Departamento de Cultura y Política Lingüística

Atlas Historikoa»Atlas Historikoa

Euskal ekonomiaren bilakaera 1960-1990 bitartean EGILEA:

Argazkia: Santurtziko portua (Bizkaia).<br><br>

Euskal ekonomiaren bilakaera sozioekonomikoaren analisia honen aldi luzerako, hogeita hamar urterako, egin ahal izateko, oso-oso kontuan hartu behar dira aldi jakin horretan eragina izan duten gertaera garrantzitsuenak, bai ekonomikoak bai politikoak. Ezinbestekoa da, gutxienez, hiru fenomeno kontuan hartzea.

Lehenik eta behin, azpimarratzekoa da 1970 ondoko hamarraldiko energia krisiak, 1973. eta 1978. urteetan petrolioaren prezioen hazkunde handiek sortuak, izan zuen eragin sakona. Krisi horren ondorioz, petroliotik eratorritako produktuekiko mendekotasun handia zuen gure industria sektorean ekoizpen prozesuetako asko aldatu behar izan ziren nahitaez. Nekez azal daiteke testu honetan aztertzen diren aldagaiek 1980 ondoko hamarraldiaren lehenengo urteetan izan zuten bilakaera, petrolioaren prezio garaiek gure arteko enpresa askotan ekoizpen eta mozkin mailan izan zuten eragina kontuan izan gabe.

Bigarren, aipatu beharra dago europar merkatu bateratua ere, 1980 ondoko hamarraldi osoan zehar eragin handia izan baitu euskal ekonomiarentzat, nahiz eta Europako Elkartean ez ginen 1986. urtea arte sartu. Merkataritza harremanak, urte hartarako garrantzitsuak zirenak, ugaldu egin ziren. Era berean, nola une horretan bertan hasi baitzen arantzelak kentzeko prozesua eta orobat indartu baitzen Europako politika koordinatuekiko dependentzia, Espainiako agintariei autonomia arras murrizten ziona, gure enpresen lan inguruak aldaketa sakona bizi izan zuen. Aldaketa horiek beti ere neketsua izaten den eta oraindik amaitu ez den doikuntza eta egokitze prozesu sakon batean murgildu zituzten enpresak.Exogenotzat har daitezkeen gertaera horiei, konstituzioa onartu ondoren estatuan izan diren erakunde aldaketak gehitu behar zaizkie; horiek Euskadin gobernu figura berriak eta herrialdearen ekonomia bilakaeran eragin ahal izateko nolabaiteko aukera duen bertako sektore publikoaren sorkuntza ekarri dituzte.

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren eta Kontzertu Ekonomikoaren arabera 1980. urtea ezkeroztik gure sektore publikoa Eusko Jaurlaritzaz, Foru Aldundiez eta Udaletxeez osatua da. Aldi berean, konpetentziak eskuz aldatzeko garrantzi handiko prozesu bat hasi zen; bestetik, zerga bilketa lurralde historikoen erakundeen erantzukizun bilakatu zen. Nahiz eta aurrerago egiten den analisian ez diren kontuan izan sektore publikoari buruzko aldagaiak, ez dago zalantzarik marko berri horretan bere parte hartzeak izan duela nolabaiteko eragina hemen aztertzen ari garen aldagaietan. Zerbaitetarako baita, izan ere, sektore horren gastua elkarte autonomoaren ekoizpen osoaren %25a 1991.. rtean.

