasuna.

Aristatarren eta Banu Kasitarren arteko oraingo elkar laguntzak eta hurrengo borrokaldiekIX. mende osoan zehar iraun zuten. Mende hartan ere normandiarrek sarraldiak egin zituzten Bidasoa aldetik, eta hori zela eta nekez sendotu ziren botere kristauak. Eneko Arista eta Gartzea Enekoitzen ondorengoak, Fortun Gartzeizek, hogei urtez Kordobatarren gatibu egonak, ez zuen jakin aprobetxatzen mendearen azken aldean musulmanen artean egon ziren gatazkak; Iruñeko nobleziak berak ere ez zion begi onez begiratzen, erresumak bizirik irauteko nahitaezkoa jotzen baitzuten Islamari behin-betiko aurre egitea. Azkenean ?estatu kolpe? moduko batek bota zuen agintetik eta oso ideologi planteamendu desberdinetako beste leinu bat ezarri zuen aginpidean.

 

Erreinu baten jaiotza (X. mendea)

905. urtean Antso I.a Gartzeiz tronura igotzeak aldaketa sakonak ekarri zituen, aginpide politikoaren kontzepzioan ez ezik, baita lurraldearen eraketan ere. Urte gutxi batzuk lehenago inork ere uste izango ez zuena baino askoz zabalagoa zen ordurako lurraldea.

Abiapuntua, mende bat lehenago Iruñeak zuen berbera zen, begiratu batera: Iruñea eta Irunberriko arroak eta Zangozako lurrak ziren muina, eta inguru guztian sakabanaturik herriska txiki zahar mordoa, Iruñeko gotzain hiri zaharra buru zutela betiere.

Baina badirudi aurreko mendeetan baino hobetoxe antolatuz joan zela pixkana-pixkana Pirinio ibarretako biztanleria.

Musulmanekin izandako gatazka eta erlijio liskarrek, alde batetik, eta mendi bazter hauetara monasterioak hedatzeak, bestetik,gauzak errazago jarri zituzten ordu arte biztanle egonkorrik apenas izan zuen lurralde hauetan jendea finka zedin.

Oinarri horiekin, demografiaren, elizaren eta gizartearen aldetik irmoturik, lurraldean sustrai sakonak zituen aristokrazia batekin, eta Leongo monarkiarekin hitzarmen sendoa zuela ?hau ere zama ideologiko handiko hedatze-politika batean sartua, bisigodoen monarkiaren ?berrezarketa kristaua?, hain zuzen?, Islamarekiko mendekotasun harremanari buelta ematen asmatu zuen erregeak. Banu Kasitarren aurkako garaipenak, 907 aldera, egungo Lizarrako ia merindade osoa mendean hartzeko bidea eman zuen, Egak Ebrorekin bat egiten duen lekuraino. Handik gutxira, Ebroko klan musulmanen erantzun gogor baina eragin gutxikoak gorabehera, Arga eta Aragoi ibaien behe lurretan aurrera egin zuen Iruñeko erregeak, eta Falces eta Kaparroso (915) okupatu zituen, Erriberako lurretan. Hamar urteren buruan, Iruñearen aginpideko espazioa asko hedatu zuen Antso Gartzeizek. Edozein moduz ere, ondorengo hamarraldietan zalantzan jarri zen lurralde sendotasun hori.

Kordobako Abd al-Rahman III.a emirraren (geroago kalifa) zuzeneko esku hartzeak, galdutako lurrak ez berreskuratzeaz gain (kristauen Valdejunquerako hondamendia gorabehera, 920 urtean), ezin izan zuen eragotzi Errioxa gehiena, Calahorraraino, iruindarrek mendean hartzea (923an). Banu Kasitarren aginpidea ezabatua geratu zen horrela, eta Iruñeko monarkiarentzat mundu berri bat ireki zen, askoz aurreratuagoa, bai ekonomian, bai gizarte harremanetan eta baita kultura mailan ere: hiriguneak, garrantzi kultural handiko monasterioak, eta nekazaritza eta abeltzaintza hedatzeko tokia iparraldeko soberakin demografikoentzat,ez Iruñekoentzat bakarrik, Arabakoentzat ere bai. Arabako lur horiek leondarren mendekoak ziren artean, baina monarkia honen laguntza funtsezkoa izan zen konkista kanpainetan, eta hala izan zen etorkizuna ziurtatzeko ere.

