Atlas Historikoa»Atlas Historikoa
Euskal Herria Erdi Aroan
EGILEA: Beatriz Arizaga Bolumburu E...
EGILEA:
Beatriz Arizaga Bolumburu
Erdi Aroko Historiako irakasle tituluduna
Kantabriako unibertsitatean. Euskal Herriko
Erdi Aroari buruzko ikerketak egin ditu,
bereziki Hirien Historiari buruzkoak.
Obrak: El nacimiento de las villas
guipuzcoanas en los siglos XIII y XIV,
Urbanística Medieval, Bizcaya en la Edad
Media (elkar lanean) eta Los Vascos a
través de la Historia: comportamientos,
mentalidades y vida cotidiana obraren
eginkidea.
Biztanleria eta kokaguneak
XII. mende amaiera arteko Euskal Herriaz ezer gutxi dakigu benetan, dokumentazio
historikoaren urritasunagatik. Nolanahi ere den, badakigu antzinako gizarteetan
eremu geografikoak berak zedarritzen duela zein ekonomia jarduera garatu
behar den, eta orobat zein jokabide sozial izango duten bertako biztanleek.
Euskal Herriaren kasuan, Erdi Aroko lehen mendeetako artzaintza eta abeltzaintza
izaera nagusi hura eskualde menditsu eta hezea izatetik datorkio. Euskal lurraldea
garai hartan, guztiz homogeneoa ez izanik ere, menditsu, oihantsu, barneratzeko
zail eta bazterreko eskualdetzat zen ikusia, eta kanpokoek gaizki
ezagutzen zuten.
Erdi Aroko lehen mendeei gagozkielarik, zalantzarik ez dago: Euskal Herria
bazterreko eskualdea da eta kanpotarrek ezaguera urria dute euskaldunez. Hori
garbiro frogatzen dute XII. mendearen lehen erdian gure lurretik igaro ziren bidaiarien
iruzkin bakan gogorrek. Bidaiari horiek –Hugo, Oportoko apezpikua
eta Bosio izeneko aita santuaren ordezkaria 1120an eta Aymeric Picaud frantsesa1140an– lurralde hauetatik iragateak zekartzan arriskuak kontatzen dituzte. Funtsean,
ibiltzeko bide sarerik ez zuten lur menditsuak zirelako. Geografiari dagozkion
zailtasunei bertakoekin harremanetan jartzeak zekartzanak gehitu behar,
gainera. Hizkuntza ulertezinak, janzkerak, ohiturek eta bidaiarienganako etsaigo
agerikoak jalgiarazten zituzten lekuko horiei beren testigantzetan euskaldunen
kulturazko arkaismoaren aurrean, hots, mendietan bizi den eta ez jendetza bildurik
ez hiririk ezagutzen ez duen herri baten aurrean erakusten duten ustekabe
eta harridura.
Lurralde hauez egiten diren lehen aipamenak IX. mendekoak dira Araba eta
Bizkaiari dagokienez, eta XI. mendea Gipuzkoaren kasuan, baina XII. mendearen
erdialderako hiru lurralde horiek hartzen duten euskal eremua egungo mugen
barne finkatua da.
Euskal Herriko biztanleak herrigune txikitan bildurik bizi ziren; herrigune
horiek auzo deitzen ziren Gipuzkoan eta Bizkaian eta herrixkaren neurrietara
ere ez ziren iristen –4tik 10 etxe bitartekoak ziren–. Auzo eta herrixka horiek
antzinako biziguneak dira; horiek bailara izeneko barruti zabalagoetan biltzen
ziren. Araban, bizigune txiki horien elkarteari talde zeritzan, Bizkaian merindade,
eta Gipuzkoan unibertsitate. Nekazaritzako etxebizitza bakartua, baserria, egun
oraino zutik ikus dezakegunaren antzekoa, XIII. mendetik aurrera hasi zen agertzen,
Bizkaian eta Giuzkoan batez ere.
Erdi Aroaren amaiera aldean, Amerika aurkitu zeneko mendean berean, euskaldunek
zabalduriko irudia eta XII. mendeko bidaiariek haiez aditzera emandakoa
desberdinak ziren guztiz. XV. mendean, “bizkaitarrak” –izen hori ematen
baitzieten Kantauri aldeko euskaldun guztiei– ezagunak ziren Europako ekonomiaren
egituran zituzten jarduerengatik, eta merkatari zein itsasgizon bikainak
zirelako ospea zuten.
Horrenbestez, XII. eta XIV-XV. mende bitartean gertatzen den funtsezko aldaketa
horrek azalpen sakona behar du, ezen aski gauza bitxia baita euskaldunak
Erdi Aroko historian berandu “sartzen” direla esatea –Bizkaia eta Arabari
buruzko lehen aipamenak IX. mendekoak dira, eta Gipuzkoari buruzkoa XI.. endekoa–, zibilizaziotik at dagoen herriaren irudi batez sartu ere, handik bi
mende geroago Europako merkataritza portuetan garrantzi handiko eginbideak
betetzen ikusteko. Aldaketa horren arrazoia hirien ezarrera da, hots, hiriak eta
hiribilduak euskal geografia osoan agertzea.
Hiriguneen sorrera
Berrehun eta berogeita hamar urtetan, XII. mendearen bigarren erditik
XIV.ekoaren amaieraraino, jendearen finkatze moduari dagokionez Euskal Herriak
jasan zuen aldaketa prozesua hain erabatekoa izan zen non ez zuen parekorik
ezagutuko XX. mendera arte. Laurogeita zortzi hiri eta hiribildu berri sortzen
dira han-hemen euskal geografiaren eremuan barreiaturik. Hiri
kontzentraziorik handiena Gipuzkoari dagokio, 25 hirigunerekin, Arabak 23 eta
Bizkaiak 21 zituztelarik. Nafarroak, Nafarroa Behereak, Lapurdik eta Zuberoak,
lurralde osoaren %50 baino gehixeago hartzen bazuten ere, hirigune kopuru askoz
txikiagoa zuten garai haietan. Nafarroako erresuman eta iparraldeko lurraldeetan
hirigintza prozesua bestelakoa izatea, bertako monarkiek lurralde politikaz
zituzten interes desberdinen adierazgarria da. Gaztelako Koroak, Bizkaia
haren barne baitago eta 1200. urtetik aurrera Araba eta Gipuzkoa ere bai, bere
mendeko lurretan jendeztatze politika eraginkorra bultzatzen du hiriak sortaraziz.
Euskal hiri eta hiribilduen sorrera Mendebaleko Europa osoan garatzen den
prozesu orokorraren barne kokatzen da, eta zehazkiago Gaztelako Koroak hiriak
jendeztatzeko burutzen duen politikaren barne. Erdi Aroko azken mendeetan,
Gaztelako Erresumaren iparraldeko lurraldeak hirigintza sustatzeko politika
bizi eta programatu baten gertaleku izango dira. Erregeek, elkarren segidan, interes
handia erakutsi zuten prozesu hori gauzatu zedin, beraiek eragile zuzenak
izanez edo mendekoek hartarako egiten zituzten eskariak faboratuz. Hirigintza
sustatzearen aldeko jarduera horren ondorioz, hirigune multzo handia agertu zen
penintsulako iparralde guztian. Halakoek, pribilejiozko toki zuzenbidez horniturik,
eginkizun politiko-administratibo garrantzitsua betetzen zuten inguruneko
nekazaritza eremuaren antolatzaile gisa.Era askotako arrazoiak izan ziren euskal hiribilduen sorreran eragina izan
zutenak, baina hiru multzo handitara bil daitezke guztiak:
• Lehenik eta behin, Gaztelako erregeek Kantauriko kostaldean portuak
eraikitzeko agertu zuten interesa, eta ibilbide seguruak izateko premia,
hiribilduak bidaietako geldigune eta babesgune gisa sortzen baitzituzten Erresumaren
barne aldera zihoazen bideetan zehar. Aurrenik, kostaldeko hiribilduak
sortu zituzten –Hondarribia, Getaria, Zarautz, Mutriku, Bermeo eta Plentzia–,
Kantauri aldeko itsasbazterraren ekonomia bizkortu eta bultzatzeko
asmotan. Gero, barne aldearekin komunikazioa ahalbideratzen zuten haranak
hornitu zituzten hiribilduz, hala nola Oriako harana, Tolosa, Villafranca (Ordizia)
eta Segura sortuz, edo Debako harana, Bergara, Arrasate eta Leintz Gatzagarekin,
Gasteizerako bidea erraztearren. Bizkaian, bai Nerbioi eta bai Kadaguako
haranei dagokienez, Bilbo hiriaren sorrera funtsezkoa izan zen, zeren
eta, Balmasedatik zein Orduñatik, Bilbo giltzarrizko gunea baitzen itsasorako
ibilbideetan.
Gune berri horiek produkzio eta kontsumo gaien sartu-irten mugimendua
eragin zuten eta portuek arrantza eta merkataritza jarduera bizia eraman zuten
aurrera, Europako eta Gaztelako gaien trukatzeko gune gisa.
• Muga lerroak seinalatu eta defenditzeko kezka. Dokumentazioak ematen
dituen datuei bagagozkie, mugaldeko egoerak bai monarkia bai bertako biztanleak
kezkatzen zituen. Segurtasunik ezak biztanleen artean sortarazten zituen
arriskuak kezka iturri ziren Erdi Aro guztian. Kontzejuen etengabeko kexek
ematen dute horren froga garbia. Gipuzkoa da egoera minberagarrienean aurkitzen
dena, ezen bi erresuma ditu mugakide: Nafarroa eta Frantzia. Dena den,
Gipuzkoa, Araba eta Bizkaia, Gaztelakoak izanik erresuma beraren baitanbadira ere, lurralde bakoitzeko mugan diren hiribilduentzat muga auzia kontuzko
arazoa da. Hala, Arabako Villarreal eta Zuiako Monreal hiribilduek Bizkaikoa
den Otxandio auzokoarekin gorabeherak izan zituen. Bizkaiko Markina,
Ermua eta Elorrio kexatu egiten ziren Gipuzkoako lurrak muga izateaz.
Hala berean, Arrasate eta Leintz Gatzaga Arabako muga ondoan izateaz kezkaturik
azaltzen ziren. Bai Hernanik eta bai Errenteriak babes berezia eskatzen
zuten Nafarroarekin eta Frantziarekin muga egiten zutela eta. Hondarribia hiribilduarena
kasu berezia da, bera baita gudaroste frantsesen oldarrak lehen
jasaten zituena, auzo erresuma bien artean gerra pizten zen bakoitzean. Orobat,
itsasora zabaldurik dauden kostaldeko hiriak mugakotzat hartzen dira,
harresiak eta defentsak konpontzerakoan, erregeari laguntza handiagoak eskatu
behar dizkiotenean.
• Segurtasuna eta defentsa talde bizitzan bilatzea. Kasu honetan, nekazaritza
eremuko biztanleek berek eskatzen dute hiribilduak sortzea, uste baitzuten
hesiz hornituriko herrigune bildu batean seguruago biziko zirela eta beren
burua hobeto defenditzeko gai izango zirela, baita eskualdeko aitoren semeen
eta arma gizonen aurrean ere. XIV. mendearen bigarren erditik aurrera, hiribilduen
sorrera ia guztiak biztanleriaren ekimenez gauzatu ziren, barreiaturik
arrisku handitan bizi zirela argudiatzen zutela. Zalantzarik gabe, toki batean
bilduriko jende multzoa seguruago zegoen barreiaturik zegoena baino; dena
den, pentsa daitekeenez, segurtasunaz gainera jende multzo haiek beste zerbait
ere bilatzen zuten bizimodu berrian. Segurtasuna arrazoi aski bada ere,
hirietako mundua nekazaritza mundutik, hiritarra baserritarrarengandik, bereizten
zuen pribilejio egoera hura ere nahi zuten segur aski.
