Departamento de Cultura y Política Lingüística

Atlas Historikoa»Atlas Historikoa

Ideologia berriak (1876-1931)

Gipuzkoako Aldundiaren jauregia, Donostian.<br><br>Mende honen hasierako irudia (San Sebastián en la tarjeta postal, Donostia 1993).<br><br>

 

EGILEAK:

Luis Castells Arteche Egungo Historiako irakasle katedraduna Euskal Herriko Unibertsitatean.

Antonio Rivera Blanco Historian doktore. Egungo Historiako irakasle titularra Euskal Herriko Unibertsitatean.

 

Foruen ezeztapena eta Ekonomia Hitzarmena

Karlistaldia amaitu zenean (1876), gobernuak Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabaren egoera berezia aldatu, eta, 1876ko uztaileko legearen bitartez, indarrean zeuden azken foruak kentzea erabaki zuen. Lurralde horiek, zerga eta militar alorreko salbuespenak galdu zituztenez, Estatuko Ondasunari ordaindu, eta gazteak soldaduskara bidali behar izan zituzten. Hala bada, ezeztaturik gelditu zen liberalek ezarri nahi zuten estatu zentralizatuari gaizki egokitzen zitzaion egoera hura. Hala ere, 1878an indarrean jarri zen Ekonomia Hitzarmenari esker, lurralde horiek (Nafarroak izan ezik, geroago ikusiko denez) estatus berezia izan zuten gerora ere, administrazio aldetik Espainiako gainerako probintzietatik bereizten zituena.

Gipuzkoan eta Bizkaian gerra zibila arte iraun zuen hitzarmen horrek, eta Araban, berriz, indarrean egon da sortu zenez geroztik.Ekonomia Hitzarmenaren bidez hiru probintzia horiek administrazio alorrean autonomia handi samarra –gero eta handiagoa– izan zuten. Diputazioek, gainera, jestio ahalmen handia zuten, probintzia bakoitzari ekonomian aurrera egiteko aukera eman ziena. Bereziki aipagarriak dira zituzten zerga eskubideak; horien bitartez, aldundiek diru sarrera handiak eskuratu eta produkzio sektore dinamikoenen aldeko zerga politika bidera zitzaketen; baina zerga politika hori, estatuko gainerako lurraldeetan bezala, sektorerik ahulenei ezartzen zitzaien, zeharkako zergen eta, batez ere, oinarrizko elikagaien gaineko zergen bitartez.

Ekonomia Hitzarmen hori izateak, bestalde, halako sentimen berezia sortu zuen probintzia horietan, zeukaten egoerari eutsi behar bat; arrazoi horregatik beragatik, estatuko beste lurraldeen aldean aparteko berezitasunak zituztelako kontzientzia hartu zuten. Hitzarmenaren zehazgabetasunak eragina zen egoera hori; hortik Estatuaren eta Aldundiaren artean hainbeste tirabira izatea, eta probintzia horietan noizean behin, batez ere Hitzarmena berritzeko garaian, eskubide eskabideak egitea. Beraz, jestio edota gobernu ahalmen handiagoa eskatzeko egokiera sumatzen hasia zen. Gainera, foruen aldeko garaiko eskaerak egoera berrira eguneratzen eta egokitzen zihoazen, autonomia aldeko eskabideekin gero eta antz gehiago zuten proposamenen bidez.

Karlistaldia amaitzeak ez zuen aldaketarik eragin Nafarroako administrazio egoera berezian –1841eko Foruak aldatzeko legeak, geroago, okerreko deituraz, Ley Paccionada (Hitzartutako Legea) esan zitzaionak, arautzen zuen Nafarroako administrazioa–. Lege horri esker, Nafarroak Ekonomia Hitzarmenak geroago ekarri zion antzeko egoera zuen orduan. Izan ere, administrazioari eta zergei dagokienez, autonomia zabala zuen, eta, gainerako probintzietan bezala, Diputazioak ahalmen handiak eskuratu zituen; Diputazioak, beraz, aginpidea zutenen irizpideen arabera jokatzen zuen, eta haien interesak defenditzen.

