Departamento de Cultura y Política Lingüística

Atlas Historikoa»Atlas Historikoa

Euskal prentsaren hastapenak

XIX. mendearen erdialdetik XX. mendearen erdialdea arte Euskal Herrian argitaraturiko aldizkari nagusietako zenbait.<br><br>

 

EGILEA:

Lola Valverde Historian doktorea. Euskal Herriko Unibertsitatean, Gaur egungo Historiako Irakasle Titularra.

 

Prentsa politikoa

Euskal Herriko lehenengo aldizkako argitalpenak Independentziako Gerraren garaian azaldu ziren argitara; argitalpen horiek eite ofizialekoak ziren; hain zuzen Napoleonek zerabilen estrategian kokatu behar dira, hark Ebrotik iparraldera ziren eskualdeak Frantzia barnean ezartzeko zuen estrategian, alegia. Frantziarrek, Iruñean, Gazeta Oficial de la Navarra (1810) eta Donostian, Gazeta de Oficio del Gobierno de Vizcaya (1810-1813) argitaratzeari ekin zioten. Berez, prentsa frantsesa besterik ez da.

Tropa inperialek atzera jo ondorengo uneetan azaldu ziren herritik beretik sorturiko Prentsaren lehenengo argitalpenak: Ignazio Ramon Barojaren eskutik, La Papeleta de Oyarzun (1813-1814) saio xume baina interesgarria, beste ezer baino gehiago Madrilgo kazetarientzako albiste iturburu izen zena, edota El Correo de Vitoria (1813-1814) eta El Bascongado (1813-1814) konstituzionalistak.

El Bascongado da Bilbon agertu zen lehenengo aldizkaria. El Correo de Vitoriak bezala, irakurleen artean 1812ko Konstituzioa ezagutaraztea du xede. Aipatu biak astean bi bider azaltzen ziren, zaldizko posten sarrerek eta irteerek markaturiko maiztasunaren arabera, zaldia baitzen albisteak ekartzeaz gain beste hirietan aldizkarien aleak banatzeko zeregina betetzen zuena. Lehen aro honetan Prentsa ez da, oraindik, masa komunikabide: irakurle izan zitezkeenak gutxi baitziren oraindik, kontuan hartzen badugu analfabetismo tasak oso handiak zirela.

Prentsa, beraz, militante areago zen, askoz ere, ezen ez albiste emaile; propaganda politikoaren lanabesa zen bada, batez ere.

1814ean absolutismoaren berrezarpenak ipinitako isiltasun bortxatuaren ondoren, 1820-1823an, errejimen liberala sortu ondoren, agertu zen Donostian Euskal Herriko aldizkaririk mamitsuena, XIX. mendean: El Liberal Guipuzcoano (1820- 1823). Azken hau Donostian literaturazko tertulia liberal batean jaioa da; tertulia horretan erabakitzen ziren gehienik hiriaren nondik norakoak, hango izenik handienak Colladotarrak, Elías de Legarda, Brunet… baitziren. Argitaratzen zuten aldizkaria liberala eta konstituzioaren aldekoa da, inolako zalantzarik gabe: aldi berean moderatua eta katolikoa ere bazen, eta orobat Ilustrazioaren oinarri nagusiez jabeturik azaltzen da.

Liberal aldiko hiru urteetan Bilbon eta Iruñean argitaraturiko aldizkariek ez dute aurrekoek zuten garrantzia: El Despertador (1821-1822), Zamakolarena eta El Patriota Luminoso (1821-1822), moderatuak; El Verdadero Patriota (1822) eta La Atalaya de la Libertad (1823), liberal sutsuak eta konstituzio zale ote zen ere zalantza egin daitekeen El Navarro Constitucional (1822-1823) Lehenengo Gerra Karlistaren garaian borrokan ziren alde biek argitaraturiko publikazioekin amaituko dugu lehen aro hau: Isabelen aldeko El Compilador Militar de Vizcaya (1835) eta Correo del Norte (Donostian, 1834an). Beste aldekoa zen Gaceta Oficial, Don Karlosen Gortekoa (Oñati, 1835-1837).

