Departamento de Cultura y Política Lingüística

Atlas Historikoa»Atlas Historikoa

Gerra zibila Euskal Herrian

1936ko urrian, Agirreren lehendakaritzapean, Euskal Gobernua eratzeak (argazkian, gobernuaren aurreneko bilera) garrantzi handia izan zuen, Bizkaiko defentsa antolatu ahal izateko, besteak beste. Euzko Gudarosteak bere gain hartu zuen betebehar hori.<br><br>

 

EGILEA:

Félix Luengo Teixidor Donostia, 1954. Aro Modernoko eta Gaur egungo Historian lizentziaduna; Informazio Zientzietan doktore. Gaur egungo Historia Saileko irakasle titularra Euskal Herriko Unibertsitatean, Gizarte eta Informazio Zientzien fakultatean. Gerra zibila Euskal Herrian gaiari buruz hainbat idazlan argitaratu du.

 

Nazioarteko egoera

1930-1940 urteak ekonomia krisi larriko eta, horrenbestez, iskanbila politiko handiko urteak izan ziren Europa guztian. Horren ondorioz, gobernu sistema demokratiko batzuk desagertu, eta aginpide osoa zuten gobernu sistema totalitarioek hartu zuten haien lekua. Italia (aurreko hamarralditik jada), Alemania, Austria, Errumania, Bulgaria, Grezia, Estonia, Letonia, Lituania eta Espainiak ere alderdi bakarren mendean zeuden herrialdeen zerrenda tristea luzatu zuten urte horietan. Gainera, I. Mundu Gerraren amaiera ekarri zuen Versaillesko Bake Ituneko erabakiak zirela eta, Alemaniako Hirugarren Reich-ak erabaki onartezin haien aurka hartu zuen jarrera gogorrak urduri jarri zuen kontinente osoa. Gauzak horrela, estatu demokratikoen eta faxismoaren aldekoen arteko borroka berahala hasiko zela ematen zuen, eta baita hasi ere, ezinbestean, hamarraldi horren amaieran, 1939an II. Mundu Gerra piztu zenean.

Espainiak berreskuratu berri zuen parlamentu sistema demokratikoa –1931n II. Errepublikak ekarri zuena alegia– militarren matxinadak zapuztu zuen, eskuineko alderdi batzuek lagunduta. Ez zen, ordea, horretan gelditu dena: altxamenduak, erdipurdiko altxamendua izan zenez, gerra zibila eragin zuen, gerra zibilluzea, 1936ko uztailetik 1939ko apirilean errepublikazaleak erabat menderatu artean, herrialde osoari hondamendia baino ekarri ez ziona.

Hain zuzen ere, parlamentu sistemaren aldekoen eta aurkakoen arteko lehenengo gatazka armatua izan zen hura, II. Mundu Gerra izango zenaren aitzindari argia, askoren iritziz. Gerra ekarri zuten gorabeherak, hala ere, desberdinak izan ziren orduan. 1936ko Europako mapa aztertuz gero, badirudi herrialde demokratiko nagusiei (Ingalaterrari eta Frantziari) komenigarria zitzaiela Espainiako Errepublikaren alde egitea, Pirinioz bestaldean Alemania naziaren eta Italiaren aliatu berri bat sor ez zedin. Hala ere, neutral izaten saiatu ziren bai bata bai bestea, bi arrazoi hauengatik: alde batetik, Frantziako Front Populaire-k ahalik eta tirabira gutxien nahi zituelako Alemaniarekin, gatazka beste herrialde batzuetara zabal ez zedin; bestetik, Ingalaterrako kontserbadoreak, Errepublikaren barneko egoera ikusita, “boltxebismoa” zabalduko zen beldurrak zeudelako, are gehiago gerra bitartean izan ziren iraultza saioak izan eta gero.

Horren ondorioz, Europako herrialde gehienek Espainiako Gerran Ez Esku Hartzeko Ituna izenpetu zuten 1936ko abuztuan, eta horren bidez, gerran esku ez hartzeaz gainera, borrokan ari ziren aldeei hornigaia ukatzea ere hitz hartu zuten. Alemaniak eta Italiak, ordea, ez zuten ituna bete, eta horrek abantaila handia eman zien (gerra hegazkinak eskuratzeko aukera, besteak beste) Errepublikaren aurka altxatu zirenei, errusiarrek eta “Nazioarteko Brigadek” Errepublikari emandakoa baino laguntza handiagoa izan baitzuten, eta horrek, noski, eragin handia izan zuen gerraren bilakabidean.

Beraz, Europako herrialdeen arteko giroak, tirabirez betea, ez zion ez, mesederik egiten II. Errepublikari, eta hala, Espainiako errejimen parlamentarioa haren aurka altxatu zen – eta berehala, buruzagitza Franco jeneralak hartu zuen– gudarostearen mende geratu zen, gudaldi luze baten ondoren.

Altxamendu militarra, nolabait, Errepublika aldarrikatu zen une berean hasi ziren prestatzen, esateko, baina 1936ko otsaileko hauteskundeak Frente Popularrak irabazteak aurreratu egin zituen planak. Iruñeak garrantzizko lekua izan zuen konspirazio hartan, han baitzen, izan ere, mugimenduaren antolatzaile nagusia, Mola jenerala.

 

Gerraren hasiera

Militarrek dena prest zeukaten ahalik eta eperik laburrenean botere gune nagusiak hartu, eta Frente Popularraren Gobernuaren ordez agintaritza militarra ezartzeko.

Jazarraldiak, baina, mugimendu zabala osatu arren, erresistentzia gogorragoa topatu zuen uste zuena baino, eta ez zuen bere helburua oso-osorik betetzerik izan. Altxamendua izan eta egun gutxira, herrialdea bi zatitan banatua zegoen; eremuz, alde bakoitzak luze-zabalera bertsuko lurraldea hartzen zuen, baina jendez eta baliabidez errepublikarren kontrolpean zegoena zen nagusi.

Gerra zibila saihets ezina zen jada.

Euskal Herriak egoera zaila izan zuen uztailaren 18a eta gero. Uste zen bezala, Nafarroan eta Araban ia oztoporik gabe nagusitu ziren jazarraldiaren aldekoak, eta laster kontrolatu zituzten bi lurralde horiek: alde batetik, probintzia horietako agintari militarrak altxamenduaren aldekoak zirelako guztiak, eta, bestetik, konspirazioan nahastu ziren alderdiek (alderdi karlistak batez ere) oinarri sozial sendoak zituztelako. Zapalkuntza latza izan zen, latza eta odoltsua (1.500- 3.000 pertsona inguru hil zituzten Nafarroan), eta egun gutxitan betiko isilarazi zuten oposizio ahalegin txikiena ere. Bestela gertatu zen, ordea, kostaldeko probintzietan, non talde politikoak (hiru sail nagusitan banatuak: eskuindarrak, Frente Popularra eta Euzko Alderdi Jeltzalea) parekatuagoak baitzeuden, 1936ko otsaileko hauteskundeek erakutsi zuten bezala. Bizkaian, gudarostea ez zen altxatu, nahiz eta Garellanoko koarteleko ofizial batzuk matxinadan nahastuak egon, eta Echeverria Novoa gobernadore zibilak aise kontrolatu ahal izan zuen egoera.

Gipuzkoako egoerak korapilo gehiago zeuzkan: probintziako komandante militarra, Leon Carrasco, duda-mudan egon zen; lehenengo egunetan gatazkan parte hartu gabe egon zen, estatuko beste lekuetan gerta zitekeenaren zain. Uztailaren 21 arte atzeratu zuen jazarraldia, eta, hala, agintari zibilek eta alderdi errepublikazaleek defentsa antolatzeko denbora izan zuten. Hala, guduak hasi zirenean, matxinatuak galtzaile atera ziren Donostiako borrokaldian, eta errepublikazaleen kontrolpean gelditu zen Gipuzkoako probintzia.

