Departamento de Cultura y Política Lingüística

Artea»Argazkigintza, zinema, komikia eta joera berriak

Komikia Euskal Herrian

?The Yellow Kid?, Outcaultena.<br><br>

Ameriketako Estatu Batuak, 1896. urteko urriaren 25a: The New York Journal egunkariko irakurleak ikustezko literaturako jenero baten lehenengo agerpenaren zorioneko lekuko dira, alegia, komikiaren sorrearen lekuko. Yellow Kid delako batek ?mezuak zabaltzeko hori koloreko bere elastiko luzeaz baliatzen zen ume hark? sekulako aurkikuntza egin zuen balloon edo globoaren bidez mintzatzen hastean eta bere ixtorioaren kontakizuna laukietan banatuta egituratzean. Handik hara globoa izan zen laukietan banatutako ixtorioen adierazpide nagusia. Aspaldi zuen ?egunkarietan eta? ixtorio marrazkidunei testua laukiaren oinean jartzen zitzaiela, baina Richard Felton Outcaulten asmaketa hark ?globoak, alegia? beste mintzabide berri bat ekarri zuen: komikia.

 

Teles eta Niko, euskarazko lehen komikia

Euskal Herrian 1894koak dira komikiaren aitzindariei buruzko lehenengo berriak (Antecedentes del comic en Euskadi, 1894-1939. José María Unsain), eta 1918an agertu ziren euskal komikiaren lehenengo pertsonaiak: Teles eta Niko. Euzko Deya hamaboskariaren orriak izan ziren bikote ?neska eta mutila? horren abenturen eta kalenturen euskarria. Eta Euzko Alderdi Jeltzalearen agerkari bati zegokion bezala, ingurune tradizional eta abertzalean gertatzen ziren abentura horiek. Testua marrazkiaren oinean agertzen zen sarritan, baina pixkana-pixkanagloboaren erabilera nagusitu zen. Zoritxarrez, ordea, ez da ezagutzen nor izan zen komiki horren egilea, eta pertsonaia horiek hamahiru emanaldiz baino ez ziren bizi izan.

Hurrengo urteetan haur aldizkari abertzaleetan argitaratu ziren euskarazko komikiak, harik eta Espainiako gerra zibiliak ezereztu zituen arte.

1927an, Donostian, Txistu aldizkaria argitaratu zen, Argia euskal astekariaren itzalean eta Anbrosio Zatarain idazlearen zuzendaritzapean.

Aldizkari horren hamabi ale argitaratu ziren guztira.

1928an Zeruko Argia euskal aldizkaria ?Damaso de Inza eta Buenaventura Oyeregi kaputxinoek sorturiko hilabetekaria (1918-1980)? hasi zen ixtorioak bere orrietan azaltzen, 1934. urtea arte. Azpimarratzekoa da, bere lanaren jarraitasunagatik, Otermin (Arrayoztarra) marrazkilaria.Errepublikaren garaian beste zenbait aldizkari agertu zen, denak EAJren ingurukoak: Poxpolin, Euzko Gastetxu eta Txiki.

Horien artean Poxpolin da ?Tolosan, 1935ean sortua?, azpimarragarriena.

Aldizkari horrek Bartzelonako TBO komikiaren materiala ateratzen zuen, eta Juan de Zabalo (Txiki) zuen marrazkilaribakarra. Aldizkaria gorriz eta beltzez inprimatzen zen, aldizkariko zuzendari zen Isaac Lopez de Mendizabal idazle eta burukide jeltzalearen ahaleginari esker. Poxpolinen hamahiru ale argitaratu ziren guztira.

 

Donostia, komiki frankistaren erdigunea

Frankisten mendean geratu zenez gero, Movimiento delakoaren argitarapenen erdigune bilakatu zen Gipuzkoako hiriburua.

José María Unsainen arabera bi dira horren arrazoi nagusiak: batetik, idazle, kazetari eta marrazkilari asko ?Bartzelona eta Madrildik etorriak gehienak? bildu izana hirian, eta, bestetik, garai hartako irarkola handiena ?Talleres Ofset Nerecan? ere bertan izatea.

Egoera horretan sortu ziren Flecha (1936), Flechas (1937), Pelayos (1936) eta Flechas y Pelayos (1938), hala nola gehigarri bat, Maravillas (1939). Errejimen berriaren hasieran gazteria dotrinatzekosortuak ziren aldizkari horiek guztiak, eta ez zioten leku handirik utzi komikiari.

Bestela gertatu zen Chicos (1938) aldizkariarekin. Benetako komiki bilakatu zen denbora igaro ahala, eta ezinbesteko erreferentzia izan zen Espainiako komikigintza modernoaren garapenean.

Salbuespen bakarra Editorial Española izan zen. Argitaletxe horrek, propaganda aparatuekin loturarik gabea baitzen, fantasiazko eta umorezko koaderno interesgarriak argitaratu zituen.

 

1960. Pan-Pin

Espainiako gerra zibiliaren ondoren, euskal komikigintzak isilaldi luze bat izan zuen, egoera politikoa eta euskararen erabileraren debekua zirela eta. Salbuespen bakarra Don Celes gizontxoaren tira mutuak dira, Olmok El Correo Español egunkarirako eginak, eta mundu osora zabaldu direnak. 1960. urtea arteitxoin behar da euskal haurrentzat hamarraldi batez mugarri izan zen aldizkari bat aurkitu ahal izateko: Pan-Pin.

Euskaltzale talde batek sortu zuen Pan-Pin, Elizaren babespean, ikastolen mugimendu sortu berriaren euskalduntze lanean laguntzeko asmoz. Aldizkariak euskal marrazkilarien lanak eta, batez ere, Europako beste herrialde batzuetako komikilarienak argitaratu zituen. Aipagarrienak Bruguera eskolako pertsonaiak dira: Txorizo eta Txistorra (Mortadelo y Filemón), Jangoluke Albaluke (Carpanta), Peru eta Txomin (Zipi y Zape)? Hirurogeiko hamarraldiaren bukaeran, Jose Antonio Retolaza idazle eta elizgizonak sustatuta, Kili-kili haur aldizkari euskalduna sortu zen. Oso bizialdi labur baten ondoren (1966-1968), berriz argitaratu zen 1977tik aurrera.

 

1970-1980

Hirurogeita hamarreko hamarraldian euskal marrazkilari eta gidoilari talde bat bildu zen Anaitasuna eta Zeruko Argia aldizkarien inguruan. Antton Olariaga, Jon Zabaleta? ezagunak egiten hasi ziren garai hartako euskaltzaleen artean. Euskal komikia, bestalde, artean bakarrik haurrei zuzentzen zitzaiena, helduen artera zabaltzen hasi zen.

Mugimendu horren erakusgarri dira Gomikia 2, Ehun kilo eta Alde! komiki bildumak, 1978 eta 1979. urteetan argitaratuak, non gero Euskal Herrian ospe handia erdietsi duen jendea aritu zen lanean: Astrain, Andu Lertxundi, Joseba Sarrionandia, Luis Otaegi, Larrarte, Joxean Muñoz, Mina, etab.

EGIN egunkariaren sorrerak (1977) euskal komikiaren pertsonaia ezagun eta berezienarena ekarri zuen aldi berean, Antton Olariagaren eskutik: Zakilixut.

Eguilleor ?El Correo Español egunkaritik atera berria, Mari Aguirre, Mis Martiartu eta Txangurro Marx lagun? eta Jon Zabaleta izan ziren Olariagaren orrikideak.

Euskadi Sioux, 1979an lehen aipaturiko egileetako gehienak biltzen zituena, huts egin zuen saioetako bat da. Umorezko aldizkari hura ?egunkari itxuran inprimaturiko hamabosterokoa? zazpi aldiz baino ez zen kaleratu.Baina 70eko hamarraldiko gertaerarik aipagarriena beste haur komiki baten sorrerra izan zen: Ipurbeltz (1977ko abendua).

EREIN argitaletxeak Ipurbeltz sortzean argi zuen helburua: euskara ulerterreza eta aldi berean esapide bizi, orijinal eta aberatsez hornitua transmititzeko bidea eskaintzea haurrei. Beraz, eta kanpoko produkzioa itzultzen aritu beharrean, Euskal Herriko bertako komikigileek sorturiko ixtorioak lehenetsi ziren. Bertako umorea, fantasia, historia eta estetika zabaltzea zen kontua.

Sustatze eta esperimentatze eskola bihurtu zen Ipurbeltz, euskal komikigintzak eman dituen fruitu gehienen hazia. Aldizkariaren 200. alea zela eta, proiektuan parte hartu dutenen zerrenda ezagutarazi zen: ehunen bat marrazkilari eta gidoilari. Euskal komikiaren munduan sortu diren profesional gehientsuak ageri ziren zerrenda luze horretan. Ipurbeltzen hogei urteko bizialdi luze horretan bada gurasorik, Mintxo, Prontxio eta Martxelinoren abenturak irakurriz hazirik, semealabak aldizkari berean Punki edo Triski eta Bi Lumaren abenturak irakurriz hazten ikusten duenik.

Ipurbeltzek, bestalde, ixtorio osoen bildumak argitaratzen ditu noizbehinka. Ipurbeltzen ale berezi horiek hilabetekarian agerturiko ixtorioez osatuak dira batzuk, eta abentura eta petsonaia berriez beste batzuk. Ipurbeltz bilduma, argitaraturiko ale guztiak liburukietan biltzen dituena, ezinbesteko erreferentzia bihurtu da euskal komikiaz hitz egitean.

 

Euskal komikiaren oparoaldia

80ko hamarraldiaz gero, sekulako aurrerakada egin zuen Euskal Herriko komikigintzak.

1982an, Donostian, beste euskarazko komiki bat sortu zen, Habeko mik, helduak alfabetatzeko eta euskalduntzeko.Marrazkilari eta gidoilari asko eta oso estilo desberdinekoak elkartu ziren komikiaren itzalpean.

Hamar urtez 54 ale eta 18 bilduma argitaratu ziren. Eusko Jaurlaritzaren babesari esker, tarifa duinak ordaindu, eta produktu dotorea atera ahal izan zen. Hori oso erakargarria zen, eta, hala, sona handiko marrazkilariak eta gidoilariak ez ezik, beste asko ?ezezagunak baina oso maila onekoak? inguratu ziren proiektu hartara. Habeko mikek, bestalde, aldizkariez gainera, bost bideo-komiki ere argitaratu zituen.

Iruñean, aldiz, oso bestelako komiki bat sortu zen: TMEO, gaztelaniaz eta gazte mugimendu erradikalen estetikari lotua. Osoharrera ona izan zuen, eta Espainiako merkatua beretzen ahalegindu zen, baina huts egin zuen horretan. Harrobi hartatik atera ziren komikigileetako batzuek, hala nola Mauro Entrialgo edo Álvarez Rabok eta haren sorkari Herminino Bolaextra deituak, komikizaleen onespen osoa dute gaur egun. Bihilabeterokoa da TMEO aldizkaria, eta, gaur egun, Gasteizen du egoitza.

Marrazki bizidunen industria Juanba Berasategiren eskutik eta Jose Anjel Lopetegiren marrazki estiloaren inguruan hasi zen sendotzen Euskal Herrian. Ernamuin horretatik sekulako zinema uzta oparoa sortu da, sari ugari jaso dituena Euskal Herritik kanpora.

Lehenengo ekoiztetxetik (Jaizkibel) beste zenbait enpresa sortu zen ?marrazki bizidunak egiten, publizitatean edo telebistarako dihardutenak?, bai eta profesional multzo handi bat ere. 1988. urtean, profesional horietako batzuek (Lopetegi, Varela, Landa, Sestelo, etab.), STESO izeneko taldea osatu, eta pertsonaia bat sortu zuten, Gabai, LUR argitaletxearentzat. Euskal Herriko historian zehar egindako ibilbidea da Gabai, Rafael Castellano ziztatzaile zorrotzak harildua.

Komikiaren hogeita hamar ale argitaratu ziren guztira.

Gasteizen, Ikusager argitaletxeak, 70eko hamarraldiaren azken urteetan hasitako lanari segida emanez, Euskal Herriaren historiari buruzko bilduma dotoreak argitaratzeari ekin zion, Antonio Hernández Palacios marrazkilariarekin. Historia bilduma horren ondotik beste asko etorri ziren.

Arabar argitaletxe horrek eta beste bik, Gipuzkoan Tarttaloketa Lapurdin Antxetak, nazioartean arrakastaz zabaldutako komikiak ?helduentzako komikiak betiere? euskaratzeko lanari ekin zioten. Elkar argitaltexeak gauza bera egin zuen bien bitartean haur komikiekin.

Komikia, pixkanaka, leku nabarmena hartzen hasi zen Euskal Herriko egunkari gehigarrietan eta aldizkarietan, eta euskal marrazkilari talde handi samar bat, bestalde, Espainiako merkaturako lanak egiten hasi zen.Baina euskal komikia nazioarteko komikigintzan goi mailara igo duenik baldin badago, Gregorio Muro Harriet donostiarra da hori. Gregorio Muro 1978an murgildu zen komikiaren itsasoan, Erein argitaletxearentzat bost bilduma (Iker eta Ixone) eta Ipurbeltzerako zenbait ixtorio eginez. Baina handik gutxira buru-belarri eman zen komiki gidoilari eta sustatzaile gisa lan egitera, goi mailako marrazkilariez inguraturik. Handik haraberrogei bat bilduma prestatu zituen, Europako eta Ipar Ameriketako zenbait argitaletxe eta aldizkariren bidez argia ikusiak.

Hamar bat hizkuntzatara itzuli da haren lana, eta nazioarteko sari ugari jaso ditu. Greogorio Muroren lanen artean aipatzekoak dira, izan zuten arrakasta handiagatik, Justin Hiriart pertsonaiaren eta Sorgin Seinalea saileko (seina liburuki) gidoiak.

Oso harrera ona egin zitzaien bi bilduma horiei Europan: argitaraldiak agortu egin ziren eta kritikalari berezituen onespena jaso zuten. Euskal gaiak (baleazaleak eta sorginak) nazioarteko produktu nagusien pare zeuden.

Euskal komikiak Europan izan zuen eraginaren erakusgarri da Circus aldizkari sonatuaren iragarpena, euskal komikia Italiakoari eta Argentinakoari nagusituko zitzaiola zioena.

Justin Hiriart ?Paco Fructuoso marrazkigile?, Alfred sariketarako izendatu zuten Angulemako 1988ko jaialdian.

Daniel Redondo bilbotar marrazkilari beteranoak ?60ko hamarraldian Bruguera argitaletxerako lanean aritu zenak? egin zituen 60ko hamarraldian Sorgin Seinalea komiki sailerako marrazkiak.

Lan hori zela eta, Prix Targa UNICEF saria jaso zuen 1984an Luccako (Italia) jaialdian.

Lan aipagarri horiez gainera, bada merezidun gehiago ere, zenbait hizkuntzatara itzuli eta hainbat sari jasotako lanak: Simon besaluze (Luis Astrain marrazkigile), Titez (Miguel Berzosa) eta Eguzkiaren izerdia (Jose Manuel Mata).Gregorio Murok garrantzi handiko beste aurrerapauso bat egin zuen Euskal Herrian sakabanatutako komikilariak aldian behin elkartzea lortu zuenean. Gidoigileek, marrazkilariek eta komikiaren munduarekin zerikusia zuen hainbat eta hainbat pertsonak elkar ezagutzeko aukera izan zuen horrela, hala nola iritziak eta esperientziak trukatzeko ere.

Hedabideetan ere asko ugaldu ziren euskal komikigintzari buruzkoberriak eta artikuluak, eta 1984an, «Euskal Komikiaren Erakusketa»-ren kariaz, hogeita hamalu komikilariren lanak bildu ziren herri eta hiri askotara zabaldu zen erakusketa ibiltari batean.

Gaur egun bada beste gazte belaunaldi bat Europara begira lanean, eta badira ere izen aipagarriak horien artean. Hala nola Jose Luis Landa marrazkilaria, dagoeneko hainbat hizkuntzataraitzuli den El ciclo de Irati komiki sailaren egilea.

1988ko «Nafarroaren Eguna» gazteei zuzendutako euskarazko aldizkari berri baten sorreraren aukuilu izan zen: Napartheid.

Aldizkari horren babesean sortutako komikilari belaunaldi berria euskarazko hainbat argitalpenetara jauzi egina da (Egunkaria, Argia?). Horien artean aipatzekoak dira etorkizun oparoko bi gazte: Markos Armspach eta Asisko Urmeneta. Asiskok, adibidez, garrantzi handiko saria jaso zuen Habanan, «Erraondo» lanaren ordainez.Bilbon, 1994az gero, La comictiva argitaratzen da, bi hilabetez behin. Komikiak eta albisteak batera eta fanzine dotore batean eskaintzen dituen aldizkari hori «bihotzeko aldizkari baten antzik gehien duen komiki fanzinea» da egileen beren hitzetan.

Komikiaren sorreraren ehungarren urteurrenaren kariaz, beste erakusketa ibiltari bat egin zen, «Komikiak 100» izenez, 1966an.

Lehenego aldia zen euskal komikigintzaren historia urratsez urrats bere ibilbide osoan azaltzen zena, «Teles eta Niko» aspaldikoetatik hasita. Hirurogeita hamaika komikilariren lanak bildu ziren erakusketan, komikiaren ehungarren urteurrena (euskal komikigintzaren hirurogeita hemezortzigarrena) ospatzeko.

Oso urte esanguratsua, beraz, 1996. hori, gure komikigintza «gazte» honi buruz hausnarketa sakona egiteko.