Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila

Geokontserbazioa

XIX. mendean zehar eta XX.aren hasieran babesten ziren guneek geodibertsitateko elementuekiko lotura estua zuten. Geologiaren aldetik oso gune garrantzitsua zen Yellowstoneko Parke Nazionala (EEBB) deklaratu zenean, 1872an, natura babesteko mugimendua hasi zen. XX. mendearen lehen herenean naturaren babesa biodibertsitatean zuen arreta nagusia eta geodibertsitatea natura kontserbatzeko estrategietatik at geratu zen. Geroago, XX. mendearen amaieratik aurrera geodibertsitatea indarberritu egin da eta, maila globalean, ekimen askok onartzen dute geodibertsitatea natura ondarearen elementu garrantzitsua dela eta modu eraginkorrean kudeatu behar dela. Horren ondorioz, geologia ondarearen elementuak identifikatzeko eta babesteko nazioarteko programa batzuk garatu dira, hala nola, Natura Ondarearen Ituna, GeoSites Proiektua edo Munduko Geoparkeen Sarea.

Batzuetan, geologia ondarea eta geodibertsitatea kalte edo galera konponezinak sortu litzaizkiekeen mehatxuen menpe egon daitezke, aldez aurretik, mehatxu horiek identifikatu edo egoki kudeatu ezean. Honakoak nagusiak:

  • Nekazaritza-, abeltzaintza- eta baso-ustiapenak
  • Azpiegiturak eta urbanizazioak
  • Zabortegiak eta hondakindegiak
  • Dragatzeak, indusketak eta erauzte-jarduerak
  • Kirol praktikak
  • Mineral eta fosil bilketa
  • Turismoko azpiegiturak

Galdera horri erantzun formal bat emanez gero, Europako Kontseiluaren Rec (2004-3) Gomendioa dugu, geologia ondarea eta geologia interes bereziko guneak kontserbatzeari buruzkoa dena. Gomendio horretan esaten denez:

  • Geologia ondarea natura ondarearen atal bat da eta hurrengo belaunaldientzat gorde behar da.
  • Geologiaren eta geomorfologiaren kontserbazioa oso garrantzitsua da Europako paisaiak kontserbatzeko.
  • Geologia ondarearen kontserbazioa eta kudeaketa gobernuek bultzatutako programetan integratu behar dira.
  • Geologiaren aldetik garrantzitsuak diren gune batzuk izugarri hondatu litezke garapen-planetan ez badira aintzat hartzen.
  • Ezinbestekoa da Europako geologia ondarearen kontserbazioa eta kudeaketa.

Maila ez hain formalean esan daiteke geologia elementuak zientziarako eta hezkuntzarako oso baliabide garrantzitsuak direla. Elementu horietan Lurraren historiako milioika urte erregistratuta geratu dira, denbora horretan kontinenteak mugitu; klimak aldatu; itsasoaren maila igo eta jaitsi; eta animaliak eta landareak agertu, garatu eta, zenbait kasutan, desagertu egin direlarik.

Geologia elementuek landa-azaleramendu onak eta kalitatekoak behar dituzte zientzia-ikerketarako, hezkuntza-erabilerarako eta aisiarako. Gainera, landa-eskarmentua garrantzitsua da baliabideak lokalizatzen eta erabiltzen, eta natura-hondamendietan adituak direnak trebatzeko. Hortaz, Lur-zientzien ezagutzak aurrera egin dezan ezinbestekoa da geologia ondarea eta geodibertsitatea kontserbatzea eta etorkizuneko belaunaldiek aukera izatea haiek erabiltzeko.

Horrela, bada, geokontserbazioa onuragarria da hainbat kolektiborentzat:

  • Lur-zientzietako ikerlarientzat
  • Geologia baliabideen ustiatze-industrietako profesionalentzat eta natura ingurunearen kudeatzaileentzat.
  • Jabeentzat, lurzoruaren kudeatzaileentzat, zerbitzu publikoentzat eta planifikazio-arduradunentzat.
  • Unibertsitate eta hezkuntza-erakundeentzat.
  • Geologian interesa duten elkarte eta taldeentzat.
  • Publikoarentzat orokorrean.
  • Geologia turismorako interesa duten guneetako komunitateentzat.

Azken aldaketako data: