Atlas Historikoa»Atlas Historikoa
Errejimen Zaharraren krisia eta iraultza liberala
EGILEAK:
Joseba Agirreazkuenaga
Zigorraga
Historian doktorea. Irakasle titularra. Euskal
Herriko Unibertsitateko Gaur egungo
Historiako Departamentua. Eusko
Ikaskuntzako lehendakariordea.
José Ramón Urquijo Goitia
Historian doktorea. Consejo Superior de
Investigaciones Científicas-eko ikertzailea.
Comité Español de Ciencias Históricas-eko
idazkaria (International Committee of
Historical Sciences).
Mikel Urquijo Goitia
Historian doktorea. Irakasle laguna. Euskal
Herriko Unibertsitateko Gaur egungo
Historiako Departamentua.
Konbentzioko Gerra (1793-1795)
Karlos IV.ak, ideia iraultzaileak zabalduko ziren beldurrez, mugak itxiarazi zituen.
Iraultzaren inguruko berriak argitaratzea debekatu zuen, bai eta, hala berean,
bere ideien aurkako kritikak eta frantses agerkariak zabaltzea ere. Euskal
Herriak, mugako herrialdea izanik, portuen bidez hartzen zituen informazioak,
bereziki Donostiako portutik; Donostian, iraultzaren aldekoak Konstituzioaren
Adiskideen Elkartearen inguruan bildu ziren. Bi urteren buruan, galaraziak ziren
paper eta dokumentuetarik 400 ale baino gehiago bahitu zituzten. 1793ko urtarrilaren
21ean Luis XVI.a Frantziako erregeari lepoa moztu zioten gilotinaren bidez;
gertakari horrek asaldura handia eragin zuen Europako gorte guztietan, eta
Frantziako Konbentzioaren aurka jotzeko prestamenei ekin zieten. Karlos IV.a
eta Godoy gobernu burua Frantziari gerra egiteko prestatu ziren. 1793ko martxoaren
7an Frantziako Konbentzioak gerra deklaratu zion Espainiari, eta 23an
Espainiak Frantziari. Horren ondorioz, Euskal Herria eta Katalunia gudatoki bihurtu
ziren. Egoera hori 1808an errepikatu zen; bien bitartean tirabira handiak
izan ziren.
Gerrak hiru aldi izan zituen. Lehenengoan, 1793an, Espainiako gudarosteak
aurrea hartu zion etsaiari: 32.000 gizon jarri zituen Euskal Herrian, 18.000 Katalunian
eta 5.000 Aragoin. Gipuzkoak 4.600 gizonez osatutako milizia antolatu zuen
Narros-eko markesaren agindupean. José Fernando Echave Azu Romero eta Joaquín
Barroeta-Zarauz Aldamar aukeratu zituzten gerra prestamenak Gipuzkoako
Aldunditik kudeatzeko, eta 1793ko ekainean Errenterian egindako Batzar Nagusietan beren jestioaren berri eman behar izan zuten. Geroago, 1794ko uztailean,
Batzar Nagusiek ahaldun nagusi kargurako izendatu zituzten.
1793ko udaberrian, beraz, gerra ekimenari dagokionez, espainiar gudarosteak
aurrea hartu zuen: Aldude, Sara eta Hendaia beretu zituzten. 1794ko uztailean,
alabaina, 38.000 gudariz hornituriko Konbentzioaren gudaroste batek –Ventura
Caro jeneral espainiarra buru zuena horren erdia zen– Baztan aldetik jo zuen
kontraerasoa; Hondarribia bereganatu eta Donostian sartu zen, ia erresistentziarik
aurkitu gabe. Espainiar gudari sailen hondamendia erabatekoa izan zen. Egoera
hartan, goian aipatu gipuzkoar buruzagiek negoziatu nahi izan zuten frantsesekin,
helburu garbi batekin: probintzia frantses errepublika berriaren eraginpeko
herrialde neutral eta burujabetzat ezagutu zezatela. Frantses Konbentzioko buruzagiek,
ordea, lurralde konkistatu gisa hartu zuten probintzia. Robespierre-ren
mistika guztiz barnatua zuten komisario politikoek.
Baina ondoko urteko guda aldian, Robespierre desagerturik, taktika aldatu
zen. Hala, Moncey jeneral berriak probintzien neutralitatea lortu nahi izan zuen.
1795eko Maiatzaren 10ean Chaudron-Rousseau, Konbentzioaren ordezkariak Gipuzkoako
erakunde tradizionalak errespetatuko zituela agindu zuen probintziako
arduradun politikoen aurrean. Probintziaren izenean, Echave Romerok erantzun
zion: “Gipuzkoako herria Errepublikaren patu distiratsuarekin bat egiteko duin
da, eta zuen falange garaileak hurbildu direnean berriro aldarrikatzen du bere
independentzia, gobernu maltzur baten nahikerien aurrean bostehun urtez defendazen
jakin zuena… Frantses errepublikazaleen baionetek jakingo dute Gipuzkoako
errepublikazaleen independentzia gogoak laguntzen, bai eta gure
amankomuneko etsaien oldarretik lurraldea defenditzen” ere.
Bitartean, Arrasaten, lehen gerra lerroan, “gerrarako” Aldundi berri bat eratu
zen, Espainiako monarkiari leial eta tradizionalismoaren printzipioen defendatzaile,
Frantziako konbentziozaleen aurkako erresistentziaren zilegiztatze politikoa
moldatzeko helburuarekin. Baina 1795eko ekainean, Moncey jeneralak espainiarren
defentsa desegin zuen, Urretxutik eta Debatik sartuz. Bilbon, elite
aginpidedunek, Frantzia iraultzaile hartan gertatu zenaren jakitun zirelarik, beldurturik
aldegin zuten bertatik, bai frantses gudarostearen ekintzek eta bai herritarrek
eragin zitzaketen matxinadek izuturik.
