Departamento de Cultura y Política Lingüística

Atlas Historikoa»Atlas Historikoa

Lurraldeen eraketa (VIII-XV. mendeak)

Gorbeia, Aizkorri eta Aralar (irudian, Txindoki) mendi inguruetan kokatu izan dira orain arte “machus” edo “su gurtzaileak”, zeinak kronika arabiarrek aipatzen dituzten Belask al-Yalashqi (Belasko Gaskoiniarra?) Iruñeko jaunaren aurka, 816. urtean, Abd al-Karimek egindako gudaldia kontatzerakoan. Mirandatik gertu Oron-go guduan hildakoen artean “Saltan, Machustarren zaldunik onena” aipatzen du Ibn Hayyan kronikariak.<br><br>

Euskal Herriak gaur egun dituen zazpi lurraldeen eratze prozesua Erdi Aroan gauzatu zen. Lurralde horiek izendatzeko erabiltzen ditugun toponimoak VIII.. endeko agirietan aipatzen dira lehenengo aldiz, baskoien auzo berri ahaltsuek, musulman, karolingiar eta asturiarrek, beren aginpidea haiengana hedatu nahi izan zuten garaian hain zuzen ere. Dena dela, XIII. mendea arte itxaron beharko da, nahiz eta gero ere aldaketa txiki batzuk izan, lurralde horiek gaur egun duten itxura argi eta garbi antzeman ahal izateko. Eta Erdi Aroko bukaera arte ere ez dugu aurkituko, lurralde horietako bakoitzean, indibidualtasun eta izaera propioak emango dizkien eta bertako osagai guztiak elkartuko dituen antolaketa politikorik. Une horretan bakarrik, eta ñabardura askorekin oraindik ere, baiezta daiteke Euskal Herriko lurralde historikoak eratuta daudela.Lurraldeen eratze prozesuak, beraz, Erdi Aro osoa hartzen du. Euskal Herriko hainbat errealitate sozialen gain eragin ezberdinak dituzten indar aldakorren mende egonik, lurralde bakoitzak ere erritmo eta ezaugarri ezberdinak ditu bereizterako orduan. Bi muturretako adibideak hartuta, ikus dezakegu, jadanik VIII.. enderako Iruñeak egitura politiko hasiberri bat irudikatzen duela, inguruko Pirinio aldeko leinuak elkartuz “Erreinua”-ri itxura ematen dioten oinarriak ezartzen dituena, eta XI. mendea arte, berriz, ez dugula Gipuzkoako “Lurraldea”-ren oinarrizko azalpenik izango.

Lurraldeen eratze prozesuan hainbat ezberdintasun izan arren, berdintasun batzuk ere suma daitezke horietan guztietan; hasiera batean, ahaidetasun loturen sendotasuna; prozesuaren erdigunean, berriz, ezaugarri feudalak dituzten harreman sozio-politikoen garapena, lurralde mailan barruti bakoitza zehazten eta bakantzen dutenena, alegia; behin-betiko zehazpenean, ostera, eredu hiritarraren indarra, zeinak –zuzenean nahiz zeharka– lurralde bakoitzari sendotasun eta nortasun politikoa ematen dioten erakundeen antolaketa eta finkapena eragiten baitu.

 

Lurraldeen antolaketa (VIII-IX. mendeak)

Musulmanak bisigodoen erreinuaz jabetzeak, dinastia karolingiarrekin frankoen indarra sendoagotzeak, eta Asturias aldean musulmanen aurkako kristau erresistentzia agertzeak aldatu egin zuen, VIII. mendearen hasieran, Pirinioetako egituraketa politikoa; bisigodo eta merovingiarrek aurreko mendeetatik Euskal Herriari egiten zioten presioa areagotu egin zen harrezkero. Kanpoko presio horiei aurre egiteko erresistentzia on bat antolatu beharrak baskoien mundua desegituratzea ekarri zuen, eta, aldi berean, garrantzi handiko aldaketa bat gizarte egituran: buruzagitza baten mende egon beharra.781. urtean Abd al-Rahman I.aren zigor gudaldia jasan zuten Ximeno Azkarrak eta Ibn Belaskotek, 816an Iruñeko jauna zen Belask “al Yalashqi”-k (Belasko Gaskoia ote?), edota “Nafarroaren bihotze”-ko (Iruñea-Irunberri) leinuen laguntzaz Belaskotar frankozaleak garaitu eta Iruñean bertako botere independentea ezarri zuen Eneko Arista berberak ere zuzeneko lotura dute Pirinioetan musulman eta karolingiarren asmoei aurre egin zien baskoien erresistentziarekin. Baina, aldi berean, gizaseme horiek bertako egitura sozialaren aldaketa ere adierazten dute; izan ere, ahaidetasun hutsean oinarritutako erlazioak gaindituz, familiako lotura eta mendekotasun pertsonalaren bidez elkartutako gerra aristokrazia sortzen eta, gailurrean erregetza duela, “lurraren eta gerraren jaun”-en gizartea eratzen baita.

