Atlas Historikoa»Atlas Historikoa
Euskal Herriaren bilakaera politikoa demokrazia garaian
Nagusikeriazko sistematik aniztasun errejimenera eraman zuen igarobide politikoak
1976ko abenduan izan zuen hasiera, Erreforma Politikarako Legea onartu
zelarik, eta Espainiako Konstituzioaren eta Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren
onarpenerako erreferendumekin amaitu zen; lehenengoa (Konstituzioarena,
1978ko abendua), Espainia guztiarentzat, eta bigarrena (Autonomia Estatutuarena,
1979ko urria), euskal probintzietarako (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa) izan
ziren. Hurrengo eginkizuna kasu batean zein bestean aurretik diseinatutako instituzionalizazio
prozesua martxan jartzea da, sistema demokratikoaren finka aldi
dei daitekeen hirugarren fase baterantz jotzeko, gaur egun bizi garena, hain zuzen.
Espainiako trantsizio politiko horrek bi gerta inguru desberdin izan ditu, bakoitzak
bere erritmoa zuela: Estatu osoarentzat aniztasun sistema eratzeari dagokiona
eta Autonomien Estatua suposatzen duen beronen itxurapen ezberdin jarraikakorra
deszentralizazio prozesuan, eta, euskal kasuan bezala, trantsizio
fasearen luzapen asinkronikoa duena bere baitan.
EGILEA:
Francisco José Llera Ramo
Deustuko unibertsitatean Zientzia
Politikoetan doktore. Zientzia Politikoetan
eta Administraritzan katedraduna eta
Bilbon Euskal Herriko Unibertsitatearen
Nazioarteko Ikerketetako eta Zientzia
Politikoetako Sailaren zuzendaria.
Espainiako Soziologia Federakuntzaren
lehendakaria eta Espainiako Zientzia
Politikoetako Elkartearen lehendakariordea.
Elkarte politikoez eta trantsizioaren garaiko
Euskadiko bortxa egoerari buruzko hainbat
argitalpenen egilea.
Euskal aniztasun politikoaren eraikuntza
Askatasun demokratikoak iristeak, hauteskunde libre eta konkurrentziazkoetarako
deialdi eta alderdi politikoen legeztatzearekin (1976-77), nagusikeriazko
errejimenaren azken urteetan euskal gizartean hazten ari zen aniztasun politiko
aberats hura plazara ateratzeko aukera eman zuen. Alderdi batzuek (PSOE, PNV,
PCE, ANV eta Alderdi Karlista, garai hartan sozialista eta autojestionarioa) ordurako
ia ehun urteko bizitza zuten, edo, behinik behin, aurreko errepublika garaiko
esperientzian lehiakide izanak ziren eta elkarren kide ziren frontean, gobernuan
eta oposizioan gerra zibilaz geroztik. Beste batzuk, aitzitik, diktaduran
gertatutako aldaketen ondorio ziren eta errejimenaren beraren zein oposizioaren
ondorea zuten hartua.
1977ko ekaineko lehen hauteskunde libreei begiratuz, ordurako aukera aniztasun
zabal bat bazela aurkitzen da: zaharrak eta berriak, abertzaleak eta estatu
mailakoak, errejimenaren aldeko familia politikoetatik sortutakoak eta oposizioan
bizi behar izan zutenak, bortxa politikoarekin loturak zituztenak eta bortxa
politiko hori gaitzesten zutenak eta, azkenik, eskuina, erdia eta ezkerra.
PSOEk bere sektore historikoaren zatiketa batekin (PSOE-H) eta Enrique Tierno
Galvánen PSPen inguruan bildu zen barnealdeko sozialismoaren herentziarekin
lehiatu behar izan zuen; joera horiek PSOEren baitara bilduko ziren berriro
geroago. PCEk gauza bera egin behar izango du 1960 ondoko urteetako krisialditik
sortutako erakunde komunistekin: ORT, PT, EMK eta LKI. Frankismoaren
erdi-eskuineko ondoreak neke handiak izan zituen antolatzeko, eta ezin izan zuenprobintzia guztietan hauteskundeetarako hautagai aurkeztu; UCD, adibidez, ez
da hauteskunde lehian sartzen Gipuzkoan; AP ere ez da agertzen probintzia horretan;
bien bitartean behin behineko elkarketak sortzen dira, GU, DIV edo eskuineko
FE-JONS eta Proveristak adibidez; erdi-eskuineko multzo horri FDCk
bere inguruan biltzen duen oposizio demokristaua gehitu beharko zaio; horren
ordezkari izango ziren Euskal Herrian geroago UCDen sartuko zen DCV eta UPNen
biltzen zen Nafarroako eskuin errejionalista. Azkenik, PNV eta ANVren abertzaletasun
historikoaren ondoan “ezker abertzalea” izenpean sortuko dira 1950 ondoko
hamarraldiko ETAk frankismoaren aurka egindako borrokaren herentzia
jasotzen saiatzen diren erakundeak: ESB eta ESEI sozialdemokrata joerakoa; Euskadiko
Ezkerra koalizioa –EIA, EMK, ES, EK kide zirelarik eta ETA (pm)ren laguntzaz–,
marxista iraultzaile joeraz, eta EHAS, garai horretan HASI sortzeko
bateratze prozesuan zegoena, eta LAIA, ETA (m)aren laguntzaz, 1978an HB sortzen
den arte hauteskundeetan parte ez hartuko ez dutenak.
Abiapuntu honekin, dozena bat aldiz baino gehiagotan deitu zaie euskaldunei
azken hamazazpi urteotan hauteskundeetan parte har zezaten. Euskal herritarrek
Madrilgo legebiltzarraren osaketa erabakitzeko bozkatu dute (1977, 1979,
1982, 1986, 1989 eta 1993), Gasteizekoarena erabakitzeko (1980, 1984, 1986 eta
1990), Araba, Gipuzkoa, Nafarroa eta Bizkaiko erakunde foralena eta udaletxetakoa
erabakitzeko (1979,1983,1987 eta 1991) eta baita Europako Parlamentuarena
erabakitzeko ere (1987 eta 1989), bitartean izan diren lau erreferendumak
(1976, 1978, 1979 eta 1986) ahaztu gabe.
Hauteskundeek beti markatzen diote erritmo bat politikari. Euskal Autonomia
Erkidegoari dagokionez (EAE), 1980ko “hasierako” hauteskundeek politikan
nork bere lekua aurkitze bat eta EAJ-PNV alderdiak hegemonia izan zuen instituzionalizazio
aldi bat zabaldu zuten; aldi horretan mobilizazio bortitza izan zen
espainiar zentralismoaren aurka eta abertzaletasun erradikalaren erakunde armatuek
jarduera gorena izan zuen, aldi berean, ordea, ETA (pm)ak desegitea erabakitzen
zuelarik. 1984ko bigarren hauteskundeak “bitarteko aldikoak” izan ziren,
EAJ-PNV alderdi legebiltzarrean eta bere egituran ahuldu izanak laburrarazi zuten
legealdi batean lehengo egoera luzarazten zutela. 1986ko hirugarren hauteskundeak nork bere lekua bilatzekoak izan ziren erabat, PNVren zatiketak eta EAren
sortzeak eragindako kataklismoa zela eta. 1990eko azken hauteskundeak “bitartekoak”
izan ziren berriro ere, eta, seguruenik, 1994an datozenak “berkokapenekoak”
izango dira berriro ere, alderdien arteko mugimenduak eta hautes jarreretan
aldaketak ikusirik.