Antso I.a Gartzeizen hedatze lana Aragoiko konderri txikiaren gehitzearekin osatu zen. Karolingiarrak nagusi ziren garaietakoa zen konderria. Frankoen aginpidea indarra galduz joan zen, eta 920. urtetik aurrera Galindo II.a Aznar kondeak men egin zion Iruñeko erregeari. Mendekotasun hori are sendoago egin zen haren jaraunslea gero errege izan zen Gartzea I.a Santxezekin ezkondu zenean. Horrela, Mendebaleko Pirinio osoa Iruñeko erreinuaren eskuetan geratu zen, eta harekin batera Ebro ibarreko musulmanekiko muga gehienak ere bai.

Alegia, 900. urteko bi espazio kristau txiki eta hauskor haiek errege baten mendeko lurralde indartsu bihurtu ziren hogeita bost urte geroago, eta Iberiako penintsulako jaun nagusi Kordobako kalifaren eraso gogorrei eusteko gai ere izan zen.

Abd al-Rahman III.a alferrik saiatu ondoren galdutako lurrak berreskuratzen, erreinu kristauen arazoetan eskua sartzen hasi zen. Baina kalifak etsi egin behar izan zuen galdutako lurrak berreskuratu ezin izatera, eta, erreinu berriaren independentzia ezabatu ezin izatera batez ere, nahiz eta itxuraz erreinua ahula zen instituzio aldetik, Gartzea I.a Santxez (925-970) adin txikikoa baitzen artean.

Lehen kalifaren ekinaldien ondoren beste batzuk etorri ziren, Almanzor bisirrarensarraldi hondatzaileak tartean, X. mendearen azken aldean. Eraso horien guztiengatik ere, Iruñeko lurralde esparruak eta barne egiturak tinko jarraitu zuten, baina ezin izan zitzaion eutsi mende hasierako hedatze azkar hari. Segur aski, X. mende honen bigarren erdi aldera, hegoaldeko muga itxita zela, egin zituzten iruindarrek lehen urratsak Kantauri aldera: Bidasoa ibaiaren arro aldera eta Gipuzkoako lurretara.

Hauek, iparrera begira bazeuden ere, eta Baionako eliz barrutikoak ziren arren, XI.. endean zehar, argi eta garbi Iruñeari ageri ziren loturik. Musulmanek hegoalderako bidea eragoztea izan bide zen, iruindarrak eskualde hauetara hedatzeko arrazoietako bat, gizarte eta politika antolamendu aldetik aurrerago baitzeuden Bidasoa eta Gipuzkoa aldeko lurrak hegoaldekoak baino.

Data hauetan koka daitezke, dirudienez, zenbait monasterio txikiren fundazioa (Donostiakoa), edo herri handiagoen garapena (Hernani). Litekeena da orobat Pirinio hegoaldetik etorritako etorkinak toki hauetan bizitzen jartzea, populazio trinkoagoa baitzuen orduan lurralde horrek.

 

Erreinuaren sendotzea (XI.. endea)

Almanzor eta haren semea hiltzean erreinu txiki askotan banatu zen kaliferria: taifa erreinuak. Horrela desagertu zen penintsulakoipar lurraldeek aurreko hamarraldietan jasandako presio itotzailea, eta ateak zabaldu ziren kristau aginpidearen finkatze lanarekin jarraitzeko.

 

Mugak finkatzen

Iruñeko erreinuan Antso Handiak (1004- 1035) hedatze kanpainei berriro ekin ordez muga lurrak sendotzea erabaki zuen, eta horretarako gotorleku sail bat eraiki zuen Funeseko haranetik Cinca ibaiaren lurretaraino, Aragoiko konderrian azkeneko hori.

Izan zituen famili harreman ugariak zirelaeta, gainerako erreinu kristauen politikan esku hartze handia izan zuen, baina, musulmanei kendutako Sobrarbeko lurrak (1017) eta Aragoiko sortaldean jarauntsitako Ribagorzako konderria (1018) besterik ezin izan zuen monarkiara gehitu. Azkeneko hau, teoriaz, baina ez praktikan, errege frankoen mendean zegoen, Kataluniako konderrien antzera, baina Pirinioez haraindiko erregeak ez ziren gai une horretan, benetako aginpidea zuten tokitik hain urruneko eskubideei eusteko.

Sartaldera, Muniak, erregearen emazteak, Gaztelako konderria jarauntsi zuen haren neba Gartzea hil zenean (1029). Izen horren pean lurralde zabal eta desberdinak sartzen ziren, Arabako eta Bizkaiko lurrak ere bai nonbait, artean muga lausoak bazituzten ere. Eskualde horietako agintaritza Leongo erregeari zegokion, eta erabidetsu izan nahian, Antso Handiak bere legezko bigarren seme Fernandoren esku utzi zuen Gaztelaren gobernua, Iruñeko monarkiarenlurralde izatera igaro gabe. Antso hil arte (1035) ez zen Nafarroako mugetan aldaketa garrantzizko eta iraunkorrik izan.

