Atlas Historikoa»Atlas Historikoa
Gizarte gatazkak XVI-XVIII. mende bitartean
EGILEA:
Juan Madariaga Orbea Madrilgo Unibertsitate Konplutensean lizentziatua Filosofia eta Letretan eta Historian doktoretza Euskal Herriko Unibertsitatean. Bergarako UNEDeko Historia Moderno eta Garaikideko irakaslea da. Eta Euskal Herriaren gizarte eta pentsamoldeari buruzko zenbait ikerketa egin du.
Herri erresistentziaren arrazoiak
Gizartearen borroka kausalitatearen ikuspegitik bakarrik aztertuz gero, ez ginateke,
inola ere, ondorio zuzenetara iritsiko. Izan ere, gizartearen baitan sortu ohi
den tentsioak –zenbaitetan auzi, bestetan nahasmendu edo liskarren bidez lehertu
ohi dena– unean uneko arrazoiak, pisuzko arrazoiak izaten ditu, batean
batzuk nabarmenduko direlarik eta hurrengoan beste batzuk. Oro har, gizarte
klase herritarrek, eta bereziki, nekazariek, “berrikuntzari” egiten diote aurre, zerga
berri bati, mendekotasunaren berrezarpenari, “askatasunaren” mugatzeari eta,
azken batean, betidanik ezagutu dutenaren aurka doan guztiari. Nekazariak jauntxoen,
estatuaren edo hiri kulturaren eraginez aldaturiko lege eta bizi arau zaharra berriro ezartzera jotzen du, azken batean, aurreko kultura berreskuratzera.
Beraz, biziraupeneko matxinada hauen bidez prezioak egokitzen ahaleginduko
dira (espekulazioak edo merkatuak neurriz goitik eraman dituenak) eta, inoiz
ez, soldatak; eraldaketa prozesu etengabean dauden betiko neurriei eusteko ahaleginak
dira, beraz. Garai hartan bizitako liskarren arrazoiak aipatzekotan, lehenik,
XVI eta XVIII. mende artean izan zen jaurgoen berrindartze prozesua azaldu
beharko litzateke. Gero, handikiek udal zein probintziako kargu politikoengan
zuten indarra, morroi horien bidez ezartzen baitzuten herriaren ekonomia eta
lege araubidea. Aipatzekoa da, era berean, Estatu modernoaren eraikuntza beheko
klaseen bizkarrera bota zutela Espainiako eta Frantziako monarkiek, eta
horretarako erabilitako bidea presio fiskalaren handitzea izan zela. Honi guztiari
loturik legoke, baita ere, foru sistemen ahultze eta beste herrialdeetako ekarpenak,
soldaduak esaterako, geurera ere zabaltzeko ahalegina. Beste faktore batzuk
ere izan ziren, ordea, hala nola: merkatu sistema berriaren ezartzea, espekulazioa
eragin eta hiriaren aldeko nagusitasuna indartu zuena herriaren kaltetan,
eta harreman ekonomiko tradizionalen protagonismo galtzea. Aipagarria da, bide
batez, kleroak jokatu zuen rol konplexua, zenbaitetan nobleen aurka, nekazarien
alde eginez, beren hamarrenen defentsan edo jauntxoen presioa bide zela,
eta besteetan, alderantziz, beren petxariak (zerga edo “petxa” ordaintzera beharturik
zegoena) menderatu beharrean; zenbait erlijioso komunitate (jesuitak, esaterako)
matxinoen aldeko eta Estatuaren etsai jo zen, beste zenbait, ordea, ezarritako
ordenari lotu zitzaion, herritarren behar eta eskaeren aurrean entzungor
azalduz.
Jauntxoen aurkako herri erresistentziak Erdi Aroan ezarri eta ordudanik indarrean
zeuden usadio eta eskubideen kontrako erasoan du sustraia; herritarrak
zalantzan jarri eta jauntxoek indarrez ezartzen zituzten bizi arau berri susmagarrietan,
hain zuzen ere. Labur bada ere adierazi behar da, justizia zibila eta kriminala,
zergak, jauntxoentzako lan egin beharra, erroten monopolioa, ehiza, arrantza
eta artzaintza eskubideak eta bizitokia hautatzeko lehentasuna izan zirela auzi
arrazoi nagusiak. Mota horretako ekarpen bat egitera beharturik zeuden komunitateak
zama hori gainetik kentzeko ahaleginak egiten zituzten eta gehientsuetan
bide baketsuetatik abiatzen ziren, eskubideak erosi, auzitara jo edo erregearen
mendekotzako herritara (erregearenak eta ez beste inolako jauntxo edo
ordezkoren pean zeuden lurraldeetara) aldatuz egoitza, baina erresistentzia pasiboa
ere beste aukera bat izan zen, hau da, ohiko obligazioak ez betetzea. Zenbaitetan,
ordea, herritarren amorrua neurriz gora igotzen zen eta liskarra zena
matxinada eta are gerra zibilaren neurrira ere irits zitekeen. XVI eta XVIII. mende
bitartean ugari izan ziren jauntxoen aurkako borrokak Euskal Herri osoan. Hona
ondoren haietako zenbaiten aipamen laburra.
Arabako Mendoza eta Mendibilen justizia zibila eta militarra 1554. urtean berreskuratu
zuen herriak beren jauntxoengandik, Infantadoko dukearen eta Mendozako
Hurtadotarren aurkako auzi luze baten ondoren. Azkenerako erregearen
eta bilauen armarria erakusten zituen pikota jaso ahal izan zuten jauntxoen belorit
zaharrak zeuden lekuan. Larragako (Nafarroa) herritarrek, Leringo kondearen
petxari eta jurisdikziopekoak, Felipe II.a erregea herritik pasatzekoa zela aitzaki,
jauntxoaren pikota bota eta harriak desagertarazi zituzten; baina tentsio une larri
askoren ondoren kondeak berriro jaso zuen bere pikota. 1538. urtean, oñatiar
talde batek bere Errejimendua buru zuela, Oñatiko Kondeak justizia aplikatzen
zuen urkabea bota eta berria eraiki zuen herriaren kontura. Errege Kontseiluak,
horren aurrean deserriratze eta isunak jartzea erabaki zuen eta, batez ere, alkatea
zigortu, kargu publikorik betetzeko gaieztapena eta lotsa publikoa pikotan izan
zuelarik kastigu. Ondoren, urkabea bere tokira, Jaumendira, eraman zen, baina
1602. urtean kondeak berak herriko plazara, elizaren eta Avilako Apezpikuaren
jauregiaren aurrera eraman zuen, “irain egin eta nahigabea sorrarazteko” zenbaitoñatiarrek zioenez. Baina, derrigorrez beharko zuen auziaren ondoren, urkabea,
berriro, Jaumendira eraman zen. Beste kasu batzuetan, ordea, justizia makila
hainbat auzi eta negoziaketa saio ondoren eskuratu ahal izaten zen: Aiztondo,
Sayaz eta Areriako Alkatetza Nagusietako zenbait herrik, adibidez, Oñaz-Loiola,
Idiakez eta Lazkano Etxeei erosi zieten beren eskubidea. Asteasu, Larraul eta
Sorabillak, 1659. urtean, 1.400 dukat ordaindu zituzten justiziaren makila erosteko;
Astigarragak, 1600. urtean, 2.000 dukat… Ehiza, arrantza eta errota eskubideak
zirela eta ere, sona handiko auziak izan ziren. Arrazoi hori izan zen Senperen
(Lapurdi) gertatutakoa gertatzeko; izan ere, bertakoek 1652. urtean beren
errota jaso zuten, Ibarrongoa, Samperko handiki Caupenne-tarrek ezarritako irin
monopolioa hausteko; nolanahi ere, auzia bi aldeon arteko konkordia baten bidez
konpondu ahal izan zen.
Monarkiaren politika, bestalde, lau jarduera eremutan laburbil daiteke, nagusiki:
administrazio neurri zentralizatzaileak hartu, zergak ezarri, behar militarrak
ase eta kargu publikoak saldu. Azkeneko jarduera eremu honetan ez ziren zeuden
karguak bakarrik besterenganatzen, berriak ere sortzen baitziren partikularrei
saltzeko; hauek, bere aldetik, irabazi handiekin uzten zituzten eroslerik onenen
eskutan, edota, beren kudeaketa lana kontrolatu nahi zuten herritarrei beraiei
ematen zizkieten. Esaterako, 1696. urtean, “ondasun higigarrien auzitegi biltzaile
saltzaile” bat sortu zen Lapurdin, baina gerora, nazioak berak eta desager zedin,
400 libera ordaindu behar izan zituen. 1692. urtean, berriz, Alkate kargua salgai
jarri zen Frantziako monarkiaren barneko errege burguetan eta herri askok erosi
egin behar izan zuen bere agintari makila. Era berean, erregetzaren mendeko
lursailak, aberatsenen eskuetara ez zitezen joan, Herriek erosi ohi zituzten. Lapurtarrek,
esaterako, 17.500 libera ordaindu zizkioten Erregeari 1641. urtean lursailen
erreskate gisa. Gipuzkoan, XVII. mendean zehar, koroak diru kutxa ahiturik
zuela, toki eta herrixka askoren bereizketa bultzatu zuen, baina hiri izaera
“doantza” eskuzabalen truke jasotzen zen. Antzuola, 1629. urtean, Bergaratik
bereizi zen 5.000 dukaten ordainetan. Alegiak bere jurisdikzioa lortu zuen Tolosaren
kaltetan 1615. urtean, 4.300 dukaten truke. Legazpi Seguratik bereizi zen
eta 4.700 dukat ordaindu zituen. Irunek 1766. urtean 6.000 dukat ordaindu zituen
Hondarribitik bereizteko. Eta gauza bera gertatu zen beste herri askotan.
Nolanahi ere, erosketa horrek hobariak baino kalte ekonomiko handiagoak ekarri
ohi zituen.
Merkatu nazionalak, ordura arte nekazari komunitateetan antolaturik zeuden
famili ekonomien sistemak irentsi zituen, gorabeherak gehitu eta herri erresistentzia
indartzea ekarri zuelarik. Merkatu ekonomiaren hedatzeak nekazari komunitateak
bereganatutako bizitza ordenaren aldaketa sakona ekarri zuen; ordena
gogorra eta sumisoa, bai, baina nolabaiteko oreka gordetzen zuena bere kideen
artean. Garai hartan, herri ondasunak, mendi, baso… pribatizatzen hasi ziren
edota, hobeto esan, gutxi batzuen eskuetara aldatzen; eta, hala, zorrik zuen lursail
jabe txiki asko errentapeko bilakatu zen eta are langile soila ere zenbaitetan.
Trukaketaren arau tradizionalak aldatu egin ziren, arau berri horien helburu bakarra
irabazirik handiena izatea baitzen.
Baina, auzo komunitate gehientsuak multzo harmoniko batean bildu beharrean,
interes sozio-ekonomiko desberdinen arteko borrokak eraginiko tentsiopean
bizi ziren: abeltzain eta nekazarien arteko tirabirak, arrantzale eta baserritar,
jabe eta maizter, “bizilagun” eta “egoile” eta beste hainbat sektoreren arteko
liskarrak ere anizten ari baitziren. Aipaturiko azkeneko kasu hori dela eta, herritarrak
bere gizartean zuen mailak garrantzi handia zuen. Beste zenbaitetan, herri
ondasunak erabiltzeko zituzten eskubide politikoek bizikidetasun sistema
konplexuak eragin zituen, eta Nafarroako zenbait lurraldetan, esaterako, bizikidetasun
bikoitza ere (foru bizikidetasuna) eman zen. Eta horrek guztiak egoera
aski larriak eragin zituen askotan.
Europako testuingurua
Europa osoan zehar gatazka sozial ugari izan zen, baina funtsean, Euskal Herrirako
eman diren arrazoi beretsuak izan ziren haietarako ere. Merkatu ekonomia
edoeta Estatu modernoaren eraikuntza hemen baino azkarrago bideratu eta osatu
zen herrialde horietan, eta horregatik, herri erresistentzia maizago eta ondorio
larriagokoa izan ohi zen; eta jauntxo egiturak indarrik handiena zuen lekuetan,
are gogorrago ekin zieten jopuek haien gehiegikeria eta harrokerien kontra. Zergen
presioak, espekulazioak, soldaduen ekarpenek, herri ondasunen lapurketak,
lursailen hesi inguraketak, ehiza eta arrantza eskubideek, administrazioaren
zentralizazioak edo anexio politikoek antzeko egoera liskartsuak eragin zituen
han eta hemen, beraz, ordena tradizionala berriro ezartzeko asmoak eragindako
gatazkatzat jo daitezke. Horien arteko alde bakarra gatazkaren neurria izan zen.
Esaterako, Euskal Herrian herrietara edo, gehienez ere, eskualdera zabaldu ziren
eta ondorioak ere ez ziren hainbestekoak izan; Europan, aldiz, benetako gerrateak
izan ziren, zenbaitetan milaka hildako ere izan zelarik. Bada, ordea, Europan,
Euskal Herrian oihartzun urria izan zuen beste gatazka bide bat: erlijioa.
Oso luze eta nekez zerrendatuko genituzke mende hauetan zehar Europan
izan ziren altxamendu guztiak. Zenbait, gainera, elezahar eta epopeiaren mailara
iritsi da. Hona horietako batzuk: Alemaniako nekazarien guda 1524-25ean; 1648-
53. urte bitartean Fronda izenez ezaguna dena; Razingo Behe Volgako altxamendua
(1670-71), Bulavin-goa (1707-08) eta Pugachev-koa (1773-74); Ingalaterrako
Kett-eko errebolta (1549); Alpujarretako altxamendua (1568koa); 1693-95eko Valentziako
germaniak; 1638-51ko Eskoziako errebelamendua eta Irlandakoa 1641-
52 artean; eta beste hamaika.
Errebelamenduen bilakaera
• Komunitateen arteko gerra (1520-21).
