Atlas Historikoa»Atlas Historikoa
Foru sistemako erakundeak
Gizarte eraketak alde asko ditu kontuan izan beharrekoak; aginpidearen antolaketa
da horietako bat. Lurralde eta komunitate jakin baten arabera eratzen da aginpidea.
Giza talde batek, komunitate gisa antolatzen eta komunitate politiko bihurtzen
ari den bitartean, erakunde publiko edo komunitario batzuk, ohiturazko edo
idatzizko arau batzuk, bizi behar duten gizartean sor daitezken gorabeherak konpontzeko
baliabide eta tresna batzuk, eta gizarte horretako hierarkian goraxeago edo
beheraxeago zeregina izango duten pertsona batzuk, agintariak, aukeratzen ditu.
Aginpidea, esan den bezala, lurraldeka antolatzea ere gauza konplexua da,
bestalde, eta ez, gainera, historiak lerro bati jarraituz eta halabeharrez bezala eragina.
Horregatik eta herriaren barnean sortzen ziren harreman eta gorabehera
berriek, gizarte gisa irautez gero, horietara egokitzea eskatzen zutelako aukeratu
izan dituzte gizarte batzuek eta besteek, historian zehar, politika antolabide desberdinak.
Herriek bilakaera bera izan ez dutela eta status berera iritsi ez direla
garbi ikusten da historia aztertzerakoan.Gertakizun eta aldaketa horiek ere ez dituzte gero guztiek ikuspegi beretik
begiratu eta aztertu izan; gertakizun horiei buruz oso interpretazio desberdina
dute liberalek eta marxistek, azkeneko horiek eta foruzaleek, eta horiek eta nazionalistek
ere. Politikari buruz izan diren teoria eta paradigma batzuek eta besteek
ere (estatuzaleek, esate baterako), interpretazio eta garrantzi diferentea eman
izan diete historiako halako gertakizun bati eta halako beste bati.
XV. mendetik XIX. mendera bitartean Euskal Herria osatu zuten erkidego
politikoak agertuko ditugu lan honetan, baina estatua sortu aurreko ikuspegitik
begiratuta. Garai horretako foru antolamenduak zer nolako aberastasuna zuen
azaldu nahi genuke hemen, baina estatu batean sartzeak berekin dakartzan ikuspegi
eta kontzeptu aldaketak alde batera utzita, arestian esan bezala. Agertu nahi
ditugun erakunde publikoen deskribapen konkretu zuzena, ordea, ikuspegi
orokorretik begiratuta bakarrik egin daiteke, horrela bakarrik har dezakete zuten
zentzua, eta kokatu ere horrek koka ditzake zuten lekuan. Lan honetan, bada,
foru sisteman zerikusia izan zuten aginpideguneen sorburuei eman diegu garrantzia.
Aztergai dugun erkidegoko erakunde publikoak ere aginpidegune horiek
batzuek besteekin topo egin zuten bidegurutzean sortu eta indartu ziren, halaber,
aginpidegune horiek zituzten erakundeek maila batean edo bestean gainerakoen
gain zuten eraginaren arabera, hain zuzen.
Garrantzi berezia eman diegu, bestalde, aginpideak lurraldeka antolatzeari
nahiz fenomeno horren historikotasunari (aginpidea modu horretara antolatzea
noiz eta zerk eragin zuen eta nolako bizitasuna zuten), eta orobat antolatzen zihoazen
lurralde horien geografiazko aldaketei ere.
Gaur egun Euskal Herria osatzen duen lurraldean bizi ziren komunitateen
barneko gizarte bereizketa eta horien antolaketa are bereiziago bihurtu ziren
kanpotik etorri ziren beste giza taldeekin (etorkinekin, asentamenduekin, inbasioekin),
izan ziren aldaketa ekonomikoekin (laborantza eta merkataritza sartzearekin…),
sortu ziren produkzio harremanekin eta sartu ziren sinismen, balio
eta arau berriekin. Geografiaz ere nahikoa leku estratejikoan kokatua dagoenez,
Europan eta Espainiako Penintsulan indar jakin batzuk nagusitzean eragin handia
izan dute gizarteko egitura horien gain.
Laburtuz, historiako une batean edo bestean eragina izan zuten faktore batzuek
antolaketa mailan ere modu berrietara egokitzera behartu zuten gizartea,
gauza batzuetan aldatuz eta besteetan lehengoan iraunez, leinukako eta ahaidetasunezko
(odol bereko izateraen) antolaketatik eskualdekako eta lurraldekako,
estamentuzko, korporaziozko antolaketa politikora aldatu behar izan zuen, norbanakoaren
partehartzean, ordezkaritzan eta hitzarmenezko aginpidean oinarritzen
zen gizarte motara, alegia.
Egilea
Rafael Lopez Atxurra
Historian doktore.
Giza Zientzietako didaktikako irakasle
tituludun. “Historia de Euskal Herria”
liburuaren idazlekide (1980). “Historia,
zientzia sozialak eta hezkuntza” (1987).
Historiografiari eta eskolako liburuei
buruzko artikuluak.
Foru sistema: antolaketa anitza
Gaur Euskal Herria osatzen duten eskualdeek, Ebro ibaitik Aturrira bitarteko lurraldekoek,
ez dute, Nafarroako errege Antso Handiaren garaian ez bada, politika
mailan bat egin izan. Baizik eta, Erdi Aroan nola Aro modernoan, zeinek
bere erritmo historikoaren arabera lotu eta sendotu zituzten beren arteko loturak,
eta orobat egin zuten gero Errejimen Zaharreko monarkiei egokitzerakoan
ere. Guztiaz ere ez zuen horrek, provincias exentas zeritzatenek edo foruen arabera
zuzentzen ziren haiek, bi hitz horiek adierazten duten bezala, inguruko lurraldeetatik
bereiziko zituen nortasun politiko edo kulturazkorik izan zezaten
galarazi.
Baskonia izenez ezagutu zen hark nortasun orokor bereziak (foruak eta
erakunde propioak) izateak ez gaitzala, hala ere, entitate haren politika nahiz
instituzioak, hartzen zuen lurraldean ez baina, funtsean bahintzat, beste lurralde
batzuetan oinarritzen zirela edo ardatza haietan zutela ahaztera eraman. Horrela,
zenbait faktore konplexu heterogeneok barne egituraz, eraginez eta ahalmenez
ere nahikoa desberdinak ziren beste hainbeste aginpide eremu sortu zituen; horietan
goreneko maila Nafarroako erresumak iritsi zuen.
Aginpidegune horiek ez zuten batasun politikorik, ez geografia mailan ez gizarte
mailan, zegozkien lurraldeak eta zituzten ahalmenak ere zehatz mugatu gabe
baitzeuden. Ohikoena, beraz, aginpideguneak elkarren lehian ibiltzea eta zein
bestearen sailean sartzea zen, eta sendotuak zeuden aginpide eremuak aldentzeko
joerak ere aldiro sortzen ziren. Araudien eskumenak berak ere ez zuen lurralde
jakinik izan ohi. Jurisdikzioari zegokionez, Bizkaiko jaurerria, esate baterako,
bi aldetan banatua zegoen; Lur Laua zegoen alde batetik eta Hiribilduak bestetik.
Eta Bizkaiko foruaren eskumena, berriz, ez zen lurralde horretara mugatzen,
baizik, Kantabriako zenbait lekutan (Castron, Limpias-en eta Colindres-en), Arabakoren
batean (Valderejoko bailaran) eta Gaztela Zaharreko beste zenbait lekutan
(Peña izeneko mendien eta Telsa-Moneo, Oteo eta Momediano mendien artekoetan)
ere bazuen lege indarra. Azkeneko herri horiek EnkartazioetakoUrrestietako batzarretara bidaltzen zituzten ordezkariak. Arabako hermandadeak,
aldiz, taldeka antolatuak zeuden, baina horietako batzuen eskumena ez zen eskualde
jakin batera mugatzen, baina ez zen zegokion eskualde hartan guztian
baliozkoa ere. Jaurerri batek ere, lurralde horretan, hermandade bat edo gehiago
har zitzakeen bere barnean; beste kasu batzuetan, berriz, jaurerri eta jaun bat
baino gehiagoren jurisdikzioek zuten eskumena hermandade berean. Jaurerrien
(elizako nahiz nobleziakoen) mendelurrak ere ez ziren, kasu askotan, gaur probintzia
gisa ezagutzen ditugun lurraldeetara mugatzen; Oñatiko kondeak esate
baterako, Gipuzkoan eta Araban zituen sailak. Eliz barrutiek ere hori bera egiten
zuten, baina horiek lur eremu homogeneoagoak osatu ohi zituzten normalean.
Gaur egun Euskal Herria osatzen duten herrialdeak erakunde jakin batzuen
arabera funtzionatzen hastea eta horiek elkarrekin gero eta harreman handiagoak
izatea ez da historiaz eta denboraz kanpo gertatutako gauza, historian zehar
hori lortzeko egin zen lanaren fruitua eta organizazio (sozial nahiz politiko)
mailan bildutako esperientzien ondorioa baizik. Lan horretan eragin handia izan
zuten une batean edo bestean kontrajarriak egon ziren aginpideguneen interesek,
izan ziren ikuspegi desberdinen arteko lehiak eta sortzen ziren tirabirak hala
edo hola erabaki izanak, e.a., labur esateko, garaian garaiko belaunaldiek bizi
behar izan zituzten gertakizunen aurrean hartu zituzten erabakiek.
Esan bezala, aginpidegune politikoen ezaugarria ez zen homogeneo izatea,
estatua sortu aurreko aginpideen antzekoak izatea baizik, bai jurisdikzio mailan
eta bai erakunde mailan. Ez aginpideguneek ez jurisdikzioek ez zuten konpetentzia
kontuan eredu jakinik, bakoitzak bere erakundeak, bere zuzenbidea, bere
justizia eta bere zerga sistema zituzten. Horrela, berez lurralde osoan erro bera,
“lurra” (“laua” “zabala”), zuen jurisdikzioari, ohituren araberako zuzenbidean oinarritzen
zenari eta orobat instituzio mailan ere funtzionatzeko zenbait modu eragin
zituenari, bere jurisdikzio propioak zituen beste aginpidegune eta zuzenbide
batzuk bildu zitzaizkion gainera. Erregeak edo jaunen batek sortutako Hiribilduek,
lehen Zuzenbide berekia (Erromatarren Zuzenbidetik hartua) zutenek erregearen
edo jaunen baten jurisdikzioa hartzen zuten, adibidez. Edo lurralde batzuen
barneko –Arabako eta Nafarroako eta Iparraldeko hiruetako– Jaurerrietan
zegoen jaunak zuen justizia egiteko eskubidea eta hark izendatzen zituen alkateak
eta epaileak. Elizak ere, berriz, bere barrutietarako eta gainerako eskualdeetarako
arauak zituenez, ez zion jurisdikzio politikoari ezertan jarraitzen. Eta
halaber korporazioek (gremioek, kofradiek), horiek ere bazituzten beren aginpide
eremuak; Bilboko Kontsulatuak, esate baterako, esku handia zuen mendeko
komunitatearen gain.
Eta legedi nahiz aginpidegune sare horren ondoan erakunde publikoak zeuden,
giza elkarte osoa ordezkatzen zutenak hauek. Horiek lurralde historikoak,
zeinek berea, zituzten jurisdikzio barrutiak, baina ahalegintzen ziren gune berean
elkartzen ziren beste aginpideguneei gaina hartzen ere. Jurisdikzio mailako
tirabira horiek ere foru erakundeen Historiako parte bihurtuko dira beraz.
Esan diren horien guztien gainean, era batera edo bestera ordezkaturik, Erregea
zegoen, lurralde batzuetan jaun titulua zuela, besteetan errege titulua zuela.
Erregeak ordezkari bat izendatzen zuen lurralde bakoitzeko erakundeen aurrerako,
eta foru lurraldeetako ordezkarien zerrendan sartuak zeuden horiek ere;
Nafarroan erregeorde esaten zitzaien, Bizkaian eta Gipuzkoa, korrejidore; Lapurdin
baile; Behe Nafarroan eta Zuberoan, kapitain-alkaide eta Araban, diputadu
nagusi. Modu askotako eginkizunak zituzten ordezkari horiek, hala administrazioko
sailean nola epaiketakoan. Lurralde horietako erakundeak eta legediak
Erregetzari zerizkionekin uztartu beharrak, alde bateko eta besteko interes asko
jartzen zituen elkarren lehian, batez ere batzuk besteekin topo egiten zutenean.
Guztiaz ere bi gauzak zuten nagusitasuna: a) Foru lurraldeetako komunitateekzegoen erregea errege zutela aitortzeak eta hura arbitrotzat hartzeak, eta b) erregeak
ere komunitate bakoitzeko erakundeak eta legeak (Foru zuzenbidea) aintzat
hartzeak. Bi aldeen artean egindako hitzarmenezko ituna eta zeinek besteari
zituen konpetentziak aitortzea daude, askotan konponketa gaiztoa izan zuten
arren, Foru erakundeak indartuz joatearen azpian. Nafarroako erresumak eta Foru
lurraldeek “foru pasea” eta “foru baimena” erabiltzen zituzten Erregeak Foruen
kontrako erabakiren bat har zezan galarazteko.
Lurraldeen eraketa politikoa
Zenbat eta XV. mendera hurbilago orduan eta erakunde nahiz politika lotura estuagoa
dute gaur Euskal Herria osatzen duten lurraldeetako giza taldeek eta lurraldeek
berek. Zeuden elkarte geografiko nahiz ekonomikoak (bailarak, herrialdeak,
merindadeak e.a.), biztanleguneak, hirietakoak (hirbilduak) nahiz
nekazaritza girokoak (elizateak, parrokiak, hermandadeak, herriak e.a.) antolakuntza
politiko zabalagoetan (Nafarroako erresuma, Bizkaiko jaurerria, Lapurdiko
bizkonderria e.a.) bildu ziren Erdi Aroan zehar.
Herrialde horiek arrazoi askorengatik sortu eta eratu ziren. Azpimarragarienak
hauek dira: a) lurraldeek zituztenez gainera beste eskualde batzuk konkistatu
edo haietatik batzuk galdu izan zituztelako; b) maiorazkotzaren edo antzeko instituzioren
baten bidez eskualde bat beste erakunde politiko bati lotu zitzaiolako;
c) biztanleguneren bati bere foru edo araudi berezia egiteko eskubidea eman
zitzaiola bide han sortzen zen aginpidearen inguruan lurralde banaketa berria
egin zelako; d) aginpide politikoa lekuka (parrokiatan, herritan, merindadetan,
taldetan, hermandadetan edo probintziatan) antolatzeak erakunde horiei indar
handiagoa eman eta leinukako antolamenduari indarra kendu ziolako; e) aginpide
hertsatzaileak eta herrialdeen araberako justiziak, lurraldekako zuzenbide idatzian
finkatu zenak lehentasuna hartzean, bortxazaleek edo ahaide nagusiei lotuta
zeuden taldeek “beren justizia” egiteko ahalmena galdu zutelako; f)
herrialdeen barneko aginpidegune desberdinen eta erregearen edo leku bakoitzeko
jaunen arteko loturak eta harremanak sendotuz joan zirelako; g) herrialde
politikoen barneko korporazio edo elkarteek beren artean hitzarmenak egin zituztelako;
h) ohiturazko zuzenbidea, foruak eta pribilejioak, Batzarretako edo
Gorteetako akordioak, errege zedulak edo Kantzilerietako eta Epaitegietako foru
edo jurisprudentzia ordenamenduari buruzko probisio dokumentuak bildu zirelako
eta erregearen onespena izan zutelako…; horrek guztiak osatzen zuen herrialdeetako
lege araudien armazoia, “Foruak” izenez ezagutu izan dena. Foru
horiek giza harremanetako maila guztietara hedatu ziren gero, pixkana-pixkana,
hasi “jendearen ekonomia morala” (economía moral de la multitud) deritzaion
horretatik –gizonek elkarrekiko dituzten betekizunak, guztien ongiari buruzko
iritziak, hornidurak e.a. barne hartzen dituen eta ohiturazko zuzenbidea osatzen
duen horretatik– eta idatzizko ordenamendu juridiko eta instituzioetako organoetaraino
alegia. Gizarte eta ekonomia egitura jakin batzuek sortarazten dute
foru sistema hori eta horrek, gainegiturako instituzioak. Egitura-gainegitura horiek
batasun organiko bat osatzen zuten eta bata eta bestea elkarren eragineko
eta orobat elkarren mendeko ziren.
Erdi Aroko egitura sozio-politikoa leinuek eta jaunek gizartean zuten eraginean
oinarriturik zegoenaren lekua oina munizipioetan eta probintzietan zuen
beste egitura batek hartu izanak ez du esan nahi horregatik gorago deskribatu
den ordenamendu anitz horrek iraun ez zuenik, zeren ordenamendu zaharreko
elementuei berriak egokituta sortu baitzen ondorengoa.
Luzea izan zen (XIV-XVII. mende bitartean) foruen araberako erakunde politikoen
eratze prozesua, zeinek bere erritmoari eta erari jarraitu baitzion lan horretan;
Bizkaikoen sorrera, esate baterako, zegoen gogorkeriak eta giro horrekeragin zuen zatiketak atzeratu zuten. Nafarroako erresuma gainerako lurraldeak
baino lehenago iritsi zen antolaketa berri konplexuago eta zehatzago hori izatera.
Zuen nortasunak eta ziren estamentuak elkarrekin uztartzen jakin izanak eman
zion horretarako bidea.
Gaur herrialde gisa ezagutzen ditugun beste elkarte politikoak bakoitza bere
Hermandadearen inguruan bildu ziren, garaia iritsi zitzaienean, XIV. mendearen
azkenaldean-edo, ordukoak baitira hermandadeei buruzko aipamenik zaharrenak.
Herriko jendeak eta beren buruak defenditzeko (aurrena gaizkileengandik
eta gero ahaide nagusiengandik) sortu zituen hermandadeak; gero erakunde
politiko bihurtu eta lurraldekako (gaurko probintziak) egitura hartu zuten, XIV.. endearen azkena eta XVII. mendearen hasiera bitartean hori.
Herrialdeek funtzionatzeko legedi bat behar zutenez, hermandadeen koaderno
edo ordenantza idatziak hartu zituzten erreferentzia gisa; guztiaz ere, Zuzenbide
penalaz gehiago baliatu ziren aurrenean. Foru Zuzenbidea (pribatu nahiz publikoa)
osatu eta zehaztu egin zuten, halaber, ohiko zuzenbidea edo costumes
zeritzatenak, hobekuntzak eta laidoen ondorioak konpontzeko arauak idazteak,
eta usadioak eta ohiturak, errege zedulak eta Batzarretan onartutako ordenantzak
nahiz legeak bildu izanak; foru Zuzenbide horrek ez zuen, noski, eragin
bera izan herrialde guztietan. Baina, eguneroko bizitza eta instituzioetako saila
ere usadio edo ohituren arabera zuzendu izan zenez, foru Zuzenbidearen alde
hori idatzi gabe zegoen. Beraz, kontsultagile ezezik sindiku eta probintziako
guraso ere izan beharra zeukaten, eta instituzio eta hastapenetako administrazio
uste baino konplexuago zen haiek zuten bidetik ez okertzeko ardura zuten. Lehen
diputatu orokor izandakoak, beraz, gobernuko gorabeherak ondo ezagutzen
zituztenak egiten zituzten probintziako guraso. Normala zen, bada, horiei
aholku eskatzea eta horiek gobernuko zenbait erakundetan (Batzarretan, Errejimenduetan,
Diputazioetan), botorik gabe baina, parte hartzea.
Bai herriak herriekin bai biztanle multzoak aginpidegune politikoekin, federazio
modura bildu eta elkartu ziren batzuk besteekin. Hala auzietan parte hartzeko
zuzeneko bideak zituzten herrikako elkarteetan eta maila apalagoko biztanleguneetan
nola hedadura handiagoko elkartasun politikoetan (erreinu, jaurerri,
bizkonderri, probintzia eta hermandadeetan), lurrez ezezik instituzio eta gizarte
mailan ere erakunde zabalagoetan biltzeko joera nabaria izan zen (Erresumako
Gorteak –Nafarroan–, Batzar Nagusiak –Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian–, Biltzarra
–Lapurdin–, Estatuak –Nafarroa Beherean–, Cort d’Ordre –Zuberoan).
Erakundeen arteko zenbait tirabirak konpondu gabe jarraitzetik, ordena politiko
berria bideratzeko guztiak iritzi berdineko ez izatetik eta lan horretan giza
talde eta herrialde batzuk bazterrera utzi izanetik etorri zitzaizkion Errejimen
Zaharrari zenbait liskar.
Foru erakundeetan parte hartzeko eta horietarako ordezkariak aukeratzeko moduak
Korporazioetan zela beste zeinahi erakundeetan zela, herrietatik hasita lurralde
politikoetako goreneko erakundeetara mailan mailako batzarren bidez funtzionatzen
zuen Foru sistemako instituzio sareak.
• Lekuan lekuko erakundeak
Biztanlegune bakoitzak, nahiz hirietakoek (hiriak berak) nahiz nekazari girokoek
(elizateak, kofradiak, parrokiak e.a.) bere erara antolatzen zuten aginpidea;
horretarako bideak udaletxeak, batzarrak, biltzarrak, kontzejuak edo hermandadeen
batzarrak (Araban) izan ohi ziren. Herrialde bakoitzeko instituzio
orokorrak eta erregearen zenbait ofizialek (korrejidoreak, baileak…) bazuen, hala
ere, erakunde horiek babesteko noski, baina begiratzeko eta ikuskatzeko ereahalmena. Hiribilduak zein bere foruaz eta ordenantza bereziez baliatzen ziren
administrazioa bideratzeko, nekazari giroko herriguneak, berriz, ohiko zuzenbidea
eta ordenantza idatziak erabiltzen zituzten.
Lekuan lekuko erakunde horietan herriak, etxeko jaunak (edo etxeko andreek
hala erabakita zegoenetan) batzar edo kontzeju irekietara joanez hartzen zuen
parte, bai ohiko zuzenbidearen arabera moldatzen zirenetan eta bai ordenantzen
eta herri gutunen arabera moldatzen zirenetan; izan ere, hasieran behintzat
etxeko jaun edo andre guztiak joaten baitziren bilera horietara. Komeni da, hala
ere, xehetasun batzuk eranstea horretan, zeren alde handi samarrak baitzeuden
leku batzuetatik besteetara. Herri batzuetako jendeak (“lur lau” zeritzatenetakoak),
herria hiribildu jakin baten lege barruti edo jurisdikzioko izan arren, ez zuen hiribildukoen
ahalmen guztirik batzarretan, Tolosako lege barrutiko nekazari giroko
herrietakoek ez zuten, esate baterako, hiri horretako hautetsi izateko eskubiderik.
Ez zen hala ere, Gipuzkoa osoan horrela gertatzen; Azkoitin eta
Eibarren, adibidez, hiritarrak eta nekazari girokoak txandaka izaten baitziren herriko
gizon. Nafarroako eta Arabako jaurrerietan, aldiz, gero ere “batzar banatan
hautatzen zituzten alkateak eta hidalgoen eta herrien agintariak.” Iruñeko hiriaren
historia bere berfundazioaren eredu da. Iruñeko hiria hiru biztanlegune eta
hiru jurisdikziotan (Nabarreriakoa, San Zernin hirigunekoa eta San Nikolas biztanle
gunekoa) banatua zegoen; horien artean izan ziren tirabira eta borrokak
1423ko Batasunaren Pribilejio izeneko gutunarekin bukatu ziren. Hiriaren fundazio
gutun hori zela bide, udaletxe batean bildu ziren hiru biztanleguneak, eta
handik aurrera, biztanlegune bakoitzak proportzioz zegozkion ordezkariak hautatu
zituen udaletxerako.
Historiak aurrera egin ahala (XVIII. mendean, batez ere), hiri eta hiribilduetako
biztanleria handituz joan zen, administrazioa konplexuago bihurtuz eta gizatalde
batzuk besteei gaina hartuz; hori zela eta kontzejuak kontzeju itxi bihurtu ziren eta jende gutxiagok hartu zuen horietan parte. Nafarroan, hautetsiak
zenbat hala, hogeiko, hamabosteko edo hamaikako zeritzaten kontzeju itxi horiei.
Kontzeju itxien eredua 500 biztanletik gorako herri guztietara zabaldu zen
794an.