 

XIX. mendearen azken hereneko politika

Politikari dagokionez, karlistak, gerra galdu arren, errotuak ziren gizartean. Hauteskundeetan –1890. urtea arte indarrean egon zen bozketa sistemak hautesleak eta hautagaiak zerga berezi bat ordaintzera behartu arren– garbi geratu zen talde politiko horren sendotasuna eta indarra euskal gizartean. Karlistek ez zuten Gorteetarako lehenengo hauteskundeetan parte hartu –salbuespenak salbu–, baina Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko hauteskundeetan –Nafarroan ez ziren aurkeztu– agerian gelditu zen itzal handia zutela oraindik Euskal Herriko politikan. Izan ere, 1880ko hamarraldiaren lehenengo urteetan probintziaka egin ziren hauteskundeetan, karlistak sendoago finkatu baitziren erakunde nagusietan; karlisten gorakada hori zela eta, ezinegonak hartu zituen gobernua eta euskal liberalak.

Gipuzkoako eta Arabako Aldundietan nagusitasuna lortu zuten, Bizkaikoan ordezkaritza zabala, eta Gasteizko udalean ziengotzi asko. Hala bada, politikan, Euskal Herriak zatituta segitzen zuen: batetik, karlistak, eta, bestetik, liberalak (hainbat talde), gero eta indar handiagoa zuten errepublikazaleak barne. Karlisten indar handia zela eta –handia, nekazaritza giroko herrietan batez ere–, liberalak elkar hartuta agertu ziren hauteskunde garaian, karlisten nagusitasuna galarazteko asmoz. Liberalen arteko koalizioak ordea, ez ziren oso sendoak; politikako gorabeheren eta beraien arteko norgehiagokaren arabera egin edo desegin ziren. Lortu zuten, hala ere, jarrita zeukaten helburua: karlisten nagusitasuna hankaz-goratu zuten.

Foruen ezeztapenak (1876) atsekabea sortu zuen euskal giroko zenbait taldetan.

Horien iritziz, ez zen bidezkoa karlistek egindakoagatik herri guztiak ordaindu behar izatea. Nahigabe hori garbi azaldu zen legegintzarako aurreneko hauteskundeetan (1879) –hautagai “itsu” guztiek arbuiatu egin zuten foruak indargabetzeko lege hura– eta Unión Vasconavarra mugimenduan; F. Sagarminagaren ekimenez sortua zen mugimendu hori foruzaleen postulatuak gogortzearen aldekoa zen, eta abertzaletasuna iragartzen zuten ezaugarriak zituen. Mugimendu horrek ordea ez zuen arrakasarik lortu, eta itsuen jarrera ere berehala bestelakatu zen; horrek zera adierazten zuen: bai herria bai aginpideko taldeak –hauek batez ere– egoera berrira egokituta zeudela, alderdi politikoak sistema politiko berrira zeuden bezala; karlistek 1885etik aurrera hauteskundeetan esku hartzea egoera aldaketa horren adierazgarri garbia da. Nolanahi ere, foruen inguruko auzia indarrean egon zen hurrengo urteetan, euskal probintzien errejimen berezia arautzen zuten legeak behar bezala zehaztu gabe zeudelako besteak beste. Hori guztia garbi azaldu zen 1893-1894 bitarteko tirabira eta liskarretan, hala Nafarroan (Gamazada), nola Euskal Herriko beste leku batzuetan (Donostiako istiluetan, esate baterako, hiru pertsona hil ziren).

Gizonezkoen boto emateko eskubide orokorra onartzeak (1890) ez zuen aldaketa handirik eragin euskal probintziek ordura arte baliatu zuten politikarenezaugarrietan. Nolanahi ere, herrian erro sakonak eginak ziren alderdi politikoak are oinarri sendoagoetan finkatu ziren, lehenago eragina izandako eskualdeetan beti ere. Beraz, karlistek ordezkari gehiago izan zituzten udaletxeetan, eta errepublikazaleek ere, hainbat adarretan banaturik egon arren, gora egin zuten etengabe.

Errepublikazaleek eragin handia izan zuten hirietako behe mailako eta erdiko mailako klaseetan, eta jendea mugiarazteko eta hautesleak erakartzeko ahalmen handia erakutsi zuten; hala ere, indar errepublikazale ezberdinak ez ziren organizazio bakar batean biltzeko gauza izan, ezta Errepublikaren izenean ere, eta barne zatiketa horrek ahuldu egiten zuen errepublikazaleek alternatiba politiko gisa aurkezteko zuten aukera.

Bestalde, itsasaldeko bi probintzietako garapen ekonomikoak eta industrializazio prozesuak aldaketa handiak eragin zituzten gizarte egituretan. Bizkaian, esate baterako, industria inguruko oligarkia sortu zen, ahalmen ekonomiko handikoa, erakundeetan eragin ahal izateko presio bideak antolatu zituena. Politikan ere jardun zuten: hauteskundeetara aurkeztu ziren V. Chávarri-ren zuzendaritzapean (“La Piña”). Errestaurazio garaiko hauteskunde sistema usteldua guztiz egokia zen aulki bat lortzeko dirua parrastan xahutzea axola ez zitzaien industria gizon haientzat, eta, horrela, Bizkaiko hainbat hauteskunde barrutietan industria gizon horiek jarritako hautagaiak nagusitu ziren Gorteetarako bozketetan. XX. mendearen hasieran, politika gizartera eta jendea bizitza publikora hurbildu ahala, kolokan egon zen talde horren nagusitasuna, baina, hala ere, eta aurreko urteetan bezala, ahalmen ekonomiko handia zuten hautagaiek kontrolatu zituzten Kongresurako hauteskundeak.

Industrializazioak, indarra batez ere Bizkaian izan zuenak, langile klasearen aurrerapena eta hazkuntza ekarri zuen ondotik, eta, azken buruan, langileek nortasun ezaugarri bereziak zituen talde bat osatu zuten. Arian-arian, gizarte auzimauziak eta langileen eskakizunak eta xedeak gorpuztu, zuten garrantzia nolabait handitu, eta gizarte auziaren giltzarri nagusietako bat bilakatu ziren. Prozesu horren bilakabideak lotura estuak ditu sozialistek jokatu zuten paperarekin: langileen helburuak bateratuz eta aldarrikatuz klase kontzientzia txertatu zuten haiengan.

Garai hartako buruzagi sozialisten artean F. Perezagua nabarmendu zen; 1880ko hamarraldian Bizkaira joan, eta antolaketa lanetan jardun zuen; sozialismoan patroien aurkako erresistentziaren eta borrokaren bidea urratu, eta, aldi berean, alderdi sozialista Bizkaiko langileen erreferentzia nagusia izatea lortu zuen.

Urte haietan gatazka gogorrak izan ziren Bizkaian, eta sozialistak erdi-erdian egon ziren beti; bereziki aipagarriak dira meatzariek –langilerik borrokalarienak– 1890, 1903, 1906 eta 1910. urteetan egin zituzten lanuzteak, oso-oso gogorrak; greba horiek agerian jarri zituzten gizarte auzi-mauziak, eta, bestalde, berdintasun sentipenak sortu zituzten langileen artean.

Sozialismoarekin batera abertzaletasuna sortu zen XIX. mendearen azken hamarraldian, Bizkaian bertan, eta Sabino Aranaren gidaritzapean; Aranak alderdia antolatzeko oinarriak jarri, eta bere dotrinaren nondik norakoak eman zituen aditzera. Foruei buruzko irudipenarekin, Foruen ezeztapenarekin eta tradizio erromantiko-historikoen birsortzearekin zerikusia zuen testuinguru politiko-kulturalari lotua agertu zen abertzaletasuna, industrializazio sakonaren eraginez erreferentzia tradizionalak galtzen eta aldaketa handiak izaten ari zen gizarte baten baitan.

