Departamento de Cultura y Política Lingüística

Atlas Historikoa»Atlas Historikoa

Hego Euskal Herria diktadura frankistaren mendean

1955. urtea. Franco auto blindatu batean Donostiako Askatasunaren Hiribidean (Espainiako Hiribidea orduan). (Argazkiak).<br><br>

Frankismoak bere izateari zegozkion funtsezko hiru elementuei aldatu gabe eutsi zien indarrean iraun zuen bitartean: gaur egun demokraziaren oinarritzat hartzen diren askatasun adierazpideen debekua; hala nagusiak nola langileak goitik behera antolaturiko egitura batean –korporatiboa eta Estatuaren mendekoa– nahitaez sartu beharra; eta neurriz kanpoko zentralismoa. Zapalkuntza bideratzeko beti gertu zegoen errepresio erakunde ahaltsua zen era horretara antolaturiko sistemaren jarraipena ziurtatzeko berme nagusia.

Espainiako beste lurraldeetan bezala, Hego Euskal Herrian ere argi eta garbi ageri ziren elementu horiek, baina ezaugarri berezi batzuekin. Errejimenaren berezko zentralismoak eta espainiartasunari buruzko ikuspegi bereziak “euskaldun” ageri zen oro Satanen deabrukeriatzat hartu ohi zuen; hala, euskal kulturaren eta hizkuntzaren defentsarekin zerikusia zuten jardunak, edozein, susmagarriak ziren gutxienez, eta maiz askotan zapalduak izan ziren. Bestalde, nazionalisten oposizioak –gorabeherak, krisi politikoak eta talde desberdinak izan arren– etengabe aurre egin zion frankismoari; beraz, errepresioa, milaka herritarrek pairatu zutena, eguneroko ogia zen. Baina horrez gainera, ez da ahaztu behar ezkerrak, oro har, pairatu zuen zapalkuntza, hala Euskal Herrian nola Espainiako beste herrialdeetan.Urte horietan, batez ere 1960. urte ondokoetan, Euskal Herriak bigarren industrializazioa izan zuen. Lantegiak, industriagune tradizionaletara ez ezik Bizkaiko eta Gipuzkoako bazter guztietara iritsi ziren, eta baita hegoaldeko probintzietara ere, hiriburuetara gehienbat, Gasteizera eta Iruñera. Industrializazioak eta honen ondorioz sortu zen hiri giroko gizarte modernoak aniztasun handiagoa eta gatazka gehiago ekarri zituen Euskal Herrira. Nolanahi ere, bere benetako neurrian hartu behar da aurreko hori, ez baita zuzena batzuek zabaldu duten irudia, Euskal Herria errejimen frankistaren aurka etengabe matxinatua agertzen duena. Hasteko, euskaldun guztiak ez ziren galtzaile atera Espainiako gerra zibilean.

Gerora batzuk etsipenean erori ziren ala ez alde batera utzita, euskal gizartearen parte handi bat, zein gehiago, zein gutxiago, eroso bizi zen frankismoarekin.

Industrializazioak ere erosotasunaren aldeko jarrerak ekarri zituen: frankismo soziologikoa edo esaten zaiona. Eta oposizioak, hala langileena nola abertzaleena, nolabaiteko jarraitasunez eutsi bazion ere, gizarteko hautenak –gutxi batzuk– baino ez zitzaizkion lotu haren jardunari. Gehienak axolakabe agertu ziren, baina errejimenaren aldeko atxikimendu agerikorik gabe betiere.

1973. urtetik aurrera hedatu zen ekonomia krisia, diktadorearen osasun arazoak eta era guztietako oposizo higikundeen zuzpertzea zirela eta, frankismoaren azken urteetan orokorra izan Euskal Herrian errejimenaren aurkako erantzuna.

Burgosko Auzi entzutetsuaz gero (1970eko abendua) errenkan etorri ziren grebak –orokorrak batzuk–, protesta manifestaldiak, errepresioaren aurkako borrokak….

Oroit bestela, Euskal Herriko giroa Francoren bizitzaren azken hilabeteetan, Txiki eta Otaegi ETAko kideak hil zituztenean.

 

EGILEA:

José María Garmendia Informazio Zientzietan doktore, eta Euskal Herriko Unibertsitateko Gaur egungo Historiako irakasle titularra.

