Klima-aldaketaren aurka herritarrentzat abian diren ekimenak
Garraio publikoaren erabilera
Euskadiko Garraio Behatokiaren (OTEUS) datuen arabera, egunero egiten diren bidaien % 29 inguru garraio publikoan egiten dira. Garraio publikoak karbono-arrasto txikiagoa du ibilgailu publikoaren bidezko joan-etorriek baino; horrenbestez, beti izango da aukera jasangarriagoa.
MoveEuskadi webguneak eta haren smartphonetarako aplikazioak aukera ematen dute Euskadin garraio publikoko bidaien planak egiteko, garraiobide guztien arteko konbinazioekin: autobusa, metroa, tranbia, topoa, trena eta ferrya.
Automobila partekatu
Garraio publikoak gure behar edo ordutegiei erantzuna ematerik ez duen kasuetan, automobila partekatzeko aukera azter dezakegu; horrek modua emango digu diru asko aurreratzeko eta lagunduko du gure hiri eta herrietan dabiltzan ibilgailuen kopurua gutxitzeko.
MoveEuskadi webguneak jomuga berdinak dituzten erabiltzaileak elkarrekin harremanetan jartzeko zerbitzua dauka.
Horretaz gainera, beste plataforma batzuk badaude automobila partekatzeko; hona:
- compartir.org - Ekimen hau mundu osoan dago funtzionamenduan. Euskadin honakoek hartzen dute parte Automobila Banatzeko Zerbitzua sustatzen duten Hiri, Enpresa eta Organismoen Sarean: Amurrio, Arrasate, Azpeitia, Bilbo, Debegesa, Eibar, Goierri, Iurreta, Lasarte-Oria, Legazpi, Urola Kosta, Gasteiz, Bizkaiko Parke Teknologikoa eta Zuatzu Enpresa Parkea.
- compartocoche.com
- amovens.com
Gero eta gehiago dira autoa partekatzeko ekimenak abian jarri dituzten enpresa eta enpresa-parkeak. Begira ezazu zeurean!
Bizikletaren erabilera
Bizikletari esker sasoian zaude, eta aukera ematen dizu toki batetik bestera joateko ezertxo ere kutsatu gabe. Bidezko bazaizu, anima zaitez garraiobide hori erabiltzera.
Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) gomendio batzuk badauzka bizikleta hirietan erabiltzeari buruz. Gainera, ikastaroak ematen ditu bizikletaren hiri-erabilerari buruz. Ekimen hori zabalik dago Euskadiko udal, erakunde eta enpresa guztiei; izan ere, udalerri edo instalazioren batean horrelako ikastaroa egiteko interesatuta dagoenaren eskura jarriko ditu. EEEk ikastaroaren materiala eta emateko behar diren irakasleak eta begiraleak jartzen ditu. Eskatzailearen kontura joango dira ikastaroa emateko gela eta bizikletak; hain zuzen ere, baldintza errealetan egiten diren praktikak aurrera eramateko bizikletak.
Bizikletan egin daitezkeen ibilbide onenak aurkitzeko MoveEuskadi webguneak zerbitzu bat dauka, bizikletetarako bideen arabera bilatzeko; Ibilbideak webgunean eta Eusko Jaurlaritzaren Gazteriaren Atarian, Gazteaukera, berriz, Euskadin bizikletaz joateko ibilbideak proposatzen dizkizute.
Bizikletarik ez baduzu, udal batzuek bizikletak mailegatzeko udal zerbitzuak dauzkate. Galdetu udaletxean!
Birziklatzeko aukerak
Gero eta hondakin gehiago sortzen ditugu. Guztion artean lortu behar dugu etxe eta lantokietan sortzen ditugun hondakinak ahal den gutxienak izatea, eta modu egokian kudeatuak izatea. Hori lortzeko, beharrezkoa da inplikatu zaitezen materialak bereizten (beira, papera, olioa, plastikoa, materia organikoa...) eta foru aldundiek jarritako garbiguneak erabil ditzazun zenbait material eramateko: tonerrak, CDak, sakelako telefonoak edo etxetresna elektrikoa, besteak beste.
Zer egin dezaket nire hondakinekin?
Ez ahaztu udalek etxeetatik bolumen handiko hondakinak eta hondakin toxikoak erretiratzeko zerbitzuak badauzkatela. Galdetu udaletxean!
Konpostajea
Konpostajea klima-aldaketan inpaktu txikia duen aukera bat da hondakinak kudeatzeko. Konpostajea sukaldeko eta lorategiko hondakin organikoak ongarri bihurtzean datza.
Bizi zaren udalerrian 5. edukiontzia baldin badago, hondakin organikoetarako, horixe da konposta egiteko aukerarik errazena. Bestela, beti egongo da etxean konposta egiteko aukera. Etxeko konpostajea datza prozesu hori geure etxean egitean, konpost-ontzi batean. San Markos Mankomunitateak etxean konpostatzeko gida garatu du.
Azken aldaketako data: