Denona da. Zurea da.
Kultur ondarea, aurreko belaunaldietatik jaso dugun herentzia da. Etxeak eta baserriak, jauregiak eta zubiak, hirigune historikoak eta harresiak, multzo monumentalak, elizak eta erretaulak, labar pinturak eta eraikuntza megalitikoak, horiek guztiak, kultur ondare ditugu. Baita lantegiak, industriak, ontziolak, labeak eta altzairuzko egiturak ere.
Batzuetan, kultur ondasun horiek berebiziko garrantzia izan dute, eta gizateriaren ondare bilakatu dira. Hala gertatu da UNESCOk Munduko Ondare izendatu dituen Santimamiñeko, Ekaingo eta Altxerriko haitzuloetako margolanekin eta Bizkaiko Zubiarekin.
Gizakiak utzitako kultur aztarna horiek guztiak, gure historiaren eta gure bihotz-begien parte dira, gure oroimenaren euskarri. Horregatik, hain zuzen ere, ondare hori ondorengo belaunaldiei uzteko eginbidea dugu, eta baita, horrekin batera, guk etorkizunean eraikiko ditugunak eta gordetzea mereziko dutenak ere.
|