Millakodun edo dukat kopuru jakin baten jabe izan behar zuen hautetsi izan
nahi zuenak; hori zen baldintzetako bat. Horrek aginpidean parte hartzeko eskubidea
zutenen kopurua gutxitzea eta aginpidea oligarkiaren eskuetara aldatzea
eragin zuen. Dena den, parte hartzeko baldintzak, zenbat millako izan e.a.,
ez ziren Nafarroako alde guztietan berdinak.• Lurraldeetako batzarrak
Aipatu diren erakunde horiez aparte, hau da, lekuan lekukoez eta orokorrez
aparte, bazeuden geografia nahiz administrazio mailan bien arteko hedadura
zutenak ere, Erdi Aroan sortuak batzuk, geroagokoak besteak. Erakunde horiek,
bailarak, merindadeak, taldeak, degeriak, e.a. herrialdeka antolatuak zeuden eta
batzarren bidez konpontzen zituzten arauz egitea zegozkien auziak.
Herrialdekako batzar horiek garrantzi handia izan zuten horietan bizi ziren
biztanleentzat; batzar horiei noiz arte eutsi izan zitzaien ikusteak adierazten du
hori argien. Iparraldeko batzuk XVIII. mendearen bukaeran desagertu ziren; beste
batzuek XIX. mendea arte iraun zuten, eta XX. mendea arte, beste zenbaitek.
Taldeen Batzarrek eragin handia izan zuten Araban. Talde horien administrazio
egituraz baliatu ziren Arabako erakunde publikoak jendeak probintziako instituzioetan
nola modu orekatuan parte hartu erabakitzeko orduan. Hermandadeak
sei taldetan banatuta zeudenez, tirabira gutxiago izan zen probintziako
zenbait kargu talde ematerakoan, taldeka eta txandatuz banatu izan baitziren
horiek. Bizkaiko Jaurerrian ere nahikoa eragin handia izan zuten Merindadeetako
Batzarrek, Erdi Aroan behintzat. Aro Modernoa bitartean ere (1876 arte) bizirik
iraun zuten Durangoko Merindadeko Batzarrek eta Enkartazioetako Urreztietakoak.
Enkartazioetako eskualdea Bizkaiko jaurerrian sartu zen arte iraun zuen
azkeneko horrek, XIX. mendearen hasiera arte, alegia. Bizkaian ere, erakunde
publikoak merindadeez baliatu ziren lurraldeak horietan parte hartzeko modua
bideratzerako orduan. Batzarretako hainbat komisio merindadeka egin izan zen,
esate baterako. Barruti horietatik Merindadeen Batzar Nagusia sortu zen gero.
Iparraldeari dagokionez, Zuberoa deganerietan eta deganerien Biltzarretan antolatua zegoen; Nafarroa Beherean, berriz, eskualde bakoitzak zituen bere Gorte
Orokorrak. Nafarroa Garaiko Pirinio aldeak ere (Zaraitzuko harana, Aezkoakoa
eta Erronkarikoa), aldi batez behintzat, Gorte Orokorren bidez funtzionatu zuen.
Gipuzkoa, aldiz, bailarakako Batzarretan banatua zegoen Behe Erdi Aroan; Leinzkoa
zen horietako bat. Behe Erdi Aroaz gero, ordea, lurraldekako batzarrik ez
zen izan lurralde horretan. Banaketa horrek izan zuen gerokoetan ere bere eragina,
hain zuzen ere, lehen Batzar Nagusiak izan ziren lekuetan sortu baitziren
hiribilduak. Erakunde nagusiek bilerak egiteko leku finkorik ez izatea da Gipuzkoaren
garai horretako ezaugarririk deigarrieneteko bat. Hemezortzi leku
desberdinetan bildu ohi ziren horiek, eta herrialdea bera lau justizia barrutitan
banatua zegoen; Donostia, Tolosa, Azpeitia eta Bergara ziren barruti horietako
hiri nagusiak. Nafarroako instituzio orokorrek ere ez zuten biltzeko leku finkorik.
Merindadeetako herri nagusietan bildu ohi ziren horiek, baina ez txandahurren
jakin bati jarraituz. Iruñea gainerakoak baino sarriagotan aukeratu izan
zuten bilerak egiteko.• Erakunde nagusiak
Ez zuten erdiko eta beheko mailako elkarte politikoek, ez gizarteko beste taldeek
beti eta era berean parte hartu izan erakunde orokorretan (Batzarretan,
Gorteetan, Biltzarretan, e.a.). Kostaldeko herrialdeetako Batzarretan (Bizkaian,
Gipuzkoan eta Lapurdin), kleroak eta nobleziak ez zuten ordezkaririk, adibidez;
horrek ez du esan nahi udaletxeetan eta erakunde orokorretan beretan eraginik
izan ez zutenik, ez zenbait kargu ofizialetara ezin iritsi zirenik ere; Lapurdiko
baile kargua Senpereko Jaunak herentziaz hartzen zuen, esate baterako.
Zuberoako, Nafarroa Garaiko eta Behereko kleroak eta nobleziak bai, hartzen
zuten instituzio orokorretan parte, eta estamentu edo adar horiek zeinek
bere aldetik ematen zuen botoa. Bizilekuz ez zegokien eskualdeetako Gorte
Orokorretara ere joaten ziren Nafarroa Behereko nobleak, baina horietan botoa
emateko eskubiderik ez zuten 1775 arte izan.
Araba jaurerritan eta erregearen mendeko lurraldetan banatua zegoen, batzuek
eta besteek jurisdikzio derberdina zuten eta beraz, behe mailako estatuak
eta nobleziak leku batzuetan zuten Batzarretara ordezkariak bidaltzeko eskubidea.
Erakunde nagusien osakerak berak erakusten du zeinen makal eratu ziren
eta politiko nahiz instituzio mailan zein hutsune izan zituzten. Horrela, Gipuzkoako
eta Nafarroako hiribilduek, esate baterako, ikaragarrizko indarra zuten
erakunde orokorretan, eta nekazaritza giroko zenbait herrigune txikik (Gipuzkoan)
eta nortasun handi samarreko zenbait bailarak (Erronkarin, adibide bat
jartzearren) ez zuten horietan parte hartzeko eskubiderik ere.
Erakunde horietan sarrerarik ez zuten bailarak (Nafarroakoak) unibertsitateen
bidetik saiatu ziren. Iruñea eta Lizarrako haranetako merindadeek ere horixe bera
egin zuten. XVI. mendean ere egin zituzten ordezkaririk ez zutenek antzeko saioak;
ordezkaririk ez zutenak armagizonen arteko jaunez, izendatzen hasi berriak
zirenez baliatu ziren orduan, beren iteresak defenditzeko.
Nafarroako Gorteetan hiru estamentuek (elizgizonek, nobleek eta hiriek) zituzten
ordezkariak, baina erakunde horri bizitasuna merkataritzako sektoreko
ordezkariek eman zioten, XVII. mendetik aurrera, batez ere. Ez zuten estamentu
guztiek ordezkari kopuru bera Gorte horietan; elizgizonek bederatzi ordezkari
zituzten, esate baterako, eta armagizonek, “leinuburu armarridunek” eta hidalgo
armarrigabeek ehundik gora; baina Gorteetara joan, gutxi joaten ziren. Unibertsitateen
adarrean 38 hirik zuten ordezkariak bidaltzeko eskubidea. Joan zitezkeenen
kopurua nahikoa handia zen, baina gutxi joaten ziren batzarretara.Bizkaiak ez zion besteen ereduari jarraitu ordezkariak aukeratze kontuan;
“gainerako herrialdeen ondoan hiribilduei ordezkari gutxi zegozkien lurralde
horretan, 100 ordezkaritatik 21 hain zuzen. Bestalde, lurralde horretan gehiengoa
nekazari giroko erakundeen ordezkariek zuten Batzar Orokorretan gehiengoa,
eta askorengatik eduki ere. Hala ere Lur Lauetako zenbait herrigunek ez
zuen, harik eta horren alde gogor borrokatu ondoren, XVII. mendean zuten asmoa
lortu zuten arte, Batzar Orokor horietan parte hartzeko eskubiderik izan.
Lortu zutenean ere ez ziren herrigune guztiak sartu. Nekazari giroko erakundeen
ordezkariek indar handia zuten Arabako Batzarretan ere.
