Departamento de Cultura y Política Lingüística

Atlas Historikoa»Atlas Historikoa

Nafarroako erreinua

Tuterako ikuspegia, Nafarroako Erriberan, garai batean Kasitar dinastiaren mendean egon zen lurraldean.<br><br>

 

EGILEA:

José María Jimeno Jurío Nafarroako Historiaren ikertzailea.

Sociedad de Estudios Vascos - Eusko Ikaskuntzaren lehendakariorde ohia.

 

Mende ilunak

Euskal Herriaren “erromatartzea”, erromatarren kultura elementu material eta izpiritualen onartze eta beretzea den aldetik, sakonagoa izan zen ager-ean saltusean baino, biziagoa klase aberatsen artean nekazarien artean baino.

V. mende hasierako migrazio mugimenduen ondorioz eten egin ziren Erromarekiko administrazio loturak. Ondoren bertakoak nagusi izan ziren garaiak etorri ziren, errege bisigodoek ez baitzuten VI. eta VII. mendeetan lur hau erabat menderatzerik izan Erriberako herriak eta barruagoko beste batzuk izan ezik, hala nola Erriberri eta Iruñea; Iruñeko hainbat apezpiku izan ziren, hain zuzen Toledoko Kontzilioetan.

714tik aurrera gudaroste musulmanak bertan izateak, ageriagoan jarri zituen iparraldeko (saltus) eta hegoaldeko (ager) baskoien arteko kultura ezberdintasunak.

Ebro Haraneko jaun handiki batek, Kasi kondeak, Kalifarekin hitz hartu eta eskualde horretan zuen aginpidea sendotu zuen, eta hurrengo lau mendeetan Erribera gobernatuko zuen Kasitar dinastiaren buru bilakatu zen. Mendekotasun politikoarekin batera politikaren eta kulturaren islamdartzea etorri zen.

VIII. mendean eta hurrengoaren lehen laurdenean, printze kristauen eta musulmanen arteko adiskidetasunezko hitzarmena izan zen Euskal Herrian politikaren ezaugarria, odol loturak eta interes ekonomiko berdinak baitzituzten elkarrekin. Ama berberaren semeak izan ziren, adibidez, Eneko Aritza eta Musa ben Musa, Kasitarren buruzagi ospetsua. Kidetasun horrek eta Euskal Herria Pirinio mendien hegoaldeko muturrean kokatua egoteak eragin berezia izan zuten Iruñeko Erreinua sortu eta finkatzekoan. Baskoien aldetik hitzarmenak hautsi izanak, ordea, gudu bideari ekitera eraman zituen Uqba eta Yusuf emirrak. VIII.. ende erdialdetik aurrera Al-Andalusko Goiko Markan matxinadek sortutako giroa zela eta, hartaz baliatu ziren Kordoba eta Aachen, lurralde horretan kontrol politikoa ezartzen ahalegintzeko.

Iruñeko ahaideen eta Kasitarren arteko harreman on horiek VIII. mendearen azken herenean ere eman zituzten beren emaitzak. Abd al-Rahman I.aren aurka Zaragoza altxatu zenean, eta matxinatuek lehenbizi Karlomagnori etortzeko eskatu eta gero ukatu ondoren erregea eta haren gudarosteak preso eta gatibu zeramatzatela beren herrialdera itzultzera zihoazenean, indar elkartuen ekintzak jasan zituzten eta baskoiek gudaroste horien atzegoardiari egindako erasoa, gerora “Vallis Karoli” izenez ezagutuko den mendi lepoan (778). Erasoaldiak eta lurraldea menderatzeko ahaleginak izan ziren gero ere Iparraldetik nahiz Hegoaldetik.

Abd al-Rahman I.ak erasoaldi bat egin zuen Iruñeko lurraldeetan (781).

Mutarrif ben Musa Iruñeko gobernadorea hil zutenean (799), aliatuek Tuterako gotorlekuari eraso, Yusuf ben Amrus hango gobernadorea atxilotu eta preso eraman zuten Qays-eko Malkarrera (803). Gero, txandaka, bata bestearen ondotik etorri ziren gudaldiak: Iruñea menderatzeko Ludovico Piorenak (812), karolingiarren aldeko Belaskoren aurka emirrak egin zituenak (816) eta Akitaniako erregeak Eblo eta Aznar kondeen gidaritzapean antolatua (824); bi buruzagiok arras zori desberdina izan zuten preso hartu zituztelarik.

Kordobako San Eulogiok Iruñea eta Leire, Igal, Urdaspal eta Siresako monasterioetara bisita egin zuen. Wilesindo apezpikuari bidalitako gutunean (851), agerian ipintzen du Pirinioetako komentu hauetan erlijioak eta literaturak zuten indarra.

 

Erreinuaren sorrera

Badirudi, karolingiarren eta kordobarren presioaren aurrean, hemengo lur eta interesak zaindu beharrak makurtu zituela handikiak etsaien erasoen aurrean indarrak koordinatuko zituen buruzagi militar baten pean elkartzera.

Abd al-Rahman II.ak, Musa ben Musaren aurka eraman zituen bere zigor gudaldiak (842-850) eta honen sabelkide eta aliatua zen Eneko Arista “Baskoiaren” aurka ere bai. Honen seme Gartzea Enekoitz, aitaren politika aldaturik, bere ahaide musulmanetatik aldendu eta Asturiasko Ordoño erregearekin elkartu zen.

Santxo Gartzea I.arekin (905-925) erreinuaren barne egituraketa finkatu zen eta lurraldez hedatu zen. Ordu arte Iruñeko “printzeek” izan zuten ia defentsa hutsezko jarrera alde batera utzirik, inguruko lurraldeez jabetzeari ekin zion, hasi Deiotik eta Kalagorri, Arnedo, Viguera eta Naxeraraino.

Abd al-Rahman III.a bere gudarosteekin etorri zen Iruñea aldera; Iruñea eta Oviedoko erregeak garaitu zituen Valdejunquerako guduan (Gesalaz, 921), eta “Iruñeko gudaldia” delakoan ere berriro garaitu zuen Antso erregea (924), hurrengo urtean hil zena.

X. mendean, Antso erregearen ondorengoak Kordobako kalifen aurrean mendekotasunaren eta etengabeko jazarraldien artean ibili izan ziren, eta egoera horren eraginez sarritan egin zituen Iruñea aldera udako ibilaldi militarrak (“azeifak”) Hisam II.aren lehen ministroa zen Almanzor ahaltsuak, zeinari Antso Gartzea II.a Abarkak alabetako bat eman baitzion, gero “Abd al-Rahman Sanchuelo” delakoaren ama izango zena.

Antso III.a Handia (1004-1035) pertsonaia garrantzitsua da Nafarroako, Euskal Herriko eta Erdi Aroko politika espainiarraren historian. Haren agintaritzapean barne kohesio eta ospe handiak lortu zituen Iruñeko erreinuak, errege eta handiki kristau eta musulmanen aldetik haren agintaritza eta handitasunaren onespena eta aitorpena merezi izateko adinakoak. Besteak beste, Islamarekiko hegoaldeko muga ziurtatu, Sobrarbe eta Ribagorzako lurraldeak bereganatu, Bartzelonako Berenguer Ramon eta Gaskoiniako Antso Gilen kondeekin hitzarmenak izenpetu, bere koinatu Garcia infantea hil ostean Gaztelako konderria bere gain hartu eta Leongo erreinua gobernatu zuen.

Politikoki hain desberdinak ziren lurraldeetan agintzeak ez zuen berekin ekarri erreinu bateratu bat sortzeko proiekturik; Antso erregeak zaindu eta errespetatu egin zituen erreinu eta jaurerri bakoitzeko status juridikoak eta politikoak. Funtsean Iruñearen agindupeko hastapeneko lurraldeak (“muin-muineko Nafarroa”) eta geroko Euskal Probintziak eta Errioxak osatutako ondare lurrekin batera, Aragoiko iparraldean bereganatutakoak zeuden, eta baita emaztearengandik oinordetzan hartutako Gaztela ere, Leongo erreinua eta Bartzelona eta Gaskoiniako konderriekin batera, zeintzuek egun batean berreskuratuko dituzten nortasun eta independentzia politikoak gorde baitzituzten.

Erregetza honen alde aipagarrienetako bat, Leire, Donemiliaga Kukula, San Juan de la Peña eta San Salvador de Oñako monasterioei emaniko bultzada izan zen.

Erregeak ez zituen semeen artean banatu bere mendeko lurrak; Gartzea Naxerakoa, legezko seme nagusi zenaren esku utzi zituen ondare lurrak, eta Ramiro, Gonzalo eta Fernando haren anaien gaineko aginpide nagusia ere bai; Ramiro Aragoiko erregea zen, Gontzalo Sobrarbe eta Ribagorzakoa (bi lurralde hauek errege titularra hiltzean Ramiroren eskura aldatu ziren), eta Fernando, berriz, Gaztelakoa. Laster sortu ziren liskarrak eta gatazkak anaien artean. Ramiro I.a Tafallako “erasoaldian” garaitu zuten (1043). Gaztelako Fernandok, aldiz, Bermudo erregea hiltzean (1037) Leongo erreinua oinordetu zuenak, Burgosko Atapuercako zelaietan aurre egin zion bere anaia Gartzeari, gudu hartan garaitua eta hila gertatu zena (1054).Seme nagusiaren heriotzak galarazi egin zuen Antso Handiak erreinu kristauen indarrak Iruñeko erregearen gidaritzapean batzeko zituen asmoak betetzea.

Aitzitik, Nafarroako lurraldearen alboetan Aragoi eta Gaztela-Leongo erreinuak sortu ziren mehatxari, behin eta berriro Antso IV.a Peñalengoa eta honen oinordekoen lurrak erdibanatzeko prest.

Goi Erdi Aroan, ekonomia nekazaritza eta abeltzaintzan oinarritzen zen batez ere. Erregek, elizak eta handikiek, mendeko edo maizterrek lantzen zizkieten lurrak ekoiztutakotik eta nekazari lur jabeek urtero ordaintzen zituzten petxa eta beste zergetatik eskuratzen zituzten irabazi gehienak. Garai hartan diru iturri garrantzitsua zen erregeen ondasunetarako mairuei kobratzen zitzaizkien paria edo printze sariak. Bardeetako larreetara joan-etorriak egin ohi zituzten artaldeek eraginik izango zuten, seguraski, printze kristauen eta Kasitarren artean ahaidetasunak ezarri eta beren arteko elkartasunei eusteko.

Ez dirudi merkataritza oso garatua zegoenik, nahiz eta jakin badakigun Europatik larrua, metala, ehuna eta bolia inportatu izan zirela, eta Andaluziatik, berriz, oihalak, espeziak eta arte lanak.

 

Nafarroa eta Aragoi (1076-1134)

Antso IV.a bere anaiek hil zutenean Peñalengo amildegian, Funesko hegoaldean, Nafarroako politikak une latzak bizi zituen, Gaztela eta Aragoiren hedatu nahiek mehatxatu egiten baitzuten.

Iruñeko handikiek, gobernua Antso Ramirez Aragoiko erregearen esku uztea aukeratu zuten; errege horri bere seme Pedro I.a eta Alfontso I.a Gudulariak jarraitu zioten. Mende erdi horretan Iruñeko erreinuak aldaketa handiak izan zituen lurralde, gizarte eta ekonomi mailan. Gipuzkoa, Durangaldea, Bizkaia eta Arabak, Naxera eta Kalagorriko lurralde errioxarrak bereganatu zituen Gaztelako Alfontso VI.aren agindupean egotea aukeratu zuten bitartean, Islamaren mendean zeuden lurrak berreskuratzeari bultzada handia eman zitzaion, eta hala itxuratu zen hegoaldeko muga. Antso Ramirezek, Ayerbe (1083), Arguedas (1084) eta beste leku asko atzeman zituen, eta Huescako setioan hil zen (1094). Haren semeek, ordea, aurrera jarraitu zuten gudaldiekin eta Alfontso Gudulariak eman zien buru gudaldi horiei Ebro Harana bereganaturik (Zaragoza, 1118, Tutera eta inguruko lur idorrak, 1119).Lur eraspen hauek ez zuten ekarri, heriotza edo deserriratzeen bidez, mairu eta judu komunitateen desagerpenik, horien osotasun, nortasun eta araudi sozial eta erlijiosoak foru berezien bidez zaindurik eta babesturik jarraitu baitzuten, nahiz eta kristauengandik bereizita auzo eta aljametan baztertuak izan. Nafarroako judu jakintsuenetako bat Tuterako Benjamin izan zen, Libro de Viajes, 1166 aldera Asia Txikian zehar egin zuen bidaiaren berri ematen duen liburuaren egilea.