 

Gartzea Naxerakoa

Historiografian iritzi hedatua izan bada ere, azken aldian behin baino gehiagotan esan den bezala Antso Handiaren oinordekotzak ez zuen ekarri ez erreinuaren banaketarik ez Iruñeko erreinutik abiatutako monarkia berrien jaiotzarik ere. Antsoren testamentutik sortutako errege bakarra haren lehen seme Gartzea III.a Santxez ?Naxerakoa? (bere hiri kuttuna) izan zen, eta tituluarekin batera aitak hogeitamar urte lehenago jarauntsitako lurralde berberak jaso zituen, X. menderako Iruñeko erreinua osatzen zuten lurraldeak, hain zuzen: Nafarroa bera, Errioxa, Bidasoa harana, Gipuzkoa eta Aragoiko konderria. Horregatik, Aragoi, Ramiro sasikoari eman zitzaion, baina anaiaren mendekotasunean, garaiko edozein konderi eman ziezaiokeen bezala, eguneroko politikan izan zezakeen autonomi maila alde batera utzita. Sobrarbe eta Ribagorza, jatorriz Nafarroaren jabetzakoak ez zirenez, baizik eta Antsoren erregealdian gehituak, Gontzalo seme gazteenari eman zitzaizkion.

Beste muturrean, Gaztelak, teoriaz, Leongo konderria izaten jarraitu zuen. Hala ere, Iruñeko erregeak, familiako ohiturari jarraiki, amaren jarauntsi zati bat eskuratzeko eskubidea zuen, eta jarauntsi horren muina, hain zuzen, Gaztelako konderria zen. Hala, Gartzeak, bere gobernu esparrura gehitu zituen Gaztela Zaharra deituaren lurrak (egungo Kantabriaren sartaldea eta Burgosko Bureba), Araba eta Bizkaia gehientsua (kontuan izan gaurko Arabako Errioxa Iruñeko erreinukoa zela, segur aski, Antso I.a Gartzeizek erreinua hegoaldera hedatu zuen garaietatik). Gainerakoa Fernandoren esku geratu zen, zeina 1037an koinatua hil zitzaionetik, Leongo erregea baitzen.

Laburbilduz, Iruñeko erreinua haziagoa zegoen sartaldetik Gaztelako lurren zati bat eta Arabako konderri zaharra erantsi zitzaizkiolako, eta bien bitartean, sortaldean gobernu autonomoa zuten bi espazio sortu ziren (Aragoi eta Sobrarbe-Ribagorza), nahiz eta Iruñeko erregearen mendean jarraitu.

Bakoitza bere aginpide esparruan finkaturik, Gartzeak musulmanen aurkako erasoei ekin zien, herabe antzean izanik ere, eta mende bat baino gehiagoz mugitu gabe zirauten mugak berriro zeharkatu zituen.

Hala ere, kontuan hartzeko moduko arrakasta bakarra Calahorraren berreskuratzea izan zen (1045), Abd al-Rahman III.aren garaitik galdua baitzen. Berehala ekin zion ?pariak? kobratzeko politikari: zergak ordainaraztenzizkien Zaragozako erregeei bakearen truke. Hain zuzen, arrazoi hori zela-eta atzeratu zen Errekonkista denboraldi batean.

 

Gainbehera

Arazo larrienak erreinu kristauetatik etorri ziren. Fernando I.a Leongo tronuaz jabetu zenean, Gaztelako nobleak ?euren arteko loturak zirela-eta, ez baitzeuden gustora bi erregeren mendean?, berehala hasi ziren Gartzearen gobernua estutzen erreinuaren mendebaleko mugetan. Erregea bera, anaiaren aurkako borrokan hil zen (Atapuerca, 1054), eta Iruñearen mendeko Gaztelako nobleak Leongo erregearen mendera itzuli ziren pixkana-pixkana. Errege berriak, Antso Peñalengoak, ezin izan zuen ezer egin hori eragozteko. Nafarroatik hurbileneko eskualdeak ?hau da, Araba eta Bizkaiko zati bat (Durangaldea)? izan ziren Iruñeari leial iraun zuten bakarrak.

Aragoik Iruñearen mende jarraitu zuen Ramiro I.aren agintaldian ?Gontzalo anaiaren heriotzaren ondoren Sobrarbe eta Ribagorzaz ere jabetua zegoen?, baina haren oinordekoak, Antso Ramirezek, urruntze taktika bati ekin zion, harik eta bere lurrak Aita Santuari eskaini zizkion arte (1068).