Euskadiko ekonomiaren bilakaera behar bezala interpretatu ahal izateko elementu horiek gogoan izatea ezinbestekoa den bezala, egoera hori deskribatzeko arreta handiz aukeratu behar da zein adierazle erabili. Aztertu nahi den aldiaren luzera dela eta, bada zailtasunik azterketa aldi osorako balio duten adierazle homogeneoak aukeratzerakoan. Dudarik ez dago, ordea, denboran zehar konparazioak egiteko ezinbestekoa dela homogeneotasuna, eta horrek mugatu egiten du, uste izatekoa denez, aztertu daitekeen aldagai kopurua. Hala, testuaren lehen partea faktore horrek mugatzen du, nahiz eta lanaren amaiera aldera interesgarri izan daitezkeen beste zenbait datu ere aipatzen diren, garai jakin batzuei buruzkoak badira ere.Aukeratu diren adierazleak biztanleria eta aktibitate eta langabezia tasei buruzkoak dira lehenik, eta ondoren ekoizpen, produktibitate, eta errenta oso eta per capita errentari buruzko aldagaiak laburbiltzen dira. Euskadiko ekonomia bere inguruko beste zenbait ekonomiekin alderatzen da aurrerago, garapen sozioekonomikoko terminoetan haren antza dutenekin. Azkeneko atalak konklusio nagusiak jasotzen ditu.

Bilakaera sozioekonomikoa aztertzeko hiru erreferentzia urte aukeratu dira ?1960, 1973 eta 1989?, ikerketa honek hartzen dituen hiru hamarraldien adierazle.

Lehenbiziko eta azkeneko urteak lan honek aztergai duen aldiak finkatzen ditu.

1973. urtea aukeratu izana petrolio krisi handiaren aurretik bizi zen egoera jasotzeak duen interesak berak justifikatzen du. Erabiltzen diren datu gehienak Banco de Bilbao eta Banco de Vizcaya elkarteek argitaraturiko Renta Nacional de España y su distribución provincial argitalpenetik atera dira. Ahal izan den kasu guztietan, testuan Euskal Herria esaten denean, Euskadiko Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroa, biak hartzen dira kontuan, alegia, Hego Euskal Herria.

 

EGILEA:

Inmaculada Gallastegui Zulaica Ekonomian doktorea eta Ekonometriako eta Estatistika Metodoetako katedraduna (EHU). Lankide Aurrezki Kutxako Ikerketa zuzendaria.

Mª Carmen Gallastegui Zulaica Browngo unibertsitateko (EEBB) doktorea.

Ekonomia Analisiaren Oinarrietako katedraduna (EHU). Bizkaiko campuseko erretoreorde eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Plangintza Saileko aholkulari izan da.

 

Biztanleria eta aktibitate eta langabezia tasak

Ekonomia jakin bat ezin daiteke deskribatu bere aldagai demografikoei buruzko informazioa eta haren biztaleriaren aktibitateari buruzko datuak kontuan hartu gabe. Biztanleriaren bilakaera eta biztanleria horrek duen hezkuntza eta heziketa maila ez dira ahalmen produktiboaren garapenari buruz independenteak. Bestetik, biztanleriak lanerako duen jarrerak, aktibitate tasarekin neurtzen dena, eta sektore produktiboek lanpostuak sortzeko duten ahalmenak baldintzatzen dute ekonomiaren dinamismoa eta hazkunde tasa garaiak izatea. Ondorengo ataletan, aldagai horietako bakoitzaren azterketa eta komentarioa egiten da.

Biztanleriaren bilakaerari dagokionez, bi aldi bereizten dira: 1960-1973 bitartean hazkunde handi bat izan zuen biztanleriak; aztertzen ari garen aldi honetako azkeneko hamabost urteetan, berriz, hazkunde erritmoa nabarmen jaitsi zen.

Aise ikus daiteke halaber, lurraldez lurralde, bilakaerak aldeak izan dituela batetik bestera; azkeneko aldi honetan azpimarragarriak dira Gipuzkoako biztanleriak aldaketarik ez izana eta Araban eta Nafarroan biztanleriak izan duen dinamismo handiagoa. Argi dago lehen aldi horren bilakaeraren arrazoia Bizkaiak eta Gipuzkoak bizi izan zuten industrializazio prozesu azkarra dela, eta 1970 ondoko hamarraldiko lehen krisia ezkeroztik prozesu horrek etena duela, eta, alderantziz, Arabak eta Nafarroak askoz ere bilakaera orekatuagoa bizi izan dutela hiru hamarraldietan zehar.

Lurralde historikoetan zehar biztanleriak duen banaketari dagokionez, nahiz eta biztanle gehien izan dutenak Bizkaia eta Gipuzkoa izan diren, eta oraindik ere badiren, aipaturiko bilakaerak biztanleria osoaren lurralde bakoitzeko banaketa aldatu du. Termino erlatiboetan, Arabako lurralde historikoak lortu du soilik analisi hau dagokion aldian bere lekua hobetzea: 1960an biztanleria osoaren %7,8 izatetik 1989an %10,2 izatera pasa baita.

Biztanleria aldagaia, inolako zalantzarik gabe garrantzitsua dena, beste adierazle zehatzago batzuekin osatu behar da eremu jakin bateko ekonomia bilakaera aztertzeko. Adierazle horietako bat aktibitate tasa da, lana egin nahi duen biztanleriaren proportzio gisa definitzen dena. Haren edukia aztertzen hasi aurretik, esan behar da 1960. urteko datuetan ez direla bereizten biztanleria aktiboa eta enplegua. Aldagaien arteko berdintasun horren aurrean eman daitekeen lehen azalpena aldi hartan ia langabeziarik ez zegoela izan daiteke.

Azken hamabost urteetan aktibitate tasaren hazkunde arin bat izan da, hala ere gure inguruko herrialdeen mailei buruz oso behean aurkitzen da oraindik (aurrerago ikus daitekeenez). Euskal Herri guztirako datuek erakusten dutenez, 1989. urteko aktibitate tasak 1960koak baino txikiagoak dira. Aktibitate tasei buruzko grafikoak jasotzen duen informaziorik aipagarriena hauxe da agian: 1989an biztaleriaren %39a zegoen lan egiteko prest (%38a 1973an) eta 1960an, berriz, biztanleriaren %42ak egiten zuen lan.

Datu hauek interpretatzeko, komenigarria da ez ahaztea, zatiki gisa definitzen den aktibitate tasa zenbakitzailea (lan egin nahi duten pertsona kopurua) eta izendatzailea (biztanleria) aldatzen direnean aldatzen dela. Ikerketa hau dagokion aldi honetan bi aldagai horiek aldatu dira, eta aktibitate tasaren beherakadak adierazten du biztanleriak izan duen handitzea biztanleria aktiboak izan duena baino askoz handiagoa izan dela. Nahiz eta fenomeno horren azalpen zehatz bat lan honen helburuetatik kanpo geratuko litzatekeen, aipa daitezke, hala ere, zenbait arrazoi posible: hezkuntza maila altuagoa, lan merkatuan sartzeko adina atzeratzea, erretiratze adina aurreratzea, nolabait ere, urte horietan gertatu diren aldaketa soziologikoak. Bestetik, aktibitate tasaren bilakaera azaltzeko guztiz ekonomikoa den aldagai bat aurkitu nahiko balitz, langabezia da, dudarik gabe, aldagai hori. Ebidentziak dio ekonomia jakin batean lana sortzen denean, biztanleria aktiboaren parte ez ziren biztanle etsiak lana bilatzeko prozesuan sartzen direla. Horregatik, eta beste zenbait arrazoi nabarmenengatik ere, interesgarria da aldagai horrek hiru hamarraldietan zehar nolako bilakaera izan duen aztertzea.

- Enpleguak izan duen bilakaera nahiko adierazgarria da: 1960-1973 bitartean izan zen enplegu sorkuntza handiak ondorengo urteetan etena izan zuen, 1973- 1989 bitarteko beherakada orokorra bilakatu zen arte. Euskal Herri osorako100.000 lanpostu inguruko galera izan zen. Beraz, badirudi, egiaztatzen dela Euskal Herrirako enplegu mailen eta aktibitate tasen arteko erlazioa positiboa dela finkatzen duen ustea.

Konparazio gisa lurralde historiko batetik besterako aldeak esanguratsuak dira.

Araban eta Nafarroan garapen handiko urteetan lorturiko okupazio mailak mantentzen diren artean, Gipuzkoak eta Bizkaiak berriz, azken hamabost urteetan enplegu galera handiak jasan dituzte. Lurraldeen arteko enplegu banaketaren mapan 1960- 1989 urteetan lau lurraldeetan lanean ziharduen biztanleriaren banaketa jasotzen da.

Ziurtatu daiteke Araba izan dela, Gipuzkoaren eta Nafarroaren kalterako, Euskal Herrian sortu den enplegu osoaren parte bat erakartzea lortu duen probintzia.- Enplegu osoaren bilakaera aipatu bezain eskasa izan bada, interesgarria izan daiteke sektore produktibo guztiek era berdintsuan jasan duten bilakaera hori ala, aitzitik, beren artean desberdintasunak izan diren aztertzea. Sektore bakoitzeko lanean ziharduen biztanleria koadroak erakusten duenez, sektorekako banaketa horrek ere aldaketa sakonak izan ditu azken hogeita hamar urteetan. Hala, nekazaritzan enplegua etengabe eta arras murriztu da, non 1989. urtean ez baitzen lurralde batean ere enplegu osoaren %10eko maila gainditzen.

Industriak berriz, bilakaera irregularra izan zuen. 1960-1973 bitartean enplegu maila arras handitu zen eta 1973-1989 bitartean berriz, gutxi gorabehera, beste horrenbesteko beherakada izan zuen; ahatik, 1989ko eta 1960ko industria enplegu kopurua ia berdinak dira. Zerbitzuen sektorea izan da enpleguaren etengabeko hazkundea bizi izan duen sektore bakarra. Nabarmena da, beraz, gure ekonomiak tertziarizazio prozesu garrantzitsua bizi izan duela, zerbitzuen sektorea izan baita Euskal Autonomia Erkidego osorako bilakaera onena bizi izan duena.

Balio absolutuetan, aipatzen ari garen bilakaeraren adierazgarriak dira zifrak.

Hala, zerbitzuen sektoreak 1989. urtean 457.000 lanpostu sortu zituen guztira, industriak berriz 351.000 eta nekazaritzak 48.000.

Lurralde Historikoen artean Arabari dagokio enpleguari dagokionez bilakaera onena, azterturiko aldian zehar industrian nahiz zerbitzuetan enplegua arras ugaltzen baita. Aitzitik, enpleguaren sektore produktibo bakoitzeko banaketa jasotzen duten mapetan ikus daitekeenez, Gipuzkoan eta Bizkaian ez dira soilik aldaketa handiak izan enpleguaren banaketan, zerbitzu sektoreko lanpostuenhazkundea ere, industria eta nekazaritza-arrantza sektoreen beherakada nabarmenarekin batera gertatu da.

1960an Gipuzkoan eta Bizkaian industria sektoreak enplegu osoaren %50a hartzen bazuen, 1989an portzentaia hori ia hamar puntutan txikitu zen.

- Euskal Herriko ekonomiak bizitako aldaketa nagusiak enpleguaren sektore egitura eta biztanleriaren eta aktibitate tasaren bilakaera kontuan izanez aztertu dira orain arte. Horrek guztiak erlazio nabarmena du interes handiko beste aldagai batekin: langabezia tasarekin.

Dagokion grafikoan enpleguaren bilakaera aztertzerakoan (ez da jasotzen 1960. urteko informaziorik urte hartan ez baitzen neurtzen langabezia tasa, aurretik esan den bezala), ikus daiteke 1973-1979 bitartean gertatu den ehuneko 16 punturen hazkundea, lurralde guztietan oro har berdin izan dela, nahiz eta aipagarriak diren, berriro, Bizkaia eta Gipuzkoa, gai horretan bilakaera eskasagoa izan dutelako. 1975-1984 urteetan ekonomiak, eta bereziki industriak, jasan zuen krisi larriak langabe kopurua arras ugaldu zuen, eta 1980 ondoko hamarraldiko azken urteetan bizi izan zen hobekuntzak ez zuen lortu egoera larri hura arintzea.