Aranak ondo baino hobeto asmatu zuen halako mundu baten beheraldiak nahasita zeuzkanak erakartzen, eta nortasun ezaugarri berriak eman zizkien horiei, industrializazioak berarekin zekartzan ondorioei aurre egiteko. Aranaren pentsaeraren erradikalismoa erlijioan integrista izatean, espainiartasuna arbuiatzean, euskalduntasunaren nagusitasuna aldarrikatzean, arrazakerian, eta independentziaren aldekoa izatean zetzan; bada, pentsaera horrek harrera ona izanzuen errotik aldatzen ari zen gizarte hari aurre egiteko pentsaera “gogorren” baten beharra zuten herriko sektore haien artean.

Abertzaletasuna Bizkaiko eskualde batzuetan baino ez zen zabaldu hasieran: Bilbo aldean eta Bermeo inguruko itsas herrietan hain zuzen. 1898an Arana bera hautatu zuten diputatu, Bilbo aldetik, Bizkaiko Aldundirako hauteskundeetan.

Hurrengo urtean abertzaleek bost zinegotzi izan zituzten hiriburuko udaletxean.

XX. mendearen hasieratik aurrera, abertzaletasuna, arian-arian, etengabe hedatu zen Bizkaian eta Gipuzkoan. Araban eta Nafarroan, berriz, motelago eta beranduago zabaldu zen. Nolanahi ere, Nafarroan, Iruñeko barrutian, Gorteetarako ordezkari bat lortu zuten 1918-1923 bitarteko legegintzaldietan.

 

Masa gizartea

Europako herrialdeek XX. mendearen hasieran izan zituzten aldaketa sakonak berehala islatu ziren Euskal Herrian. Gizarteak aldakuntza handiak jasan zituen, eta XIX. mendeko gizarte tradizional geldo hura bizitasun handiko gizarte bilakatu zen. Horren ondorioak errealitatearen alderdi guztietan nabaritu ziren. Hego Euskal Herriko biztanle kopurua handituz zihoan: 1877an 754.883 biztanle ziren, eta 1920an 1.096.650. Biztanleen herri/hiritaratzea ere begi bistakoa zen: 1887an gaur egun Euskadiko Autonomia Erkidegoa osatzen duten hiru probintzietako biztanleen %23,3 baino ez zen bizi bost mila biztanlez gorako herri/hirietan; 1930ean, berriz, biztanleen %40,4. Nafarroari dagokionez, bost mila biztanlez gorako herri/hiriguneetan biztanleen %15,6 bizi zen 1887an eta %18,6 1930ean.

1900ean Bilbo zen hiririk handiena (83.306 biztanle), eta Bilboren atzetik Donostia (37.812), Gasteiz (30.701) eta Iruñea (28.886) zetozen. Komunikabide sarea (errepideak eta trenbideak) hedatzearekin, biztanleen mugitzeko aukera eta herrien arteko harremanak handitu egin ziren. Komunikabideek ale gehiagoko argitaraldiak egin zituzten, eta eragin handiagoa izan zuten; gainera, arreta handiagoa eskaini zioten orotariko informazioari, hala bertakoari nola nazioartekoari, eta argazkiez hornitu zituzten argitalpenak. Gizartearen arreta alderdi askotara zabaldu zen: kirol ekintzak ugaritu, eta kirola ikuskizun bilakatu zen; zinema emanaldiek edo zezenketek, adibidez, jende asko eta asko erakarri zuten; era guztietako elkarteak (kultura elkarteak, denbora pasakoak, politikoak…) sortu ziren… Gizartea gizarte masaren mende gelditu zen. Masa hori nonahai ageri zen: kalean, jendaurreko ekitaldietan, herri iritzian eta, noski, politikan ere bai. Gizartea gehiago mugitzeak, helburu jakin eta zehatzak zituzten taldeak eratzeak (politikan, ekonomian eta abar), eta prentsaren bidez berriek hedadura handiagoa izateak herritarrek politikan esku hartze zuzenagoa izatea ekarri zuten ondorioz.

Gizonezkoek, sufragio unibertsalari esker, bazuten jadanik esku hartzeko aukera.