Honek babesa eskaini zion, Erromak orduan defenditzen zuen dotrinan oinarriturik, alegia, Aita Santuari zegokiola aginpide unibertsala, hala politikan, nola erlijioan.

Antso Peñalengoak nahiago zuen Zaragozako taifaren gaineko zerga politikarekin jarraitu, kanpainia militarrak hasi baino, eta azkenik aristokraziari aurre egin behar izan zion, hauek, gerra konkistetatik eratortzen ziren harrapakinak eta baliabide ekonomikoak gutiziatzen baitzituzten. Gainera, Gaztelako lurrak galtzearekin, asko mugatu zitzaizkien Nafarroako nobleei, eskualdeko ?tenente? gisa, lurralde administrazioko postuetara heltzeko aukerak. Tirabira hura erregearen aurkako konspirazioarekin ?hil egin zuten 1076 urtean? eta inguruko erregeen esku hartzearekin amaitu zen.

Alfontso VI.a Gaztelakoak Errioxa, Araba, Bizkaia eta egungo Lizarrako merindadearen Ebro inguruko aldea okupatu zituen.

Antso V.a Ramirez iruindarren erregetzat onartu zuten ?musulmanen aurkako gerran asko saiatu zelako edo? konkista, harrapakin eta ohoreen atzetik zebiltzan noble nafarrek. Horrela, Iruñeko erreinuak, nahiz eta orain lurraldez askoz laburragoa izan, Aragoirekin bat egin zuen berriro, baina orain ez ziren erreinua eta konderria, X.. endean bezala, baizik maila bereko erreinuak biak, eta Antso Ramirez eta ondorengoak Aragoi eta Iruñeko errege izan ziren aurrerantzean.

 

Barne espazioaren antolamendua

X. mendetik etengabeko bilakaeran zegoen esparru honetan, oso sustrai zaharretako jendeztatze eredua garatu zen.

Errioxako hiri jakin batzuk kenduta (Naxera, Calahorra), eta Iruñearen salbuespenarekin ?hark zuen garrantzi politiko, erlijioso eta sinbolikoagatik?, jende gehiena herri txikietan bizi zen. Jaurgopeko nekazariak bizi ziren herriska horietan eta, kasuren batean, abarka handizurenen familiaren bat ere bai: maila apaleko nobleak ziren horiek, gainerako bizilagunak ez bezala, inoren mendekotasunetik libre zeudenak.

Lurraldearen ezaugarri bereziek eta izandako bilakaera soziopolitikoak eraginda, Europako beste zenbait tokitan ondotxoz geroago gertatu zen ?jauntze? prozesua azkarragotu egin zen Nafarroan.

 

Nekazari herriak

Jendeztatze sarea oso sare trinkoa zen.

Ehundaka herriska zegoen eta auzo bakoitzak bere lurrak zituen ?oso mugatuak? nekazaritzarako.

Gutxienez X. mendearen azkenetatik ustiatzen ziren lur horiek. Herri hauetan pilatzen zen jendea, eta 200 Ha.. nguruko lurraldean 30 familiatik gora ere bizi izaten ziren.

Beste eragozpen bat ere bazen gainera.

Izan ere, Islamaren muga artean Ebroren iparraldean kokatzen zenez, ez zen erraza Arga eta Aragoi ibaien lur lauetara bizitzera joatea, nabarmena baitzen han gerrarako eta liskarretarako arriskua. Horrela bada, alde batetik, hego-sartaldeko haran eta arroetako eskualde jendetsuen, eta, bestetik, Tuterako erriberaren artean, oso gutxi garatutako lurralde zabala zegoen, eta garapen aukera handiak eskaintzen bazituen ere ?nola jendeztatze aldetik, hala ustiatze aukerengatik?, aurrez musulmanen arriskua konpondu beharra zegoen hara joan nahi bazen. Horren ondorioz ez da harritzekoa erreinu barruko eremuetan mendi hegalak ere ustiatu behar izatea, edo nekazaritzarako oso aukera urriak eskaintzen zituzten haran hondoetan auzoak eratzea. Nahiz eta Antso Handiak XI. mende hasieran mugak gotortuak zituen, Kordobako kaliferria deseginda zegoen eta kristauen monarkia Ebro aldeko taifei nagusitu zitzaien jendeari kosta egin zitzaion lurralde haietara inguratzea.

