Atlas Historikoa»Atlas Historikoa
Euskaldunak II. Mundu gerran EGILEA:
Bigarren Mundu gerra hasi zenean frankisten espetxeetan eta kontzentrazio esparruetan
zeuden oraindik euskaldun asko, edo erbestera joanak ziren, Frantziara
gehienak. Frantzian, batzuek, bertako gobernuak Espainiako gerratik ihesi joandakoentzat
antolatu zituen kontzentrazio esparruetan (Biarnoko Gurs herrikoan
esate baterako) egon ondoren, lanean ziharduten, nekazaritzan edo gerra industrietan.
Beste batzuk –gehienak– Euskal Herrira itzuli ziren. II. Mundu gerra hasteak
esperantza piztu zuen erbesteratuen artean, segurtzat jotzen baitzen Franco
Ardatzari lotuko zitzaiola, nahitaez herrialde demokratikoen aurka borrokatu
beharko zela, eta, lehenxeago edo geroxeago, haiek menderatuko zutela. Egun
horretan, euskaldunak, aliatuen laguntzaz Francoren aurka borrokan arituak,
garaile etxeratuko ziren.
Baina euskaldunen planak zapuztuta geratu ziren: 1940. urteko maiatza-ekaina
bitartean naziek eraso gogorra jo eta Frantzia menderatu zuten; Lekerika eta
Ibarnegarai euskaldunek eskatuta Frantziako erbesteko euskal instituzioak deseginda
geratu ziren; Eusko Jaurlaritzako kontseilariak sakabanatu eta Agirre lehendakaria
desagertu zen. 1940. urteko udan egoera larritzekoa zen. Gauzakhorrela, Irujok –Londresen erbesteratuta–, lehendakaria preso edo hilik zelako
ustean, ataka gaizto hartatik ateratzeko erantzukizuna bere gain hartu, eta, urte
hartako uztailaren 11n, Euskal Kontseilu Nazionala eratu zuen, euskaldun guztien
bilgune eta ordezkari izateko behin behineko organo izan behar zuena, harik
eta Eusko Jaurlaritza berriro osatu arte. 1941. urteko maiatzaren 17an hitzarmen
bat izenpetu zen De Gaulleren Frantzia Askearekin, eta zerbitzu sekretuetan,
merkataritza harremanetan, gerran e.a. elkarri laguntzeko proiektuak eta egitasmoak
prestatu ziren. Horren ondorioz, eta gerrarako laguntzari dagokionez, Itsas
Fusilarien Hirugarren Batailoia sortu zen, Frantzia Askearen Itsas Armadaren baitan.
Haatik, gudarostea desegin, eta euskaldunak gerran parte hartzeko planak
bertan behera utzi behar izan ziren: batetik, britainiarrek Francorekin “baketzeko”
politika bideratu zutelako; bestetik, Irujoren eskari politikoak neurrigabeak
zirelako; eta, azkenik, Britainia Handiaren Madrilgo enbaxadore Hoare-k eta orobat
Espainiaren Londresko enbaxadore Albako dukeak hartara bultzatu zutelako.
1941eko urrian aldatu zen egoera, Agirre Estatu Batuetan agertu zelarik, Belgika,
Alemania eta Suedian barrena ihesi ibili ondoren. Lehendakariak bere gain
hartu zuen berriro erbesteko politikaren zuzendaritza, eta Ameriketan zeuden
euskaldunen antolakuntaz arduratu zen. AEBen laguntza zuela, aliatuen zerbitzura
jarri zen: Ardatzaren aurkako borroka ideologikoan eta politikoan lagundu,
eta, zerbitzu sekretuen bitartez, gerran parte hartu zuen.
Euskal zerbitzu sekretua, Espainiako gerra zibila bitartean sortua, lehenago
ere aritua zen Frantziako gudarosteari laguntzen: “Araba sarea” ospetsuak Espainia
frankistan ziharduten alemaniarren eta italiarren joan-etorriak zelatatu zituen,
Frantziari gibeletik, hots, Pirinioetatik, eraso egingo ziotelakoan. Elkar lanak, bada,
Ingalaterran britainiarren jarrerak zapuztuagatik, Ameriketan aurrera egin zuen,
Latinameriketako herrialdeetako Euskal Ordezkaritzetan oinarriturik. Nazien laguntzaile
baitziren, falangisten Ameriketako jardun guneak zelatatu ziren, eta baita
itsasoko joan-etorriak, kontrabandoa, eta Ardatzaren aldekoen jarduera ezkutukoak
ere. Agirrek Frantziara bidalitako aginduak bitarteko, handik ere, Frantziatik
bertatik alegia, eta Euskal Herriarekin harremanetan, aliatuen alde eginzen: Mitxelena anaiak Akizetik, Joseba Elosegi mugaren bi aldeetatik, Ajuriagerra
anaiak, eta Bilbo, Madril eta Bartzelonako zentroak gogor aritu ziren informazio
lanetan, eta aliatuen oniritzia jaso zuten egindako lanagatik. Baina jardun
horiek guztiek emaitza politiko zehatzetan gauzatzea bideratuko zuen gertaera
zertu ez bazen ere –hots, Francok ez zuen bete-betean gerran parte hartu–, lehengo
egitasmoari berari eutsi zitzaion. 1944ko abuztuan Frantziako hego-mendebala
askaturik, gerran parte hartuko zuen euskal gudarostea antolatzeko beharra
ikusi zen berriz ere. Hala, bada, “Gernika” batailoia sortu zen, Ordoki
komandantearen agindupean. Gudaroste horrek, 300 gudari ere bildu ez zituenak,
Médoc-eko nazi “guneen” aurkako guduetan parte hartu zuen, gerra bukatu
baino lehentxeago.