Egoera berriak sortu zituen aukeren aurrean, Nafarroako erresuman ere eztabaidak
izan ziren.
Baionako Batzarretik (1808) Independentziako Gerrara
Napoleonek, Espainiarekiko zekartzan egitasmoak aurrera eraman ahal izateko,
beharrezkoa zuen dinastia aldaketa Jose anaiari erregeaulkia emanez, eta konstituzio
testu bat idaztea. Hori zela eta, Baionan espainiar handikien batzarra biltzeko
agindua eman zuen, antzinako estamentuen tradizioaren arabera, baina
baita Nafarroa, Bizkaia, Gipuzkoa, Araba, Ameriketako lurraldeetako… ordezkariak
ere barne hartzen zituela. Euskal lurraldeetako Aldundietako eta kontsulatuetako
ordezkariak honako hauek izan ziren: Ortuño Mª Aguirre del Corral, Montehermoso-ko
markesa, Arabako Aldunditik; Juan José Mª Yandiola, Bizkaitik;
José Mª Lardizabal, Gipuzkoatik; Luis Gainza eta Miguel Escudero Nafarroatik;
Gabriel Mª Orbegozo Bilboko Kontsulatutik, eta Francisco A. Echagüe Gipuzkoakotik.
Calahorrako Apezpikuaren izenean Manuel Mª Upategi, Arrasateko bikarioa joan zen. Baionako Batzarreko idazkaria Mariano Luis de Urquijo
bilbotarra izan zen, Karlos IV.aren erreinaldian Estatuko Idazkari izan zena eta
Jose I.aren monarkia berrian kargu bera izango zuena.
Frantses legedi berria zen testuaren iturria, elementu tradizional batzuen bertutez
moderatua agertzen zelarik. Euskal ordezkariek foru lege eta erakundeen
iraupena lortu nahi zuten eta “Foru Konstituzioa” deitzen zioten. Euskal probintziak
Konstituzio berriaren alde jartzea lortzearren, bere 144. atalean honako hau
zioen:
“Nafarroa, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako foru bereziak lehen Gorteetan aztertuko
dira, probintzia horien eta nazioaren mesedetan onuragarriena iritziko
zaiona erabakitzearren”.
Euskal Aldundiek, alabaina, ez zuten beren joko politikoa garbi erakutsi nahi.
Euskal Herriko sektore liberal eta erreformazaleak, hiriguneetako merkatariak eta
lurjabe handiak bereziki, Napoleonen erreformen aldekoak ziren. Guztiarekin
ere, oposizio armatua hedatzen hasi zen eta lehengo jabeen aldeko jarrera ahuldu
egin zen, 1810etik aurrera agerturiko aldaketa sakonak zirela eta.
1810ean, Frantses Inperioaren muga berria Ebro ibaian kokatu zen. Modu
horretara, Euskal Herri guztia Inperioaren barne zegoen eta militarrak zituen
buruzagi: Thouvenot zen “Biscaye”-ko gobernu burua eta Dufour Nafarroakoa.
Garat lapurtarrak Euskal Herriko lurralde guztiak bilduko zituen eta Frantses
Inperioaren barne izango zen administrazio erakunde autonomo bakarraren
proiektua prestatu zuen Napoleonentzat.
1808ko abuztutik aurrera, gerrillari talde batzuen ekintzak nabarmendu ziren:
frantses konboien aurka jotzen zuten, baina baita agintari berrien jarraitzaileen
aurka ere, iraultza liberalaren printzipioak gauzatu zirelako erakusgarri baitziren.
Nafarroan ari ziren gerrillari talde anitzek Minaren agindupeko dibisio bat
osatu zuten. Ondoko urteetan, fenomeno hura zabaldu egin zen. 1811n, apaizek
eta lurjabeek Batzorde bat eratu zuten Bizkaian; frantsesen aurkako borroka armatua
erabiltzearen aldekoak ziren, liberalak ziren aldetik. Azkenik, frantses
gudarosteak, 1813an, Gasteizko eta San Martzialeko guduetan garaitua izan ondoren,
atzera zeharkatu zuen Bidasoa ibaia.
Frantsesen aurkako oposizioaren garaian, konstituzio liberala idatzi eta onartu
zuten Cadizen (1812). Arabako eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek onetsi zuten
bitartean, Bizkaiko Batzar Nagusiek ez zuten guztiz gogo onez onartu.
Fernando VII.aren itzulera eta Liberalen Hiru Urteak
Fernando VII.ak, 1814an itzulitakoan, Espainiatik irten aurretik indarrean zegoen
sistema ezarri zuen berriro. Horrela, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako erakunde
multzoa berriro indarrean jartzeko baimena eman zuen. Egoera horrek 1820 arte
iraun zuen, urte hartan militarren altxamendu batek berriro jarri baitzuen indarrean
1812ko konstituzioa. Harrezkero, Foru Aldundiak mantendu egin ziren hasieran,
Foruen eta Konstituzioaren arteko auzia erabaki gabe zegoelarik. Handik
berehala, ordea, Konstituzioak zioena aplikatu eta, Probintziako Aldundiak sortu
ziren.
Buruzagitzako eliteak, jabe handiak bereziki, sistema politiko berrian esku
hartzearen alde azaldu ziren, eta Probintziako Aldundi berri haietan beren aginpidea
gauzatzen saiatu ere bai. Halaber, garai hartan probintzien inguruko antolaketa
egiteko proiektua zabaldu zen; hartan Provincia Vascongada delakoa sor
zitekeela aurrikusten zen, hirurak barne hartu behar zituena, Bizkaia ordea horren
aurka azaldu zen.
Konstituzionalismo liberalaren aurkako jarrera laster hasi zen agertzen, berriro
sistema tradizionala ezartzearen aldeko orri eta agirien bidez. Bizkaian argitaratzen
zen El buen vizcaino izenburukoa da, adibidez, horietako bat, debekatua
izan arren jaurerrian luze-zabalean hedatu zena. Gipuzkoan ere banatu
ziren gisa horretako panfletoak, haietan arazo zehatzak plazaratzen zirelarik:
aduanak kostaldera eraman ondoren kontsumorako gaiek jasan zuten garestitzea;
paper zigilatua derrigor erabili beharra; presio fiskalaren emendatzea; lege
berrien ezartzea edota nahitaezko soldaduzka. Damu kalteen zerrenda horren
aurrean, Espainiatik bereiztea eta frantsesen babesa hartzea proposatzen zuten:
“Eta oraingo Ministroek indarrez menderatu nahi izateko ausardia izango
balute, zuen naziotik bereiztea zuen esku dagoela erantzun ahal izango duzue,
hala independente bilakatzea nola Frantziako errege itzaltsuaren babespean
jartzea”.
Liberalismoaren aldekoak Sociedad Patriótica izeneko elkarteetan bildu ziren.
Ezagunena, Donostiako La Balandra izan zen, Collado merkatariaren inguruan
eratu zena. Hala berean, Milicia Nacional zeritzana sortu zen, elkarte liberaletan behinena, eta Iruñean, paradoxa badirudi ere, 1812ko Konstituzioaren
aurkakoak buru zituena.
Luzaro gabe, erregezaleak aurka egotetik oposizio armatura pasa ziren.
1821eko apirilean altxamendu bat gertatu zen Agurainen, gerora karlisten jenerala
izango zen José Uranga buru zuena. Urtebete geroago erregezaleen taldeen
koordinazioa abiatu zen, Fernando Zabalaren eta Gorostidi edo Gezala apaizen
agintaritzapean, liberalen aurkako altxamendua prestatzearren. Gobernuak gerra
egoera ezarri zuen barruti militar osoan.
1823an, Angulemako dukea buru zuen frantses gudarosteak erasoa jo zuen;
horren ondorioz, absolutismoa ezarri zen berriro, eta, noski, hiru urte horietan
nabarmendu ziren liberalen aurkako errepresioa bideratu zen.
Hamarraldi Absolutista (1823-1833)
Absolutismoaren ministro berrien artean Joan Bautista Erro zegoen, euskal tradizionalismoaren
buruzagietako bat zena. Erregearen erabakiaren zain egon gabe,
kontrairaultzaileak foru sistemaren arabera hasi ziren jarduten: Batzar Nagusietarako
deialdia egin zuten, eta Aldundi berriak hautatu zituzten, Foruaren arabera.
Zenbait oztopo gainditu eta gero, aduanak lehengo lekura aldatu zituzten (Balmaseda,
Urduña, Gasteiz eta Ebroko muga).
Liberalek kontrol zorrotza jasan behar izan zuten Aldundien aldetik; Batzar
Nagusietan parte hartzea ere galarazia zuten. Berriz ezarri zen monarkia absolutuaren
gobernu berriak Voluntarios Realistas (Erregearen aldeko Boluntarioak)
taldea antolatu zuen kontrairaultza babesteko, lehenago, iraultza liberala babesteko,
Milicia Nacional taldea sortu zen bezala. Nafarroan talde horiek Espainian
zuten izen bera hartu zuten; Araban, berriz, Naturales Armados esaten zitzaien,
Bizkaian Paisanos Armados, eta Gipuzkoan Tercios Forales. Tokian tokikoekin
antolatzen ziren talde horiek, Aldundiak armez eta tresneriaz hornitzen zituela,
gudaroste ahaltsua osatu zuten; bestelako iritziak onez ezin eramana zuten ezaugarri
nagusia, eta jarrera horrek beraiekiko goganbeharra eragin zuen Fernando
VII.aren gobernuaren baitan ere. Horrenbestez, Uhagon bilbotar liberalak erresistentziaren
alderdia deitu zuen hura gauzatua zen jadanik.
Aldundiaren mendeko azpiegitura militarrak, berez, nolabaiteko autonomia
lortu zuen. 1830. urtetik aurrera Don Karlosen alde egingo zuen alderdia buruzagitzako
karguak bereganatzeko prestamenak egiten hasi zen, eta horregatik lortu
zuen karlisten altxamenduak halako arrakasta hasieran, Bizkaian eta Araban.
Lehen Karlistaldia (1833-1839)
Euskal Herriko karlista auzia, errege oinordetzako gatazka zena hasieran, Foruen
aldekoen eta aurkakoen artean sortu ziren tirabiren mende egon zen. Euskal
gizartea bitan banatu zen: alde batekoak, nekazari girokoak, Foruen alde agertu
ziren; beste aldekoak, berriz, salerosleak –gehienbat hirietan bizi zirenak–, Foruak
aldatzearen edo desegitearen aldekoak ziren. Bestalde, Fernando VII.ak
Foruak kentzeko ahalegina eginagatik ere, foruzale gehienek bat egiten zuten
absolutismoarekin.
Kontrairaultzak Europan eragin zituen gatazken arteko beste bat zen gerra
hura, eta horregatik izan zuen eragina beste herrialde batzuetan. Herrialde kontserbadore
ahaltsuek (Austria, Prusia eta Errusia) ez zuten Isabel II.a erreginatzat
ezagutu, eta Don Karlosen alde egin zuten, isilpean bada ere; Frantziak eta Britainia
Handiak, ordea, aliantza bat izenpetu zuten (1834ko apirilaren 22an) Espainiarekin
eta Portugalekin, bi herrialde horietan liberalismoa finkatzen laguntzeko.Gerraren bilakabidean aldi hauek bereiz daitezke:
1.- Altxamendua: 1833ko urria-abendua bitartean. Aldi horretan karlistek garaile
irten zuten Bizkaian, Araban eta Gipuzkoako mendebalean, baina
Nafarroan huts egin zuten.
2.- 1833ko abendutik Zumalakarregi hil artean (1835eko ekaina). Karlistek,
garaituak izan ondoren, indarrak berriz batzeari ekin zioten; egiteko horretan
bi pertsona gailendu ziren: Fernando Zabala mendebalean (Bizkaia
eta Kantabria) eta Tomas Zumalakarregi ekialdean (Gipuzkoa, Araba etaNafarroa). Zumalakarregik, gero, euskal lurraldean ziharduten gudaroste
karlista guztien buruzagitza bereganatu zuen. Gerraren nazioartekotasunari
dagokionez, Elliot hitzarmenak (1835eko apirilaren 27a) borroka indartzat
ezagutu zituzten karlistak.
3.- 1835etik 1837ra. Buruzagi karlistek gudu irtenaldien bidez gerra zabaltzeko
ahaleginak egin bazituzten ere, huts egin zuten. Argi agertu zen gerra
irabazteko eta Euskal Herritik –hiriburuak izan ezik, mendean zutena–
kanpora zabaltzeko ezintasuna.
4.- 1837tik 1839ko abuztura. Hondamendia aurrikusten zutela, karlisten arteko
lehenengo zatiketak gauzatu ziren. Gobernu liberala, bestalde, karlismoa
eta foru auzia bereizten saiatu zen, eta, horretarako, Juan Muñagorri
zuzendari zuen “Bakea eta Foruak” proiektua diruz lagundu zuen. Baionako
Batzordea Muñagorriren proiektuaren alde agertu zen; erbesteraturiko
lurjabe euskaldunek osatzen zuten Batzorde hura eta, Foruak mantenduz
gero, gatazka bukatzearen aldekoak ziren haiek. Marotok hartu
zuen Don Karlosen gudarosteen kontrola, eta fusilarazi egin zituen gerra
jarraitzearen aldeko batzuk. Modu horretara, bi aldeetako militarren arteko
antolabide baterako bidea ireki zen, militar karlisten geroa gudaroste
liberalaren barne ziurtatzen zutela. Benetako arazoa, ordea, foruak iraunarazteko
baldintzak ziren. Azkenik, akordio batera iritsi ziren Bergaran;
haren arabera, Espartero jeneralak Gorteetan Foruak mantentzea gomendatzeko
konpromezua hartu zuen eta, bestalde, ofizial karlisten egoera
bermatzen zen gudaroste liberalaren barnean. Bizkaiko eta Gipuzkoako
gudarosteek onartu zuten ituna, ez ordea arabarrek eta nafarrek; horiek,
gerrari jarraipenik ezin emanez, Frantziara erbesteratu ziren. Hurrengo
urtean, 1840an, amaitu zen gerra Espainian.
Foru sistema Konstituzioan
Euskal probintzietako Foruak sistema liberalaren ordenamendu juridiko berriarekin
bateratzea arazo handitzat hartu zen oinarrizko legedia prestatzeko egin
ziren lehen saioetatik bertatik.
Karlistaldia amaituta, eta sistema liberala erabat ezarri zelarik, berriro azaldu
zen arazoa. Foruei buruzko aipamena zela eta, Bergarako Itunak kontuan hartzen
zuen arazo politikoa, eta horrenbestez, badaezpadako formula batekin bazen
ere, Itunak militarren arteko akordio korporatibo hutsa izateari utzi zion. Hala,
bada, Batzar Nagusiez gaindi zeuden Espainiako Gorteek argitu beharko zuten
foru erakunde publikoek indarrean iraun behar zuten ala ez. Horretan, 1839ko
urriaren 25eko lege famatua sortu zen. Legeak Nafarroako eta euskal probintzietako
Foruak berresten zituen, konstituzio batasunari kalterik eragin gabe (1. artikulua),
eta dei egiten zien Gobernuari eta Aldundiei foruen inguruko antolabideari
ekin ziezaioten (2. artikulua). Horrenbestez, nolabaiteko konponbidea eman
zitzaion lehengo arazoari, baina beste bat sortu zen: zer esan nahi zuen konstituzio
batasunak? Zenbat aldaketa egin behar zitzaizkien foruei Konstituzioarekin
adosteko?“Forua aldatzeko” proiektuak:
1839-1876 bitartean Foruak aldatzeko proiektu bat baino gehiago prestatu zen,
foruak konstituzioari egokitzeko xedez. Ahalegin horiek ez ziren nekerik gabe
burutu, eta esperientzia hartan oinarriturik, kontzientzia politiko berria moldatu
zen Euskal Herrian.
1840ko maiatzean bildu ziren Madrilen euskal probintzietako ordezkariak.
Bizkaitik Casimiro Loizaga, Francisco Hormaeche, Manuel M. Aldecoa eta M. A.
Ozamiz-Jausolo; Arabatik Blas López eta Pedro Egaña; Gipuzkoatik Valentín Olano, Fausto Otazu eta Santa Ana kondea. Liberalak ziren guztiak, baina moderatukontserbadoreak
eta foruzaleak joeraz; Espainiako Konstituzio liberalak foru sistema
ezartzetik sortu ziren erakunde politikoak kontuan hartu behar zituela aldezten
zuten. Horretarako, baina, Espainiako Konstituzioaren aldaera federala
onartu beharko zen. Nafarroako probintziako Aldundi berriak Fausto Galdeano,
Pablo Ilarregui, Tomás Arteta eta Fulgencio Barrera bidali zituen; Foruei dagokienez,
tesi progresistetatik hurbil ziren; hau da, gehienbat administrazio eta zerga
egoerari eustera mugatzen zirenetakoak.
Gobernua duda-mudatan zebilen estrategia zehazteko orduan: negoziazioa
banaka, probintziaz probintzia egin, ala guztiekin batera egin. Maiatzaren 26an
lau probintzietako ordezkariak bildu ziren, guztien artean estrategia bat erabakitzeko,
baina nafar ordezkariek bestelako jarrera agertu zuten, eta ez zen batasunik
lortu. Nafarrek garbi zeukaten aduanak lekuz aldatu behar zirela, mugaraino
alegia, eta baita Nafarroako Aldundiak indarrean jarraitu behar zuela ere. Prest
zeuden halaber Gobernuarekin hitz harturiko diru kopurua ordaintzeko, gizonezkoak
gudarostera deitzeko, eta sistema judiziala indarrean jartzeko ere. Nafarroa,
erresuma izatetik probintzia izatera pasa zen, zerga eta administrazio alorrean
eskumen bereziak zituela beti ere. 1840an, Bizkaiko ordezkarietako batek,
Hormaechek, honela laburbildu zuen nafarren jokabidea: “Nafarrak probintziako
Aldundiaren buruzagitza hartzearekin konformatzen dira, eta Erresumako politika
lege guztiak onartzen dituzte. Beren Gorteak, Kontseilua eta Erregeordea
ezabatzeko baimena ematen dute; ekonomia eta udal administrazioa kontserbatu
nahi dituzte; estankoak, sarrera eskubideak, paper zigilatua eta kintak ipintzearen
aurka azaltzen dira; eta ametsezko esperantzatan oinarritu bide den suhartasunez
–guk ezin itzaliko duguna– aduanak mugan ezartzea eskatzen dute.
Puntu honetan bereizten gaituen aldea, zuk dakizunez, guztiz da handia, eta oso
nahigabe garratzak ekarri behar dizkigu. Hasiak gara lanean, eta gogotsu eutsiko
diogu gure eginbideari, asmoz alda dezaten, asmo hori ez betetzeak haiei bezala
guri ere abantaila handiak ekarriko dizkigula sinistarazteko; nolanahi ere, ez gara
fruitu handia lortuko dugun ustean”.
1840 eta 1841ean nafar ordezkariek Foruak aldatzeari ekin zioten; lan hark 26
artikulu eman zituen. Administrazio eta ekonomia alorretara mugatu zen autonomia;
politika alorrari zegokiona, berriz, galdu egiten zuten. 1841eko abuztuaren
16an onartu zuten Gorteek Nafarroako Foruen aldaketa. Beste hiru probintziek
egoera luzatzeko estrategia aukeratu zuten, foru erakundeek konstituzioaren
barruan iraun zezaten lortzeko. 1840tik aurrera hiru probintzietako ordezkariek
harremanak estutu zituzten. Hala, ahaldun nagusiek bilkurak egin zituzten aldian-aldian,
denon onerako gerta zitezkeen puntuetan elkar hartzeko xedearekin.
Euskal Herriko foruzaleek parte hartu zuten 1841eko urrian jeneral moderatuek
burutu zuten altxamenduan; horren ondoren, Baldomero Espartero erregeordeak,
dekretu bidez (1841eko urriaren 29an), liberal progresistek eskatzen
zituzten aldaketak gauzatu zituen, euskal probintziak –aduana, lege eta erakundeei
dagokienez– Espainia osoarekin berdinduz. Guztiarekin ere, “Foruak aldatzea”
eginkizun zegoen.
Esparterok aldegin eta moderatuek aginpidea eskuratzean, berriro plazaratu
zen foru auzia. 1844ko uztailaren 4ko dekretuaren bidez Batzar Nagusia eta Foru
Aldundia berriz ezartzea erabaki zuen gobernu berriak. Batzar Nagusiei eman
zitzaien Foruen behin-betiko moldaera gobernuarekin negoziatu behar zuten
ordezkariak izendatzeko ardura; gobernuak Nafarroarekin lortu zenaren antzeko
konponbidea nahi zuen. Batzar Nagusiei euren esku izan zituzten auziak tratatzeko
baimena ere eman zitzaien, errege xedapenen aurka joko ez zutelakoan
beti ere. Egoera hartan, foru sistemaren iraupena kolokan zuena, Pedro Egaña
arabarrak, “política vascongada” esango zitzaionari aurrea hartuz, euskaldunguztiek Foruen aldeko ekimenean bat egin zezaten eskatu zuen: “Horretan ez
daude karlistak eta liberalak, moderatuak edo muturrekoak, foruzaleak baizik;
hau da, euskaldun zintzo eta leialak. Herri batek duen nazio-izatea galtzeko zorian
jartzen dutenean, herritar gaizto da bere herriaren zatiketaren alde agertzen
dena…” (1844.VII.10)
1848an Blas López arabarrak eta Ascensio Ignacio Altuna gipuzkoarrak Foruak
aldatzeko aurreproiektu bat prestatu zuten. Hura izan zen euskal ordezkarien
lehenengo ekimena. Proiektu hartan euskal probintzietarako estatutu berezia
antolatu zuten: Foru Aldundiak eta Batzar Nagusiak bere horretan uzten
ziren, lehengo zereginak eta eskumenak gordeaz. Probintziek beren bizkar hartzen
zuten zorra ordaintzeko erantzukizuna, eta baita Elizari eta Apaizei ordaintzekoa
ere. Aduanak kostaldean uztea onartzen zuten, baina tabakoaren salerosketa
aske uztea eskatzen zuten, eta saltzeko debekua zuten beste produktu
batzuetatik kopuru jakin bat saltzeko eskubidea ematea. Ogasunari urtero
1.500.000 erreal ordaintzea onartzen zuten. Betiere euskaldunek ez zuten soldaduzka
egin beharrik izango, baina Goardia Zibilaren ordez ordena publikoaz arduratuko
zen Foru polizia mantentzea beren bizkar hartzen zuten probintziek.
Proiektu horren xedea foru sistema 1839ko urriaren 25eko legeari egokitzea zen.
1850ean Foruak konstituzioaren arabera moldatzeari ekiteko unea zela pentsatu
zuten Gipuzkoako eta Arabako ordezkariek. Bizkaiko Batzar Nagusiak, ordea,
proiektu horren aurka azaldu ziren: “dena ala ezer ez” zioten. Bizkaitarren proposamena
hau zen: lehen buruan Foruak oso-osorik ezartzea berriro; hori
egin eta gero, eta orduan bakarrik, onartuko zuten foruei buruz negoziatzen hastea.
Estrategia horren atzean karlistak zeuden. Proiektuaren aurka azaltzean,
Madrilen ziren Bizkaiko ordezkariek dimisioa eman zuten, Bizkaiko Batzarraren
jarrera maximalistaren aurka baitziren. Horrela apurtu zen hiru lurraldeen arteko
kontsentsua. Araba eta Gipuzkoa ez ziren alde bateko negoziazioari ekitera ausartu,
eta foruei buruzko zehaztasunik eza bere horretan geratu zen.
Hurrengo urteetan ideologiak eta politikak urratu zuten bidea dela eta, “euskal
politika”-z hitz egin daiteke, hiru euskal probintzia horien batasunaz alegia.
1855ean hau idatzi zuen A. I. Altunak: “Euskaldunen xedeak nazioa tamalez banaturik
dagoen alderdi politiko bakar batenarekin ere loturarik ez izatea nahiko
luketenek ez dute ezarrita dagoen aginpidea –edozein delarik aginpide hori– zirikatzen”.
Hurrengo hamarraldian R. Ortiz de Záratek egin zuen “euskalduntasunaren”
aldezpena, baina beste ideologia batez zipriztindurik. Dena den, euskal
barrutietan hautatu ziren parlamentarioei erreparatuz gero, bada zer
azpimarratua: 1839rako errotua zen aniztasun politiko-ideologikoa. Euskaldunek
Espainiako Parlamentuan egin zuten lana euskal foruen inguruko eztabaidengatik
uste daitekeena baino askoz handiagoa eta aberatsagoa izan zen. Euskaldunen
esku hartzea handia eta eragingarria izan zen liberal progresistei dagokienez,
eta geldoa eta mugatua liberal-foruzaleei dagokienez. Nolanahi ere, lan hori
erabakigarria izan zen bide politiko-ideologiko berriak sustatzeko.
Demokraziazko sei urteak: gerra berriro
1868an, Borbondarren monarkia erori ondoko hauteskundeetan, hautagai katoliko-foruzaleak
nagusitu ziren euskal probintzietako barruti gehienetan. Gorte
Konstituziogileetarako hauteskundeetan (1869), lehenengo aldiz gizonezkoen
sufragio unibertsala aplikatu zelarik, Euskal Herriko parlamentario guztiak bloke
tradizionalista-karlistakoak ziren. 1871n Donostia, Tutera eta Baztan salbuespena
izan ziren, hiru barruti horietan hautagai liberalak nagusitu baitzitzaizkien Don
Karlosen aldekoei. Hurrengo hauteskundeetan –1872ko apirila– berriro irabazi
zuten tradizionalistek, azkeneko aldiz garai hartan. Gorte Konstituziogileetan
diputatu karlistak erlijio batasunaren gidari bihurtu ziren, eta Konstituzio demokratikoaren
aurka egitea gurutzadatzat hartu zuten. Urte hartan bertan Arístides Artiñano-k, Bizkaiko karlisten buruzagiak, Jaungoicoa eta Foruak. La Causa Vascongada
ante la Revolución Española liburuxka argitaratu zuen. Liburu horretan iraultza
berriaren aurka egitea erlijio auzitzat hartzen zuen, eta foruak berriro indarrean
jartzea aldezten zuen, 1839. urte aurreko egoera aplikatuz beti ere.
Pentsalari tradizionalistek foru eta erlijio arazoak batu zituzten. Foruak eta
erlijioa gauza bat eta bera ziren, Espainia jatorraren, tradizionalaren muina biltzen
zuen oskola osatzen zuten. Hura defenditzeagatik aberriaren batasuna bera
hausteko prest zeuden, bakea eta ordena berreskuratu arte. Azkenik, “mendira
jotzea” aldarrikatzen zutenen ideia nagusitu zen karlisten artean. Jainkoa, Erregea
eta Foruak –teokraziaren araberako zentzuan– defenditzeko parlamentu estrategiaren
ordez armak hartuta altxatzea hobetsi zuten.
Errepublikazaleak Eibarren bildu ziren, Pi i Margall ere tartean zela; Araba,
Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroaren arteko federazio hitzarmena izenpetu zuten,
eta Espainia osoa hartuko zuen federazio hitzarmenean parte hartzeko borondatea
ere azaldu zuten. Errepublikazaleen presentzia hiriguneetara mugatu zen;
haien ideologiak –beste tokietako errepublikazaleen antzekoa bazen ere– zenbait
ezaugarri berezi zituen, eguneratu beharreko kode demokratikotzat hartzen
baitzituzten Foruak.
Alderdi liberalak ere hirietan zituen jarraitzaile gehienak; zatiturik zegoen baina:
alde batean sektorerik kontserbadoreenak zeuden, karlismora hurbildu zirenak;
bestean, berriz, aurrerakoienak, Irurac-Bat aldizkariaren inguruan bildu, eta
monarkia demokratiko berriaren alde azaldu zirenak.
1868ko iraultza hasi zenetik karlistek bi bide urratu zituzten oposizioko lanean:
politiko-elektorala, batetik, alderdiaren sektore neo-katolikoak bultzatua;
eta militarra, bestetik, militante zailduen gidaritzapean. Bigarrengo bide hau nagusitu
zitzaion lehenengoari, eta parentesi labur baten ondoren –1872an Amorebietako
Ituna izenpetzean amaitu zen udaberriko altxamendua–, gerra hasi zen
abenduan, hurrengo urtean eta 1874ko lehen erdian oso gogorra izan zena.
Karlistek, euskal lurralde gehiena kontrolpean zutelarik, estatu karlista moduko
bat moldatu zuten euskal probintzietan; halaber, gudaroste bat sortu zuten,
gatazka hasi zenetik bertatik borrokan ari ziren taldeetan oinarriturik. Ez zen ez
arazorik gabe gauzatu hura dena: Aldundiak erregearen aginpide zentralizatuaren
aurka azaldu ziren, eta gerrillari buruzagi batzuek ez zuten gogo onez onartu
errege gudarostean sartu beharra.
1874ko maiatzetik hasita karlismoak behera eta behera egin zuen, eta 1876ko
hasieran amaitu zen gerra.
1876ko uztailaren 21eko legea
Gerra amaiturik, berriro hasi zen foruei buruzko eztabaida. Espainiako iritzi publikoak
Foruei egozten zien karlismoaren indarra, eta haien guduzalekeriari bi
gerra eragin izana. Antonio Cánovas del Castillo buru zuen gobernuak Foruak
aldatu nahi zituen behingoz, euskal probintziak Espainiako beste probintziekin
berdintzeko, zergak Estatuari zuzenean ordainaraziz, gazteak gudarostean sartzera
behartuz, eta Batzar Nagusiak eta erakunde politikoak ezabatuz. Euskal
Herriko liberal foruzaleek Gobernuari beti leial iraun zutela esaten zuten; ez zutela
karlismoaren kausaz halako traturik merezi. Alferrik izan ziren, ordea, protesta
haiek: 1876ko uztailaren 21ean Gorteek foruak aldatzeko legea onartu zuten,
Foruak ezabatzeko legetzat hartu izan zena.
Lege horren aurrean bi jarrera bereizi ziren: batzuek legea indarrean jartzea
nahi zuten, foru sistema erabat desegin zedin eragozteko; besteek, berriz, erabat
aurka egonik, legea indarrean jartzea galarazi nahi zuten. Cánovasek Batzar Nagusiak
eta Aldundietako bilerak debekatu zituen. 1877an Batzar Nagusiek hautatu
zuten Bizkaiko Aldundia kargurik gabe utzi zuen Cánovasek. Arabako eta Gipuzkoako
Aldundiak, berriz, legearen aplikazioa negoziatzen saiatu ziren, baina
ez zuten ezer lortu, eta urte horretan bertan desagertu ziren horiek ere.
Gobernuak erakunde horien ordez Probintziako Aldundiak antolatu zituen.
Foruzale ezagun batzuek –Pedro Egaña, Joan Tellitu Atuñano– neurri horren aurka
egin zuten, arrakastarik gabe baina. Egañak Aldundi berri horiek eratzea onartu
zutenak kritikatzen zituen; Tellituk zera eskatzen zuen: “Pirinioen eta Ebroren
artean estatu burujabe bat, Suitza txiki moduko bat, eratzeko ezin ukatuzko eskubidea”.
Estatuaren administrazio aparatuaren ahulezia zela eta, legea indarrean jartzeko
eta estatuko Ogasunak kobratu behar zituen zergak biltzeko, erabaki iragankor
bat hartu zen 1878an, gerora ere luzatu zena. Horren arabera, Probintziako
Aldundiek zergak biltzen jarraituko zuten, eta estatuari kopuru bat
ordaintzea hitz eman zuten. Horrela, bada, lehenengo kontzertu ekonomikoa
izenpetu zuten, izatez Foru Aldundiek zuten indar politiko-administratiboaren
emaitza izan zena. Nafarroan, berriz, indarrean jarraitu zuen 1841eko legeak.
XIX. mendearen kronologia
1778 Estatu Batuen independentzia.
1789 II-11 Frantses estatua departamendutan zatitu zuten.
Ipar Euskal Herria Basses Pyrenées departamenduaren
barne geratu zen.
1790 II-8 Basses Pyrenées departamendua barrutitan zatitu
zuten, euskal lurralde tradizionalen mugen arabera.
1793 X-30 Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Ordezkariak Conferencia
deiturikoetan bildu ziren Bilbon, beren
arteko harremanei instituzio maila ematearren.
1794 VIII-4 Frantziako Konbentzioaren Gudarosteko gudari
taldeak Donostian sartu ziren.
Gipuzkoako Batzar Nagusiek, Getarian bilduta, Gipuzkoaren
independentzia aldarrikatu zuten.
1801 XII-31 Abandoko ertz bietan salerosketan aritzeko baimena
eman zuen Errege Dekretu batek, Zamacolak
nahi zuen bezala.
1804 Zamacolak Errege Gudarostea bertako gizonez
hornitzearen alde egin zuen Batzorde Nagusietan;
proposamena onartua izan zen.
V-18 Napoleonek Enperadore izendatu zuen bere
burua.
1805 Novísima recopilación de las leyes de España argitaratu
zuten. Bertan foru sistema onartu zen.
1806 Juan Antonio Llorenteren Noticias históricas de las
tres provincias vascongadas y del origen de los
fueros.
1808 III-17/18 Aranjuez-eko matxinada eta Karlos IV.aren abdikazioa.
1808 VII-7 Baionako Konstituzioa.
1810 II-8 Frantses Inperioaren babespean, J. Dufour jeneralak
Nafarroako Gobernua eratu zuen.II-20Frantses Inperioaren babespean, Thouvenot jeneralak
Bizkaiko Gobernua eratu zuen (Araba eta
Gipuzkoa barne).1812 III-19 Cadiz-eko Konstituzioa.1814 IV-11 Napoleonen abdikazioa.V-4 Fernando VII.aren dekretu batek Cadiz-eko GorteenVII-29Foruak berriro ezarri ziren, Errege Dekretu baten
bidez.1820 III-7 Fernando VII.ak 1812ko Konstituzioa onartu zuen.
Foru Aldundiak desagertu eta Probintziako Aldundiak
sortu ziren.
III-24/26 Bizkaiko Batzorde Nagusiak bildu ziren Konstituzioa
aztertzeko, baina ez zuten onartu.
1823 X-I Fernando VII.ak Konstituzioa eta Hiru Urteetako
lege guztiak baliogabetu zituen; Foruak berriro
indarrean.
1833 IX-29 Fernando VII.a hil zen eta Isabel II.aren erreinaldia
hasi zen.
X-3 Don Karlosen aldeko altxamendua Bilbon; karlistaldiaren
hasiera.XI-30Dekretu baten bidez oraingo probintzien araberako
zatiketa egin zen.1834 IV-10 Errege Estatutua.1835 VI-10 Bilboko lehen setioaren hasiera.X-26 Bilboko bigarren setioaren hasiera.1837 VI-18 Konstituzio progresista.VI-29Desamortizazioa, Elizaren jabegoko ondasunak
saldu ziren.1839 VIII-29 Bergarako Ituna.X-25 Foruak berretsi zituen legea.1841 I-5 Foru pasea kendu zen.V-8 Espartero jenearalaren erregeordetza hasi zen.VIII-16 Nafarroako Ley Paccionada.X-5 Esparteroren aurkako altxamendua; foruak osoosorikX-29 Aduanak kostaldera aldatu ziren.1843 VIII-30 Espartero jeneralaren erregeordetzaren amaiera etaHamarraldi Moderatuaren hasiera.1844 VII-4 Batzar Nagusiak eta foruak ezarri ziren berriro,
zenbait aldaketarekin.1845 V-25 Konstituzio moderatua.1848 Matiners deitu karlisten altxamendua Katalunian.
Gipuzkoako saioak huts egin zuen.I K. Marx eta F. Engels-en Manifestu Komunista argitaratuII-25 Frantziako II. Errepublika.1852 XII-2 Napoleon III.a Enperadore izendatu zuten.1854 VI/VII Gobernuaren aurkako altxamenduak eta Biurteko
Progresistaren hasiera.1856 IX-15 1845eko Konstituzioa ezarri zen berriro, Akta Gehigarri
batekin.X-4 1845eko Konstituzioaren Akta Gehigarria kendu
zuten.1860 IV-2 Karlistak San Carlos de la Rapitan lehorreratu ziren.1862 IV-23 Gasteizko Eliz Barrutia eratu zen, Araba, Bizkaia
eta Gipuzkoa probintziak barne hartzen zituela.1864 IX-23 Langileen Nazioarteko Elkartea sortu zen.XII-8 Pio IX.aren Syllabus errorum.1867 III-10/13Gorteetarako hauteskundeak.1868 IX-17 Itsas Armada altxatu zen Cadizen. Iraultzaren hasiera.IX-30Isabel II.ak Espainiatik aldegin zuen, Lekeitioko
uda tokian zela.X-10 Yarako oihua. Kubako Independentzia lehen gerra.1869 VI-1 Konstituzio demokratikoa.VII Karlisten altxamendu saioa Nafarroan.XII-8 Vatikanoko I. Kontzilioaren hasiera.1870 IV Karlisten buruzagiak erregegaiarekin bildu ziren
Vevey-n (Suitza).VIII Karlisten porrota Escodada deituan.IX-4 Frantziako III. Errepublika.XI-16 Saboyako Amadeo Espainiako errege hautaturik.XII-27 Prim jenerala hil zuten.1871 III-28 Parisko Komuna aldarrikatu zuten.1872 IV-21 Erregegai karlistak matxinadarako deia egin zuen.V-24 Amorebietako Ituna, foruak bere horretan utzi ziren,
eta matxinatuei indultua eman zitzaien.XII Karlistak berriro altxatu, eta gerra hasi zen.1873 II-11 Amadeo I.aren abdikazioa. Errepublika.XII-28 Bilboko setioaren hasiera.1874 IV Karlisten hondamendia Somorrostron.V-2 Bilboko setioaren amaiera.XII-29 Martínez Campos jenerala Sagunton matxinatu.
Alfonso XII.a Espainiako errege.1876 II-27 Karlisten erregegaiak Frantziara aldegin.VI-30
VII-21Konstituzio kontserbadorea.
Gorteek foruak ezabatzeko legea onartu.