Atlas Historikoa»Atlas Historikoa
Demografiaren modernizazioa
EGILEA:
Pilar Pérez-Fuentes Hernández Historian doktore. Gaur egun, Historiako irakasle titular da Euskal Herriko Unibertsitatean. ?Vivir y morir en las minas? liburua idatzi du.Mercedes Arbaiza Vila Historian doktore.
Ekonomia eta biztanleria: hazkunde erritmoak
Biztanleriak erakusten ditu modurik egokienean Euskal Herriak bere historiaren
azken bi mendeetan ekonomian eta gizartean izandako aldaketak. Demografiaren
garapena, epe luzera, bere eskumenean dituen baliabideekin dago lotuta,
horrela bada, biztanleria eta ekonomia elkarri loturik doazen bi fenomeno dira
historian zehar.
Euskal gizartearen modernizazio demografikoari heltzea, bilakaera demografikoaren
muga tradizionalak noiz eta nola desagertzen diren eta ?biztanleriaren
hazkunde modernoa? deritzanari lekua noiz eta nola uzten dioten ulertzea da.
Ziklo demografiko modernoak, Euskal Herrian XVIII. mendearen azkenetan hasi
zenak, bi mendez dirau gaurdaino, eta hiru ezaugarri ditu lehenagoko beste edozein
biztanle hazkunderekiko bereizgarri: garrantzia edo neurria, jarraitasuna eta
iraupena.Izan ere, aurrerapauso handia, XVIII. mende azkenetik izandako hazkunde
demografiko etengabeak erakusten du. 1787 eta 1991 artean milako 0,78ko hazkunde
izan da urtero batez beste, gizaki kopurua bost bider areagotu delarik lurralde
honetako iraultza demografikoa burutzean. Geure historiaren azken bi
mendeetan Bizkaian hamar bider egin du gora biztanle kopuruak, Gipuzkoan
bost bider eta Araban hasierako biztanle kopuruak ia lau bider egin du gora.
Nafarroan, 1991n, bi mende lehenago zen kopurua bikoiztu egin da.
Erritmo demografikoen kronologia eta beren neurriak, aski ezagunak diren
gizarte eta ekonomiaren modernizazioaren prozesuen abagune eta zikloekin bat
doaz. XVIII. mende amaiera eta XIX. mende hasierako gerrateek eten egin bazuten
ere, euskal biztanleriaren xehetasunei eginiko begiradak bilakaera demografikoak
goranzko joera zuela erakusten du honako bi mendeotan.
Hori bai, modernizazio demografikoaren prozesuak ez du horratik ibilbide
zuzena eraman, aldiz gorabehera eta etenunez jositako historia baten ondorioa
da. Euskal probintzia guztiek izan zuten XIX. mende hasierako hazkunde demografiko orokorrean parte Errejimen Zaharra desegitearen eta hedapen demografikorako
muga tradizionalen ezabatzearen itzalean.
Herrialdeen arteko aldea, teorikoki urteko ehuneko 1eko hazkunde abiadura,
sistema zaharra erabat desagertzean nabarmentzen da. Gertatu ordea, aldi desberdinetan
gertatu zen probintzia bakoitzean. Kostaldeko probintzietan (Bizkaian
eta Gipuzkoan) Espainiako periferiako hainbat probintzietan izan zen
Lehenengo Industria Iraultzarekin batera (1877-1930) gertatzen da; Araban eta
Nafarroan aldiz, Bigarrengo Industria Iraultza izan arte ez zen horrelakorik gertatu,
1950etik aurrera beraz.
Bizkaian, demografiaren gorakada Bigarren Karlistaldia amaitzean hasten da:
1877tik XX. mende hasiera arte, hemen aztergai den aldiko hazkunderik handiena
gertatzen da, urteroko benetako hazkunde tasak ehuneko 2 baino handiagoak
direla. Hazkunde horren ezaugarri da hain goiztiarra izatea eta horrez gainera
aipatzekoa da zeinen bizkor eta zelako indarrez gertatu zen. 1870 ondoko
hamarraldian izandako meatzaritzaren boomak, 1880ko hamarraldian altzairugintza
ezarri eta garatu izanak eta horrek 90eko hamarraldian ondorioz ekarri
zuen industria jarduera anizteak (kimika industria, industria elektrikoa, burdingintza
eta ontzigintzakoa), hazkundea gertatzeko egokiera politiko eta ekonomikoa
ekarri zuten eta horretxek eragiten eta azaltzen ditu aldi horretako ezaugarri
demografikoak. Probintzia honek bere trantsizio demografikoa, hazkunde
tasaren benetako ?boom demografiko? bat bezala bizi izan zuen.
Aldiz, Gipuzkoan apurka-apurka gertatu zen aldaketa hori. Biztanleriaren
hazkunde modernoa ez zen gertatu XX. mendearen hasiera arte eta Bizkaikoa
baino geldiroago gertatu zen beti ere, bertako industriaren gorakadari lotuta eta
gorakada horren neurri paretsuzkoan, eta ez da hazkunde bortitzik izango 1900
arte.
Kostaldeko probintzietan ez bezala Arabako eta Nafarroako biztanleriek izandako
joerak hazkunderik eza dute ezaugarri oraindik aspaldi ez dela arte. Beren
nekazari izaeraren eta atzerapen ekonomiko luzearen pean zeuden biak, horrek
biztanleriaren hazkundea moteldu eta modernizazio prozesua atzeratzen ziela.
Beste edozein nekazari gizartetan bezalatsu, aldikako erantzun demografikoak
izan ziren, hazkunde aldien ostean murritz aldiak etortzen zirelarik nahitaez,
garapen ekonomiko jarraitasun gabe baten ondorio, biztanleriaren edonolako
hazkundeak elikagaien mugekin egiten baitzuen topo.
Bigarren Industrializazioak bateratu zituen euskal gizartearen joera eta gorabehera
demografikoak. 1950 eta 1960 ondoko hamarraldietako joera hazkorrak,
urte horietan izandako inbertsio aldiaren hegalpean, eragin nabarmena izan zuen
Euskal Herri osoan, ondorioz lau probintziek bigarren boom demografikoa izan
zuten, urteroko hazkundea benetan iraultzailea zelarik neurriari eta trinkotasunari
zegokienez. Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleria bikoiztu egiten da hogeita hamabost urtetan, hots, 1940 eta 1975 artean, milioi bat biztanle izatetik bi
milioi izateraino pasatzen da.
1975etik aurrera ekonomiaren krisialdiak erabateko eragina du biztanlerian,
Bizkaikoan batik bat, probintzia horrek nozitu baitzituen larrienik ordurako jada
zaharkituta zegoen ekoizpen egituraren eraginak. Araban, Autonomia Erkidegoko
hiriburua bertan egotearen mesedeak gozatzen baizituen, 1980 ondoko hamarraldia
arte atzeratzen da birmoldaketa ekonomikoaren eragina.
Azken hamar urteotan (1981-1991) biztanleriaren joeraren aldaketa bat nabari
da Euskal Autonomia Erkidego osoan, bere lehendabiziko iraultza demografikoaz
gero ehun urte igaro diren honetan, agerian uzten baitu zaharkiturik eta
agorturik dagoen industria oinarri baten gainean eraiki zen gizarte eta ekonomia
eredu baten higatzea. Gizartearen impasse une hori berriro gauza finko bilakatu
diren migrazio isurietan islatzen da, bere biztanleriari eutsi edo bertan finkatzeko
gai ez den eremu honetan.
Sistema demografiko tradizionalaren etena
Oinarri materialek eta euskal gizartearen antolamenduak, egokiera aldaketak edo
egiturazkoak pairatzen zituzten artean, biztanleria kopuruaren eta eskura zituen
baliabideen arteko doitze ezberdinak izan zituen gizarteak, sistema demografikoak
aldaketak izan dituelarik bere osotasun zein ataletan.
XIX. mendean zehar, euskal biztanleria tradizionalak lortutako orekaren hausturaren
lehendabiziko aldia gertatzen da. Gogoan izan, Euskal Herria bat dator
bere demografia estrategietan modernitate osoan zehar (XVI-XVIII. mendeetan),
aurrikuspenezko demografia jokaerak hartzen dituzten Europa Mendebaleko
herriekin, industriaz aurretiko garaietan biztanleriak bere esku zituen estrategia
demografikoetan parte hartuz: emakumezkoak adinez aurreratuta ezkontzea ?oso
gauza ez-ohia zena?, eta emigrazioa biztanleriaren zabalkunderako tresna gisa
erabiltzea. Bada horrela, XIX. mendean zehar, oraindik nekazari itxurako eta oro
har nekazaritzaren meneko gizartean, baldintza ekonomiko eta sozial berriak sortu
ziren eta, geldiro bazen ere, biztanleria dinamika berrietarantz aldatzea ekarri
zuen horrek.? Hilkortasunaren beherakadaren jatorriaMende honetan sistema demografikoan gertatzen diren aldaketek argi uzten
dute hilkortasunaren beherakako joera garbia, behinik behin 1877a arte, probintziek
dituzten jarreren desberdintzea gertatzen den arte. XVIII. mende erdialdetik
1870a arte dauden ehun urte luzeetan zehar, hilkortasunaren trantsizioaren
lehenengo aldia gertatzen dela baiets daiteke. Errejimen demografiko zaharraren
parametroen baitan oraindik, hilkortasunaren mendeetako gutxitzerako eta, horrenbestez,
beste aldi demografiko bat eratzeko behar ziren baldintzak prestatu
ziren.
Heriotzaren aurkako borroka, Europako gainerako herrien antzera, gorabehera
eta etenaldiez josita dago. Heriotzera eramaten gaituen gizakiaren ibilbide
luzean, gerrateak, bizi irauteko krisialdiak eta epidemiak izan ziren iraganeko
biztanleriek gainditu beharreko oztopo handiak. Euskal gizartean izandako trantsizioaren
jatorria XVIII. mendean kokatzen da, krisialdietako hilkortasunaren
ondorio ziren gailur edo bat-bateko hazkundeak erabat eraitsi edo, behinik behin,
baretu zirenean. Euskal Herri hezeak, Europako Atlantiko aldeko esperientzia
berbera bizi izan zuen, aldi berean, antzinako krisialdi demografikoen geroz
eta kontrol handiagoari zegokionez.Horrela, ohiko haur hilkortasunak beherakada bare baina etenik gabea izan
zuen XVIII. mende erdialdetik XIX. mendearen azken herena arte. Joera hori
Espainiako beste lurralde batzuetan baino goizago gertatu izanaren eragileen artean
ditugu, batetik, XVIII. mende amaieratik higiene eta osasun baldintzen aldaketekin
lotura duten eragileak, orduan herrian nagusi zen Ilustrazioko
pentsamoldearekin bat zetozenak. Euskal gizartea aitzindari izan zen baztangaren
aurkako aztura prebentiboen garapenean. Baztangaren txertoa hain goiz ekarri
izana Euskal Herriko Adiskideen Elkarteari zor zaio. Trantsizio aldi horretan medikuak
eta osasun autoritateak izan ziren, aitzindari lana eginez, biztanleriarengan
oraindik aitzinako hilkortasun ereduan nagusi ziren infekzio bidez hedatutako
gaixotasunen prebentziora zuzendutako jokamolde eta ohiturak zabaltzen
aritu zirenak.
Egiazki, honelako ekimenen arrakasta agerian jartzen du zeharkako eragileak
izan zirela biztanleriaren hilkortasunaren gutxitzean, aginpide politikoaren eta
administratiboaren antolaketaren hobetzeak ekarritakoak. Batetik, boterea udal
erakundeetatik probintziako erakundeetara eraman izanak biztanleria osoarentzako
osasun politika koordinatu eta orokorrak ezarri ahal izatea ekarri zuen.
Bestalde, XIX. mendean, Estatuaren erreformei esker, elikagaien hornikuntzan
hobetze etengabea gertatu zen bizirauteko edozein krisialdi ia erabat eraitsiz; izan
ere, XIX. mendeko krisialdietako hilkortasuna kanpotiko eragileek piztua izan
zen, bi gerrate karlistak eta, mende erdialdean, kolera epidemia bat gertatu baitziren.
Euskal lurraldeak aitzindari izan ziren bide eta garraioetarako azpiegitura
politikan.
Azkenik, gogoan hartzekoak dira XIX. mendeko lehen erdian euskal nekazaritzaren
egituretan izandako aldaketak; hortik abiatuta zinez baiets eta berma
daiteke hilkortasuna atzeratzearen prozesu honen arrazoi gisa elikaduraren hobetzea
proposatzen dutenen tesia. Izan ere, euskal probintziek parte hartu zuten
nekazaritzaren prozesu bikoitz horretan, batetik desamortizazioaren ondorio izan
zen luberrien gorakada bitarteko, eta bestetik nekazaritza jarduera areagotzeari
esker, nagusia patata ?agirietan bilduta dagoenez XIX. mende hasieran ekarria?
landatzearekin. Horrek guztiak lur gehiagoren kolonizaziorantz eta nekazaritzako
ustiapen handiago baterantz bideratzen du gizartea, hilkortasun mailan hobekuntza
gertagarri bihurtzen dela, edo, behinik behin, XIX. mendeko krisialdietako
hilkortasunaren baretze arin bat gertatzen delarik.? Lehendabiziko industrializazioaren eragin atzerakorra Bizkaian
XIX. mendeko azken herenak haustura ekartzen du euskal demografiaren
joeran. Euskal Herrian oro har nahikoa bilakaera homogeneoa zuen prozesu
demografikoa eten egin zen. Bizkaian 1877 eta 1900 artean izandako hazkunde
demografiko itzela, lehendabiziko industrializazioari lotutakoa, etorkin korronte
oso handiek eragindako jokaera atzerakorren ondorio izan zen. Gipuzkoan hilkortasunaren
jaitsiera geldo eta etengabeari eusten zaion artean, 1876tik aurrera
hilkortasunaren norantza zeharo aldatzen da Bizkaian, nahikoa gorakada handia
izan zuelarik joan zen mendearen azken herenean. Probintzia horrek hogeita
hamar urte horietan izandako jokaerak arreta berezia merezi du geroko gizartean
izan zituen eraginengatik.
Industrializazioaren lehen garaietan izandako garapen ekonomikoak, XIX.. endeko bigarren herenean izandako joera demografikoen baretze txikia hautsi
egiten du. Industriaurreko hilkortasunak mende horretako lehen erdian izandako
jaitsiera keinu bat edo izunezko, XX. mende hasiera arte etengabean hasi zen
trantsizioaren aurretiko arrastoa baino ez zen izan.
Probintzia horretako hilkortasun tasa gordinek erakusten duten bezala, prozesu
industriatzaileak eragin txarrak izan zituen Bizkaiko biztanleriaren bizi baldintzengan.
1877 eta 1900 artean, hilkortasunak ehuneko 16,1eko hazkundea izan
zuen probintzia horretan, jaiotzak garai haietan izandakoa baino handiagoa (milako
12). 1885-1895 arteko hamarraldia eredugarria da, hilkortasun tasa gordina
milako 30ekoa izatera iritsiz. Hazkunde naturalak, urteroko erritmoarekin bat,
itxaron zitekeena hazi beharrean, gelditu eta beherantz ere egiten du.
Etorkin mugimendu handien eragina izan zen jaiotza-hilkortasuna bikotearen
aurrez zuen oreka apurtu zuena. Bizkaiko industria ekonomiaren hazkundeak
eskulanaren eskari itzela ekarri zuen, meatzaritza bezalako ustiapen unitate
hedakorrengatik, edota lehendabiziko lantegien handitasunagatik. Ziurrenera,
etorkin olde moduan iritsi zen eskulan ugariaren txanda erraz eta bizkorrak eutsi
egin zien, baita haziarazi ere, jadanik oso handiak ziren hilkortasun tasei. Hirigintzan
jarraitutako eredua, oso metakorra eta aurreko mendeetako hiri tradizio
urriaren baitakoa, eragile apurtzailea izan zen haren ondorioz eman zen gizarte
antolamenduan.
Hiltzeko zoriaren gorakadaren pean antzematen den bizi baldintzen okerrera
egitea eta epe ertainean ugalkortasunaren kontrol modernoaren atzerapena, zeina
bizirauteko aukerak handitzeko moduan egon zen artean ez zen kontrolatu,
dira Bizkaian izandako prozesu demografikoaren ondorio esanguratsuenak. Indartuz
zihoan gizarte industrialak, 1870eko hamarraldian pixkanaka ematen hasi
zen demografia trantsizioaren kronologiarekiko berrogeita hamar urtetako atzerapena
ekarri zuten jokaerak erakutsi zituen.? Garapen ekonomikoa eta ugalketaren hazkundea
Industrializazioarekin, ezkontzak atzeratzen eta trabatzen zituzten oztopoak
erabat desagertzen dira XIX. mende erdialdeko gune industrial berrietatik, baita
meatze guneetatik ere, aldi berean nekazari guneetan eragiten zuen presio handia
baretuz. Nekazari guneetan, joera liberaleko esparru juridiko berriaren eta
nekazaritzako zereginetarako lur berrien aukera ematen zuten desamortizazioen
eragin bateratuak, handitu egin zuen nekazaritzako gune eta familia gehiago sortu
eta bertaratzeko aukera. Bestalde, emakumezkoen ezkontza joerak, gizartearen
behin betiko ugaltze prozesuan hain erabakior direnak, ez ziren garraioaren
hobekuntzatik eta biztanleriaren geroz eta mugikortasun handiagotik at geratu.
Zentzu honetan, hirien dinamismoak, bereziki probintzietako hiriburuenak,
ezinbesteko garrantzia izan zuen ezkontzengan. Nekazari gunetik zetorren soberakina
jasotzeko ahalmena, irteera bilakatu zen, garai tradizionaletan beren
sorterrian ezkongabe geratzea beste aukerarik ez zutenentzat. Ezkontza merkatuen
hedatzeak ezkontzengan izandako eraginak, ezkontzeko aukera handiagoaematen zuten ordu arte murrizketa sistematikoa ohikoa zen tokietako emakumeentzako.
Horrelaxe, gizarte industrialaren indartzeak erabat aldatu zituen lan merkatuko
igurikapenak, familia berriak osatzerakoan. Oinetxetargoaren praktika edo
aurrezte eta ikasketa bolara luzeak ez ziren jada beharrezkoak ezkondu ahal izateko,
eta ugaltze erreakzioa ondotik etorri zen. Alokairu ekonomiaren garapenak
behin betiko askatu zuen ezkontza ezkontadina atzeratzen zuten eragile
guztietatik.
XIX. mendeko azken herenean biztanleriak izandako hazkunde iraultzailean
ezkontzek izandako eragina oso garrantzitsua izan zen, XIX. mendeko bigarren
herenean hasitako hazkunde demografikoa azaltzeko eragile nagusitzat aipatu
behar delarik.
Bestalde, industrializazioak familien ugalkortasun jokaeran ostera izango zenaren
aurkakoa erakutsi zuen hasieran. Horrela, hasieran, legebidezko ugalkortasunak
ezkontzen bide beretik egin zuen, leunki gora eginez. Merkatu ekonomiaren
erabateko garapenak, hots, ekoizpen sektore berrien lan eskari handiagoak
eta hirien horniketari begira balizko nekazaritzako espezializazioak, baita garraio
baliabideen hobekuntzak, biztanleriaren itxaropenak nabarmen handitu eta familia
barnean ugaltzeko aurretik ziren oztopoak, gaindiarazi egin zituen. Familiaren
errazionalitatea bitarteko, industrializazioaren lehendabiziko aldi honetan
seme-alaba kopurua handitu egiten da.
Prozesu honen ondorioz jaiotza tasak hainbeste egin zuen gora, ezen Euskal
Herria, industriaurre garaian bere biztanleriaren kontrolean oso zuhurra izatetik,
XIX. mendeko azken laurdenean ugalkortasun oso handia zuten Europa mendebaleko
zonaldeen parte izatera pasa zen. Beraz, izaera erabat malthusiarreko
erreakzio demografikoa gertatu zen, ugalkortasun modernorako prestaketa aldiaren
ezaugarri, mende bat lehenago arte zertxobait lotuta edo trabatuta zegoen
ahalmen ugaltzailea askatuz.
Transizio demografikoaren lehenengo aldia
Hilkortasun eta ugalkortasun handia zuen aurreko demografia errejimenetik, bizi
tasa txikiko errejimen modernorako bidea da ?demografiaren trantsizioa? bere
zentzu zehatzean. Aldi horren ezaugarria da aurreko oreka demografikoaren
galera, industrializazio ondorengo hazkunde barea sistema demografikora iritsi
artean ez duelarik oreka berreskuratuko.
Prozesu horretako giltza mendeetako haur hilkortasunaren gutxitzearen eta
ugalkortasunaren arteko dependentzian dago. Eskema klasikoaren arabera,
ugalkortasunaren kontrola haurren bizirauteko aukeren handitzeari emandako
ezinbestelako erantzuna da. Familia barnean aurrera ateratzen diren haurren
kopurua handitzeak ugalkortasunaren kontrola dakar. Haur hilkortasunaren beherakada
da, beraz, ugaltze jokaerekin hertsiki lotuta dagoen eragileetako bat,
berehalako eragina duelarik jokaera horretan eta trantsizio demografikoaren lehen
aldietan batik bat. Ugalkortasun ohituren trantsizioaren motorra dugu.? Bizi tasen mendeetako beherakadaren kronologia
Euskal gizartea bere osotasunean oso berandu gehitu zen prozesu horretara.
Beharrezkoa litzateke, berriro ere, lurralde historiko bakoitzeko joera ezberdinak
banaka ematea, ezen Bizkaian eta Araban ez da XX. mendea arte gertatzen
prozesu hori, Gipuzkoan aldiz XVIII. mende amaieran hasi zen eta ez zen eten,
Bizkaian ordea bai. Bizi tasen mendeetako beherakadaren kronologiak euskal
lurraldeetan trantsizio demografikoaren eskema klasikoa betetzen du: tasetan
eman zen iraultza hilkortasunarenakin hasi zen, eta hori izan zen beherakada
bortitz eta behin betikoa izan zuena. Jaiotza tasa indar gutxiagorekin hasten da
beherantza.Dena den, mende aldaketak inflexioa dakar demografiaren dinamikan, hilkortasuna
beherantza etengabe eta berehala hasten delarik. Hilkortasunaren mendeetako
beherakada ia bat-batean hasten da, industria aurreko garaietarako ere handitzat
joko zen milako 30eko portzentaiatik milako 20ra jaitsi baitzen (1910). Hurrengo
beherakada garrantzitsua 20ko hamarraldian izan zen, 1920an hilkortasun tasa
gordina milako 18-22tik (lurraldearen arabera) 14-16ra jaisten delarik 1930ean, tasa
horren ehuneko 30 inguruko beherakada beraz. Euskal esparruan trantsizio aldiko
beherakada erritmoa 1895-1930 artean izugarria da, batik bat Europako herri aurreratu
eta aurrerakoiek dutenarekin alderatzen badugu. Hilkortasuna ehuneko 50
jaisten da hogeita hamabost urtetan, 1900 eta 1935 artean.
Hilkortasunaren trantsizioa eten egiten da 70eko hamarraldian, tasa hori industrialdi
osteko gizarteei dagokien milako 7an finkatzen eta gelditzen delarik.
Hilkortasunaren tasaren beherakada bost urtero ehuneko 10az gaindikoa izan
zen, krisialdiko urtetan (1920ko gripe epidemian, 1936-39 arteko gerrate zibila)
eta 1956-60ko bosturteko bitartean ezik, azken aldi horrek bigarren etorkinaldiarekin
bat egiten duelarik. Urte horietan izandako etorkinen bigarren oldea, jaiotza
tasen gorakadan islatzen da, hilkortasunaren beherakada eten eta gorakada
txikia ere antzematen delarik tasa gordinetan.
Hilkortasunak mendearen lehendabiziko hamarraldian egiten badu behera, jaiotza
tasak ez du maila beretsua izango XX. mendearen bigarren laurdena arte. Nahiz
eta Gipuzkoan jaiotza tasaren beherakada 1880an kokatu, lurralde horretako
trantsizio demografikoa modu bare eta leunean hasi izan balitz bezala, Bizkaiak
eta Arabak, ugalkortasun maila handiak dituzte mende honen hasiera arte.
Jaiotza tasak hilkortasunaren aldi berean egiten du beherantz, nahiz eta neurri
berdinarekin ez izan; 1896-1920 arteko beherakada geldoaren ostean behin
betiko beherakada 1925 eta 1935 artean izango da, tasa milako 30,12tik 22,28ra
jaisten delarik. Jaiotza tasak hilkortasunarekiko duen atzerapena jakina da; bost
urteko atzerapenarekin etortzen da beti, eta gainera aldi horietan jaiotza tasaren
beherakadak duen neurria hilkortasunak duena baino askoz ere geldoagoa da.
1930 eta 1935 artean da bakarrik jaiotza tasaren jaitsiera hilkortasunarena baino
bizkorragoa.? Transizio epidemiologikoa: hirigintza eta bizi baldintzen hobekuntza
Biztanleen gaixotasunei aurre egiteko medikuntzaren eta zientziaren aurreramendua
eskasa den bolada horretan, hilkortasunak agerian jartzen du osasungintzako
aurrerapenei, kultura elementuei eta elikadura ohiturei dagokienez, baita
gaixotasunei aurre egiteko gaitasun handiagoa ematen duten elikadura mailei dagokienez,
zein antolakuntza sozial eta politiko dagoen. Ez dago zalantzarik hilkortasunak,
biztanleria jakin batek gaixotasunen erasoari aurre egiteko duen osasun
maila erakusten duela, baita pertsonek bizirik iraun ahal izateko dituzten oinarrizko
behar biologikoei eragiten dien bizi baldintzako beste elementu asko ere.
Historikoki, trantsizio epidemiologikoa posible izan da, aldi berean edo bata
bestearen ostetik biztanleriarengan ondorioak izan dituzten hainbat eragileren
ondorioz. Kontutan izanik ohiko hilkortasun ereduaren arabera lau pertsonatik
hiru gaixotasun kutsakorrengatik hiltzen zela eta beste laurdena gaixotasun ez
kutsakor eta endekakorren ondorioz, biztanleriak gaixotasun kutsakorren iturriekin
zuen harremana gutxitzera zuzendu ziren osasun publikoko ahaleginak, eta
horiek izan ziren heriotzaren kontrol sozialean emaitza positiboak izan zituzten
lehendabiziko ahaleginak. Agintariek hirietako osasun sarean izandako eskuhartzeak,
1885eko koleraren ostean, egoera txarrean ziren ur eta elikagaien bidez
hedatzen ziren gaixotasunen beherakada eragin zuen. Ekimen horiek izan ziren
estolderiaren eta ur edangarriaren zerbitzu urriaren ondorio ziren kolera, sukar
tifoideoak, beherakoak eta disenteriak eta beste zenbait patologien kutsaketa
arriskua lasterren gutxiarazi zutenak.
Baina gainera kontutan izan behar da elikagaien bidez zabaldutako infekzioen
kontrola gizabanakoen erabaki eremuan sartzen dela. Umeekiko ardura etahaien elikadurak ere kulturazko faktoreen ondorio diren neurrian haiek aldatzeko
eta hobetzeko edozein neurrik biztanle bakoitzaren eguneroko arreta eskatzen
du. Horrela, euskal gizartean XX. mende hasieran, biztanleriaren eta komunitatearen
bizitza erabaki eta antolatzen zutenen artean mediku higienista eta
osasun arduradunek jokatutako papera erabakiorra izan zen ohitura berriak zabaltzeko
eta osasun eta higiene teknikak orokortu eta hedatzeko. Laburbilduz,
hezkuntzaren aurrerapena 1935 arte osasun trantsizioaren zati bat gizartearen
ikuspegitik ulertzeko gakoa izan zen.
Euskal hirietan hilkortasuna murrizteko borroka handi bat airearen bidez kutsatzen
ziren gaixotasunak erauzteko egin zen; arnas aparatuaren gaixotasunak ezabatzeko
ahalegina batez ere, biztanleriaren bizi baldintzekin lotuta baitaude
gaixotasun horiek. Alde batetik, hiri handietan biztanle pilatze itzelak atzerapen
nabarmena eragin zuen infekzio horiek gainditzerakoan. Biztanleriaren bizilekuen
eta etxebizitzaren arazoa, konpontzeke zegoen oztopoa izan zen euskal
hirietan urte luzez. Lehenengo ekimenak ez ziren burutu 1920 ondoko hamarraldia
arte eta, gainera, ez ziren aski izan, ez eta gutxiagorik ere, industri hiri batzuetan
zegoen arazo larria konpontzeko.