Erreinuaren egitura sozio-ekonomikoarentzat ondorio sakonak izan zituen berrikuntza izan zen hiri frankoen sortzea eta forudun egitea, Santiagorako bidean batez ere, garai horretan geroz eta ugariago baitziren, izan ere, Europako herrialde guztietatik Compostelako Santiagoren hilobirantz igarotzen ziren erromesak.

Antso Ramirez hasi zen horretan, Jaca jendeztatzera joanak zirenei hiriaren jendeztatzeko foruak eskainiz. Horrek arrakasta izan zuenez, hiriak sortzeko kanpaina bati ekin zion eta hiri jendeztatzaileei frankizia, salbuespen eta abantailak eman zizkien, horrela Pirinioez bestaldeko hainbat jende erakarriz. Era horretan sortu ziren Lizarra (1090), Zangoza-Berri, Rocaforte edo Zangoza-Zaharretik gertu, Gares, Murugarren hiri zaharraren ondoan, eta San Zernin eta San Nicolas hiriak, gerora Nafarriria edo Nafarreria deituko den Iruñea zaharretik hurbil. Hiri hauetako biztanleak, Iruñeko San Zerningoak esate baterako, Pirinioen Iparraldetik zetozen batik bat. Dena dela, “franko” kalifikatzaileak ez du adiera etnikorik, juridiko-ekonomikoa baizik: “aske uzte”arena, alegia.

Hiritarren oinarrizko jarduera merkataritza zenez, San Zerningo kasuan gainera eta erromesei dagokionez jarduera hori monopolistikoa izanik, hautsi egin zen ekonomiaren ohiko eskema soziala; ordu arte ia soil-soilik nekazaritza eta abeltzaintzan oinarritzen baitzen ekonomia hori eta jarduera horiek izan baitziren ordu arte Erregerentzat, Elizarentzat eta handikientzat oinarrizko irabazpideak.

Burgesek, batez ere Iruñean San Zerningoek, erdietsi zuten botere ekonomikoak gatazkak eragin zituen burges horien eta aitonen semeen artean.

Bai orduan bai gerora erreinuan eragin handia izan zuen pertsonaietako bat Andouque edo Rodako Pedro izan zen, Iruñeko apezpiku izendatu zuten fraide frantsesa (1083-1115); eliz barrutia eraberritzeko aginduz etorririk, katedralekoapaizetatik hasi zuen eraberritze hori. Leireko komentu zaharraren eskubideak baztertu eta zapaltzen zituen bitartean, Frantziako monasterioei eta Aragoiko Montearagongoari eskaini zizkien Nafarroako hainbat errenta eta eliza, eta mairuei atzemandako Erriberako elizak, berriz, Tarazonako eliz barrutira elkar arazi zituen.

Nekazaritza eta abeltzaintza aberatseko herriak zituenez, Ebro ibaiko Erriberaz jabetzeak, eta horrekin batera hirietako frankoen lanak, Compostelarako erromesaldien goraldia eta merkataritzaren garapenak, hedapen ekonomikoa bultzatu zuten.

 

Errestaurazioa (1134-1234)

Alfontso Gudulariak bere hilburukoan adierazitakoak nahasmena sortu zuen nafarren artean, erregea hiltzean bere erreinua Jerusalemgo Tenplu, Ospitale eta Hilobien Ordenen esku uztea nahi baitzuen. Erreinuko handikiek eta eliz buruek, eta Ladron kondeak, Bizkaia eta Gipuzkoako jaunak, Gartzea Ramirezen alde egin zuten: Gartzea Ramirez sasi-jatorriz Gartzea Naxerakoaren ondorengoa zen, eta Nafarroako erreinuak Aragoikotik autonomia berreskuratu zuelako “Berrezarlea” ezizenez ezagutzen da.

Nafarroa (orduan erabili zen lehendabiziko aldiz izen hori erreinua izendatzeko) oso-osorik mantendu nahi izatea izan zen garai honetako ezaugarri nagusia, erreinu hura bere mende hartzeko asmoak baitzituzten Gaztelak eta Aragoik.

Antso VI.a Jakitunaren gaitasun politikoak lortu zuen arriskua gainditzea hirien jendeztatze eta forutze berriak bultzatuz Nafarroan, Gipuzkoan (Donostia) eta Araban (Biasteri, Gasteiz, Antoñana, Bernedo). Alfontso VIII.ak behinbetirako bereganatu zituen Euskal Herriko mendebaleko lurraldeak (1199), baina hori ez zen oztopo izan Antso Azkarrak Navas de Tolosako guduan parte har zezan (1212).

Neurri on batean, “Errege Jakitunak” hasi eta haren seme “Azkarrak” osatutako berrantolaketa administratiboari esker (garai horretan sortu ziren lau merindadeak), erreinuak aurrerapen handia izan zuen ekonomian, eta koroak herriak erosi eta monasterio eta elizak eraiki zituen, Orreagakoa esate baterako.

 

Frantziarren agintaldia (1234-1404)

Antso Azkarrak legezko oinordekorik izan ez zuenez, Teobaldo II.a eta Blanka Nafarroakoaren seme eta Antso Jakitunaren biloba, Champagneko Teobaldo III.a, aukeratu zuten nafarrek halakotzat. Champagneko kondeak ia mende batez izan ziren Nafarroako errege. Baina erreinua gobernari frantsesen esku uztea, handikien aurka izan ziren etengabeko bidegabekeriak eta beren mendekoen hizkuntza eta ohiturak ez jakiteak, ezinegonak sortu zituzten jauntxo eta elizgizonen artean, eta hauek Obanosko Kapareak eta antzeko “batzarretan” antolatu ziren.

Teobaldo II.ak eta III.ak Lur Santuetako eta Tunisiako gurutzadetan parte hartzeak ez zuen hotzaldia arindu.

Batzuen eta besteen arteko etsaigoak Enrike II.a hiltzean piztu ziren; Iruñeko “Nafarreriako gerra” sortu zen (1276) eta gaztelauek Viana eta Mendavia setiatu zituzten. Erregina alargunak, Blanka Artoiskoak, Frantziako gortera eraman zuen bere urtebeteko alaba, eta han Nafarroako erregina gaia Felipe IV.a Ederrarekin ezkondu zen, bere koroa Capetarrenarekin bateratuz. Utzikeria eta aginpide desmasiak areagotu egin ziren, eta baita zapalketa eta klase gidarien bilkurak ere.

Egonezinak gainezka egin zuen Karlos I.arekin (Frantziako IV.a), honek foruei zinik ere egin gabe, “gogo onez baino gehiago indarrez” nafarrak mendean hartuta eduki baitzituen. Hura hil zenean, frantses gobernaria bere kargutik bota eta handikiek eta Hiri Onen ordezkariek, Garesen elkarturik, Felipe III.a Evreuxkoarekin ezkonduta zegoen Luis Hutinen alaba Joanari eman zioten koroa, eta horrela dinastia berri bati hasiera eman, Felipe IV.a Valoiskoa Frantziako errege zen bitartean. Errege-erregina berriak Nafarroako Gorteekin Larrasoañan elkartu ondoren, Iruñeko katedralean koroatu zituzten; (1329), foruak “hobetzeko erabakiak” hartu eta beren jatorriko lurraldeetara itzuli ziren.

Karlos II.a Gaiztoaren erregealdian, nahaspila politikoak eta gerrak izan ziren nagusi; horrek guztiak gainbehera amildu zuen ekonomia. “Izurri beltza” igaro eta berehalaxe hartu zuen oinordetzan erregetza. Nafarroako Gorteek koroaren alde agindutako laguntza ekonomikoengatik protestan ari ziren handiki eta nekazariak gogorki zigortuz hasi zuen agintealdia. Iruñeko ibarreko eta Arakilgo ibar jaunen ordezkariak eta Kapareen Batzordeko –handik aurrera ez da gehiago bilduko– beste buruzagi batzuk ere hilarazi zituen. Era berean, Normandia, Frantzia eta Gaztelako hainbat gerratan ere nahastu zuen Nafarroa.

Frantziako errege Juan II.a Zintzoaren Joana alaba nagusiarekin ezkondua baitzen (1351), Normandiako gerrari eusteko, Nafarroako hainbat eta hainbat oste eraman zituen itsasoz lurralde haietara; han ordea garaitu egin zuten Cocherelgo guduan (1364). Gaztelako erregetza zela eta Enrike Trastamarakoak eta Pedro I.a Ankerrak izan zituzten gatazketan, honi lagunduko ziola agindu zion Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako lurraldeak eta Errioxako beste zenbait herri itzultzen bazizkion; hark aginduak ez ziren bete ordea, “Ankerra” hil egin baitzen (1369), eta lur haiek bereganatzen saiatu zenean ezer gutxi eta denbora gutxirako lortu zuen.

Enrike II.a Gaztelakoarekin bakea sinatu eta bake hori, Karlos premua, geroko errege Noblea, eta Trastamarako Leonor errege-alabaren arteko ezkontzaz berretsi ondoren, nafarrak azpikeriaz jabetu nahi izan zuen Logroñoko hiriaz; horren ondorioz Gaztelak Nafarroako erreinua inbaditu eta Iruñea setiatu zuen; nafar erregeak Brionesko itun lotsagarria sinatu (1379) eta garrantzi handiko hiriak eman behar izan zizkion ordainez Gaztelakoari.

Garai horretan Luis infantea buru zuen nafar gudaroste bat abiatu zen Albaniarantz.

Luis hori, erregearen anaia, Joana Siziliakoa Durazzo dukerriko oinordekoarekin ezkonduta zegoen; nafarrak Durazzo hiriaz jabetu ziren (1375). Infantea hil zenean, Greziako lurraldeetan zehar jarraitu zuten Jerusalemgo San Joan Ordenaren Buruzagi Nagusiaren zerbitzuan.Karlos III.a Noblearen erregetzak funtsezko aldaketak ekarri zituen politikan.

Errege bakezale eta eskuzabala izan zen, beste erregeekin, eta bere mendekoekin ere, harreman onak izan zituena; inguruan kortesau talde bat izan zuen, horien artean mendiez haraindikoak ugari zirelarik. Arte eta arkitekturazko lan handiak eragin zituen. Iruñeko hiru udaletako biztanleak ere baketu zituen “Privilegio de la Unión” (“Batasunaren Lege berezia”) delakoaren bitartez (1423). Barruti eta handiki titulu berriak sortu zituen, horietako batzuk errege familiako sasi-oinordekoentzat: Muruzabal eta Erro ibarreko bizkonderriak bere anaiorde Leonel Nafarroakoa (1407) eta Beltran Ezpeletakoarentzat (1408), eta Cortes eta Leringo konderriak bere sasiko seme Godofre (1412) eta bere alaba Joanarentzat, hau Luis Beaumont-ekoarekin ezkondu zenean (1424). Goratutako leinu hauetako batzuek garrantzi handiko eginkizunak bete zituzten erreinuaren etorkizun politikoan.

Hiri On tituluak ere eman zizkien, batez ere Burunda-Arakil, Agilar eta Bidasoaren mendebaleko mugan zeuden hainbat herriri. Eskubide hauek, herritar guztien kaparetasuna aitortzea, zerga salbuespenak izatea eta merkatu eta azokez baliatzeko ahalmena ekarri ohi zuten auzotarrentzat.