 

Prentsa politikotik prentsa informatzailera

Mendearen erdialdeko hamarraldietan, Bilbo jarriko da buru prentsa kontutan, Donostia atzean utziz. Bilbok garai horietan izan zuen gorakada industrialaren hasierarekin lotu behar da hori guztia. Gai nagusia foruena da garai horietako euskal prentsan; azaltzen ari dira, bestalde, prentsari eite berria emango dioten ezaugarri berriak: burdinbideak eta telegrafoak albisteak askoz arinago eskuratzeko aukera emango dute; tresneria modernizatuak tirada handiagoak lortzea ahalbidetuz, nahitaezko eskolatzeak, bidenabar, irakurleen kopurua hedatzea dakarrelarik. Horrekin guztiarekin batera, pixkanaka kazetari profesionalaren irudia ere azaltzen hasiko da; lehenengo garaietan kazetak politikoek eta beste eremuko profesionalek idatzirik azaltzen baitziren, eta hauek ez zuten kazetaritza profesio gisa erabiltzen, beren ideiak hedatzeko bitartekari moduan baizik.

El Vascongado (Bilbo, 1840-1841), Euskal Herriko lehenengo aldizkari fuerista da, aurrez aurre polemika bizian El Vizcaino Originario (Bilbo, 1841-1843) eta Liberal Guipuzcoano berria (Donostia, 1840-1841) dituelarik; azken honek, merkataritzako interesak babesteko asmoarekin, liberalismo aurrerakoiaren izenean, aduanen tokialdatzea eta foruen kontrako zenbait eraberritze proposatzen zituen.

Aro honetako kazetarik garrantzitsuena Irurac-bat (Bilbo, 1856-1885) da. 1859tik aurrera egunkaria izan zen, baina ordurako azaldua zen jadanik Bilbon Villa de Bilbao egunkaria (1858-1860), denbora laburrean iraun zuena. Irurac-bat Juan E. Delmásek sortu zuen, bere zuzendarien artean Camilo Villabaso izan zelarik.

Kazetari liberal moderatua izatetik bazterragoko beste jarreretara pasa zen Sei Urtetako Iraultzailean.

Baionan Agustin Chahok Ariel sortu zuen (1844-1852). Joeraz errepublikazalea, bere orrietan oso-osorik euskaraz idatziriko eranskina barneratzen zuen, hots, Uscal Herrico Gaseta.

Aipatutakoa da, gainera, hizkuntza honetan inprimaturiko lehenengo kazeta.

Iruñeko lehenengo egunkaria El Progresista Navarro (1865) da, joera liberalekoa, eta Donostiako lehenengoa, liberala hau ere, El Aurrera (1868-1870). Urte batzuk lehenxeago bizia laburra izan zuen egunkari bat argitaratu zuten Gasteizen: El Nuevo Avisador Vitoriano (1861).

 

Enpresa kazetaritza eta masa prentsa

Bigarren Gerra Karlistaren ondoren, Bizkaian aldaketa sozioekonomiko nahiko nabarmenak gertatu ziren; aldaketa horiek Gipuzkoan apalagoak izan ziren; eta hori guztia prentsan islatu zen, zuzenean. Kazetek, politika kutsua baztertu gabe, taldekideengana baino gehiago, jendetza askoz zabalago batengana iritxi nahi zuten, argitaraturiko gaiak gero eta zabalagoak izanik, hala nola albisteak, erreportaiak, elkarrizketak eta -batez ere–, gertakariak, ezinbesteko foiletinak ahaztu gabe. Kazeta merkataritza gai bihurtuko da, etekinak lortzearren saldu beharrezko zerbait, alegia, honetarako publizitateak lagunduko badu ere.

