Ibaialde. Erabilitako parametroak
- Isurialdeak
- Datu orokorrak
- Ibai eta ibarraren deskribapena
- Landaretza
- Fauna
- Uraren kalitatea
- Zaborrak
- Ondare kulturala
Emaitzak interpretatzeko irizpide hidrografikoa erabiltzen da. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko ibaiek bi isurialde dituzte: batzuk Bizkaiko itsasoan itsasoratzen dira (isurialde atlantikoa); besteak, berriz, Ebroren Arroan ibairatu eta Mediterraneoan itsasoratzen dira (isurialde mediterraneoa).
Euskal Autonomia Erkidegoa mendikatea batek zeharkatzen du alderik alde, ekialdetik mendebaldera, Aralar mendilerrotik Salvada mendilerrora. Bi mendilerro horien artean Altzania, Urkila, Aizkorri, Elgea, Anboto, Gorbeia, Altube eta Urkabustaitz mendiak daude eta mendi horiek Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabaren iparraldea gainerako Euskal Autonomia Erkidegotik banatzen dituzte. Hain zuzen ere, mendi horiexek eragiten dituzte bi isurialdeen arteko funtsezko desberdintasun klimatologiko eta geografikoak.
Iparraldeko isurialdea
Iparraldeko orografia arroiltsua da. Kostaldetik gertu 1.200 metro bitarteko mendiak daude eta horietatik jaisten den urak ibar sakon ugarietatik itsasorako bidea hartzen du. Mendi horiek pantaila moduan jokatzen dute: Bizkaiko itsasotik datozen lainoak geldiarazten dituzte eta daramaten ura botarazten diete. Horregatik, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako iparraldeko leku batzuetako klima ozeanikoa da, hau da, tenperatura epelak eta prezipitazio ugari dituena. Ibaiak emaritsuak izaten dira eta Bizkaiko golkoan isurtzen dute ura.
Hegoaldeko isurialdea
Pixka bat hegoalderago Arabako Lautada dugu, hegoaldeko muturrean Arkamo mendilerroa eta Gasteizko mendiak dituena. Klimatologia azpiozeanikoa da, hau da, ozeanikoan baino euri gutxiagokoa. Horregatik, bertako ibaiak (Arabako gainerako guztiak bezala) emari txikiagokoak izaten dira eta urak lehenengo Ebro ibaira joaten dira eta gero Mediterraneo itsasora.
Hegoaldeko muturrean Errioxa Arabarra dago, Autonomia Erkidegotik Kantabriar mendikateak edo Toloño mendizerrak bananduta. Bertako klima mediterraneoa da: hilabete batzuetan ez du ia euririk egiten eta urteko tenperaturetan alde handia egoten da. Udan inguru honetako ibaiek ur gutxi eramaten dute eta, eguzkiak berotuta, uraren tenperaturak gora egiten du.
Arestian aipatutako bi eskualde horien artean, berriz, Erribera Beitia eta Trebiñoko Konterria daude, Arabako erdi-mendebaldean. Bertako klima azpimediterraneoa da, hau da, tarteko ezaugarriak ditu, ibaietan ere islatzen direnak.
Ibaien sarea
Euskal Autonomia Erkidegoko ibai nagusiak ez ezik, beste ibai batzuk ere aztertzen dira ibaialden. Ibai horiek aukeratzerakoan irizpide nagusia partehartzaileek hala iradokitzea da, aztertzeko interes berezia dutelako edo bertara iristea errazagoa delako.
ibaialderen sarea honela egituratuta dago: ibai bakoitza 5 km-ko bloketan zatitzen da eta bloke horietako bakoitza talde bati ematen zaio. Bloke bakoitza hobeto aztertzeko 5 km-ko zati hori 500 metroko unitatetan zatitzen da eta horietan burutzen da benetako azterketa.
Parte-hartzaileak
Ibaien kontserbazioa guztioi dagokigu eta horregatik ibaialderen eta antzeko kanpainen asmo nagusia ahalik eta jende gehienengana iristea izan behar du. Horregatik ematen zaie kanpaina honen berri kolektibo desberdinei: ikastetxeei, helduei, kirol taldeei, elkarte kontserbazionistei eta abar.
Aurretiko ezagutza
Garrantzitsua da talde bakoitzak dagokion ingurua aurretik ezagutzea. Izan ere, horrela bisitaldian emaitza hobeak lortuko baitira. Horrez gain, ingurua ezagutuz gero errazagoa da aukeratutako unitatera iristea eta urtetik urtera izandako aldaketak antzematea.
Taldeetako askok ongi ezagutzen dute aztertu beharreko ibaia, bai aurreko urteetako kanpainetan parte hartu zutelako, bai ingurukoak izateagatik eta ibai bazterretan sarritan ibiltzen direlako. Beste batzuentzat, berriz, bisitaldia esperientzia berria izan da eta horri esker ibaiaren sekretuak ezagutu ahal izan dituzte.
Aurreko egunetako prezipitazioak
Euskal Autonomia Erkidegoan hegoaldetik iparraldera klima aldetik eremu oso desberdinak daude, tenperatura eta euri aldetik gorabehera handikoak. Oro har, euri gehiago egiten du udazkenean, baina iparraldean urte guztian zehar egiten du euria. Hegoaldeko muturrean (Errioxa Arabarrean), berriz, urte guztian euri gutxi egiten du, udan ia-ia batere ez eta lehorteak ugariak izaten dira.
Landa irteera egiten den egunean kontuan izan behar da unean uneko egoera klimatologikoen arabera ibaietako emaria aldatu egiten dela eta behar bezala prestatuta joan behar dela egin beharrekoak eroso eta seguru egin ahal izateko:
Euria edo elurra egiten duenean, ibaiak ur asko jasotzen du, abiadura azkartu egiten da eta higadura ere handiagoa izaten da.
Udan euri gutxiago egiten du eta gainera beroaren ondorioz lurrunketa handiagoa izaten da. Emaria txikiagoa da eta batzuetan ibaia lehortu egiten da.
Irisgarritasuna
Ibaiertzetan besteak beste landaretza zarratua, ezpondak edo porlanezko hesiak egon daitezke eta oztopo arriskutsuak izan daitezke parte hartzaileentzat. Horregatik, batzuetan oso zaila edo ezinezkoa izaten da ibaien ibilgura bertara iristea eta zail samarra izan daiteke ibaiaren tenperatura, abiadura edo uraren kalitatea neurtzea. Argi ibili eta ez arriskatu.
Ibaiaren ibilgua
ibaialden jasotako datuei buruzko balorazioak egiteko garrantzitsua da aztertutako ibai zatien ezaugarri orokorrak ezagutzea. Izan ere, ezaugarri horiek oso desberdinak baitira ibaien sorburuan eta itsasoratzean, ondoren ikusi ahal izango dugunez.
Mendietako lurra malkartsua da, malda handikoa, eta ur hotzak uher eta abiadura handiz jaisten dira. Higadura handia izaten da eta horren ondorioz erribera aldapatsuak eratzen dira. Ibaiaren zati honi goiko ibilgua deitzen zaio. Bertan gizakiaren eragina txikia da eta, oro har, berezko landaretzari eusten zaio.
Aurrerago, ibaiaren malda eta abiadura txikiagoak izaten dira, eta uraren higadura ahalmena ere bai. Zati honi erdiko ibilgua deitzen zaio. Ibilgua zabaldu egiten da, landaretza gutxiago egoten da eta uraren tenperaturak gora egiten du.
Bokaletik gertu, ibaiaren malda txikia izaten da eta ibilgua oso zabala. Abiadura txikiena izaten da eta korronteak daramatzan partikulak errazago sedimentatzen dira. Zati honi ibaiaren beheko ibilgua deitzen zaio. Landaretza oso gutxi egoten da eta gizakiaren eragina handiagoa izaten da.
Ibarraren forma
Higadura maila desberdinak direla-eta, ibarra ez da beti berdin mantentzen. Ibarren itxura desberdina izaten da mendietako sorburuan, edo itsasoratzen denean, edo beste ibai batekin elkartzen denean. Oro har, ibarren itxura ibaiaren ibilgu edo zatiarekin erlazionatuta egon ohi da zuzenean.
Goiko zatian ibarrak estuak, horma altukoak eta, gehienetan, "V" itxurakoak izaten dira.
Kilometro batzuk beherago itxura leunagoa izaten dute, erriberak ez dira hain malkartsuak eta ibarrak "U" itxurakoak izaten dira.
Ibaien azken zatian ibarrak askoz ere irekiagoak izaten dira, ia-ia lauak, eta erriberak zabalak eta uholde lautadak dituzte. Ibarra laua dela esaten da.
Ibarraren erabilerak
Gizakia betidanik hurbildu izan da ibaietara (edateko ura lortzeko, errotak edo burdinolak mugiarazteko, ibilguaren bidez gauzak eta pertsonak garraiatzeko...) eta ibai inguruetan jarri izan da bertan bizitzeko.
Ibaien erabilerak aztertuz ibaialdek zera nahi du: ibaien ibilguen alboko ekosistemetan gizakiak zenbaterainoko aldaketak eragiten dituen nabarmendu. Ibaiaren itxura nolakoa, gizakiaren erabilera halakoa.
Goiko ibilguetan erriberak malkartsuak izaten dira eta oso zaila izaten da bertan hiriak edo industriak kokatzea. Horregatik, berezko landaretza oro har ongi kontserbatzen da. Alabaina, sarritan nekazaritza edo abeltzaintzako ustiakuntzak egoten dira, eta baita basokoak ere. Halaber, uraren indarra maiz zentral elektrikoetan erabiltzen da.
Erdiko ibilgutik aurrera erriberak zabaldu egiten dira eta ibaibazterretan lautada sedimentario zabalak dira nagusi. Lautada horietan laboreak lantzen dira eta errazagoa da fabrikak eta etxeak eraikitzea. Batzuetan erriberetako berezko flora desagertu egiten da eta bere ordez hormak, errepideak edo hirietako parkeak nagusitzen dira.
Aldaketak ibaian
Biztanleria eta jarduera industriala zenbat eta handiagoa izan, ibaietan orduan eta aldaketa gehiago eragingo dira eta ibaietako ura orduan eta gehiago erabiliko da. Erabilera batzuk antzina-antzinatik datozkigu eta ohikoak dira, adibidez errotetarako, burdinoletarako, ureztaketetarako edo ur edangarria lortzeko erabiltzen da ibaia. Beste erabilera edo eragindako aldaketa batzuk, berriz, berriagoak dira: erabilera industriala, uholdeen aurka egindako ubideraketak, ur horniketarako eta energia elektrikoa ekoizteko eraikitako presa eta urtegiak... Batzuetan ibaien ibilguez baliatuz errepideak edo trenbideak eraikitzen dira eta uholde lautadetan sarritan ikus daitezke ur kudeaketarekin erlazionatutako instalazioak.
Ibai bazterretan ekosistema oso dinamikoak eratzen dira. Lehorteetan ur eta elikagai eskasia izaten da; euri asko egiten duen garaietan, berriz, urak ibai bazterrak estali eta indar handiz higatzen ditu.
Ibaietako landaretza ongi moldatuta egoten da eta giroko hezetasun mailaren arabera banatzen da.
LANDARETZA MOTA | EZAUGARRIAK | |
---|---|---|
1.ZONA | Ibaiertzeko landaretza | Landareak erabat uretatik kanpo egoten dira, baina ezinbestekoa dute lurreko hezetasuna. |
2.ZONA | Lezkadia | Landareak ur sakonera txikira egoten dira. |
3.ZONA | Landare urtarrak | Sustraiak eta hostoak uretan egoten dira, uretatik kanpo loreak baino ez. |
4.ZONA | Alga zelulabakarrak | Uretan libre ibiltzen dira. |
Ibaiertzeko landaretzak zeregin garrantzitsua betetzen du. Izan ere...
