Atlas Historikoa»Atlas Historikoa
Ekonomia eta gizartea Erdi Aroan
EGILEA:
Mª Isabel del Val Valdivieso
Erdi Aroko Historia irakasle titularra
Valladolid-eko unibertsitatean. Aipatu
unibertsitateko Filosofi-Letren fakultateko
dekano ohia. Eusko Ikaskuntzako kidea.
Euskadiko Erdi Aroan oinarritutako
ikerkuntza. Argitalpen ugari aldizkarietan.
“Vizcaya en la Edad Media” izeneko talde
lanean lankide.
Jarduera ekonomikoak
Hiru erakunde politiko ezberdinetan integraturik (Gaztela, Nafarroa eta Frantzia),
euskal gizarteak aldakuntza sakona jasango du Erdi Aroan. Hasieran, feudaltzeak
eta kristautzeak egituratzen dituzte gizarte horren harremanak eta, geroago, hiritartze
prozesuak, ekonomi eta gizarte alorrei bereziki eragiten dien elementu
dinamizatzaile berri bat ezarriko du.
Lehen aldi batean nekazaritza eta abeltzaintza badira bi jarduera ekonomiko
nagusiak, Erdi Aroak aurrera egin ahala jarduera motak ere ugaldu egingo dira:
arrantza, eskulangintza eta merkataritza indarra hartzen hasi ziren euskal ekonomian.
Garai hari dagokionez, nekazaritzan, non oraindik antzina-antzinako tresnak
eta lanabesak erabiltzen diren, laboreak eta mahastiak dira nagusi. Horiekin batera,
barazki eta baratzetako frutek laguntza ederra ematen diote eguneroko elikadurari.
Baina bildutako uzta ez da leku guztietan nahikoa izaten bertakoak behar
adina asetzeko; egoera horrek bultzatuko ditu merkataritzako salerosketak, itsaso
eta mendi alde eta labore ugari, batzuetan gehiegi, duten lurralde lauen artean. Alor honetan, Nafarroako Erriberako lurrak dira nabarien, han nekazaritzaren
garapena nabaria baita, ureztapenerako ubideak izatea eta ur erabilpena bera
araututa egoteak frogatzen duten bezala.
Eskualde batzuetan, Araban esate baterako, abeltzaintza orekaturik azaltzen
bada landutako lur sail (abereen ongarriez baliatzen ziren emankorragoak izateko)
eta basoekin (oso elementu garrantzitsua iraupenerako, elikagai ugari eskaintzen
baitu), beste batzuetan, Bizkaian adibidez, badirudi jarduera ekonomiko
nagusia dela. Dudarik gabe izadiaren baldintzek, eta seguru aski gizarte mailakoek
ere, argitzen dituzte lurraldeen arteko ezberdintasun horiek. Dena dela, XIII.. endetik aurrera, abeltzaintza beste langintza batzuekin lehian hasiko da eta aldi
berean arazo berrien eragina jasango du. Abereak bazkatzeko belardiak sortzeak,
XIV eta XV. mendeetan ahaleginak egin arren eragozterik lortuko ez den baso
galtzeak eragiten ditu zenbait lekutan. Bestalde, gizabanakoek baso eta mendiez
geroz eta gehiago jabetzeak eta, horrenbestez, horien herri ustiapenak atzera
egiteak desorekak sortzen ditu, izan ere ganadu jabe txikienei kalte egin eta aberatsenei
eta hiriei, aldiz, mesede egiten baitie.
Erdi Aroko erdiko mendeetan, arrantza eta meatzaritza indar harturik zeuden
jadanik. Ehiza bezala, ibai arrantza familia mantendu ahal izateko osagarri bat
baizik ez da izaten gehienetan, baina itsasokoa lanbide berezia da. Itsasbazterreko
arrantzan dihardute buru-belarri: lupia, urraburua, korrokoina, lentoia, meroa,
legatza, toila, itsaskabra, arraia, muxarra, txitxarroa eta itsas aingirak dira,
besteak beste, harrapatu eta merkaturatzen dituzten arrain mota ohikoenak; baina
itsasaldeko hiri arauek eskaintzen dieten ardura bereziaren arabera, bisigua
eta sardina dira sail honetako izarrik nagusiak.
Balearen arrantza (euskal arrantzaleak Ternuara eraman eta bakailao sarda
aberatsak aurkiarazi zizkienak), arrantza lan guztien artean aberasgarri eta arriskutsuena
da. Miarritze, Hondarribia, Mutriku, Lekeitio eta Mundaka dira bale
ontziak abiatu eta porturatu ohi diren kaiak.
Gatza, arrain kontserbarako erabiltzen den gaietako bat da. Garai horretan Arabak
du gatza produzitzen duten leku garrantzitsuenetako bat, Añanako Gesaltza.Burdin mearen erauzketak osatuko du, Gipuzkoan eta, batez ere, Bizkaian
biltzen den euskal meatzaritzaren beste aldea. Burdin ugaritasunak mendiko ikazkintza
bultzatuko du, eta burdinola eta burdingintzaren garapenak ere bai. Azken
arlo honetan, Markinako armak nabarmenduko dira.
Hiriak eta hiri bizitza agertu eta garatzean, eskulangintzak geroz eta garrantzi
handiagoa hartuko du Erdi Aroko euskal ekonomian. Hirigune guztiei dagokien
eta gehienaz ere eskualde mailan eragina duen iraupenerako eskulangintzarekin
batera, hiru oinarrizko sail nabari daitezke Erdi Aroko euskal eskulangintzan: lehen
aipatutako burdingintza; oihalgintza –Durango eta Tuterako oihalak dira gailen
alor honetan–; eta ontzigintza, –honen garapena arrantza, merkataritza eta nazioarteko
harreman politikoen gorabeherekin lotuta dago–. XIII. mende erdialdetik
aurrera, itsasontziak kodasta lema berriaz egingo dira (“baiones erara” edo
“nafar erara” egina ere esaten zitzaion); horixe izan zen iparraldeko ontzigintzak
Mediterraneokoari eskaini zion berrikuntza handietako bat.
Behe Erdi Aroko mendeetan, garapen handia izango du merkataritzak, alde
batetik Euskal Herriko egoera berezia lagun izan zuelako (elikagai batzuen urritasuna,
burdin soberakinak, itsasbideei dagokienez kokapen abantailatsua izatea),
baina, bestetik, baita hobekuntzak izan zirelako ere merkataritzari dagozkion
arlo guztietan: lehorreko bideak, itsas garraioa, ordainketa tresnak, e.a.
Merkatarien interesak defenditzeko, XIII. mendeaz geroztik agirietan agertzen
diren elkarteak sortuko dira; horien artean, Gaztelako itsasaldeko hirien Hermandadea,
zeinak 1296an Gasteiz, Santander, Hondarribia, Castro Urdiales,
Getaria, Bermeo eta Donostiako hiriak elkartzen baitzituen. Hiri mailan aipatzekoa
da Societas Navium Baionensium elkartea, eta Kantauri mailan, aldiz,
Paduretako Hermandadea, Galiziako Bayonatik Euskal Herriko Baionaraino
hedatzen dena.
Euskal lurraldeek badituzte beraien arteko elkartrukeak ere, noski (Iruñean
merkaturatzen diren Baionako arraina eta gatza, esate baterako), baina merkataritza
honen alderik nabarmenena bere nazioartekotasuna da.
Burdina da nazioarteko euskal merkataritzaren salgai nagusia eta, gehienetan,
Flandriara eramaten dute, batez ere Bilboko portutik ateratzen den Gaztelako
artilea bezala. Euskal merkatari eta marinelak sarri joaten dira, halaber, Frantzia
eta Britainia Handiko mendebaleko kostaldeetara eta Mediterraneo aldean
aritzea ere ez dute baztertzen, hara iristeko Iberiar Penintsula inguratzen dutelarik,
bien bitartean Portugal eta Andaluzian ere salerosketak eginez.
Burdinarekin eta artilearekin batera, bestelako gai asko saldu eta erosten dituzte,
elikagaiak batik bat antza denez, nahiz eta beste gai batzuk ere tartean
izan, oihalak edo esklabo mairuak adibidez, egiaztaturik baitago halakoak bazirela
Aragoitik etorritako armak ere saldu eta erosten diren Tuterako merkatuan.
Nahiz eta garrantzi gutxiagoko negozio mota izan, lehorreko bideak erabiliz
egiten den merkataritzan ere hartzen dute parte. Horrela iristen dira penintsulako
erresumetan ospatzen diren azoka eta merkatu garrantzitsuenetara, izan ere
egiaztaturik baitago euskal merkatariak izaten zirela, XV. mende amaieran, Medina
del Campoko azoketan.
Jarduera ekonomiko horietan oinarriturik, euskal gizarteak diru sarrera eta
etekin garrantzitsuak lortuko ditu eta horien banaketa, garai horretan nagusi diren
feudal mailako gizarte harremanen arabera egingo da.
Gizarte egitura
Erdi Aroko lehen mendeetako gizartea, nekazari gizartea bada gehienbat, mendeak
joan ahala geroz eta gehiago nabarituko da hiri mailako jarduera ekonomikoen
eragina.Gizarte feudalaren hierarkia buru, oinarria nekazaritzan duten jaun handikiak
ageri dira, lur eta gizonen jabeak; horiek erregeen babesa jaso eta, Erdi Aroko
aldi batean, gerra izango baitute eginkizun nagusia. Behe Erdi Aroan, ordea, XIV
eta XV. mendeetan, jarduera horrek gorteko lanei utziko die lekua eta, zenbait
kasutan, zeregin politiko-administratiboei.
Klase dominatzailea izanik ere, aitonen semeek ez dute homogeneotasunik
elkarren artean, ez eta gutxiagorik ere. Oso egoera ezberdinak sumatzen dira
haien baitan: lehendabizi goi mailako aitonen semeak daude; XII. mendeaz geroztik
erregek emaniko “handiki” tituluaren jabe dira Nafarroan. Gaztelako koroaren
lurraldeei dagokienez, XIV. mendearen bigarren erdialdean Trastamarakoak
errege jargoira iritsiz geroztik egingo dute aurrera goi mailako aitonen seme horiek.
Hauen artean daude, Nafarroan, Gramont, Medrano edo Radatarrak; Erdi
Aroko azken bi mendeetan, Xabier, Arellano eta gisako familia berrien lehia izango
dute. Gaztelako koroari atxikirik dauden lurraldeetan, aldiz, jaurerri zabalen titularrak
diren Gebara, Mendoza edo Manrike aipa daitezke.
Maila apalagoan daude kapareak, behe mailako aitonen semeak, batzuetan
lurra beren eskuz lantzen dutenak, Bizkaian egiazta daitekeenez. Horien artean
aipamen berezia merezi du Arabako kasuak. Arabako kapareak, talde izaera duen
benetako jaurerri batean elkarturik daude, Araba edo Arriagako kofradian, eta
bertako kofradi kideek beren jauna hautatzen dute. Jaun honek justiziaz arduratu
eta “foru zerga” jasotzen zuen nekazari laborari eta mendekoengandik. Nekazari
hauek, nahiz eta “batzarretara” joateko eskubidea izan, kapareen mende
daude, kapareak baitira lur jabeak. Jaurerri berezi honek bizirik iraungo du XIII.. endean eta 1332. urtea arte, baina urte horretan, Agurain eta Gasteizko hirien
mehatxuaren aurrean, erregeri eman zioten jaurerria.
Nekazarien artean ere badaude egoera ezberdinak: nekazari libreak batetik,
mendekoak bestetik; baina era batera edo bestera nekazari klase hau orokorrean
hartuta jaunen mende dago, haiei ordaintzen baitizkiete errentak eta zenbait kasutan
lanen batzuk egin ere bai.
Gizarte feudalaren bi oinarrizko klase hauei (jaunak eta nekazariak) hiritarrak
gehituko zaizkie, XIII. mendetik aurrera geroz eta indar gehiago hartzen ari
baitira hiriguneak lurralde guztian. Egia da hirigune guztiek ez dutela garrantzi
berbera, baina ez dago dudarik, bakoitzak bere neurrian, denek izango dituztela
funtsezko eginkizunak Erdi Aroko euskal gizartearen bilakaeran.
Hiri eta hirixketan badira, jakina, aitonen seme eta nekazariak, hirien babesa
edota errenta iturri edo bizibide berrien bila hara joandakoak. Baina ofiziale,
merkatari eta letraduak ere azaltzen dira, beren lanbide indartsuen bitartez (eskulangintza,
merkataritza edo administraritza) aberasten diren gizon libreak, beren
maila soziala hobetu nahirik hiriko agintaritza kontrolatzera iritsi eta batzuetan
aitonen seme ere bilakatuko direnak (horixe izaten baitzen, orduan, hirietan
aberasten ziren guztien ametsa).
Araban eta Nafarroan frankoak aurkitzen dira, XII. mendeaz geroztik dauden
hiri guztietan indar nabarmena dutenak. Ez dira falta, ez, Tutera bezalako hiriguneetan
aurki daitezkeen musulmanak, ez eta juduak ere. Azken hauek gehiago
ziren, baina beren kopurua nabarmen urritu zuten jazarpen odoltsuak jasan zituzten.
Dena dela, egotziak izan arte judu auzo nahiko garrantzitsuak izan ziren
Nafarroan eta Araban, eta neurri apalagoan Bizkaian, Gipuzkoan eta Lapurdin.
XIV. mendeko krisialdiak ondorio negatiboak eta berregokitze handiak eragin
zituen gizarte osoan. Krisialdi horrek hirien garapenari eta bertako handiki
leinu berriei lagundu, eta lehenagoko aitonen semeei errenta iturri berriak bilarazi
zizkien.
Krisialdi horrek, ordea, gatazka sozialak ere indartu zituen. Jauntxoen eta
nekazarien arteko borrokak areagotu eta, jakina denez, Ahaide Nagusien arteko
Gerra famatua piztu zen. Oñaztarrek eta Ganboarrek Araba, Gipuzkoa, Bizkaiaeta Lapurdin, eta Agramondar eta Beaumondarrek Nafarroan, borrokez beteko
dute eskualde guztia, tirabira ugari erabakitzeko: handikien artekoak, handiki
eta nekazari eta/edo hirien artekoak, edota azken hauen artekoak ere bai.
XV. mendeak aurrera egin eta krisialdiaren eraginak gainditu ahala, Ahaide
Nagusien arteko borrokak ahulduz eta apalduz joango dira; hala ere, etsaigoak
hain daude sustraiturik non hurrengo mendea arte itxaron beharko baita bakealdia
sumatu ahal izateko.
Gerrek hondatu eta aldaketa ekonomiko nahiz sozialek nahasitako giro honetan,
emakumeak bigarren mailako lekua izango du, baina ez, haatik, garrantzirik
gabea gizartearen iraupenerako. Bazterturik dago aginpide eta administrazio
lanetatik; hala ere, oinordekotzaren bidez hel daiteke famili eta baita leinu
buru izatera ere (Zuberoa eta Lapurdin indarrean dago premutasunaren mugagabeko
eskubidea). Gizartean eta familian duen protagonismoari buruz, ordea,
badirudi geroz eta atzerapen handiagoa jasaten duela: familia barruan senarraren
mendean dago eta, jendearen pentsamoldeari dagokionez, ez da ahaztu behar
sorgin mundua, funtsean, emakumeekin lorturik dagoela.
Dirudienez euskal emakumearen eginkizun sozial nagusiak etxean kokatzen
du emakumea, etxeko lanen arduradun. Kontuan hartu beharra dago, ordea, klase
gizartean, klase batekoa izan ala bestekoa, emakumearen egoera ez dela berdina.
Horrela, handikien artean eta, seguraski, hirietako talde aberatsenen artean
ere, emakumeak etxe barruan burutuko du bere egiteko guztia, bere agindupeko
zerbitzarien buru. Baina maila apalagoko beste sail batzuetan (emakume nekazari
eta eskulangileetan), emakumeak zuzenean hartzen du parte lan munduan;
eta ez bakarrik bereziki “emakumezko”enak diren lanetan, okintzan esate baterako,
beste lan astunago batzuetan ere bai, senarraren laguntzaile edo soldatapeko
jornalaria bailitzan.
Elizaren antolamendua
Azkenik, kontuan hartu beharko lirateke elizaren antolamenduarekin zerikusia
duten gorabeherak, izan ere antolamendu horrek gizartearen egituraketa berriro
indartu eta errentaren banaketa sozialari buruzko hainbat xehetasun argitzen
baititu.
Euskal Herriaren kristautzea prozesu motel luzea izan zen eta esan daiteke
hiriak eraiki ziren garaian buruturik zegoela. Ordurako eraturik zegoen Elizaren
administrazio antolaketa sendo bat, euskal lurraldea hainbat eliz barrutietan banatzen
zuena.
Alde guztietan, funtsezko eginkizuna izango dute monasterioek kristautze
prozesuan. Euskal Herriko kasuari dagokionez, aipatu beharra dago lurralde
hauetan kokaturiko komentu handiak gutxi badira ere, beste garrantzitsuago
batzuen mendeko erlijio etxe txikiak ugariak direla. Leire eta Iratxe, biak Nafarroan,
inguruko monasteriorik garrantzitsuenak dira zalantzarik gabe; jaurerri
zabalen buru izateaz gainera, mendeko etxe ugari dituzte, haien ospea eta eragina
lurralde askotara hedatzen dituztenak. Orreaga, Fitero eta La Olivakoak ere
komentu handiak dira, baina hauen agindupeko eremua txikiagoa da. Azkenik,
komentu etxe txikiak daude, eta horien artean aipagarriena Bizkaiko Zenarruzakoa,
zeina, besteak beste, apezpikuaren agintaritza onartzen duen erakunde
bakarra baita Bizkaia guztian.
Monasterio hauei, Euskal Herritik kanpoko beste komentu batzuen mende
dauden eliza, ermita edo priore etxeak gehitu behar zaizkie, komentu horien
artean aipagarrienak izanik Oña, Donemiliaga Kukula eta San Juan de la Peñakoak.
XIII. mendetik aurrera, erlijio ordena eskaleak agertu ondoren eta hiriko bizitzaren
garapenarekin loturik, frantziskotar eta domingotarren komentuak agertuko dira euskal lurralde guztian. Une horretan ia itxura harturik zegoen Euskal
Herriko eliza mapa.
Erdi Aroko lehen aldian sortuko dira lehenengo eliz barrutiak, baina hauen
itxura eta hiriburuak aldatuz joango dira penintsularen Errekonkistak aurrera egin,
gizartearen kristautzean sakondu eta erakunde politikoak finkatu ahala. X. menderako
baziren gotzain egoitzak Valpuesta, Araba (egoitza Armentian zuela) eta
Naxeran, baina bi mende geroago eliz barrutiak beste batzuk izango dira. XII.. endean, Araba Calahorrakoari erantsiko zaio eta Burgoskoak, berriz, Valpuestakoaren
lekua hartuko du. Hori baino lehen, XI. mendearen lehen erdialdean,
Baiona eratuko da behin-betiko eliz barruti buru bezala.
Erdi Aroaren amaieran, prozesu hori guztia behin-betiko burutzen denean,
zazpi eliz barruti ezberdinetan banatuko da euskal lurraldea Pirinioen Ipar eta
Hegoaldean: Oloroe, Baiona, Akize, Iruñea, Calahorra, Burgos eta Tarazona.