Bestalde, asturiar eta musulmanen arteko gatazkek garrantzi estrategiko handia ematen diete Ebro eta Gorbea arteko lurraldeei, non nahastu egiten diren kordobatarren razziak (767-886 bitartean hogei baino gehiago) eta euskal inguru horretan defentsarako “marka” bat sortu nahi duten asturiarren asmoak. Munia, Eilo, Bixila Szemeniz, Munio Belaz edo Albaro Herramellizen izenek, asturiar eta arabarren arteko hartu-eman konplexuetan, bilakaeraren aldi ezberdinak azaltzen dituzte, leinu taldeak zatitu eta zati horietako bakoitza hartzen duen lurraldeaz ezagutzen denetik, eta horrek aukera ematen du lehen familiari zegozkion ondasun eta eskubideez familia buruek jabetzeko. Familia buru horiek ondasunak (abere eta lurrak) eta aginpidea pribatizatzea da eskualde bakoitza mugatu eta bereizten duen botere politikoaren lehenengo eta oinarrizko zehaztapena.IX. mendearen bukaeran edo X.enaren hasieran idatzitako Alfontso III.a Asturiaskoaren Crónica-k (IX-X. m.), haren aurreko Alfontso I.ak VIII. mendearen erdialdera musulmanen aurka eginiko ekintzak aipatzen dituenak, alegia, egiaztatzen digu ordurako bazirela izen ezberdinez bereizitako lurraldeak: Garape eta Karrantza, errege asturiarrak jendeztatuak, Araba, Bizkaia, “Alaone” (Aiara) eta Urduña, “beti bertako biztanleenak”, hots, herriko leinuen eskutan zeudenak, Iruñea, Deierri eta Berrueza bezala. Izen horiek eta gaur egungo lurraldeenak berberak badira ere, toponimo horien atzean eremu urri samarreko eta ongi mugatu gabeko lurraldeak ikusi beharko lirateke. Dena dela, herri horiek bereizi ahal izate hutsak harreman sozio-politikoak lurraldeka antolatuta zeudela erakusten du, artean azaleko antolaketa bazen ere.

Kronika asturiarraren arabera, lehenbiziko eskualdeak ibar garaietan eta mendi garaien babesean eratu ziren; horretan ageri da abere hazkuntzak, basogintzak eta defentsak zer garrantzi handia izan zuten eskualdeen eraketan. Hala, Gorbeia inguruan eskualde hauek eratu ziren: Araba –Baia ibaiaren goialdean seguru aski–, Urduña –Nerbioi ibaiaren goialdean–, Aiara –ura Kadaguara isurtzen duen Izalde ibaiarenean–, eta Bizkaia –Nerbioiren ekialdean–; Pirinio aldean, berriz, beste eskualde hauek: Iruñea, Deierri eta Berrueza.

Lurralde eratu berri horien banaketaren arabera, hutsik agertzen dira orduko Euskal Herriko eskualde zabalak; eskualde horietan koka daitezke –Zaraitzuko eta Baztango ibar inguruetan beharbada– sarataniyyun edo sirtaniyyun-ak (zerretarrak ote?), 781ean Abd al-Rahman I.ak gidatutako gudaldia jasan eta, handikurte batzuetara –843an–, musulmanen gudaldi berri bati aurre eginez Eneko Aristari Iruñea defenditzen lagundu ziotenak, alegia; orobat yalassqiyyun edo galiqiyyun-ak ere, Gallia Commata esango zitzaion lurraldeko biztanletzat jo daitezkeenak, eta beharbada kronika asturiarrak bereizten dituen bi lurraldeen artean –Gorbea eta Pirinioak– bizi izan zirenak. Talde horiek aipatzean izen toponimikoen ordez etnonimikoak erabiltzeak badirudi aldaketa maila txikiagoa adierazten duela eta, ondorioz, baskoien antzinako antolaketaren aztarna bezala azaltzen dela.

Frankoek Pirinioetatik iparralderako lurraldea menderatzeak eta Iberiako penintsulan lurralde berri horiek sortzeak mapa politiko berri baten inguruak zehaztu zituzten; mapa horretan Pirinio mendiak muga gisa azaltzen dira lehenengo aldiz, eta Euskal Herria, gaurkoaren aldean murriztua, itsasbazter aldeko lurretara mugatzen da, delako Gallia Commatara.

 

Lurraldeen garapena (X-XI. mendeak)

VIII. mendea bada lehen lurraldeei buruzko agirien agerpena adierazten duena, Antso III.a Handiari (1000-1035) dagokio lurralde antolaketari bultzada iraunkorra emango dion politika, eta baita eskualdeak Iruñearekin giltzatuko dituena ere.

Antso III.a Handiak hartzen duen Iruñeko Erreinuak bere baitan darama lurraldeen hedapen eta erregetzaren finkapenari dagokien politika bizia, Ximenotarren dinastiako erregeek, batez ere Antso Gartzea I.ak (905-926) X. mendeangauzatutakoa. Errioxan kontrola ezarriz errekonkistak duen aurrerapen handiarekin batera, Antso Gartzea I.aren garaian lehenengo aldiz elkartuko dira euskal lurraldeak, erdigunea Iruñea dutela. Pentsa daiteke garai horretan Iruñeko boterea euskal lurralde guztietara zabaldu zela. Errege horren alaben ezkontzak –Antsa Arabako konde Albaro Herramelliz-ekin eta Belaskita Bizkaitarren konde Momorekin (Rodaren Genealogías-en arabera)– kronikek Wasconum gens, wasconum nationem delakoen erregetzat aurkezten duten Antso Handiaren politikaren aurrekari adierazgarriak dira.

Lurraldearen antolabideak bi ezaugarri nagusi izan zituen XI. mendean: VIII.. endeaz geroztik toponimo deitura bera zuten lurraldeak hedatzea batetik, eta lurralde berriak eratzea –edo historiaratzea behinik behin– bestetik. Lehenengo kasuan Araba eta Bizkaiaren bihotza daude: Araba Gorbeapeko txokotik atera eta Lautadako lurrak bereganatzen ari zen, eta Bizkaiaren bihotza, berriz, jatorrizko sorleku izan bide zuenetik, Nerbioi ibaiaren ekialdetik alegia, Deba Behereraino hedatu zen –1080. urterako behinik behin–. Bigarren kasuan daude, berriz, Lapurdiko bizkonderria eta “Ipuzkoa”; Lapurdiko bizkonderria Antso III.a Handiak antolatu zuen 1023. urtean, Lapurdi, Arberoa, Orzaize, Garazi eta Baigorriko lurrekin, eta Lupo Antsoren gobernupean; “Ipuzkoa” 1025. urtean aipatzen da lehenengo aldiz agirietan, Gartzea Azenarizen lurralde gisa, Iruñeko erregeren agindupean.

Bestalde, Iruñeko erregea Gartzea Santxez III.a (1035-1054) zelarik, beste lurralde batzuk azaldu ziren Nerbioi ibaiaren mendebalean, Ugarteko bailara esate baterako, Lope eta Galindo Bellakoz jaunen agindupean zegoena 1040an, Bizkaiko jaunari buruzko lehen benetako aipamena (Enneco Lupiz Vizcayensis comes, hots, Eneko Lopez Bizkaitarren kondea) egiten den urte berean; urte batzuk geroago, 1050ean, Durango da, berezko nortasuna duen lurralde gisa, agirietan lehenengo aldiz aipatzen dena.Bai kasu batzuetan eta bai besteetan, leinu nagusi batzuk nabarmendu ziren, bi oinarritan bermaturik eratu zirenak: gens buruaren aginpidean, batetik, eta erregetza sendotu beharrean, bestetik. Garai hartan familia buruzagitza nagusi horien laguntza behar izaten zen erregeren boterea bere agintaritzapeko lurralde guztietan betearazteko, eta, horrela, familia horiek onespen politikoa lortzen zuten.

Horregatik, ez da agian harritzekoa izango XI. mendean zehazten hasten den lurralde antolaketak, jauntxoen hierarkia berria islatu arren, antzekotasun adierazgarriak izatea antzinako tribuen arteko banaketarekin: Nerbioi eta Debako arroek banatzen dituzte Enkarterriak, Bizkaia eta Gipuzkoa, antzina autrigoi, karistiar eta barduliarrak banatzen zituzten bezala.

 

Baskoien arteko haustura politikoa (1076-1200)

Antso III.a hil ondoren (1035) Pirinioez iparraldeko lurrek Iruñearen agindupetik askatu eta Gaskoinia-Akitania aldera egin bazuten, 1076. urtean –Antso IV.a Gartzea hil zuten urtea eta, ondorioz, Iruñeko erreinua desagertu zenekoa– etendura izan zen baskoiek lurraldeak Nafarroaren inguruan bildu eta politikoki egituratzeko asmoz batera urratzen ari ziren bidean. Iruñeko lurrak bi zatitan banatu ziren: Antso Ramirez Aragoikoa “Nafarroako Konderria”-z jabetu zen, bere mendekotasuna erakutsiz Alfontso VI.a Gaztelakoari; honek, bestalde, Errioxa, Bureba, Gipuzkoa, Araba, Durangaldea eta Bizkaia bereganatu zituen.Handik urte gutxira, Urraka eta Alfontso I.a Gudulariaren arteko ezkontza bidez gaztelauek eta aragoiarrek burutu nahi izan zuten proiektuak porrot egin zuen, eta hori lagungarri gertatu zen Iruñeko erreinua berriro ezar zedin. 1127ko Tamarako Itunean, Gaztelak uko egiten die Nafarroako mugetan eskuratutako lurrei; hala, berriz ezarri ziren Antso Handiaren erreinuko mugak, eta 1134. urtetik aurrera, Nafarroak, Gartzea Ramirezekin, burujabetza lortu zuen atzera. Erreinuko handikiek hautatu zuten Gartzea Ramirez erregetzat; handiki horien artean esku hartze handia izan zuenetako bat Ladron kondea izan zen, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako jauna. Hala ere, Nafarroak aurre egin behar izan zien gerora ere Aragoirekin elkarturik zeuden gaztelauen nagusitasunari, eta bai Aragoi eta bai Gaztelak euskal lurraldeak berenganatzeko zituzten asmoei, behin eta berriro sinatzen baitzituzten euskal erreinua banatzeko itunak.Batez ere arrazoi estrategikoak zirela medio, jadanik 1135etik nagusi ziren gaztelauen helburu garrantzitsuena bilakatu zen Errioxa; 1160-1170 urteetan hutsean gelditu ziren hura berreskuratzeko Nafarroako Antso VI.a Jakitunak egin zituen ahaleginak, eta 1179an lur banaketa sinatu behar izan zuen Gaztelarekin, bere mendeko erresuma neurri handi batean eta behin betirako murriztuz. Bizkaia eta Errioxa ez ziren berriro nafarren mendera itzuliko, eta denbora gutxi iraun zuten hauen mendean Euskal Herriko mendebaleko gainerako lurraldeek ere. Aurrerantzean lurralde horiek Gaztelaren helburu nagusi izan ziren, batez ere Europako harreman ekonomiko nagusiak iparraldearen eta hegoaldearen artean gauzatzen hasi zirenetik, eta Alfontso VIII.a Gaztelakoa Eleonor Akitaniakoarekin ezkondu (1170) ondoren. Erasoak areagotu egin ziren mendearen azken urteetan: 1198an gaztelauek eta aragoiarrek Nafarroa banatzeko Calatayud-en egin zuten itunak bideak ireki zizkion erreinuko inbasioari, aliatuen arteko mesfidantzak zirela medio porrot egin bazuen ere. Hurrengo urtean, ordea, Trebiñotik sartuta, Gaztelako gudarosteak Gasteiz setiatu zuen; hiria 1200. urteko urtarrilaren lehen egunetan errenditu zen. Urte berean, xehetasunak zehaztea zaila izan arren, gaztelauek Ibida (Aiuda), Araba, Durango, Gipuzkoa eta Donostiako lurrak “eskuratu” zituzten, kronikek diotenez, lurralde horiek hornitzen zituzten hainbat gaztelurekin batera. Nafarroako erregeari, geroko aldaketa txikiak gorabehera, gaur egun Nafarroako probintzia osatzen duen lurraldera murriztu zitzaion bere mendeko erresuma.