Gizarte sektore batzuek, bestalde, protagonismo handiagoa izan zuten, diskurtsu berri edo berrituetan oinarriturik: zela errepublikazaletasuna, zela abertzaletasuna edo langilegoaren sozialismoa. Gizartearen parte hartzea handitzean, eta parte hartzeko bitartekoak (prentsa, erakundeak) hobetzean, erabili beharreko jarrerak eta estrategiak ere mugatuz eta zehaztuz joan ziren. Horrenbestez, eskuinaren eta ezkerraren arteko gatazka gorpuztuz joan zen Euskal Herrian ere.

Dena den, Euskal Herriari dagokionez, abertzaletasunaren sarrera zela-eta bereizketa hori ez zen guztiz garbia izan zenbait kasutan.

Esan beharra dago, dena den, Euskal Herriko errealitatea heterogeneoa zela, eta gizarteak jasan zituen aldakuntza eta modernizazioak ez zutela eragin bera izan lurralde guztietan. Aldaketarik handienak Bilbo eta Donostiako hirietan izan ziren. Iruñeak eta Gasteizek, berriz, lehengo geldotasunean jarraitu zuten, haien jarrera politiko kontserbadoreak garbi azaldu zuen bezala; baina, haietan ere modernizazioaren zantzuak poliki-poliki nabarmenduz joan ziren. Hirietan eta industrialdeetan ez bezala, nekazaritza giroko eskualdeetan lehengo ohitura zaharrak gorde zituzten; tradizioarekiko atxikimendu hori nabaria zen politikan, baina baita beste zenbait alorretan ere: erlijioak eta elizgizonek, adibidez, itzal handia izaten jarraitzen zuten; prentsak zabalkunde urriagoa zuen; gizartearen mugikortasuna ere ahulagoa zen… XX. mendeko lehen hamabost urteetako euskal politikan hiru ezaugarri nagusi bereiz daitezke: gizartea arian-arian jasaten ari zen aldakuntza, arestian aipatu duguna; Errestaurazio sistemari buruzko mesfindantza, Alfontso XIII.a errege izendatzean (1902) agerian geratu zena; eta aurreko mendearen azken hamar urteek utzitako herentzia, abertzaletasunaren eta sozialismoaren sorrera eta aurrerabidea, hain zuzen. Abertzaleak eta sozialistak eragin handia izaten ari ziren aldaketa gehien jasan zituen lurraldean: Bizkaian, Bizkaiko hiriburuan batez ere.

Hego Euskal Herriko beste hiru probintzietan gizarte eta politika jokabideen aldaketa motelago joan zen, eta eraberriturik zetorren alderdi batek bakarrik lortu zuen erakundeetan bere ordezkaritza zabaltzea: alderdi errepublikazaleak hain zuzen.

Hala eta guztiz ere, nekazari giroko eskualde gehienek, eta Iruñeko eta Gasteizko hiriguneek, kontserbadoreen mende jarraitu zuten: bai erregetzaren aldekoak –hala liberalak nola kontserbadoreak, edo jauntxokeriagatik nabarmendu zirenak (Gandarias Gernikan, Chávarri Balmasedan, Santillanako Markesa Zumaian, Urquijotarrak Laudion)– bai tradizionalismoaren jarraitzaleak –hala jaimistak nola integristak– nagusi izan ziren udaletxeetan, aldundietan, eta gorteetarako hauteskundeetan.

Talde horiek Espainiako politikaren eta tokian tokiko errealitatearen arabera erabaki zituzten handik harako estrategiak eta aliantzak. Ezkerraren eta eskuinaren arteko buruz burukoak, esate baterako, sozialisten eta errepublikazaleen arteko elkar hartze iraunkorrari bide eman zion; behin betikoa 1909ko “Elkarketa”-zgero gauzatu zen, eta Prietok, Perezagua baztertuta, Bizkaiko sozialismoaren buruzagitza hartu zuenean (1914-1915) sendotu. Liberalek ere, Donostiakoak eta Gasteizkoak gehienbat, lagundu zuten batasun hori gauzatzen. Beste aldean, erregetzaren aldeko kontserbadoreak tradiziozaleekin, katoliko-foruzaleekin eta katoliko independenteekin batera aritu ziren, nahiz eta, batzuetan, familia barruko tirabirak zirela eta, zuten izatearen aurkako hitzarmenak ere egin zituzten: karlistek errepublikazaleei lagundu integristen aurka; integristek kontserbadoreei eman botoak, tradizionalisten aurka egiteko. Abertzaleak bakar-bakarrik aritu ziren gehienetan, harik eta 1917an beste talde batzuekin elkartzen hasi ziren arte.

