Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila

KLIMATEK. Irtenbide naturalak Euskal Autonomia Erkidegoko toki-esparruan klima-aldaketara egokitzeko

Xehetasunak

Ingurune antropizatuetako plangintzan natura txertatzea ez da joera berria; hala ere, gero eta indar handiagoa ari da hartzen klima-aldaketarako egokitzapenaren testuinguruan. Irtenbide naturalek —Nature-Based Solutions, ingelesez— natura eta haren prozesuak erabiltzen dituzte klima-aldaketaren ondoriozko inpaktuak arintzeko eta hiriari eta herritarrei aldaketara egokitzen laguntzeko.

Udalerriek tresnak behar dituzte, ezagutzeko nola lagundu dezaketen irtenbide naturalek klima-aldaketarako egokitzapenean, galdera hauei erantzunez: Zein da arriskua? Zein dira udalerriaren gaur egungo egoera eta ezaugarriak? eta Zer aukera daude irtenbide naturalen bitartez egokitzeko?

Proiektuaren helburu orokorra metodologia bat garatzea da, irtenbide naturalak hainbat uda-esparru eta -mailatan txertatzeko, premien arabera, naturaren bitartez klimaaldaketara egokitzen hasteko aukera izan dezaten.

Hala, bada, udalerriei laguntzea du xede, beren gaur egungo natura-ondarea ezagut dezaten, lehentasunak ezarri eta irtenbide naturalak txertatzeko ahalmen handiena duten guneetan bildu ditzaten ahaleginak, irtenbide naturalak barne har ditzaketen garapen-gune berriak identifika ditzaten, naturaren eta lehendik ere bazeuden azpiegituren erabileraren arteko sinergiak sor ditzaten, eta udalerrietan irtenbide naturalak txerta ditzaten, estrategia integral baten barruan eta hirigintzako plangintzan aintzat hartu beharreko elementu gisa.

Proiektuaren izaera praktiko eta erakusgarria indartzeko, Donostia-San Sebastián (aurrerantzean, DSS) udalerriko aplikazioaren bitartez garatu da metodologia. Lanaren garapena argitaratuko den gida metodologiko batean zehaztu da.

Garatutako metodologiak zazpi fase nagusiko lansekuentzia bat du; horien irismena eta edukia egokitu daiteke, udalerria zer motakoa den, zer helburu dituen eta baliabideak eta informazioa eskuratzeko zer aukera dituen.

Prozesua abian jartzeko, azterlana egiteko helburua(k) zehaztu behar d(ir)a lehenbizi. Horrexek baldintzatuko du zer agregazio-mailan egingo den analisia.

Bigarren fasean, eskura dagoen informazioa bildu, eta proposatutako helburuak lortzeko tratatu behar da. Proposatutako fase bakoitzean erabiliko den informazio espazialaz ari gara: kalifikazioari, espazio-banaketari, lurzoruaren erabileren sailkapenari eta hirigintzako elementuei buruzkoaz.

Laugarren fasea analisi-unitateak tipologiaren arabera ezaugarritzeko erabiliko da. Aurrez ezarritako udalirizpideetan oinarritu daiteke, edo Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean nagusi diren lurzoru-erabileren araberakoa izan. Komenigarria da ezaugarritzea; izan ere, plangintzarekin loturan, irtenbide natural desberdinak ezarriko dira, adibidez, hiriguneetan eta landaguneetan. Proiektuaren esparruan, eremu-tipifikazio hau hartu da kontuan: landakoa, industriakoa, dentsitate handiko hirigunea, garapen txikiko hirigunea, ekipamendu komunitarioko hirigunea eta sustatuko den plangintza. Bosgarren fasea gaur egungo ondarearen eta izan litekeenaren diagnostikoa da, eta analisi-unitateetako lurzoruaren estaldura du oinarri. Fase honetan lurzoruaren estaldura zenbatzen da, honen arabera: i) eraikuntzak, garraio-azpiegiturek eta egoteko eremuek zigilatutako azalerak, eta ii) zigilatu gabekoak, landaredia eta ur-masak direla eta. Fase honetan ezagutu daiteke zein den udalerriaren abiaburua ondare-naturalari dagokionez; orobat, aukera emango du udalerriko eremuen abiaburua konparatzeko eta esku hartzeko lehentasunak ezartzeko.

Seigarren faseak proposatu den metodologiaren elementu nagusia osatzen du; bertan aztertzen eta zenbatzen dira udalerrian aukeran dauden irtenbide naturalak eta horiek ezartzeko ahalmena. Fase horren ondorioz, irtenbide naturalak inbentariatzeko, zenbatzeko eta mapatzeko metodo bat lortu da, hiri-eskala hauei dagokienez: eraikina, gune publikoa, ur-masak eta drainatze-sistemak, azpiegitura linealak eta garraiokoak, naturaguneak eta landako eta kostaldeko lurzoruaren kudeaketa. Hiri-eremuko irtenbide naturalak mapatzeak esan nahi du identifikatzea lehendik dauden hiriko zer elementuk1 duten irtenbide naturalak barne hartzeko gaitasuna, edo halako irtenbide bihurtzekoa: besteak beste, berriz landaretu daitezkeen etxe-sailen etxarteak, baratze edo estalki berdeak ezar daitezkeen teilatu lauak, berriz ere berdetu daitezkeen plaza gogorrak, lugorriak eta abar.

