Departamento de Cultura y Política Lingüística

Atlas Historikoa»Atlas Historikoa

Ingurugiroaren erronkak

Pagadia, Lekandan (Gorbeia mendialdea, Bizkaia). Pagadiek Bizkaiko baso eremuaren %2,5a hartzen dute.<br><br>

Ingurugiroaren hondamena ez da hogeigarren mendeko gaitz berria, baina mende honetan izan du indarrik handiena, eta gune naturalak hondatzen doaz hainbat arrazoirengatik; arrazoi horietarik garrantzizkoenek industria garapenarekin edo eragin handiko nekazaritzarekin dute zerikusia.

Mota eta habitat anitz dituen ingurugiroa beharrezko baldintza da oreka biologikoa gordetzeko. Gainera, ingurune naturala, orobat baliabide kulturaltzat ulertuz, kontserbatzeak edo berreskuratzenak lehentasuna behar du gizartearen helburuen artean.

Ingurugiroa, oro har, edo habitat jakin bat kontserbatu edo berreskuratzeko jarduerak aurretiko azterketa sakona eskatzen du, bere balio ekologikoa zenbatekoa den neurtu eta kontserbazioa edo hondamena zein egoeratan dagoen jakin ahal izateko.

Euskal Herrian, azken 20 urtetik hona batik bat, azterketa asko ari dira egiten ingurugiroaz, horrek ondorio onak ekarriko dituelarik dagoen izadi egoeraren kontserbazioari eta hondatutakoaren berreskurapenari dagokienez. Ingurugiroarekin zerikusia duten arazoak disziplina arteko ikuspegi batetik behar dira aztertu eta zentzu horretan, gai horrekin zerikusia duten profesional askoren, hots, biologo, geologo, kimikari, ingeniari, ekonomialari, abokatu eta abarren ikuspuntu ezberdinetatik heldu behar zaio gaiari.Azterketa honetan Euskal Herriko inguruneen kalitatearen eta bere gaur egungo egoera erakusleen ikuspegi orokorra eman nahi da.

Gaur egun, hondatze prozesuaren eragile nagusiak industria motaren ondorio dira. Atmosferaren kutsadura (CO 2 gehiegi, euri azidoa, e.a.), industriak, automobilek eta berogailu sistemek sortua, eta uraren eta lurzoruaren kutsadura, hiri eta industria hondakinek, azpiegituren eraikitzeak –autopista, urtegi, aireportu, e.a.– eragina, gizarte ereduaren aldaketak ekarritako ondorio zuzenak dira.

 

EGILEA:

Miren Onaindia Olalde Biologian doktore. Ekologiako irakasle titularra Euskal Herriko Unibertsiatean.

Ibone Amezaga Arregi Biologian doktore. Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzailea.

Begoña García de Bikuña Biologian doktore. Anbioteko ingurugiroko ikerketa enpresako gerentea da.

Ander González Arias Biologian lizentziaduna. Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzailea.

 

Paisajea

Ingurune fisikoak eta biotikoak bat egiten dute paisajean, horregatik historian zehar gertatutako prozesuak ikus daitezke paisaje horretan, eta hori aztertuz, eta batik bat basoak aztertuz, gure lurraldeko ingurugiroaren egoera zein den azaltzen ahaleginduko gara.

Azken 250 urteotan, gure basoak, bereziki Atlantiko alderako isuraldekoak, etengabe joan dira hondatuz eta atzeratuz. XVIII. mende bukaeran Bizkaia eta Gipuzkoako basoak egiten ari ziren atzerakada luze eta zabal biltzen da garai hartako agirietan, eta XIX. mendean zehar arrisku handiko areagotzea izan zuen atzeratze eta hondamen horrek.

1900ean, S. Larreak basoak birlandatzeko proposatzen zion Aldundiari “Eukalituak itsasaldean eta klima hotzeko koniferoak mendialdean”. Ostera, Mariano Adan de Yarzak Pinus radiata landatu beharra adierazi zuen 1918an burututako Eusko Ikaskuntzen I. Biltzarrean, O. Elorrietak indar handiagoz proposatzen zuen industria kimikorako zein papergintzarako eskariaren arabera landatu behar zirela basoak, Euskal Herriko lur etzeak mota berriak landatuz lehengai iturri bilaka zitezen. Hala ere, 1933 aldera, Th. Lefevbre geografo ospetsuak eginiko mapan ikus dezakegunez Pinus radiata ez zegoen artean oso hedaturik.

Ondorengo hamarraldietan konifero eta eukalitu kopuruak izugarri egin du gorantz, eta bertako basoen hedadura arras murriztu du.

• Hondamenaren zergatiak. XX. mende erdialdea arte baso murriztearekin zerikusi zuzena duten arrazoien artean nabarmena da XVIII. mendean burdinolen ekoizpenerako egurrikatzaren beharra, luberrigintza eta ontzioletarako zur premia. Herri basoen pribatizazioak XVIII. mende amaieraz geroztik, Bizkaian eta Gipuzkoan batik bat, haien ustiapen handia ekarri zuen. Gainera, XIX. mende amaieran eta XX.aren hasieran erdialde eta behealdeko basoetan gehiengo ziren gaztainondoa eta haritza murriztuz joan ziren, desagertu arte ere, hainbat gaixotasunen eraginez.

Bestalde, gaur egungo baso ustiapenek lurzoruaren higadura larria eragiten dute, sasien arrasera egindako mozketengatik, lurpeko lanengatik eta mendiko pistengatik.• Lurzoruaren erabilera. Basoen banaketa Basoak dira ustiapenari, mota kopuruari eta harreman biologikoei dagokienez ekosistema nagusiak gure planetan. Halaber, basoak dira inguru hondatuenak eta galtzeko arrisku handiena dutenak.

Gaur egun Espainiako basoen azalera 11,79 milioi Ha-koa da, hots, lurralde osoaren (50,5 milioi Ha.) %23,3.

Euskal Herriko basoei dagokienez, bertako basoen egoera, pagadi, amezti, harizti, lizardi, artadi, abarizti eta haltzadiena ez da batere pozgarria.

Basoen lur hedadurari dagokionez, topografiaren eta garapen ekonomikoaren mende egon da oso. Industriaren garapenak lurzoruaren erabilera baldintzatu du funtsean, eta horixe da Bizkaia lur etze gehien duen lurraldea izatearen arrazoia (hirigintza eta industrialdeko lur sailak, zehazki lur etze direnekin batera, denak batera kontuan hartuz), eta Gipuzkoa da bigarrena. Bestalde topografia faktore eraginkorra izan da lurzoruaren erabileran ustiapenari dagokionez; horrela larre eta soro portzentaia nagusia Nafarroan dago eta Araba da hurrengoa.

Pentsa daiteke, horratik, Bizkaia eta Gipuzkoako egoera Nafarroa eta Arabakoa baino hobea dela kontserbazioari dagokionez, larre eta soroek duten azalerarekiko basoen portzentaia altua delako, baina Gipuzkoan eta Bizkaian atzerritik ekarritako insignis pinua edo Monterreyko pinua (Pinus radiata) da nagusi, lurralde horietan landare eta animalia motetan duen ondorio guztiekin.

Eusko Jaurlaritzak 1986an argitaratutako Euskal Autonomia Erkidegoko Baso Inbentarioak baso mota ezberdinen egungo hedadura erakusten du. Ikus daitekeenez atzerriko koniferoen basoak, Pinus radiata-renak batik bat, handiak dira kopuruari dagokionez. Pinu mota honek 27 m 3 Ha-ko eta urteko hazkuntza du eta txarrenean 7 baino ez (hazkuntza azkarreko motatzat hartzen dira 10 m 3 Hako eta urteko hazten direnak). Bizkaian eta Gipuzkoan pinu honen portzentaia baso azalera osoaren %65,5ekoa da, Araban %11koa eta Nafarroan %2,6koa.

Bertakoak diren pago eta haritzen basoak proportzio txikia dute lehenengo bi lurraldeetan (%4,6 artea, %3,8 haritza, %2,5 pagoa Bizkaian; %1,4 artea, %2,1 haritza, %14 pagoa Gipuzkoan); Araban eta Nafarroan kontserbazio egoera hobea da (%13,5 artea, 25,4 ametza, haritza eta erkametza eta %21,2 pagoa Araban; %8,5 artea, %15,6 haritza, ametza eta gaztainondoa eta %39 pagoa Nafarroan).

Euskal Herria lehenengoetarikoa izan zen Iberiar penintsulan haziera azkarreko motekin saiakerak egiten. XIX. mende amaieran, Adam de Yarza bizkaitar lurdunak egin zituen Pinus radiata-ren lehendabiziko landaketak. Orduz geroztik, Euskadi lehendabizikoa izan da Europan haziera azkarreko moten landaketan.

Orokorrean, epe motzeko mozkin ekonomikoak lortu nahia izan zen irizpide nagusia eta ez mendiaren izaera soziala eta ekologikoa balioberrituko zuen kudeaketa orekatu eta jarraia. Ondorioa euskal paisajearen eraldaketa izan da, aniztasun biologiko eta erabilpen lurzoruetatik paisaje monotonoagora, hazkuntza azkarreko motak nagusi direlarik.

Gaur egun, legedi eta argitalpen ofizialen bidez jakin daitekeenaren arabera, Eusko Jaurlaritzaren Baso Administrazioak ikuspegi berria eman dio baso politikari, basoak izan ditzakeen erabilera biak batera bildurik –babesa eta ustiapena– bertako motak landuz eta landaketen eragina gutxitzen duten ustiapen teknika berrien erabileran oinarrituz, nahiz eta dirulaguntzei dagokionez haziera geldoko moten landaketak azkarrekoekiko duen aldeak ez duen oraingoz horien landaketa nabarmendu.• Basoaren onurak Ingurune fisikoaren babesa eta higadurari aurre egitea. Ziklo hidrologikoaren erregulazioa. Basoak lurrazaleko ur ibilera gutxiarazten du, eta lurperatzen den ur kopurua gehitzen. Gainera adaburuek jasotzen duten ura asko izan daiteke, oso baso sarrietan batez ere.

Izerdia eta lurrinketa bidezko ura oso lotuta dago zuhaitzek duten hosto bolumenarekin.

Klima hezeetan urteko batez besteko prezipitazioen %67 izerdia lurrinketa (landarediaren izerdia) bidez atmosferara itzul daitekeela jotzen da.

Gainera basoek ur kalitatea hobetu egiten dute, iragazketa hobetzen baitute eta lurrazaleko materialak eramatea saihesten.

Landarediak, baso handiak osatzen badu batik bat, garrantzi handia du higadurari eta lur galerari aurre egiteko, lur berria eratzen den lastertasuna lurra suntsitzen denekoa baino bizkorragoa izan dadin laguntzen baitu.

Gainera, baso sistemen zeregin funtsezkoenetakoa atmosferako CO 2 -a jasotzea da, eta ondorioz fotosintesian lortutako O 2 -a botatzea. Era berean, funtsean jarduera industrialen ondorio diren gas igorpenen eta suspentsioan dauden solidoen eragin toxikoaren kontra bahe leungarri gisa jokatzen du. Igorpen horiek ordea handiak badira basoak ahulezia sintomak izan ditzake (hostoak edo kolorea galtzea), eta basoak erabat hondatzeraino iritsi daitke.

Paisajearen anizkoitzea. Moten nahasketa forma eta koloreen aniztasunaren bermea da, berebat paisajearen oreka gordetzen laguntzen duelarik.