Hala ere, horrek ez du esan nahi leku guztietan apezpikuen aginpidea besterik
gabe onartzen denik. Bizkaian, apaiz eta laikoek hartaraino arbuiatzen dute
gotzainen aginpidea, non apezpiku guztiei debekatu egiten baitiete haien lurraldera
sartzea. Halako autogobernu nahi baten adierazpena izanik, bizkaitarren
jokabide horrek badu zer ikusirik bertako handikien indarrarekin (horrela, errazago
bereganatuko baitituzte elizari dagozkion errentak); badu zer ikusirik errege
eta eliz justiziaren arteko aginpide auziekin ere; edo apaiz bizkaitarren borondatearekin,
izan ere hauek ez dute apezpikuen epaiketarik jasan nahi, nahiago
baitute gertuagoko epaileen justizia, artzapezena batik bat, merkeagoa eta laxoagoa
izango zelako agian; baita zerga arloko arrazoiekin ere: apezpikuen sarrera
eragotziz gero, ez baitzuten hainbat gotzain zerga (eliz zerga, bisita eta limosna)
ordaindu beharrik izango. Hori guztia nahikoa ez balitz, “alkabala” izeneko zergaren
salbuespena gotzaina beren lurraldera ez sartzearekin lotzen zuten bizkaitarrek
eta horretan amore emanez gero errege mesede hori galduko zutela susmatzen
zuten. Horrek guztiak argitzen du bizkaitarrek izandako jarreraren
sendotasuna, bere horretan jarraitu baitzuten 1539 arte.Artzapez eta artzedian barrutietan banaturik (Bizkaian, esate baterako, Uribe,
Bermeo, Bilbo, Lekeitio, Busturia, Arratia, Lautadako Durango, Tabira eta Orozkoko
artzapez barrutiak ditugu 1445ean), elizaren antolamenduaz eta eliztarren
kontrolaz arduratzen dira apezpikuak. Parrokiak dira, ostera, gizartearekin hartueman
handiena duten eliz erakundeak eta, ondorioz, baita sinismen, pentsamolde
eta jokabideak erakutsi edo errentak eskatzeko garaian, eginkizunik nabarmenenak
dituztenak.
Eliztar guztiak daude parrokiaren batean antolatuta. Han bete beharko dituzte
beren elizarekiko eginbeharrak, elizkizunetara joan eta elizari dagozkion zergak
ordainduko. Era horretan, parrokiek zuzenean hartzen dute parte gizartearen
antolaketan eta garrantzi handiko tresna bilakatuko dira errentaren banaketa
sozialean: Elizari ordaintzen zaizkion zergen zati handi bat (zerga horietan nabarmenena
hamarrena da), handikien eskura joango da eta hauek, patronatuen
eta gisako erakundeen bitartez bereganatuko dituzte ordainketa horien zati batzuk,
zati aldakorrak baina ia beti garrantzitsuak.
Parrokien eta parrokiekiko eskubideak bereganatzen dituzten handikien artean
sor daitezkeen arazoez gainera, gatazkak ere sortzen dira errentak direla eta
beraien artean lehiatzen diren parrokien artean. Eliztar gehiago edo gutxiago izateak
diru sarrera handiagoak edo txikiagoak izatea dakar eta, horregatik, borroka
latza pizten da hamarrenak eta gainerako zergak norberaren elizan ordainduko
dituzten eliztarrak erakartzeko. Gatazka horiek eragozteko, apaizak ere antolatzen
dira batzuetan, Gasteizen esate baterako, non bertako lau parrokiak elkarturik
zeuden hamarrenaren banaketa denen artean antolatzeko. Baina, hiria hazten
ari zenez, 1256an San Ildefonso parrokia eratu zenean, haserrea sortzen da,
bosgarren parrokia hori aurrekoen lehiakide gisa agertzen baita; arazo gehiago
sor ez daitezen, lehengo elkarteak bere baitan hartuko du parrokia berria hamarrenak
bosten artean banatzeko.
Hamarrenak eta gainerako eliz zergek osatzen dute parrokia mantentzen duten
errenten zatirik funtsezkoena. Gainera, irabazi horien zati bat gotzaindegira
bidaltzeak, gotzaindegi hori eta, ondorioz, eliz egitura administratibo guztia mantentzen
laguntzen du. Azkenik, handikien errenta eta, zenbait kasu eta egoeretan,
erregerenak ere gehitzen dituzte, zerga horien zati bat jaunen esku eta batzuetan
erregeen esku gelditzen baita. Parrokia, beraz, giltzarri garrantzitsua da
ez bakarrik eliz antolamendu eta eliztarren kristau heziketaren arloan, baita Erdi
Aroko gizarte antolakuntzan ere.
Zazpi mende Erdi Aroko euskal gizartean
882 Bixila Semeniz da Arabako kondea.
925 Belaskita, Antso Gartzea I.a Nafarroakoaren alaba, Momi, Bizkaiko kondearekin
ezkontzen da.
1052 Errege Gartzea “Naxerakoak”, erromesentzat babes bat eraiki eta hornitzen
du Naxerako Santa Maria la Real monasterioan.
1053 Lehen albiste idatzia Bakioko Gaztelugatxeko San Joan monasterioaz.
1082 Lope Iñiguez kondeak Bizkaiko San Bizente Ugarteko monasterioa ematen
dio Donemiliaga Kukulakoari.
1043-1120 Urte hauetan, gutxi gorabehera, etorri ziren Oportoko apezpikua Hugo,
aita santuaren ordekoa Bosio eta Aimeric Picaut Lapurdi, Gipuzkoa, Nafarroa
eta Bizkaira (gero hirurek kontatuko dute lurralde hauei buruzko beren
ikuspegia).
1180 Donostiako Forua.
1207-1213 “Societas Navium Baionensium” elkartearen araudiak.
1214 Bizkaiko Jauna, Diego Lopez de Haro II.ak, “mendeko” batzuk ematen
dizkio Naxerako Santa Maria monasterioko eritegiari.
1275 Ahaide Nagusien arteko gerrak hasi ziren urtea, Lope García de Salazarren
arabera.
1288 Urduñari 15 egunetako feria eman zitzaion.
1296 Gasteiz barnean zuela “Gaztelako Itsasaldeko Hermandadea” sortzen
da.
1301 Bermeori asteroko feria (larunbatekoa) ematen zaio.
1315 Bizkaiko lurralde batzuek, tartean Balmaseda eta Urduña, Hermandade
Nagusiari elkartzen zaizkio.
1323 Joan Ardir-ekoak Baionako itsasketa arauak ezartzen ditu.
1332 Arriagako ituna (Arabako aitonen semeen kofradiak erregeri ematen dio
jaurerria).
1357 Aita Santu Alexandro IV.ak Nafarroako erregeak gantzutu eta koroatzeko
baimena ematen dio Iruñeko apezpikuari.
1379 Bizkaiko jaurerriaren titulartasuna Gaztelako erregeren eskura aldatuko
da.
1394 Gernikako Batzar Nagusiak Bizkaiko Hermandadearen koadernoa onartzen
du.
1396 Lapurdiko Hermandadea eratzen da.
1399 Karlos III.a Nafarroakoak araudi bat ematen du olibondoen aldaketa bultzatu
eta, aldi berean, landaredia babestu nahirik, zuhaitzak edo adarrak
mozten dituztenei isun handiak ezarriz.
1402 Bilbon (San Antongo zubiaren ondoan) kai bat eraikitzen dela eta, horri
buruzko lehen aipamena agertzen da agirietan.
1423 Handikien aurkako gatazka Oñatiko jaurerrian.
1440 Vianako printzeak kaparetasun pribilegioa ematen die Baztan haraneko
biztanleei.
1448 Ganboarrek su eman zioten Arrasateri.
1457 Ahaide Nagusien arteko gerraren ondorioz, dorretxe ugari suntsitu eta alderdikide
batzuk erbesteratzeko agindua ematen du Enrike IV.ak.
1457 Gorpuzti inguruan ospatzeko, 15 eguneko feria eskaintzen zaio Gasteizi.
1476 Gasteizko udal gobernuaren eraberritzea (Kalleja eta Aialatarren arteko
hitzarmena).
1480 Alderdikideen lege hausteak korrejidoreek epaitu behar dituztela erabakitzen
dute Errege Katolikoek.
1486 Balmasedak juduak egozten ditu.
1499 Armaginen greba Markinan.