Irakurle kopurua hedatu nahirik, teknika zehatzagoak erabiliko dituzte eta izenburu nagusiak azalduko zaizkigu, kazeta beraren luzezabalerak handitzen direlarik. Borroka honetan Irurac-bat-ek Noticiero Bilbaino-ri(1875-1937) utzi beharko dio nagusigoa, azken kazeta hau, Etxeberria familiarena, politikoki independente izaten saiatu zelarik.

Donostian La Voz de Guipúzcoa (1885-1936) da errepublikazaleen egunkaria eta integristek beren aldetik El Fuerista (1888-1898) sortu zuten.

Bilboko egunkari handienak 1900dik aurrera hasiko dira azaltzen. 1901ean hainbat joera politiko duen talde katoliko batek La Gaceta del Norte argitaratuko du El Liberal (1901-1937) ezkertiarraren propagandari aurre egiteko asmoz. Moyak sorturiko azken egunkari bikain honen lehenengo jabea Sociedad Editorial de España izan zen, “El Trust” izenaz ezagunagoa, eta ondoren, azken urteetan, Indalezio Prietok erosi zuen, eta 1931tik 1937ra arte errepublikazale-sozialisten batasunaren bozemaile moduan erabili zuen. Egunkari herrikoia izanik langilegoak huraxe irakurtzen zuen gehien. La Lucha de Clases (Bilbo, 1894-1937) astekaria, sozialista zirenen artean irakurri ohi zen, batez ere.

1913an, Eusko Alderdi Jeltzaleak Euzkadi (1913-1937) sortu eta laster Euzko Pizkundia enpresaren mende geratu zen, Engracio de Arantzadi (“Kizkitza”) Euzkadi-ko zuzendari zenak eta Anacleto de Ortuetak kontrolatzen zutelarik enpresa hori. Arantzadik, Gipuzkoan abertzaletasunaren eragile eta Aranaren adiskideak, 1927 arte zuzendu zuen egunkaria. Ale kopurua beste kazeta handien antzekoa zuen: El Liberal, El Noticiero Bilbaino eta La Gaceta del Norte-ren modukoa, alegia. Argitalpen horiek 10.000 aleren inguruan ibili ohi ziren, gorabehera nabarmenekin hala ere.

Donostian Rafael Picaveak El Pueblo Vasco (1903-1936) sortu zuen; katoliko eta moderatua izanik, abertzaleei bertako orrialdetan idazteko bide eman zien, hauek ez zutelako hiri horretan beren kazetarik.

Iruñean El Porvenir Navarro (1898-1900) desagertaraztean polemika gorriak biztu ziren; eta orduan gertatu zen Basilio Lacort kazeta horren sortzaile eta zuzendariaren eskumikua ere. Honek, ondoren, El Porvenir-en ordez La Nueva Navarra sortu zuen eta erantzun modura besteek La Vieja Navarra (1900-1901) atera zuten, “Basilio Lacort eskumikatuak zuzentzen duenaren ideiak borrokatu asmoz argitaraturiko astekaria”, bertako orrialdeetan ziotenez.

1920 ondoko hamarraldian prentsak jendetza komunikazio bide bakar izateari utziko dio, bere espazioa medio berriekin banatu beharko baitu: irratiarekin eta zinemarekin, alegia. Irratiak Bilboko Hotel Carltonen bere lehen emisioak emateari 1925ean ekin zion, EAJ9 ezaugarriarekin eta gai kulturalak zituen helmuga, batez ere. Urte berean Radio San Sebastián sortu zuten. 1924ean Bilboko Olimpian lehenengo euskal luzemetraia estreinatu zuten, Aureliano González y Gil de Espinaren Edurne, modista bilbaina izenekoa. Film hau gure herriaren ikuspegi moderno eta urbanoa ematen saiatu zen, Azkona anaiek, geroago, El Mayorazgo de Basterretxe izenburua zuen eta 1928an errodatu zen beste film luze klasikoagoan ez bezala.

 

Euskal Herriko egunkariak, herrika sailkatuta

 

Egunkari politikoak eta informazio orokorrekoak, 1803 eta 1944 bitartean