Beraz, Euskal Herria ere bi zatitan banatua gelditu zen: alde bat matxinatuen kontrolpean, eta errepublikazaleen mendean bestea. Errepublikazaleen mendeko partea –Kantauri itsasalde osoa– bakarturik gelditu zen ordea, legez zegoen gobernuak kontrolatzen zuen lurraldetik bereizita alegia. Egoera horrek eragin handia izan zuen gerraren bilakabidean eta ondoko hilabeteetako politika gorabeheretan, bereizketak gobernu zentralaren eta euskal agintarien arteko harremanak galarazi baitzituen, hala zibilen alorrean nola militarrenean, azken honetan batez ere. Azken puntu horri dagokionez, gainera, gauzek okerrera egin zuten, Gerran Ez Esku Hartzeko Itunak blokeoa zekarrelako, hala itsasaldean nola nazioarteko mugaldean.

Gerra, egia esan, ez zen asko luzatu Euskal Herrian. 1937ko ekainerako, gerra hasi eta hamaika hilabetera, gudaroste frankistaren mendean zen Hego Euskal Herri guztia. Batetik, lurraldearen garrantzi estrategiko handiak –besteak beste meatzeak eta industria astuna zituelako–, eta bestetik, errepublikazaleen eskuetatik libratu beharrak akuilatu zituen buruzagi frankistak Euskal Herria hartzera.

Espainiako gerra zibilean “Iparraldeko kanpaina” esan zitzaiona gerrako ekinaldi garrantzitsu eta erabakigarrienetako bat izan zen, ez bakarrik ondorioengatik, baita izan zuen bilakaeragatik eta militarrek erabili zituzten bitarteko eta estrategiengatik ere.

Ez da ahaztu behar, gainera, gerran zirenean eman zela Autonomia Estatutua –1936ko urrian– eta, beraz, lehenbiziko aldiz, Euskal Gobernua eratzeko aukera.

Gobernu horrek, bada, Agirreren lehendakaritzapean, bere gain hartu zituen matxinatuen aurkako defentsa eta, gerra zelako Bizkaira mugatzen bazen ere, lurralde autonomoaren administrazioa.

Hilabete hura, 1936ko urria, Estatutua onartu zenekoa, gerrako mugarri ere bada, gerrak Euskal Herrian izan zituen bi aldiak bereizten ditu eta. Lehenengo aldian, guduak Deba ibairaino iritsi ziren artekoan, Gipuzkoa matxinatuen esku erori zen. Lehenengo aldi hartako protagonista nagusiak Defentsa Batzordeak eta Frente Popularreko alderdiak izan ziren; antolakuntza eta partaidetza urriko gerra izan zen (batez ere lehenbiziko egunetan), eta gehienbat lubakietatik borrokatu zen. Bigarren aldian, hasieran (1936ko azaroa), matxinatuak Madril hartzen saiatu zirenean, gudaldi gutxiago izan zen. Ordurako Euskal Gobernu autonomoak zuen Euskal Herriko defentsaren ardura. Horretarako eratu zen euskal gudarosteak kontraeraso ahalegin bat ere egin zuen, arrakastarik gabe, Legution.

Hurrengo urtean, apirilean, Molaren osteek “Iparraldeko kanpainari” ekin zioten; Bilbo hartu zuten arte luzatu zen ekinaldia, ekaina arte alegia. Handik bi hilabetera, euskal gudarostea errenditu egin zen, Santoñan, italiarren aurrean; horrekin amaitu zen Euskal Herrian gerra. Bigarren gerra aldi hori lehenengotik zeharo ezberdina izan zen: bai batzuek bai besteek soldadu eta arma gehiago erabili zituzten, eta guda ekintzak ere beste era batera antolatu zituzten.

 

Gerra zibila Gipuzkoan

Gerrateak, lehenengo aldian (Gipuzkoa erori zenekoan), hala moduzko antolaketa izan zuen, errepublikazaleei dagokienez behintzat. Nafarroatik barrena sartuta Gipuzkoa hartu nahi zuten osteei –gudaroste erregularra, batetik, eta bere borondatez joandako karlisten oste ongi prestatuak, bestetik– aurre egiteko nolabaiteko defentsa antolatu zuten agintari zibilek, hainbat alderditako milizia kideekin, oso arma gutxirekin eta ia buruzagi militar profesionalik gabe. Lurraldea menditsua eta borrokalariak suharrak izanik, lubakietatik edo buruz buru egin zen gerra.