Nafarroako Foru Erkidegoan erritmoa bestelakoa da, lehenengo autonomia
hauteskunde egiazkoak, errejimen autonomiko normaleko autonomia erkidegoeidagokien bezala, ez baitira 1993 arte ospatu, behin Foru Hobekuntzarako Legea
aldarrikatu ondorenean alegia. Baina Foru Erkidegorako hauteskunde zuzenak
Gipuzkoan eta Bizkaian bezala 1979an ospatu zirenez, horiek ere hasierakotzat
har daitezke; horietan azaleratu baitziren Nafarroako zatiketa eta aniztasun polarizatua,
garai hartan UCDek ordezkatzen zuen eskuin moderatua ozta-ozta nagusitu
zelarik. 1983ko foru hauteskundeak leku bilaketakoak dira argi eta garbi,
sozialisten garaipenarekin eta erdi-eskuin aldekoen krisialdiarekin. 1987ko hirugarren
hauteskundeak “bitartekoak” izan ziren. Azkenik, 1991ko azken hauteskundeak
leku bilaketakoak izan dira berriro, UPNren nafar errejionalismoaren
inguruan berrantolatutako erdi-eskuina, urririk bada ere, garaitu zelarik.• Alderdi sistemaren erakuntzaren epeak
Trantsizio politikoaren hasieratik bertatik gertatukoari gainbegirada soil batek begibistan
uzten du Euskal Herrian eta Nafarroan alderdien sistemak garai horretan
zuen ahulezia eta indartzeko eta gauzatzeko zuen zailtasuna. Aldaketak hobeto
ulertzeko lau aldi bereiz daitezke: lehena, 1977an hasita 1979rainokoa, euskal
politikaren trantsizioari dagokiona da; 1980tik 1984ra barne instituzionalizazioarena
da; hirugarrena, 1984-1986 bitartekoa, PNVren zatiketak dakarren abertzaletasunaren
nagusitasunaren krisialdiarena; laugarrena, 1986tik 1993ra, demokraziaren
finka aldia irekitzen duena da. EAEren garapen politikoaren arabera
egindako epe zatiketa hau ez da guztiz baliagarri Nafarroako Foru Erkidegoarentzat;
lurralde horrek, ikusi berri den bezala, bere berezitasun politikoak ditu.
• 1977-1979: euskal trantsizio politikoa. Aldi hau 1977ko lehenengo hauteskunde
orokorretan hasita 1979ko azkenaldian ospatutako erreferendum autonomikoetara
bitartean hedatzen da; aldi horretan gertatzen delarik euskal alderdien
sisteman lehenengo eremu banatze handia. Urte hauetan ospatzen da konstituzioari
buruzko erreferenduma, euskal alderdien artean behin betiko faktore bereizgarri
bat gehitzen duena, bigarren hauteskunde orokorrak (1979ko martxoa) eta
udaletarako eta aldundietarako lehen hauteskundeak (1979ko apirila).
1977an abertzaletasuna ez da oraindik nagusi euskal gizartean, nahiz eta EAJ-
PNV izan lehen alderdia Euskal Autonomia Erkidegoan; eta ezker abertzalearen
baitan behin betiko banaketa gertatzen da, erreforma politikoa onartzearen aldekoen
eta kontrakoen artean. Beste alde batetik, nabarmentzeko moduko indarraz
agertzen dira estatuko alderdiak, hainbesteraino ezen gauza baitira alderdi
parlamentarioek (PNV, UCD, PSOE eta EE) osatutako autonomiaren aurreko Euskal Kontseilu Orokorrean lehendakari sozialista bat (Ramón Rubial) jartzera behartzeko.
Gainera, aniztasunezko eta alderdi politikoen eremu banatzezko aldi honen
ezaugarrietako bat itun eta akordio politika da; adibidez: abertzale moderatuek
konstituzio testuaren eztabaidan parte hartzea, haren onespenerako
erreferendumean abstentziozko erreserba gordez bada ere; abertzale erradikalen
zati batek (EE) amnistia eta erreforma politikoa, autonomiaren aurreko
batasun gobernua eta estatutuari buruzko adostasuna onartzea, erreforma
gaitzesten jarraitzen duen abertzale erradikalen zati batek besterik (HB) hausten
ez duena.
1979ko martxoko bigarren hauteskunde orokorrek lehendabizikoz Euskal
Autonomia Erkidegoan gehiengo abertzalea azaltzea esan nahi dute, bai, alde
batetik, aukera estatalek behera egin zutelako, bai, bestetik, sortu berria zen HBk
(HASI, ESB eta ANV, beste batzuren artean) lehenengo aldiz hauteskundeetan
parte hartzen zuelako. Apirilean ospatu ziren udaletarako eta aldundietarako
hauteskundeek berretsi baizik ez zuten egin alderdi abertzaleen gailentasun hori
eta Euskal Autonomia Erkidegoan EAJ-PNVek instituzioetan zuen kontrola, aukera
estatalek, erdi-eskuinekoak batez ere, lurralde horretan, Nafarroan izan ezik, eta,
nolabait, Araban ere, zuten presentzia ahula adieraziz. Hori guztia zela eta Euskal
Kontseilu Orokorra berritik antolatu beharra izan zen, eta hala Karlos Garaikoetxea
izango zen handik aurrera kontseilu horren lehendakari. HB hauteskundeetan
parte hartzen hasi zen, baina, aldi berean, ez zuen parte hartu nahi
izan foru instituzioetan, egoera horrek EAJ-PNVri erabateko gehiengoa ziurtatzeko
balio izango ziolarik.
