Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia»Antzin Aroa

Ekonomia, erromatarren garaian

Erromatarren garaiko Euskal Herriko ekonomia eta salerosketa gune nagusiak.<br><br>

Atal honetan Euskal Herriak K.a. II mendetik K.o. V. mendera izan zuen bilakaera aztertzen da. Lehenik erromatarrak iritsi aurretiko ekonomia egoera eta ekonomia hori zertan oinarritzen zen erakusten du. Ondoren agroaren aldaketa aipatzen da, villen sorreraren eta ustiapenerako teknika berrien ondorioz gertaturiko aldaketa alegia. Era berean, hiri berrien zeregina azpimarratzen da, lurretiko zein itsasoko salerosketaren indar hatzean izan zuten zeregina bereziki. Kobre, zilar eta burdin meategien eta harrobien ustiapenaren analisia egiten da, eta baita aurkitu diren txanponena eta aztarnek gaur egungo euskal lurraldeetako ekonomia arazoekin duten lotura ere.

 

Sarrera

Erromatarrak iritsi aurretik, bi parte oso desberdin bereizten ziren Euskal Herrian, saltus-a eta ager-a. Batean zein bestean, mendi gailurretan egoten ziren hiriak. Mendialdeko biztanleek artzaintzan jarduten zuten, eta ordoki aldekoek, berriz, laboreak lantzen zituzten, baina ustiakuntza teknika aski soilak erabiliz.

Erromatarrak iristean ordea gauzak errotik aldatu ziren. Hiriak ordokietan eraikitzen hasiko dira, eta nekazaritza areagotu egingo da sail edo fundi-etan; meategiak ere ustiatuko dituzte iritsi berriek; bide berrietako komunikazioari esker merkataritza indartuko da. Erromatarren eraginaren ondorio gisa dirua egiten hasi zen, eta eremu honetan aurkitu diren hainbat altxorri esker, garai hartako diruaren zirkulazioaren nondik norakoa ezagutu ahal izan da. Altxor horietako batzuek lur hauetan egin ziren operazio politikoak eta militarrak islatzen dituzte.

Hirien eta fundi-en funtzionamendu sistemak bere horretan jarraitu zuen gutxi asko III. mendea arte. Garai horretatik aurrera, krisia zabaldu zen hirietan, txikiagotu egin ziren tamainaz, eta harresiz inguratu zituzten.

Merkataritzak ere behinolako indarra galdu zuen, eta eten egin ziren esportazioak.

IV. mendearen bukaeran eta V.aren hasieran areagotu egin zen gainbehera, batez ere germaniarren inbasioengatik eta, V.mendearen erdialdean, bagauden sorreragatik.

Mugimendu horrek segurtasun falta ekarri zuen, eta, horren ondorioz, koba zuloetara jo zuen jendeak, eta haietan gorde zituen bere altxorrak.

 

Erromatarren aurreko ekonomia egoera

Erromak Euskal Herriko lurrak konkistatu izanak erabateko aldaketa ekarri zuen politikan nahiz ekonomian, batez ere nekazaritza eta artzaintza sistemei zegokienez.

Baina lehen erromatarrek aurkitu zuten egoera ez zen bat-bera politikan, eta ekonomia baliabideak baliatzeko metodoa ere ez zen bakarra, antzinako gizataldeak inguruari egokitzen baitzitzaizkien hura aldatu ezin zutenean. Era horretan, saiatzen ziren ustiatzen ez ingurune bat bakarrik, baita bi edo hiru ere, elkarren desberdinak. Hori da saltus (mendialdea) eta ager (nekazaritzaeremua) delakoen kasua. Tito Liviok aipatu zuen jadanik ager vasconum hori. Bestalde, modus vivendi-aren banaketa horrek halako malgutasuna ematen zion bizitza ekonomiko zurrun hari, eta zerbait murrizten zuen eguraldiarekiko mendekotasuna.

 

Habitata

Akitania aldeko eta frantses Pirinioetako herriek, hispaniar eremukoek bezala, mendien parte gorenetan eraikitzen zituzten beren kastroak; hiri gotortuak ziren kastroak, oppida izenekoak. Ingurune natural egoki bat hautatzen zuten beti hiriak eraikitzeko, hala adibidez ibarrak eta ibaien bihurguneak, eta libre uzten zituzten zabaldiak.

Pompeio izan zen herriak leku zelaietara jaistera behartu zituen lehena, Convenaen (St. Betrand de Comminges, Frantzia).

Fenomeno hori areagotu egin zen K.a. I.. endeko lehen urteetan. Erromatarrak herriak mendi gailurretik jaisten saiatzen ziren.

Herri borrokalariak zirenean, militarrak izaten ziren batez ere arrazoiak. Izan ere, erromatarrek ez zuten nahi izaten herriak leku ezin iritsizkoetan biltzerik, menderaezinak gertatzen baitzitzaizkien horrela. Baina, bake garaietan, beste gizataldeen inbasioen beldurra galduta, autoktonoek berek bilatzen zuten ingurune errazagoa beren herriguneak kokatzeko.

Hala ere, mendialdeetan antzinako bizimodua gorde zen. Hori adierazten duen geroagoko lekukotasun bat bada (K.o. IV.. .), Paulino de Nolarena; Baigorriko etxe belztuak eta lastoz estalitako txabolak aipatzen ditu, eta baita Baigorriko jendea ere, bizimodu basa egiten zuena, eta larruz jantzita ibiltzen zena.

Vico edo pagi txiki horiek, Paulinok aipaturikoa esaterako, nekazari gune txikiak ziren, erromatarrak iritsi aurretik sortuak.

Ager-ean, konkistaren eraginez, desagertu egin ziren batzuk eta herrigune handiago bihurtu ziren beste batzuk; saltus-ean berriz, badirudi bere horretan iraun zutela, biztanleak erromatartu arren.

 

Saltus-a

Mendialdea zen, leku basa, lantzeko lur urrikoa. Inguru honetan nekazaritzak oso bakuna eta pobrea behar zuen izan. Saltuseko biztanleak fruitu biltzen eta artzaintzan ibiltzen ziren batez ere. Ezkurrak jasotzen zituzten gehienbat, eta beren elikaduraren oinarri zen ogi bat egiten zuten haiekin.

Artzaintzari dagokionez, ahuntzak eta abelgorriak zaintzen zituzten batez ere.

Animalia horien irudiak agertu dira Araba eta Nafarroako zenbait esteletan.

Euskarazko hitz batzuek erakusten dutenez, aberastasunaren kontzeptua oso estu lotua zegoen garai hartan abere kopuruari.

Aberats latinezko pecuniosus-en baliokidea da, hau da, abelburu (pecunia, abereak) asko duena da aberatsa. Badira Diodororen eta beste egile batzuen testuak, Pirinioetan bazkan ibiltzen ziren artalde izugarriak aipatzen dituztenak. Euskal Herriko mendi askotan, artzaintza lurretan, bada sel-a. Zirkulu bat da, erdian harri bat duena ?haustarri deitua?, eta artaldearen babesleku izaten zen. Udan sel garaienetara igotzen ziren artaldeak; neguan berriz, sel babestuen eta handienetara joaten ziren. Bestalde, babes horietan dauden lekuetan agertu dira trikuharriak ere. Artzaintzarekin loturik, Baigorriko ibarreko artilezko oihalak aipatzen dituzte egile klasikoek; Martzial, bestalde, Okzitaniako Tolosako gaztari buruz mintzatzen da.

 

Ager-a

Ager-a lur landua da, leku zelaietakoa.

Gauza jakina da autrigoiek laboreak lantzen zituztela eta bazituztela zaldiak eta ardiak; gauza bera esan daiteke haien bizilagunez, barduliar, karistiar eta baskoiez. Ager-eko nekazaritza lanen lekukotasun asko dago, Pompeio eta Sertorioren arteko gerren garaikoak.

Sertoriok suntsitu zituen, K.a. 76an, Cascantum-go biztanleen uztak, eta Pompeiok, urte bete geroago, baskoien lurretan igaro zuen negua labore hornidura ziurtatu ahal izateko. Beste alde batetik, Estrabonek dioenez, Augustok Akitaniako garia eraman behar izan zuen kantauritar gerren garaian.

Lur sail txikiak izaten ziren oro har, eta garia, lihoa eta garagarra lantzen ziren, azken hori, parte batean, garagardoa egiteko.

Horren osagarri, zaldiak, ardiak-eta zaintzen zituzten.

 

Dirua

Estrabonek dioenez ipar-ekialdeko herriek ez zuten dirurik ezagutzen, eta trukerako zilarrezko xafla txikiak erabiltzen zituzten.

Egoera hori aldatu egin zen, ordea,K.a. II. mendetik aurrera, garai horretako txanpon batzuk agertu baitira iberiar letrak dituztenak. Fenomeno orokorra izan zen aldaketa hori gainera. Izan ere, Hispaniako hiri eta herri batzuetan iberiar tankerako diruak hasiko dira egiten. Herri hauek lotu izan dira Euskal Herriarekin: Alaun, Arsakos, Arsaos, Baskunes, Bentian, Kaiskata, Kalakorikos, Kueiliokos, Iaka, Olkairum, Ontikes, Umambaate eta Uarkas. Ez dakigu ziur itxuraz herri baten izenari dagozkion esapideak delako herriaren hiriburuan irartzen ote ziren, edota leku bakarrean irartzen ote zen herri bati baino gehiagori dagokion txanpon sail bat. Era berean, diru horiek zergatik eragiten ziren ere ez dago garbi.

Esan izan da bazuela horrek zerikusirik erromatarrei zergak ordaintzearekin, eta operazio militarrekin. Alde horretatik, badirudi dirua ez zela egiten hirietako diru-igorleen ekimenez, aitzitik, erromatar Administrazioaren ekimenez egiten zela, eredu jakin baten araberakoak baitira txanponak, eta pisua ere bat baitator erromatar ereduarekin.

Garai horretako altxor batzuk aurkitu dira Gipuzkoan, iberiar txanponez osatuak, eta egin ziren lekutik urrun ezkutatuak.

Altxor horiek K.a. 80-72. urteetan Hispanian gertatu ziren Sertorioren gerrekin dute zerikusia.

Usategiko leizeko gordailua (Ataun, Gipuzkoa), zazpi txanponez dago osatua; horien artean badira lau denario Bascunes esapidea dutenak, zenbait adituk Vascones hitzarekin lotu dituztenak.

Interesgarria da Barkoxeko altxorra (Zuberoa).

Guztira, 1.750 denario iberiar ziren.

Horietatik, 1.375 aztertu ziren, jatorri hauek zituztenak: 922 ziren Turiasokoak, 298 Sekobirizeskoak, 105 Baskuneskoak, 33 Arsaoskoak, 12 Arekorataskoak eta 5 Bentiangoak.