 

Hiri iraultza

Baina hegoaldea okupatu baino lehen, hark bezain eragin garrantzitsua edo handiagoa izan zuen beste gertakari bat jazo zen Nafarroa-Aragoiko monarkia berrian.Bitxia bada ere, protagonista ez zen izan ?Europako beste lurralde batzuetan bezala? nekazaritzan sobera zegoen jendea, baizik eta Pirinioez bestaldetik etorritakoa, Frantziako Miditik batez ere, monarkiak erraztasunak emanda.

Santiago bideak zeharkatzen zuen Iruñeko erreinua iparraldetik eta sortaldetik hego-sartaldera. Lurraldearen ardatz nagusia zen, eta erromes bidea izateaz aparte garrantzi handiko beste zeregin batzuk ere betetzen zituen. Hasiera-hasieratik jakin zuen Iruñeko monarkiak Santiago bidearen garrantziari balioa ematen. Antso I.a Gartzeizek, Sakana eta Arabatik zihoan galtzada zaharraren ordez, Errioxa zeharkatuz Iruñea Gaztelarekin lotu zuen ibilbide berri bat bultzatu zuen, erreinuko eremu garrantzitsuenak lotzearren.

Antso Ramirezek eta haren ondorengoek argi ikusi zuten bide horrek izan behar zuela hirien eta ekonomiaren garapenaren oinarri nagusia, eta hala, eskulangintzatik eta merkataritzatik biziko ziren hiriak sortzea erabaki zuten, gizartea egitura desberdina izango zuten hiri jendetsuak. Bizilagun berriak horelako hiri sareak zeuden eta ekonomi jarduera horiek indarturik zeuden eskualdeetatik etorri ziren, Frantziako hegoaldetik batez ere. Jaca eta Estella izan ziren helburu horrekin sorturiko edo indarberrituriko lehenengo herribilduak (1076- 1077), izen bereko herriaren gainean bata eta Lizarra izenekoan bestea, Nafarroako Santiago bidearen mutur banatan. Foru bereziak eman zitzaizkien, eta berorietan bermatu ziren, hala kolektiboaren nola norbanakoaren askatasunak eta nahi zenarekin merkataritza tratuak egiteko eskubideak, artean jaunen arteko harremanak nagusi jarraitzen bazuten ere. Biztanleei frankoak deitu zitzaien, eta hitz hori, denbora luzez, askatasun, pribilejio eta zerga gabeziaren sinonimo izan zen.

Foru berezi horietan hala baitzegoen aginduta, nafarrek ezin izan zuten parte hartu hiri eraketaren lehenengo fasean. Jaurgo errejimenak artean zuen indarraren adierazle argia da hori; izan ere, jaunei ez baitzitzaien komeni jendeak bat-batean nekazari lurrak uztea zerga arinagoak zituzten lekuetara joateko. Gainera, hiri hauetako bizilagun berriek ez zeukaten euren jatorria saltzeko, eta belaunaldietan zehar eutsi zieten zekartzaten hizkuntzari eta ohiturei.

Proposamenaren arrakasta begien bistakoa egin zenean, monarkiak eutsi egin zion ereduari, eta programatua zirudien prozesuarekin jarraitu zuen. Iruñean, erreinuaren hiriburua eta gotzain hiria baitzen, bi aginpideek hala hitzartuta, hiribildu berri bat sortu zen hiri zaharraren ondoan, eta azken honi, biztanleen jatorria argi uztearren, Nafarreria deitu zitzaion. San Zerninburgua jaio zen horrela, eta lehen biztanleen jatorriaren oroigarritzat ?Frantziako Tolosa konderrikoak? eman zioten izen hori. Forua ematerako (1129) hiribildua sortua zen. San Zerninen bizitzeko ezarri ziren mugak zirela eta, beste burgu bat sortu zen aldamenean, San Nikolas, zeina Nafarroako beste eskualde batzuetako etorkinek jendeztatu zuten hein handi batean. Estella fundatu eta mende erdi bat geroago hirietan mugak jartzen segitzeak, Pirinioez haraindikoen hirietan sartzea debekatzeak adibidez, ez zuen jada zentzurik.

Gares, Zangoza (1122) eta Elo (1149) Aragoiko errege dinastiak bultzatu zuen garapen politika horren fruitu izan ziren.

Alfontso I.a Gudularia nabarmendu zen gehienbat zeregin horretan, baina ondorengo erregeek ere politika berdina egin zuten.

Iruñearen, Lizarraren eta neurri apalagoan Zangozaren garapena azkarra izan bazen ere, bitarteko herribilduak ?Gares, Elo? ez ziren hainbeste hazi, hurbilegi baitzeuden hiri handietatik, eta eskualde buru izatera mugatu ziren.