 

Francok armaz hartu ondoko Euskal Herria

1937ko udan Espainiako Iparraldeko Frontea porrokatu ondoren, Hego Euskal Herriko gizartea, Espainia osokoa bezala, bi zati eginda geratu zen: garaitzaileak eta garaituak. Garaituei, jakina, egurra eman zitzaien gogotik, zapalkuntza erabatekoa eta sistematikoa: fusilatzeak, espetxea, erbestea, Erantzukizunen Legea, atzeraeraginezko izaeraz, uztailaren 18 aurreko jokabideak edo gertaerak epaitzeko ere indarrean jartzea… Nolanahi ere, Euskal Herrian, errepresioak ez zuen, esate baterako, Badajozko odolgiroa ekarri. Besteak beste EAJren berezko kristautasunak, Vatikanok egindako jestioak eta jelkideen antolakuntzak berak abertzaletasunaren aurkako zapalkuntza arindu zuten: hasieran bai, fusilatu zuten jendea –batez ere Santoñako hondamendia eta gero–, baina, gero, heriotz epai gehienak ez ziren bete. Izan ere, 1943. urterako ez baitzen abertzalerik gerrako gorabeherengatik kartzelan preso, ezta Juan Ajuriagerra bera ere, EAJren Hegoaldeko burukide nagusia. Bestalde, aurrerago aipatuko den bezala, gerrako premien arabera eraldatu zen industria siderometalurgikoak langileak behar izateak ere eragina izan bide zuen horretan.

Errepresioaz gainera –horrek, ageriko arrazoiengatik, ez baitu azalpen gehiagoren beharrik– bada bestela ere zer aztertua. Gerra ondoko urteak gogorragoak izan ziren batzuentzat beste batzuentzat baino.

Euskal enpresari handien eta gerran garaile irten zutenen arteko lankidetza berehala azaldu zen begi bistan. Bilboko burtsak laster samar zabaldu zituen ateak berriro, eta diru sarrera handiak izan zituen. Gainera, gerrak iraun zuen bitartean eta gerra ondoren ere inbertsio handiak egin ziren, horretarako eta enpresa berriak sortzeko askatasuna murrizten zuten dekretuak eman ziren arren. Euskal burgesia handiak 1936ko urrian Jose Antonio Agirreren lehendakaritzapean sortu zen euskal gobernu errepublikazaleari boikot egin zion arren, jarrera hori errotik aldatu zen frankisten gudarosteak Bizkaia eta Espainiako iparralde ososa menderatu ondoren. Bestalde, meatzaritza eta siderometalurgia militarren esku geratzeak, ia produkzio osoa gerrako materiala sortzera bideratua zegoela, gerraren bilakaera baldintzatu zuen Espainia osoan, eta, gainera, industria pribatuari irabaziak ekarri zizkion luze gabe. Bizkaiko Altos Hornos, adibidez, 1936-1937 urteetan 5,9 eta 10,2 milioi pezetako galerak izan zituen, eta, 1938-1939 urteetan, berriz, 10,7 eta 10,4 milioiko irabaziak, hau da, Primo de Riveraren diktaduran –oso garai ona euskal siderurgiarentzat– lortu zituen adinakoxekoak.

Politikari dagokionez, garaitzaileek ez zuten probetxu gutxiago atera. Errejimenak beti izan zuen gogoan karlistek, integristek eta abarrek gerra zibileko lehen hilabeteetan erasoan eman zuten laguntza, garrantzi handikoa gertatu zena.

Aski da ikustea Nafarroari eta Arabari egidako gorespenezko aipamenak hitzaldi ofizialetan; aitzitik, Gipuzkoa eta Bizkaia “probintzia traidoreak” izendatu zituzten, eta Kontzertu Ekonomikotik at utzi. Indar lagunen parte hartze erabakigarria saritzeko frankismoak kargu politikoak banatu zituen Hegoaldeko lau probintzietan, ziur-ziur ezin egiazta daitezkeen beste era bateko opariez gainera. Beraz, Francoren alde altxatu zen euskal gizartearen parte horrek onurak atera eta politika karguak eskuratu zituen.

Txanpon horren beste aldean, ordea, gauzak beltzago ikusten ziren. Espainiako eskualde jendetsuenak (Katalunia, Madril, País Valencià) izan ziren Francoren gudarostearen eskuetan erortzen azkenak, eta hori zela eta, Espainia barruko nekazaritzako soberakinak Hego Euskal Herrira bideratu eta bertan kontsumitu ahal izan ziren; izan ere, ehungintzako gaietan izan ezik, Euskal Herria ongi hornitua egon zen gerra amaitu arte. Baina aipatu berri diren eskualde horiek Espainia “nazionalaren” mende erori zirenean, agintari berriek gero eta urriagoa zen nekazaritza ekoizpenaren banaketa berriro antolatu behar izan zuten; horren ondorioz, euskal biztanleriaren hornidurak okerrera egin zuen batbatean, eta oinarrizko lehengaien salneurriak gora. Espainiako gerra zibilak, gerra soziala zen aldetik, ondorio horiek ekarri zituen, bada, hala alde batekoentzat nola bestekoentzat. Gerra, burgesia handiak langileriaren gain lortutako garaipen erabatekoa eta zentzagarria izan zen.

Gerra ondoko oposizio politikoak oso bide bihurri eta adarkatua ibili zuen, lerro gutxitan nekez labur daitekeena. 1945 arte Hego Euskal Herriko ezkerrak –sozialistak eta komunistak– apenas izan zuen aukerarik ezeri ekiteko: batzuk, sozialistak, zatiturik zeudelako, eta besteak, komunistak, Internazional Komunistaren aginduetara makurtu zirelako. Gainera, etengabeko esetsaldia pairatu zuten guztiek, eta munduan barrena sakabanatu ziren. Batera zuten ezaugarriak, antifaxismoak, aliatuen alde borrokatzera bultzatu zituen hainbat eta hainbat gudalditan. II. Mundu gerra amaitu zelarik, bi indar horiek parte hartzeak euskaldunen nazio batasuna ahalbideratu zuen berriro, eta Eusko Jaurlaritza zuzpertu.

Handik laster, ordea, gerra hotzak ezarrita zituen betebehar politikoen ondorioz, Eusko Jaurlaritzatik kanpo utzi zuten alderdi komunista. Aurrerantzean, guztiz bakarturik zegoela, PCEk langile mugimenduari “tira egitera” bideratu zuen bere politika, eta borroka horren bidez oposizioan tarte bat bereganatzera. PSOE-k erbesteko Eusko Jaurlaritzako parte izaten segitu zuen amaiera arte; esan daiteke Eusko Jaurlaritzako kide nagusiak irekitako ildoari jarraitu ziola, EAJrenari alegia.

Baina, bestalde, euskal sozialistek langile mugimenduaren zuzpertze prozesuan ere parte hartu zuten, batez ere Nerbioi ibaiadarraren ezkerraldean. Nicolás Redondo batek, adibidez, zer itzal handia izan duen ezin ulertuko litzateke hori kontuan hartu gabe.

Gerra ondoko lehen urteetan EAJko kide asko Europako herrialdeetan sakabanaturik ziren, edo espetxean: Ajuriagerra eta EBBko burukide batzuk, adibidez, espetxean; EBBko beste kide batzuk, Eusko Jaurlaritzako zenbait sailburu –Leizaola, Monzon, Eliodoro de la Torre– edota alderdiko buruzagi nagusietako batzuk –Xabier de Landaburu– III. Reich-ak hartutako Frantzian, erdi ezkutuan.

Irujok Londresa aldegin zuen eta Agirrek Europa erdia ibili zuen naziengadik ihesi. Hori politikari nagusiei dagokionez, baina ez da ahaztu behar bazirela ere beste batzuk –aurreko horiek bezain garrantzitsuak, baina isilagoak– Ameriketara joanak.

Nolanahi ere, euskal abertzaleek alemaniarren okupazioak eta Vichyko gobernu kolaborazionistak ondorioz ekarri zuten errepresioa ere pairatu zituzten.

EAJren eta Eusko Jaurlaritzaren Parisko egoitzak itxi ziren, Euzko Deya agerkariak bertan behera utzi zuen argitaratzea, eta milaka euskalduni administrazio zigorrak ezarri zitzaizkion. Horietan larriena ehunka euskaldun Gurs herriko kontzentrazio esparruan sartzea izan zen, ia hilabete batez: 1940ko maiatzaren 25etik ekainaren 23ra.

1936ko urrian autonomia eskuratu eta bederatzi hilabetez indarrean izan ondoren –gerra zela eta Euskadi “ofizialari” erdi-independentziazko estatusa eman ziona–, lehengo errealitate hura –eta ez, hainbeste, marko juridikoa– berriz eskuratzea izan zen EAJren helburu politiko nagusia II. Mundu gerra eta gero. Hala, Espainia gerran nahasteko aukera –eta gogoa– zela eta, EAJ harremanetan jarri zen gerran parte hartu zuten aldeekin: alemaniarrak garaile ateraz gero, Euskal Herriak Balkanetako penintsula bezala zatikaturiko eta pangermanismoaren mendeko Europan izango zuen etorkizunaz eztabaidatu zen Frantzian; Londresen, berriz, Ingalaterrak Euskal Herriaren burujabetasunaren alde egin zezala saiatu ziren; eta Agirrek, Estatu Batuen laguntasuna zuela, Euskal Herria Iberiako penintsulan burujabe izateko aukera ikertu zuen, kontu eta zuhurtasun handiz, Berlindik lehenbizi eta New Yorketik gero.

Abertzaleek II. Mundu gerrako gorabehera politiko eta militarren arabera taxutu zuten beren politika ildoa, Espainiako gainerako oposizio demokratikoa aintzat hartu gabe. Izan ere, batetik Errepublikako gobernua eta erakundeak desagertzeak, eta, bestetik, Espainiako oposizioa sakabanaturik eta ganoragabe aritzeak horrela jokatzera bultzatu zuten.

Gainera, oposizioko alderdietatik EAJ zen –PCEkoek Espainian bezala– Hegoaldean antolaturik egoteko azpiegitura sendoa zuen alderdi bakarra. Izango zuen estatus juridikoa edozein zelarik ere, Euskal Estatu baterako ernamuina eta hartan aginpidea ziurtatzeko tresna zen antolaketa hori. “Euzko-Naia” –Euskal gudarostearen ernamuina eta aldi berean hondarra izan zena– eta ordena publikoa kontrolatzeko sortu ziren talde bereziak EAJk diseinatu zituen, hala Espainia gerran nahasten bazen nola aliatuek inbasioari ekiten bazioten, de facto zuen indar hori bermatzeko.

II. Mundu gerraren azken aldian argi ikusi zen euskal autonomia berriro eskuratzeko Espainian ere demokrazia lortu beharko zela berriz. Orduan hasi zen EAJ Espainiako oposiziora hurbiltzen: errepublikaren aldeko erakundeak berriro antolatzen eta Giralen gobernua osatzen lagundu zutenetako bat izan zen. Errepublikari berriz ere legezkotasuna aitortu zion egoera horretan eratu zen Eusko Jaurlaritza –jadanik desagertua baitzen– eta izenpetu Baionako Ituna. Hala, aurrerantzean, 1931ko Errepublikaren konstituzioa indarrean zegoela 1936an eman zen Euskal Estatutu hura lortzea izan zen politika eskakizunen jomuga nagusia.Egoera horretan, Euskal Herriko langileek bi greba deitu zituzten, 1947ko maiatzean bata eta 1951ko apirilean bestea. Bi greba horiek langile mugimenduaren dinamika autonomoaren ondorioa ziren, eta haietaz baliatzen saiatu zen Agirreren eta EAJren estrategia politikoa. Bi bide horiek topo egitean, halako liskarrak sortu ziren toki batzuetan –langileen kaltean beti– ezen, langileek –Euskal Herrian bakarturik, antolaketa handirik eta helburu argirik gabe– zafraldi ederra hartu baitzuten. Oposizioa politikoki sendoturik eta kementsu atera zen hartatik, baina ez zen gauza izan Mendebaleko gobernuek –AEBek eta Ingalaterrak batez ere– Franco jeneralaren errejimenari buruz zuten jarrera pasiboa alda zezaten.

 

Desarrollismoa eta oposizio mota berriak

1950-1960 urteak oroitzean tunelaren irudia eman zuen batek hamarraldi hura definitzeko. Oposizioaren iritziz agerian dagoen gauza da hori: haren porrota etsaiaren nagusitasuna da. 1953tik aurrera nazioarteko herriek Francoren errejimena onartzeak gerra, atzerakorik gabe, hark irabazi zuela aitortzea zekarren.

Baina ez oposizioa bakarrik, herri osoa dago kili-kolo: ekonomiako autarkia dela eta, ekoizpen bideak etetear daude, zeren enpresak –energia urritasuna dela eta– produkzioa murriztera behartuta baitaude. Tunel hori zulo beltz moduko bat da, eta hartan irteerarik aurkitzea gauza benetan zaila.

Gauza jakina denez, nazioarteko herriek Francoren errejimena ezagutu eta urte gutxira, frankismoak nazioarteko ekonomia erakundeen aholkuak onartu eta alde batera utzi zuen autarkia. Hartarako lehenengo urratsa Egonkortasun Plana esan zitzaiona abiatzea izan zen –gauzak neurri egokira ekartzeko plana, oso gogorra, besteak beste soldatak lehengoan uztea eta langabezia handitzea ekarri zituena–, gero garapenari ekiteko. 1960-1970 hamarraldian Espainiako mirari ekonomikoa esan zitzaiona gauzatu zen; nazioarteko ekonomiaren egoera onak eusten ziola, Francoren Espainiak aurrerapen handiko urteak izan zituen, hiru diru iturri hauez finantziaturik: atzerriko inbertsioak, turismoak utzitako dibisak eta emigratzaileek bidaltzen zuten dirua.

Espainiaren garapenak bete betean harrapatu zuen Hego Euskal Herria. Zenbait adituk aipatu duenez, garapena orekarik gabe etorri zen, eta, ondorioz, are gehiago handitu ziren eskualde batetik bestera zeuden aldeak. Euskal burgesiak irabazi handiak izan zituen berriz ere, eta inbertsio tasak, ordurako ere handiak zirenak, erruz hazi ziren. Lehenago ere esan den bezala, industriak Hego Euskal Herriko bazter guztietara iritsi ziren, horrek berez dituen ondorioak ekarriz: etxebizitzak eta, pilaka eta nahas-masean eraikitzea, Espainiako eskualde behartsuetatik etorkin asko eta asko iristea… Horrek balio tradizionalen krisia eragin zuen –XIX. mendearen azken herenean Bizkaiko industrializazioak ekarri zuena ez bezalakoa– artean industrializiatu gabe eta euskaldunak baizik ez ziren Hego Euskal Herriko leku askotan. Krisi horrek, agian, zerikusi handia izan du nazionalismo erradikalak hartu zituen ezaugarriekin.

Hala ere, nazionalismo berri hori –ETA organizazioaren inguruan bildua– gizarte bazterreko gauzatzat har daiteke, 1968. urtea arte behintzat. 1960ko hamarraldian, langileekin batzuetan izandako liskarretatik aparte, frankismoak bere garairik lasaiena izan zuen. Bazekien herritarrak ez zituela erabat alde –gobernadore zibilek Gobernuko ministeriora igorritako txostenenetan ikus daitekeenez– , baina gizartearen aldetik ez zuen kontrako jarrera gogorrik topatu. Urte haietan axolakabekerian erori ziren gehien-gehienak, eta erosokerian ere bai beste asko; dirua erraz irabazteko aukerak eta –langilea loturik zeukaten garai hartako gorabeherez eta legedi frankistaz baliaturik– negozio biribilak egiteko sumatzen zen abaguneak besteak beste, ideiak sorgortzea, edota horiek gauzatzeko egokiera gerorako uztea ekarri zuten. Nazionalismoaren baitan ere izan zuen eraginik giro horrek; horixe salatu zuen, hain zuzen ere, Xabier Landaburuk La causa del PuebloVasco obran: “Ugazaba euskaldun horietako askok, (…) barren-barreneraino abertzale baitira (…), errejimen frankista gaitzesten dute (…) baina, hala ere, onezkoak eginda bizi dira errejimen horrekin, estraperloan aritzeko ausartasuna eta maltzur jokatzeko trebetasuna sustatzen eta, aldi berean, duen lege penalagatik, ugazaba horren enpresako langileek greba egin dezaten galarazten duen horrekin”.

Baina garapenaz, desmobilizazioaz eta zegoen egoerarekin konformatzeaz bestalde, bazen besterik. Izan ere, mugimendu berriak sortzeko ahalegina egin baitzen gizartearen baitatik, kemena bazuela erakutsiz.

Ahalegin horien emaitzetako bat langile mugimendua berreskuratzea izan zen.

Sindikatu mugimendu tradizionalaz geratu zen parterik handiena erbestean bizi zen eta han ziharduen. Sindikatu ordezkarietako asko galduz joan zen, noski, sorterriaren benetako egoerarekiko lotura, eta haien tesiak ekoizpen sare berrira sarturiko belaunaldi berrien pentsamoldeaz kanpo geratu ziren azkenean, beste garai batean baliagarri gertatu eta klaseko kontzientzia sendo baten emaitza ziren arren. Bestalde, gutxiengo batek –kontuan hartzeko modukoa, hala ere– legez kanpo jardun zuen sindikalismoan eta politikan, oso baldintza gogorretan, eta oztopo handiak –gaindiezinak inoiz– gainditzen jakin behar izan zuen langile masan eragina izateko eta hura kitzikatzeko. Alde batera, gutxiengo horien ahaleginaren fruitu izan zen 1947 eta 1951. urteetan greba deitzea. Huts egin zuten, eta, horrekin, amaiera eman zitzaion betiko aldi horri.

Langile mugimenduaren indar berritzea ikusteko 1960 ondoko urteetara jo behar da. Hori horrela izatearen arrazoi nagusietako batzuk honako hauek dira: industrializazioa, ezinbesteko belaunaldi aldaketa, laneko legedia berritu izana (Lan Hitzarmen Kolektiboen Legea), egoera ekonomikoa aldekoa izatea eta langile estrategia berriak aintzat hartzea. Sindikatu zaharrak, UGT eta ELA, ezkutuan, gogor ari ziren arren lanean, langile ekintza antolatzeko beste bide bat mamitu zen langileen artean: Langile Batzordeak (Comisiones Obreras, CCOO).

Langile guztiak korporazioka antolaturiko egitura batean zeuden sartuta, zituzten tradizio eta interesak aintzat hartzen ez zituen batean, baina ez zegoen, haatik, legeak agerian zituen zirrikituez ez baliatzeko arrazoirik, bizi baldintzak hobetzearen alde egiteko aukera eman zezaketelako.

Kristauen arteko sektore batzuk –HOAC eta JOC– eta komunistak sindikatu bertikalaren oinarrietan –sindikatu artekari, enpresako juratu– parte hartzearen alde agertu ziren, eta baita enpresako nagusiekin hitz egiteko ordezkariak –alde batekoak eta bestekoak erabakitako banaketa baten arabera– hautatzen ziren langile batzarretan aritzearen alde ere. Erdi legezko zeregin horretatik sortu ziren lehen Langile Batzordeak; 1962. urteko greben ondoren, langileen egoerak hobera egin baitzuen, eragin handia izan zuten batzorde horiek. Nolanahi ere, CCOO sindikatuaren erdi legezko estatusak ez zuen luze iraun: laster ezkutuko jardunera behartu zituzten, baina, hala ere, diktadura amaitu arte eutsi zioten sindikatu bertikala erabiltzearen aldeko aukerari.

Euskal abertzaleen artean, bestalde, 1950-1960 hamarraldiko lehen urteetako hondamendi politikoak krisi orokorra sortu zuen. Delako hamarraldi horretako tunela igaro ondoren –non, hala ere, gerora etorri zenaren oinarrietako batzuk finkatu ziren– euskal hizkuntza eta kultura indarberritu ziren: beste idazle eta argitaletxe batzuen sorrera, ikastolen mugimendua, literatura euskararen batasuna, e.a. Halaber, testuinguru horren barruan, nazionalismo berria edo nazionalismo iraultzailea esan zitzaiona sortu zen, ETA alegia. Nazionalismo erradikalaren herentzia zaharra hartuta, ideologia hori eguneratzen saiatu zen ETA, Hirugarren Munduan kolonien aurka burutzen ari ziren askapen prozesua teoria sozializatzaileetara egokitzen saiatuz. Horren emaitza 1960-1970 urteetan gauzatu zen, eta antolatzeko beste era bat ekarri zuen ondorioz, baina baita, Euskal Herrian, gogorkeria giroaren hasiera ere.Nolanahi dela ere, eta lehentxeago aipatu den bezala, errejimen frankistak arazo handirik gabe menderatu zuen egoera. Alde batetik, erabateko zapalkuntza bideratu zuen organizazio iraultzaileetako kideen kontra, eta, bestetik, orain estutu orain lasaitu, nolabait menderatu zituen gizarte mugimenduak ere, langileenak izan ala ez. Ez zitzaion gehiegi kosta haren xedapenak Hego Euskal Herrian instituzionalizatzea, 1947 eta 1966. urteetako erreferendumen bitartez. Ez da erraza abstentzioa edo aurkako botoen kopurua zenbatekoa izan zen jakitea, baina, atzerriko kazetarien eta oposiziokoen ustez, oso handia izan omen zen 1947ko uztailean egin zen Ondorengotza Legeari buruzko erreferendumean.

1966rako errejimenak ondo ikasi zuen bere jokabidea zuritzen; dagokion mapan ikus daitekeenez, frankismoak aldi baterako edo bidez dagoen biztanlearen figura asmatu zuen, eta, hala, boto zenbaketa egin ondoren, harritzeko moduko zifrak atera ziren: aldi baterako 131 biztanle Arrankudiagan (biztanle kopurua: 536), 1.350 Ermuan (biztanle kopurua: 5.047). Argi dago egunean zehar herritar bat bidazti ibil daitekeela, eta herri batean baino gehiagotan, are gehiago funtzionario baldin bada, esate baterako. Diktadurak ez zekien oso ongi zenbaterainoko begikotasuna zion herriak –egia esateko, bost axola hari– baina itxurak egiten tematzen zen.

 

Frankismoaren krisia Hego Euskal Herrian

Lehenago ere agertua zen, hala nola Laminaciones de Bandas-eko grebari erantzunez –salbuespen egoera–, edo 1968 eta 1969. urteeetako greba eta atentatuetan –salbuespen egoera berriz ere–, baina Burgosko Auzi entzutetsuaren ondoren (1970eko abendua) diktadurak, indarrean irauteko, ez zuen erabateko zapalkuntzaz baliatzea beste biderik aurkitu. Aurreko hamarraldiko askatasun zantzuak betiko desagertu ziren, eta mugitzen zen oro zapaltzea erabaki zuen errejimenak. Eta Euskal Herrian ia dena ari zen mugitzen.

Enpresariengan ere atsekabea sumatzen hasi zen, nahasdura bai behintzat.

Aldi batean sistemak enpresariari nolabaiteko lasaitasuna ziurtatu zion bezala –hau da, grebak debekatu, sindikatuei jazarri–, geroago desorekaren eragile bilakatu zen, eta ondorioz, dirua irabazteko traba eragozgarri bat. Lehenago bezala orain ere grebak borroka zekarren, bai ugazabarekin bai sistemarekin ere, baina 1970- 1980 urteetan dena kordokarazten zuten, eta gatazkak alferrik luzatzen. Gatazka giroa haziz zihoan etengabe. Mapetan ikus daitekeenez, grebak Hego Euskal Herri osora zabaldu ziren; gainera, zenbait tokitan, greba orokorrak izaten ziren gehienetan.

Gogorkeria zela, sistemak bideratzen zuen zapalkuntza zela, eta, gainera, elkarrizketak eta negoziazioak izateko gaur egun “normaltzat” hartzen direnak bezalako biderik eza zela eta, ugazaben eta langileen arteko harremanetan gatazka zen nagusi. Azken finean, errejimena traba eragozgarri bat bilakatu zen, baita enpresarien interesentzat ere.