Aldi berean, nekazaritzak gainbehera nabarmena izan zuen erregealdi honetan, eta krisialdi demografiko larria ere izan zen, nekazaritzaren ekoizpena gutxitzea, gosea larritzea eta sarri gertatu ziren izurriteei bideak irekitzea eragin zuen hainbat gorabeherek ekarria.

Ia bi mende iraun zuen aldi honen lehen zatian, etengabe izan ziren bidegabekeriak, batzuek Frantziako Capetarrek eginak eta besteak Champagne etxeko erregeek eginak. Klase gidariek herritarren arteko elkartasuna bultzatu zuten; geroz eta ugariago izan ziren Gorte Nagusien ernamuina izango ziren goi mailako handiki, elizgizon eta Hirietako aitonen semeen batzar eta bilkurak.

Antzinako Curia Regis delakoa aldatuz joan zen, harik eta haren lekuan Errege Kontseilua, Errege Gortea eta Kontu Ganbara erakundeak eratu ziren arte.

Kontu Ganbara hori, Karlos II.ak sortutako kontu auzitegia zen, diru txanponak egiteaz gainera, errege ondasunen diruzain nagusiak eta merindade bakoitzeko zerga biltzaileek urtero ematen zituzten diru kontuez arduratzen zena.

Nabaria da, halaber, Nafarroako administrazioan, gorteko modetan eta ohituretan, artean eta kulturaren beste hainbat alorretan Frantziak, hango erregeen bidez, edo errege horien gobernari, kortesau eta artisten bidez, izan zuen eragin handia.

Frantziaren eragina nabarmena da arkitekturan, eskulturan, pinturan eta arte xumeagoetan; emaitzen artean aipamen berezia merezi dute Iruñeko katedraleko kalostrapeak, Karlos Noblea eta Leonor errege-erreginen hilobiak –Jean Lope Tournaikoaren zuzendaritzapean gaur egun bere baitan gordetzen duen Iruñeko katedralerako eskultore talde batek Erriberrin landua–, eta Erriberri bertako jauregiak, Tafallakoarekin batera Errege Noblearen sortze lanik aipagarrienak. Frantziaren eragina beste bide batetik ere iritsi zen, batez ere Paris, Tolosa eta Montpellierko Unibertsitateetan ikasten aritutako hainbat nafarren bidez, alegia.

 

Azken krisialdia (1425-1521)

Karlos III.a hil zenean, haren alaba Blankari egokitu zitzaion koroa; Blanka Aragoiko Joan infantearen emaztea eta Karlos, Blanka eta Leonorren ama zen. Joan Aragoikoak, errege ezkontideak, Biasteri galtzea (1430) ekarriko zuen Gaztelaren aurkako gerran Nafarroa nahastu izan zuelarik, premuari erregetza ostu zion ama erregina hiltzean (1441) eta, batez ere, bera Gaztelako Fadrique almirantearen alaba, Joana Enrikezekin, bigarren aldikoz ezkontzean (1447), erregetzaren gozamen eskubidea galdu ondoren. Vianako Printzearekin batera Joana Enrikez erregina kide izendatu zutenean, gerra piztu zen Printzearen eskubideen aldekobeaumondarren eta tronu usurpatzailearen aldeko agramondarren artean. Borroka hauetako taldeak ez ziren banatu eremu geografikoen arabera. Hala ere, agramondarrak nagusi izan ziren Erriberan, Lizarran eta Erronkarin, eta beaumondarrak, aldiz, Iruñean eta Iruñeko Merindadean, Erriberrin eta Leringo Konderriko hirietan. Batzuen eta besteen arteko etsaigoak XVII. mendera arte iraun zuen.