Bestetik, hilkortasunaren murriztea, arnas aparatuaren gaixotasun kutsakorren
ondorioz, oso estu dago lotuta giza gorputzaren defentsak hobetzearekin.
Bizi mailak, eta bereziki soldata errealak, biztanleriaren zati batentzat hobetu ziren
heinean, arnas bidezko infekzioekiko erresistentzia handitu egin zen, eta arrazoi
garrantzitsuenetakoa izan zen, ez bakarra ordea, hilkortasunaren mendeetako
beherakadaren lehen aldietan.
Gaixotasun horiekiko zeregin prebentiboa eta profilaktikoa ebazten erabakior
lagundu zuen ospitale eta sorospen egitura ez zen garatu 1937-1957 aldira
arte. Nahiz eta administrazio politikan izandako hobekuntza, batez ere osasun
instituzioen alorrean, berandu iritsi zen, argi eta garbi dago herrialde urbanizatuenak
horri etekin ona atera ziotela. Epe labur eta ertainera, euskal hirietako
hilkortasunarentzat ondorio atzerakorrak erakarri zituen industria prozesu berak
sortu zuen gerora eraldaketa eta hobekuntza ahalmen handiagoa bere biztanleriaren
biziraupen aukeretan nekazari eremuetan ez bezala. Horrela Bizkaiko industria
iraultzaren ingurune baldintza bereziek lurralde horretan trantsizio demografikoa
kasik hogeita hamar urtetan atzeratu bazuten, garapen ekonomikoaren
faktoreak herrialde industrializatu horien alde jokatu zuen, jokaera demografikoen
modernizazio erritmoa bizkortuz.
Azkenik, 1945etik aurrera medikuntzaren eta zientziaren garapenak eta aurreramenduak
prozesu hori guztia bizkortu zuen. Antibiotikoak eta sulfamidak
zabaldu zirenean garatzen den aldi horretan, gaixotasunen aurrikuspenean ez
baino sendakuntzan eta terapian ahalegintzen da medikuntza. Lehen Mundu Gerratik
aurrera, medikuntza alorreko aurkikuntza zientifikoen esportazioaren eta
zabalpenaren bizkortzea, haien hartzaile diren giza sailen garapen ekonomiko
eta soziala baino aurrerago doa askotan. Testuinguru horretan, hilkortasun beherakadaren
bigarren aldi honetan, kronologiaren zergatiaren azalpentzat garapen
ekonomikoaren irizpideaz gainera, irizpide geografikora eta teknika zenbaiten
hedapenera jo behar dela adierazi behar da. Logikoa denez, Euskal Herriko
lurraldeak dinamika horren barnean sartuta daude.? Jaiotzen kontrol kontzientearen jatorriak
Ezkon-ugalkortasunaren beherakadaren kronologia egin nahi dugunean, herri
batean horretarako hiru baldintzak (prestakuntza, borondate ona eta aukera)
zein une historikoan datozen bat nahi dugu baloratu. Lehenik, biztanleriaren
prestakuntza egokia, ugalkortasunaren kontrolerako motibazio indibiduala dakarten
abantaila ekonomiko edo bizi mailatan bilakatzen da. Bizi maila jakin batzuk
lortzea ezinbestekoa da, igurikapen sozioekonomiko berriak sortu eta balioen
aldaketa bultzatzen duen familia muga eragitera zuzenduta dagoena. Hiriarenezaugarrietako bat da, hain zuzen, balioen eskalan eta biztanleriaren igurikapenetan
aldaketa hori gertagarri egiten duen bizi maila lortzea eskuragarri egiten
duela.
Ugalkortasunaren atzerapena euskal gizartean, hein batean hirietan kokatutako
industria biztanleriaren bizi maila kaskarrak duen garrantzitik dator. Soldatek
industria eta hiri kolektiboetan duten mailari begiratuz gero, egiazki esan daiteke
20ko hamarraldia arte horiek ez zutela igoera esanguratsurik izan. Zentzu
honetan, bizi baldintzek okerrera egiteak, hirigintza prozesu ia traumatikoarekin
batera, bideragaitza egin zuen, seme-alaben kopuruari zegokionean familiaren
errazionaltasun ekonomikorako jokaera modernoagoko ereduetarantz edozein
eraldakuntza burutzea.
Bigarrengoz, borondate ona jaiotzen kontrolaren onarpen morala edo zilegiztapena
bilakatzen da. Zentzu horretan esan daiteke euskal gizartea oso zatituta
zegoela eta oso irizpide batasun gutxi zegoela gai horri buruz bere kultura eta
ideologia kodean. Horrela, adibidez, interpreta daiteke joera tradizionalistako
ideologiek (nazionalismoa eta karlismoa), ?Jaungoikoa eta Legezarra? tradizio historikoan
eta oinarrizko printzipioetan errotuak, izaera defentsiboa izan zutela herri
kulturaren aurrean eta kultura hesi antzera jardun izan zutela beharbada urte
askotan, ezkon-ugalkortasun kontrolaren prozesuan.
Arrazoi horiengatik, euskal kasuan jaiotzen kontrol kontzientea atzerapen
handi xamarrez gertatu zen, bai bere urbanizazio prozesuari zegokionarekin alderatuz,
nola Europako gainontzeko herriekin alderatuz. Jaiotzen kontrol ohartua,
urbanizazio prozesuan duen kultura dimentsioan ulertuta, sintoma argitzat
jotzen badugu, hau da, hirietan bizi den jendearen jokaeran, pentsaeran eta jardueran
aldaketak sortzen dituen prozesutzat hartzen badugu, orduan zinez baietsi
egin daiteke hiri balioak XX. mendeko bigarren hamarraldia arte ez zirela ezarri
euskal esparruan.
Azkenik, ezkon-ugalkortasunaren kontrolak, 1930 eta 1940 artean areagotuak,
bestelako arrazoi batzuk ditu, Espainiako eskualde garatuenetan jada oso zabalduta
dauden jokaeren hedatzearekin zerikusia dutenak.
