Departamento de Cultura y Política Lingüística

Atlas Historikoa»Atlas Historikoa

Biztanleria eta familia (XVII-XIX. mendeak)

Eztei eguna Mendaron, XX. mendearen hasieran. (Mendaroko Historia).<br><br>

 

EGILEA:

Arturo Rafael Ortega Berrugete Gaur egungo Historiako eta Demografia Azterketako irakasle Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Zientziak eta Komunikabideak fakultatean. Beste lankide bazuekin batera, liburu hauek idatzi ditu: Bilbo, Arte e Historia, La población española en 1787, Casa, Familia y trabajo en la historia de Bergara eta Bergarako biztanleriaren historia.

 

Demografia hazkundearen erritmoak

? XVII. mendea: krisia, antolamendu berria eta zabalkundea Euskal Herriko nekazari giroko historiak badu 1600. urtetik aurrera ezaugarri nagusi bat: baserriaren bideragarritasun ekonomikoa ?familia beregain bizi ahal izateko moduko ustialeku gisa harturik baserria? eta sail txikiko baserritarraren independentzia soziala lortzeko ahalegina. Bi helburu horiek lortzeko bidearen luzeak eragin nabarmena izan zuen demografian.

Gaztelako goi-ordokian, XVII. mendean, ekonomiak ahulaldi latza eta gizarteak feudalizazio zaharberritu antzeko bat pairatu zuen. Mende horretan zehar, beraz, Gaztelako eta Aragoiko barnealdean demografiak etenaldia izan zuen bere hazkundean, eta zenbaitetan behera ere egin zuen. Krisi horren nondik norakoak eta eragileak zein diren ez da guztiz argitu oraindik, baina, bestalde, argi dagoena da demografia krisi horrek zerikusi zuzena izan zuela hiri giroko ekonomiaren gainbeherarekin.

Baina ez zen, noski, berdin gertatu Iberiako penintsula osoan. Itsasaldeko leku askok ez zuten krisirik pairatu, ez behintzat biztanleria osoa aintzat hartuz gero.

Horixe da, hain zuzen ere, Euskal Herri hezean gertatu zena. Izan ere, mendehorretan zehar, eta Asturiasen eta Galizian bezala, Euskal Herriko eremu horretako biztanle kopuruak gora egin baitzuen.

XVI. mendearen bukaeran, eta batez ere 1630-1640 bitarteko hamarraldiko krisiaren ondotik, artoa erruz sartu izanak ?artoa, lehenengo urteetan animaliak bazkatzeko baino erabili izan ez zena, handik laster baserritarraren elikagai nagusietako bat bilakatu zen? asko lagundu zion Kantauri itsasaldeko baserriari aurrera egiteko moduko ekonomia zuzpertzen. Gainera Euskal Herriko probintziek ?zerga ordainketari zegokionez egoera juridiko ?berezia? baitzuten? zerga gutxiago ordaintzen eta gizarte egitura dinamikoagoa zuten, eta ez zen hierarkia hain zorrotza; hori dela eta erraz ulertuko da zergatik Euskal Herrian XVII. mendeak ez zuen, ezta hurrik ere, Europako gainerako leku gehienetan, Gaztelan eta Frantzian batik bat, izan zuen ondorio beltzik ekarri.

Bada, ordea, bai Bizkaian bai Gipuzkoan, bietan agertzen den ezaugarri bat: eskulangintza eta merkataritza alorrak beste era batera antolatzeko helburua, 1650.. rterako burutu zena, eta, ondorioz, oihalgintzaren gainbehera eta burdingintzaren gorakada bizkorra ekarri zituena. Hala, batetik aldaketa horiek ?soilik hiriari zegozkionak?, eta bestetik, nekazaritzarako erabiltzen ez ziren lurrak hartarako prestatzeak eta artoaren ekoizpena gehitzeak ?nekazaritzaren aldeko? joera nagusitzea eragin zuten; horren ondorioz, elizateetan bizi zen biztanle kopuruaren batez bestekoak gora egin zuen, hiribilduetakoaren kaltetan. Nekazaritza/abeltzaintzan oinarrituriko bizibideak eskaintzen zituen aukera berriak zirela eta, ordu arteko emigrazio joera ?herritik hirira? eten ez baina zentzuz aldatzea lortu zen hasieran, eta geroago, nekazari giroko inguruneetako demografia hazkundearen oinarri bilakatu zen legezko zein legez kanpoko luberritze prozesu bati ekin zitzaion.

Arabari dagokionez, probintzia horren aurrerabideak Bizkaia-Gipuzkoaz zein Gaztelako goi-ordokiaz aipaturiko ezaugarriak izan zituen. Artoa lurralde hartara behar bezala egokitu ez izana nekazaritzararen aurrerabidearen eragozgarri izan zen, baina presio fiskala han txikiago izanik krisiak ez zuen oso gogor jo. Nafarroa da demografia hazkundearen mailakako hurrenkera argien erakusten duena: iparralderago eta garaiagoa, hegoalderago eta urriagoa.

Ekonomian eginiko aldaketa haien ondorioak hazkunde erritmoetan ez ezik herrietako etxebizitzen banaketan eta herrien kokalekuan ere islatu ziren. Artoa ibar zoko hezeetan ?sarri basituak egoten zirenez, ibar zokoetan ezin zen garirik egin, eta ordu arte ez ziren landu? eta malda handiko mendi mazeletan sartu zen, eta, hala, leku horietako produkzioa gehitzea lortu zen.

Denborarekin, nekazariaren etxebizitzan aldaketa handiak egin ziren. Baserria ?familia baten edo biren egoitza, nekazaritza/abeltzaintzarako lurrekin, eta, gehienetan, harriz egina? gero eta jende gehiagoren bizileku bilakatu zen, eta,beraz, baserri kopurua asko handitu zen. Hala, ordu arte etxola antzeko etxe ahuletan bizi izan zen familia asko egoitza mota berri horietara aldatu zen. Baserriak, bestalde, XVI. mendeko gari eta abere biltegien aldean, garaiagoak ziren, artoa ihartu ahal izateko beste solairu bat gehitu baitzitzaien. Garrantzi handiko aldaketak ziren haiek, batetik nekazari/abeltzainen artean ekonomia ahalmen handiagoko sektore bat ?hargin profesionalek eraikitzen zituzten harrizko eta adreiluzko etxe sendo handi haiek eros zitzakeena? bazegoela adierazten zutelako, eta, bestetik, hobekuntza nabarmena ekarri zutelako garbitasun eta osasun baldintzetan.

Errolda edo biztanleen zerrenda fidagarririk ezean, ezinbestekoa da tokian tokiko bataio gorabeheretan oinarrituriko azterketak egitea, biztanleriaren garai jakin bateko bilakaera ezagutu nahi baldin bada. Orain arte eskuratu ahal izan direnetan ikus daitekeenez, krisi larri bat izan zen XVI. mendearen bukaeran, 1575. urte inguruan hasita, izurriak eta tifusak are larriagotu zutena toki batean baino gehiagotan. Ekonomia batez ere gariaren ekoizpenera bideratua zuten herrietan garaitsu hartan hasi zen behera egiten bataio kopurua. Nolanahi ere, eskulangintzatik bizi ziren herrietan ?horietatik Otxandio bide da ezagunena?, edo merkataritzatik bizi zirenetan ere ?Bergarako herrigunean, adibidez, aztertua dagoen kasu bat aipatzearren?, lehenago jo zuen krisiak, eta sakonago gainera; izan ere, herri horietan, 1550az gero nabarmen egin zuen behera jaiotza kopuruak.

Beheraldi hura amaituta, jaiotza kopuruak gora egin zuen; izan ere, krisiagatik atzeratutako ezkontzak orduan burutu baitziren. Nolanahi ere, zuzperraldia bizkorra izanagatik, ez ziren 1595. urteko kopuruak gainditu; beraz, 1598-1602 urteetako beheraldia bai, gainditu zen, baina azken hamarraldietako egiturazko krisi estrukturalak bere horretan segitzen zuen.

XVII. mendearen lehen hogeita hamar urteetan kolokan zegoen dena. Aurreko mendearen bigarren erdian hiri giroko ekonomiek hondoa jo zutelako edo, demografia eta gizartea beste era bateko oreka egoera aurkitzen saiatu ziren.

Dakigunez, garai hartan handitu egin zen gizartearekiko kezka, salgaien prezioak gora egin zuen, eta, besteak beste, goseteak, zerga igoerak eta matxinadak izan ziren, eta aldaketak instituzioetan; heriotza krisi bat ere izan zen, 1630-1635 urteetan; ezkontzaz kanpoko jaiotza kopurua ere ikaragarri handia zen? Baina, guztiarekin ere, egoera nahasi hura hazkuntzaren ondorioz sorturiko krisi gisa har zitekeen. 1635. urtetik aurrera Euskal Herri hezeko biztanle kopurua nabarmen handitu zen, eta 1655. urtetik aurrera goranzko joerari eutsi zion.Nolanahi ere, hiri eta nekazaritza giroko munduen artean desberdintasun handiak ziren. Baserriko ekonomian, bestalde, aldaketa handiak egin ziren: artoa sartu zen, eta berehala eta oso ongi egokitu zen; lurra laiaz landu zen ?lurrak oxigeno gehiago hartzen zuen horrela, laiak goldeak baino sakonago zulatzen baitzuen?, eta ongarri gisa karea erabili zen ?lurraren kapilaritatea handitzen eta nitratoak azkarrago askatzen ziren horrela?. Horrenbestez, abere kopurua gehitu eta nekazaritzako produkzioa izugarri handitu zen, eta hala, aurrerantzean, sail txikiko nekazariak janari aukera handiagoa izan zuen.

Hazkunde erritmoei dagokionez, harrigarria da ikustea Euskal Herrikoen eta Galiziakoen arteko berdintasun ia erabatekoa. Nolanahi ere, Galizian, 1615-1635 urteetako krisia eta 1665-1680 bitarteko zabalkundea Euskal Herrikoak baino askoz nabarmenagoak izan ziren.

Mendearen lehen hogeita hamar urteko gorabeherak ?beste lurralde batzuetakoak baino samurragoak nonbait? eta gero, hazkunde bizkorreko aldi labur bat etorri zen ?1635etik aurrerakoa?, eta aldi horri 1660 arte iraun zuen beste bat jarraitu zitzaion hazkuntzak ez aurrera ez atzera egin ez zuena, bai Galizian bai Euskal Herrian. Zenbait adituren ustez hazkundearen geldialdi hura artoa sartu zenean prestatu ziren luberrien ?ekoizpen gero eta urriagoaren? lehen ondorioetako bat zen. ?Gehiegizko baikortasunak? ekarri zuen krisi horren ostean, berriz ere errazionalizatu eta beste era batera antolatu ziren lur sailak, eta hala, mendearen azken herenean hazkunde handia izan zuen biztanleriak (dena den, biztalerniaren hazkundea mantsotuz joan zen hurrengo mendea hurbildu ahala).

Nolanahi ere, aukeran, sintetikoegia da ikuspegi hori, geografiaren arabera gorabehera handiak baitzeuden hazkundearen indarrean eta erritmoan. Arazo hori aztertzeko Euskal Herriko 28 biztanleria gunetako bataio zerrendak erkatu dira, herri horiek, beti ere, zuten garrantziagatik eta elkarrekiko ezberdintasunengatik, Euskal Herriko ekonomia moten adierazgarri izan zirela kontuan izanik.

Ekonomia batez ere abeltzaintzara eta nekazaritzara zuzendu zuten herrietako biztanleriaren hazkundea, merkataritzara, eskulangintzara edo itsasoko jardueretara zuzendu zutenena baino askoz bizkorragoa izan zen. Gainera, zenbait biztanleria gunek ere, bere bilakaeran, nolako kokalekua halako hazkundea izan zuen: XVII. mendean, adibidez, askoz hazkunde bizkorragoa izan zuten ibar zokoetako parrokiek eta auzoek mendi maldan kokaturikoek baino.

Beraz, Euskal Herriak ?bere osoan, ez ordea leku guztietan? biztanleriaren berezko hazkundearen mendea izan zuen XVII. mendea, nahiz eta, inon, atzerakadarik ere izan zuen, inoiz ere larria gainera. Gure ustez, artoa hain azkar eta ondo egokitu izana da biztanleriaren hazkundearen eragile nagusia; izan ere, Kantauriko Mendikatetik hegoaldera ez baitzen horrelakorik gertatu. Hala ere, nazioarteko egoera larriak hartaraturik, hirigune gehien-gehienek geldialdi bateta beste era bateko antolamendua izan zuten lehen aipaturiko mende horretan.

Handik hara herriek eta hiriek hazkunde erritmo ezberdinak izan zituzten, eta ezberdinak ez ezik, baita, toki batean baino gehiagotan, elkarren aurkakoak ere.

XVI. mendearen bukaeran artisauen eta merkatarien artean zabaldu zen krisiaren ondorioetako bat, beraz, nekazaritzako produkzioa gehitzea izan zen, eta horrek nekazari giroko gizartea, itxuraz ez hain dinamikoa, baina, aitzitik, askoz egonkorragoa eta ?segurtasun? handiagokoa, ekarri zuen ondorioz.? XVIII. mendea: egoera egonkorra ala geldialdia? XVII. mendean Euskal Herri hezean nekazaritza hedatu izanak biztanleriaren hazkunde bizkorra eragin zuen, eta hori izan zen, hain zuzen ere, Euskal Herriko mende horretako ezaugarri nagusia. XVIII. mendearen lehen laurogeita hamar urteetan sendotuz ?edo, nahiago bada, egonkor bilakatuz? joan zen egoera hura, hala biztanleria osoaren kopuruari nola demografia ereduari dagokionez.

Europako Historia ikertzen ari den batentzat harrigarria gerta daiteke lehengo baieztapen hori; izan ere, kontraesana baitago aurreko horren eta Europak Aro Berrian izan zuen demografia bilakaerari buruzko ikuspegi zabalduenaren artean. Gertaera hori, hemen beste inon baino ageriago eta nabarmenago azalduagatik, ez zen soilik Euskal Herriari zegokion zerbait; izan ere Kantauri itsasaldeko hazkunde erritmo bereziaren agerpideetako bat izan baitzen. Hala, Iberiako penintsulako iparraldeak Europan orokorra zen araua betetzen ez bazuen, are gutxiago betetzen zuten Bizkaiko sortaldeak eta Gipuzkoak.