Esan bezala, Loiolako koartelaren matxinada atzeratu izanak –Carrasco komandantea duda-mudatan ibili baitzen lehenbiziko egunetan– defentsa antolatzeko aukera eman zien Donostiako Frente Popularreko kideei, eta baita gudaroste bat, milizia bat, antolatzeko ere; milizia hori hilaren 21ean hiritik irten zen Gasteiz erasotzeko asmoz. Egun berean, ordea, Loiolan, Vallespín teniente koronela altxatu zen, eta eskuindarren arteko kideek hiriko alde batzuk hartu zituzten.

Miliziak berehala itzuli behar izan zuen hiria defenditzera. Egun horretan bertan, gauean, eta hurrengoan, goizaldean, guda egin zen Donostiako kaleetan.

Loiolako soldaduek koartelera itzuli behar izan zuten galtzaile, eta han gelditu ziren, setiaturik. Hurrengo egunetan miliziako kideek –komunistak eta anarkistak batez ere– hiriko beste erresistentzia guneak menderatu zituzten. Loiola hilaren 28an errenditu zen.

Nafarroako gudarosteak Gipuzkoan sartzen hasiak ziren ordurako. Borroka antolatu beharra zegoen, eta horretarako, agintaritza zibilaren ahultasuna zela eta, Defentsa Batzordeak eratu ziren, non Frente Popularreko alderdi politiko guztien ordezkariak zeuden, anarkistekin eta euskal abertzaleekin batera. Azken hauen jarrerak garrantzi berezia izan zuen. Beren ohiko jarrera, ezkerreko alderdien aurkakoa, eragozpena izan zitekeen Errepublikaren aldekoekin elkartzeko.

Hain zuzen ere, abertzale batzuk –Arabakoak batez ere– duda-mudatan ibili ziren altxamenduaren aurrean. Gipuzkoan eta Bizkaian, ordea, hasieratik bertatikarbuiatu zuten militarren konspirazioa, eta legezko Gobernu errepublikarraren alde egin zuten.

Hala ere, batetik, anarkistek eta komunistek protagonismo handia izan zutelako lehenengo egunetan, eta, bestetik, tirabirak izan zirelako –Loiolako koartela errenditu ondoren anarkistak hango armez jabetzeagatik, esate baterako–, EAJk, Donostiako Defentsa Batzordean partaide izan bazen ere, ez zuen gerraren lehenengo guduetan esku hartu. Jeltzaleek, Azpeitian bildu, eta, sozialistek Eibarren bezala, Defentsa Batzorde propioa eratu zuten, zeregin nagusia Euzko Gudarostea izan zenaren ernamuina antolatzea izan zuena. Nolanahi ere, Oria bailarako gudaldietan parte hartu zuten.

Milizia errepublikazaleak logistika eskasagoa izan arren, eta antolaketan hutsune handiak bazituen ere –hauen prestijiozko buruzagi militar profesional bakarra, Perez Garmendia, gerratearen lehenbiziko egunetan hil zen Oiartzungo frontean–, aurre egin zion, tinkotasunez egin ere, Nafarroa aldeko gudarosteari.

Nafarrek Bidasoa ibaiaren aldetik jo zuten eraso nagusia, baina Endarlatsako zubia hautsita zegoela eta, mendiz mendi joan behar izan zuten Oiartzun aldera; Loiolan setiaturik zeuden errejimentuei lagundu nahi zieten. Ondorengo asteetakoak izan ziren borrokarik gogorrenak, Pikoeta, Erlaitz, Aiako Harriak, Zubeltzu eta San Martzial mendietan. Matxinatuek, lehenengo aldiz, kopuru handitan erabili zituzten artileria eta gerrako hegazkinak, baina, hala ere, errepublikazaleek erresistentzia gogorra egin zieten. Azkenean, irailaren 5ean, matxinatuek Irun hartzea lortu zuten, eta Frantziako muga itxita gelditu zen.