Euskal lurraldeek erregetza handiagoekin izan zituzten lotura aldi horien arabera finkatu ziren Hegoaldeko lurralde historikoek –Erdi Aroko azken mendeetan errege gaztelauaren itzalpean– beren behin-betiko eraketan benetako eragile izan zituzten bi zutarriak: handikien finkapena eta hiri berriak.

Bien bitartean, Akitaniako oinordeko Eleonorren eta Plantageneteko Enrikeren ezkontza bitarteko dela, ingelesek, 1152az geroztik, aginpidea lortu zuten Iparraldeko lurretan. Bertako leinu eta botere anglo-akitaniarraren arteko hizkamikek Baiona Lapurdiko bizkonderritik bereiztea eragin zuten; dena dela, Lapurdi, gero Zuberoari gertatu zitzaion bezala, administrazio ingelesaren mende geratu zen 1193az geroztik. Hala eta guztiz ere, garaitsu hartan, Bortuz bestaldeko eskualdeek Nafarroa alderako joera agertu zuten, 1249an erreinuarekin bat egiteko oinarriak ezarriz. Lurraldeei dagokienez, hizka-mika horien bidez zehaztu ziren XIII. mendearen hasieran, gaur egun Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa diren lurraldeen inguruneak.

 

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren behin-betiko eraketa

Gaztelau eta nafarren arteko borrokan euskal leinuek erdietsi zituzten handiki maila ezberdinak, eta gatazka horretan bakoitzak defenditu zituen aukera zehatzak erabakigarriak izan ziren XIII. mendean gauzatzen ari zen lurralde eraketarako.

Jaurerriak eratzeak eta gune pribilejiatuak –hiriak– eraikitzeak antolaketa politikoan eragin zuten zatiketa beste prozesu batean murgildu zen mende horretan, hots, euskal lurralde ezberdinen ezaugarri bereizgarriak eta elkarganatzaileak bateratu zituen prozesuan, alegia.

Eneko Lopez, Bizkaiko lehen jaun historikoak, Alfontso VI.a Gaztelakoari bere hedatze politikan eskaini zion laguntza agertzen da Bizkaiaren bihotzean jaurerria ezarri izanaren azpian, hau da, Haro familiak ondarez jaso zuen aginpidea eskuratu izanaren azpian. Nafarroako erreinua berriro ezartzeak berekin ekarri zuen gaztelauen aldeko Harotarrak Bizkaiko gobernutik kendu eta haien lekua Ladron familiak hartzea; baina Bizkaiaren behin-betiko kulunkak (1214), Harotarren nagusitasuna berrezarri eta, Bizkaia birmoldatuz, beste lurralde batzuk eransteko politikari hasiera eman zion. 1212an Navas de Tolosan parte hartu zuela eta, sari gisa, Alfontso VIII.a Gaztelakoak Durangaldea eskaini zion, jaurerriari erantsiz; XIII. mendean zehar, tarteka-tarteka, Urduña eta Enkarterriko hainbat hiri eta eskualde gehitu zitzaizkion, horrela, gerora aldaketa eta eransketak izan arren, lurraldearen bloke berria eratuz. Nahiz eta jaurerrira elkartu, Durangaldeak eta Enkarterriak beren nortasun eta erakundeak gorde zituzten, Gerediagako Batzarra batak eta Urrestietakoa besteak. Hiri eraikuntzek osatu zuten Bizkaia berriaren osagai ezberdinen bilduma, eta osagai horiek, Behe Erdi Aroan eta Ahaide Nagusien arteko borroken garaian, politika nahiz lurralde mailako batasun berria sendotu zuten lotura instituzional komunak ezarri zituzten.Arabaren eraketa, aldiz, Gaztelako Alfontso X eta XI.ak, handikien agintaritzaren kontura eta hirien hedaketan oinarriturik, kementsuki burutu zuten erregetza sendotzeko politikaren adibide argia da. Jadanik XII. mendearen bigarren erdian eta Nafarroaren mende zegoela, lehen hiriak eraiki ziren Araban. Periferia aldean hiriguneak eraikitzeak (Biasteri, Bernedo, Antoñana), Nafarroako muga hornitzen zuen; 1181ean, Gasteizko herrixkaren gain Vitoria hiria eraikitzeak, berriz, indarberritu egin zuen Kantaurirako bidea, gaztelarren helburu nagusia, eta aldi berean, baina ez garrantzi gutxiagoz, errege jabetza ezarri zuen handikiak, Arriagako Kofradiakoak, nagusi ziren barrutian. Arriagako Kofradia, lurraren gain aginpidea zuten jaun eta andreez osatuta zegoen, zeintzuk Lakuako zelaietan ospatzen ziren Batzarren bidez taldeka gobernatzen zuten 1258tik, agirietan adierazten denez. Nafarren ahaleginek ez zuten haiek nahitako ondoriorik ekarri eta 1220an Gaztelako erregea Arabaz jabetu zen; hala ere, hiri eredua nabarmenki hedatu zen ondorengo urteetan, bai hiri berriak eraiki zirelako eta bai hiri eremua inguruko herrixketara zabaldu zelako ere, handikien egoera ahuldu eta Gasteiz eta Agurain indartuz. Erregetzaren finkapena 1332an burutu zen, Arriagako Kofradiaren barrutia errege jabetzari “borondatez eman” zitzaionean.

Hirien eta erregetzaren interesak bateratzea, Erdi Aroko azken mendeetan euskal gizartea astindu zuten gatazka sozialak gainditzeko batez ere, “Alderdien arteko gerra” delakoa alegia, hiri eta lurren Hermandade Orokorra eratuz gauzatu zen, eta Hermandade horren osaketak zehaztu zituen XV. mendearen azkeneko alditik aurrera Arabako lurralde eta izaera politikoak. Trebiño hiria eta bere lurraldea, zeinak Enrike II.ak Gaztelako aitzindari nagusia zen Pedro Manriqueri eman baitzizkion 1366an, ez ziren Arabako Hermandadean elkartu eta XVI. mendearen azken aldera Burgosa loturik gelditu ziren.

Gipuzkoak antzekotasun handiak ditu Arabako kasuarekin, nahiz eta hemen, Gipuzkoan, handikien botere sendorik izan ote zen egiaztatzerik ez izan, probintzia horretako lurralde antolaketak XII. mendean izan zuen barealdi historikoa zela eta. Mende horren amaieran, Gipuzkoako probintzia osatzen duten lurrak hiru zati ezberdinetan banaturik zeuden: aipatutako Gipuzkoa bera; Donostiako hiria, 1180 aldera Antso Jakituna errege nafarrak eraikia; eta, hain entitate berezia ez badute ere, Deba erdi- eta behe-aldeko eskualdeak. XIII. mendean, lurralde horiek erregeren agindupeko barruti bakar batean elkartu zituzten Gaztelako erregeek, eta barruti horrek “Ipuçcoa” izena hartu zuen. Politika horren tresnarik funtsezkoena hiri berriak eraikitzea izan zen, eta antolaketari dagokionez, berriz, hirien arteko Hermandade Orokorra eratzean gauzatu zen, XIV. mende amaieratik aurrera. Araba eta Gipuzkoako Hermandadeen artean batera eta bestera ibili ondoren, Gebara leinuaren lurrak bigarrengoari erantsi zitzaizkion behin-betirako (Gatzaga 1493, Leintz ibarra 1566 eta Oñati 1845), gaur egun probintziak duen ingurunea zehaztuz.

 

Euskal Herriaren eraketa, urtez urte

750-755 Alfontso I.a Asturiaskoak musulmanen aurkako gudaldia egin zuen. Gudaldi horren kontakizuna, 880-923 urte aldera idatzitako Alfontso III.aren Kroniketan dago jasota; bertan aipatzen dira lehenengo aldiz Garape, Karrantza,Araba, Bizkaia, Aiara, Urduña, Iruñea, Deierri eta Berrueza izeneko bailarak.

824 “Bigarren Orreaga”: Eblo eta Aznar konde frankoen porrota, eta, ondorioz, Iruñeko erresumaren sorrera, kronikaarabiarretan “Baskoi” deitzen zuten Eneko Aristaren agintaritzapean.

868 Alfontso III.a Asturiasko erregeak Arabako baskoien beste matxinada bat menderatu zuen, eta, Albeldako Kronikaren arabera, “haien kondea zirudien” Eilo atxilo hartu; hauxe da buruzagitza arabar baten lehen egiaztapena.920 Momo-ren aipamena, bizkaitar konden baten lehena; Rodaren Genealogíasen arabera, loturaren bat zuen Iruñeko errege familiarekin. Euskal lurraldea Iruñearen inguruan bateratzen hasia zela adierazten du horrek.