Industria ehun edo sare tradizionalaren porrotak eragin handia izan du langabezian; hala ulertzen da lan merkatuak egun bizi duen egoera eskasa. Gogora dezagun, gainera, urte segidaren azkena 1985. urtean hasi zen ekonomia zikloaren gailurrari dagokiola, eta 1989. urtean ekoizpenaren hazkunde tasa oso garaia lortu zela; ahatik, une hartan zen langabezia maila garaia bereziki kezkagarria da, egitura ahulezia bat dela adierazten baitu, arazo hori bideratzeko neurri zehatz erabakiorrak hartu gabe nekez aurrikus baitaiteke horren konponbiderik.

 

Produkzioa eta errenta

Euskal Herriaren produkzio ahalmena balio erantsiari dagokion aldagaiaren bitartez aztertzen da (ondasun eta zerbitzu finalen eta ezkoipen prozesuan erabilitako lehengai eta tarteko ondasunen arteko diferentziaz ateratzen dena). Zifrak alderatzeak zentzurik izan dezan, grafikoan balio erantsiaren bailoak pezeta konstanteetan jaso dira (alegia, prezioen hazkundeei zor zaien gehikuntza artifizialak alde batera utziz). Espero zitekeenez, euskal ekonomiak aztertzen ari garen epean barrena hazkunde nabarmena bizi izan du, aipagarria da, alabaina, lehendabiziko azpialdian ekoizpenak izan duen dinamismo handiagoa. Azken aipamen hau bereziki esanguratsua da Bizkaiari eta Gizpuzkoari dagokionez, eta hein txikiago batean Arabarentzat.

Euskal Herrian sortzen den Barne Produktu Gordinaren magnitudeari buruzko lehen ideia bat emateko esan daiteke 1988. urtean, gutxi gorabehera, EAEk biztanle bakoitzeko 1.200.000 pezeta ekoiztu zituela. Pezeta konstanteetan, balio erantsi gordina lau aldiz biderkatu zen 1960-1989 aldian eta 2,6 bider per capita terminoetan.

Ekoizpenaren bilakaera eta enpleguarena erlazionatzen baditugu, azpimarragarriak dira langile bakoitzeko produktibitateak lorturiko gehikuntza garrantzitsuak.

Balio erantsiari buruzko grafikoan ikus daiteke 1989. urtean langile bakoitzeko ekoizpen maila askoz ere handiagoak lortzen direla enplegu maila askoz ere txikiagoekin. Begibistako gauza da garapen teknologikoak eta sektoreen banaketak direla faktore horren oinarrian.

- Sektore produktiboetan balio erantsia nola banatzen den jasotzen duten mapek ere enpleguari buruz aipatu den bilakaera bera adierazten dute. Berriz ere aipagarria da nekazari eta arrantza sektoreek, termino erlatiboetan, izan duten beherakada bortitza eta zerbitzu sektoreak hartu duten pisua.

Sektore egiturak izan duen aldaketa ikusgarriaren azalpen bat, sektore produktibitatearen bilakaera, lanean diharduen pertsona bakoitzeko balio erantsiapezeta konstanteetan neurtuta aztertuz atera daiteke. Kalkulu horri dagokion grafikoa adierazgarria da: azpimarragarria da nola aldi osoan zehar nekazaritzan produktibitatea bikoiztu den bitartean, industria eta zerbitzuetan hirutik gorako faktore batez biderkatu den.

Azterketa zehatzago batek azaltzen du, hein batean, gure ekonomiak bizi duen hirugarren sektorerantzako joera: 1960-1973 bitartean industriak ez zituen lortu zerbitzuen sektorean lorturiko produktibitate areagotzeak edo gehikuntzak, horregatik azken urte horretan zerbitzu sektoreko produktibitatea industriarena baino handiagoa da.

Aitzitik, 1973-1989 aldiari dagokionez, hirugarren sektoreak bizi izan zuen enplegu hazkundeak eta industriaren enplegu galerak azaltzen dute, produktibitateari dagokionez, bi sektoreen arteko posizio erlatiboaren aldaketa. 1973-1989 bitarteko terziarizazio prozesua bi sektoreen arteko produktibitate mailen arteko aldearen ondorioz azalduko balitz, esan daiteke, euskal ekonomiak bete-betean bizi duen hirugarren sektorerako prozesuak, denboran muga bat izan dezakeela baldin eta zerbitzuen sektoreak ez baldin baditu lortzen, gutxienez industriaren antzekoak diren produktibitate gehikuntzak.- Orain arte buruturiko analisiak taxuz azaltzen du euskal ekonomiaren bilakaera enplegu, ekoizpen eta produktibitate terminoetan. Hala ere beste urrats bat eman daiteke analisian Euskal Herriko biztanleen errenta mailan aipaturiko aldaketek nola eragin duten aztertuz.

Argi dago giza banakoen ongizatea ezin daitekela soilik per capita errenta bezalako ekonomia adierazleen bitartez neurtu. Ongizatean badute eragina beste zenbait aldagaiek ere, besteak beste, eskaintzen den zerbitzu publiko kopurua eta horien kalitatea (hezkuntza, osasun sistema, azpiegiturak), kohesio sozial eta ingurugiroaren kalitate maila edo erakundeek merezi duten konfiantza maila. Nahiz eta kontuan hartzeko alderdiak izan, dagoen informazioak per capita errentara mugatzen du analisia.

Produktibitatearen hazkundeak, enpleguak oso bilakaera eskasa izan duen arren, per capita errentaren hazkundea ekarri du lau lurraldeentzat. Nabarmena da, hala ere, errentan oso hobekuntza desberdina izan dela lurralde batean ala bestean eta baita aldi batean ala bestean ere. Hala, berriz ere, aipagarria da Araban gertatu den per capita errentaren gehikuntza handiagoa eta, bestetik, Gipuzkoan, Bizkaian eta Nafarroan aldagai horretan gertatu den berdintasuna.

Per capita sarrerei buruzko grafikoan ikus daiteke, halaber, errenten sorkuntzan hazkunde tasa apalek izan duten eragina. Hazkunde handiko lehen garaian Gipuzkoan, Araban eta, bereziki, Bizkaian per capita errentan hazkunde handiak izan ziren; urrengo urteetan, aldiz, ezin izan da hazkunde erritmo hori mantendu, eta horrek, Gipuzkoak eta Bizkaiak posizio erlatiboetan izan duten galera ekarri du, bai Araba eta Nafarroari buruz, bai gainontzeko estatuko probintziei buruz ere.

 

Euskal Herria eta Europako beste zenbait eskualde

Euskal Herria hedadura txikiko erkidegoa da, bere ekonomia egiturari dagokionez zenbait ezaugarri nabarmen dituena: industria sektorearen pisu handia, hedatze bidean den zerbitzu sektorea, sektore publiko propioa eta finantza sektore oso garatua. Halaber, ekonomia aldetik atzerrira oso irekita den erkidegoa da; ahatik, interesgarria izan daiteke bizi duen egungo egoera ingurune orokor berekoak diren eta ezaugarrietako batzuk berdinak dituzten beste eskualde batzuekin alderatzea. Hori dela eta, azken urteentzat Eustat-ek argitaraturiko Euskal Estatistika Urtekariak jasotzen dituen hainbat datu erabiliz, Europako eskualdeei buruzko taula osatu da; bertan Euskal Autonomia Erkidegoaz eta Nafarroaz gainera aukeraturiko eskualde guztiei buruzko aldagai sozioekonomiko esanguratsuak jasotzen dira.