Iberiako penintsula barnean bazela diru zirkulazioa ematen du aditzera altxor horrek. Turiasoko txanpon kopuru garaia kontuan harturik, pentsa daiteke Hispanian osatu zela multzoa, Araba eta Nafarroako hegoaldeko partetik hurbil dagoen Ebro ibaiaren ibarrean, eta geroago eraman zutela Barkoxera. Leku horretan aurkitu izanak berretsi egiten du bazela harremanik Pirinioen bi aldeen artean.

Beste bi alxorren datuak ere iritsi zaizkigu.

Horietako bat Larrabetzukoa da (Bizkaia), XIX. mendearen bukaeran aurkitua; hartan, diruaren ondoan, bitxiak ere baziren.

Multzo honen irarguneak parte handi batean Barkoxen aurkitutakoen berberak dira. Bestea, berriz, Lekunberriko altxorra (Nafarroa Beherea), XIX. mendearen bukaeran aurkitu zuten; brontzezko zazpi txanpon zituen, eta horietako bat Bentiangoa da.

Araban eta Nafarroan Iberiar txanponez osaturiko altxorrik aurkitu ez den arren, azaldu dira pieza bakan batzuk iberiar ezaugarriak dituztenak, hala adibidez Arabako Iruñan edota Vianan (La Custodia), Zangozan edo Tafallan. Bizkaian eta Gipuzkoan txanponak altxorretan bilduak aurkitu izanaren arrazoia izan daiteke gehiago erabiltzen zirela bitxi gisa diru moduan baino.

Leku horietan seguraski truke sistema izango zen nagusia, eta hegoaldeko hirietan berriz hasiak izango ziren dirua erabiltzen produktuen balioaren eta trukearen oinarrizko osagai gisa. Larrabetzuko altxorrean bitxiak agertu izanak, dirudienez, lehen aipaturiko argudioa sendotzen du, alegia, ekonomia atzeratuagoa zuten eskualdeetan dirua gehiago ikusten zela bitxi baten gisara, gauzakiak trukean erabiltzea ahalbidetzen zuen bitarteko baten moduan baino.

 

Erromatartzea (Errepublika eta Inperio Garaia; K.a.

II. m. - K.o. II. m.)

 

Hiriak

Ager-ean kokatuko dira oppida delakoak.

Gehienak muga eremuetan kokatzen ziren, defentsa eginkizunak baitzituzten batez ere, inguruko nahiz urrutiko herrien kontra.

Caro Barojak dioenez, Iberiako penintsulako leku erromatartuenean bezain indartsua izan zen Araba eta Nafarroako hegoaldean erromatartzea, eta nahiz eta Euskal Herrian inon betetzen ez zen erromatarrek hiriari buruz zuten ikusmolde helenistikoa, Euskal Herriko hegoaldean, hiri handietan, antzinatik estatus juridikoa zuten haietan, berehala gertatu zen hiri handien kontzentrazio berezia. Kolonia bakarra zen (Calagurris), batzuk federatuak (Tarraga) edo zergapekoak ziren (Andelos, Aracilum, Pompaelo, Segia, Caria?), eta baziren latin zuzenbidea zutenak ere (Cascantum, Ercavica, Gracurris).Ohiko hiriak 9 hektarea inguru izaten zituen, hau da, oso eremu txikia, Caesaragusta (47 eta 60 hektarea bitarte), Emerita (120 hektarea) edo Amiens galiarraren (160 hektarea) tankerako hirien ondoan. Hiri horietara bilduko da Inperio Garaiko ekonomia jarduera. Bertako biztanleek ez zuten guztiek egoera ekonomiko bera. Batzuek mosaikoz apaindu ahal izaten zituzten beren gelak, eta beste etxe batzuetan berriz ez da halako oparotasunik ikusten.

Urtegi eta presa baten hondakinak gorde dira, Andelosen; 7.600 metro kuboko ahalmena zuen urtegiak, eta berunezko hodien bitartez hiria urez hornitzen zuen.

Akueduktu baten hondakinak ere badira, Lodosa-Alcabadrekoarenak; Calagurrisa zeraman ura, 30 kilometrotan zehar. Hiri horretan bertan baziren estolda sistema bat eta eraikin aipagarriak ere, halanola termak eta zirko bat. Eraikin horien atzetik eskulangintzako lantegi asko behar zuen izan hiriko biztanleen beharrak ase ahal izateko, gremio ugari bilduko zituztenak: harginak, igeltseroak, margolariak, errementariak, etab.

Euskal Herriko kostaldean oso lekukotasun gutxi aurkitu da, eta aurkitu diren urriak eremu berean bilduta daude: Oiassoko inguruan, Gernikako itsasadarrean, eta Castro Urdialesekin lotu izan den Flaviobriga izan zen lekuan.

Hegazkinetik egindako argazkien azterketaren bidez eta kartografiaren bitartez, erromatar zenturizazioak aurkitu dira, alegia, lur sail lauki-zuzenak, neurri berekoak, Gracurris eta Pompaelo inguruetan. Horrek garbi ematen du aditzera beren aurreko nekazari ustiakuntzak aldatu eta arrazionalizatu zituztela erromatarrek.

Erromatar bidea, Augustoren garaian hasia, oso garrantzitsua izan zen K.o. I.. endean. Bizigune asko sortu zen haren ertzetan, eta orobat ibai ertzetan. Herriak eta hiriak lotzen zituen bigarren mailako bide batekin osatu zen sare nagusia. Galtzada arteko komunikazioa bideratzeko, ibaiak gurutzatu beharra zegoen; helburu horrekin, zubi handiak hasiko dira eraikitzen, hala Mantiblekoa adibidez, Arabako hegoaldean.

 

Nekazaritza Araba eta Nafarroako hegoaldean aztarna asko aurkitu da (hala, herrigune txikiagoak edo nekazari giroko villae delakoak, garrantzi handikoak batzuk, esaterako Ledea, Falces edo Tuterakoak), komunikabideen inguruan denak.

Zenbait lekukotasunen arabera, Augustoren agintaldian zailtasun handia zegoen Akitaniatik zetozen hornigaiak bide nahasietan zehar garraiatzeko, eta badakigu halaber IV. eta IV. lejioek bideak eraiki zituztela Nafarroan K.a. 9-5. urteetan, eta herrigune berriak sortu zirela haien inguruan eta ibai arroetan. Bideei esker lurraren ustiakuntza areagotu zen, produktuen garraioa errazten baitzuten. Fundi-ak Inperioko mendebaleko ekonomiaren oinarri bihurtu ziren. Laborantza ustiakuntzako etxalde horiek 1.000 eta 1.500 hektarea arteko neurria izaten zuten, batez beste.Ausoniok aitarengandik oinordekotzan jasotako lurrak deskribatu zituen; Bazasen zeuden, Bordeleren hegoaldean. Etxalde txiki bat osatzen zutela dio. 1.050 goldeko lur eremua hartzen zuten (260 hektarea).

?Nire lurren berrehun golde lur lantzen ditut, mahastiak ehun golde lur ditu eta belardiek horren erdia; basoak belardiak, mahastiak eta zelaiak halako bi dira?. Jabetza txikia da, Galietako ustiaketa sailen ohiko 1.000-1.500 hektareen ondoan.

Fundi-ari lehen jabeak bere izena ematen zion, eta huraxe geratzen zitzaion betiko erantsia, atzizki batekin. Hala, -anus atzizkia Hispania, Italia eta Narbonensen erabiltzen zen batez ere, eta Galiako beste lekuetan -acus erabiltzen zen, jatorri zeltakoa.

Ikerketen arabera, Galia, Italia eta Hispaniako herri askok etxaldearen izena gorde dute.

Euskal Herriaren kasuan, Julio Caro Barojak Nafarroan eta Araban egin dituen toponimia azterketek ?Lourdes Albertosek jarraitu ditu gero?, jakinarazi dute laborantzako fundi-en lehen jabeen izenei dagozkiela -ano, -ana, eta abarrez bukaturiko herrien izenak, hala adibidez Arriano Arrius-i, Antoñana Antonius-i edo Aprikano Aper-i.

Caro Barojaren ikerketei esker, egiaztatu da garai modernoagoetako laborari etxe batzuen egiturek zerikusia dutela Galia eta Britanniako galeriako villa zenbaitekin. Hispanian berriz ez dago horrelakorik.

Fundi-etan, adibidez Bazaskoan, laboreak eta mahastiak egiten ziren; olioa ere egiten zen gure eremuko hegoaldeeneko lekuetan. Domizianok erabaki zuen arren, 92. urtean, Inperioko probintzietan mahastien lanketari trabak jartzea, Funesko villak bazuen ardo lantegi bat, II. mendetik III.aren erdialderaino erabili zena. Horixe bera zen Arellaoko villaren jarduna K.o. I- V. mendeetan.

Caro Barojak antzekotasunak aurkitzen ditu Arabako eta Nafarroako herri eta nolakotasunaren eta antzinako fundi-etakoen artean. Normalean, 500 eta 1.000 hektarea bitarte izan ohi zuten, batez ere laboreenak, eta gutxixeago mahasti (hegoaldeko partean), belardi eta mendienak, hain zuzen ere Ausoniok Bazasen bere gurasoengandik harturiko jabetzak bezalaxe.

 

Meategiak

Ekonomia eta merkataritzari zegokion batez ere erromatarren kolonizazioa. Araba eta Nafarroako zabaldiak berehala ustiatu ziren. Eta Bizkaia eta Gipuzkoaren orografia kontuan izanik, batez ere meategiez arduratu ziren haietan erromatar negozio gizonak. Lurpea, eta meategiak beraz, erromatar estatuaren jabetzakoa zen, eta hark alokatu egiten zituen. Euskal Herrian, Arditurri, Somorrostro, Ereño eta Baigorrin ustiatu zituzten meatzeak. Mea aztarnategi horien ustiakuntza publicani elkarteen esku zegoen, estatuari ordaintzen zioten maizterren esku alegia.

Arditurri, Gipuzkoako Aiako Harrian, galena, burdina eta blendako aztarnategia da, eta zabalik dago oraindik. Mea erauzteko baliabide modernoek antzinako galeriak suntsitu dituzte ordea. Erromatarren garaian zilar galenazko aztarnategia ustiatu zen batez ere, ia agorturik geratu zen arte, eta baita burdinazkoa ere. Zilar galenatik zilarra eta beruna ateratzen ziren Hispaniako hegomendebaleko mea aztarnategi gehienetan.

Askotan, zilarraren ustiaketarekin lorturiko irabaziak berunaren baliatzearekin osatzen ziren. Antzinako deskribapenen arabera baziren kanpoaldeko 46 galeria eta 82 putzu, eta barne zulaketa ugari; baziren 15-18 kilometro galeria. Hainbat egileren kalkuluen arabera, meategi horretan egindako indusketa lanetan ?ia bi milioi metro kubo lur mugitu ziren?, 400-600 gizon behar izan ziren, egunero-egunero lanean, 200 urtez.