Zuhaiztiak ingurune egokia dira animalia zein landare mota oso hobetuak garatzeko. Basoaren baitan giro anitz izateak bertan animalia anitz egotea ahalbidetzen du.• Baso hondamenak Basoetan kalte egiten duten eragile nagusiak bi taldetan bana daitezke beren jatorriari dagokionez: kalte abiotikoak, guztientzako ezagunak, suteak, kutsadura, izozteak, e.a., eta kalte biotikoak, eragile bizidunek eragindakoak, intsektuek eta onddoek eraginak esaterako.

Basoetan, orekan egoten dira, material begetalak elikagaitzat dituzten bizidunak (belarjaleak) eta horien elikagai diren landareak. Horrela, belarjale eta landare arteko orekak irauten duen artean sistemak eragozpenik gabe egiten du aurrera. Baina, landaredia ahulduz oreka apurtzen bada, lehortea, sutea, gizaeragina eta bestelako arrazoiren bat dela bide, haiez elikatzen diren zenbait bizidunen mesedetan, beren dentsitateak gora egiten du. Izan ere, edozein bizidun, landare, animalia, onddo, bakterio nahiz bestelako, izurrite bilaka daiteke basoaren kaltetan. Izurrite edo gaixotasun horrek aurrera egingo du bere eragilea den biziduna naturalki (elikagai gabeziaz) edo artifizialki (giza eraginaz) murrizten deneino.

Eragile biotikoak bi multzotan biltzen dira: intsektuak, izurrite bilaka daitezkeenak, eta basoen gaixotasunak.

Gure basoetan insignis pinuaren (Pinus radiata) landaketa handiak dira izurrite arazo gehien dituztenak, zeren pinudi homogeneo horiek egokiak baitira izaera horretako arazoak sortzeko (Amezaga, 1992). Horretara, guretzat izurriterik ezagunena pinu-belarra edo Thaumotopoea pityocimparena da. Honek pinua hostorik gabe uzten du bere azikula eta muin lerdenak baititu elikagai. Normalki, hazialdi bakarra izaten du urteko baina hori baldintza meteorologikoen baitakoa da. Bere kalterik handiena beldarra den artean burutzen du, pinuaren gaitasun fotosintetikoa arras murrizten baitu (azikulak jaten baitizkio). Oro har, belarrak eragindako kaltea handia dela uste da ikuspegi ekonomikotik, pinuaren haziera geldotu egiten baitu, nahiz eta pinua gai den azikula gabe gelditze hori gainditzeko, gehienetan bederen.

Basoen gaixotasunei dagokienez, oro har onddoek eragiten dituzte gehienak.

Gaixotasun horien erasoa arbolaren zati ezberdinetan gerta daiteke. Horrela adibidez, Damping off delakoak plantulak zein haziak eraso eta hiltzen ditu; gaitz hori Fusarium, Phytium eta Rhizectobium jeneroetako onddoek eragiten dute.

Nagusiki gaztainondoa erasotzen duen gaixotasuna, nahiz eta haritza eta artea ez diren libre, Enolothia parasitica onddoak eragiten duen adakaitza da; intsektuek eragindako gaitz eta zaurietatik sartzen da arbolara, eta azalpean garatzen da; adakaitza edo goitik beherako pitzatuak egiten dizkio. Mantso aritzen da, hamar urte ere irauten baititu arbolaren izerdia daramaten hodiak erabat itorik hura hil artean.

Ondorioz atera daiteke, bada, basoak eragile anitzen erasopean daudela eta horietarik zenbaitek ez badute arbola zuzenean hiltzen, beste batzuen lana erraztu eta horietxek ematen diote akabera.

 

Aniztasuna. Babestu beharreko ekosistemak

Lurralde jakin batetan bizi diren animalia eta landare mota kopurua aniztasun biologikoa edo bioaniztasuna deritzanaren osagai funtsezkoa da. Bioaniztasuna funtsezko kontzeptua da ingurunearen kontserbazio egoera definitzeko.

Bioaniztasuna 4.000 milioi urtetan izandako bilakaeraren ondorioa da, mota kopuru handia sortu baita aldi luze horretan. 1.400.000 animalia eta landare mota deskribatu dira gaurdaino eta badirudi hori Lurrean direnen %5 baino gutxiago dela oraindik. Eboluzioaren ondorioz, motak, bata besteak ordezkatu izan du, baina gaur egun giza jarduerak iraungipen naturalaren erritmoa areagotu egin du eta gaurkoa, gizakia lurrean agertu aurretikoa baino 10.000 bider bizikorragoa dela jotzen da.

Eragin nagusia tropikoetako basoen suntsipena da, baina lekuan lekukoari dagokionez ekosistema berezi deritzatenen desegiteak badu garrantzia bioaniztasunaren murriztean.

Bizidunen eta habitaten aniztasuna, interes orokorreko aberastasuna den aldetik, zaindu egin behar da, baita gizakiaren beraren bizirauteari dagozkion arrazoiengatik ere, medikuntzan eta elikaduran erabiltzen diren gai ugari bizidun basatietatik atereak baitira.

• Kontserbazio irizpideak Ingurune naturalen kontserbazioa lortzeko neurri osoenetariko bat babesguneak definitzea eta izendatzea da; horretarako nahitaez jarraitu beharreko pauso batzuk bete behar dira lehenik, ingurunearen izaera geologikoa, landaredia eta fauna batez ere kontuan harturik.Irizpide horietan oinarrituta zenbait babesgune hautatu dira; orain artean Urdaibaiko Biosfera Erreserba (1989), 23.000 Ha-koa, Urkiolako Parke Naturala (1989), 5.778 Ha-koa eta, oraintsu, Valderejoko Parke Naturala (1992), 3.496 Hakoa hautatu eta izendatu dira. 1992tik 96ra bitarteko bost urteetan Eusko Jaurlaritzak zazpi parke berri izendatzeko asmoa du, horretarako Autonomia Erkidegoko azaleraren %10 hartuz.

Nafarroan naturagune babestuen hedadura handiagoa da, kontserbazio mota eta asmo desberdineko esparru txikien sare handi zabal bat eratu baita. Horrela, naturagune babestu nagusiak hauek dira: Larrako Izadi Erreserba, 2.353 Hakoa, Bertizko Jaurerriko Parke Naturala, 2.040 Ha-koa eta Caidas de la Negra eta Arbaiungo Arroila natur erreserbak, 1.926 eta 1.164 Ha-koak hurrenez hurren.

Habitat txikiek –beren morfologiak, lurzoruak, landarediak eta faunak, hidrologiak, noranzkoak eta abarrek definituek– garrantzi handia dute gure lurraldean, erliebe aldrebesak esparru txikiak izateko aukera gehiago ematen baitu; esate baterako, haran muturrak ibai ertzeko basoekin interesgarriak dira oso.

Naturaguneen eta baso landaredi eta faunaren kontserbazio Legeak (BOE, 1989.03.28, 74. Zn.), honela dio Naturaguneen Babesari buruz: “Nekazaritza, basolan eta abeltzaintza xede dituen lurzoruaren erabilerak, bere ahalbide biologikoa eta produkzio gaitasuna gordetzera zuzendu behar da inguruko ekosistemei dagokienez”. Zentzu horretan, ingurugiroari dagokionez, Administrazio Publikoen jarduera inguruaren probetxamendua antolatu eta planifikatzera zuzendu beharko da, balio ekologikoen, ustiapenekoen eta interes sozioekonomikoen arteko oreka lortuz.

Bestalde naturaguneen berreskurapenak eta hobetzeak badu garrantzi berezia demografiaren dentsitate handia eta lurzoruaren erabilera handia duen gure lurralde honetan.• Ekosistemen kontserbazioa Basoez gain –horien egoera aipatu dugu jada–, bada lurralde honetan ekosistema multzo bat bere berezitasunagatik eta, aldi berean, hauskortasunagatik berebiziko interesa duena: ingurune higrofiloak eta itsasertzeko sistemak (dunak eta padurak).

Ekosistema horiek mota aniztasun handiko inguruneak dira, baina beste alderdi batetik begiratuta, honda errazak guztiz. Horiek aldatzen badira nekez bihur daitezke lehengo izatera, edo ezinezkoa da guztiz ostera hura berreskuratzea.

Esparru horietan izaten diren moten ezaugarri taxonomiko, genetiko, ekologiko eta fisiologikoak, ingurune horietan gertatzen diren prozesu ekologikoen konplexutasunarekin batera, horietan besterik ez dira gertatzen, eta beste habitat batzuetan ezin berregin daitezke.

Zohikaztegiak. Zohikaztegietako landaredia 600 eta 1.000 m. altuera bitartean kokatzen da eta beren hedadura hainbat kilometrotako luzerakoa izan daiteke.

Harearria dute oinarri erakuntza horiek; oinarri horrek euri ugariengatik eta tenperatura apalen ondorioz lurzoru ia podzolduak eratu dituzte. Zohikaztegia defini daiteke ekosistema heze, beti putzutu gisa; horrek ezinezkoa egiten du materia organikoa deskonposatzen duten zenbait bizidun ingurune horietan bizitzea, eta horrenbestez aski ingurune txiroak izan ohi dira. Izan ere, ingurune horietako zenbait landare berezi intsektujale bihurtu da, beren hostoetan harrapatutako intsektuak janez elikatzen direlarik. Drosera rotundifolia, Drosera intermedia, Pinguicula lusitanica eta Pinguicula grandiflora dira zohikaztegiko landare intsektujaleak. Zohikaztegiko erdialdeak zehazki, gune aktiboak, esfagno (zohikaztegiko goroldioa) geruza lodia izaten du, zapaltzean dardar egiten duten gosna bigunen itxura du; gosna horiek ur biltegi lana egiten dute. Beste landare garrantzitsu batzuk Menianthes trifoliata, Hypericum elodes eta Carum verticilatum dira.

Zohikatz geruza handitzen eta lurra lehortzen doan heinean erikazeak nagusitzen hasten dira, artean Erica Tetralix eta baita Eriophorum latifolium eta Rinchospora alba aurkitzen ditugularik.

Mota aniztasun handiko inguruneak dira, Euskal Herrian oso bakanak. Gainera muga izaera du gure lurraldean, zeren punturik mendebalekoenetakoa baita Ipar eta Erdi Europako taxon horiek agertzen direnekoa.

Kontserbatu egin behar dira ekosistema heze horiek, Saldropoko zohikaztegiarekin gertatutakoa gerta ez dadin, bere zohikatz geruzaren ustiapenagatik hondaturik geratu baita.

Dunetako ekosistemak. Dunak, haizeak hondarra biltzearen ondorioz sortzen dira; gero ordea, haren gainean landaretza finkatzean lurra bilduz joaten da eta horrenbestez duna osatuz. Orokorrean dunak duen ezegonkortasunaz eta bertako landarediaren urragarritasunaz gainera, giza eragin aski bortitz baten ondorioak ere nozitzen ditu. Dunetako landare-bilgune nagusiak ondoko hauek dira: lehendabizikoak, itsasaldien ekarkinak ukitzen daudela, Euphorbia paralias, Cakile maritina eta Honkenia peploides mota multzoak. Duna higikorraren lehen ataletan Elymus farctus graminea izaten da nagusi, leku trinkotuenetan Ammophila arenaria, eta hondar finkoen atzealdean Ononis ramosissimae.

Duna eremuak interes ekonomikoak direla-eta era askotara ustiatu izan ohi dira: industria eta hirigintzarako leku gisa, eraikuntzarako hondarra ateratzeko, eta udaldian giza presentzia handia izaten dute. Ontziolak estuarioen irteeretan ezarri izanak beharturik hondarra aldian-aldian dragatu behar izaten da; gero dunetan eta paduretan jaurtitzen da hondar hori; horrek, bistan da, landaredia hondatu egiten du. Eragile horiek guztiek batera, estres handia noziarazten diete berez egonkortasun urria duten duna sistemei, eta argi erakusten du hori hondarretako landarediak.

Padurak. Padurak ibai eta itsas inguruneen bitarteko ekosistemak direnez, padura eremua aski txikia da lur lehorreko sistemekin alderatzen bada. Paduretan bizi diren moten ezaugarri taxonomiko, genetiko, ekologiko eta fisiologikoak, eta ingurune horietan gertatzen diren prozesu ekologiko konplexuak paduretan baizik ez dira gertatzen, eta errepikatu ezinezkoak izaten dira bestelako habitatetan.

Uretako ekosistemak funtsezkoak dira landaredia eta fauna gordetzeko, eta paraje horiek ekonomiarako, kulturarako, zientziarako eta aisiarako duten balioa eta garrantzi handia kontutan izanik, horiek hondatzea ezin konponduzko galera izango litzateke. Urdaibaiko arroa ingurune babestu izendatu zuen UNESCOko Man and Biosphere batzordeak, eta Urdaibaiko Biosfera Erreserba izena eman zion; 1989ko uztailean Eusko Jaurlaritzak Erreserba Naturala izendatu zuen.

Mundakako estuarioa (Gernikakoa edo Urdaibaikoa ere deritzana; azken hori da izen zaharrena) gune interesgarrienetarikoa da natura jakintzaren ikuspuntutik.

Paduretakoak bereziki diren landare asoziazioek badute banaketa topografiko berezi bat, itsasaldien eraginaren arabera. Honela da banaketa: Itsasbeheraz behetiko komunitateetan Zostera marinae aurkitzen da; itsasbehera eta itsasgora artean, mailaz maila, Zostera noltii, Salicornia dolichostachia, Salicornia europaea, Spartina maritima eta Puccinellia maritima dira nagusiak.

Itsasgoraren mugaz goitik geratzen diren ataletan Arthrocnemum fruticosa, Halimione portulacoides, Plantago maritima, Limonietum serotinum eta Juncus maritimus, dira nagusi.

Beharrezkoa da Urdaibaikoa bezala egoera onean dauden guneak zaintzea eta itsasertzeko gune hondatuenak, hots, Txingudi, Zarautz, Deba, Txipios, e.a.. erreskuratzea. Sistema horien landare berritze teknikek arrakasta izan dute Europako Atlantiko aldeko itsasertzeko leku askotan, eta garbi geratu da ingurune berezi eta baliotsu horiek berreskura eta lehengo egoerara ekar daitezkeela berriro.

 

Lurzorua eta berorren kutsatzea

Lurzorua, airearekin eta urarekin batera, biosferako bizitzaren euskarri da. Lurzorua nahikoa ingurune hauskorra da eta giza jardueraren eragin handia pairatzen du: nekazaritza, industria, garraio, hirigintza eta abarretako azpiegiturak. Eragin horrek herri industrializatuetan eraldaketa handia eragin dio lurzoruari, eraldaketa larria askotan.

Lurraren zeregin naturala, berezkoa, izaki askoren eta bereziki gizakiaren euskarri fisikoa izateaz gainera, bizitzarako funtsezko elementuak eta bizidunen eta beraiek bizi direneko ingurune fisikoaren arteko zirkulazio eta birziklaketa ziurtatzea da.

Uraren zikloak, nitrogenoaren, karbonoaren, sufrearen eta fosforoarenak bezala, atal oso garrantzitsua du lurzoruan, nahiz eta elementuen zikloen funtzionamendu orokorrean zerikusi nabarmena dagoen lurzoruaren, uraren eta atmosferaren artean. Ziklo hidrologikoaren zati handi bat lurzoruan gertatzen da, lurgaineko eta lurpeko ura eta izerdia lurrinketa bidez atmosferara itzultzen den uraren zati handi bat lurzoruaren eta landareen izerdia lurrinketaren bidez egiten da, beraz baso handien suntsiketak lurralde horretako klima alda dezake eurialdien banaketa aldatuz (atmosferara ur gutxiago itzultzen denez gutxitu egiten da euri kopurua ere). Bestalde, industria eta nekazaritza prozesuek zirkulazioan dagoen uraren kalitatearen kaltetan izan dezakete eragina, lurgaineko eta lurpeko ura kutsatuz.

Nitrogenoa materia biziaren osagai garrantzitsua da. Lur sailetan ongarri gehitxo erabiltzearen ondorioetako bat da elementu hori lurpeko eta lurgaineko uretan gehiegi egotea eta kutsagarri bilakatzea (eutrofizazioa deritzana).

Lurzoruaren kutsatzea industria jardueraren eta nekazaritzaren ondorioz ager daiteke. Nekazaritza mugatuak pestizida ugari erabiltzen du eta ingurunean horiek duten ugaritasuna dela eta bizidunak denbora luzeagoan egongo dira gai toxiko horien aurrean, eta are handiagoa izango da kate trofikoan gertatzen den metaketa. Lindano intsektizida da gai kutsakor horien adibide bat.

Nekazaritza jarduera lurzoruen kutsaduraren iturri handia bada ere, industria jarduerarena da kutsadura iturri nagusia. Hondakin isurtzeak, gai toxikoen ihesak eta industria jarduera ongi babestu gabeko zoruetan egiteak lurzoru kutsatuen portzentaia handi baten eragileak dira. Euskal Autonomia Erkidegoan urtero isurtzen diren 150.000 Tm-tatik %73 lurzoruan botatzen direla jotzen da(IHOBEren datuak, lurzoruaren babes politika EAEan. Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiroa. E.J. 1993).

Hondakin industrialen kudeaketan izan den gabezia historikoak zabortegi kontrolatu gabe ugari sortarazi ditu. Lurzoru horien erabilerak arazoak sor ditzake, zabortegi horietan bildu izan diren gai kimikoen arabera.

Lurzoruen geroz eta hondamen handiago horren aurrean, badirudi lurzoruen prebentzio eta arazketa (hala behar denean) politikak prestatu eta ezarri behar direla. Egun EAEko lurzoruaren babeserako politikak, premiazko kasuei konponbideak ematea, kutsadura berrien prebentzioa eta iraganetik datozen arazo ez hain larriak pixkana-pixkana konponduz joatea ditu oinarrizko eginkizunak.

 

Atmosferaren kutsadura

• Karbono dioxidoa (CO 2 ) Gizarte industrialaren garapenaz geroztik petrolio, ikatz eta gasaren erreketaren ondoriozko karbono anhidridoaren isuriek izan duten igoerak gas horren urteroko 1,5 ppm-ko igoera ekarri du eta, bide batez, atmosferaren tenperaturaren 0,5°Ctako igoera (industriaurretik gaur egungo egoera arte). Atmosferaren osagaien aldaketa horrek kalteak eragin ditzake bizidunengan eta era berean atmosferaren tenperaturaren igoera handiagoak ondorio latzak ekar litzake. CO 2 aren igoerak azken urteetan bezala jarraitzen badu, datorren mendearen bukaeran atmosferaren tenperatura 1°C eta 4°C artean igoko dela jotzen da eta horrek poloetako izotzaren urtzea ekarriko du, eta itsasertzak ur azpian geratuko dira.Karbono dioxidoa, bestalde, landarediak jasotzen du eta bere masaren parte egiten. Horregatik basoak gaur egun biosferan gehiegizkoa den gas horren hobi dira. Hidrokarburoen erreketan igorritako soberakinaren zati bat gutxienik, zuhaizti sarriek jaso dezakete.

Gutxi gorabeherako kalkulu honen arabera Arabako basoak bertan ekoizten den dioxido karbono kopurua baino gehiago jasotzen dute, Gipuzkoan gutxixeago bada ere jaso egiten da, eta Bizkaian balantzea negatiboa da (jasotzen dena baino gehiago igortzen da).

Beraz, atmosferara igortzen den anhidrido karbonikoaren kopurua murriztu egin beharko litzateke biosferan gas horren oreka eta elementuen zikloen mugimendu arrunta eta ekosistemen funtzionamendua mantentzeko.• Euri azidoa Erregai fosilen erreketaren ondorioz, sufre dioxidoa eta nitrogeno oxidoak sortzen dira; horiek atmosferako lurrinarekin erreakzio egitean, eta argiaren eraginez azido sulfuriko eta azido nitriko bilakatzen dira. Azido horiek euri urak ekartzen dituzte berriro, euri azido moduan, lurrazalera edo itsaso eta aintziretara.

Baso eta nekazaritza eremuetan duen eragin kutsakorra oraindik orain eman da jakitera.

Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez zehazki, gai kutsakor ugari igortzen da atmosferara, horren lekuko direlarik euskal Administrazio Publikoak jarrita dituen sentsore iraunkorrak. Jaso dira jada, Euskal Herrian euri azidoari egotz dakizkioken hainbat datu.

Uraren azidotasuna uraren pHa aztertuz neurtzen da eta daramatzan azido gogorren kopurua ematen du. 7 baino txikiagoko pHek azidoa dela erakusten dute (7ko pHak neutroa adierazten du), 4-5 eko pHtik behera dira ordea azido gogorrak, izaki biziengan eragin bortitza dutenak. Parametro horrentzako EAEko sare urdinean bildutako datuek (Eusko Jaurlaritza, 1992, a) pHa batez besteko 4,9 eta 5,4koa dela erakusten dute, batetik bestera asko aldatzen bada ere; horrek gure lurraldean izaten diren euri azidoak topografiak baldintzatzen dituela pentsarazten du, azido maila oso handiko fenomeno mugatuak gerta daitezkeelarik.

Neurketa egin delarik, Gasteiz eta Mundakako behatokietan jaso dira prezipitazio azidoenak, hirigune industrializatuen hurbiltasunagatik ziurrenera.

Basoetan eragiten duen kaltearen inguruan, ditugun datuek erakusten dutenez, batik bat koniferoen basoei dagokienez, EAEko baso mota horiek Europakoen aldean kalte txikia nozitu dute. Kalte txikiak ordea, Europa erdialdekoekin eta Britainia Handikoekin alderagarriak dira; horrek atmosferaren kutsadurarekin zerikusia duten fenomenoen ikerketa sakonagoa egin behar dela erakusten du, baita horiek basoengan duten eraginena ere.

Anioiei dagokienez, Europako beste baso batzuetan egindako neurketek hemengoek baino nahikoa kopuru handiagoak erakusten dituzte adaburupeko sufrezko gaientzat. Lehen hurbilketa bezala, esan daiteke gure basoak, sufrezko gaiei dagokienez, Europa erdialdekoak baino kutsadura maila txikiagoa dutela.

Aldiz, Mediterraneo inguruko basoen datuekin alderatuz, hemengoek kutsadura handiagoa erakusten dute.

Datu gehiago behar da gure lurraldean gai honi sakonagotik heltzeko.

 

Ura

Ziklo hidrologikoan ura etengabe berritzen da ingurune ezberdinetan (atmosferan, litosferan eta hidrosferan). Kontinenteetan ur baliabide naturalak aintzira, zingira, akuifero eta ibaietan daude; horietan ura dagoen denbora ez da finkoa: 12-20 egun izaten da ibaietan, 1-100 egun aintzira oligohalinoetan eta 300 urterainokoa akuiferoetan. Guztira 7.036,53 Hm 3 -ko edukia dute urteko, horietatik %9,45 lurpeko urari dagokiolarik.

Mercadillo, Butroe, Nerbioi, Ibaizabal, Kadagua, Oka, Lea, Artibai, Deba, Urola, Urumea, Oria, Jaizubia, Oiartzun eta Bidasoa ibaiek Kantauri itsasora isurtzen duten ur kopurua 5.369 Hm 3 /urtekoa da eta Omecillo, Baia, Zadorra eta Inglaresek Ebro ibaira isurtzen dutena 699,15 Hm 3 /urteko. Baliabide horiei EAEko 25 urtegietako eduki gordina gehitu behar zaie, hots, 320 Hm 3 , baita itsasertzeko ibai txikien eta orobat Karrantza, Aguera, Ega eta Araia azpiarroen emaria.• Uraren kutsadura Kalitate txarreko urak, bestelako zehazpenik gabe, ur kutsatu bezala hartu ohi da sarri. Hori ez da zuzena ordea. Euskal Autonomia Erkidegoan badira diapiroen eragina duten hainbat ibai (adibidez, Gesalazko Salado ibaia eta Omecillo Espejon, Inglares Pagoetan, Kadagua Villasana de Menan, Altube Murgian, Deba Leintz Gatzagan, e.a.). Beraien eroankortasun elektrikoak, sodio absortzio portzentaiak eta sodio karbonato arrastoak daramatzaten urak kalitate txarrekotzat jotzen ditu, baina balio handiko fauna eta landaredia mantendu eta ugalarazteko oso kalitate onekoak izan daitezke (eta horietako zenbait, horrelakoak dira), esaterako ekoizpen, gastronomia eta kirolerako duten interesagatik edota errege dekretuen eta nazioarteko hitzarmenen bidez babestutako motak dituztelako, besteren artean Inglaresko karramarroa eta Pirinioetako desmana eta Omecilloko ibai kabuxa eta igaraba.

Uraren azterketan neurri egokiak hartzeko garrantzitsua da kalitateari eta kutsaduri dagozkion kontzeptuak definitu eta bereiztea.

Kutsadura ez da soilik gizakiek eginiko isurketekin lotu behar, hor daude ibaien eraldaketa fisikoak (kutsadura fisikoa: ibaiertzetako landaretzaren erauzketa, dragaketak eta arroetan egindako aldaketak, emaria kentzea, e.a.).

Hala ere, kutsaduraren kontzeptua ikuspegiaren araberakoa da, zeren eta irizpide baten arabera kutsatuta ez legokeena, beste baten arabera kutsatutzat har baitaiteke, eta horrek “ur kalitatea” definitu arazten digu. Kutsadura, uraren kalitatea, erabileraren araberakoa da, eta horrenbestez helburuen arabera finkatzen dira “kalitate arauak” edo “kutsaduraren kontrol arauak”.

Kutsadura edo eraldaketako kasu berezi bat satsudura edo eutrofizazioa da.

Eutrofizazioa fosforo gehiegiren ondorioz ekosistema akuatiko batengan eragindako aldaketa da batez ere. Gizakiak fosforoa eta nitrogenoa duten gaiak (deterjenteak, nekazaritza gaiak, e.a.) erabiltzean landaretza asko ugaltzen da (algak ugaltzen dira) baina ez dira kontsumitzen, eta horrenbestez bakterioek eragindako deskonposaketa izaten da nagusi haien endekatzean. Horrek zabortegi egoerara eramaten du ekosistema (kutsadura organikoa), eta sedimentuan ziren gaiak, hots, materia organikoa, burdina, manganesoa, metal astunak, fosforoa eta abar askatzen dira.• Lurgaineko uraren kalitatea Gizakiaren ikuspuntutik, baliabide hidrikoen plangintzan nagusi den irizpidea “ur kalitatearena” da. “Ur kalitatearen” kontzeptu zientifikorik ez da ordea; horrek legegintzako esparruan du esanahia, une bakoitzeko ikuspuntuen araberakoa hain zuzen. Bi helbururen arabera definitzen da normalean: giza jardueretarako ur kalitatea eta uretako bizitzarako ur kalitatea.

Helburu orokorreko bi talde horietan eskala bana definitzen da: giza kontsumorako eta etxeko erabilerarako ura, aisialdirako ura, ureztapenerako ura, salmonido multzoak mantentzeko ura, e.a. Horietako edozein kasutan “ur kalitate” terminoa uretan diren aldagai fisiko, gai eta elementuen adierazpide da, bere erabilera bizidunentzako (gizakia barne) eta komunitate biotikoetarako noiz izan daitekeen eta noiz ez kaltegarria adierazten baitu.EAEko sare hidrografikoaren %28,32k kutsadura kimiko handiko (isurketa organiko eta inorganikoak) ura dute eta ur edangarri gisa erabiltzeko, ozonifikazioaz edo ikatz aktiboko bahetik iragazteaz gain, tratamendu berezia behar du zenbait gai oso toxiko kentzeko. Berebat, Bizkaian uretako bizitza mantentzeko gai diren ibaien ibilbidearen %24,30ak eutrofia handia du. Gipuzkoan eta Araban eutrofia portzentaia %40,5 eta %50,30ekoa da, hurrenez hurren (G. de Bikuña & Docampo, 1991).