Kontuan hartu diren eskualdeak aukeratzeko erabili den irizpidea Eustatek CECA irizpide sozioekonomiko izena ematen diona da; hautaturiko eskualdeek ezaugarri hauetako baten bat betetzen dute: industrian diharduen eskulanak proportzio handia izatea, altzairugintzaren berregituratzeak sorturiko egoera larria, 78-84 aldian enpleguen gutxieneko %25eko galera eta elkartearen batez bestekoa gainditzen duen langabezia egoera orokorra (nahiz eta Akitaniak ez duen azken hau betetzen, hurbiltasunezko arrazoiak direla eta, aukeratu egin da).

Datuak 1989. urteari buruzkoak dira.

Hurbiltasun geografikoak eta ezaugarri soziokulturalek bereziki interesgarria egiten dute Akitaniarekin egindako alderatzea. Hala ere, ikus daiteke bere ekonomia egiturak ez duela EAEkoaren antz handirik. Askoz ere biztanle gutxiago dituen eskualdea da, industrializazio txikiagokoa, nekazaritzak duen pisuari dagokionez Nafarroaren parekoa eta aktibitate tasa garaiagoak lortu dituena. Bestetik, izan duen enplegu sorkuntzaren bitartez langabezia tasa Nafarroaren parekoa du, EAEk jasaten dituenak baino askoz ere txikiagoak. Horregatik kontuan hartu diren eskualdeen batez besteko errenta maila (Balio Erantsi Gordina; B.E.G) baino garaiagoak ditu eskualde horrek, eta halaber, EAEkoen eta Nafarroakoen aldean handiagoak.

Taulako gainontzeko eskualdeei dagokienez, multzo homogeneo bat aukeratzen saiatu garen arren, nabarmena da beren artean alde handiak direla, taulako datuen barreiamenduak berak adierazten duenez. Barreiamendu handienetakoa duen aldagaietako bat biztanleria dentsitateari dagokiona da.

Euskal Herriko jarduera tasari buruz atarikoan egindako baieztapena berresten da taula honetan, bertan ikusten denez Euskal Herriaren posizio erlatiboa multzoaren azkenetakoa baita: 15 eskualdeen artean 14. lekuan da Euskal Autonomia Erkidegoa, eta 12.ean Nafarroakoa. Tamalez, langabezia tasari dagokionez, sailkapen ordena irauli egiten da eta EAE lehen ?ohorezko? postuan da eta Nafarroa berriz 5.ean. EAEko langabezia tasa 1989. urtean kontuan harturiko eskualdeen batez bestekoa baino hamar puntu handiagoa zen.

Eskualdeetan zehar sektore egituren artean ere handiak dira aldeak. Gure bereizkuntza produktiboa industria sektoreak balio erantsiaren proportzio terminoetan sailkapenean duen tokian adierazten da (EAE lehen tokian da eta Nafarroa bigarrenean). Alemaniako Westfalia eta Saarland eskualdeak dira horri buruzerreferentzia hurbilena. Aitzitik, pentsatzekoa ere badenez, zerbitzu sektoreak ematen duen balio erantsiaren arabera sailkatzen direnean goitik behera aldatzen dira eskualdeen tokiak: kasu honetan EAE azken tokian da eta Nafarroa haren aurrekoan, eta hori lehentxeago aipatu den bezala gure lurraldean hirugarren sektorearen areagotze handia izan den arren. Lehen sektoreak ez du garrantzirik aukeraturiko eskualde ezeinetan; adierazle horren arabera Nafarroa da puntakoen artean.

Argitaraturik diren datuen artetik atera daitekeen per capita errentarekin antz gehien duen adierazlea biztanle bakoitzeko balio erantsi gordina da, erosketa ahalmenaren parekotasunez E.A.P. neurtuta (alegia, adierazlea kalkulatzerakoan herrialde bakoitzean diren prezio maila desberdinak kontuan hartuz, beraz, eskualde bakoitzean den erosketa ahalmena neurtuz). Aldagai horri dagokionez, EAE batez bestekotik zertxobait beherago da eta Nafarroa berriz batez bestekotik gora, eta hartatik oso hurbil. Liguria Italiako eskualdea salbu, Alemaniako industria eskualdeak dira biztanle bakoitzeko, balio erantsi terminoetan, lehenbiziko tokietan direnak, eta industria egiturari zegozkion antzekotasunak ez dira mantentzen kasu honetan non, egin beharreko bereizkuntza guztiak kontuan hartuz, ongizatea nahi baita neurtu.

Taula aztertuz esan daiteke, halaber, Europako eskualdeen arteko aldeak handiak direla jadanik. Epe laburrera nekez gainditu daitekeen erronka dirudi aldagai errealean neurturiko bateratze prozesuak.

 

Laburpena

Ekonomiaren ikuspuntutik Euskal Herriaren bilakaeraren alderdi adierazgarrienak azpiko hauetara laburbil daitezke: ? Lehenik eta behin, 1970 ondoko hamarraldiaren bigarren zatian izan zen krisiaren eragin sakona ezin izan da berdindu 80ko hamarraldiko azken urteetako hazkunde handiarekin.

? Bigarren, herrialde honetako egitura produktiboak aldaketa sakona bizi izan du. Lehen sektoreak eta industriak pisua galdu dute zerbitzu sektorearen onerako.

? Hirugarren, azpimarragarria da biztanleria aktiboarentzako behar adina lan sortzeko zailtasuna. Biztanleria aktiboa, dena den, inguruko Europako ekonomietan den mailatik beherakoa da.

? Azkenik, per capita errentari buruz, azpimarragarria da gainontzeko probintzien aldean Gipuzkoak eta Bizkaiak izan duten posizio erlatiboaren galera.Lan honetan zehar aztertu diren datuetatik ez da laburtu diren hauen kontrako beste konklusiorik ateratzen; horrek garbi erakusten du azken hiru hamarraldietan zehar euskal ekonomiak bizi izan duen aldaketa prozesu handia. Industrializazio prozesu azkarra bizi izan da, eta ondoren krisia, denbora luze bateko ikuspegitik begiratuta zein larria izan den are argiago ikusten dena. Horrek ez du ezkutatu behar aldi jakin horretan zehar gure ekonomiak izan duen dinamismoa eta krisiari egokitzeko ahalmena. Halaber, industria ehuna berritzeko prozesua sendotzea eta oinarri produktiboa hedatzea lortzen badu, bizi izan diren zailtasunak, bereziki enpleguari eta posizio erlatiboaren galerei dagozkienak, gainditu daitezke.

 

Euskal ekonomia alorreko data nagusiak

1960 Garapen Planak eta Industrializazio Prozesu Azeleratua hasten dira1967 Ontzigintza, altzairugintza eta papergintza berregituratzeko Ekimen Kontzertatua1973-74 Petrolioaren lehen krisia1974 Altzairugintza Plan Nazionala1977 Moncloa-ko hitzarmenakErreforma fiskala hasten da1978 Espainiako konstituzioa onartzen da1979 Autonomia Estatutua onartzen daEnergia Plan Nazionala1979-80 Petrolioaren bigarren krisia1981 Kontzertu ekonomikoa sinatzen da. Euskal Autonomia Erkidegoko lehenaurrekontu orokorrakHainbat sektoreetan berregituratze politikak indarrean jartzen dituen ekaineko1985 Errekuperazio ekonomikoa hasten da1986 Espainia Europako Merkatu Komunean sartzen da1990 Hazkunde ekonomikoaren azken urteak eta egungo krisiaren hasiera