Hiriek eta hiribilduek, artean Euskal Herrian ezezagunak ziren jendeztatze
molde berri horiek, funtsezko aldaketa eragiten dute gizartearen baitan. Finkagune
berriak, bilduak eta harresidunak, sorrera dokumentu batean oin harturik
agertzen dira; Foru edo Herri Gutun hori gune berri bakoitzari eta bizitzera
bertaratzen diren guztiei ematen zaie. Dokumentu horretan hirietako biztanle
berrien eskubideak eta eginbeharrak jaso eta adierazten dira. Gizarte ordena
berri askeago bat sortzen da. Ekonomia molde berriak ezartzen dira, artisautza
eta merkataritza direlarik bertako biztanleen lan jarduera nagusiak. Hiriko
komunitatearen zuzendaritzan parte hartzeko ahalmena eskuratzen dute hiritarrek,
udal gobernuan beren ordezkariak hautatzeko ematen zaien eskubideari
esker.Hiriko eremua nekazaritza eremutik sortzen da beti. Nekazaritza eremua
aldatuz doa, murriztuz doa, hiriaren errealitatea arrakastaz eta indarrez finkatzen
delako. Erdi Aroan sortzen diren ia hiri eta hiribildu guztiek mendetan
zehar irauten dute. Araban soilik, denboraren joanean, hiribildu batzuek galtzen
dute beren izaera, hiribilduen edo hirien itxura eta izatea baino areago,
herrixkena hartzen dutelarik. Hala eta guztiz ere, hirigintza prozesua oro har
arrakastatsua izan zela esan daiteke, eta ez denboran zehar hiribildu gehienak
bizirik mantendu eta garatu zirelako bakarrik, baizik eta hiriaren ereduak hiriko
hesien barne zegoena baino jende gehiago erakarri zuelako eta haren
eragina jende gehiagorengana iritsi zelako orobat. Hirietan bizi nahi zuen jendearen
kopurua hiriguneetako eremuak barnean har zezakeena baino handiagoa
zen; horregatik, aldiriak agertu ziren hiri gehienen harresien inguruetan,
zenbaitetan aldiri horietako biztanleriaren kopurua barnekoaren antzekoa
zelarik. Halaber, ezaguna denez, XIV. mendean hirien eragina hain handia zen
ezen, harresien ondoan aldiriak sortu izateaz gainera, hiritik hurbil zeuden nekazaritza
herrixka batzuek hirietako lege errejimenaren mende jartzea eskatu
zuten, erosoagoa baitzitzaien errejimen hura nekazaritzari zegokiona baino.
Nekazaritza ingurunearen gainean hiriak izan zuen eraginaren adibiderik
esanguratsuena Gipuzkoako probintziari dagokio. Herrixken, parrokien (kolazio)
eta unibertsitateen artean aurrera eraman zuten anexio eta auzotasun
eskrituren politikaren bidez, XIV. mendearen amaieran, Gipuzkoako lurralde
osoa hiriko munduaren eragin juridikoaren mende zegoen, guztiz eremu txikia
hartzen zuten Saiaz, Aiztondo eta Areria udal elkarteen salbuespenarekin.
Eguneroko bizitza: zenbait ezaugarri
Euskal Herriko hiribilduetako eguneroko bizitza biztanleen arteko harremanen
eta kontzejuari dagozkion harremanen ondorioa da. Ez zen gauza bera herrixka
txikitxoetan bizitzea, haietan gizarte harreman gutxi baitzegoen eta bakoitzak bere
kabuz edo familiarekin elkarturik egin behar baitzien aurre bizi beharrak ezarritako
arazoei, ala hiri edo hiribilduetan bizitzea, oso-oso zabal ere ez ziren barrutietan
eta harresi batzuen barrenean itxita.
Harresi barruko ia eremu guztia biztanleen etxebizitzek moldatzen dute; etxebizitza
horiek kaleak eratzen dituzte, etxeen arteko horma auzokide biena delarik.
Euskal hiribilduek lekune publiko gutxi dute; leku horiek kaleetako bidegurutzeetan,
hiriko ateen ondoan eta elizen inguruan aurkitzen dira. Kale estuak,
bidegurutzeak, ateen ondoko plazak eta eliz atariak dira merkatuen kokalekuak,
horietan aldarrikatzen dira kontzejuaren arauak eta eta horietan ospatzen dira
gizarte egintzak eta izaten biztanleen arteko harremanak.
Hiri edo herri horietako biztanleek beren kabuz antolatzen eta diseinatzen
zuten, udal kontzejuen bidez, hiri barrutian bizitza ahalbideratzen duten estrategia.