Elizaren jardunak ere errejimena kordokatzea lortu zuen, eta horren adibide dira 1974an Bilboko Añoveros apezpikuarekin izan ziren istilu larriak. Gerra ostean Gurutzadetako izpiritu hura islatu zen Hego Euskal Herrian: elizako agintarien eta buruzagi zibilen (edo militarren, zehatzago izateko) arteko lotura estua: Monseñor Gúrpide adibide adierazgarria da. Baina ez da ahaztu behar gerra zibilean alde bietako apaizak fusilatu zituztela, eta Francoren garaipenaren ondoren, ehunka elizgizon zigortu zituela errejimenak. Ez da harritzekoa, beraz, 1960tik aurrera Francoren aurkako mugimendua sortzea elizan bertan, errejimen frankista salatzeko oro har, eta elizako hierarkia salatzeko bereziki. 1960tik aurrerako hamarraldian errejimenaren aurkako idatziak, homiliak, itxialdiak… bata bestearen ondotik etorri ziren. Beharbada “Gogor” taldea izan zen guztietan nabarmenena. 1970etik aurrerako urteetan zehar, berriz, elizako hierarkia bera ere betiko aldendu zen errejimenetik, bi erakunde horiek sesioan baitziren beti.

Bestalde, aurreko hamarraldietan sortu zen berrikuntza oro hurrengo urteetan agertu zen; gerra zibilean galtzaile irten zuen oposizio zaharra bera ere –hau da, EAJ, PSOE eta PC– kemenean indarberriturik agertu zen.

Aipatu da lehenago ere zer edo zer langile mugimenduaz. Batetik, UGT eta ELA sindikatuek bultzada eta zabalkunde handiagoa izan zuten; CCOOk, krisiak gorabehera –joera desberdinetako komunisten esku gelditu baitziren–, kontuan hartzeko erreferentzia izaten segitu zuen langile askorentzat. Bestetik, soldata eta lan baldintzak hobetzearen aldeko borrokak ez zuen etenik izan. Ezartzen ziren salbuespen egoerek eta zapalkuntzak ez zuten gatazka gerarazi. Aitzitik, zuzpertu egingo zuten.

Nazionalistek, sozialistek eta komunistek, oposizio zaharrak alegia, zeinek bere alternatiba aurkeztu zuen, baina, ñabardurak ñabardura, denek batera zuten ezaugarri batekin: haustura demokratikoa. Lehenengo biek erbestean segitu zuten, Eusko Jaurlaritza gorpuztuz –behin Agirre hilda, Leizaolaren lehendakaritzapean–, diktadorea desagertzen zenerako karta harekin jokatu ahal izateko. PCE, errejimenak iraun zuen denboran bakarturik eduki zutena, bidean aurrera egiten saiatzen ari zen, eta, aldi berean, askatasunaren alde proposatzen zuen hitzarmen politika gauzatzeko bidea urratzen; hitzarmen hori, oposizio demokratiko guztia bat etorrita lortu behar zena, hiru eskakizun hauen inguruan egituratu zen Hego Euskal Herrian: askatasuna, amnistia eta Autonomia Estatutua.

Alternatiba horiek –desberdinak, baina ez oso, hala ere– Espainiako gainerakoekin batera giltzatu ziren azkenean, eta hala, Franco hiltzean, Adolfo Suárezen gobernuarekin itundu zen erreforma ekarri zuten ondorio gisa, eta honek berebat trantsizioa zertzeko bidea zabaldu zuen.

Nazionalismo erradikalak –ETAren inguruan egituratua– erakutsi zuen beharbada bizitasunik handiena. 1968an nolabaiteko indarrez sortu zen biolentzia giroak –hiru hil– errepresio latza ekarri zuen ondotik, eta militante asko espetxeratu zituzten, edo erbestera behartu. Ordukoa da 31/69 auzia, hots, Burgosko Auzia.

Han eman ziren sei heriotza epaiak, Espainian eta Espainiatik kanpo errenkadan etorri ziren elkartasun adierazpenak eta errepresioaren aurka Euskal Herrian sortu zen erreakzioa zirela eta, frankismoak mendean hartuta zeukan euskal nazio zapalduaren adierazle bihurtu zen ETA. Garai hartan, bestalde, zatiketak izan ziren ETAren baitan. Beste zatiketa baten eta organizazioaren azpiegitura ia deseginda utzi zuen polizia ekintzaren ondorioz, noraezean ibili zen hilabete batzuetan, baina armak erabiltzearen aldeko bideari eutsiz lehenean gogortu zen berriz ere. Oihartzun handiko ekintza burutu zuen orduan ETAk: gobernuko presidentea, Luis Carrero Blanco almirantea, hil zuen. Esango litzateke, ETArentzat, bortxa erabiltzea, militarismoa, haren izateari berari zegokion zera eta mito bihurtu zela harrezkero, eztabaidan jar ez zitekeen gauza, izateko nahitaezko zitzaion zer hori.

ETAk oposizio demokratikoak itundu zuen bidea arbuiatzea eta bortxari eustea izan ziren trantsizioak Euskal Herrian izan zituen arazo nagusiak. Kontuan hartu behar da, gainera, ETAren ustezko oinarri sozialaren parte handi bat gizarteko sektore garrantzitsuetako baten inguruan egituratu zela, marko politiko berriaren aurka.

Francoren diktadura fusil hotsekin hasi eta fusil hotsekin amaitu zen. Errepresioa geroago eta odolzaleago bilakatu zen, eta haren azken erakustaldia, Franco artean bizi zelarik, ETAko Txiki eta Otaegi eta FRAPeko hiru kide fusilaraztea izan zen, ohiko Gerra Epaiketa eginik. 1937. urtea atzera. Gertaera horiek Euskal Herrian ez ezik mundu osoan izan zuten eragina ondo ezaguna da. Baina heriotza horiei ez zitzaien Franco jeneralaren beste garaipen adierazpen bat jarraitu, haren beraren heriotza egiaztagiria baizik, eta harenarekin batera baita haren errejimenarena ere.

 

Berrogei urte diktadurapean

1937 Ekainak 19 Gudaroste frankistek Bilbo hartu zuten.1938 Abenduak 16 Euskaldunen adiskideen Nazioarteko Liga sortu zen Parisen, euskal errefuxiatuei laguntzeko.1939 Apirilak 1 Espainiako gerra zibila amaitu zen.Irailak 3 II. Mundu gerra hasi zen.1940 Maiatzak 25 Euskal errefuxiatuak Gurs herriko kontzentrazio esparrura sartu zituzten.Uztaila Euskal Kontseilu Nazionala sortu zen Londresen, Manuel Irujok bultzatuta.Azaroak 3 Companys eta Zugazagoitia fusilatu zituzten.1941 Abuztuak 27 Jose Antonio Agirre, Europan barrena naziengandik ihesi ibili ondoren, Ameriketara iritsi zen.1942 Abuztuak 16 Falangistek atentatua egin zuten requetéen kontra, Bilboko Begoña elizan.1944 Abuztuak 24 Paris naziengandik askatzea lortu zen.Urria Gerrillariak sartu ziren Nafarroako Pirinioetatik eta Arango ibarretik.1945 Martxoa Euskal Herriko oposizio frankistak “Baionako Ituna” izenpetu zuen.1947 Maiatzak 1 Frankismoaren aurkako greba orokorra Bizkaian.Uztailak 6 Ondorengotza Legeari buruzko erreferenduma.1951 Apirila Greba politikoa, oso zabala, Hego Euskal Herrian.1956 Irailak 23 Euskal Mundu Biltzarra hasi zen Parisen.1959 Uztailak 31 ETA sortu zen.1960 Martxoak 22 Jose Antonio Agirre hil zen, Parisen.MaiatzaErrejimen frankistaren aurkako manifestua argitaratu zen, Euskal Herriko 339 apaizek izenpetua.

Errejimenaren aurkako mugimenduaren hasiera.1961 Uztailak 18 Falangisten tren baten aurkako atentatua, huts egin zuena. ETAri1962 Apirila Langile grebak Bizkaian eta Gipuzkoan.Maiatza Salbuespen egoera Bizkaian eta Gipuzkoan.1963 Bazko eguna Gerra ondoko lehenengo Aberri Eguna ospatu zen, Gernikan.1966 Azaroak 30 Laminaciones de Bandas-eko greba.Abenduak 14 Estatuaren Lege Organikoari buruzko erreferenduma.Abendua ETAren V. biltzarreko lehen partea, eta lehen zatiketa.1967 Apirilak 22 Salbuespen egoera Bizkaian.1968 Ekainak 7 Goardia Zibilak Txabi Etxebarrieta hil zuen Tolosako Benta Haundin.Abuztuak 2ETAk Melitón Manzanas komisarioa hil. Salbuespen egoera Gipuzkoan.1969 Urtarrilak 25 Salbuespen egoera Espainian.1970 Uda ETAren VI. biltzarra. Zatiketa.Abenduak 3 Burgosko Auzia hasi zen.Abenduak 30Auzitegi militarrak emandako sei heriotz epaiak ez betetzeko erabakia.1973 Ekaina Greba orokorra Iruñean.Abenduak 20 ETAk Luis Carrero Blanco hil.1974 Otsaila Añoveros auzia.Abenduak 11 Greba orokorra Hego Euskal Herrian.Abendua Hitz, euskarazko lehen aldizkari grafikoa argitaratu zen.Abendua ETAn militarrak eta politiko militarrak bereizi ziren.1975 Maiatza Salbuespen egoera Bizkaian eta Gipuzkoan.Abuztua Lege Antiterroristaren Dekretua.Iraila ETAko bi kide eta FRAPeko hiru epaitu eta hil. Greba orokorra Euskadin.Azaroak 20 Franco hil zen.