Gaztelan izandako herri lurren gaineko gatazkak izan zituen bi arrazoi nagusiei
(Erdi Aroko egitura zaharrak Estatu moderno batean txertatu nahia eta handikien
aurkako istilu eta gatazkak) Euskal Herrian Behe Erdi Aroko ahaide nagusien
arteko gerra bildu behar zaie, gatazka hauek azkenekotan baziren ere. Araba
eta Bizkaian leinuen arteko gatazka zahar hori izan zen liskarrerako arrazoi nagusia;
eta Araban, zehazki, herrialdeko instituzioen eta, batez ere, Hermandadearen
kontrola eskuratzeko Ayala eta Velascotarren arteko borroka. Gipuzkoan
giroa konplexuagoa zen eta arrazoiak ere modernoagoak. Herrialdea bi zatitan
banatuta zegoen: batak Donostia zuen buru eta itsasertzeko merkataritza hiriak
biltzen zituen, Carlos V. erregea onartu eta estatu egitura zentralizatzaileagoen
aldekoa zena; besteak, Tolosa buru eta Biltzarra Hernanin zuena, barne aldeko
nekazari eta abeltzainen interes ekonomikoak aldezten zituen, eta foruen aldekoa
zen guztiz, bestalde. Gerra zibilaren hondamena handia izan zen, baserri
asko erabat errausturik, uzta galerak, … Baina, Frantzia Hondarribira sartu eta
Nafarroako gerra piztu zenean, Gipuzkoako barne arazoa konponduta geratu zen.• Nafarroako konplota, 1648koa.
Nafarroan 1648. urtean antolatu zen konplota oso bizkor zapaldu eta nahasketa
handiegirik gabekoa izan zela dirudien arren, 1640. urtetik aurrera lurralde
honetan bizi zen giroaren isla da. Berau, Portugal eta Kataluniako independentziaren
aldeko mugimenduen artean kokatu behar da, sustraiak Erreinuaren burujabetza
berreskuratu nahi zuten herritar ugarien borondatean baitzeuden. Nolanahi
ere, Errebelamendua antolatzeko ahalegin serio bakarra Miguel de Iturbide
kapitaina buru izan zuena gertatu zen; baina, Santiagoko zalduna berau, Madrilen
atxilotu eta berehala hil zuten arrazoi hori zela medio.• Fiteroko altxamenduak, 1627 eta 1675ekoak.
Mugimendu hauek Nafarroako zati handi batean liskar bide izan ohi zen tentsio
mota baten adiera biziak dira; herritar soilen eta beren jauntxo sekular zein
erlijiosoen artean sortzen zen gatazka bakoitzak bere petxa eta eskubideak eskatzen
zituenean. Hala, esaterako, Irantzuko fraideek auzi luze eta amaitu ezinak
izan zituzten, XVI eta XVIII. mendeen artean, Elkarte eta Muru-Azteraingo bizilagunekin.
Leireko monasterioaren eta Goi eta Behe Arraul, Esa eta Irunberriko
bizilagunen arteko borrokak askoz gogorragoak izan ziren, ordea; Irunberriko
herritarrak monasterioa indarrez hartzera iritsi ziren 1624an.
Fiteroko Santa Maria abat elizak bertakoen gaineko jauntxo eskubide zenbait
zituen, XII. mendean eskuratuak: herritarrak kontzejutan biltzen ziren, 1524. urtean
onarturiko ordenantzen arabera eta monjeen mendeko izan arren. Hiru mendeetan
zehar justizia zibila eta kriminala, ehiza eta arrantza eta beste zenbait petxa
eskubideen jabetza auzitan izan zen. Fiterotarrak fraide hauen presiotik
ateratzen ahalegindu ziren, bai eskubideak erosiz, bai auzien bidez eta bai erregearen
mendekotza zuzeneko eremuetan finkatuz euren egoitza. Herritarrek,
1524ko Ordenantzak berriro indarrean jartzea lortu bazuten ere, justiziaren makila
erosi eta herri berri bat sortzeko baimena lortuz (1548 eta 1652ko epaiak),
berehala izan zuten erantzuna monasterioaren aldeko beste hainbat erabakirekin
(1565, 1652, 1662 eta 1664ko epaiak), gauzak aurretik zirenean uzten baitzituzten.
Jauntxoenganako mendekotasun latz eta beronen aurka erabili ziren bide
bakezaleen porrotek azaltzen dute, nolabait, herritarren 1627 eta 1675eko altxamenduak.Lehenengo altxamendua, Abateak haren buruari “jaun” tratamendua emateko
aginduari uko egin zieten herritarrak atxilotzeko agindua eman zuenean etorri
zen. Fraideek, fiterotar haserretu haien erasotik ihesi, beren burua leku sakratuan
gorde behar izan zuten. Arazoa 1630eko konkordiarekin konpondu zen.
Konkordia ekintza honek jurisdikzioa erosteko aukera ematen zien fiterotarrei,
baina, berriro ere, 1670. urtean fraideen eskutara itzuli zen 8.000 dukaten ordainarekin.
Alabaina, fiterotarrek berria jaso eta bizigune berri bat eraikitzeko auzia
galdu zutela jakin zutenean, monasterioari eraso zioten, auzi eta diruaz lortzeko
gauza izan ez zirena indarraren bidez berreskuratzeko. Gizarte maila orotako 300
bat lagunek, egur eta lanabesez indarturik eta ikurriña gorri baten atzean, monasterioari
eraso zioten abadia buru, Frai Jorge de Alcat, eta prokuradore zen frai
Bernardo de Erbitiren bila, aurrean aurkitu zuten guztia txikituz, bide batez. Fraideek,
berriz, izuak harturik ahal zuten lekuan bilatu zuten babesa edo leihoetatik
salto egin eta labore sailetatik barrena ihesi, Cintruenigora iristeko. Asko zauritu
eta makilapean hartuak izan ziren. Abatea, dorre batean ezkutaturik zegoena,
aurkitu eta agiri bat derrigorrez sinarazi eta aurkitu zituzten gainerako fraideek
agiria berretsi behar izan zutenean baretu zen giroa. Agirian, Abadiak uko egiten
zion Fiteroko jurisdikzioari, baita altxaturikoen aurkako edozein zigorri ere. Baina,
espero zitekeen bezala, paperean jasotakoa errespetatu beharrean, ustezko
115 errebelatu ziren, Alkatearengandik berarengandik hasita. Epaiak hogei heriotz
zigor, galeretarako hamaika zigor eta isun kopuru handi bat jasotzen zuen.
Ordea, 1677an barkamen ekintza izan zen eta ordainetan 60 gizoneko konpainia
eratu eta Juan de Austria jauntxoaren agindupean, Frantziaren aurka egin behar
izan zuten borrokan Kataluniako lurretan.• Gatzaren Estankoaren aurkako altxamendua, 1631-34 bitartean.