Azken fasean, ezarriko diren irtenbide naturalak aukeratzea eta lehenestea da xedea. Neurriak egokitzapen-premien arabera aukeratuko dira; beraz, komenigarria da ongi ezagutzea zer mehatxu eta urrakortasun dituen udalerriak klima-aldaketarekin loturan. Horrez gain, garrantzitsua da neurriak ezartzeko erabakigarri izan daitezkeen faktoreak identifikatzea eta aztertzea: besteren artean, modelizazioen bitartez irtenbideen eraginkortasuna begiratzea, eremuen titulartasuna publikoa edo pribatua den, araudi eta ordenantzetan horiek ezartzeko mugak dauden eta zer eskakizun ekonomiko dakartzaten.

Diagnostiko fasean DSSko lurzoruaren estaldurari buruzko mapak eskuratu ziren, eta haiei esker lortu zen udalerriaren ezaugarriei buruzko eta naturaondareari dagokionez duen abiapuntuari buruzko hasierako ideia.

DSSk natura-ondare garrantzitsua du gaur egun. Landarediak udalerriaren azaleraren % 75 betetzen du gutxi gorabehera, gehienbat baso eta larre gisa, eta udalerriko landa-eremuan biltzen da nagusiki (gutxi gorabehera udalerriaren azaleraren % 62 sartzen da tipologia horretan).

Nolanahi ere, udalerri osoko balioen aldean, nahiko bestelakoa da hiritartutako guneetako natura-ondarea, landarediaren ehunekoari eta motari dagokienez. Dentsitate handiko hiriguneak oso zigilatuta daude, eta auzo horietako batzuetan —Grosen eta Erdialdean, adibidez— landarez estalitako azalera ez da % 5era iristen; gehienbat lorategi apaingarriez osatzen da, eta egokitzeko gaitasun mugatua dute tenperaturaren murrizketarekin eta jariatze-urak biltzearekin loturan.

Emaitza horiek udalerriaren premiei buruzko ideia ematen dute, natura-ondarea handitzeari dagokionez, eta, arrisku-azterlan bereziekin batera — adibidez, uholdeei edo bero-boladengatiko eraginari buruz—, informazio baliotsua eman dezakete, udal-mailako estrategia edo helburuak ezartzeko, edo hirigintzako garapen-tresnaren xede zer gune izan daitezkeen identifikatzeko, lehentasunezko egokitzapen-jarduketak behar badituzte (ikus plan bereziak).

Irtenbide naturalen azterketari dagokion metodologiaren 6. fasetik, nagusiki, DSSko irtenbide naturalen mapa atera zen. DSSn hiri-tipologiaren arabera lortutako irtenbide naturalen analisitik ondorio hauek atera daitezke:

Dentsitate handiko hiriguneetan eraikin-eskalan biltzen da berriz berdetzeko ahalmen handia: etxesailetako etxarteetan (DSSn 5 ha inguru, eta horietatik azaleraren % 1ean daude landareak), estalki lauetan eta terrazetan. Eremuok titulartasun pribatukoak dira gehienbat; hala, ahalmen hori baliatzeko, garrantzitsua da jabeekin koordinatuta egitea horiek berriz berdetzeko ahaleginak, onurak gizarteratuz, jarraibide eta pizgarriak emanez, eta horiek ezartzeko oztopoen gain jardunez. Era berean, Administrazioak eragile gisa jardun dezake, titulartasun publikoko eraikinak berriz berdetzeko esperientzia pilotuen bitartez.

Proiektuaren esparruan, komunikatzeko eta kontrastatzeko ekintza bat gauzatu zen DSSko Gune Erromantikoko merkatari eta auzotarrekin, irtenbide naturalen inguruan, oro har, eta etxe-sailen etxarteei buruz, bereziki. Kontrastearen helburua zen haien iritzia jasotzea, eta Udalak etxe-sailetako etxarteak berriz berdetzeko zer ekintza abiaraz zitzakeen identifikatzea. Kontraste-saioaren emaitzetan, agerian geratu zen esku hartze hura tarteko alderdi guztientzat zela interesgarria. Auzotarrek balio onuragarritzat jo zuten, bereziki goiko pisuetaraino iristen diren zuhaitzei dagokienez, estetika kontuengatik eta zuhaitzek erakarritako txorien soinuagatik. Merkatarientzat aktibo garrantzitsua zen saltokiak erakargarriago bihurtzeko.

Dentsitate handiko guneetan, halaber, plaza eta oinezko guneen gain jardun daiteke. Arruntean gogorrak dira eta landaredi eskasa dute; DSSn, hain zuzen, plazen azaleraren % 30ean daude landareak. Uholdeen eraginpean dauden guneetan, aldi baterako urez betetzeko egokitu daitezke gune publikoak, eta zoladura iragazkorrekin ordezkatu ohiko zoladura. Hiriguneetan aktibo garrantzitsua da lugorriak edo erabilerarik gabeko guneak baliatzea, berriz berdetzeko eta ustiatzeko abagune gisa. DSSn, 2 ha inguru identifikatu da erabilerari gabeko gune gisa.

Garapen txikiko hiriguneetan, jabe pribatuek beren lorategi partikularretako landaredia handitzera bideratu behar dira jarduketak (gutxi gorabehera 24 ha DSSko udalerrian), kontzientzia harraraziz eta aurreko kasuan aipatutakoen antzeko ekintzen bitartez. Garraioazpiegitura linealek eta bidegorri-sareak zeregin garrantzitsua bete dezakete berdeguneen arteko lotura gisa. Dauden ur-masak zabaltzea ere (adibidez parkeetako laku eta urmaelakI) uholde-arriskua arintzeko neurri bat izan liteke. Industriaguneak normalean periferian daude kokatuak, eta parkez nahiz basoz betetako azalera zabalak dituzte. Hala, landaguneen eta hiriguneen arteko lotura gisa baliatu daitezke. Gune horiek hobetzeko gaitasunaren ardatzean elementu hauek daude: landaredia trinkotzea, tokiko espeziak landatzearen alde egitea eta bertan dauden berdeguneen arteko lotura posiblea aztertzea, hiria oro har aztertuz.

Industriaguneek azalera handiak dituzte fabriketako eta merkataritza-guneetako aparkalekuetarako (gutxi gorabehera 24 ha DSS udalerrian), eta horietan iragazkortasuna handitu daiteke zoladura porotsuen bitartez. Horrez gain, gune horietan industria eta merkataritza motako eraikinak daude, eta zabalera handiko estalki lauak dituzte ezaugarri (15 ha inguru DSSn). Beraz, berriz landaretzeko ahalmen handia dute. Aurreko kasuetan bezala, non hiriko elementuen titulartasuna pribatua baita, funtsezkoa izango da komunikazio-kanal egokiak ezartzea (Teknologia Parkeak, industriaelkarteak, etab.), baita motibagarri eta pizgarri egokiak ere, irtenbide naturalen ezarpena sustatzeko.

EAEko udalerri askotan azalera handia hartzen duten landaguneetako ezaugarri eta funtzionaltasunak, aldiz, bestelakoak dira hiriko bilbearen aldean. Halakoetan dagoen natura-ondarea hobetzeko, jadanik dauden naturaguneak hobetu eta konektatu behar dira. Horrez gain, egokiro kudeatu behar dira nekazaritzako eta basogintzako lurzoruak, tokiko biodibertsitate autoktonoa sustatuko duten jardunbideen bitartez eta ura biltzeko azalerak handituz, ur-beherako uholdeen ondoriozko arriskuak txikitze aldera.

Azkenik, kosta- eta hondartza-guneak aktibo garrantzitsua dira EAEko hainbat udalerrirako. Daudela eremu naturalagoetan, daudela hiriko bilbean txertatuta erabat, etorkizun hurbilean klimaaldaketaren eraginen mehatxupean egon daitezke. Berriz naturalizatu daitezkeen elementuak dira, dunak, hezeguneak, padurak eta ostra-uharriak lehengoratuz, besteak beste.

Ezin da ahaztu zer zeregin jokatu dezaketen urmasarekin eta ubideekin lotutako irtenbide urdinek. Irtenbide urdin bihurtu daitezkeen edo halako irtenbideak barne har ditzaketen hiriko elementuak —ibai, erreka, kanalizazio, urmael, hezegune eta abarrak— udalerriko hainbat gunetan aurki daitezke, edozein dela ere horien tipologia. Hala, udalerriko natura-ondarea handitzeko eta klima-aldaketara egokitzeko neurri gisa aztertu behar dira: ura biltzeko gaitasuna handitzeko aukerak, ibilguak eta eroanbideak berriz naturalizatzekoak, etab.

Garapen berriko guneetan, diseinu fasetik beretik sar daitezke irtenbide naturalak. DSSren kasuan, Txomin Eneako eremu uholdekorra irtenbide natural urdina da, eta eremu horretako ibai-uholdeen arazo zehatzari erantzuten dio.

DSSn irtenbide naturalei buruz egindako analisiak gida gisa balio du, beste udalerri batzuek beren eskumenen esparruan jarduteko hautabideak ezagut ditzaten, beren tipologia, premia eta baliabideen arabera. Irtenbide naturalak identifikatzeko eta mapatzeko gida hau ekarpen bat da, aurrera egin dadin natura txertatzen, EAEko klima-aldaketari dagokionez kalteberen diren guneak egokitzean.