Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia»Historiaurrea

Gizakiaren lehen agerraldiak.

Behe eta Erdi Paleolitos aroko gizon harrapariak

Gaur egungo bisontea. (Lehen Euskal Herria).<br><br>

Euskal Herriko lehen giza aztarnen arazo korapilatsuari ekiten zaio atal honetan. Orokorretik zehatzera lantzen da gaia, eta hala, arazoa oro har aurkeztu ondoren, gure lurraldean aurkitutako aztarnak aztertzen dira xehetasunez, nola Behe hala Erdi Paleolitosekoak.

Ezagutzen diren aztarnetatik baiezta daiteke oso antzinakoak direla hainbeste urtetako ikerketen ondoren berreskuratutako lehen lekukotasunak.

 

Behe eta Erdi Paleolitos aroko testuingurua

Geologiaren ikuspegitik, bi aldi bereizi ohi dira Laugarren aroan, luzera desberdinekoak: pleistozenoa, zaharrena eta luzeena –Biberko izotzaldiaren hastapenetan hasi (K.a. 4.000.000. urte ing.) eta Würmeko izotzaldiaren amaierarekin bukatua (K.a. 8.000.. rte ing.), izotzaldi-izotzaldi bitarte ziklo nagusiak hartzen dituela beraz–, eta holozenoa (K.a. 8.000. urte ing.-gaur arte), pixkana-pixkana gaurko klima nagusituz joan zena. Pleistozenokoak dira Paleolitos aroko langintza guztiak, eta Paleolitos ondokoak dira berriz Holozenokoak. Denboran izugarri luzea baita, Pleistozenoa hiru estadiotan banatzen da: Behe Pleistozenoa edo Villafranca aldia, Biber eta Günzeko izotzaldien artean izandako hainbat gertalditan berezitua; Erdi Pleistozenoa, Matuyama-Brunhes polartasun magnetikoaren aldaketarekin batera hasi zena (K.a. 800.000.. rte ing.), eta Cromerko izotzaldi bitartetik Rissko izotzaldiraino luzatu zena; eta goi pleistozenoa, Eemgo izotzaldi bitartearen (K.a. 125.000. urte ing.), eta azken izotzaldiaren (Würm) bukaeraren artekoa. Hiru parte nagusi horiei, oso modu orokorrean bada ere, fauna eta flora bereziak egotzi ohi zaizkio. Villafrancako aldiari dagokionez,Equus stenonis, Elephas meridionalis edo Leptobos etruscus bezalako animaliak aurkitu dira garai hartakoak, landare termofilo eta hipertermofiloko ingurugiro batean. Erdi Pleistozenoan fauna “beroa” izan zen, Rhinoceros merckii edo Elephas antiquus animaliak agertu baitira, eta landareak termofiloak.

Goi Pleistozenoan gertatu zen izotzaldi gogorrena, Würmekoa; hala, klima hotzari egokitu ziren animalia motak aurkitu dira (kriotermoak), esate baterako elur oreina (Ranfinger tarandus), mamuta (Mammuthus primigenius) edota errinozero iletsua (Coelodonta antiquitatis), eta landareak ere gero eta joera hipotermofilo handiagokoak.

Aldaketa giro horretan, bilakaera berezia izan zuen gizakiaren filogenesiak ere. Gizaki forma zaharrenak, Homo habilis izendatu direnak, laster hasiko dira beren ezaugarriei dagokienez aldatzen, eta haietarik sortuko da mota berri bat: Homo erectus.

Habilis haiek eta erectus tipo zaharrenak izan ziren Behe Pleistozenoko gizaki eredua.

Erdi pleistozenoan zehar bereiziko da, espazioan nahiz denboran, Homo erectus hura, eta, hala, arraza ugaritasun bat sortuko da; ugaritasun horretan, tipo estandar edo klasikoen ondoan, beste forma batzuk ere izango dira, berriagoak, laster gertatuko zen bilakaeraren aitzindari izango direnak.

Aldaketa espezializatu horren ondorio gisa, mota berri bat agertuko da Goi Pleistozenoan, Homo sapiens gisa definitu izan dena;horretan, badira Neanderthalgo gizonaren aldera egiten duten formak (Homo sapiens neanderthalensis), eta, baita gure aitzindari zuzenak izango zirenak ere, Cro-Magnongo gizonaren alderakoak (Homo sapiens sapiens).