Euskal ibaiek edateko eta jarduera industrial jakinetarako ur horniduran erabiltzeko duten kalitate txarrak epe motzera beste aukera batzuen beharra planteatu du, lehorte handiek, esaterako 1989-1990 artekoak, eragindako egoerei aurre egiteko. Aukera horien artean lurpeko uraren ustiapena eta urtegi berriak eraikitzea daude. Baina aukerarik onena, edo behinik behin ingurugiroaren kontserbazioa gehien errespetatzen duena, epe motz eta luzerako ur eskaria konpentsatzeko ibaien osoko saneamendua eta uraren erabilera errazionala egitea da, ekonomikoki garestia gertatuko bada ere. Ekonomia politikoak ezin dezake ingurugiroaren ekonomia, hots, ekologia ahantzi.

Baina saneamendurako plan horiek, sarri, arazoaren ikuspegi ez osokoa dute, ibaiak ur masa higitzen deneko arro hartzailetzat baino ez dituztelarik jotzen.

Zentzu horretan, ibaien saneamenduak ez du soilik hainbat ezaugarri fisikokimiko mugatzeko helburua izan behar, kontuan izan behar ditu gizakiak ibaien ekosisteman eragindako beste zenbait aldaketa, ibaiertzeetako landaretzaren erauzketa, dragaketa eta ubidegintza, ura ateratzea, estres hidraulikoa, urtegien eraiketa (uholdeak baretzeko sistemak) e.a.

Esate baterako, ezer gutxirako balio du hiritik datozen ur kutsatuei fosforoaren %30 arazketa bidez garbitzea, gero ibaiaren ertzeetako landaretza erabat erauzita eta eragin mekanikoen mende badago, zeren elementu hori eta beste zenbait gai urak (euriak e.a.) ekarriko ditu inguruko sailetatik, eta elementu horren kontzentrazio handien arazoa konpondu gabe geratuko da.

Horregatik, ibai sare osoaren saneamendu planetan eta legegintzan, arazoa irizpide bateratu batez begiratu behar da, ibai arroa jestio unitatetzat hartuz, aurrez aipatu diren eta ibaietako ekosistema hondatu eta bere homogeneizazioa beharrezkoa egiten duten giza eraginak kontuan izanez.

 

Ingurugiroa babesten duten legeak

• Autonomia legedia 28/1989 DEKRETUA, urtarrilaren 10ekoa, Euskal Herriko Ingurugiro Batzordea eratzen denekoa. (EHKO. 39. zbk., 1989ko otsailaren 27koa).

27/1989 DEKRETUA, otsailaren 14koa, ingurugiro organo eskuduna definitzen denekoa, ingurugiroan eragina izan dezaketen gaiei eta hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko araudia ezartzeari dagokionez. (EHKO. 38.. bk., 1989ko otsailaren 24koa).

5/1989 LEGEA, uztailaren 6koa, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren babesari eta ordenazioari buruzkoa. (EHKO. 1989ko uztailaren 29koa).

275/1989 DEKRETUA, abenduaren 29koa, Urkiolako Parke Nazionalaren izendapenari buruzkoa. (EHKO. 3. zbk., 1990eko urtarrilaren 4koa).

4/1992 DEKRETUA, urtarrilaren 14koa, Valderejoko ingurua Parke Natural izendatzen denekoa. (EHKO. 28. zbk., 1992ko otsailaren 11koa).• Estatuko legedia2414/1961 DEKRETUA, azaroaren 30ekoa, jarduera gogaikarri, osasunaren kontrako, kaltegarri eta arriskutsuen araudia onesten denekoa. (BOE. 292.. bk., 1961eko abenduaren 7koa. Zuzenketa BOE. 57. zbk., 1962ko martxoaren 20koa).

38/1972 LEGEA, abenduaren 22koa, ingurugiro atmosferikoaren babesari buruzkoa. (BOE. 309. zbk., 1972ko abenduaren 26koa).

29/85 LEGEA, abuztuaren 2koa, urari buruzkoa. (BOE. 189. zbk., 1985eko abuztuaren 10ekoa).

1302/1986 ERREGE DEKRETU LEGEGILEA, ekainaren 28koa, ingurugiroan eragina izan dezaketen gaiak neurtzeko moduari buruzkoa. (BOE. 155. zbk., 1986ko ekainaren 30ekoa).

3181/1980 ERREGE DEKRETUA, abenduaren 30ekoa, basa faunako hainbat mota babestu eta babes horren eraginkortasuna ziurtatzeko arau zehatzak ematen direnekoa. (BOE. 56. zbk., 1981eko martxoaren 6koa).• Nazioarteko legedia EUROPAKO GUTUNA Lurralde Ordenaziorako. Europako Kontseilua. Torremolinos, 1983ko maiatza.

85/337/CEE ARTEZTARAUA, ekainaren 27koa, zenbait obra publiko eta pribatuek ingurugiroan duen eraginaren ebaluazioari buruzkoa.

HITZARMENA Europako basa bizitzaren eta ingurugiroaren kontserbazioari buruzkoa, Bernan 1979ko irailaren 19an hartua. Europar Kontseilua 104. zbk.

II eta III. ERANSKINAK, Europako basa bizitzaren eta natura ingurunearen kontserbazioari buruzko Hitzarmenarenak, Bernan 1979ko irailaren 19an hartuak (BOE. 136. zbk., 1988ko ekainaren 7koa).

BATZORDEAREN ARTEZTARAUA, 1992koa, natura habitaten, basa faunaren eta landarediaren kontserbazioari buruzkoa. (Behin behineko Agiria).

(DOCE. 1992 apirilaren 14koa).

RIO DE JANEIROKO GAILURRA, 1992ko ekainekoa. Bioaniztasunari eta Kontserbazioari, karbono anhidridoaren isurketaren kontrolari, atmosferari kutsagarri diren gaien kontrola, eta hondakin toxikoen isurketari buruzko tratatu.