Atlas Historikoa»Atlas Historikoa
Historiaurrea
Euskal Herriko herri oroimenak gaur arte gorde ditu herri honetako lehen biztanleei
eta haiek eraikitako monumentuei buruzko leku izen, ipuin eta esaerak
(gehienak Jose Migel Barandiaranek jasoak).
Historiaurrea, mito hauen arabera, jeinuak, heroiak eta gizakiak batera bizi
ziren aro zoragarria izan bide zen. Jentilak (Jentilenleze, Jentilkoba…), sorginak
(Sorginzulo, Sorginenleze…), lamiak (Laminizilo, Lamineneskatza…), mairuak
(Mairuelegorreta, Morulegi, Moroen kobak…), eta Mari (Marizulo, Mariazulo) bizi
ohi ziren leizeetan eta altxor miragarriak ezkutatzen zituzten. Sorginek, jentilek,
mairuek, Tartalo begi-bakarrak, Mari/Mairi jeinuak edota historiatik jasotako izenak
diren Errolan edo Sansonek eraikiak edo erabiliak bide ziren historiaurreko
hainbat monumentu. Trikuharri askoren izenak oroitarazten digu urrez betetako
idi larru, kutxa edo kanpaien hilobi edo ezkutaleku izan zirela: Jentilarri, Jentiletxe,
Sorginetxe, Tartaloetxeeta, Mairietxea, Marikuutz, Biaizpen Sepulture, Jeneralen
Tonba, Kutxaxarreta, Kanpusantuzarra, Mairuetxe, Maruelexa, Morulegi,
Errolanarri, Mairuilarrieta, Moruenkoba, Morumendi, Torremoros, Akelar, Chabola
de la Hechicera, Laminizilo, Xantxotenarria, Balankaleku (han bizi zen jentil
itsuaren begiak zabaltzeko erabilitako palankagatik), Diruzulo, Irukutxeta…
Harrespil edo cromlechak mairu, jentil eta abarren baratzak ziratekeen (Mairubaratza,
Jentilbaratza, Mairuilarrieta, Soldaduharriak…). Harrizko eraikuntza horiek
gainera mugarri iraunkorrak dira (Mugarriberri, Mugasoro, Irumugeta, Mugarri,Mugako Arria, Mugarrieta…). Kristautasunaren etorrerak “jainkoen gainbehera”
ekarriko zuen, antzinako aro zoragarri hura joan eta gaur egungoa etorri zen:
jentilak erretiratu eta koba edo trikuharrietan ezkutatzen dira, nekazaritza eta
teknika “modernoak” hedatzen dira, eta paisajeak egungo itxura hartzen du.
XX. mendean zehar, goian aipatutako elezaharrak gorabehera, gure Historiaurrearen
ezagutza finkatuz joan da: 1917 eta 1936 bitartean, T. Aranzadi, J. M. Barandiaran
eta E. Egurenen azterketei esker sendotuz eta helduz joan zen, eta 1960
ondoko hamarraldian eskola haren jarraipena ziurtatua geratu zen, J. M. Barandiaranekin
ikasi baitzuten eta trebatu baitziren gaur egun arlo honetan lanean
eta ikertzen diharduten gehienak.
1970 ondoko hamarraldia aurreratua denean, datuak nabarmen ugaldu dira,
lan taldeak ere aniztuz doazen neurrian. Bereziki emankorrak gertatu dira, ondoren
aipatzen diren aztarnategietako indusketetan lortutako informazioak: Ekain,
Amalda, Erraila eta Labeko Koba Gipuzkoan; Fuente Hoz, Peña Larga, Solacueva,
La Hoya, Atxako San Migel, Llanosko trikuharria eta San Juango hilobi kolektiboa
Araban; eta Portugain, Zatoia, Hego Mugarduia, Padre Areso, La Peña
eta Aizpea Nafarroan. Oraindik aurrera darraite indusketa lanek Areatzan, Santa
Katalinan, Lumentxan, eta Bizkaiko zenbait trikuharri eta kastrotan, Aitzbitarte
III, Antton Koba eta zenbait megalito Gipuzkoan, Arrilorreko leizea eta Karankako
kastroa Araban eta Berroberria, Abauntz, Monte Aguilar, trikuharri pare bat eta
Burdin Aroko zenbait aztarnategi garrantzitsu Nafarroan.
Iparraldeko Historiaurrea aldiz, gutxi batzuen ahaleginez egiten ari den lana
da. Bitarteko urriak dituzte eta trikuharri, tumulu eta baratzak aurkitzen eta arakatzen
saiatzen dira. Miarritzeko Phare eta Azkonziloko kobak ere aztergai dituzte.
Nafarroa, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Historiaurreko material gehienak,
denak ez esatearren, herrialde hauetako museoetan aurkitzen dira: Nafarroakoa
(Iruñean), Arabako Arkeologiakoa (Gasteizen), San Telmokoa (Donostian), eta
Euskal Arkeologia, Etnografia eta Historiakoa (Bilbon). Iparraldeko Historiaurreko
datuak sakabanaturik daude: Baionako Lizeoan eta Euskal Museoan gutxi
batzuek, Olha I eta Isturitzekoak Musée des Antiquités Nationales delakoan Saint
Germain-en-Layen, eta zenbait bilduma partikular (P. Boucher-ena Maulen, C.
Chauchat-ena Duzunaritzen, G. Laplace-rena Coarrazen eta J. Blot-ena Donibane
Lohizunen).