Azkenik, Pleistozenoko langintza multzoetan, usadio teknologiko eta morfologiko desberdinen lekukotasunak aurkitu dira, garapen prozesu koherente baten baitakoak.

Harri kozkor landuen edo Pebble kulturaren langintza zaharrenek, Villafranca aldian zehar gero eta aberatsagoak egin zirenek, bi bilakaera lerro sorraraziko dituzte pleistozenoan zehar: “Abbeville- Acheullgo” phylum-a, bi aurpegiko harriak landu zirena, eta “Clacton-Tayaceko” phylum-a, uharri landuen tradiziokoa. Batak zein besteak ezaugarritzen dute Behe Paleolitos aroa. Goi Pleistozenoan, faserik zaharrenean –Erdi Paleolitos aroan alegia– aurreko langintzen gero eta espezializazio handiagoak Moustier aldiko industria multzoen sendotzea ekarriko du, eta, faserik aurreratuenean berriz, Goi Paleolitos aroari definizioz dagozkionak (“Châtelperron”, “Aurignac”, “Gravette”, “Solutré” eta “Magdalen” aldiak).

 

Historiaurreko ikerketak Euskal Herrian: zenbait arazo

Behe eta Erdi Paleolitosa argitzeko materiala guztiz urria izan da gure lurretan mende honen erdialderaino. Ordu arteko datu fidagarrienak Iparraldeko bi aztarnategi garrantzitsutan egindako indusketetaneskuratuak ziren: Olha 1-eko harpean (Lapurdin), E. Passemarden lanekin, eta Isturitzeko haitzuloan (Nafarroa Beherean), hasieran Passemardek berak eta Saint-Périerko kondeak geroago egindako lanekin. T.

Aranzadik eta J.M. Barandiaranek Venta Laperrako haitzuloan egindako ikerketak (Bizkaian) erantsi behar zaizkie haiei. Azkenik, baziren testuingurutik kanpo aurkitutako materialak, hala adibidez Koskobiloko haitzulokoak (Nafarroan); pieza bakan batzuk ere aurkitu ziren Lapurdiko kostaldean eta Aturri ibaiaren behe ibilguan, eta baita Araban (Muruan eta Aitzabalen) eta Nafarroan (Zuñigan) ere.

XX. mendearen bigarren erdialdean askoz ere material gehiago aurkitu da. Hala, aztarnategi asko eta asko zundatu eta induskatu dira: Olha 2 (Lapurdi) eta Gatzarria (Zuberoa), G. Laplacek; Haregi (Zuberoa), P. Boucher-ek; Lezetxiki (Gipuzkoa), Kurtzia (Bizkaia) eta Axlor (Bizkaia) J.M.

Barandiaranek; Basté (Lapurdi), C. Chauchatek; Murba (Araba), A. Baldeónek; Amalda (Gipuzkoa), J. Altunak; Urbasa (Nafarroa), I. Bardiaranek; Kurtzia (Bizkaia), M. Muñoz Salvatierrak; Arrillor (Araba), A. Sáenz de Buruagak; Abauntz (Nafarroa), P. Utrillak; eta Lezetxiki (Gipuzkoa), A. Arrizabalagak.

Horrez gainera, indusketa arkeologikoak ere asko ugaritu baitira orain, azaleko aurkikuntzen zerrenda ere asko zabaldu da tresna material berriei esker: Iparraldeko kostaldean aurkitu dira (Donibane Lohizune, Bidarte…), baita Gipuzkoakoan (Hondarribia, Jaizkibel…), Nafarroan (Ordoiz, Irunberri…) eta Araban (Mendiguri, Sagastiera…) ere.

Horietako batzuetan gauzaki landu asko aurkitu da –ehundaka–, hala Urbasan (Nafarroa), Urrunagan (Araba), edota Iruñeko arroa inguruan (Nafarroa).

Hala bada, XX. mendearen bigarren erdi honetan, aurreramendu handia egin da antzinako Paleolitos aroko frogen bilketan, eta asko ugaritu dira albiste baliagarriak, indusketari nahiz trataerari dagozkien metodologia eta tresna egokiagoei esker, asko zabalduda azter eremua eta ugaritu ikerketa taldeak.