Espainiako barnealdeak eta Levantek, XVII. mendean hondamendi izugarrian amildu ondoren, zabalkunde handiko mendea izan zuten hurrengoa, bai nekazari giroko herrietan, batik bat bazter utzitako lurrak berriro baliatu eta ordua arte landu ez ziren eremuak luberritu zirelako, bai hirietan ere, Espainiako monarkiak XVI. mendeaz gero Europan aurrera bultzatu zuen politika inperialista eta gerrazalea bukatuz gero zerga igoerak eten zirelako.Horiek izanik baldintzak, hazkunde erritmo bizkor samarra izan zuen biztanleriak: Gaztelako erresumakoa ?Kantauri itsasaldekoa kontuan hartu gabe? %0,44 handitu zen urtero 1700-1780 bitartean. Galizian, aldiz, %0,36 baino ez zen handitu urte bakoitzeko, eta Bizkaian eta Gipuzkoan are gutxiago. XVII. mendean krisiak gogorren astindu zituen herriak besteak baino bizkorrago handitu ziren XVIII.ean, izan ere, gorago baitzuten ?Malthusen legearen araberako muga?, hots, ekonomia baliabideen arabera zegokien berezko hazkundearen muga.

Beharbada, XVIII. mendeko biztanleriaren hazkunde erritmoak sakonago aztertzeko elizako errejistroak arakatzea beste biderik ez da. Eman dezagun jaiotza tasa gordina egonkorra dela: bataio kopuruaren bilakaera eta biztanleriarena bat bera bezala har daitezke. Horrenbestez, lehen aipaturiko mende horretan zehar izan ziren jaiotza sailen ?joera nagusia? kalkulatu da lehenbizi, eta lortu diren emaitzetatik urteko batez besteko hazkunde tasa atera da ondoren. Hala, Gipuzkoari ?Vargas Ponce-k eskaintzen duen jaiotza sailaren arabera?, %0,25 dagokio, eta Bizkaiari, antzeko kopuru bat, %0,32, bide bera erabiliz lortu dena.

Nolanahi dela ere, uste izatekoa zen bezala, Euskal Herri hezeko biztanleriaren bilakaera ez da uniformea mende osoan zehar. XVII. mendearen azken urteetako oztopoak ?uzta urriak? eta XVIII. mendearen lehen hamarraldiko hondamendia ?ia Europako sartalde osora zabaldu eta, seguraski, Espainiako Erregetzarako Gerrak merkataritzako joan-etorrietan izan zituen ondorioengatik sortu zena? gainditu ondoren, goraldi nabarmena izan zen, 1740. urte ingurura arte iraun zuena. Geroago, hamar urteko beheraldi eta goraldi banaren ondoren, 1760. urte ingurutik aurrera gorabehera handirik gabeko denboraldi egonkorra nagusitu zen, 1794-1795 urteetako krisiak ?kanpoan sortua, baina aspaldidanik azpijanean ari ziren kontraesanak eta barne nekaldiak are gehiago gaiztotu zituena, Konbentzioko Gerra, alegia? baino hautsi ez zuena.

Harrigarria da, baina Euskal Herriko itsasaldeko bi lurrade horietako bataio kopuruen bilakabideak ?guztiz? paretsuak izan ziren, salbu eta Bizkaiak, geldialdiari gogorrago eginez, Gipuzkoak baino luzexeago eutsi ziola bere goralditxoari.

Garaian garaiko gorabeherei dagokionez, bataren eta bestearen bilakabideak guztiz bat datoz; horrek zeharbidez frogatzen duenez, bai biztanleriaren hazkundea bai hazkunde erritmoak eragile sozioekonomiko beren esanetara egon ziren probintzia bietan.

Oro har, eta Euskal Herri hezeari dagokionez, XVIII. mendea guztiz desberdinak diren bi mende erditan bana daitekeela esan daiteke. Lehenbizikoak nolabaiteko hazkundea izan zuen, XVII. mendeak ezaugarri izan zuen gorakadari jarraipena emanez. Bigarrenak, aitzitik, geldialdia du ezaugarri nagusitzat. Izan ere, 1760. urtea arte, Gipuzkoa eta Bizkaia urteko %0,34 eta %0,45 handitu ziren hurrenez hurren, eta handik hara, %0,05 eta %0,11 baino ez. Are gehiago, udalerri askok, nekazari girokoak gehienbat, behera egin zuen biztanle kopuruan 1760- 1765 ingurutik aurrera.

1776. urtea, hainbat gertaera gogorarazten dituena ?salneurrien goratzea, ?matxinadak?, biztanleria urritu zuten eritasunak (haurren artean baztanga eta disenteria, helduen artean tifusa)?, etorkizun zeuden garai berrien lehen seinaletzat har daiteke. Ematen du ?artoaren iraultzak goia jo zuela? eta Euskal Herri hezeak aurre egin ziola Malthusen legearen erronkari, ugalketa aukerak gutxitzeko ?prebentziozko eragozgarriak? jarriz, eta, heriotza nolabait galaraztearren, biztanleriaren hazkundeari uko eginez.

Nolanahi ere, biztanleriaren bilakabidea aztertzeko ?lurraldea? edo ?probintzia? baino maila soilagoetara jo behar da; hala, bataio zerrendek, herriaren kokalekua eta ekonomia jarduera nagusia zein den, era bateko edo besteko joerak argiago ikusteko aukera ematen dute. Hala, bada, lau taldetan banatu dira udalerriak, non zer ekonomia mota den nagusi kontuan harturik: abeltzaintza/laborantza, siderurgia, itsasoko jarduera, hiriko merkataritza. Azterketarako 117 parrokia hartu dira guztira, Gipuzkoako 61 eta Bizkaiko 56. XVIII. mendearen bukaeran urtero 3.000 pertsona baino gehiago bataiatzen ziren parrokia horietan, eta beraz, azterketarako arakatu den erakusgarri horrek Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleriaren erditsua osatzen zuela uste dugu.

Azterketaren emaitzak jasotzen dituen taulatik zenbait ondorio atera daiteke, ondorio harrigarriak inoiz.

Batetik, XVIII. mendeko hazkunde urriaren hipotesia baiesten da Bizkaia eta Gipuzkoa osorako, bigarrenerako batez ere. Izan ere, Gipuzkoan, 1701-1710 bitarteko hamarraldian eta 1781-1790 bitartekoan, bataio kopuruak urtetik urtera izan zuen gehitzea %0,21 baita, eta Bizkaian %0,30: hots, %0,25 batez beste. Kopuru horiek metodo berbera erabiliz Iberiako penintsulako gainerako eremuetarako lortutakoak baino askoz txikiagoak dira: barnealdea urtero %0,41 handitzen zen, Katalunia %0,69, Valentzia %0,89 eta Murtzia %1,20.

Bestetik, biztanle erroldak eta zerrendak elkarrekin erkatuaz kalkulatu den hazkunde erritmoa bataio zerrenden bidez kalkulatu denarekin alderatzean oso antzeko ondorioak atera dira: Euskal Herria Gaztela baino gutxiago handitu zen biztanle kopuruan; geldialdi handiagoa izan zuen Gipuzkoak Bizkaiak baino, eta abar; baina parrokia zerrendak aztertzetik ateratzen diren kopuruak biztanle erroldak erkatzetik ateratzen direnak baino txikiagoak dira beti. XVIII. mendean jaiotza tasa urrituz joan zela adierazten du, seguraski, horrek: ?34tik ?31ra urritu bide zen Euskal Herri hezean jaiotza tasa. Gaztelan edo Levanten, aitzitik, alderantzizkoa izan zen bilakabidea.

Arakatu diren Euskal Herriko herriei buruzko gorabeherak kontu handiz aztertu behar dira. Bereizi diren lau udalerri motetan (abeltzaintza/laborantza, itsasoko jarduerak, siderurgia eta merkataritza) hazkundearen batez bestekoak oso-oso antzekoak dira (urteko %0,23 lehenengo bietan eta %0,24 eta %0,28 azkenekoetan), baina kopuru horietan ez dira taldeek beren baitan zituzten kontraesan handiak antzematen, ezkutuan geratzen baitira. Batzuetan iruditzen zaigu garrantzi handiagokoak direla geografiari loturiko faktoreak, herri baten kokalekua, adibidez, herriak zuen ekonomia mota baino.

Produkzio tekniketan eta jabetzaren eta errentaren gizarte egituretan iraultzarik izan ez zenez, nekazaritzako produkzioa ez aurrera ez atzera egiten ez zuela gelditu zen, edo, bestela, ezinbestez gertatu ohi zen bezala, uzta gero eta urriago emateko arriskuaren mehatxupean. Bestalde, janari baliabideak urriak eta beti berdinak zirenean, lur sailen eremua zabaltzea izaten zen demografia hazkundeari aurre egiteko bidea, baina hori ere, laboreetarako luberritzeko lur eremua urria izanik, ez zegoen egiterik. Izan ere ?azterketa guztiak bat datoz honetan?, Bizkaiko eta Gipuzkoako nekazaritzaren produkzioak 1770-1780 inguruan jo zuen gaina, eta XIX. mendearen erdialderaino ez zuen maila hori gainditu.

Euskal Herriko ?hirukote magikoa? ?artoa, laia, karea?, ehun eta berrogeita hamar urtez gaindi baliagarri izaten iraun zuena, agortuz zihoala ematen du. 1780.. rte inguruan bazterretako lurrak luberritzeari ekin zitzaion, baina ekimen horren azken helburua gainbehera geldiaraztea zen, besterik gabe, harrezkero ez baitzen biztanleriaren hazkundea nekazaritzako produkzioaren gehikuntzan oinarrituko zela sinesten zuenik.

Gauzak horrela, Euskal Herri hezeko biztanleria, Malthusen legeak botatako erronka bere eginez, hazkundea arrakastaz kontrolatzen hasi zen, jaiotzak murriztuz.

Horrela oreka iristeko bide nekezagoak ?nahitaez hilkortasun handirantz amilduko ziratekeenak? hartu behar izatetik alboratu zen.? XIX. mendea: ordu arteko egoeraren haustura Gauza jakina da XIX. mendean Euskal Herriak astindu ederra hartu zuela arlo batean baino gehiagotan: gerra zibilak, foruak araupeturiko egoera soziopolitikoaren gainbehera, abeltzaintza/laborantzan oinarrituriko ekonomia mota tradizionalaren hondamendia, e.a.

Edozein krisitan gertatzen den bezala, errealitate berriak sortu ziren krisi haren baitan ere: zenbait aditurentzat Euskal Herriaren ?modernizazio prozesua? hasi baitzen orduan, agerpide nagusitzat industrializazioa eta, Espainiako estatu burges liberal berrian, integrazio osoa zituena. Halako prozesu batek, noski, erroak egin eta, aldez edo moldez, bere ondorioak utzi behar zituen biztanleriaren egituretan.

Hori dela eta, XVIII. mendea oso garai jakingarria da demografiari buruzko azterketetan. Izan ere, eta beste lurralde batzuetan ez bezala, aspalditxotik ari dira gizarte eta ekonomiaren historiari buruzko ikerlariak Euskal Herriaren XIX.. endeko biztanleria arretaz aztertzen, nahiz eta, gehienetan, lan horien helburu nagusia demografiaren bilakabidea bera baino gai zabalagoren bat aztertzea izan.

Beraz, Euskal Herriaren XIX. mendeko demografia bilakabidearen joera nagusiak ?Arabakoarena izan ezik? ondo ezagunak dira.

Lurralde bateko biztanle kopuruaren bilakaera ezagutzeko bi iturri mota eta, beraz, bi metodo, erabiltzen dira. Horietako lehena, errazena, aztertu nahi diren erroldetako biztanle kopuruak erkatzea da. Ez da hemen gai hori sakonago aztertuko, obra honetan bertan, aurrerago (26. kapitulua, 401-404. orr.), egiten baita.

Bigarren metodoa elizetako bataio errejistroak arakatzetik eratortzen diren datuak aztertzea da. Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako iparraldeko 37 parrokia hartu ?35.000 inguru pertsona? eta 1800-1880 bitarteko jaiotza bilakaera lerro batez adierazi da, hiru biztanleria gune mota bereizita: hiri girokoak, nekazari girokoak eta mistoak.

XIX. mendearen lehen mende erdian, lerro horiek, hiruak, oso-oso antzekoak dira, ia berdinak, hala goraldiaren indarrean nola garaian garaiko hazkunde erritmoan.

XVIII. mendearen hasieran Napoleonen aurkako gerrak ?honek batez ere? eragin zuen krisia eta gero, hazkunde ikusgarriko goraldia etorri zen, 1820. urte ingurua arte iraun zuena. Ondotik jaiotza kopurua beherantz egiten hasi zen, nabarmen; beheraldiak Karlistaldian jo zuen hondoa, baina hasi, gerra piztu aurretik hasi zen. 1840-1860 bitarteko hamarraldietan ordu arte inoiz ez bezalako hazkundea izan zuen biztanle kopuruan Euskal Herriak. 1855. urtetik aurrera gutxi gorabehera, bereizi egin ziren biztanleria guneen demografia joerak: nekazari girokoetan gero eta mantsoagoa zen biztanleriaren hazkundea, mistoetan beheraldia hasi zen eta hiri egiturakoetan goranzko joerari eutsi zitzaion nolabait, 1865.urtea arte. Handik hara beste krisi bat hasi zen ??baikortasun gehiegiaren ondorioz??; Bigarren Karlistaldian jo zuen hondoa krisiak. Gerra amaitu ondoren, industrializazio prozesu bizi-biziak berehalako aldaketa eragin zuen gizartean, eta baita, jakina, demografia mekanismoetan ere.

 

Ezkontza, demografiaren erregulatzaile

Euskal Herriak Aro Modernoan izan zuen demografia ereduaren kakoak eta nondik norakoak ezkontza sisteman dautza. XVIII. mendearen bukaeran Malthusek biztanleriaren eta ekonomia baliabideen arteko oreka oso hauskorra zela esaten zuen, hipotesi hau eginez: biztanleriaren hazkundea janari ?edo horren ordainez truka daitekeen ondasunen? ekoizpenarena baino handiagoa denean ezin eutsi zaio, epe ertainera, egoera horri; biztanleriak beti bere benetako ahalbideak ?balia ditzakeen baliabideak, alegia? baino gehiago handitzeko joera du. Une kritikoa iritsi aurretik bi bide zeuden demografia hazkundea geldiarazteko, ez baitzitzaion muga hori gainditzen utzi behar.

Bide horietako bat Malthusek ?eragozgarri positiboak? (positive checks) deiturikoa zen, Gizadiaren ia historia osoaren ezaugarria, eta oso zabaldua orduan ere, Malthusek hura idatzi zuenean. Guztiz ezinezkoa izanik biztanleria ekonomia baliabideek goi-mugatzat ezarritako ahalbideak baino gehiago handitzea, egoera hari berez lehenengo zegokion erregulatzailea, hots, heriotza, hasten zen ezinbestez ekinean: bai bizi itxaropena urrituz ?bizitza baldintzek okerrera egiten zutelako?, bai hondamendiak eraginez ?goseteak, izurriak, gerrak?, hautsi ezinezko oreka hori berriro atzera ekarri arte. Beste bidea, bigarrena, Malthusek berak nahi zuena, eta lor zedin ahalegindu zena, ?prebentziozko eragozgarriak? (preventive checks) deiturikoa zen, Malthus ingeles ekonomialari eta demografoak gizarte aurreratuenen berezko ezaugarritzat zuena, nahiz eta haren garaian asmo hura soilik mendebaleko gizarte batzuetan eta zatika baino gauzatu ez. Bide hau biztanleriaren hazkundea ekonomiaren aurrerabidearen geldotasun ezinbestekoari egokitzean zetzan, jaiotza tasa kontrolatuz biztanleriaren hazkundea mugatu ahal izateko. Horretarako zera proposatzen zuen, besteak beste, ezkongabe irautea eta ezkontza atzeratzea, haurdun gera zitezkeen emakumeen kopurua eta horien ernalketa aukerak gutxitzeko.

Malthusen analisi hori biztanleriaren gorabeheren historialariek industrializazio aurreko aldirako bereizi dituzten bi demografia ereduen kontzeptualizazioaren oinarri-oinarrian dago. Bi eredu horietariko lehenarentzat, ?presio handikoa? deiturikoa, hilkortasuna da biztanleriaren hazkundearen lehen mugatzailea, eta hori horrela izatea du, hain zuzen ere, ezaugarri nagusi. Eredu horri jarraitzen dioten gizarteek ia ?berezko? demografia dute, eta oso handiak jaiotza tasa ?kontrol neurririk ez baitago, txikia da ezkon adina eta ia unibertsala ezkontza? eta hilkortasun tasa ?dela egiturazkoa edo arrunta, dela hondamendi edo krisiren batek eragindakoa?. Sistema hori izan zuten herrialde gehien-gehienek XIX.. endea arte, eta, noski, horien artean, adibide garbi-garbiak dira Gaztela eta Frantzia XVI. mendetik XVIII.era.

Aitzitik, bigarren ereduak, ?presio txikikoa? deituak ?hau ere hilkortasun handi samarrekoa?, hau du ezaugarri estrukturala: jaiotza kopuruaren hazkundea ezkontza atzeratuaz mugatzea; azken hori, gainera, ekonomia baliabideen eta demografiaren arteko egokitzapenean oinarrizko elementu bilakatzen da.

Ezkontza atzeratzeak eta ezkongabeen kopurua handitzeak ugalketa aukerak murrizten bide ditu; horrenbestez, demografia hazkundea mugatzeko, hilkortasunak ez luke aurreko ereduan bezain gogorra izan beharrik, izan ere, jaiotza kopurua txikiagoa izango baitzen. Hala, bada, sistema hori, emigrazio tasa handiez osatua, gainera, oso gizarte bakanetan nagusitu zen XIX. mendea baino lehen, eta horien artean, Euskal Herri hezea da ?Alpeetako alderdi batzuk ere bai? adibiderik garbiena.? Ezkontza kopuru txikiaDemografiari buruzko azterketa tradizionalak tasa gordinak deiturikoak kalkulatzera mugatzen ziren gehien-gehienetan, hau da, ?bizitzako gertakarien? (jaiotzak, heriotzak eta ezkontzak) eta biztanle kopuru osoaren arteko zatiketaren emaitza aztertzera. Emaitza hori adierazle gordinegia izan arren, eta zehaztasunik gabea, Euskal Herriari buruzkoek, bereziak izanik, zenbait adituren arreta erakarri zuten.

Espainiako monarkian, XVIII. mendearen bigarren mende erdian, hamar ezkontza baino gehiago izaten zen mila biztanleko, baina Gaztelako zenbait tokitan, ?15 baino handiagoa izateraino iritsi zen ezkontza tasa gordina. Euskal Herriko lurralde hezeetan erabat bestela zen: Durangaldean ?8 inguru, eta, XVIII.. endearen bukaerarako, Gipuzkoan ?7,4, batez beste.

Gaur egun, demografia historikoari buruzko ikerketa berezietan zenbait aldaera edo adierazle aztertzen da, xehe-xeheki, ezkontza sistemaren nondik norakoak eta kakoak ezagutu ahal izateko. Ezkontza kopurua zenbatekoa den jakiteko biderik errazena ?ez ordea garrantzitsuena eredu bat finkatzeko? ezkonduko ez zirenen batez bestekoa ezagutzea da, kopuru hori, neurri handian, ugalketan eragina izango ez zuen biztanle kopuruaren adierazgarri izango baita.

Gipuzkoa osoan, Bizkaiko ekialdean eta Arabako eta Nafarroako alderdi hezeetan emakume ezkongabeen kopurua handia zen, are handiagoa ekialdeko itsasaldean edo Urola, Lea eta Artibaiko ibar bakartuetan, non ia Galiziako kopurua adina izatera iritsi baitziren; izan ere, hura bezalako gizarte batek, emigrazio joera handiarekin ?gizonezkoen artean batez ere?, eta oinordekotza ezin zatiturik, ezkongabe irautera kondenatzen zuen emakume asko. Kopuruan, askoz gutxiago ziren gizonezkoak emakumezkoak baino, eta, hortaz, emakume asko eta asko, etxe pobreenetakoak eta oinordekotzan parte ez zutenak batik bat, bikoterik ezin topatu aurkitzen ziren. Kopurua txikituz doa aipatu berri den oinordekotza eredu horren indarraren arabera, norabide desberdineko bi lerrotan banaturik: bata, trantsizioa poliki eginez, ekialderantz eta mendebalerantz doa, eta bestea, arinago, hegoaldera, Arabako Errioxa eta Nafarroako Erriberaraino. Azken eskualde horietan emakumezko ezkongabeen kopurua oso txikia zen. Baina kopuruaren urritasunak ez du esan nahi eskualde horietako jendearen baliabidesozioekonomikoak beste eskualdeetakoak baino hobeak zirenik, alderantziz baizik. Eskualde horietan besalari asko zegoen batere jabegorik ez zuena, eta horrek handitu egiten zituen ezkontzeko aukerak. Izan ere, soldatapeko lanaren mende bizi baitziren, eta gainerakoan, askatasun osoz joka zezaketen, ondorengotzari buruzko gorabehera guztietatik aparte, ezer gutxi espero baitzezaketen gurasoengadik. Gainera, Euskal Herriko ia hegoalde osoan oinordekotza ez zen zatiezina, han Gaztelako zuzenbide arrunta baitzen indarrean zegoena.

Gizonezkoei dagokionez, 1787. urtean, ezkonduko ez zirenen batez besteko kopurua eskualdez eskualde adieraztean askoz sakabanaketa handiagoa ikus daiteke. Bizkaiko kopuru txikiak, adibidez, susmagarriak dira oso. Robert Rowlandek metodo konplexu bat asmatu zuen emigrazio handiko eskualdeetako kalkulu gorabeherak zuzentzeko. Hala, bada, metodo hori gure kalkuluetara aplikatzen bada, 1787. urtean, ezkongabeen batez bestekoa ?20 baino handiagoa zen Gipuzkoan eta Bizkaian, hau da, gutxi gorabehera Galizian bezalatsu. Kopuru hori baino handiagoa soilik Kanariar uharteetan zuten.

Izan ere, euskaldunen artean, sei gaztetik bat edo, ez ezkontzera kondenatua baitzegoen. Hortaz, ordukoa bezalako gizartean, halako pertsona bati ukatu egiten zitzaion status soziala eta politikoa lortzeko aukera ?ez baitzen sekula familia baten buru eta, beraz, garrantzizko eskubideren jabe izango? eta baita Elizak eta Estatuak ontzat ematen zituzten sexu harremanez gozatzekoa ere. Horrenbestez, pertsona hori ?ezkongabe irautera kondenatua? zegoela esatea ez da inondik ere ahoberokeria.

Ematen du ezkontza kopurua aldez aurretik ezarrita zegoela, eta kopuru hori gaindituz gero arriskuan jartzen zela sistema osoaren oreka. Ekologiak, produkzioak eta gizarteak ezarritako baldintzapenak zirela eta, Euskal Herrian bideratu zen egitura ekonomikoan batez ere etxalde xumeko baserritarra ?dela etxejabea dela maizterra?, beregain bizi zena, nagusitu zen. Baserritarrak etxearen iraupena ziurtatzeko osorik utzi behar zion ondorengoari etxea, eta ohitura horren ondorioz, oinordeko ez ziren seme-alabeei ezkontzeko aukera galarazten zitzaien. Halakoetan, gizonezko gehienak eskuzko lana eskaintzen zuten herribilduetara, Gaztelara edo Indietara joaten ziren, edo baserrian gelditzen ziren, morroien antzekobaldintzetan. Emakumeek, hirian hainbat denboraz etxeko lanetan aritu ondoren zein baserrian bertan geldituta eskulan osagarri gisa, ezkongabe zirauten.

Familia aberatsagoko seme-alabek, oinordeko ez baziren, bi aukera zituzten, baserritarrenak baino abantaila ekonomiko eta sozial handiagoak eskaintzen zizkietenak.

Lehenengo aukera, bai gizonezkoentzat bai emakumezkoentzat, apaiz, lekaime edo dena delako joatea zen. Izan ere, seme-alaba horiek, oinordekotza eskubiderik gabe gelditu arren, senipartea jasotzen zuten, dirutan, etxea utzi behar izanaren ordainez edo, eta diru horrek komentu, katedral edo parrokietan gainerako elizkideena baino maila handiagoa lortzeko aukera ematen zien. Bigarren aukera, bakarrik gizonezkoei zegokiena, familiak ikasketak ordaindu eta, hala, epe ertainera, estatuko administrazioan lan egin ahal izatea zen. Izan ere, XVI eta XVII. mendeetan, Austriako etxeko espainiarren gortean abokatu, notario, funtzionario eta eskribau gehin-gehienak euskaldunak ziren, bizkaitarrak edo gipuzkoarrak.

Euskal Herriko historian gehien errepikatu izan diren bi topiko horiek ?apaiz, lekaime? eta funtzionario asko izatea? ez dute zerikusirik esentziari dagokion ezerekin ?hala nola euskaldunak erlijioari dion atxikimenduarekin edo burokrazia lanetan aritzeko dituen dohain bereziekin?, beste era bateko arrazoi sakonago batzuekin baizik, sozioekonomiari eta demografiari dagozkion arraoiekin baizik.? Ezkon adina atzeratzea Ezkontza kopurua zenbatekoa zen jakiteko beste bideetako bat ezkon adina ezagutzea da. Aldagai hori, gure eredu honetan behintzat, ezkonduko ez zirenen kopurua baino datu argigarrigoa eta erabakiorragoa izango da; izan ere, ugaltzeko garai zilegiak zerikusi zuzena baitzuen aldagai horrekin. Horrenbestez, eta jaiotza kontrolatzeko metodo kontzienterik ezean, demografia hazkundea emakumeen ezkon adinaren araberakoa izango zen.

Hona hemen, beraz, taula batean adierazita, Euskal Herriko eskualdeetan eta Espainiako estatuko lurraldeetan lehen aldiz ezkontzen ziren gizon eta emakumeen batez besteko adina, Hajnal-ek ezkongabeen batez bestekoa kalkulatzeko asmatu zuen metodoaren bidez kalkulatu dena, 1786-1787 urteetako biztanle errolda oinarri harturik.

Emakumezkoei buruzko datuak aurrean, honako hau da kontuan hartzeko lehenengo egiaztapena: Euskal Herri hezeko emakumeen batez besteko ezkon adina handi samarra zen, 26 urtetik gorakoa. Gipuzkoa osoa, Bizkaiko ekialdea eta hegoaldea eta Arabako eta Nafarroako Atlantiko aldeko eskualdeak erdigunetzat harturik, hori baitzen ezkon adin handieneko eremua, zenbait tokitan 27 urtetik gorako adineraino iristen zena, emakumeen ezkon adina pixkana txikituz doa ekialdera eta mendebalera, eta, oinetxean oinarrituriko familia sistema galduz batean, arinago hegoaldera.

Beste muturrean emakumeak oso gazte ?23 urte bete aurretik? ezkontzen ziren eskualdeak daude, Euskal Herriko hegoaldekoak: Arabako Errioxa, Nafarroako erdialdea, Lizarra eta Erribera. Gure iritziz hori horrela izateak zerikusi zuzena du besalari lanaren hedapenarekin ?ez zegoen eta halakorik Euskal Herriko gainerako euskaldeetan?, oinetxean oinarrituriko familia sistema ez edukitzearekin eta Araban eta Nafarroan, ia lurralde osoan, Gaztelako lege pribatua indarrean egotearekin, izan ere, lege horrek ez baitzuen ondarea oso-osorik oinordekotzan ematen uzten.

Gizonezkoak lehenengo aldiz ezkontzen zireneko adinaren azterketatik ez da ugaltzeari buruzko datu jakingarririk ateratzen, baina, bestalde, azterketa hori oso baliagarria da ezkontza eredua zehazten zuten faktoreak ezagutzera iristeko.

Oro har, Euskal Herria zen Espainiako estatuan ezkon adin handiena zuen lurraldea ?27 urte inguru?, baina, nolanahi ere, adin gorabehera hori ez zen emakumezkoen artean bezain handia; izan ere, euskal emakumezkoen batez besteko ezkon adina espainiarrena baino 2,6 urte handiagoa baitzen, eta gizonezkoen artean, aldiz, txikiagoa zen gorabehera, 2 urte baino gutxiagokoa. Guztiarekin ere, interesgarriagoak dira eskualdeen arteko gorabeherak: Gipuzkoa, Bizkaiko hego-ekialdea eta Nafarroako Kantauri isuraldea eta Pirinio aldeak oso ezkon adin handiko eremuak ziren baita gizonezkoentzat ere, baina lehenago ez bezala, orduan, Arabako lautadak beste ibar horietako askotako kopuruak gainditzen zituen, nahiz eta ez legedi pribaturik ez ondarearen gaineko oinetxekotasun eta zatiezintasun usadiorik ez izan. Aitzitik, Bizkaiko iparraldean eta mendebalean, foru arau zibilaren mendean egonik, gizonezkoen ezkon adina txikiagoa zen, 25,5 urte ingurukoa.