Gaur euskal lurraldeetako hiriburu gisa ezagutzen ditugunak gero eta indar
handiagoa hartuz joan ziren, eta zuten hura erakutsi egin zuten, gainera. Horietan
bizi zen biztanle kopuruak eta zuten indar ekonomikoak bezala kanpotik
(alde bateko eta besteko erregek) eskaini zieten laguntzak ere (beste hainbat
faktoreen artean) eragin handia izan zuten lan horretan, baina bai, halaber, garaian
garaiko gertaldi politikoek ere. Baiona eta Maule bakarrik geratu ziren berez
zegozkien herrialdeetatik kanpora, eta zegozkien arazoak ere ordenantza
propioen bidez konpondu izan zituzten horiek.• Hautesleen mandatua nagusi, erakunde orokorrek lehentasuna
Hautesleen eskubidea ez zen gobernuko erakundeetan ordezkatuko zituzten
mandatariak aukeratzera mugatzen, hauek hartu edo ontzat eman behar zituzten
erabakien gain ere kontrol handia zuten horiek. Zituzten ahalmenak hautesleek
emanak zituzten mandatariek (aginduzko mandatua), eta ezin zuten erabakirik
edo batzarrak aurreratutako xedapenik haien baimenik gabe onartu. Hori zen
erankunde publikoen funtzionatzeko eraren ezaugarrietako bat, eta Iparraldean
behintzat garbi aplikatu izan zen. Nafarroa Garaian, berriz, ez zen eredu jakinik,
mandatariek zuten eskua nahiko desberdina baitzen alde batzuetan eta besteetan.
Leku batzuetan auzi jakin baterako ematen zieten ahalmena eta beste batzuetan
auzi guztietarakoa. Dena den, Gorteak denbora gutxian egon ziren kontrol
mota horren mende, laster hasi ziren ahalmen guztia berentzat eskatzen.
Bizkaian ere Kontzejuen eskutik zetozkien ordezkariei beren esku zituzten ahalmenak;
baina 1732an, “herriek (Républicas) ez ziezaiotela aukeratzen zituzten
mandatariei ahalmen kontuan inolako mugarik ezarri” erabaki zuen Batzarrak.
Araban eta Gipuzkoan (Gipuzkoan batez ere), Batzarrak ez zien ordezkariei aginduzko
mandaturik eta aukeratu zituztenei kontsulta egiterik ere onartu izan. Erabaki
larriren bat hartu behar zenean bakarrik (forua aldatu e.a.) izaten zuten “herria kontsultatzeko” eskubidea; gisako kasuetan, “auzia altxa” eta hurrengo Batzarrean
erabakitzeko utzi ohi zen. Dena den, gehiengoak erabaki bat onartzen
zuenean, erakunde nagusi horren (Batzar, Gorte e.a.) mendeko lege barruti osoan
bete behar izaten zen, eta ez betetzeak bazuen bere zigorra.
Erakunde nagusi horietan bi joera nabari izan ziren: erakunde autonomoen
(hirbilduetakoen, bailaretakoen e.a.) joera zutenena eta herrialdea bateratzeko
mekanismoak sortzearen aldeko edo Batzarretan hartzen ziren erabakiak herrialde
osoan betearaztearen aldekoena. Nafarroako Gorteak ere, Erdi Aroan, 1330eko
Foru Hobekuntzan eta 1417ko Erriberriko Gorteetan, agertutako legedia bateratzeko
asmoak bere eginik, zegoen zuzenbidea erresuma osora zabaltzen saiatu
ziren XVI. mendean. Erakunde nagusi horiek bazituzten, bestalde, beren foru
legedia babesteko eta zegokion lurraldean betearazteko arduradunak; erakunde
nagusiak arduradun horiez baliatu ziren, legeak betearazteko ordenantzak sortzea
bultzatuz eta lekuan lekuko agintariak ordenantza horiek betearazten inplikatuz,
instituzio publikoak osatzen zituzten kideei lehentasuna erakunde publikoek
zutela adierazteko.
• Korporazio Batzarrak
Errejimen Zaharreko gizartearen antolatzeko eretako bat korporazioa zen; zituzten
Batzarretan zetzan erakunde horien indarra. Korporazio Batzarrik ezagunenak,
besteak beste, Bilboko eta Donostiako Merkatarien Kontsuletxeen Batzarrak,
Baionako Almirantegoa, Kantauri aldeko herrietako itsasgizonen Kofradien
Batzarrak, Bikariotzaren Batzarra eta Ola nagusietako Jabeen eta Bizkaiko Jaurerriko
Batzarra ziren. Azkeneko horrek, XVII. mendetik aurrera Amorebietan edo
Bilbon egiten zituen bilerak, normalean behintzat, eta han izaten ziren garaian
garaiko korrejidorea eta diputatu nagusia, sektoreko auzien berri jakitera joanda.• Herrialdeetako instituzio nagusien ordezkotza organoak
Herrialdeetako instituzio publikoek beren ordezkotza egiteko sortu zituzten
erakundeek ere zeregin handia izan zuten herriak eta elkarteak, hots, gizartea
zegokion lurraldean eta zituen erakunde orokorretan integratze lanean; zuzendaritza
murritza eta taldekoa zuten erakunde berri horiek. Erakunde horietako
ordezkarien hautaketan zuzenbidez komunitate politiko bakoitzeko kide zen
guztiak hartu behar zuen parte. Baina erakundeak berak aurkitu behar zuen hartzen
zituen eskualdeetako biztanleguneak edo, estamentuz osatutako erakundea
bazen, estamentuak modu orekatuan ordezkatzeko modua ere. Horiek martxan
jarri zirenean-eta eragin handiagoa izan zuten erakunde nagusiek ere. Ez hala
ere, horietako bakoitzak bere zeregina hartu edo funtzioak hobeto banatu zirelako,
erakunde nagusiek komisioak edo “aholkulari taldeak” sortu eta eskuartean
zerabiltzaten auziak beste batzuen gain utzi ahal izan zituztelako baizik.
Horrela bada, Batzarrak eta Gorteak sarriago bildu ezinak (bilera horiei zerraizkion
gastuengatik) sortu ohi zituen okerrak, auzi pilak erabaki gabe geratzea e.a.,
ordezko beste erakunde batzuen bidez zuzendu ahal izan zituzten erakunde nagusiek;
hain zuzen ere, Diputazioen bidez, XV. mendearen bukaera eta XVI. mendeaz
gero, bitarte horretan sortu baitziren. Batzar batetik edo Gorteetako bilera
batetik bestera bitarteko gobernuko lanak horiek bete ohi zituzten.
Nafarroan, sei diputatu biltzen ziren 1569an, estamentu bakoitzetik bi; baina
diputatuen kopurua ez zen beti seikoa izan, ez estamentuak ordezkatzeko ere
hasieran bezalakoa. Unibertsitateak, esate baterako, ez zeuden ezarri zitzaien
ordezkaritza sistemarekin konforme; ordezkarien hautaketa, arauetan zegoen
bezala lau merindadeetako herriburuetakoen artean ez baino unibertsitate guztietakoen
artean egin ahal izatea eskatzen zuten horiek. XVIII. mendearen erdialdera
aitortu zitzaien horretarako eskubidea.
Gipuzkoako ohiko Diputazioa lau kidek osatzen zuen: korrejidoreari txandaren
arabera bizitzea zegokion hiribildukoak edo nola-hala horri lotuak zeudenak
ziren laurak. Diputazio bereizia, aldiz, hamaika kidek osatzen zuen, gorago esan
diren lau horiek, beste hiru txanda-herrietako banak eta lau justizia barrutietako
banak (Gipuzkoa lau barrutitan banatua zegoen). Gipuzkoan horrela bideratu
zuten lurralde ordezkaritza.
