Departamento de Cultura y Política Lingüística

Artea»Eskultura

Trantsizioko belaunaldia (I)

?San Cosme?, Francisco Durrioren obra, aski ezezaguna, gune ezkutu batean, Getxoko hilerrian Echevarrieta sendiaren panteoian, baitago.<br><br>

Francisco Durrio (Bilbo, 1867-Paris, 1940) eta Nemesio Mogrobejo (Bilbo, 1875-Gratz, Suitza, 1910) dira Euskal Herriko eskultura modernoaren aitzindari nagusiak. Batak eta besteak, ordea, euskal lurraldetik kanpo jardun zuten batez ere, eta ez ziren bereziki Euskal Herriko gaiez baliatu, jaio ziren lurrari atxikiago bizi izan ziren ondoko eskultore batzuen kasuan gertatu bezala.

Francisco Durrio izan zen, beharbada, garai hartan sortu zen euskal eskultore ausartena. Obra gutxi eginagatik ere, argiro erakutsi zuen joera modernistetatik XX. mende barneko espresionismorako bidea. Esan beharra dago, bestalde, Durrio gabe ez zutela euskal artista askok Parisko aldia eta, horrenbestez, arte bidea egingo.

Nemesio Mogrobejoren eskulturak joera klasikozalearen eta espresionismo modernoaren arteko bidea eskaintzen du. Maisutasuna eta garra bat egiten dira zenbaitek Rodinen pare ezarri duen eskultore honengan.

 

Francisco Durrio

Francisco Durrio de Madron 1860. urteetan Bilbon sortu zen, familia frantses batean. Aita saskigile zuen; benetako deitura Durrieu de Madron zuen, abizen nahiko ezaguna Ipar eta Hego Katalunian. Bilbotarrek «Durrio» deitu zuten eta halaxe aurkeztuko zuen bere burua eskultoreak ere. Ez dakigu zehazki zein urtetan jaio zen Paco Durrio ?1867an, 1868an edo 1875ean, adituen arabera?, baina garbi dago Nemesio Mogrobejo baino zaharxeagoa zela. Oinarrizko arte ikasketak Bilbon egin ondoren, Parisa jo zuen, Cosme Echevarrietaren familiaren laguntzaz eta, han kokatu bazen ere, bidaia asko egin zituen ondoren Bilbora.

Durrioren arte esparrua ez zen eskulturara mugatu, zeramikagile eta zilargin aparta izan baitzen; gainera ateak zabalik eduki zituen etxea eta tailerra EuskalHerriko eta Espainiako artistentzat.

1890 ondotxoan zeramika tailer bat jarri zuen Paristik hurbil, Saint-Prix herrian (Seine-et- Oise) eta Montmartren hartu zuen geroago bizilekua. 1894an gidari lanak egin zituen Bilboko arte eskolan ezagutu zuen Nemesio Mogrobejorekin. Haren eskutik ezagutu zituen Mogrobejok eskultura klasikoa eta arte molde berriak, eta haren bidez mamitu zuen dekorazio modernorako gustua, lan txikietan bereziki agertu zuena.

Bi lagun handi izan zituen Durriok Parisen elkartu ziren artista handienen artean: Paul Gauguin eta Pablo Picasso. 1890. urte aldera, Tahitira bigarrenez joan aurretik ezagutu zuen Gauguin,eta handik aurrera oso eragin handia izan zuen pintore frantsesak Durriorengan: haren bitartez ezagutu zuen estanpa pintura japoniarra, ondoko dekorazio lanetan berealdiko garrantzia izango zuena. Gauguinek berak ere miretsi zuen Durrioren gaitasun handia eta, ironiaz bada ere, horrelako zerbait adierazi nahi izan zuen behin, bere kalumniatzaileei buruz honako hau esan zuenean: «eskulturan ere Pacoren ikasletzat hartuko naute horiek egunen batean». Adiskidetasun haren erakusgarri dira Gauguinek Paco Durriori eman zion obra sorta handia, bilduma handia (1919an Bilboko Museoan erakutsi zituen Durriok bilduma hartako hogei koadro, eta han utzi nahi izan zituen.

Museoak, ordea, ez zituen onartu).

Bestalde, Gauguinek sarrarazi zuen Durrio inpresionismoaren ondoko pintura giroan, ondoren berak beste euskal artista batzuekin ?Iturrino, Echevarría, Zuloaga eta Arteta, esate batera? egingo zuen bezala.

Pablo Picassoren adiskidea ere izan zen, eta laguntza eman zion garai zailetan. Hala deskribatu zuen Fernande Olivier, Picasoren lehen emazteak: «?txikia eta biribila zen, bitxia, izaera sendokoa eta orijinala, artea maite zuen benetako artista? Bihotz handi bat». Hala ere, harreman haiek hoztu egin ziren Picasso kubismoaren bideetan barneratu orduko.

Francisco Durrio 1940. urtean hil zen Parisko ospitale batean, pobre eta gainerakoek ahantzia.

Arte modernoaren euskal artistaaintzindari nagusietakoa izan zen arren, egun ere ez da behar bezala ezagutzen eta aitortzen haren balioa.

Durrio eskultorearen artea zeramika eta zilargintza alorretako dekorazio obra txikietara makurtu zen batez ere eta aho batez aitortu zioten aditu guztiek haietan zuen maisutasuna. Halaz ere, oso eskultura lan gutxi egin zuen. Zergatik? Zailtasunei aurre egiteko ezgai zela leporatzen diote batzuek; beste batzuek, ordea, perfekziozale izugarria zela diote eta horren ondorioa litzateke zeramikan lortu zuen maila handia eskulturura jakin batzuetan baizik eraman ez izana. Nolanahi ere, eskultura lan handiak utzi zituen Durriok, gutxi izanagatik.

Arriagaren Monumentua da lan aipagarriena. 1905ean, Juan Crisóstomo de Arriaga (1806- 1826) musikari bilbotarraren jaiotzaren mendeurrena zela eta, hari monumentu bat opatzea erabaki zuen Bilboko Udalak eta lehiaketa batera deitu zituen eskultoreak.

Durriok irabazi zuen, Mogrobejo, Basterra, Torre eta beste eskultore handi batzuen aurretik.

Lanean luzatu zen artista eta 1911n aurkeztu zuen modeloa, baina ez omen ziren Biboko agintariak oso gustura geratu eta sariaren bigarren zatia ez ordaintzea erabaki zuten. 1915ean eten ziren Durrioren eta Udalaren arteko harremanak eta egin gabe geratu zen obra. Gorabehera askoren ondoren, 1932an heldu zioten berriro Durrioren proiektuari eta, ados jarri ondoren, 1933an inauguratu zen monumentua.

Prentsak ez zuen onez hartu obra hura; «El Liberal» izan zen harrera ona egin zion bakarra, beste zenbait egunkarik lerro gutxi batzuk eskaini zizkioten eta «Euzkadi» egunkari jeltzaleak bakar bat ere ez. Monumentuaren lehen harria Arenalean jarri bazen ere, Parkeko Pergolan inauguratu zen 1933an. Obra sinbolismoz betea da hau: Melpomene, Artearen Musa, brontzez landuriko emakume gazte biluzi sendoa, kexu eta pleinu ageri da zeruari begira,mugagabeko jainkoen aurrean, musikaria hain gazterik hiltzen utzi dutelako. Bularraren kontra daraman lirak gogorarazten du musika. Multzoaren oinarrian ageri diren irudiek ?inspirazio iturria Egiptoko artean duten maskaroiak, esfinje moduan aurkeztuak? hileta eitea ematen diote multzoari, eta harroineko frisoetan txorien bitartez aurkezturiko pentagramak musikaren betierekotasuna ekartzen du gogora.

Forma biribil sendo horien soiltasunak eta omenaldia omenduaren irudirik gabe egin izanak ?ezaugarri horietako lehen monumentuaeskultura molde berritzaile bat dela frogatzen dute. Arriagaren monumentuaren biluztasunak zentsura ekarriko zuen eta, gerra ondoren, 1975. urtea arte egon zen eskultura hori Arte Ederretako Museoko sotoetan. Gaur egun museo horren atzealdeko parkean dago.

Paco Durrioren garrantzi handiko beste eskultura lan bat Cosme Echevarrieta familiaren mausoleoa da, Getxoko hilerrian. Durrioren mezenas izan zen garai batzuetan Echevarrieta. 1923an aurkeztu zuen obra hau; ekialdeko arte moldeak gogorarazten ditu: arkitektura aldetik, lurpeko mastaba baten moduko barruti angelu-zuzena eratu zuen, obelisko bat kanpoaldeko gainaldean (hildakoaren laudorioa egin baino gehiago, gizakien sineste metafisikoen alegoria nahi izan zuen aurkeztu) eta dekorazioari dagokionez, Durriorengan hain eragin handiaizan zuten txinatar eta japoniar eskulangintzako moldeen oihartzun gardena da burdinazko ateko behe erliebeetan aurkezturiko tximeleta sarea. Panteoiaren bi alboetako hormetan daude gainerako senitartekoen hilobiak, nitxoetan, eta erromatarren garaiko zoru lan ederrak gogorarazten dituen mosaiko bikain bat zabaltzen da erdialdean. Eskultura aldetik garrantzi berezia du San Kosmeren irudiak: panteoiko hilobiaren gainean dago zutik, luze, mehe eta zuhur, burezur bat esku erorien artean, burua makur, pentsakor. Obra espresionista da bete-betean, dudarik gabe, baina ezezaguna ia-ia, dagoen lekuan dagoelako.

Durrioren eskultura lanen erakusgarri dira, halaber, Máscara de hombre, Gauguinen pinturan eta arte moldeetan inspiraturiko busto guztiz adierazkorra, brontzean landua, eta mende honetako estetika espresionistaren araberako obra berezi bat, Cabeza de Cristo. Obra horiez gainera, 1920an aurkeztu zuen Parisko Udazkeneko erakusketan bere Temple de la Victoire, mosaikoz dekoraturiko obra harrigarria (Frantziako gobernuak erosi zuen obra hau). Bestalde, Francisco Durriok gutxik bezala landu zuen behe erliebeen artea eta lan bikainak eskaini zituen alor honetan (Présentation de l?enfant au cabaret); maisutasun handiz modelatu zituen zeramikazko ontzi eta medailoi ikusgarriak, eta zilargin trebeenen arteaz landu zituen zintzilikarioak, eraztunak edo orratzak, dekorazioaren alorrean parekorik ez zuela erakutsiz.

Bilbon 1933an Arriagaren monumentua inauguratu zenean egin zioten omenaldia alde batera uzten bada, Durrioren lana ez da inoiz behar bezala ezagutu eta aitortu Euskal Herrian eta, bizitzaren amaieran ahantzi xamar zegoen arren, Frantzian egin zitzaizkion aitortza eta omenaldi beroenak: Ohorezko Lejioa eman zion Frantziako gobernuak eta haren obren erakusketa bikaina opatu zioten Sèvresko zeramikagileek, maisuen maisutzat harturik.

 

Trantsizioko belaunaldia (II)

 

Nemesio Mogrobejo

Euskal Herriko eskultura modernoaren aitzindari nagusietako bat izan zen (Bilbo, 1875- Gratz, Suitza, 1910). Bilboko itsas merkatari familia batean sortu zen 1875ean eta familian ordura arte inork urratu ez zuen bidetik abiatu zen txiki-txikitatik, gaztegaztetxoa zela eskola utzi eta hasi baitzen arte ikasketak egiten Federico Saénz irudigilearen tailerrean.

Han ikasiko zuen marrazten, zura zizelatzen eta buztina modelatzen. Tailer hura utzi gabe, Arte eta Lanbide Eskolan sakondu zituen marrazketa ikasketak eta ospe handia irabazi zuen besteen aurrean marrazki lanetan lortu zuen maisutasunari esker. Urte haietan ezagutu zuen Francisco Durrio eskultore, zeramikagile eta zilargin bilbotarra,eskulturara betikoz bultzatuko zuena. Parisen bizi zen ordurako Durrio; harengandik ikasi zituen Mogrobejok eskultura modernoaren gorabeherak eta berehala barneratu eta gorpuztu zituen, erromantikoen grina beretsuan, bere artearen oinarriak: akademizismotik eta modernisten itxurakerietatik aldendu eta iturri klasikoetara, grekoetara eta, batez ere, Berpizkundeko maisu handietara jo eta, orduan ezagutzen ez zuen Rodinen antzera, giza gorputzaren anatomia eta brontzea lantzeko teknika zaila bihurtu zituen bere lanen abiaburu, geroko espresionismoa iragarriko zuen osotasun estetiko baten bila.

1893an, Bizkaiko Aldundiaren eskultura beka eskuratu zuenMogrobejok, aho batez eman ziotena, eta 1894ko ekainean joan zen Parisa. Durrioren eskutik, lehenengo aldiz egin zuen topo Parisen Berpizkundeko eskultura eta pinturarekin. Julienen akademia ospetsuan jarraitu zituen ikasketak eta lan ere egin zuen Durrioren tailerrean. Sinbolismoaren eragina eta dekorazio motiboen erabilera izan ziren Mogrobejoren lehen lanen ezaugarri nagusiak: Una cabeza de estudio, Madonna, Pierrot eta El beso. 1896ko neguan ezagutu zuen Paula Scheneck emakume gazte austriarra; maitemindu eta hurrengo urtean ezkondu zen harekin. 1898an seme bat izan zuten, baina ekainean hil zitzaion, bat-batean, emaztea. Heriotza hark goitik behera aldarazi zuen Mogrobejo, gaztetako alaitasunaren eta garraren lekua pesimismo ilun batek hartu zuen, eta ordutik aurrera heriotzaren presentzia hurbila sentitu zuen bere bizitzan egin zituen urrats guztietan. 1898. urte amaieran bere buruaz beste egiteko zorian egon ondoren, maiteari arte hilobi eder bat opatzea erabaki zuen; modeloak behin eta berriro hautsi eta duda-muda askoren ondoan, Gratz-ko hiria denbora batez utzi eta Veneziara jo zuen hilobi zaharrak aztertzera. Hiri hartako arteak liluratuta utzi zuen eta hilabete baten buruan bazuen bere maitearen hilobiaren zirriborroa; alabaina, semea hil zitzaion eta etsipena jabetu zitzaion berriro gogoaz. Vienako 1899ko erakustaldian aurkeztu zuen hilobia: harrizko lauza soil bat, Paularen erretratua behe erliebean zizelatua eta eresi bat, frantsesez idatzia. Lauzaren inguruan, burdina urtuz eta brontzez landuriko hesi bat, Oinazea, Maitasuna eta Heriotza irudikatzen dituzten animaliekin.

Lan haren ondoan hasi zen Mogrobejoren obra oparoa.

Vienako kritikariek eginiko harrera onaren ostean, lan txiki asko egin zuen bizimodua ateratzeko, baita eroso atera ere.

Bidaia ugari egin zuen Viena, Munich, Stuttgart eta Parisa.

1900ean Parisa joan zen Auguste Rodinen erakusketa handia ikustera; ez dago eskultore frantsesak harengan izango zuen eraginari buruz ezer zehatzik esaterik,baina garbi dago Mogrobejok haren bide bertsutik jo zuela.

1900. urteko udazkenean Gratz utzi eta Stuttgartera aldatu zen eskultore bilbotarra, han bizi baitzen alargunaren familia. Urtebete eman zuen han neurri handiko lan bat egiten, giza tamainako sei irudi biluzi Danteren Infernuan girotuak. Baina, lana oso aurreraturik zegoenean, irudiak ?buztinezkoak? bihurritu egin zitzaizkion, eta Mogrobejok ez zuen adorerik izan lanari berriro ekiteko. Literatura izan zen haren babesa eta Italiako Berpizkundeari buruzko lanak irakurririk bizkortu zitzaion berriro lanerako gogoa. Garbi zuen Italiara joan behar zuela.

1902an, lehiaketa batzuetarako deia luzatu zien Bizkaiko Aldundiak bertako artistei, atzerrirako pentsio batzuk banatzeko asmoz.

Mogrobejok Stuttgart utzi eta Bilbora jo zuen eskultore pentsioa beretu nahian, Italiarako gogoz.

Pentsioa eman zioten, lau urterako eta 5.000 pezeta haietako bakoitzeko, lau urte horietan Bilbon obra bana aurkeztekotan.Lehiaketa horietara aurkeztu zuen lanak, erditik mozturiko giza irudi batek, argiro azaltzen du zer-nolako gogoetak zerabiltzan garai hartan: eskultura klasikoaren eta, zalantzarik gabe, Michelangeloren eta Berpizkundeko beste maisu batzuen formak, anatomia arau zehatzak eta espresioa. 1903an, Gratzen eta Florentzian egon ondoren, iritsi zen Erromara. Ez zitzaion hiriko artea hainbestean interesatu eta Vatikanon, Berpizkundeko artisten lanetan, ezarri zituen begiak.

Tailer bat zabaldu zuen Erromako aldirietan eta lanari ekin zion su eta gar. Risveglio («Iratzartzea») izeneko obra izan zen ekimen haren lehen fruitua eta Mogrobejoren lehen obra handia: anatomiaren perfekzioa eta mugimendu geldi etengabearen oreka bat egiten dira giza irudi biluzi honetan. 1903ko negutik aurrera, Mogrobejok Hero y Leandro, Eva, Anselmo Guinea pintorearen bustoa, hoberena inondik ere, eta beste obra txiki batzuk landu zituen. Hero y Leandro erliebea da, beharbada, Mogrobejoren lan beroena eta, zenbait adituren iritziz, hoberena; Herioren eta Maitasunaren arteko besarkada betierekoa irudikatzen du, biak hilik, biak bizirik, itsasoaren handitasunaren gainean, grazia dotore baten airean.

Eva izan zen ondoko eskultura handia, aurreko biekin trilogia bat osatu zuena: Risveglio munduidilikoaren irudia, Eva betiereko Maitasunaren emailea eta Hero y Leandro aurrekoen arteko besarkada mugagabea. Evaren forma harmoniaz beteek eta ukitu sentsualek leuntzen dute Risveglio eskulturan oraindik erabat ernatu gabeko gorputzaren zurruntasuna, eta Hero y Leandro obrak giza errealitatera itzularazten du ikuslea.

1904ko udarako bukatu zituen Mogrobejok lan hauek guztiak.

Bilbon egonaldi txiki bat egin ondoren, Erromara itzuli zen berriro, eskultura multzo handi bat egiteko asmoz: Muerte de Orfeo triptikoa, erliebean, Ovidioren «Itxuraldaketen» pasarte batean oinarritua. 1904ko udazkenean Erroma utzi eta Florentzian kokatu zen. Liluraturik zeukan hiri hark Mogrobejo eta, artearen inguruko teorietatik urrun, Berpizkundeko artistek moldaturiko hiriaren giroaren barnean bizi nahi izan zuen. Triptiko baten modura itxuratu zuen Muerte de Orfeo obraren zirriborroa: erdiko atalean, handienean, ageriko zen Orfeo, hilurren, seizazpi bakantez inguratua, heriosuharrean dantzari, biluzik guztiak; lehen atalean, zutik ageriko zen Orfeo, biluzik eta lira jotzen, bakante batzuk haren oinetan, eta hirugarrenean Orfeoren elezaharraren amaiera trajikoa azalduko zen. Alboetako atalak zirriborro geratu ziren eta erdikoari aldaketa handiak egin zizkion Mogrobejok (lau bakante izan ziren azkenean), eta erabat amaitu gabe geratu zen lana. Urtebete eman zuen Orfeoren irudian eta utzi egin behar izan zuen: ez zuen bitarteko aski eta osasun arazoak zituen ordurako. Horrenbestez geratu zen bada Bilbonaurkeztu behar zuen laugarren obra, bikaina nolanahi ere.

Danteren «Divina Commedia» izan zen, beharbada, Mogrobejoren literatura obra gogokoena, etengabe irakurriko zuena, eta hartan deskribaturiko Infernuaren erreplika plastikoa jabetu zen eskultore bilbotarraren gogoaz.

Halaz ere, 1906ko azaroan bukatu zitzaion pentsioa eta, Muerte de Orfeo-ren aurkezpenak Bilbon izugarrizko mira sortarazi arren, tuberkulosiak larriagotu zuen egoera tamalgarri hura. Bilbon egon zen urtean erretratu batzuk egin zituen eta 1907ko otsailean itzuli zen Florentziara Bartzelonako Erakustaldirako obra handiren bat egiteko asmotan. Hero y Leandro obra brontzez urtzeko erabakia hartu zuen; gaizki atera zitzaion dena, ordea, eta Zuloaga pintorearen laguntzagatik izan ez balitz, Bartzelonara gabe geldituko zen. Hero y Leandro obrarekin batean, Guinearen bustoa erakutsi nahi zuen eta, azkenean, huraxe baizik ez zuen aurkeztu, Rodinen eskulturak erakutsi ziren aretoan berean aurkeztu ere. Hala adierazi zion Zuloagak Utrillo kritikariari: «Mogrobejo da, nire ustez, Espainian dugun eskultore hoberena». Hero y Leandro ongi urtu ondoan itzuli zen Mogrobejo Bilbora. Gaixotasuna aurrera zihoakion etengabe eta ezin zion lanari nahi bezala eutsi. Lan txiki batzuk egin zituen bolada hartan Bilbo aldean (hilobi estatua bat Gandariastarrek Arratzun zuten panteoian, Barquindarren modiloia eta lau behe erliebe Horacio Echevarrietarentzat: Ugolino, Eva, Emakumea sagarrekin eta Emakumea mahatsarekin, eta brontzez urtu egin zituen, neke handien artean, bere aurreko obrabatzuk. Lau behe erliebe haiek zilarrez landu zituen; obra bikainak dira, sentimendu handiz eginak, heriotza hurbilaren presentziak markatuak. Aipagarriak dira, halaber, 1909. urte hartan berean egin zituen beste busto erretatu batzuk: Usobiaga andrea, Powertarren alaba eta Marichu Zaballa neskatoa.