Ezkontza atzeratzeko faktore nagusia egitura sozioekonomikoa zen, gizonezkoen artean behintzat. Atzerapena eragiten zuten beste baldintzapen batzuk, kulturazkoak eta, bigarren mailan zeuden, eta horien artean, herentzia sistema zen nagusia. Izan ere, Bizkaiko herribilduetan ?gehien-gehienek Gaztelako legedi arrunta zeukaten gai zibiletarako? bizi ziren gizonezko eta emakumezkoen lehen ezkontzako adina elizateetan bizi zirenena baino txikixeagoa zen: 25 eta 26,4 gizonezkoentzat, eta 25,5 eta 26,1 emakumezkoentzat.

Hala eta guztiz ere, ezkon adinaren banalerroa ez zetorren guztiz bat eskualdeek zituzten legedien arteko mugak osatzen zuenarekin. Izan ere, egitura sozioekonomikoa nekazaritzara zuzentzen zuten zenbait herribildutan gizonezkoen ezkon adina handi samarra zen: Errigoiti (26,7), Gerrikaitz (27,3), Larrabetzu (28,2).

Aitzitik, lehentasuna nekazaritzari eta abeltzaintzari ez baina beste jarduera batzuei ematen zieten elizateetan askoz txikiagoa zen ezkon adina: adibidez Ubidean (23,2), burdinolak eta zamariak zituena, eta Enkartazioak eskualdeko Muskiz (21,0), Galdames (23,8) eta Santurtzi (24,4) herrietan. Bizibidea ateratzeko batez ere itsasoko lanetan ziharduten herribilduen inguruko gizonezkoak ere eskualde bereko gainerako herrietakoak baino lehenago ezkontzen ziren: adibidez Plentziako hinterland-eko herrietakoak ?Gorliz (22,5), Barrika (23,6) eta Urduliz (24,2)? eta Lekeitio ondoan dagoen Mendexakoak (24,7).

Arabako Lautadak ageriko desberdintasunak zituen hala egitura produktiboan nola errejimen juridikoan. Ondarea zatitzea zilegi izan arren, emakumezkoak eta gizonezkoak, biak, adinean sartuxeak ezkontzen ziren, batez ere gizonezkoak, etxaldea osorik gordetzea helburu zuen legearen arabera arautzen ziren bizkaitarrak berak baino are zaharrago ezkontzen baitziren. Hiru faktore ziren, bat eginik, desberdintasun horren eragile nagusiak: 1) Nekazaritza batez ere gariaren ekoizpenera bideratu zen, eta, XVI. mendearen erdialderako, zabaltzeko aukera gutxi zuela erakutsi zuen, eskualdeko biztanleriaren hazkunde neurritsuak frogatu zuenez. 2) Artisautza bertan zabaltzeko aukera handirik ez zegoen, batez ere Errejimen Zaharrean Gasteizek ia indarrik izan ez zuelako. 3) Asko eta asko ziren beregain ziharduten sail txikiko nekazariak, hala lurjabeak nola maizterrak, eta mantenuko nekazaritzara, soberakin urrikoa, bideratu zen ekonomia.

Hiru faktore horiek batera eragin izanaren ondorioz, biztanleriaren hazkundea nola edo hala mugatu beharra sortu zen. Gainera, gizonezkoen emigrazioa iparraldeko lurraldeetan baino urriagoa izanik ?seguraski artisautzan jarduteko gutxieneko gaitasunik ez zegoelako, eta ezta dirurik ere, ez zuzenean Ameriketara joateko ez Gaztelako hiriren batean behin behineko edo behin betiko lana aurkitu ahal izateko?, jaiotza kopurua mugatzea sistemaren oreka gordetzeko elementu erregulatzaile bilakatu zen. Izan ere, mende baten buruan, goitik behera aldatu zen egoera, laborearen ekoizpena eta merkataritza handitzean eskualde horretako nekazarien itxarobideak ere nabarmen handitu baitziren. Hori zela eta, 1887. urterako, batez besteko ezkon adina urte t?erdi baino gehiago murriztu zen eskualdean, bai gizonezkoen artean bai emakumezkoen artean, ez ordea Euskal Herriko gainerako lurraldeetan, alderantzizko joera izan baitzuten.Errejimen Zaharrean Euskal Herri hezeko biztanleek geroago Malthusek jaiotzak kontrolatzeko eman zuen programa hura bera aplikatu zutela ematen du, ernalketaren zinezko eragozgarri (preventive check, britainiar demografoaren hitzetan esateko) ezkontza planifikazioa erabiltzea erabakiz. Haatik, aurrerantzean ere, emakumeari, ezkondutakoari behintzat, ugaltzeko ia beste ezertarako gaitasunik ez zitzaion aitortu. Urrun zeuden oraindik sexuaz nahierara baliatzeko garaiak, eta sexua eta ugaltzea bat bera balira bezala izaten jarraitu zuten.

XIX. mendearen azken mende laurdenetik aurrera, industrializazioak gizarte mota berria ekarri zuen, Euskal Herriko eskualde askotara bai behintzat. Ezkontzak demografiaren erregulatzaile gisa bete zuen paperari dagokionez bada zer aipatua. Batetik, behin betiko ezkongabeen kopuruak behera egin zuela ia Euskal Herri osoan, eta ezkongabeen batez besteko kopuru handienak hiriburuetakoak zirela, emakume asko eta asko joan baitzen neskame; Bilbora edo Donostiara, adibidez, Iberiako penintsulako beste inora baino askoz emakume gehiago joan ziren batez beste. Bestetik lehenengo ezkontzako adina berdinduz joan zela, urte bat inguru handitu baitzen Arabako eta Nafarroako hegoaldean eta, aitzitik, Bizkaiko eta Gipuzkoako zenbait lekutan txikitu. Aldaketa horiek gorabehera Euskal Herriak bi ezkontza eredu izaten jarraitu zuen artean, baina izan zen berritasun deigarririk, XIX. mendean erdiko trantsizio eremu bat sortu baitzen Arabako Lautada eta Irunberri-Agoitz arroa bitartean.

Guztiarekin ere, meatzaritza eta industria guneetan gertatu zen aldaketarik handiena, han, soldatapeko lanaren merkatu berriak eta gizonezkoen inmigrazio handiak eraginda, emakumezko ezkongabeen kopurua ia desagertzeraino urritu baitzen, eta, gainera, ezkontzeko adinak ere behera egin zuen nabarmen.

Gizarteak kontsumoaren arabera antolaturiko demografia eredutik lanean oinarrituriko demografiara igarotzeko eman behar duen lehenenego urratsa zen aipatzen ari garen aldaketa hau. Lehenbizikoarentzat, Errejimen Zaharrari zegokionarentzat, biztanleriaren hazkundea mugatzea prebentziozko neurria zen, biztanleriaren eta baliabideen arteko oreka hautsi ez zedin, hondamendia ekarriko bailuke bestela. Bigarrenarentzat seme-alabak ez ziren soil-soilik zama bat, kontsumitzaile ziren neurrian; aitzitik, diru iturri izateko ahalmena ere bazuten, soldatapeko langile ziren neurrian. Bestalde, gizarte, politika eta kultura eragileek ?burgesia, Estatua, Eliza?? demografiaren hazkundearen alde egin zuten, horrek, funtsean, lan indarra kopuruan handitzea zekarrelako, eta hura behar-beharrezkoa zen industrializazioan eta kapitalismoan aurrera egin nahi bazen. Hori guztia langileriari bakarrik zegokion, noski. Izan ere, ordurako, burgesia hasia zen trantsizio demografikoa egiten, eta, besteak beste, antisorgailuak berariaz erabiltzen.

 

Familia handia eta konplexua

Ezkontza ereduaz diharduen aurreko azterketa horretan susma daitekeen bezala, Euskal Herrian familiak, hala tamainan nola egituran, berezitasun jakingarriak zituen.

Gai horri buruzko informazio gutxi dago, baina Larrabetzuri eta Bergarari buruz XVII. mendean edo Nafarroari buruz XVIII.ean eginiko zenbati azterkek agerian utzi zituzten euskal etxeari buruzko oinarrizko bi ezaugarri: kide askok osatua zela, batez ere Bizkaiko eta Gipuzkoako nekazari giroko herrietan, eta gehien-gehienak familia konplexuak zirela, hala zabalak nola anitzak, esan nahi baita, etxean, senar-emazteekin eta haien seme-alabeekin batera, beste ahaide batzuk (familia zabala) edo beste senar-emazte batzuk (familia anitza) bizi zirela.

Euskal Herrian familia Gaztelan, Frantzian eta Europako alderdi gehienetan baino handiagoa zela frogatzeko aski da, adibidez, 1787. urteko errolda zedula bakoitzeko ageri den pertsona kopurua zenbatzea. Argi ikusten da agiri horietan Euskal Herriko etxeetako senide kopurua beste tokietakoa baino handiagoa zela.

Baina, zer dela eta horrenbesteko aldea? Lehenik eta behin Euskal Herrian hilkortasunak inguruko lurraldeetan baino eragin txikiagoa izan zuelako, bai haurren artean bai helduen artean ere. Horrek ?orain, azkenik, aditu gehienek aho batez onartzen dutena? argi eta garbi adierazten du bizirik irauteko aukerak handiagoak zirela familiartean. Nolanahi ere, egiaztapen horrek, bere soilean, ez du azaltzen zergatik bizi zen hainbeste jende teilape berean Euskal Herriko iparraldeko eskualdeetan.

XIX. mendearen bukaeran, Bizkaiko nekazari giroko parrokietako eliztar zerrendak aztertu eta egin berri diren lanetan frogatu denez, familia konplexuei batez besteko kopuru handia zegokien: %34,1; handi samarra zen, halaber, etxera gehitzen ziren bikote anitzen kopurua (%15,6), konplexutasun egoerarik muturrenekoa adierazten zuena. Gainera, kopuruak oso homogeneoak ziren eskualde guztietan: familia zabalak eta anitzak, biak batuz, Lea-Artibaiko %39,3 eta Enkartazioetako %30,7 ziren, hurrenez hurren, kopururik handiena eta txikiena. Beraz, hemengo eta Gaztela-Mediterraneoko ereduak oso desberdinak ziren, ez bakarrik ezkon adinari zegokionez, baita familia konplexuen batez besteko kopuruari zegokionez ere. Izan ere, Gaztelako Mesetan edo Levanten familia konplexuen kopurua ez zen %5 baino gehiago izaten, eta, gainera, familia gutxi horietatik, familia zabalak ziren gehienak.

Nola sar ordea oinetxekotasuna auzi honetan? Euskal Herri hezean ezkontza kopurua ez oso handia eta ezkon adina, berriz, aurreratua zela egiaztatu da, bai gizonezkoentzat bai emakumezkoentzat. Gainera, familia osatzeko sistema, herrietan behintzat, senar-emazte ezkondu berriak ezkontideetako baten guraso eta senideekin batera bizitzea izaten zen. Dirudienez, faktore soziokulturalek eta antropologikoek ?jabetza eskuratzeko orduan gizonezkoei eta emakumezkoei legeak nolabaiteko berdintasuna aitortzea; oinordeko aukeratua ezkontzean ?etxearen nagusitasuna? hari utzi behar izatea? garrantzi handia zuten familia eredua eratzean. Gainera, baserriaren mantenuko ekonomiak ?ondarearen zatiezintasunarekin batera? Malthusen teorietako joerak indartzen zituen, seme-alaben kopurua ?prebentziozko kontrol? erabilterrazenaren bidez ?hots, emakumezkoen ezkon adina atzeratuz? planifikatzeko.

Izan ere, ?etxea iraunarazteko? bi gertakari nagusiak ?aldi bereko gertakariak nolabait? ezkontza eta herentzia ziren. Prozesu hori erregulatzen zuen araua ?ezkontzako tratua? zen: etxeko nagusiek, jaun-andreek, etxearen nagusitasuna uzten zuten, ez ordea jabetza idatzia, hau familia leinuari baitzegokion. Ezkontzako tratuan, bestalde, etxeko nagusi zaharrei zer nolako babesa eskaini behar zitzaien erabakitzen zen: etxean bizitzeko eskubidea eta etxe erdiaren usufruktua, alegia, nahiz eta etxeko ?gela nagusia? utzi behar izan. Oinordekotzarik gabeko seme-alabek ere nolabaiteko ordaina jasotzen zuten, dotean edo dirutan,batere samurra izango ez zitzaien bidean, beregain, aurrera egiten laguntzeko edo.

Ez da ahaztu behar ondare higiezinaren zatiezintasuna ez zela legeak ezarria, eta, aitzitik, foruak azken nahia askatasunez egiteko eskubidea bermatzen zuela.

Gainera ez zegoen inolako lehentasunik, ez adinari ez sexuari dagokionez, oinordekoa aukeratzerakoan ?Katalunian ez bezala?. Aukera hori gurasoen esku zegoen. Gehienetan, batez ere XIX. mendearen erdialdea arte, premua, semealabarik zaharrena, aukeratzen zen, baina ez beti, eta zilegi zen, eta askotan gertatu zen gainera, besteren bat hautatu izatea. Testamentua askatasunez egiteko sistema horrek ?askatasun osoz Bizkaian, edo, propter nupcias, gurasoek ezkontideari egin ohi zioten itxurazko donazioaren bidez Gipuzkoan? eta ondarearen zatiezintasunaren usadioak etxejaunaren nagusitasuna indartu zuten, eta, hala, oinordekoak ezkontzako tratua egin eta etxeko nagusi zaharrak bere kargua uztean, etxean bizitzen uzten zitzaion azken honi. Galtzaileak anai-arrebak ziren, inguruko herribilduetara, Gaztelara edo Ameriketara joan, edo ezkongabe gelditu behar izaten baitzuten oinordekoaren etxean, ia morroi baten gisa, beren bizimodua helburu honetara makurtuz: continuer la maison.