Monarkiak behar ekonomiko larriak zituen une hartan, Olivaresen Gobernuak
zergak ezarri nahi izan zizkien salbuetsirik zeuden herrialdeei. 1601ean “milioiaren
zerga” deitua ordain arazi nahi izan zuen Bizkaian, baina ez zuen lortu. 1629an
milioiaren zerga kendu eta inguru guztietan ezar zitekeen bat eta bakarra jarri
nahi izan zen: gatzaren estankoa. Zerga berri hau sortzen zuen Dekretua 1631n
jarri zen indarrean. Garai hartan, Bizkaian, herri xehearen, merkatari burgesiaren
eta nobleziaren arteko tentsioa itzulera gabeko puntuan zegoen. Gernikako Batzar
Nagusiak 1631n izan zuen batzarraldi batean, gatzaren estankoaren zedula
foruen aurkakoa zela erabaki zuen, eta aplika zedin bidea egiten zuten Bizkaiko
agintariak traidoretzat jo. Korrejidore ordeak, zerga berria indarrez aplikatzeko
egin zuen ahaleginari herri osoak bat eginik, erantzun zion matxinadarekin: Domingo
de Castañeda, Korrejidorearen auzitegiko prokuradorea, labankadaz hil
zuten, Alkatearen beraren eta itsasoko hamarrenen administratzaile Pedro Fernandez
del Campo jauntxoen etxeak erre zituzten. Matxinatuak gatzaren monopolioaren
aurka azaldu ziren, baina, batez ere “jaun printzipal eta aberatsen”,
“errepublika saldu diguten traidoreen” aurkako gorrotoa erakutsi nahi zuten,
gatazka gizartearen borroka zela erakutsiz. Ia bi urte inguruko istiluak eta erregearen
funtzionarioen aurkako erresistentzia armatuaren bigarren urtearen inguruan,
Olivaresek bere arma guztiak erabiltzea erabaki zuen: batetik, 1633an, blokeo
ekonomikoa ezarri zion Bizkaiari bertako merkataritza ahultzeko
helburuarekin; eta bestetik, gatazkari amaiera, alde bakoitzak bere burua irabazletzat
izanik emateko bidea jarri zuen. Indultua etorri zen, jazarraldian parte hartutako
12 lagunentzat ezik; seik ihes egin zuten eta beste seiak hil egin zituzten.
Arazoa, ordea, monopolioa ezarri aurreko egoerara itzulitakoan eta Bizkaiari ordaintzeko
obligazioa kendu ziotenean, orduan bakarrik, konpondu zen. Horrela,
Jaurerriko interesak eta erregearen agintaritza sendoturik geratu ziren.• Tuterako altxamendua 1654an.Nafarroako Gorteek Ehiza eta Arrantzari buruzko Legea eman zuten 1654an.
Legearen berri izan zutenean Tuteran, herritarrak bildu ziren (400, zalapartak
erasaniko batek zioenez). Alkatea preso hartu, Kontzejuko giltzak kendu eta bertan
gordetzen ziren arma guztiak harturik, Legearen onarpenean zuzenean edo zeharka
eskuhartu zuten agintarien bila abiatu ziren, legea indargabe uztera behartzeko
asmoz. Altxorzainaren, fiskalaren eta herriko hainbat jauntxoen etxeei eraso
zieten; Tuterako artzapez Gil de Etxauri y Zarateren etxean izandako kalteak,
esaterako, 6.000 dukatetan balioetsi ziren; berau Korteetako diputatua, elizaren
ordezkaritzan, Legearen egileetako bat baitzen. Matxinatuen amorraziotik ihes
teilatuetatik barrena egin behar izan zuen eta Añorben, bere jaioterrian, aurkitu
zuen babesa. Ez zuen Tuterara itzultzeko ausardiarik izan, eta bere bizitza arrisku
larrian sumatzen zenez, Erronkariko priore izendatu zuten, bertan hil zelarik.
Istiluak zenbait egunetan zehar izan ziren eta zeraman bidea ikusirik, Aldundiak
ehizaren legearen aplikazioa Korteak berriro batzarrean bildu arte atzeratzea erabaki
zen.• Baionako erreboltak, 1590, 1641 eta 1665ekoak.Baionako herriak sarri jasan behar izan zuen zerga presioa eta XVI. mendearen
amaieratik aurrera etengabeko auzi eta liskarretan bizi izan zen. Altxamenduetako
protagonista, “menu peuple” deitua, ofiziale, jornaldun eta, oro har, herri
xehea izan ohi zen. 1590. urtean tindalarien altxamendua izan zen landare
koloreemaileen gaineko zerga berri bat ezarri nahi izan zitzaienean. 1641ean,
gatzaren gabela eta kontsumoko bestelako gai batzuren gaineko zergaren ezartzea
zela-eta, altxamendu handi bat izan zen; beronen sustraia 1628an ordainketa
obligaziorik ez zuten Gaskionia eta Guyenne osorako eman zen dekretu bat
izan zen. Prezioen gorakada, herri xeheak ordaintzen zuena, zenbaitetan jatorrizkoa
bikoizterainokoa izaten zen. Baionatarrek, bestalde, ez zuten utzi zerga bilketako
bulego bat hirian irekitzen, baina Estatuak, 1640an, gerra ontziak bidali
zituen bertara indarrez irekitzeko. 1641ean, ordea, gatazka lehertu zen erregearen
funtzionarioen iritsierarekin batera, 300 bat herritar armatu gogor eraso zioten
ontziari eta honek atzera egin behar izan zuen. Baina, ondoren, Estatuaren
zigorra etorri zen, 1680. urtetik aurrera bertan kokatu zen gudarostearen presentzia,
alegia.• Lapurdiko gerrate zibila 1655-1659. urte bitartean.Gatazka armatu larri hau ere handikien aurkako borroka nagusiaren barne
kokatu behar bada ere, arrazoia, funtsean, politikoa izan zen: monarkia absolutistak
“Pays d’Elections” zirenetako administrazioa eta fiskalitatea (erregeak zuzenean
kontrolatzen zuen lurraldetakoa) “Pays d’Etats” eta zona frankoetara (Euskal
Herria, esaterako) zabaltzeko egin zuen ahaleginarekin uztartu behar baita.
Gerra Lapurdiko armadako buruzagitza betierekoaren ondorengotzak piztu zuen,
Caupenne familia ahaltsuari zegokiona, bestalde. Berau, Gaztelako korrejidorearen
antzeko kargua eta Erregearen ordezkari militar, fiskal eta judiziala zen. Hartan,
erregeak, ordea, Jean de Caupenne aitaren heriotzaren ondoren bere seme
Leonard izendatu beharrean, ohiturak horrela agintzen zuen, Salvat d’Alzate
d’Urtubie izendatu zuen. Martin Xurio Sindiku orokorrak Caupennekin zuen harreman
estua medio, ez zuen erregearen erabakia onartu. Baina, M. d’Arcangues
errege prokuradoreak Uztaritzeko Biltzarra batzarreratu eta Xurio kargutik kentzeko
erabakia harrarazi zuen. Dena den, Luis XIV erregearen nahia foruaren aurkakotzat
jotzea erabaki zuten Biltzarraren autonomiaren defendatzaileek. Eta,
horrenbestez, Lapurdiko gizartearen polarizazioa erabatekoa izan zen. Batetik,
prokuradorea bitarteko, Alzate eta Biltzarraren erabakia onartzen zutenak, mila
gizon inguru, Lapurdiko milizian antolaturik zeuden eta gerriko zuria zuten ezaugarri
(“sabelxuriak”); bestetik, Xurioren aldekoak, Herriaren frankizia eskubideen
defendatzaileak: hiru mila partisau inguru ziren eta beren ezaugarria gerriko gorria
(“sabelgorriak”). Gerraren hasieran “sabelgorriak” izan ziren nagusi militarki,
Arrangoitzeko gaztelua hartu zuten, Uztaritzeko presondegiari eraso, Sokoako
gotorlekuko kanoiak bereganatu, Bordeleko Legebiltzarrak bidalitako tropak
menderatu Askaingo guduan… Baina, 1659. urterako antolaketarik eza eta, behin
Xurio zendu zenean, bere aldekoen sakabanatzea etorri zen. Ondoren, erregearen
agintaritza sendotu eta errebeldeak epaiturik, isun handiak jarri zitzaizkien,
bai partikularrei banaka, bai herrialde osoari ere. Biltzarra ezabatzea ere
pentsatu zuen Luis XIV erregeak, baina, azkenean, oso ahulduta baina bizirik
jarraitzeko aukera eman zion.• Zuberoako altxamendua 1661ean.Altxamendu hau mende honetako Frantziako monarkiak bultzatu zuen handikien
berrindartze prozesuaren baitan kokatu behar da; Luis XIII.a erregeak,
1639an, erregetzaren mendeko jabetzak besterenganatzeari buruz emandako
ediktuaren inguruan, alegia. 1640. urtean, Zuberoako herri lurrak, erregearen
manupekotzat hartuak, salgai jarri ziren. Ondasun eta eskubide horiek zuberotarrek
berentzat erosteko egindako ahaleginen porrotaren ondoren, Iruriko kondeak
eskuratu zituen 70.000 liberen ordainetan. Arnaud-Jean de Peyrer, Irurin
kokaturiko familia gaskoi aberatseko semea, karrera militar bikaina egin eta Korteko
ohorerik handienak jasoa zen, eta horien artean, Erregearen goardia pertsonaleko,
mosketeroen, kapitain titulua; Alejandro Dumasen nobelako mosketero
gaskoien babeslea zen, bestalde. Iruriko kondeak, handikien indartze prozesu
zabal bati ekin zion Zuberoan, hasieran 2 burgu eta 14 parrokiatara mugatzen
zena, 1641 eta 1642. urtean, lurralde osora zabaldu zen, Bizkonderri zaharra berpiztuz.
Herri altxamendua 1661. urtean hasi zen, herriko erakunde ekonomiko eta
politiko tradizionalen alde eta notableen asmoen, kleroaren zenbait eskubideen
eta protestanteen eta Mauleko Hiriaren nagusitasun ekonomikoaren aurka. Badirudi,
7.000 gizon inguru bildu zirela Mithikileko apaiza, Bernard de Goyenetche,
Matalas izengoitiz ezaguna, buru zutelarik. Buruzagi honek 100 gizon inguruko
goardia iraunkor eta Gobernu ibiltaria moduko bat osatu zuen. Bere ekimenpolitiko eta militarrak jauntxoen nagusitasun eta Mauleren nagusitasunaren aurka
bideratu zituen: azoka eta errota ordezkoak eraiki, zergak ez ordaintzea eta
beste hainbat proposamen egin zituelarik. Bordeleko Legebiltzarrak eta bertako
nobleek beren armada antolatu zuten Calvo Kapitain merzenarioa buru zuelarik,
altxatuak zapal zitzan. Sohütako guduan menderatu zituen eta 100 edo 400 inguru
gizon hildako izan zen, iturri desberdinen arabera. Matalas Gotañen atxilotu
zuten eta Maulen moztu zioten lepoa; haren burua guztien bistara jarri zen gazteluko
barbakanan; haren aldekoek, ordea, eta heriotz zigorraren mehatxuari aurre
eginez, burua ezkutaraztea lortu zuten. Nolanahi ere, beste zenbait heriotz
zigor ere izan zen, baita galeretarako betirako zigorrak ere. Indulturik izan bazen
ere, errepresioa eta isunak hain izugarriak izan ziren, ezen jende askok Erronkarira
ihes egin behar izan baitzuen. Matalas Zuberoako herritarren oroitzapenean
gorde izan da heroi justiziagile klasiko baten antzera eta, gaurregun ere, gogoan
gordetzen da pastoral batean.• Lapurdiko marinelak derrigorez itsasoratzearen aurkako erreboltak
1669-1671n.
Izurriteak eta presio fiskala nahiko zoritxarra ez baziren herriarentzat, Colbert
eta bere jarraitzaileen itsasoko politikak guztiz egoera larriak sortarazi zituen Lapurdin,
askotan, erresistentzia gogorreko ekintzen bidez lehertzen zirenak. “Colbertismoak”,
beste hainbat gauzen artean, itsas ontzidi handi baten sorrera zekarren,
ontzidi militar eta merkataritzakoa; baina, beti ere, ikuspegi administratibo
guztiz zentralista batetik abiatuz. Marinelen beharra areagotzen zihoan eta Lapurdiko
itsasertzeko herri eta barnealdeko Askain, Ahetze edo Senpereko gizon
asko ontziratu zituzten: 1635. urte aldera Lapurdik 70.000 biztanle inguru zituen
eta horietatik 4.500 marinel. 1669. urteko marinelen ontziratzeari buruzko ediktuak
egoera larritu egin zuen. Gainera, arau berri hau gatzaren gabela ezartzeko
lehenengo saioarekin batera etorri zen. Jakina denez, gatza ezinbesteko gaia zen
garai hartako arrantza sistemarako. Bestalde, derrigorrezko ontziratze eta gabelen
ezarpena Lapurdiko askatasunaren aurkako ziren eta izatez gatazka ekonomikoa
izanik ere politiko bihurtzen ari zen. Bestalde, 1669. urteko erreboltan
Larralde Seneskalordea hil zen. 1671. urtean, gatazka Lapurdiko itsasertz osora
zabaldu eta indultu batez bukatu bazen ere, ordainetan, 152 marinel ontziratu
beharko ziren Colberten ontzidian.• Donazaharreko errebolta, 1685ekoa.
Behe Nafarroako instituzioetan, intendenteek garrantzi handiko papera izan
zuten erregearen eskuhartze politikan. Eta guztietatik Foucault intendentea nabarmendu zen bere monarkiaren interesen defentsa sutsu eta kupidagabeagatik.
Esaterako, Aintzilan bazen herriak ustiatzen zuen gatzategi bat. 1683. urtean
emandako Dekretu batek, ordea, gatzategia erregearen jabetzako bihurtu zuen,
Donibane Garazin gatzaren gabela kobratzeko bulegoa ireki eta mugaz bestaldeko
gatza saltzea debekatu. 1685ean, azoka egun batean, jakin zuen Donazaharreko
herriak berria. Berehala sortu zen zalaparta, baina gehiagora igaro gabe.
Foucault intendentea ez zen, ordea, txikikeriatan ibili eta “herria baketzeko” bi
matxinatu urkatu eta beste bik galeretako zigorra jaso zuten. Alabaina, bi urte
geroago, Nafarroako Estatuek berreskuratu egin zuten Aintzilako gatzategia eta
aurreko ustiapen mota, bai eta gatza herrialde osoan saltzeko eskubidea ere.• Iparraldeko “ezinegonak” XVIII. mendearen hasieran.Zerga berriak ezarri edo ezartzeko susmoa zabaldu orduko istilu eta zalaparta
ugari sortu ohi zen Nafarroa Behere osoan, baina batez ere, Lapurdin, sarri askotan
“ezinegona” deitu zaielarik mugimendu horiei. Gorabehera horien artean
Mugerren eta Hiriburun 1696an izandakoa aipa daiteke, baita 1724an zergen bilketan
izandako hutsegite baten ondorioz Ainhoan izandakoa, edota 1726an “berrogeita
hamarrena” zerga aplikatzeko saioaren aurrean Lapurdi osora zabaldutakoa;
Bidarten eta Getarian 1734an izan ziren zergabiltzaileen jipoiketak edo
Donibane Garazin 1748an izandakoa, zenbait emakumek zerga berriaz hitz egiten
zuen idatzi bat gaizki ulertu eta herri osoa haren aurka atera zenekoa.
Garrantzi sobera gabeko liskarrak izaten baziren ere, Donibane Lohizunen
1756ko urtean izandako gertakariak oso interesgarriak dira, tartean izan ziren
arrazoiak ezaguturik. Alegia, mugan izan ohi ziren kantonamendu militarrak liskar
bide izaten ziren sarritan inguruko herrietan; eta hartan, frantsesez hitz egiten
ez zuen bertako zahar baten eta euskerarik ez zekien Artilleriako Errege
Gorputzeko injinero baten artean izandako eztabaida hutsal batek, militar horien
eta herriaren arteko borroka gogor bat eragin zuen.• Bizkaia eta Gipuzkoako “matxinada”, 1718koa.Borbondarren dinastiaren lehenengo lana Estatua administrazioaren aldetik
batzera zuzendurik zeuden neurriak erabakitzea izan zen eta, hala, Aragoiko
koroaren foru sistema indargabetu eta Euskal Foruetako punturik garrantzitsuenak
aldatzera zuzenduriko erabakiak hartu ziren: foru pasea eta aduana sistema,
besteak beste. 1717ko abuztuan barne aldeko aduanak Bizkaiko eta Gipuzkoako
itsasertzera aurreratzeko agindua ematen zuen Errege Dekretu bat erabaki zen,
indarrean hurrengo urteko martxoan jarriko zena. Teorian baino ez bazen ere,
premiazko eta beharrezko produktuek ez zuten zergarik izango, baina prezioen
gorakada orokorrak bere eragina izan zuen merkatairtzako gai guztietan. Kaltetuenak
bertako eta kolonietako produktuen kontsumitzaile eta merkatariak izan
ziren. Merkatari handiek Alberoniren mehatxupean, eta Dekretuak berauengan
eragin handiegirik ez bazuen ere, egoera berrira egokitu beharrean izan ziren,
ezen, bestela, artilearen merkataritza Santanderrera desbideratuko baitzen Bilboren
monopolioa hausiz.
Aduanei buruzko Dekretuaren edukia aztertzeko xedez Elizateak bildu ziren
eta, ondoren, agintarien aurka altxatu, dekretua berehala indargabetzeko eskatuz;
“matxinada” hasi zen. “Matxinada” hitza errebolta edo altxamenduaren sinonimo
gisa, 1718ko honetarako erabili zen lehenengo aldiz. “Matxin” hitza oletako
langileak izendatzeko erabil zitekeen, baina herriaren pertsonifikazioa ere
izan daiteke; nolanahi ere, matxinoak ofiziale eta nekazari taldeak ziren eta matxinadak,
XVIII. mendean zehar gizarte klase hauen altxamendu edo erreboltak
definitzen ditu, geroztik edozein motatako gizarte gatazka adierazteko erabiltzen
bada ere. Liskarrak nonahi izan ziren, Enkartazioetatik Oiartzunera Gasteiztik barrena,
baina ondorio larrienak Bizkaian eta Deba bailaran izan zituen. Bermeoko
eta Algortako aduana ontziak erre ziren; Jaurerriko, Hiri eta Kontsulatuko agintari
handikien etxeak txikitu ziren; eta haien artean, adibidez, 1710ean Ahaldun
Nagusi izan zen Miguel Antonio de Castañosen Gernikako etxea. Baina beste
batzuek, ordea, bizia galdu zuten matxinatuen eskutan, hala nola: Enrique de
Arana ahaldun nagusia Bilboko Arenalean hil zuten labankadaz; Martin Antonio
de Escoiniz eta Juan Gregorio Esterripa, Bilboko alkatea lehena eta lehen errejidorea bestea, Bermeon hil zituzten; Rocaverdeko Markesa, Bergarara ihesi joana,
Otxandion hil zuten; eta beste hainbat ere bai. Gipuzkoako mendebaleko
“jende printzipal” askok ikusi zuen nola erre eta/edo sakailatzen zituzten beren
jauregiak, zenbait jipoitua ere izan zen eta ziztuan ihes egin behar izan zuen leku
seguruago baten bila edo beren burua leku sakratuan babestera. Handikiek, larri
eta Bizkaian gertatutakoaren jakitun, Legazpi, Oñati, Bergara, Antzuola, Urretxu,
Segura, Arrasate eta Ormaiztegiko herrien Batasuna eta Hermandatea sortu zuten,
400 gizoneko indar armatua zuen eta liskarrik izanez gero elkarri laguntza
emateko xedez eratua zen. Erregeak matxinadari emandako erantzuna betikoa
izan zen: zigor gogorrak ezarri agintaritza sendotzeko, auzibidea kentzea emandako
xedapenak indargabetuz eta, behin denbora igaro ondoren, indultua. Zehazki
esanez, liskarrik larrienetan parte hartu izanaren akusaziopean 32 pertsona
hil ziren, aduanak aurreko lekura itzuli ziren 1723an eta indultu orokorra
1726an izan zen.• Gasteizko gorabeherak, 1738an.
Handikiek udal aginpidean zuten kontrolak piztu zuen 1738ko gatazka hau.
Izan ere, agintariengan zuten eraginaren bidez, beste zenbait gauzen artean, hiriko
zerga politika, merkataritzako salerosketak eta kontsumoa zergapetzen zituzten,
batez ere; handiki hauen eskuetan zegoen jabetza, lurra, libre utziz. Merkatariek,
herritarren laguntzarekin, auziaren bidea hautatu eta Gaztelako
Kontseilura jo zuten handikien oligarkiaren aurka. Denbora epe labur batean
(1742-48) burgesek handikien lekua hartu zuten udal karguetan; gero, ordea,
koroaren indarrez, gauzak lehenera itzuli ziren, 1738ko gatazkaren aurreko
egoerara, alegia.• “Haragiaren matxinada” puntua, 1755ean.
Espekulaziorik izan aurreko lehenengo liskarra litzateke, nahiz eta 1766koa
izan mota honetako liskarren eredu. Gatazka mota honen nondik norakoa nahiko
ezaguna da: espekulazioa, produktu falta, prezioen gorakada eta matxinada.
Batzar Nagusiek erabakitako neurriek, zenbait produkturen irteera eta, kasu
honetan, haragia herrialdetik ateratzeko debekua emanez, espekulazioa, estraperloa
eta prezioen gorakada etengabea baino ez zuten ekarri; ondorio hauxe
izan zuen Gipuzkoako Aldundiak 1754an, haragiaren esportazioa debekatuz eman
zuen dekretuak. Deba Garaian sortu zen ezinegona (1718ko gatazkaren zonalde
berean) eta azaleratzen hasi zen idatzi, zurrumurru eta beste hainbat bidetik.
Kasu honetan, agintarien erantzuna gogorra eta berehalakoa izan zen: indar armatu
bat antolatu eta herrietan sartu ziren beren bidean inolako erresistentziarik
aurkitu gabe, izan zitekeen gatazka ere izan aurretik zapalduz. Alabaina, eta bitxia
dirudien arren, 1755eko Batzar Nagusiek, beste dekretu bat eman zuten abereen
sartu-irteera librea onartuz eta, aurrekoarekin kontraesanean datorrela dirudien
arren, berau izan zen espekulazioa murriztu eta prezioei eusteko bidea.• 1766ko matxinada.
Europan zehar biziraupenaren alde eta espekulazioaren aurka izan ziren mugimenduen
barne kokatu behar da. Ez da abagune ekonomiko oker edo uzta
txarreko bolada baten ondorio, kontsumoaren eta premiazko produktuen gaineko
zergena baizik; izan ere, eta batez ere, alearen espekulazioak prezioen gorakada
etengabea eragiten zuen. Espekulazio honez aberats zitezkeen bakarrak
hamarrenak (laikoak zein elizakoak) eta errenta handiak, batez ere uztan, jasotzen
zituztenak ziren. Baina, baziren haserrerako bestelako arrazoiak ere, hala
hola: iruzurra pisuan, elizaren eskubideak eraginiko gehiegikeriak, zerga presioa,
gerren eragina, e.a. Prozesu honen guztiaren elementu katalizatzailea
1765eko uztailaren 11ko Pragmatika izan zen, ondasunak, laboreen zirkulaziolibrea onartzen zuenez, esku gutxitan biltzeko eta prezioak neurriz goitik jasotzeko
aukera ezin hobea ematen baitzuen.
Matxinoek agintariei ezarritako memorial eta kapitulazioetan ikus daitekeenez,
matxinadaren helburu nagusia aurreko moral publikoaren sistema berriro
ezartzea izan zen, galbide nabarmenean baitzen. Hala, eginiko eskaeren artean,
noski, laboreen prezioen jaistea dago, baina, baita aurreko neurriak berreskuratu
eta maulazkoak baztertzea ere, zenbait hamarren eta elizaren eskubideak kentzea,
kaperautzen pilaketa ezabatzea… Pobreen eta kontsumitzaileen erreibindikazioak
azken batean; jazarriak, garai hartako kroniketan ageri denez, “ofiziale
kategoriako langileak, zurgin, hargin, errementari, zapatari, kapelagin eta bestelako
ofiziotako langile eta nekazariak” baitziren. Jazarraldia Azpeitian eta Azkoitian
piztu zen eta berehala zabaldu zen Deba eta Urola bailaretako herrietara.
Oraingo honetan matxinoek ez zuten inor hil baina, hori bai, gehiegikeria handiak
egin zituzten. Beren helburu nagusia, agintariak eurak prestatu eta erreibindikazio
zerrenda luze bat jasotzen zituzten memorialak sinatzera behartzea zen;
eta hain zuzen ere, gatazka hartzen ari zen neurria ikusirik baita sinatu ere alkate
eta prokuradoreek. Nolanahi ere, lurjabe handi eta merkatarien gizarte klase
dominatzaileek bazuten eskarmenturik eta lezioa ikasita zeudenez, beren erantzuna
bizkorra eta bat-batekoa izan zen, ondo antolatuta baitzeuden. Hala, gari
eta arto merkea banatu zen apirilean eta maiatzean –justu matxinadaren eta ondorengo
egunetan– haserrea nabarmen ageri eta produktu hauen garestitzea
gehiegizkoa izan zen Gipuzkoako herri horietan. Herrien arteko Batasunak bultzatu
ziren, 1718ko saioari jarraipena emanez, eta bi sortu ziren bata Deba Garaian
eta bestea Donostialdean. Eta, azkenik, zapalkuntza militarra. Ekimen honen
protagonismoa, ordea, herritar soilena gehiago izan zen militarrena baino.
Errepresioaren buru Donostiako Alkate Manuel Arriola zen, baina laguntzaileen
artean probintzia osoko aitonen seme gehientsuenak zeuden: Peñafloridako kondea,
San Millan eta Narroseko markesak, eta beste hainbat. Pertsona asko atxilotu
ziren eta asko auziperatu ere. Hasieran, bederen, handikik eskarmentu gogorren
eta heriotz zigorren aldekoak baziren ere, –preso bakar bat hil zen eta berauauzitegira zeramatenean– korrejidorearen ikuspegia nagusitu zen, atxilotze, isun,
deserriratze eta arma zerbitzua egiteko zigorra ezartzea, alegia. Hala, bada, behin
handikiek berriro ordena ezarri ondoren, Aldundi bereziak, matxinoek inposaturiko
kapitulazio guztiak indargabetu zituen dekretu baten bidez; prezio eta
bihiaren zirkulazio askatasuna, neurri zaharrak desagertarazi eta, badaezpada,
bilera eta Udal Nagusiak debekatu.• Lapurdiko emakumeen erreboltak, 1773 eta 1784an.
Lapurtarrek zituzten pribilejioen artean, tabakoaren gaineko zergarik eza eta
norberaren kontsumorako ereiteko eskubideak zeuden. Eskubide horrez baliaturik
mugako herrietan tabakoaren estraperlorako erakunde indartsu bat eratu
zen. Tabakoa Haltsuko errotan ehotzen zen eta mugako herrietatik barrena banatzen.
1773an, ordea, Estatuak iruzurra ekidin asmoz, tabakoaren monopolioa
ezarri nahi izan zuen. Baina erabaki horrek izan zuen erantzuna Sara, Itsasu,
Zuraide eta Haltsuko herrietako emakumeek antolatu zuten errebolta edo matxinadaren
bidez. Monopolioa ez zen sortu eta tabakoaren estraperloak lehen bezain
indartsu eta oparo izaten jarraitu zuen.
Ordea, 1784ko erreboltaren arrazoia Errobi ibaiaren mendebaleko lurralde lapurtarra
zonalde frankotik ateratzeko emandako errege xedapenak dira; ordura
arte herrialdeko gainerako herriek zuten frankizia izan baitzuten. Lapurdi fiskalitatearen
aldetik bitan banatzen zuten bitarteko aduanak finkatu nahia eta egoera
berria aldarrikatzen zuten “Agindu Idatziek” indarrezko erantzuna izan zuten
Hazparne inguruko herrietan. Guyenneko intendentea, Neville, eta errege ordea
Baionan, Caupenne markesa, Hazparnera abiatu ziren 150 granada jaurtitzaile
eta bost brigadekin ordena ezartzeko helburu bakarrarekin. Baina, haserreak harturiko
emakume kopuru handi batekin (bi mila inguru esan ohi dute) egin zuten
topo, bertan garbitu edota atzera egiteko dudan jarriz tropa buruak. Une hartan
atzera egiteko erabaki zuhurra hartu zuten, baina berehala etorri ziren ohiko errepresio
bideak: atxiloketak, eskualdearen okupazio militarra… Hazparneko apaizaren
bitartekari lanari esker zigorrak ez ziren hain gogorrak izan; hala ere, eskarmentu
gisa, bere elizako kanpandorrea lurrera bota zen, jazar egunean herriko
emakume guztiak biltzeko jo baitzuen. Eskualde osoko armak bahitu ziren eta
fusil milaka batzuk bildu ere bai.• Gasteizko istiluak Modenesen aurka, 1803an.
Arabako merkataritza eta diru zirkulaziorako askatasuna mugatuz, 1802. urte
amaieran emandako dekretuak ez ziren hasieran bete eta Aldundiak eta Batzar
Bereziak, foruen aurkako neurriak zirela iritzirik, bere protesta helarazi zioten
Karlos V.a erregeari eta Estatuko Idazkariari. Errentetako gobernari eta erregearen
ordezkari, Juan Modenesek, ordea, indarrean jarri zuen arautegia, bortizki,
eta Herreria kaleko hiru bizilagun atxilotu zituen estraperloan zihardutela salaturik.
Berehala izan ziren istiluak eta gasteiztar ugari bildurik, Modenesen etxera
abiatu ziren “gobernariari!” ohikatuz. Gobernariaren etxeko ateak lurrera botata
zituztela, herri zaintzaileak iritsi eta istilua lasaitzea lortu zuten. Giroa baretu ondoren,
negoziaketa luze eta gogorra izan zen Godoyren eta herrialdeko agintarien
artean, 1802ko xedapena ez zedin aplikatu, baina baita, bestelako artikulu
sail bat indargabetzeko ere; besteak beste, korrejidorearen irudia Araban ez sartzeko.
Modenesen ordez beste gorbernari bat izendatu bazen ere, Godoyk tinko
eutsi zion bereari, foruen aurkako arauak aplikatuz.• “Zamakolada” Bizkaian, 1804ko urtean.
Bilboko Hiriaren eta Bizkaiko Jaurerriko herri xehearen arteko tirandurak Behe
Erdi Arotik datoz eta jurisdikzioaren eta merkataritzako eskubideak medio, gorabehera
izugarriak izan dira historia guztian zehar. Ahalegin handiak ere egin zituzten
Herrialdeko handikiek Bilboko merkatarien gorakada ekonomiko geraezina
oztopatzeko. Hala, 1792an liskarra bere goreneko mailara iritsi zen, José Ramon
Aldama diputatuak, Bilbok merkataritzan zuen nagusigoa banatzeko xedez, Mundakan
beste itsasportu bat eraikitzeko proposamena egin zuenean. Proiektua,
ordea, ez zen gauzatu Konbentzioko Gerra hastear zegoelako. Baina, 1801ean
Simon Bernando de Zamacolak berriro planteatu zuen ideia hori berori, nahiz
eta, Bakearen Portua deitzekoa zena, oraingo honetan Abantoko Elizatean eraikitzeko
izan. Garai hartan, Dimako eskribau honi izugarrizko begirunea zioten
Bizkaia osoan, baina batez ere, Arratian, inguruko herrien ordezkari izan zelarik
zenbait alditan Batzar Nagusietan. Itsasportu berriaren aldeko eta kontrakoen arteko
tirabira nabaria zen: batetik, aldekoak, maiorazko asko eta bere interes ekonomikoak
Bilbotik kanpo zituztenak zeuden eta bestetik, kontrakoak, Hiriko indar
biziak –Kontsulatua, jabeak, merkatariak, kabildoak, erlijiosoak–. GodoykZamacolaren proiektua onartu eta hilabete gutxiren buruan, Bakearen Portua
Abanton eraikitzeko baimena ematen zuen Errege Dekretua erabaki zen.
Ordea, 1804ko Batzar Nagusietan, egundoko aldaketa izan zen Arratiako diputatuaren
aldeko begirunean. Izan ere, berak eta bere laguntzaileek prestatu
zuten “soldadutza plan” bat atera zen argitara; foruen aurkakoa izanik eta unea
ere ez zenez batere egokia, kalte izugarria egin zion proiektuari. Bakearen Portua
onartzeko Godoyk, ordainetan, plan hori eskatu zuela zabaldu zen. Eta Bilboko
interesak defenditzen zituztenek oso ondo aprobetxatu zuten aukera paregabe
hori eta ez bakarrik zurrumurrua zabalduz, baizik eta Bilbo inguruko
elizateko baserritar errentariak asaldatuz, jabeetariko asko bilbotarra baitzen. Hala,
lehendabizi, Begoñako eta Abantoko bizilagunak eta gero eskualde osokoak altxatu
ziren. Jaurerriko armategiari eraso, ahaldun nagusia, korrejidorea, sindikua
eta aurkitu zituzten agintari guztiak atxilotu eta Batzar Nagusi berria eratu beharra
ezarri zuten. Batzar berri hauetan soldadutza indargabetu eta dohantza batez
ordezkatu zen. Gatazkaren zurrunbiloaren erdian Zamacolak Arratia aldeko herrien
babesa izaten jarraitzen bazuen ere, Bizkaiko gainerako herrietan heroi izatetik
bilau izatera pasa zen. Hala ere, Bakearen Portuaren proiektua ez zen erabat
gelditu Napoleonen okupazio militarra iritsi arte, baina gogoa ere ez zen
hasieran bezain beroa. Erreboltaren ondorioak larriak izan ziren bai Bilborentzat
eta bai Bizkaia osoarentzat: 380 zigor epaiak alde batera utzirik (erbesteratzea,
kartzela, isunak…) Jaurerrian Espainiako gudarostea sartu zen eta bere mende
jarri behar izan zuen herrialde osoak eta Batzar eta Udaletako bizitza politikoak,
eta eten egin zen aldi baterako foru errejimena. Gudarostearen mantenu gastuak
bost milioi t’erdi errealekoak izan ziren. Indultua 1807an iritsi zen.