Heriotza hurbil zuela konturatu ondoan, Gratzera joan zen, lagun min baten etxera, eta hantxe hil zen, emaztea hil zitzaion hiri berean.

 

Trantsizioko belaunaldia (III)

 

Quintín de Torre

Quintín de Torre (Bilbo, 1877-1966), Serafín Basterraren lantokian hasi zen eskultura lantzen. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak emaniko diru laguntzei esker, Bartzelonan jarraitu zituen lehendabizi ikasketak, eta, gero, Parisen. Hiri honetan maiz bisitatu zuen Durrioren lantokia. Horrez gain, bidaia asko egin zituen (Italia, Alemania, Belgika, Austria, Suitza, Ingalaterra?), eta Madrilen ere zabaldu zuen lantoki bat. Bidaia horietan, garai horretako europar eskultoreen lanak ezagutu zituen, eta arreta bereziz aztertu zituen XVI eta XVII. mendeetako espainiar eskultore erlijiosoen lanak: Berruguete, Gregorio Hernández, Alonso Cano, Juan de Mena, Martínez Montañés, Mora, Salzillo? Berehala irabazi zuen ospeari esker, oihartzun handiko erakusketa ugaritan parte hartu zuen, eta obra katalogo zabala utzi du, irudi erlijiosoen sailean gehienbat, nahiz eta bestelako erretratuak ere landu zituen.

Zura, marmola eta brontzea erabili zituen, batez ere; estiloari dagokionez, espresionismoaren gailurra jo zuten bere lan gehienek.

Izan ere, erretratu errealistatik haratago doazen arketipoespresionistak sortu zituen. Joera sinbolista ere bazuen, eta patetismo handiko irudiak sortu zituen, gai erlijiosokoetan bereziki.

Gai erlijiosoen alorrean, Aste Santuko Pasoak (Bizkaiko Foru Aldundiaren enkarguz eginak) dira aipagarrienak. Horietan, Espainiako imajinagile klasikoen tradizioari eutsi zion, kopia hutsetik urrun, bere mistika espresionista indar handiz agertaraziz.

Lan horien artean, Zumaiako Zuloaga Etxean dagoen Dolorosa izeneko irudia (zurezkoa, Ignacio Zuloagak eta Pablo Urangak margotua) da ikusgarriena. Dramatismo handiko irudia da, malenkonia eta sufrikario lazgarri bat erakusten duena. Beste paso batzuk: La Oración del Huerto (1924); Descendimiento de la Cruz (1926); Tres Cruces (1946). Aste Santuko prozesio irudietatik landa, baina gai erlijiosoren barruan beti ere, hilerrietarako egin zituen irudi asko: Maíz eta Ulacia familien panteoiak (Derio); Venancio Echevarríarena (Algorta).

Kontuan hartzekoa da, halaber, San Joanen bustoa (zur margotuzkoa).

Bestelakoen artean, asko diraTorreren lan gogoangarriak: Cargador de Bilbao (bustoa, harrizkoa), indar izugarria duen irudi arketipikoa; Pescador (marmol grisa); El Grumete (zur margotua), egile honengan ohikoa ez den leuntasuna erakusten duen bustoa; El Timonel (brontzea), plastikotasun berezi bati esker errealismo soilaren muga gainditzen duen eskultura; bere emaztearenerretratua (zur margotua), malenkonia eta gozotasuna batera biltzen dituena (aipagarria da Dolorosaren eta erretratu honen arteko ahaidetasuna, irudi hartarako eredua eskultorearen emaztea izan zitekeela pentsarazten duena); Srta. Amparo (zur margotua), estilizazio ariketa baten ondorio dirudien erretratu berezia; Pedro Mourlane Mitxelenaren erretratua; Cargadora Bilbaína; Mujer Castellana; El Pinche Forjador.

Arrakasta ederki ezagutu zuen eskultore honek; baina ez zion, horrenbestez, ikerketa estetikoari utzi bere sorkuntzan, eta leialtasun tinko batez eutsi zion hain berezkoa zuen poetika espresionistari.

 

Fructuoso Orduna Lafuente

Fructuoso Orduna Lafuente Erronkarin, Nafarroan jaio zen 1893. urtean, eta Madrilen hil zen 1973. urtean. Zaragozan egin zituen bere lehen arte ikasketak, Lasuén maisu izan zuelarik. Ikasketa horiek amaituta, Nafarroako Foru Aldundiak diru laguntza bat eman zion, Mariano Benlliureren lantokian (Madrilen) ikas zezan.

Diru laguntza hori berritu egin zioten 1920. urtean, Ordunak, Erakusketa Nazionalean hirugarren domina irabazi zuenean. Sari hori bi obrengatik eman zioten: bata marmolezko buru bat zen, Roncalés izenekoa, artistaren aitaren erretratua; bestea Pelotari izenekoa zen. Saria emateko lehenaerabakigarria izan zen, eta ordu ezkero Madrilgo Arte Modernoko Museoan dago.

Italiara joan zen, handik gutxira, eta Michelangeloren lanak aztertu zituen. Eragin hori nabari zaio Post nubila Phoebus izeneko multzoa egiterakoan. Lan horri esker urrezko domina irabazi zuen 1922ko Erakusketa Nazionalean.

1923an lau lan aurkeztu zituen Madrilen, arestian aipatutakoekin batera, Biblioteken eta Museoen Jauregian: Kristo bat; Gaiarreri eskainitako hilarria; neskato baten burua, marmolez egina, eta eserleku apaingarri bat. 1924ko Erakusketa Nazionalean ere parte hartu zuen, eta baita beste hainbat erakusketatan ere: Venezia, Paris (Udazkeneko Erakusketa), Belgika, Holanda?Harria eta marmola landu zituen, batez ere. Ordunarenak indar handiko irudiak dira, eta, hasierako Michelangeloren eragin nabarmen samarretik, estilo pertsonalago baten bidetik abiatu zen, heraldika eta idealizaziotik gertu dauden irudiak sortzeko ahaleginean. Izan ere, asmo monumentalez egin zituen Ordunak bere eskultura gehienak: Cristo Crucificado (Madrilgo Almudena katedralean), gurutziltzatua eta erliebez landutako bi neska hartzen dituen multzoa; Pedro Navarro konkistatzailea (Erronkariko Garde herrian); Las Ciencias izeneko alegoria (Ramón y Cajal Institutua, Madril); Papiniano (Zuzentza Jauregia, Madril); Sanjurjo jeneralaren monumentua (brontzea, marmolezko erliebeak); Fray Diego de Estella (Lizarran); Nafarroako Foru Aldundiko frontisa; Gaiarre (Erronkarin); Francisco Franco(zaldizko estatua, Madrilgo Ramiro de Maeztu Institutuan).

Erretratugile ere aritu zen.

Erromatar eskulturarekiko atxikimendua nabari zaio horrelakoetan.

Aipagarrienak erretratu hauek dira: eskultorearen aita; emaztea; María Luisa iloba; Huarte Mendicoa doktorea eta Ezequiel Endériz.

Kronikagilearen tankeran lan egin zuen Ordunak: formaren poetikari erabateko lehentasuna eman ordez, zirrara sortu nahi du ikuslearengan, alegoriaren edota bolumen monumentalaren bidez, irudikatzen zuen haren (ideiaren zein gizakiaren) handitasuna soiltasun handiko moldean eman nahian.

Aparteko trebetasun teknikoa zuen; oreka zuen helburu nagusia irudia lantzerakoan, eta hieratismoa ez da, Ordunarengan, nahi ez zen akatsa, bere-berezko asmoa baizik, zintzotasun estetiko handiz lortua.

 

Trantsizioko belaunaldia (IV)

1936ko gerra aurreko belaunaldiko eskultore aipagarrienetako bat izan zen León Barrenechea Torralba (Irun, 1892).

Marrazketa eta modelatze ikasketak egin zituen Bilboko Arte eta Lanbide Eskolan eta sei urtez egon zen ondoren Madrilen, Agustí Querol eskultore katalanaren tailerrean ikasten eta harentzat lan egiten. Haren eragin handia izan zuen bere lehenengo lanetan eta, maisuaren bidetik aldegin gabe betiere, erretratuarekin batera, zizelatu beharreko pertsonaia goresteko dekorazio elementu guztiz kargatuak erabiltzen zituen bere lanetan.

XX. mende hasierako espainiar burgesiaren gogoko lanak ziren haiek, XIX. mendeko estetika molde zaharkitu bati zegozkion arren, eta Barrenecheak irabazi zuen Madrilgo Udalak Calderón, Quintana, Tirso de Molina, Quevedo, Ercilla eta Lope de Vegaren erretratuak egiteko antolatu zuen lehiaketa (Madrilgo Udaletxeko kristal patioan daude egun ere obra horiek). 1913an bukatu zituen obra hauek.

Euskal Herrira itzuli zen ondoren eta, Madrilen irabazitako ospeari esker, obra batzuk agindu zizkioten. 1917an Donostian María Cristina erreginaren monumentua egiteko antolatu zuten lehiaketa irabazi zuen; Iruñean Pablo Sarasateren monumentuaegin zuen eta, 1919an, Donostiako Eskola Frantsesetan Lehen Mundu gerran hildako frantsesen oroimenez monumentu bat egin zuen. Beste lan batzuk egin zituen Madrilen, «Bombita» zezenketariaren eta Peñalver kondearen monumentuak, eta erlijio lan batzuk (San Antonio San Fermín de los Navarros elizan; San Francisco bat egin zuen Habanako eliza batentzat).

Hala eta guztiz ere, Querolen molde haietatik urrundu eta Constantin Meunier eskultore belgiarrarenmoldeetara hurbildu ahala azaldu ziren, adituen ustez, Barrenechearen eskultura lan hoberenak.

Meunier-ek, naturalismotik abiatu eta bolumenak soildu ondoren, indarka ari diren masen eragina aztertu zuen batez ere, langile munduari eskainitako hainbat obretan. Barrenecheak, molde zaharreko obra haiek alde batera utzirik, euskal langile eta kirolari tradizionaletara jo zuen inspirazio bila. Giro horretan landu zituen, harrian eta marmolean, Regata de traineras, Prueba de bueyes, Layadores eta Lanzamiento de barra lanak (giro naturalistako obra bat, La vaca ciega, utzi zuen Madrilen). Hartu zituen gaiek eta lanen formen eta espresioaren indarrak bihurtu dute Barrenechea 1936ko gerra aurreko euskal eskultura molde baten paradigma.León Barrenechea Madrilen zegoen 1936ko gerra hasi zenean.

Handik Frantzia aldera jo zuen eta erbestean hil zen, gerra bukatu eta gero.

Barrenechearen belaunaldi bereko eskultoretzat har daiteke Higinio Basterra ere (Bilbo, 1876-1957), hura baino zaharragoa zen arren. Eskultorea zuen aita ere, Serafín Basterra, eta harekin egin zituen lehen arte ikasketak. Arte eta Lanbide Eskolan ari zela, diru laguntza bat eman zion Bizkaiko Aldundiak Parisa joateko eta Julien akademia ospetsuan, Mogrobejo ere egon zen berean, egin zituen eskultura ikasketak Auguste Rodin maisu handiarekin. Hogeita hiru urte zituela, Bilbora itzuli eta eskultura katedra irabazi zuen Arte eta Lanbide Eskolan, El Miedo izeneko obrari esker.

Artista on ugari eduki zituen Basterrak bere inguruan, Lucarini, Barros, Iñurria eta Acebal Idígoras, besteak beste. Basterraren arabera, eskultore greko klasikoak, Michelangelo eta Rodin ziren eskultura on ororen ezinbesteko oinarria, eta teoria haiek saiatu zen praktikara eramaten.

Basterra ez zen eskultura espezialitate bakar batera mugatu; era askotako lanak egin zituen, eskultore ugaria izan baitzen. Espainiako irudigintzaren bidetik erlijio irudiak eta «pasoak» landu zituen; hala, Berrugueteren lanen oihartzunak entzun daitezke Derion Ensancheko Teatro-Circoko ezbeharrean hildakoen omenez aurkeztu zuen multzoanedo Afrikako gerran hildako bizkaitarren omenez eginiko monumentuan (Bizkaiko Aldundiko sarreran dago). Haren artearen erakusgarri dira, halaber, San Ignazioren eskultura, Loiolako etxeko iturrian dagoena, eta Madrilgo Bilboko Bankuaren egoitzaren gainaldean dauden bi koadrigak. Haren lan hoberenetako bat da, beharbada, El Palankari izeneko obra handia, Gernikako Juntetxean dagoena,neurri handiko obra. Bestalde, irudi biluziak eta amatasunak ere egin zituen.

Higinio Basterrak leialtasunez eutsi zion bizitza guztian gaztetan ikasi eta jaso zuen eskultura moldeari. Halaz ere, espresionismoaren zantzuak nabari daitezke bere lan batzuetan; nola edo hala espresionismoak bazuen halako erakarmen bat Basterrarentzat, baina ez zen inoiz ausartu joera horretan barneratzera.

 

1936ko gerra aurreko beste eskultore batzuk

Gogoan hartzekoak dira Moisés de Huertaren (Valladolid, 1881) lanak. Valladolideko herri txiki batean sortu zen eta Bilbon kokatu zen gaztetan. Hango Arte eta Lanbide Eskolan egin zituen arte ikasketak eta han hasi zen eskultore gisa. Gasteizko katedral berrian lan egin zuen 1907- 1914 bitartean. Huertaren eskulturan garbi ageri da materialen ezagutza teknikoa, estilo neoklasiko hanpatu samar batean oinarritua, eta erretratuen karakterizazio etnikoa, euskal giza tipologiaren zantzuetatik abiatuta.

Bilboko Museoan badira harenobra nagusietako batzuk; aipagarria da Hetaira izeneko obra monumentala eta guztiz sinbolista, plano handitan bideratua.

Moisés de Huertak aginduzko lan asko egin zituen (Abaroaren monumentua, Areilza Doktorearen, Ramon de la Sota, Pablo Iglesias eta beste askoren bustoak) eta euskaldunen giza tipologia etnikorako joera bete-betean ageri da Cabeza de Unamuno eta Palankari lanetan.

Rafael de Huerta (Bilbo, 1930), haren semea eta eskultorea bera ere, bide bertsutik ibili zen euskal tipoak lantzerakoan; baina bestelako lan molde batzuk erakutsi zituen bere obran.

Joaquín Lucarini Macazaga arabarra (Fontetxa, 1905-Burgos, 1969) XX. mendearen lehen erdialdeko euskal eskultore garrantzitsuenetako bat da. Angelo Lucarini, Gasteizko katedral berrian lanean ari izan zen eskultore italiarraren semea zen. Bilboko Arte eta Lanbide Eskolan ikasi zuen Larrea eta Higinio Basterrarekin, eta 1920 ondotxoan marrazki eta eskultura sari ugari irabazi ondoren erakusketa arraskastatsuak egin zituen Araban, Bizkaian eta Madrilen, espainiar barroko naturalista gogoratzen duten lanekin (El Hambre, 1928). 1929an Parisa joan zen Arabako Aldundiaren diru laguntza batez baliatuta, eta kritika onak jaso zituen bere Enfant anormal lanarengatik.

1930ean lan batzuk egin zituen, marmolez eta brontzez, Lezako osasun etxerako Arabako Diputazioak eskatuta, eta 1931n bidaia bat egin zuen Italian barrena.

1932an La Victoria de la Música izeneko lana aurkeztu zuen Madrilgo Arte Ederretako Erakusketan eta 1934an Madona bat Euskal Artisten Erakustaldian.

1937an Europan eta Ameriketan ibili ondoren, 1938an frankistentzat lanean hasi zen (Gasteizko eta Logroñoko Monumento a los Caídos) eta geroago Burgosen lan egin zuen. 1953an Cid-en gaiaz zortzi eskultura landu zituen Burgosko zubirako; arrakasta handia izan zuen horrekin.

Bestalde, erlijio irudi asko (1954an aurkeztu zen Arantzazuko eskultura multzorako deialdira, Oteizak egin bezala) eta lanaren gaia zuten aginduzko obra asko egin zuen Lucarinik.Lucariniren eskultura molde klasikoetan oinarritu bazen ere, halako monumentalismo eta arkitektura izaera nabaria eman zien bere obrei, Italiako eta Espainiako faxismoaren zerbitzuan lan egin zuten eskultoreek hain gogoko izan zuten joera berari jarraituz.

Gogoan hartzekoak dira, halaber, Manuel Moreno eta Isidoro Uribesalgo eskultoreak. Manuel Moreno San Román (Barakaldo, 1891-Bilbo, 1969) eskultoreak Bilboko Arte eta Lanbide Eskolan ikasi zuen eta bohemio bizimodua egin zuen gaztetan. Elorrion egon ondoren, Bilbon kokatu zen 1918an. 1920 ondoko urteetan egin zituen eskultura hoberenak. Marmola landu zuen batez ere; zenbaitek Mogrobejoren oinordekotzat jo izan du.

Erlijiozko irudi asko egin zuen eta giro klasizistako obra alegorikoetan erakutsi zuen batez ere bere trebetasuna. 1936ko gerra ondoren pinturan aritu zen; erakusketa ugari egin zituen 1947-1953 bitartean.

Zilargintzarako modeloak ere egin zituen.

Isidoro Uribesalgo eskultore aretxabaletarrak erlijiozko irudiak egin zituen batez ere, baina obra aipagarriak egin zituen modernisten aroko monumentu eskulturaren alorrean ere, Ordizian Urdanetaren omenez eraiki zen monumentua adibidez.

 

Trantsizioko belaunaldia (V)

Ugari dira atzerritarrak izanagatik ere beren obrak Euskal Herrian egin dituzten artistak.

Eskultoreak dira, gainera, horietako asko.

Mariano Benlliure y Gil eskultore handi eta oparoa Valentzian jaio zen 1862an eta Madrilen hil zen 85 urte zituela. Senideak ere artistak zituen; Blasek,anaia zaharrenak (1852-1936), loreak margotzen zituen batez ere; José ere (1855-1937) margolaria izan zen, eta Juan Antonio (1859-1930) erretratugilea.

Marianok Valentziako San Carlos Akademian eta Madrilgo San Fernando Arte Ederretakoan egin zituen arte ikasketak. 1882an, Valentziako Diputazioak emanda jasoriko diru laguntza bati esker, Italiara joan zen, eta Erroman eta Asisen eman zituen bolada luzeak guztiz erabakiorrak gertatu ziren bere prestakuntzan, garai hartan Italian lantzen zen oroitzapen eskultura moldea guztiz aintzat hartu baitzuen. Parisen ere eman zuen urtebete baina eskultura lanak baino margolanak egin zituen gehiago denboraldi hartan. 1889. urtean, Frantziako hiriburuan, OhorezkoDomina jaso zuen Julián Gayarre euskal abeslariarentzat eginiko hilobiarengatik. Hiru aldiz aurkeztu zituen bere lanak Arte Ederretako Erakusketa Nazionalean; zilarrezko domina eskuratu zuen lehenengoan eta urrezkoa bigarrenean (1887, Ribera margolariari eginiko estatua) eta hirugarrenean (1890, La marina).Paris, Berlin, Munich, Buenos Aires eta Vienako Nazioarteko Erakusketetan parte hartu zuen eta Vienakoan sari nagusia lortu zuen Velázquezen estatua bikainarengatik.

Haurrak jostatzen (Fuente con niños, ¡Al agua!, ¡A la escuela!), zezenketak (De salida), artzainak (Camino del redil), ijitoak (La bailaora), eta erlijio gaiak izan zituen erabilienak eskulturaren arloan, baina monumentu publiko handiak eta oso landuak izan ziren bere obrarik aipagarrienak: Joselitoren mausoleoa Sevillan, Goyaren monumentua eta Alfontso III.a zaldi gainean monumentua Madrilen, edo Ribera pintorearen estatua Valentzian. Bere osperik handiena eskulturaren arloan irabazi bazuen ere, margolari trebea izan zen Benlliure eta akuarelaz maisutasun handiz islatu zituen zezenketa eszenak. Bestalde, garrantzi handiko kargu publikoak izan zituen: Espainiako Akademiako zuzendaria Erroman (1901-1903), Arte Ederretako zuzendari nagusia (1917- 1919) eta Arte Modernoko Museo Nazionaleko zuzendaria (1907tik aurrera).