Nafarroan –euskal abertzaleek konstituzioaren inguruan zuten auzian helburuetariko
bat zen lurraldea hain zuzen– UCDk ozta-ozta mantendu zuen bere
nagusitasuna, alderdien artean antolamendu gutxi eta zatiketa ugari zelarik; egoera
horretxek hain zuzen behin eta berriro eragingo zituen aginpide arazoak; eta
horren bukaera aldera euskal abertzaletsunak guztizko erradikalizazioa izango
zuen, HBk Nafarroa Euskadin integratzeko arazoaren inguruan burua ez makurtzeak
sortarazitako erradikalizazioa hain zuzen. Une berean, indartsu agertzen
da UPNren nafar errejionalismoa, Nafarroak Euskal Autonomia Erkidegoarekinbat egitearen kontrako eta euskal abartzaletasunaren aurkako jarrera baita alderdi
honen ezaugarri nagusia.
• 1980-1984: autonomiaren instituzionalizazioa. Euskal Autonomia Erkidegoaren
lehen legegintzaldi autonomikoari dagokion aldia da; garai horretan
hasten da instituzioen lehen diseinua egiten, ez hala ere tentsiorik gabe. 1980ko
maiatzeko hauteskundeen ondoren hasi zen aldi hau. Hauteskunde horietan EAJ-
PNVren gehiengoa berretsi egin zen, eta HB instituzioetara ez joatearen ondorioz
lehen Gobernu Autonomoa beste inoren laguntzarik gabe osatzeko adinako
gehiengoa lortu zuen alderdi jeltzaleak. Beraz, abertzaleek bertako instituzio
guztien kontrola zutelarik hasi zen legegintzaldia. Kontrol honek areago bizkortuko
zuen lehendik ere nahiko atzean zeuden estatu mailako alderdi politiko
guztien atzerakada; baita UCDk Euskal Herrian zehar ezagutu zuen deskonposaketa
ere. Alde batetik, Estatu mailako gobernuan erdi-eskuineko indarrekin
lehian zegoen PNV batek eta, bestetik, estatuko ezker guztiari tokia eztabaidatzen
zion HB batek –bi alderdi hauek euskal lurraldeetan zuten presentzia zabalarekin
eta arazo nazionalista biziagotuz zerabilten diskurtsua indarrez ezarriz–
abertzale ez ziren hautesleek hauteskundeetan parte ez hartzea lortuko zuten
(%48tik gorako abstentzioa 1980an).
Alde batetik euskal instituzioetan jelkideek zuten kontrolak, bestetik, PSOEren
ahuleziak eta, azkenik, Madrilen krisialdian zegoen UCD batek bertan behera
amilduko ziztuzten alderdien arteko adostasun eta hitzarmen anitzeko politika
lortzeko bidean emandako lehen urratsak; 1981eko otsailak 23an estatu kolpea
emateko egindako saioak, Calvo Soteloren gobernuak eta estatu mailan gorantz
zihoazen sozialisten laguntza sendoa zuen LOAPAk zekarren politika autonomiko
berriak autonomien instituzionalizazio prozesuan bete-betean zegoen estatuaren
aurka gatazka nazionalista berriro indartzea ekarriko zuten.