Galeria zaharretan terra sigillata kopuru handiak aurkitu dira (alegia, erromatar zeramika), eta baita kriseiluak eta txanponak ere, Augustoren garaietatik K.o. II. menderainoko kronologiarekin.Alabaina, erauzitako meak ?gordinik seguruenera? kanpora eramateko irteera naturala Irun izango zen (K.a. I. mendearen azken laurdenean kokatu da hiriaren fundazioa, eta kronologia hori bat dator Arditurrin aurkituriko diruarekin), eta orobat Bidasoa ibaiaren bokalea, ez Pasaian, ez Oiartzungo ibarrean ez baita aurkitu erromatar hondakinik. Higer edo Asturiagako kaian berriz, Bidasoaren bokalean, itsasontzi bat aurkitu zen urpean, burdin mea zuena.

Hori bat dator beste ideia zahar batekin, alegia, Bidasoa eta Deba ibaien bitarteko gaurko gipuzkoar eremua eta Belateko iparraldeko nafar eremua Galiar Akitaniaren mendeko zirela ekonomian, ez hego eta mendebaleko eremu hispaniarren mendekoa.

Bada halaber meagintzaren arrastorik Altamira, Zubelzu eta Ollakintan (Irunen), Adarraren inguruan (Urumea ibaitik gertu), eta erromatar galeria bat Etxeko-Errekan.

Burdina Udalaitz mendiaren inguruetan erauzten zen, Eskoriatzako udalerrian (Eskoriatzan aurkitu da, halaber, erromatar hondakinik).

Baigorriko ibarreko meategi aberatsak ere ustiatu zituzten erromatarrek. Emankorrenetako bat Astoeskoriako zilarrezko berunaren ustialekua zen, Bankan, berrogeita hamar bat galeria zituena; erromatar diruak aurkitu dira han (K.a. 43-36). Diodorok zioenez, Julio Zesarren garaian akitaniarrak oso trebeak ziren meagintzan, eta Pliniok aipatzen du bazirela akitaniarrak Hispainiako hegoaldeko meategietan.

Bizkaian Somorrostroko burdin meategiak ustiatu ziren. Ospetsuak ziren erromatarren artean, eta Pliniok aipatzen ditu: ?Kantauriko itsasaldean, ozeanoak bustitzen duen hartan, bada mendi garai eta malkartsu bat, eta, sinets ezinezko gauza hau, dena da gai horretakoa (burdinazkoa)?.

Bizkaian zeuden halaber Ereñoko marmol gorrizko harrobiak. Nafarroan Lantz aldean aurkitu dira mea ustiaketen hondakinak, eta Modestan, Beran, galeriak azaldu dira.

 

Merkataritza

Datuen arabera, K.a. I. mendean hasi ziren euskal lurretan erromatar produktuak sartzen. Hirietan eta aztarnategietan egindako indusketetan, bai hegoaldeko Akitanian, bai Pompaelon (Iruñean) edo Irunen, Campaniako eta Arezzoko estiloko zeramikak aurkitu dira, hasieran behintzat Italiatik zetozenak. Horixe da Imus Pyrenaeusko kasua (Donazaharre, Nafarroa Beherea).

Tobieren arabera K.a. 15. urtean sortu zen hiria, eta zeramika horiek, Donazaharren, Tiberioren garaia arte iraun zuten. K.o. 50.. rtetik aurrera, Graufesenquetik eta Monstansetik datorren zeramika azpigaliarra oso ugaria izan zen Pirinioen bi aldeetako aztarnategietan.

Zeramika horren lekua, aztarnategi horietan bertan, terra sigillata hispaniarrak hartuko du II. mendean.

Lur hauetako errepide nagusiak, ia elkarren paraleloak zirenak, Ebroko ibarrean bateratzen ziren. Ebro ibaiak aukera bikoitza eskaintzen zuen, lurreko eta ibaiko bideena; lurrekoa gainera egokia zen gurdiz-eta ibiltzeko. Ebroko bideari esker gari eta azienda soberakinak saldu ahal zitzaizkien inguruko herriei, eta bestelako ondasunak erosi, ardoa horien artean. Salgaiak errepidez edo ibaiez garraiatuko ziren beren jomugara, Ebro ibaitik ontziz joan baitzitekeen Varearaino (Logroño).

Aztarnategietako aurkikuntzek merkataritzaren garrantzia agertzen dute, lehorreko nahiz itsasokoarena. I. mendean Galiatik ekartzen zen zeramika. I. mendearen bigarren erditik aurrera, Najerilla ibaiaren eremuan, buztindegi asko sortu zen, eta, hala, zeramika hispaniarra hasi zen agertzen Imus Pyrenaeus edo Akizen, besteak beste. Merkataritza harreman horien muga Garona ibaia zen.

Akitania aldeko joan-etorri gehienak itsasoz egiten ziren; hispaniar ontziek Garona alderaino eramaten zituzten zeramikak, eta handik hegoalderantz zabaltzen zituzten.

San Telmoko ainguralekuan, Bidasoaren bokalean (Hondarribia) pecium bat aurkitu da, alegia, urperatutako itsasontzi baten zatia, eremu honetan itsas trafikoa bazela aditzera ematen duena. Izan ere, erromatar hondakin asko dago Hondarribian eta Irungo hirian. Koldo Mitxelenaren iritziz, iturri klasikoetako Oiasso izan daiteke Irun. Gaboteria zen erromatarren ohiko itsasketa modua, hau da, kostatik gertukoa; portu txikietan eta badietan hartzen zuten bidaien ondoren arrantzaleek aterpea. Hori adierazten dute Hernani, Donostia, Pasaia, Errenteria eta Zarautzen aurkitu diren erromatar hondakin eta txanponek, edota, Bizkaia aldean, Sopelan, Plentzian, Gernikan, Nerbioi ibaian, Areetan edo Bermeon agertu direnek.

Azkenik, Lapurdiko Getarian aurkitutako ontzi batzuk aipatu behar dira, dirudienez gatzunerako erabiltzen zirenak.

Dudarik gabe, arrantzarekin loturiko azpiegiturarik izango zen, gatzuna egiteko lehengaia emango zuena, baina ez da horren arrastorik aurkitu.Erromatarrak heldu aurretik, izango ziren harremanak, gutxi asko estuak, Pirinioen bi aldeetako herrien artean. Horien berri bada, bai baitakigu akitaniarrek laguntza eskatu zietela kantauriarrei K.a. 56ko udan, erromatarrek eraso zietenean.

Kantauriko kostaldea Akitaniako merkataritzaren eraginpeko eremua bide zen, batez ere Arditurriko meategien produkzioagatik, Akitania izaten baitzen hango meen norakoa. Merkataritza harreman horien ondorioz, galiar kolonoek Peña Foruan hartu zuten egoitza, K.o. I. mendearen erdialdean; horixe da Bizkaiko gune erromatartu bakarra.

 

Dirua

K.a. 45. urtean bukatu ziren iberiar alfabetoko diruak eta hasi ziren zabaltzen latin alfabetoko hispaniar-latinoak. Txanpon txikienak brontzezkoak izaten ziren; gure eremuko hiriek K.o. 37. urtean egin zuten azkenekoz dirua. Hiru hiritan egiten zen, Calagurris, Cascantum eta Gracurrisen, erromatar legeko estatusa baitzuten haiek eta bai baitzuten dirua emititzeko baimena. Gipuzkoan, Usategiko iberiarrak kontuan hartu gabe, Arditurrikoak dira diru zaharrenak; Celsakoa da bat eta Turiasokoa bestea.

Nafarra da Ablitasko altxorra, brontzezko 104 txanponez osatua. Badira iberiar alfabetoko adibideak, eta baita hispaniar-latinoak ere, Bilbilis, Celse, Caeasaraugusta, Turiaso, Osca eta Calagurristik datozenak.

Araban, Iruñan agertu direnez gainera, Arkaiako aztarnategian, eta induskatu gabeko beste aztarnategietan ere, aurkitu dira txanpon batzuk. Aurkikuntza horien arabera, erromatarren eragina garrantzitsua izan zen Augustoren garaitik aurrera, kantauritar gerren garaian. Pirinioen bestaldean, halaber, azaldu dira Turiaso eta Calagurrisko txanpon latin-hispaniarrak Imus Pyraneusen.

Latindar-hispaniar dirua egiteari utzi zitzaionez geroztik, erromatar dirua erabili zen. Aipagarriak dira Vitelioren aureus bat, Herlaxiako sailean aurkitua, Baigorriko ibarrean, 1887an, eta Irunen aurkitu diren hiru, Adrianoren bi eta Faustina Nagusiaren bat, 1790ean agertuak.

K.o. II. mendekoak dira Gipuzkoan agerturiko bi txanpon multzo; Irunen, Behobiako auzoan, agertu da bat, azken txanpona Faustina Gaztearena duena, K.o.

164an egina. Bestea Idiazabalen agertu da, eta azken txanpona Comodorena du (K.o.

180-192). Era berean, badakigu Isturitzeko leizean (Nafarroa Beherean) altxor bat aurkitu zela, azken txanponak hark ere Comodoren garaikoak dituena.

 

Behe Inperioa (K.o. III-V. mendeak)

 

Hirien gainbehera

Goi Inperioan jabe aberatsak hirietan bizi ziren eta beren dohainekin laguntzen zioten hiriari; Behe Inperioan, aldiz, gobernariek ?decurion delakoek?, zerga presioak guztiz pobretuta, bazterrera utzi zituzten hiritar eginkizunak.Aberatsenek, hau da, honorati eta possessores deituek, hirietatik alde egin zuten eta latifundioetara joan ziren bizitzera; villa aberatsak eraiki zituzten haietan, pixkanapixkana latifundioak handitu zituzten, eta autarkia aldera egin zuten.

Hiriek beren perimetroa txikitu behar izan zuten, hiriko sistema ekonomiko-sozialari eusten zioten diru sarrerak gutxitu ahala. Datuen arabera, K.o. I-II. mendeetako egoera aski lasai eta onuragarria aldatu egin zen III. mendearen erdialdean. Eta nahiz eta gaur egun, krisiak baino areago, aldaketak aipatzen diren, Hispanian eta Euskal Herrian aurkitutako arkeologia hondakin batzuek zalantza sortu dute, K.o. 275.. rtetik aurrera ez ote zen izan frankoen eta alamanen bigarren inbasio bat. Nolanahi ere, sute eta suntsiketei dagozkien arkeologia lekukotasunak ez datoz bat inbasio horrentzat proposatzen diren datekin.

Euskal Herrian, Ledeako villaren suntsitzea, Pompaelon izan zen sua, Funesko villaren desagertzea eta Alesbesko arazoak, horiek denak bat datoz Ledeako eta Zangozako altxorrak ezkutatu izanarekin.

Hirietan eta villae-etan handia izan zen ekonomia krisiaren eragina, eta zenbaitek ezin izan zuen gainditu. Badakigu, Ausonio eta Paulino de Nolaren arteko gutun trukearen bidez, Ebro ibarreko hiri batzuetaraino heldu zela egonkortasun falta hura, eta Calagurris ere gainbehera zihoala.

Gogoratu beharra dago ordea, Euskal Herriko hiriak txikiak zirela tamainari dagokionez,eta nekazaritza eta abeltzaintza zirela biztanleen ekonomia jarduera nagusiak; horregatik, krisiak ez zituen bete-betean harrapatu. Bestalde, ez dirudi esportazioan eta merkataritzan aritzen zirenik eskulangintza gune txikiak, eta, hortaz, baldintza hobeak zituzten ekonomia gorabeherei aurre egiteko. Hala ere, lapurrez mintzatzen den Oteitzako idatzi batek adierazten duenez, krisi orokorrak areagotu egin zuen bideetako segurtasun falta; antzeko zerbait ematen du aditzera Paulino de Nolaren gutun batek, gaizkile deitzen baitie hartan baskoiei.

Merkataritzak ere, behera egin zuen bestalde, eta hispaniar zeramikaren produkzioa oparoa zen arren, gero eta gutxiago esportatzen zen. Imus Pyrenaeusen, II.. endetik aurrera, hispaniar zeramika desagertu zen, eta galiar jatorrikoa hasi zen berriz zabaltzen. Urte horietako anforarik ere ez da aurkitu, eta horrek esan nahi du oso zabaldurik zeuden gaiak ere, olioa eta ardoa adibidez, gutxi mugitzen zirela.

Garai nahasi samarrak izanik, hiriek beren babesak sendotu zituzten, eta hesiak eraikitzen hasi ziren, oso laster gainera.

Zutabeen danborren hondakinak eta antzinako idatziak baliatzen zituzten, besteak beste, horretarako. Horixe da Iruñako kasua, modu horretan eraiki baitzuten han harresia.

V. mendetik aurrera, politika gertaera berriek izan zuten eraginik hirietako bizimoduan, eta hirien gainbehera hasi zen.Akitaniako hegoaldeko eremuak, Novempopulania izenekoak, barbaroen erasoaldiak pairatu zituen (406. urtean gurutzatu zuten Rhin ibaia). Urte horretatik aurrera, eta 409.. rtea arte, Hispaniara heldu ziren arte alegia, Akitanian egon ziren okupazio indar moduan. Urte horretan Pirinioak gurutzatu zituzten, baina ez ziren Tarraconense probintzian geratu, eta, hala, probintzia horrek Inperioaren mende jarraitu zuen. Godoek, ordea, Galiaren hegoaldea menderatu zuten; 418. urtetik aurrera Akitaniako II probintzia hartu zuten ?hiriburua Burdingala zuen?, eta, 436tik aurrera, Novempopulania.

Barbaroen hedapenak areagotu egin zuen hirien gainbehera, eta desagertzeko arriskuan jarri zituen fundi-ak.

 

Nekazaritzaren berregituratzea eta gizarte krisia

K.o. II. mendetik aurrera inoiz ez bezala ugaritu zen iparraldeko biztanleria; aldi berean, nekazari kapitalismoa zabaldu zen, eta, hala, ondoko mendeetan, bizimodua zaildu zenean, ez zen izaten soldadu jubilatua edo lurjabe txikia fundi gehienak ustiatzen zituena, aitzitik, lurjabe handien mendeko arduradunek zaintzen zituzten, lur asko eta asko baitzituzten haiek Inperioko leku askotan.

Etenak eta hondamenak definitzen dute III. mendea. Garai nahasiak ziren, eta ez zegoen egonkortasunik ez politikan, ez gizartean, ez ekonomian. Zilegi da pentsatzea izango zela, egoera hartan, lurrak galdu zituztenen bizkar ondasunak lortu zituenik; nolanahi ere, villa batzuk berehala indartu ziren berriro, eta handitu, ez dakigun arren horrekin batera diru ondasun gehiago eskuratu ote zituzten.

Pentsa daiteke Inperioko beste jabetzetan bezalakoxe aldaketak gertatu zirela hain gutxi ezagutzen ditugun horietan ere, hau da, jabetza txiki asko elkarturik, oso fundi handiak eratu zirela denborarekin. Pentsa daiteke, halaber, jabe txiki eta ertainen bizkar gertatu zela fundi-en hazkundea; izan ere, haiek ez zuten babesik zerga presioaren eta klima eta politikaren gorabeheren kontra.

Hirien krisi orokorraren aurrez aurre, indar berriz agertzen da villen fenomenoa.

Induskatu ez diren arren, hiriz kanpoko bizigune asko aurkitu da, bai Calahorra aldean, bai Araba eta Nafarroako hegoaldeko erdian. IV. mendea garai lasaia izan bide zen Ebroren ibarreko villetako jabe eta biztanleentzat.

Garaiotan zuzpertu zen Falcesko villa, eta gauza bera gertatu zen, indar gehiagoz gainera, Ledeakoarekin. Mende horretan bertan berregin zen Soto de Ramaletekovillaren parte bat (Tuteran), edertu zen Alesbeskoa ?jabearen egoitza izateko agian?, eta eraiki zen, hutsetik, Arronizkoa.

Horrek agerian uzten du bazela jabe aberatsen klase bat, etxe horien itxurazko aberastasunari begiraturik, nahiz eta ezer ere ez dakigun villaeen batez besteko neurriez eta produkzio nagusiaz.

Jabe handiei buruz, arkeologia indusketei esker, bada aski datu. Villae kopurua handia zen, eta hegoaldeko partean zeuden gehienak. Datu gehiago ere bada horietako zenbaitez; hala adibidez, La Mosquera eta Soto de Ramaletekoa Tuteran, Alesbes, Funes, Falces, Ledeakoa, Musen villa Arellanon edo Cabrianakoa Araban, handiagoak bide ziren Calagurris aldeko eraikinak baino.

Oso urriak dira garai hartako gizarte mugimenduei buruzko aztarna arkeologikoak.

Akitaniako alderdiari dagokionez, badakigu 415ean setioa ezarri ziotela Bazasi inguru haietan kokatu ziren godoek eta alanoek. Esklaboen laguntza izan zuten, baina baita gazte libreena ere. Izan ere, esklaboak matxinatu egin ziren nobleen oligarkien kontra, lurraren kontrola beren esku zutela-eta. Ez dirudi gauza okerra denik ezinegon hori Euskal Herriko beste alderdietan ere bazela pentsatzea.

IV. mendearen bukaera aldean ordea beste krisi bat gertatu zen, bagaudena, gizarte sisteman eragin aski handia izan zuena.

Bagaudak kontra egiten zion indarrean zegoen aginpideari eta fundi-en jabeei ?sarritan egiten zieten lapurreta? jende marjinala zen; III. mendean hasi ziren zabaltzen Galian, eta V. mendearen hasieran indar handia zuten. Hispaniara iritsi, eta Ebro aldeko alderdi basokian hedatu ziren batez ere. Bagauden krisiak V. mendean jo zuen gorena; aldi berean, zenbait pertsona leizeak erabiltzen hasi zen behin-behineko bizileku gisa, eta haietan dirua ezkutatzen hasi zen. Hori da Solacuevako kasua (Araba).

Germaniar herriek limes-a edo muga hautsi, Iberiako penintsulan sartu, Pirinioak igaro eta Araba gurutzatu izanak, areagotu egin zuen egoera haren larritasuna gainera. Azkenean, bagauden gatazkak erromatar gudarostearen kontrako borroka bihurtu ziren zenbait lekutan, adibidez Aracellin (Nafarroan, dirudienez).

 

Dirua

Urio Behereako leizean, Saran (Lapurdin), III. mendearen hasierako txanpon multzo txiki bat aurkitu da, Pirinioen bi aldetako mendateetatik hurbil; Severo Alexandroren garaikoa da (K.o. 222-235).

Iparraldeko eremuetan eta Nafarroan aurkituriko altxorrak aipatzen dira 275ekogermaniarren inbasioaren ondoren beste inbasio bat ere izan zela esateko arrazoi gisa. Hala, garai horretan suntsituriko guneak aurkitu dira Imus Pyraneusen (Tetricoren antoniniano bat aurkitu da bertan, K.o. 270-273 urte artekoa), Pompaelon, Ledean, eta, Euskal Herritik kanpora, Clunian.

Antoninianoz osaturiko lau altxorrekin lotu izan dira gertaera horiek, garai bertsukoak baitira denak, eta barbaroen erasoaldi balizko batean gertatutako suntsipenekin.

Lapurdin agertu dira garai honetako bi altxor, Hazparne-Ensenan ?txanpon berriena Quintilioren bat (K.o.

270) du? eta Mugerren ?azkena Tetricoren (K.o. 270-273) txanpon bat du?. Eta Nafarroan beste biak: Ledeakoa ?105 antoniniano; azken txanpona Quintilioren bat da (K.o. 205)? eta Zangozakoa, 2.000 bat txanponez osatua, eta Postumoren batek itxia (K.o. 260-268).

Altxorren azken txanponak garai bertsukoak badira ere, eta zenbait hiritan agertu diren hondakinak gorabehera, zaila da ondorio orokorrik ateratzea eta altxorrak itxi izana gertaera jakin bati egoztea, esaterako bigarren inbasio balizko horri; izan ere, inguruko beste aztarnategietan ez da antzeman inolako aldaketa sakonik, eta, gainera, geroxeagoko altxorrik ere bada. Horrelakoa da Lamarkaenian, Hazparnen, aurkitu den diru multzoa, 500 antoninianoz osatua, azkena Carinoren txanpon bat duena (K.o. 282-285).

IV. mendekoa jada, bada txanpon sail bat Errigoitin aurkitua (Bizkaia), 447 bat piezek osatua; sail horretako azken 8 txanponetan Soli Invicto Comiti esapidea agertzen da (K.o. 318). Datu guztien arabera, urte horretan ezkutaturiko altxorra da, diru berria (Victoria Laete Princ Perp.) agertu baitzen orduantxe, 318an hain zuzen.

Cabrianako villako nekropoliseko hilobi batean altxor bat aurkitu zen gorpuaren ondoan; Constantzio II.aren txanpon bat du azkena, K.o. 355-360koa. Magnentzioren txanponak ditu altxorrak, enperadorearen aginduz 356an baztertu zirenak; hori delaeta, altxorra eta hilobia 355-356koak bide dira.

Azkenik, Euskal Herrian aurkitu diren altxor batzuk aipatu behar dira, oso arazo bereziak dituztenak. Leize zuloetan azaldu dira; azken txanponak IV. mendekoak edo V.aren hasierakoak dituzte. Solacueva (Araba), Abauntz (Nafarroa) eta Sagatigorre eta Santimamiñekoak (Bizkaia) dira horiek. Oso pieza gutxi dute, guztiz hondatuak; asko hautsita eta zatikatuta daude, galiar altxor batzuk bezala. Hori dela eta, badirudi K.o.

440-455. urtekoak izan daitezkeela, alegia, bagauden higikundea lurralde horietan gertatu zenekoa.