Departamento de Cultura y Política Lingüística

Atlas Historikoa»Atlas Historikoa

Ingurune naturala

 

EGILEA:

Gillermo Meaza Rodríguez Geografian doktore Salamancako unibertsitatetik. 1976an Batxilergoko katedra plaza. 1978tik unibertsitateko irakasle. Geografia Fisikoaren alorrean, eta batez ere Biogeografian, ikerkuntza eta irakasletza lanak. Geografia Fisikoko irakasle titular EHUan eta Lurralde eta Giro Azterketekin zerikusia duten zenbait Masterretako irakasle.Idiazabal herria, Gipuzkoan, atzean Aizkorri duela.

 

Espazio barrutia

Inguru esparruari dagokionez, hiru datu nagusik balio diezagukete euskal lurraldeak dituen 20.000 km 2 pasatxoko barrutiaren nortasun geografikoaren lehen ikuspegi bat izateko.

Lehenengo datua lurralde horren kokaera geografikoari dagokio: 43°-ko ipar paraleloak ezker-eskuin zeharkatzen du euskal lurraldea; horrela bada, Europako batez besteko latitude erditsukoen parekoa da kokaeraz, zertxobait hegoalderantz kokatua hala ere.

Bigarrena kokaguneari buruzkoa da: Bizkaiko Golkoari begira eta Mediterraneotik nahiko hurbil dago Euskal Herria; beste alde batetik, istmo izaera ere badu Pirinioen mendebal muturrean, Europako eta Iberiako penintsulako kontinente masen bateragunea baita. Hori dela eta, hiru eragin nabarmentzen dira euskal lurraldean, Atlantiko ozeanoaren aldetikoa, Mediterraneo aldetikoa eta kontinentala, ingurune jakinen arabera bata ala bestea ala hurrena nagusitzen delarik.

Hirugarren datua erliebeari dagokiona da: mendilerro nagusiak ekialde-mendebal zentzuan hedaturik egoteak arras aldatzen baitu leku batetik bestera oinarrizko ingurugiro eskema. Gertaera geografiko horrek hainbat ondorio ditu: Pirinio mendien eta Kantauri mendien artean arras apaltzen da mendien goitasuna “Euskal Atalasea” ere deitu ohi den aldean; lurralde hori mendikate, mailo eta sakan ugaritan zatitua denez, geografiazko oztopo edo hesi izate hori ere bigundu egiten zaio; bioklima zonak goratasunaren arabera banatzen dira mendi eremuetan; mendi ardatzaren iparraldean eta hegoaldean arro sedimentario bana aurkitzen dira: Akitaniakoa eta Ebrokoa, hain zuzen. Morfologia kontrastasun horien ondorioz, berezitasun interesgarriak gertatzen dira, eta Atlantikoko klima, Mediterraneoko klima ala kontinente barrukoa gertatzen dira nagusi, toki bakoitzaren arabera.

Aipatutako inguru baldintza horiek direla eta, iparretik hegora eskualde bereizietan zatikatua ageri da euskal lurraldea, zerrenda paralelotan: Itsasertza, Atlantiko alderako haranak, Pirinio Garaia, Iparraldeko mendiak, Atlantiko alderako haranak, Bitarteko mendi eta haran garaiak, Mediterraneo alderako haranak, Hegoaldeko mendiak, eta azkenik, Barneko Mediterraneo alderako haranak (Ebroko sakana).

 

Erliebea

Lurraldearen morfologiazko eraketa azaldua dugu: sortaldetik sartaldera doan mendi ardatz moduko bat, iparraldetik eta hegoaldetik arro sedimentario bana dituela. Hala ere, bai mendilerroan bai bi sakonuneen artean badira zenbait disimetria azpimarratu beharrekoak.

Mendien ur isurien banalerroari dagokionez, Pirinioetako ardatz hertziniarra bereiz daiteke alde batetik, eta bestetik Alpeen mugimendu orogenikoetatik sortutako mendikateak eta sakonuneak, azken hauek Pirinioen luzagarri eta albo adar gisa agertzen badira ere. Lehenengoa Lehen Aroko materialez osatutako bloke eta sakan segida bat da; hala ere zenbait material granitiko ere azaltzen dira tokian-tokian, Aiako Harrian (Gipuzkoa) argi eta garbi ikusten den bezala. Mendebal aldera etorri ahala, material berriagoek estaltzen dute eta noizbehinka bakarrik azaltzen dira mendi ardatz zaharraren arrastoak.

Pirinio aurreko barne aldeko mendikateek mugatzen dute Pirinio Ardatzaren hegoaldea, eta ekialdeko muturrean 2.400 metrotik gorako goratasunak harrapatzen dituzte (Hiru Errege Mahaia). Izoztegi formak agerian dituzte oraindik, izotzaren eta uraren eraginez aldaketa handiak izan dituzten arren. Barne aldeko mendikate hauek mendebalera luzatzen dira “Euskal Arkuaren” ipar sektorearen bidez, Toloñoko mendien lehen mendi saihetsekin topo egiten duten arte.