1979-1980 bitartean hainbat erakunde armaturen –ETArena batez ere– ekintza
une gorena izan zen –242 hildako guztira, trantsizio aldi osoan izandako
hildakoen herena hain zuzen–. Dena den, ez da ahaztu behar UCDren aginpide
aldiaren azken garaietan gertatu zela Barne ministerioaren eta ETA (pm)renarteko negoziazioa. Negoziazio hauen ondorioz “gizartean berriro txertatzearen
politika” zelakoaren truke erakunde horrek armak utzi zituen. Negoziazioen
ondorio honek ezker abertzalearen baitan HB eta EEren arteko harremanak
arras zaildu eta gogortuko zituen. Prozesu hori guztia, EIA, PCE/EPK zati handi
bat, HASIren sortzaileen sektore bat eta ANV, ESEI eta independenteen artetik
etorritako sozialistak, marxista-leninista definizioa alde batera utzirik, bat egitearen
emaitzatik sortu zen Euskadiko Ezkerra alderdiaren Sorrera Biltzarrean
burutuko zen.
1982ko legebiltzarretarako hauteskundeetan sozialistek lortu zuten garaipenak,
Espainian garai berri bat hasteaz gainera, Euskal Herrian boto estatalaren
norabide berria erakutsi zuen, eta euskal instituzioen eta estatuko gobernuaren
arteko harremanak berriro definitu beharra orobat. Aldaketa hori 1983ko bigarren
udal eta aldundietarako hauteskundeetan nabariko zen; horietan abertzaleen
hegemonia berriro berretsi zen, aldi berean EAJ-PNV eta EEren gorakadarekin
eta PSOEren indartze berriarekin ikuspegi politiko anitzagoa definitu zen,
batez ere industria udal handietan.
Aldundietarako hautes arauen eztabaidak alde batetik eta Gasteizko gobernuaren
eta Foru Aldundien arteko konpetentziak zehaztu behar zituen Lurralde
Historikoen Legea (LHL) baztertzeak bestetik –eta orobat Euskararen Normalkuntzarako
Legeak edo sinboloenak– estatuaren erdialdearen eta periferiaren arteko
gatazka sakontzeaz gainera, borroka gune berria zabaldu zuten abertzaleen artean.
Nafarroan autonomia bereiziaren foru instituzionalizazioa 1983an hasi zen
sozialisten nagusigoarekin, 1982an lortu zuten garaipenaren eta UCDren krisiaren
ondoren, eta erdi-eskuineko alderdien berregituratze sakon baten erdian,
garai horretan, izan ere, gune politiko hori UPNren nafartartasun foralistaren
inguruan antolatzen eta tokia hartzen hasten baita. Aurrerantzean,
PSOE nafar sistema politikoaren ardatz bihurtuko da, sisteman erdirako joera
duten indarrak bere ingurura bilduz, HBk ezker aldetik eta UPNk eskuinetik
mantentzen zituzten muturreko jarrerek sortarazten zituzten tentsio zentrifugoen
artean.
1977an Nafarroako eskuin indarren nagusitasunak eta Euskal Autonomia Erkidegoan
eta Nafarroan zeuden alderdien sistemen ezberdintasunak bi autonomiaurreko
erakunde ezberdin sortuak bazituzten, garai horretatik aurrera Nafarroako
euskal abertzaletasunaren erradikalismoak eta ahuleziak eta, batez ere,PSE-PSOE autonomia erkidego horietako bakoitzean eskualde mailako alderdi
banatan banatzeak eta alderdi horrek Nafarroako arazoari buruz zuen jarrera aldatu
izanak, indarrik gabe utzi zituzten konstituzioaren eta estatutuaren inguruan
etorkizunerako zeuden ikuspegiak eta asmoak.
• 1984-1986: abertzaleen krisialdia. 1984ko bigarren euskal hauteskunde
autonomikoak EAJ-PNVren baitan Euskal Autonomia Erkidegoaren eredu instituzionalari
buruzko iskanbila gogorrekin batera gertatuko dira: alderdiaren eta
Gobernuaren arteko harremanak, alderdiaren barruko ordezkaritza eta erabakiak
hartzeko prozedurak, Arzalluz/Garaikoetxea buruzagitza arazoak eta Nafarroan
1983ko hauteskunde foralen ondoren krisia ireki zuen alderdi politikoen arteko
elkartasun politika.
EAJ-PNV alderdiaren barneko giro nahasi horrez gainera –Garaikoetxea lehendakaritzarako
hautagai izateari uko egitea proposatzeraino iritsi zen–, ETAren
talde txiki baten erantzun bortitza –hauteskunde kanpaina bete-betean Casas
hautagai eta senatore sozialista hilez–, GALen lehen bederatzi hilketak eta
frantses gobernuak egindako ETA kideen lehen deportazio eta estradizioak hartu
behar dira kontuan.