- Ibaiertzak sendotzen ditu eta uraren higadura efektua gutxitzen du.
- Materialak sedimentatzen laguntzen du eta, horrela, ureztatutako lurraren emankortasuna areagotzen du.
- Uraren tenperatura eta uretara iristen den argi kopurua egokitzen ditu.
- Animali espezie askori babeslekua eta kumeak hazteko eta atseden hartzeko lekua eskaintzen die.
- Lurrazpiko urak eta ur freatikoak arazten ditu.
Euskal Autonomia Erkidegoko ibaiertzeko landaretza batzuetan arriskuan egoten da. Hain zuzen ere, mehatxu nagusiak ubideraketak, urbanizazioak eta laborantza lanak izaten dira. Faktore horiek desberdin eragiten dute iparraldeko isurialdean eta hegoaldekoan. Izan ere, isurialde atlantikoko ibaiak sarritan ubideratuta egoten baitira eta ibilgutik gertu instalazio urbano eta industrial asko egoten dira. Ebrora ematen duten ibaietan, berriz, ibaiertzentzako ingurugiro arrisku nagusiak landako jardueren ondoriozkoak dira.
Ibaiertzeko landaretza
Ibaiertzeko landaretzak ekosistema zein egoeratan dagoen jakiteko informazioa ematen du.
Ibaietako erriberak gehienetan lur oparoak izaten dira, aldian behingo uholdeetan elikagaiak jasotzen dituztelako. Horregatik gizakiak ustiatu eta landu egiten ditu, laborantzan.
Ibaialden ibai bakoitzaren bi aldeetako lehenengo 25 metroak hartzen dira kontuan eta alde horietako bakoitzean bi landaretza mota bakarrik hauta daitezke.
Ibaiertzeko basoak bi isurialdeetan
Zenbait zuhaitz oso ongi moldatzen dira erriberetako inguru aldaketetara (adibidez haltza, zumea edo makala) eta zuhaiztiak eratzen dituzte, galerian eratutako ibaiertzeko basoak izenekoak. Baso horietan zuhaitzek korridore luze eta estuak eratzen dituzte eta landaretza desberdina izaten da lekuaren arabera (aldaera asko daude Bizkaiko itsasaldeko ibarretatik hegoaldeko Errioxako lurretara).
Itsasotik gertu dauden iparraldeko ibarretan erriberako basoetan ondorengo landareak dira nagusi: haltzak, iratze handiak eta astigar zurien eta makalen sailak.
Arabako Lautadako ibai garrantzitsuenetan ere haltza da nagusi, ibai txikietan, berriz, lizarrak eta zumarrak. Baso eremu horretatik ibaira bitartean zumeak egoten dira, ura zuzenean ukituz eta lehen lerroko zuhaixka hilara eratuz.
Arabako Erriberan ibai nagusien ibaiertzetan lertxundiak eta haltzadiak dira nagusi. Ibai txikiagoetan, berriz, lizardiak eta zumardiak. Lizarren edo haritz kandugabeen ordez lizar hostotxikiak eta erkametzak hazten dira, eta landare igokariek (adibidez huntzek, lupuluek edo aihen zuriek) lianak hedatzen dituzte erriberako zuhaitzen artean.
Errioxa Arabarreko Ebroren ertzetan aurreko zonan han-hemenka azaltzen diren zenbait zuhaitz nagusitzen dira (adibidez zurzuriak, makal beltzak eta zume zuriak) eta iratze handiak desagertu egiten dira. Haltza bakan batzuk baino ez daude eta ibai txikietan desagertu ere egiten da. Azken ibai horietan zumarrak eta lizarrak dira nagusi. Legar hobien gainean zumeek eta zume hostoestuek zuhaiztiak eratzen dituzte eta ibaia handituta datorrenean uholdeei aurre egiten diete.