1960ko hamarraldiko ?baby boom?a eta ?bigarren trantsizio demografikoa?
1950 eta 1975 artean industriguneak, beste behingoz, migrazio mugimendu
sendo batentzat erakarpen ekonomikoaren gune bilakatu izanak azaltzen du jaiotza
tasak urteotan izandako gorakada sendoa, 1930eko hamarraldian areagotua
zen mendeetako joera azpikozgoratzeraino iritsi zena.
Urte horietan, inmigrazio emaitzaren pisu demografikoa bi hamarraldietan izandako
hazkunde interzentsalaren erdia izan zen. Belaunaldi gazteek garrantzia
handiagoa izan zuten biztanlerian, eta ezkontza eta jaiotza eredu dinamikoagoa
ekarri zuten, eta ezkontza adina eta lehen seme-alabak izatekoa aurreratu egin
zuten.
Horrela, XX. mendeko lehen hamarralditik garai hori bitartean izandako
ugalkortasun txikirako joera gelditu egiten da, eta biztanleriaren hazkunde sendoko
ziklo demografiko berri bati uzten dio lekua. Esan daiteke lurralde historikoek
beste boom demografiko bat bizi dutela abagune ekonomiko hedakor
baten ondorioz eta, agian, jaiotzak ugaltzearen aldeko ideologia ofizialak eraginda.
Europa mendebaleko beste eremu batzuetan bezala, hamarraldi bateko atzerapenez
izan arren, baby boom deituriko fenomenoa gertatu zen.
Hala ere, 1975etik aurrera joera demografiko berriak nabari dira, 1980 ondoko
hamarraldian areagotu eta gaur egun arte irauten dutenak. Batzuek ?demografiaren
krisialdia? deitu dute garai hau; beste batzuentzat, ?bigarren trantsizio
demografikoa? da. Batera zein bestera, iraganeko joera arras eteten duen aldi bat
da hau, ikuspegi berriak hartzen baitira eta joera demografiko berriak finkatzen,
zenbaitetan hala ere 1960ko hamarraldian izandako joeraren aurkakoak: esatebaterako migrazio emaitzak negatiboak dira, oso-oso negatiboak ez badira ere,
eta horrek biztanleria osoaren kopurua txikitzen laguntzen du. Tradizio inmigratzailea
hautsi egiten da 1977tik aurrera eta Arabak baizik ez du migrazio emaitza
positiboa, baina Euskal Autonomia Erkidegoan duen garrantzia kontuan hartuz,
ez du gipuzkoarren eta bizkaitarren migrazioa orekatzen.
Bestetik, 1970etik aurrera nabari den ugalkortasuna murrizteko joera garbi
ikusten da, eta nahiz eta joera hori 1980ko hamarraldian areagotu egiten den,
1990eko hamarraldian mantendu egiten da. Ez da azaltzen, oraingoz, aldaketaren
arrastorik, baina bai egonkortasun handiagoarena eta baita epe laburrean
hobetze arin baterako joera ere. Ugalkortasunari dagokionez Europa mendebaleko
herri gehienetan baino murrizketarako joera bortitzagoa eta nabarmenagoa
da, hamarraldi batean euskal emakumeek izandako seme-alaba kopurua 2,7tik
1,2ra murriztu baita; hau da, belaunaldien ordezkatze mailaren azpitik, gaur egungo
hilkortasun baldintzen arabera 2,1 seme-alabakoa baita belaunaldien ordezkatze
maila hori.
Joera demografiko berri horrek berdin eragin dio edozein adineko emakumeen
ugalkortasunari. Gaztetan seme-alabak izateko hasierako joera hura aldatu
egin da 1980ko hamarraldian: hogeita hamar eta berrogei urte tarteko adin taldea
da ugalkortasun handiena duena. Baina, amatasunaren atzeratze hori halaber
goranzko eragin zuzentzailea duen faktorea da erabilitako ugalkortasun adierazleetan.
Hau da, emakumeek beren amatasunerako duten adin banaketan
izandako aldaketa horiek esan nahi dute emakume askok beren ugalmena geroagoko
urteetan burutuko dutela, ziurrenik, nahiz eta seme-alaben kopurua,
edozein kasutan ere, askoz txikiagoa izango den 1975 baino lehen ohikoa zena
baino.
Ugalkortasunaren beherakada hori ez da soilik ezkonduek seme-alaba gutxiago
izatearen ondorioa (ezkontzaz kanpo izandako jaiotza kopuruaren garrantzia
ez da handia, ez baita 1986-87an ehuneko 6ra iristen; hala ere, bai bere pisu
erlatiboa bai bere kopurua nabarmen handitu dira azken urteetan), ezkontza
kopuruen beherako joerarekin ere lotura estua du, 1981 eta 1991 artean ehuneko
20 inguru murriztu baita kopuru hori. Aldagai hori aldaketa ekonomikoekiko
hain baitakoa izanik, 1970eko hamarraldian sortutako krisia erabat islatzen da
erakusle demografiko horretan.
Senar-emazteen batez besteko adinaren igoera jarraiak adierazten du ezkontza
gerorako uzten dela, askotan azkenean burutzen ez delarik, eta ez dirudi legeztatu
gabeko adostasunezko elkartzeek ordezkatzen duenik, nahiz eta sarriago
gertatu horrelakoak ere azken hamarraldian. Horrek guztiak seme-alabak
familiaren etxebizitzan luzez egotea dakar, 60 eta 70ko hamarraldietako emantzipazio
azkarrean gertatu ez bezala.