Horrekin guztiarekin ere, EAJ-PNVk berriro lortu zuen garaipena, kopuru
absolututan bederen; hala eta guztiz ere, PSOEren gorakada kontuan harturik,
alde batetik, eta bestetik HBk instituzio politikoetan egiten zuen abstentzionismoa,
nolabait bozketetan galera izan zutelarik, aurrerantzean hain erabakiorra
izango ez zenez, gobernua eta oposizioa legebiltzarrean botoetan 32-ra berdintzen
zirelarik, arras zaildu ziren gauzak kolore bakarreko gobernua eratzeko,
eta hala legegintzaldirako itun bat sonatu behar izan zuen EAJ-PNVk PSOErekin.
Legegintzaldia hasi eta oso hilabete gutxira, EAJ-PNVren barne zatiketa
sakonduz zihoan, harik eta 1985ean Garaikoetxeak lehendakaritza utzi zuen
arte; haren lekua betetzeko Jose Antonio Ardanza izan zen izendatua. EAJ-PNVk
1986ko hauteskunde orokorretan ezagutu zuen atzerakadak talde parlamentarioaren
eta alderdiaren barne zatiketa bizkortu egin zuen, eta zatiketa hori
Garaikoetxea buru zuen alderdi abertzale berri bat sortuz amaitu zen: Eusko
Alkartasuna (EA).
1986. urtea euskal instituzioen sistema bizitzen ari zen trantsizio politiko
larrian une erabakiorra eta atzerako itzulbiderik gabeko puntua bezala ezagutuko
da Euskal Herriaren historia politikoan. Une horren adierazgarri bereziena
alderdi sistemaren osaketan, hauteslegoaren banaketan eta banaketa ideologikoan
muga zehatzik ez izatea da. Bidegurutze honetan, hori bai, politika
egiteko modu baten amaiera zen zinez garbi ikusten zen, adversary politics
jokaera eredutzat harturik, eta gure kasuan gatazka muturreraino eramanez,
etengabeko aurkakotasunez, ororen gainetik lehentasuna izan nahiez eta kolore
bakarreko gehiengo artifizialak inposatuz jokatzea ezaugarritzat zituen politika
baten amaia alegia.
• 1986-1992: demokraziaren finkatzea. EAJ-PNVren zatiketa gertatu izanaren
ondorioz hirugarren legegintzaldiarako 1986ko azaroan hauteskundeak aurreratzearekin
hasten da azken aldi hau. Honen ezaugarriak ziren ordu arte zegoen
baino alderdien sistemaren zatiketa eta aniztasun handiagoa. Alde batetik,
EAJ-PNVk eta EAk bien artean banatzen zituzten lehenengoaren botoak eta, bestetik,
ezker abertzaleko alderdien (EE eta HB) pisua handiagoa izan zen. Hauek
denek eman zioten PSOEri lehen aldiz Euskal Autonomia Erkidegoan legebiltzarrerako
hauteskundeetan garaipena.Alderdien arteko lehiaren egitura berriak erabateko aldaketa ekarri zuen euskal
politikara: instituzioak gobernatzeko koalizioaren beharra derrigorrezkoa
gertatzen zen eta beharrezkotzat hartu zen orobat indar demokratikoen arteko
ituna bortxa armatuaren azken fase izango zela pentsatzen zenari politika adostasun
giro batean aurre egiteko. Koalizioaren kasuan, EAEn gehiengo parlamentarioa
bilatzea EAJ-PNV eta PSOEren arteko koalizioarekin burutu zen; bortxa
armatuarenean, bortxaren aurkako kontsentsu politika Ajuria Eneko itunean gauzatu
zen, HBk izan ezik parlamentuko alderdi guztiek (PNV, PSOE, EA, EE, PP
eta CDS) sinatu baitzuten 1988ko urtarrilean.
Horrekin bateratsu, 1987ko maiatzean ospatu ziren udaletarako eta aldundietarako
hirugarren hauteskundeek hasieran zegoen aniztasuna instituzio guztietara
zabaldu zuten, alde handiak baitzeuden lurralde batetik bestera. Honela, EA-
EE koalizioa sortu zen Gipuzkoako Foru Aldundian; Araban eta Bizkaian berriz
EAJ-PNV eta PSOEren artekoa eratu zen.
EAEko aldundietarako hauteskundeetan ingurune abertzalea berriro banatu
zen alde batetik eta alderdi demokratiko nagusien (PSOE, EAJ-PNV eta EA) artean
borroka itxia hasi zen bestetik. Nafarroan, gainera, erdi-eskuineko indarrak
PSOE eta UPNren artean berregituratu ziren, baterako zein besterako antzeko
portzentaiak banatzen zirela. Aldaketa hauek Autonomia eta Foru erkidegoetan
alderdi parlamentarioen kopurua handitu zuten eta, horrenbestez, horien zatiketa
ere bai. Nafarroako Foru Erkidegoan aginpidea izatea betidanik zaila izan bada,
zailtasun hori are zailago egiten zen hauteskunde batetik bestera, alde batetik
bere alderdien sistemaren zatiketagatik eta, bestetik, sistema horrek zuen egonkortasun
urriagatik. Gobernu zailtasun horren oinarrian zegoen koalizioak ezin osatu
izatea ere, horretxek bereizten zituelarik EAE eta Nafarroan gertatzen ari ziren
prozesu politikoak.
EAEn 1990eko laugarren hauteskunde autonomikoek, aurrekoen jarraipenezkotzat
har badaitezke ere, panorama berri bat definitu zuten. Bertan EAJ-PNVk
lehen euskal alderdia izatea lortu zuen berriro, EA eta beste alderdi parlamentario
guztien atzerakadari esker. PP da atzerakada honetatik salbu geratu zen alderdi
bakarra, errekuperazio txiki bat izan baitzuen. Hauteskunde horien beste
datu adierazgarria izan zen orobat antzinako arabartasunaren agertzea alderdi
politiko batetan gauzaturik, Unidad Alavesa hain zuzen.
Hauteskundeek zazpi indar politikok osatzen duten eszenario bat eratu zuten:
lau alderdi abertzale (PNV, HB, EA eta EE), bi estatu mailakoak (PSOE eta
PP), eta bat probintzia mailakoa (UA). Beste ikuspegi batetik, lau erdi-eskuinekoak
(PNV, EA, PP eta UA) eta hiru ezkerrekoak (PSOE, HB eta EE), bestetik.
Hemen bereizi beharra zegoen sistemaren aurkako bat (HB), beste guztiei aurre
egiten ziena.
Hauteskunde ostean ospatu ziren negoziazio latzek ordu arte arrakasta izan
zuen EAJ-PNV eta PSOEren arteko koalizioa baztertu eta haren ordez alderdi
abertzaleen arteko koalizio berri bat definitu zuten (EAJ-PNV, EA eta EE).
Egonkortasunik gabekoa zen koalizio hori adituen ustez, EAJ-PNV eta EAren
arteko aurkakotasuna zela medio. Izan ere, koalizio horrek oso hilabete gutxi
iraungo zuen, 1991ko probintzia eta udal mailako hauteskunde berriek
EAJ-PNV eta PSOEren arteko elkartasun ardatz berria zehaztu arte, EA eta
EEren atzerakada ikusirik. Atzerakada horrek nahitaez EAJ-PNV, EA eta EE
koalizioren etena ekarri behar zuen ondorio eta EAJ-PNV, PSOE eta EEk osaturiko
gobernu berri baten eratzea. Gobernu berri horrek lurraldeetan eta
instituzioetan gertatzen zenarekin koherentzia handiagoa zuen, bai eta gehiengo
sendoagoa ere.Gobernuaren krisialdiaren osteko aldaketa honen bazter ezineko ondorioa
EEren haustura izan zen, 1991ko hasieran ospatu zuten azken batzarraz gero
gertatzen ari zena. Alde batetik, EArekin elkartzearen alde zeudenak agertzen
ziren (gutxiengoa, baina Gipuzkoan gehiengoa) eta, bestetik, hasierako proiektu
politikoarekin eta EAJ-PNV eta PSOEkin koalizioan jarraitzea nahiago zutenak.
Dena den, gertaerek hartu zuten abiada bizkortzeak PSOErekin elkartzera eraman
zituen.
Nafarroako kasuan, 1991ko aldundietarako hauteskundeak argi eta garbi izan
ziren nork bere lekua bilatzekoak, eskuin indar guztiak UPNren inguruan bildu
baitziren, garaipena eta aginpide forala lehen aldiz lortu zuelarik. Dena den, PSOE
indarberriturik atera zen foru parlamentutik, atzera egin zuten erdi moderatu eta
abertzaleen kalterako, IUk EEren tokia hartzen zuelarik.• Alderdien sistema: zatiketa eta polarizaioaEuskal eta nafar alderdien sistema anitza eta polarizatua zela esateko bezalako
adostasuna baino handiagorik nekez izango da beste ezertan. Esparru hauetan
botoen multzo ertaina zuten zazpi alderdi ageri ziren, bi nagusiak ez zirelarik
baliozko botoen %49ra iristen EAEn. Bestaldetik tentsio ideologiko larriak zeuden,
eta sistemaren aurkakoa zen alderdi bat (HB) botoen %15a baino gehiagorekin
ageri zen, bortxa estrategiari ematen zion laguntza ezkutatu gabe bigarren
postua noiz iritsiko zebilena. Zatiketa ez litzateke bereziki adierazgarria izango
ez baleramatza parean puntako alderdien arteko urruntasun ideologikoa. Urruntasun
hori lehia eremuari zegokion eta, gainera, maila eta bide ezberdinak onartzen
zituen, giza sistemaren ulermen ezberdinak, autonomia instituzio politikoen
onarpena edo ukapena edota nortasuna eta sistema sinbolikoen aurkakotasuna,
beste batzuren artean.
Euskal geografia politikoa 1990ean
Arlo historiko eta politikoetan euskal foru lurraldeek izan duten ezaugarrietako
bat lurraldearen araberako berezitasuna izan da hain zuzen. Gertakizun hau,
Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Erkidegoaren artean trantsizio
politikoaren hasieratik garbi zegoena, 1986ko hauteskunde autonomikoetan eta
hurrengo urteko aldundi eta udaletarako hauteskundeetan indartu egin zen, batez
ere EAJ-PNVren zatiketarekin eta EAren agertzearekin. 1990/91 zikloan konstante
hau aldatu gabe mantendu zen, Arabako kasuan Unidad Alavesaren (UA)
espero ez zen arrakasta zela eta arras areagotu zelarik.
EAEan 1990eko hauteskunde autonomikoetan sortutako eskualdekako mapa
berritik honako ondorio hauek atera zitezkeen: alde batetik, hiri inguruko multzo
industrialetan eta etorkinetan oinarritzen den hautesleen egoera mantentzen
da, horietan abstentzioa bereziki nabaritu baitzen. Hiritar inguru hauetan hauteskundeetan
zatiketa handia zegoen, baita politika aniztasuna eta posizio nagusien
trukaketak ere. Lurralde historiko bakoitzaren oinarrizko ezaugarriak markatzen
zituzten inguru hauek, kontuan izanik zegokien eskualdeek
probintziarekiko zuten garrantzi demografikoa. Orohar, ezaugarria boto abertzalearen
nagusitasuna da, Gasteizen izan ezik, eta ezkerreko aukerenak, Araban
salbu; gainera, HBk lehen postua betetzen zuen Gipuzkoan, PSOEk Gasteizen
eta EAJ-PNVk beste guztietan.
Nafarroako geografia politikoak bazituen horrenbesteko berezitasunak; UPN
eta erdi-eskuineko indarrak bere emaitza hoberenak Iruñea eta bere hiri eremuan
lortu zituzten, hala nola iparreko eskualdetan (La Barranca, Ipar-mendebaleko
Haranetan eta Pirinio aldeko Haranetan); PSOEk zenbat eta Iruñeatik hegoalderago
orduan eta pisu handiagoa zuen; eta abertzaleek ipar-mendebaleko koadrantean
biltzen zituzten bere botoak, bertan HBk bigarren edo hirugarren postuak
kendu ez kendu zerabilzkien alderdi nagusiei.