EGILEA:
Ignacio Barandiaran Maestu Donostia, 1937. Historian doktore Zaragozako unibertsitatetik. Arkeologiako eta Antzinako Historiako irakasle unibertsitate horretan. Arkeologia, Epigrafia eta Numismatikako katedradun La Laguna eta Santanderko unibertsitateetan. Gaur egun, Historiaurreko katedradun Euskal Herriko Unibertsitatean. Paleolitos eta Mesolitos aroetako gaietan aditua denez, arkeologia araketa eta ikerkuntza egitarau askotako zuzendari izan da. 1980-1982 bitartean Kultura Ministerioan Haitzuloetako Artearen Batzorde Nazionaleko lehendakari. Egun, Nafarroako Kultura Kontseiluko Arkeologia Batzordeko lehendakari da. 178 idazki argitaratu ditu, horien artean 13 liburu.
Behe Paleolitos Aroa
Euskal Historiaurreko aldietatik Behe Paleolitos Aroa ezagutzen da gutxien. Ez
da hezur bakar bat ere aurkitu, ez gizakiarenik, ez ehizatzen zituzten animalienik.
Harriz landutako lanabesak bakarrik aurkitu dira: aizkora buruak (aizkoraren
eta pikotxaren erabilera zutenak) eta beste zenbait harri punta-zorrotz edo
horzdunak. Sakabanatuak zeuden ibai edo itsasertzetik hurbil, Urrunaga, Aitzabal
eta Urizaharran (Araba); Zuñiga, Koskobilo, Urbasa, Lezaun, Lizarra, Viana
eta Irunberrin (Nafarroa); Larralde/Bidarte eta Le Basten (Lapurdi) eta Tanbau
eta Baiguran (Nafarroa Beherea). Atereak izan ziren harkaitzetatik hurbil zeuden:
Ega, Irati eta Aturri ibaien terrazetako kuartzita zatiak dira eta baita beste
zenbait haitz gogor ere Koskobilon (ofita eta basaltoa), Muruan (hareharria) eta
Urbasan (silizea). Itxuragatik, Acheul aldi berandutarrekokoak dirudite: ez 200.000
urte baino lehenagokoak.
Bitarteko Paleolitos Aroa eta Goi Paleolitosa
Bitarteko Paleolitos Aroa mendebaleko Europan, K.a. 100.000tik 35.000 urtera
bitartean garatzen da, klima epelagoak eta oso hotzak txandakatzen ziren bitartean
(Riss/Würm izotzaldi artekoa eta Würm izotzaldiaren lehen erdia). Garai honetako
kultura nagusia Moustier aldikoa da, “Neanderthal gizakiarena”.
Euskal Herriko berrogei toki baino gehiagotan aurkitu dira aldi hartan gizakien
bizitoki izandakoen aztarnak. Ondoko hauek dira aztarnategi garrantzitsuenak:
Kurtzia –landa zabalean– eta Axlorreko babesgunea Bizkaian; Arrilorko koba
eta Murbakoa Araban; Lezetxiki eta Amaldako leizeak Gipuzkoan; Koskobiloko
leizea eta Urbasako beste zenbait toki Nafarroan; Olhako harpeak Lapurdin; Isturitzeko
leizeak Nafarroa Beherean eta Gatzarria Zuberoan. Gehienak leize atarietan
edo harkaitz irtenen babesean daude; oso gutxi landa zabalean, itsasertzean
(Lapurdin), ibaien terrazetan (Ebro eta Aturri) edo barnealdeko toki altuetan
(Urbasa). Aztarnategi horien lodierak erakusten du Moustier aldiaren iraupen
luzea: Olha Ien 5 metroko lodiera du, Axlorren (9 maila hartzen ditu) 4,5 metrokoa
eta Lezetxikin 7tik gorakoa.
Harkoskorretatik abiatuz, punta, karraskailu eta beste zenbait tresna landu
zituzten, batzuk zeregin jakin batzuetarako bereziak edo tokian tokiko teknika
ohituren arabera.
Ahal zuten edozer ehizatzen zuten, basazezenak, bisonteak, zaldiak, basahuntzak,
oreinak, errinozeroak, elur oreinak, mamutak –Olha Ien– e.a. Euskal Herrian
bizi bide ziren “Neanderthal gizakietatik” (Homo sapiens fossilis) gizaki heldu
baten humeroa (segur aski emakumearena) eta bi hortz bakarrik aurkitu dira
Lezetxikin eta Axlorren mutil gazte baten 5 hortz.
Mendebaleko Goi Paleolitos Aroak (K.a. 35.000tik 8.500 urtera) klima desberdinak
ezagutu zituen, Würm II/III bitarte epeletik hasi eta Azken Izotzaldiaren
(Würm IV) amaiera arte. Aldi honetan Homo Sapiens Sapiens (Cromagnon) motako
gizaki-taldeak bizi dira eta oso ondo lantzen dituzte harria (harri-xafletatik
abiatuz), adarkia, marfila, eta hezurrak; baliabide naturalak ongi ustiatzeko gai dira
eta Gizadiaren Historiako lehenengo arte sinbolikoa eta figuratiboa sortzen dute.