Benlliure bere garaiko eskultore oparo eta handienetakoa izan zen. Bere arte lanetan zehaztasun eta indar handia sumatzen da, elementu inpresionistak eta modernistak tartekatzen ditu eta estiloz errealismo naturalistan koka daitezke. Zabalik zegoen sortzen ziren joera berrietara, eta bere garaiko eskulturaren estetikari aurre hartu ziola esan daiteke.

Mariano Benlliurek marmola landu zuen batez ere.

Euskal Herrian ere lan bikainak utzi zituen, eta Gayarre tenor nafarrari eginiko mausoleoaz gainera, aipagarri dira Antonio de Truebari eginiko eskultura (Antón el de los cantares), Diego López de Haro Bizkaiko V. Jaunaren eta Bilboko sortzailearen estatua, eta Martínez de las Rivas Bizkaiko industrializazioaren bultzatzailearen monumentua.

Piqué, Molina eta Ríu artistek, Gasteizko Katedral Berrian ere lan egin zuten berberek, egin zuten Pedro de Viteri y Arana arrasatearraren omenezko eskultura.

Obra hau Arrasaten dago, eta hiru gorputzez osatua da: oinarria, fustea (langile bat brontzezko ereinotz bat eskaintzen ari zaio Viteriri, eta bi haur ageri dirazokaloan) eta Arrasateko eskolen sortzailearen bustoa.

Bestalde, Piqué eskultoreari izendatu zioten Maria Kristina Habsbugokoa erregina omentzeko estatua egiteko kargua (1912).

Donostiako hiria sutan irudikatzen da, eta hiriaren berreraikuntzari buruzko bilkura Zubietan.

Kapitela Espainiako molde platereskoaren araberakoa da, eta Maria Kristina erreginaren brontzezko estatuari eusten dio.

Alfonso Giraldo de Bergaz espainiarrak (Murtzia, 1744-Madril, 1812), 1800. urtean Madrilgo San Fernando Arte Ederretako Akademiako zuzendari izendatua izan zenak, egin zuen Juan Sebastian Elkanoren jatorrizko estatua.

1836ko suteak, ordea, guztiz hondatu zuen estatua hura, eta Antonio Palao artista aragoitarrari eskatu zitzaion beste bat eraiki zezan. Eskultura ederra da, ondo landua; Elkano zutik dago, eskuineko besoa itsasorantz luzatzen duela.

Francisco Font y Pons eskultoreak zizelatu zuen Iparragirre gipuzkoar kantari eta olerkariari eginiko estatua (1889). Harensorterrian jarri zuen estatua, Urretxun; Carrarako marmol zuriz egina da. Ezkerreko eskuan gitarra bat eta eskuinekoan aitzur bat duela irudikatu zuen Iparragirre.

Eskultore horrek berak egin zuen, halaber, Tomas Zumalakarregi jeneral karlistaren estatua. Obra hau Zegaman dago, haren hilobian; Carrarako marmol zuriz egina da irudi hau ere.

Miguel Blay y Fábregas kataluniarra (Olot, 1886-Madril, 1936) monumentugile handia izan zen. Harena da Víctor de Chávarri industria gizon bizkaitarrari eginiko monumentua.

Brontzezko bustoa da; marmol zurizko euskarri baten gainean dago jarririk; lantegi bateko langile batek, meatze bateko harri zulatzaile batek eta emakume batek osatzen dute monumentua.

Obra handi hau Portugaleten dago, Chávarriren jaioterrian alegia.

Joaquín Angles eskultore kataluniarrak Evaristo Churruca y Brunet portu, ubide eta bide ingeniari bizkaitarraren busto bikainumentuana landu zuen marmolez. Obra hau Mutrikuko kale baten dago ikusteko; ondo landua eta molde klasikoei jarraituz egina da.

Victorio Macho eskultore espainiarrak (Palencia, 1887-Toledo, 1966) Madrilen eta Parisen egin zituen arte ikasketak. Oroitzapen eta hileta monumentuak egin zituen batez ere. Euskal Herrian daudenei dagokienez, harenak dira, besteak beste, munduari bira eman zion lehen itsasgizonaren omenez, Elkanoren omenez, Getariako hiriaren sarreran dagoen oroitzapen moere.eta Unamuno idazle bizkaitarrari eginiko brontzezko bustoa, Bilboko Arte Ederretako Museoan dagoena.

Enrique Monjo eskultore kataluniarrak (Vilasar de Mar, 1896- Bartzelona, 1976) Bartzelonan egin zituen arte ikasketak eta eskultura klasikoa landu zuen bere bizitza guztian zehar. Bartzelonako Arte Ederretako Goi Eskolako zuzendari eta San Fernando Akademiako kide izan zen. Erlijio gaiak eta monumentu eskulturak egin zituen batezKatedraletan jartzeko irudi handiak landu zituen maisutasun handiz, bikaintasunaren bila beti.

Harenak dira, Euskal Herrian, Gasteizko Katedral Berriko habearteetako dekorazio lanak eta alabastrozko tailu ederrak, Berpizkundeko erlijio eskultura hoberenaren pare jartzeko obrak.

Aipagarri dira, bestalde, Marino Amaya eskultoreak arrantzalearen emazteari eginiko monumentua, Getarian, eta Ivan Suklin eskultorearen Baserritarra izenburuko bustoa, Donostiako San Telmo Museoan.

 

Belaunaldi etena

1936ko gerra zibilak erabat eten zuen euskal eskultore multzo baten bilakabidea; edozeinetara ere, eten horrek ez zuen eragin berbera izan eskultore horiengan guztiengan. Belaunaldi honetako eskultore aipagarriena Julio Beobide den arren, ez dira ahaztekoak haren belaunaldikide diren beste zenbait: Ricardo Iñurria, Arturo Acebal Idígoras eta José Manuel de Alberdi.

 

Julio Beobide

Julio Beobide de Goiburu (1891-1969) Zumaian jaio zen, eta hango ?Kresala? izeneko etxean izan zuen, urtetan, lantokia.

Berezko dohaina zuen eskulturarako; oso txikitatik nabari zitzaion marrazkirako eta tailarako erraztasun aparta. Barakaldoko Salestarrenean ikasle zelarik izan zuen, lehen aldiz, eskulturarekin harremana: Asorey eskultore galiziarra heldu zen ikastetxe hartara, kaperako hainbat irudi berritzeko, eta Beobideri, marrazkigintzarako trebetasunarengatik aldez aurretik ezaguna baitzen, eskultorea lanean ikusteko baimena eman zioten.

Beobidek berak adierazi zuen bizipen hark eragin zion zirrara: ?Lanean ikusi nuen (Asorey), eta nola buztina, haren eskuetan,izaki formadun, bizi, adierazkor, bilakatzen zen. Mundu ezezagun bat zabaldu zen nire begien aurrean; nik ere nahi nuen buztina landu, bizi arnasa eman, eta eskultore izatea erabaki nuen; eskultore diot, zeren eta artista, hitzaren zentzu betean, hala jaio denak baino ez du izaterik?? Eskultore autodidakta izan zen, hein handi batean, nahiz eta Arte Ederratako ikasketak egin, Gasteizen lehendabizi (1908an, katedral berriaren kriptaren lanak zirela-eta antolatu zen tailatzaile eskolan), eta gero Madrilgo San Fernando eskolan, Gipuzkoako Diputazioak 1919an eman zion diru laguntza bati esker. Han Pérez Comendador, gero adiskide handia izango zuena, etaAdsuara, Julio Valverde eta Cobreros-Uranga ezagutu zituen.

Ikasbide garrantzitsuena, hala ere, Quintín de Torrerengandik, Bilbon, jasoa izan zuen. Mende hasieran, Italian eta Frantzian zehar egin zuen bidaian Europan nagusi ziren joera estetikoak ezagutzeko aukera izan zuen. Euskal Herrira itzulita, Ignacio Zuloaga eta Pablo Uranga margolariekin harremanetan hasi zen.

Adiskidetasun horrek bizi guztian iraun zion, eta berebiziko garrantzia izan zuen Beobideren arte ibilbidean. Beobidek, bestalde, asko preziatzen zuen Casanovas eta Viladomat eskultore katalanen lana, eta, klasikoen artean, Egiptoko eta Erromako eskultura eredugarriekin batera, Donatello, Verrocchio, Luca della Robia eta Michelangelo Buonarotti miresten zituen. Berpizkunde garaiko espainiar eskolako irudi erlijiosogileen lana ere ondo ezagutzen zuen, hala nola Antxieta eta Araoz euskal eskultoreena ere.

Irudi erlijiosoak landu zituen, batez ere, Beobidek, zenbaitek akademizistatzat salatu duen estilo batean. Kritika horiek, ordea, Beobideren subjetibismo autodidakta ahazten dute. Izan ere, Beobide berebiziko begirunez hurbiltzen da erlijio gaietara, baina, teknikari dagokionez, guztiz ikuspuntu pertsonal eta sentikor batez lantzen ditu irudiak, kanon ofizialetatik urrun, berezkoa zuen mistika joeraren ildotik. Egia da, hein berean, ez zituela sekula onartu tesi berritzaileak (Oteizak, bestek beste, aldarrikatzen zituenak), baina ez, hain zuzen, estetikaz haiekin ados ez zegoelako, ulertzerik lortu ez zuelako baizik.

Oteizak berak, hala ere, goraipatu egin zuen Beobideren lana, aldi berean gerra osteko irudi erlijiosogileak gogor kritikatzen bazituen ere.Bi dira Beobideren ezaugarri nagusiak: soiltasun formala eta goi mailako adierazkortasuna.

Bereziki lantzen zituen buruak, ?hortxe datza ?esaten baitzuen?,batez ere, eskulturaren bizitza; burua da eskulturaren alderdi interesgarriena?. Aipatu den soiltasun hori, ordea, giharren eta tolesduren tratamenduari dagokio, eta irudiaren adierazkortasuna areagotzen laguntzen du, eskultoreak aukeratutako gunerik adierazkorrenetara bideratzen baitu ikuslearen begirada.

Oso erakusketa gutxi egin zuen: Neguko Lehen Erakustaldian (Donostia, 1936) eta Círculo San Ignacioren (Donostia, 1939) erakusketan parte hartu zuen, beste zenbait artistarekin batera. Bere bizitzaren azken aldera, 1968an, omenaldi gisako hiru erakusketa antolatu zizkioten Zumaian (maiatzean), Donostian (Gipuzkoako Ateneoak antolatua, abuztuan) eta Eibarren (azaroa-abendua).

Zura, harria eta brontzea erabili zituen irudigintzan, eta, bere obra zabalean, guztiz goi mailakoak dira, besteak beste, Kristo irudikatzen duten eskultura ugariak, mundu osoan barreiatuak: Zumaiako Zuloaga Etxekoa(Pablo Urangak eta Ignacio Zuloagak koloreztatua); Añorgako parrokiakoa; Bilboko San Bizentekoa; Valle de los Caídos-ekoa (Madrilen, Zuloagak koloreztatua); Texaseko San Juangoa; Montevideokoa; Toledokoa, eta abar.

Aipatzekoa da, halaber, hil zenean amaitu gabe utzi zuena, Errenteriako kaputxinoen elizarako egiten ari zena (gaur egun, Beobide Museoan, eskultorearen lantegia izan zen Zumaiako ?Kresala? etxean).

Bestelako irudi erlijiosoak ere egin zituen: Dolorosa, Cristo con la cruz a cuestas, Virgen del Carmen, Cristo yacente, Ama (Añorgako elizan bostok, gorago aipaturiko Gurutziltzatuarekin batera); San Juan Bataiatzailea (Legazpiko Telleriarte ermitan); San Juan Bautista de La Salle (taldea, Donostiako San Bizente elizan); Virgen del Carmen (Pasaia San Pedroko elizan).

Gai erlijiosotik landa, erretratua ere landu zuen bere irudietan: Zuloaga (Bilboko Arte Ederretako Museoaren atarian); Dominique (zur margotua); Neresemea; Nere alaba; Kepa Uranga (igeltsua); Magdalena Sánchez (brontzea); J.S. Bach (igeltsua); Modelo Lizundia; Jesus Unanue (zura, Zuloagak margotua); Julian arrantzalea; Basiano; Patricio Etxeverría; José Cruz Albizu; Olerkaria; Manterola; requeté bat; Tiburcio Beobide; Angelita (eskultorearen emaztea); Bernabe Oiartzabal margolaria; Donostiako eta Bilboko apezpikuak; Toribio Etxebarria (amaitu gabea).

Gizon apala baitzen, inoiz ez zuen bere burua inoren gainetik jarri artearen munduan, eta oso gutxitan atera zen bere Zumaikolantokitik. Hala ere, adituen onespena jaso zuen 1959an, San Fernando Arte Ederretako Akademiak bertako partaide izendatu zuenean (Adsuarak, Comendadorek eta Valverdek proposaturik).

1968an, Euskalerriaren Lagunak (RSBAP) elkarteak ohorezko bazkide izendatu zuen.

Beobideren poetika laburbiltzeko, guztiz egokiak dira José de Artechek Añorgako elizako Kristoa gogoratuz idatzitako hitzak (Mi viaje diario liburuan: ??neurriz gaindiko ahalegin batez eusten dio buruari; sabela hondoratua, azken hatsak menderatua; begiek, kolore ilunez, iraungitzear, azken begirada larria botatzen dute, nora ez dakigula?? Bizitzako datu guztiz garrantzitsu batek elkartzen ditu Beobiderekin bestela elkarren guztiz desberdinak diren Ricardo Iñurria,Arturo Acebal Idígoras eta José Manuel Alberdi eskultoreak: 1936ko gerra zibilak. Gerrak ez zituen modu berean ukitu, baina berebiziko eragina izan zuen haiengan; Iñurria eta Acebal Idígoras eskulturan hasitako gazteakziren gerra hasi zenerako; Alberdik, ordea, hamalau urte zituen.

Halarik ere, hirurak batera azter daitezke atal honetan, gerrak aldarazi zituen eskultore bakarrak ez izan arren (gogora daiteke Oteiza, esate baterako).

 

Ricardo Iñurria

Ricardo Iñurria Arzubide (Santurtzi, 1908) pintore eta eskultoreak Bilboko Arte eta Lanbide eskolan eta Basterra anaien estudioan egin zituen lehen arte ikasketak; Ricardo Basterraren laguntzaile izan zen geroago. Parisen eman zuen aldi batean Rodin eta Bourdelle frantses eskultoreen obra handiak miresteko egokiera izan zuen, eta ordutik aurrera zuzeneko eragina izan zuten bi eskultore haien lanak Iñurriaren eskulturetan.

Gerra zibilaren ondoren, ordea, irudigintzari ekin zion batez ere, eta maisutasun handiz taxutu zituen, taxutu ere, bere lan bikain polikromatuak. Aipagarri dira, besteak beste, Bilboko Abran kokatu zuen Ama Birjina Karmengoa monumentua, Bilboko Aurrezki Kutxaren fatxadan dagoen Amatasun multzoa, Banco Hispanoamericano banketxean jarririko brontzezko estatua, zur polikromatuan landutako San Antonioren irudia (frantziskotarrek Bilbon duten San Antonio elizan), Ibarrangeluko Pietatea eta Mungiako parrokia elizan dagoen Gurutzea.

 

Arturo Acebal

Arturo Acebal Idígoras 1912an jaio zen Argentinako Tres Algarrobos herrian. Aita Castro Urdialeskoa zuen eta ama Leintz- Gatzagakoa. Lehen Mundu gerra amaitu zenean Bilbon jarri zen bizitzen bere familiarekin. Oinarrizko ikasketak Bilbon eta Castro Urdialesen egin ondoren, Serafín Basterra eskultorearen tailerrean onartu zuten Arturo; hiru urtez tailer honetan lan egin ondoren (modelatzen eta zizelatzen ikasi zuen), Quintín de Torre eskultore bilbotar handiarekin ondu zituen ikasketak urte betez.

Aldi berean Arte eta Lanbide Eskolara joaten zen (1925- 1936).

1930ean Gustavo de Maeztu pintorea ezagutu zuen eta harenbidez murgildu zen bete-betean garai hartako Bilboko arte giroan.

Maeztuk, bere artelanetan erabiliriko materialak hilezkor bihurtu nahirik, kolorea eman zion zementuari eta Acebalek hainbat eskultura landu zituen lehengai horretan; eskultura hauek Euskal Artisten Elkartean jarri ziren ikusgai, Maezturen litografia eta margolan batzuen ondoan. Lankidetza honek luzaroan iraun zuen, margolaritzara ere hedatu zen eta, finean, eskultura baztertu eta margotzeari ekin zion Acebalek.

1932an eta 1934an bi urteko erakusketak egin ziren Arte Modernoko Museoan; eskulturak aurkeztu zituen lehenean eta autoerretratu bat eta Bilboko itsasadarraren paisaje bat bigarrenean.1937an Buenos Airesa joan zen eta hamaika urte eman zituen ondoren Argentinan. Denboraldi luze horretan paisajeak margotu zituen batez ere, eta Argentinaren iparraldeko aurkientzak izan zituen pintagai. Talde erakusketa askotan ?gehienak euskaldunen koloniak antolaturikoak? hartu zuen parte eta, 1946an, Witcomb arte galerian, bere lanak Buenos Airesen azken aldiz erakusteko egokiera izan zuen; erakusketa horretan bere lagun min egingo zen José Vicandi ondarrutar pintore eta zeramikagile handiaren lanak ere egon ziren ikusgai.

Bilbora itzultzeko irrikitan zegoen Acebal; 1948an oihalak bildu eta Bizkaiko hiriburura egin zuen; hurrengo hiru urteetan Bilboko «Arte» Aretoan eta Madrilen eskegi zituen Argentinan margoturiko paisajeak.

Vicandirekin zituen harreman estuei esker zeramika egiteko eta, bide batez, berriro ere eskulturagintzari ekiteko gogoa ernatu zitzaion; horrenbestez zeramikagile ondarrutarrak Francisco Durrio eskultore handiarengandik jaso zuen tradizioari eutsiko zion Acebalek. 1949an buru-belarri ekin zion zeramigakintzarieta handik bi urtera «Arte» Aretoan jarri zituen erakusgai bere zeramikak eta olioak; ordutik aurrera arte galeria eta erakusketa askotan egon dira erakusgai Acebalen margolanak eta zeramikak: Madril, Bartzelona, Gasteiz, Eibar, Coruña, Oviedo, Santander, Donostia, Bilbo. Bestalde, Espainiar-Amerikar Artearen lehen bi Bi Urtekoetan parte hartu du bere margolan eta zeramikazko artelanekin eta lau aldiz izan da, zeramikak aurkezten betiere, Arte Ederretako Erakusketa Nazionalean.

Acebalen zeramika eta margolanek museoen interesa piztu dute eta haren artelan batzuk Bilboko Arte Ederretako Museoak, Gasteizko Museoak eta Egungo Arte Museo Nazionalak erosiak dira. Nolanahi era mundu osoko bilduma pribatuetan daude eskultore, margolari eta zeramikagile handi honen obra gehienak.

Su handitan (industria sua) bezala su txikitan ere landu ditu zeramikak; su handitan landuak neurri handiko obrak dira, gogorrak eta ehundura trinkoa dutenak.

Su txikitan eginiko zeramika polikromatuek, berriz, xehetasun eta kolore sorta oparoekin jokatzeko aukera eman zioten.

Acebalek berak bere obra azaltzeko orduan zera dio, zeramikaren bidez islatzen den eskultorea eta margolaria dela, eta urte anitzetan eskultura landu ondoren, eskultura zeramikaren arlora eramaten saiatu dela. Esperientzia handiko margolariaizanik, egokiro polikromatu ditu bere zeramikak. Artista oparo honen artelan ugarien artean aipagarri dira, beste batzuen artean, zeramika polikromatuan eginiko Amatasuna, Buruak, Irudiak eta Pitxerrak, eta Argentinan margotu zituen paisajeak.

 

José Manuel Alberdi

José Manuel Alberdi Elorza eskultorea Azkoitian jaio zen 1922an. 13 urte zituenean Donostiara joan zen, eta marrazki eta eskultura ikasketak egin zituen Arte eta Lanbide Eskolan.

1937an, gerra zibilaren ondorioz, Ingalaterrara eraman zuten beste 4.000 euskal haurrekin batera eta britainiar hiritartasuna eskuratu zuen. Gerrarako tresnak egiten ziren Birmingham-eko lantegi batean jardun behar izan zuen, Bigarren Mundu gerran zehar baina hango lanak amaitutakoan eskulturari ekin zion buru-belarri.

1947-1957 urteetan St. Martin School of Art eskolan eskultura irakasle jardun zuen eta Britainiako Eskultoreen Errege Elkarteko kide izendatu zuten. 1977.urtean jarri zituen erakusgai bere lanak lehen aldiz Donostian, baina Ingalaterran egin ditu erakusketa arrakastatsuenak, eta herrialde hartan eman dizkiote sari handienak.