Hori baino konplexuagoa zen Bizkaiko Diputaziokoa, 1487az gero instituzioak
zatiturik zeudelako hain zuen. Errejimendu Orokorra ere, zegoenera moldatu
zen sortze beretik (1500), eta Jaurerri horretan ziren lurralde eta jurisdikzio banaketa
hartu zituen oinarri: a) Lur Lauetako Errejimendua, b) Hiribilduetako eta
Urduñako Errejimendua, c) Lur Lauetako, hiribilduetako eta Urduñako Errejimendua,
d) Lur Lauetako, hirbilduetako, Enkartazioetako eta Durangoko Merindadeko
Errejimendua. 1566an, Errejimendu Berezia sortu zen, eta horrek ere aurrekoaren
egitura berbera hartu zuen. 1630ean, zegoen instituzio sare hori murriztea
lortu zutenean, Errejimendu Bereziari (zazpi kidek osatzen zuten hori) aldatu egin
zioten izena; handik aurrera (1645) Diputazio Nagusia deitu zioten. Errejimendu
Orokorra 1611z gero Gobernu Unibertsala deitua, hemeretzi kidek osatzen zuten;
lurraldean ziren Batzarrek izendatutako hamabi errejidorek eta Diputazioko
zazpi kidek, alegia.
Arabako Diputazio Orokorrean, pertsona bakarraren gain zegoen aginpidea,
diputatu nagusiaren gain; zazpi hauteslek aukeratzen zuten hori, ziren zazpi taldeetako
(cuadrilla) ordezkariek alegia. Horiek aukeratzen zuten diputatu nagusirik
ez zen aldietarako ordezkoa ere. Diputatu nagusiari kontseilariek eta bi idazkarik
laguntzen zioten gobernuko lanetan. Baina, erabaki beharreko gaiak
garrantzi handia bazuen, eta horren arabera, probintziako gurasoei (lehen diputatu
nagusi izandakoei), Batzar Bereziari eta Batzar Nagusiari berari ere beste
guztien ondoren eska ziezaiekeen laguntza.Iparraldean ez zen erakunde nagusien ordezkotzak egiten zituen Diputazio
edo taldeko organorik izan. Hegoaldean diputazioek zuten eginkizuna pertsona
batek, sindikuak bete izan zuen Iparraldean. Pertsona horrek betetzen zuen herrialdeko
komunitatearen ordezkotza, eta horrek betearazten ere zituen Lapurdiko
Biltzarrean edo Zuberoako nahiz Nafarroa Behereko Estatu Orokorretan
hartutako erabakiak. Nafarroa Beherean bazen Diputazio bat ere, baina ez
iraunkorra, auzi berezi batzuetarako eta horiek bideratzeko hautatu ohi ziren
pertsona banakoez osatua baizik.
Diputazioak indartuz joan ziren pixkana-pixkana. Horrek ez du esan nahi
aginpidea hiru sailetan banatua, hots, legeak egitea Batzarren edo Gorteen esku,
epaitzea errejidorearen Epaimahaiaren edo, Nafarroan bezala, Erret Kontseiluaren
esku eta exekutiboa herrialde bakoitzeko Diputazioaren esku zegoenik. Kontrara
baizik, gauza normala zen erakunde edo ardurape berean funtzio edo gai
bat baino gehiago biltzea. Horrela, Nafarroako Erret Kontseiluak adibidez, goian
aipatu diren hiru sailak zituen bere gain. Diputazioak eta korrejidoreak, bestalde,
exekutiboko eta epaiketako funtzioak har zitzaketen. Korrejidorea berez auzi
guztietan sar zitekeen. Erakunde batzuen eta besteen artean konpetentzia kontuan
arazoak izatea ez da harritzekoa, beraz.
Bizkaiko Batzar Nagusiak bere ordezko bi erakunde zituen, Diputazioa eta
Errejimendua, eta bi erakunde horien artean sarri izaten ziren tirabirak. Izan zen,
XVII. mendearen azkenaldean, zeini bere saila ezartzeko saiorik, baina saio alferrak
izan ziren, zeren Bizkaiko Batzar Nagusiak ez baitzituen onartu. Instituzio
Nagusien ordezko erakundeen arteko liskarrak Batzar Nagusiak erabaki behar
izaten zituen, beste guztien gainetik baitzegoen hori.
Instituzioen egiteko guztia ez zen, beraz, bi sailetara, Batzar Nagusiarenera
(erabakiak hartzea) eta Diputazioarenera (hartutako erabakiak betearaztea) mugatzen.
Horiez aparte, erakunde saila zegoen, erabakiak hartzeko gai zena eta
Batzar Nagusien antzera funtzionatzen zuena, zeinek eremu zabalxeagoa, zeinek
estuagoa hartzen zuena. Ikusi dugu, adibidez, nola Arabako Diputazioa zazpi
koadrilen beste hainbat ordezkari bildu zituen herrialde mailako Batzar berezi
batera joan zen. Bizkaiko Merindadeetako Batzar Nagusiak ere lurraldekako
jurisdikzio banaketa horretan oinarritu ziren ordezkaritza era orekatuan bideratzeko;
hiribilduek edo Durangoko merindadeak besteek baino ordezkari gehiago
zituzten, hala ere, lurralde horretako Batzar Nagusietan. Beste batzuetan, garrantzi
handiko edo presako auzirik zenean eta, ohiko ereduari jarraitzen zitzaion
eta Batzar Nagusia zegokion epea baino lehen biltzen zen plenoan. Gipuzkoan,
Batzar berezi zeritzatenak Usarragan (Bidania) eta Basarten (Azkoitian) bildu izan
ziren hasieran, geroago, berriz, garai hartan Azpeitian eta Azkoitian ziren elizetan,
eta 1700dik aurrera, edozein lekutan; ohikoena, hala ere, Diputazioak urte
hartan egoitza zuen hiribilduan biltzea zen. Nafarroa Beherean ere, Batzar Nagusi
zeritzaien Estatu Orokorren bilera bereziei.• Erakunde publikoen egiteko era
Foru erakundeen organizazio sarea anitza zen, osatzen zuten elementuak ere
hainbat aldetatik (korporazioetatik, lurraldekako antolamendutik eta estamentuetatik)
zetozkionez. Instituzio sare horren funtzionatzeko era ere anitza izan
zen, beraz. Estamentuak oso goitik behera antolatuak zeuden herrialdeetan Gorteek
(Nafarroan) eta Estatuen Batzarrek (Nafarroa Beherean eta Zuberoan) ez
zieten osatzen zituzten hiru adarrei beren artean bildu ahal izateko eta elkarlanean
aritzeko eragozpenik jarri. Berdintasunak indar handiagoa zuen herrialdeetan,
Batzar Nagusiek (Biltzarrak) lekukako ordezkaritza hartu zuten oinarri eta
eredu, korporaziozkoa eta lurraldekakoa konbinatzen zituena, alegia. Instituzio
Nagusiek askatasun handia utzi zien, beraz, lurraldeko politikan parte hartzen
zuten elementu eta aginpideguneei. Bizkaiko jaurrerian, esate baterako, ohikoazen “herrietan kontsultak” edo “inkestak” egitea, eta horietan jasotako erantzunek
Batzar Nagusiaren dekretuen balioa izatea gero. Ohikoa zen, halaber, Batzar
Nagusiek kontsuletxe eta gisako beste korporazioei, bien intereseko auziak eztabaidatu
behar zituztenean, bilerara deitzea. Horrela, diputatuek eta korrejidoreak
bazuten Ola Jabeen Bileretara joateko eskubidea, baina bileran esandakoak eta
hartutako erabakiak bildu ere egin behar zituzten Batzar Nagusiek. Merkatarien
Kontsuletxeko Batzarretara ere joan ohi zen korrejidorea. Errejimendu Orokorra,
Diputazioa barnean hartzen zuena, berriz, probintziako gurasoekin, Kontratazio
Etxeko (Kontsuletxea) buruarekin edo Bilboko Hiriko mandatariekin bildu ohi
zen horiei kontsultatzeko. Ohiko gauza zen Diputazioak korporazioetako eskudun
horiekin (portuetakoekin, oletakoekin e.a.) biltzea eta koordinatzea ere.
Bizkaiko jaurerrian bazuten aginpidegune batzuen eta besteen arteko interesak
uztartzeko eta liskarrak konpontzeko beste modu bat ere, konferentzia zeritzana:
Bizkaiko jaurerriaren eta Bilboko Hiriaren artekoak; jaurerriaren, Bilboko
Hiriaren eta Kontsuletxearen artekoak, edo jaurerriaren eta Enkartazioen artekoak.
Erakunde publikoek esan bezala lortu zuten, gutxi asko, herrialde bakoitzeko
elementu desberdinak, sozial mailakoak, nola lurraldeka edo korporazioetan
antolaturik zeudenak komunitatearen barnean integratzea, eta lortu izan ez zutenean
ere aurkitu zuten gutxienez haiekin koordinatzeko edo nolabait konpontzeko
beste moduren bat, zeuden bideetatik kanpora.
Ez ziren, hala ere, arazo eta konponbide txarreko auzi guztiak epaimahaietara
gabe bideratu izan. Epaitegi kontuan azpimarratu beharra dago, Elizak eta
jaunek ere bazituztela bere epaitegi nagusi propioak, eta epaileak bezala epaitegiak,
lurralde bakoitzetik kanpora ere luza zitezkeela. Hala ere, herrialde bakoitzak
zuen bere epaitegi nagusia. Horien artean aipagarriak dira Gorte Nagusia,
Erret Kontseilua, mailarik gorenekoa zena, eta Kontu Ganbara, haziendari zegozkion
auzietarakoa (Nafarroan); korrejidorearen edo korrejidore-diputatuen Entzutegia
(Gipuzkoan eta Bizkaian); hermandadeekiko auziez arduratzen zen epaitegia,
diputadu orokorrak eta horren kontseilariek osatzen zutena (Araban);
Lixarreko Gortea (Zuberoan); Donapaleuko eta Garruzeko Kantzileria (geroago,
Donapaleuko –Nafarroa Behereko– seneskal barrutia izan zena) eta Ustaritzeko
Baileen Gorte edo Epaitegia (Lapurdin). Gorago jo behar zenean, Lapurdiko auziak
Bordeleko Parlamentura eramaten ziren, Nafarroakoak Pauera –esan ere Nafarroako
auzitegia esaten zitzaion horri (1624)– eta Zuberoakoak, Bordeleko, Akizeko
edo Lannesko Gorteetara. Hegoaldeko edo Espainiako erregetzari loturik
zeuden herrialdeetan, aldiz, Nafarroako Erret Kontseilura (Iruñera), erresuma
berekoak, eta Valladolideko Kantzileriara, beste herrialdeetakoak. Bizkaiko Jaurerrian
baziren, halaber, Entzutegi berezi bat eta epaile nagusi bat auziak Bizkaiko
Foruaren arabera epaitzeko. Euskal Herriko mendebaleko lurraldeetan, besterik
ezinean jotzen zen erregeak eta bere Kontseiluak osatzen zutenetara, Gaztelako
Kontseilura, alegia.
Hainbeste eskumen barruti eta aginpidegune beste hainbat erakunde sare
lurraldeka, korporazioka nahiz estamentuka antolaturik zeudenetan gauzaturik
egoteak tirabira asko eragin zituen elkarren artean. Oso ohikoa zen erakunde
ofizialen arteko arazoak eta gizartean sortzen ziren liskarrak epaimahaietara eramatea.
Foru sistemaren joera oso auzi-konpontzera bihurtua bilakatu zen, beraz.
Eta horrela, ohiko zuzenbidean oinarritzen zen lehengo foru ordenamendu hari
beste joera batek hartu zion gaina, auzi konponketa oinarri zuenak, alegia. Halako
esparru zabala hartu zuen justiziak ezen zenbait lege mugatzerakoan ere
izan baitzuen bere eragina. Halako lekua hartu zuen justizia egiteak foru erakundeen
eginkizunen barnean non, justiziari eta gobernatzeari zegozkien arazoak
oso bereizita ez zeuden hartan, “bata edo bestea egitea sinonimoak zirela” ere
esan zuen autore batek.Epaiketa zela edo administrazioko auzia zela, foru sistemako korporazioetako
guztiak Espainiako errege mahaietara bidean zebiltzan beti, Valladolideko
Gortera ez bazen, Erregeren Gortera edo Gaztelako Kontseilura bidean. Auzi
horiek Kantzilerian kudeatzen zituzten ajenteek nahiz Gortean zera berak kudeatzen
zituzten beste ajente eta ordezkariek eta horien laguntzaileek (abokatu,
idazkari e.a.) osatzen zuten foru erakundeek zegozkien lurraldeetatik kanporako
administrazioetan zituzten erabakiguneak. Bilboko hiriak ez ezik Kontsuletxeak
eta beste zenbait korporaziok ere ordaintzen zuten zegokien ehunekoa Gortean
batzuen eta besteen interesak defenditzen zituzten komisionatuentzat. Aginpidean
partea zuten talde guztiek Foruak ezagutzea zen horiek defenditzeko bideetariko
bat. Eta horregatik foru lurraldeetako agintariek (Bizkaikoek, batik bat),
foruak berriz argitaratu eta zabaldu zituzten horiek jaurerrian bertan ez ezik Gortean
(Erret Kontseiluko jaunei, Estatuko, Gerrako, Indietako, Kontadurietako jaunei,
Gorteko alkateei eta beste idazkari eta letradunei) eta Epaitegietan ere (Valladolidekoan,
Granadakoan, Sevillakoan Galiziakoan eta Nafarroakoan, hala
lehendakarien, nola entzule kargudunen, fiskalen eta gainerako ofizialen artean).
Foru herrialdeetako agintariek zegokien lurraldeetatik kanpora zeukaten beste
ofizialetako bat horiek Cadizen zuten “burdin begiralea” zen, Bizkaiko jaurerriak
izendatu, eta ordaindu, Gipuzkoak, Arabak eta Oñatiko hiriak ordaintzen zutena.
Kargu hori 1776an sortu zen, Ameriketara zer burdin ateratzen zen kontrolatuz
eta atzerrikorik sar zedin galaraziz foru herrialdeetako interesak defenditzeko,
hain zuzen. Baina, kargu horren kostuak ordaindu behar zituztenen artean
tirabirak sortu ziren, eta 1804an desagertu egin zen kargua bera ere.
Foru sistema Espainiako Erregetzaren barnean artikulatu beharra eta sistema
horrek foru herrialdeetatik kanpora ordezkariak edukitzea ez zen soilik, sistema
horren barnean ziren erakundeen arteko tirabirak erregeak eta bere Kontseiluak
konpondu ohi zituztelako etorri, baita horiek egitasmoren baten onespena edo
arauren baten baiespena behar zutenean agintaritza nagusitzat erregea hartzen
zutelako ere.
Bestalde, Erregeak atzerriko lurraldeekin egiten zituen hitzarmenetan eragina
izatea ere interesatzen zitzaien foru herrialdeetako agintariei, horrela zenbait eskakizun
hitzarmenetan sartzea ere lor baitzezaketen, hala nola, arrantzarako eskubidea,
edo atzerriko burdinarik Espainian ez sartzea, esate baterako. Foru
erakundeek Gortean zuten kudeatzailea, XVI. mendearen bukaeratik aurrera
iraungarri bihurtu zena, ez zegoen errege zuzenbideak Foruei ekar ziezazkiekeen
okerrak galarazteko bakarrik, baita erregetzak eskaintzen zien babesarekin
foru ordenamendua zabaldu ahal izatea negoziatzeko ere. Beraz, Gortearekin
eta Erregetzarekin harreman onak izatea foruen izatean zegoen gauza zen. Horietako
zenbait ordezkari, bada, foru herrialdeetakoa zen jatorriz, Madrilen bizi
arren, Gaztelako Erret tituluren bat izan arren eta Gaztelako administrazioan nahikoa
gora egon arren. Nafarroako taldea XVIII. mendeko gizonik aipagarrienetakoak
osatu zuten, esate baterako: Juan de Goyeneche, Gerónimo de Ustariz
e.a. Negoziazioetan nahi zen guztia lortzea edo ez lortzea pertsona horiek Gortean
zuten itzalari zegokion askotan. Enkartazioetako eskakizun askok halako
harrera onik Gortean izatea ez da, Sebastián de la Cuadra, Villarías-eko markesa,
Estatuko Kontseiluan zegoela kontuan izan gabe ulertzekoa. 1717ko aduana aldaketak
sortarazi zuen matxinadak (1718) ere eragin zituen, bestalde, zenbait
negoziazio Gortean. Foru herrialdeen eta Erregearen arteko negoziazio horiek
1727an bukatu ziren. Negoziazio horretan ordezkari talde handiak eta are eragin
handikoak hartu zuen parte. Negoziazio horietan hartu ziren akordioak foru ordenamenduan
sartu ziren gero, eta herrialde batean, Gipuzkoan, Foruen txosten
osagarrian argitaratu ere egin ziren.