XX. mendearen hasierako politikaren beste ezaugarrietako bat foruzaletasun lauso batetik autonomiazaletasun argi batera pasatzen joatea izan zen. Ekonomia Hitzarmenaren berritzea zela eta (1906), aukera egokia izan zen foruen eta autonomiaren aldeko proposamen bat plazaratzeko (“Liga Foral Autonomista”), horien aldekoen amets eta eskariak zuzpertu, eta euskalduntasunaren berezitasunari buruzko diskurtsu politikoa eguneratu zituena. Proposamen hori alderdikeriaz kutsatua zen, ordea, Gipuzkoan eta Gasteizko barrutian bakarrik izan zuen arrakasta; gainerako eskualdeetan porrot egin zuen. Atxikimendua handiago edo txikiago izan, bi lurralde horietako talde politiko guztiak aurkeztu ziren hitzarmenera.

 

Sistema politikoaren krisialdia (1916-1923)

Espainiako sistema politikoa –1876an Canovasek asmatutako errestaurazionismoa– krisi gogorrean sartu zen I. Mundu Gerraren ondorio sozioekonomikoak nabaritu zituen garaitsuan. Espainiaren neutraltasuna zela eta, produktuak erruz bidali ziren atzerrira; horren ondorioz prezioek gora egin zuten nabarmen, ez ordea soldatek. Hartara, Espainiako eta Euskal Herriko gizarte auzia gogortu egin zen. Langile mugimenduak eragin gutxi izandako lekuetan ere, Gasteizen adibidez, ordura arte egindako greba guztiak baino gehiago egin ziren 1916an. Langileen mobilizazioek eta eskakizunek hankaz gora jarri zuten euskaldun gehienentzat normaltasunezko egoera zen hura (ordu arte gizarte auzia Bilbo eta Bilboko itsasadarrean baino ez zen izan lehen mailako faktorea). Gainera, euskal sindikatuek gorakada handia izan zuten bazkide kopuruan, eta eskaintza ere zabaldu egin zuten. 1911n Solidaridad de Obreros Vascos (geroago ELA, Euzko Langileen Alkartasuna) sindikatu abertzalea sortzeak kolokan ipini zuen ordu arte euskal langileen artean UGT sozialistak izan zuen nagusitasuna. ELA ez zen sindikatu sozialistak adina kide izatera sekula iritsi: Bizkaian eta Gipuzkoan hedatu zen, baina Araban eta Nafarroan ez zen II. Errepublika arte errotu. Urte batzuk lehenago, 1905-1910 bitartean mamitu zen prozesu motel batean, langile katolikoak antolatu ziren; kontuan hartzeko moduko taldea osatu zuten, baina, hala ere, ez zuten protagonismo handirik izan Euskal Herriko arazo soziolaboraletan, sindikatu lana aurrera eramateko orduan uzkurtasun eta kontraesan handiak izan baitzituzten.

Gizartearen erradikalizazioarekin eta Errusiako iraultzaren berri jakitearekin batera, sindikalismo anarkosindikalista (CNT) eta komunista nagusitu ziren langile ezkertiarren artean. CNTk 1919-1922 bitartean izan zituen urterik onenak Euskal Herrian; indar handia lortu zuen Gasteizen, Bilboko itsasadarreko zenbaitlekutan, Errenteria-Donostian eta Nafarroako hegoaldeko nekazarien artean (azukregintzako sindikatua). Komunistek sozialistei egin zieten itzalak bi alde zituen: bat, sindikalismoari zegokiona, eta bestea, politikari zegokiona. Sindikalismoari dagokionez, komunistek UGTk Bizkaian eta Gipuzkoan zituen hainbat kide bereganatu zituzten. Bestetik, politikari dagokionez, PSOEk 1921ean izan zuen zatiketak krisialdi gogorra sorrarazi zuen Bizkaiko sozialismoan; nolanahi ere, krisiak ez zuen ondoriorik izan hauteskundeetan.