Hitler desagerturik aliatuek Francoren aurka joko zutelako uste sendoak eta
aldaketa kontrolatu bat bideratzeko beharrak –komunisten protagonismoa erabat
ezabatuko zuena– bultzatu zuten politika hori aurrera eramatera. Politika
horrek, ordea, huts egin zuen, II. Mundu gerra amaiturik gerra hotza hasi baitzen
Europan.
EGILEA:
Juan Carlos Jiménez de Aberasturi Errenteriako Udal Artxibozain eta Eusko Ikaskuntzako Gaur egungo Historiako Dokumentu Zentroko zuzendari.
Ipar Euskal Herria
II. Mundu gerrako guduak ez ziren Iparralderaino heldu. 1940ko ekainean armistizioa
izenpetuta, borrokak eten eta Frantzia bi zatitan banatu zen, barneko
muga lerro (“banaketa lerro”) baten bidez. Batetik, Frantzia okupatua zegoen,
alemaniar militarren administraziopean, eta, bestetik, Frantzia okupatu gabea,
“eremu askea” ere esan zitzaiona, non Pètain mariskalak Alemaniaren aldeko
gobernua ezarri zuen. Ipar Euskal Herria ere bi zatitan bereizten zuen muga lerro
horrek: Arnegitik gora, Donibane Garazi eta Donapaleutik igarotzen zen Iparraldean
barrena, Biarnoko Salies, Mont-de-Marsan eta beste zenbait herrietan
zehar Suitzako muga inguruetara iristeko, Genebaren pare. Bestalde, Iparraldean,
egitura politiko soziala bertako jauntxo eskuindarren mendean eta Elizaren eraginpean
izanik, petainismoaren aldeko jarrerak babes handia izan zuen. Horrela
jokatu zutenen arteko adibide garbia Jean Ybarnegaray da: pilotari izana, eta
1914az gero diputatu Maule aldetik, Pétainen gobernuko kide izan zen, Familia
eta Gazteriako ministro. “Aintzina” talde erregionalista, geroago nazionalismora
hurbildu zena, Pétainen “Revolution Nationale” delakoan nahastu zen, bere politika
lokalista aurrera eramanez eta egin nahi zuen iraultza erregionalistaren bitartez
departamentuak politikoki beste era batera egituratzea eta euskal hizkuntza
sustatzea lortuko zuelakoan, baina alferrik.
Ipar Euskal Herria, bere egitura geopolitiko bereziarekin, Espainia frankistarekin
mugan –Espainia, bestalde, neutrala zen, teorian behintzat, eta Afrikara edo
Britainia Handira aldegiteko ihesbidea–, joan-etorri handiko igaroleku bilakatu
zen: pertsonak, dokumentazioa, armak e.a.; mugaz gaindiko igarotze hori izan
zen, hain zuzen ere, Erresistentziaren jardunaren adierazgarri nagusia inguru
horietan. Erresistentziak antolaturiko sare askotako espiak edo iheslariak Euskal
Herriko mugatik igaro ziren, mugaren bi aldeetako antifaxisten laguntzarekin.
Sare horietako bat, ezagunena, “Comète sarea” zen, lurralde okupatuetan eraitsitako
hegazkinetako pilotuak Britainia Handira eramateaz arduratu zena.
Aliatuen lehorreratze eguna hurbidu ahala Iparraldeko Erresistentzia antolatuaz
bazihoan ere, zenbait jendek nazien aldeko aukera egin zuen, eta haiei lagundu,
ziurtzat jotzen baitzuten garaipena; hauetarik ezagunena Eugene Goihenetxe
da. Goihenetxek, Landaburu eta beste erbesteratu batzuekin harremanetan,
lotura estuak izan zituen okupatzaileekin, SS-etako jeneral Dr. Best-ekin bereziki,
hau Frantziaren administratzaile militarra zelarik okupazioaren lehen aldian.
Kalkuluak huts egin eta prozedura zalantzazkoa izanagatik, Goihenetxek bestek
ez zituen horren ondorioak ordaindu, betiko kartzela zigorra eman baitzioten
Frantzia askatu eta gero.
Frantziaren askapen eguna hurreratu ahala, Erresistentzia sendoago ageri zen,
eta “maki” gerrillari talde txiki bat antolatu zen Maule inguruan. 1944ko abuztuaren
hasieran makiak dagoeneko atzera egiten ari ziren nazien gudarosteen aurka
borrokatu ziren. Abuztuaren 24an alemaniarrak iparralderantz aldegin zuten, eta
Ipar Euskal Herria askaturik geratu zen.