Nolanahi ere, oraindik ere bada arazorik gertaera hauen ezagutzan. Eta era askotakoak dira horren arrazoiak. Mende hasierako hamarraldietan egin ziren indusketetan erabilitako metodoek sorturiko arazoez gainera, gaur egun eskura ditugun datuek ez dute guztiek fidagarritasun maila bera, iturriak definitzeko era bat baino gehiago erabili delako (azaleko aurkikuntzak, kokaleku lekuz aldatuak, testuingurua baduten biltegiak), aztarnategietako erakusgarriek ez dutelako guztiek balio bera, hainbat gauzaki sailkatzean tipoen araberako diagnostikoak bakarrik egin direlako, induskaturiko gauzakiek ez dutelako guztiek erakusgarri balio bera (partekako zundaketak, zabalerako indusketak), analisi osagarrien falta dagoelako (analisi palinogikoen eta sedimentologikoen falta batez ere), ikerturiko zenbait lekuri buruzko monografia erabakiorrik ez dagoelako… Ondorengo lerroetan ikusiko denez, oraindik orain oso datu gutxi dago Behe Paleolitos aroaren esanahia behar bezala neurtzeko. Sendoagoak dira Erdi Paleolitos aroari buruzko datuak.

Horren ondorioz, historiaurreko egoerak “gizatiarrago” bihurtzeko asmo zilegizkoa kontuan izanik, “irudimen arrazoiduna” dago alde batetik; irudimen horren bitartez, literarioki mintzatuz, badago kronologian aurreratuen diren gertaerak interpretatzen hasterik; haren parean berriz, berandukoenen eskasiak zoritxarrez berez dakarren “adituen txostena” besterik ez daukagu.

 

Behe Paleolitos aroko zantzuak

Oso datu sendo gutxi izan da gaur egun arte historiaurreko aldi hau aztertu ahal izateko, eta hauxe da Euskal Herrian gutxien ezagutzen den garaia. Salbuespenak salbuespen, erakusgarri gehienak harrizko tresnak-eta dira, edo animalien hezurrezko hondakinak, denek ere akats berbera dutela: testuinguru estratigrafikorik gabe agertu izana.

Hori dela-eta, eskain daitezkeen informazioak oso urriak dira, arretaz aztertu behar dira, eta ez dira aski garapenaren eta eremuko biotipoen konposizioaren definizio paleoekologiko bat egiteko.

Animalien arrasto gutxi batzuk aztertu izan dira, Erdi Pleistozenokoak oro har.

Hala, badira klima epeleko mota batzuk, adibidez Palaeoloxodon antiquus edo larruazal biluziko elefantea, Europako izotzaldi bitarteetan ondo dokumentatua eta Txomiñeneako harrobian (Gipuzkoa) eta Sierra Salvadako sakonune batean (Araba)aurkitu dena; Hippopotamus amphibius, Koskobiloko harrobian (Nafarroa) azaldua, edo Dicerorhinus etruscus, antzinako errinozero bat, Chabiaguen (Lapurdi) aurkitua.

Klima hotzagoari dago lotua Mammuthus throgontherii baten hagin bat, Berriozeko teilaetxean aurkitua (Lapurdin); animalia hura elefantearen antzekoa zen, kontinenteko estepa biotipoekin zegoen lotua, eta Riss izotzaldian bizi izan zen seguraski.

Zehatzagoak dira sedimentu egituretatik datozen informazioak. Aztertu diren kasuetan, ez dirudi Riss izotzaldiaren aurrekorik badenik. Iparraldeko kostaldeko zenbait gunetan eta ibai terrazetan (Bidarte, Basté, Bidaxune) aurkitu dira izotzaldi haren fase hotz batekoak, gehienera ere Riss II estadiokoak, izan daitezkeen sedimentu biltegiak. Riss izotzaldikoak dirudite halaber Lexetxikiko kobako (Gipuzkoa) maila beherenek. VIII. maila, hezur aztarnak dituena, badirudi Riss izotzaldiaren fase epel batean sortua dela. Hori baino gorago dagoen VII. mailan –animalia eta harri landuen aztarnak agertu dira hor–, gelifraktoak ere badira, eta hori dela-eta, izotzaldi bereko periodo hotzago batekin lotuko litzateke maila hori. Maila batean zein bestean aurkitu dira hartzaren antzeko animalia mota zahar baten aztarnak (Ursus deningeri).

Era honetan, beren testuinguruan txertatuak agertu diren lehen datu koherenteak, alegia, kokaleku estratigrafiko iraunkorra dutenak, Riss izotzaldiari daude lotuak (K.a.

250.000-125.000 ing.).

Horren ondorioz, bi data horien artekoak bide dira orain arte identifikatu diren harri landuak. Riss izotzaldian zehar sortuko dira Europa mendebalean Acheul aldiko multzoak eta Tayac aldikoak, edo Moustier aldiaren aurre-aurrekoak.

Euskal Herriko hainbat lekutan eskuratu dira lur azalean harrizko lanabes landuak (kuartzita, silexa…): bi aurpegiko lanabesak, arrakalatzaileak, pikotxak, karraskailuak, puntak, ebakigailu horztunak… alegia, egunero erabiltzeko oinarrizko tresnak, eta, horiez gainera, tresna horiek egiteko teknologiaren erakusgarriak: harri muinak, printzak, mailuak… Oro har, antzinako ibaien terraza eta arroetan aurkitu dira, eta orobat kostaldetik hurbil. Aurkikuntza aberatsenak Iruñea inguruan (Nafarroa), Urrunagan (Araba) eta Urbasan (Nafarroa) egin dira; horiez gainera, aztertu izan da Lapurdiko kostaldeko hainbat leku ere (Donibane Lohizune, Miarritze, Bidarte, Hiriburu…), Nafarroa Behereko barnealdekoak (Tambaou, Baigura…), Nafarroakoak (Irunberri, Ordoiz, Lezaun, Ibiriku…) edo Arabakoak (Aitzabal, Urizaharra, Mendiguri…). Nolanahi dela ere, eta kokalekuari dagozkion arazo garrantzitsuak bazter utzita, aurkikuntzen iturriak berak –kasurik onenean, eremuaren azaleko azterketak–, oso nekeza egiten du multzo horien kultura esanahia finkatzeko irizpideak ezartzea. Kasuren batean, lehengaien azaleratze eta biltegiak aurkitu baitira aurkikuntzen inguruan, “lantegi” ideia aipatu izan da. Ikuspegi horretatik, litekeena da gizatalde harrapariak ibili izana, besteak beste, Aranzaduia eta Bioizan, Urbasan (Nafarroa), mendira hornigai bila joanak, eta haiek hasi izana silexa lantzen; izan ere, mendialdearen kanpoko perimetroa mugatzen duten amildegietan guztiz agerian daude silex zainak. Estratigrafiaren aldetik oinarririk ez den arren, azterketa tipologikoak Achelensearekin lotzen ditu aurkikuntza horiek, eta, seguraski, haren une beteenekin. Iruñeko arroako multzoak (Gazolatz, Ibero, Baternain, Arazuri, Orkoien eta Cordovilla), Erdi Achelensearen fase aurreratu bati lotuko balira (teorian, Riss I.aren eta Riss II.aren artekoari), gaur egun eskura ditugun gauzaki multzoak, bi aurpegiko harrien tradizio honekin lotuak (Urrunaga, Urbasa…), une aurreratuagoetan kokatuko lirateke, Goi Achelensean bereziki (Riss III.an batez ere garatu zena); areago, Azken Achelenseraino ere iraun ahal izan zuten (Riss-Würm izotzaldi bitartetikotik hasita).

Rissaren une aurreratu bati dagozkiola dirudi Gipuzkoako Lezetxikiko koban bizi izan zen gizatalde baten aztarnak (Arrasaten).

Geruza beherenetako sedimentuan aurkitu dira koba hartako lehen biztanleek erabilitako lanabes eta teknologia baliabide batzuen aztarnak. Silexez eta eskistoz egindako lanabesak (karraskailuak, ebakigailu horztunak), “levallois” teknikaren aztarnaren bat eta landutako hezurren bat, forma zorrotzekoa, dira aurkitu direnak. Langintzari dagokionez, Europako Moustier aldiaren aurreko tradizioan kokatu izan dira aztarna horiek. Hain zuzen ere, Lezetxikiko ingurune horretatik dator Euskal Herrian dagoen arrasto antropologiko fisiko bakarra, zehatzago, VIII. maila deritzanetik. Han aurkitu zen pertsona baten eskuineko besoko humeroa, emakume batena seguruenik; emakume hura 1,62 m luze izango zen gutxi gorabehera, eta 30-35 bat urte izango zituen. “Neanderthal aurreko” adar genetikokoa bide zen, hau da, Homo erectus aurreratu bat, etorkizuneko Neanderthalen aldera egiten hasiak zirenetakoa.

 

Erdi Paleolitos aroaren bilakaera

Esan den bezala, Eem izotzaldi bitartea eta azken izotzaldia, Würm izotzaldia, hartzen ditu osorik Europako hego-mendebaleanGoi Pleistozenoak. Izotzaldi bitarte horretan, Behe Paleolitos bukaerako langintza multzo zenbaiten ondoan, Moustier aldiko lehen langintzak agertu ziren, hain zuzen ere Erdi Paleolitosaren kultura ezaugarritzen dutenak. Langintza horiek aurrera jarraituko dute, gero eta konplexuago, antzinako Würmeko une hotz eta hezean (Würm I, Würm I-II eta Würm II); gero, Hengelo estadio bitartetik aurrera (Würm II-III), Goi Paleolitosari dagozkion lehen langintza multzoekin batera agertuko dira zenbaitetan, eta Würm III.eko lehen faseetaraino ere iritsiko dira.

Moustier aldia izenaz langintza multzoen sorta bat adierazten da, garai bereko langintza multzo batzuk, Erdi Paleolitos aroan zehar gertatuak. Langintza horiek forma berezi batzuk dituzte ezaugarri, hala adibidez karraskailu lauak eta karinatuak, horztunak, aurpegibikoak edo arrakalatzaileak.

Arrakalatzaile ugari dokumentatu da Pirinio eta Kantauri aldean, eta bereziki ugariak dira Euskal Herrian. Bilakaeraren ikuspuntutik, tankera askotako gauzaki sorta baten garapen diakronikoa gertatu zen Moustier aldian, ereduzko zenbait gauzakitatik abiatuta (karrakailuak, puntak eta ebakigailu horztunak, lauak nahiz lodiak), eta horiekin batera agertzen dira noizean behin beste batzuk ere, bereziagoak (bi aurpegiko harriak eta ebakigailuak). Zenbaitetan aurkitu izan dira gauzaki sorta ederrak proportzio aski orekatuetan; bestalde, joera izaten da, oro har, tresna mota bat besteak baino gehiago garatu delako, multzo jakinetan espezializatzekoa.

Denborak aurrera egin ahala, aberastu egingo dira pixkanaka tresnak, eta forma bilakatuagoak izango dituzte (zizeiluak, karraskailuak eta bizkardun aleak), Goi Paleolitos aroko prozesu leptolitiko bete-betea iragarriko dutenak.

Euskal Herrian bada gordailu sail eder bat, Moustier aldia hasiera-hasieratik azkeneraino hartzen duena, hau da, K.a. 125.000 eta 35.000 urte bitartea gutxi gorabehera.

Aztarnategi nagusiak haitzulo eta harpeetan daude, hala Axlor eta Venta Laperra Bizkaian, Arrillor Araban, Abauntz eta Koskobilo Nafarroan, Amalda eta Lezetxiki Gipuzkoan, Olha I eta Olha II Lapurdin, Isturitze Nafarroa Beherean, eta Gatzarria eta Haregi Zuberoan. Aire zabaleko gune garrantzitsuak erantsi behar zaizkie horiei, Kurtzian (Bizkaia), Murban (Araba), Urbasan (Nafarroa), eta Bastén (Lapurdi). Horrez gainera, Gipuzkoako eta Lapurdiko kostaldean ere, Ebro eta Aturriko ibai terrazetan, eta Araba, Nafarroa eta Nafarroa Behereko mendialdeetan, lur azalean, gauzaki bakan asko aurkitu da.

Ageriko gauza da, beraz, Erdi Paleolitosko aztarnategiak askoz hobeak direla Behe Paleolitoskoak baino, zenbatekoan,nolakotasunean nahiz banaketan. Eta hori baliagarria izango da kasu honetan atera daitezkeen hipotesiak frogatzeko. Esan daiteke, oro har, Eem izotzaldi bitartearen nondik norakoa ezaugarritzen duten klimaren baldintza epelak, hosto iraunkorreko basoak zabaltzea ekarriko dutenak (artadi, harizti, pagadiak), bere horretan iraun zutela Würmaren hasierako uneetan. Pixkanaka-pixkanka, ordea, hozte luze bat gertatu zen. Basa pinua hasi zen nagusitzen baso aldeetan, hosto erorkorreko beste zuhaitzekin batera (urkia, urrondoa, sahatsa, haltza). Eremu zabalak edo zelaiak ugaritu egin ziren, eta haietan belar landareak hazi ziren, nolabaiteko hezetasuna bazela adierazten dutenak (gramineak, ziperazeoak, artemisiak…), eta zaldiak eta behiak bazkatu ziren. Aurrerago, antzinako Würmaren bukaeran, gogortu egin ziren dirudienez klimaren baldintzak. Basoak ez ziren askorik hedatu, eta klima hotz eta lehorragoko belar landareak zabaldu ziren; era horretan, estepako motak ugaritu ziren (Ephedra, Galium, Armeria…). Orduan agertu zen aurrenekoz elur oreina, tundra eta taigako biotipoei lotu ohi zaiena; Pirinioen inguruko Iparraldeko zenbait lekutan –dirudienez, gogorragoa baitzen han klima– lur hotzeko beste mota batzuekin batera azaldu zen (adibide baterako, mamuta eta errinozero iletsuarekin). Leizeetako hartza (Ursus spelaeus) asko ugaritu zen garai honetan. Habitat jakin batzuetan izango dira oraindik ere mota euritermoak, hau da, klima jakinetara egokitu gabeko animaliak, hala nola oreina (Cervus elaphus), baso aldeetan, eta baita txilardegi eremu zabaletan eta zuhaitz gabekoetan ere, edota basahuntza (Capra pyrenaica) eta sarrioa (Rupricapra rupricapra), amildegi harritsuetan-eta.

Ingurune hori izango da, animalia eta landare baliabideei dagokienez, gizakiak aurrera ateratzeko behar duen erreferente ekonomikoa. Gizon haiek, harrapari espezializatu gabeak izaki, bizi ziren inguruko animaliak ehizatu eta jaten zituzten, eta ez dirudi mota jakinik hobesten zutenik, ezta adin edo sexuaren araberakorik ere. Horregatik, Erdi Paleolitosean zehar, behiak, zaldi eta oreinen aztarnak oso arruntak dira eta, euskal aztarnategiak amildegi inguruetan baitaude sarritan, basahuntza eta ahuntzaren familiako animalia asko aurkitu da (basahuntza, orkatza…). Une gogorrenetan, klima hotzagoko motak ere agertu ziren (elur oreina). Landarediak (baia aleak, tuberkuluak…), inguruko biotipoak emana zenak, osatuko du ekonomia zikloa.

Gizataldeek kokalekuaren arabera hautatzen dituzte oraingoan bizilekuak, haitzulo eta harpeetan, iraupenerako oinarrizko baliabideak eskura izatearren. Haizetik ondo babesturiko zuloak hartzen zituzten batezere, ura gertu zutenak, animalien pasabideetan kokatuak, inguruko eremuak ondo menderatzeko aukera ematen zutenak, edota lanabesak egiteko oinarrizko lehengaien biltegietatik oso urrun ez zeudenak. Lekuen aukera taldearen beharkizun eta antolamendu moduetara egokitua izaten zen, eta, hala, kanpaleku iraunkorren modukoak sortu ziren, ehiza gune modukoak, edota materiala lantzekoak… Gorabehera horiek kontuan hartuta, eskura zuen espazioa antolatu zuen jende hark, eta lurrean markaturik utzi zituen beren jardunen arrastoak. Arkeologia aztarnategietan gorderik dago denboraren joanarekin galtzen ez den objektu sail bat; hala, badira gai desberdinez egindako tresnak, ekonomia jarduera nagusietan erabiliak (animalien ehiza eta trataeran, larru lantzean, zurgintzan…), lanabesak egiteko baliabide teknologikoak, janarien hondakinak, sutegiak edo suak… Jarduera haien erakusgarri asko gorde dira: harri mota askotako tresnak (silex, kuartzita, kuartzo, lidita, ofitazkoak…), forma eta teknika desberdinenarabera eginak (karraskailu, punta, horztunen eredu lau edo karinatuak, luzeak nahiz laburrak); hezur ezkarda zorroztuak, ezten gisakoak; harrizko gauzakien antzera landutako hezurrak; harri gogorrez egindako mailuak (kolpekariak); zizelatzeko-eta erabilitako hezurrak; Levallois teknikak erabili zirela aditzera ematen duten hunak eta lanketaren ondorioz sortutako zatikiak; orein, ahuntz, orkatz, zaldi, uro, bisonte, errinozeroen hezur hondakinak… Badira, halaber, hezur batzuk berariaz hautsiak, muina ateratzeko agian, hezur erreen ikatzak eta hondakinak, su egiteko erabiliak… Bestalde, gogoan izan behar da landare gaiezko baliabideak (egurrak, zuntzak…) eta animalienak (larruazalak, zainak) ere landuko zirela lanabes, ontzi, jantzi gisa erabili ahal izateko, baina, gai galkorrak direnez, denborarekin galdu egin dira.

Leku horietako zenbaitetan sarritan bizi izan ziren gizataldeak, klima ezaugarri desberdineko zenbait sasoitan, kontuan hartzen bada geruza desberdinak agertu direla; besteleku batzuk, berriz, denbora gutxian izan ziren bizileku gisa erabiliak. Zabalera handikoak dira Arrillor (Araba), Axlor (Bizkaia) eta Lezetxikin gorde diren mailak; barnealdeko aztarnategiak dira hirurak, Euskal Mendien ertzean dauden, leku malkartsuetan, eta hiruki bat osatzen dute beren artean, zeinaren erpin nagusien artean ez baitagoen, lerro zuzen bat eginez, kilometro dozena gutxi batzuk besterik. Klima egokienetan, izan ziren aire zabaleko habitatak kostaldeko gune batzuetan, gai galkorrez egindako etxolez osatuak. Kurtziako barrutian eta Bastéko laboratorioan antzeman dira halakoak.

Aurrekoaren osagarri, mendialdeetan edota antzinako ibai terraza batzuetan oinarrizko lehengaien azaleratzeak aurkitu izanak, izango du eraginik espazio globalaren formulazioan. Hornidura gune horietara joan ohi ziren talde batzuk, harriz hornitzeko eta harriak lantzen hasteko gero.

Era horretan, lehengai horiek ustiatzeko lantegiak sortuko dira. Behe Paleolitos aroan gertatu zen bezala, Urbasan, Nafarroan, silexa eskuratzen jarraituko da, eta gero, hartatik, karraskailu, punta, horztun bikainak egingo dira. Izan ere, lantegi sail garrantzitsu bat aurkitu da Urbasako goi lautadan: Ipar Mugarduia, Andasarri, Gorlasaro, Regajo de los Yesos, Aziarri… Antzeko helburuarekin ustiatu zen Murbako lantegia (Araba), Uda ibaiaren ibilgu zahar baten ondoan, inguruan kalitate nabarmeneko silex biltegi garrantzitsuak zeudela-eta.

Azkenik, gizatalde haien osagai etnikoa aztertu beharko litzateke. Oso urriak dira diagnostiko erabakiorrak egin ahal izateko egun Euskal Herrian eskura ditugun antropologia frogak. Iragan mendearen bukaeran aurkitutako giza aztarna batzuen albistea alde batera utzita, Olha I (Lapurdi) harpearen ondoko babespean –nolanahi ere, galduak dira gaur hondakin horiek–, bost hortz besterik ez dauzkagu, Axlorko (Bizkaia) harpeko III mailakoak, eta Amk mailako hagin bat Arrillorko harpekoa (Araba) –ongi datatua hori, K.a. 43.000. urte inguruan–.

Europan dokumentatu denarekin lotzen bada, “Neanderthal” tipoko gizabanakoarenak bide dira (Homo sapiens neanderthalensis), Behe Paleolitos aroko “Neanderthal aurreko” delakoen bilakaera zuzenaz eratorriak. Gizaki hark, Erdi Paleolitoseko Sartaldeko eremu etnikoa ezaugarritzeaz gainera, eta Moustier aldian gauzatu ziren lorpen teknologiko eta industrialak erabiltzeaz gainera, heriotzarekin lotutako lehen erritu agerpenak gauzatu zituen, Europan sakabanatuak diren hilobi sinboliko askotan.