Etxebizitza eraiki zezaten, familia bakoitzari banatzen zitzaion orubea neurri
beretsukoa zen. Hiri berri bakoitzeko lehen biztanleek orube kopuru jakinean
banatzen zuten hartarako zegoen eremua, hiriak gerora izango zuen biztanleriaren
kopuru aurrez pentsatu baten arabera. Orube horiek, antzekoak guztiak,
kaleetan zehar lerrokaturik antolatu ohi ziren eta horietako bana ematzen zitzaion
familia bakoitzari etxebizitza egin zezan. Zura zen biztanleek eraikuntzarako erabiltzen
zuten eraikuntza materiala, gai horrek funtsezko hiru ezaugarri betetzen
baitzituen: biztanleria zegoen guneetatik hurbil aurki zitekeen, ugari zegoen eta
ez zen oso garestia. Biztanleek eskuarki ez zuten inolako arazorik gai horren
hornitzeko, hiriari zegozkion lurretan hazten ziren zuhaitzetako zura eskuratzea
libre baitzuten. XV. mendean oraino etxebizitza asko zurezkoak badira ere, arau
batzuek zuraren ordez harria erabiltzera behartzen zituzten hiritarrak, zura askoz
errazago erretzen baitzen suteak pizten zirenean. XV. mendea aurretik oso gutxitan
erabili zen harria, hiriko eraikuntza nagusietan ez bazen. Zuraren ordez harria
erabiltaraztearren, harriz edo karez eta harriz eraikitako etxeek abantaila
batzuk zituzten zurez egindakoen aurrean, zerga salbuespenaren epea luzatuz
edo zurezkoak baino garaiagoak egiteko baimena emanez.Etxearen altxaera sinplea eta garbia zen. Beheko solairua eta gaineko bizitza
besterik ez zuen izaten; denbora aurrera joan ahala, etxe altuagoak hasi ziren
egiten. Beheko solairuak kalera ematen zuten bi zabalune zituen; ataria, goiko
solairura eramaten zuena eta leihoa, tailerra edo denda argitzeko. Beheko solairuan
artisau edo merkataritza jarduera antolatzen zenean, espazioa zabaltzen
saiatzen ziren kale aldera “oholak” atereaz beren ekoizpenak erakusteko. Eskuarki,
kalerako leihoak ez ziren ez asko eta ez oso zabalak izaten, eta haiek barneko
argitasuna gutxitu gabe ixtea gauza zaila izaten zen; hartarako, oihal ezkoztuak
erabiltzen ziren, harik eta XV. mendearen amaieran –gutxika-gutxika bada ere–
horretarako beira erabiltzen hasi zen arte. Teilatua oso irtena izan ohi zen, modu
horretara etxeetako etxaurrea babestuz gainera, kaleko oinezkoen ibilera erosotzen
baitzuen, haiek ere euritik babesten zituela.
Erdi Aro guztian zehar, biztanleen espazio libreetan egiten zituzten gehiegikeriak
eragoztea izan zen udal kontzejuen obsesioa, zeren eta hirietan guztiz urri
ziren espazio publiko haiek beren probetxurako erabiltzen ahalegintzen baitziren
hiritarrak, beren etxebizitzeei zegokien orubea handik ez bada hemendik
zabaltzen saiatzen baitziren nola edo hala: etxaurreak kale aldera aurreratuz;
kanpoko eskailerak eginez, espazio erabilgarria gehitzeko asmoz; erronda bideak
itxiz, etxeetako hormak harresietaraino eramatearren. Astiro edo denbora luzez
burutzen zen prozesua izaten zen hori, baina hirietan behin eta berriz sortzen
ziren suteek faboratua. Behin etxeak suntsiturik, ahalik eta epe laburrenera berriro
eraiki beharra zegoela eta, jabeek maiz asko ez zituzten horretarako arauak
betetzen. Horrenbestez, espazio publikoa aldatuz joaten zen –murriztuz, zehatzago
esan nahi bada–. Kontzejuak, eraikitzeko zen espazioaren banaketa behar
bezala egiteko kezkaturik bazeuden, hiribilduak eraikita zeuden moduak ere ez
zituen gutxiago kezkatzen. Gorago adierazi den bezala, XV. mendea oso aurrera
sartu artean, zura izan zen ia Euskal Herriko hiribildu guztiek eraikuntzarako erabili
zuten gai bakarra; hori, jakina, guztiz gauza arriskutsua zen, hirigune gehienek
nozitu zituzten erabateko edo zati bateko suteek ongi eta sobera frogatzen dutenez.
Halako suteak ekiditeko, kontzejuek, udal ordenantzen bidez, zenbaitetan
animatu eta bestetan behartu egiten zituzten biztanleak etxeak eraikitzerakoan
bestelako materialak erabil zitzaten. Gainera, sua zabaltzearen aurkako oztopo
neurriak ere hartzen dira; xede horretan, zenbait ordena ematen dira: sutondo
guztiek harriz edo lur kareztatuz estaliak egon beharra, zuziak eta argi ontzi guztiak
burdinezko eseki tokietan eta hormetatik bereiz ezarri beharra, labeak hormetatik kanpo jarri beharra eta hiri barnean ez lastorik, ez bikerik, ez su har dezakeen
bestelako ezein gairik gordetzeko debekua. Suak hartuz gero, biztanle
guztiak zeuden beharturik haren itzaltze lanetan parte hartzera. Zenbaitetan hiriko
ateak ixteko ordena ematera iristen zen, nork bere ondasunak salbatu nahiz
inork aldegin ez zezan; ateak, sua itzali ondoren edo haren kontrola ezinezkoa
bihurtzean soilik irekiko ziren.
Jakien hornidura arautzea ere Erdi Aroko gizartearen kezka larrienetariko bat
zen, eta Euskal Herriko hiriek garai hartako Europako hiri handiek bezalatsu jokatu
ohi zuten horretan. Jakien hornidura egokia lortzeko, hiriak bere merkatuaren
erakargarritasun indarra jarri behar du jokoan. Beti ezin izango da hiria “onez
onean” hornitu; halakoetan, kontzejuek ahal duten presio guztia egingo dute
hurbileneko herri ekoizleen gainean, beren produktuak hiriko azokara eraman
ditzaten; hala berean, presioa egingo diete merkatariei, hiriak urri dituen bizikaiak
bertaratzera behartuz. Bilbo da bertara salerosketan jardutera hurbiltzen diren
merkatariekin zorrotzen jokatzen duen hiria. Hiriarekin tratua egin nahi duten
merkatarien zamari guztiak gariz, bestelako laborez edo biztanleen horniziorako
beste ezein jakiz kargatuak bertaratzera behartzen dituzte. Alabaina, zamaria hutsik
sartzen bazen, atzera irtetean guztiz galarazia zegoen kargatua joatea. Arrainak,
sardinak gehienbat, eta burdina eraman ohi zuten irteterakoan, zeren eta horiek
baitziren, hirian soberako produktuak izanik, bertan egiten zen merkataritza truke
handiaren oinarri. Elikagaiak hiriko ateetatik barrura sartzen zirelarik, ez ziren
horratik kontzejuen buruhausteak beste horrenbestez amaitzen, kontsumitzailea
babestu behar baitzuten orduan. Biztanle guztiek, behar izanez gero, elikagaietara
iristeko modua izan zezaten kontu hartu behar zuten kontzejuek, eta orobat
produktu horien kalitatea ziurtatu. Hori lortzeko, jakiak gizabanakoen eskuetan
pilatzea debekatuko zuten. Horrelakorik egiten kontrako erabakiez beterik daude
hirietako ordenantzak: etxean behar baino haragi gehiago pilatzen duten harakinen
aurka, beren labeetarako behar baino irin gehiago biltzen duten okinen
aurka, etxean premiazkoa dena baino labore gehiago erosten duten famili buruen
aurka. Merkatariek edo jende arruntak produktu kopuru handiak biltzea galaraztearren,
handizkako salmenta debekatua zegoen. Debekuekin batera merkatua
zaintzeko neurri zorrotzak ezarri ohi zituzten; horiek betearazteko, salerosketa
tokiak finkatu eta salmenta orduak zehaztu ohi zituzten kontzejuko ofizialek,
hobeto kontrolatu ahal izateko. Zenbait hiribildutan, Gernikan esate baterako,
elizaren inguruan burutzen ziren tratuak, edota kanposantuan, Bermeon bezala.
Ildo beretik, merkatariek kontsumitzaileari eskaintzen zizkioten produktuen
kalitatea mantentzea izaten zen kontzejuaren beste kezketariko bat, hiriko edo
herriko biztanleek ez kalitatean, prezioan edo kopuruan iruzurrik jasan ez zezaten.
Pisu eta neurri ofizialen sistema ezartzea kontzejuaren esku zegoen eta merkatariek
haien kopiak edukitzen ahal zituzten zegokien kanona ordainduz gero.
Kontzejuen ofizialek pisu eta neurri horiei etengabe kontu egiten zieten, saltzailearen
aldeko iruzurrik gerta ez zedin. Neurrien sistema ezarri ondoren, merkatuan
saltzeko ziren elikagaien prezioak finkatzen zituen kontzejuak.
Ez da erraza Erdi Aroan Euskal Herriko biztanleek jantzi kontuan zituzten
ohiturei buruzko azterketarik egitea. Guztiarekin ere, alor honen inguruko informazio
urria gorabehera, antzinako grabatuei esker eta erabiltzen zituzten oihalak
ezagutzen ditugunez, halako axaleko hurbiltze bat bederen egin daiteke. Janzkeran
era guztietako oihalak erabiltzen zituzten, nahiz eta dakigunez, seda eta
kotoia kanpotik ekarri beharreko produktuak ziren. Lihoa, ordea, etxean lantzen
zuten familiartean. Hala berean, Durango eta Bergarako oihalgileen gremioetako
ordenantzak ezagunak direnez, ezagutza konplituagoa dugu artileari buruz; oihal
arruntak egiten zituzten bertan, herrialdeko jendearen eguneroko horniziorako.
Kalitatezko janzkiak moldatu nahi zituztenean, inportaziozko gaiak ekarri
beharrean zeuden. Hiru jantzi mota zegoen. Barneko arropa lihozkoa zen, alkandora eta braga deiturikoak gizonena, atorra eta galtzak emakumeena. Horien
gainean kanpokoak ematen ziren –jipoia eta galtzak gizonei dagokienez eta gerruntze
eta gonak emakumeen kasuan–. Beste hirugarren arropa saila ere jartzen
zuten horien gainean, pieza bakarreko soinekoa gizonek, eta bikoa emakumeek.
Erdi Aroko oinetakoak hiru motakoak ziren. Lehenik, larruzko zapata modukoak,
oina soilki biltzen zutenak. Abarkak, euskal oinetako mota berezi hori,
sail horretan sartuko genituzke. Bigarren sail batean, oinez gainera, aztalak estaltzen
zituzten oinetakoak aipatu behar dira: bortzegiak, oso larru bigunez eginak,
eta botak, material sendoagokoak. Azkenik, bazen oinetako apal mota bat, zapaten
edo bortzegien zola gisa erabiltzen zena. Horien artekoak dira zurezko zolaz
hornituriko eskalapoiak, kortxozko zola zutenak eta txapinak, kortxozko zoladunak
eta garaiera handikoak hauek, barnealdea oihal aberatsez hornitua zutenak,
guztiz ikusgarriak eta zenbaitetan zinez bitxiak zirenak.
Gizonezkoen orrazkera erresumaren gainerako lurraldeetan erabiltzen zenaren
antzekoa zen, baina ez zen gauza bera gertatzen emakumeen orrazkerarekin.
Emakume ezkongabeak buru-hutsik ibili ohi ziren, baina beste lekuetan ez
bezala, hemen kaska motz zihoazen, ile zerrenda soil bat uzten zutela buruaren
inguruan. Emakume ezkonduek burukoa erabili ohi zuten, baina nesken buru
soilduak deigarri bazitzaizkien bidaiariei, euskal emakumeek erabili ohi iztuzten
buruko berezi-bereziek guztiz harritzen zituzten bidaiariak. Antza denez, burukoak
zumitzezko egitura baten gainean paratzen ziren; egitura horren gainean zenbait
metro mihise biribildu eta, nahierarako forma emanez, oso buruko garaiak gertatzen
ziren, puntadunak eta adar itxurakoak. XV. mendean halako konplikazioraino
iritsiak ziren buruko horiek, non Portugaleten “burukoak lotzeko ofizialak”
bazirela egiaztaturik baitago. Debako hirian, gehiegikeriak saihestearren, udal
ordenantzek burukoetan erabil zitekeen oihal kopururik handiena arautzen zuten:
“hogeita hamaika kanabete oihal mehe eta sei kanabete oihal lodi” gehienera
ere, hots, ia hogeita hamar metro oihal.