Maisutasun handiz moldeatzen du material tradizionala (zura, harria, marmola), eta haiek bezala kobrea, nikela, kristala, beira zuntza, burdina, letoia, altzairua, teka eta olibondo zurak ere.

Azken urteetan neurri handiko eskulturak egin ditu, eta mota honetako lanek sortu dute miresmen handiena, Ingalaterrako leku publiko askotan ipini baitira azkoitiar honen obrak. Henri Moore eskultore britainiarraren jarraitzaile sutsua da; harenaz gainera Michelangelo, Rodin eta Epstein artisten eragina sumatzenda Alberdiren lanetan; forma eta ikurrak era konplexuan nahasten ditu (kristoak, alegoriak, erliebeak).

Lanbidea goitik behera menderatzen duenez, koherentzia handiko lanak aurkezten ditu, egikera ordenatuarekin beti, behar bezala landuak eta adierazkorrak oso. Hasierako irudigintza espresionistatik forma ederretako eskultura abstrakturantz lerratu dira Alberdiren lanak. Aipagarri dira, besteak beste, Kristal Zizelatua (6 tonako obra, Londresen), Oda El Grecori (14 tona marmol), Omenaldia Pablo Casalsi (zura), Mediterraneoa (igeltsua), Ama ta Aurtxoa (hagin zura), Udako gau bateko ametsa (olibondo zura), Dios iræ (burdina), Fenix (marmola), Beatlesen kioskoa, Centrum eta Zezenak (plastikoa), Chinoise (letoia) eta Iturria (altzairua) obrak.

 

Jorge Oteiza

Erreferentzia puntu ezinbestekoa, euskal kulturaren eragile, eskultore eta poeta orobat da Jorge Oteiza. Bere obrak, eta bereziki bere hitzek eta bere idatziek, aparteko eragina izan du batik bat euskal gazteriarengan.

1908ko urriaren 21ean jaio zen, Orion. Donostiako Jesusen Bihotzaren ikastetxean egin zituen lehen ikasketak. 13 urte zituela, Lekaroza bidali zuten gurasoek ikastera.

Halere, aitak zuen negozioak kiebra jo eta Ameriketara joan behar izan zuenean, Oteiza lanean hasi beharrean aurkitu zen.

Aita Ameriketatik itzultzean, Madrila joan zen familia osoa. Linotipista bezala lan egin behar izan zuen han, ikasketak aurrera eraman nahi bazituen. Medikuntzako ikasketak hasi zituen, baina hirugarren ikasturtea egiten egiten ari zela dena bertan behera utzita, Arte eta Lanbide eskolan eman zuen izena. 1928.. rtea jo daiteke Oteizaren eskulturagintzako hasiera urtetzat.

Ohiko zenez, eskultura figuratiboak izan ziren bere hasierako haiek.

1931n irabazi zuen lehen aldiz Jorge Oteizak Gipuzkoako Artista Hasiberrien saria. Bi urtekoa zen lehiaketa, eta 1933an irabazi zuen berriro. 1934an, Nikolas Lekuona eta Narziso Balentziagarekin batera, egin zuen Donostiako Kursaalean lehen erakusketa.

Jaioterriko egoerak nazkaturik, Ameriketara doa 1935ean Balentziaga lagun duela. Buenos Airesen, Txileko Santiagon eta Bogotan egon zen, nahiko neke eta eskasia pasatuz. Buenos Airesen, Wittcomb aretoan, egin zuen erakusketa bat 1935ean, Zuloagaren gomendioari esker. Espainiako gerra zibilak han harrapatu zuen. Txilen Huidobro, Lipchitz, Brancusi eta Arp abangoardistak ezagutu zituen. Txileko Herri Frontean eman zuen izena, eta bestalde Antzerki Politiko Esperimentala eratu zuen. Txileko Herri Fronteak hauteskundeak galtzearekin batera, BuenosAiresa alde egin zuen. Han jaso zuen Gernikaren bonbardaketaren berria, eta depresio izugarri batek jo zuen. Egoera horretan sartzen da bere bizitzan Itziar Carreño, eta harekin ezkonduko da 1938an.

Lehenago zeraman bideari segitzen dio Oteizak Ameriketako lehen urteetan, eskultura figuratiboari alegia. Baina 40. urteetan piramide iraulia hautatzen du oinarrizko banakotzat, eta irudi etzanak egiten hasten da.

1941ean Kolonbiara joan zen Zeramikako Eskolako Nazionaleko irakasle, eta hurrengo urtean hango gobernuak zeramika irakaskuntza antola zezan kontratatu zuen. Bi urte geroago idazten du Carta a los artistas de América sobre el arte nuevo en la postguerra.

1947an itzuli zen jaioterrira.

Hasierak ez ziren pozgarri-pozgarriak izan, eta Bilbon bakartzaile elektrikoak egiten zituen fabrika bateko zuzendari tekniko gisa lan egin behar izan zuen, biziko bazen. Halere, itzulerarekin batera hasi zen eskulturagintzako garai oparoa Oteizaren bizitzan.

1949an Felipe IV.ari Donostian monumentu bat egiteko lehian irabazle atera zen, monumentua sekula gauzatuko ez bazen ere. Orobat, Bilbon Studio Galerian eta Madrilen Biosca Galerian erakusten du bere obra.

Halere, 1950. urteak markatu zuen Jorge Oteizaren jarduna: Arantzazuko Basilika berrirako irudiak egiteko enkargua ematen diote. Sáenz de Oiza eta Laorga arkitektoek egingo zuten arkitektura, Carlos Pascual Larak pintura ?hura hiltzean, Lucio Muñozek pintatu zuen absidea?, Xabier Alvarez de Eulatek beirateak, Eduardo Chillidak ateak eta Nestor Basterretxeak kripta. Lehendabiziko apostoluak egiten hasi eta hurrengo urtean, Oteizaren irudiek debekua jasotzen dute, eta Arantzazuko errepideko bazterrean geratuko dira irudiok ?batzuk osatuta, osatu gabe gainerakoak?, garai hobeak iritsi zain.

1951ean Milanen IX. Hiru Urteko Sariko Diploma erdietsi zuen, eskultura saio baten bidez.

Eta Santanderko Udako Unibertsitatean Informe sobre la escultura contemporánea txostena aurkeztu zuen.

Londresen jartzeko zen Preso politiko ezezagunari monumenturako ?ez zen sekula gauzatu? nazioarteko lehiaketa irabazten du Oteizak: hutsune bat inguratzen duten bi zutiko eta zeharkako bat ziren monumentuaren osagarriak, eskultura hutsartea baita, zilindroaren hustuketaren bidez ateratzen diren bi pilare hiperboloideren eraginez eratzen den hutsartea, alegia. Hutsarte horrek, positibaturik, beste eskultura bat ekarriko zuen, Prometeo, hain zuzen ere.

Arantzazuko lanaz eta Preso politiko ezezagunaren monumentuaz hizkera espazial eta abstraktu berri bat erdietsi nahi zuen Oteizak, euskal abangoardia bat sortuko zuena. Historiaurrean eratu zen ?euskal arima jatorrizkoa? izango da Oteizaren kezka gailenena orduan eta geroago.

Une horretan idatzi du Androcanto y sigo poema, 1954an argitara emana.

1954an, Arantzazu utzi behar izan zuelarik, eta 1959 arte, Juan Huarteren laguntzari esker, bere Propósito Experimental deituan lan egin zuen. Saio sorta bat zen guztia (klera, igeltsu, latorri, burdin hari, zur eta kartulinak erabili zituen aldi horretan bere ideiak moldatzeko, saio eta maketa txiki ugari), hutsunearen eta espazioaren eta denboraren izaera kulturan zein zen aztertu nahi zuen, hori baitzen, bereustetan, arte esperimentalaren egiteko nagusia. Sorta horretatik guztitik, zirriborro gutxi batzuk bihurtuko ziren eskultura lan, harriz edo beltzez margoturiko burdin xaflaz eginak, materialak ahalik eta neutroena behar baitzuen izan.

1954an, Romaní eta Sáenz de Oizarekin batera talde bat osatuz, Arkitekturako sari nazionala irabazi zuen. Eta urte horretan berorretan, Valladolideko domingotarren elizako absideko eskultura egiten du.

Esperimentazio garai benetan emankorrean, Madrilen egin zituen ikerketen unitate berri bat sortzen du, Malevitch deitua.

Hortik sortuko dira eskulturasorta berriak, Sao Pauloko Bi Urtekoan 1957an irabazle aterako zirenak. Obrarekin batera, argibideak ere bidali zituen Sao Paulora: La estatua como desocupación activa del espacio por fusión de unidades formales livianas.

Sao Pauloko garaipen handiaren ondoren, Denise René galeristak ?Chillidarekin lan egina zenak? eskaintza handia egin zion Ibarrolaren bitartez Oteizari bere obra zabaltzeko. Baina Oteizak ezezkoa eman zion, bere esperimentazioa ez zuelako eten nahi.

Urte horretan egin zuen Agiñako monumentua Aita Donostiaren omenez. Inguruan harrespil batzuk dituen leku batean jarririk, Aita Donostiaren monumentuak, Oteizaren ustetan, historiaurreko gizakiaren asmo esperimentala ispilatzen du.

Baina Oteizak amaitzear zeukan bere bilaketa, eta Caja metafísica número 1 barru-hutsa egitean, eskultura bertan behera uzteko erabakia hartu zuen. Bestela, nazioarteko arte merkaturako bere obra kopiatu besterik ez omen zuen egingo aurrerantzean.

Izan ere, ?artearen azkenaldia, abangoardia historikoen azken aldia osatzea? baita bere artearen egitekoa. «AldaketenLegea» deituaz amaitzen du bere ikerketa: ?adierazpenaren okupatzea/desokupatzea?.

Caja erradikalenak sotiltasun formal handienekoak dira: Homenaje a Velázquez obrako ?euskal frontoia? triedroa edo Unidad Mínima obrako diedroa.

1960an, Nestor Basterretxearekin batera, erakusketa bat egin zuen Madrilgo Neblí galerian; geroago Bilbora ere eraman zuten.

Eta Liman eta Montevideon zenbait hitzaldi eman zituen.

1960-1962 artean erakusketak egin zituen Estatu Batuetan eta Kanadan, New Yorkeko Arte Modernoko Museoak antolatzen duen ?Pintura eta eskultura berria Espainian? erakusketari esker.

Oteizaren jardueran aparteko garrantzia du 1963. urteak. Arantzazukolana geldi zegoen oraindik, eta itxaropen gutxi ikusten zitzaion etorkizunean ere, esan ere esaten baitzen, Erromak debekatu zituela Oteizaren apostoluak.

Bere eskulturagintza amaitutzat zeukan. Eta une horretan ematen du argitara izugarrizko eragina eta ospea izango zuen Quousque Tandem (1963) liburua. Gaur egungo nortasunaren erro antropologikoetatik eratortzen diren arazoak aztertu nahi ditu Oteizak liburuan, bereziki euskal kulturaren erroak aztertu eta argitu nahi ditu. Oteizak berak idatziko du: ?Atzeraka idazten dut. Aurreraka begira, baina atzera jotzen dudala, atzeraka noala?. Oteizaren ustetan, atzera eginez, historiaurreko gizonarekin, indoeuropar aurrekoarekin bat egitera jotzen du, kutsatu gabe dagoen gunera, aurreraka jotzeko, hau da, abangoardiara (azpititulu argigarri bat dakar liburuak 1963ko argitalpenean: Euskal arimaren ulerpide estetikorako saioa). Euskal estiloa izango zen euskal berpizkundea ekarriko zuena, munduko modernotasuna sor zezakeena. Liburuak oso arrakasta zabala izan zuen, gazteen artean batez ere.

Idazten segitzen du Oteizak: 1964an poesia antologia baterako hitzaurre jakingarria idatzi zuen.

Gabriel Aresti, Mikel Lasa, Jose Azurmendi eta Juan San Martin (Otsalar) izango ziren antologia horretan sartuko ziren poetak.

Ejercicios en un túnel liburua 1966an prest zeukan, baina zentsurak ez zion utzi argitaratzen (1982an argitaratuko zen). Kultura higikunde alternatibo bat sortu behar dela aldarrikatzen du Oteizak: estetika hartzen du jakintza osotzat, giza esperientziaren oinarrizko batasun ontologikoa argitzeko gauza den jakintza bakartzat.

Eskulturagintza utzi nahi omen zuen 1959an, ikerketak amaitutzat eman zituenean. Egia esan, eskulturagintzaren ikerketa eman zuen amaitutzat Oteizak 1959an, ez eskulturagintza bera, eskulturak egitea. Obra berriak, eta ugari gainera ?batzuk lehenago hasiak? egingo zituen. Ideia zaharren aldakin berriak egingo zituen Laboratorio de Tizas delakoan; eta etorri ere hortik etorriko zen Arrasateko EuskadikoKutxaren egoitzaren aurrean ipinita dagoen Arri ernai zaitzailea (1974).

1968an Arantzazuko apostoluak egiteko ordua iritsi zitzaion: lehengo debekuak gainditurik, Oteiza Arantzazuko obran murgildu zen.

1966ean Gaur taldea sortu zen, eta lehen erakusketa antolatu zuen Donostian: euskal eskola zen, eta taldekide ziren Jorge Oteiza, Eduardo Chillida, NestorBasterretxea, Jose Antonio Sistiaga, Amable Arias, Jose Luis Zumeta, Rafael Ruiz Balerdi, Remigio Mendiburu. Estetikarenak baino gehiago gizartearen arazoak ziren artista guztiok elkartzen zituenak. Oteizaren eraginez, Orain taldea Araban eta Emen taldea Bizkaian sortuko ziren.

Oteizaren asmoa betidanik izan da Euskal Herrian artegintza bultzatzea, estetikaren garrantzia eskolara eta gizartera ?are politikara? eramatea. Ameriketara joan aurretik azaldua zuen asmo hori, eta gerora ere behin eta berriz azaldu izan du. 1964an, Gernikan, Basterretxea eta Larruquerten Pilotari filma aurkeztean, Oteizak hitzaldi bat eman zuen: Importancia del artista en la vida del pueblo vasco. Eta Madrilen eskainiko duen hitzaldi sorta batean, ikerketa estetiko konparatuen nazioarteko laboratorio bat sortzeko adostasuna lortu zuen Giulio Carlo Arganekin.

Hurrengo urtean Bartzelonan ikasle euskaldunei eskaini zien hitzaldiak El arte como escuela política de tomas de conciencia du titulua. Loiolako jesuitei proposamen bat egin zien pabilioi bat ikastola esperimentaltzat etaEuskal Unibertsitate gisa ipini zezaten, arte lantegiak jarriz.

Donostian gisa bertsuko proposamena egin zuen Kursaal Handian, eta Euskal Antropologia estetikoko museo proiektu bat aurkeztu zuen Gasteizen. Proiektu hauetatik guztietatik ez zen bakar bat aurrera atera.

1969an oraindik, Deban, beste ahalegin bat egin zuen Oteizak, Debako Eskola deitua sortuz.

Baina Debakoak apenas iraun zuen hamar hilabete. Iruñean Ikusmen Arteen lantegia sortu nahi izan zuen (1978), eta Bilboko Arte Ederretako Fakultatea berritzeko planak egin zituen, Euskal Eskolaren mende jartzeko inolaz. Baina piztu bezala itzali ziren proiektu hauek guztiak ezerezean.

Gorabehera hauen guztien ondoren, Oteiza Altzuzara erretiratu zen, eta poesia eta filologia aurreindoeuroparra hasi zen lantzen. Gizakiaren barnera itzuliko den pedagogia bat indartu beharra eta proposamen linguistiko berri baten premia azpimarratuko ditu Oteizak behin eta berriro.1974an Hondarribiako Txantxangorri galerian egiten du bere ustetan ?eskultore gisa egin duen azken erakusketa izango dena?.

Ez zen ordea hura azkena izango.

Erakusketarik handienak falta ziren oraindik.

Itxaropen handiak piztu zitzaizkion Oteizari, Franco hil eta gero, Euskal Kontseilu Orokorra sortu zenean: hark bere ideiak gauza zitzakeela pentsatu ere pentsatzeraino. Baina itxaropen horiek guztiak ustel atera zitzaizkion.

Eta 1988an, Asturiasko Printzearen saria eman ziotenean, Cartas al Príncipe idaztean,berriro ere gai horiek beroriek, alegia, estetika hedatu beharrak eta horretarako eskolak sortu beharrak, pedagogia berria bilatu beharrak kezkatzen zuen, eta Ejercicios en un túnel liburuan azaldutako kezka berak azalduko zituen.

1979an, Sabino Arana Fundazioaren egoitzaren proiektua egiteko hautatu zuten ?Basterretxearekin batera?; harako dirua biltzeko Sabino Aranaren buru irudia egin zuen, eta haren kopia ugari egin ziren. Halere, proiektu hori Oteizarik gabe burutu zen berriro.?Euskadi? aldizkariak bere izeneko saria eman zion Oteizari 1985ean, kulturaren alorrean urtetan egindako lana aitortuz.

Aukera horretan idatzi zuen gutun irekian, bere atsekabea eta samin mingotsa azaldu zituen Oteizak, herri agintariek jaramonik egin ez zietelako bere eskaintzei eta proposamenei. Urte berean Arte Ederretako domiña jaso zuen.

Donostian Ametzagainako hilerri berria egiteko proiektua prestatu zuen 1986ean, eta Izarrak Alde proiektua aurkeztu.

Baina proiektu hori ere bazterturik geratu zen. Urte berean poesia sorta bat eman zuen argitara, Theomaquias deitua: poesia mota benetan laburtua da, erritmo trumiltsuz idatzia, adierazpen minimoa erabiltzen duena.

Poesia horien artean sartu behar da Existe Dios al noroeste (1990) ere. Urte berean, ordea, Parisko Georges Pompidou Zentroan egingo zen eskultura modernokoerakusketa handirako Oteizaren zenbait obra hautatu zituen Margit Rowellek, eta horrela iritsi zen Oteizaren obraren berrikusketa sakona, haren balioa eta eragina denen begien aurrean ipini zuena.

1988an, Arteetako Príncipe de Asturias saria jaso zuen, eta halaber Veneziako Bi Urtekorako hautatu zuten Susana Solanorekin batera.

Urte horretan bertan egingo da, azkenean, Caixari esker, Oteizaren obraren erakusketa handia, Txomin Badiola eskultoreak prestatua. Une horretan aurkeztu zen lehen aldiz oso-osorik Propósito Experimental deitua, Oteizak hura ulertzen duen bezala.

Eta lehen aldia da, gainera, 1978an Pelay Orozcoren biografia argitaratu zenetik, bere obrari buruz gogoeta berriak argitara ematen direna. Erakusketa hori ikustean iger daiteke Jorge Oteizak mende honetako eskulturan izan duen garrantzia: minimalismoa eta arte povera eta kontzeptualismoa ezin uler daitezke guztiz Oteizarik gabe, joera horiek sortu baino lehen lan egin baitzuen bide horietatik. Horregatik, aipaturiko joera horiek euskal artistengana iritsi ziren arte, Oteizaren eragina axalekoago izan zen haiengan.

Bilbon, bazirudien etorriko zitzaiola azkenik aukera berria bere ametsak eta ideiak gauzatzeko.

Bilboko Udaletxeak eskatuta, Sáenz de Oiza eta beste zenbait arkitektorekin batera, Alondegi zaharrerako proiektua prestatzen du, Kubo bezala ezagutuko zen proiektu famatua.

Baina Eusko Jaurlaritzak ez zuen onartu proiektu hori, eta berriro sutu zen Oteizaren amorrua.

Oteizaren ustetan, Guggenheim Museoak baztertu zuen bere Alondegi zaharra, euskal abangoardia eta arte modernoa bere baitan hartuko zituen museoa, hain zuzen. Hala, 1992an, Euskal Erkidegoari agindua zion bere oinordekotza kendu eta Nafarroako Gobernuari eman zion, Altzuzan museo-fundazio bat sortzearen truke.

Eta berriro ere, Nociones para una filología vasca de nuestropreindoeuropeo (1996), bere azken obran, Oteizak bere giltzarrietako bat den hizkuntzalaritza aurreindoeuroparrari helduko dio: han ustez igertzen dituen intuizioak agerian jarri nahi ditu, latinak euskara kutsatu aurretiko izpiritu estetikoa oratu nahirik. Berriro ere atzeraka jotzen du aurreraka egiteko, jatorrira jotzen du gaurko mundua ulertzeko.

Bere obraren zatirik handiena Altzuzako fundazio-museoan dago gordeta, baina Madrilgo Centro Nacional de Arte Moderno Reina Sofían eta Bilbo eta Gasteizko Arte Ederretako Museoetan era gordetzen dira bere hainbat obra.

1996an Eskulturako Anton Pevsner nazioarteko saria jaso zuen Jorge Oteizak, nazioartean ere bere obraren garrantzia aitortzen den seinale.

 

Eduardo Chillida

Eduardo Chillida eskulturagile donostiarra da, 1924ko urtarrilaren 10ean jaioa. Donostiako Real Sociedadeko atezain gisan jardun ondoren, 18 urte zituela Madrila joan zen arkitektura ikastera.

Karrera ez zuen amaitu ordea, eta gero Parisa aldatu zen 24 urte zituela, 1947an.

Han bizi izan zen hiru urteetan (1947-1950), bi erakusketatan azaldu zen: 1949an, Maiatzeko Aretoan eta 1950ean Maeght Galerian. Garai horretan Giza sorbalda eta Emakume sorbalda lan figuratiboak nabarmentzen dira bere obren artean.

Parisko egonaldia amaitu ondoren, Hernanin jarri zen bizitzen, baina idortasun handiazeukan barnean: urtebete egon zen ezer egin gabe. Eskulturagintzako materiala aldatu egingo du: harria utzi eta burdina hartuko du. Eta dagoeneko abstrakzioaren bidea hautatuko du. Burdinazko lehen obra Illarriak deiturikoa da. Geroago, 1967an, hasiko da bestelako materialak erabiltzen, burdina erabat utzi gabe. 1952-1953an egiten ditu burdinazko lehen obra handiak: Barrendik, Gutiziatsu, Iru, Aize Orrazia (urteetan zehar, eta material desberdinak erabiliz, sorta osoa eratuko du), Ozka irtena, Inguruan biribil... 1954an egin zuen bakarkako lehen erakusketa Madrilen, Clan Galerian,arrakasta gutxiz inolaz. Urte berean aurkeztu zuen bere obra Milango Hiru Urtekoan, Ramón Vázquez Molezún arktitektoak gonbidaturik, eta Ohorezko Domina erdietsi zuen. Urte berean egingo ditu Arantzazuko Basilikarako lau ate. 1954an, beste artista batzuekin batera, Parisko 1 er Salon de l?Esculpture Abstraite-n erakusten du bere obra.

1954-1955ean eman zion hasiera Amets ingudea sailari (hamazazpi eskultura, 1954. eta 1966. urte artean eginak) eta Dardarra burdinean, Utsune soinudunak harri eta burdinean, Suaren goraipamena, Musika ixilla, Burni ikara, Txoriaren izpiritua, etab. burdinean, sortuko ditu. Orobat, Mugarri Zurrumurru sorta egin zuen (zazpi pieza dira, bost burdinean eta bi altzairuan). Berna (1955), Madril eta Rouen (1957), Paris, New York, Chicago, Venezia eta Pittsburgh (1958), eta Madril, Kassel, Paris, New York eta Minneapoliseraino (1958) iritsiko dira bere erakusketak. 1957an Graham Foundation saria lortu zuen.

Hurrengo urtean, 1958an, Veneziako Bi Urtekoa izango zen, edozein modutan, garaipen seinalerik handiena, nazioartean ospea bermatu ziona. Une horretan egiazta daiteke Chillidak kontzeptualismo abstraktua gainditu eta esperientzia bizia hobesten duela.Espazioa eta espazioak dituen mugak dira une horretan ?eta luzaro? Chillidaren kezka eta ikerketa gai. Elkarren ondoan dauden bi masa edo espazioen arteko tartea; ertza, espazio jarraitua eta etena, irekia eta itxia, arina eta astuna: horiek dira Chillidak ulertu eta jaso nahi dituen nozioak.

1956an Parisko Maeght Galerian hogei eskultura aurkeztuko ditu, eta katalogoaren hitzaurrea Gaston Bachelard filosofoak idatziko du: Le Cosmos du Fer. Obra horretan materiari Chillidak zion atxikimendua goraipatzen da.

Burdina erabat utzi gabe, zura hautatzen du Chillidak 1959an.Berak aitortzen duenez, burdina baino arinagoa izango zen material bat nahi zuen, betetasuna eta hustasuna adierazteko. Horrela hasiko da osatzen Abesti Gogorra saila (lau zurezko pieza etabostgarrena, granitozkoa).

1959an erabiliko du lehen aldiz altzairua, Mugarri Zurrumurru IV obran.

Sariak ere ugariak dira urte hauetan: Kandinsky saria (1960) Carnegie (1964), Wilhelm Lehmbruck eta Nord-Rhein Westfalen (1966, Alemaniako garrantzitsuena), eta Art Institut (1966).

Erakusketak etengabe egiten ditu munduan zehar: Paris, Houstongo museoa (Miró eta Picassorekin); bestalde, Donostiako Gaurko Artearen Erakusketan Abesti gogorra saileko lehena aurkezten du, zurezkoa. Baina garrantzirik handiena dutenak Parisko Maeght Galerian 1961, 1964 eta 1968an egin zituenak dira. Azken horretan burdinazko, granitozko eta alabastrozko 14 eskulturen ondoan bere obra bikainenetako bat aurkeztu zuen, Utsaren inguru IV. Juan Daniel Fullaondo izan zen katalogoaren prestatzailea.Oso gaztetatik izan du Chillidak jakiteko zaletasuna, eta filosofoen irakurketak garrantzi berezia du beretzat, Bergson, Heidegger, Theilhard de Chardin edo Bachelardenak. Hainbat intelektual bestalde hurbiltzen da bere obrara, hala nola Roland Penrose, Gabriel Celaya, Jorge Guillén, Martin Heidegger (Artea eta Espazioa liburua apain ziezaion eskatu zion Chillidari), Emile Cioran edo Gómez Pin.1966an antolatu zuen J.J. Sweeneyk Houstongo museoan Chillidaren obraren lehen erakusketa osoa Estatu Batuetan, geroago beste zenbait museotan aurkeztuko zena. Bi urte geroago hasiko dira halako erakusketak Europan, Basilea, Zurich, Amsterdam, eta abarretan.

1968an eskaera garrantzitsu bat hartzen du Unescoren aldetik, Parisko egoitzaren sarrerarako altzairuzko eskultura bat: Aize Orrazia IV, alegia.

Aparteko garrantzia aitortzen dio Chillidak materialari: haren gogortasuna edo hauskortasuna,edo arintasuna eskulturaren baitako osagai da, eskulturan ondo azaldu behar duena. Begirunerik handiena die materialari eta haren eskakizunei: ?Egia da gaina hartzen diedala, baina haiei entzunez, errespetatuz? esango du berak.

1965ean alabastroa hautatzen du laneko materialtzat. Orduan osatuko du Arkitekturaren goraipamena.

Alabastroak argiarenarazoa dakar berarekin; eta hortik dator Argiaren goraipamena ere. Gabriel Celaya poetak galde eta erantzungo dio alabastroak aurkezten duen auziari: ?Baina berak (Chillidak), iluntasunean bila jardun eta jardun ibili den gizonak, zer egiten du berez erlus den material batekin? Haren ezkutukia bilatu. Axaleko gardentasunean atsegin hartu ordez, arraila krudelak, kasikan zauriak, irekitzen dizkio?.

Ulertzekoa da Chillidak zirriborrorik erabiltzen ez badu ez eskulturetan ez marrazkietan: obra bakoitza bakarra da, eta obrabakoitzera bilatzera, esprimentatzera hurbiltzen da: materiaren eta pentsamenduaren arteko batasunaren bila dabil. Eta material batek eman behar zuena eman duenean, hurrengo beste baten bila abiatuko da.

Marrazki ugari egin du Chillidak, eta baita erakusketarik antolatu ere marrazkiak aurkezteko.

Eskuak dira: bereak sarri, eskuinekoa eta ezkerrekoa. Espazio eta mugimendu baitira bi eskuak. Ez dute ezer esan nahi: espazioan dauden formak dira.

Edozein modutan, benetako marrazkilaria dela erakusten du Chillidak lan horietan: bereak ez dira eskultura marraztuak, berezko balioa duten marrazkiak baino.

Eskulturagintza izan da, zalantzarik gabe, Eduardo Chillidaren lan edo egiteko nagusia. Baina irakasle ere izan da: 1971n Harvardeko unibertsitatean irakasle gonbidatu izan zen lau hilez. Eta han ezagutu zuen gerora adiskide handia izango zuen Jorge Guillén poeta. Haren Más allá poema xilografiez apaindu zuen (bi urte georago Maeght Galeriak argitaratuko zuen, eta lan honegatik emango zioten 1974an Diano Marina saria ere). Urte berean, Thyssen Fundazioak eskultura handi bat eskatu zion, altzairuzkoa, Düsseldorfeko hirian jartzeko.

1972an zenbait gorabehera sortzen da Chillidaren inguruan, Iruñeko Topaketak zirela-eta.

Hara aurkeztu zuen obra erakusketa ireki aurretxoan erretiratu egin zuen Chillidak, esanez han azaltzen ziren imitatzaileen bidez bere obra nahiko erakutsia zegoela.

Lehenago Gaur taldean parte hartua zen, baina sekula ez du nahi izan talde bizitzarik, eta ez zuen bat egin nahi izan Euskal Eskola deituarekin: indibidualtasunari aparteko garrantzia eman dio beti, eta bere bide propioa egin du.

Material berrien aukerak saiatu nahia da Eduardo Chillidaren ezaugarrietako bat. Eta 1972an, beste aro berri bat irekitzen da bere eskulturagintzan: hormigoiari helduko dio. Lehendik ere saio batzuk eginak zituen Harvarden irakasle zela, baina kolpetik ohi ez bezalako moduan hartzen du Chillidak hormigoia: euskarri izan ordez, zintzilik jartzen du, buruhauste tekniko handiak sortuz sarri. Pisuaren kontrako iraultza gauzatu nahi zuen, berak esaten duenez; hormigoiak barnean hutsa balu bezala erabili.

Sei tonako pisua du hormigoian egin zituen lehen obrak, Topaleku III deituak. Chillidak Madrilgo hiriari oparitu zion, eta lekua hautatu ere egin zuen: La Castellana pasealekua, errepideko zubi batetik esegita. Bainahorrek izugarrizko iskanbila sortu zuen, eta arkitekto eta adituek esan bazuten ere inolako arriskurik ez zegoela, udaletxeak ez zuen ipini nahi izan (1979an, gauza jakin batzuk konpondu ondoren, ipini zen azkenik, egileak hautaturiko lekuan). 1974an Topaleku V prestatzen du, Juan March fundazioak Madrilen zuen egoitzaren atarian jartzeko eskatuta.

Urte horietan Chillidaren ospea alde guztietara zabaltzen da, egin zituen erakusketetatik eta jaso zituen sarietatik erraz iger daitekeenez.

1972an, Madrilgo Iolas Velasco Galeriak erakusketa handi bat prestatzen du, eskultorearen lanik garrantzitsuenak erakutsiz.

1975ean, Basileako Johan Wolfgang von Goethe fundazioak ematen duen Rembrandt saria jasotzen du, eta hiru urte geroago Andrew W. Mellon saria, Willem De Kooningekin batera.

Basilean, 1976an, Leku III aurkezten du, hormigoian egindako obra; urte berean, Tokion, Euzkadi IV akuaforteagatik Atzerriko Arazoetako ministerioko lehen saria erdiesten du. Hurrengo urtean, beste erakusketa oso batantolatzen du Madrilen Iolas Velasco galeriak, eta erakusketa hori Durangora, Iruñeara eta Harvardeko Unibertsitatera joango da.

Estelak izan dira Chillidak landu dituen arloetako beste bat.

Estela horiek adiskide dituenei eta bestelako pertsonaia ospetsuei eskaini dizkie. 1977an halako lau aurkeztu zituen Parisen, gaurko artearen nazioarteko azokan, altzairuan eginak: Gudari, eta Nerudari, Allenderi eta Millaresi Omenaldiak. Era horretako estelak eskaini dizkie bere adiskide batzuei eta beste zenbaiti, adibidez Estela a Giacometti (1974), Estela a Picasso (1975), Estela a Borromini (1976), Estela a Bergson (1977), Estela a Sabino Arana 1977), Estela a Edgar Allan Poe (1978), Estela a Rafael Ruiz Balerdi (1992), etab.

1977an oparitu zion Eduardo Chillidak bere sorlekuari, Donostiari, hiriko sinbolo bilakatu den eskultura ospetsua, Haize Orrazia, Igeldo azpian, badiaren ertzean, haitzetan itsatsia dagoen monumentua. Peña Ganchegui arkitektoarekin batera proiektatua dago obra osoa, eta hiruzenbakia da egileari joko guztiak egiteko aukera eskaintzen diona: hiru elementu funtsezkoenak hantxe aurkitzen dira, eskulturaren osagai barneko bezala, ura, eguratsa eta lurra, alegia; hiru eskultura dira, bakoitzak hiru beso dituela, eta hiru haitzetan hiru loturaz itsatsiak, espazioa mugatuz eta hertsiz. Donostian beste bi obra ere baditu Chillidak: Santa Maria elizari oparitua bat, eta Fleming doktoreari eskainia bestea.

1980an, Gasteizko Foruen Plaza egin zuen, berriro ere Peña Ganchegui arkitektoa lagun zuela.Bi erakusketa handi egin ziren 1980an: New Yorkeko Guggenheim Museoak antolatu zuen lehena, Chillidak 1951 eta 1980 artean egindako ehundik gora eskultura eta grafiko biltzen zituena.

Madrilgo El Retiroko Kristalezko Jauregian egin zen bigarrena, eta aurrekoa bezain oparoa ez bazen ere, Chillidaren aro guztietako obrez hornitua zegoen.

Munduko museorik handienetan aurki daiteke Eduardo Chillidaren obra. Baina museoez aparte, Frantziako, Alemaniako, Irango, Espainiako, Suediako etaEstatu Batuetako hainbat hiritan ere jarri ditu bere monumentuak.

Jaso dituen sarien zerrenda ere luzea da benetan. Lehen aipaturikoez aparte, ezin utzi aipatu gabe Arteetako Príncipe de Asturias saria (Madril, 1987), Lorenzo il Magnifico (Florentzia, 1987), Alemaniako Merezimenduzko domina (Bonn, 1987), Bartzelona hiria (1988), Grabatuen Nazioarteko Hiru urtekoa (Grenchen, 1988), eta abar luzea.

1990ean, Veneziako Arteko Bi Urtekoak omenaldi handia eskaini zion Eduardo Chillidari, bizirik dauden eskultore handienetakoen artean ipiniz. Bost obra eskaini zituen omenaldi horretan: Mendi Huts II (1900, alabastroa), Poetaren etxea/Stele VI (1990, burdina), Arkitekturaren goraipamena VI (1990, burdina), Homenaje a Balenciaga (1990, burdina) eta Down town II (1990, altzairua).

Sariek eta omenaldiek ez diote murriztu sorkuntza indarra, eta hala Sevillan Homenaje a la Tolerancia ipini zuen 1992an, Munduko Erakusketa zela-eta. Hormigoizkoa da obra, eta ohiko eskultura baino gehiago mugarri bilakatzen da hiriko paisajean,Goetheren etxea (1968) bere garaian izan zen bezala.

Euskadin, Gure aitaren etxea ipini du Gernikan. Juntetxetik hurbil jarria dago, eta Euskal Herriaren historian aparteko garrantzia duten bi leku seinalatzen ditu monumentuak. Alde batetik, Juntetxea bera, edo Juntetxeko arbola, demokraziaren eta askatasunaren topagune, eta bestetik Santimamiñeko haitzuloa, bertan dauden historiaurreko irudiekin; bi alderdi horiek Arestik abestu zuen «Gure Aitaren Etxea» sinbolopean bilduak geratzen dira. Obrak, berez, bi atal ditu: Estela Gernika eta Estela Agamenon, biek eskala desberdineko hesi bat bezala bat egin eta erdian dagoen burdina babesten dutelarik, monumentua osatzeko. Halere, gisa horretako obren artean, ezin utz daiteke aipatu gabe Odaiertzaren goraipamena (Xixon, 1990), guztien artean onena beharbada, itsasoaren handitasunaren aurrean kokatua.

1980az geroztik egin dituen obra asko Chillidaren antzinako kezka zaharren birmoldaketa gertatzen dira: Zuhaitz edo Beaulieu burdin lan preziatuakdira. Xaflen tolesdura harrigarria gertatzen da Locmariaquer sortan (1987-1989). Berriro ere materiak duen arazo bati heldu nahi dio Chillidak: grabitazioaren arazoa azalduko da bi sorta berritan: Gravitación (1991) deituriko lehen sorta, haritan zintzilik dauden paper lodietan egindako grabatuak dira, eta Homenaje a Luca Pacioli (1986) berriz altzairuzko mahai sorta.Argia materiaren barnera sartu, materiaren beraren osagarri bezala, espazioak eta mugak markatu: ahalegin berrian dabil Eduardo Chillida Kanarietako Tindaya mendian: mendia bera zulatu nahi du, mendiko harria baino gehiago, lehendik hainbesteko historiaz zamaturik dagoen lekua zulatu nahi du, mendiaren barneko misterioa argiak ernal dezan. Neurriz izugarrizko obra bada ere, esanahiaz handiagoa da oraindik, kosmogonia oso bat bilbatu nahi baitu Chillidak, eguzkiaren eta ilargiaren, egunaren eta gauaren argian mendi barnera bilduz.

Eskulturagintzak dituen arazo ugariei irtenbidea etengabe bilatu nahiak defini dezake neurri batean Eduardo Chillidaren obra: materialak berak sortzen dituenezinak, lehengai den materiala bera, haren astuntasuna edo arintasuna.

Hasierako igeltsu eta alabastroak, ondoren etorri den burdina, herdoila, denborak eta espazioak materiaren azalean duten eragina era poetikoan adierazten duena; hormigoia geroago, bere astuntasun pisutik libratua, baina orobat bere lakartasuna erakusten duela. Guztiak dira materia, errespetatu beharrekoa bai, baina birmoldatu beharrekoa orobat, geometriaren bidez.

Ahalegin horrek jarri du Eduardo Chillida, mugaren eta topagunearen poeta, mende honetako eskultore handienen artean; gaurko eskulturagintzan erreferentzia puntu ezinbestekoa eta gure egunetako klasiko bakanetakoa da, modaren aldietatik urrun.

 

Agustín Ibarrola

Agustín Ibarrola margolaria eta eskultorea da, abangoardiako «Euskal Eskolako» artistarik aipagarriena Oteiza, Chillida eta Mendiburu eskultoreekin, eta Amable Arias, Balerdi eta Zumeta margolariekin batera. Bilbon jaio zen 1930eko abuztuaren 18an, langile familia batean. Bilboko Arte eta Lanbide Eskolan egin zituen lehenengo arte ikasketak, eta 1948an, hamazazpi urte besterik ez zituela, egin zuen lehenengo erakusketa, Bilbon.

Gero, Madrila joan zen ikasketak osatzera, eta Vázquez Díazen lantegian jardun zuen, ikasle gisa.

Vázquez Díazen eskutik sartu zen Ibarrola postkubismoaren estetika ildoan. Bere ibilbide artistikoaren hasieran espazio plastiko handiez arduratu zen, eta, hala, mexikar horma pintura, David Siqueiros gehienbat, hartu zuen eredutzat. Siqueirosek hainbat hormatan banatzen zuen irudia, halako moduan non ikusleak espazio fisikoan mugitu beharra zeukan irudia osatuko bazuen; ikuslearen parte hartze hori da Ibarrolaren obraren ezaugarri nagusietako bat azkenaldiko lanetan.

Mendearen erdialdean, Arantzazuko basilika berria izan zenEuskal Herriko arte proiektu nagusia.

Ibarrola ere, artean oso gaztea eta eskarmentu handirik gabeko artista zela, horma irudien lehiaketara aurkeztu zen 1952an, baina ez zuen lehiaketa irabazi; garai hartan ezagutu zuen Oteiza, hura Arantzazuko eskultura lana egiten ari baitzen.

1956an Parisa joan zen, eta orduan murgildu zen benetan abangoardiako artearen teoria eta praktika munduan. 1957an «Equipo 57» abangoardiako taldea sortu zuen, andaluziar pintore batzuekin batera ?Pepe Duarte, Angel Serrano eta Angel Duarte?.

«Equipo 57» taldearen ikerketa teorikoa indarrean zeuden arte higikundeetatik (informalismo eta abarretatik) aldendu, eta Mortensen eta Vasarely bezalakoartisten antzeko bideetatik abiatuta, XX. mendearen bigarren hamarraldiko abangoardia historikoei lotu zitzaien, batez ere, bai kontzeptualki bai ideologikoki, konstruktibismoari. «Equipo 57» taldea aintzat hartu zuten Parisko abangoardia giroetan, eta kideberriak erakarri zituen, hala nola Oteiza ?taldearen sorreran bakarrik?, Torkil Hansen danimarkarra eta, hilabete gutxi batzuetan, Nestor Basterretxea. Taldearen tesiak manifestu baten bidez ezagutarazi ziren Parisen, 1957an: La teoría de la interactividad del espacio plástico. «Equipo 57» taldeko kideeentzat, ekintza baten emaitza den bezainbatean zen espazioa espazio, zen estetikoki esanguratsua; bestela esanda, ekintzak sortzen zuen espazioa, edo zegoena aldatzen. Ekintza zen indar espazial eta, horrenbestez, estetiko nagusia. Ildo horretatik, artearen ekintza praktikoaz eta politikoaz, eta gizartearen eta kulturaren eraldaketa aktiboanarteak izan zezakeen zereginaz kezkatzen zen «Equipo 57» taldea; talde lana hobesten zuen, indibidualismoa arbuiatzen zuen ?taldekideen nortasuna desegiteko, taldearen izenarekin izenpetzen zituzten obra guztiak?, eta artearen salerosketari autoritatea eta zilegitasuna ukatzen zion.