Arazoak negoziazio bidez konpontzeko joera horrek foru sarea (ez tirabirarik
eta hausketarik gabe) osoago eta helduago bihurtzea, eta, era berean, konstituzioari egokiago lotua egotea eta XIX. mendea nahiko aurrera arte bizirik irautea
ekarri zuen.
Iparraldeak ez zuen horrenbesteko askatasunik izan; Frantziako administrazio
zentralak esku gogorragoa izan zuen-eta Borbondarren garaitik hasita; intendenteez
eta horiek Generalidad (Auch-ekoa aurrena, Paue-Baionakoa, gero) izeneko
eta gisako barrutietan zuten egitekoaz baliatu zen horretarako. Frantziako
Iraultzak gero (1789), Garat anaien eta Poverel-en bestalderako ahaleginak ahalegin,
batere indarrik gabe utzi zituen Iparraldeko probintzietako foruak, eta Frantziako
Estatuko egin zituen hiru probintziak.• Egitamuak eta errealitatea
Hego Euskal Herrian, foru antolaketari egoera nahasian egokitu zitzaion garatzea.
Zegoen egoera, bestek beste, elementu hauek erakarri zuten: erakundeak
gero eta oligarkikoago bihurtzeak; herriak ordezkari gehiago nahi izanak eta
matxinaden bidez adierazteak; herrialdeko erakunde zentraletan lurraldeka antolatuak
zeudenei ordezkari gahiago emateak, kasuren batean; herrialdeko organo
zentralek herrietakoen eta eskualdeetakoen aldean garrantzi handia izateak;
Erregetzaren eta foru erakundeen artean gero eta harreman gehigo zela bide,
foru sistemak ere kontseilu egiturako izatetik administrazio eta ministerio egiturako
izatera igarotzeak. Hiru probintzietako (eta Nafarroako erresumako) erakundeak
are sendoago bihurtzea eragin zuten horiek. Bestalde, gero eta auzi gehiagotan
hartu behar zuten parte erakunde nagusiek, eta horrek are pertsona
espezializatu (sindiku, idazkari, aholkulari, diruzain, kontu emaile, gorteko kudeatzaile
eta mandatari e.a.) eta laguntzaile gehiago izan beharra ekarri zuen
berekin, aro modernoan sartzean batez ere. XVI-XVII. mende bitartean administrazio
egitura soila zen, eta horrek behar zuen langile saila ere txikia eta behinbehinekoa
zen; XVIII. mendean, berriz, administrazioa konplexuagoa bilkatu zen
eta langileak iraungarri bihurtu ziren. Esan beharra dago ere, Nafarroako administrazio
egitura konplexuagoa eta anitzagoa zela beste probintzietakoa baino.
XVIII. mendearen erdialdetik aurrera eta, batez ere, XIX.ean sartzean, herrialdeetako
erakunde nagusiek bere gain hartu zituzten lehen herriei edo eskualdeei
uzten zizkieten lanak (kamio konponketak, defentsa, heziketa, elkarlaguntza
e.a.); hala ere askotan izan zuten korporazioen laguntza beharra.
Pixkana-pixkana, probintzietako integrazioa egiteko eta horietako erakunde
orokorren eragina zabaltzeko oztopo bihurtzen hasi ziren korporazioak. Tirabira
hori aitzakia, hasi zen elite bat sortzen, probintzia bateratu eta integratu nahi omen
zuena, baina hori herrietako, lurraldeko nahiz korporazio saileko erakundeak
kontuan izan gabe egin nahi zuena. Gauzak horrela zirela, liskarretarako eta
matxinadetarako lurra landua zegoen, eta sortu ere laster sortu ziren horiek, Bizkaian
Zamakolada (1804) e.a. Zamakolaren asmoak zirela-eta sortu zen matxinadak
galarazi zuen korporaziozko ordenaren lekuan (Bilbok eta bertako Kontsuletxeak
jurisdikzio eta zerga eskumen handiak zituzten horretan) probintzia
mailakoei zegokiena jartzea. Zergen monopolioa probintziako erakundeen eskuetara
igarotzea, Bilbon beste portu bat “herrialde osoaren jabetzakoa” izango
zena egitea eta beste hiri bat eraikitzea zen Zamakolaren eta bere aldekoen asmoa.
Hiri horrek, bestalde, lehen ez ziren erakunde batzuk ere (Sanitateko Diputazioa
eta Merkataritzako Ganbara) izango zituen, eta probintziari zuzperraldi berri
bat emango zion.
Gorago aipatu diren aldaketa horiek egiteaz aparte, foru erakundeak gizabanakoa
(hiritarra) oinarri duen ordezkaritza sistemara lehenago egokitzea eta probintzietan
konstituziozko ordena ezartzea ere galarazi zuten korporazioek. Probintzien
barruko organoen artean aurkakotasun biziak egon arren, zein bere
barnean eta beste probintziekin ere artikulatuz joan ziren horiek, 1750-1850 bitartean,
egin ziren bideei esker, batez ere. Probintzia mailan integraziorik egitez
gero, politikak ez ezik ekonomiak ere eskatzen zuen gauza zen hori egitea. 1800inguruan, bestalde, zergak biltzeko eskumen handiagoa lortu zuten erakunde
publikoek, eta horri esker zentralizatu zituzten gero hainbat funtzio. Aipatu diren
bide lan eta aldaketak egin zirelako antolatu ahal izan zen gero, XIX. mendean
zehar, eratu zen bezalako foru administrazio probintzia mailakoa, batez ere
Diputazioan zentratu zena.
Erakunde publikoen ekintza pixkana-pixkana probintziako zereginetan zentratzen
joan zen, alde batetik, baina probintzien arteko kontzertazioa ere areagotu
egin zen, bestetik. Mendez aldatzean sortu zen egoera berriagatik (ekonomia, gerra,
politika), batik bat. Egoera berri horrek konstituzio sistema hartu beharra ere
eragin zuen geroago. Elkarrekin kontzertatzen, berriz, Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba
XVI. mendearen aurrenalditik hasi ziren. Horretarako bi sistema erabiltzen zituzten:
konferentziak eta alde banatako prokuradoreen arteko batzarrak. Hori,
bestalde, nahiko argi adierazten du Fernando Errege Katolikoaren 1515. urtea baino
lehenagoko deklarazio batek; “erregek agintzen du hau, Araba-Gipuzkoako
probintziek eta Bizkaiko konderriak Gorputz bat beraren parte izan behar dute.”
Konferentzia horiek hiru herrialdeetan eta txandatuz egiten ziren; horretarako hiruetatik
hurbilen zeuden hiriak edo herriak aukeratzen zituzten, gainera, askotan:
Bergara, Durango e.a. Herrialde batzuek besteekin zituzten negozioak bideratzeko,
sortzen ziren tirabirak konpontzeko eta foruak Erregeren xedapenen eragin
okerretatik babesteko egiten ziren bilera horiek. Bilera horietan egindako analisiak
eta hartutako akordioak probetxugarriak izaten ziren gero, bai Batzar Nagusietan
probintziarako hartu behar zen politika esan den akordio horietara egokitzen
saitzeko, eta bai Gortean zituzten kudeatzaileei eginbidea markatzeko ere.
Konferentzia horiei finkotasun handiagoa eman nahi izan zieten 1793tik aurrera,
“probintzien arteko elkartasuna sendotzeko” ez ezik “Lurraldeko Konstituzioa hobetzeko”
ere balio baitzuten horiek. Asmo hori zehaztu beharrez bi neurri hartu zituzten
1793an bertan egin zuten konferentzian: araudi bat egin eta idatzi, bileretarako,
eta, horiek urtero egitea erabaki. Hiru probintziek beren artean ez ezik
Nafarroarekin ere izan zituzten era horretako harremanak, XVIII. mendeaz gero.
Erakunde hori izan zela jakitea ona izan zen Euskal Herriko historia hobeto
ezagutzeko eta, era berean, beste ikuspegi batetik ikusteko ere; baina, herrialdeen
arteko koordinazioa bideratzen zuen erakunde horrek nolako garrantzia
izan zuen eta zer bide egin zuen adierazten duen estudio sakonik oraindik ez
daukagu, tamalez.