Erriberako landaretza aztertuz, ibaialderen bidez ibaia nola kontserbatzen den jakin nahi da. Hau da: argi jakin landaretza non dagoen egoera onean, non diren nagusi ohianeztapenak eta, azkenik, non ez dagoen berezko landaretzarik.
Ibaietako floran eta faunan argi islatzen da ekosistema urtarren oreka. Espezie aniztasunak (hau da, ibaiaren alboetan edo ibaian sartuta animalia eta landare asko egoteak) inguru kalitate handia adierazten du. Giza jarduera batzuk ekosistementzat kaltegarriak izaten dira eta aniztasun biologikoa gutxitzea eragiten dute, adibidez isurketa industrialek, baso landaketek edo eraikuntzek. Eta hain zuzen ere, ibaialdek jarduera kaltegarri horiek ezagutzen laguntzen du.
Ibaietako fauna oso anitza da: ornogabeek, anfibioek, zenbait narrastik, arrain espezie batzuek, hegazti ikusgarriek eta ura edatera edo janari bila gerturatzen diren ugaztunek osatzen dute.
Euskal Autonomia Erkidegoko ibaietako fauna deskribatzerakoan kontuan izan behar da animali multzoak ez direla berdinak goiko ibilguetan edo itsasoratzerakoan, eta uraren kutsadurak ere zuzen-zuzenean eragiten duela ibaietako biztanleengan (horietako batzuk desagertaraztea ere eragin dezake). Horrez gain, zenbait espezie isurialde mediterraneoan baino ez dira azaltzen, karpa eta errutilo hegatsgorria, adibidez.
Beste ibai batzuetan espezie aloktonoak sartu eta ibaietako berezko fauna aldatu egin da. Euskal Autonomia Erkidegoko ibaietan sartutako espezie batzuk ornogabeak dira (adibidez karramarro gorria) eta beste batzuk arrainak (zamo arrunta, ortzadar amuarraina edo lutxoa).
Hain zuzen ere, arrain espezieen bidez ederki ikus daiteke ibaietako animalien komunitateak nola segidatzen diren.
Sorburutik gertu ibaia azkar ibiltzen da eta ura ongi oxigenatuta egoten da. Amuarrainak dira nagusi, eta neurri apalagoan ezkailuak eta mazkar arantzagabeak ere agertzen dira. Isurialde atlantikoan aingirak ere azaltzen dira. Goiko ibilguan behera joanez gero aipatutako espezie guztiak azaltzen dira, baina ezkailua izaten da nagusi.
Erdiko ibilguetan ibaiko ura lasaiago jaisten da eta arrain ugariena loina izaten da; ezkailuak, mazkar arantzagabeak eta barboak ere azaltzen dira. Batzuetan amuarraina desagertu egiten da eta isurialde mediterraneoan sarritan errutilo hegatsgorriak agertzen dira.
Beheko ibilguei dagokienez, berriz, isurialde mediterraneoko ibaiak zabalak eta sakonak izaten dira eta barboak izaten dira nagusi; horiekin batera ezkailuak, loinak, mazkar arantzadunak, karpak, blenioak eta mazkar arantzagabeak ere agertzen dira. Isurialde atlantikoan ezaugarri horiek dituzten beheko ibilgu oso gutxi daude eta, gehienetan oso kutsatuta egoten dira. Horregatik, arrainen fauna oso eskasa izaten da.
Iparraldeko ibaien amaieran ibaiko urak eta marearekin iristen den itsasoko urak bat egiten dute eta urak gazikarak izaten dira. Berezko arrain nagusia aingira da eta horrekin batera korrokoiak, arrain arantzadunak eta zapalak ere badaude. Ur gezatako berezko espezieak ere bai, adibidez ezkailuak, loinak edo barboak.
Azkenik, faunaren atalean bereziki aipatzen dira karramarroak, batik bat bi motatakoak: bertakoa (oso egoera txarrean kontserbatuta) eta seinaleduna. Azken hori jatorriz amerikarra da eta birpopulaketetarako erabili zen garai batean; baina gaixotasun bat ekarri zuen berarekin (onddo batek eragindako afanomikosia edo karramarroen izurritea), hain zuzen ere bertoko karramarroentzat hilkorra dena.
Uraren kutsadura zera da: uraren ezaugarri fisiko-kimikoak artifizialki aldatzea. Kutsadura hori arrazoi askorengatik izan daiteke, baina Euskal Autonomia Erkidegoko ibaiak batez ere hiru arrazoirengatik kutsatzen dira:
- Lehenengoa: industriak. Mota askotako kutsatzaileak ekoizten dituzte, era mugatuan. Tratamendua garestia da, baina ezinbestekoa ere bai.
- Bigarrena: hiriguneetako isurketak. Bertan kutsatzaile organikoak ekoizten dira eta kutsatzaile horiek araztegietan tratatzen dira. Kostu handiko tratamenduak dira, baina gaur egun ezinbestekoak dira ibaietako uren kalitatea behar bezala mantentzeko.
- Hirugarrena: nekazaritza eta abeltzaintza ustiakuntzetako isurketak. Oso barreiatuta ekoizten dira. Isurketen eta lurrazpiko uren bidez iristen dira ibaietara. Oso zaila da aurkitzea eta tratatzea.
Urte askotan Euskal Autonomia Erkidegoko ibar batzuetan industriak eta jende asko pilatu izan dira eta, horren ondorioz, uraren kalitatea oso baxua izan da. Baina gaur egun lehen baino hondakin ur gutxiago daude, araztegiak jarri dira eta. Horregatik, etorkizunari begira badago itxaropenerako arrazoirik. Lehen oso kutsatuta zeuden ibai asko berreskuratu dira. Adibidez Urumea berezko ezaugarriak berreskuratzen hasi da eta gaur egun izokinak ere badaude.
Ur kutsatzaile nagusiak
Hurrengoan zera laburbiltzen da: ibaietara isurtzen diren produkturik kutsakorrenak zein diren, horien jatorria zein den eta ingurugiroarekiko eta giza osasunarekiko nolako eragina duten.
KUTSATZAILEA | JATORRIA | ERAGINAK |
---|---|---|
Metal astunak | Batez ere industria | Biometagarriak dira. Sistema neuromuskularrean eragiten dute eta hilgarriak izan daitezke. |
Konposatu organohalogenatuak | Fitosanitarioak produktuak. Erabilera industrialak. | Konposatu organohalogenatuak. Biometagarriak. Mutazio genetikoak eragiten dute. |
Materia organikoa | Nekazaritza eta abeltzaintzako ustiakuntzak. Etxeak. Industriala | Eutrofizazio prozesuak. |
Nutriente edo mantenugaiak | Etxeetako eta industrietako garbigarriak. Nekazaritzako ongarriak. | Eutrofizazio prozesuak. |
Konposatu organikoak (petrolioa,fenolak, …) | Ihesak eta garbiketa industriala. Findegiak. Erabilgarria ez den botatako olioa. | Argiari ez diote uzten pasatzen eta fotosintesia aldatu egiten dute. |
Kutsadura termikoa | Industriako hozketa. Zentral termikoak eta nuklearrak. | Tenperaturak gora egiteagatik oxigenoaren disolbagarritasuna gutxitu egiten da. Honen ondorioz, bertako fauna eta flora alda daiteke. |
Nola neurtu uraren kalitatea?
Uraren kalitatea zehazteko ibaialden zenbait parametro neurtzen da behaketa eta analitika errazen bidez, adibidez ondorengoak: usaina; aparrik, oliorik edo hildako arrainik dagoen ala ez; pHa; nitritoak eta nitratoak; disolbatutako oxigenoa; eta uraren tenperatura. Horrez gain, ibaiaren hondoko ornogabeen fauna aztertzen da, horixe baita ingurugiro egoera zein den jakiteko adierazle biologiko onenetako bat.
PHak soluzioko azidoen kontzentrazioa adierazten du, 1etik 14ra. 7ko pHa neutroa da; 4tik beherakoa, berriz, oso azidoa; eta 10etik gorako pHa oso alkalinoa.