Erasoak hasi zirenean, Printzea garaitu eta preso hartu zuten Oibarreko guduan (1452). Hura preso zegoela jaio zen Sosen haren anaiorde Fernando, gero “Errege Katolikoa” izango zena. Askatu zutenean, Italiara joan zen. Zaragozara itzuli zenean, oso abegi ona egin zioten (1460) eta jendearen berotasun horretaz inguraturik hil zen (1463). Haren arreba Blanka, Orthezen atxilotua, hurrengo urtean hil zen pozoituta, erregetzarako oinordekotza Leonor printzesari utziz, zeina Foixko Gastonekin ezkondua baitzegoen (1441). Agramondarrek eta beaumondarrek noiz batzuek noiz besteek lagundu zioten Leonorri eta, Iruñeko apezpiku, Nikolas Etxabarrikoaren laguntza ere izan zuen, baina hura Tafallan hil zuten Pierres Azkoiengoaren hiltzaileek (1468). Joan erregeak heriotzera arte gorde zuen erregetza (1479); orduan Leonorrek hartu zuen kargua. Urtarrilaren 19an Gorteetan erregin zina egin eta urte bereko otsailaren 12an hil zen. Anarkian nahasirik eta talde batzuen eta besteen arteko gatazkek ahuldurik eta odolusturik utzi zien erreinua bere biloba Frantzisko Febo eta Katalinari.

Katalina Joan Albretekoarekin ezkondu zen eta Pirinioen Iparraldean jarauntsitako lurralde zabalak gorde ahal izateko Luis XI.a Frantziakoarekin bakean egotera beharturik aurkitu zen. Bien bitartean, erreinu txikia, ezkontza bidez Aragoi eta Gaztela bere mende batu zituen errege baten hedapen asmoen mehatxupean zegoen. Katalina eta Joan saiatu ziren beren herria zuzendu eta gobernatzen, baina “Katolikoak” bere koinatu Luis Beaumont-ekoaren bitartez barne liskarrak piztu eta, bere garaian, konkista militarra prestatzen jarraitu zuen. Nafarrek, 1512ko uztailaren 18an Luis XII.arekin Bloisko ituna sinatuz, neutral jarraitzeko borondate sendoa azaldu arren, egun horretan mugan zain zeuden Albako dukearen gaztelar gudarosteek erreinuari eraso eta menderatu egin zuten, eta Gaztelako Koroari atxiki eta harekin batu zuten (1515).

Nafarroa barruko eta kanpoko gaur egungo joera historiografiko batek, indarrez batzearen kontzeptu hori arbuiatu eta gogoz bat egitearena proposatzen du, nafarrek hartatik lortu zituzten onuretatik argudio hartuz. Planteamendu hauen aurka agertu da Maria Puy Huici Goñi, bere En torno a la conquista de Navarra obra argitaratu berrian, honela esaten baitu: “XX. mendean hura zuzenesten jarraitu nahi izatea, nolabait indarkeria defenditzea da”.

Okupazioa bortuez bestaldeko Nafarroaraino ere iritsi zen, baina lurralde hura handik urte batzuetara Gaztelatik askatu eta Albretekoen agindupean egon zen.

Horri esker, leinu honek Nafarroako Errege titulua (lurralde honetan egitez, eta Gaztelako Koroaren mende zegoen lurralde partean eskubidez) mantendu ahal izan zuen, baita Enrike III.a Frantziako tronura iritsita gero ere. Bortuz bestaldeko Nafarroak, bere gobernu erakundeak izan zituen, Iraultza frantsesaren ondorioz erreinua desagertu zen arte.

Erdi Aroan erabiltzen ziren hizkuntzei dagokionez, euskara izan zen hedatuena.

Biztanle gehienek euskaraz hitz egiten zuten, Iruñeko eliz barrutian batez ere; nekazarien artean, hiriburukoak barne, ez zen besterik hitz egiten. Elebitasuna edo ele aniztasuna handikien, burgesen eta elizgizonen gauza izan zen, nahiz eta herritarrekin ama hizkuntza erabili, Radako Rodrigo Ximenez artzapezpikuak edota Luis Beaumont, Leringo Kondeak berberak euskaraz hitz egiten baitzuten.

Baina euskara idazkera gabeko hizkuntza zenez, agiri ofizialak idazterakoan hizkuntza “landuak” (latina, arabiera, hebreera) erabili ziren, Pirinioz bestaldeko hiritarrak zituzten hirietan okzitaniera, eta Leire, Aragoi eta Tuterako Erribera inguruan, berriz, Aragoi eta Nafarroako dialektoak. Erdi Aroaren bukaeratik, gaztelerak hartu zuen horien guztien lekua.

 

Lehen gobernatzaileak