Ikus daitekeen bezala, Santiago Bidearen adar nagusietan zeuden hiri guztiak.

Izan ere, Santiago Bidea baitzen Nafarroa Frantziako eta Gaztelako merkataritza hiriekin lotzeko bide nagusia. Gainera, hegoaldera aurreratzen joateak aukera eman zuen ekimen horiek lurralde jendeztatu berrietara hedatzeko.

 

Erriberaren konkista

Aragoitarren dinastiak sustraitik aldatu zuen Iruñeko erregeen Islamari buruzko politika. Erregetzara heltzeko erabilitako moduak Aita Santuaren politikaren aliatu sendoak bihurtu zituen, eta politika horren barruan sartzen zen, beste proposamen askoren artean, kristandadea gerraren bidez hedatzea. Gurutzada deitu zitzaion gertakari horri. Hala, Iberiako penintsulako erreinuetan paria politika eten eta konkista ekinaldiak hasi ziren, harik eta XI. mendearen bukaeran beste herri musulman batzuen etorrerak ?almorabideak? zertxobait atzerarazi zituen arte. Bien bitartean, Antso Ramirezek lehenik eta haren seme Pedro I.ak eta Alfontso I.a Gudulariak gero, ia hogeitamar urtean menderatu zuten Zaragozako erreinu musulman oparoa, eta Ebro haranaren erdialdera hedatu zuten kristauen nagusitasuna.

 

Tuterako Erriberaren konkista

Nafarroako lurretan, Arguedasen konkistarekin eta gotortzearekin (1084) emanzitzaion hasiera hedatze kanpainari, handik kontrolatzen baitziren Tutera eta haren eskualdea.

Hala ere, Antsoren eta haren seme Pedro I.aren ekintza militar gehienak Aragoi aldean gertatu ziren, Huescan eta Zaragozan batik-bat. 1118. urtean Alfontso I.ak Zaragoza hartu eta hango taifa desegin zuenean, denbora gutxiko kontua izan zen Tutera konkistatzea. 1119. urtearen hasieran errenditu zen Tutera, eta harekin batera inguruko herriak. Merkataritza eta nekazaritza intentsiboa ziren herri horietako bizibide nagusiak.

Hara joan nahi zuten biztanle berriei foruak eta handikiei, elizari eta konkistan parte hartutako gerlariei lur sailak eman zitzaizkienez berehalaxe jendeztatu ziren eskualde haiek kristauez. Bitartean, gutxiengo musulman eta juduak auzo berezietan itxita geratu ziren (judu auzoak eta mairu auzoak). Mairuak nekazaritzan eta eskulangintzan aritu ziren, eta juduak, berriz, merkataritzan eta maileguetan nabarmendu ziren.

Kopuru handiena Tuteran bizi zen, baina Lizarran (1090 aldera) eta Iruñean ere (1154) auzo handiak sortu ziren. Beste batzuk, Zangoza, Elo edo Erriberrikoak esate baterako, txikiagoak izan ziren.

 

Erdialdeko lurraldeen eraketa

Aragoiko erregeen politika gerrazaleak derrigorrezkoa egiten zuen erdialdearen kontrola sendotzea beste edozein konkistari ekin aurretik. Muga lerroa urrun geratzen zen eremu antolatuenetatik, eta gainerako lurraldearen jarraipen izan beharra zeukan eskualdeak edozein hedatze prozesu finkatuko bazen. Horregatik, mugara bizitzera zetozenei (Arguedas, 1090) pribilejio bereziak emateaz gain, zenbait erakunde erlijiosori ere (Tolosako San Saturnino, Montearagon) sail handiak eman zitzaizkien eremu hauetan, biztanleria finkatzen lagun zezaten. Erribera konkistatu ondoren, arriskurik gabe jada, biztanle asko inguratu zen eremu horietara XII. mendean zehar, iparraldeko haran jendetsuetatik batik-bat.

Herri berri edo berritu horiei sail handiak eman zitzaizkien ustiatzeko, biztanleak erakartzearren.

Hala, etsaiaren erasoei aurre egiteko moduan izan ziren ?toki altuetan edo harresi sendoz gotortutakoetan?, eta, bestalde, musulmanengandik ikasitako ureztatze teknikak gauzatu ahal izan zituzten, eskulan ugari eskatzen baitzuten teknika horiek.

 

Muga berriak

Alfontso I.a Aragoikoa eta Iruñekoaren eta Urraka Gaztelakoaren arteko ezkontzaustela atera bazen ere, Bizkaiko eta Arabako lurrak ?1076an galduak? berreskuratu ahal izan zituen behintzat erresumak. Ezkontza ezereztea ez zen oztopo izan lurralde haiek gobernatzen jarraitzeko, eta azkenik Gaztelak lurralde haietako nagusitasuna aitortu zion erregeari 1127an.

