Departamento de Cultura y Política Lingüística

Artea»Argazkigintza, zinema, komikia eta joera berriak

Argazkigintzaren lehen urratsak

Ezkerrean: Solokoetxeko bateria, Carlos Monney Milletek 1874an, Bigarren Karlistaldian, Bilbon ateratako argazkia.<br><br>Behean: argazkilaria lanean. Egile ezezagunak ateratako argazkia. Apuntes para una historia de la fotografía en Navarra.<br><br>

Errealitateko irudiak erabat, bere horretan, ispilatzea amesten zuten aurreko tradizio oso baten artista eta zientzilarien nahien iristea izan zen argazkiaren aurkikuntza.

Telegrafoa eta lurrinezko makina bezalako beste hainbat aurrerapen teknologikoren moduan, argazkiaren sorrera hertsiki lotua egon zen XIX.. endeko gizartea aldatu zuen garapen ekonomikoko une historikoari. Merkatari espiritu horrek berak kutsatuta, argazkigintzaren jardunak beste salgai batek bezala ekin zion bere ibilbideari, errealitatea ispilatzeko teknika berri batean oinarriturik. Jende askorentzat argazkigintza artetzat jotzea gauza naturala eta begi-bistakoa bada ere, jatorrian ez zen halakorik gertatu, eta hasierako asmoa ere ez zen hori, denbora puska bat iragan zen arte behintzat.1839ko urtarrilean, L.J. Daguerrek egindako aurkikuntza aurkeztu zen Parisko Zientzien Akademian.

Aurkikuntza hori, irudiak euskarri batean atzeman eta luzaro gordetzean zetzana, Niephore Neipcek lehenago egindako ikerketa batzuetan oinarritzen zen. Zilar ioduroz lortutako kobrezko plaka bat zen euskarri hori, baina eragozpen bat zuen, aldi berean positiboa eta negatiboa zela, eta, hortaz, ezin zen gero kopiarik egin.

Espainian, Bartzelonan egin zen asmakariaren lehen erakusketa publikoa, urte bereko azaroan, eta egun batzuk geroago Madrilen.

Asmakari berri horrek eskaintzen zituen aukera ekonomikoak zirela bide, berehalaxe zabaldu zen Estatuko lurralde osoan zehar, batez ere Espainia guztiko herri eta herrixkak kurritzen zituzten dagerrotipozale batik bat ingeles eta frantsesen bidez.

Horietakoak ziren garai hartan Euskal Herria bisitatu zuten lehen argazkilariak.

Argazkilari ibiltari horietako zenbaiten jarduerari buruzkoberri bakan batzuk besterik ez zaizkigu iritsi. Euskal Herrian dagerrotipoa erabili izanaren lehen aipamena 1840koa da, Parisen jendaurrera aurkeztu eta apenas urtebete geroagokoa. T. Gautierek bere lehen «Viaje por España» lanean kontatzen du nola bere bidelagun batzuek irudiak hartu zituzten Gasteizen. Gero, Iruñeko «Pregón» aldizkari ezagunean, iragarki bat argitaratu zen 1843an, non Mr. Constan Parisko erretratugileak bere zerbitzuak eskaintzen zituen, hirurogei erreal kuartoko prezio merkean. Urte horretatik aurrera asko dira hiri eta herri handi samarretan iragarkiak jartzen dituzten argazkilarien aipamenak, ia beti argazkilari ibiltarienak badira ere.Teknikak aurrera egin ahala, eta konkurrentzia ere gehitzean, argazkien prezioek behera egiten dute, eta horrekin kontsumoa ere asko zabaltzen da. Bata bestearen ondoren etorri ziren argazkilarien lana erraztu zuten aurrerapen teknikoak eta jende xehearen aldetiko kontsumoa: 1841ean W.F. Talbot-ek kalotipo edo talbotipoaren prozedura asmatzen du, hau da, negatiboa paperean ateratzeko sistema, gero nahi adina kopia positibo atera ahal izateko; 1851n, berriz, beira gaineko kolodioizko plaka lortzen da; azkenik, 1888an zabaldu zen, zeluloidea asmatu eta urteak geroago, gaur egungo argazki pelikularen antzeko bat, nahiz eta ordukoa askoz ere sentikortasun gutxiagokoa izan.Argazkigintzak, zabaltzen hasi zen unetik beretik, bi bide hartu zituen: alde batetik, urrutikoa atzemateko erabiltzen zen kamera: paisaje exotikoak, oihartzun handiko gertaerak, jazoerak...; eta bestetik, pintoreek eskatzen zuten baino askoz ere prezio merkeagoan erretratatzeko aukera eskaintzen zion jende arruntari.

Horrela, asko izan ziren Euskal Herrian 1850eko urteetatik aurrera estudio profesionaletan erretratista moduan finkatu zirenak.

Esate baterako, Alphonse Guiard, Cosme Duñabeitia, eta beste batzuk Bilbon; Leandro Desages, Anselmo María Coyne, Agustín Zaragüeta, etab. Iruñean.

Baina hori ez zen hiriburuetan bakarrik gertatzen, euskal geografia osoan zehar ere aurki baitzitezkeen garai hartan argazkilari profesionalak: Bermeon, Gernikan, Bergaran, Tuteran… Estudioko erretratugile gisa, baina gerora erreportajeko argazkigintza deitu zenerako ere oso motibazio berezi batekin finkatu ziren argazkilarien talde horretakoa dugu Carlos Monney Millet. Bilbotarra zen; argazkiestudio bat zeukan Korreo kaleko 15ean 1870az geroztik «Foto Monney» izenarekin, eta berari zor zaio Bilboko hiriak Bigarren Karlistaldiko setioaren kronika fotografikoaren parterik handiena.

Estudio horrek jasota, dokumentu historiko biziki inportanteak gordetzen dira gaur egun, bai gerrari berari buruzkoak eta baita garai hartako pertsonalitate desberdinen erretratuak ere.

Lan dokumental hori, hiriaren setio eta berorren defendatzaileen argazki bikainekin, gerrari buruz Espainian egindako lehen argazki erreportajetzat har daiteke.

Baina ez zen hura izan karlistaldiei buruzko dokumental baliotsua utzi zuen bakarra. Hortxe daude, besteak beste, José Lejarreta, Durangoko borrokak fotografiatu zituena, Pablo Baussac arabarra, edota F. Berillon etaE. Balosier frantsesak, gerra haren irudi apartak jaso zituztenak.

XIX. mende amaierako argazkilari tipikoaren irudia ezin hobeki osa daiteke Donostiako Aguirre eta Otero gogoratuz. Hermenegildo Otero Goñik (Donostia 1841 - 1905) eta Miguel Aguirre Aristiguietak (Donostia 1858 - 1924) «Otero y Aguirre» firma sortu zuten 1879an. Hori baino lehen, 1860ko hamarraldiaren bukaeran, Oterok estudio bat ireki zuen Donostian, eta estudio horretantxe egin zituen Aguirrek ikastun gisa lehen pausoak argazki munduan. Hamalau urte besterik ez zituen Oterori bisitak egin eta argazki lanetan laguntzen hasi zitzaionean. Argazki molde guztiak praktikatu zituzten, hasi erretratutik eta erreportajeraino, hirien edo herriko jendearen argazki sailetatik pasaz.

Firma honetatik gorde den negatibo bildumatik bereziki gogoangarriak dira Isabel II.ak Donostiara 1867an egindako bisitaren bista batzuk, Penintsulako, Ipar Euskal Herriko eta gainerako Euskal Herriko puntu askoren hainbat irudi, hiriaren irudi panoramiko desberdinak, hirian ondoz ondo gertatzen ari ziren aldaketak jasotzen direnak, eta mikeleteen argazki sailak, Karlistaldiei buruzko erreportaje bikainekin, Gipuzkoako herrialdean zehar egindako ibilaldian; oso famatua da Urumea ibaiaren bista ere, bi argazkilariak beren kameraren ondoan fotografiatuak ageri direna, eta gero baita Euskal Herriko kirol tipikoei buruzko hamar dozenatik gora argazki ere. Hauek oso teknika landua zeukaten argazki azkarrak egiteko.

Ederki asko antzematen da hori, esate baterako, Lasarteko hipodromoan zaldi eta zaldikoeijauzi eta lasterketetan atera zizkieten irudietan.

Oterok eta Aguirrek Parisko 1889 eta 1900eko erakusketa internazionaletan ere hartu zuten parte. Oterok ezagutu behar izan zuen, inondik ere, Daguerre, hark Donostiara egin zituen bi bisitaldietan, zeren eta bere etxetik oso metro gutxitara egon baitzen ostatuz Konstituzio Plazan.

Otero 1905ean hil zenean, haren bazkide eta lagun Aguirrek jarraitu zuen dendako lanean.

Argazkilari asko moldatzen dira arrakasta handixeagoarekin ala txikixeagoarekin eredu honetara beronetara: gizarteko argazkiak, gertakari handien panoramikak, nazioarteko erakusketetan parte hartu, herriaren aldetiko onespen eta ezagutza apur bat... Profil hori, ordea, zeharo aldatuko zen XX. mendean sartze hutsarekin.

 

Aire berriak mendearen hasieran

1900. urte aldera, argazkidenda bat zabaldu zuen Bilbon Lux etxeak, Espainiako argazkigintzaren urtekarietan meritu osoarekin ageri ohi dena.

Etxe hori Manuel Torcidak kudeatzen zuen, argazkilari aparta eta argazki kontuetan oso aditua zenak. Haren argazki artxiboaren neurri ikaragarriak berak nahiko ondo ispilatzen du haren lanaren handitasuna eta kalitatea.

Han edozeinek goza ditzake bere begiak konta ezin ahalako paisajeen ikusmirekin, herriko jende eta ohiturekin, eta bere lanbidea ederki asko erakusten duten estudioko argazki distirantekin.

Lux etxeak, ordea, argazkigintzako lanarekin batera, argazki eta zinemagintzako materiala saltzen ere aritzen ere, errebeladore, plaka, kamera, eta gainerakoenmarka jakin batzuk Espainia osorako berak bakarrik banatzeaz gainera.

Manuel Torcida argazkilari ona ez ezik, enpresario sen zorrotzeko gizona zen. Berehala konturatu zen argazkizaleen kopurua gero eta handitzenago zihoala eta argazkigintzako ezagutza teorikoen eskaria ere egunean baino egunean handiagoa zela, eta horregatik «Compañía General de Material Fotográfico» sortzea erabaki zuen. Lux etxearen ume honek gai horretarako argitalpen berezizko bilduma bat argitaratu zuen 1900-1905 artean.

Besteak beste, «Productos fotoquímicos.

Envases», «Placas, películas, papeles sensibles», «Cámaras fotográficas», eta gisako tituluak.

Hauek 5.000 aletarainoko argitalpenak zituzten eskuliburuakziren, mendearen hasierako argazkilari afizionatuei arte honen praktika irakasteko pentsatuta eginak.

Horregatik, argazki zerbitzuak horrelako ugaritasunarekin banatzen zituzten enpresak egoteak nahiko argi adierazten du zenbateraino garatu zen argazkigintza mende erdi bat baino gehixeagoan.

Eta argazkiari buruzko ikusmolde estetikoak ere aldatuz joan ziren. Argazkiaz egiten ziren erabilera desberdinek, hots, argazki dokumentala eta erreportajekoa argitalpenetarako, argazki artistikoa Estatuko eta Estatuzkanpoko aretoetarako eta erakusketetarako, estudioko argazkia, etab., garai hartako gustuak nondik nora zebiltzan eta orduko joera artistikoak zein ziren markatzen dute.

Espainiako argazkilari joerarik garrantzizkoena, mende honetako lehen hamarraldietan, piktorialismoa izan zen ezbairik gabe.

Jende askok kritikatu zuen argazkigintza piktorialista hau, bere burua «artistikotasun» handiago batez jantzia ikusten bide zuelako eta, horrela, beste arte eder bat bihurtu nahi omen zuelakogainerakoen artean. Baina, kritikak kritika, kontua da, Espainia osoan zehar antolatutako erakusaretoetan estilo horixe estimatu zela gehien.

Joera estetiko honetan gehien destakatu ziren argazkilarietako bat Miguel Goicoechea nafarra da. Altsasun jaio zen; Frantziako Bordele hirian osatu zituen bere ikasketak, eta hantxe hasi ere argazkiaz interesatzen. Bere jardueraren hasieratik bertatik izan zuen piktorialismoaren –hau da, Espainiako argazkilari ezagutuena zen José Ortiz-Echagüerenjoeraren– eragina, eta joera horretako espezialista peto-petoa bihurtuko zen bera ere denborarekin.

Pigmentuzko teknikak erabili zituen, garraio eta goma bikromatuak batik bat, horrekin oso estetika partsonal bat landuz.

Gaien aldetik, dokumental kutsu handia du Goicoechearen lanak; bere pertsonaiak kaleko jendeak dira, edo nekazari girokoak, langileak edo eskaleak; gero, nabaritzen zaizkio eite kostunbristako eszenak ere, jeneralean bere eskualdean bertan girotuak.

Eta azpimarratzekoa da, berebat, estudioan egin zuen lana ere, hiriko pertsona gutxiasko ospetsuak, lagunak eta batez ere bere ahaideak erretratatuz.

Miguel Goicoechearen irudiak argazki areto askotan jarri ziren ikusgai, Espainian eta Espainiatik kanpora, eta sari eta aipamen ugari lortu zituzten berorietan.

Espainiakoei dagokienez, aski jarraituki parte hartu zuen Zaragoza, Madril eta Bartzelonako aretoetan. Eta atzerrian ere oso bezero usua zen Londres, Milan eta Parisen antolatzen ziren erakustaretoetan. Aipatzekoak dira, orobat, hainbat aldizkari espezializatutan argitaratu zituen lan eta artikuluak, bere irudiez hornituta askotan, Europako nahiz Ipar Ameriketako urtekarietan, Photo Revue, El Progreso Fotográfico, eta abarretan.

Bere argazkilaritzako azken aldian, eta ikusmolde errealistago bati atxikiz, bere teknika zaharrak alde batera uzten joan zen pixkana-pixkana, argazki zuzenago baten faboretan. Behin 1940tik aurrera, ordea, gerra zibila bukatu ostean, bere estudioan itxita eta bere bizitzako aurreko etapetako materialak landuz, ez zuen gehiago parte hartu erakusketa bat bakarrean ere.

Mende honen lehen hereneko beste euskal argazkilari handi bat, baina argazkigintzari buruzko planteamendua Miguel Goicoechearenaren aski bestelakoa zuena, Felipe Manterola izan zen.

Herri eta hiri guztietan argazkilari profesionalen estudioak etengabe ugaldu zirelako edo, krisialdia, erremediorik gabekokrisialdia etorri zitzaion argazkiaren negozioari. Gero eta lehia handiagoaren ondorioz, prezioak jaitsi behar izan ziren gehiago ezin ahalako mailetaraino, eta negozio asko eta asko itxi beharrean gertatu ziren. Egoera horrek ez zituen denak modu berean jo, ordea, izan ere euskal erretratista guztiak ez baitziren gizarteko argazkilari handien ustekoak.

Horixe zen Felipe Manterolaren kasua. Zeanurin jaioa zen 1886an; 1904 aldera egin zituen bere lehen urratsak argazki munduan. Hogeita hamar urte baino gehiagoan, bere herriko jendeak, hauen lanak, jaiak eta bizimodua ispilatzen saiatu zen argazkilari afizionatu bezala.

Hainbat urtetan zehar, Manterolak maiz samar hartu zuen parte «Novedades» eta hura bezalako beste zenbait aldizkari ilustratutan; 1925ean, Alemaniara egin zuen bidaia batean, lan bat argitaratu zuen bere argazki ezaugarrizkoen batzuekin. Gerra zibila bukatu ondoren, argazkigintza alde batzera utziz joan zen pixkana-pixkana.

Bere artxiboaren puska on bat Bilboko Labayru Institutuan dago jasoa gaur egun.

Gerora, arte abangoardia indartzen eta azkartzen hasi zenean, argazkilari asko berritik aztertzen hasi ziren argazkiaren zentzua eta adierazpen ahalmena.

Zentzu honetan, Euskal Herriko argazkigintzaren historiari dagokionez, oso postu gailena du Nikolas Lekuonak.

Lekuonaren lanak Dalíren, futurismoaren, surrealismoaren eta konstruktibismoaren kutsu nabari-nabaria du, eta Lekuona bera izango da seguru asko bere garaiko Espainiako argazkilari guztien artean haustura, ikerketa eta esperimentaziorako gogorik argiena erakusten duena ere.

Nikolas Lekuona Ordizian etorri zen mundura, 1913an. 1932an Madrila joan zen ikastera. Eta han hasi zen garai hartako euskal artista gazte zenbaitekin harremanak egiten: Oteiza, Sariegi, Joaquín Gurruchaga, etabarrekin.

1934an erakusketa bat antolatzeko plana egin zuen Oteizarekin «Pintura, escultura, fotografía» tituluaren pean, Balenciagaren pinturarekin, Oteizaren eskulturarekineta bere pintura, marrazki eta argazkiekin. Donostiako Kursaaleko behe-barruetan egin zen erakusketa hori; Lekuonak aukera ezin hobea izan zuen erakusketa horretan bere obra, arlo desberdinetan banatua, gauza lotu eta banandu ezin bezala aurkezteko. Horixe izan zen bere lehenbiziko erakusketa, eta prentsak ere orduan eman zuen lehendabiziko aldiz artista honen berri.

1935ean, bere adiskide Oteiza eta Balenciaga Ameriketara joan ondoren, aurkeztu zituen berriro bere lanak Gizpukoako Artista Gazteen Erakusketara. Urte horretako bertako udazkenean «Noreste» poesia eta arte aldizkariak Lekuonaren bi dibujo eta bi argazki eman zituen argitara.

1936an Donostian ziharduen lanean Florencio Mocoroa arkitektoarentzat eta hala zenbait eraikuntza funtzionalisten proiektu aski garrantzi handikoak egiteko aukera izan zuen harekin.

Francoren tropak sartu zirenean falangista egin behar izan zuen, eta Aizpúrua, Olasagasti,Lagarde, eta beste zenbaitek sortua zuten «Quincena de GU» elkartean partaide izan zen. Geroztik aldian behin Prentsa eta Propagandako Departamentuan laguntzaile ere izan zen. Gerrako frontera eraman zuten zauritu eramaile gisa eta Fruizen hil zen 1937ko ekainaren 11n gerrako istripuz.

Gerra zibilak asko aldatu zuen dudarik gabe Euskal Herriaren historia. Hura bukatu ostean, errotik aldatua geratuko zen euskal argazkigintzaren panorama.

Indalecio Ojanguren Eibarren jaio zen 1887an. Argazkilari izateaz gainera mendizalea ere bazen, eta Eibarreko Kirol Taldeko ohorezko lehendakari izendatu zuten 1966an. Argazkigintzari dagokionez Euskal Herriko ikuspegiak, elizak, ermitak, ohiturak, pertsonak eta abar erretratatu zituen.

Geografía General del País Vasco-Navarro, Euskalerriaren Yakintza (Azkue), Catálogos de Monumentos de Vizkaya (Javier Ibarra) eta El País Vasco (Julio Caro Baroja) obretan ikus daitezke Ojangurenen argazkiak.