Atlantiko alderako haranen barrutian –Nerbioi, Ibaizabal, Oka, Deba, Urola, Oria, Urumea, Bidasoa eta Adur, eta beste hainbat txikiago–, mendikate nagusiek lerro zentrokideak eratzen dituzte Bizkaiko Golkoari buruz; hori horrela izateak berebiziko garrantzia du bioklimari dagokionez. Karaitz edo hareharrizko gailurrak dira, haran meharren gorenean, Gipuzkoan batez ere, non, Bizkaian ez bezala, angelu zuzeneko trazatua baitu sare hidrografikoak. Erdialdean forma etzan apalagoak hartzen ditu erliebeak. Itsasertzak, labar eta amildegi ia osorik, hondartza gutxi du, zenbait ibairen bokaleetan izan ezik, hala nola Bilbo, Urdaibai eta Txingudikoak, azkeneko bi hauek nolabait izatez eta egituraz padura gisakoak direlarik.

Ipar mendien eskualdea osatzen duen mendikateak –1.500 metrotik gorako goratasuna harrapatzen du zenbait puntutan– bereizten ditu batik bat, ozeano aldea eta Mediterraneo aldea. Iparraldera egitura malkortsua du, hegoaldera aldiz aldapa leunagoak. Sortaldetik sartaldera egituraz xumetzen eta forma astunagoak hartzen doa harago ahala.

Pirinio aurreko bitarteko sakanak Atlantikoaz barru aldeko haranak eta Mediterraneorakoez barrukoak lotzen ditu. 500 m. inguruko garaiera du batez beste; eta zabalera desberdinetako igarobide baten gisan ageri da. Mendebaletik, Zadorra, Baia eta Uda ibai sistemek zeharkatzen dute. Ekialdeko zatian berriz, Araia- Arakil ibaia Arabako Ekialdeko Lautadatik eta Nafarroako Sakanatik igarotzen da, eskualde horiek Iruñeko Arroarekin eta Berdungo Kanalarekin lotuz. Aldika, baldintza topografiko eta hidrografikoei erantzunez, Goi Kretazikoan eratutako marga geruzek –horietan ebakia baita igarobidea–, hegoalderako makurdura ezkutatzen dute beste zenbait gaiezko geruza fin baten azpian. Hori dela eta zabal itxura hartzen dute bistarako.

Bitarteko Sakan horrez hegoaldera, Pirinio aurreko kanpoaldeko mendikateak hedatzen dira, ekialdetik mendebalera horiek ere, eta baita “Euskal Arkuaren” hegoaldean duten luzapena ere. Multzo honen topografia egitura, luzetarako eta zeharretarako zintzur, ataka, sakonune eta barne-arroz osatua da; horretxek berorrek multzo horretan zenbait eskualde barruti bereizteko bide ematen du: Bitarteko Mendi eta Haran Garaiak, Mediterraneorakoez barruko haranak eta Hegoaldeko mendiak, alegia.

Lehenengo eskualdea sinklinal zintzilikatuz egituratua da, eta Paleozenoan eratutako karaitz gailurrak 1.000 metrotik gora heltzen dira zenbait tokitan. Hori dela eta, harresi gisako bat bihurtzen da, giro ozeanikoaren eta Mediterraneo aldeko giroaren arteko komunikazioaren oztopagarri.Mediterraneorakoez barrurako haranen eskualdea, Pirinio aurreko bitarteko sakanaren hegoalderagoko errepikapen bat bezala da. Nafarroako Erdialdearen Ekialde-Mendebalak, Kanpezuko Sakonunea, Trebiñoko Arroa, eta Goi- eta Behe- Erriberak hartzen ditu. Antzeko materialak agertzen dira denetan: Miozenoko marga, harea eta gai multzoak, ibai sareak ekarritako sedimentuz estaliak batzuetan.

Ebroko Sakanaren gain-gainean, Hego Mendien eskualdea osatzen duen mendilerroak 1.400 metrotik gorako goratasunak harrapatzen ditu Toloño mendietan eta Kodesko mendizerran, eta bioklimaren ikuspuntutik, Atlantikorako aldea eta Mediterraneorakoa bereizten dituen mendikatearen antzeko papera jokatzen du. Zenbait desberdintasun garrantzitsu alde batera utzirik, baditu zenbait antzekotasun aipagarri Pirinio aurreko barrualdeko mendikate batzuekin eta Euskal Arku Tolestuaren iparraldeko sektorearekin.

Horrela, esate baterako, egitura antiklinala da bietan; bi sistemak karaitzezko hezurduraz antolatuak daude –kasu honetan Goi Kretazikoan eratuak– eta material horretakoak dira tontor garaienak; toles handiak dituzte biek; muinaren plastikotasunak zeregin erabakiorra du bietan; eta bietan, azkenik, materialen osakera eta formaren jarraitasun ezak desberdintasun topografiko bihurtu dira, azkenean zalantzarik gabe garrantzi handia hartu dutelarik bioklimaren aldetik.

Bi sakan handiei dagokienez, Akitaniakoari eta Ebrokoari alegia, erabat morfologi egitura desberdina dute batak ala besteak. Antzeko jatorri tektonikoa dute biek, Hirugarren Aroko doikuntzei eta unitate hauek sortarazi zituzten lur azalaren mugimenduen ondorengo sedimentu metaketei lotua.

Baina desberdintasun gehiago da berdintasunak diren baino. Lehenengoa, Akitaniakoa, ozeanora irekitzen da zabaltasun osoan; Ebrokoak aldiz, kanpora nekez komunikatzen den hutsarte itxi bat osatzen du. Lehenengoa, Pirinio azpiko Plataformak mugatzen du hegoaldetik, ibai sareak lehortutako “flysch” materialezkoa hain zuzen. Goratasuna beheititu ahala, Landetako lehen zabaldiak sumatzen dira, Laugarren Aroko materialez estaliak, gai horiek kostara hurbildu ahala geroz eta hareatsuago bihurtzen direla. Bigarrenean ordea, Ebroko sakanean alegia, Hirugarren Aroaren azken aldiko marga, buztin, karaitz eta igeltsuzko lur azal lauak dira nagusi. Arroaren ertzetan bakarrik nabari dira erliebe bortitzagoak, Alpeen azken mugimenduen ondorioz sortuak. Zenbait tokitan, mugimendu berriagoek, hutsartearen azal lauaren forma aldatu egin dute. Beste alde batetik, Akitaniako Sakana, ozeanora biltzen den ibai sare hedatu batek zeharkatzen duen bitartean, Ebrokoa ibai nagusi bakar baten inguruan eratzen da, eta hartara isurtzen dute ura ibai adarrek; ibai adarrok udako lehorteen eta bat-bateko uholdeen mende daude gehienean.

 

Klima

Euskal Herria zona epelaren erdialdean dago kokatua, gutxi gorabehera. Europako lurraldearen barruan Euskal Herriaren kokaerak duen latitudeak baditu zenbait ondorio klimari dagokionez; ondorio horietan garrantzizkoena, Poloko depresioen eta tropikoz beheko antizikloien artean gertatzen den elkar eraginezko dinamikak araututako zirkulazio atmosferikoa. Halaxe da, zentro eragile bi horien arteko ukimen erlazio berezi horrek eragiten du eguraldi moten segida, eta orobat klimaren ezaugarri nagusiak. Kontuan izan behar dira orobat, jatorri termikoko ekintza zentroak, zenbait alditan garrantzi handikoak gertatzen baitira.

Zikloi eta antizikloi egoerak txandaka gertatzen dira, eragin zentroen longitudearen araberako kokaerak latitudearen araberakoak bezainbateko edo gehiagoko eragina duen eskema bati jarraituz. Udan, maizago izaten dira gure latitudeetan presio altuak, antizikloi azpitropikalek iparraldera egiten dutenean; baita neguan ere, Gaztelako edo kontinente barruko lurretan sortutako antizikloi termikoak gure lurraldean eragina izatera heltzen direnean. Bi kasu horietan, eguraldia egonkor izan ohi da maizenik, nahiz eta eguraldi mota aldatu egiten den segun haizea iparretik etorri –presio altuen zentroa sartaldera– edo hegoaldetik etorri –presio altuen zentroa sortaldera–.

Presio apalen ondoriozko zirkulazioa, alde batetik, udaz kanpoko urtaroetan sor daiteke, dinamika multzoa hegoalderanztu eta gure zonaldea, Poloko uhin bero eta hotz txandakakoen eraginaren mende geratzen denean; eta bestetik, penintsularen hegoaldeko tenperatura altuek apalaldi termikoak eragiten dituztenean.

Horrelakoetan, ezegonkortasuna izan ohi da gehienbat, kontraste handiak gertatzen direlarik bai tenperaturetan bai euri isuriaren kopuruari dagokionez, ekintza zentroen kokaeraren arabera beti ere: haizea hegoaldetik badator –presio apalen zentroa sartaldera– tenperaturak gora egiten du eta euri isuria ugariago izan ohi da hegoaldean; iparretik badator berriz –presio apalen zentroa sortaldera– tenperatura jaitsi egiten da eta euri gehiago egiten du ipar zerrendan.Harritzekoa ez denez, egoera nahasiagoak gertatzen dira orobat, eta kasu horietan eguraldia aldakorragoa izan ohi da.

Eskema orokor honek, hala ere, ñabardura handiak behar ditu tokian tokirako zehaztu nahi denean. Esate baterako, Bizkaiko Golkoaren erliebea eta berezitasun termikoak faktore erabakigarri bihurtzen dira klima aldarazteko. Lehenengoari dagokionez, behin eta berriz errepikatu dugun mendi ardatzaren norabideak, duen goratasunagatik eta jarraitasunagatik, haizeak jatorriz dakarren noranzkoa aldarazi egiten du. Adibidez, mendebaletik datorrenean, hego-ekialdera sartzen da, Ebroko Sakan aldera, euskal mendiak apalagoak direlako eta Bizkaiko Golkoaren eta Mediterraneoaren arteko desberdintasun termikoek eragindako zenbait hurrupa efekturen ondorioz; mendi mugaren alde batera eta bestera euri urrialdiak eta “foehnak” sortzen ditu; mendi aldeko haranetan, mailaketa termikoaren goikoz-beheratzeak eragiten ditu; eta goratasun mailen arabera klima zonaketak gertatzen dira.

Bizkaiko Itsasoko uraren berezitasun termikoak behar bezain sakon aztertzeke daude oraindik, nahiz eta zalantzarik ez dagoen galernak eta euriteak sortzerakoan eraginik badutela, eta baita –Europako Atlantiko aldearekin alderatuta– gure itsasoko klima epelagoa izatean ere.

Euskal Herriko klima giroen eremu banaketa beraz, aurkeztu berria dugun faktore multzoaren artikulazioaren mende dago. Klima ozeaniko deituak, uraren banalerroaz iparraldera gelditzen diren lurraldeak hartzen ditu (Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroako ipar-mendebala, Arabako ipar-mendebala, Euskal Herri kontinentala).

Ez du egiazko urtaro lehorrik, euri isuri asko izaten baita –1.000 eta 2.000 mm. bitarte urteko, mendebaletik ekialdera eta iparretik hegora ahala gehiago dela–; isuri horiek ongi banatuak daude urtean zehar, gehien udazken-neguan egiten duela. Tenperaturak ez du alde handirik izaten urte osoan: 11 gradu inguruko gorabehera.

Kontinentaltasun indizea apala da, normala denez, barneratu ahala zertxobait handitzen bada ere; itsasora dagoen distantziagatik baino gehiago lur azalaren eraketagatik gertatzen da hori. Termikotasun indizea aldiz, neguko hozberoak hartzen baititu kontuan, altua da, batez ere mendebaleko itsasertzean, alde horretan oso izozte gutxi izaten baita, eta direnak ere ez oso bortitzak. Mediterraneotasun indizeak, –udako euri eta lurrinketaren arteko erlazioa neurtzen duenak– ez du hartzen aipamen berezia merezi duen baliorik, Bizkaiko mendebalean ez bada, zeren lurrinketagatik galtzen den ura, udako euri isuriak berdintzen baitu.

Barneko klima mediterraneoak Nafarroako Erribera eta Arabako Errioxa hartzen ditu. Oso ezaugarri kontinental zehatz nabariak ditu, gorabehera termikoa 20 gradu ingurukoa izaten baita. Euri ura, 500 edo 400 mm.tik behera urtean, udaberri-udazkenetan izan ohi da gehiena eta udan lehorte nabaria izan ohi da.

Ipar-mendebaletik hego-ekialdera aldatu ahala urriago izaten da, eta ekaitz eta euri jasa moduan erortzen da sarri.

Harritzekoa ez denez, kontinentaltasun, termikotasun eta mediterraneotasun indizeek, eremu ozeanikoan ez bezalako balioak iristen dituzte Euskal Herriko hegoaldeko eskualdeetan. Lehenengoak adibidez –kontinentaltasun indizeak alegia–, maila altuak erakusten ditu, zeren dauden mendi garaiek erabat oztopatzen baitute itsasoaren eragina eta eragin hori ez da iristen Ebroko erriberako lurretaraino; tenperaturaren gorabehera handiek argi erakusten dute hori. Tenperaturei dagokienez, balioak askoz apalagoak dira itsasertzekoen aldean: neguan sarri izaten dira izozteak, sobera gogorrak hala ere; izozteen gogortasuna ordea goratasunaren –Errioxa hotzagoa da Nafarroako Erribera baino– eta beste faktore topografiko batzuen mende dago. Mediterraneotasun indizea ere altua da: kontuan izan behar da, udan, euri isuria lurrintze mailaren 1/5 besterik ez izatera gutxitu daitekeela.

Atlantikoaz barrualdeko eta Mediterraneorakoaz barrutiko eremuek bitarteko klima dute. Izaera errepikakorra du honek, eta bat-bateko aldaketa txikiak izaten dira Atlantiko aldeko klimaren eta barneko Mediterraneo aldeko klimaren artean. Urteko euri isuria 900 eta 500 mm. bitartekoa izan ohi da, iparretik hegora gehiagotik gutxiagora, eta batez ere, tokiko erliebearen baldintza topografikoen arabera. Bestalde, hozbero gorabeherak nahiko desberdinak dira toki batetik bestera, erliebearen eta altueraren arabera, negu luze eta hotzekin eta Ebroko sakanean baino uda freskoagoekin.

Kontinentaltasun, termikotasun eta mediterraneotasun indizeek, aldaketa handiak izaten dituzte bitarteko eskualde hauetan, muturretako klimekin alderatuz gero. Oro har, beraz, ozeano aldeko klimaren eta Mediterraneorakoaz barrukoaren artean iparraldetik hegoalderanzko mailakatze bat ikus badaiteke ere, guztiz eragin erabakigarria dute tokian tokiko goratasunak eta erliebeak. Horrela, kontinentaltasun eta mediterraneotasun indizeak mailaka gora egiten dute Atlantikorakoaz barruko eskualdeetatik Mediterraneorakoaz barrukora; termikotasun indizea aldiz, apala da betiere, izozteen eraginagatik eta neguko goikozbeheratze termikoengatik.

Goialdeetako klima ozeanikoaren eta mendi garaietako klimaren ezaugarriak goratasunarekin batera datozen aldaketen mende daude. Oro har, esan daiteke tenperaturak jaitsi egiten direla eta aldiz euri isuria igo –urtean 2.500 mm. baino gehiagora ere iristen da, horietatik asko elur moduan–, baina nekez esan daiteke gauza orokorrik, zeren topografiaren, garaieraren, eguteran ala laiotzean egotearen, eta tokian tokiko beste hainbat faktore eragileren arabera mikroklima bereziak eratzen baitira.

Kontinentaltasun indizeak garaierak aldarazten ditu; termikotasunekoak izugarri apalak izatera heltzen dira, negu izoztuei dagokien bezala; eta mediterraneotasun indizeak aldiz, ia ez du garrantzirik.

 

Landaredia

Aurkeztu berria dugun ingurugiro aniztasunak eraginda, mota askotako ustiaketa biologikoak sortu dira. Izan ere, landare moten banaketa eragiten duten eragileetan klima maila desberdinak baldin badira faktore garrantzitsuenak, arazoa are gehiago korapilatzen da, erliebeak, ekaiek eta lurzoruaren ezaugarriek ematen dizkioten ñabardurak ere eragileen artean sartzean. Izadiaren eraginaz gainera, gizonaren eskuarena ere kontuan hartu behar da ordea, honen eraginez, berez izan zitekeenetik erabat bestelakoa baita egungo landaredia. Horregatik, beraz, geografia esparru bakoitzeko landare eraketa handien eskema egitean, faktore horiei arreta berezia eman behar zaie.

Atlantiko aldeko barrutiko hosto galkorreko basoari izenetik igartzen zaio bere ezaugarririk begibistakoena: neguan hostoak galtzen ditu, alde batetik, eta bestetik, urtaro epelean burutzen ditu bizi jardun garrantzitsuenak. Hori dela eta ernetze, loratze, heltze aldi ondo bereiziak izaten ditu; Mediterraneo aldeko basoak, berriz, aldatu gabe jarraitzen du itxuraz. Neguoro hostoa galtzea behar gabeko galera biologikoa dela pentsatu badaiteke ere, gainerako urtaroetako jarduera emankorrak berdintzen du “atsedenaldi” hori, orbelaren bidez urtero basoko “humusa” aberasten dela ere oso kontuan hartu behar delarik. Pagoaren familiako zuhaitzak dira ugarien baso mota honetan, batez ere haritza (Quercus robur), eta gaztaina (Castanea sativa) eta baita otsalizarra (Sorbus aria, Sorbus aucuparia), lizarra (Fraxinus excelsior), ezkia (Tilia platiphyllos), zumarra (Ulmus minor), astigarra (Acer campestre), eta urkia ere (Betula celtiberica).

Azpiko geruzek pairatzen duten argi urritasuna dela eta, mota nagusietako aldaska gazteek baizik ez dute aukera onik lasto landarez, goroldioz eta huntzez (Hedera helix) osatutako tapiz batean errotzeko. Aipatzekoak dira Blechnum, Athyrium eta Asplenium jeneroetako zenbait iratze, giro epelen adierazgarri baitira.

Basoko argiuneetan, mota desberdinetako sasitzak nagusitu ohi dira, horien artean arrosaren familiako arantzadunak, hala nola elorri zuria (Crataegus monogyma), elorri beltza (Prunus espinosa), basalarrosa (Rosa sp.), eta laharra (Rubus ulmifolius). Horiez gainera, aipatzekoak dira orobat hurritza (Coryllus avellana), bertakotutako sasi-arkazia (Gleditsia pseudoacacia), erratza (Cytissus conmutatus), zuhandorra (Cornus sanguinea), zapatariegurra (Euonimus europeus) eta intsusa (Sambucus nigra), denak aihen ugariz inguratuak: ezker aihena (Lonicera peryclimenum), aihen zuria (Clematis vitalba), inuntzi latza (Tamus communis), besteren artean.

Zoruaren ezaugarriek aniztasun eragile bortitza sartzen dute Atlantiko aldeko giroko basoaren jenero eraketan. Adibidez, hainbat arizti mota bereiz daitezke, baita haritzez eta lizarrez osatutako beste zenbait baso mota ere, haritz eta artez osatuetan ere bai, e.a. Beste batzuetan, ezaugarri horiek oso nabarmenak direnean, Atlantiko aldeko basoa izan ordez izaera desberdin askotako landarediak agertzen zaizkigu: erriberako basoak –sahatsak eta altzak–, Kantauri aldeko artadiak lur hezeen gainean, zoru kaltziko edo azidoetan garatzen diren landak, ibai ertzetakoak, labarretakoak, zingiretakoak… Atlantiko aldeko basoak atzerakada handia pairatu du historian zehar. Presio demografikoak; artzantza eta nekazaritzako ustiaketa tradizionalak; hiriek, industriak eta bide sareek; abeltzaintza espezializatuak; zur eskariak; eta gaur egun, erretxinadun eta mirtazeo landaketa ugariek, oso toki apartatu eta urrunetara baztertu dute. Bizirik dirauten basoek, oro har, itxura kaskarra dute, ordezkatze epeak nahiko argi ezagutzen direlarik. Horrela, kasu onenetatik aldentzen goazen neurrian, arantza eta sasitzak agertzen dira, zoru azidoetako garo sailak (Pteridium aquilinum), txilarrak (Erica vagans, E. cinerea, Daboecia cantabrica, Calluna vulgaris), oteak (Ulex europeus, U. gallii), kare lurretako txilar eta basa oteak (Genista hispanica), eta azkenean, Brachypodium pinnatum lastadiak, eta zaintzen dituenik baldin bada, belardiak.

Mediterraneo aldeko basoak lehorrera egokitutako hosto gogorrak ditu, udako lehorteari aurre egingo badio. Hostoek, txiki eta zimelak, erraz itxi daitezkeen arrailen bidez kontrolatzen dute gehiegizko ur gastua. Urtaro hotza bereziki gogorra suerta daiteke barneko toki kontinentalenetan, hori dela eta defentsak hobetu beharrean gertatzen dira landareak, hostoen azalak lodituz eta gogortuz. Horregatik, izerdi erritmoa ere geldotu egiten da, eta normala denez, landarearen hazkuntza ere bai.Zuhaitz estratuan arte zurbeltza (Quercus ilex ssp. rotundifolia) agertzen da ia bakar-bakarrik Mediterraneorako barneko aldearen kolonizatzaile nagusi gisa.

Zenbait tokitan pinu bihurria ere (Pinus halepensis) nahiko ugaria da –nagusitzera hel daiteke gizonaren eraginez–, batez ere, goikozbeheratze termikoetatik salbu dauden mendi hegal txiro lehorretan.

Zuhaiska estratua aldiz, trinkoa izan ohi da. Abaritz (Quercus coccifera), hego ipuru (Juniperus oxycedrus), eskanbroi (Rhamnus lycioides) eta basa oteek (Genista scorpius) sasitza zaurigarria osatzen dute, egoera atzerakor baten adierazgarri.

Horiez gainera, badira feniziar ipuru (Juniperus phoenicea) sail handiak ere, ipar haizeak jotzen dituen mendi hegal malkorretan, eta baita legeltxorrak ere (Pistacia lentiscus), giro babestuagoen zaleak azken hauek. Badira Mediterraneoko klimako beste zenbait mota ere, hala nola erromeroak (Rosmarinus officinalis), zorna-belarrak (Daphne gnidium), txorbeltzak (Rhamnus alaternus), gartxu hostoestuak (Phillyrea angustifolia), ezker-aihenak (Lonicera implexa), eta basalarrosak (Rosa spinosissima), denak ugariagoak basoko argiuneetan. Toki altuagoetan eta mendikateen saihetsetan, txilar (Erica vagans) eta basaote (Genista hispanica) batzuk ere badira, ura hain urri ez den adierazgarri.

Belar estratua, goragoko estratu trinko horren babes eta itzalean egonik, goroldio tapiz ia etengabe batek osatzen du, beste mota batzuk ere agertzen diren arren: bioleta (Viola alba), bintzetoxikoa (Vincetoxicum hirundinaria), otxarra (Rubia peregrina), eta artzain-goilarea (Leuzea conifera) besteak beste. Basoko argiuneetan aldiz, heliofiloak dira nagusi (eguzkia behar duten landareak). Ondorengoak dira azpimarragarrienak: lastoia (Brachypodium retususm), mijediega delakoa (Dorycnium pentaphyllum), izpilikua (Lavandula latifolia), estepa zuria (Cistus albidus), ezkaia (Thymus vulgaris), eta erratz zoroa (Osyris alba). Aurrekoak bezain ugaria ez den arren, (Arctostaphyllos uva-ursi) ahabiak toki harritsu eta lur gabeak estaltzen ditu.

Mediterraneo aldeko basoan garrantzi erabakigarria dute orobat zoruaren ezaugarriek. Horri esker bereizten dira kare lurretako txaradiak, –askoz hedatuagoak besteak baino– eta silize lurrak, nahiz eta ordezkatze faseetan den nabarmenena gertakari hau. Baina zoruaren izaerak garrantzi begibistakoena hartzen duen tokiak, lur gaziak eta ibai ertzak dira. Lehenengoetan landare mardulez osatutako landaretzak eta tamariz sailak dira nagusi. Ibai ertzetako landarediak berriz, –sahasti, lertxundi, makaldi edo zumardi– Atlantiko alderako esparruetakoen oso antzekoak dira, izan ere hezetasunaren eraginez hazten baitira, batik bat. Horregatik egiten dute hain kontraste handia inguruko landareekin, hauek ez bezala hosto galkorrekoak baitira haiek.

Ebroko sakaneko Mediterraneo aldeko basoak –lurraren elkortasuna dela eta ekosistemen berezko hauskortasuna oso larria denez–, atzerakada handia pairatu du gizakiaren presio gogor, bortitz etengabearen eraginez, nahiz eta zenbait kasutan herri lurren estatusa indarrean egoteak zertxobait eztitu izan duen gainbehera hori. Hala da, oraindik bizirik diraute jatorrizko zenbait zuhaiztik, nahiz eta ordezkatze faseko lurrak nagusi diren alde handiagatik. Lehenik txaradi arantzatsu bihurtu ohi dira; gainbeherak jarraitzen badu, erromero sailek hartzen dute haien tokia; aurrerago ezkai sailen fasea dator eta azkenik, larre bakan eta landare gabeko eremuak. Espartzu, “ontina” eta beiraki-belar sailek hartzen dute garai bateko arboladi eta sastrakadien lekua, batez ere, “estepatze” prozesu baten mesedetan eta etengabe abereak ibiltzeagatik zorua geroz eta areago nitrogenatzen joan delako.

Muturreko bi giroen tartean –Atlantiko aldekoa eta Mediterraneoko barneko aldekoa–, Nafarroa-Arabako bitarte zerrenda, azalduak ditugun ezaugarrietako ingurugiro mailaketarekin bat datorren landare tapizez jantzia agertzen da. Izaera errepikakora zuela esan dugu lehenago, bat-bateko aldaketa txikiekin. Horren erakusle da zonako klima giroa. Baina zalantzarik gabe, landaredia da hori agerien uzten duena.

Oro har esan daiteke, erditik iparraldera, Atlantiko aldeko edo Atlantikorakoz barneko klimako landaredia dela nagusi, eta hegoaldera, Mediterraneoko edo Mediterraneorakoz barneko klimakoa. Baina Quercus robur motako hariztiek eta Quercus ilex ssp. rotundifolia motakoek bi giro muturretako hariztien antzeko egitura eta lore konposizioa badute ere, badira zenbait ñabardura, zenbait mota egote ala ez egote, baso horiei izaera berezia ematen dietenak.

Edozein moduz ere, benetako bitarteko klima izaera haritz ilaundun (Quercus humilis) eta ametzez (Quercus faginea) osatutako basoek ematen diote, biak karbonato lurretakoak direlarik; zoruak silize hareazkoak direnean berriz, ameztiek (Quercus pyrenaica). Erori gabe ihartzen zaizkie hostoak, Atlantiko aldeko eta Mediterraneo aldeko giroetako kideekin erlazionatu eta hibridatzen dira, konplexutasun handiko zerrendak osatuz. Pinu gorria ere (Pinus sylvestris) batzen zaie, eta bere aurrendari izaerari esker Nafarroako ekialdeko hariztietan eta Arabako mendebaleko ameztietan barrena sartzen da. Eraketa zerrenda hau pagadiarekin osatzen da (Fagus sylvatica); zuhaitz mota hau mendikateetako laiotz altuetan nagusitzen delarik.

Azal dezagun azkenik, mendi ertainetako, eta batez ere, Pirinioetako mendi garaietako landare eraketen banaketa, bere bitxitasunagatik guztiz interesgarria dena. Hiru bioklima maila bereizten dira nabarmen: mendikoa, azpialpetarra eta alpetarra, maila bakoitza hartan espezializatutako landarez janzten delarik, ez bakarrik goratasunaren arabera, baizik eta baita ere, nolako erliebea den, zenbat eguzki ordu dituen, norantz jotzen duen eta zer zoru ezaugarri dituen, horren guztiaren arabera.

Pirinioetako eta “Euskal Arkuko” mendikateetako zati handi bat, 1.600 metrotik beherako goratasunak dituen –”mendi ertaina”–, alturako klima ozeanikoaren mende dago, eta bete-betean sartzen da mendiko bioklimaren mailan. 600-700 metrotik gora, alde laiotzetan, eta eguteran zertxobait gorago, hariztiek pagadiei (Fagus sylvatica) uzten diete lekua, hauek giro hotzagoetara egokituak baitaude.

Lehen esan den bezala, zoruak berebiziko garrantzia du landarediaren egituran eta lore osaketan; horrela, adibidez, garbi bereizten dira lur pobreetako pagadiak, alde batetik, eta zoru aberatsagoetakoak, bestetik. Bi kasuetan, hain dute hostotza trinkoa, non, ez baita argirik pasatzen beheko estratuetara, eta basoko hostopea pobretzera darama honek. Baina, lehenengoaren belar tapiza, urria izateaz gainera, mota gutxiz osatua badago, bigarrenak landare aberastasun handiagoa erakusten du.

Pirinioetako mendi garaien esparruari dagokionez, oro har esan daiteke 900 eta 1.600 metro bitartean dauden alde laiotzetan –iparraldetiko eta ozeano aldetiko haizeei begira daudenetan–, pagadi izeidiak (Abies alba) direla nagusi, hau baita, hain zuzen, mendi hezeko bioklimaren ezaugarri den landaredia. Hegoaldera jotzen duten aldeak –1.200 eta 1.800 metro bitartean, lehorreko mendi bioklima deituan–, pinu gorriz (Pinus sylvestris) eta ezpelez (Buxus sempervirens) osatutako basoz daude estaliak, eguterako kontinentaltasunera ongi egokitutako motak baitira biak, eta askotan, haritz ilaundunaren (Quercus humilis) lurretan sartzeko ere lotsa gutxi dutenak.

Alpe aurreko bioklimako basoak, mendiko pinu beltzez (Pinus uncinata) daude osatuak batez ere. Eraketa hauek, mendebaleko mugan, itxura irekia dute, eta zoko ospel eta elurtsuenetan, erroiza (Rhododendron ferrugineum) dute lagun; eguteran eta lur harritsu eta egongaitzetan aldiz, ahabia (Arctostaphyllos uva-ursi) ageri da. Lehenengo kasuan 1.700etik 2.300 metrora heltzen da, eta bigarrenean1.800etik 2.400era, gutxi gorabehera. Behetik pinu gorrien hibridazio zerrendekin eta pagadi izeidiekin egiten dute bat, urkiak (Betula pubescens) eta otsalizarrak (Sorbus aucuparia) ere onartzen dituen espazio batean.

Alpeetako bioklimak –2.300-2.400 metrotik gorakoa–, Nafarroako Pirinio garaiaren zati txiki batean bakarrik du eragina, eta lur egonkorreko tokietan, basorik ez, baizik eta Alpeetako belardia da nagusi. Malkor harritsu eta egongaitzetan, Mediterraneo aldeko landare aurrendariren batzuk garatzen dira.

Mendi aldean, nahiz eta gainbehera begibistakoa izan, oraindik ere badira jatorrizko landaretza sail handiak. Hainbesteraino, non, zenbait kasutan, baso ukigabe edo “oihanak” direla esaten baita, babes ofizialpean denak. Esate baterako, Aztaparretako pagadi izeidia, Belagoako laiotzaldean, eta Lizardoiakoa Iratin.

Baina horiek araua baiesten duten salbuespenak baizik ez dira, izan ere Pirinioetako eta euskal mendikateetako pagadi eta pagadi izeidi gehienetan sartu baitu eskua gizakiak, eta ez nolanahi. Hala, pagadi sail handiak bota izan dira, belardi bihurtzeko, egur ikatzetarako, eta zur premiei erantzuteko. Horregatik, bada, pago eta izei gazte, sastrakadi, txilardi altu, kare eta azido lurretako landa eta belardiek hartu dute nonahi garai bateko basoen lekua.

Pinu gorri eta mendiko pinu beltzezko pinudiei dagokienez, zertxobait hobea da horien egoera. Lehenengoak, garai bateko hariztiak birlandatzeko erabili baitira, lur berriak kolonizatzeko duten gaitasuna kontuan harturik. Bigarrenei berriz, kokapen topografikoa dela eta, mesede egin die bertaraino iristeko nekeak.

 

Geologia aroak

Orain dela 4.600 milioi urte izan zen, gutxi gorabehera, Lurraren hasiera. Mila milioi urte geroago, orain duenaren nahiko antzeko itxura zuen. Gure planetaren bilakaera aztertzeko, aro izeneko denbora zatiketak erabiltzen dira. Aroak, bere aldetik, alditan banatzen dira, eta hauek berriz, garaietan. Lau aro dira: Kanbriko aurrea, Paleozoikoa, Mesozoikoa eta Zenozoikoa. Kanbriko aurreak Lurraren hasieratik orain dela 590 milioi urte artekoa hartzen du. Aro horretan agertu zen bizia planetan, zehatz ezagutzen ez den une batean. Paleozoikoan zehar sortzen dira lehenengo animalia ornodunak, urlehortar eta narrasti bilakatuko direnak. Mesozoikoan ugaztunak eta hegaztiak agertzen dira, eta Zenozoikoan zehar tximino antropomorfoak, eta hauetako adar batetik Homo sapiens-a sortuko da.