Europako beste herrialdeekin alderatuz, Euskal Herriko ezkontza kopuru txikiak,
eta orobat egitatezko elkartze kopuru urriak, ez du islatzen gazteen langabeziak
eta laneko ezegonkortasunak euskal gizartean duten eragina. Faktore
horiek halaber dibortzio proportzio txikiagoa eragin dute, iturri judizialetatik
datozen azken datuek banaketen hazkundea islatzen duten arren; horren guztiaren
ondorioz guraso bakarreko familiak edo eraketa konplexuko gune berriak
ugaldu dira.
Fenomeno demografiko horiek mendebaleko herri guztietan gertatzen dira
komunikabideen internazionalizazioaren ondorioz, eta faktore ekonomiko eta
kultural amankomunak daudelako batez ere, nahiz eta ez gertatu ez era homogeneoan
ez aldi berean ere herrialde guztietan. Alabaina, ezberdintasun garbiak
nabari dira Ipar Europaren eta Hego Europaren artean. Azken honetan, elkarbizitzaren,
dibortzio proportzioaren eta ezkontzaz kanpoko seme-alaben proportzioa
txikiagoa bada ere, ezkontza kopuruen beherakada eta ugalkortasunaren
urrizea handiagoa eta azkarragoa izan da beren ekonomiek krisiari aurre egiteko
zuten ahultasunaren ondorioz.Aldaketa horien ondorioak, gehiago ala gutxiago, erraz antzematen dira mendebaleko
herrialde guztietan: lehen-lehenik horietako askotan hazkunde demografiko
oso txikia eta ia negatiboa izatea; gero, biztanleriaren egituran aldaketa
nabarmenak izatea, ugalkortasunaren beherakadaren eta hilkortasunaren mendetako
beherakadaren ondorioz; eta azkenik, oso aldaketa handiak izatea familian,
ohiko eredu ugalkorra hautsirik.
Gizartearen eta ugalkortasunaren joera berri horiek interpretagaitzagoak eta
konplexutasun handiagokoak dira trantsizio demografikoaren lehendabiziko aldian
gertatutakoak baino. Trantsizioko lehen aldian ekonomiaren aldakuntzek
eta demografiarenek elkarrekin oso lotura estuak zituzten bezala, bigarren aldi
honetan egoeraren arrazoiak azaltzeko erroak ez dira ekonomiari dagozkionak
bakarrik. Kontuan hartzekoak baitira beste hainbat gertaera ere: sexualitatearen
onarpen sozialari dagokionez joera historikoak izan duen aldaketa, gizabanakoak
autonomia moral handiagoa izatea, antisorgailu metodo batzuk agertu izana,
pertsona helduek osatutako bikoteak duen garrantzia handiagoa, pertsona bakoitzak
bikotea eratzean dituen asmo pertsonalei aitortzen zaien garrantzi handiagoa,
emakumeen autonomia ekonomiko handiagoa, eta horrekin guztiarekin batera,
gizon-emakumeen arteko harreman eta truke eredu simetrikoagoa garatu
izana, XIX eta XX. mendeetan organizazio soziala iraunarazi duen sexuen arteko
eredu ez-simetrikoari kontrajarrita, bizi kalitatearen oinarri eta mugatzaile gisa.
Horregatik, eta egiturazko faktoreek aldaketa demografikoen euskarri gisa duten
eragina ahantzi gabe, bereziki azpimarratzekoa da familiari eta ugalkortasunari
buruzko irizpideek XX. mendearen amaiera honetan izan duten iraultzan kulturazko
faktoreek izan duten eragina.
Demografo askorentzat, gizabanakoen autonomia eta emakumeen emantzipazioa,
XX. mendeko azken hamarraldietako ?iraultza isiltzat? definitua, nahitaez
kontuan hartzeko faktorea da ezkontza proportzioak, ugalkortasunak eta
batez ere familia antolaketa berriak ekarri dituzten aldaketak ulertzeko, nahiz eta
kontuan hartu behar den, orobat, balore horiek oso lotura estua dutela emakumeen
hezkuntza mailarekin eta lanarekin, horiek sortzen eta mugatzen baitituzte
benetako aukerak.
Hala ere, Iparraldeko herrietako, Frantziako eta Erresuma Batuko joerek
erakusten dutenez, lan merkatuan eta politikan emakume gehiago izatea ez da
ugalkortasun handiago batekin, belaunaldien ordezkatze mailara ia iristen den
batekin, adostu ezin daitekeen gauza. Hau da, amatasuna emakume askoren asmoen
artean egon daiteke, baina lan baldintzek, hots, lanbidea eta ugalketa adostu
ahal izateko aukeran eragina duten baldintzek, eta orobat ardurak ezkontideen
artean banatzeko haien artean den prestutasun mailak ere, lagundu edo oztopatu
dezakete asmo hori.
Ez da horrela gertatzen Europako hegoaldean, non emakumeek lan munduan
izan ditzaketen esperantzak ez baitatoz, iparraldeko herrietan bezala behintzat,
edo haietan bezain sendo eta haietako esperientzia luzearekin, aukera berdintasunezko
politika sozialekin bateraturik. Ikuspegi hori larriagotu egiten da, bereziki
euskal gizartean ugalkortasunaren beherako joera gero eta gehiago areagotzen
duen krisialdi ekonomikoaren kinkagatik.
Emaitzari dagokionez, jaiotzen beherakadako eta hilkortasunaren areagotze
arineko bi hamarraldi igaro ondoren, euskal biztanleriaren berezko hazkundea
zero mugara ari da gerturatzen. Nahiz eta hilkortasun tasa gordinek goranzko
joera adierazi biztanleriaren zahartze handiagoaren eraginez, bizi itxaropena
hobetu egin da azken mendean, 1986an gizonezkoek batez beste 72,9 urteko
bizia iritsi baitute eta emakumezkoek 80,6 urtekoa.
Guztiaren ondorioz ateratzen da euskal biztanleriak, Europako beste eskualde
batzuek baino neurri handiagoan, XX. mende azkeneko iraultza demografikotik
eratorritako erronka ekonomiko, sozial eta politikoak dituela aurrean.