Bien bitartean, beste oste batzuek Oria ibarretik eta Berastegitik sartu eta, eragozpen handirik gabe, Beasain eta Tolosa hartu zituzten; abuztu erdialderako Andoainen ziren. Irun menderatuta, probintziako hiriburua setiaturik gelditu zen, ia osorik. Handik aste betera, irailaren 13an, erori zen Donostia matxinatuen eskuetan, biztanle askok eta askok aldegin ostean. Gipuzkoa Molaren osteen mende zegoen. Irailaren azken aldera, kostaldetik eta lurralde barneko ibarretan barrena, aurrera egin zuten matxinatuen osteek –bidean buru egingo zienik ia aurkitu gabe–, Bizkaiko muga inguruetaraino. Gerra frontea Elgeta eta Eibar aldeko mendietara iritsi zen.

 

Euskal Gobernua

Gerraren beste aldi bat hasi zen orduan. Urriaren 7an Estatutua onartu zen, eta horrekin, Euskal Gobernua eratu zen, EAJ alderdia buru zuela. Harrezkero Euskal Gobernuak izan zuen gerrako buruzagitza: berehala bere gain hartu defentsa antolatzeko erantzukizuna, eta euskal gudarostea eratu zuen, antolakuntza hobekoa eta eraginkortasun handiagokoa –hala ere alderdi politikoen batailoiak mantendu ziren artean–, eta arma eta munizio gehiagorekin.

Baina, Madril hartzeko gudaldia hasi zen horretan, 1936-1937 bitarteko udazken-neguetan luzatu zena. Madrilgo guduak zirela eta, guxitu egin zen euskal lurretako fronteko presioa, eta horrek aukera eman zion gobernu eratu berriari bere gudarostea antolatzeko eta lurraldea hobeto babesteko, lubakiak eginez eta gotorlekuak eraikiz, Bilbo inguruan batez ere, “Burdinazko Hesia” esan zitzaion harekin. Arabako Legutio aldean eraso egitea ere pentsatu zen. Espainiako Iparraldeko Armadaren buruzagiek prestatu zuten erasoaldia, eta helburu nagusia Gasteiz eta Miranda aldera aurrera egitea zuen. Euskal Gobernuaren eta Espainiako Iparraldeko Armadaren buru zen Ciutat kapitainaren artean izandako koordinazio arazoak, eguraldi txarrak, hegazkinen laguntzarik ezak eta matxinatuen gudarostearen erresistentziak zapuztu egin zuten ekinaldi hura, azaroaren 30ean hasi eta egun batzuk geroago, Legutio berreskuratu gabe, amaitu zena.

 

Gerra zibila Bizkaian

1936ko udazken-neguetan Madril hartzeko Francok egin zuen ekinaldiak porrot egin eta gero hasi zen gerratearen azken aldia Euskal Herrian. 1937ko martxoaren amaieran, matxinatuen gudarosteak Espainiako iparraldea hartzeari ekin zion; lehenengo egitekoa Bizkaia hartzea izan zuen. Artileria eta gerrako hegazkin guztiak –Alemaniako Condor Lejioa tarteko– eta infanteriako soldadu asko –baita brigada italiar bat ere– erabili zituzten horretarako: 40.000-60.000 bat soldadu (Gipuzkoako ekinaldian, aldiz, 7.000 soldadu inguru izango ziren), artileriako 200 bat pieza, eta 100 bat hegazkin guztira. Horien aurka egiteko, euskal gudarosteak 40.000 soldadu inguru zituen (93 batailoi, Asturiastik eta Kantabriatik iritsitako laguntza barne), artileriako 100 pieza baino gutxiago, eta bi hegazkin talde baino ez, hala-holakoak gainera.

Hegazkinen urritasuna –itsasoan ezarritako blokeoagatik eta Euskal Herria errepublikazaleen mendeko lurraldetik bereizita egoteagatik konponbinderik izan ez zuen gabezia– da euskaldunek gudu hura hain agudo galdu izanaren arrazoi nagusia. Kanpaina horretan hain zuzen ere frankistek gerra egiteko era berri bat erabili zuten lehengo aldiz, artileriari eta gerrako hegazkinei lehentasuna emanez: orduak edo egunak etsaiei erasoka aritzea infanteria sartu aurretik. Hala, gerra molde horrek agerian utzi zuen euskal gudarostearen ahultasuna, etsaien erasoei aurre ezin eginik, buruz buruko gudua noiz egingo zain zegoena.