Euskal Herrian hirurogeitik gora dira garai honetan gizakia bizi izandako tokiak:
gehienak, itsasertzetik nahiko hurbileko leizeak, ez oso altu. Aztarnategi horietatik
heren bat baino gehixeago arakatu dira sakon. Hona garrantzitsuenak: Atxeta,
Santimamiñe, Abittaga, Lumentxa eta Bolinkoba Bizkaian; Lezetxiki, Labeko
Koba, Urtiaga, Ermittia, Ekain, Amalda, Erraila, Aitzbitarte III, Aitzbitarte IV eta Torre
Gipuzkoan; Koskobilo (desegindako aztarnategia, gaur egun), Hego Mugarduia
(landa zabalean), Abauntz, Berroberria eta Zatoia Nafarroan; Isturitze Nafarroa
Beherean eta Gatzarria Zuberoan. Berorietako biztanleak ehiztariak ziren eta taldeka
ehizatzen zuten, harrapakina izutu, inguratu eta erasoz. Haragia, larrua, hezurrak eta adarrak, dena zuten baliagarri. Oreina zuten harrapakinik arruntena (elur
oreina, klima hotzagoa bazen). Harkaiztietan, basahuntzak eta sarrioak, eta belardi
eta toki zabalagoetan, zaldiak, bisonteak eta basazezenak. Ehiztari taldeak urtean
hiruzpalau aldiz joaten ziren ohikoa zuten bizitokitik (hobekien antolatutako leizeak)
inguruko beste tokiren batera hango baliabideez hornitzeko.
Isturitzeko leizea, mende honen lehen herenean arakatua, Europako Paleolitos
Aroko aztarnategirik interesgarrienetakoa da: Bitarteko Paleolitos Aroan (Moustier
aldia), Goi Paleolitos Aroan eta geroztik ere (Azil aldia, Brontze Aroa) gizakia
bizi izandako aztarnak erakusten ditu bere geruza mailakatuetan.
Würm II/III tarte epelean, artean mendebaleko Europan azken neanderthalak
bizi zirela (berehala hartuko zuten Cromagnonek haien tokia), Bitarteko Paleolitos
Arotik Goi Paleolitos Arora pasa zen Châtelperron eta Aurignac Zaharreko
kulturekin (K.a. 35.500etik 30.500era): Gatzarria da berorien adierazgarri. Würm
IIIko oso giro hotzak dira (azeri arktiar, mamut eta errinozero iledunen aztarnak
aurkitu dira Isturitzen) Aurignac aldi arrunt eta La Gravettekoaren ezaugarri (K.a.
30.500etik 19.000/18.500era): Isturitze, Gatzarria, Labeko Koba, Aitzbitarte III,
Bolinkoba eta Amalda. Solutreko kulturak (K.a. 19.000/18.500etik 15.000ra) Würm
III/IV tartea hartzen du: Bolinkoba, Ermittia, Abauntz, Koskobilo, Aitzbitarte IV,
Haregi eta Isturitzen. Würm IVean zehar Madeleine aldia garatzen da (K.a.
15.000tik 9.500/8.500era) klima epelagoetatik hotzagoetara aldatuz. Madeleine
aldi Zaharreko (I eta II) aztarna gutxi dira Euskal Herrian, Behe Madeleine aldikoak
(III) eta Bitarteko Madeleine aldikoak (IV) gehixeago eta Goikoak eta
Azkenaldikoak (V eta VI) ugari. Hona Madeleine aldiko aztarnategi garrantzitsuenak:
Santimamiñe, Lumentxa, Bolinkoba, Lezetxiki, Urtiaga, Ermittia, Ekain,
Aitzbitarte IV, Abauntz, Berroberria eta batez ere, Isturitze.Aurignac aldi arruntetik hasita, gizakiak animalia irudiak, giza antzeko irudiren
bat eta esanahi ezezaguneko geometria zeinu desberdin ugari marraztu du.
Nola haitzuloetako hormetan pinturak eta grabatuak eginez (haitzuloetako artea),
hala bestelako tresna txikiagoetan grabatuak edo erliebeak atereaz (harri
xafla, hezur, adarki, edo marfilean). Europako hego-mendebalean agertu dira
gehien (Dordoñan, Pirinioetan eta Kantauri ertzean), eta Bitarteko Madeleine alditik
Azkenera bitartekoak dira.
Haitzuloetako artea Euskal Herrian, ondoko leizeetan aurkitzen da: Venta
Laperra, Areatza eta Santimamiñe Bizkaian; Ekain eta Altxerri Gipuzkoan; Alkerdi
Nafarroan; Isturitze, Haristoi eta Erberua Nafarroa Beherean eta Xaxixiloaga,
Sinhikole eta Etxeberri Zuberoan. Venta Laperrako grabatuek La Gravette aldikoak
dirudite; gainerako guztiak Solutre aldikoak eta batez ere, Madeleine aldi zeharrekoak
dira (Santimamiñe, Altxerri, Ekain edo Erberua).
Isturitzeko tresnetako artea besteen gainetik nagusitzen da harri, adarki eta
hezurretan egindako grabatu eta erliebeengatik (Aurignac, La Gravette eta Solutre
aldikoak, eta batez ere, Bitarteko Madeleine aldikoak); baina badira antzeko
beste tresna batzuk ere, oso interesgarriak –eta garai beretsukoak– Santimamiñe,
Lumentxa, Bolinkoba, Urtiaga, Ermittia, Aitzbitarte IV, Ekain, Torre, Abauntz eta
Berroberrian.
Oso gizaki hezur gutxi aurkitu da Goi Paleolitos Aroko euskal aztarnategietan.
Isturitzekoak dira aipagarrienak: Aurignac aldi arruntekoak (matrailezur erdia
eta pertsona larri baten beste zatika batzuk), La Gravette aldi berandutarrekoak
(zazpi-zortzi pertsonarenak –haurrak, gaztea eta helduak– eta batzuk, hil
eta ondorenean hezurrei haragia kentzen jardundako seinaleekin) eta Bitarteko
Madeleine aldikoak (zenbait hondakin, horien artean pertsona larri baten burezurraz
egindako ustezko burezur kopa). Madeleine aldi berandutarrekoak dira
Errailan aurkitutako bi gizaki hortz eta besteren bat Berroberrian.
1931-1936 bitartean egindako araketetan T. Aranzadi eta J. M. Barandiaranek
Urtiagako haitzuloan aurkitutako antropologia multzo garrantzitsua (ustez Madeleine
aldi berandutarreko –D maila– burezur osoa eta beste zenbait hezur; eta
Azil aldiko –C maila– bost burezur zati eta beste hezur batzuk), beranduagokoa
izango litzateke (Eneolitos Arokoa), hezur biltegia noizbait nahastu eta Goi Paleolitos
Aroaren azkenaldiko eta Epipaleolitosko mailetara sartuak izan bide zirelarik
berez Eneolitos Arokoak ziren hezurrak.
Holozenoko aldaketak
Azken Izotzaldiaren azkenaldiko eguraldi ez hain hotz eta hezeagoengatik eta
Holozenoaren eta, horrenbestez, gaurko klimaren etorreraren eraginez aldaketa
handiak sortzen dira bai landaredian bai animalietan. Bestalde, Kantauri itsasoaren
maila igo egiten da, Azken Izotzaldiko atzerakada kotatik egungo kotaraino (0
kota): K.a. 6.500ean itsasoaren maila -33 metroan zegoen, 5.350ean -14 metroan,
2.500ean -5 metroan eta K.a. 350 aldera harrapatu zuen gaurko maila.
Hiru mila urtean zehar hurrenez hurren etorriko dira Epipaleolitos zaharreko
kultura (K.a. 8.500/8.200etik 6.800era) eta Epipaleolitos betekoa edo Mesolitos
aldikoa (K.a. 6.800etik 5.500era).
Animalia moten aldaketak ehiza teknika berriak eta arma eraginkorragoak eskatzen
ditu (arkuz jaurtitako geziak); basurdearen ehiza hedatu egiten da. Mantenu
baliabideak zabalagotu egiten dira, alde batetik baso hostoerorkorren emaitzak
(gaztaina, hur, eta ezkurrak), eta bestetik itsasertzeko bokale eta
paduretakoak. Ugariak dira Epipaleolitos/Mesolitos aldietan, garai hartako janaldien
hondakintzat utzitako maskor eta arrain hezur pilak haitzulo bazterretan:
Santimamiñeko maskor pilan gehienak ostrak (%75) eta txirlak dira (%17), eta
baita lapa, muskuilu eta marraskiloak ere. Arrantzarako sareak eta hezurrezko
amuak bazituzten (Aizpeako aztarnategikoak kasu) eta baita harkaitzetik maskorrak
askatzeko harrizko pikotxak ere.
Epipaleolitos zaharrean, Azil aldiko kultura eta Azil ondorengoa garatzen dira,
hauek jarraitzen eta burutzen dute aurreko Madeleine aldikoa. Epipaleolitos zaharrean,
Goi Paleolitos Aroaren azkenaldiko haitzulo berberetan biziko dira,
ehizatzeko moduak eta tresnak ere antzekoak dira eta Goi Paleolitos Aroko arte
ikusgarriari amaiera ematen zaio. Besteak beste, Azil aldiaren (K.a. 8.500etik 7.500/
7.000ra) erakusgarri dira Areatza, Atxeta, Santimamiñe, Lumentxa, Santa Katalina,
Bolinkoba, Silibranka, Abittaga eta Atxurra Bizkaian; Urtiaga, Ermittia, Lezetxiki,
Ekain, Erraila, Aitzbitarte IV eta Antton Koba Gipuzkoan; Berroberria,
Abauntz, Zatoia eta Portugain Nafarroan; eta Isturitze Nafarroa Beherean. Azil
ondorengo kulturakoak berriz Txarratuko Mendiska (Trebiñon) eta Nafarroako
Berroberria eta Zutoia leizeak.
Epipaleolitos betean, Mesolitos aldian alegia, tresneria geometrikoa sortzen
da: era geometriko desberdinetako gezi punta txiki multzo bat (trapezioak, triangeluak
eta zirkulu zatiak). K.a. 6.000. urtea baino lehentxeago hasten da eta haitzulo
askotan garai honetako estratuek Neolitos Arokoekin bat egiten dute.Euskal Herriaren barne aldera hedatzen da gizakia, eta lehenengo aldiz itsasotik
nahiko urrun eta sobera altu dauden leize edo harpe babesetara biltzen da: Fuente
Hoz Araban; La Peña, Padre Areso eta Aizpea Nafarroan, berriki arakatuak denak.
Epipaleolitos/Mesolitos berandutarrean xaflagintza tradizioak eta marrazki
geometrikoen tradizioak, biek jarraitzen dute: Neolitos Aroko zenbait berrikuntza
apurka-apurka gehituz.
Ez dugu daturik euskal Epipaleolitos/Mesolitos Aroetako arraza tipologia ezagutu
ahal izateko: Goi Paleolitos Aroan mendebal osoan hedatutako Cromagnon
arrazakoak izan bide ziren.
Neolitos Aroa
Atlantiko aldeko giroko aldian (K.a. 5.500etik 3.000/2.500era) harrapatzen da
klima hoberentzat jotzen dena, oraingoa baino beroago eta hezeagoa: Mesolitos
Aroko garapenak aurrera egiten du eta Neolitos Aroko berrikuntzak hedatzen
hasten dira.
Neolitos Aroan zehar aldaketa handiak gertatzen dira: teknika eta industrietan
(zeramika eta harri leunketa); bizimodu eta horniduretan (nekazaritza, abeltzaintza,
etxolak elkarren ondoan eraikitzean lehen herriguneak sortzen dira);
ikonografian eta hileta errituetan. Aldaketa horiek denak, Ekialde Hurbilean eta
Ertainean denbora gutxian oso zabaldu ziren bezala (“Neolitos Aroko iraultza”),
Europako mendebalean –eta ondorioz Euskal Herrian– pixkanaka eta oso astiro
joan ziren sartzen.
Euskal Neolitos Aroko aztarnategi garrantzitsuenak ondokoak dira: Areatza,
Santimamiñe, Kobeaga II eta Kobaederra Bizkaian; Herriko Barra (landa zabalean)
eta Marizulo Gipuzkoan; Fuente Hoz, Txarratuko Mendiska, Los Husos eta
Peña Larga Araban; Zatoia, Abauntz, La Peña, Aizpea, Padre Areso eta Urbasa II
(landa zabalean) Nafarroan; eta Moulignako itsasertzeko biltegia Lapurdin (itsaski
bilketarako pikotx galantekin). Gehienek interes handia dute arkeologiaren
aldetik eta azken hamabost urteotan arakatu dira.
Elkarren segidan datoz Neolitos zaharra (K.a. 4.500etik 4.000ra), oso berrikuntza
tekniko gutxirekin; Neolitos bete edo aurreratua (K.a. 4.000tik 3.300era), berrikuntza
gehiagorekin eta abeltzaintzaren sarrerarekin; eta Neolitos azkenaldia
(3.300etik Eneolitos Aroaren hasieraraino). Azkeneko honetan agertzen dira
megalitoen hileta errituak eta hedatzen dira abeltzaintza, nekazaritza eta landa
zabaleko etxola eraikuntzak.
Euskal Herriko zeramikarik zaharrenak (dekoratu gabeak) Zatoia eta Fuente
Hozen aurkituak dira, eta K.a. 4.400etik 4.000ra bitartean datatu dira; garai horretakoak
dira –Neolitos zaharrekoak alegia– Peña Largako ontzi “cardial” zati batzuk
ere (“cardium” motako maskorraren ertza inprimatuz dekoratuak). Eranskinez
edo arrailduraz dekoratutako ontziak, berriz, Neolitos aurreratuan azaltzen
dira Los Husos, Areatza eta Marizulon.
K.a. 4.000 inguruan Zatoiako leizean bizi zirenek harrapakin hauek ehizatzen
zituzten: basurdeak (%73), oreinak (%10), basahuntzak (%5), orkatzak (%5) eta
zenbait zaldi, basabehi eta sarrioren bat. Aizpeakoek, mota horiek ehizatzeaz gain,
ondoko Irati ibaian arrantza egiten zuten. Neolitos betera arte (Fuente Hoz, Abauntz
eta Marizulo) ez da azaltzen Euskal Herrian etxabererik: abeltzaintza hondakinak
gutxiago dira beti ehiza hondakinak baino. Neolitos azkenaldian bakarrik
(Los Husos eta Areatza) izango da garrantzitsuagoa etxabereetatik eskuratutako
haragi hornikuntza ehizetik lortua baino. Lehen etxabereak ardiak eta ahuntzak
dira. Ondoren abelgorriak eta urdeak.
Neolitos aurreratuan azaltzen dira lehen aldiz (gero oso ugariak izango dira,
batez ere Eneolitos Aroan) landare baliabideak maneiatzeko tresnak: silize xaflak
igitaitarako eta esku errotak. Neolitos betean eta azkenaldian harri leunduzko
aizkorak eta opaitzurrak aurkitu dira zura lantzeko.
Trikuharrien hedatzea
Neolitos Aroan zehar gorpuak leize zoruan ehorzteko ohitura izan bazuten ere
(Marizulo, Fuente Hoz edo Aizpean, esate baterako), ohitura hori aldatu egiten
da Neolitos amaieratik aurrera. Hilobiratze kolektiboak, leize barneko galeriak
(Kobaederra Bizkaian; Gobaederra eta Peña Larga Araban; Urtao II Gipuzkoan;
eta La Peña eta Hombres Verdes Nafarroan…) eta batez ere, trikuharriak erabiliko
zituzten jendeari lur emateko. Hildako askoren gorpuak hartu zituzten ehorztoki
horiek denbora luzean zehar: hil ganbararen barruan ongi ordenaturik, hezur
eta harrizko zintzilikarioz apaindu, eta ontzi, arma eta gainerako tresnak lagun
zituztela ehorzten zituzten.
Euskal Herriko trikuharrien katalogoak, tumuluak alde batera utzita –horien
zehaztapena ez baita erraza– zazpiehun bat monumentu hartzen ditu gaur egun:
%45 Nafarroan, %15 Gipuzkoan, beste %15 Araban, %10 Bizkaian, %10etik hurbil
Lapurdin, ia %5 Nafarroa Beherean eta %2 baino gutxiago Zuberoan. Bost
eremu handitan kontzentraturiko “guneetan” (mendi sistemak, belardiak edo
eskualdeak) biltzen dira:
• Kantauri ertzeko zerrendan: Bizkaiko mendebalean, Kantabria mugan (Aitzko,
Balgerri, Armañon, Eretza, Gainekogorta, Arbalitza, Alen, Serantes, Munarrikolanda,
Artxanda eta Jatako estazioak) eta Gipuzkoako ekialdean (Igeldo, Txoritokieta
eta Jaizkibel).
• Kantauri isuraldeko arro ertain eta altuetan: Araba eta Burgosen mugan (Añes),
Bizkaia eta Arabaren artekoan (Gorbeia), Bizkaian (Urkiola, Oiz eta Kalamua),
Gipuzkoan (Udala-Intxorta, Elosua-Plazentzia, Izarraitz, Satui-Arrolamendi,
Kutzemendi, Orkatzategi, Brinkola-Zegama-Murumendi, Ernio, Pagoeta, Andatza,
Belabieta, Urkita eta Igoin-Akola), Gipuzkoa eta Nafarroaren mugan
(Oiartzun eta Otsabio-Zarate) eta Nafarroako ipar-mendebalean (Goizueta-
Arantza-Artikutza, Onyi-Adarra-Mandoegi, Gorriti-Huizi, Araitz, Aritz-Ireber eta
Basaburua).
• Pirinio ertain eta Azpi-Pirinioan, Nafarroaren iparraldean eta Lapurdi, Nafarroa
Beherea eta Zuberoaren hegoaldean (Ibardin-Lesaka, Larrun-Sara-Atxuri,
Bertiz-Lerate-Alkurruntz-Gorramendi-Artzamendi, Almandoz-Betelu, Urkizte-
Larrebeltz, Errazu-Aldude, Iparla, Garralda-Iholdi, Saioa-Loiketa-Urepel-Ibañeta-Auritz-Erro,
Orbaizeta, Abodi, Armiaga-Ori-Bosmendieta-Bagabuia eta
Erronkari).
• Erdialdeko mendikate eta toki altuetan, urak banatzen diren lerroan: Araban
(Gibijo, Koartango, Badaia-Arrato, Letona eta Artazua-Ubarrundia), Araba iparekialde
/ Gipuzkoa hegoalde / Nafarroa erdi-mendebalean (Elgea-Artia, Aizkorri-Aratz-Altsasu,
Altzania, Ataun-Burunda, Aralar, Larraun, Arabako lautada,
Entzia-Urbasa-Andia eta Sarbil), eta Nafarroa ertainean
(Ultzama-Otsola-Belate-Anue-Esteribar, Atez, Justapeña, Ardaitz-Arriasgoiti,
Arze, Zaraitzu, Idokorri-Ugarra eta Leire-Illon).
• Hegoaldean, Ebroren ondoan: Araban (Turiso-Ebro eta Errioxa) eta Nafarroan
(Viana eta Artaxona-Zirauki).
Trikuharriak ia bi mila urtean zehar erabili ziren: lehenengoak Neolitos berrian
eraiki ziren (Arabako Errioxako zaharrenak K.a. 3.200 inguruan datatzen
dira), hedapen handiena Eneolitos Aroan eta Brontze aro zaharrean izan zuten,
eta Brontze aro betean ere –K.a. 1.500/1.300 inguruan– artean erabiltzen ziren
batzuk. Arabako Biasteriko San Martin trikuharria dugu iraupen luze horren
erakusgarri, hil ganbararen alde bateko harria erori eta zenbait mendetan zehar
ez baitzuten erabiltzerik izan. Neolitos berandutarrean eraiki zuten (K.a. 3.000
aldera) eta lehenengo erabilaldia ere orduan izan zuen. Handik mila urtera erabili
zuten berriro, Eneolitos Aroan, eta beste gorputz askori lur emateko erabili
zuten. Trikuharriak eraiki zituztenek pisu eta buelo ikaragarriko harri puskak atera,garraiatu eta ezarri behar izan zituzten, eta baita lur eta harrizko tumulu handiak
metatu ere. Euskal Herriko trikuharri handiena Arabako Aizkomendikoa da. Haren
hil ganbara inguratzen duten harritzarrak Entziatik ateratako karaitzak dira (3
km baino gehiagora, hegoaldera), bat izan ezik, hura Aratzetik ekarritako hareharria
baita (5 km ingurura, iparraldera).
Gehienak, ganbara bakarrekoak dira (karratuak edo poligono itxurakoak,
goitik begiratuta); beste batzuk pasabidedunak dira, hil ganbarara heldu aurretik
pasabide edo korridore moduko bat (Artaxonakoa, San Martingoa eta Sotillokoa
Errioxan) eta galeriak estaliak dituztenak.
Metalgintzaren garatzea
Europako hego-mendebaleko metalgintzaren garatzean oinarrizko hiru fase bereizten
dira: Eneolitos Aroa (edo Kobre aroa) (K.a. 2.500etik 1.800era), Brontze
aroa (zaharra, 1.800etik 1.500era; bitartekoa edo betea, 1.500etik 1.200era; eta
azkenaldia, Burdin arora bidean) eta Burdin aroa (K.a. 900 edo 850etik hasita).
Eneolitos Aro eta Brontze aroan kobre eta brontzezko lanabes, arma eta etxeko
tresnak: eztenak, aizkora desberdin asko dira (lauak, ertzdunak, orpodunak,
e.a.), kirtena jartzeko prestatutako aiztoak, gezi puntak, eskumuturrekoak, eraztunak,
lepoko bihiak, e.a. Eneolitos Aroan, urre pipitak mailukatuz, bitxi gisa
erabiliko ziren alanbre edo xaflatxoak egin ziren, Gipuzkoako Trikuaizti eta Nafarroako
Sakulo trikuharrietan agertuak, esate baterako.
Euskal Herriko elezaharrei kasu egitera, San Martini esker ezagutu zituzten
kristauek metalgintzaren sekretuak.
Neolitos berandutarrean eta Eneolitos Aroan, haitzuloak utzi eta kanpoan eraikitako
etxolak hartzen hasten dira bizitokitzat. Eneolitos Aro eta Brontze aroko
bizitokien artean, aipagarriak dira Arabako Solacueva eta Los Husos haitzuloetan
aurkituak eta baita Nafarroako Bardeetako Monte Aguilarrekoa ere. Luzea da
berriz, kanpoan aurkitutako bizitokien zerrenda, etxola hondo eta harri industriarako
tailerrekin (oso interesgarriak Trebiñoko La Renke-koa eta Arabako,
Nafarroa ertaineko eta Erriberako tailerrak).
Brontze aro betean eta azkenaldian, etxolak mordosketan biltzen dira eta
denek erabiltzeko gaiez hornitzen: putzuak, siloak edo harresiak. Nafarroa eta
Arabako bizitoki batzuetan zeramikak eta metalezko tresnak aurkitu dira (errematxedun
aiztoak, gezi puntak eta brontzezko apaingarri batzuk), eta berorietan
Mesetako kulturen eragina ikusi dute arkeologoek.
Eneolitos Aroko ehorzketetan agertzen da lehen aldiz kanpai formako zeramika:
itsas aldeko motakoa (soka arrastoduna) Euskal Herriaren iparraldean aurkitzen
da (Pagobakoitza, Gorostiaran eta Trikuaiztiko trikuharrietan) eta kontinente motakoa Ebrotik hurbilagoko zenbait trikuharritan (San Martin, Sotillo, Los
Llanos…) eta La Renke, Tutera eta Bardeetan.
Haitzuloetako hilobietan (Lumentxa Bizkaian; Urtiaga eta beste batzuk Gipuzkoan;
Gobaederra, Las Calaveras, Fuente Hoz eta gehiago Araban) edo trikuharrietan
(Aralar, Koartango, Aizkorri, Errioxa…) egindako araketetan garai horretako
gizaki hezur dezente jaso dira: aurkitutako hezurrek bi mila urte inguruko
tartea hartzen dute, Neolitos berandutarretik hasi eta Brontze aroaren azkeneraino.
Antropologoek egindako azterketen ondoren bi arraza mota direla nagusi
ikusi da, “Pirinio mendebalekoa edo euskalduna” Gipuzkoa eta Bizkaiko mendi
eta itsasertzean eta “mediterraneo lerdena” deitua hegoaldean. Beste zenbait taldetakoak
ere badira ordea (“paleomorfoak”, “alpetarrak”, e.a.), etnia zaharragoen
ondorengoak edo toki urrunetatik etorriak (adibidez, Nafarroako Los Hombres
Verdes haitzuloan aurkitutako Brontze aroaren azkenaldiko “dinariar armeniarrak”).
Protohistoriarako igarobidea
Brontze arotik Antzina Arora bitartean (Protohistoria), bi aldi bereizten dira: Lehen
Burdin aroa (K.a. 900/850etik 500/450era) eta Bigarren Burdin aroa (data
horretatik erromatar kultura garatzen hasi arte). K.a. 1.000tik 900era gutxi gorabehera,
kanpotiko kultura berrikuntzak hedatu ziren Europako mendebalean:
zeramika eta metalkiak dekoratzeko teknika berriak, eraikuntzak, hileta errituak,
onomastika, toponimia, erlijio sineskerak eta arte sinbologia. Era askotako eraginak
nabari dira, orduan Euskal Herrian bizi zen jendearengan: Mesetako “Las
Cogotas-eko” kulturarena, Pirinioz bestaldeko herri zeltena, eta Aragoi eta Kataluniako
beste zenbait talderena.
Nekazaritzatik eta abeltzaintzatik (abelgorriak, ardiak eta zerriak) bizi ziren
batez ere.
Burdin aroko bizitokien zerrenda luzetik ondoko hauek dira nabarmengarri:
Arrola eta Gastiburu Bizkaian; Intxur eta Buruntza Gipuzkoan; Olarizuko Alto de
la Cruz, Berbeia, Peñas de Oro, Henaioko Gaztelua, Buradon, Portillako Gaztelua,
La Hoya, Lastrako Kastroak, Arkiz eta Atxako San Migel Araban; eta La Custodia,
El Castillar de Mendavia, San Kiriako, Legin, Lezkairu, Sansol, El Castillar
de Javier, El Castejon de Arguedas, Fiteroko Peña del Saco, Alto de la Cruz de
Cortes Nafarroan. Iparraldeko mendietan aldiz, gotorlekuak daude (“gazteluak”
edo “Zesarren zelaiak” elezaharren arabera), hala nola Irisarri, Arhantsusi eta
Larzabale-Izurako Gazteluzarrak, Lekunberri eta Uharte-Garaziko Gazteluak edo
Hiriberriko Gaztelugaine Nafarroa Beherean; Urdinarbeko Gazteluzarra eta Ürrüxtoi-Larrabile,
Gotañe-Irabarne, Sohüta, Altzürükü, Zalgize eta Lakarriko Gazteluak
Zuberoan.
Etxeak multzoka eta kaleka antolatzen dira; batzuek harresiak dituzte, lerro
kontzentrikoetan eraikiak eta lubakiz bereiztuak. Etxe batzuek angelu-zuzenak
dira –goitik begiratuta– isuri bat edo biko estalkiak dituzte (La Hoyan 80 m 2 -koak
batez beste, eta Alto de la Cruzen 110 m 2 -rainokoak) eta beste batzuek biribilak,
estalkia kono formakoa dutela (20-30 m 2 bitartekoak Peñas de Oro eta Henaioko
Gazteluan). Eraikuntza oso zaindua dute: zimentarri sendoen gainean eraikitako
harri, zohi eta zurezko hormak, askotan, buztinez zarpiatuak, beren jarleku, sutegi,
silo eta labearekin; Alto de la Cruzkoek ganbarak ere badituzte tresneria
jasotzeko eta baita etxabereentzako itxiturak ere. Ura edo bihia gordetzeko ontzi
handiak, sukaldeko zeramika desberdinak, ehundegiko pisuak, esku errotak eta
su burdinak, gauza ohikoak dira bizitoki hauetan.
Eskumuturrekoak, kateorratzak, gerriko krisketak, kobre edo brontzezko
botoiak, zeramikazko kutxatxoak, luxuzko ontziak (arraildura, arteka edo pinturaz
apainduak), lurrezko idolo eta panpin batzuk eta beste zenbait bitxi ere aurkitu
izan dira. Bolibarko Axtrokin (Gipuzkoan) aurkitutako urrez dekoraturikobi kaikuak, K.a. VIII/VII mendekoak, garai artako dekorazio artearen erakusgarri
bikainak dira. Burdin aroan zehar hildakoak errausteko ohitura zabaldu zen.
Zeramikazko kutxa batzuetan gordetzen ziren errautsak eta kutxa horiek harlauza
esparru txiki batean edo lurrezko tumuluen azpian sartzen ziren. Errauts hilobiak
“hauts kutxa zelaietan” biltzen ziren, bizitokietatik ez oso urrun, hala nola,
Valtierrako La Torraza, Corteseko La Atalaya eta La Hoyako hilerriak.
Pirinio aldean (Nafarroak Gipuzkoarekin eta Iparraldeko lurraldeekin dituen
mugetan) hildakoaren errautsak harri eta lurrezko tumuluen azpian sartzen ziren
edota lurreko sakonune batean, harrespil baten erdian (baratzak). Karbono 14
bidez egindako datazioengatik jakin da Iparraldeko zenbait hilobi Kristo aurretiko
lehen mila urteetan zehar erabili zirela; eta kasuren batean Erdi Aroa ongi
sartu eta gero ere bai.
Arabako Lautadan (Landatxo, La Teja, El Fuerte, El Batan, Mendizorrotza eta
Salbatierrabide) “errauts zuloak” daude lurrean eginda: Brontze aroaren azkenaldia
eta Bigarren Burdin aroa bitartean dataturiko animalia hondakinak, zeramikak
eta metalezko tresnak dituzte.
Brontze aro berandutarrekoak dira Etxauriko Peña del Cantero-n aurkitu ziren
animalia irudi gorriz pintatuak edo Leartzako Peña del Cuarton grabatutakoak.
Arabako zenbait leizeren barruan (Solacueva, Atauriko Los Moros, Lazaldai eta
Liziti) beltzez pintatutako ehiztari eta animalien oso irudi eskematiko batzuk daude:
Burdin arokoak direla uste da.
Bigarren Burdin aroan agertzen dira lehen aldiz tornuan egindako ontziak eta
zeltiberiar estiloan pintatuak –K.a. 350etik 300 aldera–, hala nola La Custodia,
Castejon, Legin, Sansol eta La Hoyakoak. Nekazaritzarako burdinazko tresnak
eta zaldi uhaleriak ere aurkitu dira La Hoya eta Etxauri (Nafarroa) azken mailetan
eta baita Atxako San Migelgo beranduko bizitokian ere. Bizitoki horietan eta beste
batzuetan hasiko da erromanizazioa zabaltzen.
Euskal Historiaurrea
200.000 - 100.000 Behe Paleolitos Aroko lehen aztarnak (harri landuak) Ega, Aturri, eta
Iratiren ertzetan.
100.000 - 35.000 Bitarteko Paleolitos Aroan, Neanderthal gizakiaren aztarnak harpe eta
haitzuloetan (Axlor, Lezetxiki, Olha, Arrillor, Gatzarria…).
35.000 - 8.500 Goi Paleolitos Aroko kultura garatzen dute Isturitze, Santimamiñe,
Bolinkoba, Aitzbitarte, Lumentxa, Koskobilo eta Gatzarriako haitzuloetan
bizi diren ehiztariek.
15.000 - 9.500 Haitzuloetako (Santimamiñe, Altxerri, Ekain) eta tresnetako (Isturitze,
Bolinkoba, Ekain, Torre, Abauntz) artearen goreneko maila.
9.500 - 7.000 Goi Paleolitos Aroaren azkenaldiko toki berberetan bizi dira Azil aldiko
gizakiak.
6.500 - 4.500 Epipaleolitos betea = Mesolitos geometrikoaren garatzea: baliabideak
ugaldu egiten dira eta lurralde berriak hartzen dituzte. Adibidez, Fuente
Hoz, Padre Areso, La Peña de Marañon edo Aizpeako haitzuloak.
4.500 - 4.000 Neolitos Aroaren hastapenak. Lehenengo zeramikak agertzen dira:
dekorazio gabeak (Fuente Hoz eta Zatoian) edo dekoratutako “cardialak”
(Peña Largan).
4.000 - 3.300 Neolitos Aroan ematen zaio hasiera abeltzaintzari (Fuente Hoz,
Abauntz, Marizulo).
3.300 - 2.500 Neolitos betea: nekazaritzaren hasiera (igitaiak eta esku errotak), abere
mota gehiago etxekotzen ditu eta landa zabalean bizitzen hasten
da. Lehenengo trikuharriak eraikitzen dira (Errioxan).
2.500 - 1.800 Eneolitos Aroan, hilobi kolektiboak trikuharri eta haitzuloetan; kobre
eta urre metalurgiaren hastapenak; kanpai formako zeramika (2.200 -
1.700)
1.800 - 1.200 Brontze aroa: azken hilobi kolektiboak trikuharri eta haitzuloetan; bizitoki
antolatuak; Monte Aguilarreko geruza mailaketa.
1.200 - 500 Brontze aroaren azkenaldia / 1º Burdin aroa: La Hoya, Corteseko bizitokiak…;
errauts kutxen lurperatzea harrespiletan (Pirinioko “baratzak”)
edo tumuluetan.
500 - 0 Bigarren Burdin aroan, Erromaren kolonizatzea jasotzen hasten dira
tribuak.