Erregea hiltzean behin-betiko eten ziren Nafarroaren eta Aragoiren arteko loturak.

Erreinu bakoitzeko aristokraziak bere erregea aukeratu zuen. Iruñeko tronuan Gartzea Ramirez eseri zen, antzinako dinastiaren ondorengo bat. Erregeak eta beraren familiak Tutera alean interesak zituztenez, Iruñearen mendean geratu zen eskualde hori. Horrela, eta salbuespenak salbuespen, behin-betiko finkatu zen Nafarroaren eta Aragoiren arteko muga.

Hala ere, musulmanen mendeko lurretatik aparte gelditu zen erresuma, eta gehiago hedatzeko aukerarik gabe beraz.

Handik aurrera Nafarroako lurralde politikaren zeregin nagusia Gaztela eta Aragoi auzo indartsuetatik defenditzea izan zen, eta Pirinioz iparraldera bideratu zuen gehiago bere jarduna.

Gauzak horrela funtsezkoa zen Iruñea- Tutera ardatza sendotzea. Eta politika horri jarraituz franko foruak eman zitzaizkien Erriberriri (1149), bidegurutzea baitzen erresumaren hegoaldean, Larrasoañari (1174) eta Auritzi (1189 baino lehen). Bizilagun berriak, Iruñeko San Nikolasekoak edo Lizarrako San Joangoak bezala, jatorri desberdinetakoak ziren, Nafarroatik bertatik etorriak asko eta asko. Burgu berriak beste zaharrago batzuen ondoan ezartzen zirenean, haietatik bereizitako herribildu independente gisa ezartzen ziren. Horregatik, Iruñea edo Lizarra ez ziren erakunde bakarra, baizik eta, gune bakoitzak bere foru eta erakunde bereziak zituen, eta haien politikak, askotan, elkarrekin bat ez etortzeaz gain, aurkakoak ere izaten ziren.

Izan ere, monarkia tematua zegoen nobleen gainean ez ezik, lurraldeko biztanle guztien gainean oinarritzen, baita burgesen eta nekazarien gainean ere. Eta helburu horretarako oso arma eraginkorra zen hirien garapena.

 

Lurraldeari lotutako monarkia

Antso VI.a Jakitunarekin amaitu zen prozesu hori. Hau, ia etengabe, erreinua gorpuzten saiatu zen, bai lurraldeari eta bai erakundeei zegokienean. Orduan hartu zuen Nafarroa izena, Iruñearen ordez, hori Iruñeko noble taldeei lotuagoa baitzegoen.

Auzoen behin-behineko ahulaldiak aprobetxatzen saiatu zen, Gaztelarenak batez ere, Errioxa aldera gehiago hedatzeko, baina gaztelauen erantzun gogorrak argiutzi zuen ezinezkoa zela bide hura. Testuinguru zail honetan, aristokraziako zenbait leinu monarkia etsaien zerbitzura jarri ziren. Aldaketa horien aurrean nahikoa eragin ahula zuen Nafarroako erregeak Araba edo Gipuzkoa bezalako lurraldeetan; izan ere, eskualde horietako jauntxo batzuk Koroaren eragina atzerarazten hasiak baitzeuden.

Antso VI.ak foruak eman zizkien zenbait hiriri, Donostiari (1180) eta Gasteizi (1181) bereziki, sostengu handiagoa izan nahian.

Baina ez zen betarik izan antolamendu eredu horrek mendebaleko eskualdeetan sustraiak egin zitzan. Errege jakituna hil eta berehalaxe (1194) haren seme Antso VII.ak ezin izan zuen eragotzi Arabako eta Gipuzkoako nobleak Gaztelaren mende jartzea, nahiz eta hiri berriak gogor saiatu ziren Alfontso VIII.aren osteei aurka egiten (1198-1200). Arabako hegoaldea izan zen Nafarroaren esaneko jarraitu zuen bakarra; ez zegoen alferrik hirurehun urte lehenagotik Iruñearen mende.

Pirinioez iparraldera, aldiz, aukera berriak ireki ziren, hango aristokrazia klanen arteko liskarrek inguruko erregeen babesa bilatzera bultzatzen baitzituzten. Oraindik prozesua ongi ezagutzen ez bada ere, Garazi, Amikuze eta Izurako lurraldeetako zenbait handiki pixkana-pixkana Nafarroaren mende egotera igaro ziren 1200 inguruan, ?Bortuez haraindiko lurrak? izeneko lurraldea eratu zen arte. Antolakuntza korapilatsuko lurralde hori Nafarroako erregearen mende egon zen XVI. mendea arte etenik gabe.

Lapurdik eta Zuberoak, ordea, nahiago izan zuten Akitaniako dukeari eta Ingalaterrako erregeari leial jarraitu. Horrela askatasun handiagoa zuten. Edozein modutan ere, nola batzuek hala besteek, harreman eta borroka sare nahasiarekin jarraitu zuten.

Lapurdiko eta Zuberoako leinu batzuek Nafarroaren babesa bilatu zuten, eta, aldiz, ?Bortuez haraindiko? familia batzuek Nafarroaren aurka egin zuten. Ez Nafarroako erret ofizialek ez tituluek ?Lapurdiko bizkonde, esate baterako? ez zuten sare hura, mendez mende aginpide zentralizatuaren mesedetan ehotua, desegin ahal izan.

Antso VII.ak berak, aragoitarrekin ezarria zuen mailegu politikari esker, gaztelu sail bat eraiki zuen Nafarroatik Mediterraneo aldera, musulmanen lurraldeetara sarraldiak egin eta harrapakinez jabetzeko.

Mailegu eta bahia kentze horien oroigarri dira Petilla de Aragon eta Xabier, nafarrak oraindik.

1234tik aurrera jatorri frantseseko dinastiak ezarri izanak ez zituen erreinuaren mugak aldatu. Frantziako Capet dinastia Nafarroako tronuan eseri zenean ere (1276- 1328), nahiz eta Frantziako eskualde gisa tratatu batzuentan Nafarroa, mugak ?XIII.mende hasieratik finkatuak? ez ziren aldatu eta Nafarroa erresumatzat hartua izan zen ofizialki.

 

Muga ixtea. XIV- XVI. mendeak

Frantziako koroatik bereizi zenetik (1328) Nafarroak gune bakar bat gehitu zion erresumari: Fiter, XII. mendean Gaztelako mugan fundatutako monasterio zistertarra.

Sorreratik Gaztelari leiala izana zen, baina lurralde bateko eta besteko erregeek mesedeak emanak zizkioten haren aldekotasuna lortze aldera. Hika-mika haiek gerra txiki bat ekarri zuten (1335), baina ez zen ondorio aipagarririk izan, eta azkenean, Aita Santuak izendatutako epaileen esku utzi zen auzia. Nafarroaren aldeko epaia eman zuten (1373).

Baina Gaztelarekin izandako gatazka sarriak gaizki amaitu ziren nafarrentzat, nahiz eta Karlos II.ak (1349-1386) zenbait sarraldi arrakastatsu egin Gipuzkoa eta Arabako lurretan, mende t?erdi lehenago galdutako lurraldeak berreskuratu nahiaren itxura emanez. Hurrengo mendean, liskarrak zirela eta, lurralde galera handiak izan zituen Nafarroak. Barne ahultasunak ?anaia arteko liskarrek XV. mendearen bigarren erdian? eta mugako arerioaren indar handiagoak ez zuten bestetarako aukerarik uzten.

Joan II.a eta agramondarrak, alde batetik, eta haren seme Karlos Vianakoa ?hau beaumondarrekin bat eginda? elkarren aurka borrokan hastea aitzakia polita izan zen Gaztelako errege Enrike IV.a tartean sartzeko (1461). Lizarrako merindadearen hegosartaldea hartu zuen mendean. Baionan 1463an emandako epaiak Gaztelaren esku utzi zuen merindade osoa, baina zenbait noble nafarren aurkakotasuna zela medio Biasteri eta San Bizente ?Arabako Errioxa gaur egun? eta Urantzia besterik ez zen galdu. Urantzia Gaztelaren mende egon zen 1753 arte.

Erresumaren azken diseinua, gaur egungoa, XVI. mendean marraztu zen. Gaztelak Nafarroa Garaia hartu zuen 1512-1515 bitartean, baina Pirinioez iparraldeko eskualdea ezin izan zuen kontrolatu. Albretarren dinastiak erreinua berreskuratzeko egin zituen ahaleginak (1513, 1516, 1521) eta mendiek jartzen zituzten zailtasunak zirela eta, Espainiako monarkiak bertan behera utzi zuen azkenik ?Bortuez haraindiko? eskualdea 1527-1530 aldera. Enrike II.ak, Nafarroako azkeneko erregearen semeak, okupatu zuen lurraldea, eta haietxek izan ziren aurrerantzean haren tituluaren oinarrizko lurrak.