Kanpaina horretan gerra modernoaren beste “teknika” bat saiatu zen: herriak bonbardatzea, herritarrak izutzeko eta etsaien erresistentzia ahultzeko asmoz.

Besteak beste Durangok eta, batez ere, Gernikak pairatu zuten hegazkinen sofrikarioa.

Gernikako kasua da, zalantzarik gabe, ezagunena: esanahi bereziko herria baitzen, erasoa oso gogorra izan zen, eta jende asko hil zen; bonbardaketak, gainera, eztabaida piztu zuen hainbat herrialdetan –Francok eta haren hagiografoetako batzuek, aldiz, euskal gudarosteari leporatu zioten Gernika suntsitzea–.

Apirilaren 26an, azoka eguna zelarik, Alemaniako Condor Lejioak behin eta berriz eraso zion bonbaz Gernikako herriari –ikuspegi militarretik begiratuta aparteko garrantzirik ez zuen–: herriaren bi herenak suntsitu, eta ehundaka pertsona hil zituzten.

Hala ere, euskal gudarosteak gogor egin zien matxinatuen erasoei, eta lekuak zaintzeko eta menderatzeko borrokak –buruz burukoak, lekuak beretuz eta hurrena galduz– latzak izan ziren.Erasoaldia martxoaren 31n hasi zen, Arabako mugatik Ubide eta Otxandio aldera lehenbizi, eta, handik gutxira, Gipuzkoa aldetik ere bai (Elorrio-Elgeta- Kanpantzar); Gipuzkoako alde horretan izan ziren borrokarik gogorrenak, Intxorta inguruetan batik bat. Apirilaren 20-23 bitartean, Aramaiotik abiatuta, eta Udalaitz mendian barrena, García Valiñok Elorrioraino sartzea lortu zuen; hurrengo egunetan Elgeta-Elorriotik kostaldera bitarteko guztia erori zen matxinatuen eskuetan, Eibar, Markina, Durango, Gernika eta Bermeo barne.

Maiatzean Sollube eta Bizkargi mendietan izan ziren erasoak; han ere erresistentzia gogorra egin zitzaien matxinatuei. Azkenik, Mungiako ibarrean sartu eta “Burdinazko Hesia” zegoen tokiraino iritsi ziren oste frankistak. “Burdinazko Hesia” apurtzea bi alditan egin zen: lehenbizikoan, maiatzaren 28tik ekainaren 5a artekoan, gudu gogorrak egin ziren Lemoa mendian; hura beretu ondoren iparraldetik eta ipar-ekialdetik gainditu zuten hesia, eta Bilboko mendiak hartu zituzten (ekainaren 11-19 bitartean). Hesiak hegazkinen erasoari aurre egiteko defentsarik ez zuenez, eta ezta tarteko laguntza posturik ere –gainera, Bilbotik gertu zegoen, eta eraikitze lanak bukatu gabe ziren–, matxinatuek erraz gainditu zuten Bizkaiko hiriburua defenditzeko asmoz eraiki zen gotorleku hura.

Ekainaren 17an Bilboko biztanleak bertatik ateratzea erabaki zuen Euskal Gobernuak, eta, bi egun geroago, gudaroste frankistak hiria beretu zuen. Gobernu errepublikarrak lantegi eta eraikuntza estrategiko guztiak suntsitzeko agindua eman zuen, etsaien esku gera ez zitezen, baina EAJk aginduari jaramonik egin ez, eta nahiago izan zuen Bilboko eta bailarako azpiegitura zibila oso-osorik uztea.

Bizkaiko gainerako eskualdeak (Nerbioi ibaiaren ezkerraldea eta Enkartazioak) inolako erresistentziarik gabe erori ziren frankisten mendean 1937ko ekainaren 22tik uztailaren 2ra bitartean.

Euskaldunei dagokionez, gerraren azken gorabehera aipagarria Euskal Herritik kanpo gertatu zen, Santoñako hondartzetan hain zuzen ere. Lurraldea galdu ondoren, Euskal Gobernuak eta Gudarosteak Kantabria aldera aldegin zuten, Errepublikak irauten zuen lurretara joan eta handik borrokan jarraitzeko asmoarekin.

Baina, Kantabriatik irteteko zailtasunak eta frankisten aurrerakada bizkorra ikusita, EAJk, gudaroste italiarrekin hitz hartuta, bere osteak errenditzea erabaki zuen. Hala, Espainiako Iparraldeko Gudarostearen aginduei muzin eginez, euskal batailoiak Laredon eta Santoñan bildu, eta gudaroste italiarren aurrean errenditu ziren. Abuztuaren 26a zen. Handik gutxira, ordea, eta hitz hartutakoarenaurka, gudaroste frankistek italiarren lekua hartu, eta eusko gudariak presondegi frankistetan espetxeratu zituzten.

Gerrak ia bi urte gehiago iraun zuen, euskal mugetatik urrun, harik eta, 1939ko otsailean, azken errefuxiatu errepublikazaleek –Agirre lehendakaria eta haren gobernuko kide batzuk tartean zirela– Katalunia aldetik Frantziako muga igaro, eta erbesterako bidea hartu zuten arte. Frankismoak –Araban, Nafarroan eta Gipuzkoan 1936. urterako, eta Bizkaian 1937rako ezarria– Espainiako lurralde osoa menderatzen zuen ordurako. Gero, gorabehera handiko gertaerak izan ziren Europan, II. Mundu Gerra izan zen, esate baterako, eta Hitlerrek gerra galtzeak diplomazia arazo larriak eragin zituen hurrengo urteetan –Europako hainbat estatu faxista desagertzen ziren bitartean–, baina, hala ere, hurrengo hamarraldi luzeetan, Francok aginpide oso-osoa izaten jarraitu zuen.

 

Gerra aurreko eta gerra garaiko gertaerarik aipagarrienak

1933ko Urtarrila 1934ko Urria 1935ko Urria1936 Otsaila Ekaina Uztailak 17 Uztailak 18 Abuztua Irailak 5 Irailak 13 Urriak 1 Urriak 7 Azaroa Azaroak 301937 Martxoak 31Apirilak 19 Apirilak 26 Apirilak 29/30 Ekainak 3 Ekainak 12 Ekainak 19 Abuztuak 26 Abendua1938 Martxoa Ekaina Iraila1939 Urtarrila Martxoa Apirilak 1 MaiatzaAbuztua IrailaAlemanian, Hitlerrek aginpidea eskuratu.

Asturiasko iraultza.

Italiak Abisinia indarrez hartu.

Frente Popularrak hauteskundeak irabazi.

Frantzian, Front Populaireren gobernua.

Melillan, altxamendu militarra.

Matxinada Iberiako penintsulara zabaldu.

Gerran Ez Esku Hartzeko Itunaren izenpetzea.

Matxinatuek Irun beretu.

Matxinatuek Donostia hartu.

Espainiako Estatuaren Buruzagitza Francok hartu.

Estatutua onartu zen. Lehenbiziko Euskal Gobernua.

Madrilgo guduaren hasiera.

Euskal gudarostearen erasoa Legution.

Espainiako Iparraldeko Kanpainari ekin zitzaion. Durangoko bonbardaketa.

Francok Bateratze Dekretua eman.

Gernikako bonbardaketa.

Matxinatuak Gernikan eta Bermeon sartu.

Mola jenerala hil zen. Haren lekua Solchagak hartu zuen.

“Burdinazko Hesia” suntsituta.

Bilbo matxinatuen esku.

Euskal Gudarostearen errenditzea Santoñan.

Teruelgo gudua.

Alemaniak Austria beretu.

Errepublikazaleen erasoa Ebron.

Sudeteak Alemaniaren mende.

Gudaroste frankistak Bartzelona hartu.

Francoren soldaduak Madrilen sartu.

Espainiako gerra zibilaren amaiera.

Italiarren eta Alemaniarren arteko Adiskidetasun Ituna (Altzairuzko Ituna).

Elkarri ez erasotzeko ituna germaniarren eta sobietarren artean.

Alemania indarrez sartu zen Polonian. II. Mundu Gerra hasi zen.