Sistemaren krisialdiak hainbat ezaugarri izan zituen: sistema bera bere baitan ixtea; dinastismoari eusten zioten talde kontserbadoreak eta liberalak zatikatzea, eta haietatik talde berriak sortzea; errepublikazaleak ere zatitzea eta krisian sartzea; eta talde politiko berri batzuk (abertzaleak Euskal Herriari dagokionez) erakundeetara iristea. Abertzaleek 1918. urtea izan zuten onena: zazpi diputatu lortu zituzten Gorteetan. Aurreko urtean R. Sota Aburto aukeratu zuten abertzaleak nagusi zeuden Bizkaiko Diputazioaren buru, eta 1917-1923 bitartean abertzaleak nagusi izan ziren zenbait aldiz Bilboko eta Donostiako udaletan. Iruñekoan eta Gasteizkoan bigarrenak izan ziren, tradiziozaleen atzetik. Indar erakuste horrek elkartze harrigarriak eragin zituen, hala nola Bilboko dinastikoen eta sozialisten artekoa, abertzaleen aurrerakada geldiarazteko. Aliantzak, baina, guztiz diferenteak izan ziren beste leku batzuetan: abertzaleak karlistekin eta kontserbadoreekin elkartu ziren Iruñean (Alianza Foral zelakoa), edo tradiziozaleekin Araban, Datoren edo Urquijoren jarraitzaileen aurka.

Barne krisiek Euskal Herriko talde politiko guztiei eragin zieten garai hartan.

Nazionalisten artetik “aberritarrak” bereizi ziren 1921ean, sozialistak eta komunistak banatu ziren urte berean. Errepublikazaleei aldiz –beti zatituta eta beti batasunaren aldeko ekitaldiak antolatzen ibili zirenak, alferrik baina– ia hutsera murriztu zitzaien 1917 arte izan zuten indarra. Karlisten artetik Vázquez de Mella buru zuen taldea bereizi zen; karlisten bigarren zatiketa zen hura, 1888an integristak bereizi eta gero. Euskal Herriko dinastiazaleak ere ondo zatituta zeuden: batetik, zeinek bere “familia” zuen Espainian –Dato (datistak), García Prieto (garciaprietistak), Maura (mauristak)…–, eta bestetik, hemen, alderdiak osatu ordez hauteskunde bulegoak eratu zituzten, eta hala, barruti bakoitzean bertako jauntxoaren edo jauntxoen mende egon ziren. Hala eta guztiz ere, errestaurazioaren azken bi urteetan Espainiako politikak eskuin aldera egin zuen eta, besteak beste, horrek bi ondorio izan zituen: batetik, talde mauristak indartzea, eta bestetik, Liga de Acción Monárquica delakoa –gauza batzuetan Bizkaiko “La Piña” hura gogorarazten zuena– antolatzea (1919ko urtarrilean) eta, gainera, hauteskundeetan emaitza onak izatea.

Euskaldunen eta kataluniarren autonomiazaletasuna Espainiako sistema politikoaren krisialdiaren beste osagai bat zen. Aldundiek –abertzaleen eta tradiziozaleen kontrolpean– 1917ko udan Gasteizen egin zuten bilerak lurraldearen berezitasuna berriro aldarrikatzeko aukera eman zuen. 1906an baino argiago, autonomiaren aldeko mezuak –nazionalismoak bere probetxurako zerabilena– foruzale karlisten eskari anakronikoen tokia hartu zuen. Diputazioen eskaerak ez zuen, ordea, aurrera egin: batetik, bultzatzaileen batasunik ezagatik; bestetik, euskal dinastiazaleen erasoengatik eta orduko egoera politikoaren normaltasunik ezagatik. Hala ere, garrantzi handiko unea izan zen hura foruzaletasunetik autonomiazaletasunera doan bidean. 1931n, erregetza erortzean, autonomia eskatzearen aldeko jarrera zabaldurik zegoen euskal talde politiko guztien artean.

Sistemaren krisialdia ez zen alderdien barruko krisi soiltzat hartu; sistema politiko osoa jarri zen zalantzan. Euskaldunak, espainiar gehienak bezala, politika hari muzin egin, eta autoritarismoaren aldeko jarreretara hurbiltzen joan ziren.

Euskal Herriko gizarteak –kemenik gabe, kanpoko eta bertako bortxa sozialak kezkatuta, eta politikari buruz gero eta fidagaitzago–, Espainiakoak bezala, pasibo bezain axolakabe hartu zuen 1923ko irailaren 13ko kolpe militarra.

 

Primo de Riveraren diktadura (1923-1930)

Primo de Rivera jenerala aginpidera iritsita, berehala baretu zen gizarte auzia, ekonomiak azken urte haietan izan zuen aurrerabideak lagunduta. Cenetistak eta komunistak legez kanpo geratu ziren, euskal abertzaletasun politikoa bezala.

UGTk monopolioa eskuratu zuen Euskal Herriko eta Espainiako sindikalismoan.

Euskal Herrian, dena den, ELAk eta katolikoek Lantalde Parekidetako postuez jabetzeko 1928an egin zuten aliantzak (Bloque de Unión Sindical) kolokan jarri zuen UGTren monopolioa.

Politikari dagokionez, diktadurak erabateko etena ekarri zuen. Diktadurako erakunde berriak lehengo eskuindar dinastikoen (mauristak batez ere), katolikoen eta tradiziozaleen arteko “politikariez” bete ziren. Talde horiek harreman onak izan zituzten Primo de Riveraren politika berriarekin; 1926tik aurrera, ordea, harreman on horiek eten edo gaiztotu egin ziren: batetik, aginpidea izandako talde haiek uko egin ziotelako diktaduraren erakunde berrietan (Unión Patriótica) sartzeari; bestetik, gobernadore zibilen esku hartzea gaitzetsi zutelako. Azkenean, eskuin zaharra osatzen zuten gizon haiek, diktadurak sortutako erakunde politikoei zieten mesfidantzak bultzatuta, alde egin zuten erakunde horietatik.

Diktadura krisialdian sartu zen 1928tik aurrera: batetik, formula instituzionalak finkatzeko gai izan ez zelako; bestetik, gero eta mesfidantza handiagoa ziotelako ordura arte alde izan zituen taldeek (burgesiak, adibidez, enpresarientzat urte onak zetozen garai batean estatuaren kontrolpean gelditu zelako), edo alde egon gabe trabarik ipini ez ziotenek (langileen mugimendua, 1929tik aurrera berriz eskariak plazaratzen hasi zena; intelektualak; errepublikanismoa, gero eta biziagoa; erdiko mailako klaseak eta gaztedia). 1930eko azken aldia larritasun handikoa izan zen eskuinarentzat; diktaduraren “politika berria” zela eta, ohiko kontrol tresnarik gabe zegoen, eta mesfidati, diktadurak eskaini zizkion erakunde berrien aurrean (UP, Asamblea Nacional Consultiva…). Bestalde, errepublikanismoa indartzen ari zen, belaunaldi berrietako aktibisten eskarietako batzuk bereganatuz eta talde monarkiko zaharretatik “ateratakoak” erakarriz (Alcalá Zamora, esate baterako; Euskal Herrian Gabriel Martínez de Aragón arabarra). Egoera hartan, ez aurrera ez atzera, eta agintariek aginpidea ezartzeko geroz eta ahalmen gutxiago zutela, errepublikazaleek eta katalanistek (sozialisten eta CNTren laguntzarekin) gobernua botatzeko hitzarmena egin zuten (Donostiako ituna, 1930eko abuztuan). Hala ere, hitzarmen hartatik sortutako ekimenek (Jacako eta Cuatro Vientosko matxinadak) ez zuten arrakastarik izan. Errepublika udal hauteskundeen bidez iritsi zen, eta Euskal Herriko herri bat, Eibar, izan zen Errepublika ofizialtasunez onartu zen lehenengo herria.