Kutsu ideologiko eta dogmatiko handia zuen «Equipo 57» taldeak, sobietar tradizio konstruktibista eta iraultzailea berreskuratzen ahalegintzen zen, eta iraultza sozialaren eta kulturalaren arteko lotura ustez banaezina aldezten zuen. Talde horrekin aurkitu zuen Ibarrolak aspalditik bila ari zena: espazioaren eraikuntzarako sistema bat, teoria jakin batean oinarritua. «Equipo 57» taldeak erakusketak egin zituen Parisen (aurkezpena, 1957), Madrilen (1957, 1958, 1960), eta Danimarkan (1958).

1959an grabatugintza ikasi zuen «Estampa Popular» taldearen sortzaile zen José Ortegarekin, eta bere abangoardiako aurkikuntzak talde haren lekukotasunezko errealismora moldatu zituen. 1960. urtean Euskal Herrira itzuli zen, eta langileak eta lantegiak gaitzat harturik, burubelarri ekin zion lanari. Euskal Herriko langileen eguneroko bizimodua islatzen zuten grabatu eta koadro haiek errealismo sozialistaren artista gisa ezagutarazi eta oso ospetsu bihurtu zuten Ibarrola. 1961ean «Estampa Popular Vasca de Vizcaya» taldea antolatu zuen Bilbon. 1962an erakusketa bat zabaldu zuen Madrilen, baina handik zortziegunera, Ibarrola Bilbon atxilo hartu zutela eta, itxiarazi egin zuten. Madrilen epaiketa militarra egin eta bederatzi urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Izan ere, bere militantzia politikoa zela eta ?alderdi komunistako kide zen? hiru aldiz sartu zuten preso: 1962-1965 urteetan, 1967an eta 1973an. Euskal artisten artean, Ibarrola izan zen frankismoaren aurkako borrokan gehien nabarmendu zenetako bat. Espetxean lanean segitu zuen, baina lanak izenpetzea eta kanpora ateratzea debekatu zitzaion.

Hurrengo urtean, 1963an, haren obraren erakusketak egin ziren Madril, Santander eta Oviedon.

Espainiako Alderdi Komunistaren bidez, «Appel for Amnesty in Spain» erakundeak Ibarrolak espetxean egindako 40 grabatuen erakusketa egin zuen Londresko St. George galerian.

Grabatu sail hori, Amnestyk eta PCEk argitaratua, oso ospetsua egin zen Europan; kartzelako eszena gogorrak ziren, indar handikoak.

1965ean espetxetik behin-behineko askatasunez atera, eta handik gutxira erakusketak egin zituen Madrilen, Bilbon eta, herriz herri, Gipuzkoan. 1967an berriz espetxeratu zuten, Basaurin.

Kartzelatik irten zenean izugarri ugaldu zen Ibarrolaren ekimena: erakusketak herrietan, hitzaldiak, agiriak? 1969-1972 bitartean irakasle izan zen Debako Eskolan. 1970 ondoko urteetan bere aspaldiko amets bat, Euskal Herriari eta euskal langileriari buruzko horma pinturak egitea ?hainbeste miresten zituen mexikar horma pintore iraultzaileen antzera?, betetzen saiatu zen,baina frankismoaren muga politikoek, batetik, eta euskal kultura garatu gabearen muga ekonomikoek, bestetik, ahalegina zapuztu zioten. Horren ordez, grabatu mordo bat egin zuen, berak «sakelako horma pinturak» deitu zuena. 1973an berriz atxilotu zuten, Bilboko Unibertsitatean hitzaldi bat egin ondoren, eta eskuin muturreko talde batek erre egin zion Gametxoko bere baserria. 1980an Bilboko Arte Ederretako Fakultateko irakasle izendatu zuten, baita 1985ean fakultatetik kaleratu ere, titulu akademikorik ez zuela eta.

Handik hara garrantzi handiko erakusketa antologikoak egin zituenMadril, Zaragoza eta Bilbon (1987), Basaurin (1990, Kultur Etxean) eta Donostian (1991, San Telmon). Bien bitartean, eta pintura eta grabatua erabat utzi gabe ere, eskultura lanak egiten hasi zen, burdin xaflak eta hodiak, edota burdinbideetako egurrak erabiliz. Aipatzekoak dira Kantalazarrako parkeko eskulturak (1990, Basauri), eta Omako basoa (1983-1991), bere obra nabeharrizanengusia, hala nola baso horren bertsio higigarri bat, egur-totem landuez eta margotuez osatua. Esan bezala, zuhaitzak eta haitzak margotuz Omako basoan egindako lan eskerga du lanik osoena, bere munduaren ikuskera, bere obra guztia eta bera, gizon eta artista gisa, laburbiltzen duena.

Izadi «birjinaz» edo «magikoaz» hitz egiten duten beste artista batzuen aldean, izadiari buruzko askoz ikuskera zuhurragoa du Ibarrolak: gizakiaren etengabeko esku hartzearen emaitza historiko eta kulturala da harentzat basoa.

Euskal paisajea euskal gizakiak bere jakintzaren, gorabeheren etaarabera eraldatua eta etxekotua da. Izadiaren dimentsio gizartekotu horrexek baimentzen eta aldi berean kitzikatzen du artista modernoa paisajean esku hartzera, ingurune naturalean, ingurunetik eta ingurunearekin bizitzeko tradizioa luzatuz eta berrituz. Ibarrolak sarritan azaldu duenez, kulturaren eta izadiaren arteko integrazio estetikoaren gaurkotzea dira berak egiten dituen esku hartze horiek. Ibarrolak kontzeptu espazial gisa darabil basoa.

Basoan elkartzen ditu bere planteamendu estetikoak; espazioa eta espazioaren antolamendua eta eraikuntza dira planteamendu horien ardatz nagusiak. Espazioaren eta ekintzaren arteko lotura ageri da berriz ere, obrari batasuna emateko. Lurra eta haitzak irauliz paisajea eraldatzen duten beste artista batzuen aldean, Ibarrolaren esku hartzea paisajean ez da batere gogorra: pinuen azala eta harkaitzen gainaldeak margotu besterik ez duegiten. Obra horren ezaugarri garrantzitsua galkorra izatea da ?alegia, izadiak berak suntsituko du?, eta, hortaz, artelanen salerosketaren arbuioa adieraztea.

Omako basoko lanak «Equipo 57» taldeak aldarrikatzen zuen espazioaren teoriari jarraitzen dio.

Lanaren xedea espazioaren izaera dinamikoa erakustea da, landarediaren, eguratsaren eta argiaren, eta margotutako lerroen eta ikuslearen mugimenduen elkarrekiko harreman aldakorren bitartez.

Ikusle ibiltariak ibilbide eta ikuspegi desberdinetatik antzematen du obra, halako moduan non obraren egilekide bihurtzen baita.

 

Remigio Mendiburu

Hondarribian jaio zen, 1931n.

Oraindik ume-umea zelarik gerratik ihesi Frantziarako bidea, oinez eta bakarrik, hartzera behartu zen. Artearekiko kezkak Madrilgo San Fernando Eskolara eraman zuen, 1956an, eta han hasitako ikasketak Bartzelonako San Jorje eskolan jarraitu zituen.

Eraginkorra suertatu zitzaion, zalantzarik gabe, Bartzelonako egonaldia, bertan izan baitzuen garaiko abangoardiarekin (Tàpies, Miró, Guinovart?) harremanetan jartzeko lehenbiziko aukera.

Frankismoa bizi-bizi zela, bigarrenez ihes egitera behartu zen 1958an, Frantziarako bidean berriz ere, baina arrazoi estetikoengatik oraingoan. Orduko Paris hartan bereganatu zituen arte joera berrien (informalismoarenak, batez ere) ikuspuntuak.

Hantxe hasi zen finkatzen Mendibururen arte bilakabidea, euskal eskultura klasikoan Oteizaren eta Chillidaren pareraino iritsiko zena.

Ez zen, hala ere, batere ibilbide samurra izan Mendibururena.

Paristik itzulitakoan artista hasisari batzuk eskuratu bazituen ere (1959, 1962), ez zuen, garai haietan behintzat, babes handirik lortu arte merkatuan.

1965ean, berriz, aldatzen hasi zen egoera hori, eta, erakusketa ugaritan parte hartu ondoren (Hondarribia, Bilbo, Gasteiz, Donostia, Madril), Veneziako Bi Urtekoaren erakusketarako hautatua izan zen. Horretatik aurrera, ez zen arrotza izan nazioarteko erakusketetan: Mexiko, 1970; Basilea, 1976; Paris, 1978, Chicago, 1984; Frankfurt, 1986. Erakusketa horietako gehienak taldean eginak izan ziren.

Estetika abangoardiaren eremuan betiere, Gaur taldeko gainerako partaideekin lankidetzan aritu zen, 1966tik aurrera (Amarable Arias, Ruiz Balerdi, Sistiaga, Zumeta, Basterretxea, Chillida, Oteiza). Euskal Eskola deitu zenak garai haietan han eta hemen sortu zituen talde ugariak (Gaur, Emen, Orain?) deuseztu ondoren ere bere ikerketa estetiko guztiz orijinalari jarraitu zion Mendiburuk, heriotzak 1989an (Bartzelona) bidea itxi zion arte.

Etengabeko bilaketa horren lekukoa da bere obren katalogo zabala, neurriz, langaiz zein teknikaz guztiz aberatsa dena. Hona hemen Mendibururen lan ospetsuenak: Txalaparta (1962, zura; eskultura honen brontzezko kopia bat ikus daiteke Hondarribiko Guadalupe santutegiaren atzealdean); Talua (1962, buztinezko opil meheak, eskultoreak lurrera jaurti eta kolpearen eraginez aire burbuilez konkortutako eta urratutako forma biribilak, gero brontzez moldeatuak); Monumento a la unión de los pueblos (1963, harria eta metala, Jaizkibel mendian); Nidos (1967, txoriek habia egiterakoan erabili ohi dituzten lehengaiez ?soka puskaz, adaxkaz?? osatuak); Jaula para pájaros libres (1969, zura); Zugar eta Zugar galanta (1969/ 1971, zura); Homenaje a Mallarmé(1972, zura); Viento de abismo eta Ruido de abismo (1975, zurezko horma eskultura erraldoiak.

Gipuzkoa Donostia Kutxaren egoitza nagusia); Herri txistu otza (1975, altzairu herdoilezina.

Ur eraikina, Donostia); Argihiru-zubi (1977, zura); Murru (1978, zura); Arri-biur (1978, harria; Arabako Arte Ederretako Museoa); Sin título (1984, alabastroa eta zura); Txoria (1985, zura eta poliesterra).Praxiaren, materiaren eta denboraren eskultoretzat har daiteke Mendiburu. Izan ere, ikerketa enpirikoa egin zuen, gehienbat.

Maiz esan izan da Mendiburu ez dela eskultore intelektuala izan ?kontzeptu sortzailea izan ez zen aldetik?, eta horixe aitortzen zuen berak ere, baina hori bezain egia da poetika orijinal abangoardiazko oso bat itxuratu zuela ere, lehengaiekin harreman ezinago estuan. Mendibururen eskulturak aurre egiten dio Oteizak finkatutako legeari, ez baitu espazioa husten, materiaz eta formez betetzen baizik.

Maisu oriotarrarengan bolumenen eta mugen arteko egitura joko arina dena, trinkotzearen aldeko trabes bihurtzen da Mendibururengan.

Chillidarenean materiaren arteko tarteen jokoaz zehazten den irudi sendoa, lehengaiaren zertasunari buruzko ikerketa da Mendibururentzat.

Langaiaren aldetik, zura du Mendiburuk gustukoena, baina zura lantzerakoan, ez dio eskultura bukatuaren irudi osoari erreparatzen soilik. Izan ere, zuraren tasunekiko elkarrizketan lantzen zituen egur puskak, zuraren azalean lan erremintaren arrastoa nabari delarik. Artisauaren lan astitsua ekartzen du gogora Mendibururen teknikak, bere aitak makilak tailatzerakoan zerabilena akaso. Eskultorea da, ordea,Mendiburu, eta irudiaren antolamendu espresiboa du kezka nagusia, espazioaren antolamenduaren gainetik, apika. Michelangelok landu gabeko harri puskaren barruan aldez aurretik ?ikusten? zuen irudia ateratzeko harriarekin ?borroka? egiten bazuen, guztiz kontra jokatzen duMendiburuk: eskulturaren osagai bakunarekiko begiramendua du abiapuntu, gero puzzle tankeran osaturiko banako sinergikoak egituratzeko. Zurezko eskulturak egiterakoan erabili ohi zuen teknika horren bidetik hasi zen bestelako langaiekiko harremanetan (metala eta harria, batez ere),lehengai bakoitzaren ezaugarri espresiboak muturreraino baliatuz taxuturiko konposizioak osatzeko.

Materialtasun espresiboaz gain, erritmoa eta denbora izan ziren Mendibururen beste bi kezka nagusiak, estetika ikerketaren alorrean, mugimendua baita bere obra askoren ezaugarri behinena (Talua, Txalaparta, Herri txistu otza, Txoria?). Ez du, ordea, denbora materiaren morroi jarri nahi izaten (Talua salbuespentzat hartzerik balego ere), haren etengabeko joan-etorriaren irudi dinamikoa eskaini baizik. Lankide du, beraz, denbora, eta adiskidetasun bereziz moldeatzen ditu materialak, haren erritmora leunki errenditzeko.

 

Nestor Basterretxea

Nestor Basterretxea Bermeon jaio zen 1924. urteko maiatzaren 6an. Hamabi urteko mutikoa zela familiarekin batera Lapurdiko Donibane Lohizunera joan zen, gerratik ihesi, eta handik Parisa. Berezkoa zuen marrazkiaren eta pinturaren zaletasuna garai horretan hasi zitzaizkion mamitzen. Alemanek okupatua zuten Paris hartan egoera arras makurra izanik 1942. urtean familiak Argentinarako bidea hartzea erabaki zuen. Han hemezortzi urteko gazteak Emilio Pettoruti pintore kubista argentinarraren babesa eta laguntza jaso zituen, eta laster Basterretxea ezaguna izaten hasiko da pintore bezala; Buenos Airesen eta Uruguaien ere hainbat erakusketa egingo ditu, bai bakarka bai taldean ere, eta sari bat baino gehiago irabaziko du. Lehenengo aro honetan bere koadroetanaipatu Pettorutiren eraginaz gainera José Clemente Orozco mexikar muralista bikainarena ere erakusten du. Argentinako egonaldi luzean, bestalde, han bizi zen Oteiza handiarekin ere harremanak izan zituen eta honen eragina jaso ikuspegi artistikoetan.

Lortutako sarien artean pintore gazteentzat eraturiko Altamira beka jaso zuen, bai eta, 1949. urtean, pintore atzerritarrentzat zegoen saria ere.

Ameriketatik 1952. urtean itzuli zen Euskal Herrira. Etxeratu orduko Arantzazuko berritze lanetarako partaide aukeratu zuten, elizako kriptan egin beharreko pinturak haren esku utziz, baina, tamalez, lana aurreratua zuetuen,hots, hamaika muraletan banatutako ia 400 metro karratu eginda zituenean, 1953. urteko gau batean egindako guztia ezabatu zioten, Adan eta Ebaren gaia errespetu faltaz lantzen ari omen zelako aitzakiarekin eta esanez ezina zela lan horiei begiratuz gero deboziorik sentitzea. Ez ziargazkia,zorionez, denak kontra, bere alde jokatu zuenik ere agertu baitzen. Horien artean J. Baltzategik honako adierazpen hauek egin zituen: Hori ez da egia, eta egia ez delako zuzen iruditzen zaigu publikoki horrela adieraztea, izan ere gutxienez guri, Arantzazu maite dugun talde bati, alegia, debozioa sortarazten digu, oso debozio handia gainera.

Garai horietan erakusketa asko egin zituen, bai Europako, bai Ameriketako hainbat hiritan.

1954. urtean Veneziako eta Sao Pauloko erakusketetan parte hartu zuen, 1957. urtean, gainera, beste artista batzuekin batera, Agustín Ibarrola horien artean, ?Equipo 57? sortu zuen.

1959. urtetik aurrera, pintura lana baztertu gabe, eskulturak ere bere interesa jasoko du eta hortik aurrera bietan jardungo du. Nolanahi ere, ez ditu bere zereginak artearen bi alor horietara mugatuko. Izan ere, antropologia oinarritzat hartuz, diseinua,argazkia, poesia eta are zinema ere haren ohiko jarduera bihurtuko dira. Diseinu munduan hainbat grafismo berri sortu eta euskal kutsuko logotipoak landu zituen, ondorio ederrak lortuz.

Horretarako labirintu itxurako marrak bata bestearen gainean jarri, eta hemengo herritar artea eta Ameriketako herri maiak eta aztekak zutena elkarrekin batu zituen. Argazkian ere oso bereak dituen teknikak erabiliz sentsibilitate fineko lanak egin zituen.

Poesia alorrean, berriz, Karraxix aipatu beharrekoa da; poema horri, ondoren, Sara Sotok musika jarri zion. Bermeotarra arte plastikoetan ari da, bete betean, batetik bestera iraganez eta guztietan bere nagusitasun bikaina erakutsiz, beti ere. Haren kezka nagusia sortzen duen lana jaioterrian finkatua izatea da, euskal lurraren erro sakonen isla izatea nahi du, alegia.

Zinemari dagokionez, 1964.. rtean Fernando Larruquertekin batera Frontera Films erakundea sortu zuen eta ondoren Pelotari eta Alquezar filmak egin, lehenik.

Gerora, bi horien harrera ona ikusita, 1965. urtean, Ama Lur filmaren errodajea egin zuten, kasu honetan ere arrakasta handia lortuz, hirurogeiko hamarraldian oso kultura ekintza garrantzitsua izan baitzen. 1968.. rtean Donostiako Zinemaldian erakutsi zuten, lehiaketatik kanpoko proiekzio batean, txalo handiak jasoz. Bazituen aurrerantzean filmatzeko beste hainbat ideia ere, horien artean Goñiko Teodosio zaldunaren kondaira eta Manuel Iradier esploratzaile arabarraren biziari buruzko beste bat ere, baina baliabide ekonomikoen faltaz ezin izan zituen asmo horiek mamitu.

Eskulturari dagokionez Basterretxeak, ibilbide luze baten ondorioz, obra asko ditu eginak.

Lan horien artean mota askotarikoak dira, bai materialaren aldetik, alegia zura, burdina edo harria, bai estiloen aldetik ere, eta, beraz, sailkapena egitea ez da, inolaz ere, erraza.

Esan daiteke, nolanahi ere, hiru sail nagusi nabarmen daitezkeela.

Lehenengoan, hasiera garaian egindako multzo esperimentala dago eta horietan Oteizaren eragina ikus daiteke.

Bigarrenean, Basterretxeak bere nortasuna umotuagoa erakusten du, dagoeneko, eta Chillidak daraman antzeko bidea hartzen du; hainbat eskultura egiten ditu toki publikoetan jartzeko, hala nola, Iztuetari edo Barojari eskainitakoak edota Irungo Iturria, Pasaiako Monumentua, etab. Hirugarrenean, azkenik, Euskal Eskolaren barruan jardungo du, Gaur taldeko partaide bezala. Epe honetan brontzez egindako eta hain ezaguna bihurtu den ?Euskal Kosmogonia Saila? landu zuen, ia hogei eskulturaz osatua. Lan hori egiteko Jose Migel Barandiaran etnografoak euskal mitologiatik jasotako pertsonaia eta gaiak birsortu zituen. Horrela, Mari, Akelarre, Argizaiola, Idittu, Eate, Intxixu, Inguma, Gaueko, e.a., eginez, euskal herriaren antzinate galdu baten isla erakutsi nahi du artistak, hain zuzen ere, Euskal Eskolak herri honetako mito zaharrak aztertzeari eta horiek duten sinbologiari garrantzi handia ematen diolako. Izan ere, Basterretxeak pentsatzen zuen aspaldiko garaietan euskaldunek izan zutela, seguraski, berezko arte propio bat, horren aztarnarik inon aurkitu ez bada ere. Hutsune hori betetzeko euskal gizonaren izaera eta nortasuna ikertu behar direla uste du, gizon horrek izadian zein toki duen jakiteko eta oro har, herriaren sustrai sakonak aurkitzeko; ondoren, aztertze lan horien guztien emaitzak bildu eta, gaur eguneko gizakume euskaldunak duen jatorrizko nortasuna erakusteko moduan izango da, irudien bidez. Aspaldiko hilarri eta giza irudien azterketan oinarrituz badirudi ?Basterretxearenustez? euskaldunek, betidanik, forma abstraktuetarako zaletasun handia erakutsi dutela. Hori dela eta, Basterretxea, bere nortasun indartsuarekin, mendeetan zehar isilpean egon den euskal herriaren mezua gaurkotzen saiatu da, Jorge Oteizari hain kuttun zaion totemismo estetikoa mamituz. Artistak, abangoardiaren ildotik, hemengo gizonak eta lurrak ikertzen ditu bertako mundu eta historian murgilduz, eta horietan sakondu ondoren edertasuna lortzea du helburu. Euskalduna izanik ere ez du txokokerietan geratu nahi, edertasuna duelako helburu bakarra eta, beraz, sortu duen edertasun horrek euskaltasunarekin bat eginez unibertsaltasunaren opari ederra eskaini behar duelako, edertasuna gizadi osoaren jabegoa baita, eta noiznahiko eta nonahiko gizakumeak miretsi eta preziaturiko zerbait.

Kosmogoniaren alderdi estetikoei erreparatuz gero badirudi Basterretxeak bere hasiera garaiko horma pintura haien giroranahi duela itzuli berriro, hein batean bederen; izan ere, egindako lanek erakusten dutenez, badirudi lerroen norabideak, koloreen erabilerak eta argiarekin eta ilunarekin egiten duen banaketa ederrak, garrantzi eta pisu handiagoa dutela, horien guztien euskarri den eskulturak berak duena baino. Nolabait esateko, espazioan pintatzeko joera agertzen du lan horietan eta begiraleari iruditzen zaio, eskultura ezin ederragoa izanik ere, pintura baten isla jasotzen duela haren baitan.Interesgarri izan daiteke, bestalde, hemen jasotzea Basterretxeak berak bere obra lantzerakoan erabili dituen irizpide eta gogoetei buruz esandakoak: ?(?) Formak eta koloreak espazioan nola antolatu ikasten jardun nuen luzaro (?). Iruditzen zait ahalegin egokia izan zela, jardun sendo horrek abstrakzioen bide orekatuetatik eta eraketa zorrotzetatik eraman baininduen, oraindik ere, formari dagokionez, nabilen bidetik alegia?.

Eta honela jarraitzen du: ?Nabilen bidetik ?irudikaturiko mendeak kurrituz? jeinuen eta jainkoen izen eta ahalmenekin egiten dut topo, horiexek baitira, gure bizimodu zaharreko gau luzean, gure nor izatearen eta jokamoldearen bultzagile?.

 

Burdina eta espazioa

Vicente Larrea Gayarre eskultoreak (Bilbo, 1934) eskultorea zuen aita ere, eta etxeko tailerrean eman zituen lehen urratsak artegintzan. Atxuriko Arte eta Lanbide eskolan eta Bilboko Erreprodukzioen Museoan jarraitu zituen ikasketak, eta 1957an ingeniari titulua eskuratu ondoren, bolada luzeak eman zituen Raymond Dubois eskultore frantsesaren tailerrean (Solesnes).

Larreatarren familiaren tailerrean oraindik Bizkaiko leku askotan ikusten diren eskultura erlijioso eta publiko ugari landu ziren mende erdi luzean zehar; horrek eragin handia izan zuen Vicenteren arte langintzan. Hala eta guztiz ere Vicentek garai berriko joerei familiaren tailerrean leku eman zien, eta arian-arian eskultura garaikidearen hizkuntza moldera lerratu ziren aitarekin batera tailer horretan lantzen zituen obrak. Haustura honek familiaren enpresaren egitura bera ukitu zuen, 1964. urtean familiaren enpresa desegin eta Vicentek bere bideari heldu ziolako.

Garai hartan abangoardiako euskal talde batzuk sortu ziren, bertako artea garatzeko beharra azaltzen dutenak; Larrea Bizkaiko Emen taldera bildu zen eta 1966an Emen eta Gaur taldeek Bilboko Arte Ederretako Museoan elkarrekin egin zuten erakusketan hartu zuen parte zurezko Kristo gurutziltzatu batekin.

Hurrengo urtean aurkeztu zituen lehen eskultura ez figuratiboak, Kirikiñori eginikoa (Mañariako hilerriaren ondoan) eta brontzezko bi esferaren garapenak.

Oso obra geometrikoak dira, dinamismo handiko egiturak, espazioa aztertzen dutenak.

Molde berekoak dira 1968an aurkeztu zituen egitura zirkularra (Formas concéntricas), Bilbo Arte Ederretako Museoan erakusgai dagoena, eta Begoñako auzoan dagoen neurri handiko egitura.

Handik aurrerako urteetan egikera konplexuagoa dute Larrearen obrek; 1970. urtean Illescas arte galerian egin zuen erakusketan bi eskultura molde desberdin jarri zituen ikusgai: batetik, elkarren gainka jarritako elementuak dituzten egitura geometrikoak aurkeztu zituen eta, bestetik, egikera askeagoa duten elementu organikoak erakutsi zituen, barrokoak oso, eskultura independenteetan egokituak batzuetan eta egitura geometrikoak zanpatzen dituztela, besteetan.

Cárceles izeneko eskultura multzo honekin aurkeztu zen, Basterretxea eta Mendiburu eskultoreekin batera, Mexikoko Arte Ederretako jauregian egin zen Euskal Artearen Erakusketara.

1970-1971ko ikasturtean Bilboko Arte Ederretako Eskolako Eskultura irakasle izendatu zuten baina lanpostua utzi egin zuen irakaskuntza sistemarekin bat ez zetorrelako, eskultorearen aburuz desegokia baitzen oso ikasleen sorkuntza sustatzeko.

Ordura arteko eskulturak elkarren gainean egokitzen ziren elementu eta xafla etenez osatuak ziren, 1971n Barakaldon egin zen Euskal Artearen Erakusketara eta 1972an Iruñean eginiko Nazioarteko Arte Topaketara aurkeztu zuen burdinazko eskultura handian eta El Gallo eskultura ezagunean ikusten den bezala. 1973.. rtetik aurrera, ordea, landare itxurako xafla jarrai batek osatua izango da eskultura, anizteko eta alde askotara luzatzeko aukera ugari eskaintzen baititu, lodiera desberdinekoa izan baitaiteke, eta xaflaren gorputzak, hutsune ilunek eta ertz edo ezpainen erliebeek emango baitiote bizitasuna eskulturari. Hurrengo urteetan arrakasta handiko erakusketak egin zituen Durangon, Madrilen, Bilbon eta Gasteizen, eta Santimamiñe eta Brocas izeneko sailak aurkeztu zituen.

Azken urteetan neurri ertaineko eskulturak, brontze urtu eta moldatuak, eta leku publikoetan erakusgai jartzeko neurri handiko egiturak, burdinazkoak, landu ditu batez ere. 1983an, Basterretxea eta Mendiburu eskultoreekin batera eta Eusko Jaurlaritzak gonbidaturik, Chicagoko Nazioarteko Arte Erakusketan jarri zituen erakusgai bere lanak.

Ricardo Ugarte eskultorea (Pasaia, 1942) Donostiako Arte eta Lanbide Eskolan eta Camps Akademian egin zituen marrazkiko ikasketak. 1967an izan zuen bere margolanak eta eskulturak erakusgai jartzeko lehen aukera garrantzitsua, Barandiaran arte galerian. Bi urte geroago Sari Nagusia eskuratu zuen Donostian egin zen Nazioarteko Eskultura Erakusketa Bi Urtekoan Estela («Hilarria») obrarengatik. Antonio Viglione kritikariak deskribatzen zuen bezala, Ugarte «artista erlijiosoa » zen 60ko hamarraldiaren amaieran, eta «arimaren egoera islatzen dute bere lanen egiturek ».

Urte haietan, bestalde, idatzi ere idazten zuen eta 1970. urtean Saiakeraren Sari Nagusia eskuratu zuen Irungo Hiria Literatura Lehiaketan Collage nº1 izeneko obrarekin. Hurrengo urteetan erakusketa garrantzitsu askotan egon ziren erakusgai bere lanak (Madril, Zaragoza, Tenerife, Donostia).

Estela de los caminos titulua duen obrarekin lehenengo saria eskuratu zuen Autopistas del Mediterráneo I. Nazioarteko Erakusketan, eta Bartzelonatik Gironara doan autopistaren atal batean dago erakusgai gaur egun. Remigio Mendibururekin batera Europako Eskulturaren Lehenengo Hiru Urtekoan parte hartu zuen, gaur egun Parisko Palais Royal jauregiko lorategian dagoen Aleteo de la Libertad obrarekin.

Hurrengo urteetan bere obrak aurkezten ziren erakusketetan baizik ez zen izan: Bilbo, 1979; Hondarribia, 1979 eta 1980; Iruñea, 1979; Pasaia, 1980; Caceres, 1980; Madril, 1981. 1981ean 100 artistak Picassori Madrilen egin zioten omenaldian parte hartu zuen, eta handik gutxira hiri hartan bertan Henri Moore eskultore britainiarrari egin zioten omenaldi erakusketan. 1983-1986 bitartean Euskal Herrian, Europan eta Ameriketan zehar antolaturiko erakusketa ibiltarietan egon ziren erakusgai Ugarteren lanak.

Garai hartakoak dira Alylux, Xalbador bertsolariaren omenezko bi eskultura, Inicio del Aleteo, El gran ancla eta El aleteo del mar izeneko eskulturak. 1987an ?Frankismoaren biktimei egindako omenaldian? eta ?Manos Unidas? erakundeak antolaturiko erakusketan parte hartu zuen eta hurrengo urtean Eusko Jaurlaritzak banatzen duen «Gure Artea» saria eskuratu zuen. 1990ean, Toyaman (Japonia), Nazioarteko Artearen Erakusketa Hiru Urtekoanjarri zituen erakusgai bere lanak (La vertical del cielo, Escuadra, Cartabón), eta bi urte geroago CEOE espainiar enpresari elkarteak banatzen duen saria eskuratu zuen.

Hasiera-hasieran Ugartek molde angelu-zuzenekin jokatu zuen gehienbat, elkarren gainean kokatutako xaflekin, baina molde kubikoetara jo zuen ondoren bere Hilarriak, Noray, Distorsiones, Loreak, Kateak, Kanpaiak eta Huecos habitables obrak itxuratzeko.

80 ondoko urteetan, berriz, egitura eta itxura sendoko Anclas saila aurkeztu zuen eta multzo horretako eskulturen bidez espazioaren planteamendu guztiz berritzaileak ikertu zituen, gainaldeak, profilak, torlojuak eta metalezko xaflak inguruko espazioan txertatuz. Bere azken lanek, eskuaira eta kartaboi handiak, T bikoitz baten gisara egokituriko burdinazko habez eginakdira, aurreko obren joera espresionistatik urrun.

José Ramón Carrera Madrilen jaio zen 1935ean, baina Bilbon hazi zen eskultore gisa. Abstrakzioaren ildotik, burdina, altzairua eta brontzea landu ditu.

Chillidaren eta Oteizaren moldeen jarraitzaile sutsua izanik ere, bere bidea egin du Carrerak.

Metala, sutan goritu eta landu ondoren, armadura baten antzeko egitura bihurtzen du, eta gorahazten dira formak; elementu bakoitzak bere nortasuna du, baina guztiak osotasun batera bildurik ikurren eraikuntza zoragarria sortzen du Carrerak. Eskultoreak, konbinazio teknikoen, oreka ez galtzeko kalkulu matematikoen eta asmakizun batzuen bidez, lantzen ditu bere obrak Sorkuntzaren elezaharra islatu nahi balu bezala.

Barakaldoko eta Tolosako Euskal Artearen erakusketan, Iruñean eta Bilboko Museoan jarri ditu erakusgai bere eskultura bikain landuak; bizitzako eta Euskal Herriko kirol tradizionaleko objektuen formetan oinarrituriko lanak dira. Burdinaren aukera ugariak landu ondoren, beste material batzuk erabiltzen hasi zen, altzairua eta brontzea batez ere. Bere garaiari eta obrari zentzu estetiko berritzailea eman die eta, beraz, abangoardia aurreratuenean kokatu behar dira bere eskulturak.

 

Material berriak

José Ramón Anda Bakaikun jaio zen, Nafarroan, 1949an. Jorge Oteizaren ?Euskal Eskola? eta ?Herri Arte Berria? proiektuaren jarraitzaileen artean eskultore interesgarrienetako bat da; bera dago nazioarteko azkenaldiko joeretatik hurbilen; oso ongi asmatzen du eskultura eta altzarien diseinua adosten. Izan ere, Andaren altzari modernoak tradiziozko teknika garbiz eginak dira, eta altzari-eskulturak ditu obra bikainenetariko batzuk.

1975ean hasi zen lanean, eta, 1985 arte, eskultura geometrikoak landu zituen, lerro zuzen eta bakunez moldatuak. Bolumen geometriko birtualak sortzen dituzten eskultura horietariko adibide bat Atea (1985) da.

Andak garai horretan egin zituen obra monumentalen ezaugarri nagusia eskulturaren barnean biraketak eta mugimendua ezartzea da; prozesu horiek paradoxa espazialak eta perzepzio bikoitzeko fenomenoak eragiten dituzte, eta horren kariaz ikuslea bereganatzen. Donostiako Ondarreta hondartza ondoan ezarritako eskultura da, adibidez, mota horretako erakusgarri bat.

Zura menderatzen du hobekien, eskultura gaien artean, José Ramón Andak. Berak atera bide dio, Mendibururen ondoren, gai horri etekin estetiko handiena.

Guztiz ohargarriak dira zuraren tratamendu aberats batez ?zura bera igeltsuz estaliz, askotan? eta formen soiltasun handiz egin izan dituen zenbai pieza: Islamahaia (1987) altzari-eskultura eta Aita-amaren aulkiak (1988- 1991). Geroago, alabaina, bere burua molde berriko arotzeria batera ez mugatzeko, berriro heldu die oinarrizko geometria formei: kuboa, esfera, zilindroa, tetraedroa.

Lehenago ere narrazio ahalmen handiko irudiak lortu izan ditu forma bakunak landuz eta konbinatuz, hala nola Romeo eta Julieta (1987-1990) multzoan: ezpel tailatuzko bi aldaxka, esfera eta zilindro bilakatuak, haritzezko aska batean, igeltsuzestalirik eta ederki landurik. Geroagoko lanetan, agi danez, forma, materia eta argiaren arteko harremanen esangura ikertzeari ekin dio. Ikerketa horretan material berriak sartu ditu, hala nola laser argia, Mendetasun ezari (1990) izeneko eskulturan ikus daitekeenez.

Andrés Nagel eskultore, pintore, grabatzaile, diseinugile eta arkitektoa da (Donostia, 1947).

1965etik 1972ra arkitektura ikasketak egin zituen Nafarroako Unibertsitatean. 1968an egin zuen bere lehen erakusketa, Donostian bertan, eta handik sei urtera, 1974an, agertu zen lehen aldiz Madrilen. Bere trebakuntza alditzat har daitekeen epe horrenondoren, nazioartean arrakasta handienetarikoa lortu duen euskal artisten artean dago 1975az geroztik. Harrezkero garrantzi handiko erakusketa askotan hartu du parte, bai Espainian bai bestetan (EEBB, Alemania, Portugal?), bere grabatuak, eskulturak eta diseinu objektuak aurkeztuz.

1987an, Bilboko Arte Ederretako Museoak Nagelen obra grafikoaren erakusketa bat egin zuen: 160 grabatu, litografiaren bat edo beste, eta zenbait collage eta kartel.

Margolaritza lanetan era askotako teknikak erabili ditu Nagelek: olioa, gouachea, akrilikoa, arkatza? Alabaina, eskulturagatik zabaldu da gehien Nagelen izena. Nagelek berak bere lana inongo eskolatan edo modatan sailkatu nahi izan ez badu ere,bere belaunaldiko kide da inondik ere. 1940 ondoko urteetan sortu den belaunaldia ?M. P. Herrero, C. Sanz, X. Morrás, M. Cárdenas, V. Ameztoy, J. J. Aquerreta, J. L. Goenaga?? figurazioa berreskuratzeko saioak ezaugarritzen du, gerra ondoko lehen abangoardiaren formalismo hutsa gainditu nahiz, mundu osoan irudiaren balioa goraipatzen eta osagai figuratibo-narratiboari balioa aitortzen zioten joerekin ados. Nagelen proposamena guztiz pertsonala izanik ere, arte erregistro anitzen ?surrealismo, espresionismo, pop?? eraginak hartzen dituen emaitza eta birmoldaketa gisa behar da hartu inola ere.

Poliesterra ?hasieran?, eta beira zuntza eta beruna ?laurogeigarreneko urteetan? erabili ditu Nagelek gehienbat bere piezetako materialtzat. Probokatzaileeta urduritasun eragile izan nahi du bere obretan, ikuslearengan aldi berean harridura eta jakinmina sortzen dituela. Lehen obretan pertsonaia eta egoera beltzmakurrak agertzen zituen, halako antzerki aieru ugari duten koadro dramatikoetan. Hasierako haragi itxurako kolore bakar hura aniztu, eta material arin eta leunagoak sartu ahala, aurreneko konposizioen gehiegikeria apalduz joan da. Lehen garaiko obretarikoak dira: El árbol de la tía de Jesús (1974); La vieja pelleja (1974); Combinación ganadora (1975); Naturaleza muerta-Pájaro (1976); Tres mujeres, un hombre y una vaca (1976). Ironia eta umore surrealista ere Nagelen obraren ezaugarriak dira. 1985 inguruan eskultura konposizio batzuk ??giroak? deituak? egin zituen. Altzariak eta bizidunen irudiak bateratzen dituzten barne espazio horiek eldarniozko eszenografiak dira; halako obrekez dute ?hitz egiten? ikuslearekin, monologo mingotsak, bitxiak, asaldagarriak dira, baina zolitasunez, freskuraz eta distira erretorikoz gainezka. Horien artekoa da Nora en el salón de té (1985) izenburukoa. Bestalde, Nagelen adierazpideen batasuna nabari daiteke: koadroetan bi dimentsiotan azalduriko ?giro? horiek hiru dimentsioko euskarrira eramaten baititu. Hizkuntza jokoak eta esanahi bikoitzak ugari dira obren izenburuetan. Hala, esamolde topikoek irudi harrigarrietara bideratzen dituzte. Esaterako, Anda la leche (1980) izenburukoan, pertsona bat gainean daraman behi ibiltari bat erakusten du, Potro de lectura (1978) delakoan liburuez betetako zamari atril bat.

Bikoiztasuna, orobat, fisikoa da zenbait iruditan eta horixe da Nagelen lanaren beste berezitasun bat. Irudi bikoitz horiekartistaren ohiko baliabidea izan da haren jardunaren hasieratik bertatik. Adibidez, horrelako irudiak azaltzen dira obra hauetan: Las amigas de Bilbao (1980), Conversación de galeristas madrileños en Benidorm (1982), Torero (1982), Pero ¿qué pasa en la quinta de Mari Carmen? (1984).

Geroago, eskultura publikorako proiektuak egin ditu, eta horietako bat burutu ahal izan du: El Dragón sin San Jorge (1987), Batzelonako Parque de laEspaña Industrial delakoan ezarria.

1990etik aurrera, orientabide eta teknika berriak hasi zen erabiltzen, hala nola altzairuzko xaflaz moldaturiko altzari eskultura bikainak edota eskala jokoen bidez monumentaltasuna iristen duten obrak ?Monkey Business, Rubio de Tejera I (1990)?.

Luis Otaegi Balerdi gipuzkoarra argazkilari, pintore eta eskultore izan zen (Donostia, 1952 - Santander, 1991). Prentsa grafikoan lan handia egin zuen.Bidaiari porrokatua baitzen, bertatik ezagutzen zituen munduko arte gertaera nagusiak. Dokumentalismo historikoa landu zuen eta arte obren argazki bilduma izugarria osatu zuen, nazioarteko zein hemengo obrez osatua. José Camps-ekin hasi zen pintura ikasten. Debako eskolan egin zuen egonaldiak arte munduarekin harremanetan jarri zuen, inoiz uste ez zuen mailan.

Jaietarako kartelak moldatu eta argazkigintzaren alorrean teknika anitz esperimentatu zituen.Argazki konposizioez gainera, 1976an Arrasateko Santa Ageda eroetxean egindako erreportajea ohargarria da. 1979-1981ean lehen erakusketak egin zituen Donostian, Iruñean eta Bilbon: paisajeen argazkiak eta zurezko eskultura mugikorrak. 1988an, Bilboko Gaur Egungo Arte Azokan izan ziren argazkilari gutxien artean zegoen Otaegi.

Haren eskultura mugikorrak, hauskorrak eta arinak dira, zurezkoak eta zintzilikaturik jartzekoak, zur zilindrikoz eta kolorezko oihal zatitxoz osatuak.

Kutxak dira Otaegiren obraren alderdi bereziena. Kutxa horietan hainbat gai biltzen dira: baserriko ingurunea moldatu duten elementu tradizionalak ?belarra, fruituak, animaliak, lan tresnak??, erlijio sineste eta sineskeriekin zerikusia duten gaiak ?gurutze beltzak, apoak, saguzarrak, izpiritu gaiztoak aldentzeko kutunak?? eta izaditik hartutako elementuak jasotzen dituzten argazkiak. Hots, izadiaren irudikatzearekin batera, objektuen izaera bera ageri da kutxa horietan.

 

1980 ondoko eskultura

Eskultura zen oraindik ere 1980 ondoko urteetan euskal artearen izar nagusia. Baina, aurreko hamarraldietan ez bezala, ez dago joera jakin eta zehatz bat, gainerako guztiei nagusituko zaiena.

Gauza guztiz normaltzat jo behar da erabat eragin desberdinak une bat berean azaltzea, joera eklektikoek eta are artista bat-bederaren obrak batbateko aldaketak izatea. Eskulturaren eta instalazioa edo bideosorkuntza bezalako bestelako lan prozesuen arteko mugak galdu egiten dira. Labur esanda, eskultura irekiago eta anitzago bihurtzen da.

Hala eta guztiz ere, antzeman daitezke bi joera desberdin: Euskal Eskultura Berria, batetik, eta espresionismotik instalazioraino hedatzen den eskultore independente sorta bat bestetik. Belaunaldi aldaketa honetan berebiziko eragina izan zuten Oteizaren obraren ulermolde berriek, halaber lehenago ozta-ozta batere ezagutzen ziren bestelako joeren hedapenak, hala nola eskultura anglosaxoniarrak, ?Fluxus? mugimenduak, arte kontzeptualak, minimalistak eta poverak.

 

?Euskal Eskultura Berria?

Bilbon azaldu zen «Euskal Eskultura Berria» deitua, 1980.. rte inguruan, Arte Ederretako Fakultatearekin loturik. Artista gazte batzuek ?hala ikasleak nola irakasleak? nazioarteko azken joerekin topo egiten dute han eta aurreko ?Euskal Eskola? kritikatzen hasten dira. 1982an azaltzen da talde berria: JuanLuis Moraza eta María Luisa Fernández (lehenagoko CVA taldea), Txomin Badiola, Pello Irazu eta Angel Bados dira taldekide, eta José Ramón Morquillas, Ricardo Catania eta José Chavete elkartuko zaizkie. ?Mitos y delitos? erakusketa kolektiboan azaldu ziren lehen aldiz (Bilbo, 1984).Txomin Badiola (Bilbo, 1957) da Oteizaren interprete nagusia; honen ustetan, Oteiza da euskal artearen?egoera ezlokalistetarako irtenbide? bakarra eta abangoardiekiko lotura historikoa. ?Esanahia bilatzea, zertarako garen artista eta zertarako balio duen arteak?: hori da artea, haren esanetan.

Eskultore gisa, 1980ko Cuadro sólido Nº 1 panela eta antzeko osagai geometrikoen instalazioaren bidez ematen du ezagutzera bere nortasuna: hauxe da euskal artean horma baten kontra okertuz eta lurrean sakabanatuz aurkezten den lehen obretako bat. Aurreko euskal eskultura zapuztu zuen ?karikaturak ere egin zizkion eskultura horri?, baina Oteizarekin zituenharremanetan begirune askoz handiagoa erakusten zuen. Hala, 1987an aurkeztu zuen Txomin Badiolak bere Coup de Dés, Oteizaren gai klasikoa zena, baina era berritu batez: Badiolak plano eta kuboide ortogonalezko ?makla? bat aurkeztu zuen, hiru dimentsioko euskarri dinamiko baten gainean. Gisa bertsuko teknika iger daiteke Oteizaren omenez egin zuen Conspirador obran, baina haren konpromezu formaletatik urruntzen dela antzematen zaio. Jatorri bereko beste gai batzuk erabili zituen ¿Quién teme al arte? instalazioan, Pello Irazurekin batera Londresen, 1990ean, Riverside Studios-en egin zuen erakusketan. Muntaia bat zen: sei eskultura formalista eta haien arrez-aurre 200 marrazki arrunt eta era guztietakoak zeuden ipinita, postmodernitatean nagusitzen,ziren joera informalistak eta aieruzkoak adierazten zituztenak.

Badiolak bezala Angel Badosek ere arte kontzeptualaren eta dekonstruzioaren filosofiaren teoria linguistikoetan bilatu dute beren lana argituko duen testuingurua: ariketa linguistiko lirateke eskulturak objektu izan baino lehenago. Oso ongi irudikatzen du ideia hau Bastardo (Retrato) 2 eskolako mahaiak, begiratzen duenaren gibelean horman zintzilik dagoela.

Pello Irazuk (Donostia, 1963) azkarrago egin du gailurrerako bidea. Badiola, Moraza eta Bados izan zituen irakasle 1981- 1986 artean Bilboko Arte Ederretako Fakultatean, baina berehala hartu zuen bere bidea. Hasieranbadirudi hurbilago dabilela minimalismotik Badiolaren neooteizismotik baino. Kolore grisezko geometria tinko ederrak biltzen zituen bere lehen eskultura garrantzizkoetan. Eskultura errealitateko zati bihurtu nahi zuela aldarrikatzen zuen, minimoaren konplexutasuna argituz, minimoa ?gauzen alderdi iluna? bezala ulertuz inolaz. Baina geroago nazioartean ospea eman zion eskultura hasierako ulermolde hermetikotik urrundu egiten da, eta bere obren pisu teorikoa ?hainbesteko garrantzia duena talde osoan? urritzen doa. Hasierako neutraltasunetik urrun dauden kolore soilak eta industriako materialak ere sartzen ditu. Bere lehendabiziko obretan Oteizaren Kutxa hutsaren teoriak segitzen bazituen ere, gaineratzen dien koloreak haren espazialtasun soila hausten du; era horretan objektuaren eta espazioaren artean konstruktibismoaren eta neoplastizismoaren tradiziotik hurbilago dauden loturak sortu ditu (Damiel, 1988). Bere obrarik onenetan eklektizismo postmodernozko dosi neurtu bat eta zertzelada manierista barrokozaleak igartzen zaizkio (Entre nous, 1987).

Gauza bera esan daiteke kolore garbizko planoak erabiliz, hormetatik esekitzen dituen eraikuntza txikiei dagokienez ere. Geroko bere eskulturek, 2 x 3 Watch Me adibidez (1991-1992), neoplastizismo oparo, kosmopolita eta hotz horri eusten diote.

Angel Bados (Olazagutia, Nafarroa, 1945), bere aldetik, osagai eta tradizio anitzen sintesia egiten saiatzen da: arte povera, environment beretzen ditu, eta orobat Oteizaren ekarria, azken hau taldeko guztiek bezala. Egintza bikainenak eskultura-instalazioak ditu (erakusketa jakin batzuetarako berariaz eginak); hala El juego inacabado del primogénito del emperador, 1984koa. Pieza eramangarriak dira eta, horrela, haiek leku jakin batean jartzen dituelarik, leku horren itxura aldatu egiten du bestelako aire erakargarri arranditsu eta erritual bat emanez, lekuaren egitekoa eraldatuz ordea. (Sin título) o Africa obran, hiru eskulturagai oso desberdinek osatzen zuten instalazioa: zuhurkiro ipiniak zeuden hiruak Nafarroako Museoko banaguneko pilare funtzionalen kontran; ez zioten trabarik egiten bisitariari, eta halere nahaspilatu egiten zuten lekua.

Baditu klasizismo formalistako eskultura autonomoak ere, hala nola Cástor y Pólux (1987).

Alegoria nabarmentzen da La casa del héroe (1986) eta El dilema de Alberto (1988) obretan.

Juan Luis Morazak (Gasteiz, 1960) eta Maria Luisa FernándezCVA (Centro de Vigilancia del Arte - Arte Zainketarako Zentroa) osatu zuten Bilbon 1979an, eta ?artisten enpresa? bezala definitu zuten. Minimalismoaren urritasuna, kontzeptualaren hermetismoa eta Beuysen didaktismoa bateratzen ziren egintzak eta instalazioak antolatzen zituen taldeak.

Koadroak egiteko marko zatiak zoruan zabaldurik: hala zen 1984ean aurkeztu zuten instalazioa.

Artista kontzeptualek gustuko zuten artearen (Kosuth, Art Language) izaera metalinguistikoari buruz pentsatzera jo zuen CVAk, eta 1984ean egin zuen instalazio baten tituluak dioen bezala, Salus per naturam bezalako aforismoetan adierazten zuen hori. 1985ean desegin zen CVA taldea eta kide bakoitzak bere bideari segitu zion.

Maria Luisa Fernándezek erakusten zuen lehendik ere objektu tradizionalerako joera; eskultura berriaren forma neurritsuen eta materialaren lanketa findu eta poetikoaren arteko sintesi bat, iradokizunez betea, egiteko aukera eskaintzen zuen horrek, Mar Rojo sailean (1987) eta Burladeros eta Artista ideal (biak 1990ekoak) obretan ikus daitekeenez.

Juan Luis Moraza da, hauen guztien artean, erretorika aldetik trebeena. Erabat alegorikoa du eskultura, behin eta berriro diskurtsura bidaltzen duena eta beronekin solasean dabilena. Horregatik hitzak muin-muinekoak dira Oteizaren kutxa metafisikoaz egin zituen aldakinetan, eta Cajas para el estómago edo Molde para la oscuridad (1987) obretan kutxa horren jatorrizko esanahiaren iraulketa bikainak lortzen ditu. Bere azken lanak esanahiaren aniztasunera eta disgresiora irekita ditu hitz joko barrokoetan, eta izaera guztiz aldakorrak erakusten dituzte: itxura tradizionaleko eskultura, Anónimo(Victory coup) adibidez; preziosismo manierista Enseres santos obran; kitsch eta dadaismoarren uztarketa Venus eroícas obran (1991koak denak ere).

Bere teoriak azaltzeko, zenbait liburu idatzi du, adibidez: Seis sexos de la diferencia. Estructura y límites, realidad y demonismo (Donostia, Arteleku, 1990).

José Ramón Sainz Morquillas garrantzinko izena da, zeresan handia izan duena euskal eskultura berriaren sorreran. Bilboko Udal Aurrezki Kutxako Kultur Aretoa, joera berritzaileen plaza, bere zuzendaritzapean eduki zuen 1978tik aurrera. Oteizaren obrak eta jiteak liluraturik zeukaten hasieran. Ondoren, belaunaldi honetan guztizko eragina izan zuen Stellaren minimalismoak erakarri zuen gehiago.

1976-77 artean Estela sail bat egin zuen euskal estiloaren kanonei jarraituz, baina ironiaz beterik, paper ebakigarri bezala pintatu eta moztuak baitzeuden. Euskal Eskolakotzat jo zituen kritikak obra hauek, egiaz eta zinez hura barregarri jartzen zutenean. Asperdurari ihes egite horretan ipini duen interesak berehalakoxe esklerosiari aurre egiteko kultura mugimendu orok behar duen nahasle bihurtu du Morquillas.

Ricardo Catania ere Bilboko talde horri atxikia egon zen hasieran, baina gerora obra independenteagoa egin du. Nímicos sailean iger dakioke Oteizaren eragina, talde honetako gainerakoei bezala. Geroago Indicaciones (1981-83) eskultura arina egin zuen, minioz margoturiko metalezko ziriez egina; ziri hauek paisaje naturalean eta erakusketaren espazioan eragina izateko, haren izaera aldatzeko, aukera ematen zioten. Aldi hau agortu ondoren, eskultura klasikoagoa egin zuen, euskarri mugikorren gainean forma minimalistak ipiniz, eta era horretan konbinaketa desberdinak antolatuz.

Geroago, altzari itxurako eskulturak egin ditu, material industrialaz.

Euskal Eskolaren zabalkunde eta heziketa printzipioak gauzatzeko ahalegin jakingarri batzuk azaldu ziren 1975etik aurrera.

Hala sortu zen, adibidez, Aiako Tailerra: Reinaldo López, Oteizaren laguntzaile eta 1972raino Debako Eskolako irakasle izanak sortua zuen. Aian (Gipuzkoa) eskola-tailer bat antolatu zuen Reinaldok, bere oinarria talde bizitzan zuena; nahi zuenari oinarrizko teknikak irakastea zuen helburu eta xede. Tailerrean egindako obrak salduz lortu behar zuen autofinantziaketa eskolak.

Eskakizun estetiko asko-askorik ez zuen, izatez, eta ofizioari eta talde bizitzari garrantzi gehiago ematen zitzaien gogarte filosofikoaribaino, artea herrian barreiatu eta zabaldu beharra azpimarratuz beti ere. Egia esan, artista gazte askorentzat erreferentzia puntu eta ikasketa gune izan zen Aiako Eskola. Xabier Laka izan zen 1978an asmo horiekin bat egiten lehena, eta ondoren, 1979an, iritsi zen Imanol Agirre Arriaga. Horiek biak izan ziren Aiako Eskola proiektua gehien bultzatu zutenak eta baita tailer horretatik atera ziren artista nabarmenenak ere.

Imanol Agirre Arriagak tolesdura barrokoen izaera ikertu zuen Bernini sailean (1984), Horrekin batera, pop-art, hiperrerrealismo eta arte kontzeptualaren artean koka daitezkeen obrak egin ditu. Botak, ginbailak edo maletak irudikatzen dituzten ariketa birtuosoak dira inondik ere. Geroago ikerketa teoriko eta historiko garrantzizkoak egin ditu.

Xabier Lakaren ibilbidea korapilatsuagoa izan da. Aiako jardunean gauzatu zuen eskultura figuratiboa agortu zitzaionean, krisialdi handia etorri zitzaiongainera; 1986an Ingalaterrara joan zenean ganditu zuen krisi hori. Londresko St. Martins School of Art-en ikasi zuen, Anthony Caro irakasle zuela, eta Kapoor, Long, Flanaghan, Gilbert and George eta euskal berrikuntzan garrantzia duten beste batzuk izan zituen ikaskide. Horrek erabateko eraberritzea ekarri zionbere lanari. Bilakaera hori delaeta, azken hiru hamarraldietako artista esanguratsuenetakoa bilakatu da Xabier Laka: hasieran, Euskal Eskola; ondoren, uste horren porrota; eta azkenik, joera kosmopolitekin topo egin eta haietan murgiltzea, bere tradizio moderno propioari uko egin gabe, halere. Sintesi kritiko hau ikus daiteke egin dituen ageriko monumentuetan, adibidez: Zabalik (Ondarroa, 1988), Homenaje al Bombardeo de Gernika (Irun, 1989), edo Zehar (Andoain, 1990). Material eta espazio mota desberdinen jokoak, burdin eta oliozko Narciso (1989) bezalako ?lurreko eskulturak? egitera eraman zuen. Gaur egungo artearen eta klasizismoaren arteko joan-etorria ikus daiteke bere obran. Marmolezko obalo pilatuz egindako eskulturak ditu: La casa del poeta (Yvory Tower) (1990), El dilema de Unamuno (1991), In-habitable II (1991).

Giro klasikoko eskultura monumentalak dira, eta halaz ere gaurko artean hainbesteko garrantzia duten lekuaren eta konbinatoriaren legeen mende daudenak.

Pablo Donezar (Donostia, 1948) artista interesgarria da, bere obra benetan jakingarriak mereziko lukeen baino gutxiago ezagutzen dena. 1982ko erliebe margotuek garbi asko ipintzen dute agerian Euskal Eskolaren porrota. Tradizioaren oihartzun ugari azaltzen dira obra horietan, bai formei, bai grafismoari, koloreei eta konposizioei dagokienez, baina amaitu gabeko ez ezik berez amaitezinezko diren itxura daukate. Donezarrek bere lanak gauzatzeko erabiltzen duen zehaztasun lakarrak estilismoaren nabarmenkeria eta irtenbiderik gabeko birtuosismoa iradokitzen zuen. Lan aitzindari hauek instalazio handiekin lotuta zeuden, eta, haurren jolasetan bezala, kutxen eta idazkunen bidez ustezko plaza eta karrikak lerrokatuz, hiri fantastikoak osatzen ditu.

Donezarren obra desformalizatu egin zen oso azkar, abangoardiako artea aurreratuz. 1984-1988 bitartean era guztietako pintura eta eskulturak egin zituen, baina bera erosoen mugitzen den esparrua instalazioena da, adibidez Pablo Donezar, Donostia 1813-1990, San Telmo Museoan,edo Garaiz, Artelekun, 1991.

Oroimenaren arkeologia eta memoriaren fantasia ditu ohiko hari gidari.

José Zugasti (Eibar, 1952) da beste eskultore berritzaile bat, kalitate handikoa gainera. Pinturatik dator, eta pintura materikoa eta figurazio espresionista elkartuz hasi zen, ukimen dentsitate handia eta sotiltasun espresibo benetakoa duten koadroak eginez, hori baita bere lanen ezaugarria.

Horman txertaturiko Desnudo hacia adentro (1983) edo Espejo, ropero, persona (1983) bezalako pertsonaia oinazetsuen irudien ondoren, etorri ziren Pared saileko ziri herdoilduzko erliebeak 1986an. Bere lehen eskulturak, Hombre subiendo la escalera (1984) edo Mujer en el sofá (1985), gizakien oinazearen arketipo diren konposizio katramilatuak dira. Berehala hasi zen obra hau soiltzen, oparotasun espresionista urrituz eta formak geometrizatuz. Bilakaera honetatik etorri dira 1990eko Memoria bezalako irudiak. Bere azken obrak gero eta estilizatuagoak ditu; marra eta isla bikainak geratzen dira bakarrik, 1992-93ko Estudio de figura eta Silla rota obretan bezala.

Koldobika Jauregik ere berea ekarri zuen tradizio espresionista indarberritzeko. Lehenbiziko obrak zurezko tailuak zituen, batzuetan zati batean polikromatuak, preso eta masturbatzaileen iruditeria garaikideko tailuak. Baina berehala nabarmendu zen, hilzorian dagoen Xaldi II (1988) bezalako basatitasun handiko obrak aurkeztu zituenean. Zaldiak erabili ditu bereziki sinbolo bidetzat Jauregik bere historiak kontatzeko.Espiral formako mugimendua duten konposizioak dira, barroko hotz postmodernoaren moda berrian kokatzen direnak. Kidetasun hau areagotu egin zen jite manieristako 1990ko Guda edo 1991ko Reflexiones en torno al arco obren bidez. Bestalde, bere obrei amaiera lakarra ematen die betiere, eszenako mekanismo hauei eusten dieten trikimailuak gaineratzen dizkie, kolpetik geratutako automatak balira bezala, 1991ko Zaldi V eta Zaldi VI obretan adibidez.

1980 ondoko urteetako euskal eskultura ez da ahitzen aipatu diren eskultore hauekin. Badira beste batzuk aipatu beharrekoak,adibidez Xabier Elorriaga, 1988an hasi zuena bere ?arkitekturak? sail interesgarria: hiriko mikropaisaje hotz gogorrak irudikatzen ditu. Bere azken obrek, 1991-1992ko Arkitekturak, hiriaren irudi horiek sakontzen dituzte.

María José Lacadena, Jose María Herrera, Baroja Collet, Xabi Moreno, Ramon Azpeitia, Dora Salazar, Imanol Alcalde edo Jose Angel Lasa, beste askorekin batera, ari dira lanean gaurko eskulturagintza oparoak dituen joera desberdinetan. Joera eta prozedura povera eta minimalistetan aurki daitezke, beste zenbaiten artean, Ion Sarasua, Alberto Oyarzabal, Mikel Bergara, Luzia Onzain, Iñigo Ordozgoiti, Pello Mitxelena, Belen Moreno eta Oier Villar. Bestelako bide bat darama beste eskultore-pintore multzo batek, objektu bitxiak, nabarmenak, argiak, koloretsuak eta jostakariak eginez, apainkeria arruntetik ihesi inolaz ere, ezinezko asmakizunak eta objektuak sortuz. Bide hauetatik ibili dira Miren Arenzana, Ana Laura Alaez, Pako Polan, Aurora Suarez, Gema Intxausti, Malus Arbide, Jose Vivanco eta Dicky Rekalde.

Itziar Okarizen objektu etairudi batzuek izpiritu bera dute, erotismo mikatz bat eta body-arte kutsu handi bat gaineratuz.

Azkenik, zenbait eskultorek, Veneziako XLV. Bi Urtekoan Espainiaren ordezkari (1993) izan den Cristina Iglesiasek (Donostia, 1956) adibidez, urte gutxiren buruan nazioartean ospe eta entzute handia erdietsi dute, euskal artearen bizikizun zaharrekin lotu gabe. Gisa honetako artista kosmopolitak dira, inolako zalantzarik gabe, frogarik garbiena gaurko euskal artea nazioarteko joeretan zenbateraino txertatu den egiaztatzeko.