Kontzejuak, jantziarekin zerikusirik zuten gaietan ez zuen ezertan esku hartzen,
eskuarki, horretan Debako ordenantzak salbuespena direlarik, baina elikaduraren
alorrean bezala, bere merkatuak janzteko behar adinako oihalez hornitzeaz
arduratzen zen. Dakigunez, janzkiak eta haren osagaiak hain luxuzko maila
nabarmenera iritsi ziren non erregeek berek lege zurrunak eman baitzituzten alderdi
honi dagokionez. Gizarte talde guztietan izugarrizko garrantzia ematen zitzaion
janzteko luxuari eta Europako herrialde guztietan apaindura jantziei
buruzko legeak atera zituzten, helburu bikoitzarekin alegia: jantzi gastuak geldiaraztea
eta gizartearen barnean, taldeen artean, zeuden aldeak nabarmenaraztea,
janzterakoan talde desberdinek erabil zezaketen aberastasunaren arabera.
Gaztelan, Errege Katolikoek pragmatika bat atera zuten 1494an, jantzi kontuan
erabiltzen zen gehiegizko luxua agertaraziz, hiritarrek beren ondasunak xahutzen
zituztelarik urrez landutako brokatuak eta ehunak erosi beharrez. Are zaldi
uhaletan beretan ere erabiltzen diren urrezko eta zilarrezko apaingailuak. 1498an,
Toledoko Gorteek debekuei eutsi zieten. Hala eta guztiz ere, luxua kondenatzearekin
batera, kalitate handiko janzki jakin batzuk zein urrezko eta zilarrezko
gauzakiak erabiltzea debekatzen zuten lege horiei uko egin zien jendeak, horretan
beren eskubideen eta ohituren aurkako erasoa ikusten baitzuten. Eta hala
gertatzen da Bizkaian, non emakumeek bertako janzkia ukitzen duten debekuengatik
protestatzen duten, janzki horrek urrezko, zilarrezko eta sedazko zenbait
apaindura izaten baitzituen.
Hitz batean eta konklusio gisa, Erdi Aroan hirien eta hiribilduen sorrera ekarri
zuen hirigintza prozesuari esker, Euskal Herrian funtsezko aldaketa prozesu bat
gertatu zen eta horrek Europako historian partaide izatea ekarri zion, eta mundu
modernoaren atarian ezarri.
Erdi Aroko Euskal Herria urtez urte
1152 Akitaniako Leonor Gaskoiniako Enrike II.arekin ezkontzen da eta Ipar Euskal
Herriko lurraldeak ingelesen eraginpean gelditzen dira.
1180 Urte horren inguruan Antso VI.ak Lizarrako Forua ematen dio Donostiari.
1181 Antso VI.ak Logroñoko Forua ematen dio Gasteizi.
1198 Antso VII.ak Forua ematen dio Iruñako Nafarreria auzoari.
1200 Araba eta Gipuzkoa Gaztelako erresumari erasten zaizkio, Enrike VIII.a erregea
zela.
1238-1240 Nafarroako Foru Zaharra idazten da. Erresumaren lehen Konstituzio idatzia.
1274 Nafarroa frantses koroaren mende, Champaigne-ko Enrike I.a hil ondoren.
1296 Paduretako Hermandadea sortzen da, bertan Donostia, Laredo, Castro Urdiales,
Santander, Bermeo, Hondarribia eta Gasteiz biltzen dira.
1300 Diego Lopezek Bilboko hiriari Forua ematen dio.
1328 Nafarroa Frantziako koroatik bereizten da. Evreux-eko Juan eta Felipe, Nafarroako
errege.
1339 Frantziaren eta Ingalaterraren arteko Ehun Urteko Gerraren hasiera.
1449-1450 Lapurdi eta Zuberoa Frantziako koroari erantsirik. Nafarroako Gerra Zibilaren
hasiera, Juan II.aren eta bere seme Karlos, Vianako printzearen artean.
1452 Bizkaiko Foru Zaharra idazten da; bertan ohitura usadioak biltzen dira.
1457 Gaztelako Enrike IV.ak Gipuzkoako Hermandadeen Ordenantza Liburua
onartzen du.
1463 Arabako Hermandadearen Kapituluak idazten dira.
1474 Gaztelako Enrike IV.aren heriotza. Erregetzarako Gerra. Isabel eta Fernando,
Errege Katoliko izendatzen dira.