 

Gerra zibilaren ondoren

Bizitzako eta kulturako beste hainbat arlotan bezala, Espainiako gerra zibilak berebiziko eragina izan zuen Euskal Herriko argazkigintzaren historian ere.

Argazkilari batzuek ez zuten inongo zalantzarik izan beren lan profesionala beren idealen zerbitzutan jartzeko eta horrela, alde batean nahiz bestean, propaganda lanetan jarduteko. Hala egin zuten, beste askok bezala, Vicente Garay eta Félix Villar bizkaitarrek eta Valentín Velarde donostiarrak. Euskal Gobernuak bere argitalpenetarako kontratatutako argazkilarien taldekoak izan ziren horiek guztiak.

Eta gerra galdu ostean, erbestera alde egin behar izan zuten.

Behin gerra bukatu ostean, gobernu berriak berehala ezarri zuen bere gizarte sistema. Nazionalismo kulturalak tradizioaren, arrazaren eta inperio iraganaren gorespenean oinarritutako ideia estetikoak hartu zituen berriz ere,hori guztia neurririk gabeko folklorismo batez apaindua.

Giro kultural pobretu horretan higikunde berri bat sortu zen argazkigintzan, «tardopictorialismo» deitu zutena. Higikunde horren tematika ondo zehaztua zegoen: pintoreskismoa, Espainiako ohitura, jantzi, tradizio eta paisajeen gorespena. Giro horretako Espainiako argazkilari nagusiaJosé Ortiz-Echagüe izan zen, inongo zalantzarik gabe; gerra osteko garai hartan, Espainian bertan eta atzerrian erakusketa ugari egiteaz gainera, bi liburu argitaratu zituen, bere liburuen artean ezagunenetakoak: España mística (1943) eta España, castillos y alcázares (1956).

Argazkigintzako material eskasia eta ekonomiaren egoera orokor kaxkarra zirela-eta, garai txarrak izan ziren haiek, zinez,argazkigintzarentzat. Urte asko joan ziren berriz ere gerra aurreko estudio kopurura iristeko.

Zaletuei eta profesional askori ez zitzaion beste biderik geratu bere lanak erakusteko argazkilari elkarteetara, erakusketa eta lehiaketetara, eta orduan argitaratzen ziren aldizkari apurretara jotzea ez bada.

Pedro María Irurzun nafarra izan zen garai hartako argazkilari nagusietako bat (Iruñea, 1902 - Iruñea, 1958). 1940 arte ez zion erabat eta osorik argazkigintzari ekin. Pertsonaia sail luze baten argazkiak izan zuen bere produkzio nagusia: kultura munduko pertsona ospetsuen argazkiak, musikarienak batez ere,musika zalea baitzen oso. Artistak bere estudiora ekarririk, han egiten zien erretratua.

Estudio lanak egin zituen, beraz, batez ere. Baditu estudiotik kanpora egindako lanak ere, baina baldintzak oso ondo kontrolaturik eginak beti ere: argiaren antolamendua eta konposizioa zehatz eta kontuz ikertzen zituen, eta material negatiboak eta positiboak nola erantzungo zion xehe-xehe zaintzen.Sari eta goraipamen ugari jaso zituen Euskal Herriko eta –batez ere– atzerriko areto askotan. Madril, Bolonia, Anberes, Brusela, Lisboa, Luxenburgo, Edinburgo, Filadelfia, St. Louis, Johannesburgo, eta beste leku askotako lehiaketetan parte hartu zuen. Publizitate argazkia ere ez zuen arrotz; ezagunak dira, besteak beste, Marie Brizard, Alfa, Lambretta, eta beste hainbat enpresaren enkarguz egindako lanak.Pedro María Irurzun Nafarroako Argazkilari eta Zinemagileen Taldearen sortzaile izan zen (1955), Manuel María Castell, Nicolás Ardanaz, Fernando Galle, Félix Elbusto eta José María Bayona argazkilari eta zinemagileekin batera.

Urte batzuk lehenago, 1947an, Gipuzkoako Argazkilarien Elkartea sortua zen, argazkilari talde batek, Rocaverdeko markesa buru zela, eragina. Talde horretako kide nagusiak izan ziren, besteak beste: Bernardo de Aurrecoechea, Alberto Fernández de Ibarburu eta Juan Angel Arrieta. Azken hori, gainera, Euskal Herriko Argazkilari Elkarteen Taldeko lehen presidentea izan zen, handik urte batzuetara.

1960 ondoko hamarraldian zeharo aldatu zen Espainiako argazkigintzaren panorama. Argazkigintzari buruz ideia berriak zituzten argazkilariak azaldu ziren garaitsu horretan. Argazkilari horiek tradizioaren zurruntasuna eten nahi zuten: lehiaketak eta erakusketak –egiten ziren bezala– desagertarazi, eta estudioan egiten zen argazkigintza zaharkitua arras berritu. Ekonomiaren zuzperraldiarekin batera Europako eta Ipar Ameriketako beste herrialdeetarako zabaltzea gertatu zen. Zabaltze horrek, noski,argazkigintzak nazioartean zeukan egoerari buruzko ezagutza ekarri zuen, eta galdutako denbora berreskuratzeko premia biziki sentitzen hasi zen horrenbestez.

Argazkiaren ikuspegi berri horren ordezkari nagusia, galeriako argazki tradizionala baztertu zuen erretratismo berriaren aitzindari, Alberto Schommer izan zen.

Argazkilari arabar hau (Gasteiz, 1938) Euskal Herriko argazkilari onenetakotzat ezagutzen da, bai bere artista eta profesional bizitza luze eta emankorragatik, bai izan duen onespenagatik eta sariengatik ere.

Schommer pinturan ibilia zen argazkigintzan hasi aurretik. Kolonian eta Parisen hasi zituen argazkigintza ikasketak. Gero Madrila joan zen eta han hasi zen argazkilari profesional gisa, moda eta publizitate munduan jarduteko asmoz.

1959an AFAL taldeko kide egin zen, eta talde horren erakusketa eta argitalpenetan partaide izan zen, taldearen sorrera urte horretan bertan AFAL-ek Parisen antolatu zuen erakusketan, adibidez.

Jendearen onespena eta ezagutza, ordea, ez zitzaizkion iritsi harik eta prentsan Retratos Psicológicos (1969-1973) argitaratu zuen arte: Espainiako garai hartako politika, kultura edo finantza munduko pertsona ospetsuen erretratu sail bat hain zuzen.

Bertan, Schommer bihurtzen da erretratuaren protagonista, berak diseinatzen du eszenografia eta berak agintzen bere modeloen gorputz jarrera. Hala, pertsonaiaren ikuspegi subjektibo bat lortzen du. Geroago «El País» egunkariarekin beste argazki sail bat egin zuen.

Taldeko erakusketa askotan hartu du parte: Fotográfos Españoles (Kolonia, 1966), Expo - 67 (Montréal, 1967), 259 Imágenes (Madril, 1983), Center for Creative Photography (Tucson, 1988), Toppan Colection (Tokio, 1989), besteak beste. Bakarka ere erakusketa ugari antolatu ditu, galeriarik ospetsuenetan: La dulce violencia eta Tierra fermentada (Galería Tambor. Madril, 1976), Chateau d’Eau (Toulouse, 1977), Shaday Galery (Tokio,1978), Visual Studies Workshop (Rochester. New York, 1983), Fermento y máscaras (Galería Juana Mordó. Madril, 1985), Egungo Artearen Museoa (Bilbo, 1985), Arte Modernoko Museoa (Gasteiz, 1985), San Telmo Museoa (Donostia, 1985), Retratos (Círculo de Bellas Artes. Madril, 1989), Civilizaciones (Wiesbaden.

Alemania, 1990), Cascografía (Galería Céramo. Gasteiz, 1990), Retratos (Centre d’Art George Pompidou. Paris, 1990).

Argitalpenei dagokienez, hamabi liburu zeuzkan argitaratuak1990 bitartean. Enkarguz egindako beste lan desberdinez gainera, «Azul» (1993) eta «Verde» (1996) ditu azken edizioak, eta dudarik gabe pertsonalenak.

Bere lanak Espainiako eta Europako aldizkari nagusietan azaldudira, gaika argitaratuta: «Creative Camera», «Photomethods», «Foto profesional», «Nueva Lente», «Photo», «Arte Fotográfico», etabarretan.

Arte Ederretako San Fernandoko Errege Akademiako kide da eta urte luzez Espainiako Erregeen Argazkilari Ofizial izan da.

Zentro eta galeria ugarik erosi izan dituzte Schommer-en argazkiak: Madrilgo Arte Modernoko Museoak, Biblioteka Nazionalak; Arizonako Tucson-go Center for Creative Photography-k, Gasteizko Arte Modernoko Museoak, Juana Mordó Galeriak; Tokioko The Toppan Collection-ek, Metropolitan Museum-ek. Eta horiez gainera, badituzte Schommer-en hainbat bilduma partikular desberdinek ere.

 

Argazkigintza gaur egun

Argazkigintza, hasieran, diziplina artistiko ez baina aurkikuntza zientifiko bezala abiatu zenean, oso pertsona gutxik hartu zuten lanbide hori. Horrexegatik, hain zuzen, argazkiak egiteko teknikak ezagutzen zituenak nekez azaltzen zion inori bere ezagutzen berri, eta hala argazkilariek profesional gremio itxi gisako bat eratu zuten denborarekin.

Jardunaren jardunez ikasten zen argazkigintza, gurasoek haurrei erakusten zieten ondare preziatua, kasu askotan.

Gaur egun ez bezala, argazki zale gutxi zen XIX. mendearen erdialdera. Gizartean nor zenak baizik ezin izan zezakeen argazkigintzan aritzeko zoria izan.

Gaur egun, ordea, zeharo aldatu da egoera hori; argazkia merketu den ahala zaletuak ere ugaldu egin dira, eta estudio batean erretratatu beharra ia esateko desagertu da. Gaurko argazki etxeek ezteietako erreportajeak, jaunartzeetakoak eta herritarron bizitzan nolabaiteko garrantzia duten beste gertakizunenak egiten dituzte funtsean, zaleei argazki materiala saltzeaz gainera, noski.

Horrez gainera, argazkigintzako lanbideak bi bidetatik jo du, nolabait esateko: publizitatearen bidetik, alde batetik, eta kazetaritzaren bidetik, bestetik.

Lehenengoa, sektore horren gero eta eskari handiagoarengatik etengabeko berritasun-beharrak bultzatuta dudarik gabe; eta bigarrena,argazkiak kazetarien artikuluen osagarri bezala pixkanapixkana lortu duen garrantziarengatik, informazioaren egiazkotasunaren frogagiri gisa erabilita beti ere. Bi kasuotan, zinez esan daiteke halako argazkilariak argazkilari independente, hau da, «free lance» edo eskaintzen zaion edozein argazki lanetan aditua izan behar duen profesionala dela. Argazkigintzaren arte ikuspegia, argazkilari askok ahazten ez duena, ahaztu gabe noski.

Talde honetan sartu beharko lirateke erakusketetarako erreportajeak, lehiaketa eta sariketetako partaidetzak, eta argazki liburuen argitalpena.

Argazkigintza ulertu eta praktikatzeko modu honetan bete-betean sartzen den euskal argazkilari bat Koldo Chamorro arabarra da.

Ikasketaz autodidakta da; argazkilari independente bezala egiten du lan, erreportaje eta lan komertzialetan; horietako zenbait argitalpen guztiz ospetsuetan jaso izan dizkiote argazkiak: Geo, El País, Life, etabarretan.

Europa, Estatu Batuak eta Afrikatik barrena ibilia da; Afrikan, hain zuzen, hamasei urte baino gehiago bizi izan da. Bi aldiz izan da finalista «W. E. Smith Memorial Foundation»en. Horrez gainera, irakaskuntzan ere ari izan da eta dihardu, maiz ematen baititu argazki tailer eta ikastaroak.

Eta zenbait komunikabidetankritikari gisa ere hartzen du parte.

Bakarrik egin izan dituen erakusketa aipagarrienen artean honako hauek bereziki aipatzekoak dira: «Foco 89» (Círculo de Bellas Artes. Madril, 1989); «Los monstruos sagrados» (Galería Nueva Imagen. Iruñea, 1990); «Vanishing Spain» (Santa Monica College. Los Angeles, 1990); «Interarte» (Galería Nueva Imagen.

Valentzia, 1990); «Galería Visor» (Valentzia, 1991).

Taldean nahiz bakarrik parte hartu izan duen erakusketetako katalogoez gainera, portafolio asko dauzka argitaratuak; hona aipagarrienak: Photo-Reporter (1979ko martxoa); The Brithish Journal of Photography (1980); European Photography (1980, 2.. bk.); Open-Eye (1981, 13. zbk.); Life Magazine (1981); Poptografía ( 1981, 2. bol., 3. zbk.); Details (1982ko uztaila); Ovo Magazine(1986, 59. zbk.); Arte Fotográfico (1988, 440. zbk.); Diorama (1988, 59. zbk.); Foto Profesional (1989, 77. zbk.); Lookout (1989ko otsaila); Arte Fotográfico (1989, 440. zbk.); Cámera Internacional (1990, 25.. bk.).

Beste argazkilari eredu bat, gaur egun, formazio tradizionalago bat duenarena izango litzateke, oso gaztetatik familiako estudioan lan egin ondoren gero bere estudioa ireki eta eraiki duenarena. Eredu honetakoa da Sigfrido Koch argazkilaria.

Argazkilari karrera profesional eta artistiko zinez meritu handikoa utzi du.

Argazkigintzako oinarriak familiako negozioan ikasi ondoren, Alemaniara joan zen bere ikasketak osatzera. Han argazkilari desberdinekin lan egin eta estudiatu zuen bekadun gisa, azkenean publizitatean espezializatzeko.

1968an Madrila joan zen, etaRasgo-Grey agentziarentzat aritu zen lanean.

Bere lehenbiziko argazki erakusketa Donostian egin zuen, 1976an. Geroxeago «Fotografías de Euskal Herria» erakusketa antolatu zuen. Eta izenburu orokor horren pean antolatu zituen ondorengo hamar urteetako erakusketa gehienak ere. Parte hartu izan duen erakusketa kolektibo bakarra «I Muestra de la Fotografía Española» izan da, Salamancan egina, 1985ean.

Kochen argazkilari bizitzan bere argazki liburu ugarien argitalpenak hartzen du parte handi bat. Hortxe dira, besteak beste: «Museo de San Telmo»; «Euskalerria, Neure ametsa»; «Itxaskaria»/ »Los Eúskaros y el mar»; «Misterio de Vizcaya»; «Gure sagardoa»; «Txakolina»; «Gaviota», Gabriel Celaya poetarekin elkarlanean egina; «San Sebastián, ciudadhau ere Celayaren neurtitzekin; «Cien años de Rioja Alta».

Haren artista eta sortzaile produkzioa ez zen argazkiaren eremura mugatu. Publizitate zineman ere izan zituen esperientzia bat baino gehiago, eta dokumentalik ere egin zuen bideoz. Egin zuen ikus-entzunezkorik garrantzizkoena «Orreaga» da (1984); diapositibekin antolatutako muntaia bat da hau, Josu Rekalde, Iosu Arregi eta Jesus Maria Mateosekin elkarlanean egina.

Sigfrido Koch argazkilari arrakastatsua eta ospatua izanzen bere bizi garaian ere, eta euskal artistarik garrantzizkoenetako bat bezala hartua dago gaur egun.

Euskal argazkilarien artean asko gailendu den beste bat Pío Guerendiain da, argazkigintzarako lanbidearen hirugarren eredua izan daitekeena, nolabait esateko. Honen kasua, Euskal Herrian funtzionatzen duten argazkilari elkarte ugarietako batean ikasitako argazki zalearena izango litzateke.

Izan ere, «Agrupación Fotográfica y Cinematográfica de Navarra»ko kide egin zen 1963an, eta elkarte horretako lehendakari izatera iritsi 1976-82ko urteetan.

Bere argazkiekin lortu izan dituen merezimendu desberdinen artean bi «Negtor» sari dira gailen, 1972 eta 1978ko urteetan erdietsiak.

1986an A.F.C.N.ko Argazkigintza Aurreratuko Tailerren zuzendaritza hartu zuen. Argazki aldizkari askotan azaldu izan dira haren lanen erreferentzia eta portafolioak. Esate baterako, «Arte Fotográfico», «Nueva lente», «Foto Profesional», «Flash Foto», etabarretan. Gainera, argazki asko argitaratu ditu liburuetan ere: «Anuario de la fotografía española» (1974), «Cotecflash 74» (1974), «Photography Year Book» (Erresuma Batua, 1976), «Navarra, Guía ecológica y Paisajística » (1980), «Fotografías» (1981), «Miradas» (1984), «Enciclopedia de la fotografía creativa» (1985), «Encyclopedie Internationale des Photographes» (Suitza, 1985), «Visiones para una Década» (1990), «Gran Enciclopedia de Navarra» (1990).

Bere karreran zehar bai bakarrik eta bai taldean erakusketa ugari egin ondoren, bere lanaren parte handi bat museo, galeria eta bilduma partikularretara joan da, hala: Parisko Biblioteka Nazionalera, Elgoibarko Ongarri Bildumara; Toulouseko Chateau d’Eau-ra, Iruñeko Nafarroako Museora, Reusko Gaur Egungo Artearen Museora, Tarragonako Forum Galeriara; Zaragozako Spectrum Galeriara; Valentziako Visor Galeriara; Joan Miró Fundaziora...

Argazkilari gazteenen artean, Javier Juanes de la Peña eta Xabi Otero dira aipagarrienetako batzuk.

Javier Juanes de la Peña Salamancan jaio zen 1955. urtean.

Oso gazte hasi zen argazkiak egiten, eta, argazkigintzarekin batera, urteak eman ditu euskal folklorea lantzen. Hala, bere argazkietan eskulangintza, jaiak, ohitura zaharrak erakusten ditu.

Bere lanen hainbat erakusketa egin ditu, ikus-entzunezkoak, Euskadi osoan barrena. Hainbat sari lortu ditu Kultura Ministerioak antolaturiko Herri Arte eta Tradizioei buruzko Nazio Lehiaketan.

Xabi Otero nafarra da; Iruñean jaio zen 1952. urtean, eta diseinua eta argazkigintza landu ditu Londresen. Madrilgo prentsan lan egin du, eta hainbat aldizkaritako lankide izan da (Periplo, Trofeo, Jano). Diskoen azalen diseinuak ere egin ditu. Argazki liburuak argitaratu ditu: Oihan bat murgildurik (1984), Anastasio Ochoa: Carbonero (1985), Bernatenea (1985), La laguna de Pitillas (1986), Saharahui Herria (1989). Eusko Jaurlaritzarentzat ere lan egin du, HABErentzat ikus-entzunezkoak eginez.

Bestalde, prentsan aritu dire argazkilarien artean, Aygüés izan da Euskal Herrian lan gehien egindakoetako bat. Juan Aygüés Valentzian jaio zen (1920), baina Donostian egin du lana, prentsako argazkilari gisa. Erretiratu zen arte (1985), Donostiako El Diario Vasco egunkarian eta Europa Press eta EFE albiste agentzientzat lan egin zuen.