1023 Iruñeko Antso III.a Handiak Lapurdiko bizkonderria antolatu zuen, Lapurdi, Arberoa, Garazi, Orzaize eta Baigorrikoeskualdeekin, hiriburua Baiona zuela.

1024 Antso III.a Handiak Arabako konderria aipatu zuen bere jabetzen artean.

1025 Iruñeko erregeren agindupean, “Ipuscua”-ko Gartzea Azenarizek bere San Salbatore Olazabalgoa, Altzoko monasterioa,eta beste ondasun batzuk eman zituela eta, lehenengo aldiz agertzen da agirietan Gipuzkoa hitza.

1040 Enneco Lupiz Viscayensis comes, Bizkaiko lehen jaun historikoaren aipamena egiten da agirietan. Urte berean, Lope eta Galindo Bellakoz jaunak Ugarte lurraldearen jabe dira, eta Gartzea III.a Santxez Iruñeko erregeren izenean Colindres, Mena, Tudela (Mena eta Aiara artean) eta Llanteno edo Aiaran ere agintzen dute. Nafarren aginpidea Nerbioiren ekialdera hedatzen da.

1050 Durangoren existentzia frogatzen duen lehen agiria, Eneko Lopez baitzen “rector illa patria que dicitur Vizcaia etDurango” (Bizkaia eta Durango esaten zaien lurraldeen buru).

1076 Ramon eta Ermesinda infanteek beren anaia Antso IV.a Gartzea hiltzen dute Peñalenen, eta aldi batean desagertu egingo da Iruñeko Erresuma.1134 Iruñeko erresuma independentea eratzen da berriz ere, Aragoitik bereizi baitzen Alfontso I.a Gudularia hil zenean; Gartzea V.a Ramirez, iruñar errege sasi-oinordekoa izango da errege.1152 Leonor Akitaniakoa Plantageneteko Enrikerekin, gerora Ingalaterrako Enrike II.a izango zenarekin, ezkontzen da, konderria eta baita Pirinioez iparraldeko euskal lurraldeak ere ingelesen mendean egon ziren garaiari hasiera emanez.

1175 “Enkarterriak” izenaren lehen aipamena, zalantzazkoa bada ere. Horrek esan nahi du, Harotarrak biltzen eta, beharbada XIII. mende aldera, Bizkaiko jaurerrira eranstenjoango diren inguru horretako jaurerri partikularrak ordurako bateratzen hasiak egongo zirela.1200 Araba eta Gipuzkoako gaur egungo lurraldeak, urtebete lehenago Gasteiz inguratu eta setiatu zuen Gaztelako Alfontso VIII.aren agindupera bildu ziren. Honek, handik lau urtera larriki gaixotuta zegoela, Nafarroako erreinuari zegozkion lurrak itzultzeko aginduz testamentua egin bazuen ere, euskal lurraldeak ez ziren berriro nafarren eremu politikoan elkartuko.

1212 Alfontso VIII.a Gaztelakoak saritu egingo du Diego Lopez de Haro, Bizkaiko jauna, Navas de Tolosako guduan parte hartu zuelako, Durangaldea betirako eman eta Bizkaiko jaurerrira erantsiz.1249 Bortuz haraindiko eskualdeak Nafarroako Erresumari erasten zaizkio. Gaur egungo Nafarroa Beherea mugatuko duten XI eta XII. mendetako lur eraspenen ondoren, Teobaldo I.a errege nafarrak erresumara erantsiko du lurralde hura, mendetasuna gordetzen dion Gramonteko jaurerria izan ezik.

1258 Gasteiz eta Aguraingo herrien izenean, Gaztelako Alfontso X.arekin ezarri zuen Ituna zela medio, Arriaga Kofradiaren lehen aipamena azaltzen da agirietan.

1332 “Arriagako Hitzarmena” Alfontso XI.a eta Arriagako Kofradiaren artean, non azken honek bere “borondatez eman” zion jaurerria errege gaztelauari.1379 Bizkaiko jaurerria Gaztelako Koroari erasten zaio, 1370etik Bizkaiko jauna den Juan II.aren bitartez.

1449-1450 Zuberoa eta Lapurdi (Baiona salbu) Frantziako Koroari erasten zaizkio, beren nortasun eta erakundeak gordez.

Baionak gauza bera egingo du hiru urte geroago.