Nitritoak oso toxikoak eta kaltegarriak dira arrainentzat (0,5 mg/l-ko kontzentrazioek arazoak eragin ditzakete). Erregai fosilak eta nekazaritzan ongarriak erabiltzearen ondorioz, nitrito kopuruak gora egin du naturan eta batzuetan kopuru kaltegarrietara iritsi da.
Nitratoak ezinbestekoak dira landareak hazteko, baina iturriko uretan gizakien kontsumorako gomendatutako gehienezko kopurua 50 mg/l-koa da. Nutriente hauen gehiegizko kopuruak eutrofizazio prozesuak eragiten ditu.
Oxigenoa ere funtsezkoa da ibaietako bizitzarako. Uretako oxigeno kopurua zenbait faktoreren baitan dago, hala nola uraren abiadura eta uhertasuna, tenperatura eta ibaira isuritako substantzia oxidakorren kopurua. Ibaiek euren burua arazteko ahalmena dute eta neurri handi batean ahalmen hori berroxigenatzearen baitan dago.
Tenperatura: uraren bat-bateko tenperatura aldaketen eragile nagusiak isurketa industrialak, nekazaritzakoak edo urbanoak izaten dira. Tenperatura altuek (adibidez udakoek) arazoak eragiten dituzte: oxigenazio ezaren ondorioz sortutako arazoak larritu, uraren dentsitatea gutxitu eta abar.
Ornogabe bentikoek uraren kalitatea zenbaterainokoa den erakusten dute. Izan ere, isurketa jakin batzuk izanez gero, ibaietatik desagertu egin daitezke
Ezbairik gabe, gaur egungo gizartearen ingurugiro arazo larrienetako bat hondakin solidoena da. Gizakiok zabor asko ekoizten ditugu (adibidez etxeetako zaborrak, altzari hondakinak, obra hondakinak edo auto hondakinak) eta, horregatik, hondakin horiek jasotzeko eta ezkutatzeko zerbitzu bereziak ezarri behar dira. Alabaina, hondakin horietako asko eta asko ibaietara eta erriberetara botatzen dira, ezkutuko zabortegietan pilatzen dira eta eragin handia izaten dute paisajean eta bertako flora eta faunan.
Gainera, kutsatzaile batzuk berez oso arriskutsuak izan daitezke, adibidez produktu industrial toxikoak edo hondakin sanitario batzuk.
Ibaietako uretan eta ibaiertzetan hondakin solidorik dagoen ala ez deskribatzeko, hondakin horiek hiru kategoriatan banatu dira.
Lehenengo kategorian tamaina handiko hondakinik dagoen ala ez aztertzen da. Hondakin horiek honelakoak izan daitezke: obra hondakinak, metalezko objektu handiak, altzariak, pneumatikoak edo poltsatan sartutako etxeetako hondakinak.
Bigarrengo kategorian, berriz, ibaietako erriberetan dauden edo korronteak daramatzan ontziak zenbatzen dira. Legeen arabera ontziak birziklatu beharra dago, baina oraindik maiz ikusten dira edozein lekutan abandonatuta, eta ibaietan ere bai.
Azkenik, hirugarren kategorian azterketan topatutako zaborrak, kokapenaren arabera zein motatakoak diren azaltzen da, ibaiertzetakoak ala uretakoak.
Beste leku batzuetan jarduera batzuen ondorioz hainbat azpiegitura eraiki edota antolatu ziren. Adibidez meatzaritzaren ondorioz, mea garraiatzeko bagoneta kateak; edo siderurgia astunaren ondorioz, metalak urtzeko labeak; edo garraioen ondorioz, gaur egun desagertuta dauden trenbideak; edo debozio erlijiosoaren ondorioz, baselizak eta elizak. Elementu arkitektoniko horietatik askok eta askok gaur egun arte iraun dute eta horri esker gure herri eta hirien bilakaera historikoa hobeto interpreta dezakegu.
Azken aldaketako data: